Arautegia

Inprimatu

7/2021 DEKRETUA, otsailaren 12koa, lehendakariarena, zeinaren bidez laugarren aldiz aldatzen baita honako dekretu hau: 44/2020 Dekretua, abenduaren 10ekoa, lehendakariarena, zeinaren bidez prebentzio-neurri espezifikoak testu bakar batean bildu eta eguneratuko diren, alarma-egoeraren adierazpenaren eremuan, egoera epidemiologikoaren bilakaeraren ondorioz eta SARS-CoV-2k eragindako infekzioen hedapena geldiarazteko.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Lehendakaritza
  • Jadanekotasuna-egoera: Indargabetua

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 32
  • Hurrenkera-zk.: 827
  • Xedapen-zk.: 7
  • Xedapen-data: 2021/02/12
  • Argitaratze-data: 2021/02/13

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Segurtasuna eta justizia; Osasun eta kontsumoa
  • Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita; Herrizaingoa

Testu legala

Urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuak SARS-CoV-2k eragindako infekzioen hedapena geldiarazteko alarma-egoera deklaratzen duenak birusaren hedapenari aurre egiteko askotariko neurriak aurreikusten ditu, eta horien erabilgarritasuna egiaztatuta geratu da, gure inguruko herrialdeek ere modu sistematikoan neurri horietara jo baitute, bat etorriz Osasunaren Mundu Erakundeak eta nazioarteko beste erakunde batzuek adierazitakoarekin. Azaroaren 3ko 956/2020 Errege Dekretuaren bidez, alarma-egoera hori luzatu egin zen, eta 2021eko maiatzaren 9ra arte luzatzeko aurreikuspena egin.

Testuinguru horretan, lehendakariak bere eskumenez baliatuz emandako abenduaren 10eko 44/2020 Dekretuan, adierazpen orokor bat egiteaz gain, eranskin bat ere gehitu zuen, eta, horren bidez, osasun publikoaren arloan jada hartutako neurri espezifikoak xeheki eguneratuta, oinarrizko eskubideei eragiten dieten eta alarma-egoeraren erregulazioan kokatzen duen aurreikuspen espezifiko bat duten hainbat neurri zehazten dira, agintaritza eskudunak osasun publikoaren krisi-egoerari aurre egiteko ezinbestekoak diren modulazio egokiak ezarri ahal izan ditzan, haren larritasun handiarekin proportzionalak, oinarrizko eskubiderik eten gabe, betiere Konstituzioaren 55. artikuluak eskatzen duenaren arabera.

Etengabeko ebaluazioak eta jarraipenak, egoera epidemiologikora etengabe egokitzen dela bermatzeko, aldaketa hau egin beharra ekarri dute, Labiren foroko zehaztapenak eta neurri sakonak aztertu ondoren, osasun-babesaren eta gizarte gisa dugun aurrerapenaren arteko oreka lortu nahian, betiere.

Euskal Autonomia Erkidegoko lehendakariari dagokio, agintaritza eskudun gisa, alarma-egoeran eraginkortasunez ezartzen den zehaztapena onartzea.

Horrenbestez, SARS-CoV-2k eragindako infekzioen hedapena geldiarazteko alarma-egoera deklaratzen duen urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuaren 2. artikuluan eta Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 8. artikuluan oro har xedatutakoaren arabera, honako hau

Aldatu egiten da abenduaren 10eko 44/2020 Dekretuaren 2. artikuluaren 4. apartatua, eta honela geratzen da idatzita:

  1. Mugatu egiten da bizilekua duten udalerriko barruti bakoitzeko pertsonen sarrera eta irteera, artikulu honetan jasotako salbuespen orokorrekin edo partikularrekin. Nolanahi ere, mugakide diren eta ohiko joan-etorriak dituzten udalerrien arteko mugikortasuna baimentzen da, lurralde historikoa edozein dela ere, gizarte-, ekonomia- eta kirol-jarduerak edo aire zabaleko jarduera fisikoa egiteko.

    Bestalde, bizilekuaz bestelako Euskal Autonomia Erkidegoko beste udalerri batera mugitzea baimenduta dago, baita mugakideak ez direnetara ere, lehiaketa profesionalean edo erdi-profesionalean ari diren taldeen entrenamenduetarako eta kirol-lehiaketetarako, azken 14 egunetako COVID-19 kasuen intzidentzia-tasa metatua edozein dela ere.

    Azkenik, bizilekua dagoen udalerria ez den beste udalerri batera mugitu ahal izango da, mugakidea ez bada ere, kirol federatuko lehiaketetarako eta entrenamenduetarako, eskola-kiroleko entrenamenduetarako, bai eta gimnasioetan, kirol-elkarteetan edo kiroldegietan programatutako ikastaroetarako edo jardueretarako ere, betiere, kasu horietan guztietan, jatorrizko udalerrian zein helmugako udalerrian COVID-19aren kasu positiboen azken 14 egunetako intzidentzia-tasa metatua 100.000 biztanleko 500 baino txikiagoa bada.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Dekretu honetan zein abenduaren 10eko 44/2020 Dekretuan eta haren aldaketetan aipatutako neurrien jarraipena eta etengabeko ebaluazioa egingo da, neurriok egoera epidemiologikoaren bilakaerara egokitzen direla bermatzeko. Horretarako, 20 eguneko epean, neurriak luzatu, aldatu edo ondoriorik gabe utzi ahal izango dira, hargatik eragotzi gabe aurretik egoki edo beharrezko iritzitako berregokitze oro egitea.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Dekretu honek 2021eko otsailaren 15eko 00:00etatik aurrera izango ditu ondorioak.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Dekretu honen aurka, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, dekretua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

Vitoria-Gasteizen, 2021eko otsailaren 12an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.