Arautegia
Inprimatu23/2022 DEKRETUA, otsailaren 15ekoa, 2030 Agenda Bonuen Programa izeneko dirulaguntzak arautzen dituena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Dekretua
- Organo arau-emailea: Lehendakaritza
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 41
- Hurrenkera-zk.: 957
- Xedapen-zk.: 23
- Xedapen-data: 2022/02/15
- Argitaratze-data: 2022/02/25
Gaikako eremua
- Gaia: Administrazioaren antolamendua; Hezkuntza
- Azpigaia: Gobernua eta Administrazio Publikoa; Instituzional
Testu legala
Gobernu Kontseiluak 2030 Agendaren Lehentasunen Euskal Programa 2021eko ekainaren 29an onartu zuen. Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren Idazkaritza Nagusiaren Legegintzaldiko lan-plana da dokumentu hori, Garapen Jasangarrirako Helburuak (GJH) bultzatzeari dagokionez.
Programaren hasieran diagnostiko bat jaso da, desoreka adierazten duten bi erreferentzia biltzen dituena. Alde batetik, hamarkada honetan, 2030 Agendak eta GJHek EAErentzat eta gizarte osoarentzat duten aparteko garrantzia. Bestalde, egiaztatu da oso ezezaguna dela gizartearentzat 2030 Agendaren esanahia eta edukia.
2030 Agenda ez da bezain ezaguna gure gizartean. Egiaztapen horrek agerian uzten du zaila dela herritarren inplikazio handiagoa lortzea, haren balioa barneratzeko zein bultzatzeko. Etapa berri honetan, funtsezko zeregina da 2030 Agendaren esanahiaren dibulgazioa hobetzea eta GJHek adierazten duten eraldaketan gizartea txertatzeko mekanismoak antolatzea.
2030 Agendaren Lehentasunen Euskal Programaren bidez, defizit horri erantzutea aurreikusi da, elkarrizketa eta parte-hartze sozialerako proposamen bat sustatuz: Euskadi 2030 Agenda Gizarte Kontratua. Proposamen horrek bost jarduera-ardatz garatzen ditu, eta bosgarren ardatzean 2030 Agenda Bonuen programa abiaraztea legoke, Euskadi 2030 Agenda Gizarte Kontratu bati buruzko elkarrizketa eta herritarren parte-hartzea bultzatzeko eta GJHak ezartzeko dibulgazio- edo prestakuntza-ekintzak diruz laguntzeko.
Dekretu honek bosgarren ardatzari erantzun nahi dio, 2030 Agenda Bonuen Programa izeneko dirulaguntza-programaren bidez. Programa horren xedea da euskal elkarte-sareko erakundeei laguntzea da, 2030 Agendari buruz dibulgazio- eta ezagutza- ekintzak sustatzeko, baita herritarrei zuzendutako partaidetza-ekintzak ugaritzeko ere.
Azken batean, 2030 Agenda Bonuen Programak eragin biderkatzailea lortu nahi du: GJHen zabalkundean, ezagutzan eta atxikimenduan, eta baita zeharkako lankidetza sustatzeko konpromisoan ere. Filosofia hori ardatz hartuta, 2030 Agenda Bonuen Programaren helburuak honako hauek dira: 2030 Agendaren esanahiari, proiekzioari eta garrantziari buruzko gizarte-ezagutza handiagoa lortzea; elkarrizketa, parte-hartzea eta inplikazio sozialerako bideak eskaintzea Garapen Jasangarriko Helburuei dagokienez; hezkuntza-tresnak eta -ekimenak indartzea, giza garapenaren eta garapen jasangarriaren pedagogia eta 2030 Agenda Gizarte Kontratuaren printzipio eta balioak garatzeko; eta GJHak erakundeen, sektoreen edo erakundeen jarduera-eremu guztietan ezartzeko prestakuntza-tresnak babestea.
Horregatik guztiagatik, lehendakariak hala proposatuta, eta Gobernu Kontseiluak 2022ko otsailaren 15ean eginiko bilkuran proposamena eztabaidatu eta onetsi ondoren, hau
Dekretu honen xedea da 2030 Agenda Bonuen Programa arautzea, 2030 Agendaren arloko proiektuetarako dirulaguntzak emateko, EAEko elkarteen sareko erakundeek garatutako dibulgazio-, hezkuntza-, prestakuntza- edo partaidetza-ekintzak sustatzeko eta ugaritzeko laguntza gehigarri gisa, 2030 Agenda eta Garapen Jasangarrirako Helburuak (aurrerantzean, GJH) direla eta.
Euskal Autonomia Erkidegoan 3. artikuluan aurreikusitakoaren arabera diruz lagun daitekeen proiekturen bat garatzen duten irabazi-asmorik gabeko erakundeek eskuratu ahal izango dituzte 2030 Agenda Bonuen Programaren deialdiaren xede diren dirulaguntzak.
Honako erakunde hauek ezin izango dituzte eskuratu 2030 Agenda Bonuen Programako dirulaguntzak:
Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 eta 13.3 artikuluetan aurreikusitako egoeraren batean egotea, besteak beste:
Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean ez izatea.
Dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ordainketak egunean ez izatea.
Dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratiborik edo penalik ez izatea, ezta horretarako legezko inolako debekurik ere, sexu-bereizkeriagatiko debekuak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean xedatutakoarekin bat etorriz.
Europako Batzordeak laguntza bat legez kanpokoa eta barne-merkatuarekin bateraezina dela erabaki ondoren, laguntzak berreskuratzeko agindu baten menpe badaude.
Euskal Autonomia Erkidegoko fundazioen kasuan, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen lehenengo xedapen iragankorrean jasotako kasuan egotea.
Dirulaguntzen onuradun izateko aurreko ataletan adierazitako baldintzak betetzen badira, laguntza-eskaera aurkezten denetik dirulaguntza likidatzen den arte mantendu beharko da.
Aurreko paragrafoetan aurreikusitako alderdiak honela egiaztatuko dira:
Berrikuntza Sozialaren Zuzendaritzak ofizioz egiaztatuko du, elkarreragingarritasunaren bidez, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela.
Hala ere, eskatzaileak berariaz ukatu ahal izango du baimena, eta kasu horretan, eskaera egiteko unean, kasuan kasuko organo eskudunak emandako administrazio-ziurtagiri positiboak aurkeztu beharko ditu.
Erakunde eskatzailea fundazio bat izanez gero, artikulu honetako 2.c) idatz-zatian jasotako inguruabarrik ez badago, Berrikuntza Sozialaren Zuzendaritzak egingo du ofizioz, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren bidez.
Gainerako baldintzak eskabideari erantsiko zaion inprimakian erantsitako erantzukizunpeko adierazpenaren bidez egiaztatuko dira.
2030 Agenda Bonuen Programaren xedea izango da honako proiektu mota hauek finantzatzea:
Hitzaldiak, eztabaidak, mahai-inguruak, jardunaldiak edo mintegiak antolatzea.
Informazio-kanpainak garatzea edo informazio- edo dibulgazio-materiala editatzea.
Prestakuntza-programak edo ikastaroak, edozein arlotakoak.
Ikasleei zuzendutako hezkuntza-programak, edozein arlotakoak.
Herritarren parte-hartzea bultzatzeko ekimenak.
Antzeko beste proiektu batzuk, 2030 Agenda zabaltzen eta ezagutzera ematen laguntzeko.
4 artikulua. Proiektuen baldintzak.
Honako helburu hau duten proiektuek bakarrik jasoko dute dirulaguntza:
2030 Agendaren eta GJHen edukia eta esanahia zabaltzea eta horietaz informazioa ematea.
2030 Agendari eta GJHei buruz prestatzea eta heztea.
Euskadi 2030 Agenda Kontratu Sozialari buruzko elkarrizketa eta herritarren parte-hartzea.
Gainera, proposatutako ekimenek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
Edozein eremutako prestakuntza-jarduerei buruzko lan proposamenetan, gutxienez, 15 pertsonak parte hartzea eskatzen duten proiektuak soilik onartuko dira.
Hezkuntza-arloko ekintzetarako zuzeneko dinamizazio-proposamenetan, ikastetxe bateko ikasgela, klaustro edo guraso-elkarte oso bati eragiten dioten proiektuak soilik onartuko dira.
Udalen edo herritarren parte-hartzearen arloko ekintzetarako zuzeneko dinamizazio-proposamenetan, eskakizun hauek betetzen dituzten proiektuak soilik onartuko dira:
zuzeneko informazio-motaren bat gutxienez 500 pertsonari zuzentzen diotenak, gutun, mezu elektroniko edo argitalpenen bidez. 1.000 biztanletik beherako udalen kasuan gutxienez 150 pertsonako publiko batengana jo beharko dute; eta
gutxienez 40 pertsonari eragiten dioten ekintzak, hala nola hitzaldiak, foroak edo jardunaldiak.
Proiektuak Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan garatu beharko dira.
Diruz lagundu daitezkeen gastutzat hartzeko, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan xedatutakoa beteko da.
Dirulaguntzaren zenbatekoa proiektuaren aurrekontu osoaren % 75 izango da, eta gehienez ere 5.000 euro emango dira eskabide bakoitzeko.
Dirulaguntza hauen erakunde onuradun berak, ezin izango du deialdi berean 25.000 euro baino gehiago metatu, diruz lagundutako ekintzen baturagatik.
Urtero egingo da dekretu honetan araututako dirulaguntza-deialdia, Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren idazkari nagusiaren ebazpen baten bitartez.
Deialdiari buruzko ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta, bertan, alderdi hauek azaldu beharko dira: deialdiaren xedea, laguntzen diru-zuzkidura, dagokion ebaluazio-batzordeko kideen izenak, eskabideak aurkezteko modua eta epea, diruz lagundu daitekeen proiektua egikaritzeko epea, eta, hala badagokio, haien gehieneko zenbatekoa.
Dekretu honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateragarriak dira beste edozein erakunde publikok edo pribatuk xede eta helburu bererako emandakoekin, baldin eta horien zenbateko metatuak ez badu gainditzen diruz lagundutako proiektuaren benetako kostua.
Proiektua finantzatzeko emandako laguntzen zenbateko metatuak diruz lagundutako proiektuaren benetako kostua gainditzen badu, programa honen babesean emandako dirulaguntzaren zenbatekoa dagokion gehieneko mugaraino murriztuko da.
Dirulaguntza-deialdian ezartzen den epean eta han ezarritako baldintzak beteta aurkeztu behar dituzte erakunde interesdunek eskabideak. Bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu behar dira eskabideak, deialdiaren ebazpenean ezartzen den dokumentazioarekin batera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14. artikuluan ezarritakoaren arabera. Berrikuntza Sozialaren Zuzendaritzak egiaztatu eta kontsultatuko ditu agiri horiek, lege horren 28. artikuluan ezarritako eran.
Eskabidean, gutxienez, datu hauek jaso beharko dira:
Entitate eskatzailearen datuak, entitatearen arduraduna identifikatuta.
Proiektuaren memoria xehea, datu hauek jasotzen dituena:
Proiektuaren helburuak.
Egingo den jardueraren deskribapen laburra.
Aurrekontu zehatza.
Jarduteko egutegia.
Proiektuan parte hartzera bultzatu nahi diren pertsonen kopurua.
Erakunde eskatzaileak proiektua gauzatzeko eskura dituen giza baliabideak eta baliabide materialak; adierazi beharko da, gainera, erakundeak ba al duen berdintasunaren arloan ibilbidea edo prestakuntza duen pertsonarik.
Genero-ikuspegia nola txertatu nahi den.
Erantzukizunpeko adierazpena, helburu bererako laguntzak, diru-sarrerak edo bestelako baliabideak eskatu eta, hala badagokio, lortzeari buruzkoa, edozein administraziotatik edo erakunde publiko zein pribatutatik etorriak direla ere.
Erantzukizunpeko adierazpena, egiaztatzen duena erakundea ez dagoela onuradun izateko ezintasuna dakarten egoeretako batean ere; azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 13. artikuluan daude araututa egoera horiek.
Erantzukizunpeko adierazpena, egiaztatzen duena erakunde eskatzailea ez dagoela otsailaren 18ko 4/2005 Legean jasotako egoeretan, zeinek sexu-diskriminazioa egiteagatik dirulaguntzak jasotzea galaraz dezaketen.
Erakundeak dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak egunean dituela egiaztatzen duen erantzukizunpeko adierazpena.
Fundazio bat bada, erantzukizunpeko adierazpena, egiaztatzeko erakundea ez dagoela sartuta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen Lehenengo Xedapen Iragankorrean, Euskal Autonomia Erkidegoko dirulaguntzak edo laguntza publikoak eskuratzea debekatzen duenean.
Europako Batzordeak laguntza bat legez kanpokoa eta barne-merkatuarekin bateraezina dela erabaki ondoren, erakundea laguntzak berreskuratzeko agindu baten menpe ez dagoela egiaztatzen duen erantzukizunpeko adierazpena.
Berrikuntza Sozialaren Zuzendaritzak espedientea osatzeko behar dituen agiri eta azalpen guztiak eskatu ahal izango dizkio erakunde eskatzaileari, eta, era berean, eskatzaileak emandako datuak egiaztatzeko egin beharreko egiaztapen guztiak egin ahal izango ditu.
Eskabideak baldintza guztiak betetzen ez baditu edo deialdiaren ebazpenean eskatutako agiri guztiak ez baditu, erakunde interesdunari eskatuko zaio 10 eguneko epean hutsa zuzentzeko edo nahitaezkoak diren dokumentuak aurkezteko; eta adieraziko zaio, hala egin ezean, eskaera bertan behera utziko zaiola, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan xedatutakoaren arabera.
Erakunde batek eskabidea aurrez aurre aurkezten badu, elektronikoki aurkezteko betebeharra adieraziko zaio. Ondorio horietarako, eskabidea bide elektronikoz egin den eguna hartuko da aurkezpen-datatzat.
Aurkeztutako proiektuak aztertzeko eta ebaluatzeko irizpideak, 4. artikuluko baldintzak betetzen badituzte proiektuok, honako hauek izango dira, eta guztira 70 puntu jaso ahal izango dituzte:
Antzerako proiektuak gauzatzen izandako esperientziaren balorazioa (10 puntu, gehienez).
erakundeak proiektu bat kudeatu du azken hiru urteetan: 4 puntu.
erakundeak bi proiektu kudeatu ditu azken hiru urteetan: 7 puntu.
erakundeak hiru proiektu kudeatu ditu azken hiru urteetan: 10 puntu.
Genero-ikuspegiaren zeharkakotasuna (15 puntu, gehienez).
Genero-ikuspegia proiektuaren diseinuan, helburuetan, metodologian eta adierazleetan (10 puntu, gehienez).
Emakumeen eta gizonen parte-hartze orekatua proiektuaren garapenean (5 puntu).
Proiektuaren ebaluazioa (45 puntu, gehienez).
Kalitate teknikoa (25 puntu, gehienez).
Egungo egoeraren diagnostikoa eta aukeren azterketa (7 puntu gehienez).
Proiektuaren plangintza: helburuen, emaitzen eta jardueren arteko koherentzia (5 puntu, gehienez).
Emaitza adierazleak. Nazio Batuek proposatutako GJH sartzea (7 puntu, gehienez).
Jarraipena eta ebaluazioa: metodologia eta gauzatze-kronogramara egokitzea (6 puntu, gehienez).
Proiektuaren bideragarritasuna eta kontrol-mekanismoak, helburuak lortzeko eta gastuaren eraginkortasuna bermatzeko (10 puntu, gehienez).
Proiektuaren finantzaketa orokorra (7 puntu, gehienez).
Proiektua burutzeko erakundeak jarritako baliabide teknikoak, teknologiakoak eta materialak (3 puntu, gehienez).
Hartzaileak (10 puntu, gehienez).
Zuzeneko eta zeharkako hartzaileen kuantifikazioa (7 puntu, gehienez).
Haurrak eta gazteak lehenestea (3 puntu, gehienez).
Ezingo dute dirulaguntzarik jaso, gutxienez, 30 puntu lortzen ez dituzten proiektuek.
Deialdi bakoitzean, 2030 Agenda Bonuen Programako dirulaguntzak lehiaketa bidez emango dira, aurkeztutako eskabideak konparatuz, 10. artikuluan adierazitako balorazio-irizpideak kontuan hartuta, horien arteko lehentasun-hurrenkera ezartzeko. Horrela, balorazio-fasean artikulu horren 4. atalean adierazitako puntuazio bera edo handiagoa lortzen dutenek baino ez dituzte dirulaguntzak jasoko, lehentasun-hurrenkera horren arabera esleituko dira eta, dagokion deialdiari esleitutako kredituak agortu arte, hala badagokio.
Proiektuak baloratzeko, ebaluazio batzordea eratuko da, eta honako osaera hau izango du:
Batzordeburua: Berrikuntza Sozialaren Zuzendaria.
Batzordekidea: Lehendakaritzako teknikari bat.
Idazkaria: Lehendakaritzako teknikari bat; hitza eta botoa izango ditu.
Ebaluazio batzordeak, hala badagokio, Lehendakaritzako berdintasunerako administrazio-unitateko emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko aholkularitza aditua eduki ahal izango du. Aholkulari horrek hitza izango du, baina botorik ez.
Batzordearen kideak izendatzerakoan kontuan hartuko da Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan gaitasuna edukitzea eta otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 3.7 artikuluan xedatutakoa.
Ebaluazio-batzordeko kideen izendapena dirulaguntza-deialdi bakoitzean zehaztuko da, eta, horretarako, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legean araututakoaren babesean jardungo da.
Ebaluazio-batzordeak, 10. artikuluan ezarritako ebaluazio irizpideen aplikazioan oinarrituta, dagokion ebazpen-proposamena helaraziko dio Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren Idazkaritza Nagusiko titularrari, eta bertan jasoko ditu eman nahi diren dirulaguntzak, honako hauek adierazita: onuradun gisa proposatutako erakundeen identitatea, ebaluazio fasean lortutako puntuazioa, zer jarduketa egiteko proposatzen den ematea eta emandako zenbatekoa, bai eta ukatzeko arrazoiak ere.
Diruz lagundutako proiektua deialdia egin den ekitaldiaren barruan hasi beharko da egiten, eta deialdi horretan adierazitako epemuga baino lehen amaituta egon beharko du.
Berrikuntza Sozialaren Zuzendaritzaren eginkizuna izango da dekretu honetan jasotako laguntzak kudeatzeko lanak egitea.
Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren Idazkaritza Nagusiko titularrari dagokio deialdi bakoitza ebaztea interesdunek planteatutako gai guztiak erabakita, ebaluazio batzordeak proposatuta.
Ebazpenak zehaztuko du eskatutako dirulaguntzak eman edo ukatu diren, eta, eman badira, erakunde onuradunen izen soziala, finantzatutako jarduerak eta kasu bakoitzean emandako dirulaguntzaren zenbatekoa adieraziko ditu. Ukatutakoen kasuan, eskatzaileen izen soziala eta ukatzeko arrazoiak jasoko dira.
Ebazpen horren aurka egiteko, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke ebazpena eman duen organoari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.
Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta jakinarazpenaren ondorioak izango ditu. Halaber, argitalpenaren berri eman ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalean.
Prozedura ebazteko eta jakinarazteko gehienezko epea sei hilabetekoa izango da, deialdiaren ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Epe hori amaitzen bada aipatutako argitalpenik egin gabe, dirulaguntzaren eskaera ezetsi egin dela ulertu beharko da, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1.a) artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.
Dekretu honetan aurreikusitako dirulaguntzak erakunde onuradunei emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da amaituta egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi eta oraindik izapidetzen ari diren itzulketa- edo zehapen-prozedura guztiak.
Interesa duten erakundeek bitarteko elektronikoak erabiliko dituzte laguntzak eskatzeko, kontsultatzeko eta haiei buruzko prozeduren izapide guztiak egiteko.
Administrazio-prozeduraren informazio-fitxan jaso dira izapideak egiteko jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta ereduak, eta haren bidez sartu ahal izango da eskaeraren formularioan. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan dago eskuragarri, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/egoitza
Eskabidearen ondorengo izapideak egiteko (jakinarazpenak eta justifikazioak barne), Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalera jo beharko da: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
Helbide honetan daude eskuragai Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak
Ordezkari baten bidez izapidetu ahal izango da elektronikoki; horretarako, Euskal Administrazio Publikoaren Ahalordeen Erregistro elektronikoan inskribatu behar da ordezkaritza, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak
Deialdiaren xede diren laguntzen erakunde onuradunek bete egin beharko dituzte, oro har, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartu zuen testu bategina) 50.2 artikuluan jasotako betebeharrak.
Erakunde onuradunek 15 eguneko epean onartu egin beharko dute emandako dirulaguntza. Hala, esleipen-ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera berariaz uko egiten ez badio, onartu egin duela ulertuko da.
Zehazki, azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 14. artikuluan jasotzen diren betebehar orokorrez gain, erakunde onuradun bakoitzaren betebeharrak izango dira honako hauek:
Dirulaguntza ematea eragin zuen proiektua edo jarduera egitea.
Dirulaguntzak kudeatzeko eskumena duen organoaren eta, hala badagokio, Kontrol Ekonomikoaren Bulegoaren egiaztatze-lanak onartzea, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargura jasotako laguntzei eta dirulaguntzei dagokienez, baita Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren araudi bereziak ezarritakoak ere.
Bestelako administrazio edo erakunde publiko zein pribatuetatik xede berarekin jasotako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea dirulaguntzak kudeatzeko eskumena duen organoari.
Diruz lagundutako jarduera guztietan berariaz aipatzea Eusko Jaurlaritzaren lankidetza izan dela, eta programen hartzaile diren erakundeei ere horren berri ematea.
Dirulaguntzak kudeatzeko eskumena duen organoari diruz lagundutako proiektuak gauzatzerakoan sortutako materialak biltzen dituen artxibo digitala ematea, organo horrek webgunean herritarren esku jar ditzan, edo horiei dagokien URL helbidea ematea, horietara sartzeko esteka jarri ahal izateko.
Igorritako dokumentu guztietan hizkera sexistarik erabiliko ez dela bermatzea, otsailaren 18ko 4/2005 Legea bete dadin. Era berean, emakumeen irudi diskriminatzaile edo estereotipo sexistak saihestuko dituzte, eta balio hauek agertzen dituen irudi bat sustatuko dute diruz lagundutako proiektuarekin lotutako hedapen-ekintzetan eta argitalpen-materialetan: berdintasuna, gizon eta emakumeen presentzia orekatua, aniztasuna, erantzukizun partekatua eta genero-rol zein -identitateen pluraltasuna.
Euskara eta gaztelania erabiltzea diruz lagundutako proiektuaren garapenean, baita ere proiektuetatik sortutako zabalkunde-jardueretan eta argitalpenetan.
Administrazioak emandako dirulaguntza ordaindu ahal izateko, erakunde onuradunak Ekonomia eta Ogasun Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren Hirugarren Erregistroan erregistratuta egon beharko du, eta alta eman beharko du edo banku-datuak aldatu beharko ditu, baldin eta datu horiek ez badaude aipatutako erregistroan jasota. Horretarako, alta eman beharko du edo, hala badagokio, aurretik gehitutako informazioa aldatu beharko du telematikoki, https://www.euskadi.eus/web01-s2oga/eu/contenidos/informacion/regtelter_infor/eu_rtt/index.shtml helbidean jasotako jarraibideen arabera. Jarduketa hori bete ezean, ezingo da ordainketa egin.
2030 Agenda Bonuen Programaren babesean emandako dirulaguntzak aldi bakarrean ordainduko dira, diruz lagundutako jarduera gauzatu dela eta 18. artikuluan ezarritakoaren arabera benetan egindako kostua justifikatu ondoren egindako likidazioaren ondoriozko zenbatekoaren arabera.
Ez da ordainketarik egingo pertsona edo erakunde onuradunak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean ez baditu, edo laguntzak edo dirulaguntzak itzultzeko bidezkotasunari buruzko ebazpenaren bidez zordun bada.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoak emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi eta izapidetzen ari den edozein itzulketa- edo zehapen-prozedura amaitzearen mende egongo da laguntzen ordainketa.
Diruz lagundutako jarduera amaitu eta hilabeteko epean, dirulaguntzen erakunde onuradunek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:
Proiektua gauzatu dela jasotzen duen memoria, gastuak eta sarrerak zehaztuta.
Proiektuaren garapenaren deskribapena.
Diruz lagundutako proiektua edo programa gauzatzeko egin diren gastuen jatorrizko fakturak edo kopia konpultsatuak. Horrela, laguntza ematea eragin zuen xedea bete dela eta jasotako funtsak aplikatu direla egiaztatuko da.
Dirulaguntzaren xede izan den proiektuan parte hartu duten pertsonen zerrenda, sexuaren arabera bereizita, eta, hala bada, genero-ikuspegia ere nola txertatu den adierazi beharko da.
Berrikuntza Sozialaren Zuzendaritzak proiektu bakoitza gauzatu dela egiaztatzen duten agiriak aurkezteko eskatu ahal izango die erakunde onuradunei, hala nola: programen kopiak, kartel-iragarleak, argazkiak eta argitaratutako gainerako material grafikoa, idatzizkoa edo entzunezkoa.
Erakunde onuradunak Berrikuntza Sozialaren Zuzendaritzari jakinarazi beharko dio dirulaguntza emateko kontuan hartu diren edozein gorabehera objektibo zein subjektibo aldatu den, bai eta edozein administrazioren edo erakunde publiko zein pribaturen eskutik helburu bererako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo bestelako baliabideak jaso dituen ere.
Dirulaguntza emateko kontuan hartu diren baldintzak aldatuz gero betiere dirulaguntzaren helburua betetzat jotzen bada edo, bestela, edozein erakunde pribatu nahiz publikotatik aldi berean beste laguntzarik jasoz gero, dirulaguntza emateko ebazpena aldatu egin daiteke, baldin eta zaintzen badira dirulaguntza jaso ahal izateko ezarritako gutxieneko betekizunak eta dirulaguntzen xedea. Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren idazkari nagusiak beste ebazpen bat emango du, emandako dirulaguntzen kopurua murrizteko.
Dirulaguntza jasotzen duen entitateak Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko dizkio, batetik, jasotako zenbateko guztiak edo horien zati bat eta, bestetik, berandutze-interesak, hauen ondorioz:
Gastuak ez justifikatzea.
Aurkeztutako datuak faltsuak izatea.
Jasotako dirulaguntza eskabidean adierazitakoa ez den beste zerbaiterako erabiltzea.
Dekretu honetan edo urteko deialdiaren ebazpenean ezarritako baldintzak ez betetzea.
Izan ere, zenbatekoak itzultzeko betebeharra dago aginduta hauetan: azaroaren 17ko 38/2003 Legean, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginean, eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren II. tituluan aurreikusitako dirulaguntzak itzultzeko jardunbide orokorrean. Dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen da, eta horien kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta betebeharrak ezartzen dira.
Aurreko paragrafoan adierazitako itzultze-betebeharraz gain Dekretu honetan edo urteko deialdiaren ebazpenean ezarritako baldintzak ez betetzeak erakunde onuradunaren aurkako zehapen prozedura hasiko du Administrazio Publikoak. Prozedura horrek hauek ekar litzake: arau-haustea dagoela adieraztea eta zehapena ezartzea, baita eragindako kalte-galeren ordaina eta, hala badagokio, eragindako erantzukizun penala eskatzea ere erakunde onuradunari.
Zehapen prozeduraren izapidetzea arau hauetan oinarrituko da: azaroaren 17ko 38/2003 Legearen IV. tituluan, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren IV. tituluko III. kapituluan eta urriaren 1eko 40/2015 Legearen Atariko tituluaren III. kapituluan.
Dekretu honen eremuan, erakundeek euskara zein gaztelania erabili ahalko dituzte Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrarekin dituzten harremanetan, ahoz zein idatziz, eta hizkuntza horretan arreta jasotzeko eskubidea bermatuko da.
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA
Dekretu honetan araututako laguntzek ez dituzte betetzen Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko 107.1 artikuluan ezarritako baldintza guztiak, eta, beraz, ez dira estatu-laguntza, eta ez da beharrezkoa Europako Batzordeari jakinaraztea.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Dekretu honetan arautzen diren dirulaguntzak honako arau hauetan xedatutakoari ere jarraikiko diote: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea; Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. titulua eta VII. tituluaren III. kapitulua (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zuen testu bategina), eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren oinarrizko araudia eta Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren azaroaren 17ko 38/2003 Legearen Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua.
Dekretu hau Euskal Autonomia Erkidegoko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2022ko otsailaren 15ean.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Gaiarekin lotutako edukiak
Arauaren historia (3)
- Ikus: EBAZPENA, 2024ko martxoaren 13koa, Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren idazkari nagusiarena, zeinaren bidez 2024rako deialdia egiten baita 2030 Agenda Bonuen Programako dirulaguntzetarako.
- Ikus: EBAZPENA, 2023ko otsailaren 22koa, Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren idazkari nagusiarena, 2023rako 2030 Agenda Bonuen Programa izeneko dirulaguntzak deitzen dituena.
- Ikus: EBAZPENA, 2022ko otsailaren 23koa, Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren idazkari nagusiarena, 2022rako 2030 Agenda Bonuen Programa izeneko dirulaguntzak deitzen dituena.