Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2021eko azaroaren 18koa, Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuarena, Ertzaintzaren egitura onesten duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Segurtasun Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 239
  • Hurrenkera-zk.: 6047
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2021/11/18
  • Argitaratze-data: 2021/12/01

Gaikako eremua

  • Gaia: Segurtasuna eta justizia; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Herrizaingoa; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Indarrean dagoen Ertzaintzaren egitura Segurtasuneko sailburuaren 2013ko azaroaren 20ko Aginduaren bidez onartu zen (2013ko abenduaren 9ko EHAA, 233. zk.). Agindu hori lehen aldiz aldatu zen 2014ko martxoaren 10eko Aginduaren bidez (2014ko martxoaren 17ko EHAA, 52. zk.), bigarren aldiz 2014ko urriaren 15eko Aginduaren bidez (2014ko urriaren 22ko EHAA, 201. zk.), eta hirugarren aldaketa bat egin zen 2015eko urtarrilaren 23ko Aginduaren bidez (otsailaren 3ko EHAA, 22. zk.).

Aurreko egituraren helburua prebentzio aktiboan oinarritutako polizia-zerbitzua eskaintzea zen, adimen eta ikerketa kriminal eraginkorretan, etengabeko hobekuntzan, beste batzuekiko lankidetzan eta talde-lanean oinarrituta, hori guztia hurbiltasunaren eta eraginkortasunaren ondoriozko gizarte aintzatespen maila handia lortzeko. Gaur egun, helburu horiek mantentzen badira ere, aldaketa batzuk egin behar dira antolamendu-egitura ingurunearen premia aldakorretara egokitu ahal izateko.

Agindu honen bidez, Ertzaintzaren egitura berriz eguneratu nahi da, Euskadiko Segurtasun Publikoaren Plan Orokorrean (2020-2025) jasotako jarraibideei erantzun ahal izateko, eta, horretarako, aurrera egin nahi da gizartearekin konprometituta dagoen eta pertsonen artean bakea, segurtasuna eta ongizatea sustatzen dituen polizia integral baten premia funtzionaletara hobeto egokitzen den eredu baterantz.

Organo zentralei dagokienez, Ertzaintzaren Burutza Ertzaintzaren zuzendariaren mende egongo da zuzenean; horretaz gain, zuzenean atxikitako bi burutza hauek izango ditu: Kanpo Lankidetzako Burutza eta Barne Arazoetako Burutza. Kanpo Lankidetzako Burutzak Erakunde Harremanetarako eta Komunikaziorako Zerbitzua ordezkatuko du, eta Estatuko eta nazioarteko beste erakunde batzuekiko aliantzak eta lankidetza-harremanak kudeatuko ditu. Horrela, kanpoko erakundeekiko lankidetzarekin lotutako eginkizuna indartzen da. Barne Arazoetako Burutzak bere eginkizunei eutsiko die, eta diziplina-politika betearazteaz arduratuko da.

Ertzaintzaren Burutzak bi atal izaten jarraituko du: Herritarren Babeseko Alorreko Burutza eta Ikerketa Kriminaleko Alorreko Burutza, bai eta Inteligentzia Bulego Nagusiko Burutza ere.

Aipatutako bi atalez eta Inteligentzia Bulego Nagusiko Burutzaz gain, hauek ere egongo dira zuzenean Ertzaintzaren Burutzaren mende: Idazkaritza Nagusia (berdintasuna eta aniztasuna sustatzeko arduraduna), Aginte eta Kontrol Zentro Nagusia, Prestakuntza Koordinatzeko Zerbitzua, eta Bozeramailetza, Komunikazio eta Protokolo Zerbitzua. Komunikazio eta Protokoloko langileek Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuaren Komunikazio Zuzendaritzaren mende jardungo dute funtzionalki; Protokoloko langileek, berriz, Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuaren Kabinete Zuzendaritzaren mende.

Herritarren Babeserako Alorraren Burutzaren barruan, aldaketa gutxi egin dira. Laguntza Taktikoko Burutza Nagusiak eta Erakundeen Segurtasuneko Burutza Nagusiek bere horretan diraute; izan ere, zerbitzu espezializatuak dituzte, beste zerbitzu eta unitate batzuei laguntzeko eta haiek indartzeko. Ekintzen Plangintzarako eta Azpiegituren Babeserako Burutzak, berriz, kirol-ikuskizunetako eta garrantzi bereziko beste ekitaldi batzuetako segurtasun dispositiboak planifikatu eta ebaluatzeko ardura du, bai eta azpiegitura kritiko eta sentikorrak babesteko eta laguntza operatiboa emateko plan espezifikoak diseinatu eta ezartzekoa ere.

Bestalde, Trafikoko Burutza Nagusiaren izena aldatu da eta Euskadiko Trafikoa eta Larrialdiak Koordinatzeko Zentroko Trafiko eta Segurtasuneko Burutza Nagusiaren izena jarri da, Trafikoko lurralde-unitateen bidez trafikoa eta bide-segurtasuna kontrolatzeko politikak eta jarraibideak ezartzeko eta zabaltzeko, eta Euskadiko Trafikoa eta Larrialdiak Koordinatzeko Zentroaren segurtasun-erantzukizuna gehitu zaio. Eremu horretan, gainera, ETEN taldea, errepideko delituetan espezializatutako sekzioa, orain arte Ertzaintzaren Gipuzkoako Lurralde Burutzaren mendekoa zen, eta orain Gipuzkoako Trafikoko Lurralde Unitateari atxikitzen zaio, horrek koherentzia funtzional handiagoa ematen baitio.

Ikerketa Kriminaleko Alorreko Burutzak bi burutza ditu: Ikerketa Kriminaleko eta Polizia Judizialeko Burutza eta Polizia Zientifikoko Burutza. Lehenengoak delitu-forma konplexuak ikertzen espezializatutako zerbitzuak biltzen ditu, bai eta organo judizialei eta fiskaltzei atxikitako polizia judizialaren zerbitzuak ere. Bigarrenak kriminalistikako edo ikerketa teknikoko zerbitzuak ematen ditu.

Atal honi atxikita jarraitzen dute Joko eta Ikuskizun Unitateak eta Segurtasun Pribatuko Unitateak. Gainera, beste bat sortu da: Koordinazio eta Lankidetza Unitatea, bi sekziok osatua: Ikerketako Koordinazio Operatibo eta Teknikoko Atala (IKOTA), lehen Ikerketa Kriminaleko eta Polizia Judizialeko Burutzaren mende zegoena, eta Lankidetza Polizial eta Judizialeko Atala (LPJA), orain arte Idazkaritza Nagusian zegoena. Horrela, bi sekzioren berezko eginkizunetara hobeto egokitu nahi da antolamendua, eta Ertzaintzaren barruranzko informazio-fluxuak hobeto tratatu.

Inteligentzia Bulego Nagusiko Burutza da, lurralde- edo toki-mailetan garatutako analisi- eta inteligentzia-eginkizunekin batera, Herritarren Babeseko eta Ikerketa Kriminaleko alorren burutzen ardatz egituratzailea, eta haren lanaren helburua da polizia-arduradunei erabakiak hartzen laguntzea, inteligentzia-produktu landuak hornituta, gero eta polizia-zerbitzu efikazagoa eta efizienteagoa sustatzeko, ingurune aldakor batean.

Erakundea zerbitzatzen duen gizartera hurbiltzea da, oraindik ere, bere eskumeneko lurraldearen gaineko polizia-erantzukizun globala bere gain hartzeko beharrezkoak diren baliabide eta zerbitzu guztiez hornitzeko arrazoia, bai ertzain-etxe bakoitzaren mugapeetan, bai lurralde-burutzetan.

Hala, lurralde-burutzen mende egongo dira, dagozkien ertzain-etxeez gain, hainbat lurralde-zerbitzu eta -unitate: herritarren babesa, ikerketa kriminala, inteligentzia, aginte- eta kontrol-zentroa eta trafikoa. Hala ere, aginduak beste zerbitzu, unitate edo sekzio espezifiko batzuk jaso ditzake lurralde-burutza bakoitzean.

Ertzain-etxeak dira herritarrengandik hurbilen dauden polizia-unitateak. Beraz, herritarrei segurtasuna, babesa eta laguntza emateko ardura hartu behar dute zentzu guztietan, bakoitzak bere lurralde-mugapean. Ertzain-etxeak helburu horietara bideratutako polizia-jarduera osoa kudeatu behar du, beste lurralde-organo edo organo zentral batzuen laguntzarekin.

Horretarako, herritarren babeserako, ikerketa kriminalerako eta polizia-inteligentziarako jarduerak antolatzeko eredu bat egituratzen da, zeinak ahalbidetuko baitu jarduera horiek herritarrengandik hurbilen dagoen eremutik erakundeko organo zentral eta espezializatuenetaraino integratzea.

Zerbitzu edo unitate bakoitzaren atxikipen organikoaren kudeaketa-ardurei kalterik egin gabe, erakundearen tokiko, lurraldeko eta erdiko mailetan helburuak, gidalerroak eta prozedurak ezartzea ahalbidetzen da, zenbait alderdiri buruzko jardueren integrazio bertikala eta norabide bikoitzeko fluxua errazteko, hala nola ikerketa kriminala edo polizia-inteligentzian edo aginte- eta kontrol-zentroek maila operatiboetan dituzten eginkizunetan.

Ondorioz, uztailaren 22ko 1/2020 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskal Herriko Poliziaren Legearen testu bateginaren 47.2 artikuluan aurreikusitako eskumenaren arabera, hau

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuari, hilabeteko epean; bestela, administrazioarekiko auzi errekurtsoa aurkez daiteke Euskadiko Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Bi kasuetan, errekurtsoak jartzeko epeak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hasiko dira.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek 2021eko abenduaren 1ean izango ditu eraginak.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko azaroaren 18a.

Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburua,

JOSU IÑAKI ERCORECA GERVASIO.

  1. Erakunde zentrala.

    1. Ertzaintzaren Zuzendaritza.

      Burutza hauek egongo dira zuzenean titularraren mende:

      1. Kanpo Lankidetzako Burutza. Ertzaintzaren eta beste erakunde publiko eta pribatu batzuen arteko lankidetza-harremanak diseinatu, planifikatu eta bideratzeaz arduratzen da, bai barne-eremuan, bai nazioartean.

        Segurtasuna Koordinatzeko Zuzendaritzari laguntzen dio bere eginkizunak gauzatzen eta, bereziki, Segurtasun Batzordean eta hortik eratorritako batzorde teknikoetan jorratuko diren gaiak prestatzen.

        Era berean, burutza honi dagokio Terrorismoaren eta Krimen Antolatuaren aurkako Inteligentzia Zentroan (CITCO) ordezkaritza izatea, barne-segurtasunaren arloko lankidetza operatiboa (COSI), lotura-ofizialak eta Hendaiako Polizia eta Aduana Lankidetzarako Zentroa (PALZ), bai eta Ertzaintzak parte hartzen duen «Horizonte Europa» proiektuak koordinatzea ere.

      2. Barne Arazoetako Burutza: funtzionarioen jokabide profesionalari buruzko ikerketak zuzendu, koordinatu eta garatzeaz arduratzen da, aintzat har daitezkeenak indartzeko eta legearen edo etika profesionalaren aurkakoak prebenitzeko.

        Halaber, Ertzaintzaren diziplina-politika definitzen, koordinatzen, bultzatzen eta garatzen laguntzeko berariazko eginkizuna izango du; horretarako, prebentzio-neurriak antolatu eta diziplina prozedurak bideratuko ditu. Ertzaintzako funtzionarioak sartuta dauden zigor-arloko eginbide judizialen jarraipena ere egiten du. Polizia judizialaren eginkizunak bete ditzake, Botere Judizialak hala agintzen badio, Ertzaintzako kideei eragiten dieten ikerketetan agerian geratu diren gertakariak direlako.

    2. Ertzaintzaren Burutza.

      1. Ertzaintzaren zuzendariaren mende dago zuzenean, eta berari dagokio zuzeneko agintea eta jarduera operatiboaren zuzendaritza, plangintza, koordinazioa, gainbegiratzea eta ebaluazioa egitea Ertzaintzaren Zuzendaritzari zuzenean atxikita ez dauden atal, unitate zentral, lurralde-unitate eta gainerako burutza eta unitate guztietan.

        Ertzaintzaren Burutzaren mende daude hauek: Herritarren Babeseko Alorreko Burutza, Ikerketa Kriminaleko Alorreko Burutza eta Inteligentzia Bulego Nagusiko Burutza. Ertzaintzaren Burutzak burutza eta unitate hauek izango ditu bere eginkizunak betetzeko, betiere zuzenean titularraren mende.

        1. Idazkaritza Nagusia.

          Hiru sekzio ditu, eta bakoitzak berariazko eginkizunak ditu.

          1. Kudeaketa Aurreratuaren Atalak bere gain hartzen du Ertzaintzaren zerbitzu guztiak etengabe hobetzen laguntzeko eginkizuna, bai eta Polizia Jardueraren Kudeaketa Eredua eta Kalitatea Kudeatzeko Sistema mantentzekoa eta garatzekoa ere. Polizia leihatila bakar gisa jarduteaz arduratzen da, Segurtasun Saileko organo eskudunei erantzuteko elementuak emateko eta polizia-zerbitzua hobetzeko proposamenak identifikatzeko. Gainera, administrazio-kudeaketa arruntean eta dokumentuen koordinazioan, Ertzaintzaren Zuzendaritzari laguntza emateaz arduratzen da, baita Ertzaintzaren Burutzari, alorretako burutzei eta Inteligentzia Bulego Nagusiko Burutzari ere.

          2. Azterlanen eta Euskarriaren Atalak ohiko elkarrizketak izango ditu Ertzaintzak giza baliabideen eta baliabide materialen arloan dituen beharrak ebaluatzeko eskumena duten Segurtasun Saileko organoekin. Ertzaintzaren programa eta proiektu estrategikoak berritzeko eta garatzeko prozesuan parte hartzen du, diseinu-fasetik hasi eta gauzatu arte. Segurtasun Sailak hezkuntza-komunitateari eta gainerako herritarrei eskaintzen dizkien segurtasun-gaietako prestakuntza-ekintzak artikulatzen ditu, zehazten diren formatuetan. Barne-arauak berrikusteaz, eguneratzeaz eta argitaratzeaz arduratzen da, eta, halaber, bere eginkizunen barruan, Ertzaintzaren armamentua kudeatzen du eta haren administrazio-kontrolaren ardura duten organo ofizialekin harremanetan jartzen da. Horrez gain, berdintasunaren eta aniztasunaren arloko planak eta ekintzak sustatzen ditu.

          3. Herritarren Eskubideen eta Segurtasun Publikoaren Atalak jarduteko irizpideak kudeatzen ditu eta euskarria ematen du, herritarren segurtasuna babesteko bilera- eta manifestazio-eskubideari, RPA-Drone hegaldiak eta operazioak egiteari eta Euskal Autonomia Erkidegoko poliziak espazio publikoetan bideokamerak erabiltzeari dagokionez, Ertzaintzaren Zuzendaritzari dagozkion eginkizunei loturik. Gainera, ondare-erreklamazioen eta terrorismoaren biktimen arloko eskaerak izapidetzen ditu.

            Horretaz gain, Segurtasuna Koordinatzeko Zuzendaritzaren mendekotasun funtzionalaren mende, Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Datuak Prestatzeko Zentroari euskarria ematen dio eta zentro horretan parte hartzen du. Zentro horretan, Polizia Informazioko Sistemako Datuak Babesteko ordezkariaren figura dago; Ertzaintzak toki publikoetan bideokamerak erabiltzeko laguntza eta irizpidea kudeatzen eta ematen du, gai horretan Segurtasuna Koordinatzeko Zuzendaritzari dagozkion eginkizunei dagokienez. Ertzaintzaren egiaztagiriak igortzeaz arduratzen da eta Segurtasun Sailburuordetzaren artxibo dokumentala kudeatzen du.

        2. Aginte eta Kontrol Zentro Nagusia: Ertzaintzaren Burutzari lagunduko dio Ertzaintzaren unitate guztien eta egiten diren polizia-operatiboen ohiko polizia-jarduera planifikatzen, zuzentzen, koordinatzen, gainbegiratzen eta kontrolatzen. Era berean, lurraldeetako aginte- eta kontrol-zentroei euskarria ematen die, funtzionalki haren mendekoak baitira.

          Horren mende dago, organikoki, Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzari Laguntzeko Zerbitzua (LAZLZ), zeinaren eginkizuna baita Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzari laguntzea, funtzionalki, larrialdiak kudeatzeko sistemen eragiketan.

        3. Prestakuntza Koordinatzeko Zerbitzua: polizia-ezagutzak zabaltzeko prestakuntza eta instrukzioa ematen duten Ertzaintzako langileak koordinatzeaz arduratzen da, Segurtasun Sailak zehaztutako jarraibideen esparruan.

          Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiarekin hitz egitea dagokio Ertzaintzaren prestakuntza-beharrak ebaluatzeko eta bideratzeko.

          Polizia-gaikuntza, -ikerketa eta -zientziaren arloan, EAEko Segurtasun Administrazioak sinatzen dituen akordioak eta hitzarmenak polizialki ezartzen laguntzen du.

          Organikoki, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren barruan barne-araubidea eta polizia-araubidea zaintzeko ardura duten langileak atxikitzen zaizkio.

          Mendekotasun funtzionala eragotzi gabe, haren agindupean egongo dira Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian lan egiten duten Ertzaintzako langileak, Akademiako lanari ez dagozkion eginkizunetan.

        4. Era berean, Ertzaintzaren Burutzari atxikitzen zaio Bozeramailetza, Komunikazio eta Protokolo Zerbitzua, zeina funtzionalki Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuaren Komunikazio Zuzendaritzaren mendekoa baita, bai eta protokolo-egintzen eta egintza ofizialen bulegoa ere, Ertzaintzako funtzionarioen omenaldi eta errekonozimenduekin zerikusia duena, eta funtzionalki Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuaren Kabinete Zuzendaritzaren mendekoa dena.

    3. Herritarren Babeseko Alorreko Burutza.

      1. Burutza honen eginkizun nagusia bakerako, bizikidetzarako eta segurtasun publikorako arriskuak eta mehatxuak prebenitzea izango da. Helburu horrekin, hauetara bideratuko ditu ahaleginak:

        1. Segurtasun-pertzepzioa sustatzea, segurtasun-zerbitzu publikoaren hurbiltasunaren eta ikusgarritasunaren bidez.

        2. Arriskuan dauden pertsonak babestea eta delituen eta istripuen biktimei laguntzea.

        3. Pertsonen eta ibilgailuen bide-mugikortasuna erraztea modu seguru, iraunkor eta orekatuan.

        4. Bizia eta ondasunak mehatxatzen dituzten jokabideak prebenitzea, trafikoarekin eta errepideko garraioarekin lotura dutenak barne, bai eta herritarren eskubideak eragozten dituzten bestelako jokabideak ere, eskubide horien artean bizikidetza baketsua ere kontuan hartuta.

          Horretarako, herritarrak babesteko zerbitzuen jarraipena, ikuskapena, koordinazioa eta etengabeko hobekuntza egingo ditu, eta horien prozedurak, aginduak eta protokoloak prestatuko ditu.

      2. Herritarren Babeseko Alorreko Burutzaren mende daude Ertzaintzaren lurralde-burutzak eta burutza eta unitate zentral hauek:

        1. Euskadiko Trafikoa eta Larrialdiak Koordinatzeko Zentroko Trafiko eta Segurtasuneko Burutza Nagusia. Segurtasun Saileko Trafiko Zuzendaritzak formulatutako politikak eta jarraibideak ezartzeaz eta betearazteaz arduratzen da, Ertzaintzaren Zuzendaritzarekin koordinatuta, bereziki, haren mende jarduten duten Trafikoko lurralde-unitateen bitartez. Euskadiko Trafikoa eta Larrialdiak Koordinatzeko Zentroaren segurtasunaz ere arduratzen da. Hori kudeatzeko, Idazkaritza Nagusiaren zerbitzuak eta Ikerketa Kriminaleko Alorreko Burutzaren zerbitzuak izango ditu, trafiko-istripuak berreraikitzeari dagokionez.

        2. Ekintzen Plangintzarako eta Azpiegituren Babeserako Burutza. Azpiegitura kritiko eta sentikorrak babesteko eta horiei laguntza operatiboa emateko berariazko planak diseinatu eta ezartzeaz arduratzen da. Horrez gain, arriskuak aztertzeaz gain, kirol ikuskizunak egiteko segurtasun-dispositiboak planifikatzeko, koordinatzeko eta gainbegiratzeko ardura du, bai eta hala eskatzen duten beste gertakari edo ekitaldi publiko ospetsu edo jendetsu batzuk ere.

        3. Laguntza Taktikoko Burutza Nagusia, Brigada Mugikorreko, Zaintza eta Erreskateko eta Lehergailuak Indargabetzeko unitateen (Iurretako Polizia Zentroa, Bizkaia) jarduerak agintzeaz, koordinatzeaz eta gainbegiratzeaz arduratzen dena.

          Brigada Mugikorreko Unitateari dagokio arrisku larriko egoeretan ordena publikoa prebenitu, mantendu eta, hala badagokio, berrezartzea, bai eta PRI - BIZKOR Prebentzioko eta Berehalako Erantzuneko patruilaren eginkizunak eta istripu, hondamendi edo lazeria publikoko egoeretako esku-hartzea. Halaber, etengabeko laguntza ematen die Ertzaintzako gainerako unitateei, batez ere masen kontrolean, atxilotuen eta presoen zaintzan eta garraioan; eta planifikatutako segurtasun-dispositiboetan parte hartzen du, bai eta ataletako unitateei esleitutako eginkizunak eta atazak osatzen ere beharren arabera.

          Zaintza eta Erreskate Unitateari dagokio istripu, hondamendi edo lazeria publikoko egoeretan esku hartzea, bai eta Ertzaintzaren beste unitate edo zerbitzu batzuei laguntzea ere, prebentzio-, ikerketa- edo interbentzio-lanetan; bereziki, ingurune naturaleko arau-hauste penal edo administratiboetan, eta hark dituen bitarteko espezializatuen erabileran Era berean, larrialdiei aurre egiteko zerbitzuei laguntzeko eginkizunak betetzen ditu.

          Lehergailuak Indargabetzeko Unitateari dagokio substantzia edo lehergailu nuklearrak, erradiologikoak, bakteriologikoak edo kimikoak neutralizatzea eskatzen duten egoera guztietan esku hartzea. Era berean, lurpeari loturiko eginkizunez arduratzen da.

          Laguntza Taktikoko Burutza Nagusiak, gainera, Idazkaritza Teknikoa dauka unitateen administrazio-kudeaketa arrunterako, baliabideen plangintzarako eta etengabeko hobekuntzarako.

        4. Erakundeen Segurtasunerako Burutza Nagusia. Berroziko Polizia Zentroan (Araba) dauden Babes eta Segurtasun Unitatearen, Esku-hartze Unitatearen, Ertzainor Unitatearen eta Eraikinen Segurtasuneko Unitatearen jarduerak agindu, koordinatu eta gainbegiratzeaz arduratzen da.

          Babes eta Segurtasun Unitateari dagokio babes-zerbitzu espezializatuak ematea agintariak edo goi-kargudunak diren edo izan diren pertsona jakin batzuei eta mehatxupean edo arriskuan dauden pertsonei, bai eta enpresa pribatuek zerbitzu hori ematen dutela kontrolatzea ere.

          Esku-hartze Unitateari dagokio Ertzaintzaren beste unitate batzuen segurtasun handiko estaldura, bai eta parte hartzea eskatzen duten prebentzio-operatiboetan eta operazio intzidentaletan jardutea ere.

          Ertzainor Unitateari Ertzaintzaren beste unitate batzuei laguntza zinologikoa ematea dagokio.

          Eraikinen Segurtasuneko Unitateari dagokio segurtasun-zerbitzuak ematea interes edo arrisku berezia dela-eta hala behar duten eraikin eta instalazioei, bai eta zerbitzu hori enpresa pribatuek ematen dutela kontrolatzea ere.

          Erakundeen Segurtasunerako Burutza Nagusiak, gainera, Idazkaritza Teknikoa dauka unitateen administrazio-kudeaketa arrunterako, baliabideen plangintzarako eta etengabeko hobekuntzarako.

    4. Ikerketa Kriminaleko Alorreko Burutza.

      1. Hari dagozkio delituak ikertu eta jazartzeko eginkizunak, bai eta Ertzaintzaren ikerketa guztien koordinazio judizial eta poliziala ere, gainerako polizia-kidegoekin behar dena barne.

      2. Burutza eta unitate hauek Ikerketa Kriminaleko Alorreko Burutzaren mende daude:

        1. Ikerketa Kriminaleko eta Polizia Judizialeko Burutza. Delitu larriak, krimen antolatuarekin lotutako delituak eta, oro har, jazarpenean espezializazio eta kualifikazio handia eskatzen duten delituak ikertzeaz, Ertzaintzako gainerako unitateei laguntza espezializatua emateaz, zehaztutako ikerketa garrantzitsuak zuzentzeaz, agintari judizialen eta Fiskaltzaren errekerimenduak bideratzeaz, eta Ertzaintzak adingabeekin egiten duen jarduera espezializatua eta integrala bultzatu eta koordinatzeaz arduratzen da.

          Polizia judizial gisa, haren eginkizuna organo judizialen lurralde-hedapenera egokituko da, kasu bakoitzean egokiak diren taldeak edo giza baliabideak atxikita.

          Ikerketaren eta Polizia Judizialaren atal nagusi bat izango du, zeinak erakunde kriminalak eta delitu larriak ikertzen baititu, konplexutasunagatik espezializazio handia eskatzen dutelako, eta polizia judizialaren eginkizunak betetzen baititu.

        2. Polizia Zientifikoaren Burutza. Kriminalistika, identifikazio, analisi eta ikerketa teknikoko zerbitzuak emateaz arduratuko da, bai eta organo judizialek agintzen dizkioten peritu- eta dokumentazio-txostenak egiteaz ere.

          Gainera, begi-ikuskapen guztiak koordinatu eta gainbegiratzeaz arduratuko da; horretarako, prozedurak, aginduak eta protokoloak prestatuko ditu, eta begi-ikuskapeneko lurralde-taldeen mendekotasun funtzionala hartuko du bere gain.

        3. Koordinazio eta Lankidetza Unitatea. Bi sekzio hauek izango ditu:

          1. Ikerketako Koordinazio Operatibo eta Teknikoko Atala (IKOTA). Ikerketa kriminal guztiak koordinatzeaz eta gainbegiratzeaz arduratzen da; horretarako, Polizia Judizial Teknikoaren prozedurak, aginduak eta protokoloak egingo ditu. Segurtasun Sailak eskatzen dituen polizia-intereseko gaiei buruzko aholkularitza teknikoa ere emango du.

          2. Lankidetza Polizial eta Judizialeko Atala (LPJA). Ertzaintzaren zerbitzu bakar gisa eratzen da, bai estatu mailan bai nazioartean arlo kriminaleko informazioa beste polizia-kidego batzuekin trukatzeko eta agindu eta zitazio judizial guztiak kudeatzeko zentro bakar gisa.

            Koordinazio judizialaren eremuan, Lankidetza Polizial eta Judizialeko Atala hauetaz arduratzen da: epaitegiek Ertzaintzari bidalitako ofizio judizialak (errekisitoriak) kudeatzeaz; telefonia-operadoreekin hitz egiteaz ebazpen judizialen eta Auzitegi Nazionaleko epaitegien jatorria eta helmuga duten eskaeren administrazio-kudeaketarako; zenbaki erreserbatuak esleitzeaz eta bakoitzaren korrespondentzia gordailutzeaz.

            Polizia-lankidetzaren eremuan, informazio kriminalaren arloan beste segurtasun-kidego batzuekin informazioa trukatzeaz arduratzen da, bai eta, maila operatiboan, Europako eta nazioarteko polizia-lankidetzako tresna eta lege-esparruetan txertatuta dauden Estatuko eta estatuz gaindiko puntu bakarrekin trukatzeaz ere.

            Gainera, Ertzaintzaren aplikazio mugikorrak kudeatzeaz arduratzen da.

        4. Joko eta Ikuskizun Unitatea. Ausazko jokoak, jendaurreko ikuskizunak eta jolas-jarduerak kontrolatu eta ikuskatzeaz arduratzen da, eta administrazio-poliziaren jarduerak egiten ditu, Segurtasun Saileko Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzaren mende funtzionalki.

        5. Segurtasun Pribatuko Unitatea. Segurtasun pribatuko enpresak, langileak, jarduera eta zerbitzuak gainbegiratzeaz arduratzen da, eta espedienteak ikuskatu, kontrolatu, erregistratu eta izapidetzen ditu. Halaber, segurtasun-neurriak egiaztatzen ditu, eta aholkularitza- eta laguntza-eginkizunak betetzen ditu bere gomendio utzitako eraikinen segurtasunari buruzko azterlanetan.

    5. Inteligentzia Bulego Nagusiko Burutza.

      Inteligentzia Bulego Nagusiko Burutzaren eginkizun nagusia da polizia-adimena Ertzaintzaren jardueran txertatzea, delituaren prebentzioan eta murrizketan erabaki estrategikoak eta taktikoak hartzeko ardatz egituratzaile eta proaktibo gisa, bai eta herritarren segurtasunaren pertzepzioa alda dezaketen arriskuen ardatz gisa ere.

      Informazio kriminala eta intzidentala sistematikoki bildu, tratatu eta aztertzeaz arduratuko da, bai eta hura garatzen laguntzen duten baldintzez ere. Horretarako, inteligentzia-produktuak eta -irtenbideak eskainiko ditu, dauden arriskuetarako erantzun taktikoak eman ahal izateko, bai eta sortzen diren mehatxu aldakorrekin lotutako plangintza estrategikoa ere.

      Gainera, inteligentzia-bulegoen jarraipena, ikuskapena, koordinazioa eta etengabeko hobekuntza egingo ditu, eta haien prozedurak, aginduak eta protokoloak prestatuko ditu.

      Esleituta dituen eginkizunei erantzuteko, Inteligentziako lurralde-bulegoak eta toki-bulegoak izango ditu bere mende.

  2. Lurralde-antolamendua.

    1. Ertzaintzaren lurralde-burutzak.

      1. Aginte organikoaren mende dauden ertzain-etxe, unitate, zerbitzu eta sekzioek inteligentziaren, herritarren babesaren, bide-segurtasunaren eta ikerketaren arloan egiten dituzten polizia-jarduerak planifikatu, koordinatu eta zuzentzea dagokie.

        Era berean, lurralde historikoen mailan jarduten duten talde kriminalen ikerketa eta lurralde mailako inteligentzia garatzea dagokie.

        Hori guztia agindu honetan ezarritako mendekotasun funtzionalak alde batera utzi gabe.

      2. Zerbitzu edo unitate hauek egongo dira zuzenean titularraren mende:

        1. Herritarren Babeseko Lurralde Zerbitzua. Herritarren babeseko polizia-jarduerak koordinatzeaz arduratzen da, prebentzio aktiboko jarduerak sustatzea barnean hartuta.

        2. Ikerketa Kriminaleko Lurralde Zerbitzua. Ikerketa Kriminaleko Alorreko Burutzaren mende egongo da funtzionalki. Dagokion lurralde historikoan jarduten duten talde kriminalen ikerketak garatzeaz arduratzen da, bai eta begi-ikuskapenenak eta, inguruabar bereziak direla-eta lurraldeburuak agintzen dizkien bestelako ikerketenak ere, eta, gainera, ertzain-etxeek eta Ikerketaren eta Polizia Judizialaren Atal Nagusiak egindakoei laguntzen die.

        3. Inteligentziako Lurralde Bulegoa. Inteligentzia Bulego Nagusiko Burutzaren mende egongo da, funtzionalki. Inteligentzia-produktuak egiteaz eta ertzain-etxeei polizia informazioa aztertzen laguntzeaz arduratzen da.

        4. Lurraldeko Aginte eta Kontrol Zentroa. Aginte eta Kontrol Zentro Nagusiaren mende egongo da, eta polizia-baliabideak eta -zerbitzuak koordinatzeaz, kanpoko deiak bideratzeaz, gorabeherak izapidetzeaz, taktikak eta protokoloak aplikatzeaz, jarduerak gainbegiratzeaz, aginte operatiboa bere gain hartzeaz (hala badagokio) eta kasuan kasuko organoei informazioa emateaz arduratuko da.

        5. Trafikoko Lurralde Unitatea. Bide-segurtasuna prebenitzeaz, bide-segurtasunaren aurkako delituak jazartzeaz eta bere jarduera-esparruan zirkulazio-istripuak ikertzeaz eta aztertzeaz arduratzen da, bai eta ertzain-etxeei eta Foralen, Mikeleteen eta Miñoien sekzioei trafiko-arloko laguntza emateaz ere. Eginkizun horiek Trafikoko Burutza Nagusiak koordinatu eta gainbegiratzen ditu.

      3. Gipuzkoako Trafikoko Lurralde Unitateak bere gain hartuko du ETEN zerbitzua.

      4. Arabako Lurralde Burutzak Ertzaintzaren Musika Banda kudeatuko du maila organikoan. Banda hori Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuaren Kabinete Zuzendaritzaren mende egongo da funtzionalki.

      5. Ertzaintzaren Foralen, Mikeleteen eta Miñoien sekzioak lurralde-burutzei atxikitzen zaizkie, bakoitza dagokion burutzari. Sekzio horien eginkizun espezifikoa foru-erakundeak ordezkatzea da, hango agintariak babestea eta foru-ondareko ondasunak babestu eta zaintzea. Halaber, Miñoien Sekzioak errepideko garraioa zaindu eta ikuskatu ahal izango du, bai eta errepideak zaindu ere, Arabako Trafikoko Lurralde Unitatearekin koordinatuta.

    2. Ertzain-etxeak.

      1. Herritarrei segurtasuna, babesa eta laguntza ematea dagokie, bakoitzaren lurralde-mugapean.

        Ertzain-etxeen eginkizun nagusia izango da bakoitzari dagokion lurralde-eremuan bakearen, bizikidetzaren eta herri-segurtasunaren aurkako arrisku eta mehatxuak prebenitzea, eta horretarako behar adina baliabide izango dituzte. Halaber, ikerketa- eta zaintza-funtzioak beteko dituzte, bai eta krimenak ikertzearekin eta inteligentzia polizialarekin lotutako beste zeregin batzuk ere, lurralde-mailako zein administrazio zentraleko goragoko organoen laguntzarekin. Ertzain-etxearen mende Herritarrentzako Arreta Bulegoak egon daitezke.

      2. Agindu honetatik aurrera, Ibaizabalgo ertzain-etxea sortuko da, eta Galdakaoko eta Basauriko ertzain-etxeei buruzko erabaki operatiboak hartzeko prozesuak zentralizatuko dira bertan, kudeaketa partekatua horien gainean artikulatzen baita.

        Aldi baterako, lanpostu eta eginkizun jakin batzuk egongo dira bi ertzain-etxeetan aldi berean, eta batera kudeatuko dira.

      3. Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde osoan, mugapean bakoitzari zerrendatutako udalerriak hartuta, ertzain-etxe hauek egongo dira:

        1. Araban:

          Laguardiako ertzain-etxea: Arraia-Maeztu, Mañueta, Berantevilla, Bernedo, Kanpezu, Elciego, Bilar, Kripan, Bastida, Lagran, Laguardia, Lantziego, Lapuebla de Labarca, Leza, Moreda Araba, Navaridas, Oyón-Oion, Peñacerrada-Urizaharra, Samaniego, Harana, Eskuernaga, Iekora eta Zambrana.

          Laudioko ertzain-etxea: Amurrio, Arakaldo, Arrankudiaga, Artziniega, Aiara, Laudio, Okondo, Urduña eta Orozko.

          Vitoria-Gasteizko ertzain-etxea: Alegría-Dulantzi, Armiñón, Arratzua-Ubarrundia, Asparrena, Barrundia, Kuartango, Burgelu, Iruña Oka, Iruraiz-Gauna, Lantarón, Legutio, Erriberagoitia, Erriberabeitia, Añana, Agurain, Donemiliaga, Urkabustaiz, Gaubea, Vitoria-Gasteiz, Zalduondo, Zigoitia eta Zuia.

        2. Bizkaian:

          Balmasedako ertzain-etxea: Alonsotegi, Artzentales, Balmaseda, Karrantza Harana, Galdames, Gordexola, Güeñes, Lanestosa, Sopuerta, Trucios-Turtzioz eta Zalla.

          Bilboko ertzain-etxea: Bilbao.

          Durangoko ertzain-etxea: Abadiño, Amorebieta-Etxano, Arantzazu, Areatza, Artea, Atxondo, Bedia, Berriz, Dima, Durango, Elorrio, Garai, Igorre, Iurreta, Izurtza, Lemoa, Mañaria, Otxandio, Ubide, Zaldibar eta Zeanuri.

          Erandioko ertzain-etxea: Derio, Erandio, Larrabetzu, Leioa, Lezama, Loiu, Sondika eta Zamudio.

          Gernika-Lumoko ertzain-etxea: Ajangiz, Arratzu, Arrieta, Bakio, Bermeo, Busturia, Ea, Elantxobe, Ereño, Errigoiti, Forua, Fruiz, Gamiz-Fika, Gatika, Gautegiz Arteaga, Gernika-Lumo, Ibarrangelu, Kortezubi, Laukiz, Maruri-Jatabe, Mendata, Meñaka, Morga, Mundaka, Mungia, Murueta, Muxika, Nabarniz eta Sukarrieta.

          Getxoko ertzain-etxea: Barrika, Berango, Getxo, Gorliz, Lemoiz, Plentzia, Sopela eta Urduliz.

          Ibaizabalgo ertzain-etxea (bi lantoki ditu: bata Basaurin eta bestea Galdakaon): Arrigorriaga, Basauri, Etxebarri, Galdakao, Ugao-Miraballes, Zaratamo eta Zeberio.

          Muskizko ertzain-etxea: Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbena, Muskiz, Ortuella, Portugalete, Santurtzi eta Zierbena.

          Ondarroako ertzain-etxea: Amoroto, Aulesti, Berriatua, Etxebarria, Gizaburuaga, Ispaster, Lekeitio, Markina-Xemein, Mendexa, Munitibar-Arbatzegi Gerrikaitz- eta Ondarroa.

          Sestaoko ertzain-etxea: Barakaldo, Sestao eta Valle de Trápaga-Trapagaran.

        3. Gipuzkoan:

          Deba-Urolako ertzain-etxea (bi lantoki ditu: bata Bergaran eta bestea Zumarragan):

          Antzuola, Aramaio, Aretxabaleta, Arrasate, Bergara, Elgeta, Eskoriatza, Ezkio-Itxaso, Legazpi, Leintz-Gatzaga, Oñati, Soraluze, Urretxu eta Zumarraga.

          Donostiako ertzain-etxea: Donostia.

          Eibarko ertzain-etxea: Deba, Eibar, Elgoibar, Ermua, Mallabia, Mendaro eta Mutriku

          Hernaniko ertzain-etxea: Aduna, Alkiza, Andoain, Asteasu, Astigarraga, Hernani, Larraul, Lasarte-Oria, Urnieta, Usurbil, Villabona eta Zizurkil.

          Irungo ertzain-etxea: Hondarribia eta Irun.

          Errenteriako ertzain-etxea: Lezo, Oiartzun, Pasaia eta Errenteria.

          Oriako ertzain-etxea (bi lantoki ditu: bata Beasainen eta bestea Tolosan): Abaltzisketa, Albiztur, Alegia, Altzaga, Altzo, Amezketa, Anoeta, Arama, Ataun, Baliarrain, Beasain, Belauntza, Berastegi, Berrobi, Elduain, Gabiria, Gaintza, Gaztelu, Hernialde, Ibarra, Idiazabal, Irura, Ikaztegieta, Itsasondo, Lazkao, Leaburu, Legorreta, Lizartza, Mutiloa, Olaberria, Ordizia, Orendain, Orexa, Ormaiztegi, Segura, Tolosa, Zaldibia, Zegama eta Zerain.

          Urola-Kostako ertzain-etxea (bi lantoki ditu: bata Azkoitian eta bestea Zarautzen): Aia, Aizarnazabal, Azkoitia, Azpeitia, Beizama, Bidania-Goiatz, Getaria, Errezil, Orio, Zarautz, Zestoa eta Zumaia.

      4. Zerbitzu-aginduaren bidez, ertzain-etxeen kudeaketa partekatuaren ezarpena onartu ahal izango da, eta bertan zehaztuko da kudeaketa horren lurralde-eremua.

        Ertzain-etxeen kudeaketa partekatuaren helburua ertzain-etxeen lurralde-mugapeko eremuan erabilgarri dauden baliabideen kudeaketa arrazionalizatu eta optimizatzea izango da.

        Horretarako, erabaki operatiboak hartzeko prozesu bateratu edo zentralizatua ezarriko da; horretarako, tartean diren ertzain-etxeen eremuan aplikatzeko lan-metodoak planifikatu eta ezarriko dira, eta, horrek berekin ekar dezake baliabide pertsonalen eta materialen kudeaketa aipatutako eremuan garatzea.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.