Arautegia

Inprimatu

4/2018 LEGEA, ekainaren 28koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketari buruzkoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Legea
  • Organo arau-emailea: Lehendakaritza
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 129
  • Hurrenkera-zk.: 3494
  • Xedapen-zk.: 4
  • Xedapen-data: 2018/06/28
  • Argitaratze-data: 2018/07/05

Gaikako eremua

  • Gaia: Hezkuntza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Eusko Legebiltzarrak 4/2018 Legea, ekainaren 28koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketari buruzkoa onartu duela jakinarazten zaie Euskadiko herritar guztiei.

Ezagutzan oinarritutako ekonomia bat eraikitzea da Europaren eta, beraz, Euskadiren erronkarik handiena. Eredu ekonomiko berri hori Europar Batasunak zehaztu zuen, 2010ean, hazkunde zentzuzko, jasangarri eta integratzaile baterako «Europa 2020» Estrategian.

Helburu horiek lortzeko, zailtasun handiei aurre egin behar zaie; halaxe adierazi du Europako Batzordeak estrategiaren balantzean, zeina 2014ko martxoan eman baitzen argitara. Nolanahi ere, balantze horretan azpimarratu du ezen estrategia hori hartzeko arrazoiak berori onartu zenean bezain garrantzitsuak direla orain.

Helburuak lortzeko oztoporik nabarmenenak hauek dira: batetik, langabezia-tasa altua (bereziki, gazteen artean da altua) eta, bestetik, biztanleriaren zahartzea. Lanean aritu beharko luketenek kualifikazio egokirik ez izatea da langabezia-tasa handian eragina duen faktore nagusietako bat, eta, gazteen kasuan, oso lotuta dago eskola uztearekin. Demografiak izan duen bilakaeraren ondorioz, murriztu egin da biztanleria aktiboa. Sekula lan egin ez dutenek edo noizean behin soilik lan egin dutenek betiko lan-merkatutik kanpo geratzeko arrisku handia dute langabezia-tasa handia dela-eta. Horregatik, Europako herrialdeetako gizarteek (Euskadiko gizartea barne) erronka handi bat dute; izan ere, 2020rako aurreikuspenen arabera, oso handia izango da goi-mailako lanbide-kualifikazioaren eskaera, eta nabarmen egingo du behera kualifikazio baxuko lanak. Erronka horri aurre egiteko, kontuan izan behar dira Europar Batasunak lortu nahi den eredu ekonomiko berriaren baldintzatzat ezarri dituen helburuak: biztanleriaren enplegu-tasa handitzea, eskola-uzte goiztiarraren tasak gutxitzea (% 10etik behera) eta goi-mailako hezkuntza amaitzen duten 30 urtetik 34ra bitarteko biztanleen ehunekoa handitzea (gutxienez, % 40).

Horretaz gain, ondorio koiuntural handia izan du krisi ekonomikoak, zeinak nahastu baititu aurreko urteetan egindako aurreikuspen ekonomiko eta sozial guztiak. Nolanahi ere, produkzio-eredua aldatu izana da benetan kezkatu behar gaituen faktorea. Alderdi horretan ari dira gertatzen, hain zuzen ere, gure enpresen etorkizuneko lehiakortasunari eragingo dioten egiturazko aldaketak. Aldaketa horien ondorioz, errotik eraldatzen ari dira gure enpresen lehiatzeko modua eta langileen prestakuntza-premiak, eta horiek guztiak azkar egokitu behar dira etorkizuneko erronketara, hots, ingurune konplexu eta zalantzagarri baten ondoriozko erronketara.

Testuinguru horretan, epe motz zein luzean pertsonen enplegagarritasuna hobetzeko, ezinbestekoa izango da estrategia eta mekanismo berriak baliatzea. Alde batetik, konpetentziak eskuratzeko prozesuei eskainitako orduak areagotu behar dira, hori baita eremu gero eta konplexuagoek eskatzen duten espezializazio-maila handia lortzeko modu bakarra. Bestetik, gaur egungo lehiakortasun-egoerara egokitutako prestakuntza eta konpetentziak dituzten langileen eskaerak berarekin dakar orain arteko eskemak haustea; hau da, lanpostura bideratutako prestakuntza-eredua atzean utzi eta arlo profesionalera bideratutako eredu berri bat hartzea. Paradigma-aldaketa horrek pertsona du ardatz, eta konpetentzia tekniko, pertsonal eta sozialak eskuratzea eta finkatzea sustatzen du, konpetentzia horiek bermatuko baitituzte beharrezkoak diren balio-aniztasuna eta funtzionalitatea.

Beraz, erronka handi bati egin behar diogu aurre enpresen antolaketa-egituraren eta lehiakortasunaren eta pertsonen enplegagarritasunaren aldetik. Erronka hori are garrantzitsuagoa da gaur egun, langabezia-tasa handiak baititugu. Horregatik guztiagatik, gero eta garrantzitsuagoa da lotuta egotea hezkuntzako eta lanbide-heziketako politikak eta enplegu-politikak, bai eta garapen ekonomikoko politikak ere.

Lanean jarraitu beharra dago hezkuntzarako eskubidea eta aukera-berdintasuna bermatzeko enplegagarritasunerako zailtasunik handienak dituzten kolektiboei, bereziki desgaitasunen bat duten pertsonei eta bazterketa-arriskuan dauden pertsonei.

Erronka horiei erantzun ahal izateko, Euskadik behar duen lanbide-heziketak malgua izan behar du, eta behar bezalako lotura izan behar du bertako ekonomiaren ezaugarri bereziekin, Euskal Autonomia Erkidegoko lan-merkatuaren egiturara eta berariazko eskakizunetara eta etorkizunean eragingo dioten aldaketetara egokitutako tresna izan dadin. Horrek exijitzen du eskaintzaren plangintza eta espezializazioa lan-merkatuaren premien araberakoa izatea, batez ere gorabidean diren sektore eta okupazioetan, enplegu gehien sortzen duten eta euskal ekonomiaren etorkizunerako estrategikoak diren horietan. Eta lanbide-heziketako zentro integratuetan eta prestakuntza hori ematen duten beste zentro batzuetan egingo den prestakuntza-eskaintza behar bezala planifikatzeko, ezinbestekoa da prospekzio onak egitea beharrezkoak izango diren beste lanbide-kualifikazioaren beharrizanei buruz, kontuan hartuz lan-merkatuko etengabeko aldaketak eta lanbide-profilen eboluzioa, baita enpresen eraberritze eta egokitze etengabearen ondorioz gorabidean diren profilak ere.

Gaur egun, lanbide-heziketaren eremuan, hainbat eskumen daude; aipagarriak dira, bereziki, hezkuntzari eta enpleguari dagozkionak. Hezkuntza-sistemaren arloan, Konstituzioaren 149.1.30 artikuluan ezarritakoaren arabera, Estatuaren eskumenen barruan sartzen da Konstituzioaren 27. artikulua (hezkuntza-eskubidea) garatzeko oinarrizko arauak ezartzea, bai eta titulu akademiko eta profesionalak lortzeko, jaulkitzeko eta homologatzeko baldintzak arautzea ere. Lan-eremuan, Konstituzioaren 149.1.7 artikuluan ezarritakoaren arabera, Estatuaren eskumenen barruan sartzen da lanaren legedia gauzatzea, hargatik eragotzi gabe autonomia-erkidegoek legeria hori betearaztea.

Euskal Autonomia Erkidegoak, berriz, eskumen asko dauzka hezkuntzaren eremuan. Autonomia Estatutuaren 16. artikuluaren arabera, Konstituzioko lehenengo xedapen gehigarrian ezarritakoa aplikatuz, Euskal Autonomia Erkidegoak du eskumena irakaskuntza osoan, hots, maila, gradu, modalitate eta espezialitate guztietan, hargatik eragotzi gabe Konstituzioaren 27. artikulua eta hura garatzen duten lege organikoak eta Konstituzioaren 149.1.30 artikuluak Estatuari esleitutako eskumenak.

Lan-eremuan, Autonomia Estatutuaren 12.2 artikuluan xedatutakoari jarraituz, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak du eskumena Estatuko legeria betearazteko (batik bat, hemen garrantzi handia duten gaietan), eta langileen kualifikazioa eta prestakuntza integrala sustatuko ditu.

Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoa oinarritzat hartuta arautu du Estatuak, funtsean, lanbide-heziketa. Lege horretatik abiatuta, hezkuntza-sistemako lanbide-heziketa Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren bidez garatu da, zeina osatu baitzuen Ekonomia Jasangarriaren martxoaren 4ko 2/2011 Legeak eta aldatu baitzuten Ekonomia Jasangarriaren Legea osatzen duen martxoaren 11ko 4/2011 Lege Organikoak (zeinak lehenengoa ere aldatzen baitu) eta hezkuntza-kalitatea hobetzeko abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoak (LOMCE). Horretaz gain, enplegurako heziketari buruzko alderdiak urriaren 23ko 3/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez arautu dira (3/2015 LED, Enpleguaren Legearen testu bategina onartzen duena).

Euskal Autonomia Erkidegoak, berari dagozkion eskumenak baliatuz, jarduera nabarmena burutu du lanbide-heziketaren eremuan, eta sistema zinez garrantzitsua garatu du, hots, lanbide-kualifikazioaren bi alderdietara bideratutako sistema (hasierako lanbide-heziketa eta enplegurako heziketa). Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak, eragile sozialekin eta prestakuntza-zentroekin batera, ahalegin berezia egin du lanbide-heziketako sistema garatzeko. Lanbide-heziketako planak onartu eta praktikan jarri izanak eremu horretan egindako ahalegina nabarmentzen du.

Beraz, sistemaren funtsezko elementuetako bat da eragile sozialek lanbide-heziketako prestakuntza-politikak bultzatzen eta garatzen parte hartzea, Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan.

Euskal Autonomia Erkidegoko lanbide-heziketako ikastetxeek, publikoek nahiz pribatu itunpekoek, urte asko daramatzate lanbide-heziketa integratua lantzen, zeina gazteei zuzentzen baitzaie, hasierako lanbide-heziketaren bidez, eta gure enpresen giza kapitalari eta langabeei, enplegurako lanbide-heziketaren bidez. Lan hori administrazioekiko eta Euskal Autonomia Erkidegoko enpresekiko lankidetza zuzenaren bidez egin da, guztiek jakin baitute lanbide-heziketa pertsonen kualifikaziorako funtsezko elementutzat jotzen; lehiakortasunaren, berrikuntzaren eta nazioartekotzearen hobekuntzaren aldeko apustua egin dute, horiek guztiak arrakasta-faktoreak diren aldetik.

Halaber, Administrazioaren eta lanbide-heziketako ikastetxeen arteko lankidetza estuaren bidez, eta enpresa-elkarte eta erakunde sindikalekin batera, hainbat esperientzia egin izan dira enpresako jarduna eta ikastetxeetako prestakuntza txandakatzeko. Esperientzia horien bidez, erantzun egokiagoa eman zaio produkzio-sareari, eta, hartara, pertsonen enplegagarritasuna hobetu da.

Esperientzia horiek balorazio ona izan dute, eta, horregatik, bultzatu behar dugu are gehiago gara daitezen gure produkzio-sistemarekiko harremanak. Horretarako, enpresa-ehunaren eta lanbide-heziketako ikastetxeen arteko lankidetza indartu behar da, bi horien artean balioa sortzeko. Horrela, are gehiago sakondu ahal izango dugu gure lanbide-heziketaren indarguneetako batean: gertutasuna eta lankidetza izatea Euskal Administrazioaren, lanbide-heziketako ikastetxeen, enpresen, enpresa-antolakundeen eta antolakunde sindikalen artean.

Indartu beharreko bideak dira erakundeen arteko lankidetza eta lankidetza publiko-pribatua. Elkarlanerako formula tradizionaletako zenbait berreskuratu eta egokitu behar dira, helburuak hobeto bateratzeko eta baliabideak eraginkortasun handiagoz erabiltzeko.

Lehiakortasunari ekarpena egiteko, gai izan behar dugu produkzio-sektoreen eta gure enpresa-ehunaren eskaerei azkar erantzuteko eta beren premiei aurre hartzeko. Egungo egoeran, lehiakortasunerako funtsezko alderdiak dira azkartasuna, malgutasuna, balio-aniztasuna eta zeharkakotasuna, bereziki, zientziaren eta teknologiaren aurrerakuntzak espezializazio-maila handiko profesional berriak azkar garatzea eskatzen duen inguruneetan. Kualifikazio handiago horrek ahalbidetu behar du kalitatezko enpleguak sortzea.

Eusko Legebiltzarrak Bizialdi Osoko Ikaskuntzari buruzko urriaren 10eko 1/2013 Legea onartu izana erreferentzia-puntu garrantzitsua da. Lege horrek bizialdi osoko ikaskuntzari buruzko xedapen garrantzitsuak biltzen ditu, eta kontuan hartzen ditu Europako gizarteetan dauden egoera berriak: bizi-itxaropena handia da, eta prestakuntza-beharrak etengabeak dira; horrek goitik behera aldatzen du ikaskuntzaren paradigma tradizionala, zeina bereziki mugatu izan baita bizitzako une jakin batera, hots, gaztarora. Horregatik, enplegura bideratutako prestakuntza etengabea lantzen da legearen zenbait xedapenetan. Prestakuntza horren bidez, pertsonak etengabe arituko dira ezagutzak eta prestakuntza jasotzen, lanbidearen aldaketetara egokitu ahal izateko, pixkanaka, modu jarraituan. Halaber, lanbide-heziketaren eremuari dagokionez, berariazko kapitulu bat dago legean (II. kapitulua), lanbide-heziketako euskal sistema bateratua ezartzen duena. Horretaz gain, hainbat kapitulutan, xedapen garrantzitsuak daude bizialdi osoko orientazio-sistema integratuari eta gizarte-partaidetzari buruz. Dena den, legedi hori aztertzean, kontuan hartu behar dira orain arte adierazi ditugun gainerako alderdiak ere, Lanbide Heziketako IV. Euskal Planean egituratuak.

Bizialdi Osoko Ikaskuntzari buruzko Legeak esparru bat osatzen du, eremu guztietan garatu beharrekoa; batzuetan, erregelamendu bidez garatuko da, eta, beste batzuetan, daukan garrantzia eta konplexutasuna dela-eta, lege bidez. Bizialdi Osoko Ikaskuntzari buruzko Legean badira, hala ere, alderdi batzuk berariaz garatu beharrekoak ez direnak. Alderdi horietako bat da bizialdi osoan orientatzeko sistema integratua, zeinean beste elementu bat besterik ez baita lanbide-heziketako sistema, bai hasierako lanbide-heziketari dagokiona, bai enplegurako heziketari dagokiona (laneratzea/birlaneratzea eta etengabeko lanbide-heziketa, enpresan). Nolanahi ere, oso elementu garrantzitsua da hori Lanbide Heziketako Lege honetan ezarritako helburuak lortu ahal izateko.

Lanbide-heziketan berrikuntza eta ekintzailetzaren kultura bultzatzeari dagokionez, Ekonomia Jasangarriari buruzko martxoaren 4ko 2/2011 Legearen 72.e) artikuluan honako helburu hau ezarri zen lanbide-heziketarako: «Lanbide-heziketak berrikuntzaren eta ekintzailetzaren eremuetan betetzen duen egitekoa sustatzea eta bultzatzea». Halaber, 75. artikuluan (enpresekiko lankidetza) hau ematen da aditzera: «Lanbide-heziketako ikastetxeek eta produkzio-sektore guztietako enpresek proiektu estrategiko komunak sustatu ahal izango dituzte, eta, horretarako, ezagutzan, berrikuntzaren hobekuntzan, ekintzailetzaren sustapenean eta ingurumenarekiko errespetuan oinarritutako eredu ekonomiko jasangarri batera bideratutako ingurune akademiko eta profesionalak garatuko dituzte».

Horretaz gain, 16/2012 Legeak hau agintzen dio Hezkuntza Administrazioari (16/2012 Legea, ekainaren 28koa, Euskadiko Ekintzaileei eta Enpresa Txikiari Laguntzekoa): batetik, sustatu eta bultzatu dezala lanbide-heziketak berrikuntzaren eta ekintzailetzaren eremuetan betetzen duen egitekoa, eta, bestetik, sustatu dezala, Lan Administrazioarekin batera, produkzio-sektore guztietako enpresekiko lankidetza, betiere helburu izanik berrikuntza, ezagutzaren transferentzia eta espezializazioa bultzatzea, lanbide-heziketaren arloan.

Gerora, Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikako 17/2008 Legea aldatzen duen ekainaren 11ko 2/2015 Legearen bidez, beste eskumen-banaketa bat ezarri zen, eta nekazaritzaren arloan eskumena zuen sailari esleitu zitzaion lege horretan nekazaritzako eta elikagaigintzako prestakuntza ez-arautu gisa izendatutako eskumena.

Azkenik, 30/2015 Legeak funtsezko aldaketa dakar enplegurako heziketaren kudeaketa-esparrura, horren plangintza, finantziazioa, programazioa, egikaritzea eta kontrola dela-eta (30/2015 Legea, irailaren 9koa, Lan-arloan Enplegurako Lanbide Heziketako Sistema arautzekoa). Lege horretan, prestakuntza mota hori garatzeko irizpideak aldatzen dira, zeintzuei funtsezko aldaketak egiten baitzaizkie.

Arrazoi horiek guztiek beharrezko egiten dute arlo horretan berariazko lege bat lantzea, Euskal Autonomia Erkidegoko indarreko legeria osatuko duena. Lege honen bidez, Bizialdi Osoko Ikaskuntzari buruzko Legea osatu nahi da, lanbide-heziketari buruzko beste eremu batzuk garatuta. Helburua da Euskadik lanbide-heziketako sistema bat izatea, egungo eta etorkizuneko erronkei behar bezala aurre egingo diena. Izan ere, sistema horren bidez, zailtasun handiak dituzten inguruneetan pertsonen enplegagarritasuna eta enpresen lehiakortasuna hobetzea ahalbidetuko duen eredua lortu nahi da. Lege bat behar da, Euskadiri bitartekoak eskainiko dizkiona, modu sinesgarrian aurre egin diezaien gure produkzio-sareak ekarritako erronkei eta Euskadiren barruan prestakuntza eta espezializazio handiagoa eskatzen duten enplegu mota berrietaranzko joerei. Horretarako, lanbide-heziketako sistemak malgua izan behar du, etengabe aldatzen ari den gizarte eta ekonomia honetara egokitu ahal izateko eta horrelako gizarte eta ekonomia baten barruan nahi diren helburuak lortu ahal izateko.

Lege honek Euskal Autonomia Erkidegoko lanbide-heziketako politikak bilduko dituen esparrua arautu nahi du; izan ere, garrantzi handia du horrek sistema ekonomiko berrian, Euskadi baldintza onetan koka dadin Europak helburu duen eredu ekonomikoan. Eta horretarako, hazkunde zentzuzko, jasangarri eta integratzaile batean oinarritutako ekonomia bultzatuko da, eta, era berean, kalitatezko enplegu egonkorra sortzea sustatuko, gizarte-kohesioa handiagoa lortzeko bidean.

Beraz, edukiaren ikuspegitik soilik, esparru-lege bat da, eta, horregatik, argi zehazten bada zein xedek eta helburuk zuzenduko duten lanbide-heziketaren eremuko politika eta zein tresna erabiliko diren horren kudeaketan, Eusko Jaurlaritzak une bakoitzean bidezkoak diren neurriak hartu ahal izango ditu, malgutasunez, legean ezarritako esparruaren barruan.

Horretarako, hamar kapitulutan banatu da legea. Lehenik eta behin, xedapen orokorren bidez, legearen helburua eta definizioak ezarri dira, eta lanbide-heziketa osatzen duten eremuak zehaztu dira; jarraian, lanbide-heziketaren helburuak ezarri dira, zeintzuk europar erakundeek ezarritako helburuak betetzera zuzenduta baitaude.

Lege honek berritasun bat dakar: lanbide-heziketako eredu konbinatua. Eredu horrek, Bizialdi Osoko Ikaskuntzari buruzko urriaren 10eko 1/2013 Legean zehaztutako lanbide-heziketa integratua ez ezik, berrikuntza aplikatuko eta ekintzailetza aktiboko ikaskuntzak ere barne hartzen ditu. Bi eremu horiek kualitatiboki eraldatu behar dituzte lanbide-heziketak arlo ekonomikoan eta, batik bat, arlo produktiboan izango dituen ondorioak, betiere helburu izanik pertsona aktiboak prestatzea, zeintzuen trebetasunen eta, bereziki, lanbide-helburuen zati izango baitira, batetik, berrikuntza (beren lanbide-eremukoa), eta, bestetik, ekimen-sena eta espiritu ekintzailea (dagokien sektore ekonomikoan).

Lanbide Heziketako Eredu Konbinatuan Espezializatutako Ikastetxeen Euskal Sarea arautzeak, Lanbide Heziketako IV. Euskal Planaren helburuetako bat denak, gainditu nahi du ikastetxe integratuen (Kualifikazioen eta Lanbide Heziketaren Legeko prestakuntza-jarduerak esklusiboki eskaintzen dituzten ikastetxeak) eta lanbide-heziketako irakaskuntzak beste hezkuntza-eskaintza batzuekin batera eskaintzen dituzten ikastetxeen arteko bereizketa.

Lanbide-heziketa duala garatzea helburu estrategikoa da, garapen-maila handiagoa duten Europako beste herrialde batzuetan ezarritako lanbide-heziketaren eredua bultzatzeko ezinbestekoa den aldetik. Lege honen bidez, lanbide-heziketa dualaren sistema sendo eta zabala garatzeko eta ezartzeko elementuak ezarri nahi dira. Sistema horretan sartuko dira bai hasierako lanbide-heziketa eta enplegurako heziketa, bai beharrezkoak diren espezializazioak, oro har, produkzio-sareak, eta, bereziki, ezagutzaren sektore nagusiek eskatutakoak.

Beharrezkoa da hezkuntzaren eta lanaren arteko banaketa tradizional hori atzean uztea lanbide-heziketan, helburu komunak lortzeko lagungarria izango den sistema koherente bat sortu nahi badugu. Horrek, lehenik eta behin, eskumenen koordinazioa eskatzen du, hots, eremu batean eta bestean Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari dagozkion eskumenena. Eta, horretarako, sailarteko organo bat eratzen da, hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren arloko eta enplegurako heziketaren arloko eskumenen koordinazioa bermatzeko. Gai horretan eskumenak dituzten sailetako ordezkariek hartuko dute parte organoan.

Horrekin batera, lanbide-heziketaren zuzendaritza, antolaketa, plangintza eta administraziorako organo eskuduna sortzen da, zeinak bere gain hartuko baitu lanbide-heziketako politika publiko guztien diseinua, garapena, antolaketa eta plangintza orokorra, sektoriala eta lurraldekoa egitea, bai hezkuntza-sistemari dagokionez bai enplegurako heziketari dagokionez.

Era berean, Lanbide Heziketako IV. Euskal Planean proposatzen den lanbide-heziketaren eraldaketak lankidetza-esparru berri bat eskatzen du planean parte hartzen duten eragileen artean. Horregatik, Lanbide Heziketako Euskal Kontseilua eraldatu egin beharko da: lanbide-heziketa osatzen duten politikak eztabaidatzeko, adosteko eta hitzartzeko organismo berri bihurtu beharko da.

Legeak, halaber, lanbide-kualifikazio eta -espezializazioen euskal esparrua arautzen du, gure lan-merkatuari erantzun ahal izateko, lanbide-heziketako sistema orokorraren bidez. Esparru horretan sartuko dira Euskal Autonomia Erkidegoko lanbide-espezializazioko programen ziurtagiriak eta egiaztagiriak. Bizialdi Osoko Ikaskuntzari buruzko Legean ezarrita dago jada hainbat bide erabiliz ikaskuntza-jarduerak egiaztatzeko sistema. Lege honen bidez, orduan arautu zena osatu nahi da, eta berariaz aipatzen da bereziki sustatu nahi den jarduera bat: lanbidearen eremuko espezializazio-programak. Ezinbestekoa da jarduera horien balioa aitortzea eta ziurtatzea indarrean dagoen araudiaren esparruan.

Lanbide-heziketako euskal sistema nazioartekotzea da lege honek garrantzi handiagoa eman nahi dion beste ardatz bat. Nazioartekotze-prozesua hiru esku-hartze motaren gainean eraikita dago. Lehenik, irakasle eta ikasleen truke-programak bi norabideetan: irakasle eta ikasleek beste herrialde batzuetako herrialdeetan parte hartzen dute; eta Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeek beste herrialde batzuetakoak hartzen dituzte. Bigarrenik, lanbide-heziketako euskal sistemaren prestakuntza-jarduerak beste herrialde batzuetan egiteko aukera, oso garrantzitsua Euskal Autonomia Erkidegotik kanpora lantokiak dituzten euskal enpresentzat. Eta, hirugarrenik, lanbide-heziketako euskal sistemak esperientziak esportatzea beste herrialde batzuetara, bere lanbide-heziketako sistemak beste herrialde batzuetan diseinatuz eta ezarriz, Euskal Autonomia Erkidegoko ezagutzak eta esperientziak eramanez.

Euskal Autonomia Erkidegoko lanbide-heziketan, hizkuntzen auziak erronka bikoitz bat dakar. Batetik, Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialek lanbide-heziketan izango duten presentzia lanbide-heziketako sistemara egokitu beharra dago, eta konpondu egin behar dira urte hauetan guztietan nabarmendu diren arazoak. Euskarak lanbide-heziketako sisteman duen presentzia normalizatua dela bermatu behar da; hartara, hizkuntzaren arloko xedapen orokorrak aplikatuko dira, eta bermatu egingo da bi hizkuntza ofizialak behar bezala menderatzen dituztela prestakuntza-jarduerak egiten dituztenek (bereziki, hasierako lanbide-heziketan). Era berean, hizkuntza-eredu bat edo bestea ezarriko da lanbide-heziketaren eta enpresa-munduaren berezitasunak eta eskakizunak kontuan hartuta. Ildo horretatik, lege honek euskara eta gaztelaniaren eredu elebidunaren alde egiten du.

Bigarrenik, lanbide-heziketak aurre egin behar dio atzerriko hizkuntzen ezagutza lan-mundura zabaltzeko erronkari. Ildo horretatik, ezinbestekoa da ingelesaren ezagutza oro har zabaltzea; baina zenbait eremutan edo zenbait kasutan, ezinbestekoa da beste hizkuntza batzuk ere ikastea (bereziki, etengabeko lanbide-heziketaren eremuan).

Lanbide-heziketako sistema modu eraginkorrean garatzea bermatu behar da, etengabeko hobekuntzarako prozesu baten bitartez; bada, horretarako garrantzitsuak diren bi gai dakartza, azkenik, legeak. Batetik, legeak ezartzen du beharrezkoa dela bultzatzea bai lanbide-heziketari buruzko ikerketa, bai prestakuntza-eskaintzak eta lanbide-heziketako sistema berritzeko eta hobetzeko prozesuak. Bestetik, lanbide-heziketako sistema aldizka ebaluatzeko betebeharra ezartzen du legeak, eta berariaz aipatzen ditu lanbide-heziketako eredu konbinatua osatzen duten jarduerak, baita lanbide-heziketa dualaren programak ere.

Azkenik, lanbide-heziketaren eremuan aholkularitzako organismo tekniko zenbait sortzea, aldatzea edo kentzea aurreikusten du, baita lanpostu horiek langilez hornitzeko berariazko prozedurak ere. Halaber, beste lege-arau batzuetako artikulu batzuk indargabetzen dira, lege honetan xedatutakoaren aurkakoak direlako.

Legeak aurreikusten du, gainera, irakaskuntzako lanpostuak betetzeko berariazko sistema bat ezartzeko aukera, eredu konbinatuan espezializatutako lanbide-heziketako ikastetxeen euskal sarea osatzen duten ikastetxeentzat.

ATARIKO KAPITULUA

  1. Lege honen bidez, lanbide-heziketako euskal sistema antolatu eta arautu nahi da, behar bezalako erantzuna emateko bai euskal gizartearen eta euskal produkzio-sistemaren beharrei bai gizarte horren barruan sortzen diren eraldaketei, ezagutzan oinarrituriko ekonomia baten bidez, zeinak posible egingo baitu garapen adimentsu, jasangarri eta inklusibo bat. Halaber, legearen helburu nagusienetako bat da eskola-uztea eta -porrota eragoztea, enplegurako balioa duten kualifikazioak eskainiz eta horiek hezkuntza-sistemara bueltatzen saiatuz. Era berean, langileen, enplegudunen zein enplegubakoen, prestakuntzarako eskubidea bermatzea, haien kualifikazio- eta birkualifikazio-premiei une oro erantzungo dien prestakuntza-eskaintza baten bidez.

  2. Euskal Autonomia Erkidegoko lanbide-heziketa antolatzeko oinarri izango dira: Estatuko legeria aplikagarria; Bizialdi Osoko Ikaskuntzari buruzko urriaren 10eko 1/2013 Legea; Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikako abenduaren 23ko 17/2008 Legea; Lanbide Heziketako Lege hau, eta horiek guztiak garatzeko diren gainerako arauak.

  3. Lege honek osatu egiten du Bizialdi Osoko Ikaskuntzari buruzko urriaren 10eko 1/2013 Legean zehaztutako lanbide-heziketako sistema bateratua, lanbide-heziketaren eremuari dagokionez, eta berrikuntza aplikatuko eta ekintzailetzako ikaskuntza-jarduerak ere barne hartzen ditu, 16/2012 Legeko aginduei jarraikiz (16/2012 Legea, ekainaren 28koa, Euskadiko Ekintzaileei eta Enpresa Txikiari Laguntzekoa).

  4. Eusko Jaurlaritzak botere publikoen, eragile sozialen eta enpresen arteko lankidetzarako mekanismoak ezarriko ditu, horiek guztiek aktiboki parte har dezaten Euskal Autonomia Erkidegoko lanbide-heziketa garatzen eta hobetzen.

  1. Lanbide-heziketako euskal sistemaren barruan, lege honetan zehazten diren honako elementu hauek sartzen dira: lanbide-heziketako eredu konbinatua; Lanbide Kualifikazio eta Espezializazioen Euskal Esparrua; orientazio profesionala eta lana aitortzeko sistema, eta beste ikaskuntza ez-formal edo informal batzuk, Bizialdi Osoko Ikaskuntzari buruzko urriaren 10eko 1/2013 Legean adierazten direnak. Sistema horren barruan sartuko dira, halaber, ikerketa, berrikuntza eta etengabeko hobekuntza.

  2. Lanbide-heziketa prestakuntza- eta ikaskuntza-jardueren multzo bat da, gaitasuna ematen duena honako hauetarako: lanbide bateko eta besteko jardun kualifikaturako, enplegurako sarbidea izateko eta parte-hartze aktiboa izateko bizitza sozial, kultural zein ekonomikoan. Landunei zein langabeei lanbide batean jarduten eta enplegua lortzen irakasten dieten prestakuntza- eta ikaskuntza-jarduerak barne hartzen ditu lanbide-heziketak, baita horiek eguneratzera eta hobetzera zuzendutakoak ere.

  3. Lanbide-heziketako eredu konbinatuaren barruan sartzen dira, batetik, lanbide-heziketako sistema integratuan sartutako prestakuntza- eta ikaskuntza-jarduerak (Bizialdi Osoko Ikaskuntzari buruzko urriaren 10eko 1/2013 Legean zehaztu zen sistema hori), eta, bestetik, berrikuntza aplikatuaren ikaskuntzako eta ekintzailetza aktiboaren ikaskuntzako jarduerak, zeintzuek osatu egiten baitute eredu berri hori. Jarduera horien bidez, beharrezkoak diren lanbide-konpetentziak emango zaizkie lanbide-heziketako sistemaren onuradunei hiru eremuetan.

  1. Lege honek bere egiten ditu Bizialdi Osoko Ikaskuntzari buruzko urriaren 10eko 1/2013 Legean ezarritako xedeak, eta lanbide-heziketako euskal sistema eratzea du helburu. Sistema horren bidez, hau guztia lortu nahi da:

    1. Lanbide-heziketaren kalitatea areagotzea, gizartean eta produkzio-sarean daukan balioa nabarmentzea, eta pertsonen eta enpresen interesak bateratzea.

    2. Enpresak eta produkzio-sektoreak unean-unean behar diren lanbide-profilez hornitzea, horixe baita pertsonen enplegurako eta enpresen lehiakortasunerako bermerik onena.

    3. Lan-jardunera bideratutako prestakuntza-eskaintza bat osatzea, pertsona guztientzat irekia, zeinahi delarik ere haien adina, generoa eta egoera pertsonala zein lanekoa.

    4. Pertsonen lanbide-konpetentziak bizitzan zehar hobetu daitezen sustatzea, pertsona horiek gai izan daitezen ekonomia-sarearen lehiakortasunaren ondoriozko beharrei erantzuteko. Hartara, areagotu egingo dira enplegu egonkor eta kalitatezkoetarako aukerak, enplegurako sarbidea izatea eta lanak jarraipena izatea ahalbidetuko da, eta, ondorioz, gizarte- eta lurralde-kohesioko aukerak bultzatuko dira, herrialde baten proiektu gisa.

    5. Emaitzen araberako ikaskuntzaren ikuspegian oinarritutako sistema malguak eratzea. Horretarako, ikaskuntza-ibilbide batzuk erabiliko dira, dauden prestakuntza-eskaintzen eta hezkuntza- eta lan-sistemaren mailen arteko transferentzia ahalbidetuko dutenak.

    6. Ikaskuntza ez-formal edo informalen bidez eta lanpostuko esperientziaren bidez eskuratutako konpetentziak egiazta daitezen bultzatzea.

    7. Neurriak bultzatzea prestakuntza-eskaintza berariazko bat eratzeko, egokitua eta bideratua gainditzera gizartean eta lan-munduan sartzeko zailtasunak dituzten kolektiboei eta pertsonei, desgaitasunen bat duten pertsonak barne, lanbide-heziketa jasotzea eragozten dieten oztopoak, era horretara gero lan-merkatuan sartzea erraztuz.

  2. Halaber, honako hauek izango dira lanbide-heziketako euskal sistemaren lehentasunezko helburuak:

    1. Bermatzea herritarrek erabaki egokiak hartzea izan dezaten beren prestakuntza- eta lanbide-karrera hautatzerakoan eta kudeatzerakoan. Horretarako, aurre egin behar zaie ikasketetan jarraitzeari erasaten dioten generoari edo orientazio afektibo-sexualari buruzko estereotipoei, eta generoaren ohiko profilak gainditu behar dira.

    2. Handitzea prestakuntza-ekintzetan parte hartuko duten helduen kopurua.

    3. Sustatzea berrikuntza, sorkuntza, ekintzailetzarako gaitasuna eta informazioaren eta komunikazioaren teknologien (IKTen) erabilera, bai hasierako lanbide-heziketan bai enplegurako lanbide-heziketan.

    4. Bultzatzea lanbide-heziketako euskal sistemaren nazioartekotzea.

    5. Nabarmen handitzea lanbide-heziketako ikasle eta irakasleek nazioaz gaindi mugitzeko dauzkaten aukerak.

    6. Bultzatzea lanbide-heziketako euskal sistemaren eta euskal unibertsitate-sistemaren arteko lankidetza.

    7. Irakasleei ematea gizartearen edo sektoreen beharrizan berriei egokitzen zaien prestakuntzan aurrera egin ahal izateko oinarrizko konpetentziak eta konpetentzia espezifikoak eta bestelako tresna profesionalak.

    8. Gainditzea gizartean eta lan-munduan sartzeko zailtasunak dituzten kolektiboei eta pertsonei nahiz desgaitasunen bat dutenei prestakuntza jasotzea eragozten dieten oztopoak, eta erraztea prestakuntzaren eta lan-merkatuaren arteko igarotzea.

    9. Laguntza ematea ikasketen uzte goiztiarraren eta eskola-porrotaren aurkako politikei, enplegurako baliozkoak diren kualifikazioak emanez eta hezkuntza-sistemarako pertsonak berreskuratzen saiatuz.

  3. Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren arloan eskumena duen sailak lanbide-heziketako ikastetxeen eta enpresa zein enpresa-erakundeen arteko partaidetza- eta lankidetza-moduak sustatuko ditu, eta lanbide-heziketa duala bultzatuko du, modalitate guztietan. Ildo horretatik, lanbide-heziketako ikastetxeen eta eragile sozialen arteko lankidetza bultzatuko da, mota horretako heziketa sustatzeko bai ikastetxeetan bai enpresetan.

  4. Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren arloan eskumena duen sailak eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak hasierako lanbide-heziketa eta enplegurako lanbide-heziketa gara daitezen sustatuko dute, lanbide-heziketari buruzko azterketa, proiektu pilotu edo ikerketen bidez, eta, horretarako, eragile sozialekin lankidetzan ariko dira.

  1. Lanbide-heziketako euskal sistema garatzeko, beharrezkoa da administrazio publikoek lankidetza eta partaidetza izatea eragile sozialekin (batez ere, ordezkaritzarik handiena duten erakundeekin) eta enpresa, profesional, unibertsitate eta lanbide-heziketako ikastetxeekin, batez ere, gorabidean diren eta hazten eta berritzen ari diren sektoreetan. Bada, horixe sustatuko dute Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren arloan eskumena duen sailak eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak. Enpresek banan-banan edo taldean, haien ordezkaritza-antolakundeen bidez, parte hartu ahal izango dute.

  2. Lankidetza-helburuak, -tresnak eta -ekimenak Bizialdi Osoko Ikaskuntzari buruzko urriaren 10eko 1/2013 Legearen 27. artikuluan ezarritakoaren araberakoak izango dira.

  3. Gizarte-eragileen partaidetzan sartu behar dira, besteak beste, esku-hartzeko eremu hauek:

    Lanbide-heziketako ikastetxe integratuetan parte hartzea, gizarte-kontseiluen bidez edo eremu sektorialean sortuko diren beste bide batzuetatik.

    Lanbide-konpetentziak aitortzeko prozesuetako aholkularitza-fasean parte hartzea.

    Aholku ematea langileei eta enpresei lanbide-heziketaren arloan, zentzu zabalean.

    LEHENENGO KAPITULUA

    LANBIDE HEZIKETAKO EREDU KONBINATUA

Hauek osatzen dute Euskal Autonomia Erkidegoko lanbide-heziketako eredu konbinatua:

  1. Prestakuntza-jarduera formalak, Bizialdi Osoko Ikaskuntzari buruzko urriaren 10eko 1/2013 Legean zehaztutako lanbide-heziketako sistema integratuan sartzen direnak:

    1. Hasierako lanbide-heziketa edo hezkuntza-sistemako lanbide-heziketa, zeinak biltzen baititu, zein bere mailan, hezkuntza-sistemako lanbide-heziketako irakaskuntza ofizialak, Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalean, orokorrean, jasota dauden titulu eta ziurtagiri ofizialak lortzeko balio dutenak.

    2. Enplegurako lanbide-heziketa, zeinak balio baitu profesionaltasun-ziurtagiria lortzeko eta bideratzen baita biztanleria aktiboaren lanbide-kualifikazioa hobetzera. Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionala du, nagusiki, erreferente.

  2. Prestakuntza-jarduera ez-formalak, zeinak, aurrekoekin batera, Lanbide Kualifikazio eta Espezializazioen Euskal Esparruan sartuko baitira. Indarrean den araudian zehazten denaren arabera egiaztatuko dira, eta araudi horri jarraikiz dagozkien balio eta ondorioak izango dituzte.

  3. Lanbide-heziketarako sarbidea prestatzeko neurriak, halakorik behar denerako.

  4. Berrikuntza aplikatuaren eta ekintzailetzaren eremuko ikaskuntzak.

  1. Lanbide-heziketa integratuaren eremuan, lanbide-heziketako sistema bateratuari dagozkion prestakuntza- eta ikaskuntza-jarduerak sartzen dira (Bizialdi Osoko Ikaskuntzari buruzko urriaren 10eko 1/2013 Legean zehaztu zen lanbide-heziketako sistema bateratua), zeinak 5. artikuluaren 1 apartatuan zehaztuta baitaude. Eremu horretan sartzen dira, halaber, ikaskuntza ez-formalak, baldin eta aitorpena eta egiaztapena jasotzea merezi badute Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren iritziz. Ikaskuntza horiek 5. artikuluaren 2 apartatuan daude zehaztuta.

  2. Hasierako lanbide-heziketa.

    1. Lege honen 5. artikuluan zehaztutako hasierako lanbide-heziketako irakaskuntzen curriculum orokorra ezartzeko, kontuan hartuko dira, besteak beste, gaiarekin zerikusia duten Euskal Autonomia Erkidegoko produkzio-sektoreen eskariak eta enplegagarritasun-beharrak.

    2. Pertsonen prestakuntza produkzio-sektore horien espezializazio-beharren araberakoa izateko eta bizialdi osoko ikaskuntza laguntzeko eta hobetzeko, testuinguru zehatzetara egokitu ahal izango da curriculum orokor hori, eta, horrela, enpresen lehiakortasuna hobetzeko eta enplegua sustatzeko lehentasunezkoak diren sektore adierazgarrien beharrei erantzun ahal izango zaie.

    3. Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren arloan eskumena duen sailak prestakuntza-ibilbide integratuak zehaztu ahal izango ditu hasierako lanbide-heziketaren kualifikazio-maila guztietan, lanbidean aurrera egiteko aukera egon dadin, eta, era berean, bitartekoak indartuta, beste konpetentzia orokor batzuk eskuratu daitezen, hots, ikaskuntza iraunkorra eta aurrerabide profesionala zein pertsonala berme osoz ematen duten beste konpetentzia orokor batzuk eskura daitezen. Horrela, enplegurako gaitasuna eta lan-merkatuaren egoera aldakorretara egokitzeko malgutasuna hobetuko da, betiere oinarrizko araudia errespetatuta.

  3. Enplegurako lanbide-heziketa.

    1. Enplegurako heziketak langile okupatu eta lanik gabekoen kualifikazio-beharrizanei erantzuten die, lanbide-konpetentziak jaso edo eguneratu behar baitituzte produkzio-sistemaren eskakizunei egokituko zaien eta lan-merkatuan azkar sartzeko bidea emango dien prestakuntza baten bidez.

    2. Enplegurako heziketa bi jarduketa motatan oinarrituko da:

      1. Profesionaltasun-ziurtagiriak: hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren tituluekin batera, ofizialki egiaztatzen dituzte eskuratzen diren lanbide-konpetentziak. Egiaztatzen diren konpetentziak Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalean ageri dira.

      2. Profesionaltasun-ziurtagiriekin loturarik ez duen prestakuntza, zeina honako hauek osatzen baitute:

        Lanbide Kualifikazio eta Espezializazioen Euskal Esparrua erreferentziatzat duten prestakuntza-espezialitateak, indarreko araudian ezartzen denaren arabera aintzatesten, egiaztatzen eta ziurtatzen direnak.

        Enplegurako funtsezko konpetentziak, gaitasunak, jarrerak eta balioak eskuratzeko beste prestakuntza batzuk, edo beste edozein prestakuntza espezifiko, enpresetan unean-unean dauden beharrizanei egokitutakoa eta landunen prestakuntzari zuzendutakoa, eta, gizarteratzeko eta lan-munduan sartzeko zailtasun bereziak dituzten lanbide-profil zehatz batzuei dagokienez, kontrataziorako konpromisoak edo curriculum egokitzapenak.

    3. Enplegurako lanbide-heziketaren eskaintzak Lan Administrazioaren Prestakuntza Espezialitateen Euskal Katalogoan egon behar du, eta barne hartu beharko du bai profesionaltasun-ziurtagirien bidez egiaztatzen den prestakuntza (prestakuntzako modulu eta unitateak barne) bai profesionaltasun-ziurtagiriekin loturarik ez duen prestakuntza, artikulu honen 3.b.2) apartatuan deskribatzen dena.

    4. Horretarako, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak enplegurako lanbide-heziketari lotutako Prestakuntza Espezialitateen Euskal Katalogo bat izango du.

  4. Lanbide-espezializazioko programak.

    Pertsonen enplegagarritasuna eta enpresen lehiakortasuna hobetzera bideratuta daude programa horiek. Ez dute titulu edo ziurtagiri akademikorik, lanbide-ziurtagirik edo ziurtagiri partzial metagarririk emango, harik eta konpetentziak Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalean sartzen diren arte. Hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren arloan eskumena duen sailak ziurtatuko ditu programa horiek.

  1. Berrikuntza aplikatuko ikaskuntzako jarduerak dira lanbide-heziketaren arloan ekimena eta ekintza berritzaileak sustatzera bideratzen direnak. Ekintza horien helburua izango da sortzea eta areagotzea, prestakuntza horretan parte hartzen duten ikastetxeen eta pertsonen artean, gorabidean diren arloei eta teknologia eta prozesu aurreratuei buruzko ezagutza.

  2. Ekintza horien bidez bultzatu nahi da, halaber, lanbide-heziketatik enpresen balio-katera ekarpen zehatzak egitea, enpresa horien produkzio-prozesuak eta fabrikatzen dituzten produktuak optimizatzeko eta hobetzeko. Horretarako, hainbat proiektutan lankidetzan ariko dira lanbide-heziketako ikastetxeak eta enpresak batez ere, ETE enpresa txiki eta ertainak. Era berean, ekintza horien bidez, ikastetxeak ezagutzaz jabetzea ere bultzatuko da.

  3. Berrikuntza aplikaturako ikaskuntzak ingurune estrategiko espezializatuak sor daitezen bultzatuko du, ingurune horiek lagundu egingo baitute lanbide-heziketako ikastetxeek eta enpresek bat egitea eta lankidetzan jardutea, hainbat produkzio-sektoretan, batez ere ETE enpresa txiki eta ertainen eremuan.

  4. Ikaskuntza horrek gorabidean diren sektoreen espezializazio-arloak ere sustatuko ditu, baldin eta interesekoak badira euskal produkzio-sarearentzat; berrikuntza aplikatuko proiektuen bidez egingo da hori.

  5. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak, berrikuntza aplikatuko ikaskuntza sustatzeko, lanbide-heziketako ikastetxeen eta enpresen arteko lankidetzarako guneak ezarriko ditu ingurune estrategiko espezializatuetan eta espezializazio-arloetan sartutako produkzio-sektoreetan. Hartara, enpleguaren eta lehiakortasunaren erronka berriei erantzun ahal izango zaie.

  6. Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren arloan eskumena duen sailak berrikuntza aplikaturako ikaskuntzaren eremua bultzatuko du, bai lanbide-heziketa ikasten diharduten gazteen artean bai ikasketa horiek egiten dituzten biztanle aktibo landunen eta langabeen artean, eta, horrela, berrikuntzaren kultura sustatuko du pertsona horiengan.

  1. Ekintzailetzaren ikaskuntza-jarduerak hasierako lanbide-heziketan edo enplegurako heziketan dihardutenentzako dira. Jarduera horien bidez, hau sustatu nahi da pertsona horiengan: ekimen-sena eta beren lanbideari lotutako enpresa-proiektu berriei banakakoei zein kolektiboei ekiteko gaitasuna. Lehentasunezkoa izango da hori industria-inguruneetan eta estrategikotzat jotzen diren gainerako sektoreetan, enpresak sortzea lagundu nahi denez gero.

  2. Ekintzailetzaren ikaskuntza-proiektuetan saiatuko da konpetentzia berriak garatzen ikasleen artean, sormenezkoak zein kontzeptuzkoak, ekintzailetzaren kultura sustatzera orientatuak eta jarduera erreal baten arabera finkatutako esperientzia praktikoetan oinarrituta antolatuak.

  3. Horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren arloan eskumena duen sailak programa multidimentsionalak diseinatzea eta abiaraztea sustatuko du, programa horietan uztartu egingo baitira proiektuak garatzeko ikaskuntza eta produkzio-sektoreetako eragile ekonomikoen esperientzia. Eta, hartara, ikaskuntza-konpetentziak garatzeko eremu esperimentalak sortuko dira.

  4. Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren arloan eskumena duen sailak honako aukera hau ere sustatuko du: lanbide-heziketako ikastetxeek enpresa-proiektuen garapena eta enpresen sorkuntza bultzatzea hainbat sektoretan. Proiektu horien ezaugarriak izango dira: berrikuntza, jasangarritasuna, konpromiso soziala eta pertsonetan oinarritutako antolakuntza-egiturak. Hartara, posible izango da euskal produkzio-sarea birsortzea, modernizatzea eta handitzea.

  5. Arreta berezia eskainiko zaio eremu horretan irakasleek dituzten gaitasunak eta konpetentziak hobetzeari, eta, horretarako, irakasleengan ekintzailetzaren kulturaren oinarriak sustatuko dituzten ekintzak egingo dira.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren arloan eskumena duen sailak, lanbide-heziketako eredu konbinatua osatzen duten eremuak modu orekatuan garatzera bideratutako prestakuntza- eta ikaskuntza-jarduerak bultzatuko ditu lehentasunez, eta beti izango du kontuan jarduera mota bakoitzari (prestakuntza, berrikuntza, ekintzailetza) berariaz eman ahal izango zaion pisua.

  2. Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren arloan eskumena duen sailak berariaz bultzatuko du hau: berrikuntzaren eta ekintzailetzaren eremuan ikaskuntza- eta sustatze-ekintzak sartzea, arlo horiek garatzeko beharrezkoa den prestakuntza ematea, bai eta bi eremu horiei lotutako proiektuak martxan jartzea ere.

  3. Eusko Jaurlaritzak bultzada berezia emango die berrikuntzaren eta ekintzailetzaren eremuko ikaskuntza-ekintzei, horretarako zehaztuko dituen ekintza-programen bidez, harik eta normaltasunez txertatzen diren arte lanbide-heziketako sistemako eragileen prestakuntza-eskaintzan. Horretarako, honako hau sustatuko da enpresekin lankidetzan (batez ere, ETE enpresa txiki eta ertainekin): lanbide-heziketako ikastetxeek izan dezatela lanbide-heziketa integratuko eta ikaskuntzako ekintzen eskaintza, berrikuntza aplikatuaren eta ekintzailetza aktiboaren eremuan.

  4. Hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren arloan eskumena duen sailak hau sustatuko du: berrikuntza aplikatuaren eta ekintzailetza aktiboaren ikaskuntzako jarduerak sar daitezela Lanbide Heziketako Eredu Konbinatuan Espezializatutako Ikastetxeen Euskal Sarea osatzen duten ikastetxe guztietan.

  5. Berrikuntza aplikatuaren eta ekintzailetza aktiboaren ikaskuntzako jarduerak lanbide-heziketako Koordinazio Organo Gorenak erabakiko ditu, zeina lege honen 18. artikuluan ezartzen baita.

Lanbide-heziketako eredu konbinatua garatzeko, administrazio publikoek honako hauekin guztiekin ezinbesteko lankidetza eta partaidetza izatea sustatuko da: ordezkaritzarik handieneko eragile sozialekin, lege honen bigarren kapituluan ezartzen den ikastetxe espezializatuen sarekoak diren lanbide-heziketako ikastetxeekin eta enpresa eta unibertsitateekin. Bereziki, gorabidean diren eta hazten eta berritzen ari diren sektoreetan sustatuko da hori.

Enpresek banan-banan edo taldean, ordezkaritzarik handiena duten antolakundeen bidez, parte har dezakete.

BIGARREN KAPITULUA

LANBIDE HEZIKETAKO EREDU KONBINATUAN ESPEZIALIZATUTAKO IKASTETXEEN EUSKAL SAREA

  1. Erregelamenduz ezarriko dira Lanbide Heziketako Eredu Konbinatuan Espezializatutako Ikastetxeen Euskal Sarean parte hartzeko baldintzak, bai eta haren osaera ere. Baldintza horiek honako irizpide hauetan oinarrituko dira: kalitatea, prestakuntza-gaitasuna eta osagarritasuna, berrikuntza- eta ekintzailetza-proiektuetako partaidetza, lanbide-heziketa dualaren proiektuetako partaidetza, kokapen geografikoa eta espezializazio sektoriala.

  2. Lege honen ondorioetarako, Lanbide Heziketako Eredu Konbinatuan Espezializatutako Ikastetxeen Euskal Sarea ikastetxe hauek osatu ahal izango dute: hezkuntza-sistemako lanbide-heziketa eta enplegurako heziketa eskaini (izan esklusiboki, izan beste hezkuntza-eskaintza batzuekin batera), berrikuntza aplikatuko proiektuak bultzatu eta ekintzailetzaren kultura eta enpresa-sorkuntza sustatzen duten ikastetxeek, lege honetan xedatutako lanbide-heziketako eredu konbinatuan ezarritako moduan. Sare hori Bizialdi Osoko Ikaskuntzari buruzko urriaren 10eko 1/2013 Legearen 32. artikuluan zehaztutako lanbide-heziketako ikastetxeen sarean sartzen da.

  3. Halaber, sektoreko interesak direla-eta, eta lege honetako gainerako baldintzak beteta, ikastetxe hauek parte hartu ahal izango dute sare horretan: administrazio eskumendunaren baimen edo egiaztagiria izanik, lege honen 5. artikuluko 1. zenbakian adierazitako prestakuntza-jardueren modalitateren bat edo 22. artikuluaren 2. zenbakian ezarritako programaren bat ematen dutenek.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren arloan eskumena duen sailak, indarrean den araudi-esparruaren barruan, honako hau bultzatuko du Lanbide Heziketako Eredu Konbinatuan Espezializatutako Ikastetxeen Euskal Sareko ikastetxeetan: kudeaketa aurreratuari eta prestakuntza- eta ikaskuntza-gaitasunari dagozkion irizpide batzuk garatzea lege honetan ezarritako lanbide-heziketako eredu konbinatuko hiru eremuetan. Horrekin batera, berrikuntza aplikatuko, ekintzailetza aktiboko eta nazioartekotzeko esparru bat garatzea sustatuko du. Gainera, ikaskuntzako metodologia berriak garatzea bultzatuko da, zentro horiek guztiak ikastetxe bakoitzari dagokion lurralde-eremuan inbrikatzea eta ingurune horretako produkzio-sektoreei lotzea sustatuko du eta prestakuntza- eta ikaskuntza-eskaintza espezializatzearen alde egingo du, batez ere pertsonek lana izateko aukerak hobetu eta enpresen lehiakortasunaren alde egiteko.

  2. Lanbide Heziketako Eredu Konbinatuan Espezializatutako Ikastetxeen Euskal Sareko ikastetxeek, nork bere espezializazio-eremuan, lanbide-heziketako eredu konbinatuaren esparruan garatzen diren programetan parte hartu ahal izango dute.

  3. Lanbide Heziketako Eredu Konbinatuan Espezializatutako Ikastetxeen Euskal Sareko ikastetxeek lankidetzan jardungo dute lanbide-heziketako aholkularitzako organismo teknikoekin, haiei esleitutako egitekoak garatzeko.

  4. Lanbide Heziketako Eredu Konbinatuan Espezializatutako Ikastetxeen Euskal Sareko ikastetxeak lankidetzan arituko dira sareko gainerako ikastetxeekin eta enpresekin (batez ere enpresa txiki eta ertainak) lanbide-heziketako eredu konbinatuaren jardueren esparruan. Hala, eurekin elkarlanean arituko dira prozesu produktiboen eta produktuen berrikuntza- eta hobekuntza-proiektuetan, kultura ekintzailea sustatzekoetan, enpresen sorrera bultzatzekoetan eta antzeko beste batzuetan. Lege honen lehenengo kapituluan lanbide-heziketako eredu konbinatuaren eremuetarako aipatutako jardueren esparruan enpresekin egingo den lankidetzaren ondorioetarako, lanbide-heziketako eredu konbinatuan espezializatutako ikastetxe publikoetako zuzendariek, beren autonomiaren barruan, akordioak eta hitzarmenak sinatu ahal izango dituzte ikerketa eta berrikuntza teknologikoko enpresa, instituzio eta entitateekin, lege honetan ezarritako helburuak lortzen lagunduko duten ekintzak gauzatzeko. Kasu horretan, akordio edo hitzarmen bat egin ahal izateko, kontuan izango dira eskumenen arloko arauak eta aplika daitezkeen prozedurak.

  5. Era berean, sarea osatzen duten ikastetxe horiek dagokien arauketan zehazten diren beste eginkizun batzuk gauzatu ahal izango dituzte.

  6. Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren arloan eskumena duen sailak antolatuko ditu, programa-kontratuen bidez, lanbide-heziketaren plangintza orokorra eta behar diren baliabideak sail horrek ezarritako estrategiak eta proiektuak garatu ahal izateko Lanbide Heziketako Eredu Konbinatuan Espezializatutako Ikastetxeen Euskal Sarean dauden zentroetan.

  1. Lanbide Heziketako Eredu Konbinatuan Espezializatutako Ikastetxeen Euskal Sarearen barruan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak sareko nodo espezializatuak eratu ahal izango ditu. Nodo horiek ikastetxeek osatuko dituzte, antzekoak diren familia profesionalen eta sektore produktiboen barruan, espezializazio- eta osagarritasun-irizpideei jarraikiz, beren arteko eta/edo enpresekiko lankidetzazko proiektuak oinarri hartuta, nagusiki enpresa txiki eta ertainekin.

  2. Sareko nodo espezializatu horien konfigurazioa aldakorra izango da, eta enpresei edo sareko ikastetxeei eurei teknologia- eta berrikuntza-transferentziako zerbitzuak emateko eratu ahal izango dira.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren arloan eskumena duen sailak berariazko programak bultzatuko ditu lanbide-heziketako eredu konbinatuari lotutako prestakuntza- eta ikaskuntza-jarduerak sustatzeko eta garatzeko, Lanbide Heziketako Eredu Konbinatuan Espezializatutako Ikastetxeen Euskal Sarearen barruan, lege honetan ezarritako baldintza eta helburuen arabera.

  2. Berariazko programa horiek, zeinak sare hori osatzen dutenentzat izango baitira, prestakuntza- eta ikaskuntza-eskaintza egin ahal izateko eta eskaintza hori kalitatezkoa izateko baldintzak ezarriko dituzte, eta horiek bete egin beharko dituzte sare horretako ikastetxeek, programa horietan parte hartu ahal izateko. Halaber, Lanbide Heziketako Eredu Konbinatuan Espezializatutako Ikastetxeen Euskal Sarearen edozein ikastetxeren prestakuntza- eta ikaskuntza-proposamenek programa horietan indibidualki parte hartzeko bete beharko dituzten berariazko baldintzak eta kalitate-indizeak ere ezarriko dituzte.

  3. Aurreko paragrafoetan ezarritako ondorioetarako, Eusko Jaurlaritzak programa orokorrak ezar ditzake, lanbide-heziketako eredu konbinatua garatzeko prestakuntza- eta ikaskuntza-jarduerak ezartzeko.

  4. Halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren arloan eskumena duen sailak, aurreko paragrafoetan adierazitako helburu berberekin, prestakuntza- eta ikaskuntza-jarduera bereziak bultzatu ahal izango ditu, zeinak berritzaileak izango diren; lortu nahi diren helburuetarako egokitzat jotzen den iraupena izango duten; eskatzailearen kalitate- eta eskaintza-baldintza bereziak eskatuko dituzten, eta lanbide-heziketara ikuspegi berriak ekarri ahal izango dituzten. Jarduera horiek arrakastatsuak gertatzen badira, onurak izan ahalko ditu lanbide-heziketako sistema osoak, oro har, edo haren eremuetakoren batek.

    HIRUGARREN KAPITULUA

    LANBIDE HEZIKETA DUALA

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren arloan eskumena duen sailak, lanbide-heziketako eredu konbinatuaren eremuan, nork bere lanpostuan ikastea bultzatuko du, lanbide-konpetentzia eta -kualifikazioak eskuratzeko eta hobetzeko, hain zuzen ere, txandakako prestakuntza praktiko baten bidez. Ikaskuntza hori modu koordinatuan adostuko dute lanbide-heziketako ikastetxeek eta enpresek.

  2. Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren arloan eskumena duen sailak, lanbide-heziketa dualaren proiektuetan, lan- eta enpresa-munduaren inplikazio-maila ahalik eta handiena izan dadin sustatuko du, hots, lan- eta enpresa-munduak prestakuntza-prozesuen helburu eta edukien definizioan bertan parte hartzea, ikasleak zuzenean sar daitezen enpresan egiten den lanaren garapen erreal eta egunerokoan.

  3. Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren arloan eskumena duen sailak lehentasuna emango die lanbide-heziketa duala amaitu ostean ere kontratuak aurrera jarraitzea dakarten eskaintzei.

  4. Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren arloan eskumena duen sailak, lanbide-heziketako eredu konbinatuaren eremuan, lanbide-espezializazioko programak sortzea bultzatuko du, enplegu eta produkzio-sarearen beharrei erantzuteko asmoz. Espezializazio hori, batez ere, lanbide-heziketa dualaren bidez lortuko da.

  5. Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren arloan eskumena duen sailak lanbide-heziketa dualaren ereduaren arabera egiten diren prestakuntza-jarduerak sustatuko ditu, haren modalitate guztietan.

  6. Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren arloan eskumena duen sailak modu berezian sustatuko du lanbide-heziketako eredu konbinatua osatzen duten elementuak lanbide-heziketa dualaren proiektuetan sartzea, eta berariaz bultzatuko du berrikuntza- eta ekintzailetza-ikaskuntzaren edukiak sartzea.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren arloan eskumena duen sailak eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, aurreko paragrafoetan ezarritakoaren ondorioetarako, Euskal Autonomia Erkidegoko lanbide-heziketa dualaren ereduaren arabera egiten diren prestakuntza- eta ikaskuntza-jardueren sustatze-programak ezarriko dituzte.

  2. Aurreko apartatuan adierazitako prestakuntza- eta ikaskuntza-jardueren sustatze-programak Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren arloan eskumena duen sailak zehaztuko ditu beraren titulartasunpean dauden ikastetxeen eremuan eta dagozkien lankidetzarako bitartekoen bidez titulartasun pribatuko ikastetxeekin, enpresekin edo antzeko antolakundeekin.

  3. Ikastetxearen, enpresaren edo antzeko antolakunde baten arteko akordio edo hitzarmen baten bidez zehaztuko da nola ezarri behar diren lanbide-heziketa dualaren ereduaren arabera prestakuntza- eta ikaskuntza-jarduerak egiteko programak. Akordio edo hitzarmen horrek honako hauek zehaztuko ditu: egin behar diren prestakuntza- eta ikaskuntza-jardueren ezaugarriak, lortu nahi diren helburuak, kostuak, eta alderdi bakoitzaren betebeharrak, izan antolakuntzakoak, prestakuntza-eskaintza gauzatzeari buruzkoak, finantzarioak edo beste mota batekoak, betiere, beharrezkoak badira jarduera behar bezala egiteko eta ezarritako helburuak lortzeko. Halaber, enpresako tutoreak eta prestakuntza-zentroetako irakasleak koordinatzeko mekanismoak jaso behar dira. Hori guztia aurrera eramateko, jarduera-plan bat egingo da, zeina aurrez adostu beharko baita prestakuntza-zentroaren eta enpresaren artean. Hori hala izanik ere, lan arloko araudiak dioena kontuan hartu beharko da, lanbide-heziketa duala lan-kontratu baten bidez egiten bada.

  4. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak ahalegina egingo du, erakunde eskumendunen artean, lanbide-heziketa duala bultzatzeko neurri ekonomikoak eta fiskalak bideratzeko.

    LAUGARREN KAPITULUA

    LANBIDE HEZIKETARAKO KOORDINAZIO, PLANGINTZA, ZUZENDARITZA, KUDEAKETA ETA AHOLKULARITZAKO ORGANOAK

Eusko Jaurlaritzak bultzatu eta arautu behar du lanbide-heziketako euskal sistema, eragile sozialen eta lege honen 11. artikuluan zehazten den Lanbide Heziketako Eredu Konbinatuan Espezializatutako Ikastetxeen Euskal Sarean dauden lanbide-heziketako zentroen lankidetza estuarekin.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren barruan, Lanbide Heziketako Koordinazio Organo Gorena eratuko da, sail arteko organo gisa jardun dezan eta lanbide-heziketaren alorreko politika orokorren inguruko irizpideak ezar ditzan. Dena den, kontuan izan beharko dira lege honen 19. artikuluan aipatzen den organoak izango dituen eginkizun exekutiboak.

  2. Organo horri dagokio, halaber, sail batzuen eta besteen estrategietan eragiten duten lanbide-heziketaren arloko politiken koordinazioa, baita Eusko Jaurlaritzak erregelamenduz esleitzen dion beste edozein eginkizun ere.

  3. Lanbide Heziketako Koordinazio Organo Gorenak, eginkizun horiek aurrera eramateko, kontuan izango ditu Lanbide Heziketako Euskal Kontseiluaren proposamenak, baita Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikako abenduaren 23ko 17/2008 Legearen 70. artikuluan adierazitako batzorde mistoak egin ditzakeen proposamenak ere.

  4. Hezkuntza-sistemako lanbide-heziketan, enplegurako lanbide-heziketan eta nekazaritzaren arloko lanbide-heziketa ez-arautuan eskumena duten sail eta organismoek, bakoitzaren eskumenen barruan, lanbide-heziketaren programazioa eta kudeaketa egingo dute, Koordinazio Organo Gorenak emandako gidalerroei jarraikiz. Horrek guztiak ez du eragotziko Bizialdi Osoko Ikaskuntzari buruzko urriaren 10eko 1/2013 Legearen 45.4 artikuluan ezarritakoa, bizialdi osoko ikaskuntzako gainerako plan eta programei dagokienez.

  5. Gobernuak, sailen egitura organikoa eta funtzionala finkatzean, zehaztuko du Lanbide Heziketako Koordinazio Organo Gorena nortzuek osatuko duten, zeinean sartuko baitira lanbide-heziketaren politiketan eragina duten sailetako ordezkariak. Hezkuntza-sistemako lanbide-heziketan eta enplegurako lanbide-heziketan eskumena duten sailen ordezkaritza parekidea izango da. Gobernuak zehaztuko du, halaber, zein saili atxikiko zaion organo hori, eta organo horrek dituen funtzioak garatu eta osatu ahal izango ditu.

  6. Organo hori Gobernuak erregelamendu bidez onartu eta sei hilabete igaro baino lehen eratu beharko da.

  7. Eusko Jaurlaritzak izendatuko du buru eta zuzendari izango duen pertsona, eta hitza eta botoa izango ditu pertsona horrek.

  1. Administrazioko sailen egitekoak eta jardun-arloak finkatzean lehendakariak zehaztutako sailaren ardura izango dira, eta ez besterena, lanbide-heziketaren esparru osoaren zuzendaritza, antolaketa eta plangintza egitea, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eskumena baitira.

  2. Gobernuak, lanbide-heziketaren arloko funtzioak izango dituen sailaren egitura organikoa eta funtzionala zehazterakoan, aipatzen ari garen eremuko funtzio guztiak zein organok bete behar dituen erabakiko du (organo exekutiboa izango da), eta, hala behar bada, baita organo horren egitura zein izango den ere.

  3. Organo horren ardura izango da (berari baitagokio Bizialdi Osoko Ikaskuntzari buruzko urriaren 10eko 1/2013 Legearen II. kapituluan zehazten den lanbide-heziketako euskal sistema bateratuan biltzen den prestakuntza osoa zuzentzea, antolatzea eta planifikatzea) bizitzan zehar lanbide-kualifikazioak eskuratzeko edo areagotzeko balio duen lanbide-heziketa osoaren plangintza estrategikoa, diseinua, jarraibideak eta garapena egitea.

  4. Lanbide-heziketa zuzendu, antolatu eta planifikatzeko eskumena izango duen organoak, bere funtzioak gauzatzeko orduan, kontuan izan beharko ditu Lanbide Heziketako Koordinazio Organo Gorenak ezarritako irizpideak, nahiz eta gogoan izan beharko den kasuan kasuko sailaren barruan izango duen dependentzia funtzional eta organikoa.

  5. Zuzendaritza-organo horrek, bere eginkizunak aurrera eramateko, zehaztuko diren organo tekniko eta aholkularitzakoen laguntza jaso ahal izango du.

  1. Lanbide Heziketako Euskal Kontseilua da administrazio publikoek, ordezkaritzarik handieneko antolakunde enpresarial eta sindikalek eta lanbide-heziketako eredu konbinatuan espezializatutako ikastetxeek parte hartzeko organoa, zeinean eztabaidatu, adostu eta bilatuko baita lanbide-heziketako politika guztien gaineko akordioa, orokorrean. Kontseilu horrek ekimenak proposatuko ditu, Euskal Autonomia Erkidegoko lanbide-heziketaren sistema hobetzeko baliagarriak izango direla jotzen duen heinean; eta, horiekin batera, erregelamenduz zehaztutako ekimenak ere sustatuko ditu. Ikastetxe horietako ordezkariek ere parte hartuko dute kontseiluan hitzarekin eta botoarekin.

  2. Eusko Jaurlaritzak erregelamenduz zehaztuko ditu Lanbide Heziketako Euskal Kontseiluaren osaera eta eginkizunak, lege hau indarrean jarri eta urtebeteko epean.

  3. Lanbide Heziketako Euskal Kontseiluak aholku emango dio Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari, lanbide-heziketako euskal sistemari buruz aztertzeko ematen zaizkion gaietan, eta eremu horretan beharrezkotzat jotzen dituen ekimenak proposatuko ditu.

  4. Lanbide Heziketako Euskal Kontseiluak lanbide-heziketaren sistema ebaluatuko du, lege honen bederatzigarren kapituluan adierazitako moduan.

Lege honetan ezarritako helburuak lortzeko, lanbide-heziketako eskumenak dituzten sailek beharrezkoak diren aholkularitzako organismo teknikoak izango dituzte, erregelamenduz ezartzen den menpekotasunarekin, eta baita lege honen 19. artikuluko 5. zenbakian ezarritakoak ere.

BOSGARREN KAPITULUA

LANBIDE KUALIFIKAZIO ETA ESPEZIALIZAZIOEN EUSKAL ESPARRUA

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak lanbide-kualifikazio eta -espezializazioen euskal esparru bat sortuko du, lanbide-heziketako sistema orokorrean zehaztutako kualifikazioak zabaldu ahal izateko eta, hartara, behar bezala egokitzeko Euskal Autonomia Erkidegoko produkzio-sistemaren, okupazioaren eta enpleguaren berezko beharretara eta arlo horietan eragina duten eraldaketetara. Esparru hori Bizialdi Osoko Ikaskuntzari buruzko urriaren 10eko 1/2013 Legean zehaztutako bizialdi osoko ikaskuntzarako Kualifikazioen Euskal Esparruan sartuko da, eta haren zati izango da.

  2. Lanbide Kualifikazio eta Espezializazioen Euskal Esparruaren barruan izango dira, orobat, Euskal Autonomia Erkidegoko enpresen edo produkzio-sektore estrategikoen kualifikazio-beharrizan berezietarako lanbide-espezializazioko programak (bereziki, industriaren arloari begira), zeinak lanbide-heziketa dualaren bidez edo berariazko programen bidez garatu ahal izango baitira. Lanbide-espezializazioko programa horiek urriaren 10eko Bizialdi Osoko Ikaskuntzari buruzko 1/2013 Legearen 12. artikuluaren 2. zenbakiaren e) letran aipatutako kualifikazio- eta birkualifikazio-programen barruan sartu behar dira.

  3. Lanbide Kualifikazio eta Espezializazioen Euskal Esparrua honela osatuko da: batetik, Estatuaren Gobernuak ezarritako titulu, espezializazio-ikastaro eta profesionaltasun-ziurtagiriak; eta, bestetik, Euskal Autonomia Erkidegoko berariazko kualifikazioak, zeinak erreferentzia gisa erabiliko baitira lanbide-espezializazioko programetarako (erregelamendu bidez zehaztuko dira) eta Lan Administrazioaren Prestakuntza Espezialitateen Euskal Katalogoan sartutako enplegurako lanbide-heziketako prestakuntza-espezialitate batzuetarako.

  4. Lanbide-espezializazioko programak zehazteko, Euskal Autonomia Erkidegoko produkzio-sektoreetako eskariari kontu egingo zaio, eta haiekin batera diseinatuko dira programok. Programa horien bidez, berariazko prestakuntza-baliabideak eman nahi zaizkio produkzio-sistemari, pertsonen prestakuntza-prozesua hobetzeko lanbide-heziketako esparru orokorrean katalogatu gabeko goi-mailako kualifikazioa behar den testuinguruetan.

  5. Indarrean dagoen oinarrizko araudian ezarritakoa gorabehera, enpresak sortzeko eta zerbitzuak emateko askatasuna gorabehera, eta finantzaketaren ondorioetarako, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak lehentasuna emango dio Lanbide Kualifikazio eta Espezializazioen Euskal Esparruan sartutako prestakuntza-ekintzak batez ere, Euskal Autonomia Erkidegoak bereak dituen lanbide-espezializazioko programak honako ikastetxe hauetan egiteari: lege honen bigarren kapituluan zehaztutako Lanbide Heziketako Eredu Konbinatuan Espezializatutako Ikastetxeen Euskal Sarea osatzen duten lanbide-heziketako ikastetxeetan; eta, salbuespen gisa eta interes orokorrak edo sektorialak hala eskatzen badu, baita beste administrazio publiko batzuen mendeko edo haiek baimendutako ikastetxeetan ere, betiere, Lanbide Kualifikazioen eta Espezializazioen Euskal Esparruan sartutako kualifikazioak egiaztatzera bideratutako prestakuntza-ekintzak irakasteko ezarritako baldintzak betetzen badituzte, enplegua sustatzen badute, eta administrazio eskudunak behar bezala baimentzen baditu.

  6. Lehentasuna emango zaie enplegua lortzeko bidea hobetzen eta bizkortzen eta enpleguaren egonkortasun eta kalitate handiagoak lortzen laguntzen duten prestakuntza-ekintzei, baldin Euskal Autonomia Erkidegoaren produkzio-sarearen lehiakortasuna eta garapena hobetzen laguntzen badute.

  7. Lanbide Heziketaren eremuan egiten diren prestakuntza-jarduerek, lanbide-kualifikazio guztiak edo batzuk lortzen edo hobetzen laguntzen duten heinean eta Lanbide Kualifikazio eta Espezializazioen Euskal Esparruaren barruan jasota dauden heinean, aitorpen-, egiaztapen- eta ziurtapen-prozedura bat izango dute.

  8. Ikastetxe pribatuetan Lanbide Kualifikazio eta Espezializazioen Euskal Esparruan jasotako prestakuntza-ekintzak irakasteko, erregelamendu bidez ezarritako baldintzetan oinarritutako baimena beharko da. Ikastetxe publikoetan lanbide-espezializazioko programak irakasteko baimena ikastetxe horietako irakaskuntzaren plangintzaren gaineko eskumena duen administrazioak emango du.

  1. Lanbide-espezializazioko programak hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren arloan eskumena duen sailak diseinatu, onartu eta argitaratuko ditu. Programa bakoitzerako, gutxienez honako hauek adierazi beharko dira: izena, lanbiderako konpetentzia orokorra, sartzeko behar den prestakuntza edo prestakuntzak, iraupena (guztira) eta dagokion prestakuntza. Gainera, programaren beharra zer ekoizpen-sektorek edo enpresa-taldek duten ere adieraziko da, bai eta programa emateko bete behar diren baldintzak ere.

  2. Euskal Autonomia Erkidegoko lanbide-espezializazioko programei dagokien prestakuntza behar bezala egiaztatuko du hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren arloan eskumena duen sailak, prestakuntza horren edukiari eta iraupenari buruzko ziurtagiri zehatz baten bidez. Ziurtagiri horiek berariazko erregistro batera eramango dira, zeinetan sartuko baitira bai lanbide-profila (izena eta konpetentzia orokorra), bai dagokion prestakuntza, ikaskuntzako emaitzekin.

  3. Aurreko paragrafoan ezarri den horretarako, sistema integratu bat sustatuko du lanbide-heziketako sistema bateratuaren zuzendaritza-organoak, haren bidez egiazta eta ziurta daitezen Lanbide Kualifikazioen eta Espezializazioen Euskal Esparruko prestakuntza-ekintzak, betiere indarrean den legerian ezarrita dauden eskumenak kontuan izanda.

    SEIGARREN KAPITULUA

    LANBIDE HEZIKETAKO EUSKAL SISTEMA NAZIOARTEKOTZEA

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko lanbide-heziketa nazioartekotzeko prozesua sustatuko du Eusko Jaurlaritzak.

  2. Helburu hori lortzeko, nazioarteko irakasle- eta ikasle-trukerako programak eratuko ditu, esperientziak trukatu eta jardunbide onen ikaskuntza susta daitezen, bultzatuz, bide batez, irakasle eta ikasleen konpromisoa eta motibazioa ere.

  3. Lanbide-heziketako euskal sistema nazioartekotzeko prozesua sustatzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren arloan eskumena duen sailak lanbide-heziketako nazioarteko campus bat sortuko du. Horrekin batera, lanbide-heziketako nazioarteko sare nagusietan parte hartze aktiboa sustatuko du, ezagutza eta esperientzia-trukea ekarriko dutenak hainbat arlotan: prestakuntza, orientazioa, ikastetxeen kudeaketa, teknologia digitalak eta berrikuntza eta hobekuntza dakarten arlo guztiak.

  4. Nazioartekotzeko prozesu horren bidez, euskal sistemako irakasle eta ikasleek beste herrialde batzuetako ikastetxeetan egonaldiak egin ditzaten sustatuko da, eta, aldi berean, beste herrialde batzuetako irakasle eta ikasleek lanbide-heziketako euskal sareko ikastetxeetan egonaldiak egitea. Atzerriko ikasleak lanbide-heziketako euskal sistemara erakartzeko berariazko jarduerak sustatuko ditu Euskal Autonomia Erkidegoan lanbide-heziketaren arloko eskumenak dituen sailak.

  5. Horretarako, lanbide-heziketako jardueretan beste hizkuntza batzuen ikaskuntza sartzea bultzatuko da, bai hasierako lanbide-heziketan bai, hala badagokio, enplegurako heziketan.

  6. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak nazioarteko ikerketa-proiektuak ahalbidetuko ditu, lanbide-heziketari lotutako nazioarteko ikerketa- eta berrikuntza-programen esparruan.

  7. Estatuari nazioartekotzearen alorrean emandako eskumenak eragotzi gabe, Euskal Autonomia Erkidegoko Jaurlaritzak lanbide-heziketa nazioartekotzeko prozesua bultzatuko du, 24.1 artikuluak agertzen duenaren arabera, ikaskuntzaren arlo guztietan giza eskubideak errespetatzen direla zainduz.

  1. Beste herrialde batzuetan ere lanbide-heziketako euskal sistemaren prestakuntza-jarduerak eskain daitezen sustatuko du Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren arloan eskumena duen sailak, eta, horretarako, sustapen- eta laguntza-ekintza espezifikoak ezarri ahal izango ditu. Eskainiko diren prestakuntza-jarduerak Lanbide Kualifikazioen Katalogoan jasotakoekin bat etorriko dira edo ez, baina lanbide-heziketako euskal sistemaren barruan jasota egon beharko dute betiere.

  2. Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren arloan eskumena duen sailak berariazko prestakuntza-jarduerak bultzatuko ditu atzerrian Euskal Autonomia Erkidegoko enpresekin, enpresok beste herrialde batzuetan dituzten languneetan. Horretarako, egokien iritzitako programak edo ekintzak planifikatu edo baimendu ahal izango ditu (baita lanbide-heziketa dualeko programen bidez edo lantokiko prestakuntzaren moduluen bidez ere), prestakuntza-eskaintza nazioartekotutako enpresen beharrizanetara egokituta, beste kultura batzuetan prestatzeko metodologia didaktikoak garatuta eta herrialde horietan etengabeko prestakuntza emateko behar diren mekanismoak ezarrita.

Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren arloan eskumena duen sailak beste eskualde edo herrialdeekiko lankidetza sustatuko du lanbide-heziketako sistemak diseinatzeko eta ezartzeko prozesuetan, Euskal Autonomia Erkidegoan metatutako ezagutza eta esperientzia eskainiz.

ZAZPIGARREN KAPITULUA

HIZKUNTZA OFIZIALAK ETA ATZERRIKO HIZKUNTZAK EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO LANBIDE HEZIKETAN

  1. Egokiro bete dadin hezkuntza Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan jasotzeko eskubidea bai, halaber, lanbide- eta lan-jarduerak euskaraz egiteko eskubidea ere biak ala biak berariaz aintzatetsiak indarrean den legedian, bai euskara eta bai gaztelania ezinbestean jasoko dira lanbide-heziketa guztiko prestakuntza-programetan, ikasleek trebezia nahikoa garatu dezaten ahozko zein idatzizko ulermenean eta adierazpenean, betiere, arreta berezia jarrita dagokion arlo profesionalean. Halaber, bai Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren arloan eskumena duen sailak, bai Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak lanbide-heziketako ikastetxeetan euskara erabiltzea sustatuko dute, hots, euskara ohiko komunikazio-hizkuntza izatea, barneko zein kanpoko jardunean eta administrazio-jarduera eta -dokumentuetan.

  2. Lanbide-heziketako prestakuntza-programek bermatu egingo dute jarraipen egokia ematen zaiola bigarren hezkuntzan finkatutako hizkuntza-trataerari; hala, behar diren neurriak hartuko dira lanbide-heziketara igarotzean etenik gerta ez dadin aurreko etapetan egindako hizkuntza-aukerekiko. Ildo horretatik, Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren arloan eskumena duen sailak bultzatuko du euskarazko hezkuntza-eskaintza lanbide-heziketan zabaltzea; hala, batetik, D eredua zabaltzea bultzatuko du, eta, bestetik, euskarazko ikaskuntza eta profesionalizazioa indartuko duen B eredua (elebiduna) ezarriko du arian-arian, planifikazio bati jarraituta. Era berean, A ereduan ere euskarazko ikasgaiak txertatzea bultzatuko du.

  3. Hizkuntza-plangintza orokorrarekin koordinatuta egingo da lanbide-heziketako hizkuntza-plangintza, eta, haren barruan, euskarazko lanbide-heziketa bermatuko da, kontuan hartuta, lehentasunez, honako hauek: zer-nolako eskaera eta errealitate linguistikoa dagoen dena delako ikastetxearen inguruko hezkuntza-etapa bakoitzean, zein den eremu horretako egoera linguistikoa eta, zehazki, zein diren ikastetxe horretan eskaintzen den lanbide-heziketaren berezitasunak eta helburuak.

  4. Lanbide-heziketaren hizkuntza-plangintzaren esparruan, Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren arloan eskumena duen sailak behar diren neurriak hartuko ditu eskaintzen diren titulazio guztiak euskaraz irakasteko behar den eskola-materiala era dadin; era berean, behar diren neurriak hartuko ditu irakasleek, arian-arian, euskarazko irakaskuntza-eskariari erantzuteko euskara-gaitasun egokia eta nahikoa izan dezaten.

  5. Aurreko paragrafoan zehaztutako plangintzaren barruan, ikastetxe bakoitzak bere hizkuntza-ereduaren egitura zehaztuko du, plangintza orokorrera egokituta, eta kontuan hartuko du zer hizkuntza-proiektu duen, zer ingurutan dagoen kokatuta eta zer-nolako inguruabarrak dituen prestakuntza-prozesuaren xede den arlo profesional bakoitzak; era berean, aintzakotzat hartuko du hizkuntza biak komunikazio-hizkuntzatzat erabiltzea bide aproposa dela kasu bakoitzean egokiro bateratzeko elebitasunaren helburua eta kasuan kasuko prestakuntza-edukiak irakasteko helburua.

  6. Bai praktika-programetan bai lanbide-heziketa dualeko programetan, enpresetan edo antzeko zentroetan egiten diren praktikei eta prestakuntzari dagokienez (bai hasierako lanbide-heziketan bai enplegurako lanbide-heziketan), enpresaren hizkuntza-errealitatea hartuko da bereziki kontuan, programa horiek egokiro bateratu ahal izateko ikasleen hizkuntza-ereduarekin eta -eskariarekin.

  7. Enplegurako heziketako jardueren eta programen barruan, euskara ikasteko programak emango dira, HABErekin egindako akordioen bitartez, ikasleek ahozko eta idatzizko komunikazio-gaitasunak garatu ditzaten dena delako arlo profesionalean, eta, hartara, lanbide-zereginak hobeto bete daitezen edo lanbide-aukerak hobetu daitezen.

  8. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak beharrezkoak diren neurriak bultzatuko ditu lanbide-heziketako irakasleen euskara-gaitasuna hobetzeko.

  1. Bai hasierako lanbide-heziketan bai enplegurako heziketan atzerriko hizkuntzak sartzea lehentasunezko helburua da Euskadiko lanbide-heziketako sistema bateratua garatzeko.

  2. Atzerriko hizkuntzen ikaskuntza sartzearen helburua da profesionalak gaitzea, prestakuntza-prozesua amaitutakoan, komunikazio-prozesuak, ahozkoak eta idatzizkoak, normaltasunez garatzeko haien lanbide-esparruan.

  3. Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan, eredu hirueledun baten bidez zehaztuko da lanbide-heziketako eleaniztasuna. Eredu horren barruan, bi hizkuntza ofizialetan eta atzerriko hizkuntza batean (lehentasunez, ingelesa) emango dira lanbide-heziketako heziketa-zikloak, eta horren helburua izango da oinarrizkoa eta nahikoa izango den komunikazio-gaitasuna lortzea, ahoz zein idatziz, dagokion lanbide-arloan. Ikastetxe bakoitzean zehaztuko dira hizkuntza-eredu horren egitura eta hiru hizkuntzen ordu-banaketa, kontuan izanik hizkuntza-proiektua, ingurua eta prestakuntza-prozesuaren xede den lanbide-arlo bakoitzaren ezaugarriak.

  4. Hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren arloan eskumena duen sailak erregelamenduz ezarriko du zein irizpide jarraitu behar diren ingelesa edo atzerriko beste hizkuntza batzuk komunikazio-hizkuntza gisa sartzeko lanbide-heziketako zenbait gaitan, betiere, kontuan izanik eskaintzaren plangintza eta ikastetxeek beren hizkuntza-proiektuan erakusten duten eskaria. Irakasleen hizkuntza-gaitasuna ere ezarriko du, zeinak modulua atzerriko hizkuntza batean emateko egokia eta nahikoa izan beharko baitu.

  5. Enplegurako heziketan ingelesa ikasteko programak sustatuko dira, hizkuntza horretan ahoz zein idatziz komunikatzeko gaitasuna hobetzeko dena delako arlo profesionalean.

  6. Atzerriko beste hizkuntza batzuk ikasteko programak sustatuko dira, hala badagokio, enplegurako heziketako jardueretan, dena delako arlo profesionalean edo enpresarialean komenigarritzat jotzen bada ingelesaz bestelako atzerriko hizkuntza bat ezagutzea lanbide arlo horretako zereginak hobeto betetzeko edo lan-aukerak hobetzeko.

  7. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak beharrezkoak diren neurriak bultzatuko ditu lanbide-heziketako eredu konbinatuan espezializatutako ikastetxeetako irakasleek ingelesean eta, hala badagokio, atzerriko beste hizkuntza batzuetan duten gaitasuna hobetzeko.

    ZORTZIGARREN KAPITULUA

    IKERKETA, BERRIKUNTZA ETA ETENGABEKO HOBEKUNTZA, LANBIDE HEZIKETAKO EUSKAL SISTEMAN

  1. Lanbide-heziketako ikerketak, zuzenean edo zeharka, lagungarria izan behar du lanbide-heziketako euskal sistema bateratua garatzeko eta etengabe hobetzeko, nazioarteko proposamen aurreratuenei lotuta.

  2. Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren arloan eskumena duen sailak lanbide-heziketaren arloko ikerketa bultzatuko du, sistemaren hobekuntza susta dadin eta lortutako guztiak honako honetan lagundu dezan: arlo hori nazioartean ikerketarako arlo espezifikotzat jotzen eta Euskal Autonomia Erkidegoak eta bertako ikerlariek eremu horretan leku bat izaten.

  3. Lanbide-heziketako ikerketa harmonizatu beharko da ikaskuntza aurreratuei, ingurune digital berriei, sistema adimentsuei eta garapen jasangarri eta integratzaileari buruzko ikerketa orokorrarekin, baita enpresa-munduarekin ere, bereziki enpresa txiki eta ertainen munduarekin, hartarako erregelamenduz ezartzen diren tresnen bidez.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren arloan eskumena duen sailak programa espezifikoak eratuko ditu, berrikuntza aplikatua sustatzeko lanbide-heziketan eta lanbide-heziketa ematen duten ikastetxeetan.

  2. Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren arloan eskumena duen sailak, urtean-urtean behintzat, lanbide-heziketako berrikuntza-programen eta -jardueren emaitzak ebaluatuko ditu, eta, horrekin batera, lankidetza-sareak eratuko ditu, berrikuntza-jardunbide onenak zabaltzeko ikastetxeek egiten dituzten lanbide-heziketako jardueretan.

  3. Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren arloan eskumena duen sailak arau eta egiaztapenen zerrenda bat eratuko du etengabeko hobekuntza garatzeko lanbide-heziketa integratuaren arlo bakoitzean, lege honen 11. artikuluan zehazten den sarean sartuta dauden zentroetan. Dagoeneko badiren kudeaketa aurreratuko ereduekin bat etorri behar dute arau eta egiaztapen horiek eta aldian-aldian berrikusiko dira.

  1. Lanbide-heziketan berrikuntza eta etengabeko hobekuntza sustatzeko, ezinbestekoa izango da irakasleak prestatzea, ikasgela barruan lantzeko metodologia aktibo berriak ikasi eta gara ditzaten eta eduki profesional espezifikoak berengana ditzaten, irakasle horiek ingurune konplexuetan aritzeko dituzten gaitasunak areagotzeko.

  2. Aurreko paragrafoan adierazitakoa betetzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren arloan eskumena duen sailak irakasleentzako prestakuntza-programak eratuko ditu, eta, horietan, aurreko paragrafoan zehaztutako arloei emango zaie lehentasuna, baina baita teknologikoki oso aurreratuak diren inguruneetan aurrera egin ahal izateko ekintzak sustatzeari ere.

  3. Prestakuntza-zentroetan edo beren lan-prozesu edo -jardunbide aurreratu eta berritzaileengatik nabarmenak diren enpresetan egin ahal izango dira irakasleentzako etengabeko prestakuntzako programak.

  1. Lanbide-heziketaren berrikuntza eta etengabeko hobekuntza sustatzeko, ikastetxe publikoen antolamendu- eta kudeaketa-autonomia indartzeko mekanismoak garatuko ditu Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren arloan eskumena duen sailak, ikastetxe publikoak beren burua kudeatzeko gai izan daitezen, beren inguruneari lotuta, jarduerak eta proiektuak malgutasunez, arintasunez, fidagarritasunez eta eraginkortasunez garatzeko ahalmena izan dezaten.

  2. Horretarako, sail horrek hau sustatu behar du: lanbide-heziketako ikastetxeak ezagutza-unitate espezializatu modura egituratzea, eta sarean lan egitea, beste ikastetxe, enpresa eta organismo batzuekin elkar hartuta aritu daitezen, inguruan sortzen diren beharrizanei konponbidea emate aldera. Hala, kudeaketa-eredu berritzaileak sustatuko ditu ikastetxe horietan, eta sormena eta berrikuntza aplikatua ere indartuko du ikastetxeek garatuko dituzten funtsezko prozesuetan.

  3. Halaber, aurreko paragrafoetan adierazitakoa betetzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren arloan eskumena duen sailak baimena eman ahal izango du bere menpeko lanbide-heziketako ikastetxeetan bestelako antolamendu-egitura espezifikoak sortzeko, zentro horien estrategiari, berrikuntzari eta operatibitateari buruzko esparruak sortzen ahalbidetuko dutenak. Antolamendu-egitura berri horiek, hezkuntza-zentroetan orokorrean ezarrita dauden antolamendu-egitura formal egonkorrez bestelakoek, aukera emango dute zentroetan egin ahal izateko organo eskudunek ezarritako ildo estrategikoekin bat datozen proiektuak. Antolamendu-egitura horien bidez, aukera egongo da irakasleak hainbat arlo espezifikotan biltzeko, orokorrean ezarritakoaz bestelako modu batean, eta egitura berezi horiei proiektu jakin batzuk aurrera eraman ahal izateko eskatu ahal izango zaie.

    BEDERATZIGARREN KAPITULUA

    LANBIDE HEZIKETAKO EUSKAL SISTEMA EBALUATZEA

Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikako abenduaren 23ko 17/2008 Legearen 70. artikuluan aurreikusitako batzorde mistoak ebaluazioaren arloan esleituta dituen eskumenak alde batera utzi gabe, gutxienez hiru urtean behin, Lanbide Heziketako Euskal Kontseiluak ebaluatu egingo ditu lanbide-heziketako euskal sistemaren prestakuntza- eta ikaskuntza-jarduerak, bereziki kontuan hartuta honako hauek guztiak: jarduera horiek nola egokitzen diren euskal ekonomia-sistemaren beharretara; enplegagarritasun-tasak, ikastaroak, moduluak edo beste prestakuntza-ekintza batzuk egin dituztenek zer emaitza lortu dituzten; zenbatek utzi dioten jarduera horiek egiteari; enplegua nola egokitzen den jasotako prestakuntzara, eta antzeko beste datu batzuk. Batzorde misto horrek, aldian-aldian, txostena bidaliko dio Lanbide Heziketako Euskal Kontseiluari, nekazaritza-arloko lanbide-heziketaren eremuan egindako ebaluazioen emaitzei buruz.

  1. Lanbide Heziketako Euskal Kontseiluak honako hauek ere berariaz ebaluatuko ditu, gutxienez, hiru urterik behin: zer garapen izan duten lanbide-heziketako eredu konbinatua garatzeko jardueren sustapen-programek; zenbateraino egin duten aurrera bai lanbide-heziketa integratuko jarduerek, bai berrikuntzan eta ekintzailetzan trebatzeko jarduerek, eta zer emaitza lortu dituzten.

  2. Lanbide-heziketa duala sustatzeko programak ere berariaz ebaluatuko dira, modu berean eta maiztasun berarekin.

Lanbide-heziketako adituen nazioarteko batzorde batek aldian aldiko ebaluazio horiek aztertu ahal izango ditu, egindako ebaluazio teknikoa ikuskatu eta, hartara, lanbide-heziketako euskal sistema hobetzeko eta garatzeko neurriak proposa ditzan.

LEHEN XEDAPEN GEHIGARRIA. Lanbide-heziketako aholkularitzako organismo teknikoak.

  1. Lege honen 19, 20 eta 21. artikuluetan aurreikusitako organismo teknikoak eta aholkularitzakoak Eusko Jaurlaritzak sortu, aldatu edo ezabatuko ditu, erregelamendu bidez.

  2. Aholkularitzako organismo tekniko horiek lanbide-heziketako zentro integratuen autonomia-erregimena izango dute, Bizialdi Osoko Ikaskuntzari buruzko urriaren 10eko 1/2013 Legearen 34. artikuluan aurreikusitakoa.

  3. Organismo horiei atxikitako lanpostuak betetzeko sistema merezimendu-lehiaketaren bidezkoa izango da, zeina Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren arloan eskumena duen sailak egingo baitu, Euskal Autonomia Erkidegoko Unibertsitatez kanpoko Irakaskuntzako Irakasleen Kidegoei buruzko otsailaren 19ko 2/1993 Legearen 33. artikuluan ezarritako baldintzetan.

  4. Aurreko paragrafoan zehazten den moduan betetako lanpostuez gainera, organismo horiek laguntza emateko langileak izan ahal izango dituzte zailtasun berezia duten proiektuak edo kualifikazio berezia eskatzen duten proiektuak aurrera eramateko, betiere lege honetan jasotzen den lanbide-heziketako eredu konbinatuaren dena delako atalen batekin lotura badute proiektuok. Langile horiek zerbitzu-eginkizunetan jardungo dute, dagozkien eginkizunak aurrera eramateko, lanpostua betetzeko berariaz egingo den deialdiaren bidez. Kasuan kasurako egingo diren deialdi horietan, kontuok zehaztuko dira: egin beharreko lanak zein diren, bete beharreko baldintza bereziak eta zer gaitasun profesional eskatzen den. Zerbitzu-eginkizun horiek berritzeko aukera egongo da egokitutako proiektua amaitu arte, baina aldez aurretik, egindako lanari buruzko aldeko txostena beharko da. Lanpostu horiek ezin badira bete aurreikusitako sistemaren bidez, bitarteko funtzionarioei eskaintzeko aukera egongo da, baina, horretarako, sortuko diren zerrenda espezifikoetan, eginkizuna egoki aurrera eramateko behar diren titulazioari edo gaitasun profesionalari buruzko eskakizunak jaso beharko dira.

  5. Aholkularitzako organismo tekniko horien zuzendariek adituak kontratatzeko aukera izango dute eginkizun jakin batzuk aurrera eramateko, hain zuzen ere kualifikazio berezia eskatzen dutelako edo zailtasun handia dutelako ezin badituzte langile propioek edo laguntzarako direnek burutu, betiere indarrean den araudian jarritako mugen barruan.

    BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Lanbide Heziketako Eredu Konbinatuan Espezializatutako Ikastetxeen Euskal Sareko ikastetxeetako irakasleen lanpostuak betetzea.

  1. Lanbide Heziketako Eredu Konbinatuan Espezializatutako Ikastetxeen Euskal Sarekoak diren Hezkuntza Administrazioaren mendeko ikastetxeak irakasleez hornitzeko orduan, berariaz hartuko da kontuan zer beharrizan espezifiko dauden lanbide-heziketako eredu konbinatua garatzeko.

  2. Ikastetxeek, beren hezkuntza-proiektuak aintzat hartuta, eska dezakete honako hauek egitea ikastetxeko lanpostu jakin batzuetan:

    1. Titulazio eta lanbide-gaitasunari buruzko baldintzak ikastetxearen lanpostu-zerrendan sartzea.

    2. Hainbat titulu eta lanbide-gaitasun merezimendu gisa baloratzea lanpostuak betetzeko prozeduretan.

    3. Lanpostuan aritu behar duenaren betebehar gisa ezartzea honako hau: birziklatze-jardueretan parte hartzea, lanpostuari esleitutako funtzioak behar bezala egiteko gaitasun iraunkorra izan dezan.

  3. Erregelamendu bidez, behar diren neurriak hartuko dira ikastetxe publikoetako gobernu-organoek lanpostuak betetzeko prozesuan parte har dezaten.

    HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Urrutiko Lanbide Heziketako Zentro Integratua sortzea.

  1. Urrutiko Lanbide Heziketako Zentro Integratua (ULHZI) sortzen da, Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan urrutiko lanbide-heziketaz arduratuko den zentro publiko bakarra izateko.

    Urrutiko Lanbide Heziketako Zentro Integratuak irakaskuntza-jarduera garatuko du lanbide-heziketako tituluei eta profesionaltasun-ziurtagiriei dagozkien irakaskuntzetan eta, oro har, enplegurako lanbide-heziketako sisteman antolatutako prestakuntza-modalitateetan, hezkuntza-sistemako lanbide-heziketari eta enplegurako lanbide-heziketari buruzko arloan eskumena duten sailek erabakitzen dituzten baldintzetan.

  2. Urrutiko lanbide-heziketako programek barne hartu ahal izango dute irakaskuntza-ikaskuntza eta ebaluazioko jarduera presentzialak garatzea eta jarraitzea; hartarako, Urrutiko Lanbide Heziketako Zentro Integratuak lege honen 11. artikuluan ezarritako zentroen sarean sartuta egongo diren zentro kolaboratzaileen sare bat izango du, hezkuntza-sistemako lanbide-heziketari eta enplegurako lanbide-heziketari buruzko arloan eskumena duten sailek erabakitzen dituzten baldintzetan.

  3. Urrutiko lanbide-heziketako tituluak edo ziurtagiriak lortzeko programetan zentro kolaboratzailea izateko, baldintza hauek bete beharko dira:

    1. Lanbide-heziketako titulu edo profesionaltasun-ziurtagiri horietan ezarritako baldintzak betetzea.

    2. Aldez aurretik izatea hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren arloko eskumena duen sailaren baimena modu presentzialean emateko lanbide-heziketako tituluak, edo enplegurako heziketaren arloko eskumena duen sailaren egiaztapena modu presentzialean emateko profesionaltasun-ziurtagiriak.

    3. Hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren eta enplegurako lanbide-heziketaren arloko eskumena duten sailek, biek batera, zentro kolaboratzaile izendatua izatea.

  4. Urrutiko Lanbide Heziketako Zentro Integratuak lan egingo du lanbide-heziketako zentro integratuei era orokorrean esleitutako xedeak lortzeko eta izendatutako funtzioak betetzeko, aplikagarri zaien araudiaren arabera.

    Halaber, Urrutiko Lanbide Heziketako Zentro Integratuak autonomia izango du antolaketarako, pedagogiarako, bai eta kudeaketa ekonomiko eta langileenerako ere, Bizialdi Osoko Ikaskuntzari buruzko urriaren 10eko 1/2013 Legeko 34. artikuluan zehaztutakoaren eta aplikagarri zaion araudiaren arabera.

    Orobat, kolaboratzea izango du beste erakunde batzuekin prestakuntza-materiala ikertzeko, prestatzeko eta zabaltzea proposatzeko, eta prestakuntza-erantzun egokienak esperimentatzeko eta ebaluatzeko urrutiko lanbide-heziketaren bitartez.

  5. Hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak arautu egingo du Urrutiko Lanbide Heziketako Zentro Integratuaren antolaketa eta funtzionamendua, egokituz irakasleen dedikazio-erregimena eta gobernu- eta koordinazio-organoak ikastetxe horren berezitasunera eta ezaugarri espezifikoetara. Halaber, ikasleak onartzeko arauak eta prozedurak ezarriko ditu, ibilbide pertsonal eta profesionalak lehenetsiz, eta erraztasunak emanez ikaskuntza beste jarduera eta erantzukizun batzuekin kontziliatzeari.

  6. Hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren arloan eskumena duen sailak arautu eta integratuko du urriaren 10eko 1/2013 Legean sortutako Urrutiko Hezkuntzako Euskal Institutuaren lanbide-heziketari dagokion guztia Urrutiko Lanbide Heziketako Zentro Integratu berrian.

Indargabetuta geratzen da Bizialdi Osoko Ikaskuntzari buruzko urriaren 10eko 1/2013 Legearen 23. artikulua.

BIGARREN XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabetuta geratzen dira, orobat, lege honen maila berekoak edo beheragokoak izanik, beronek xedatutakoarekin bat ez datozen xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA. Aldatzea Bizialdi Osoko Ikaskuntzari buruzko urriaren 10eko 1/2013 Legearen 6. artikulua, «Kalitate-bermea»

«6. artikulua.Kalitate-bermea.

  1. Kalitatea bizialdi osoko ikaskuntzako sistemaren planen eta programen multzoaren oinarrizko printzipioa da, eta ikaskuntzaren emaitzak, ematen diren zerbitzuen eraginkortasuna eta efizientzia, eta hartzaileen eta beste interes-taldeen gogobetetasuna hobetzera zuzenduta egongo da.

  2. Eusko Jaurlaritzak, Lanbide Heziketako Euskal Kontseiluari entzun ondoren, bizialdi osoko ikaskuntzako euskal sisteman kalitatearen kultura indartzea sustatuko du, barne- eta kanpo-ebaluazioko prozesuen bidez, emaitzak eta errendimendua hobetzeko prozesuen bidez eta, orobat, kalitatea bermatzeko esparruaren Estatuko eta Europako sarean parte hartuz».

    AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA. Aldatzea Bizialdi Osoko Ikaskuntzari buruzko urriaren 10eko 1/2013 Legearen 24. artikulua, «Prestakuntza eta ikaskuntzako eskaintza»

    Bizialdi Osoko Ikaskuntzari buruzko urriaren 10eko 1/2013 Legearen 24. artikuluaren 5. zenbakia honela geratzen da:

    1. Hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren arloan, nekazaritza-sektoreko lanbide-heziketa ez-arautuan eta enplegurako lanbide-heziketan eskumena daukaten sail eta organismoek, beren eskumenen eremuan, lanbide-heziketan zer eskainiko den zehaztuko dute, betiere, kontuan hartuta, batetik, Lanbide Heziketako Euskal Plana eta, bestetik, Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketari buruzko Legearen 18. artikuluan zehaztutako Lanbide Heziketako Koordinazio Organo Gorenak ezarritako irizpideak eta lehentasunak.

    AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA. Aldatzea Bizialdi Osoko Ikaskuntzari buruzko urriaren 10eko 1/2013 Legearen 32. artikulua, «Lanbide-heziketako eskaintza bateratua».

    Bizialdi Osoko Ikaskuntzari buruzko urriaren 10eko 1/2013 Legearen 32. artikuluko 2. zenbakia honela geratzen da:

    1. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak eta hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren arloan eskumena duen sailak prozedura bat ezarriko dute hasierako lanbide-heziketa emateko baimena duten ikastetxeek enplegurako lanbide-heziketa ematea ere izan dezaten. Hasierako lanbide-heziketa ematen duten ikastetxe publikoek automatikoki izango dute baimena beren hezkuntza-eskaintzan sartutako heziketa-zikloekin bat datorren enplegurako lanbide-heziketa emateko. Kasuan kasuko ikastaroak emateko baimena lortzeko, indarrean den legerian esaten dena bete beharko da.

    AZKEN XEDAPENETATIK LAUGARRENA. Aldatzea Bizialdi Osoko Ikaskuntzari buruzko urriaren 10eko 1/2013 Legearen 40. artikulua, «Bizialdi osoko orientazio-sistema bateratua».

    Bizialdi Osoko Ikaskuntzari buruzko urriaren 10eko 1/2013 Legearen 40. artikuluaren 6. zenbakia honela geratzen da:

    1. Lanbide-heziketaren esparruan, hezkuntza-sistemako lanbide-heziketan eta enplegurako heziketan eskumena duten sailek zehaztuko dute zer-nolako orientazio-eredua garatu behar den, zer-nolako neurriak, tresnak eta baliabideak behar diren bizialdi osoko orientazioaren eginkizunak garatzen laguntzeko, eta zer-nolako lankidetza-formulak behar diren sail bakoitzaren zerbitzuak eta eginkizunak definitzeko. Horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketari buruzko Legearen 18. artikuluan zehaztutako Lanbide Heziketako Koordinazio Organo Gorenak ezarritako jarraibideei jarraituko zaie, eragile sozialek ere parte hartuko dute, eta, aurrez, Lanbide Heziketako Euskal Kontseiluari entzungo zaio.

    AZKEN XEDAPENETATIK BOSGARRENA. Aldatzea Bizialdi Osoko Ikaskuntzari buruzko urriaren 10eko 1/2013 Legearen 45. artikulua, «Bizialdi osoko ikaskuntzako kontseiluak».

    Aldatu egiten da Bizialdi Osoko Ikaskuntzari buruzko urriaren 10eko 1/2013 Legearen 45. artikuluaren 4. zenbakia. Honela gelditzen da:

    1. Bizialdi osoko ikaskuntzako plan eta programek osotasunean jasoko dituzte Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketari buruzko Legearen 17. artikuluan zehaztutako Lanbide-heziketako Koordinazio Organo Gorenaren proposamenak eta lehentasunak, horiek erreferenteak izango baitira prestakuntza eta orientazio profesionalaren planifikazioari, garapenari, kalitatea bermatzeko markoari eta ebaluazioari dagokienez.

    AZKEN XEDAPENETATIK SEIGARRENA. Aldatzea Bizialdi Osoko Ikaskuntzari buruzko urriaren 10eko 1/2013 Legearen 47. artikulua, «Eginkizunak».

    Aldatu egiten dira Bizialdi Osoko Ikaskuntzari buruzko urriaren 10eko 1/2013 Legearen 47. artikuluaren 2. eta 3. zenbakiak. Honela gelditzen dira:

    1. Bizialdi osoko ikaskuntzako plana egitea, zeina egin beharko baita eragileen ekimenak koordinatuz eta Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketari buruzko Legearen 18. artikuluan zehaztutako Lanbide Heziketako Koordinazio Organo Gorenak lanbide-heziketari buruz ematen dituen jarraibideei kasu eginez, bai eta Gizarte Ongizaterako Kontseiluak helduen ikaskuntzari dagokionez emandako norabideak jarraituz.

    2. Onartzea bizialdi osoko ikaskuntzaren kalitatea bermatzeko markoa, errespetatuz Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketari buruzko Legearen 17. artikuluan zehaztutako Lanbide Heziketako Koordinazio Organo Gorenak lanbide-heziketako programetarako prestatutako markoa, eta ebaluatzea marko horren helburuak zenbat bete diren eta etengabeko hobekuntzarako zer neurri hartu diren.

    AZKEN XEDAPENETATIK ZAZPIGARRENA. Aldatzea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Tasa eta Prezio Publikoei buruzko Legearen testu bateginaren IV. tituluaren X. kapitulua (testu hori irailaren 11ko 1/2007 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen).

    Irailaren 11ko 1/2007 Legegintza Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Tasa eta Prezio Publikoei buruzko Legearen testu bateginaren IV. tituluaren X. kapitulua honela geratzen da:

    95 decies artikulua. Zergapeko egitatea.

    Tasa honen zergapeko egitatea dira aholkularitza-zerbitzu teknikoak eta lanean edo prestakuntzarako bide ez-formaletan lortutako lanbide-konpetentziak egiaztatze-probetan ebaluatzeko zerbitzu teknikoak.

    95 undecies artikulua. Subjektu pasiboa.

    Aurreko artikuluan zehaztutako prozeduran parte hartzeko aurrez eta behin betiko izena ematen duten pertsona fisikoak izango dira tasa horren subjektu pasiboak.

    95 duodecies artikulua. Noiz sortzen den tasa ordaintzeko betebeharra.

    Zerga-egitatea burutzen den unean sortuko da tasa ordaintzeko betebeharra. Prozeduraren fase bakoitzean aurrez izena emateko eta behin betiko izena emateko unean eskatuko da ordainketa egitea, subjektu pasiboaren autolikidazioaren bidez.

    95 terdecies artikulua. Kuotak.

    Hauek dira tasaren kuotak:

    1. Lan-esperientziari eta ikaskuntza ez-formalei esker lortutako lanbide-konpetentziak aitortzeko prozesuan aurrez izena emateko: 10,00 euro.

    2. Aholkularitza-fasean izena emateko:

    1. maila: 60,00 euro.

    2. maila: 70,00 euro.

    3. maila: 90,00 euro.

      1. mailako titulu osoetarako: 90,00 euro.

      2. mailako titulu osoetarako: 100,00 euro.

      3. mailako titulu osoetarako: 110,00 euro.

        1. Ebaluazio-fasean izena emateko:

          Lehen mailako kualifikazioen konpetentzia-unitate bakoitzean: 12,00 euro.

          Bigarren mailako kualifikazioen konpetentzia-unitate bakoitzean: 15,00 euro.

          Hirugarren mailako kualifikazioen konpetentzia-unitate bakoitzean: 18,00 euro.

          95 quaterdecies artikulua. Salbuespenak eta hobariak.

        1. Prozeduran onartutako pertsona fisikoek ez dute inolako tasarik ordaindu beharko, baldin eta honako inguruabarren bat egiaztatzen badute:

          1. Langabezian daudela eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko bulegoetan izena emana dutela enplegua eskatzeko.

          2. Izena eman aurreko urte naturalean guztira izan dituzten diru-sarrerak lanbide arteko gutxieneko urteko soldataren parekoak edo txikiagoak direla.

          3. Bizikidetza-unitatearen gutxieneko diru-sarrerak ez direla iristen lanbide arteko gutxieneko soldataren 1,5era.

          4. Indarrean dagoen legediaren arabera zehaztutako kategoria bereziko familia ugariko kide direla.

          5. Diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen dutela.

          6. Terrorismoaren biktima direla, legez hala onartuta.

          7. Genero-indarkeriaren biktima direla edo izan direla.

          8. Ehuneko 33ko edo hortik gorako desgaitasunen bat izatea tasa ordaintzeko betebeharra sortzeko unean.

          9. Iraupen luzeko langabetuak.

        2. Prozeduran onartutako pertsona fisikoek % 50eko hobaria izango dute ezin metatuzkoa, betiere, baldin eta honako inguruabarren bat egiaztatzen badute:

          1. Indarrean dagoen legediaren arabera zehaztutako kategoria orokorreko familia ugariko kide direla.

          2. Izena eman aurreko urte naturalean guztira izan dituzten diru-sarrerak lanbide arteko gutxieneko urteko soldataren % 150aren parekoak edo txikiagoak direla.

    AZKEN XEDAPENETATIK ZORTZIGARRENA. Garapen eta exekuziorako gaikuntza.

    Baimena ematen zaio Eusko Jaurlaritzari lege honen garapen eta exekuziorako beharrezkoak diren izaera orokorreko xedapenak eman ditzan bere eskumenen eremuan.

    AZKEN XEDAPENETATIK BEDERATZIGARRENA. Aldatzea Bizialdi Osoko Ikaskuntzari buruzko urriaren 10eko 1/2013 Legearen 17. artikuluko 1. apartatua, «Urrutiko Hezkuntzako Euskal Institutua sortzea».

    Aldatu egiten da Bizialdi Osoko Ikaskuntzari buruzko urriaren 10eko 1/2013 Legearen 17. artikuluko 1. apartatua, aurrerantzean honela idatzita egongo baita:

    1. Urrutiko Hezkuntzako Euskal Institutua (UHEI) sortzen da, Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan unibertsitateaz kanpoko urrutiko hezkuntzaz arduratuko den zentro publiko bakarra izateko, lanbide-heziketaz izan ezik.

      UHEIk arlo hauetan egingo du irakaskuntza-lana:

      1. Oinarrizko hezkuntzan eta batxilergoan, hezkuntza-gaietan eskumena duen sailak ezartzen dituen baldintzen arabera.

      2. Erkidegoko hizkuntza ofizialetan eta beste hizkuntza batzuetan gaitzeko ikasketetan, euskarari dagokionez gaian eskuduna den HABE organismoak ezarritako baldintzetan.

      3. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko graduatu-tituluak lortzeko probetarako pertsona nagusiak prestatzeko kurtsoetan.

      4. Helduak prestakuntza-zikloetara edo unibertsitatera iristeko prestaketa-ikastaroetan.

      5. Aurreko 12. artikuluan jasotako prestakuntza-programetatik, Eusko Jaurlaritzaren iritziz UHEI bidez emateko modukoak direnetan.

    AZKEN XEDAPENETATIK HAMARGARRENA. Aldatzea Bizialdi Osoko Ikaskuntzari buruzko urriaren 10eko 1/2013 Legearen 17. artikuluko 3. apartatua, «Urrutiko Hezkuntzako Euskal Institutua sortzea».

    Aldatu egiten da Bizialdi Osoko Ikaskuntzari buruzko urriaren 10eko 1/2013 Legearen 17. artikuluko 3. apartatua; aurrerantzean honela idatzita egongo baita:

    1. Hezkuntza-gaietan eskumena duen sailak arautuko du gaur egun oinarrizko hezkuntzako eta batxilergoko irakaskuntzak urrutiko modalitatean ematen dituzten ikastetxeen integrazioa Urrutiko Hezkuntzako Euskal Institutuan.

    AZKEN XEDAPENETATIK HAMAIKAGARRENA. Ezabatzea Bizialdi Osoko Ikaskuntzari buruzko urriaren 10eko 1/2013 Legearen 19. artikuluaren 2. apartatua, «Zentro kolaboratzaileak».

    Kendu egiten da Bizialdi Osoko Ikaskuntzari buruzko urriaren 10eko 1/2013 Legearen 19. artikuluko 2. apartatua.

    AZKEN XEDAPENETATIK HAMABIGARRENA. Aldatzea Bizialdi Osoko Ikaskuntzari buruzko urriaren 10eko 1/2013 Legearen hirugarren xedapen gehigarria, hainbat erakunde «Urrutiko Hezkuntzako Euskal Institutuan (UHEI) integratzea».

    Aldatu egiten da Bizialdi Osoko Ikaskuntzari buruzko urriaren 10eko 1/2013 Legearen hirugarren xedapen gehigarria, eta honela geldituko da:

    Urrutiko Hezkuntzako Euskal Institutuan (UHEI) integratzen dira: Urrutiko Oinarrizko Heziketako Euskal Ikastetxea (UOHEI), ekainaren 11ko 189/1985 Dekretuaren bidez sortutakoa eta urriaren 27ko 289/1998 Dekretuak aldatutakoa; Ramiro de Maeztu Urrutiko Batxilergo Institutua; Indalecio Bizkarrondo "Bilintx" Urrutiko Batxilergo Institutua, eta Bizkaiko Urrutiko Batxilergo Institutua.

    Aipatutako zentroen egungo langileak Urrutiko Hezkuntzako Euskal Institutuko langile gisa adskribatu eta integratuko dira, maila funtzional eta organikoan.

    AZKEN XEDAPENETATIK HAMAHIRUGARRENA. Indarrean jartzea.

    Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean.

    Beraz, lege honi men egiteko eta men eginarazteko agintzen diet, norbanako zein agintari direla, euskadiko herritar guztiei.

    Vitoria-Gasteiz, 2018ko ekainaren 29a.

    Lehendakaria,

    IÑIGO URKULLU RENTERIA.