Arautegia

Inprimatu

77/2024 DEKRETUA, ekainaren 18koa, Euskal Autonomia Erkidegoan angularen arrantza profesionala arautzekoa eta angula-arrantzale profesionalen erregistroa sortzekoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 127
  • Hurrenkera-zk.: 3107
  • Xedapen-zk.: 77
  • Xedapen-data: 2024/06/18
  • Argitaratze-data: 2024/06/28

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Ingurune naturala eta etxebizitza
  • Azpigaia: Gobernua eta Administrazio Publikoa; Nekazaritza eta arrantza

Testu legala

Arrantza-politika komunitarioaren helburu orokorra hau bermatzea da: uretako baliabide bizien ustiapenean ekonomia-, ingurumen- eta gizarte-baldintza jasangarriak egon daitezela.

Arrantza-politika erkidearen arabera arrantza-baliabideak kontserbatzeari eta modu jasangarrian ustiatzeari buruzko Kontseiluaren 2002ko abenduaren 20ko 2371/2002 (EE) Erregelamenduak kontrol-sistema komunitario bat ezartzeko betebeharra aurreikusi zuen, eta sistema horrek arrantza-sektore osoari aplikatzeko modukoa izan behar zuen, aurreikusitako arrantza- eta akuikultura-araubide komunitarioa lortze aldera. Arrantza Politika Erkideari buruzko 1380/2013 (EB) Erregelamenduak betebehar horri eutsi dio, eta xedatu du kontserbazio-neurriak hartu behar direla irizpen zientifiko, tekniko eta ekonomikoak aintzat hartuta; horien artean, hala badagokio, bereziki hartuko dira kontuan Arrantzaren Batzorde Zientifiko, Tekniko eta Ekonomikoaren txostenak (STECF), kontsultarako beste zenbait organismoren txostenak eta kontsulta-batzordeen aholkuak.

Bestalde, 2018/973 (EB) Erregelamenduaren 7. artikuluarekin eta 2019/472 (EB) Erregelamenduaren 8. artikuluarekin bat etorriz, irizpen zientifikoen arabera erregelamendu horren 1. artikuluko 1. apartatuan adierazitako edozein populaziotako ugaltze-populazioaren biomasa txikiagoa bada biomasaren mugako erreferentzia-puntua baino, neurri zuzentzaile osagarriak hartu beharko dira ukitutako populazioa berriro ere maila egokietara heltzen dela bermatzeko. Hain zuzen ere, neurri zuzentzaile horietako bat izan daiteke delako populazioaren arrantza etetea eta populazio hori edo beste batzuk arrantzatzeko aukerak behar beste murriztea arrantzalekuetan.

Bestetik, Kontseiluaren 2007ko irailaren 18ko 1100/2007 (EE) Erregelamenduak ibai-aingira errekuperatzeko neurriak ezarri zituen, eta estatu kideei exijitu zien Batzordeari hiru urterik behin jakinarazteko zer-nolako emaitzak dauden ezarpen horretan, eta azken txostena 2021ean aurkeztu zen.

2021eko azaroaren 4an, Itsasoa Esploratzeko Nazioarteko Batzordeak (IENB), zuhurtasun-irizpidea aplikatuta, gomendatu zuen 2022. urtean aingirarik (Anguilla anguilla) ez harrapatzea ezein habitatetan eta ezein bizi-fasetan, banaketa naturaleko area bakar batean ere ez. Neurri hori aplikatzen zaie bai aisialdiko harrapaketei, bai merkataritzakoei, eta barnean hartzen ditu birpopulatzeko eta hazteko angula-harrapaketak. Orobat, IENBk onartu zuen kontserbazio-neurri bat izan daitekeela gero aske uzteko helburu bakarrarekin egiten den harrapaketa, baldin eta halako neurriei esker bizirauteko probabilitate orokorra handitzen bada.

Xedapen horien guztien arabera, Kontseiluaren 2023ko urtarrilaren 30eko 2023/194 (EB) Erregelamenduak Batasunaren uretan arrain-populazio jakin batzuk arrantzatzeko aukerak zehazten ditu 2023rako (2023ko urtarrilaren 31ko EBAO). Erregelamendu horrek ezartzen du ezen, Kontseiluaren 1100/2007 (EE) Erregelamenduarekin bat etorriz, angulak birpopulatzea estatu kideek aingira kudeatzeko planetan hautatutako kontserbazio-neurri bat dela; erregelamendu horren arabera, gainera, arrantza mota horren bideragarritasun ekonomikoa bermatzeko, beharrezkoa da baimena ematea angula kantitate bat harrapatzeko beste helburu batzuetarako ere. Hala ere, aingira-populazioaren egoera aintzat hartuta, erregelamendu horrek aisialdiko arrantzan aingira harrapatzea debekatu du, baina angularen arrantza profesionala baimendu du, zenbait murrizketa ezarrita.

Egoera horren ondorioz, kudeaketa jasangarri bat lortze aldera, eta barnean hartuta alderdi interesdunen laguntza, harrapaketa-kuoten ezarpena, monitorizazioa eta espeziearen biziraupena bermatzeko arauen aplikazioa, Eusko Jaurlaritzak «angularen zelata-arrantza» sortzea proposatzen du dekretu honen bidez. Horren eraginez, harrapaketak oso mugatuak eta kontrolatuak izango dira, arrantzalekuak monitorizatu eta zehatz-mehatz ebaluatuko dira, harrapaketak kontrolatuko dira, arrantzaleek aktiboki hartuko dute parte, jasangarritasuna areagotuko da, jendea kontzientziatu eta babesa emango dio espeziearen biziraupenari, eta malgutasuna ere areagotuko da etorkizuneko aldaketetara moldatzeko.

Ondorioz, eta nondik norako horiek garatzeko, eta ikusita Euskal Autonomia Erkidegoan angularen aisialdiko arrantza bakarrik dagoela araututa otsailaren 18ko 41/2003 Dekretuaren bidez, komeni da araudia Kontseiluaren 2023ko urtarrilaren 30eko 2023/194 (EB) Erregelamendura egokitzea eta angularen arrantza profesionalizatzea erregelamendu horrek ezarritako mugetan eta, betiere, xedapenak egungo lege-ikuspegira egokituta.

Horrek berekin dakar arrantza-agintaritzek neurri egokiak hartzea eta behar diren baliabideak jartzea, bermatuta gera dadin angula arrantzatuko dela gaur egun duen egoera biologiko ahula aintzat hartuta; horrenbestez, beren-beregi profesionala eta mugatua den angula-arrantza arautu behar da.

Arau hau Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 129.1 artikuluan xedatutako erregulazio onaren printzipioetara egokituta dago. Hala, premia- eta efikazia-printzipioei dagokienez, araua justifikatua dago, angularen arrantza arduratsua, mugatua eta profesionala bermatzea interes orokorrekoa delako. Proportzionaltasun-printzipiora egokituta dago, lehen aipatutako premiari erantzuteko ezinbestekoa den erregulazioa jasotzen duelako. Segurtasun juridikoaren printzipiora egokituta dago, aintzakotzat hartuta arauak printzipio hori indartzen duela, bat baitator arlo horretako araudiarekin. Gardentasun-printzipioa ere betetzen da, entzunaldiaren eta jendaurreko informazioaren izapidearen bidez parte hartzeko modua ematen baitzaie arauaren hartzaileei. Azkenik, efikazia-printzipiora ere egokituta dago, proiektu honek ez duelako ezartzen administrazio-karga erantsirik edo beharrezkoa ez denik.

Dekretu hau prestatzeko aholkuak eskatu zaizkie Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru-aldundiei eta sektorea ordezkatzen duten antolakunde eta elkarte profesionalei. Horretaz gain, kontuan hartuta arauak zenbat pertsona uki dezakeen, testua jendaurrean jarri da Arrantza eta Akuikulturako zuzendariaren 2023ko irailaren 5eko Ebazpenaren bidez (2023ko irailaren 11ko EHAA 173. zk. Ebazpena, 2023ko irailaren 5ekoa, Arrantza eta Akuikulturako zuzendariarena, zeinaren bidez jendaurrean jartzen baita Euskal Autonomia Erkidegoan angularen arrantza profesionala arautzen duen eta angula-arrantzale profesionalen erregistroa sortzen duen dekretu-proiektua).

Horretaz gain, arau hau bat dator Xedapen Orokorrak Egiteko Prozeduraren ekainaren 30eko 6/2022 Legearen 4. artikuluan xedatzen diren arau-kalitatearen printzipioekin.

Dekretu hau Euskal Autonomia Erkidegoak barruko uretako arrantzaren, itsaski-bilketaren eta akuikulturaren arloetan duen eskumen esklusiboaren babesean ematen da, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoko arrantza-sektorearen antolamenduaren arloan Estatuaren oinarrizko legeak bere lurraldean garatzeko eta betearazteko eskumenaren babesean ere, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Itsas Arrantzari buruzko martxoaren 13ko 6/1998 Legean ezarritakoarekin bat etorrita.

Hori dela eta, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren proposamenez, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz, eta Gobernu Kontseiluak 2024ko ekainaren 18an egindako bilkuran proposamena aztertu eta onartu ondoren, hau

  1. Dekretu honen xedea da angularen lehorreko zein ontziko arrantza profesionala arautzea; alegia, 12 zentimetrotik beherako tamaina duten aingira (Anguilla anguilla) gazteak harrapatzeko arrantza arautzea. Eta, horrekin batera, angula-arrantzale profesionalen erregistroa sortzea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eskumenen esparruan.

  2. Arauaren helburua da angularen arrantza profesionala eta arduratsua bermatzea, legez ezarritako mugen barruan, merkaturatzearen azken fasera heldu arte.

  1. Angularen arrantza profesionala egin ahal izateko, dagokion lizentzia eduki behar da. Lizentzia bakarra izango da Euskal Autonomia Erkidego osoan, eta arrantzaren arloko eskumena duen Zuzendaritzak emango du. Angularen arrantza lehorretik egin daiteke, hau da, zuzenean urbazterretik, edo ontzi batetik.

  2. Lizentzia pertsonala eta besterenezina da, eta arro edo eremu jakin bakar baterako emango da; beraz, titularraren jarduna lizentzian adierazitako eremura mugatuko da.

  3. Lizentziarekin batera, pertsonaren nortasuna egiaztatzen duen edozein agiri aurkeztu beharko da, bai eta harrapaketen koadernoa ere (1. eranskina), beti eguneratuta egon beharko duena.

    Lizentzia denboraldi baterako emango da, eta, harekin batera, harrapaketen koadernoa ere emango da (1. eranskinean dago adierazita koadernoaren edukia). Titularrak harrapaketen pisua, erabilitako arrantza-aparailuak eta arrantzaren data eta ordutegia idatzi beharko ditu, eta koadernoa eguneratuta eduki.

  4. Profesional aktibo gisa edo profesional pasibo gisa emango da lizentzia. Eskatzailea profesional aktibotzat jotzen da Gizarte Segurantzako itsas langileen araubide berezian (Itsasoko Gizarte Institutuan) alta emanda badago eta egindako lanaren ondorioz diru-sarrerak jasotzen baditu; aldiz, profesional pasibotzat jotzen dira pentsioa kobratzen duten lizentzia-eskatzaileak.

  1. Angulak lehorretik arrantzatzeko lizentzia eskatzen dutenek eskakizun hauek bete beharko dituzte:

    1. Adinez nagusia izatea.

    2. Gizarte Segurantzako itsas langileen araubide berezian (Itsasoko Gizarte Institutuan) alta emateko konpromisoa salbuespen dira pentsioa jasotzen dutenak, arrantza profesionala egin ahal izango baitute, baldin eta Gizarte Segurantzaren araudi sektorialak baimena ematen badie.

    3. Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatuta egotea.

    4. Jardunean aritzeko behar diren elementuak eta ezagutza nahikoa izatea.

  2. Angulak ontzitik arrantzatzeko lizentzia eskatzen dutenek eskakizun hauek bete beharko dituzte:

    1. Adinez nagusia izatea.

    2. Gizarte Segurantzako itsas langileen araubide berezian (Itsasoko Gizarte Institutuan) alta emateko konpromisoa salbuespen dira pentsioa jasotzen dutenak, arrantza profesionala egin ahal izango baitute, baldin eta Gizarte Segurantzaren araudi sektorialak baimena ematen badie.

    3. Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatuta egotea.

    4. Indarreko arauen araberako izapideak eginda dauzkan ontzi bat izatea.

    5. Ontzia gidatu ahal izateko eskatzen den titulua edukitzea.

    6. Jardunean aritzeko behar diren elementuak eta ezagutza nahikoa izatea.

  1. Lizentzia eskatu nahi dutenek urte bakoitzeko ekainaren 1etik 30era bitartean eskatu beharko dute, biak barne.

  2. Arrantzaren arloko eskumena duen zuzendariari zuzenduko zaio lizentzia-eskabidea. Eskabidea agiri hauek osatuko dute: II. eranskineko eredu normalizatua (dekretu honen bidez onartua) eta 8. apartatuan adierazitako dokumentazioa.

  3. Pertsona fisikoek modu presentzialean zein elektronikoan aurkez ditzakete eskabideak. Eskabidea izapidetzeko eta agiriak aurkezteko bide bat edo bestea erabiltzeak presentziala edo elektronikoa ez du behartzen aurrerantzean ere prozedurako gainerako izapideak egiteko bide bera erabiltzera, edozein momentutan alda baitaiteke aukeratutako bidea.

  4. Modu presentziala: eskabideak Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren bulegoetan aurkeztuko dira (Donostia kalea 1 01010 Vitoria-Gasteiz) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluak xedatzen dituen tokietariko edozeinetan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuarekin bat etorriz. Eskatzaileak, eskabidea postetxeren batean aurkezten badu, gutun-azal irekian egin beharko du, postako langileek zigila dezaten eta data ezar diezaioten. Eskabidea Zuzenean zerbitzuan aurkezteko, ezinbestekoa izango da aurretik hitzordua eskatzea hemen: https://www.euskadi.eus/hitzordua-zuzenean (gaztelaniaz: https://www.euskadi.eus/cita-previa-zuzenean).

  5. Eskabideak bitarteko elektronikoak erabiliz aurkezteko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan sartu behar da. Eskaeraren osteko izapideak helbide hauetan egingo dira:

  6. Eskabidea ordezkari baten bitartez egiten bada, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 5. eta 6. artikuluetan xedatutakoaren arabera egiaztatu beharko da ordezkaritza. Ildo horretan, eta agindu honen esparruan, ordezkaritza jada egiaztatutzat joko da Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoaren ordezkarien erregistro elektronikoan inskribatuta badago (https://www.euskadi.eus/ordezkariak). Ordezkaritza erregistro horretan inskribatuta ez badago, borondatezko ordezkaritza emateko inprimaki normalizatua betez (https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/eskabidea/borondatezko-legezko-ordezkaritza-egilestea-inprimaki-normaldua/) edo zuzenbidean onartutako beste edozein modutara egiaztatu beharko da ordezkaritza.

  7. Eskabideak modu presentzialean zein elektronikoan aurkezteko, eskabideetarako inprimaki-eredu normalizatua erabiliko da; eredu hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan dago eskuragarri: https://www.euskadi.eus/egoitza-elektronikoa/. Administrazio-prozeduraren informazio-fitxa helbide hauetan eskuratu daiteke: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1239601 eta https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1239602. Hor daude jasota izapideetarako jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta ereduak, eta horren bidez sar daiteke eskabide-formulariora. Helbide honetan daude eskuragarri Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikazio eta sinadura elektronikorako onartzen diren bitartekoak: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak.

  8. Eskatzaile guztiek aurkeztu beharko dituzte nortasuna egiaztatzen duen agiria edo IFZa, eta errolda-agiria. Horretaz gainera, ontzitik egindako arrantza-modalitatearen kasuan, dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

    1. Ontzi-baimenerako dokumentazioa, bai eta ontzia gidatzeko eskatzen den titulazioa ere.

    2. Ontzirik badago, indarreko arauen arabera ontzien zerrendan alta emanda dagoela egiaztatzen duen agiria.

  9. NAN/IFZ identitatea eta errolda automatikoki egiaztatuko dituzte kudeaketa-zuzendaritzako zerbitzu teknikoek. Hala ere, eskatzaileak berariaz egin dezake egiaztatze horren aurka; baina, orduan, adierazitako dokumentuak aurkeztu beharko ditu. Aurka egite hori ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuaren 9. artikuluan xedatutakoaren arabera egingo da (91/2023 Dekretua, Herritarrei arreta integral eta multikanala ematekoa eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoz irispidean izatekoa).

  10. Eskatzaileek beren jarduera gauzatzeko postu finkoak esleitzeko eskatu ahal izango dute; eskaera hori kontuan hartuko da ahal den guztietan eta itsas jabari publikoa okupatzeko administrazio eskudunak egokitzat jotzen badu.

Harrapaketetan, urteko guztizko kupo bat ezarriko da arrantzaren arloko eskumena duen zuzendariaren ebazpen baten bidez, betiere irizpide zientifiko eta teknikoak errespetatuta. Kupo hori denboraldian zehar eguneratu ahal izango da, organo horrek emandako beste ebazpen baten bidez.

  1. Hemen daude azalduta arro bakoitzean lizentzien banaketa finkatzeko irizpideak.

    1. Harrapaketa-kupoaren lehenengo bi herenak (2/3) esleitzeko, irizpide hauek aplikatuko dira:

      (Ikus .PDF)

    2. Gainerako herena (1/3) zozketa publiko baten bidez esleituko da.

  2. Lizentziak honela esleituko dira:

    1. Lehenik eta behin, lizentzia guztien bi heren esleituko dira, puntuazio handienetik txikienerako hurrenkeran, definitutako esleipen-irizpideen arabera.

    2. Gainerako lizentziak (1/3) zozketa publiko baten bidez esleituko dira gainerako eskabide guztien artean; arrantzaren arloko eskumena duen Zuzendaritzak adierazten dituen bulegoetan egingo da zozketa.

  3. Eskabide kopurua banatu beharreko kupoa baino handiagoa bada eta berdinketarik badago, ordezkaritza txikiena duen sexuaren alde egingo da berdinketa hausteko.

  4. Zenbaketa orokorrari lortutako puntuen % 50 kenduko zaio angularen arrantzari loturiko administrazio-zehapen astun edo oso astun bakoitzeko.

  1. Arrantzaren arloko eskumena duen zuzendariaren ebazpen baten bidez ebatziko dira lizentzia-eskabideak urtero; horretarako, kupoa puntuazioaren arabera esleituko da, handienetik txikienera, aurreko artikuluan ezarritako irizpideak aplikatuta, lizentzien gehieneko kopurura iritsi arte.

  2. Angula arrantzatzeko lizentziak arrantza-denboraldi bakoitzeko emango dira, eta lizentziaren indarraldia denboraldi horrekin bat etorriko da.

  3. Lizentzia ukatzeko ebazpenean, ukatzeko arrazoiak adieraziko dira.

  4. Lizentzia emateko ebazpenean, informazio hau behintzat jasoko da:

    1. Emandako lizentzia-zenbakia.

    2. Arrantza-modalitatea: lehorretikoa edo ontzitikoa.

    3. Esleitutako kupoa.

    4. Esleitutako arroa.

    5. Profesional mota: aktiboa edo pasiboa.

    6. Lizentziaren iraupena.

    7. Angula-arrantzale profesionalen erregistroko inskripzio-zenbakia.

      Gainera, harrapaketa horiek mugatu ahal izango dira, profesional aktiboaren eta pasiboaren lizentzietarako muga desberdinak ezarriz. Muga hori lizentziak esleitu aurretik ezarriko da beti.

  1. Angula-arrantzale profesionalen erregistroa sortzen da. Erregistroa bakarra, publikoa eta doakoa da, izaera administratiboa du eta arrantzaren arloko eskumena duen sailari atxikita dago.

  2. Arrantzaren arloko zuzendari eskuduna izango da angula-arrantzale profesionalen erregistroaren arduraduna, eta administrazio-organo horretako langileek jardungo dute hartan; izan ere, Zuzendaritza horrek kudeatuko du erregistroa prozedura informatikoen bidez. Arrantzaren arloko Zuzendaritza eskuduna izango da datuak sartzearen, aldatzearen eta ezereztearen arduradun bakarra, eta zainduko du datuak une oro eguneratuta egon daitezen.

  3. Angula-arrantzale profesionalen erregistroan, aldi baterako ematen diren lizentzia guztiak inskribatuko dira, eta, kasu bakoitzean, adieraziko da lehorretiko edo ontzitiko arrantza-lizentzia den eta titulu profesional aktiboa edo pasiboa eman den, eta, horrekin batera, hau ere adieraziko da: nor diren titularrak, kasu bakoitzeko ontziaren datuak, halakorik badago, eta zer arrotan egingo duten arrantza. Gehienez ere, 150 arrantzale profesional izango dira Euskal Autonomia Erkidego osoan: lehorreko modalitatean 138, eta ontziko modalitatean 12. Arroen arabera, honela banatuko dira:

    (Ikus .PDF)

    Halaber, lizentzia kopurua berrikusi eta doitu beharko da espeziearen populazio-egoeraren arabera, arrantzalekuaren jasangarritasuna eta angula-populazioaren errekuperazioa edo hobekuntza bermatzeko.

  4. Arrantza arloko eskumena duen Zuzendaritzako zerbitzu teknikoek ofizioz egingo dute erregistroko inskripzioa, aurreko artikuluan aipatutako ebazpena eman ondoren, eta urtebetekoa izango da.

  5. Arroa aldatzeak, aldeko ebazpena eman ondoren, erregistroan baja ematea ekarriko du.

  6. Datu pertsonalak babesteko eta eskubide digitalak bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan xedatutakoaren arabera tratatuko da informazio pertsonala.

Angula arrantzatzeko, aparailu hauek daude baimenduta:

  1. Angula lehorretik arrantzatzeko, «baia» (bahea) deritzon tresna erabiliko da, edozein aldaeratan; gehienez ere 1,8 m2-ko diametroa izango dute bahe zirkularrek, eta bahe eliptikoek edo angeluzuzenek, berriz, gehienez 1,8 m izango dute ardatz nagusian. Arrantzale bakoitzeko aparailu bakarra dago baimenduta.

  2. Angula ontzitik arrantzatzeko, aldi berean eta gehienez ere bi aparailu edo bahe erabili ahal izango dira kontuan hartu gabe ontziko jardueran pertsona bakarra edo bi aritzen diren; gehienez ere 1,8 m2-ko diametroa izango dute bahe zirkularrek, eta bahe eliptikoek edo angeluzuzenek, berriz, gehienez 1,8 m izango dute ardatz nagusian.

Euskal Autonomia Erkidegoan, angula-arro hauetan egongo da baimenduta angularen arrantza:

(Ikus .PDF)

Angularen arrantza-denboraldia bera, denboraldi horren aldaketak edo etendurak arlo horretako Zuzendaritza eskudunaren ebazpen baten bidez ezarriko dira, Kantauri itsasoko ertzeko beste autonomia-erkidego batzuekin koordinatuta. Gainera, beti izan behar du horretarako beharrezkoa den euskarri teknikoa eta zientifikoa, eta inola ere ez du gaindituko Erkidegoko araudian aurreikusitakoa.

Eguneko harrapaketak banaka pisatu eta salduko dira, arlo horretako zuzendari eskudunaren ebazpen baten bidez baimendutako lehen salmentako puntuetan.

Angularen arrantzaren interes profesional eta ekonomikoak babestu eta sustatzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak entitate korporatibo bat eratu ahal izango du, interes horiek kudeatzeko antolaketa-tresna gisa jardun dezan.

  1. Angularen arrantzari buruz dekretu honetan edo indarrean dagoen gainerako araudian emandako arauak ez betetzea Itsas Arrantzari buruzko martxoaren 13ko 6/1998 Legean xedatutakoaren bidez zehatuko da.

  2. Hala badagokio, lizentzia baliogabetu ahal izango da, aurrez interesdunari entzun ondoren, egokitzat jotzen dituen alegazioak aurkez ditzan, nahiz eta horrek ez duen eragotziko erator litezkeen zehapen-espedienteak bideratzea.

Salbuespen gisa, 2024-2025eko kanpainarako eskabideak aurkezteko epea arrantzaren arloko eskumena duen zuzendariaren ebazpen baten bidez erabakiko da, eta ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

Angularen Arrantzari buruzko otsailaren 18ko 41/2003 Dekretua indargabetzen da.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA. Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, aldatzea.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren 18. artikuluaren 1. apartatuan, «x» letra gehitzen da, eta honela geratzen da idatzita:

  1. Angula-arrantzale profesionalen erregistroa kudeatzea.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA. Betearazteko eta garatzeko ahalmenak.

Arrantzaren arloko eskumena duen sailburuari ahalmena ematen zaio dekretu hau betearazi eta garatzeko behar diren xedapenak eman ditzan.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA. Indarrean jartzea.

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean dekretu hau.

Vitoria-Gasteizen, 2024ko ekainaren 18an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)