Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2013ko apirilaren 8koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, hezkuntzaren alorrean eskumena duen Eusko Jaurlaritzaren Sailaren mendeko unibertsitatez kanpoko ikastetxe publikoetako ikasketaburuen eta idazkarien ebaluazio-prozesuari buruzkoa. Ikasketaburu eta idazkariak lau urterako izendatzen dira, otsailaren 3ko 22/2009 Dekretuak xedatutako prozedurari jarraikiz.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 86
  • Hurrenkera-zk.: 2140
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2013/04/08
  • Argitaratze-data: 2013/05/07

Gaikako eremua

  • Gaia: Ekonomi Jarduerak; Administrazioaren antolamendua; Hezkuntza
  • Azpigaia: Industria; Gobernua eta herri administrazioa; Funtzio publikoa

Testu legala

Euskal Eskola Publikoari buruzko otsailaren 19ko 1/1993 Legearen 36.4 artikuluak xedatzen du (lege hori bigarren aldiz aldatu duen ekainaren 13ko 3/2008 Legearen hamaikagarren artikuluko berridazketaren arabera), unibertsitatez kanpoko ikastetxe publikoetako ikasketaburu eta idazkariak ebaluatu egin behar direla haien agintaldiaren amaieran.

Legeak agindutakoa betetzeko, otsailaren 3ko 22/2009 Dekretuak (Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren mendeko Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko ikastetxeetako zuzendaria aukeratzeko, eta pertsona bakarreko beste gobernu-organoak izendatzeko eta kargua uzteko prozedura arautzen duenak) 22. artikuluan xedatzen du, Dekretuaren 15.1 artikuluari jarraituz izendatutako zuzendarien zuzendaritza-taldeetako ikasketaburu eta idazkariek kargua nola bete eta jarduerak nola burutu dituzten ebaluatu egin behar dela, beti ere izendapenaren agintaldia bete badute. Era berean, ezartzen du, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren agindu bidez ezarriko dela ebaluazio-prozesu hori arautuko duen oinarrizko arautegia, eta ebaluazio hori egiteko, kontuan hartuko dela ikastetxeak dituen kide anitzeko aginte-organoen iritzia, aginduan bertan ezarriko diren baldintzetan.

Hori guztia betetzeko, agindu honen bidez, lehen aipatutako baldintzak betetzen dituzten ikasketaburu eta idazkarien ebaluazio-prozesua arautzen da.

Ondorioz, eta eman dizkidaten eskumenak erabiliz, honako hau

Agindu honen xedea da hezkuntzaren alorrean eskumena duen Eusko Jaurlaritzaren Sailaren mendeko unibertsitatez kanpoko ikastetxe publikoetako ikasketaburu eta idazkarien lanbide-jardueraren ebaluazio-prozedura arautzea.

Agindu hau aplikatuko da Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe publikoetako ikasketaburu eta idazkarien ebaluazio-prozesuetan, baldin eta otsailaren 3ko 22/2009 Dekretuan xedatutako aukeraketa-prozesua gauzatu ostean kargua lau urtez betetzeko izendatuak izan badira.

  1. Agintaldian ikasketaburu- edo idazkari-kargua nola bete den aztertzeko ebaluazioaren helburu nagusia da kargu horien jarduna etengabe hobetzea, eta, horren ondorioz, ikastetxeko hezkuntzaren kalitatea hobetzea.

  2. Beste helburu bat da, balorazio positiboa lortzen dutenei aitormen pertsonala eta profesionala egitea, Euskal Eskola Publikoari buruzko otsailaren 19ko 1/1993 Legearen 36.4 artikuluan aipatzen den bezala.

  1. Ikasketaburu- eta idazkari-karguan egindako jardunaren ebaluaziorako prozedura funtsean informazio garrantzitsua biltzeko eta aztertzeko prozesu bat da. Prozesu horren helburua da beren egitekoak nola burutu dituzten jakitea, jarduna hobetzeko bultzada eta orientazioa ematea, eta kargua nola bete duten baloratzea.

  2. Agindu honen 2. artikuluan zehaztutako ikasketaburuen eta idazkarien ebaluazio-prozesua derrigorrezkoa da.

  3. Ebaluazio hori egiteko erreferentzia hauek aintzat hartuko dira: indarrean dagoen legedia, zuzendaritza-taldearen proiektuaren urteroko helburuak, eta ikastetxeko jarduera planifikatzeko eta antolatzeko gainerako baliabideak.

  1. Hona, ikasketaburuei eta idazkariei dagokienez, ebaluazio- irizpideak:

    1. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 2012ko maiatzaren 25eko Aginduaren 5. artikuluan ezarritako lehentasunezko irizpideak, (2012ko maiatzaren 25eko Agindu hori Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren mendeko unibertsitatez kanpoko ikastetxeetako zuzendarien ebaluazio-prozesuari buruzkoa da). Irizpide horiek ebaluatzean, ikastetxeko zuzendaritzarekin, zenbateraino parte hartu, konpromisoa hartu eta lagundu duen analizatuko da.

    2. Euskal Eskola Publikoari buruzko otsailaren 19ko 1/1993 Legeak kargu horri ematen dizkion eginkizun berezietatik eratorritako irizpideak. Honako hauek izango dira:

      Ikasketaburuentzakoak:

      Curriculum-proiektua eta irakaskuntza-jardueren programa betetzeko modua koordinatzea eta kontrolatzea.

      Jarduera akademikoak koordinatzea.

      Eskola-ordutegiak antolatzea, betetzen direla zaintzea, eta eskolako unitate bakoitzarentzat irakasle bat izendatzea.

      Idazkarientzakoak:

      Eskola-kontseiluaren (ordezkaritza-organo gorena baita), klaustroaren eta zuzendaritza-taldeen bilkuretarako gai-zerrendako gaiak prestatzea.

      Organo horien bilkuretako aktak egitea.

      Aktak, espedienteak, ikasketen historiak eta ikastetxearen dokumentazioa gordetzea, eta organoen esku izatea.

      Ikastetxeko material didaktikoa zaintzea, eta inbentarioa egitea.

      Ikastetxeko egintza, ebazpen, akordio, aurrekari, liburu eta dokumentuei buruzko ziurtagiriak egitea, zuzendariaren oniritziarekin.

  2. Ebaluazio-irizpideak Hezkuntzako Ikuskaritzak egindako eskala baten arabera aztertuko dira. Eskala hori komuna izango da ebaluatuko diren pertsona guztientzat, eta lau maila izango ditu, (1. maila, 2. maila, 3. maila eta 4. maila), karguari dagozkion eginkizunak baliorik txikienetik handienerako egoerak deskribatuko dituztenak. Hezkuntzako Ikuskaritzak, ebaluazio-prozesuaren aurretik, lau mailen deskribapena jasoko duen dokumentu bat prestatuko du eta ebaluatu behar diren pertsona guztiei helaraziko die.

  1. Ikastetxeko zuzendariaren ebaluazioa egin duen ebaluazio-talde berak egingo du ikasketaburuaren eta idazkariaren ebaluazioa. Ikasketaburuaren edo idazkariaren agintaldian zehar, ikastetxeko zuzendariaren ebaluazioa egiteko ardura duen talde berak haren jarduerak analizatuko ditu eta kargua nola bete duen ebaluatuko.

  2. Prozesu horren ondorioak interesatuari jakinaraziko dizkio, aldaketarik egin behar badu egin ditzan, haren lanbide-jarduera hobetzeko.

  3. Kargua betetzeri buruzko azterketa- eta ebaluazio-prozesuan, Hezkuntzako Ikuskaritzak egindako metodologia eta tresnak erabiliko dira. Ebaluatu behar diren pertsonek aurretik ezagutuko dituzte metodologia eta tresna horiek. Prozesu horretan, ebaluazio-taldeak nahitaez egin behar ditu jarduera hauek:

    1. Interesatu bakoitzari dokumentu bat emango dio, eta dokumentu horretan oinarrituta egingo da ebaluazioa.

    2. Ebaluazio-taldeak helarazi dien dokumentua erabiliz ikasketaburu eta idazkariek egindako autoebaluazioa analizatuko da.

    3. Kargudunak zuzendaritza-lanaren garapenerako egindako ekarpenari buruz ikastetxeko zuzendariak egindako balorazioa analizatuko da.

    4. Karguak nola bete dituzten baloratzeko beharrezko jotako beste edozer.

    5. Ebaluazioaren ondorioz, txostenak egingo dituzte, egin beharreko hobekuntzak eta aldaketak jasotzeko, eta ikasketaburuari edo idazkariari orientazioa emateko, haren funtzioak betetzeko jardunean.

  4. Ebaluazio horiek burutzeko, ebaluazio-taldeak ikastetxeko kide anitzeko gobernu-organoen iritzia ere kontuan izan beharko du, eta iritzi hori jasotzeko galdetegi bereziak helaraziko dizkiete. Gainera, ikastetxeko jarduera planifikatzeko eta antolatzeko baliabideak analizatuko ditu.

    Halaber, ebaluazio-taldeak, beharrezkoa dela iritziz gero, informazioa eska diezaieke ikastetxeko kide bakarreko beste organo batzuei, hezkuntza-komunitateko beste sektore batzuei eta hezkuntzaren alorrean eskumena duen Eusko Jaurlaritzaren Saileko zuzendaritzetako lurralde-buruei.

  1. Ikasketaburu eta idazkarien agintaldiko azken urteko maiatzaren 15a baino lehen, ebaluazio-taldeak ebaluazioaren amaierako txostena egingo du, eta horretarako prestakuntza-ebaluazio osoan zehar jasotako informazioa aztertu eta hartuko du kontuan. Txosten horretan agintaldi bakoitzari zer balorazio dagokion proposatuko da, eta «positiboa» edo «ez positiboa» izan ahalko da. Balorazioa «ez positiboa» bada, behin betiko txostena idatzi aurretik, ebaluazioaren azken proposamena interesatuari helaraziko dio ebaluazio-taldeak, horrek alegazioak egin edo aurkeztu beharreko dokumentu eta egiaztagiriak aurkeztu ahal izan ditzan, 10 eguneko epean.

  2. Balorazio positiboa lortzeko, ebaluatutako pertsonak gutxienez 2. maila lortu beharko du Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 2012ko maiatzaren 25eko Aginduaren 5. artikuluan ezarritako lehentasunezko irizpide bakoitzean, (2012ko maiatzaren 25eko Agindu hori Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren mendeko unibertsitatez kanpoko ikastetxeetako zuzendarien ebaluazio-prozesuari buruzkoa da). Halaber, gutxienez 2. maila lortu beharko du Euskal Eskola Publikoari buruzko otsailaren 19ko 1/1993 Legeak kargu horri ematen dizkion eginkizun berezietatik eratorritako irizpide bakoitzean, (irizpide horiek Agindu honen 5.b) artikuluan zehaztutakoak dira).

  1. Ebaluazio-taldeak Hezkuntzako lurralde-ordezkariari bidaliko dio ebaluazioaren amaierako txostena, prozesuko dokumentazio guztiarekin batera.

  2. Lurralde-ordezkariak pertsona bakoitzaren ebaluazio-prozedurari amaiera emateko ebazpena emango du. Ebazpen hori bat etorriko da ebaluazio-taldeak egindako proposamenarekin, ordenamendu juridikoaren funtsezko edo prozedurazko urraketarik egin ez bada, behintzat. Halakorik izanez gero, prozedura, akatsa egin zen unera eraman dadin aginduko da, irregulartasuna zuzentzeko.

  3. Ekainaren 15a baino lehen, Hezkuntzako lurralde-ordezkariek ikasketaburu eta idazkari bakoitzari dagokion ebazpena jakinaraziko dio. Balorazioa «ez positiboa» den kasuetan, ebazpena arrazoitua izan beharko da.

  4. Ebazpena ez da, inolaz ere, publikoki jakitera emango, ikasketaburuaren edo idazkariaren balorazioa positiboa ez bada.

  5. Ebazpenen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesatuek, Hezkuntza sailburuordearen aurrean, jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik kontatzen hasita hilabeteko epea agortu baino lehen.

Ikasketaburu- edo idazkari-kargua betetzea baloratzen duten hezkuntzaren alorrean eskumena duen Eusko Jaurlaritzaren Sailaren merezimendu-lehiaketa eta deialdi guztietan, balorazio gehigarri bat jasoko da, kargu-aldi horietan balorazio positiboa jaso duten epeetarako, betiere balorazio gehigarri horrek agindu honen gainetik dagoen beste edozein arautan ezarritakoa errespetatzen badu. Balorazio gehigarri hori, balorazio positiborik lortu gabe bete diren kargu-aldiei ematen zaien puntuazioa baino gutxienez % 50 gehiago izango da.

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko apirilaren 8a.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.