Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2012ko urtarrilaren 16koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe publiko integralen egitura eta antolaketa arautzen duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 33
  • Hurrenkera-zk.: 713
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2012/01/16
  • Argitaratze-data: 2012/02/15

Gaikako eremua

  • Gaia: Hezkuntza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

21/2009 Dekretuak, otsailaren 3koak, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko ikastetxeen sarearen antolamendurako eta plangintzarako irizpideak ezartzen dituenak, 6. artikuluko 2. atalean adierazten du, ahal den neurrian, haur hezkuntzako, lehen hezkuntzako eta bigarren hezkuntzako ikastetxe publikoen sorrera sustatuko dela, eta 2tik 16 urtera bitarteko, edo, hala badagokio, 18 urtera bitarteko ikasleak eskolatuko direla horietan.

Dekretu horren amaierako hirugarren xedapenak ezartzen du Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak arautuko dituela haur, lehen eta bigarren hezkuntzako ikastetxe publikoak.

Bere aldetik, 2010eko urriaren 18ko Aginduak, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarenak, Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeen izen generikoari buruzkoak, adierazten du «ikastetxe publiko integral» izango dela mota horretako ikastetxeen izen generikoa.

Ondorioz, eta eman dizkidaten eskumenak erabiliz, honako hau

Agindu honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe publiko integralen egitura eta antolaketa arautzea.

«Ikastetxe publiko integral» izen generikoa emango zaie Euskal Autonomia Erkidegoan haur hezkuntza, lehen hezkuntza eta bigarren hezkuntza ematen duten ikastetxe publiko guztiei.

Haur hezkuntzako, lehen hezkuntzako eta derrigorrezko bigarren hezkuntzako irakaskuntza emango dute ikastetxe publiko integral guztiek. Gainera, batxilergoko eta/edo lanbide heziketako prestakuntza-zikloetako irakaskuntzak ere emango dituzte ikastetxe publiko integral batzuek; Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak erabakiko du zein izango diren ikastetxe horiek.

Ikastetxe publiko integral bakoitzak hezkuntza-proiektu komun bat edukiko du bere ikasle guztientzat, horiek eskolatzen direnetik ikastetxean ematen dituzten ikasketak bukatzen diren arte.

Proiektu globala izango da, hezkuntza-etapa guztiak barne hartuko ditu, kontuan hartuko ditu ikasle bakoitzaren bilakaera-etapak, eta bilakaera- eta curriculum-ikuspegi bikoitza landuko du.

Ikastetxe publiko guztiek erabiltzen dituzten tresna berak erabiliko dituzte ikastetxe publiko integralek beren jarduera antolatzeko, planifikatzeko eta ordenatzeko: curriculum-proiektua, hizkuntza-proiektua, kudeaketa-proiektua, ikastetxearen urteko plana, urteko memoria, antolakuntza eta jarduera-araudia eta indarrean dagoen legediak ezartzen dituen gainerakoak.

Aipatutako tresna horiek guztiak bakarrak eta komunak izango dira ikastetxe osorako.

  1. Honako mota hauetako irakasleak egongo dira ikastetxe publiko integraletako irakasleen lanpostuen zerrendan:

    1. Haur hezkuntzako edo lehen hezkuntzako plaza batean lanpostua duten maisu-maistren kidegoko irakasleak.

    2. Derrigorrezko bigarren hezkuntzako lehenengo bi mailetako lanpostuetara behin betiko atxikita dauden maisu-maistren kidegoko irakasleak, maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren, Hezkuntzakoaren, lehenengo xedapen iragankorrean ezarritakoari jarraiki.

    3. Bigarren hezkuntzako katedradunen kidegoko irakasleak, bigarren hezkuntzako irakasleen kidegoko irakasleak eta, hala badagokio, lanbide heziketako irakasle teknikoen kidegokoak.

  1. Honako dekretu hauek arautzen dituzte ikastetxe publiko integraletako irakasleak beren ikastetxeko beste plaza batzuetara atxikitzeko prozesuak:

    81/1996 Dekretuak, apirilaren 16koak, unibertsitatez kanpoko ikastetxe publikoetan haur hezkuntza, lehen hezkuntza, helduen hezkuntza iraunkorra eta hezkuntza bereziko mailatan lanpostuen zerrendetako aldaketek ukitzen dituzten maisu-maistrak zein diren zehazteko irizpideak finkatzen dituenak.

    147/2008 Dekretuak, uztailaren 29koak, aurreko dekretua aldatzen duenak.

    409/1998 Dekretuak, abenduaren 22koak, unibertsitatez kanpoko ikastetxe publikoetan lanpostuen zerrendetako aldaketek zein maisu eta maistrari eragiten dieten zehazteko irizpideak ezartzen dituenak, derrigorrezko bigarren hezkuntzako lehen zikloari dagokionez.

    86/2002 Dekretuak, apirilaren 16koak, lanpostuen zerrendak, ikasturtez ikasturte, bigarren mailako irakaskuntzako institutuetako eta goi mailako lanbide heziketako berariazko institutuetako zein irakaslerengan duen eragina zehazteko irizpideak ezartzen dituenak, eta irakasleak zentroetan berriro atxikitzeko prozesua arautzen duenak.

    198/2006 Dekretuak, urriaren 10ekoak, eta 148/2008 Dekretuak, uztailaren 29koak, aurreko dekretua aldatzen dutenek.

  2. Oro har, irakasleak berriz atxikitzeko prozesuetan, pertsona bakoitzak bere kidegoari dagozkion espezialitateetako lanpostuetara atxikitzeko aukera izango du soilik. Hala ere, indarrean dagoen legediak salbuespen batzuk aurreikusten ditu, artikulu honetako hurrengo ataletan zehazten direnak.

  3. Abenduaren 22ko 409/1998 Dekretuaren 2. artikuluak ezartzen duen eran, Ikastetxe Publiko Integraletan, lanpostuen zerrendako aldaketek zer maisu eta maistrei eragiten dieten zehazteko orduan, talde espezifikotzat joko dira derrigorrezko bigarren hezkuntzako lehenengo bi mailetako lanpostuetara atxikitako maisuentzat eta maistrentzat gordetako lanpostuak, hau da, ez dira haur hezkuntzako eta lehen hezkuntzako etapetako lanpostuen talde berean sartuko. Halaber, talde espezifikotzat joko dira zereginen ikaskuntzako sekzioetako «pedagogia terapeutikoa» espezialitateko lanpostuak.

    Hala eta guztiz ere, ikastetxe publiko integraletan, ikastetxeko beste lanpostu batzuetara berriz atxikitzeko faseko txandetan, beren ikastetxeko haur hezkuntzako eta lehen hezkuntzako etapetako lanpostuetara atxiki ahal izango dira, nahi izanez gero, derrigorrezko bigarren hezkuntzako lehenengo bi mailetara behin betiko atxikita dauden maisu-maistrak eta zereginen ikaskuntzako sekzioetako «pedagogia terapeutikoa» espezialitateko lanpostuetara atxikita daudenak.

  4. Ikastetxe publiko integraletan, haur hezkuntzako eta lehen hezkuntzako etapetako lanpostuetara behin betiko atxikita dauden maisu-maistrak beren ikastetxeko bigarren hezkuntzan dauden lanpostuetara atxiki ahal izango dira nahi izanez gero, honako espezialitate hauetan: pedagogia terapeutikoan, entzumena eta hizkuntzan eta zereginen ikaskuntzako sekzioetako pedagogia terapeutikoan.

  5. Ikastetxe publiko integraletan, derrigorrezko bigarren hezkuntzako lehenengo bi mailetako lanpostuetan atxiki ahal izango dira, nahi izanez gero, Hezkuntza Lege Organikoa indarrean sartu zenean derrigorrezko bigarren hezkuntzako lehenengo bi mailetako lanpostu batera behin betiko atxikita zeuden maisu-maistrak, baldin eta lanpostu horretatik kendu bazituzten, eta ondoren ez badute behin betiko lanposturik izan derrigorrezko bigarren hezkuntzako lehenengo bi mailetakoa ez den plaza batean.

  6. Maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoa, Hezkuntzakoa, betetzeko, ikastetxe publiko integral bateko maisu-maistrak ezingo dira berriro atxiki derrigorrezko bigarren hezkuntzako lehenengo bi mailetako lanpostuetan, aurreko bi ataletan aipatutako salbuespenak salbuespen.

  7. Aurreko ataletan aipatutako kasu guztietan, lanpostu berri batera atxikitzen diren irakasleei, lanpostu berri horiei dagozkien soldata- eta lan-baldintzak aplikatuko zaizkie atxikitzen diren uneaz geroztik.

  1. Oro har, honako etapa hauetan lan egingo dute ikastetxe publiko integral bateko irakasleek:

    1. Haur hezkuntzako edo lehen hezkuntzako plaza batean lanpostua duten maisu-maistren kidegoko irakasleek etapa horietako mailetan emango dituzte eskolak.

    2. DBHko 1. eta 2. mailetan eman ahal izango dituzte eskolak derrigorrezko bigarren hezkuntzako lehenengo bi mailetako lanpostuetara behin betiko atxikita dauden maisu-maistren kidegoko irakasleek, maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren, Hezkuntzakoaren, lehenengo xedapen iragankorrean ezarritakoari jarraiki.

    3. Bigarren hezkuntzako katedradunen kidegoko irakasleek eta bigarren hezkuntzako irakasleen kidegoko irakasleek derrigorrezko bigarren hezkuntzako edozein mailatan emango dituzte eskolak, eta, hala badagokio, bai eta batxilergoan eta/edo ikastetxean ematen dituzten lanbide heziketako prestakuntza-zikloetan ere.

    4. Lanbide heziketako irakasle teknikoen kidegoko irakasleek ikastetxean ematen dituzten lanbide heziketako prestakuntza-zikloetan emango dituzte eskolak.

  2. «Hezkuntza-orientazioa» espezialitateko bigarren hezkuntzako irakasleek orientazio-lanak egingo dituzte derrigorrezko bigarren hezkuntzako, batxilergoko eta lanbide heziketako ikasleekin, eta, gainera, eskolak eman ahal izango dituzte etapa horietan espezialitate horri dagozkion irakasgaietan. Era berean, azaroaren 8ko 1834/2008 Errege Dekretuaren 3. artikuluaren 4. atalean xedatutakoari jarraiki, haur hezkuntzako eta lehen hezkuntzako ikasleekin ere gauzatu ahal izango dute orientazio-lana, ikastetxeko ikasketaburuak hala agintzen badu, eta irakasle horrek espresuki onartzen badu. Aukera hori gauzatzen bada ere, horrek ez du eraginik izango ikastetxeko langileen lanpostuen zerrenda finkoan, ezta ikastetxeko kontsultorearen funtzioetan ere.

  3. Azaroaren 8ko 1834/2008 Errege Dekretuaren 7. artikuluaren 1. atalari jarraiki, «atzerriko hizkuntza» espezialitateko bigarren hezkuntzako irakasleek lehen hezkuntzan eskolak eman ahal izango dituzte hizkuntza horietan, ikastetxeko ikasketaburuak hala agintzen badu, eta irakasle horrek espresuki onartzen badu. Aukera hori gauzatzen bada ere, horrek ez du eraginik izango ikastetxeko langileen lanpostuen zerrenda finkoan.

  4. Artikulu honetako 2. eta 3. ataletan xedatutako salbuespenak salbuespen, ezingo dute haur hezkuntzan edo lehen hezkuntzan eskolarik eman ikastetxe publiko integral bateko derrigorrezko bigarren hezkuntzako, batxilergoko edo lanbide heziketako plaza batean behin-behineko edo behin betiko lanpostua duten irakasleek, horien titulazioa dena dela ere.

  5. Ikastetxe publiko integral bateko haur hezkuntzako edo lehen hezkuntzako plaza batean behin-behineko edo behin betiko lanpostua duten maisu-maistrek, horien titulazioa dena dela ere, ezingo dute derrigorrezko bigarren hezkuntzan, batxilergoan edo lanbide heziketan eskolarik eman, «pedagogia terapeutikoa» eta «entzumena eta hizkuntza» espezialitatekoak izan ezik, hala badagokio.

  6. Ezingo dute eskolarik eman derrigorrezko bigarren hezkuntzako 3. eta 4. mailan, batxilergoan edo lanbide heziketan ikastetxe publiko integral bateko derrigorrezko bigarren hezkuntzako lehenengo bi mailetako plaza batera atxikita dauden maisu-maistrek, horien titulazioa dena dela ere. Orain arte esandako guztiaren kaltetan izan gabe, DBHko 3. eta 4. mailakoekin ere lan egin ahal izango dute «pedagogia terapeutikoa» eta «entzumena eta hizkuntza» espezialitateetako irakasleek.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak proposatuko dio Jaurlaritzaren Kontseiluari, horrek onar dezan, ikastetxe publiko integraletako irakasleen lanpostuen zerrenda, eta honako irizpide hauek erabiliko ditu horretarako:

  1. Haur hezkuntzako eta lehen hezkuntzako langileen lanpostuen zerrenda osatzeko, uztailaren 6ko 185/2010 Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko irakasle funtzionarioen lan-baldintzak arautzen dituen akordioaren 24. artikulua, edo arau hori etorkizunean ordeztuko duen araua aplikatuko da.

  2. Honako hauek aplikatuko dira derrigorrezko bigarren hezkuntzako, batxilergoko eta lanbide heziketako langileen lanpostuen zerrenda osatzeko, maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren, Hezkuntzakoaren, lehenengo xedapen iragankorrari jarraiki lanpostu horietara behin betiko atxikitako maisu-maistren kidegoko funtzionarioek bete ditzaketen plazak barne: uztailaren 6ko 185/2010 Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko irakasle funtzionarioen lan-baldintzak arautzen dituen akordioaren 25. eta 26. artikuluak; ikastetxeen zuzendariaren eta lanbide heziketako zuzendariaren ebazpena, bigarren hezkuntzako ikastetxeetako LPZ osatzeko prozesua arautzen duena; edo aipatutako arau horiek etorkizunean ordeztuko dituzten arauak.

  1. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko langileriaren kudeaketarako zuzendaritzak derrigorrezko bigarren hezkuntzako, batxilergoko eta/edo prestakuntza-zikloetako irakaskuntza soilik ematen duten ikastetxeen eraikinak zaintzeko langile urgazleen lanpostu zerrenda proposatuko du. Horretarako, kontuan hartuko ditu derrigorrezko bigarren hezkuntzako, batxilergoko eta/edo lanbide heziketako institutuetan langile urgazleak hornitzeko jarraitzen diren irizpideak.

  2. Ikastetxea dagoen udalerriko Udalak hornituko ditu langile urgazleak haur hezkuntzako eta lehen hezkuntzako irakaskuntza ematen duten ikastetxeen eraikinak zaintzeko. Eraikin horietan bigarren hezkuntzako, batxilergoko eta/edo lanbide heziketako irakaskuntza ere ematen bada, lankidetza-hitzarmen bat izenpetuko da Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren eta dagokion Udalaren artean eraikin horiek zainduko dituzten langile urgazleak hornitzeko.

  1. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko langileriaren kudeaketarako zuzendaritzak, bigarren hezkuntzako, batxilergoko eta/edo lanbide heziketako etapetako beharrei erantzun emateko, ikastetxe publiko integraletako administrazio-langileen lanpostu zerrenda proposatuko du. Ikastetxe bakoitzak zenbat administrari behar dituen zehazteko, institutu publikoetan administrazio-langileak hornitzeko jarraitzen diren irizpideak jarraituko dira, hau da, etapa horiei dagokien ikastetxeko zatiaren parametroetara eta ezaugarrietara aplikatuko dira irizpide horiek.

  2. Administrazio kudeaketaz arduratuko den pertsona bat izendatuko da ikastetxe publiko integraletan haur hezkuntzako eta lehen hezkuntzako etapetako administrazio-beharrei erantzuteko. Hornikuntza hori zehazteko, kontuan hartuko da uztailaren 6ko 185/2010 Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko irakasle funtzionarioen lan-baldintzak arautzen dituen akordioaren 24. artikuluaren 5. atalean aipatutako irizpidea, edo arau hori etorkizunean ordeztuko duen araua. 24. artikuluaren 5. atal horretan zehaztutako irizpidea aplikatzerakoan, haur eta lehen hezkuntzako etapei soilik dagokien unitate-kopurua hartuko da kontuan.

  3. Behar adina administrazio-langile baldin badaude lan egiteko moduan, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko langileriaren kudeaketarako zuzendaritzak ordeztu egingo ditu pixkanaka administrazio-kudeaketaz arduratzen diren pertsonak, eta behar adina administrazio-langile izendatuko ditu ikastetxeko haur eta lehen hezkuntzako etapetako administrazio-beharrei erantzuteko.

  1. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak bere gain hartuko du kontserbazioak, mantentzeak, zaintzak eta garbiketak eragiten dituzten gastuen kudeaketa derrigorrezko bigarren hezkuntzako, batxilergoko eta/edo prestakuntza-zikloetako irakaskuntza soilik ematen duten eraikinetan.

  2. Bere aldetik, ikastetxea dagoen udalerriko Udalak bere gain hartuko du kontserbazioak, mantentzeak, zaintzak eta garbiketak eragiten dituzten gastuen kudeaketa haur eta lehen hezkuntzako irakaskuntza soilik ematen duten eraikinetan.

  3. Ikastetxe publiko integral batek eraikin berean ematen baditu haur eta lehen hezkuntzako irakaskuntzak eta bigarren hezkuntzako, batxilergoko eta/edo lanbide heziketako irakaskuntzak, lankidetza-hitzarmen bat izenpetuko da Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren eta dagokion Udalaren artean eraikin horren kontserbazioa, mantentzea, zainketa eta garbiketa kudeatzeko. Lankidetza-hitzarmen hori prestatzeko, erreferentzia gisa hartuko dira haur eta lehen hezkuntzako eta derrigorrezko bigarren hezkuntzako irakaskuntza eraikin berean ematen dituzten ikastetxeetan egun izenpetuta dauden hitzarmenak.

  1. Euskal Eskola Publikoaren Legearen 30.1 artikuluan eta Hezkuntzako Lege Organikoaren 130.2 artikuluan xedatutakoari jarraiki, honako kide anitzeko aginte, koordinazio eta partaidetza-organo hauek izango dituzte ikastetxe publiko integral guztiek:

    Ordezkaritza organo gorena.

    Klaustroa.

    Zuzendaritza-taldea.

    Gurasoen batzarra.

    Ikasleek ikastetxeko kudeaketan parte hartzeko organoak.

    Hezkuntza-koordinaziorako organoak. Haien artean koordinazio didaktikoaren departamentuak eta pedagogia koordinazio batzordea egon behar dira.

  2. Ikastetxe publiko integral bakoitzeko antolakuntza eta jarduera-araudiak hala ezartzen badu, beste kide anitzeko organo batzuk ere egon ahal izango dira aipatutakoez gainera, Euskal Eskola Publikoaren Legearen 30.2 artikuluan xedatutakoari jarraiki.

  1. Ordezkaritza organo goren bakar bat izango dute ikastetxe publiko integral guztiek. Eskola-elkarteko kide guztiek ikastetxeko agintean parte hartu ahal izango dute organo horretan, horrek hartuko ditu eskola-bizitzari eragiten dioten erabaki nagusiak, eta, ikastetxearen autonomia-esparruan, horren funtzionamenduaren arduradun nagusi izango da.

  2. Euskal Eskola Publikoaren Legearen 31.2 artikuluan ezarritako eskuduntzak izango ditu Ordezkaritza organo gorenak.

  3. Euskal Eskola Publikoaren Legearen 32 artikuluan eta Hezkuntzako Lege Organikoaren 126 artikuluan xedatutakoari jarraiki, honako kide hauek barne hartu beharko ditu, gutxienez, ikastetxe publiko integral bakoitzeko ordezkaritza organo gorenak:

    1. Ikastetxeko zuzendaria; organoaren presidente izango da.

    2. Ikastetxeko ikasketaburua.

    3. Ikastetxeko idazkaria; organoko idazkari izango da, hitzarekin baina botorik gabe.

    4. Ikastetxeko administrazio- eta zerbitzu-langileen ordezkari bat.

    5. Ikastetxea dagoen udalerriko Udaleko zinegotzi edo ordezkari bat.

    6. Ikastetxeko irakasle-kopuru jakin bat (ikastetxeko ordezkaritza organo gorena osatzen duten kideen heren bat gutxienez). Klaustroak aukeratuko ditu irakasle horiek.

    7. Guraso- eta ikasle-kopuru jakin bat (ikastetxeko ordezkaritza organo gorena osatzen duten kideen ehuneko berrogeita hamar gutxienez). Gurasoek erabakiko dute zer guraso izango diren organoko kide, eta ikasleek ere berdin. Derrigorrezko bigarren hezkuntzako, batxilergoko edo lanbide heziketako prestakuntza-zikloetako ikasleak soilik izan daitezke organoko kide, maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren, Hezkuntzakoaren, 126. artikuluaren 5. atalean xedatutakoari jarraiki.

    8. Hezkuntza bereziko unitate finkoak badaude ikastetxean, hezkuntza-arreta osagarriko langileen ordezkari bat ere izango da ordezkaritza organo goreneko kide.

    9. Ordezkartiza-organo gorenean beste ordezkari bat gehitu daiteke, baldin eta ikastetxeak Lanbide-heziketako ikasketak ematen baditu: ordezkaria ikastetxearen eragin-eremuko enpresa-erakundeek edo lan-arloko erakundeek proposatuko dute.

  4. Irailaren 7ko 228/2010 Dekretuaren eranskinean xedatutakoari jarraiki, honako ehuneko hauek bete beharko dituzte ikastetxe publiko integral bakoitzeko ordezkaritza organo goreneko kide izango diren ikasleek eta ikasleen gurasoek:

    1. Haur eta lehen hezkuntza eta derrigorrezko bigarren hezkuntza soilik ematen dituzten ikastetxe publiko integraletan, ikasle izango da OOGko kide guztien % 5, eta guraso, berriz, OOGko kide guztien % 35. Bi kolektibo horiek organo horretako kideen % 50 osatu behar dute gutxienez.

    2. Haur eta lehen hezkuntzaz eta derrigorrezko bigarren hezkuntzaz gainera batxilergoa eta/edo erdi-mailako prestakuntza-zikloak ematen dituzten ikastetxe publiko integraletan, goi-mailako prestakuntza-ziklorik ematen ez dutenetan, ikasleen parte-hartzea % 10ekoa izango da gutxienez OOGn, eta gurasoena, berriz, organoko kide guztien % 30ekoa gutxienez. Bi kolektibo horiek organo horretako kideen % 50 osatu behar dute gutxienez.

    3. Haur eta lehen hezkuntzaz, derrigorrezko bigarren hezkuntzaz eta batxilergoaz eta/edo erdi-mailako prestakuntza-zikloez gainera goi-mailako prestakuntza-zikloak ere ematen dituzten ikastetxe publiko integraletan, ikasleen parte-hartzea % 15ekoa izango da gutxienez OOGn, eta gurasoena, berriz, organoko kide guztien % 25ekoa gutxienez. Bi kolektibo horiek organo horretako kideen % 50 osatu behar dute gutxienez.

  5. Jarraian azaltzen den eran osatuta egongo da sortu berri den eta antolakuntza eta jarduera-araudia oraindik onartu gabe duen ikastetxe publiko integral batean sortzen den lehenengo ordezkaritza organo gorena:

    1. Honako kide hauek barne hartuko ditu haur eta lehen hezkuntza eta derrigorrezko bigarren hezkuntza soilik ematen dituen ikastetxe publiko integral bateko lehenengo OOGk:

      Zuzendaria.

      Ikasketaburua.

      Idazkaria, hitzarekin baina botorik gabe.

      10 irakasle.

      Ikasleen 12 guraso.

      Hiru ikasle.

      Ikastetxea dagoen udalerriko Udaleko ordezkari bat.

      Administrazio- eta zerbitzu-langileen ordezkari bat.

    2. Haur eta lehen hezkuntzaz eta derrigorrezko bigarren hezkuntzaz gainera batxilergoa eta/edo erdi-mailako prestakuntza-zikloak ematen dituen ikastetxe publiko integral bat bada, baina goi-mailako prestakuntza-ziklorik ematen ez badu, honakoak barne hartuko ditu horren lehenengo OOGk:

      Zuzendaria.

      Ikasketaburua.

      Idazkaria, hitzarekin baina botorik gabe.

      10 irakasle.

      Ikasleen 11 guraso.

      Lau ikasle.

      Ikastetxea dagoen udalerriko Udaleko ordezkari bat.

      Administrazio- eta zerbitzu-langileen ordezkari bat.

      Ordezkartiza-organo gorenean beste ordezkari bat gehitu daiteke, baldin eta ikastetxeak Lanbide-heziketako ikasketak ematen baditu: ordezkaria ikastetxearen eragin-eremuko enpresa-erakundeek edo lan-arloko erakundeek proposatuko dute.

    3. Haur eta lehen hezkuntzaz, derrigorrezko bigarren hezkuntzaz eta batxilergoaz eta/edo erdi-mailako prestakuntza-zikloez gainera goi-mailako prestakuntza-zikloak ere ematen dituen ikastetxe publiko integral bat bada, honakoak barne hartuko ditu horren lehenengo OOGk:

      Zuzendaria.

      Ikasketaburua.

      Idazkaria, hitzarekin baina botorik gabe.

      10 irakasle.

      Ikasleen 9 guraso.

      Sei ikasle.

      Ikastetxea dagoen udalerriko Udaleko ordezkari bat.

      Administrazio- eta zerbitzu-langileen ordezkari bat.

      Ordezkartiza-organo gorenean beste ordezkari bat gehitu daiteke, baldin eta ikastetxeak Lanbide-heziketako ikasketak ematen baditu: ordezkaria ikastetxearen eragin-eremuko enpresa-erakundeek edo lan-arloko erakundeek proposatuko dute.

  6. Sortu berri den ikastetxe publiko integraleko lehenengo ordezkaritza organo gorena sortu denean (aurreko atalean zehaztutako eraketa izango du horrek), ikastetxeko antolakuntza eta jarduera-araudia onartu beharko du. Araudi horrek zehaztuko du zer izen emango zaion ordezkaritza organo gorenari, zenbat kide izango dituen guztira, eta horiek nola banatuko diren; betiere, artikulu honetako 3. eta 4. ataletako gutxiengoak bete beharko dira.

  1. Klaustro bakar bat izango dute ikastetxe publiko integral guztiek. Ikastetxean lan egiten duten irakasle guztiak izango dira klaustroko kide, eta ikastetxeko zuzendaria izango da presidente.

  2. Euskal Eskola Publikoaren Legearen 35.2 artikuluan ezarritako eskuduntzak izango ditu klaustroak.

  1. Euskal Eskola Publikoaren Legearen 36.1 artikuluari jarraiki, ikastetxeko zuzendariak, ikasketaburuak eta idazkariak osatuko dute zuzendaritza-taldea.

  2. Euskal Eskola Publikoaren Legearen 36.2 artikuluan ezarritako eskuduntzak izango ditu zuzendaritza-taldeak.

  1. Euskal Eskola Publikoaren Legearen 38.1 artikuluari jarraiki, gurasoen batzarraren bidez parte hartu ahal izango dute gurasoek ikastetxeko kudeaketan. Ikastetxeko ikasle guztien guraso edo legezko tutore guztiek osatuko dute gurasoen batzarra.

  2. Euskal Eskola Publikoaren Legearen 38.2 artikuluan ezarritako eskuduntzak izango ditu gurasoen batzarrak.

Euskal Eskola Publikoaren Legearen 39. artikuluak xedatzen duen eran, ikastetxe bakoitzeko antolakuntza eta jarduera-araudiak antolatuko du ikasleen parte-hartzea; horretarako, mailako ordezkariak, ordezkari-batzarrak, helburu edo jarduera espezifikoetarako batzordeak eta antzekoak sortuko dira.

201/2008 Dekretuaren, abenduaren 2koaren, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko ikastetxeetako ikasleen eskubideei eta betebeharrei buruzkoaren, 16. artikuluaren 2. atalean xedatutakoa betetzeko, derrigorrezko bigarren hezkuntzatik aurrera, maila eta talde bakoitzeko ordezkariak egon behar dira derrigorrean, bai eta ordezkari horiek parte hartuko duten taldeko organo bat ere.

  1. Euskal Eskola Publikoaren 30.1 artikuluan xedatutakoari jarraiki, eta gainerako ikastetxeen modura, pertsona bakarreko honako organo hauek izango dituzte ikastetxe publiko integral guztiek:

    Zuzendaria.

    Ikasketaburua.

    Idazkaria.

  2. Ikastetxe guztietan egon beharko da alboko ikasketaburu bat, ikasketaburuaz gainera.

    Derrigorrezko bigarren hezkuntzako, batxilergoko edo lanbide heziketako irakasle bat bada ikasketaburu, haur edo lehen hezkuntzako irakasle batek izan beharko du alboko ikasketaburu. Horrelakoetan, haur eta lehen hezkuntzako ikasketaburu deituko zaio alboko ikasketaburuari.

    Haur edo lehen hezkuntzako irakasle bat bada ikasketaburu, derrigorrezko bigarren hezkuntzako, batxilergoko edo lanbide heziketako irakasle batek izan beharko du alboko ikasketaburu. Horrelakoetan, bigarren hezkuntzako ikasketaburu deituko zaio alboko ikasketaburuari.

  3. Gau-eskolak ere ematen dituzten ikastetxe publiko integraletan, gau-eskoletako ikasketaburu bat ere egongo da.

  4. Lehen aipatutako pertsona bakarreko organoez gainera, dagozkien gainerako guztiak ere eduki ahal izango dituzte ikastetxe publiko integralek, uztailaren 6ko 185/2010 Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko irakasle funtzionarioen lan-baldintzak arautzen dituen akordioaren 30. artikuluari edo etorkizunean hori ordeztuko duen arauari jarraiki. Kargu horien osagarri espezifikoari dagokion zenbatekoa jasotzeko, arau horretan ezarritako baldintzak bete beharko dira derrigorrean.

  5. Ikastetxe publiko integral bakoitzeko antolakuntza- eta jarduera-araudian ezarri ahal izango da pertsona bakarreko beste organo batzuk ere egongo direla aipatutakoez gainera, Euskal Eskola Publikoaren Legearen 30.2 artikuluan xedatutakoari jarraiki. Gainerako kargu horiek ez dute, inola ere, ikastetxeko gainerako irakasleek jasotzen ez duten osagarri espezifikorik jasoko.

Ikastetxe publiko integral guztietan honako prozedura hau jarraituko da zuzendaritza-karguen eta ikastetxeko beste kargu batzuen artean banatuko diren ordu-kredituak kalkulatzeko:

  1. Ikastetxeari dagokion zuzendaritzarako ordu-kreditua kalkulatzeko, aplikatuko da uztailaren 6ko 185/2010 Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko irakasle funtzionarioen lan-baldintzak arautzen dituen akordioaren 24. artikuluaren 6. atala, edo hori etorkizunean ordeztuko duen araua. 24. artikuluaren 6. atal horretan zehaztutako irizpidea aplikatzerakoan, haur eta lehen hezkuntzako etapei soilik dagokien unitate-kopurua hartuko da kontuan.

  2. Halaber, aplikatuko da uztailaren 6ko 185/2010 Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko irakasle funtzionarioen lan-baldintzak arautzen dituen akordioaren 30. artikuluaren 2. atala, edo hori etorkizunean ordeztuko duen araua. 30. artikuluaren 2. atal horretan zehaztutako irizpidea aplikatzerakoan, derrigorrezko bigarren hezkuntzako, batxilergoko eta lanbide heziketako etapei soilik dagozkien ikasle-kopurua eta ikastetxearen ezaugarriak hartuko dira kontuan.

  3. Lau urteko epe baterako zuzendaritza-taldea aukeratuta duten ikastetxeei dagokien kreditu gehigarria kalkulatzeko, aplikatuko dira uztailaren 6ko 185/2010 Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko irakasle funtzionarioen lan-baldintzak arautzen dituen akordioaren 24. artikuluaren 6. ataleko azken paragrafoan ezarritako irizpideak, edo arau hori etorkizunean ordeztuko duen araua. Irizpide hori aplikatzerakoan, ikastetxeko unitate guztien kopurua hartuko da kontuan.

  4. Salbuespen moduan, izandako ikastetxe batzuen bategitearen ondorioz ikastetxe publiko integral sortu eta hurrengo bi ikasturteetan berariazko kreditu gehigarria emango zaio ikastetxe horri, bere jarduera antolatzeko, planifikatzeko eta ordenatzeko tresna komunak eta ikastetxeko maila desberdinen arteko koordinaziorako mekanismoak izan ditzan beharrezkoak diren lanak egiteko.

    Horretarako, ikastetxe publiko integral sortu eta lehenengo ikasturtean irakasle bati dagozkion orduak emango zaizkio, eta horien erdiak hurrengo ikasturtean.

  5. Ikastetxeak zuzendaritza-karguen eta beste kargu batzuen artean banatzeko zer ordu-kreditu duen kalkulatzeko, aurreko lau ataletan kalkulatutako kredituak batu beharko dira.

  6. Zuzendaritza taldeak nahi bezala banatuko du guztirako ordu-kreditua zuzendaritza-karguen eta ikastetxeko gainerako karguen artean; betiere, indarrean dagoen araudiak kargu bakoitzarentzat ezartzen dituen gutxiengoak bete beharko ditu.

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean agindu hau.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko urtarrilaren 16a.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburua,

MARÍA ISABEL CELAÁ DIÉGUEZ.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.