Arautegia
Inprimatu922/2013 EBAZPENA, ekainaren 17koa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiarena. Honen bidez, diru-laguntzen deialdia egiten da Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko langileek etengabeko prestakuntza-ikasketak eta birziklapen profesionala egiteko.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Ebazpena
- Organo arau-emailea: Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzua
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 143
- Hurrenkera-zk.: 3447
- Xedapen-zk.: 922
- Xedapen-data: 2013/06/17
- Argitaratze-data: 2013/07/29
Gaikako eremua
- Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua; Hezkuntza; Osasun eta kontsumoa
- Azpigaia: Lana eta enplegua; Gobernua eta herri administrazioa; Funtzio publikoa
Testu legala
Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzko ekainaren 26ko 8/1997 Legearen V. tituluko 31. artikuluan honako hau ezartzen da «etenik gabe sustatuko dira osasun-arloko profesional sanitarioen eta ez-sanitarioen eta gestio eta administrazio sanitarioetako profesionalen prestakuntza, birziklapena eta hobekuntza, diziplinarteko perspektiba batetik».
Ildo beretik, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Estatutuen (azaroaren 11ko 255/1997 Dekretua) 3.d) artikuluak Osakidetzaren helburuen artean honako hau adierazten du «langile sanitarioek eta ez-sanitarioek dituzten ezaguera espezializatuak eguneratzea eta prestakuntza sustatzea, bai osasunaren arloan, bai kudeaketa zein administrazio sanitarioetan».
Osakidetzako zuzendari nagusiaren irailaren 26ko 1580/2011 Ebazpenaren hirugarren artikuluan (Osakidetzan plangintza eta prestakuntza-jardueren kudeaketarako irizpide orokorrak ezartzen dituen Ebazpena) honako hau azpimarratzen da Osakidetzako prestakuntzarekin lortu nahi diren helburuen artean: «lanpostuaren erantzukizunak, funtzioak eta zereginak betetzeko behar diren gaitasunak eguneratu eta hobetzea eta Osakidetzako langileen birziklapen profesionala eta kualifikazio-hobekuntza sustatzea».
Hori dela-eta, aipatutako legedian adierazitako asmoari erantzun ahal izateko, Osakidetzaren lehentasuneko jarduera-ildoetako bat da, laguntza ekonomikoak ematea bertako profesionalei, prestakuntzan eta gaitasun profesionalean erakutsitako ekimen eta esfortzuagatik. Izan ere, horri esker, osasun-zerbitzuen kalitatea hobetu egingo da.
Azaldutako guztiagatik, indarrean dagoen legediak ematen dizkidan eskumenez baliaturik, hau
Lehenengoa. Arau aplikagarriak.
Ebazpen honetan berariaz ezarri gabeko guztiari dagokionez, azaroaren 26ko 30/1992 Legean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearenean, eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretu bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginean xedatutakoak aplikatuko dira.
Bigarrena. Errekurtsoak.
Behin betikoa den eta administrazio-bidea agortzen ez duen ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluari (Araba kalea 45, 01006 PK, Vitoria-Gasteiz).
Hirugarrena. Ondorioak.
Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango du eragina.
Vitoria-Gasteiz, 2013ko ekainaren 17a.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusia,
JON JOSEBA ETXEBERRIA CRUZ.
Xedea.
Oinarri hauen xedea da baldintzak eta betekizunak ezartzea Osasun arloan etengabeko prestakuntza-ikasketak eta birziklapen profesionala egiteko diru-laguntzak eskuratu eta emateko, arlo klinikoetan nahiz kudeaketa eta administrazio arloan, prestigio handiko zentro edo erakunde nazionaletan, estaldura-aldi honetan amaitzen direnean: 2012ko irailaren 1etik 2013ko abuztuaren 31ra arte.
Ikasketen prestakuntza-planak ikasturte akademiko edo modulu bat baino gehiago baditu, ikasketa horiek azken ikasturtea bukatzearekin batera joko dira amaitutzat edota ikasketa-programan ezarritako azken proba amaitzean, ikasketak erabat amaitu direla egiaztatzen duen ziurtagiria eskuratzen denean.
Etengabeko prestakuntza-ikasketak eta birziklapen profesionala honako ikasketak dira: profesionalek bere lanpostuko erantzukizunak, funtzioak eta zereginak betetzeko behar dituzten ezagutzak, trebetasunak eta jarrerak eguneratu eta hobetzeko diren ikasketak, eta baita bere kualifikazioa hobetzeko eta eboluzio zientifiko eta teknologikoak eta demandek eta beharrek (sozialek nahiz osasun-sistemarenak) eragindako aldaketetara egokitzen laguntzeko diren ikasketak ere.
Deialdi honetatik kanpo gelditzen dira:
Aldez aurretik Osakidetzak ebatzitako antzeko deialdietan finantzatutako prestakuntza-jarduerak.
Gradu-titulazioa edo baliokidea edo espezialitate klinikoko titulazioa lortzeko diren prestakuntza-jarduerak. Pertsonal egoiliarraren prestakuntza-programan sartutako prestakuntza joko da espezialitate klinikoko titulazioa lortzeko prestakuntza-jardueratzat.
Hizkuntzak ikasteko diren prestakuntza-jarduerak, hizkuntza edozein dela ere.
Bilkura zientifikoetan parte hartzea, hau da, kongresu, sinposium, jardunaldi, mintegi eta antzeko jardueretan parte hartzea.
Onuradunak.
Osakidetzako langile guztiak baliatu ahal izango dira laguntza hauetaz. Barruko langile egoiliarrek ere izan ditzakete laguntza hauek (BAME, BAFE, BAPE, BAEE eta abar), betiere etengabeko prestakuntzarako jarduerak eta birziklapen profesionala egiteko laguntzak eskatzen badira (erref. 1.1 eta 1.2 puntuak).
Horrelako egiaztapena, laguntza-eskabidea aurkezteko datan, ofizioz egingo du korporazioko prestakuntza-zerbitzuak.
Onuradunei ezingo zaie diru-laguntzarik eman eta ordaindu, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoak eta bere erakunde autonomoetako Administrazio Orokorrak emandako laguntzen edo diru-laguntzen esparruan, izaera bereko itzultze edo zigortze prozeduraren bat oraindik tramitazioan badago.
Zehapenean aditzera ematen den epean ezingo dute parterik hartu zigor- edo administrazio-zehapenen bat izateagatik diru-laguntza publikoak eskuratzeko aukera galdu dutenek, ez eta legezko debekuren baten ondorioz horretarako ezgaituta daudenek, barne sartuz sexuaren aldetiko diskriminazioren baten ondoriozkoak.
Baliabide ekonomikoak.
Aurreikusitako laguntzen finantzazioa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Erakunde Zentralaren aurrekontuen kargura izango da, horretarako bereziki aurreikusitako partidaren bitartez.
Etengabeko prestakuntza-ikasketetarako eta birziklapen profesionalerako Laguntza-programaren guztizko zenbatekoa 90.000 eurokoa da.
Laguntzetarako finkatutako kopuru oso hori alda daiteke, eskatutako laguntzak guztira zenbatekoak diren ikusita, eta, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren beste laguntza-programa batzuk burutu ondoren agortu gabe gelditu den diruaren arabera.
Diru-laguntzak emateko prozedura.
Laguntza-programaren guztizko zenbatekoaren banaketa proportzionala egingo da laguntza-onuradunen artean, eskatutako zenbatekoaren arabera, 5. oinarriko mugekin, eta deialdi honetan ezarritako balorazio-irizpideei jarraiturik emandako puntuazioa kontuan hartuta.
Gastu itzulgarriak, laguntzen bateragarritasuna eta zuzkidura ekonomikoa.
Diru-laguntzari esker, prestakuntza-jarduerak eragindako matrikula-gastuak ordainduko dira soilik.
Deialdi honek eskaintzen dituen diru-laguntzak bateragarriak izango dira organismo publiko edo pribatuek prestakuntza-jarduera berari bideratutako beste edozeinekin.
Emandako diru-laguntza ezingo da inolaz ere onuradunak egindako prestakuntza-jarduerako matrikularen zenbatekoa baino gehiago izan, bera bakarrik edota bestelako erakunde publiko nahiz pribatu batzuek emandakoak kontuan hartuta.
Gain-finantzaziorik izanez gero, emandako diru-laguntza dagokion gehienezko kopururaino murriztuko da.
Diru-laguntzaren pertsonako zenbatekoa ezin izango da mila eurotik gorakoa izan, ezta berrogeita hamar eurotik beherakoa ere. Aurreko paragrafoko kasuan, ateratzen den zenbatekoa gutxienekoa baino gutxiago bada, ateratzen dena ordainduko da.
Eskatutako diru-laguntza gutxieneko kopurua baino txikiagoa bada, eskabidean azaltzen den kopurua ordainduko da.
Salbuespen gisa, gehieneko muga horiek gainditu daitezke baldin eta esleitutako zenbateko osotik nahikoa soberakin gelditzen bada.
Eskabideak egitea, aurkezteko epea, behar diren dokumentuak.
Pertsona bakoitzak prestakuntza-jarduera baterako baino ezin izango du diru-laguntza eskatu. Prestakuntza-jarduera amaierako egiaztagiriaren arabera identifikatuko da.
Puntu hori betetzen ez bada, atzera botako dira aurkeztutako eskabide guztiak.
Interesdunek eskabidea aurkeztu beharko dute www.osakidetza.euskadi.net helbidean eskuragarri dagoen inprimaki normalizatua erabiliz, bide honi jarraiki: Profesionala naiz / Prestakuntza eta ikerketa / Irakaskuntza eta garapen profesionala / Laguntzak eta bekak / Etengabeko prestakuntza eta birziklapen profesionaleko ikasketak egiteko laguntzak 2013.
Eskabidea web-orrialde horretako bitarteko telematikoen bidez bidali beharko da.
Telematikoki bidali ostean, eskatzaileak kopia bat inprimatu beharko du, eta behar bezala sinatu eta erregistratu.
Inskripzio horrek balioa izateko, sinatu eta deialdian ezarritako epean aurkeztu beharko da, beharrezkoa den gainerako dokumentazioarekin, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko edozein zerbitzu-erakundetako erregistroan. Nolanahi ere, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38.4 artikuluan ezartzen diren modu eta lekuetan ere aurkeztu ahal izango da.
Postetxeen bidez aurkezten diren eskabideak gutun-azal irekian jarri beharko dira, lehen orriko goiburuan jasotze-data eta abenduaren 3ko 1829/1999 Errege Dekretuak (posta-zerbitzuak emateari buruzkoa) ezartzen dituen gainerako zehaztapenak jartzeko.
Eskabidea Osakidetzako Giza Baliabideetako zuzendariari zuzendu eta bidaliko zaio, Korporazioko Prestakuntza Zerbitzura (Araba kalea, 45, PK 01006, Vitoria-Gasteiz).
Derrigorrezko dokumentazioa.
Eskaera egiteko, dokumentu hauek bidali beharko dira, hurrenkera honetan:
Eskaera egiteko inprimakia, eskatzaileak sinatutakoa, Osakidetzaren web-orrialdeko eredu normalizatua erabiliz.
Dagokion ikastetxeko organo eskudunak emandako ziurtagiri originala, zigilatua eta sinatua, eskatzaileak laguntza eskatu dueneko ikasketak amaitu dituela egiaztatzen duena. Tituluaren edo diplomaren fotokopia konpultsatua ere onartuko da.
Matrikula ordaindu izanaren egiaztagiri originala, bankuko abonu-agiria aurkeztuta, edo ordainagiri originala ordaindu izanaren egiaztagiriarekin, edo ordainketa egiaztatzen duen ikastetxeko organo eskudunak zigilatu eta sinatutako ziurtagiri originala.
Osakidetzaren web-orriko eredu normalizatua erabiliz egindako txosten originala, behar bezala beteta, zigilatua eta laguntza eskatu duen profesionalaren arloko zuzendariak sinatua. Txostenari hauek ere erantsi beharko zaizkio:
Osakidetzaren web-orriko eredu normalizatua erabiliz egindako memoria. Bertan, eskatzaileak laguntza eskatzen dueneko prestakuntza-jardueraren helburuak eta edukiak azaldu beharko ditu, eta zehaztu beharko du prestakuntza horrek bere lanpostuari lotutako zein hobekuntza-arlotan eragingo duen.
Ikastetxearen dokumentazio ofiziala ikasketa-programari buruz.
Oinarrian xedatutakoa interpretatu eta aplikatzeko, hauek hartuko dira arloko zuzendaritzat:
Eskatzailearen erakundeko Pertsonaleko zuzendaria, zuzendari medikoa, Erizaintzako zuzendaria; edo zuzendari gerentea, egitura hori ez duten zerbitzu-erakundeen kasuan.
Giza Baliabideetako zuzendaria, laguntza eskatzen duen profesionalak Erakunde Zentralean lan egiten badu.
Eskabideak eta beharrezko dokumentazioa aurkezteko epea ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta 2013ko irailaren 30ean bukatuko da.
Ebazpen honetan azaldutako baldintza guztiak betetzeak ez du esan nahi besterik gabe diru-laguntza jasotzeko eskubidea lortuko denik.
Dokumentazio osoa duten eskabideen zerrenda, eta okerren bat duten edota deialdiko betekizunak betetzen ez dituzten eskabideen zerrenda.
Eskaerak aurkezteko epea amaituta, www.osakidetza.euskadi.net helbidean argitaratuko dira dokumentazio osoa duten eskabideen zerrenda eta okerren bat duten edota deialdiko betekizunak betetzen ez dituzten eskabideen zerrenda; azken horretan, adierazi egingo da zer zuzendu behar den edo betekizunak zergatik ez diren betetzen.
Eskabideak okerren bat badu edota deialdiko betekizunak betetzen ez baditu edo bi zerrenda horietan agertzen ez bada, izangaiek 10 eguneko epea izango dute, argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, erreklamazioak aurkezteko eta eskabidea zuzentzeko.
Zuzentzen ez badu, interesdunak eskabideari uko egiten diola ulertuko da.
Interesdunei argitaratutakoen berri eman ahalko zaie, mezu elektronikoen bidez. Ohartarazpen horiek ez dira inola ere egindako jakinarazpentzat hartuko.
Eskaeren balorazioa.
Aurkeztutako eskabideak aztertu eta baloratzeko batzordea kide hauek osatuko dute:
Batzordeburua:
Titularra: Maite Paino Ortuzar, Giza Baliabideak Kudeatu, Antolatu eta Garatzeko zuzendariordea.
Ordezkoa: Francisco Serna Rodríguez, Prestakuntzako zerbitzuburu korporatiboa.
Lehenengo batzordekidea:
Titularra: María Hipólita Ramos Márquez, Erizaintzako Prestakuntzako arduraduna.
Ordezkoa: María Gloria Gómez Calzado. Korporazioko Arloko teknikari arduraduna.
Bigarren batzordekidea:
Titularra: Ana María Chueca Ajuria, Erizaintzako aholkularia.
Ordezkoa: M.ª Ángeles Cidoncha Moreno, Erizaintzako Irakaskuntza eta Ikerkuntzako arduraduna.
Hirugarren batzordekidea:
Titularra: Carolina Ortega Ortega, Aurrekontu Kudeaketako zuzendariordea.
Ordezkoa: Enrique Lamsfus Arrien, Aurrekontu Kudeaketako Zuzendariordetzako zerbitzuburua.
Laugarren batzordekidea:
Titularra: Mikel Errasti Gutiérrez, Bulego Tekniko Sanitarioko arduraduna.
Ordezkoa: Jon Letona Aramburu, Korporazioko zerbitzuburua.
Idazkaria:
Titularra: Ana Patricia Pujana Uriarte, Korporazio Arloko teknikari arduraduna.
Ordezkoa: M.ª Natividad Ortiz Ruiz de Loizaga, Korporazio Arloko teknikari arduraduna.
Batzorde horrek, eskabideen balorazio egokirako beharrezkotzat jotzen dituen aholkuak eskatu ahal izango ditu.
Aurreikusitako balorazio- eta neurri-irizpideak aplikatuz, Batzordeak aurkeztutako eskabideak ebaluatuko ditu, eta dagokion ebazpen-proposamena egingo Osakidetzako Giza Baliabideetako zuzendariari.
Balorazio- eta neurri-irizpideak.
Ondoren azalduta datozen irizpide eta ponderazio hauek aintzakotzat hartuta egin beharko da balorazio-lan hori:
Prestakuntza-jarduerak duen eragina profesionalak eskaera egitean duen lanpostuan. Gehienez 60 puntu.
Irizpide hau profesional eskatzailearen arloko zuzendariaren txostenaren arabera baloratuko da. Horretarako, kontuan izan beharko ditu ikastetxeak ikasketa-programari buruz dituen memoria eta dokumentazio ofiziala.
Ikasketek eskatzailearen zerbitzu-erakundeko plan eta programa espezifikoekin duten lotura. Gehienez 20 puntu.
Irizpide hau profesional eskatzailearen arloko zuzendariaren txostenaren arabera baloratuko da. Horretarako, kontuan izan beharko ditu ikastetxeak ikasketa-programari buruz dituen memoria eta dokumentazio ofiziala.
Ikasketek Osasun Saileko eta Osakidetzako lehentasunezko arloekin duten lotura. Gehienez 20 puntu. Irizpide hau ikastetxeak ikasketa-programari buruz dituen memoriaren eta dokumentazio ofizialaren arabera baloratuko da.
Ebazpena, ebazteko epea, jakinarazpena eta baliabideak.
Balorazio Batzordeak proposatuta, Giza Baliabideetako zuzendariak onartu eta ukatuko ditu, ebazpen bidez, hemen aurreikusitako laguntzak.
Ebazpenak, batetik, onuradunen zerrenda argitaratuko du, emandako zenbatekoa adierazita; eta, bestetik, ukatutako eskaeren zerrenda, ukatzeko arrazoia azaldurik.
Ebazpen hori, gehienez, sei hilabeteko epean egin eta jakinarazi beharko da, deialdiaren ebazpena indarrean hasten denetik zenbatzen hasita. Eskaerak ukatutzat jo ahalko dira, epe horretan jakinarazpenik jasotzen ez bada, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44. artikuluaren arabera. Betiere Administrazioak beren beregi ebazteko duen betebeharrari kalterik egin gabe.
Jakinarazpena egingo da aipatutako ebazpena www.osakidetza.euskadi.net helbidean argitaratuz, bide honi jarraiki: Profesionala naiz / Prestakuntza eta ikerketa / Irakaskuntza eta garapen profesionala / Laguntzak eta bekak / Etengabeko prestakuntza eta birziklapen profesionaleko ikasketak egiteko laguntzak 2013.
Diru-laguntza eskatzeko kontuan izandako baldintzak aldatzen badira, emandako ebazpena ere aldatu ahalko da.
Eta bereziki, beste administrazio batzuek edo erakunde publiko nahiz pribatu batzuk emandako diru-laguntzekin batera eskuratzen direnean, uko egin behar diote emandako diru-laguntzari edota itzuli egin beharko ditu ez betetzeagatik, eta horrela zenbatekoak berriro esleitu daitezke gainerako eskatzaileen artean, jatorrian kontuan izandako irizpide beraien arabera.
Ebazpen honen aurka interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jarri ahalko diote Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiari, hilabeteko epean ebazpen hau web-gunean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Diru-laguntza ukatzen den kasuetan, eskabidearekin batera aurkeztutako dokumentazioa hilabeteko epean erretiratu ahal izango da esleipen-ebazpena argitaratzen den egunetik aurrera, interesdunak aldez aurretik hala eskatuta, baldin eta horren aurka errekurtsorik aurkeztu ez bada. Errekurtsorik aurkeztu bada, ezesteko ebazpenaren jakinarazpena egiten denetik aurrera hasiko da epea.
Diru-laguntza onartzea.
Onuradunek 10 egun naturaleko epea izango dute, Osakidetzako www.osakidetza.euskadi.net web-orrian ebazpena argitaratuz egindako jakinarazpenetik aurrera, diru-laguntzari beren beregi eta idatziz uko egiteko. Horrela egin ezean, onartutzat hartuko da.
Onuradunek diru-laguntza onartzeak eragingo du Ebazpen honetan xedatzen diren eskubideak onartzea eta betekizunak bete behar izatea.
Onuradunen betebeharrak.
Onuradunek diru-laguntza onartzeak, honako betekizunak bete behar izatea eragingo du:
Onuradunak laguntza eman dion erakundeari jakinarazi behar dio ea beste administrazio edo ente publiko zein pribatu batetik bestelako laguntzarik, diru-sarrerarik edo baliabiderik jaso duen xede berbererako.
Laguntza emateko kontuan izandako edozein zirkunstantzia aldaketaren berri ematea, objektiboa nahiz subjektiboa izanik ere.
Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari ematea beren lana beteaz eskatzen dieten informazio guztia, deialdi honi lotutako diru-laguntzen ingurukoa.
Zuzkidura ekonomikoa jaso ahal izateko, betekizun hauek bete behar izango dira.
Diru-laguntza itzultzea.
Ondoren adieraziko diren egoeretakoren bat gertatuz gero, onuradunak ezin izango du eskatu laguntza ordain diezaioten, eta, gainera, hala dagokionean, jaso duen diru-kopurua ere itzuli egin beharko du, dirua jaso zuenetik sortutako interes eta guzti:
12. oinarrian zerrendatzen diren betebeharrak ez betetzea.
Onuradunak laguntza jasotzen badu, horretarako bete beharreko baldintzak bete gabe.
Ezarritako kontrol-jarduerei ezezkoa ematea edo traba egitea.
Emandako laguntza ekonomikoak ordaintzea.
Emandako laguntza ekonomikoen ordainketa onuradunaren nominan egiteko, aldez aurretik onartu beharra dago, 11. oinarrian xedatutakoari jarraiki.