Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2005eko martxoaren 10ekoa, Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleen erretoreordearena, Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleen ordezkoak egiteko zerrendak gestionatzeko arautegia argitaratzeko dena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Euskal Herriko Unibertsitatea
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 73
  • Hurrenkera-zk.: 1981
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2005/03/10
  • Argitaratze-data: 2005/04/19

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Gizarte gaiak eta emplegua; Hezkuntza
  • Azpigaia: Funtzio publikoa; Lana eta enplegua; Sailak; Herri Administrazioa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Otsailaren 25eko 3/2004 Legeak, Euskal Unibertsitate Sistemarenak, honakoa dio 25. artikuluan: Lanpostuen zerrendetako lanposturen bat hutsik gelditzen bada, bai heriotzaren bat gertatu delako edo beste arrazoiren bat egon delako, bai lizentzia izateagatik zein legean aurreikusitako beste edozein arrazoirengatik norbait kanpoan delako, eta lanpostu hori atxikita dagoen jakintza arloko irakasleek irakaskuntzako premiei erantzun ezin badiete, unibertsitateak ordezkoak kontratatu ahal izango ditu, behar den beste denborarako, aplikatzekoa den lan kontratuarekin bat etorriz, betiere plantillen taxuketa orok eskatzen duena arrazionaltasuna, eraginkortasuna eta eragimena kontuan hartuta.

Lege berak, 16. artikuluan dio unibertsitateko irakasleen eta ikerlarien kontratazioa lehiaketa publikoz egingo dela, berdintasun, merezimendu eta gaitasun printzipioak errespetatuz.

Euskal Herriko Unibertsitateko Estatutuetan (abenduaren 23ko 322/2003 Dekretuaren bidez onartuak), berriz, jasota dago bajen ondorioz berehala eta aldi baterako bete beharreko plazak betetzeko prozedurak onartuko dituela Gobernu Kontseiluak, irakaskuntzaren eta ikerketaren alorreko premiei aurre behar bezala egingo zaiela bermatzeko.

Beraz, Euskal Herriko Unibertsitateko Gobernu Kontseiluak, 2005eko martxoaren 10ean egindako bileran, Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleen ordezkoak egiteko zerrendak gestionatzeko irizpideei buruzko arautegia onartu zuen. Helburua unibertsitateko ikastegietan behar diren ordezkoak betetzeko aukera izatea da, eta, bete ere, bermez, kalitatez eta eraginkortasunez betetzea.

Hori guztia kontuan hartuta, eta kontuan hartuta, era berean, otsailaren 25eko 3/2004 Legeak (2004-03-12ko EHAA) 10.4. artikuluari jarraituz unibertsitateak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu behar dituela unibertsitateko gobernu organoek onartutako aplikazio orokorreko xedapenak, eta horiek ez direla indarrean jarriko harik eta testua oso-osorik argitaratu arte, ondokoa

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleen ordezkoak egiteko zerrendak gestionatzeko irizpideei buruzko arautegia (Gobernu Kontseiluak 2005eko martxoaren 10ean onartua), eranskinean jasotako moduan.

Leioa, 2005eko martxoaren 10a.

Irakasleen errektoreordea,

JUAN JOSÉ UNZILLA GALÁN.

  1. – Arautegi honen bidez Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleen ordezkoak egiteko zerrendak osatu eta gestionatzeko irizpideak ezarriko dira.

  2. – Ordezkoak egiteko zerrenden helburua lan kontratudun bitarteko irakasleak kontratatzea da, betiere, kasuan kasuko jakintza arlo eta saileko plantillako irakasleek ez badute soberakinik aldi beterako irakaskuntza beren gain hartzeko eta egoera honakoetako bat bada:

    1. Irakasle funtzionarioaren edo kontratatutako edo lan kontratuko irakasle baten plaza hutsik egonik aurrekontuz hornituta dagoenean. Mota horretako plazak aldi baterako beteko dira arauei jarraituz behin betiko bete arte.

    2. Irakasleak, bere eskubideei jarraituz, lanpostua uzten duenean lanpostua gordeta izateko eskubidea izanda (gaixotasun baja edo lizentzia, amatasuna edo aitatasun baja edo lizentzia, zerbitzu betekizunak, zerbitzu bereziak, lizentzia sabatikoak, lanaldi murrizketak eta abar) edo irakats betebeharrak murriztuta izatea edo betebehar horietatik salbuetsita egotea dakarten kargu akademikoak betetzen dagoenean irakaslea. Hori horrela izango da edozein izanda ere irakasleak unibertsitatearekin daukan lotura profesionala, funtzionarioak barne.

  3. – Aurreko atalean adierazitakoari jarraituz lan kontratudun bitarteko irakaslea kontratatu behar denean, kasuan kasuko lan poltsa erabiliko da beti. Dena dela, salbuespen izango dira arautegian berariaz jasotako egoerak eta sailak behar bezala oinarritutakoak, baina horrelakoetan Irakasleen errektoreordeak erabaki beharko du Lan Kontratudun Irakasle eta Ikerlarien Plangintza Batzordea entzun ondoren.

    Bigarren atalean adierazitako premiaren bat dagoenean ez badago ordezkoa egiteko inor kasuan kasuko sail eta jakintza arlorako, edo nahiz eta norbait egon zerrendan ez badago lan egiteko egoeran, lehiaketa publikorako deia egingo da zerrenda osatzeko.

  4. – Ordezkoetarako zerrenden helburua ikasturtean ikasturteko premiak betetzea izango da.

  1. – Zerrendan sartzeko baldintza orokorrak:

  1. – Titulazioa akademikoa: beharrezkoa izango da lizentziatu, ingeniari edo arkitekto titulua izatea edo horien titulu baliokideren bat.

    Ondoren aipatzen diren jakintza arloetan ordezkoak egiteko zerrendetan sartzeko, nahikoa izango da unibertsitateko diplomatua, arkitekto teknikoa, ingeniari teknikoa edo horien titulu baliokideren bat izatea: 0065 Materialen Zientzia eta Metalurgia Ingeniaritza; 0110 Arkitektura Eraikuntzak; 0187 Gorputz Adierazpidearen Didaktika; 0189 Musika Adierazpidearen Didaktika; 0193 Plastika Adierazpidearen Didaktika; 0255 Erizaintza; 0300 Arkitekturako Adierazpen Grafikoa; 0305 Ingeniaritzako Adierazpen Grafikoa; 0345 Ingeles Filologia; 0385 Fisika Aplikatua; 0413 Fisioterapia; 0505 Kartografia Geodesia eta Fotogrametria Ingeniaritza; 0510 Eraikuntzako Ingeniaritza; 0515 Fabrikazio Prozesuen Ingeniaritza; 0520 Sistemen Ingeniaritza eta Automatika; 0535 Ingeniaritza Elektrikoa; 0545 Ingeniaritza Mekanikoa; 0555 Ingeniaritza Kimikoa; 0565 Ehun eta Paper Ingeniaritza; 0570 Hizkuntza eta Sistema Informatikoak; 0590 Makina eta Motor Termikoak; 0605 Ingurumen Jarraituen Mekanika eta Egituren Teoria; 0647 Optika; 0720 Ingeniaritzako Proiektuak; 0785 Teknologia Elektronikoa; eta 0813 Gizarte Langintza eta Gizarte Zerbitzuak.

    Zerrenda bakoitzerako eskatzen den titulazioa atzerrian lortu bada, Espainian homologatuta egon beharko da. Homologazio hori Titulu, Baliokidetza eta Homologazioen Azpizuzendaritza Nagusiak egindako egiaztagiriaren bidez egiaztatuko da, eta ez da nahikoa izango homologaziorako eskaria egin dela egiaztatzen duten agiriak aurkeztea (otsailaren 20ko 285/2004 Errege Dekretua).

    Era berean, Europako Batasuna osatzen duten herrietako herritarrek elkarteko kide den beste edozein herritan lortu badute titulua, herri horretan emandako titulua onartzen duen Hezkuntza eta Zientzia Ministerioaren Agindua erantsi beharko diote tituluari, hau guztia 1995eko urtarrilaren 23an Hezkuntza eta Zientzia Ministerioak emandako Aginduko bederatzigarren atalaren babesean (28ko Estatuko Aldizkari Ofiziala).

    Ez da eskaririk onartuko ez bada aurkezten kasuan kasuko jakintza arlorako eskatzen den titulazioaren akreditazioa (kopia soila aurkeztu behar da).

  2. – Euskarako titulazioa

    Plaza elebidunetarako, euskaraz irakasteko gaitasun agiria izan beharko da, Euskarako Errektoreordeak 2002ko ekainaren 5ean emandako erabakiari jarraituz (uztailaren 11ko EHAA).

    Kontratu elebidunetarako izangaiek euskaraz irakasteko gaitasun agiriaren fotokopia aurkeztu beharko dute.

  3. – Diziplina espedientearen bidez administrazio publikoetatik aldendua ez izatea, eta eginkizun publikoak betetzeko ezgaituta ez egotea.

    Hori guztia, zinpeko aitormenaren bidez egingo da.

  1. – Ordezkoak egiteko zerrendan sartu ahal izateko, eskariak egiteko epearen barruan izan behar dira beteta aurreko paragrafoan adierazitako baldintzak; bestalde, behin zerrendan egonda ere, baldintza guztiak bete behar dira.

  1. – Baremaziorako irizpideak:

    IRAKAS. ESP. IKERK. ESP. ESPEDIENTE AKADEMIKOA EUSKARA LANEKO ESP. PUNTUAZIO OSOA

    25 puntu 15 puntu 15 puntu 9 puntu 20 puntu 99 puntu

    LOUren 63. artikuluan zehaztutako lehiaketetan parte hartzeko gaitasun agiria duten lehiakideen kasuan, %20 gehituko da lortutako puntuazioa, baina lehiakide horiek ezin izango dute, inolaz ere, gainditu lor daitekeen gehienezko puntuazioa, euskara jakiteagatik lor daitekeen puntuazioa albo batera utzita; hau da: guztira, 90 puntu lortu ahal izango dituzte, hurrenez hurren.

    Era berean, irakasle oso, irakasle agregatu, irakasle kontratatu doktore, irakasle atxiki, irakasle laguntzaile doktore edo irakasle lankideak kontratatzean, baldin eta lehiakideak Kalitatea Ebaluatzeko Euskal Agentziak, ANECA/Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Estatuko Agentziak edo Euskal Autonomia Erkidegoko araudiak onartutako antzeko erakunde batek emandako aldeko txostena edo ebaluazio positiboa badauka, %20 gehituko da lortutako puntuazioa, baina lehiakide horrek ezin izango du, inolaz ere, gainditu lor daitekeen gehienezko puntuazioa, euskara jakiteagatik lor daitekeen puntuazioa albo batera utzita; hau da: guztira, 90 puntu lortu ahal izango ditu, hurrenez hurren. Dena dela, aldeko txosten edo ebaluazio positibo bat baino gehiago izanez gero, bakar bat izango da kontuan puntuazioa ematerakoan.

    Gainontzeko 15 puntuak batzordearen irizpideen arabera banatuko dira arlo hauen artean: irakaskuntzako esperientzia, ikerketako esperientzia, espediente akademikoa edo laneko esperientzia. Ezin izango da, inolaz ere, 10 puntu baino gehiago eman arlo horietako baterako.

  2. – Ohar orokorra.

    Ezin izango da baloratu gabe utzi baremazioko irizpideetan zehaztutako atal bat bera ere.

    Meritu bat atal baten baino gehiagoren arabera azter daitekeenean, lehiakideak puntuaziorik gehien lor dezakeen atalean hartuko da kontuan.

    Epaimahaiak gutxieneko nota ezar dezake ordezkoak egiteko zerrendan sartu ahal izateko. Dena dela, behar bezala arrazoitu beharko da aktan, batez ere ordezkoak egiteko zerrenda hutsik geratu bada.

    Ponderazioak:

    Lehiakideren batek gainditu egiten badu atal baterako zehaztutako gehienezko puntuazioa, lehiakide horri gehienezko puntuazio emango zaio eta, gainontzekoei, horren araberako puntuazio ponderatua.

    Atal bakoitzeko puntuazioa ponderatu egin ahal izango da, merituak jakintza arloaren ezaugarrietara egokitu ahal izateko.

  3. – Irakaskuntzako esperientzia.

    Unibertsitateko esperientzia Espezifikoa < 6 puntu/urte

    kideko arloan £ 4 puntu/urte

    Beste batzuk £ 2 puntu/urte

    Irakaskuntza ertainetako eta LHko esperientzia £ 2 puntu/urte

    Irakaskuntzaren arloko beste meritu batzuk £ 4 puntu guztira

    Irakaskuntzaren arloko argitalpenak £ 3 puntu

    Epaimahaiaren irizpideei jarraituz, eta kontuan izanda irakaskuntza berrituz doala, gutxienez azken 5 urteetako eta gehienez azken 10 urteetako esperientzia hartuko da kontuan.

    Arduraldia ponderatu egingo da.

    Kontratu bidez behar bezala egiaztatutako denboraldiak baino ez dira izango kontuan.

  4. – Irakaskuntzako esperientzia.

    Ikerketako proiektuak Kanpoko erreferentziarekin

    Ikertzaile nagusia £ 2,5 puntu/urte

    Laguntzailea £ 1,5 puntu/urte

    Kanpoko erreferentzia gabe

    Ikertzaile nagusia £ 0,75 puntu/urte

    Laguntzailea £ 0,50 puntu/urte

    Arte Ederretako plazetan, epaimahaiak erabaki dezake ikerlantzat hartzea lehiakidearen obra plastikoa, eta argazkidun dossierra ikusita, < 5 punturekin baloratu ahal izango dute.

    Argitalpenak, garrantziaren, eraginaren eta plazarekin Liburua £ 5 puntu

    daukan loturaren arabera Liburuko atala £ 3 puntu

    Artikulua £ 3 puntu

    Arte ederretako katalogoa (gehienez 5) £ 1 puntu

    Patenteak < 4 puntu

    Biltzarrak Hitzaldia £ 2 puntu

    Komunikazioa £ 1 puntu

    Bekak Ikerlarien prestakuntzarakoa, Hezkuntza eta £ 1 puntu/urte

    Kultura Ministerioarena, EJrena, EHUrena,

    Europako Batasunarena edo antzekoak

    Tesiak zuzentzea £ 3 puntu

    Tesinak eta karrera amaierako proiektuak zuzentzea £ 1 puntu

    Ikerketa zentroetako egonaldiak (bi hilabetetik gora) £ 2 puntu/urte

    Ikerketako beste meritu batzuk £ 4 puntu guztira

  5. – Espediente akademikoa

    Batez besteko nota x 1, x2, x 3 edo x4 puntu

    Irakasgai espezifiko edo plazaren kideko irakasgaiengatik puntuazio gehigarria £ 2 puntu

    Lizentziaturako tesina £ 2 puntu

    Sari berezia:

    • lizentziaturakoa £ 2 puntu

    • doktoregokoa £ 2 puntu

      Doktoregoko programa (32 kreditu) £ 2 puntu

      Ikasketa Aurreratuen Diploma £ 1 puntu

      Doktore titulua £ 10 puntu

      Masterrak eta graduondoko ikastaro bereziak, 6 hilabetetik gorakoak £ 2 puntu

      Unibertsitateko beste titulu batzuk:

      -kidekoak £ 3 puntu

    • ez kidekoak £ 1 puntu

      Hizkuntzak £ 3 puntu egiaztatutako hizkuntza bakoitzeko

      Beste meritu batzuk £ 2 puntu guztira

  6. – Euskera

    MAILA

    n «Unibertsitatean Euskaraz Irakasteko Gaitasun Agiria» (EHUk emana); Euskal Filologia 9

    n 4. Hizkuntza Eskakizuna, administraziokoa 9

    n EIT; Euskara teknikoa + ikasketak euskaraz; Irakasleen Unibertsitate Eskoletako euskal adarra 9

    n EGA; D titulua; Hizkuntza Eskolako Agiria; Administrazioko 3. HE; Irakasleen 2. HE 9

    n HABEko 12. maila; euskaraz ikasi izana (gutxienez %50) 6,75

    n HABEko 11. maila; Euskara teknikoa 6,30

    n HABEko 10. maila 5,85

    n HABEko 9. maila 5,40

    n 2. HE, administraziokoa; 1 HE, irakasleena

    n HABEko 8. maila 4,05

    n HABEko 7. maila 3,60

    n 1. Hizkuntza Eskakizuna, administraziokoa 3,15

    n HABEko 6. maila 2,70

    n HABEko 5. maila 2,25

    n HABEko 4. maila 1,80

    n HABEko 3. maila 1,35

    n HABEko 2. maila 0,90

    n HABEko 1. maila 0,45

    Aurreko irizpideen arabera lortutako puntuazioari 0,8ko zuzenketa faktorea ezarri ahal izango zaio, eta gainontzeko puntuazioa euskararekin lotutako merituak puntuatzeko erabili.

  7. – Laneko esperientzia.

    Epaimahaiaren irizpideei jarraituz, eta kontuan izanda lan arloa berrituz doala, gutxienez azken 5 urteetako eta gehienez azken 10 urteetako esperientzia hartuko da kontuan.

  8. – Berdinketak ebazteko irizpideak.

    Puntuazio osoan berdinketa dagoenean, ondoko irizpideak hartuko dira kontuan, hurrenkera honetan hartu ere:

    • Puntuaziorik handiena irakaskuntzako esperientziaren arloan

    • Puntuaziorik handiena laneko esperientziaren arloan

    • Puntuaziorik handiena ikerketako esperientziaren arloan

    • Puntuaziorik handiena espediente akademikoaren arloan

      Hala ere berdinketarik egonez gero, abizen eta izenen hurrenkera alfabetikoaren arabera egingo da. Horretarako, epaimahaiak zozketa egingo du zein letratik hasiko den zehazteko.

  1. – Ondoko hauek osatuko dituzte irakasle eta ikerlari kontratatuak hautatzeko epaimahaiak: kasuan kasuko plazari dagokion jakintza arloko hiru irakasle doktorek edo, halakorik egon ezean, jakintza arlo kidekoek. Idazkaria Unibertsitateko Irakasleen Batzordeko kide bat izango da, eta horiez gain, sindikatuen ordezkari bat ere izango da, Lan kontratuko Irakasle eta Ikerlarien Enpresa Batzordekoa. Idazkariak eta sindikatuen ordezkariak hitza izango dute, baina ez botorik.

  2. – Epaimahaietako kideak katedradunak, irakasle titularrak, irakasle osoak edo irakasle agregatuak izango dira, Euskal Herriko Unibertsitateko pantillakoak eta jardunean daudenak.

  3. – Lan kontratuko Irakasle eta Ikerlarien Enpresa Batzordeko kideak kasuan kasuko deialdian eskatzen den titulazioa izan beharko du, gutxienez.

  4. – Saileko Kontseiluak epaimahaiburua eta bi kideak izendatuko ditu, bai eta horien ordezkoak ere.

  5. – Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legeak eta beste lege batzuk zehaztutakoari jarraituz, eskumenari ezin zaio uko egin, eta eskumena berena duten administrazioko organoek baliatuko dute, eskuordetzan ematen ez bada edo goragokoak eskumena bereganatzen ez badu.

  6. – Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legeak, azaroaren 26koak (urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldaraziak), 28.2. artikuluan zehaztuta ditu prozeduran parte ez hartzeko arrazoiak. Horrelako egoeraren batean egonez gero, Irakasleen errektoreordeari jakinarazi beharko zaio eta ordezkoak hartuko du lekua.

  7. – Epaimahaiak gehiengoz hartutako erabakiarekin ados ez dauden kideek berariaz agertuko beharko dute beren iritzia. Boto partikularra eman ahal izango dute 48 orduko epean, eta hartutako erabakiari erantsiko zaio.

  1. – Zerrendaren ezaugarri orokorrak.

    Zerrenda bat osatuko da deialdia egin duen sail bakoitzeko eta jakintza arlo bakoitzeko.

    Zerrenda osatzeko deialdia egingo da sailen batean 1.2. artikuluan adierazitako premiaren bat dagoenean; betiere, sailak ez badauka kasuan kasuko jakintza arloan ordezkoak egiteko zerrendarik edo nahiz eta zerrenda izan, kide guztiak jardunean badaude.

    Edozelan ere, sailaren eskariari jarraituz, Irakasleen errektoreordeak ordezkoak egiteko zerrenda osatzeko deia egin ahal izango du, nahiz eta sailak ordezkoen premiarik ez izan une horretan.

    Lehiakide bakoitzari puntuazioa emango zaio 3. artikuluan zehaztutako baremazioa kontuan hartuta. Puntuazioa sail eta jakintza arlo bakoitzerako emango zaio.

    Zerrendako kideak puntuazioaren arabera ordenatuko dira, puntuazio handienetik txikienera.

  2. – Zerrendako kideen datuak eta aukerak

    Zerrendan honako datuak agertuko dira:

    • Abizenak eta izena

    • Helbidea

    • Harremanetarako telefono zenbakia

    • Harremanetarako posta elektronikoa (horrelakorik izanez gero)

    • Egiaztatutako titulazioak

    • Egiaztatutako hizkuntza eskakizunak

    • Puntuazioa

      Zerrendan kide bakoitzak egindakoa aukerak ere agertuko dira, hain zuzen ere honakoak:

      1. Lanaldi osoko edo partzialeko ordezkoak campus bakoitzerako

        Campus bat edo bat baino gehiago aukeratu ahal izango ditu, eta lanaldirako aukerak ondokoak izango dira:

    • Arduraldi osoan baino ez

    • Arduraldi partzialean baino ez

    • Arduraldi osoan zein partzialean

      Bakoitzak gurago duen arduraldia aukeratu ahal izango du. Aukera hori, dena dela, zerrenda guztietarako zehaztu beharko dute.

      1. Hizkuntza eskakizuna

        Plaza elebidunak bete ahal izateko, nahitaezkoa izango da euskaraz irakasteko gaitasun agiria izatea, Euskarako errektoreordeak 2002ko ekainaren 5ean emandako erabakian adierazitakoa (uztailaren 11ko EHAA).

        Egiaztatuta izanez gero euskaraz irakasteko gaitasuna Euskarako errektoreordeak 2002ko ekainaren 5ean emandako erabakiari jarraituz, honako ordezkoak egin ahal izango ditu zerrendako kideak:

    • Gaztelaniazko zein euskarazko hizkuntza eskakizuna zehaztuta duten plazak

    • Gaztelaniazko hizkuntza eskakizuna zehaztuta duten plazak

    • Gaztelaniazko eta euskarazko hizkuntza eskakizuna edo gaztelaniazkoa bakarrik zehaztuta duten plazak.

  1. – Zerrendak irekitzeko prozedura.

    Zerrenda osatzeko deialdia egingo da sailen batean 1.2. artikuluan adierazitako premiaren bat dagoenean; betiere, sailak ez badauka kasuan kasuko jakintza arloan ordezkoak egiteko zerrendarik edo nahiz eta zerrenda izan, zerrendako kide guztiak jardunean badaude.

    Edozelan ere, sailaren eskariari jarraituz, Irakasleen errektoreordeak ordezkoak egiteko zerrenda osatzeko deia egin ahal izango du, nahiz eta sailak ordezkoen premiarik ez izan une horretan.

    Zerrendak irekitzeko deialdia Lehiaketa Ataleko eta campusetako errektoreordetzetako iragarki oholetan argitaratuko da, bai eta iragarki ohol birtualean eta Euskal Herriko Unibertsitateko web orrian ere.

    Eskaria aurkeztu duten lehiakideen merituak 3. artikuluan zehaztutako irizpideen arabera baloratuko dira, baina kontuan hartuko dira ere kasuan kasuko jakintza arloko epaimahaiak zehaztutako irizpide bereziak.

    Zerrendak irekitzeko deia egiten duen erabakiaren kontra interesdunek berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango diote Irakasleen errektoreordeari hilabeteko epean, erabakia unibertsitateko web orrian argitaratzen den egunetik kontatzen hasita.

    Eskariak aurkezteko epea amaiturik, Unibertsitateko Errektoregoak onartu eta ez onartuen behin-behineko zerrenda argitaratuko da Lehiaketa Atalean eta campusetako errektoreordetzetan (Horixe izango da interesatuei horren berri emateko modua). Hamar eguneko epea irekiko da, zerrenda hori argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera, errakuntzak zuzentzeko, bai eta zerrenda horren kontrako erreklamazioak aurkezteko ere. Behin epea bukatuta, zerrenda behin betikoa izango da eta haren kontra berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango da hilabeteko epean.

    Merituak kasuan kasuko epaimahaiak (arautegi honetako 4. artikuluan zehaztutakoak) barematuko ditu.

    Epaimahaiaren proposamenak Unibertsitate honetako Lehiaketa Ataleko eta campusetako errektoreordetzetako iragarki tauletan argitaratuko dira. Horixe izango da interesatuei horren berri emateko modua. Epaimahaiek kontratuak adjudikatzeko egiten dituzten proposamenen kontra gora jotzeko errekurtsoa zuzendu ahal izango zaio unibertsitate honetako Irakasleen errektoreorde jaunari. Horretarako, hilabeteko epea izango da proposamen horiek Lehiaketa Ataleko iragarki tauletan argitaratzen diren egunaren biharamunetik kontatzen hasita. Dena dela, horrek ez du eragotziko beste edozein motatako errekurtsorik jartzea.

  2. – Ordezkoak egiteko zerrendan kide gehiago sartzeko prozedura

    Zerrendan kide gehiago sartzeko deialdia egingo da sailen batean 1.2. artikuluan adierazitako premiaren bat dagoenean edo kasuan kasuko jakintza arloko zerrendan ez dagoenean kiderik ordezkorik egiteko moduan.

    Eskaria aurkeztu duten lehiakideen merituak 3. artikuluan zehaztutako irizpideen arabera baloratuko dira, baina kontuan hartuko dira ere kasuan kasuko jakintza arloko eta saileko epaimahaiak zehaztutako irizpide bereziak.

  3. – Eskariak eta erreklamazioak.

    Zerrendak irekitzeko prozeduretan, zein kide gehiago sartzekoetan, lehiakideek eskari bat bete beharko dute jakintza arlo eta sail bakoitzeko, bertan honakoak adierazita:

    1. Norberen datuak, helbidea eta harremanetarako telefonoa eta, nahi izanez gero, posta elektronikoa.

    2. Zein lurralde historikotan egin nahi den lan.

    3. Lurralde historiko bakoitzean zein arduralditan egin nahi den lan (arduraldi osoa edo partziala).

    4. Zein hizkuntza eskakizun nahi den.

    5. Baremaziorako aurkezten diren merituak.

      Eskariarekin batera egiaztagiriak aurkeztu beharko dira, baldintza guztiak zein merituak egiaztatzeko.

      Eskariak edo erreklamazioak Irakasleen errektoreordeari zuzenduko zaizkion, prozeduran tramite bakoitzerako zehaztutako epearen barruan.

  1. – Funtzionamendu orokorra.

    Ordezkoa behar denean, kasuan kasuko jakintza arlo eta saileko zerrenda hartuko da eta baldintza guztiak beteta ordezkoa egiteko moduan dagoen lehenengo kideari eskainiko zaio; dena dela, kideren bat lanean badago berak lehenetsi ez duen aukeraren batean eta premia berria berak lehenetsitako plazaren batean sortu bada, berari deituko zaio.

    Kide bat zenbait jakintza arlo eta/edo sailetako zerrendetan badago eta horietako batean lanean ari bada berak lehenetsitako aukeraren batean, gainontzeko zerrendetan aldi baterako baja emango zaio eta ez zaio deituko beste jakintza arlo edo/eta sailetan sortzen diren premiak betetzeko.

    Zerrendako kideei telefono edo posta elektronikoz eskainiko zaie ordezkoak egiteko aukera (berek adierazitako telefono zenbakia edo posta elektronikoa erabiliko da). Ezinezkoa bada harremanetan jartzea, hurrengo 48 orduetan beste bi aldiz egingo da harremanetan jartzeko ahalegina, eta ez bada erantzunik lortzen, zerrendako hurrengo kideari deituko zaio.

    Ordezkoa egiteko aukeratu den kideak kontratua sinatu beharko du 3 eguneko epean, eskaintza egin zaion egunaren biharamunetik kontatzen hasita. Epe horretan ez bada kontratua sinatzera agertu, ordezkoa egiteko kontratuari uko egin diola ulertuko da eta, ondorioz, zerrendako hurrengoari deituko zaio.

    Oso kasu berezietan, eta Irakasleen Errektoreordetzak hala erabakiko balu, luzatu egin ahal izango da aurreko atalean adierazitako epea.

    Zerrendak ahalik eta arinen eguneratzeko asmoz, ordezkoa bukatu ondoren ahalik eta arinen eman beharko zaio horren berri Pertsonaleko Gerenteordetzako Lehiaketa Atalari. Nahitaez idatziz egin beharko da jakinarazpena, nahiz eta beste bide batzuk ere erabili ahal izango diren berri emateko.

  2. – Funtzionamendu orokorraren salbuespenak.

    1. Arduraldi osoko aukera lehenetsita daukan batek ustez ikasturte osorako ez den kontratu bat badauka, kide hori kontratatuko da baldin eta: premia berri baten ondorioz norbait bitarteko legez kontratatu behar bada lanpostua behin betiko bete arte; sindikatutik liberatuta dagoen irakasle baten ordezkoa egin behar bada; edo zerbitzu betekizunetan, zerbitzu berezietan edo kargu akademikoa dela-eta irakaslanetik salbuetsita dagoen irakasle baten ordezkoa egin behar bada. Salbuespen izango dira egoera horretako ordezkoak, baldin eta urte bete baino gutxiagorako izango direla aurreikusten bada. Edozelan ere, sailekin koordinazio lana eginda, ahalegina egingo da ordezko irakasleak egiten duen irakaskuntza lanari ahalik eta kalterik gutxien eragiteko.

    2. Zerrendako kide batek ordezko bat egin badu eta 10 egun naturaleko epean irakasle berari ordezkoa egin beharra sortzen bada, kide berak egingo du ordezkoa, betiere lan egiteko moduan badago.

    3. Arduraldi partzialeko aukera hautatu ez duen kidea arduraldi osoan ari bada lanean eta lanpostuaren titularra lanera itzultzen bada lanaldi murriztuarekin, kide horrek jarraitu ahal izango du ordezko hori egiten nahiz eta lanaldia partziala izan. Aitzitik, zerrendako kidea lanaldi partzialeko ordezkoa egiten ari denean lanpostu berean lanaldi osoko ordezkoa egiteko aukera sortzen bada (edozein izanda ere arrazoia), berak jarraituko du ordezkoa egiten (betiere lanaldi osoko ordezkoak egiteko aukera hautatuta badauka) nahiz eta zerrendan puntuazio hobea izanda lanaldi osoa lehenetsi duen izangairik egon.

    4. Ordezkoa egiten ari den kide batek arduraldi partzialeko kontratua badauka, administrazioak kontratua aldatzeko aukera eskaini ahal izango dio, baldin eta arduraldi partzialeko beste premiaren bat sortzen bada sail berean antzeko ezaugarriekin (hau da, jakintza arlo berean eta hizkuntza eskakizun berarekin) eta bi kontratuen bidez arduraldi partzial handiagoa lortzen bada. Aukera hori, edozelan ere, egoera horretan egonik zerrendan puntuazio gehien daukan kideari eskainiko zaio.

    5. Ordezkoa egiten ari den kide batek arduraldi partzialeko kontratua badauka, eta aukeren artean arduraldi osoa ere badauka hautatuta eta, gainera, aukera hori badauka lehenetsita, administrazioak kontratua aldatzeko aukera eskaini ahal izango dio, baldin eta arduraldi partzialeko beste premiaren bat sortzen bada sail berean antzeko ezaugarriekin (hau da, jakintza arlo berean eta hizkuntza eskakizun berarekin) eta bi kontratuen bidez arduraldi osoa lortzen bada. Aukera hori, edozelan ere, egoera horretan egonik zerrendan puntuazio gehien daukan kideari eskainiko zaio.

  1. – Ondorengo arrazoiak onartuko dira ordezkoa egiteko eskaintzari uko egin arren kasuan kasuko jakintza arlo eta saileko zerrendatik ez baztertzeko:

    1. Aldi baterako ezintasuna, lanekoa ez den istripuak edo gaixotasunak eragindakoa.

    2. Aldi baterako ezintasuna, laneko istripuak edo gaixotasunak eragindakoa.

    3. Amatasuna edo arriskua haurdunaldian, amak eginez gero uko haurdunaldiko zazpigarren hilabetetik hasi eta erditu ondoko hamazortzigarren astera bitartean.

      Ama hilez gero, aitak uko egin ahal izango du erditzearen ondorengo hamazortzigarren astera arte.

      Aita eta ama biak lanean daudenean, aitak uko egin ahal izango du seme-alaba jaio eta hurrengo hilabetean.

    4. Aitatasuna dela eta, aitak uko egin ahal izango du seme-alaba jaio eta hurrengo bost egunetan.

    5. Ordezkoak egiteari aldi baterako uzteko eskaria 3 urtetik beherako seme-alabak zaintzeko. Behin baino ezin izango da eskatu behin amatasun baja bukatuta. Aldi horretan ezin izango da egin ordaindutako jarduerarik.

      Izangaiak zerrendan jarraituko du eta seme-alabak 3 urte betetzen dituenean lanerako prest egongo da, nahiz eta berak nahi izanez gero lehenago ere adierazi ahalko duen lanerako prest dagoela. Izangaiak ez badu beren-beregi adierazten lanerako prest dagoela, zerrendatik kanpo geratuko da.

      2. mailarainoko odolkidetasuneko edo ezkontza ahaidetasuneko senitartekoen gaixotasun larri edo heriotza kasuetan, uko egin ahal izango da 5 egunean; ezkontidearen, bikotearen edo seme-alaben gaixotasun kasuetan, 15 egunekoa izango da epe hori. Edozelan ere, gaixotasun larria medikuaren agiri bidez egiaztatu beharko da.

    1. Adopzioa, uko egitea epai-erabakiaren hurrengo hamazortzi asteetan egiten bada.

    2. Norberen ezkontza edo harreman egonkorra hastea, uko egitea ezkontza egunaren edo erregistroan izena ematearen hurrengo edo aurreko 20 egunen barruan egiten bada.

    3. Askatasunez gabeturik egotea, kondena epaia eman bitartean.

    4. Hezkuntza sistemarekin lotura zuzena daukan ikasketa beka, laguntza edo bestelako bekaren bat izatea.

    5. Ikasketa edo praktikak egiten egotea. Ikasketak egiten egonez gero, ukoa ikasturte osorako izango da eta matrikularekin egiaztatu beharko da. Praktikak egiten egonez gero, uko egitea praktikak dirauen bitarterako izango da eta, edozelan ere, egiaztagiria aurkeztu beharko da.

    6. Aldi baterako funtzionario legez kontratua edo izendapena izatea. Lan kontratua edo administrazio publikoan eskumena daukan organoak emandako egiaztagiria aurkeztu beharko da.

    1. Bateraezintasuna, baldin eta ordezkoa lanaldi partzialerako bada eta izangaia lanean ari bada arlo publikoan zein pribatuan.

    2. Atzerrian egotea GKE batean lanean.

    1. Zerrendako kideak uko egitea haren ustez ez delako gai plaza betetzeko (plazak ezaugarri bereziak dituelako). Horrelakoetan, 10. artikuluan zehaztutako protokoloa bete beharko da.

      Egoera horretan uko eginez gero, kide horri ez zaio berriro deituko ezaugarri bereko ordezkoa egiteko.

    1. Zerrendako kideak uko egitea eskainitako lanpostuaren zereginak betetzea eragozten dion minusbaliotasun fisikoren bat izateagatik.

  2. – Zerrendako kideak uko egiteko arrazoiren bat adieraziz gero, egoera egiaztatzeko agiriak aurkeztu beharko ditu Lehiaketa Atalean, bai uko egiten duen unean, bai uko egiteko arrazoia bukatu egin dela adierazten duen unean.

  1. – Kasuan kasuko jakintza arlo eta saileko zerrendatik guztiz eta behin betiko kanpo geratuko da zerrendako kidea baldin eta:

    8. artikuluan adierazitako arrazoiren bat oinarri ez izanda uko egiten badio eskaintzari.

    1. Lehenetsitako ezaugarriak dituen plaza bateko ordezkoa egitera deitu arren, agertu ez bada uko egiteko arrazoiren bat egiaztatzeko agiririk aurkezteke.

    2. Zigortua izan bada diziplina espediente bidez arau hauste larri edo oso larriagatik.

  2. – Arrazoitu gabeko uko egitea gertatuz gero, Lehiaketa Atalak honakoak bidaliko dizkio uko egin duen kideari: ordezkoa egiteko eskariaren konfirmazioa, uko egitearena eta zerrenda kanpo geratu izanarena.

  1. – Lanbide ezaugarri bereziak dituen kontratu bat eskaintzerakoan, izangaiari informazio zehatza emango zaio, bai kontratuaren ezaugarri bereziei buruzkoa, bai sail eta ikastegiari buruzkoa.

  2. – Saileko Kontseiluaren ustez izangaiak ez badauka gaitasun nahikoa lanpostua betetzeko, prozedura hau beteko da:

    1. Saileko zuzendariak eskaria egingo dio errektoreordetzari izangaiak irakaskuntza horretarako gaitasunik duen egiaztatzeko.

    2. Saileko Kontseiluak egiaztatu egingo du izangaiak irakaskuntza horretarako gaitasunik duen, eta Irakasleen errektoreordeari adieraziko dio izangaia onartzen duten edo zerrendatik kentzea nahi duten.

    3. Edozelan ere, interesdunari entzunaldia emango zaio eta sindikatuei alegazioak egiteko aukera.

  3. – Lanpostua adjudikatuta daukan kidea ikastegira joan ondoren lanposturako gaitasunik ez daukala egiaztatzen bada, uko egiteko aukera emango zaio. Irakasleen errektoreordeak, sailak eta ikastegiak egindako txostena kontuan hartuta, kide hori zerrendatik kendu ahal izango du, ahalik eta lasterren kendu ere.

  4. – Irakasleen errektoreordeak kide bat zerrendatik kentzea erabaki badu, kide horri ez zaio berriro deituko ezaugarri bereko kontratu baterako; hala ere, beste ezaugarri batzuk dituzten ordezkoetarako deitu ahal izango zaio.

Bakarra.– Irakasleen errektoreordeak erabaki dezake deialdia egitea Gorputz eta Kirol Hezkuntza jakintza arloko zerrendak irekitzeko Soin Hezkuntzako Euskal Erakundea EHUn sartu aurretik. Horrela erabakiz gero, gainontzeko zerrenden deialdiarekin batera egingo da. Hala ere, epaimahaia eta merituak barematzeko irizpideak Soin Hezkuntzako Euskal Erakundea EHUn sartu ondoren zehaztuko dira, otsailaren 25eko 3/2004 Legeak, Euskal Unibertsitate Sistemari buruzkoak, xedapen gehigarrietatik hamargarrenak dioenari jarraituz.

Gorputz eta Kirol Hezkuntza jakintza arloan ez badago arautegi honetako 4.2. artikuluan zehaztutako baldintza guztiak betetzen dituen irakasle nahikorik, epaimahaia jakintza arloan doktore titulua duten irakasleek osatuko dute.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik