Gomendio baliagarriak helduen beherakoa tratatzeko
Zer da beherakoa eta zerk eragiten du?
Beherakoa izatea da gorozkiak maizago kanporatzea eta eginkariak oso likidoak eta ugariak izatea. Arrazoi ohikoenak, hauek:
- ondo ez zegoen zerbait jatea
- infekzio bat
- zenbait medikamentu
- estres emozionala.
Kasu gehienetan, 1 edo 2 egunetan sendatzen da, inolako tratamendurik gabe.
Nola tratatzen da beherakoa?
Zorroztu higiene-neurriak eta hartu behar adina likido.
Baliteke deshidratazioa konplikazio bat izatea. Saihesteko, ziurtatu behar adina likido hartzen duzula. Behar duzun likido kantitatea galdutakoaren araberakoa izango da; egunean 2-3 litro hartzea gomendatzen da.
- Ura: limoi-zukua gehi dakioke.
- Infusioak eta saldak.
- Arroz-ura: jarri irakiten litro bat ur eta arroz-eskukada bat, hogeita hamar minutuz. Iragazi eta utzi hozten hartu aurretik. (Kontserbazioa: 24 h hozkailuan)
- Azenario-ura: arrozaren prestaketa berdintsua. (Kontserbazioa: 24 h hozkailuan)
- Ahotik hartzeko seruma, etxean egina. Nahastu: (Kontserbazioa: 24 h hozkailuan)
- Litro bat ur
- Bi koilarakada azukre
- Koilaratxo erdi gatz
- Koilaratxo erdi bikarbonato
- Katilu bat limoi-zuku
- Ahotik hartzeko seruma, farmazian erositakoa.
- Esnea, ahal dela jogurt natural moduan.
- Saihestu edari alkoholdunak edo gasdunak.
- Oro har, jarduera fisiko bizian gatz mineralak eta ura berritzeko hartzen diren edariak onenak ez badira ere, nahikoa izan litezke pertsona osasuntsuentzat.
Beharbada jateko gogoa galdu eta denbora labur batez likidoa soilik hartuko duzu. Hasi janari solidoak jaten: zerealak, patatak, arroza, pasta zuria, oloa, zopak, platano helduak, sagar erreak, irasagarra, azalik gabeko oilaskoa, arrain egosia edo plantxan. Ez hartu oraindik gozokirik eta koiperik.
Ez hartu medikaziorik preskripzio medikorik gabe; baliteke beste gaixotasun batzuk ezkutatzea edo sintomek okerrera egitea.
Nola jakin dezaket behar adina hidratatzen ari naizela?
Modu erraz bat gernua zaintzea da, bai kolorea, bai maiztasuna. Ondo hidratatuta dagoen pertsona batek normalean 3-5 ordu eman ditzake txiza egin gabe, eta gernuaren kolorea hori argia da, ia gardena. Ikusten baduzu kolore hori iluna duela eta ordu gehiago ematen dituzula txiza egin gabe, hartu likidoak maizago.
Nola saihestu kutsatzeak?
Indartu higiene-neurriak. Eskuak maiz garbitzea da prebentzio-neurririk eraginkorrena, bai beherakoa duen pertsonarentzat, bai bizikideentzat. Gogoratu eskuak garbitzea elikagaiak manipulatu edo jan aurretik, komunera joan aurretik edota pixoihalak aldatu aurretik.
Horrez gain, garbitu frutak eta barazkiak eta ziurtatu arrautzak, haragiak eta arrainak ondo eginda daudela. Zaindu elikagaien kontserbazioa. Ez edan edangarritasun-bermerik ez duten leku naturaletako urik.
Zaindu higiene-neurriak kutsatzeak saihesteko
Noiz galdetu behar zaie
profesionalei?
Jarri osasun-arloko profesional batekin harremanetan beherakoa baduzu egoera hauetakoren batean:
- Abdomeneko min oso handia.
- Mukiak edo odola gorozkietan.
- Sukarra, 38 ºC-tik gorako tenperatura 72 orduz baino gehiagoz.
- Argi badago gutxiagotan egiten duzula txiza eta gernuak kolore hori bizia badu.
- Benetako ondoeza baduzu, zorabioak, azal zurbila, aho lehorra…
- 24 orduan, 6 alditan baino gehiagotan beherakoa kanporatu baduzu, nahiz eta aholku higieniko-dietetikoei jarraitu.
- Beherakoak ez badu hobera egiten 7 egunen buruan, nahiz eta aholku higieniko-dietetikoei jarraitu.
- Gorozkiak beltzak edo galipot-kolorekoak.
Azken aldaketako data: