Arautegia

Inprimatu

253/2021 DEKRETUA, abenduaren 21ekoa, zeinaren bidez ezartzen baita Natura Inguruneko eta Astialdiko Gidaritzako teknikariaren tituluari dagokion curriculuma.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Hezkuntza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 6
  • Hurrenkera-zk.: 115
  • Xedapen-zk.: 253
  • Xedapen-data: 2021/12/22
  • Argitaratze-data: 2022/01/11

Testu legala

Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoaren 10.1 artikuluak ezartzen duenez, Estatuko Administrazio Orokorrak finkatuko ditu Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalarekin lotutako Lanbide Heziketako eskaintzak osatuko dituzten profesionaltasun-ziurtagiriak eta -tituluak, Konstituzioaren 149.1.30. eta 7. artikuluan xedatutakoaren arabera eta Lanbide Heziketaren Kontseilu Nagusiari kontsultatu ondoren.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 39.6 artikuluak xedatzen duenez, Espainiako Gobernuak, autonomia-erkidegoei kontsultatu ostean, Lanbide Heziketako ikasketei dagozkien titulazioak ezarriko ditu, baita titulazio horietako bakoitzaren curriculumaren oinarrizko alderdiak ere.

Ekonomia Jasangarriaren martxoaren 4ko 2/2011 Legeak eta Ekonomia Jasangarriaren Legea osatzen duen martxoaren 11ko 4/2011 Lege Organikoak zeinaren bidez aldatzen baitira Lanbide Heziketaren eta kualifikazioen 5/2002 Lege Organikoa, Hezkuntzaren 2/2006 Lege Organikoa eta uztailaren 1eko 6/1985 Legea, Botere Judizialarena ekonomia lehiakorrago eta berritzaileago bat, produkzio-sektore tradizionalak berrituko dituena eta kalitateko enplegu egonkorra eskatzen duten beste jarduera batzuetarako bidea zabalduko duena, sustatzeko eta bizkortzeko behar ziren hainbat lege-aldaketa adierazgarri eragin dituzte.

Hezkuntza Sistemako Lanbide Heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen uztailaren 29ko 1147/2011 Errege Dekretuaren 9. artikuluan definitzen da Lanbide Heziketako tituluen egitura. Horretarako, kontuan hartu dira Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionala, Europar Batasunak finkatutako jarraibideak eta gizarte-intereseko beste alderdi batzuk.

Titulu horien lanbide-profila errege-dekretu horren 7. artikuluan zehazten da, barnean sartzen direla konpetentzia orokorrak, konpetentzia profesionalak, pertsonalak eta sozialak eta, hala badagokio, Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalaren konpetentzia-unitateak. Horrenbestez, titulu bakoitzak lanbide-kualifikazio oso bat hartuko du barnean, gutxienez, helburutzat hartuta Lanbide Heziketako tituluek eraginkortasunez erantzutea produkzio-sistemaren beharrei eta herritartasun demokratikoa gauzatzeko aukera emango duten balio pertsonal eta sozialei.

Otsailaren 25eko 402/2020 Errege Dekretuak Natura Inguruneko eta Astialdiko Gidaritzako teknikariaren titulua ezartzen du, eta haren curriculumaren oinarrizko alderdiak finkatzen ditu. Dekretu horrek ordezkatu egin du abenduaren 22ko 2049/1995 Errege Dekretuak ezartzen zuen Natura Ingurunean Gorputz eta Kirol Ekintzak Gidatzeko teknikariaren tituluaren erregulazioa.

Bestalde, Hezkuntza Sistemako Lanbide Heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen 1147/2011 Errege Dekretuaren 8. artikuluaren 2. apartatuan xedatzen da hezkuntza-administrazioek ezarriko dituztela Lanbide Heziketako irakaskuntzen curriculumak, errege-dekretu horretan bertan eta titulu bakoitza erregulatzen duten arauetan xedatzen direnak errespetatuz.

Euskal Autonomia Erkidegoaren berezko eskumenen esparruari dagokionez, Autonomia Estatutuaren 16. artikuluan aditzera ematen denez, «Konstituzioaren lehen xedapen gehigarrian ezarritakoa aplikatzeko, irakaskuntza, zabalera, maila, gradu, era eta espezialitate guztietan, Euskal Autonomia Erkidegoaren konpetentziapean dago, Konstituzioaren 27. artikuluan ezarritakoari eta hura garatzen duten Lege Organikoei, eta 149.1.30 artikuluak Estatuari ematen dizkion ahalmenei eta hori guztia betetzeko eta bermatzeko behar den goi-inspekzioari kalterik egin gabe».

Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 28ko 4/2018 Legearen xedea Lanbide Heziketako Euskal Sistema antolatzea eta arautzea da, eta haren helburua da Euskadik egungo eta etorkizuneko erronkei modu egokian erantzungo dien lanbide-heziketako sistema bat izatea.

Bestalde, otsailaren 26ko 32/2008 Dekretuak Hezkuntza Sistemako Lanbide Heziketaren antolamendu orokorra ezartzen du Euskal Autonomia Erkidegoaren esparrurako.

Azaldutako aurrekarien arabera, dekretu honen helburua da Natura Inguruneko eta Astialdiko Gidaritzako teknikariaren tituluari Lanbide Heziketako irakaskuntzan dagokion curriculuma ezartzea Euskal Autonomia Erkidegorako, betiere otsailaren 25eko 402/2020 Errege Dekretuaren babesean, hark ezartzen baititu Natura Inguruneko eta Astialdiko Gidaritzako teknikariaren titulua eta haren curriculumaren oinarrizko alderdiak.

Natura Inguruneko eta Astialdiko Gidaritzako teknikariaren tituluaren curriculumean alderdi hauek deskribatzen dira: alde batetik, tituluak adierazten duen lanbide-profila, hura osatzen duten kualifikazioak eta konpetentzia-unitateak, konpetentzia profesionalak, pertsonalak eta sozialak; eta, bestetik, titulu horren helburu orokorrak eta lanbide-moduluak ezartzen dituzten ikasgaiak, bai eta haietako bakoitzari dagozkion ikaskuntza-emaitzak, ebaluazio-irizpideak eta edukiak ere, barnean direla horiek guztiak antolatu eta ezartzeko jarraibideak eta zehaztapenak.

Helburu orokorrak profilean deskribatzen diren konpetentzia profesional, pertsonal eta sozialetatik atera dira. Helburu horietan adierazita daude zer gaitasun eta lorpen eskuratu behar dituzten ikasleek heziketa-zikloaren amaieran; hortaz, helburu horiek lehenengo iturria dira jakiteko zein diren heziketa-zikloa osatzen duten lanbide-moduluetako bakoitzean landu beharreko edukiak eta ikasleek lortu beharreko ikaskuntza-emaitzak.

Modulu bakoitzean jasotako edukiak dira irakaskuntza-ikaskuntzako prozesuaren euskarria, eta horien bidez eskuratuko ditu ikasleak trebetasun eta abilezia teknikoak, etorkizun profesionalean aurrera egiteko kontzeptuzko oinarri zabala eta lortu nahi den kualifikazioarekiko lanbide-identitate koherentea islatuko duten portaerak.

Dekretu hau bideratzean, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 19. artikulutik 22. artikulura bitartean aurreikusten diren izapideak bete dira.

Ondorioz, Hezkuntzako sailburuaren proposamenez, Lanbide Heziketako Euskal Kontseiluak emandako txostena eta gainerako aginduzko txostenak aztertuta, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoak adierazitakoa aintzat hartuta, eta Gobernu Kontseiluak 2021eko abenduaren 21ean egindako bilkuran proposamena eztabaidatu eta onetsi ondoren, honako hau

  1. Dekretu honek Lanbide Heziketako irakaskuntzako Natura Inguruneko eta Astialdiko Gidaritzako teknikariaren tituluari dagokion curriculuma ezartzen du, Euskal Autonomia Erkidegorako.

  2. Ikastetxeari dagokio, autonomia pedagogikoa eta antolamendukoa baliatuz, bere curriculum-proiektua ezartzea, eta proiektu horretan zehaztuko ditu bere irakaskuntza-lanaren ezaugarriak eta identitatea zehazteko behar diren erabakiak, bai eta lanbide-moduluen programazioak prestatzeko irizpideak finkatzeko behar diren erabakiak ere.

  3. Ikastetxearen curriculum-proiektuaren esparruan, heziketa-zikloaren ardura duen irakasle-taldeari eta, zehazki, irakasle bakoitzari dagokio programazioak prestatzea. Horretarako, ezartzen diren helburu orokorrak kontuan izan beharko ditu, lanbide-modulu bakoitzean jasotzen diren ikaskuntza-emaitzak eta edukiak errespetatu beharko ditu eta irakaskuntzen erreferentziazko lanbide-profila hartu beharko du euskarri.

Natura Inguruneko eta Astialdiko Gidaritzako teknikariaren titulua elementu hauek identifikatzen dute:

Izena: Natura Inguruneko eta Astialdiko Gidaritza.

Maila: Erdi-mailako Lanbide Heziketa.

Iraupena: 2.000 ordu.

Lanbide-arloa: Jarduera Fisikoak eta Kirol-jarduerak.

Irakaskuntzaren Nazioarteko Sailkapen Normalizatuko erreferentea: P-3.5.4.

  1. Titulu honen konpetentzia orokorra da ibilbideak antolatzea eta taldeak gidatzea zenbait natura-ingurunetan (behe- eta erdi-mailako mendiak, nordiko erako eremu elurtuak, zailtasun txikiko barrunbeak, arrisku txikiko arroilak, ur-ingurunea eta aisia- eta abentura-instalazioak), oinez, sokaz, bizikletaz, ontziz eta zaldiz, bai eta astialdiko jarduerak dinamizatzea ere, betiere jarduera horiek parte-hartzaileei egokituz, ingurumena errespetatuz eta kalitatea eta segurtasuna bermatuz.

  2. Konpetentzia profesionalak, pertsonalak eta sozialak.

    Hauek dira titulu honen konpetentzia profesionalak, pertsonalak eta sozialak:

    1. Natura-inguruneetan taldeekin egiteko kirol-jarduera fisiko gidatuak diseinatzea, eta parte-hartzaileen ezaugarriak, egindako aurrerapena eta jarduera egingo den ingurunea balioestea.

    2. Natura-inguruneetan taldeekin egiteko kirol-jarduera fisiko gidatuak antolatzea, eta jarduerak egiteko beharrezkoak diren izapideak egitea eta baliabideak ziurtatzea.

    3. Jarduera egiteko beharrezkoak diren materialen eta ekipamenduen mantentze-lanak egitea, teknika egokienak erabilita eta ezarrita dauden protokoloei jarraituta.

    4. Kultura- eta astialdiko jarduerak dinamizatzea eta partaideak parte hartzera animatzea, eta horretarako, parte-hartzaileen ezaugarrietara egokitzea eta segurtasuneko eta arriskuak prebenitzeko oinarrizko neurriak betetzea.

    5. Jardueretan parte hartzen dutenak sentsibilizatzea naturaguneen kontserbazioari buruz, eta ingurumen-inpaktua eragiten duten alderdiak baloratzea.

    6. Taldeak behe- eta erdi-mailako mendiko ibilbideetan barrena gidatzea, jardueraren dinamikara eta partaide-taldearen dinamikara egokituta.

    7. Taldeak zailtasun txikiko haitzulo eta arroiletan barrena gidatzea, beharrezkoak diren aurreratze- eta segurtasun-teknikak erabilita.

    8. Taldeak bizikleta-ibilbideetan barrena gidatzea, jardueraren eta partaide-taldearen dinamikara egokituta.

    9. Taldeak zaldi-ibilbideetan barrena gidatzea, jardueraren eta partaide-taldearen dinamikara egokituta.

    10. Zaldiz ibiltzea, eta zaldiketaren oinarrizko teknikak menderatzea.

    11. Uretan lekualdatzeak egitea, eta igeriketa-estiloak menderatzea.

    12. Egiaztagiria izatetik salbuetsita dauden aisiako ontzietan, taldeak ur-ingurune naturaletan barrena gidatzea, jardueraren eta partaide-taldearen dinamikara egokituta.

    1. Erabiltzaileak aisia- eta abentura-instalazioetan barrena gidatzea, eta segurtasun-baldintzen berri ematea, jarduerak nola egiten dituzten kontrolatzea eta izan daitezkeen gertakizunak konpontzea.

    2. Taldeen ostatu-gaua eta natura-inguruneko jarraipena antolatzea, partaideen eta jardueraren ezaugarriak kontuan hartuta, eta segurtasuna bermatuta.

    1. Inguruneak edo pertsonek eragin ditzakeen arrisku-egoerei aurre egiteko behar diren segurtasun-neurriak zehaztea eta hartzea, jarduera egin dadin.

    2. Jarduera egiten ari ziren bitartean istripuren bat izan duten partaideei oinarrizko arreta eskaintzea.

    3. Larrialdi-egoeretan taldea zuzentzea, segurtasun-neurriak koordinatuz edo lurreko edo uretako salbamendu-lanak eginez, eta, horretarako, erreskate- eta ebakuazio-teknikak aplikatzea eta egoera jakin horretarako egokienak diren baliabideak eta metodoak erabiltzea.

    4. Produkzio-prozesuetako teknologia- eta antolamendu-aldaketen ondorioz sortzen diren lan-egoera berrietara egokitzea, bizialdi osoko ikaskuntzarako dauden baliabideak eta informazioaren eta komunikazioaren teknologiak erabilita, jakintzak eguneratzeko.

    5. Bere eskumenaren esparruan erantzukizunez eta autonomiaz jardutea, eta esleitutako lana antolatzea eta egitea, lan-ingurunean beste profesional batzuekin talde-lanean edo lankidetzan arituz.

    6. Bere jarduerari dagozkion gorabeherak arduraz konpontzea, horien sorburuak identifikatuz, bere eskumenaren eta autonomiaren esparruan.

    7. Efikaziaz komunikatzea, bere lanaren esparruan esku hartzen duten pertsonen autonomia eta eskumena errespetatuz.

    8. Produkzio-prozesuan laneko arriskuak prebenitzeko eta ingurumena babesteko neurriak eta protokoloak aplikatzea, pertsonei, lan-inguruneari eta ingurumenari kalterik ez egiteko.

    9. Kalitate-prozedurak, irisgarritasun unibertsalekoak eta «denontzako diseinuak» aplikatzea, ekoizteko edo zerbitzuak emateko prozesuen barruko jarduera profesionaletan.

    10. Enpresa txiki bat sortu eta abiarazteko oinarrizko gestioak egitea, eta dagokion lanbide-jardueran ekimena izatea.

    11. Dagokion jarduera profesionalaren ondoriozko eskubideak baliatzea eta betebeharrak betetzea, indarrean dagoen legerian ezarritakoaren arabera, eta parte-hartze aktiboa izatea bizitza ekonomikoan, sozialean eta kulturalean.

    12. Gizon eta emakumeen arteko egiazko berdintasun eraginkorra sustatzea lanbidearen eta lanaren esparruan, eta genero-baldintzatzaileak saihestea, ikasketa- eta lanbide-ibilbidean.

  3. Titulu honetan biltzen diren Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionaleko kualifikazioen eta konpetentzia-unitateen zerrenda:

    Lanbide-kualifikazio osoak:

    1. Behe- eta erdi-mailako mendiko ibilbideetan zeharreko gidaritza AFD159_2 (1087/2005 Errege Dekretua, irailaren 16koa, Lanbide-kualifikazio berriak ezartzen dituena, Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalean sartzen direnak; haiei dagozkien prestakuntza-moduluak Lanbide Heziketako Moduluen Katalogoan sartzen dira, eta, orobat, otsailaren 20ko 295/2004 Errege Dekretuak ezarritakoen arteko lanbide-kualifikazio jakin batzuk eguneratzen dira). Konpetentzia-unitate hauek biltzen ditu:

      UC0505_2: Behe- eta erdi-mailako mendiko ibilbideak zehaztu eta antolatzea.

      UC0506_2: Eraginkortasunez eta segurtasunez aurrera egitea behe- eta erdi-mailako mendiko lurretan eta nordiko erako lur elurtuetan.

      UC0507_2: Pertsonak gidatu eta dinamizatzea behe- eta erdi-mailako mendiko ibilbideetan eta nordiko erako lur elurtuetan.

      UC0272_2: Istripu edo larrialdi-egoeretan lehen esku-hartzaile gisa jardutea.

    2. Bizikleta-ibilbideetan zeharreko gidaritza AFD160_2 (1087/2005 Errege Dekretua, irailaren 16koa, Lanbide-kualifikazio berriak ezartzen dituena, Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalean sartzen direnak; haiei dagozkien prestakuntza-moduluak Lanbide Heziketako Moduluen Katalogoan sartzen dira, eta, orobat, otsailaren 20ko 295/2004 Errege Dekretuak ezarritakoen arteko lanbide-kualifikazio jakin batzuk eguneratzen dira). Konpetentzia-unitate hauek biltzen ditu:

      UC0353_2: Bizikleta-ibilbideak zehaztu eta antolatzea askotariko lurretan (gehienez erdi-mailako mendietan).

      UC0508_2: Bizikletak eraginkortasunez eta segurtasunez gidatzea askotariko lurretan (gehienez erdi-mailako mendietan) eta bizikleten mantentze-lan operatiboak egitea.

      UC0509_2: Pertsonak bizikleta-ibilbideetan gidatu eta dinamizatzea (gehienez erdi-mailako mendietan).

      UC0272_2: Istripu edo larrialdi-egoeretan lehen esku-hartzaile gisa jardutea.

    3. Ur-eremu naturaletako sorospena AFD340_2 (1521/2007 Errege Dekretua, azaroaren 16koa, Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionala osatzen duena, Jarduera Fisikoak eta Kirol Jarduerak lanbide-arloko lau lanbide-kualifikazio ezartzearen bidez). Konpetentzia-unitate hauek biltzen ditu:

      UC0269_2: Igeriketa-teknika espezifikoak eraginkortasunez eta segurtasunez gauzatzea. UC1082_2: Ur-ingurune naturaletako istripuak edo larrialdi-egoerak prebenitzea.

      UC1083_2: Ur-ingurune naturaletako istripuetan edo larrialdi-egoeretan pertsonak erreskatatzea.

      UC0272_2: Istripu edo larrialdi-egoeretan lehen esku-hartzaile gisa jardutea.

    4. Haurren eta gazteen hezkuntza-astialdiko jarduerak dinamizatzea SSC564_2 (567/2011 Errege Dekretua, apirilaren 20koa, Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionala osatzen duena, Gizarte eta Kultura Zerbitzuak lanbide-arloko lau lanbide-kualifikazio ezartzearen bidez). Konpetentzia-unitate hauek biltzen ditu:

      UC1866_2: Haurren eta gazteen hezkuntzarako astialdi-jarduerak antolatzea, dinamizatzea eta ebaluatzea.

      UC1867_2: Talde-prozesuetan jardutea, haurtzaroaren eta gaztaroaren portaera eta eboluzio-ezaugarriak aintzat hartuta.

      UC1868_2: Astialdiko animazioko hezkuntza-teknikak eta -baliabideak erabiltzea.

      Osatu gabeko lanbide-kualifikazioa:

      Natura-inguruneko zaldi-ibilbideetako gidaritza AFD339_2 (1521/2007 Errege Dekretua, azaroaren 16koa, Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionala osatzen duena, Jarduera Fisikoak eta Kirol Jarduerak lanbide-arloko lau lanbide-kualifikazio ezartzearen bidez):

      UC1079_2: Zaldi-ibilbideak zehaztu eta antolatzea askotariko lurretan.

      UC1080_2: Zaldiz ibiltzeko oinarrizko teknikak menderatzea.

      UC1081_2: Pertsonak zaldi-ibilbideetan gidatu eta dinamizatzea.

  1. Titulua eskuratuko duten pertsonek eremu hauetan egingo dute lan: naturan egiten diren kirol- eta jolas-jardueretan, eta turismo aktiboaren, kirol- edo abentura-turismoaren alorretan, aisia- eta abentura-instalazioetan, bai eta astialdiko gizarte- eta hezkuntza-jardueretan ere, jarduera horiek antolatzen, garatzen, dinamizatzen eta horien jarraipena eta ebaluazioa egiten, eta ur-ingurune naturaletan prebentzio-, zaintza- eta erreskate-lanak egiten. Alor hauetan ere egin dezakete lan: uretan esku hartzeko unitateetan eta erreskate- eta sorospen-taldeetan.

    Autonomo edo kontratatu gisa egin daiteke lanbide-jarduera, eremu publikoan administrazio orokorrean, autonomikoan edo tokikoan edo eremu pribatuan, zerbitzu-enpresa handi, ertain eta txikietan, produkzio-sektore hauetakoetan: kirola; turismoa eta aisia, eta haurren eta gazteen hezkuntza-astialdia.

  2. Hauek dira zeregin eta lanpostu aipagarrienak:

    Gehienez erdi-mailako mendiko lurreko ibilbideen diseinatzailea.

    Gehienez erdi-mailako mendian zaldiz egiteko ibilbideen diseinatzailea.

    Gehienez erdi-mailako mendiko lurretako bizikleta-ibilbideen diseinatzailea.

    Egiaztagiria izatetik salbuetsita dauden aisiako ontzietan uretan barrena egiteko ibilbideen diseinatzailea.

    Natura-inguruneko kirol-jarduera fisiko eta jolas-jarduera gidatuen diseinatzailea eta antolatzailea.

    Bizikletaz egiteko ibilbide eta ekitaldietan prebentzioko eta segurtasuneko arduraduna.

    Zaldiz egiteko ibilbide eta ekitaldietan prebentzioko eta segurtasuneko arduraduna.

    Jarduera hauetako gidaria: mendi-ibilia, behe- eta erdi-mendiko mendizaletasuna, behe- eta erdi-mendiko zeharkaldietan eta elur-erraketekin egiten diren nordiko erako ibilbide elurtuetan.

    Zailtasun gutxiko arroiletako gidaria.

    Zailtasun gutxiko espeleologiako gidaria.

    Mendiko bizikletaz egiteko ibilbideetan zeharreko gidaria.

    Zikloturismoko ibilbideetan zeharreko gidaria.

    Zaldiz egiteko ibilbideetako gidaria.

    Egiaztagiria izatetik salbuetsita dauden aisiako ontzietan uretan barrena egiteko ibilbideen gidaria.

    Haurren eta gazteen hezkuntza-astialdiko begiralea.

    Kanpamentuetako, gazte-aterpeetako, udalekuetako, baserri-eskoletako eta natura-gela eta -eskoletako begiralea.

    Jardueren begiralea eskola-eremuan.

    Aisia- eta abentura-instalazioetako begiralea.

    Itsas hondartzetako soroslea.

    Aintzira eta urtegietako soroslea.

    Uretako Esku hartzeko Unitateetan laguntzeko soroslea.

    Natura-inguruneko ur-jardueretako soroslea.

    Uretako eta kirol-arloko jardueretako soroslea.

    Ibai-hondartzetako soroslea.

  1. Heziketa-zikloaren helburu orokorrak:

    1. Natura-ingurunean ibilaldiak egiteko ibilbideak prestatzea, lurraren ezaugarriei, kirol-jarduera fisiko motari eta erabiltzaileen profilei buruz behar den informazioa bilduz, taldeekin natura-ingurunean egiteko kirol-jarduera fisiko gidatuak diseinatzeko.

    2. Izaera ludikoko jarduera osagarriak programatzea, erabiltzaile motaren ezaugarri eta interesak eta ingurunea aintzat hartuta, natura-ingurunean taldeekin egiteko kirol-jarduera fisiko gidatuak diseinatzeko.

    3. Jarduerak egin aurreko jarduketak zehaztea, eta natura-ingurunean taldeekin egiteko kirol-jarduera fisiko gidatuak antolatzeko beharrezkoak diren izapide, baliabide eta zerbitzu osagarriak aletzea.

    4. Jardueren ekipamendu eta materialak berrikusi eta konpontzea, eta protokoloak ezartzea eta teknika egokiak erabiltzea, beharrezko materialen eta ekipamenduen mantentze-lanak egiteko.

    5. Animazio-teknikak aplikatzea, baliabideen, taldearen eta jolas-estrategien antolamendua egokitzea eta ingurunearen baldintzak ziurtatzea, kultura- eta astialdi-jarduerak dinamizatzeko.

    6. Taldeekin egiten diren jarduerek ingurumenaren gainean duten inpaktua aztertzea, eta ingurumenean nolako eragina duten identifikatzea, naturaguneen kontserbazioaren inguruan sentsibilizatzeko.

    7. Natura-ingurunean taldeak aurrera eramateko eta gidatzeko teknikak menderatzea, eta baliabideen eta taldearen antolamendua eta kanalak eta informazio mota egokitzea, taldeak behe- eta erdi-mailako mendiko ibilbideetan gidatzeko.

    8. Soka bidez segurtatzeko maniobrak eta aurreratze bertikalekoak menderatzea, taldeak gidatzeko zailtasun txikiko harpeetan eta arrisku txikiko arroiletan.

    9. Natura-ingurunean taldeak bizikletaz aurrera eramateko eta gidatzeko teknikak menderatzea, eta baliabideen eta taldearen antolamendua eta kanalak eta informazio mota egokitzea, taldeak bizikleta-ibilbideetan gidatzeko.

    10. Natura-ingurunean zaldizkoen taldeak gidatzeko teknikak menderatzea, eta baliabideen eta taldearen antolamendua eta kanalak eta informazio mota egokitzea, zaldiketa-jarduera gidatuak zuzentzeko.

    11. Oinarrizko zaldiketa-teknikak menderatzea, eta zaldiz ibiltzeko aplikatzea.

    12. Igeriketa-estiloen teknika menderatzea, eta uretan ibiltzeko aplikatzea.

    1. Uretan taldeak aurrera eramateko eta gidatzeko teknikak menderatzea, baliabideen eta taldearen antolamendua eta kanalak eta informazio mota egokituz, egiaztagiria izatetik salbuetsita dauden aisiako ontzietan taldeak gidatzeko ur-ingurune naturalean.

    2. Jardueretan kontrol-, segurtasun- eta dinamizazio-teknikak aplikatzea, jardueren eta ekipamenduen berezko arriskuak aztertuz, erabiltzaileak aisia- eta abentura-instalazioetan gidatzeko.

    1. Kanpatze-teknikak aplikatzea, eta eremuen kokalekua eta baldintzak zedarritzea, taldeek natura-ingurunean gaua nola igaro antolatzeko.

    2. Jardun-protokoloak prestatzea, izan daitezkeen kontingentziak eta arrisku-egoerak aurreikusiz, segurtasun-neurriak zehaztu eta hartzeko.

    3. Istripurik izanez gero, esku hartzeko oinarrizko prozedurak aplikatzea, eta jarduerak egiten ari diren bitartean istripuren bat izan duten parte-hartzaileei oinarrizko arreta emateko ezarritako protokoloak baliatzea.

    4. Lehorrean eta uretan larrialdi-egoerei egokitutako erreskate-prozedurak aplikatzea, segurtasun-neurriak koordinatuz eta larrialdi-egoeretan taldea zuzentzeko ezarritako protokoloak erabiliz.

    5. Bizialdi osoko ikaskuntzarako dauden baliabideak, eta komunikazio- eta informazio-teknologiak aztertu eta erabiltzea; ikasteko eta ezagupenak eguneratzeko, hobekuntza profesional eta pertsonalerako aukerak antzemanda, eta hainbat egoera profesionaletara eta lanekoetara egokitzeko.

    6. Talde-lanak garatzea eta haien antolamendua baloratzea, tolerantziaz eta errespetuz parte hartuz, eta erabaki kolektiboak edo bakarkakoak hartzea, erantzukizunez eta autonomiaz jarduteko.

    7. Sormenezko irtenbideak hartu eta balioestea lan-prozesuak garatzean sortzen diren arazo eta gorabeheren aurrean, dagokion jardueran izaten diren gertakariak erantzukizunez ebazteko.

    8. Komunikazio-teknikak aplikatzea, zabaldu beharreko edukietara, horien helburura eta hartzaileen ezaugarrietara egokituta, prozesuaren eraginkortasuna ziurtatzeko.

    9. Lanbide-jarduerarekin lotutako ingurumen- eta lan-arriskuak aztertzea, eta horien sorburuekin lotzea, hartu beharreko prebentzio-neurriak oinarritzeko eta dagozkion protokoloak aplikatzeko, nork bere buruari, inguruneari eta ingurumenari kalterik ez egitearren.

    10. Irisgarritasun unibertsalari eta «denontzako diseinuari» erantzuteko beharrezkoak diren teknikak aztertzea eta aplikatzea, baita desgaitasuna duten pertsonei tratu egokia emateko teknikak ere.

    11. Ikasteko prozesuan lanaren kalitate-prozedurak eta erreferentziako produkzio-sektorearenak hobetzeko beharrezkoak diren teknikak aplikatzea eta aztertzea.

    12. Ekintzailetzako, enpresako eta ekimen profesionaleko kulturarekin lotzen diren prozedurak erabiltzea, enpresa txiki baten oinarrizko kudeaketa egiteko edo lan bati ekiteko.

      aa) Gizarte-eragile aktibo den heinean zer eskubide eta betebehar dituen jakitea, aintzat harturik baldintza sozialak eta lanekoak arautzen dituen lege-esparrua, herritar demokratiko gisa parte hartzeko.

      ab) Euskal Autonomia Erkidegoan hizkuntza-eskubideak babesten dituen legeria eta euskararen ezarpena eta garapena bideratzen duen araudia ezagutzea.

  2. Honako hau da heziketa-zikloa osatzen duten lanbide-moduluen zerrenda:

    Zaldiketa-teknikak.

    Zaldi-gidaritza.

    Taldeentzako arreta.

    Ibilbideak antolatzea.

    Behe eta erdi-mailako mendiko gidaritza.

    Bizikleta-gidaritza.

    Astialdiko teknikak.

    Igeriketa-teknikak.

    Natura-inguruneko sorospena.

    Ur-ingurune naturaleko gidaritza.

    Maniobrak sokekin.

    Ingeles teknikoa.

    Laneko prestakuntza eta orientabidea.

    Enpresa eta ekimen sortzailea.

    Lantokiko prestakuntza.

    1. eranskinean zehazten da lanbide-moduluen ordu-esleipena, bai eta lanbide-moduluak zer kurtsotan eman behar diren ere.

      Hezkuntzaren alorrean eskumena duen sailak araututako heziketa-eskaintzaren arabera egokitu daiteke moduluen ordu-esleipena eta horren arabera zehaztu daiteke moduluak zer kurtsotan emango diren, dekretu honen 10. artikuluak arautzen duenarekin bat.

  3. Lanbide-modulu bakoitzerako, ikaskuntzaren emaitzak ezartzen dira, prestakuntza-aldia amaitzean ikasleek jakin, ulertu eta egin dezan espero dena azaltzen dutenak, eta, halaber, ebaluazio-irizpideak eta eman beharreko edukiak ezartzen dira. Hori guztia II. eranskinean ezartzen da.

  4. Lantokiko prestakuntzako modulua, bestalde, bigarren kurtsoko azken 12 asteetan gauzatuko da, eta ikastetxean egindako lanbide-modulu guztietan aldeko ebaluazioa lortu ondoren egin ahal izango da.

  5. Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 28ko 4/2018 Legearen 28. artikuluan arautzen da nola txertatu atzerriko hizkuntzak, batez ere ingelesa, Euskal Autonomia Erkidegoko prestakuntza-prozesuetan.

    Europar Batasuneko Kontseiluak 2018ko maiatzaren 22an etengabeko prestakuntzarako funtsezko konpetentziei buruz emandako gomendioari jarraituz, eta Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoaren hirugarren xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera, heziketa-ziklo honetan atzerriko hizkuntza lantzeko, Ingeles Teknikoko modulu bat erantsiko da haren curriculumean.

Prestakuntza garatzeko eta ezarritako emaitzak eta konpetentziak lortzeko gutxieneko espazioak eta ekipamenduak III. eranskinean zehazten dira.

  1. Heziketa-ziklo hau osatzen duten lanbide-moduluak honako irakaskuntza-kidego hauetako irakasleek emango dituzte: Bigarren Hezkuntzako katedradunen kidegoko irakasleek, Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoko irakasleek eta Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoko irakasleek betiere, dekretu honen IV. eranskineko 1. apartatuan ezarritako espezialitateen arabera, bai eta Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Legearen 95. artikuluari jarraituz sartzen diren irakasle espezialistek ere.

  2. Irakaskuntza-kidego horietan sartzeko eskatzen diren titulazioak, oro har, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak aipatzen dituen irakasleen kidegoetan espezialitate berrietan sartzeko eta haiek eskuratzeko Erregelamenduaren 13. artikuluan ezarritakoak dira, eta 276/2007 Errege Dekretuak onartutako lege horren zazpigarren xedapen iragankorrean aipatzen den sartzeko araubide iragankorra arautzen da. Ondorio horietarako, aipatu titulazioen baliokideak irakaskuntza-espezialitateen arabera dekretu honen IV. eranskineko 2. apartatuan jasotakoak dira.

  3. Irakasle espezialistek eskumena izango dute, salbuespenez eta aldi baterako, dekretu honen IV. eranskineko 1. apartatuan zehaztutako lanbide-moduluak irakasteko.

  4. Irakasle espezialistek irakaskuntzako funtzio publikoan sartzeko eskatzen diren baldintza orokorrak bete beharko dituzte, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak aipatzen dituen irakasleen kidegoetan sartzeko eta espezialitate berriak eskuratzeko Erregelamenduaren 12. artikuluan ezarritakoak, eta otsailaren 23ko 276/2007 Errege Dekretuak onartutako lege horren zazpigarren xedapen iragankorrean aipatzen den sartzeko araubide iragankorra arautzen da.

  5. Gainera, lanbide-moduluan biltzen diren prozesuen beharrei erantzuten zaiela bermatzeko, irakasle espezialistek, izendapen bakoitzaren hasieran, egiaztatu beharko dute dagokien lan-esparruan lanbide-esperientzia aitortua dutela, behar bezala eguneratua: zehazki, gutxienez bi urtez lanbidean jardun izana, izendapenaren aurreko lau urtean.

  6. Hezkuntzakoaz bestelako administrazioen titulartasun pribatuko eta publikoko ikastetxeetako irakasleentzat, titulua osatzen duten lanbide-moduluak emateko behar diren titulazioak eta eskakizunak dekretu honen IV. eranskinaren 3. apartatuan ematen dira aditzera. Betiere, aditzera emandako titulazio horiek lortzeko irakaskuntzek lanbide-moduluen helburuak barnean hartu beharko dituzte. Helburu horiek barnean hartuta ez badaude, titulazioaz gain, gutxienez hiru urteko lan-esperientzia frogatu beharko da, ziurtagiri baten bidez, lanbide-arlo horrekin lotzen den sektorean, ikaskuntzaren emaitzekin inplizituki lotzen diren enpresetan produkzio-jarduerak garatzen hiru urteko esperientzia frogatu beharko du ziurtagiriak.

    Lan-esperientziaren bidez hartutako lanbide-konpetentziak egiaztatzeari buruzko uztailaren 17ko 1224/2009 Errege Dekretuaren 12. artikuluan xedatutakoaren arabera justifikatuko da lan-esperientzia.

    Ondorio horietarako, eta apirilaren 12ko, Unibertsitateei buruzko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoa aldatzen duena, 4/2007 Lege Organikoaren hamabosgarren xedapen gehigarriarekin bat etorriz, dekretu honen IV. eranskineko 4. apartatuan jasotako titulazioak gaituko dira lanbide-moduluetarako.

  7. Sailaren ardura izango da lanbide-moduluak ematen dituzten irakasleek zehaztu diren eskakizunak bete ditzaten, eta horrela bermatuko da irakaskuntza horien kalitatea.

  1. Natura Inguruneko eta Astialdiko Gidaritzako teknikariaren tituluak aukera ematen du erdi-mailako edozein heziketa-ziklotara zuzenean sartzeko, betiere horretarako ezartzen diren onarpen-baldintzak betetzen baldin badira.

  2. Natura Inguruneko eta Astialdiko Gidaritzako teknikariaren tituluak aukera emango du hezkuntza-sistemako Lanbide Heziketako goi-mailako heziketa-zikloetara sartzeko, sarbide-prozedura bat gainditu ondoren, hala xedatuta baitago Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 44.2 artikuluan.

  3. Natura Inguruneko eta Astialdiko Gidaritzako teknikariaren tituluak aukera ematen du batxilergoko edozein modalitatetan sartzeko, indarreko araudian ezarritakoarekin bat etorriz.

  1. Hezkuntza-sistemako Lanbide Heziketako tituluen eta Natura Inguruneko eta Astialdiko Gidaritzako teknikariaren titulurako dekretu honetan ezartzen diren lanbide-moduluen arteko baliozkotzeak V. eranskinean adierazten dira.

    VI. eranskinean jasotzen da Natura Inguruneko eta Astialdiko Gidaritzako teknikariaren irakaskuntzako lanbide-moduluen eta konpetentzia-unitateen arteko korrespondentzia horiek baliozkotzeko edo salbuesteko eta, orobat, titulu honetako lanbide-moduluen eta konpetentzia-unitateen arteko korrespondentzia, horiek egiaztatzeko.

  1. Heziketa-zikloa osatzen duten lanbide-moduluetarako baliozkotzeak, salbuespenak eta korrespondentziak 32/2008 Dekretuaren 27. artikuluan biltzen dira (32/2008 Dekretua, otsailaren 26koa, Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan Hezkuntza Sistemako Lanbide Heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duena) eta, halaber, esparru horretan betetzekoa den gainerako araudian.

  2. Titulu honetan barnean hartutako konpetentzia-unitate guztiak Laneko esperientziaren bidez eskuratutako lanbide-konpetentziak aintzat hartzeari buruzko uztailaren 17ko 1224/2009 Errege Dekretuan ezarritako prozeduraren bitartez egiaztatu dituztenek aukera izango dute Laneko Prestakuntza eta Orientabidea lanbide-modulua baliozkotzea eskatzeko, baldin eta:

    Urtebeteko lan-esperientzia, gutxienez, egiaztatzen badute.

    Prebentzio-jardueraren oinarrizko eginkizunak betetzeko ezarritako prestakuntzaren egiaztagiria badute Prebentzio-zerbitzuen erregelamendua onartzen duen urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera emandako egiaztagiria.

Hezkuntzaren alorrean eskumena duen sailak arautuko ditu ziklo honetako irakaskuntzak araubide orokorrean ezarritakoaz bestelako eskaintza osoaren modalitatean eta urrutiko irakaskuntzan edo beste modalitate batzuetan eskaini ahal izateko baimena eta eskaintza horren oinarrizko alderdiak (hala nola moduluen iraupena eta sekuentziazioa).

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA. Titulazio baliokideak eta lanbide-trebakuntzekiko lotura.

  1. Abenduaren 22ko 2049/1995 Errege Dekretuak ezarritako Natura Ingurunean Gorputz eta Kirol Ekintzak Gidatzeko teknikariaren tituluak eta dekretu honetan ezarritako Natura Inguruneko eta Astialdiko Gidaritzako teknikariaren tituluak ondorio profesional eta akademiko berberak izango dituzte.

  2. Laneko Prestakuntza eta Orientabidea lanbide-modulurako dekretu honetan xedatutako prestakuntzak gaitasuna ematen du laneko arriskuen prebentzioko oinarrizko mailako jardueren pareko lanbide-ardurak betetzeko, baldin eta gutxienez 45 eskola-ordu eman badira jarduerok Prebentzio-zerbitzuen Erregelamendua onartzen duen urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuan arautzen dira.

  3. Dekretu honen lanbide-moduluetan ezarritako prestakuntzak barnean hartzen ditu ur-eremu naturaletako sorosle izateko prestakuntza-programen edukiak, Euskal Autonomia Erkidegoan naturguneetan sorosle gisa jarduteko indarrean dagoen araudiak eskatzen duena.

    Halaber, dekretu honen lanbide-moduluetan ezarritako prestakuntzak bermatu egiten du haurren eta gazteen hezkuntza-astialdiko jardueren begiralearen diplometan eskatutako jakintza-maila, Euskal Autonomia Erkidegoak astialdiko jarduerak egiteko eskatzen diren titulazio-betekizunak betetzearren.

    BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Metodologia berriz egindako proiektuak baimentzea.

    Ikastetxeek aukera izango dute, beren autonomia pedagogikoaz baliatuta, eta ikasketa-proiektuko xedapenen arabera, dekretu honen eranskinetan lanbide-moduluek duten iraupena zertxobait aldatzea proposatzen duten proiektuak prestatzeko, heziketa-zikloak emateari buruzko estrategietan eta metodologietan oinarrituta. Hori egin ahal izango da, baldin eta ez bada aldatzen kurtsokako banaketa, eta titulua sortzeko errege-dekretuan modulu bakoitzerako ezarri diren gutxieneko ordutegiak errespetatzen badira. Hezkuntzaren arloko eskumena duen sailaren baimena beharko dute proiektuek.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2021eko abenduaren 21ean.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Hezkuntzako sailburua,

JOKIN BILDARRATZ SORRON.

(Ikus .PDF)

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik