Arautegia

Inprimatu

7/2020 DEKRETUA, martxoaren 17koa, Lehendakariarena. Horren bidez, indarrik gabe uzten da Eusko Legebiltzarrerako 2020ko apirilaren 5eko hauteskundeak egitea, Covid-19aren ondoriozko osasun-krisia dela-eta, eta deialdi berria egitea zehazten da.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Lehendakaritza
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 55
  • Hurrenkera-zk.: 1627
  • Xedapen-zk.: 7
  • Xedapen-data: 2020/03/17
  • Argitaratze-data: 2020/03/18

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Segurtasuna eta justizia
  • Azpigaia: Sailak; Gobernua eta herri administrazioa; Herrizaingoa

Testu legala

Osasunaren Mundu Erakundeak pandemia globalaren egoera deklaratu du, mundu osoan hedatzen ari den koronabirusa dela-eta. Birusaren hedapena nazioartekotu egin da azken asteotan, eta, hedapena orokorra izatera iritsi ez bada ere, osasun-agintariek ezarritako neurriak indartu behar izan dira.

Osasuneko sailburuordearen 2020ko martxoaren 13ko Ebazpenaren bidez, adierazi zen ezohiko eta premiazko neurriak hartu behar zirela birusaren hedapena geldiarazten laguntzeko Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan.

Egoera horren aurrean, eta Osasuneko sailburuaren proposamenez, Segurtasuneko sailburuak, 2020ko martxoaren 13an, Euskadiko Babes Zibileko Plana-Larrialdiei Aurregiteko Bidea-Labi formalki aktibatzea erabaki zuen, eta Lehendakariak bere gain hartu zituen larrialdiaren zuzendaritza eta koordinazioa, Lehendakariaren martxoaren 13ko 6/2020 Dekretuaren bidez. Hainbat prebentzio-neurri ezarri dira pandemiaren hedapena geldiarazteko, eta horiek jarduera publikoei eta gizartea isolatzeko neurriei eragiten diete.

Horrez gain, martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretua argitaratu da, zeinaren bidez Alarma Egoera deklaratzen baita Covid-19ak eragindako osasun-krisiaren egoera kudeatzeko. Deklarazio horretan, besteak beste, jardueren murrizketak eta mugimendu-askatasunaren mugak ezartzen zaizkie herritarrei Estatuko lurralde osoan.

Deskribatutako osasun-larrialdiko egoerak eta birusaren hedapena geldiarazteko hartutako prebentzio-neurriek bereziki pertsonak elkartzen edo kontzentratzen dituzten jarduera publikoak edo pribatuak etetea dakartenek edo gizartea isolatzeko neurriek larriki nahasten dute 2020ko apirilaren 5erako deitutako Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen garapen normala. Eusko Legebiltzarra desegin eta hauteskundeetarako deia egiten duen Lehendakariaren otsailaren 10eko 2/2020 Dekretuaren bidez egin zen hauteskunde horien deialdia.

Birusaren hedapena geldiarazteko hartutako neurriek jarduera publikoak eteteak eta gizartea isolatzeko neurriek eragotzi egiten dute hauteskunde-kanpainan propaganda egiteko eta botoak lortzeko jarduerak normaltasunez garatu ahal izatea.

Hauteskunde-kanpaina baldintza egokietan egin ezin bada, zailagoa da hautagaien arteko eztabaida publikoa egin ahal izatea, bai eta hautesleek hautagai-zerrenden programak ezagutzeko aukera izatea ere, botoa nori eman erabakitzeko.

Orain arte hartutako neurrien hasierako denbora-tartea ez da iristen bozketaren egunera arte. Hala ere, neurriek eragin zuzena dute hauteskunde-kanpainan, eta horrek hautaketari berari eragingo lioke. Gainera, litekeena da, epidemiologoen aurreikuspenen arabera, osasun-larrialdiko egoerak zenbait aste irautea beheranzko fasera iritsi arte, eta horrek barnean hartuko luke hasieran aurreikusitako bozketa-data.

Hauteskunde-hitzordua normaltasunez egiteko, pertsonen joan-etorri fisikoak egin behar dira, herritarrak espazio publiko itxi eta mugatuetan elkartu behar dira, eta, nahitaez, elementu fisiko ugari behar dira (hautetsontziak, kabinak, boto-orriak eta gutun-azalak, etab.).

Hauteslekuetan bozkatzeko eta botoak zenbatzeko prebentzio-neurriak aurreikusi zituen Hauteskunde Administrazioak, kutsatzeko arriskua minimizatzeko. Hartutako neurrien artean, honako hauek zeuden, besteak beste: herritarrei informazioa ematea; hauteslekuak eta hauteskunde-materiala desinfektatzeko garbiketa intentsiboa; hauteslekuaren ilarak eta distantziak kudeatzea; hauteslekuetan eskuak garbitzeko elementuak eta gel hidroalkoholikoa ematea, bai eta eskularruak ere, hauteskunde-mahaiko kide, artekari, ahaldun eta administrazioaren ordezkari gisa jarduten dutenentzat. Era berean, prestaketa-lanak indartu egin ziren, hauteskundeen antolaketan parte hartu behar zuten pertsonen artean egon zitezkeen mediku-bajei edo isolamendu-egoerei aurre egiteko.

Hala ere, prebentzio-neurri horiek, osasun-larrialdiko egoera ikusita, ez dira nahikoak osasun publikoa babesteko eta hauteskundeak normaltasunez egiteko, herritarren partaidetza-eskubideari eta sufragio-eskubidearen erabilera askeari eragin gabe.

Hauteslekuetara boto-emaileak joateak talka egingo luke jarduera publikoak eteteko neurriekin eta birusaren hedapena geldiarazteko gizarte-isolamenduarekin, eta hartutako osasun publikoko neurrien kontra joango litzateke. Are gehiago, gaur egun, eta aurreikusita egungo neurriak denboran luzatu egin daitezkeela, herritarrek hauteskundeetan parte hartzeko aukera neurri horiek bete gabe baino ezin izango litzateke gauzatu.

Ez dago mekanismo alternatiborik datozen asteetan herritar guztiei, eta bereziki isolamenduan edo kutsatuta egon daitezkeen pertsonei, herritar guztiek parte hartzeko duten eskubidea eta sufragio-eskubidea askatasunez erabiltzea bermatzeko, osasun publikoari arriskurik eragin gabe.

Gaur egun dagoen osasun-larrialdiaren egoera aurretik jakin ezin genuen elementu bat izan da, ezin saihestuzkoa, eta Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak 2020ko apirilaren 5ean egitea eragozten duena. Izan ere, baldintza hauetan ezinezkoa da, osasun publikoaren ikuspegitik, bermatzea herritarren parte-hartzea eta sufragio-eskubidearen erabilera libre eta normala.

Nahiz eta hauteskunde-legediak ez duen esplizituki jasotzen nola jokatu behar den herritarren parte-hartzea eta sufragio-eskubidea bermatzeko hauteskunde-prozesuarekin jarraitzea materialki ezinezkoa denean, legearen isiltasunak ez du baztertzen lege horretan aurreikusten ez diren kasuetarako jokabide-arau baten beharra, hauteskunde-legerian bertan jasotako printzipio orokorrak kontuan hartuta. Alde horretatik, hauteskunde-legediak zenbait lege-arautan dioenez, ezinbesteko kasuak arrazoi izan daitezke hauteskunde-prozesuaren funtsezko elementuak eteteko, bai bozketari dagokionez, bai boto-zenbaketari dagokionez, eta, legedi horrek, halaber, bozketa partzialen deialdi berri baten beharra aurreikusten du, bozketa bat baliogabetzeko kasu jakin batzuetan.

Ikusita ezinezkoa dela hauteskunde-kanpaina eta bozketa aurreikusitako datetan egitea zentzuzko baldintza minimo batzuetan, beharrezko neurriak hartu behar dira Eusko Legebiltzarrerako hurrengo hauteskundeak osasun-larrialdia arindu bezain laster egin ahal izateko.

Ildo horretan, hauteskunde-prozesua arautzen duten printzipioen eskakizunek herri-subiranotasunaren adierazpen askearen printzipioa, berdintasunarena, aniztasunarena, gardentasunarena, objektibotasunarena, eta herri-borondatea faltsutzeko eragozpenarena edo hauteskunde-egintzaren batasunaren printzipioa ezinbesteko egiten dute herritarrek eta alderdiek, koalizioek edo hautesle-elkarteek baldintza eta aukera berdinetan erabili ahal izatea sufragio-eskubidea eta haien parte hartzea, eta hori bermatzeko modu bakarra da, gure kasu honetan, deialdi bat egitea osasun-larrialdiaren deklarazioa desaktibatu dela egiaztatu eta berehala.

Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko 5/1990 Legearen 46. artikuluak eta Jaurlaritzari buruzko 7/1981 Legearen 51. artikuluak Lehendakariari ahalmena ematen diote Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako deialdia egiteko, eta bozketa-eguna ezartzeko, Gobernu Kontseiluak eztabaidatu ondoren. Ahalmen horiek indarrean daude dekretu hori argitaratu ondoren ere, hauteskundeak egin arte.

Horregatik guztiagatik, Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdiei eta Euskal Autonomia Erkidegoko Hauteskunde Batzordeari entzun ondoren, eta Gobernu Kontseiluak 2020ko martxoaren 17an egindako bilkuran aztertu ondoren, honako hau

Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko ekainaren 15eko 5/1990 Legearen 46.4 artikuluan xedatutakoaren arabera, dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean bertan jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2020ko martxoaren 17an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.