Pediatriarako Gomendio Erabilgarrien orria
"Okadak"

Zer direa goragale eta okadak?

Goragalea botaka egiteko gogoa da. Okada, berriz, urdaileko edukia ahotik botatzea da. Umeek nahiko sarri izaten dituzte goragalea eta okadak, normalean bat-batean agertzen diren urdail-hesteetako infekzio birikoen sintometako bat izaten dira,baita beste edozein infekzio birikoetara lotutako sintoma bezala agertu daitezke.

Infekzio horiek berez sendatzen dira 24-48 orduren buruan, inolako tratamendurik gabe.

Etxean okadak eta goragalea kudeatzen laguntzeko gomendioak

  • Kutsatzea ekiditeko, oso-oso garrantzitsua da txikienek eta familiako guztiek eskuak ondo garbitzea, bereziki janaria prestatu baino lehen, jan aurretik eta komunera joan edo pixoihalak aldatu ondoren. Eskuak garbitze hutsarekin, nabarmen murrizten da kutsatzeko arriskua. Goragaleak agiten duten mikroorganismoak esku-aho bidez transmititzen dira. Gaixorik dauden umeek, normalean, gaixotasuna beste norbaiti kutsatu ahal diote egun batzuk igarota ere, eta horregatik, oso garrantzitsua da higiene-neurriak zorrotz betetzea egun horietan.
  • Hidratazio ona mantentzeko gomendio dietetikoak
    • Botaka egiten duten umeek jaten jarrai dezakete, nahi badute, baina normalean, ez dute jateko gogorik izaten edo gutxiago jan nahi izaten dute sintomekin dauden bitartean.
    • Sarri ari bada botaka egiten eta ez bada jakiak urdailean mantentzeko gai, likidoak eman behar zaizkio, pixkanaka (koilarakada bat 5-10 minutuz behin), ez dadin deshidratatu. Farmazietan errehidratazio-soluzioak ere saltzen dituzte, hauek tratamenduaren oinarria dira.
    • Ez eman zuku industrialik, freskagarri komertzialik edo etxeko formularik, edari horien azukreak eta gatzak ez direlako egokiak umeentzat.
    • Likidoak ondo hartzen baditu, gehiago eta sarriago hartzen has daiteke, eta jaki arinak ere eskain dakizkioke, baina behartu gabe.
    • Karbohidratoak (arroza, garia, patatak, ogia...), jogurtak, frutak eta barazkiak egokiak dira eta prozesuak eragin dion ondoeza arintzen lagunduko dio. Ez eman koipe askoko elikagairik, ezta gehiegi ondutakorik ere.
  • Erne ibili, deshidratatu liteke eta

    Botaka egiteak umeak deshidratatzea ekar dezake. Deshidratazio-zeinurik ohikoenak honakoak dira: egarri intentsoa, gernu gutxiago kanporatzea (ez joatea txiza egitera edo ez bustitzea pixoihala 6 orduan edo denbora luzeagoan), eta ahoa edo mingaina lehor-lehor izatea.

    Hidratazio ona mantentzeko, ahotiko errehidratazio soluzioa da onena.

Zer da ahotiko errehidratazioa?

Ahotiko errehidratazioa formula likido bat da, farmazietan saltzen dutena. Botaka egitean edo beherakoarekin galtzen diren ura, azukrea eta elektrolitoak (sodioa, potasioa, kloroa) izaten ditu.

Prestakin honek ez ditu okadak sendatzen, baina eraginkorra da deshidratazioa ekidin eta tratatzeko. Garrantzitsua da jarraibideak betetzea prestakina ongi prestatzeko:

  • Umearen pisuaren arabera kalkulatu behar da zenbat eman behar zaion.
  • Likidoa neurgailu komertzialarekin edo bolumena neurtzeko eskala duen ontzi batekin neurtu.
  • Likidoa 5 minutuz behin eman, gutxi gorabehera, umearen tolerantziaren arabera, 60-90 bat minutuz.
  • Ahotiko errehidrataziorako likidoa hartu eta gero, eman jaki arin pixka bat, kopuru txikitan, adibidez jogurta, ogia, arroza...
  • Ez badu likidoa hartu nahi edo hartu eta berehala botaka egiten hasten bada, erne ibili behar da deshidratazio-zeinuak agertzen diren ikusteko.

Noiz galdetu behar zaie
osasun langileei?

  • Goragalearen eta okaden ondorioz ezin badu likidorik hartu edo botaka egiten jarraitzen badu ezer hartu gabe ere.
  • Sarri egiten badu botaka (5 okada baino gehiago 12 orduan), edo botaka egiten jarraitzen badu 48 orduz baino gehiago.
  • Gernu gutxiago kanporatzen badu (ez badoa txiza egitera edo ez badu pixoihala busti 6 orduan edo denbora luzeagoan), begiak sartuta baditu, eskuak eta oinak hotz badauzka, ahoa lehor-lehor badu, ahoko muki-mintza edo mingaina lehor badu edo negar egiten duenean malko gutxi ateratzen bazaizkio.
  • 38.5 gradutik gorako tenperatura badu.
  • Sabelaldean min handia badu.
  • Okadak berde kolorea badute edo eta odol gorria agertzen bada edo bat-batean egiten badu botaka.
  • Sabela oso puztuta, botaka sarri eginez gero edo eta egunbat edo gehiago kaka egin gabe edo gasik bota gabe badarama.
  • Goibel antzean, erdi lo edo ondoez handiarekin badago.

Azken aldaketako data: