Arautegia

Inprimatu

44/2020 DEKRETUA, martxoaren 24koa, Euskal Autonomia Erkidegoan txakurrak edukitzeari buruzko Dekretua aldatzen duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 64
  • Hurrenkera-zk.: 1756
  • Xedapen-zk.: 44
  • Xedapen-data: 2020/03/24
  • Argitaratze-data: 2020/04/01

Gaikako eremua

  • Gaia: ---
  • Azpigaia: ---

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Euskal Autonomia Erkidegoan txakurrak edukitzeari buruzko ekainaren 1eko 101/2004 Dekretua 2004ko uztailaren 9an argitaratu zen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (130. zk.), Animaliak Babesteko urriaren 29ko 6/1993 Legea garatuz eman zen aurreko dekretua ordezteko. Ekainaren 1eko 101/2004 Dekretuak, txakurrak edukitzeari buruzko araudia eta kudeaketa administratiboa eguneratzeaz gain, arriskutsuak izan daitezkeen animaliei buruzko Estatuko araudia ere txertatu zuen. Erregelamendu hori 14 urtez aplikatu ostean, eguneratu egin behar da. Araudi-aldaketa asko egon dira, batez ere zeharkako gaietan, eta araudi-proiektu guztiei eragiten diete aldaketa horiek, gaia edozein dela ere. Aldaketa horietako bat da, adibidez, 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena. Aldaketa honek, beraz, helburu bi ditu: alde batetik, kudeaketa erraztu nahi die animalien jabeei eta identifikazio- eta erregistro-lanetan dabiltzan eragile guztiei, eta, beste alde batetik, indarrean dauden legeetatik eratorritako eskakizun berrien arabera egokitu nahi ditu dekretuaren edukia eta prozedura. Horrela, erregistroari buruzko prozedura arintzen da, eta txakurrak dituztenei dagozkien betebeharrak sinplifikatzen dira; izan ere, aurrerantzean albaitaritza-zerbitzuek bidali behar dituzte datuak, Euskal Autonomia Erkidegoko Animaliak Identifikatzeko Erregistro Orokorrean (AIEO) inskribatzeko. Arriskutsuak izan daitezkeen txakurren zerrenda (I. eranskina) handitzen da, eta txakur-mota horien hazkuntza eta salmenta arautzen dira. Hazkuntza behar bezala baimendutako nukleo zoologikoetara mugatzen da, eta arriskutsuak izan daitezkeen txakurrak 12 hilabete bete baino lehen esterilizatzeko betebeharra ezartzen da, baimendutako nukleo zoologiko horietan ugalketarako direnak izan ezik.

Dekretu hau idazterakoan, foru-aldundietako eta EUDEL Euskadiko Udalen Elkarteko ordezkariek zuzenean parte hartu dute, Euskal Autonomia Erkidegoan txakurrak edukitzeari buruzko ekainaren 1eko 101/2004 Dekretuaren 30. artikuluan sortutako jarraipen-batzordean. Halaber, gaiarekin zuzeneko lotura duten erakunde eta sektore desberdinei kontsulta egin zaie, eta testua jendaurrean ipini da.

Horren ondorioz, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren proposamenez, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat, eta Gobernu Kontseiluak 2020ko martxoaren 24an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hau

Aldatu egiten da 1. artikuluaren 2. apartatua, eta honela idatzita geratzen da:

  1. Dekretu hau Euskal Autonomia Erkidegoan dauden edo dabiltzan txakur guztiei aplikatuko zaie, baita laguntza-txakurrei ere Ahalmen Urrituentzako Laguntza Txakurrei buruzko ekainaren 29ko 10/2007 Legean ezarritakoa kontuan hartuta.

Aldatu egiten da Euskal Autonomia Erkidegoan txakurrak edukitzeari buruzko ekainaren 1eko 101/2004 Dekretuaren 2. artikulua, eta honela idatzita geratzen da:

  1. Txakurren jabeek zeinahi delarik ere jabetza-titulua identifikatuta eduki beharko dituzte txakurrak; hilabeteko epean identifikatu beharko dituzte, txakurrak jaiotzen direnetik kontatzen hasita, edo, nolanahi ere, jaiotza-lekua utzi baino lehen. Euskal Autonomia Erkidegoan modu iraunkorrean bizi diren edo hiru hilabete baino gehiago daramaten txakurrak, nolanahi ere edozein titulartasun-eskualdatze egin aurretik, EAEko Animaliak Identifikatzeko Erregistro Orokorrean (aurrerantzean AIEO) erregistratu beharko dira, nahiz eta beste erregistro batean inskribatuta egon. Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren 1993ko maiatzaren 5eko Aginduaren ondorioz sortu zen erregistro hori.

  2. Mikrotxipa jarri aurretik, animaliak beste mikrotxipik duen egiaztatu beharko du gaitutako albaitariak. Mikrotxipen bat badu, kontsultagai duen datu-baseren batean (REIAC, PETMAXX, Europetnet) erregistratuta dagoen egiaztatu beharko da. Arriskutsuak izan daitezkeen txakurren kasuan, gailu elektronikoa jarri baino lehen, egiaztatu egingo da txakur horren titularrak lizentzia bat duela indarrean arriskutsuak izan daitezkeen txakurrak edukitzeko. Hiru fasetan egingo da identifikazioa, ordena honi jarraituz, ekitaldi berean:

    1. Identifikazioaren lehenengo fasean, mikrotxip edo elementu mikroelektroniko bat jarriko da txakurraren lepoaren ezkerraldean. Albaitari ofizial batek forala edo udalerrikoa edo horretarako gaitutako albaitari pribatu batek egingo du hori, artikulu honen 5. apartatuan xedatutakoaren arabera. Erabiliko diren identifikatzaile elektronikoek UNEENISO: 11784 eta UNEENISO: 11785 arauak bete beharko dituzte, eta ICARek (International Committee of Animal Recording) onetsita egon, kodeen bakartasuna bermatzeko. Identifikaziorako gailu elektronikoak Euskal Autonomia Erkidegoko Albaitarien Elkargo Ofizialen egoitzetan eskuratu beharko dira. Euskal Herriko Autonomi Elkartean abereak identifikatzeko metodo elektronikoen erabilera arautu zuen Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren 1993ko maiatzaren 5eko Aginduan ezarritakoari jarraituz jarriko da gailua, eta, ondoren, mikrotxiparen irakurketa zuzena dela egiaztatuko da.

    2. Bigarren fasean, animaliaren eta jabearen datuak sartuko ditu AIEOren kudeaketarako aplikazio informatikoan albaitaritza-zerbitzu ofizialak forala edo udalerrikoa edo horretarako gaitutako albaitaritza-zerbitzu pribatuak. Ondoren, AIEOn inskribatzeko eskaerari eta identifikazioari buruzko egiaztagiriak egingo dira (hiru ale). Bi ale gaitutako albaitarientzat izango dira; lehenengoa artxibo profesionalean sartu beharko dute, eta bestea Eusko Jaurlaritzan abeltzaintza-arloan eskumena duen Zuzendaritzari bidali (erregistroa kudeatzen duen organoa), animaliaren titularraren NAN/AIZaren edo identifikazio-agiri baliokidearen kopiarekin batera, aipatutako erregistroan ere inskriba ditzaten datuak. Beste alea titularrarentzat izango da. Arriskutsuak izan daitezkeen txakurrak identifikatzean, jabeak indarrean duen lizentziaren kopia bat ere erantsiko da.

      Mikrotxipa duten baina datu-base batean ere erregistratuta ez dauden animalien kasuan, titularrak nahitaez aurkeztu beharko du identifikazio-agiri ofizial bat edo, bestela, egungo jabe edo edukitzailearen erantzukizunpeko deklarazio bat animalia edukitzeko legezkotasunari buruz. Era berean, animaliari mikrotxipa non eta nork ipini dion adierazi beharko du jabeak, AIEOren datu-basean sartzeko informazio hori eta informazioa izateko gerora behar izan daitezkeen egiaztapenetarako.

    3. Hirugarren fasean, albaitaritza-zerbitzu ofizialak forala edo udalerrikoa edo horretarako gaitutako albaitari pribatuak Txakurren Pasaporte-Liburuxka Ofiziala egingo du, behar bezala beteta, Txakurren, katuen eta hudoen Pasaporte-Liburuxka Ofizialaren eredua onartzen duen Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren 2015eko martxoaren 2ko Aginduan ezarritakoaren arabera. Titularra pertsona juridikoren bat den animalien kasuan, Identifikazio Fiskaleko Zenbakia (IFZ) aurkeztu beharko da, baita animaliaren arduradun izango den pertsonaren NAN/AIZ edo identifikazio-agiri baliokidea ere. Arriskutsua izan daitekeen txakurra izanez gero, pertsona horrek eraman beharko du arriskutsuak izan daitezkeen txakurrak edukitzeko indarrean den administrazio-lizentzia.

      Gaitutako albaitariak hilabeteko epea izango du, alta ematen denetik, erregistroa kudeatzen duen organoari AIEOk sortutako dokumentazioa bidaltzeko, posta ziurtatuaren bidez.

  3. AIEOko datuak, sartzen diren momentutik, udalen eta foru-aldundien esku egongo dira, eta, horrela, dagokion udalerrian erroldatuta geldituko da animalia. Nolanahi ere, datu horien erabilerak eta tratamenduak bat etorri beharko du Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan ezarritakoarekin.

  4. Ez erroldatzea arau-haustea izango da, Animaliak Babesteko urriaren 29ko 6/1993 Legearen 27.1 a) artikuluan ezarritakoaren arabera.

  5. Albaitari pribatu batek identifikazio-prozesuan parte hartu nahi badu, Foru Aldundiari eskatu beharko dio horretarako gaitu dezan; betekizun hauek betetzen dituela egiaztatu beharko du:

    1. Albaitarien Elkargo Ofizialeko kide izatea, eta kuotak egunean ordainduta izatea.

    2. Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteta izatea.

    3. Identifikazioa egiteko ekipo homologatu egokia edukitzea.

      Agiriak zuzen badaude, dagokion foru-organoak, gehienez, hiru hilabeteko epean ebatziko du; berariazko ebazpenik ematen ez bada, gaikuntza eman zaiola ulertuko da. Eman duen organoak zehaztuko du gaikuntza hori zenbat denborarako den, eta galdu egingo da baldin eta interesdunak berak eskatzen badu edo betekizunak ez badira betetzen.

      Halaber, honako hauek egiteko gaitu ahal izango da albaitaria: osasun-egiaztagiri ofizialak, Dekretu honen eremuko egiaztagiriak eta/edo Txakurren, katuen eta hudoen Pasaporte-Liburuxka Ofizialean egin beharreko oharrak.

  6. Albaitaria gaituta dagoenean, AIEOren erregistroan sartzeko eskaerari erantsi beharko dio gaikuntza, IX. eranskineko ereduari jarraituz.

  7. Bi asteko epean, AIEOren aplikazio informatikoan sartzeko erabiltzaile-zenbakia eta pasahitza bidaliko dizkio AIEOk posta elektronikoz. Gaitutako albaitaritza-zerbitzuek nahitaez izan beharko dituzte eguneratuta harremanetarako datuak, batez ere helbide elektronikoa.

  8. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluko 2. zenbakian xedatutakoarekin bat eginez, eskaera aurkeztuz gero, eskatzaileak baimena emango du Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzak zuzenean eskura ditzan NAN/IFK nortasuna eta beste edozein administrazio publikok egindako dokumentu guztiak. Hala ere, eskatzaileak baimen hori berariaz uka dezake, baina, kasu horretan, adierazitako agiriak aurkeztu beharko ditu.

  9. Pertsona eskatzaileek administrazio honetan edo beste edozein administrazio publikotan aurkeztu badute eskatutako dokumentazioa, eta berariaz adierazten bada aldaketarik ez dela egin, ez dute dokumentazio hori aurkeztu beharko, bat etorriz urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluaren 3. paragrafoarekin. Hala ere, dokumentu horiek noiz eta zer administrazio-organotan aurkeztu diren adierazi beharko da. Eskaera aurkeztuz gero, baimena emango da erregistroa kudeatzen duen organoak dokumentazio hori eskuratzeko. Horrek ez du esan nahi baimena berariaz ukatu ezin denik. Hori egitekotan, adierazitako dokumentazioa aurkeztu beharko da.

Aldatu egiten da Euskal Autonomia Erkidegoan txakurrak edukitzeari buruzko ekainaren 1eko 101/2004 Dekretuaren 3. artikulua, eta honela idatzita geratzen da:

  1. Erregistroko daturen bat aldatzen bada, gaitutako albaitaritza-zerbitzuen bitartez jakinarazi beharko dio animaliaren jabeak AIEOri. 10 eguneko epean eman beharko da horren berri. Txakurra galdu bada edo lapurtu badute, ordea, epea 5 egunekoa izango da, eta salaketaren kopia bat aurkeztu beharko da lapurreta izan denean. Zehazki, hauek jakinarazi beharko ditu:

    1. Titularraren edo txakurraren datuak aldatzea, batez ere titularraren telefono-zenbakia eta helbidea. AIEO erregistroaren aplikazioan egingo da hori. Txakurraren datuak aldatzeko, titularraren datuak aldatzeko, heriotzagatiko bajak erregistratzeko eta desagertzeei eta erasoei buruzko dokumentuak prestatzean, ale bi egingo ditu gaitutako albaitaritza-zerbitzuak edo udalak. Erasoen kasuan, udalek bakarrik egin ahal izango dituzte. Kopia bat albaitarien artxibo profesionalean geratuko da eta bestea titularrari emango zaio. Jabe-aldaketa eta beste autonomia-erkidego batera lekualdatzeagatiko baja gertatuz gero bakarrik bidali beharko da dagokion dokumentazioa AIEOra.

    2. Titulartasuna aldatu bada. Jabe berriak jakinarazi beharko du hori.

    3. Txakurrari baja eman bazaio, hil egin delako edo Euskal Autonomia Erkidegotik kanpora eraman delako behin betiko. Lekualdaketarekin batera jabetza ere aldatu bada, titulartasuna aldatzeko aurreikusitako dokumentuak ere aurkeztu beharko dira (3. artikulu honen 2. zenbakian daude zehaztuta). Beste autonomia-erkidego batera lekualdatzeagatiko bajetarako, ezinbestekoa da animaliak daraman mikrotxipa irakurtzea. Aplikazioan aldaketak egin ondoren, eskaera-inprimakiaren hiru ale egingo dira AIEOn. Bi ale parte hartzen duen instantziarentzat izango dira (bata artxibatzeko eta bestea erregistroaz arduratzen den organoari bidaltzeko), eta bestea jabearentzat.

    4. Txakurra galtzea edo lapurtzea.

  2. Salmenta, dohaintza edo indarrean dagoen legerian ezarritako beste moduren bat erabilita eskualdatze bat egiten denean ere animaliak daraman mikrotxipa irakurri beharko da, eta parte hartzen duten aldeek lau aletan sinatu beharko dute aldaketa eskatzeko dokumentua. Alde biek sinatutako eskualdatze-egiaztagiria aurkezten badute, nahikoa izango da jabe berriak sinatzea. Era berean, baliozkoa izango da eskualdatzeari buruzko oharra egitea txakurra identifikatzeko agiri ofizialean, jabetzari buruzko apartatuan, lehengo jabeak eta jabe berriak sinatuta. Bi ale parte hartzen duen instantziarentzat izango dira (bata artxibatzeko eta bestea erregistroa kudeatzen duen organoari bidaltzeko), beste bat eskualdatzen duen pertsonarentzat, eta azkena jabe berriarentzat. Salerosketaren ondorioz animaliari baja ematen bazaio AIEOn, lehengo jabeak eman beharko du baja horren berri erregistroan, gaitutako albaitaritza-zerbitzuen bitartez; gainera, jabe berriaren NAN/AIZaren edo identifikazio-agiri baliokidearen kopia ere aurkeztu beharko du animalia joan den autonomia-erkidegoan.

    Baldin eta titular berria ez badago altan AIEOn eta Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriren batean badago erroldatuta, titularraren NAN/AIZaren edo identifikazio-agiri baliokidearen kopia erantsi beharko da. Dokumenturen bat bidali behar bazaio erregistroa kudeatzen duen organoari, gaitutako albaitariak hilabete bateko epea izango du horretarako, animalia eskualdatu denetik edo erregistroan baja eman zaionetik aurrera.

    Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea eta Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretua aplikatuz, AIEOk abiatuko du alta emateko eta aldatzeko espedienteen izapidetze informatikoa. Gaitutako albaitariek, nahitaez izan behar dutenez elkargoko kide, harremanak izan behar dituzte administrazioarekin, eta AIEOren aplikazio informatikoan sartzeko behar den sinadura elektronikoa eskuratu beharko dute.

  3. Animalia bat saldu edo lagatzean, behar bezala identifikatuta, erroldatuta eta txakurren identifikazio-agiri ofizial eguneratuarekin eman beharko zaio animalia jabe berriari.

  4. Artikulu honetan adierazi diren erroldatzeari buruzko aldaketak Erregistroari ez jakinaraztea arau-haustea izango da, Animaliak Babesteko urriaren 29ko 6/1993 Legearen 27.1 a) artikuluan ezarritakoaren arabera.

  1. Debekatuta dago txakurren gorozkia bide eta plaza publikoetan, haur-parkeetan, lorategietan, eta oro har, apaintzeko eta pertsonak igarotzeko den edozein lekutan uztea. Debeku horri jaramonik ez egitea arau-hauste arina izango da Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 46.4 artikuluan ezarritakoaren arabera.

Euskal Autonomia Erkidegoan txakurrak edukitzeari buruzko ekainaren 1eko 101/2004 Dekretuaren 5. artikuluaren 10. paragrafoari bi apartatu gehitzen zaizkio.

10. a) Poliziaren edo militarren txakurrei eta behar bezala baimendutako segurtasun-enpresetako txakurrei ez zaie aplikatuko artikulu hau, baldin eta ezarritako mugek mota horretako txakurrek dituzten funtzioak betetzea eragozten badie salbuespen hori funtzio horiek betetzen ari diren denborarako bakarrik izango da.

  1. Abereak gidatzeko eta zaintzeko txakurrei 4. artikuluaren 2. apartatuko betebeharrak aplikatuko zaizkie, baldin eta hirigunean badaude edo zaintzen edo zuzentzen duten artaldetik 200 metro baino gehiagora badaude. Animalia horien jabeek uneoro zaindu beharko dute txakurrak kontrolik gabe ez daudela eta mendi eta hiriguneetan noraezean ez dabiltzala.

  2. Ehiza-txakurren kasuan, 4.2 artikuluko betebeharretatik salbuetsita geratuko dira, horiek zaintzen dituztenek ehiza-jarduera egiteko ahalmena duten leku eta garaietan ehiza-jarduera egiten ari direnean. Txakurrak uneoro kontrolpean izan beharko dituzte horiek zaintzeko ardura dutenek.

Aldatu egiten da Euskal Autonomia Erkidegoan txakurrak edukitzeari buruzko ekainaren 1eko 101/2004 Dekretuaren 6. artikulua, eta honela idatzita geratzen da:

  1. Txakur batek pertsona bat eraso izanaren salaketa jaso duen edo horren berri jaso duen Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio-erakundeak salatzailearengandik edo jakinarazpena egin duenarengandik bilduko du erasoa egin duen txakurra, erasoaren unean txakurraren ardura zuen pertsona eta erasoaren inguruabarrak identifikatzen lagunduko duen datu oro. Berehala jarriko ditu datu horiek administrazio-espedienteaz arduratu behar duen agintaritzaren eskuetan (aurrerantzean agintaritza eskuduna). Txakurra erroldatuta dagoeneko edo, halakorik ezean, jabea bizi deneko udalerriko udala izango da agintaritza eskuduna, eta haren esku ipiniko da dokumentazio guztia.

  2. Erasotzerakoan hozka egin badu eta horrek lesio bat sortu badu, izapidetzeko eskumena duen erakundeak espedientea ireki dela jakinaraziko die Eusko Jaurlaritzan osasunaren arloko eskumena duen saileko Zaintza Epidemiologikoko Unitateari eta Foru Aldundietako Abere Osasuneko Zerbitzuei.

    Lesioak sortu dituen txakurraren jabeak 24 ordu izango ditu berak aukeratutako albaitari ofizial edo gaitu batengana eramateko txakurra; txakurrak behaketan egon beharko du 14 egunez, baina egun kopuru hori aldatu ahal izango da unean uneko baldintza epizootiologikoek hala gomendatzen badute eta, nolanahi ere, txosten tekniko bat ematen bada arrazoiak emanez. Espedientea izapidetzen ari den agintaritza eskudunari jakinarazi beharko zaio txakurra behaketan dagoela; 72 ordu izango ditu horretarako, gertakaria jazotzen denetik aurrera. Epe hori igaro eta jabeak ez badu txakurra albaitariarengana eraman, eskumena duen udal-agintaritzak eraman dezala eskatuko dio, eta txakurra animaliak jasotzen dituen zentro batean sartzeko edo isolatzeko agindu ahal izango du. Edonola ere, animaliak jasotzen dituen zentroko egonaldiaren kostua eta egindako txosten edo ziurtagiriaren kostua, horrelakorik egonez gero, udal instantziak ordainduko ditu, eta gero jabeari jasanarazi. Txakurrak jabe edo edukitzaile jakinik ez balu, gertatutakoaren berri izan duen administrazioa izango da txakurra jaso eta behaketan jartzeko ardura izango duena.

    Albaitariak behaketa egingo du zoonosia izateko arriskua dagoen ala ez ikusteko eta animaliaren izaera arriskutsua izan daitekeen ala ez ebaluatzeko; eta 0 eranskinean dagoen ereduari jarraituz, emaitzari buruzko egiaztagiria bidali beharko du. Jabeak, txakurrari behaketa egin zaionean, 48 ordu izango ditu albaitariaren egiaztagiria bidaltzeko espedientea izapidetzen ari den agintaritza eskudunari lehenengo zenbakian adierazitakoari, agintaritza horrek espedientean sar dezan. Agintaritzak, dagokion foru-aldundiko abeltzaintza-zerbitzura eta osasun-arloan eskumena duen saileko zaintza epidemiologikoko unitatera bidali beharko du egiaztagiriaren kopia bat. Behaketa hori egin ondoren arrisku sanitarioa dagoela ikusten bada, txakurra zentro batean sartzeko edo isolatzeko edo, egoera horretan egonez gero, berdin jarraitzeko agindua eman dezake parte hartzen dabilen administrazioak.

  3. Erasotzean ez bada egon hozkadaren ondoriozko lesiorik, berak aukeratutako albaitari ofizial edo gaitu batengana eraman beharko du jabeak txakurra, behaketa egiteko; albaitariak animaliaren izaera arriskutsua den ala ez ebaluatuko du, egokitzat jotzen duen denbora hartuz, eta egiaztagiri bat emango du. Jabeak bidali beharko dio egiaztagiri hori espedientea izapidetuko duen agintaritza eskudunari.

  4. Erasoa pertsonaren bati egin bazaio, animalia erroldatuta dagoen udalerriko udalari jakinaraziko dio gertakariaren berri izan duen administrazioak, animaliak AIEOn duen fitxan erregistratu dadin gertakaria, animaliari buruzko datuak aldatuz.

  5. Erasoa beste animalia batzuei egin bazaie, animalia erroldatuta dagoen udalerriko udalari jakinaraziko dio gertakariaren berri izan duen administrazioak, animaliak duen fitxan erregistratu dadin gertakaria. Erasoaren inguruabarrak, eragindako kalteak, berrerortze-gertaerak edo beste faktore batzuk kontuan hartuta, udalak baloratu beharko du ea animalia erasotzaileari behaketa egin behar dion berak aukeratutako albaitari ofizial edo gaitu batek, 3. apartatuan zehaztu den bezala.

Aldatu egiten dira Euskal Autonomia Erkidegoan txakurrak edukitzeari buruzko ekainaren 1eko 101/2004 Dekretuaren 7. artikuluko 1. eta 2. zenbakiak, eta honela idatzita geratzen dira:

  1. Txakur baten baldintza etologikoek hala eskatzen badute, txakurra erroldatuta dagoeneko edo jabea bizi deneko udalerriko agintaritza eskudunak baldintza berezi batzuk ezarri ahal izango ditu txakur hori edukitzeko. Ebazpen hori AIEOri jakinarazi beharko zaio, eta baldintza berezi horiek zein diren zehaztuta egongo da bertan; hala nola, muturrekoa eramatea, 2 metro baino gutxiagoko uhala erabiltzea, arnesik ez erabiltzea, ezaugarri berezi batzuk dituzten leku pribatuetan txakurrak ez edukitzea, edo agintaritzak beharrezko jotzen duen beste edozein baldintza. Baldintza berezi horiek guztiak Txakurren Pasaporte-Liburuxka Ofizialean jaso beharko dira. Aipatutako baldintza horiek ezartzen badira, erantzukizun zibileko aseguru bat egin beharko du jabeak, 12. artikuluan arriskutsuak izan daitezkeen txakurrentzat ezarritako moduan. Udalerriko agintaritza eskudunak uste badu albaitarien txosten edo ziurtagiri bat eduki behar dela ebazpena eman ahal izateko, animaliaren jabeak aurkeztu beharko du hori, eta bost eguneko epea izango du horretarako. Aurreikusitako epean aurkezten ez badu, interesa duen agintaritzak eskatuko du txostena, eta jabeari jasanaraziko dizkio txostena egitetik eratorritako kostuak.

  2. Baldintza berezi batzuk betez eduki behar diren txakurren titularrek aukera izango dute ezarritako baldintza berezi horiek kentzea eskatzeko, aurreko zenbakian adierazten den ebazpenaren jakinarazpena jaso eta urtebeteko epean. Eskaerarekin batera, baimendutako hezitzaile batek edo txakur-etologiako espezialista batek egindako ziurtagiria eta gaitutako albaitariak egindako txosten arrazoitua ere aurkeztu beharko dira. Ziurtagirian adierazi beharko da animalia hezkuntza-zentro batera joan dela erasoa eragin zuten portaera-arazoak konpontzeko. Txosten arrazoitua, aldiz, 24. artikuluan ezarritakoaren arabera egin beharko da, eta animalia arriskutsua izan daitekeen baloratu beharko da bertan. Txakurra baldintza berezi batzuk betez eduki behar zela agindu zuen organoari berari aurkeztuko zaio eskaera hori.

Aldatu egiten da Euskal Autonomia Erkidegoan txakurrak edukitzeari buruzko ekainaren 1eko 101/2004 Dekretuaren 8. artikulua («Txakurrak abandonatzea eta txakur horiek jasoko dituzten zentroak»), eta honela idatzita geratzen da:

  1. Animaliak Babesteko urriaren 29ko 6/1993 Legearen 14. artikuluan ezarritakoaren arabera, abandonatutako txakurtzat hartuko da identifikatu gabe dagoen eta bakar-bakarrik dabilen txakurra; txakur abandonatua izango da, halaber, nahiz eta identifikatuta egon, jabeak edo baimendutako pertsonak galdu egin dela salatzen ez badu ezarritako epean.

  2. Udalek eta foru-aldundiek eskumena duten sailek jasoko dituzte abandonatutako txakurrak, bai eta, identifikatuta egon arren, jabearen inolako kontrolik gabe noraezean dabiltzan txakurrak ere. Txakur horiek erakunde horiek hartuko dituzte, harik eta berreskuratzen, ematen edo hiltzen diren arte.

    Horretarako, langile eta instalazio egokiak izan behar dituzte udalek, edo, bestela, zerbitzuok hitzartu erakunde hauekin: Administrazioarekin lankidetzan diharduten animaliak babesteko eta defendatzeko elkarteekin, udalaz gaindiko entitateekin, foru-aldundietako organo eskudunekin edo Euskal Autonomia Erkidegoko gune zoologikoen baimen, erregistro eta kontrolari buruzko Dekretuaren arabera baimenduta dauden txakurren gune zoologikoekin. Abandonatutako eta galdutako animaliak hartzen eta/edo kudeatzen dituzten gune zoologiko guztiak Gune zoologikoei buruzko apirilaren 11ko 81/2006 Dekretuaren arabera egongo dira baimenduta. Gainera, foru-aldundietako agintaritza eskudunek gune zoologiko horiek erregistratuko dituzte Animalien Trazabilitaterako Sistema Integrala (SITRAN) datu-baseko Abeltzaintza Ustiategien Erregistroaren atalean, eta 75. sailkapen zooteknikoa izango dute gutxienez (Abandonatutako edo galdutako animaliak hartzeko zentroak).

    Publikoak zein pribatuak izan daitezke gune zoologiko horiek. Animaliak babesteko elkarte eta enpresek, abandonatutako edo galdutako animaliak jasotzeko, jaberik izanez gero jabeei jakinarazteko modua kudeatu beharko dute, udal baten izenean jarri, hirugarren bati laga edo hil, dekretu honen 9. artikuluan ezarritakoa betez, eta, zerbitzu horiek emateko, hitzarmen edo kontraturen bat eduki beharko dute sinatuta.

  3. Erregistratutako mikrotxipik ez bestelako identifikazio-markarik ez duen txakur bat gutxienez 30 egun naturaleko epean eduki beharko da hartuta. Horrelakoetan, gune zoologikoan sartzean, albaitari ofizial batek edo gaitutako albaitari pribatu batek mikrotxipa ipiniko die animalia horiei; horrela, gune zoologikoko erregistro-liburuan inskribatu ahal izango dira, Gune zoologikoei buruzko apirilaren 11ko 81/2006 Dekretuaren 7. artikuluan xedatutakoa betez. 30 eguneko epe hori amaitu eta inork ez badu txakurrarengatik galdetu, erregistratu ostean, animalia hil egin ahal izango da, edo jabetzan hartu, hura jaso zen udalerriko udalaren izenean ipinita, edo hirugarren bati laga. Udalak animalia jabetzan hartzen badu edo hirugarren bati ematen badio, dekretu honen 2. artikuluko 2. apartatuan ezarritakoaren arabera erregistratuko da mikrotxipa, eta identifikazio-agiri ofiziala eman beharko zaio. Txakur bat ere ezin izango da gune zoologiko horietako batetik atera erregistratutako mikrotxiparekin identifikatu gabe eta identifikazio-agiri ofizialik gabe. Arrazoia edozein dela ere, hartuta dagoen bitartean, animaliak ihes egiten badu edo norbaitek gune zoologikotik lapurtuko balu jabetzan hartu edo beste norbaiti eman baino lehen, animalia bildu zuen udalerriko udalaren izenean erregistratuko da.

    Txakurrak erregistratutako mikrotxipa badu edo jabea identifikatzeko aukera ematen duen beste identifikazio-markarik badu, jabeari jakinaraziko zaio, froga eta guzti, txakurra jaso edo hartu egin dela. Jabeak 7 egun baliodun izango ditu txakurra berreskuratzeko, eta txakurra zentro horretan edukitzeak sortu dituen gastuak ordaindu beharko ditu aldez aurretik. Lehenengo eta behin, telefonoz jakinarazten saiatuko da. Horretarako, Animaliak Identifikatzeko Erregistro Orokorrean edo, bestela, dagokion autonomia-erkidegoko txakurren erregistroan agertzen den jabearen telefono-zenbakira deituko da. Hitz egin ahal izanez gero, data eta ordua hitzartuko da animalia biltzera joateko, eta hitzordu hori idatziz jasoko da gune zoologikoko erregistro-liburuan. Telefonoz hitz egitea lortzen ez bada edo jabeak ez badu hitzartutako data eta orduan jasotzen, jakinarazi egingo da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen arabera. 7 eguneko epe hori amaitu eta jabeak txakurra berreskuratu ez badu, adierazitako hori egingo zaio txakurrari. Epeak zenbatzeko, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 30. artikuluan ezarritakoa hartuko da kontuan.

    Abandonatutako animalia bat udalak jabetzan hartu, hirugarren bati eman edo hilez gero, Animaliak Identifikatzeko Erregistro Orokorrean erregistratuko da aldaketa hori.

  4. Txakur bat abandonatzea arau-hauste oso astuna izango da, Animaliak Babesteko urriaren 29ko 6/1993 Legearen 27.3 b) artikuluan xedatutakoaren arabera.

  5. Baldintza bereziek hala gomendatzen badute, udalak aukera izango du jabe ezagunik ez duen animalia baten behin-behineko zaintza emateko animalia zainduko duela eta higiene- eta osasun-baldintza egokietan mantenduko duela berma dezakeen beste pertsona fisiko bati. Animalia eman ahal izateko, pertsona fisiko horrek nahitaez hartu beharko du konpromisoa animaliaren ongizateari buruzko gertakari oro jakinarazteko ardura duen zentroari, eta animalia berehala itzultzeko titularra agertzen bada edo adoptatzaileren bat aurkitzen bada. Harrera-etxe horien zerrenda eguneratua izango du zentroak, eta udalerriko udalaren, foru-aldundietako agintaritza eskudunaren eta AIEOren esku ipiniko du.

Aldatu egiten da Euskal Autonomia Erkidegoan txakurrak edukitzeari buruzko ekainaren 1eko 101/2004 Dekretuaren 9. artikuluko 5. zenbakia, eta honela idatzita geratzen da:

5 Txakurren gorpuak I. kategoriako materialtzat joko dira, Gizakiek jatekoak ez diren animalia-jatorriko azpiproduktuei eta produktu deribatuei aplikatzeko osasun-arauak ezartzen dituen 1069/2009 Erregelamenduaren (EE) IV. ataleko 8. artikuluan ezarritakoaren arabera. Gorpu horiek berariaz garraiatu eta deuseztatuko ditu baimendutako kudeatzaile batek, edo baimendutako maskota-hilerri batean lurperatu ahal izango dira.

Aldatu egiten dira Euskal Autonomia Erkidegoan txakurrak edukitzeari buruzko ekainaren 1eko 101/2004 Dekretuaren 10. artikuluaren 1. paragrafoko a) eta b) apartatuak, eta honela idatzita geratzen dira:

  1. Dekretu honen I. eranskinean adierazten diren arrazen, arraza-tipologien edo arraza arteko gurutzatzeen barruan sartzen direnak. Horrela, nazioartean, estatu mailan edo autonomia-erkidego mailan halakotzat joko den etorkizuneko edozein arraza, arriskutsuak izan daitezkeen beste txakur-arraza batzuk gurutzatzearen ondorioz eratorri bada, arriskutsua izan daitekeen arrazatzat hartuko da; halakotzat joko da ere AIEOren aplikazioan, eta ez da beharrezkoa izango beste argitalpen ofizialen bat egitea. Erregistro horrek euren animalien katalogazioa aldatu dela jakinaraziko die jabeei. Horrela, hilabete bateko epea izango dute, jakinarazpena egin zaienetik aurrera, arriskutsuak izan daitezkeen txakurrak edukitzeko administrazio-lizentzia eskatzeko animalia erroldatuta dagoen udalean.

    II. eranskinean ageri diren ezaugarri guztiak edo gehienak dituztenak, salbu eta autonomia-erkidegoko edo, hala badagokio, estatuko legediaren arabera ofizialki onartutako zentroetan akreditatutako edo trebatutako laguntza-txakurrak edo gida-txakurrak badira, bai eta izaera hori lortzeko formakuntza-fasean dauden txakurrak ere.

    Txakurren jabe, hazle edo edukitzaileak ez badaude ziur txakurraren ezaugarriak II. eranskinean adierazitakoekin bat datozen ala ez, albaitari bati eskatu ahal izango die argitzeko; albaitariak horri buruzko txostena eman beharko du.

Aldatu egiten da Euskal Autonomia Erkidegoan txakurrak edukitzeari buruzko ekainaren 1eko 101/2004 Dekretuaren 11. artikuluko 1. zenbakiko b) apartatua, eta honela idatzita geratzen da:

  1. Arriskutsuak izan daitezkeen txakur horiek euren tamaina eta arrazarentzako egokia den muturrekoarekin eraman behar dituzte; halaber, bi metro baino luzeagoa ez den eta luzatu ezinezkoa den kate edo uhal gogor bati loturik joan beharko dute; inolaz ere ez dira lotu gabe ibiliko, eta pertsona batek ezingo du txakur horietako bat baino gehiago eraman. Arnesak erabiltzea debekatuta dago.

    Arnesa erabili ahal izango dute lepoan, ahoan, sudurrean edo inguruetan patologia edo lesioren bat duten eta horren ondorioz lepokoak mina eragin diezaieketen txakurrek. Gaitutako albaitari batek egindako ziurtagiriaren bitartez egiaztatu beharko da egoera hori. Ziurtagiri horretan, animaliak daukan patologia deskribatu beharko da, eta arnesa erabiltzea gomendatzen dela zehaztu. Era berean, gomendio hori zein egunetatik zein egunetara ematen den ezarriko da; izan ere, egun horretatik aurrera berriro izango du debekatuta arnesa erabiltzea. Animaliaren jabeak edo txakurra leku eta espazio publikoetatik daraman pertsonak aldean eraman beharko du ziurtagiri horren kopia bat, baita arriskutsuak izan daitezkeen txakurrak edukitzeko lizentzia eta animalia Arriskutsuak izan daitezkeen Txakurren Udal Erregistroan inskribatuta dagoela egiaztatzen duen txartela ere. Arnesa erabiltzeko gomendioa eta haren indarraldia adieraziko dira Animaliak Identifikatzeko Erregistro Orokorrean dagoen txakurraren fitxan, ziurtagiria ematen den unean.

Aldatu egiten da Euskal Autonomia Erkidegoan txakurrak edukitzeari buruzko ekainaren 1eko 101/2004 Dekretuaren 12. artikuluko 1. zenbakia, eta honela idatzita geratzen da:

  1. Arriskutsuak izan daitezkeen txakurren jabeak behartuta daude hirugarrenei eragindako kalteei aurre egiteko erantzukizun zibileko aseguru bat kontratatzera; aseguru horren estaldura, gutxienez, 120.000 eurokoa izango da. 10 eguneko epea izango dute horretarako, animalia identifikatzen denetik aurrera, eta aurrez txakurra erregistroan sartuta eduki beharko dute. Aseguratutako zenbateko horren barruan ez da inolako frankiziarik sartuko.

  1. Martxoaren 22ko 287/2002 Errege Dekretuaren 6. artikuluan ezarritakoaren arabera, gidarien gaitasun psikofisikoak egiaztatzen dituzten azterketa-zentroen erregelamendua onartzen duen otsailaren 19ko 170/2010 Errege Dekretuari eta xedapen osagarriei jarraituz, behar bezala baimendutako azterketa-zentroek egingo dituzte aurreko artikuluetan adierazitako miaketak eta probak, eta oinarrizko espediente kliniko batera pasatu beharko dituzte emaitzak. Espediente hori parte hartu duten medikuek sinatu beharko dute, eta dagokion zentroan gordeko da.

Aldatu egiten da Euskal Autonomia Erkidegoan txakurrak edukitzeari buruzko ekainaren 1eko 101/2004 Dekretuaren 19. artikuluko 2. zenbakia, eta honela idatzita geratzen da:

  1. Arriskutsua izan daitekeen txakurraren titularra aldatzeko salerosketa, eskualdatze, dohaintza edo beste zerbait dela medio, gutxienez, honako baldintza hauek bete direla frogatu beharko da:

    1. Animalia saltzen, ematen edo dohaintzan ematen duenak lizentzia indarrean edukitzea.

    2. Titular berriak aurrez lizentzia lortzea.

    3. Txakurren pasaporte-liburuxka ofiziala eguneratuta izatea.

    4. Dagokion erregistroan sartzea eskualdaketa hori, Dekretu honen hirugarren artikuluan ezarritako prozeduraren arabera.

19 bis artikulua. Arriskutsuak izan daitezkeen txakur-arrazetako animaliak hazi eta saltzea.

  1. Gune zoologikoei buruzko apirilaren 11ko 81/2006 Dekretuaren arabera behar bezala baimenduta dauden gune zoologikoetan bakarrik hazi eta gurutzatu daitezke I. eranskinean zerrendatuta dauden arrazen, arraza-tipologien edo arraza arteko gurutzatzeen barruan sartzen diren animaliak. Gune zoologiko horien arduradunek arriskutsuak izan daitezkeen txakurrak edukitzeko administrazio-lizentzia lortzeko eskatuko diote erosleari. Eskualdatu aurretik, animalia identifikatu egingo da, mikrotxipa jarrita, AIEOn erregistratuta eta Txakurren Pasaporte-Liburuxka Ofiziala eginda.

    Arriskutsuak izan daitezkeen txakurrak behar bezala baimendutako gune zoologikoetatik kanpo hazi eta gurutzatzea eta animalia horiek saltzea arau-hausteak izango dira, Animaliak Babesteko urriaren 29ko 6/1993 Legearen 27.3 e) eta 27.2 d) artikuluetan hurrenez hurren ezarritakoaren arabera.

  2. Arriskutsuak izan daitezkeen txakur guztiak Euskal Autonomia Erkidegoan erregistratuak esterilizatu egin beharko dira. Horretarako, gaitutako albaitaritza-zerbitzu batek kirurgia egin beharko du animaliak 12 urte bete aurretik. Salbuespena izango dira behar bezala baimendutako gune zoologikoetako animaliak, baldin eta arraza horiek hazi eta gurutzatzeko erabiltzen badira. Esterilizazioa egin duen gaitutako albaitariak ebakuntza horri buruzko albaitaritza-ziurtagiria eman beharko dio animaliaren jabeari, X. eranskinean xedatutakoaren arabera. Era berean, txakurrak AIEOn duen fitxan ere islatuko da esterilizatuta dagoela.

    Nahitaezko kirurgia-prozedura hori ez betetzea arau-haustea izango da, Animaliak Babesteko urriaren 29ko 6/1993 Legearen 27.2 c) artikuluan ezarritakoaren arabera.

Aldatu egiten da Euskal Autonomia Erkidegoan txakurrak edukitzeari buruzko ekainaren 1eko 101/2004 Dekretuaren 20. artikuluko 1. zenbakia, eta honela idatzita geratzen da:

1. 13. artikuluan adierazten den lizentziaren titularrek arriskutsuak izan daitezkeen txakurren jabeek arriskutsuak izan daitezkeen txakurren udal-erregistroan txakurra erroldatuta dagoen udalerrikoan erregistratu behar dute arriskutsua izan daitekeen txakurra. Erregistro hori udalerri guztietan ezarriko da, eta horrexetarako izango da. 15 egun izango dute txakurra erregistratzeko, lizentzia eskuratzen dutenetik aurrera. Udal erregistro horretan inskribatzeko, arriskutsuak izan daitezkeen txakurren jabeek nahitaez aurkeztu beharko dituzte hirugarrenei eragindako kalteei aurre egiteko erantzukizun zibileko aseguru bat formalizatu izanari buruzko ziurtagiria (Dekretu honen 12. artikuluan ezarritakoari jarraituz) eta animalia AIEOn inskribatzeko eskaeraren kopia bat.

Aldatu egiten da Euskal Autonomia Erkidegoan txakurrak edukitzeari buruzko ekainaren 1eko 101/2004 Dekretuaren 0 eranskina, eta honela idatzita geratzen da:

(Ikus .PDF)

Aldatu egiten da Euskal Autonomia Erkidegoan txakurrak edukitzeari buruzko ekainaren 1eko 101/2004 Dekretuan erabiltzen den «Txakurren Kartilla Ofiziala» terminoa; horren ordez, «Txakurren Pasaporte-Liburuxka Ofiziala» erabiltzen da, Txakurren, katuen eta hudoen Pasaporte-Liburuxka Ofizialaren eredua onartzen duen Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren 2015eko martxoaren 2ko Aginduan ezarritakoaren arabera.

Arriskutsuak izan daitezkeen txakurrak 2. artikuluaren 1. apartatuan xedatutakoa bete behar badute eta dekretu hau indarrean jarri baino urtebete lehenago jaio badira dituztenek bi urteko epea izango dute animaliak esterilizatzeko, 19 bis artikuluaren 2. apartatuaren arabera.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Abeltzaintzaren alorrean eskumena duen sailaren titularrari ahalmena ematen zaio dekretu hau garatzeko eta betearazteko behar diren xedapenak emateko.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2020ko martxoaren 24an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.