Arautegia

Inprimatu

7/2021 DEKRETUA, urtarrilaren 19koa, Lan eta Enplegu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzekoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Lan eta Enplegu Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 21
  • Hurrenkera-zk.: 485
  • Xedapen-zk.: 7
  • Xedapen-data: 2021/01/19
  • Argitaratze-data: 2021/01/29

Gaikako eremua

  • Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Lana eta enplegua; Gobernua eta Administrazio Publikoa; Sailak

Testu legala

Lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren arabera Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sail-egitura berrantolatu da, eta Administrazioko sailei eskumenak berresleitu zaizkie, legegintzaldi honetan gobernu-programa osatzen duten konpromiso guztiak ahalik eta eraginkortasunik handienarekin burutzeko.

Dekretu horren 2. artikuluan, Administrazioaren egitura definitzen da, eta, b) letran, Lan eta Enplegu Saila aipatzen da, zeinaren egitekoak eta jardun-arloak 6. artikuluan bilduta baitaude. Horiek horrela, beharrezkoa da Lan eta Enplegu Sailaren egitura antolatzea.

Sailak bi sailburuordetza izango ditu: Laneko eta Gizarte Segurantzako Sailburuordetza eta Enplegu eta Gizarteratze Sailburuordetza. Sailburuordetza bakoitzean, bestalde, zuzendaritzak egongo dira, bakoitzari dagozkion arlo espezifikoen arabera.

Laneko eta Gizarte Segurantzako Sailburuordetzak honako hauek hartuko ditu bere gain: lan-arloko legeek lan-harremanei buruz ezartzen dutena egikaritzea; gizarte-ekonomia kooperatibak, lan-sozietate anonimoak eta ekonomia solidarioa; enpresen gizarte-erantzukizuna; eta Gizarte Segurantza, Autonomia Estatutuan aurreikusitako moduan.

Organikoki sailburuordetza horren mende egongo dira Laneko eta Gizarte Segurantzako Zuzendaritza eta Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritza.

Enplegu eta Gizarteratze Sailburuordetzari dagokio, batetik, enplegu-politikaren eta enplegurako lanbide-heziketaren gaineko eskumenak egikaritzea hargatik eragotzi gabe Hezkuntza Sailak lanbide-heziketaren arloan esleituta dituen zuzendaritza-, antolamendu- eta plangintza-egitekoak eta, bestetik, Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzeko Sistema.

Sailburuordetza horren mende egongo da Enplegu eta Gizarteratze Zuzendaritza.

Edonola ere, aintzat hartu behar da Lan eta Enplegu Sailaren egiturak balio behar duela Jaurlaritzako bigarren lehendakariordearen egitekoak garatzeko, hala ezarrita baitago Jaurlaritzako bigarren lehendakariordea eta Lan eta Enpleguko sailburua izendatzeko irailaren 7ko 21/2020 Dekretuaren 3. artikuluan. Bestalde, 2. artikuluak aurreikusten du Jaurlaritzako bigarren lehendakariordeak Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legean aurreikusitako egitekoak beteko dituela, bai eta lehendakariak esleitzen edo eskuordetzen dizkionak ere. Agindu horretatik ondorioztatzen da bigarren lehendakariordearen esku utzi nahi direla koordinazio-egitekoak bai araugintzakoak, bai jarduera esanguratsuenak, Lehendakariordetzari berezkoak zaizkionak. Egoera hori, beraz, sailaren antolamendu organikoan eta funtzionalean islatu behar da. Egituraren malgutasun funtzional horrek eraginkortasun osoz funtziona dezan, nahitaezkoa da Lan eta Enplegu Sailaren egitura horizontala indartzea; haren esku utziko dira, hain zuzen, sailaren gainerako arloei laguntzeko egitekoak eta sailaren jardunak Jaurlaritzako beste sail batzuekin eta beste administrazio publiko batzuekin planifikatzeko eta koordinatzeko egitekoak, hargatik eragotzi gabe, noski, sail-egitura osoak 21/2020 Dekretuaren 3. artikuluan adierazitakoa bete behar izatea.

Logika horri jarraituz, eta egitura erabat osatzeko, zuzenean sailburuaren mende dauden organoak daude; hau da, Zerbitzu Zuzendaritza sailaren gainerako organoei laguntzeko organoa baita, saileko arlo guztiei dagozkien gaietan; Kabinete Zuzendaritza zuzeneko laguntza emango baitio sailburuari karguaren arabera dituen egitekoak betetzen, eta, bereziki, sailburuaren lan-programaren plangintza, jarraipena eta koordinazioa egiten eta hari babesa ematen, eta Komunikazio Zuzendaritza informazio-harremanak zuzentzea eta sailaren ekintzei buruzko informazioa zabaltzea baitagokio.

Horren ondorioz, Lan eta Enpleguko sailburuaren proposamenez, lehendakariak onartuta, eta Gobernu Kontseiluak 2021eko urtarrilaren 19ko bilkuran proposamena aztertu eta onartu ondoren, hau

ANTOLAketa OROKORRA

Lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren 6. artikuluan zehaztuta dauden egitekoak eta jardun-arloak dagozkio Lan eta Enplegu Sailari (18/2020 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena). Horretaz gainera, hurrengo artikuluetan bildutako eskumenak ere izango ditu.

  1. Aurreko artikuluan aipatu diren eskumenak egikaritzeko, honako organo hauek izango ditu Lan eta Enplegu Sailak:

    1. Organo zentralak:

      1. Lan eta Enpleguko sailburua:

        1. Zerbitzu Zuzendaritza.

        2. Kabinete Zuzendaritza.

        3. Komunikazio Zuzendaritza.

      2. Laneko eta Gizarte Segurantzako Sailburuordetza:

        1. Laneko eta Gizarte Segurantzako Zuzendaritza.

        2. Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritza.

      3. Enplegu eta Gizarteratze Sailburuordetza:

        1. Enplegu eta Gizarteratze Zuzendaritza.

        2. Organo periferikoak: Laneko eta Gizarte Segurantzako lurralde-ordezkaritzak, lurralde historiko bakoitzekoak.

  2. Organismo autonomo hauek Lan eta Enplegu Sailari atxikita edo lotuta daude:

    1. Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundea.

    2. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua.

  3. Honako organo hauek ere Lan eta Enplegu Sailari atxikita edo lotuta daude, sortze-arauek ezartzen dutenaren arabera:

    1. Sindikatu Hauteskundeen Bulego Publikoa eta haren lurralde-bulegoak, azaroaren 28ko 237/2000 Dekretuaren bidez sortuak.

    2. Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarrizketa Sozialaren Mahaia, urtarrilaren 15eko 3/2019 Dekretuaren bidez sortua.

    3. Gizarteratzeko Euskal Kontseilua, Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzeko abenduaren 23ko 18/2008 Legearen bidez arautua.

    4. Gizarteratzeko Erakunde arteko Batzordea, Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzeko abenduaren 23ko 18/2008 Legearen bidez arautua.

    5. Gizarteratzeko Sail arteko Batzordea, Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzeko abenduaren 23ko 18/2008 Legearen bidez arautua.

    6. Herri Lanetarako Erakunde arteko Batzordea, apirilaren 29ko 74/2008 Dekretuaren bidez sortua.

  4. Zuzendaritza Kontseilua ere egongo da, Lan eta Enpleguko sailburua buru duela, hari laguntzeko sailaren politika orokorra planifikatzen eta koordinatzen. Kontseiluaren parte izango dira sailburuordetzen titularrak, Zerbitzu Zuzendaritzaren, Kabinete Zuzendaritzaren eta Komunikazio Zuzendaritzaren titularrak eta, landu beharreko gaiaren arabera, bileran parte hartzeko sailburuak deitzen dituen saileko beste goi-kargudunak edo pertsonak.

  1. Honako eskumen hauek dagozkio Lan eta Enpleguko sailburuari: Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 26. eta 28. artikuluetan aipatzen diren eskumenak, eta indarrean dagoen legeriak esleitzen dizkionak lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren 6. artikuluaren arabera sail honi dagozkion egiteko eta jardun-arloen esparruan, dekretu horren bidez sortu, ezabatu eta aldatzen baitira Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak eta finkatzen baitira sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak.

  2. Honako hauek ere Lan eta Enpleguko sailburuaren egitekoak dira:

    1. Bere eskumenen esparruko helburu estrategikoak definitzea, gobernu-programan zehaztutako ildo estrategikoen eta programa-konpromisoen arabera.

    2. Helburu estrategikoak garatzean lortutako eragin soziala aztertzea, eta saileko jarduera-sektoreen helburuetan beharrezkoak diren aldaketak edo garapenak zehaztea.

    3. Sailaren organo eta jarduera guztiak programatu, bultzatu, gidatu, koordinatu eta kontrolatzea.

    4. Izendapen askeko lanpostuak betetzea aurretik deialdi publikoa eginez, eta behin-behineko langileak izendatzea.

    5. Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan esleitutako dirulaguntza izendunak ematea, sailaren jardun-arloan.

    6. Saileko organoen arteko eskudantzia-gatazkak ebaztea, eta beste sailekikoak planteatzea.

    7. Ondare-erantzukizuneko prozedurak ebaztea.

    8. Ofizioz berrikusteko prozedurak hasi eta ebaztea, non eta egiteko horiek ez dauden, arau bidez, beste organo bati esleituta.

    9. Zuzenean eta hierarkiaz sailburuaren mende dauden sailburuordetzen eta zuzendaritzen titularrek emandako administrazio-egintzen aurka jarritako errekurtsoak ebaztea.

    10. Ekainaren 11ko 139/1996 Dekretuak xedatzen duen eskumen delegatua egikaritzea (139/1996 Dekretua, zerbitzu publikoak edo premia biziko eta atzeraezineko zerbitzuak eskaintzeko ardura duten enpresa, entitate edo erakundeetan greba-eskubideaz baliatzen direnean, Autonomia Erkidegoko funtsezko zerbitzuei jardunean eutsiko zaiela ziurtatzeko behar diren neurriak hartzeko eskumena Justizi, Ekonomi, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuari eskuordetzan ematen diona).

    11. Kooperatiben deskalifikazioa eta aldi baterako esku-hartzea erabakitzea, bat etorriz Euskadiko Kooperatiben abenduaren 20ko 11/2019 Legearen 161. eta 162. artikuluekin.

    12. Sozietate kooperatiboen onura publikoaren deklarazioa egitea eta baliogabetzea, bat etorriz otsailaren 2ko 64/1999 Dekretuarekin (dekretu horren bidez, Onura publikoko sozietate kooperatiboei dagozkien prozedura eta betekizunen Erregelamendua onartu zen).

    1. Protokolo orokorrak eta hitzarmenak formalizatzea partikularrekin edo pertsonifikazio pribatuaren bidez eratutako entitateekin.

    2. Indarrean dagoen araudiak sailari esleitzen dizkion eskumenak baliatzea, honako arlo hauetan: funtzio publikoa, ondarea, ekonomia- eta aurrekontu-kudeaketa, eta, oro har, dekretu honen 1. artikuluan aipatutako egiteko eta jardun-arloekin lotuta daudenak, baldin eta dekretuak sailaren egitura organikoa osatzen duten beste organo batzuei egozten ez badizkie.

Lan eta Enplegu Saileko sailburuordeei, zuzenean eta hierarkiaz sailburuaren mende jardunez, honako eskumen hauek dagozkie, oro har:

  1. Sailburuordetzak zuzendaritza bakoitzarentzat dituen kudeaketa publikoko politikak definitzea.

  2. Jaurlaritzaren estrategiaren arabera, sailak sailburuordetzari esleitutako helburu estrategikoak garatzea.

  3. Eragin soziala aztertzea eta sailburuordetzaren zuzendaritzen helburuetarako behar diren aldaketak edo garapenak zehaztea.

  4. Saila ordezkatzea, haren titularrak eskuordetuta.

  5. Sailburuordetzako eta haren mende dauden zuzendaritzetako organo eta jarduera guztiak koordinatu, sustatu, programatu eta gainbegiratzea; halaber, mendeko zerbitzuen eta organoen antolamenduari eta funtzionamenduari buruzko zirkularrak, jarraibideak eta zerbitzu-aginduak ematea.

  6. Jardun-politikak eta xedapen-proiektuak prestatzea eta sailburuari proposatzea, eta, aginduta dauzkan egitekoen eremuan, hari laguntza teknikoa ematea.

  7. Sailburuordetzaren mende dauden zerbitzuetako proiektuak proposatzea, behar diren baliabide materialak eta giza baliabideak definituz, aurrekontuen aurreproiektua prestatu ahal izateko.

  8. Sailburuordetzaren mendeko zuzendaritza-zentroen eta organismoen funtzionamendua ikuskatu eta kontrolatzea.

  9. Sailburuordetzaren mendeko organoek emandako ebazpenen eta administrazio-egintzen aurka jarritako errekurtsoak ebaztea.

  10. Saileko hizkuntza-normalizazioaren ardura bere gain hartzea eta bere eskumeneko eremuetan euskararen erabilera sustatzea, zerbitzu- eta lan-hizkuntza izan dadin, bat etorriz Gobernu Kontseiluak onartutako Euskararen Agenda Estrategikoarekin.

  11. Zehatzeko ahala baliatzea bere eskumen-eremuan, indarrean dagoen legeriari jarraituz oso astuntzat jotzen diren falten kasuan, betiere egiteko hori beste organo bati espresuki esleitzen ez bazaio.

  12. Indarrean dagoen ordenamendu juridikoak espresuki esleitzen dizkien eskumen guztiak, eta, eskumen komunak direlako, oro har sailburuordeei dagozkienak.

  1. Bere sailean eta bere eskumeneko esparruetan emakumeen eta gizonen berdintasuna sustatzeko erantzukizuna bere gain hartzea, Gobernu Kontseiluak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Planean ezarritakoarekin bat etorriz.

Zuzendariek, dagokien sailburuordearen zuzeneko eta hierarkiazko mendetasunez Zerbitzuen zuzendaria, Kabinetearen zuzendaria eta Komunikazioko zuzendaria izan ezik, zeinak sailburuaren mende baitaude, eskumen hauek izango dituzte, oro har:

  1. Sailburuaren eta sailburuordeen ebazpenak betearaztea eta eskuordetzen zaizkien eskumenak baliatzea.

  2. Saila ordezkatzea, sailburuak eskuordetuta.

  3. Zuzendaritzaren jarduerak programatu, bultzatu, gidatu, koordinatu eta kontrolatzea.

  4. Espedienteen erregistroak eta artxiboak eta dagokion zuzendaritzako barne-zerbitzuak eta lan-sistemak antolatzea, organo eskudunek ezarritako arauekin bat eginik, eta hargatik eragotzi gabe Zerbitzu Zuzendaritzari esleitutako eskumen orokorrak.

  5. Goragoko organoei proposamenak egitea, beren eskumeneko gaietan.

  6. Azterketak eta, hala behar bada, txosten tekniko-juridikoak egitea xedapen arauemaileen proiektuei buruz, Gobernu Kontseiluaren erabaki-proposamenei buruz edo sailaren ekimenez sinatzekoak diren hitzarmenei buruz.

  7. Errekurtsoak ebaztea, indarrean dagoen legerian agindutako kasuetan.

  8. Zerbitzu Zuzendaritzari helaraztea zuzendaritza bakoitzaren berezko arloetako estatistika-datuei buruz beharrezkoa den informazioa.

  9. Sailari dagozkion egitekoak betetzea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoak Interneten izan beharreko presentzia-modeloari dagokionez, betiere bere zuzendaritzari esleitutako arloetan.

  10. Zehatzeko ahala baliatzea bere eskumen-eremuan, indarrean dagoen legeriari jarraituz arintzat eta astuntzat jotzen diren falten kasuan, betiere egiteko hori beste organo bati espresuki esleitzen ez bazaio.

  11. Zerbitzu Zuzendaritzaren gidaritzapean eta Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzarekin elkarlanean, indarrean dagoen Euskara Normalizatzeko Planeko helburuak definitzea berari dagokion alorrean eta horiek lortzeko ekimenak garatu eta ebaluatzea, bere Zuzendaritzako zerbitzuburuekin batera euskararen kudeaketa integratua eginez.

  12. Indarrean dagoen ordenamendu juridikoak espresuki ematen dizkien gainerako egitekoak, eta, oro har, Jaurlaritzako zuzendariei dagozkienak.

  1. Zerbitzu Zuzendaritzaren gidaritzapean eta Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearekin elkarlanean, Euskal Autonomia Erkidegoko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Planeko helburuak definitzea bere arloan, eta horiek lortzeko ekintzak eta ekimenak gauzatzea eta ebaluatzea, bere Zuzendaritzako zerbitzuburuekin lankidetzan emakumeen eta gizonen berdintasunerako politiken kudeaketa integratua eginez.

  1. Zerbitzu Zuzendaritzak honako eskumen hauek izango ditu, dekretu honen 5. artikuluan oro har esleitzen zaizkion egitekoez gainera:

    1. Sailari atxikitako giza baliabideak kudeatzea, Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 10. artikuluak gai horri buruz esleitzen dizkion eskumenak baliatuz.

    2. Sailaren Segurtasun eta Lan Osasun Unitatearen jarduerak zuzentzea, hargatik eragotzi gabe Prebentzio Zerbitzuari dagozkion eskudantziak.

    3. Langileen prestakuntza-planak eta -programak koordinatu eta kudeatzea.

    4. Sailaren ekonomia- eta aurrekontu-kudeaketa egitea, dagozkion informazio-sistemak, ebaluazio jarraitukoak eta jarraipen-sistemak ezarriz eta mantenduz.

    5. Zerbitzuen eta lan-metodoen barne-antolaketari, arrazionalizazioari eta informatizazioari buruzko proposamenak egitea, eta, halaber, zerbitzu publikoetako kalitate-hobekuntzaren eta berrikuntzaren arloan organo eskudunek emandako ekimenak eta jarraibideak sailetako organoek nola betetzen dituzten gainbegiratzea.

    6. Irizpen teknikoak eta, oro har, aholkularitza juridikoa ematea sailaren berezko arloei dagokienez, saileko organoek proposatuta. Bereziki, honako hauetan aipatzen diren egitekoak: Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridikoa Antolatzeko ekainaren 2ko 7/2016 Legearen 4. artikulua eta 5.3 artikulua, eta Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridikoari buruzko apirilaren 25eko 144/2017 Dekretuaren 42. artikulua.

    7. Sailburuak ebatziko dituen ondare-erantzukizuneko espedienteak hasi eta izapidetzea.

    8. Kontratuen arloko aholkuak eta informazioa eman eta espedienteak eta gorabeherak izapidetzea, bai eta kontratazioaren arloko errekurtso arrunten eta apartekoen txostenak egitea ere, kontratazio-organoarentzat, organo sustatzaileentzat eta kontratazio-mahaiarentzat.

    9. Izapideak egitea sailaren gaiak Gobernu Kontseilura eta, hala badagokio, Jaurlaritzako batzorde delegatuetara bidaltzeko, baldin eta haiek landu beharrekoak badira.

    10. Aldizkari ofizialetan argitaratu beharreko gaiak izapidetzea.

    11. Sailaren informatika-zerbitzu propioen jarraipena egitea eta, hala badagokio, zerbitzu horiek kudeatzea, bai eta datu pertsonalen babesari buruzko araudia betetzen dela ziurtatzea ere, hargatik eragotzi gabe Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoko datuak babesteko ordezkariari dagozkion egitekoak.

    12. Politika publikoetan eta sailak kudeatzen dituen administrazio-arloko gaietan hizkuntza normalizatzen eta euskara sustatzen laguntzea, hizkuntza-politikaren arloan eskumena duen organoaren irizpideekin bat etorrita.

    1. Irailaren 25eko 135/2018 Dekretuaren 9. artikuluan sailari esleitutako argitaratze-egitekoak betetzea (135/2018 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomoen argitaratze-jarduerari buruzkoa).

    2. Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko entitateen informazioaren eta komunikazioaren teknologiak kudeatzeko ereduaren antolamenduari dagokionez Lan eta Enplegu Sailari dagozkion egitekoak garatzea eta, bereziki, martxoaren 10eko 36/2020 Dekretuaren 7. eta 14. artikuluetan ezarrita dauden egitekoak (36/2020 Dekretua, zeinaren bidez arautzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko Sektore Publikoan informazioaren eta komunikazioaren teknologiak kudeatzeko eredua).

    1. Sailaren estatistika-lanak bultzatu, proposatu eta garatzea, hargatik eragotzi gabe Euskal Estatistika Erakundearen (EUSTAT) eskumenak. Sailaren estatistika-organo berezia Zerbitzuen zuzendariaren mende egongo da.

    2. Eusko Jaurlaritzaren ekimen eta jarraibide orokorrak garatzeko eta gauzatzeko beharrezkoa den sostengua bermatzea, arlo hauetan: kudeaketa aurreratua, modernizazioa, administrazio elektronikoa, gobernantza eta berrikuntza. Halaber, ekimen eta jarraibide horiek sustatzea sailaren barruan.

    3. Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren laguntzarekin, gainerako zuzendaritzek hizkuntza-normalizazioan egiten duten lana koordinatzea eta dinamizatzea, eta euskara sustatzea politika publikoetan eta sailak kudeatzen duen beste edozein arlotan.

    4. Berdintasun Unitatearen jarduerak gidatzea, eta gainerako zuzendaritzekin, Administrazio instituzionaleko entitateekin eta sailari atxikitako organoekin koordinatzea eta lankidetzan jardutea, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean eta Eusko Jaurlaritzak onartutako Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Planean aurreikusitako neurriak gauzatzea bultzatzeko.

  2. Zerbitzuen zuzendaria izango da sailaren kontratazio-organoa.

  3. Zerbitzuen zuzendariaren eskumena izango da, halaber, sailaren gastuak baimentzea, hargatik eragotzi gabe Gobernu Kontseiluaren eskumenak; kreditu-transferentziak ere izapidetuko ditu.

  4. Zerbitzuen zuzendariak eskumena izango du, era berean, entitateekin prestazio jakin batzuk hitzartzeko xedea duten negozio juridikoak sinatzeko. Horretarako, baina, entitateek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren baliabide propioaren eta zerbitzu teknikoaren izaera izan behar dute, sektore publikoko kontratazioa erregulatzen duen araudian ezarritakoarekin bat etorriz.

Sailburuak, bere egitekoak betetzeko, Kabinete Zuzendaritzaren laguntza izango du, eta hark, dekretu honen 5. artikuluan oro har ematen zaizkion eskumenez gainera, honako hauek izango ditu:

  1. Sailburuaren lan-programa planifikatzea, haren jarraipena egitea eta hari babesa ematea.

  2. Sailaren ekitaldi publiko eta ofizialak programatu eta antolatzea.

  3. Saileko sailburuordetzen arteko koordinazio egokia zaintzea, eta sailak Eusko Legebiltzarrarekin eta Arartekoarekin dituen harremanak bideratzea, organo eskudunen bidez.

  4. Sailak beste administrazio publiko batzuekin egin beharreko jarduketak koordinatu eta bideratzea, ezertan eragotzi gabe Jaurlaritzaren beste organo batzuek esleituak dituztenak.

  5. Sailaren eta Jaurlaritzako beste sailen arteko harremana zaintzea, bere eskumeneko arloetan.

  6. Teknikak eta metodoak proposatzea, sailaren programa eta jarduna garatzera eta betetzera bideratutako arloetan burutu beharreko jarduerak planifikatzeko, programatzeko eta ebaluatzeko. Horretarako, sailburuari dagozkion jarraipen- eta koordinazio-egitekoak errazteko beharrezkoak diren laguntza eta agiriak eskatu ahal izango dizkie arlo horiei.

  7. Sailaren plan estrategikoak eta haien jarraipen-txostenak prestatzen laguntzea, sailburuordetzekin koordinatuta.

  8. Sailaren eginbeharretan eragina duten gaien inguruko informazio egokia bildu, aztertu eta aurkeztea, gaiarekin zerikusia duten saileko beste organo eskudunekin elkarlanean.

  9. Europar Batasunaren instituzioen inguruan sailari dagozkion jardueren jarraipena egitea.

Sailburuak, bere egitekoak betetzeko, Komunikazio Zuzendaritzaren laguntza izango du, eta hark, dekretu honen 5. artikuluan oro har ematen zaizkion eskumenez gainera, honako hauek izango ditu:

  1. Informazio-harremanak zuzendu eta izatea komunikabide sozialekin, eta sailari buruzko informazio orokorra zabaltzea, sailaren gainerako organo laguntzaile gisa jardunez.

  2. Sailaren akzio publikoen informazio- eta publizitate-estaldura egokia ziurtatzea.

  3. Sailaren eginbeharrarekin zerikusia duten gaietan herritarren lankidetza sustatzeko publizitate instituzionaleko kanpainak eta gizartea sentsibilizatzeko beste kanpaina edo neurri batzuk diseinatzea eta gauzatzea, gainerako organo interesdunekin koordinatuta, bat etorriz Euskadiko Publizitate eta Komunikazio Instituzionalari buruzko abenduaren 23ko 6/2010 Legearekin eta Publizitate eta Komunikazio Instituzionalaren Urteko Planarekin.

  4. Sailaren komunikazio-politika zehaztu, zuzendu eta koordinatzea, sailaren jarduerak, erabakiak eta politikak behar bezala zabaltzen direla bermatzeko, bai informazio- eta prentsa-kanalen bidez, bai publizitate-kanalen bidez.

  5. Sailaren urteko argitalpen-programa prestatzea, Argitalpen Zerbitzu Zentralarekin batera.

  6. Sailari dagozkion herritarren arreta- eta informazio-zerbitzuek egoki jarduten dutela ziurtatzea (arreta espezializatua), eta Jaurlaritzak herritarrei arreta emateko duen zerbitzuarekin (Zuzenean zerbitzua) harremanak behar bezala bideratzea, bere eskumenekoak diren arloetan solaskide operatiboak daudela bermatuta.

  7. Informazioaren argitaratze aktiboa eta sailaren datu publikoen zabalkundea koordinatzea eta horien guztien jarraipena egitea, betiere gardentasun-politikarekin koherente izanik. Orobat, Komunikazio Zuzendaritzak izapidetu eta ebatziko ditu abenduaren 9ko 19/2013 Legeak xedatutakoaren arabera informaziorako irispide-eskubidea erabiltzeko aurkezten diren eskabideak (19/2013 Legea, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzkoa).

  8. Sailaren interes orokorreko dokumentu-informazioko zerbitzua kudeatzea, informazio automatizatua emateko, bai bibliografikoa, bai prentsa, irrati, telebistakoa zein Internetekoa.

  9. Behar diren dokumentazio bibliografiko eta tekniko guztiak katalogatzeko organo gisa aritzea, sailaren politika behar bezala gauzatzeko eta administrazio-zerbitzuak optimizatzeko. Zehaztea sailak zer argitalpen dituen aurreikusita kasuan kasuko urterako; hartara, urteko argitalpen-programa prestatu ahal izango da.

  1. Laneko eta Gizarte Segurantzako Sailburuordetzak honako eskumen hauek izango ditu, dekretu honen 4. artikuluan oro har esleitzen zaizkion eskumenez gainera:

    1. Sailburuari laguntza teknikoa ematea, haren esku utzi diren egitekoetan eta ordenamendu juridikoak esleitzen dizkion egitekoetan, bai eta horiekin zuzeneko lotura dutenetan ere.

    2. Eragile sozialek lanaren arloko topaguneetan egiten dituzten akordioak sustatzea, eta horiek garatzen laguntzea.

    3. Lan-harremanen eta laneko segurtasunaren eta osasunaren esparruan eragile sozialek egindako akordioak bultzatu eta babestea.

    4. Enpresa-kultura jakin bat bultzatzea, oinarri izango dituena itunak eta langileen enpresako parte-hartzea.

    5. Lanaren antolamenduaren hobekuntza eta modernizazioa bultzatzea, enpresetan produktibitatea eta lehiakortasuna handitzeko.

    6. Ekonomia-garapenaren arloko sail eskudunarekin elkarlanean jardutea, koordinaziorako eta lankidetzarako formulak garatuz, helburu hartuta Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomiaren gizarte- eta industria-arloko sarea osatzen duten sektoreen produkzio-prozesuak bultzatzea.

    7. Lan Harremanen Euskal Eredua defendatzea.

    8. Elkarrizketa sozialeko foroetan jardutearen eta parte hartzearen alde egitea.

    9. Kooperatiben arloan egiten diren arau-hauste oso astunengatik zehapenak ezartzea, Euskadiko Kooperatiben abenduaren 20ko 11/2019 Legearen 160.6.b) artikuluaren arabera.

    10. Sailburuordetzako zuzendariek hartutako ebazpenen aurka jarritako errekurtsoak ebaztea.

    11. Gizarte-ekonomiaren, ekonomia solidarioaren eta kooperatibismoaren arloko jarduerak sustatu eta koordinatzea.

    12. Enpresen gizarte-erantzukizunaren arloko jarduerak sustatu eta koordinatzea.

    1. Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzaren goi-mailako koordinazioa eta zuzendaritza bere gain hartzea, eta haren funtzionamendua zaintzea, Euskal Autonomia Erkidegoan.

  2. Zuzendaritza hauek daude Laneko eta Gizarte Segurantzako Sailburuordetzaren mende:

    1. Laneko eta Gizarte Segurantzako Zuzendaritza.

    2. Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritza.

  1. Laneko eta Gizarte Segurantzako Zuzendaritzak honako egiteko hauek izango ditu, lan-arloko agintaritza den aldetik dekretu honen 5 artikuluak oro har esleitzen dizkion egitekoez gainera:

    1. Indarrean dagoen legeriak lan-arloko legeria betearazteko esleitzen dizkion eskumenak baliatzea.

    2. Lurralde-ordezkaritzak zuzendu, koordinatu eta gainbegiratzea. Lurralde-ordezkariek emandako ebazpenen aurka jarritako errekurtsoak ebaztea ere egokituko zaio, bere eskumeneko arloetan.

    3. Euskal Autonomia Erkidegoko Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzaren jarduera eta funtzionamendua zuzendu, koordinatu eta gainbegiratzea, eta jarduera ikuskatzailearen planak eta programak ezartzea. Orobat, Laneko Ikuskaritzaren jardunari buruzko memoriak eta txostenak prestatuko ditu.

    4. Lan-harremanei buruzko espedienteez arduratzea, haiek tramitatzea eta lehen auzialdian ebaztea, ordenamendu juridikoak gai horretan ematen dizkion ahalmen guztiak baliatuz.

    5. Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzaren ekimenez, lar-arloko arau-hauste administratibo oso astunengatik zehapenak ezartzea, alde batera utzita Gizarte Segurantzako arau-hausteengatik ezarri behar direnak.

    6. Kaleratze kolektiboaren, kontratu-eteteen eta lanaldi-murrizketen prozedurak aztertu, izapidetu eta, hala badagokio, ebaztea halako prozeduren erregelamendua onartzen duen urriaren 29ko 1483/2012 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera, baldin eta ukitutako enpresak lantegiak baditu lurralde historiko batean baino gehiagotan; halaber, Konkurtso Legearen testu bateginaren 179. artikuluan adierazitako txostena idatziko du testu bategin hori maiatzaren 5eko 1/2020 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartu zen.

    7. COVID-19aren ondoriozko edo alarma-egoeraren deklarazioaren ondoriozko jarduera-galerek zuzenean eragin dituzten kontratu-eteteen eta lanaldi-murrizketen eskabideak izapidetzea eta ebaztea, baldin eta berekin ekarri badute jarduerak etetea edo bertan behera uztea edo lokalak aldi baterako ixtea.

    8. Ohiko erretiroaren aurreko laguntzak ematea honelako prozesuek ukitutako langileei: Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumeneko kaleratze kolektiboko espedienteen prozeduretatik eratorritako eta ekonomia, teknika, antolaketa eta ekoizpeneko arrazoietan oinarritutako lan-harremanak amaitzeko prozesuak.

    9. Euskal Autonomia Erkidegoko laneko jaiegunen egutegi ofiziala egin eta izapidetzea.

    10. Euskadiko Lan Hitzarmen eta Akordio Kolektiboen Erregistro telematikoa zuzendu eta kudeatzea, erregistroa arautzen duen dekretuan eta indarrean dagoen gainerako araudian xedatutakoari jarraikiz.

    11. Lan-hitzarmen kolektiboen hedapen- eta atxikipen-espedienteak ebatzi eta izapidetzea.

    12. Greba-eskubidea baliatzen denean, komunitatearentzako funtsezko zerbitzuak beteko direla bermatzeko neurrien proposamena izapidetzea.

    1. Indarrean dagoen ordenamendu juridikoak lan-agintaritzari esleitzen dizkion bitartekaritza-, arbitraje-, eta adiskidetze-egitekoak betetzea, Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan, hargatik eragotzi gabe Lan Harremanen Kontseiluaren baitan PRECOri dagozkion egitekoak.

    2. Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde sindikalen eta enpresa-erakundeen estatutuak gordailutzen dituen bulego publikoa zuzentzea, eta lurralde-ordezkaritzen bulego publikoak zuzendu eta koordinatzea.

    1. Sindikatu Hauteskundeen Bulego Publikoa zuzentzea, azaroaren 28ko 237/2000 Dekretuan ezarritakoaren arabera.

    2. Laneko segurtasunaren eta osasunaren arloan lan-agintaritzari dagozkion egitekoak betetzea, hargatik eragotzi gabe Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeari esleitutako eskumenak.

    3. Laneko Istripuen eta Gaixotasun Profesionalen Tramitazio Telematikorako Erregistroa zuzendu eta kudeatzea.

    4. Laneko Arriskuen Prebentziorako Ordezkarien Erregistroa zuzendu eta kudeatzea.

    5. Erakunde espezializatuak akreditatzea, enpresaz kanpoko prebentzio-zerbitzu gisa jardun dezaten, eta, halaber, pertsona eta erakunde espezializatuak akreditatzea, prebentzio-sistemaren gaineko auditoria-jarduerak burutu ditzaten. Horretaz gainera, akreditazio horiei buruzko aldaketa- eta etete-espedienteak ebaztea.

    6. Kanpoko Prebentzio Zerbitzuen eta Auditorien Erregistroa zuzendu eta kudeatzea.

    7. Lan-arriskuen prebentzioaren arloan arau-hauste oso astunak egiteagatik zehatutako enpresen erregistroa zuzendu eta kudeatzea.

    8. Euskal Autonomia Erkidegoko Eraikuntzako Enpresa Bermatuen Erregistroa zuzentzea.

    9. Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde historiko batean baino gehiagotan lantokiak dituzten Aldi Baterako Laneko Enpresen Erregistroa zuzendu eta kudeatzea, halako enpresei administrazio-baimena ematea eta haien gainean lan-agintaritzari esleitutako eskumenak baliatzea.

    10. Laguntza teknikoa ematea enpresei, langileei, entitateei eta organismoei, lan-agintaritzaren egitekoak betetzeko zereginaren barruan.

    11. Eragile sozialek dituzten giza baliabideen kualifikazioa sustatzea, zenbait prestakuntza-planen bitartez, zehazki giza baliabide horiek gizartearen garapen ekonomikoaren eta ongizatearen alde egin dezaten sustatuko duten prestakuntza-planen bitartez.

    12. Administrazio publikoetako beste organo batzuei informazioa, laguntza eta lankidetza ematea, lan-arloko arauen aplikazioari buruz edo laguntza eta dirulaguntza publikoen zaintza eta kontrolari buruz.

  2. Laneko Ikuskaritzaren Zuzendariordetzak, Laneko eta Gizarte Segurantzako zuzendariaren mendekotasun organikoa, funtzionala eta hierarkikoa duela, bere gain hartuko du lurralde-ikuskaritzen zuzendaritza tekniko eta administratiboa.

Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak honako egiteko hauek izango ditu, dekretu honen 5. artikuluak oro har esleitzen dizkion egitekoez gainera:

  1. Gizarte-ekonomia sustatu eta bultzatzea.

  2. Euskadiko Kooperatiben abenduaren 20ko 11/2019 Legea betetze aldera ikuskaritza-egitekoa gauzatzea eta kooperatiben arloko arau-hauste arinak eta astunak egiteagatik zehapenak ezartzea, aipatutako legearen 160.6.a) artikuluan xedatutakoaren arabera.

  3. Euskadiko Kooperatiben Erregistroa zuzendu eta kudeatzea, betiere Euskadiko Kooperatiben Erregistroaren Antolaketa eta Funtzionamenduaren Erregelamendua onartzen duen martxoaren 29ko 59/2005 Dekretuan ezarritako baldintzen arabera.

  4. Lan Sozietateen eta Partaidetzako Sozietateen urriaren 14ko 44/2015 Legean ezarritako betekizunak betetzen direla kontrolatzea, eta halako sozietateen kalifikazioari eta deskalifikazioari buruz ebaztea. Halaber, lege horren garapena bultzatuko du.

  5. Baimena ematea lan-sozietateei, kontratu mugagabeak dituzten langileek bazkide ez direnek urtean lan egin behar duten ordu-kopuruaren gainean legez ezarritako mugak gainditzeko.

  6. Zenbait baimen-espedientez arduratzea zehazki, hirugarren batzuekin jarduerak eta zerbitzuak hasteko edo gehitzeko baimen-espedienteez, eta inoren konturako langileen lanaldien urteko ordu-kopurua gainditzeko baimen-espedienteez, haiek izapidetzea eta haien gaineko ebazpenak sailburuari proposatzea, betiere Euskadiko Kooperatiben abenduaren 20ko 11/2019 Legearen 5.2 eta 103.4 artikuluetan hurrenez hurren ezarritakoaren arabera.

  7. Sozietate kooperatiboak onura publikoko deklaratzeko espedienteez arduratzea, haiek izapidetzea eta ebazpena sailburuari proposatzea, otsailaren 2ko 64/1999 Dekretuan ezarritako moduan, Onura publikoko sozietate kooperatiboei dagozkien prozedura eta betekizunen Erregelamendua onartzen baitu dekretu horrek.

  8. Kooperatibak «gizarte-ekimeneko kooperatiba» gisa sailkatzea, Gizarte Ekimeneko Kooperatibak arautzen dituen apirilaren 4ko 61/2000 Dekretuan xedatutakoaren arabera, bai eta gizarteratzea bultzatzea ere.

  9. Lurralde-ordezkaritzek emandako ebazpenen aurka jarritako errekurtsoak ebaztea, bere eskumeneko arloetan.

  10. Langileek enpresetan parte har dezaten bultzatzea.

  11. Euskal Autonomia Erkidegoko Lan Autonomoaren Elkarteen Erregistro Berezia zuzendu eta kudeatzea; erregistro hori Langile Autonomoaren Estatutuari buruzko uztailaren 11ko 20/2007 Legean jasota dago.

  12. Enpresen gizarte-erantzukizuna sustatu eta bultzatzea.

  1. Gizarte Ekonomiaren martxoaren 29ko 5/2011 Legea garatzea eta betearaztea, Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumen-eremuan, Estatuarekin koordinatuta.

  1. Enplegu eta Gizarteratze Sailburuordetzak honako egiteko hauek izango ditu, dekretu honen 4. artikuluak oro har esleitzen dizkion egitekoez gainera:

    1. Sailburuari laguntza teknikoa ematea, haren esku utzi diren egitekoetan eta ordenamendu juridikoak esleitzen dizkion egitekoetan, bai eta azken horiekin zuzeneko lotura dutenetan ere.

    2. Sektore publikoko politikak indartzea, enplegua sortzeko.

    3. Eragile sozialek enpleguaren arloko topaguneetan egiten dituzten akordioak sustatzea, eta horiek garatzen laguntzea.

    4. Enpleguko eta lan-bitartekaritzako politika aktiboen plangintza estrategikoa, diseinua eta gidalerroak lantzea, lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren 6.1.a) artikuluan ezarritako eran (18/2020 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena).

    5. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin batera, esku-hartze integraleko ekintzak ezartzea, Euskadin enpleguari, gainbeherari eta bazterketari dagokienez egoerarik ahulenean dauden eremuetan.

    6. Enpleguaren eta gizarteratzearen eremuan jarduten duten organismo publikoen eta pribatuen jarduerak sustatzea eta koordinatzea.

    7. Baztertzeko arrisku larrian dauden talde eta pertsona guztiak gizarteratzearekin lotura duen ekintza oro bultzatzea.

    8. Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren Gizarte Politiketako Sailburuordetzarekin lankidetzan jardutea, pertsona ororen gizarteratzea helburu duten ekimenak diseinatzen eta garatzen.

    9. Gizarteratzearen eremuko batzorde eta foro sektorial guztien ekimenak bultzatzea, eta Gizarteratzeko Erakunde arteko Batzordeari, Gizarteratzeko Sail arteko Batzordeari eta Gizarteratzeko Euskal Kontseiluari babesa eta laguntza ematea.

    10. Gizarteratzeko Euskal Plana bultzatzea.

    11. Sailburuordetzako zuzendariek emandako ebazpenen aurka jarritako errekurtsoak ebaztea.

  2. Enplegu eta Gizarteratze Sailburuordetzaren mende dago Enplegu eta Gizarteratze Zuzendaritza.

Enplegu eta Gizarteratze Zuzendaritzak honako egiteko hauek izango ditu, dekretu honen 5. artikuluak oro har esleitzen dizkion egitekoez gainera:

  1. Enplegu-planen eta -ekimenen plangintza eta diseinua zuzentzea, horien ezarpena koordinatzea, horien jarraipena egitea, eta horrek guztiak enpleguan dituen emaitzak eta inpaktua ebaluatzea.

  2. Ikerketak, azterlanak, analisiak eta txostenak egitea enplegu- eta prestakuntza-berrikuntzarako, eta prestakuntza eta enpleguaren arloko plangintza estrategikorako, lan-merkatuaren, enpleguaren eta prestakuntzaren arteko harreman-ikuspuntu berriak zehaztuz.

  3. Enplegu- eta prestakuntza-berrikuntzako proiektuak garatzea, zeharka, beste sail, administrazio edo entitateekin.

  4. Enpleguaren, prestakuntzaren, diru-sarrerak bermatzearen eta gizarteratzearen arloko arau-proposamenak egitea.

  5. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin koordinatzea eta, hala dagokionean, koordinazio-jarduerak egitea beste enplegu-zerbitzu publiko batzuekin.

  6. Lan-merkatuaren joerak aztertu eta ebaluatzea.

  7. Formula berritzaileak ikertzea zailtasunak dituzten kolektiboko kideek besteak beste, gazteek, desgaitasuna duten pertsonek, emakumeek eta diru-sarrerak bermatzeko errentaren hartzaileek enplegurako sarbidea izan dezaten, eta, horretarako, enpresa-munduarekin lankidetzan jarduteko formulak aztertzea.

  8. Enplegagarritasun-politikak eraberritzea, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin lankidetzan langileen eta enpresen arteko bitartekotza- eta komunikazio-bideak hobetuz.

  9. Enpleguari, prestakuntzari, diru-sarrerak bermatzeari eta gizarteratzeari dagokienez, administrazio publikoen politikak behatzea, europar estrategian arreta berezia jarriz, eta nazioarte-mailan sektoreak dituen joerak aztertuz.

  10. Enpresaren eta hezkuntzaren munduarekin lankidetzan jardutea, enpleguari eta prestakuntzari buruzko ikerketarako, arlo horretan konponbide berritzaileen ezarpena sustatuz.

  11. Langabeek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin ezartzen dituzten laneratze aktiboko hitzarmenen aplikazioa aztertzea, eta horien emaitzei buruzko ikerketa egitea.

  12. Enpleguak eta prestakuntzak gainerako sistemekin duten koordinazioa aztertzea; besteak beste, Hezkuntzarekin, Osasunarekin edo Gizarte Zerbitzuekin.

  1. Europako Gizarte Funtsetik eta enpleguarekin eta gizarte-kohesioarekin lotura duten Europako beste funts batzuetatik datozen laguntzak planifikatzea, kudeatzea, kontrolatzea eta ebaluatzea.

  2. Enpleguaren eta prestakuntzaren arloan plangintza berritzailea ahalbidetzen duen antzeko beste edozein egiteko.

  1. Lurralde historiko bakoitzean Laneko eta Gizarte Segurantzako lurralde-ordezkaritza bat egongo da. Lurralde-ordezkaritzako buru lurralde-ordezkaria izango da, zeina, Laneko eta Gizarte Segurantzako zuzendariarekiko mendekotasun organikoa duela, bere lurraldeko lan-arloko agintaria izango baita. Hauek dira lurralde-ordezkariaren ahalmenak:

    1. Lan-legeria eta laneko segurtasunaren eta osasunaren legeria betearaztearen arloko arauek esleitzen dizkioten eskumenak baliatzea, dagokion lurralde historikoan.

    2. Dagokion lurralde-eremuan, lan-harremanei buruzko espedienteez arduratzea eta haiek lehenengo auzialdian ebaztea, gai horri buruz indarrean dagoen ordenamendu juridikoak ematen dizkion ahalmenez baliatuz.

    3. Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzaren ekimenez, lar-arloko arau-hauste administratibo arin edo astunengatik zehapenak ezartzea, alde batera utzita Gizarte Segurantzako araubide ekonomikoarekin zerikusia duten arau-hausteengatik ezarri behar direnak.

    4. Dagokion lurralde-eremuko kaleratze kolektiboen, kontratu-eteteen eta lanaldi-murrizketen prozedurak aztertu, izapidetu eta, hala badagokio, ebaztea halako prozeduren erregelamendua onartzen duen urriaren 29ko 1483/2012 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera, eta, Konkurtso Legearen testu bateginaren 179. artikuluan adierazitako kasuetan, prozedurei buruzko txostena idaztea testu bategin hori maiatzaren 5eko 1/2020 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartu zen.

    5. Banakako gatazketan nahitaezko adiskidetze-lanak egitea, azaroaren 23ko 2756/1979 Errege Dekretuan ezarritako moduan (2756/1979 Errege Dekretua, zeinaren bidez Bitartekaritza, Arbitraje eta Adiskidetze Institutuak bere gain hartzen baititu esleituta dituen egiteko batzuk).

    6. Dagokion lurralde historikoko tokiko jaiegunen egutegia ezartzea.

    7. Euskadiko Lan Hitzarmen eta Akordio Kolektiboen Erregistro telematikoaren lurralde-sekzioa kudeatzea.

    8. Indarrean dagoen ordenamendu juridikoak lan-agintaritzari esleitzen dizkion bitartekaritza-, arbitraje-, eta adiskidetze-egitekoak betetzea, dagokion lurralde-eremuan, hargatik eragotzi gabe Lan Harremanen Kontseiluaren baitan PRECOri dagozkion egitekoak.

    9. Dagokion lurralde-eremuan, erakunde sindikalen eta enpresa-erakundeen estatutuak gordailutzen dituen bulego publikoa kudeatzea.

    10. Sindikatu-hauteskundeen lurralde-bulegoen egitekoak burutzea, azaroaren 28ko 237/2000 Dekretuan ezarritakoaren arabera.

    11. Laneko segurtasunaren eta osasunaren alorrean lan-agintaritzari dagozkion egitekoak betetzea, dagokion lurralde historikoan, hargatik eragotzi gabe Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeari esleitutako eskumenak.

    12. Laneko istripuei eta gaixotasun profesionalei buruzko parteen jakinarazpenak jaso eta erregistratzea.

    1. Laneko Arriskuen Prebentziorako Ordezkarien Erregistroaren lurralde-sekzioa kudeatzea.

    2. Bere lurralde-eremuan lantokiak dituzten enpresen artean amianto-arriskua dutenen erregistroa kudeatzea, haiei administrazio-baimena ematea eta halako enpresen gainean lan-agintaritzak dituen eskumenak baliatzea.

    1. Euskal Autonomia Erkidegoko Eraikuntzako Enpresa Bermatuen Erregistroa kudeatzea bere lurralde-eremuan, egoitza soziala bere lurralde historikoan duten enpresen espedienteak ebaztea inskripzio-espedienteak, datu-aldaketen jakinarazpenenak eta inskripzioak berritu eta ezeztatzearenak, behar diren ziurtagiriak egitea, eta halako enpresen gainean lan-agintaritzak dituen eskumenak baliatzea.

    2. Lantokiak irekitzeko jakinarazpenak jaso eta izapidetzea.

    3. Lantokia bere lurralde-eremuan duten Aldi Baterako Laneko Enpresen Erregistroa kudeatzea, haiei administrazio-baimena ematea eta halako enpresen gainean lan-agintaritzak dituen eskumenak baliatzea.

    4. Salbuespeneko baimena ematea, hamasei urtetik beherakoek jendaurreko ikuskizunetan parte har dezaten.

    5. Nazioz gaindiko zerbitzu-prestazioen esparruan, joan-etorrien jakinarazpenez arduratzea eta horiek izapidetzea, bai eta, hala badagokio, horiek jasotzea ere, bat etorriz azaroaren 29ko 45/1999 Legearen 5. artikuluan ezarritakoarekin (45/1999 Legea, nazioz gaindiko zerbitzu-prestazioetan langileek egiten dituzten lekualdatzeei buruzkoa).

    6. Kontuak gaitzeari, legeztatzeari eta gordailutzeari eta sinadurak autentifikatzeari dagozkion egitekoak burutzea, martxoaren 29ko 59/2005 Dekretuan ezarritako moduan (59/2005 Dekretua, Euskadiko Kooperatiben Erregistroaren Antolaketa eta Funtzionamenduaren Erregelamendua onartzen duena).

    7. Zerbitzuen zuzendariari kontratazio-arloan dagozkion ahalmenak gorabehera, lurralde-ordezkaritzetako titularrek eskumena izango dute beren eremuan beharrezkoak diren funtzionamendu-gastuak onartzeko, indarrean den funts aurreratuen araubidearen barruan betiere.

    8. Eta, oro har, indarrean dagoen ordenamendu juridikoak esleitzen dizkien egiteko guztiak, eta espresuki eskuordetzen zaizkienak.

  2. Laneko eta Gizarte Segurantzako lurralde-ordezkaritza bakoitzean, lurralde-ordezkariarekiko zuzeneko mendekotasuna duela, Administrazio eta Zerbitzuen arduradunak lurralde-ordezkaria ordezkatuko du, behin-behinean, baldin eta postua hutsik badago, edo titularra absente edo gaixorik badago.

    LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA. Ordezkapenen araubidea.

    Saileko sailburuordeen edo zuzendarien karguak hutsik badaude edo titularrak absente edo gaixorik badaude, haien eskumenak honela beteko dira, non eta saileko titularrak ebazpen espresua ematen ez duen:

    1. Sailburuordetzei esleitutako eskumenak sailburuordetza horien mendeko zuzendariek beteko dituzte, dekretu honetan jasotzen den hurrenkeraren arabera.

    2. Zuzendaritzei esleitutako eskumenak sailburuordetza bereko zuzendariek beteko dituzte, egituran ageri den hurrenkeraren arabera.

    3. Zerbitzu Zuzendaritzari esleitutako eskumenak Kabinete Zuzendaritzako titularrak beteko ditu; Kabinete Zuzendaritzari eta Komunikazio Zuzendaritzari esleitutakoak, berriz, dekretu honetako hurrenkeran aurretik ageri den zuzendaritzak beteko ditu.

    4. Aurreko arauak nahikoa ez direnetan, gainetik dagoen hurrengo administrazio-organoak erabakitzen duenak beteko ditu administrazio-organoaren eskumenak.

      BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Araudi-erreferentziak.

      Enplegu-arloan indarrean dagoen araudiak lehengo Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailari egiten dizkion aipamenak Lan eta Enplegu Sailari egiten zaizkiola ulertuko da, lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuak sail horri esleitutako egitekoei eta jardun-arloei dagokienez (18/2020 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena).

      HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Jaurlaritzako bigarren lehendakariordetzaren egitekoak garatzea.

      Dekretu honetan definitu den egitura organikoak Jaurlaritzako bigarren Lehendakariordetzaren egitekoak garatzeko balioko du.

      LEHENENGO XEDAPEN IRAGANKORRA

      Lan eta Enplegu Sailaren estatistika-organo berezia sortzeko dekretua onesten ez den bitartean, indarrean jarraituko dute bi dekretu hauek: ekainaren 20ko 179/2017 Dekretua (Lan eta Justizia Sailaren estatistika-organo espezifikoa sortzekoa eta haren antolaketa eta funtzionamendua zehaztekoa) eta abenduaren 30eko 472/2013 Dekretua (Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren estatistika-organo espezifikoa sortzekoa eta haren antolaketa eta funtzionamendua zehaztekoa; apirilaren 11ko 76/2017 Dekretuaren bidez aldatua). Hartara, Lan eta Enplegu Sailaren jardun-arloei dagozkien estatistika-lanak bete ahal izango dira.

      BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA

      Dekretu honetan ezarri diren organoek izapidetuko eta ebatziko dituzte abian dauden espedienteak, kasuan kasuko gaiaren arabera.

Indargabetuta geratzen dira honako hauek: 84/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Lan eta Justizia Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 75/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena, lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren 6. artikuluan Lan eta Enplegu Sailari esleitutako egiteko eta jardun-arloei dagozkien organo eta aurreikuspenei dagokienez (18/2020 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena), eta dekretu honetan ezarritakoaren kontra doan maila bereko edo beheragoko beste edozein xedapen.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2021eko urtarrilaren 19an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburua,

IDOIA MENDIA CUEVA.