Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak 2024. Hautesleak. Nola bozkatu behar da? Atzerrian iraunkorki bizi diren egoiliarrak (CERA)
Nork eman dezake botoa?
Boto-modalitate hau erabil dezakezu, baldin eta:
- atzerrian bizi bazara iraunkorki, eta
- Atzerrian Bizi direnen Hautesle-erroldan (CERA) inskribatuta bazaude.
Zer dokumentazio jasoko duzu botoa emateko?
Lehenengo bidalketan, Hautesle-erroldaren Bulegoak honako dokumentazio hau bidaliko dizu ofizioz, martxoaren 16tik 22ra, zure atzerriko inskribapeneko helbidera posta ziurtatu bidez:
- Bozkatzeko gutun-azal bat, boto-papera sartzeko
- CERAko bi inskripzio-ziurtagiri
- Lurralde historikoko hauteskunde-batzordeari zuzendutako gutun-azal bat
- Kontsulatu edo enbaxadari zuzendutako gutun-azal bat
- Nola bozkatu behar den azaltzen duen informazio-orri bat eta hautagaitzak erakutsiko dituen webgune ofizialaren helbidea. Webgune horretan, deskarga daitezkeen boto-paperen jokoak egongo dira eskuragarri.
- Botoa hautestontzian sartzeko gaitutako zentroen zerrenda
Bigarren bidalketa batean, Hautesle-erroldaren Bulegoak boto-paper ofizialak bidaliko dizkizu CERAko inskribapeneko helbidera, honako epe honetan: martxoaren 27tik 31ra.
Gainera, boto-paperak webgunetik deskargatu ahal izango dira. Botoaren sekretua bermatzeko, soilik deskargatu ahal izango da telematikoki boto-paperen joko osoa.
Nola bozkatzen dut? Postaz edo hautestontzian
Posta bidezko botoa
Bide hau erabiltzea erabakitzen baduzu, honako dokumentu hauek sartu behar dituzu lurralde historikoko hauteskunde-batzordeari zuzendutako gutun-azalean:
- Boto-papera duen bozketako gutun-azal itxia.
- Nortasuna egiaztatzen duen agiriaren fotokopia: Espainiako NAN edo pasaportea, edo, halakorik ezean, nazionalitate-ziurtagiria edo Matrikula Kontsularraren Erregistroko inskripzio-ziurtagiria.
- CERAko inskripzio-ziurtagirietako bat. Horren atzealdean, hauteslearen sinadura eta pasaporte-zenbakia edo NAN zenbakia agertuko dira.
Ondoren, sartu gutun-azal handian, karrerako bulego kontsularrera edo atal kontsularrera zuzenduta:
• gutun-azal ertaina, lurralde historikoko hauteskunde-batzordeari zuzendua
• CERAko beste inskripzio-ziurtagiria
Ahal denean, pertsonalki eta posta ziurtatuz bidali behar duzu gutun-azala karrerako bulego kontsularrera edo atal kontsularrera. Horretarako, joan zaitez bizi zaren herrialdeko posta-bulego batera.
Bidaltzeko epearen azken eguna apirilaren 16a da. Hala ere, lehenbailehen egitea gomendatzen dizugu, epearen barruan jasotzen dutela ziurtatzeko.
Posta bidezko botoaren bidalketa-gastuak itzultzeko eska dezakezu, urrats hauek jarraituz
Gaur egun, hautesleek ez dute frankeo-gasturik ordaindu behar herrialde hauetan: Alemania, Argentina, Belgika, Kolonbia, Kuba, Txile, Frantzia, Irlanda, Mexiko, Herbehereak, Peru, Dominikar Errepublika, Suedia, Suitza, Uruguai eta Venezuela.
Botoa hautestontzian
Bide hori erabiltzen baduzu, apirilaren 13tik 18ra zuk zeuk eman behar duzu botoa inskribatuta zauden bulego kontsularrean, atal kontsularrean, edo bozkatzeko gaitutako bestelako lekuren batean.
Botoa emateko, agiri hauek behar dituzu:
- Zure nortasuna egiaztatzen duen agiria: Espainiako NAN edo pasaportea edo, bestela, nazionalitate-ziurtagiria edo Matrikula Kontsularraren Erregistroko inskripzioa. Dokumentu hau kontsulatuko funtzionarioari erakutsi behar diozu.
- CERAko inskripzio-ziurtagiria, kontsulatuko funtzionarioari eman behar diozuna.
- Gutun-azal ertain bat, lurralde historikoko hauteskunde-batzordeari zuzendua. Gutun-azal horrek bozkatzeko gutun-azala itxia izan behar du boto-paperarekin. Kontsulatuko funtzionarioak hauteskunde-batzordeari zuzendutako gutun-azalaren atzealdean sinatu eta bulego kontsularraren zigilua ipini behar du, bertan ematearen data jarriz.
Aurrez aurreko bozketarako egokitutako egunetan bulego kontsularrek, atal kontsularrek edo gaitutako lekuek boto-paperak eta gutun-azalak eskuragarri egongo direla bermatuko dute. Botoa emateko behar den gainerako dokumentazioa deskargatzeko behar diren bitarteko informatikoak ere, eskuragarri egon behar dira.
Informazio gehiago:
Atzerrian etengabe bizi diren hautesleentzako boto-paperak deskargatzea (CERA).
Espainian aldi baterako dauden CERA hautesleak
CERA hauteslea bazara eta hauteskunde-aldian aldi baterako Espainian bazaude, posta bidezko botoa eska dezakezu (estatuan bizi direnek bezala). Deialdiaren egunetik apirilaren 11 arte egin dezakezu.
Aurrez aurre (Correos-eko bulegoetan) edo web bidez eskatu behar duzu eskabide-orria, Atzerrian iraunkorki bizi diren Espainiarren Erroldan (CERA) izena emanda zaudela adieraziz, eta Hautesle-erroldaren Bulegora bidali. Dokumentazioa jaso nahi duzun Espainiako helbidea adierazi behar duzu.
Dokumentazioa atzerrian duzun helbidera bidali izan balitzaizu, inskripzio-ziurtagiri bat bidaliko zaizu "BIKOIZTUA" markarekin.
Dokumentazioa eskabidean adierazitako helbidean jasotzen duzunean, posta ziurtatu bidez bidali beharko duzu botoa lurralde historikoko hauteskunde-batzordera. Epearen azken eguna apirilaren 18a da (AAEEren apirilaren 3ko akordioaren bidez luzatua).
Ezin duzu hauteskunde-mahaian aurrez aurre bozkatu.