Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak 2020. Hautesleak. Galderak eta erantzunak. Braille botoa

Nola bozka dezakete ikusmen-ezgaitasuna duten pertsonek?

Bi eratara eman dezakete botoa:

  • Posta bidez (ikus “Irisgarritasuna” atala).
  • Pertsonalki, hauteskunde-mahaira konfiantzazko pertsona batekin joanez, hark boto-txartela aukeratu eta gutun-azalean sar dezan; edo Braille botoaren bidez bozkatuz, aldez aurretik Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailari eskaera eginda.

Zer eskakizun bete behar dituzte Braillez botoa eman nahi duten pertsonek?

% 33 baino gehiagoko ikusmen-ezgaitasuna duten pertsonek bakarrik eman dezakete botoa prozedura horren bidez, edo Espainiako ONCE (Espainiako Itsuen Elkarte Nazionala) elkarteko bazkide direnek, idatzi eta irakurtzeko Braille sistema ezagutzen badute, beti ere.

Zer egin behar dute Braillez botoa emateko eskakizunak betetzen dituzten pertsonek?

Deitu 012 telefonora (Zuzenean) eta eskatu boto mota hori. Horretarako epea maiatzaren 19tik ekainaren 15era izango da.

Zer informazio eskatzen zaio Braillez botoa eman nahi duen pertsonari?

Botoa prozedura horren bidez emateko interesa adierazteko telefono horretara deitzen duenean, honako hau adierazi beharko du: bere izen-abizenak, helbidea, NANa, harremanetarako telefono-zenbakia, Braille sistema ezagutzen duela eta aitortu zaion ikusmen-ezgaitasunaren maila edo, azken hori ez badu, ONCE elkarteko bazkide izatea.

Nola jakinaraziko zaio interesdunari zer hautagaitzari eman diezaiokeen bere botoa?

Segurtasun Saileko webgune honetan kontsultatu ahal izango ditu hautagaitzen eta hautagaien zerrendak, “Aldarrikatutako hautagaitzak” izeneko atalean. Atal hori formatu irisgarrian sortu da eta informazio hori kontsultatzeko prest egongo da bozketaren egunera arte. Horrez gain, informazioa eskatu ahal izango du doako telefonoan (Jaurlaritzaren erakunde-kanpainan eta webgune honetako “Nola bozkatzen da?” atalean jakinarazitakoa).

Bozketa-egunean hauteskunde-mahaira doanean zer agiri jasoko ditu Braillez bozkatu ahal izateko?

Hauteskunde-mahaiak agiri hauek emango dizkio:

  • Azalpen-jarraibideak Braille sisteman
  • Bozkatzeko gutun-azala
  • Hautagaitza bakoitzeko gutun-azal bat; horiek, kanpoaldean, tintaz eta Braillez adierazita edukiko dute barruko hautagaitzaren izena. Gutun-azal bakoitzaren barruan bozkatzeko boto-txartela egongo da, baina azken hori ez da Braille sistemaz idatzita egongo.

Non balia ditzaket agiri horiek konfidentzialtasun-berme guztiekin Braillez bozkatzeko?

Hauteslekuan toki irisgarri eta egoki bat egon beharko da hautesleak agiri horiek guztiak pribatutasunez erabili ahal izateko; toki hori hauteskunde-mahaitik ahal bezain gertuen egongo da, gainera.

Nola bozkatzen da prozedura horren bidez?

Hautesleak boto-papera duen gutun-azalaren kanpoaldean irakurriko du bozkatu nahi duen hautagaitza. Ondoren boto-papera atera, bozkatzeko gutun-azalean sartu eta hauteskunde-mahaira joko du, hautestontzian sartzeko, mahaiak erroldan egiaztatu ondoren.

Prozedura horren bidez bozkatu ondoren zer egin behar du?

Boto-emaileak erabili ez dituen boto-txartel guztiak jaso beharko ditu, ahaztu gabe, emandako botoaren sekretutasuna ziurtatzeko.

Twitter

Azken aldaketako data: