Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2023ko martxoaren 14koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarena, zenbait alderdi garatzen dituena, 513/2017 Errege Dekretuaren bidez arautzen diren suteetatik babesteko instalazioen esparruan.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 77
  • Hurrenkera-zk.: 1927
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2023/03/14
  • Argitaratze-data: 2023/04/24

Gaikako eremua

  • Gaia: Ekonomi Jarduerak; Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua; Osasun eta kontsumoa
  • Azpigaia: Industria; Ingurumena; Gobernua eta herri administrazioa; Informazio etak komunikazioak

Testu legala

Industriako segurtasunaren ordenamendu juridikoa eremu sektorial askotan artikulatzen da, eta eremu horietako bat suteetatik babesteko instalazioak dira. Izan ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Industriari buruzko azaroaren 12ko 8/2004 Legearen 7. artikuluak hau dio industriako segurtasunari buruz: «Industriako segurtasuna nahitaezko xedapen-sistema bat da, eta bi helburu ditu: arriskuei aurrea hartzea eta muga jartzea, batetik, eta, bestetik, istripuen aurkako babesa, istripu horiek pertsona, ondasun edo ingurumenari kalte egiteko modukoak badira eta industria-jarduerak sortuak badira, edo instalazioen edo ekipoen erabilerak, funtzionamenduak eta mantentzeak sortuak, edo industriako produktuak ekoiztearen, erabiltzearen edo kontsumitzearen, biltegiratzearen edo zakarretara botatzearen ondorioz sortuak».

Suteetatik babesteko instalazioen arloko araudiak, egun, oinarritzat du maiatzaren 22ko 513/2017 Errege Dekretua, Suteetatik Babesteko Instalazioen Erregelamendua onartzen duena. Estatuaren arau hori indarrean jartzeak zenbait arazo sortu ditu, ordea, eta agindu honen bidez, hain zuzen ere, konponbidea eman nahi zaie.

Arazo horiek, funtsean, lotuta daude 513/2017 Errege Dekretuan jasotako aldizkako ikuskapenen araubidearekin, zeina aplikatuko baitzaie ikuskapenen araubide espezifikorik ez duten instalazioei, hau da, honako hauei: erabilera industrialekoak ez diren eraikinetan dauden suteetatik babesteko instalazioak, eta erabilera industrialeko establezimenduetan dauden suteetatik babesteko instalazioak, abenduaren 3ko 2267/2004 Errege Dekretuaren aplikazio-eremuan sartuta ez daudenak (2267/2004 Errege Dekretua, Establezimendu industrialen suteen aurkako segurtasuneko Erregelamendua onartzen duena).

Hori guztia dela eta, agindu honen aplikazio-eremuan sartzen dira bai industrialak ez diren instalazioak, bai erabilera industrialeko establezimenduetako instalazioak, 2267/2004 Errege Dekretuaren aldizkako ikuskapenen araubidea aplikatzen ez zaienak, azken establezimendu horiek eraikita edo ezarrita zeudelako errege-dekretu hori indarrean jarri baino lehen, edo errege-dekretu hori aplikatzea arrazoitzen zuen eraldaketarik, aldaketarik edo lekualdatzerik izan ez dutelako. Ez dira sartzen agindu honen aplikazio-eremuan lege espezifikoen bidez araututa dauden suteetatik babesteko instalazioak, hala nola Estatuko errepideetako tuneletan daudenak.

Esan bezala, 513/2017 Errege Dekretua indarrean jarri ondoren atzemandako arazo horiek lotuta daude Estatuaren erregelamendu horretan jasotako aldizkako ikuskapenen araubidearekin. Izan ere, beharrezkotzat jotzen da araubide horren zenbait alderdi garatzea. Alderdi horien artean, azpimarratzekoak dira aldizkako ikuskapen baten ondoren atzeman daitezkeen akats eta ez-betetzeak, eta horiek zuzendu beharra. Gainera, 513/2017 Errege Dekretuaren aldizkako ikuskapenen araubidearekin lotuta, erregistratu gabeko instalazioen erregulazioa dago; izan ere, aipatutako araubidea behingoan bete beharrak azaleratu egin ditu halako instalazioak.

Alderdi horietaz gainera, agindu honetan zenbait hobekuntza ezartzen dira, industrialak ez diren suteetatik babesteko instalazioen titularrek izan beharreko dokumentazio teknikoari buruz. Hala, 513/2017 Errege Dekretua aplikatu behar zaien eta agindua indarrean jarri ondoren zerbitzuan hasten diren instalazioen titularrek memoria bat eta teknikari eskudun batek egindako planoak izan behar dituzte. Dokumentu horiek, bai eta egun Eraikingintzaren Kode Teknikoan eskatzen den instalazio-ziurtagiria ere, ezinbestekoak dira instalazioaren egokitasun teknikoa bermatzeko, eta, gainera, ez dira garestiak.

Eskumenei dagokienez, agindu hau segurtasun industrialaren arlokoa da, honen bitartez arautuko baitira arlo horretako alderdi teknikoak, eta, horregatik, Segurtasun Industrialari buruzko ekainaren 30eko 81/2020 Dekretuaren esparruan sartzen da.

Hori guztia kontuan hartuta, eta bat etorrita Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 61. artikuluan, azaroaren 12ko 8/2004 Legearen azken xedapenetako bigarrenean eta Segurtasun Industrialari buruzko ekainaren 30eko 81/2020 Dekretuan ezarritakoarekin, honako hau

  1. Agindu honen xedea da honako alderdi hauek arautzea beronen aplikazio-eremuan sartutako instalazioei buruz, betiere Segurtasun Industrialari buruzko ekainaren 30eko 81/2020 Dekretuan xedatutakoaren esparruan:

    1. Zer dokumentu tekniko eskatu behar zaien suteetatik babesteko instalazioen titularrei.

    2. Suteetatik babesteko instalazioetan aldizkako ikuskapenak egiteko araubidea garatzea, bai eta araubide horrekin lotutako titularren eta agente laguntzaileen betebeharrak ezartzea ere.

    3. Erregistratu gabeko suteetatik babesteko instalazioen araubide juridikoa.

    4. Erregistratu gabeko instalazioak erregistratzeko baldintzak.

    5. Arautzea zer egoeratan den bateragarria araudia sektoreko araudi espezifikoarekin.

  2. Ez da agindu honen xedea ezartzea zer baldintza bete behar dituzten eraikinek eta establezimenduek suteetatik babesteko instalazioak hornitzeko.

  1. Agindu hau Euskal Autonomia Erkidegoan dauden suteetatik babesteko instalazioei aplikatuko zaie, baldin eta maiatzaren 22ko 513/2017 Errege Dekretuaren 22. artikuluan edo hori ordezten duen arauan ezarritako aldizkako ikuskapenen araubidearen mende badaude (513/2017 Errege Dekretua, Suteetatik Babesteko Instalazioen Erregelamendua onartzen duena).

  2. Ez dira sartzen agindu honen aplikazio-eremuan abenduaren 3ko 2267/2004 Errege Dekretuaren aldizkako ikuskapenen araubidearen mende dauden suteetatik babesteko instalazioak, ez eta arau espezifikoen bidez araututakoak ere (2267/2004 Errege Dekretua, Establezimendu industrialen suteen aurkako segurtasuneko Erregelamendua onartzen duena).

  1. Suteetatik babesteko instalazioen titularrek agindu honetan, Segurtasun Industrialari buruzko ekainaren 30eko 81/2020 Dekretuan eta gainerako ordenamendu juridikoan aurreikusitako dokumentazioa izan behar dute, xedapen horietan ezarritako baldintzetan.

  2. Nahitaezko dokumentazioa izango da suteen aurkako babesaren arloan ezarritakoa betetzen dela egiaztatzeko aurkeztu edo eduki beharrekoa, bete behar diren xedapenekin bat etorriz.

  1. Agindu hau indarrean jarri aurretik zerbitzuan zeuden suteetatik babesteko instalazioen titularrek aplikatzekoa zaien araudian aurreikusitako dokumentazioa izan behar dute.

    Nolanahi ere, eskubidea izango dute dokumenturik ez aurkezteko, lehendik Administrazioan aurkeztu badituzte, betiere Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.3 artikuluan aurreikusitakoari jarraikiz.

  2. Erregistratu gabeko instalazioen kasuan, agindu honen 17. artikuluan xedatutakoa bete beharko da.

  1. Agindu hau indarrean jarri ondoren zerbitzuan hasten diren suteetatik babesteko instalazioen titularrek, sektoreko erregelamenduan aurreikusitako dokumentazioaz gainera, dokumentu hauek izan behar dituzte:

    1. Teknikari eskudun batek egindako memoria, honako hauek bilduko dituena: instalazioaren titularra; enpresa instalatzailea; erabilera industrialekoa ez den eraikinean edo haren eremuan babestu beharreko arearen hedadura, eta zerbitzuan jarriko den suteetatik babesteko instalazioaren irismena, azalera (m2) eta kokalekua. Memoria horretan zehaztuko dira, halaber, instalatutako ekipamendu eta sistemak, haien ezaugarri teknikoak, markak, egokitasun-ebaluazio teknikoak, halakorik balego, eta merkataritza-markak eta modeloak. Memorian adieraziko dira, orobat, instalazioen dimentsionamenduan egindako kalkulu teknikoak.

    2. Teknikari eskudunak egindako planoak, eta, horien artean, honako hauek:

      1. Kokapen-planoa eta kokaleku-planoa.

      2. Suteetatik babesteko ekipamendu eta sistemen planoak: oin-planoak, osagaien kokapena zehaztuta, eta ekipamenduen eta sistemen irismena eta jarduketak zedarrituta babestu beharreko eremu eta guneei dagokienez, arauzko distantziak egiaztatzeko moduan. Hasiera-eskema, altxaera-planoak eta xehetasunekoak, hala behar izanez gero.

  2. Aurreko apartatuan aipatutako dokumentazioa prest eduki ezean, dokumentazio-arloko ez-betetzetzat hartuko da, agindu honen 13. artikuluan xedatutakoari jarraituz, eta artikulu horretako 2. apartatuan aurreikusitako moduan zuzendu beharko da.

  3. Agindu hau indarrean jarri ondoren zerbitzuan jartzen diren instalazioei buruzko ziurtagiriak I. eranskineko ereduaren arabera egingo dira.

  1. Suteetatik babesteko instalazioen kontrola Segurtasun Industrialari buruzko ekainaren 30eko 81/2020 Dekretuaren 20. artikuluan berariaz aurreikusitako modalitateen bitartez egingo da, bai eta agindu honetan edo sektoreko gainerako erregelamenduetan aurreikusitako modalitateen bitartez ere.

  2. Agindu honen aplikazio-eremuan sartzen diren suteetatik babesteko instalazioen aldizkako ikuskapenak 513/2017 Errege Dekretuaren 22. artikuluan eta, hala badagokio, haren laugarren xedapen iragankorrean xedatutakoari jarraituz egingo dira.

  3. Instalazioei, 513/2017 Errege Dekretuaren 22. artikuluko bigarren apartatuan zehazten diren erabilera eta ezaugarriak izan arren, 513/2017 Errege Dekretuan jasotako ikuskapen-araubidea aplikatuko zaie, baldin eta instalazio horien azalerak baliagarriak badira arrisku berezi handiko lokal bat ebakuatzeko, edo eraikin batean integratuta badaude eta hark duen suteetatik babesteko sistemaren parte badira, betiere, azken kasu horretan, sistema hori 513/2017 Errege Dekretuan aurreikusitako ikuskapen-araubidearen mende badago.

    Aurreko paragrafoan aurreikusitakoa aplikatzekoa izango da, nahiz eta erabilera bakoitzari lotutako instalazioek titular desberdinak izan.

  4. Honako instalazio hauei, ordea, ez zaie aplikatuko 513/2017 Errege Dekretuan jasotako ikuskapen-araubidea:

    1. Sutearen aurkako babesaren arloko lege espezifikoen mende dauden instalazioak, nahiz eta kokatuta dauden eraikinaren suteetatik babesteko sistema 513/2017 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitako ikuskapenen mende egon.

    2. Instalazioen araubide sektorialean ikuskapen bidezko kontrol bat jasotzen baldin bada, errege-dekretu horretan aurreikusitakoaren baliokidea dena gutxienez. Ikuskapen-kontrola gutxienez baliokidea dela zehazteko, aintzat hartuko dira, batetik, ikuskapenetan egiten diren egiaztapen teknikoak eta, bestetik, horiek dagokion araudi sektorialean gaitutako kontrol-organismo batek eginak izatea.

  1. Ikuskapen baten ondorengo akta egiteko, Segurtasun Industrialari buruzko ekainaren 30eko 81/2020 Dekretuaren 24. artikuluan aurreikusitakoa beteko da.

  2. Alde batera utzi gabe 513/2017 Errege Dekretuaren 22. artikuluko 3. apartatuan aurreikusitakoa, instalazioaren mantentze-lanak egitea dagokion mantentze-enpresako pertsona eskudunak ere sinatu ahal izango du ikuskapen-akta, hura egiten den unean, eta betiere pertsona hori bertan badago.

  1. Kontrol-organismoek egiaztatuko dute ikuskapenak egiten diren instalazioen titularrek badutela agindu honen 3. artikuluan aipatzen den nahitaezko dokumentazioa.

  2. Erregistratu gabeko instalazio batean egiten bada ikuskapena, kontrol-organismo jarduleak egiaztatuko du instalazioaren titularrak baduela agindu honen 17. artikuluan aurreikusitako dokumentazioa.

  3. Nahitaezko dokumentazioa falta dela egiaztatuz gero, kontrol-organismoak dokumentazio-arloko ez-betetzetzat joko du, agindu honen 13. artikuluan ezarritakoari jarraituz.

  1. Organo eskudunari jakinarazi behar zaio aldizkako ikuskapenen emaitza, urtarrilaren 16ko 5/2018 Dekretuan eta bete beharreko gainerako arauetan ezarritakoari jarraituz (5/2018 Dekretua, Industria-segurtasunari buruzko erregelamentazioa bete behar duten instalazio eta ekipoak aldizka ikuskatzeko kudeaketa-prozedurari buruzkoa).

    Era berean, akatsak edo dokumentazio-arloko ez-betetzeak zuzentzearekin lotutako gorabeherak ere jakinarazi beharko zaizkio organo eskudunari, hurrengo artikuluetan aurreikusitako moduan.

  2. Erregistratu gabeko instalazio baten ikuskapenaren emaitza Administrazioari jakinarazten zaionean, instalazio hori inskribatu beharko da, agindu honen 19. artikuluan aurreikusitakoari jarraituz.

  1. Kontrol-organismo jarduleak ikuskapen-aktan halakotzat jotzen dituenak izango dira akats oso larriak, hargatik eragotzi gabe agindu honetan edo sektoreko gainerako araudian horri buruz ezarritakoa betetzea.

  2. Ikuskapen-aktan oso larritzat edo oso larri modukotzat jotzen diren akatsak indarrean dauden arauei jarraituz zuzendu beharko dira.

  3. Kontrol-organismoak honako hauek jakinarazi behar dizkio titularrari: akatsak zuzentzeko epea; akatsak zuzendu direla bigarren ikuskapen baten bidez berriro egiaztatu beharra, eta zuzenketa epe barruan ez egiteak izan ditzakeen ondorioak.

  4. Akatsak zuzendu ondoren, titularrak eskaera egingo dio akatsak aurkitu dituen kontrol-organismoari, zuzenketa egiazta dezan. Bigarren ikuskapen horren helburu bakarra akatsak behar bezala zuzendu direla egiaztatzea izango da; nolanahi ere, ikuskapenean beste akats batzuk aurkituz gero, haiek ere identifikatu eta dagokion bezala kalifikatu beharko dira bigarren ikuskapenaren aktan.

    Organo eskudunari jakinarazi behar zaio zein den akats-zuzenketaren egiaztapenaren emaitza, agindu honen 9. artikuluan ezarritako eran.

  5. Kontrol-organismoak uste badu akatsak ez direla zuzendu, horren berri emango du bigarren ikuskapenaren aktan. Halakoetan, titularrak berriz eskatu beharko du instalazioaren ikuskapen osoa egiteko.

    Kontrol-organismo jarduleak uste badu ezen, zuzenketaren ondorioz, hasieran aurkitutako akatsei beste kalifikazio bat eman behar zaiela, hala jasoko du bigarren ikuskapenaren aktan. Erregelamenduz aurreikusitako epean eta moduan zuzendu beharko ditu akats horiek titularrak.

  6. Ikuskapen-aktan akatsak jaso dituen kontrol-organismoak egiaztatzen badu zuzentzeko epean ez zaiola jakinarazi akatsok zuzendu direla, zuzenketarik egin ez dela joko da ondore guztietarako. Halakoetan, titularrak berriz eskatu beharko du instalazioaren ikuskapen osoa egiteko.

    Kontrol-organismoak horren berri eman beharko dio organo eskudunari, agindu honen 9. artikuluan ezarritako eran.

    Horren berri eman beharko zaio, halaber, instalazioaren titularrari.

  7. Sektoreko erregelamenduak bestela ezarri ezean, ezin izango zaio beste kontrol-organismo bati eskatu kontrol-lana egiteko, harik eta akatsak zuzendu direla egiaztatu arte edo, bestela, zuzentzeko epea bukatu arte.

  8. Artikulu honetan aipatzen diren akatsak ez zuzentzeak berekin ekar dezake diziplina-prozedura industrial bat hastea, Segurtasun Industrialari buruzko ekainaren 30eko 81/2020 Dekretuaren 26. artikuluan aurreikusitakoari jarraituz, hargatik eragotzi gabe ez-betetze horiek ez zuzentzeak ekar litzakeen erantzukizunak.

  1. Kontrol-organismo jarduleak ikuskapen-aktan halakotzat jotzen dituenak izango dira akats larriak, hargatik eragotzi gabe agindu honetan edo sektoreko gainerako araudian horri buruz ezarritakoa betetzea.

  2. Ikuskapen-aktan larritzat edo larri modukotzat jotzen diren akatsak indarrean dauden arauei jarraituz zuzendu beharko dira. Zuzentzeko epea 6 hilabetekoa izango da.

  3. Akats larriak zuzentzeari dagokionez, aurreko artikuluko 3. apartatutik 8.era bitartean bildutako aurreikuspenak aplikatuko dira.

  1. Kontrol-organismo jarduleak ikuskapen-aktan halakotzat jotzen dituenak izango dira akats arinak, hargatik eragotzi gabe agindu honetan edo sektoreko gainerako araudian horri buruz ezarritakoa betetzea.

  2. Ikuskapen-aktan arintzat edo arin modukotzat jotzen diren akatsak indarrean dauden arauei jarraituz zuzendu beharko dira. Zuzentzeko epea 12 hilabetekoa izango da.

  3. Ikuskapen-aktan akats arinak jaso dituen kontrol-organismoak egiaztatzen badu zuzentzeko epean ez zaiola jakinarazi akatsok zuzendu direla, horren berri emango dio organo eskudunari, agindu honen 9. artikuluan aurreikusitako eran.

  1. Nahitaezko dokumentazioa ez edukitzea dokumentazio-arloko ez-betetzetzat joko da, agindu honetan ezarritakoaren ondorioetarako.

  2. Agindu honetako 5.1 artikuluan aipatutako dokumentazioa ez edukitzea zuzendu beharko da, dokumentazio hori aurkeztuta, hain zuzen ere. Urtebetekoa izango da hori zuzentzeko epea.

  3. 513/2017 Errege Dekretuaren bidez onartzen den suteetatik babesteko instalazioen Erregelamenduaren II. eranskineko 6. puntuan aipatzen den mantentze-eragiketei buruzko dokumentazioa eskuragarri ez izatea zuzendu beharko da, eta, horretarako, dokumentazio bidez egiaztatu beharko da instalazioan behin behintzat gauzatu direla aipatutako II. eranskinean aurreikusitako nahitaezko mantentze-programen eragiketa guzti-guztiak.

    Apartatu honetako zuzenketak egiteko epea 6 hilabetekoa izango da.

  4. Agindu honetako 17.1 artikuluan aipatutako dokumentazioa ez edukitzea zuzendu beharko da, eta, horretarako, kasuan kasuko instalazioari lotutako epigrafe guztietan gaitutako enpresa instalatzaileak txosten bat aurkeztuko du, agindu honetako II. eranskinaren ereduari jarraituz.

    Apartatu honetako kasuetan, urtebetekoa izango da zuzenketa egiteko epea.

  5. Dokumentazio-arloko ez-betetzea aldizkako ikuskapen batean atzematen bada, ikuskatzen jardun duen kontrol-organismoaren aurrean egin beharko da zuzenketa.

    Kontrol-organismoak Administrazioari jakinarazi beharko dio, 9. artikuluan ezarritako eran, titularrak ez-betetzea zuzenduta dagoela egiaztatzeko dokumentazioa forman eta epean aurkeztu duen.

  6. Artikulu honetan aipatzen diren dokumentazio-arloko ez-betetzeak ez zuzentzeak berekin ekar dezake diziplina-prozedura industrial bat hastea, Segurtasun Industrialari buruzko ekainaren 30eko 81/2020 Dekretuaren 26. artikuluan aurreikusitakoari jarraituz, hargatik eragotzi gabe ez-betetze horiek ez zuzentzeak ekar litzakeen erantzukizunak.

  7. Apartatu honetan xedatutakoaren arabera dokumentazio-falta ez-betetzetzat jotzeaz gainera, erantzukizun penal, administratibo edo zibilak ere izango dira, dokumentazio hori ez izateagatik, ez aurkezteagatik, hala egin beharra zegoenean, edo ez-betetze horrekin lotutako beste edozein egitaterengatik.

  1. Agindu honetan ezarritakoaren ondorioetarako, erregistratu gabeko instalazioak izango dira agindu hau indarrean jartzean jardunean zeudenak, jardun hori segurtasun industrialeko administrazioaren aurrean izapidetu gabe.

  2. Definizio hori berdin aplikatuko da, nahiz eta izapidetu ez izanaren arrazoia bi hauetako bat izan: aplikatu beharreko araudian aurreikusitako nahitaezko dokumentazioa aurkeztu ez izana edo instalazioa zerbitzuan jarri zen unean nahitaezko dokumentazioa aurkezteko beharra ezartzen zuen araudirik ez egotea.

  3. Nolanahi ere, zenbait instalazio definizio horretatik kanpo geratuko dira, baldin eta haien araudi espezifikoan berariaz xedatuta badago ez dela beharrezkoa segurtasun industrialeko administrazioari jakinaraztea zerbitzuan hasiko direla.

  1. Zerbitzuan jartzean indarrean zegoen araudiaren arabera arautuko dira erregistratu gabeko suteetatik babesteko instalazioak, non eta erregelamenduan besterik adierazten ez den.

  2. Erregistratu gabeko suteetatik babesteko instalazioek agindu honetako II. eta III. kapituluetan dokumentazio teknikoari eta kontrolari buruz xedatutakoa bete beharko dute, kapitulu horietan eta honetan aurreikusitako baldintzetan.

  1. Erregistratu gabeko instalazioen titularrek, Administrazioaren aurrean aurkeztutako jakinarazpen baten bidez, instalazio horien berri jakinarazi ahal izango diote Administrazioari, bai eta honako hauen berri ere: noiz jarri diren zerbitzuan, zer dokumentazio duten eta erregelamenduz ezarritako beste edozein alderdi.

  2. Lehenengo apartatuan aurreikusitako jakinarazpenarekin batera, agindu honen 17. artikuluarekin bat etorrita aurkeztu beharreko dokumentazioa ere aurkeztu beharko dute.

  1. artikuluko dokumentazioa izan ezean, jakinarazpenarekin batera, agindu honen 13.4 artikuluan aipatzen den txostena aurkeztu beharko dute, bai eta 18.2 artikuluaren arabera aurkeztu beharreko dokumentazioa ere.

  1. Artikulu honetan aurreikusitakoa betetzeko aurkeztutako jakinarazpenak agindu honen III. eranskinean jasotako ereduari jarraituz egingo dira.

  2. Artikulu honetan aurreikusitakoa gorabehera, zenbaitetan agindu honen 9.2 artikuluan aurreikusitako eran jakinarazi ahal izango zaio Administrazioari erregistratu gabeko instalazio baten berri, edo erregelamenduz aurreikusitako beste bideren bat erabilita.

  1. Instalazioak zerbitzuan jartzean indarrean dagoen araudian eskatzen den dokumentazioa izan behar dute erregistratu gabeko instalazioen titularrek. Dokumentazio hori Administrazioaren eta agente laguntzaileen eskura jarri beharko dute.

    Nolanahi ere, eskubidea izango dute dokumenturik ez aurkezteko, lehendik Administrazioan aurkeztu badituzte, betiere Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.3 artikuluan aurreikusitakoari jarraikiz.

  2. Aurreko apartatuan adierazitako dokumentazioa ez edukitzeak ez du inola ere salbuetsiko erregistratu gabeko instalazio baten titularra agindu honen 18.2 artikuluan aipatutako dokumentazioa edukitzeko betebeharretik.

  3. Kontrol-organismo batek aldizkako ikuskapen batean egiaztatzen badu erregistratu gabeko instalazio baten titularrak ez duela artikulu honetako lehen apartatuan adierazitako dokumentazioa, agindu honetako 13. artikuluan aurreikusitakoa aplikatuko da.

  1. Erregistratu gabeko instalazioak noiz jarri ziren zerbitzuan zehazteko, instalazioen titularren instalazio-ziurtagiria hartuko da aintzat, halakorik baldin badute.

  2. Ezinezkoa bada aurreko apartatuan aurreikusitako moduan zehaztea instalazioa noiz jarri zen zerbitzuan, data horren zantzu bat ematen duen dokumentazioa erabili ahal izango da horretarako, hala nola: artxiboetan mantentze-lanen berri ematen duten datu zaharrenak; hasierako jarduera-lizentzia, irekitzekoa edo jardunean jartzekoa; instalazioa dagoen higiezinaren erregistro-inskripzioak; instalazioa diseinatzeko, proiektatzeko edo exekutatzeko sinatutako kontratua, eta data jakiteko balio duen beste edozein datu.

  3. Ezinezkoa bada aurreko bi apartatuetan aurreikusitakoaren arabera zehaztea instalazioa zer egunetan jarri zen zerbitzuan, Administrazioak lehen aldiz noiz izan duen kasuan kasuko instalazioaren berri, egun horixe hartuko da aintzat, eta horren arabera ezarriko da zer araudi aplikatu behar zaion.

  4. Baldin eta organo eskudunak susmo sendoak badauzka aurreko apartatuetan xedatutakoaren arabera zehaztutako zerbitzu-hasierako data zuzena ez dela pentsatzeko, egoki ikusten dituen egiaztapenak egin ahal izango ditu.

    Organo eskudunak egindako egiaztapenen ondorioz beharrezko jotzen bada hasieran finkatutako zerbitzu-hasierako data ez den beste bat ezartzea, organo eskudunak ebazpen arrazoitua emango du horretarako, interesdunari hamar eguneko epean entzunaldia eskaini ondoren.

  5. Artikulu honetan aurreikusitakoaren arabera zerbitzu-hasierako data zehazteko orduan, aintzat hartuko dira instalazioaren erabileran izandako aldaketak eta horiek suteetatik babesteko sistemetan eragindako aldaketak, eraldaketak eta eguneraketak.

  6. Instalazioa zerbitzuan jarri deneko data jasota geratuko da haren titularrek edo hartan jarduten duten agente laguntzaileek Administrazioaren aurrean aurkezten dituzten dokumentuetan.

    Instalazioaren titularrak edo kontrol-organismo jarduleak zehaztu ahal izango du, artikulu honen 1., 2., 3. eta 5. apartatuetan aurreikusitakoa aplikatuz, zerbitzu-hasierako data.

  7. Aurreko apartatuetan ezarritakoa gorabehera, dokumentazio-falta ez-betetzetzat joko da, dagokion ikuskapen-aktan, agindu honetako 13. artikuluan aurreikusitakoarekin bat etorriz.

  1. Segurtasun industrialeko Administrazioak erregelamenduz ezarritako bitartekoren baten bidez baldin badaki jardunean dagoen instalazioren bat erregistratu gabe dagoela, instalazio hori inskribatu beharko da segurtasun industrialeko instalazioen erregistroan, Segurtasun Industrialari buruzko ekainaren 30eko 81/2020 Dekretuan xedatutakoari jarraituz.

    Apartatu honetan aurreikusitakoaren ondorioetarako, agindu honetako 9. eta 16. artikuluetan ezarritakoak joko dira, betiere, erregelamenduz ezarritako bitartekotzat.

  2. Instalazioa inskribatzeak ez du esan nahi araudia betetzen duenik eta haren titularrak arauz ezarritako dokumentazioa aurkeztu edo eduki behar ez duenik agindu honetan eta gainerako ordenamendu juridikoan ezarritako eran.

  1. Organo eskudunak jardunean dagoen instalazio bat erregistratu gabe dagoela baldin badaki, egoki ikusten dituen jarduketak gauzatu ahal izango ditu, bai eta aplikatzekoa den araudian aurreikusitako dokumentazio oro aurkezteko eskatu ere.

    Zuzendaritza eskudunak bere eskumenak baliatuz diharduela onartzen dituen auditoretza-planetan, aintzat hartu beharko ditu zein diren erregistratu gabeko instalazioen segurtasun-baldintza espezifikoak.

  2. Suteetatik babesteko instalazioen kontrola gauzatzeko, agindu honetako III. kapituluan aurreikusitako aldizkako ikuskapenak egingo dituzte kontrol-organismoek.

    LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA. Erregelamenduzko bateragarritasuna abenduaren 3ko 2267/2004 Errege Dekretuarekin.

  1. Abenduaren 3ko 2267/2004 Errege Dekretuaren 3. artikuluko 2. apartatuan zehaztutako establezimenduetan dauden instalazioen aldizkako ikuskapenak baliatu ahal izango dira establezimendu horietako erabilera ez-industrialeko eremuetan dauden beste instalazioak ere ikuskatzeko (2267/2004 Errege Dekretua, Establezimendu industrialen suteen aurkako segurtasuneko Erregelamendua onartzen duena). Azken ikuskapen hori agindu honetan, 513/2017 Errege Dekretuan eta bete beharreko gainerako xedapenetan aurreikusitakoaren arabera egingo da. Nolanahi ere, ikuskapen hori egiteko, ezinbestekoa izango da kontrol-organismo jarduleak azken arau horren eremuan dagokion gaikuntza izatea.

  2. Aurreko apartatuan ezarritakoa aplikatu ezin bada, instalazioa hartzen duen establezimenduak 2267/2004 Errege Dekretuaren 3. artikuluaren 2. apartatuan finkatutako mugak gainditzen ez dituelako, edo instalazioaren kokalekua sute-sektore independente bat ez delako, halako instalazioen ikuskapena 2267/2004 Errege Dekretuan eta bete beharreko gainerako xedapenetan aurreikusitako forman eta epeetan egingo da.

    BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Eranskinak eguneratzea.

  1. Segurtasun industrialaren arloko eskumena duen zuzendariaren ebazpen baten bidez aldatu ahal izango dira agindu honetako eranskinak, haien edukia arau berriei edo garapen teknologikoari egokitzeko.

  2. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharko dira eranskin berriak onartzen dituzten ebazpenak.

  3. Indarrean dauden eranskin-eredu guztiak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan argitaratuko dira.

    HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Establezimendu industrialen suteen aurkako segurtasuneko Erregelamendua onartzen duen abenduaren 3ko 2267/2004 Errege Dekretuari egindako aipamenak.

    Agindu honen testuan abenduaren 3ko 2267/2004 Errege Dekretuari egin zaizkion aipamenak etorkizunean hura ordeztu dezakeen xedapenari ere egindakotzat hartu behar dira (2267/2004 Errege Dekretua, Establezimendu industrialen suteen aurkako segurtasuneko Erregelamendua onartzen duena).

Indargabeturik geratzen dira agindu honen bidez araututako arlokoak izanik aginduan bertan aurreikusitakoaren aurkakoak diren xedapen guztiak eta, zehazki, 2014ko uztailaren 30eko Agindua, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuarena, Industrialak ez diren eraikinetako suteen aurkako babes instalazioen ziurtagiri-eredua onartzen duena.

Agindu hau 2023ko uztailaren 1ean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko martxoaren 14a.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.