Arautegia

Inprimatu

35/2022 DEKRETUA, martxoaren 8koa, zeinaren bidez Uni Eibar Ermua Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratua eratzen baita, Hezkuntza Sailaren titulartasuneko beste ikastetxe bat eraldatuta.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Hezkuntza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 56
  • Hurrenkera-zk.: 1288
  • Xedapen-zk.: 35
  • Xedapen-data: 2022/03/08
  • Argitaratze-data: 2022/03/18

Testu legala

Euskal Autonomia Erkidegoko Estatutuaren 16. artikuluaren arabera, irakaskuntza Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumena da, bere luze-zabalean, maila, gradu, era eta espezialitate guztietan, betiere bazter utzi gabe Konstituzioaren 27. artikulua, artikulu hori garatzen duten lege organikoak, Konstituzioaren 149.1.30 artikuluak Estatuari ematen dizkion ahalmenak, eta hori betetzeko eta bermatzeko behar den goi-ikuskaritza ere.

Lege-agindu hori garatuz, abenduaren 30eko 3195/1980 Errege Dekretuak eskumenak ematen dizkio Euskal Autonomia Erkidegoari unibertsitatez kanpoko ikastetxe publikoak sortu, eraldatu, handitu, batu, sailkatu eta kentzeko (3195/1980 Errege Dekretuaren bidez osatzen da Estatuak irakaskuntzaren arloan dituen zerbitzuak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzeko prozesua).

Bestalde, Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoak lanbide-heziketako ikastetxe integratuen sorrera eransten die lehenago aipatutako eskumenei, eta, 11. artikuluan xedatzen duenez, Gobernuak ezarriko ditu ikastetxe horiek bete beharreko oinarrizko baldintzak, eta horiek sortzea, baimentzea, homologatzea eta kudeatzea Administrazioen egitekoak izango dira haien eskumen-eremuan. Artikulu horren arabera, halaber, profesionaltasun-tituluak eta ziurtagiriak eskuratzeko irakaskuntzako zentro gisa definitzen dira ikastetxe integratuak. Titulu eta ziurtagiri horiek, hain zuzen, Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionaleko lanbide-heziketako eskaintza osatuko dute.

Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoaren 11. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, abenduaren 23ko 1558/2005 Errege Dekretuak lanbide-heziketako ikastetxe integratuentzako oinarrizko baldintzak arautzen ditu. Ikastetxe integratuen xedeak errege-dekretu horren sarreran bertan daude laburbilduta, era honetan: ikastetxe horiek sortzen dira eskaintza integratu bat ziurtatzeko, gaikuntza emango duena hainbat lanbidetan era kualifikatuan aritzeko, eta pertsona helduei etengabeko prestakuntzarako eta enplegagarritasun-baldintzak hobetzeko aukera emango diena.

Bizialdi Osoko Ikaskuntzari buruzko urriaren 10eko 1/2013 Legearen II. kapituluan jasotzen da lanbide-heziketako euskal sistema integratua. Kapitulu horretan bertan adierazten denez, lanbide-heziketako ikastetxeen sarea da sistema horretako tresnetako bat. II. kapituluaren hirugarren sekzioan, lanbide-heziketako eskaintza integratua deskribatzen da; eskaintza horren oinarrian, ikastetxe-sare zabal bat dago, hasierako eta enplegurako lanbide-heziketa eskainiko duena. Sare horretan, lanbide-heziketako ikastetxe integratuak daude, besteak beste. Ikastetxe integratuek irakaskuntza hauek eskainiko dituzte prestakuntza-jardueretan: hasierako lanbide-heziketari dagozkionak; langileen laneratzeko eta birlaneratzeko ekintzei dagozkienak, eta etengabeko prestakuntzari dagozkionak, lanean dabiltzan langileentzat direnak. Ikastetxe integratuek, baimenduta dituzten lanbide-familiei edo -arloei dagokien prestakuntza-eskaintzaz gainera, lanbide-informazioko eta -orientazioko zerbitzuak eskainiko dituzte, eta, hala badagokio, baita beste ikaskuntza ez formal batzuen bidez edo laneko eskarmentuaren bidez kualifikazioen eta lanbide-heziketaren sistema nazionalaren esparruan lortutako gaitasuna ebaluatzeko zerbitzuak ere.

Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoaren esparruan, Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratuak arautzen dituen apirilaren 1eko 46/2014 Dekretuaren 8.2 artikuluak ezartzen duenez, hezkuntza- edo enplegu-arloko sailen menpeko lanbide-heziketako ikastetxe integratu publikoak sortu, eraldatu eta kendu ahal izango dira, bi sail horietako edozeinen ekimenez.

Hezkuntza Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 71/2021 Dekretuaren 17.h). artikuluan adierazten denez, Lanbide Heziketako Sailburuordetzari dagokio, lanbide-heziketaren arloan, irakaskuntza-unitate eta -ikastetxe pribatuak baimentzeko, eraldatzeko eta kentzeko proposamena egitea, bai eta unitate eta ikastetxe publikoak sortzeko, eraldatzeko eta kentzeko proposamena egitea ere.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren estatutuen 12.1 b) eta 15. artikuluan xedatutakoaren arabera esleituta dituen eginkizunen baitan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Lanbide Heziketarako zuzendariak, 2021eko azaroaren 14ko dataz, baimena ematen du Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratu bat sortzeko, Hezkuntza sailaren titulartasuneko beste ikastetxe bat eraldatuta.

Ondorioz, Hezkuntzako sailburuaren proposamenez, Lanbide Heziketako Euskal Kontseilua jakitun jarrita, eta Gobernu Kontseiluak 2022ko martxoaren 8an egindako bilkuran proposamena aztertu eta onartu ondoren, honako hau

Apirilaren 1eko 46/2014 Dekretuaren 8. artikuluan adierazitakoarekin bat etorriz, hezkuntzaren arloko eskumena duen sailaren menpe egon eta lanbide-heziketako irakaskuntzak eskaintzen dituen IES Uni Eibar Ermua BHI Bigarren Hezkuntzako Institutua (012053 kodea) lanbide-heziketako ikastetxe integratu bihurtuko da, eta horrek 2022-2023 ikasturtearen hasieratik izango ditu ondorioak. Lehengoa eraldatuz sortutako ikastetxe berriak izen generiko hau izango du: Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratua.

Titulartasun publikoko lanbide-heziketako ikastetxe integratuen sarearen barnean sartzen da aipatutako ikastetxea.

  1. Lanbide-heziketako ikastetxe integratu eraldatuak irakaskuntza hauek eskainiko ditu prestakuntza-jardueren barruan: hasierako lanbide-heziketari dagozkionak; langileen laneratzeko eta birlaneratzeko ekintzei dagozkienak eta etengabeko prestakuntzari dagozkionak, lanean dabiltzan langileentzat direnak. Irakaskuntza horiek finkatzerakoan, ekoizpen-ingurunearen eskaerak hartuko dira aintzat, eta sail edo erakunde eskudunak baimendu beharko ditu.

  2. Apirilaren 1eko 46/2014 Dekretuaren 2. artikuluaren 3. apartatuan adierazitakoarekin bat etorriz, lanbide-heziketako ikastetxe bateratuek, baimenduta dituzten lanbide-familia edo -arloei dagozkien prestakuntza-eskaintzaz gain, lanbide-informazio eta -orientazioko zerbitzuak ere eskainiko dituzte, eta, hala badagokio, berariazko araudian zehazten denaren arabera, baita beste ikaskuntza ez formal batzuen bidez edo lan-eskarmentuaren bidez kualifikazioen eta lanbide-heziketaren sistema nazionalaren esparruan lortutako gaitasuna ebaluatzeko zerbitzuak eta kalitatezko prestakuntza, enplegagarritasuna, berrikuntza eta ekintzailetza sustatzen duten beste zerbitzu batzuk ere.

  1. Behin betiko irakasle funtzionarioen berratxikitzeari ekingo zaio 86/2002 Dekretua bigarrenez aldatzen duen uztailaren 29ko 148/2008 Dekretuak ezartzen duen bezala. Dekretuak irizpideak ezartzen ditu zehazteko zer irakasleari eragiten dion, ikasturte bakoitzean, Bigarren Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako berariazko Institutuetako Lanpostu Zerrendak, eta arautzen du irakasleak beren Ikastetxeetan atxikitzeko prozesua.

  2. Hezkuntza Sailak urtero argitaratzen du, dagokion dekretuaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe publikoetan Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko irakasleen kidegoetako lan-kontratuko irakasleentzat eta funtzionarioentzat gordetako lanpostuen zerrenda, maisu-maistren kidegokoa izan ezik. Dekretu horretan, 1. artikuluan eraldatutako irakasleen plantilla sartuko da.

  3. Eraldatzen den ikastetxeko lanpostuei atxikitako Administrazio Orokorreko langileak ikastetxe eraldatuko lanpostuei atxikiko zaizkie, administrazio publikoetako langile funtzionarioentzat horretarako ezarritako prozedurei jarraituz (urriaren 13ko 190/2004 Dekretua).

    LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA. Eraldatutako ikastetxeko zuzendariaren kargu-uztea.

    Ikastetxea lanbide-heziketako ikastetxe integratu bihurtu aurreko egunean utziko du kargua eraldatzen den ikastetxeko zuzendariak, hala ezarrita baitago otsailaren 3ko 22/2009 Dekretuaren 20. artikuluan, apirilaren 1eko 46/2014 Dekretuaren azken xedapenetako lehenengoaren bidez emandako idazkeraren arabera (22/2009 Dekretua, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren menpeko Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko ikastetxeko zuzendariak aukeratzeko eta pertsona bakarreko gainerako gobernu-organoak izendatzeko eta kargugabetzeko prozedura arautzen duena). Lanbide Heziketako sailburuordeak izendatuko du zuzendari berria, 46/2014 Dekretuaren bigarren xedapen gehigarrian ezarritakoarekin bat etorriz.

    BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Kontseilu Soziala eratzea.

    Irakasleen klaustroa eratu ondoren, ikastetxeko zuzendaritzaren ekimenez Kontseilu Soziala eratzeko jarduerak gauzatu beharko dira. Horretarako, gehienez urtebeteko epea egongo da, ikastetxe integratua jardunean hasten denetik aurrera. Lanbide Heziketako sailburuordeak behar diren jarraibideak emango ditu ikastetxeetako hauteskunde-prozesuak burutu daitezen. Kontseilu Soziala bi urtetik behin berrituko da, eta, horretarako, Euskal Eskola Publikoa osatzen duten ikastetxeetarako oro har aurreikusitako prozedurak aplikatuko dira.

    HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Uni Eibar Ermua Bigarren Hezkuntzako Institutuari buruzko aipamenak.

    Dekretu hau indarrean jartzen den egunetik aurrera, indarrean dauden xedapenetan Uni Eibar Ermua Bigarren Hezkuntzako Institutua aipatzen denean, Uni Eibar Ermua Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratua aipatzen dela ulertuko da.

Dekretu honek 2022ko uztailaren 1etik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteizen, 2022ko martxoaren 8a.

Lehendakaria,

I袸GO URKULLU RENTERIA.

Hezkuntzako sailburua,

JOKIN BILDARRATZ SORRON.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.