Beasain

Beasain

Helmuga turistikoak

Herriak

Beasain Goierriren bihotzean dago, eta paraje idilikoan, Murumendi, Usurbe eta Pagokabar mendien artean eta Oria ibaiaren ondoan.

Antzinarotik bizi da gizakia Beasainen. Halaxe erakusten dute Basagai, Trikuazti I, Trikuazti II eta Ilaun tumuluek. Historiaurreko monumentu horiek 1927an, 1978an eta 1989an aurkitu zituzten, hurrenez hurren.

Beasaingo gune historiko nagusia Igartza da, ezbairik gabe. Besteak beste, XIII. mendeko jauregi batek, zubi batek, egurrezko presa batek, burdinola batek eta errota batek osatzen dute Erdi Aroko monumentu multzoa. Herrigunean ere interes handiko toki ugari daude, Andre Maria Zeruratuaren parrokia, Loinatzeko San Martin basilika eta Loinatzeko Amaren baseliza, esaterako.

Natura, gastronomia eta jaiak

Horrez gain, aisialdirako aproposak diren berdeguneak ditu Beasainek. Horien artean, nabarmentzekoak dira Sagastigutia parkea eta Murumendi mendia. Lehenengoan, 50 zuhaitz motatik gora aurki ditzakegu, eta, bigarrena, berriz, Mari euskal mitologiako pertsonaiaren bizilekua omen da.

Goierriko herririk nagusienak merkataritza giro bizia du. Dendaz eta tabernaz beteta daude kaleak, eta giro ezin hobea egon ohi da. Bisitariak, gainera, Beasaingo odoloste bikainak, herriko gastronomiaren gutiziak, dastatzeko aukera izango du herriko edozein jatetxe eta tabernatan.

Maiatzaren erdialdean ospatzen dituzte Beasainen herriko jai nagusiak, Loinatz jaiak, eta ekitaldi ugari antolatzen dituzte egunotarako; Mariren jaitsiera, haurren eta elkarte gastronomikoen danborrada, koadrilen eguna eta mozorroen eguna, besteak beste.

Datu interesgarriak

Hedadura
29.90 Km
Biztanle-kopurua
13,680

Ekitaldiak