Arautegia

Inprimatu

84/2019 DEKRETUA, ekainaren 11koa, zeinaren bidez arautzen baita hizkuntza normalizazioko Ulibarri Programa unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetan.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Hezkuntza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 117
  • Hurrenkera-zk.: 3040
  • Xedapen-zk.: 84
  • Xedapen-data: 2019/06/11
  • Argitaratze-data: 2019/06/21

Gaikako eremua

  • Gaia: Kultura eta Kirola; Administrazioaren antolamendua; Hezkuntza
  • Azpigaia: Gobernua eta Administrazio Publikoa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen bigarren kapituluak euskararen eskola-munduko erabilera du xede. Lege horrek honako betebeharra ezartzen dio Eusko Jaurlaritzari: eskola-munduko euskal giroa bermatzea eta ikastetxeen barne- nahiz kanpo-jardueran euskara adierazpide normala bihurtzea.

Horixe bera baieztatzen da 1983ko abuztuaren 1eko Aginduan. Agindu horrek garatu egiten du uztailaren 11ko 138/1983 Dekretua, zeinak hizkuntza ofizialek irakasmunduan izan behar duten erabilera arautzen baitu. Euskal Eskola Publikoari buruzko otsailaren 1eko 1/1993 Legeak ere, berretsi egiten du aurrekoa bere 23. artikuluan.

Berrikiago ere, Heziberri 2020 planak eta hortik eratorritako abenduaren 22ko 236/2015 Dekretuak, abenduaren 22ko 237/2015 Dekretuak eta irailaren 6ko 127/2016 Dekretuak, zeinek, hurrenez hurren, oinarrizko hezkuntzako, haur hezkuntzako eta batxilergoko curriculumak onartzen baitituzte, Hezkuntza Sistemaren helburutzat hartzen dute bi hizkuntza ofizialen erabileran oreka eta berdintasuna bilatzea, eta euskarak gizarte-erabilera desorekatua eta ahula duenez gaztelaniaren aldean, euskara hezkuntza-komunitatearen jarduera guztietan adierazpide normala izatera iristea, eta Ikastetxeek euskara eta gaztelania landuko dituztela esaten dute, ikasleek eskuratu ahal izan ditzaten bi hizkuntza horiek ulertzeko eta ahoz eta idatziz adierazteko trebetasunak, eta biak hala biak erabil daitezen eremu pertsonalean, sozialean eta akademikoan.

Lege-oinarri horiek guztiak gauzatzeko, hainbat neurri hartu izan dira. Hezkuntza-munduko arlo guztietan ahalegin eta lorpen handiak egin dira, besteak beste irakasleen eta ikasmaterialen prestakuntzan, berariazko curriculumean, didaktikan eta aholku-orientabideen lanketan.

Ikasleen artean euskararen erabilera sustatzeko ere, hainbat programa eratu dira. Hezkuntza Sailak bideratutakoen artean, berariaz aipatzekoak dira Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzaren Euskara Zerbitzuko NOLEGA ataletik ikastetxeei eskaini zaizkien programak: hizkuntzaren erabilera bera bultzatzekoak (Eskola-antzerkia, Bertso-lanketa, Kantagintza, IKE, EGE edota IKABILeko laguntza-deialdiak eta Euskal Girotze Barnetegiak), hizkuntzaren kalitatea sustatzekoak (Urruzuno eta Barriola lehiaketak) eta hainbat elkarterekin egindako hitzarmenak (Idazleak Ikastetxeetan, Euskara Zinema Aretoetara, Ikas2deak).

Didaktikaren eta ikasleen erabileraren arlo horietan aurrera egiteaz gain, behar-beharrezkoa da hezkuntza-komunitateko partaide heldu guztien harreman-bizitzan eta bertatik kanporako proiekzioan euskarak duen lekua ere sendotzea. Horretarako urratsak egin beharra gero eta argiago ikusten du Hezkuntza Sailak.

Ildo horretatik, 1996-1997 ikasturtean, Hezkuntza Sailak hizkuntza normalizazioko 23 proiektu ezarri zituen, saiakuntza gisa, beste horrenbeste ikastetxetan. Esperientzia horietatik abiatuta, eta egindakoen on-gaitzak baloratu ondoren, ikastetxeetako hizkuntza proiektuak egin eta abiarazteko lehen deialdi irekia egin zuen Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak 1997ko maiatzaren 8an.

Ulibarri Programaren garrantziaz eta eraginaz jabeturik, Hezkuntza Sailak programa osoa arautzeko beharra ikusi zuen, eta horixe egin zuen hizkuntza normalizazioko Ulibarri Programa arautzen duen abenduaren 23ko 323/2003 Dekretuaren bitartez (abenduaren 31ko EHAA, 255 zk.).

Dekretu horren babesean Ulibarri Programak egindako bidea emankorra eta oparoa izan da, eta, gaur egun, 400 ikastetxe inguru dihardute programaren barruan beren hizkuntza normalizazioko proiektuak lantzen eta garatzen.

Izan ere, Hizkuntza gutxituen kasuan, normalizazioa ez da berez datorren egoera. Aitzitik, berariaz landu eta etengabe garatu behar den arloa da. Hizkuntza normalizazioko proiektua egitea eta garatzea, beraz, EAEko ikastetxe guztiei dagokien eginkizuna eta eskubidea da. Programa honen motorra ikastetxea bera da, eta hizkuntza normalizazioko arduradun teknikoek bideratuko dute, ikastetxeetako normalizazio-proiektuak baitira, izan, programa osoaren ardatz. Proiektu horiek, batez ere, lagundu behar diete ikasleei irteera profiletarako curriculumetan ezarrita dauden gaitasun linguistikoak berenganatzen.

Hori horrela izanik ere, hamalau urte hauetako ibilbidea aztertuta, programan zenbait doikuntza egiteko beharra ikusi da; batzuetan denborak ekarri dituen egin-molde berriak txertatzeko, eta, beste batzuetan, programaren kudeaketa hobetzeko. Doikuntza horietan esanguratsuena honako hau da: proiektu horiek lotu behar direla ikastetxeko Hizkuntza Proiektuaren diseinuarekin. Egun, pentsaezina da euskararen erabilerarako normalizazio proiektu baten garapenak harremanik ez izatea goiko maila batean dagoen Hizkuntza Proiektuan hartzen diren erabakiekin. Gainera, euskararen gaitasun linguistikoan erdietsitako emaitzak hobetzeko beharra ikusita, Normalizazio Proiektuak (orain arte eskola-orduetatik kanpo eragiten zuenak) eskola-orduetan ere eragin behar du, euskararen didaktikarekin eta erabilitako metodologiarekin erlazionatuta dauden eremuak indartuz. Beste doikuntzetako bat da programari eranstea genero-ikuspegia kontuan hartzen duten ekimenak.

Gainera, nahitaezkoa da abenduaren 23ko 323/2003 Dekretua legedi berriari egokitzea; bereziki, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrari eta haren erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuari, izan ere, xedapen horietan jasotako manuak Uribarri Programaren barnean Hezkuntza Sailaren mendeko ez diren ikastetxeei ematen zaizkien laguntzei aplikatu beharrekoak dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuarekin batera. Horrek guztiak beharrezko egiten du Ulibarri Programa arautzen duen dekretua indargabetzea eta etorkizuneko egoerak arautzeko dekretu berri bat onartzea.

Ondorioz, Hezkuntzako sailburuaren proposamenez, Euskadiko Eskola Kontseiluari eta Hizkuntza Politikako Sailburuordetzari kontsulta eginda, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat, eta Gobernu Kontseiluak 2019ko ekainaren 11n egindako bilkuran eztabaidatu eta onartu ondoren, hau

  1. Dekretu honen xedea da hizkuntza normalizazioa sustatzen duen Ulibarri Programa arautzea hurrengo artikuluan zehazten diren ikastetxeetan.

  2. Dekretu honen xedea da, halaber, hezkuntzaren arloko eskumenak dituen Sailak Ulibarri Programa aplikatzeko ezarritako dirulaguntza programa arautzea.

Dekretu hau aplikatuko da hezkuntza-sistemako irakaskuntzak ematen dituzten unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetan eta Ulibarri Programan parte hartzen duten edo parte hartu nahi duten Hezkuntza Sailaren ikastetxeetan eta hezkuntza-ituna duten ikastetxe pribatuetan.

Ulibarri PROGRAMA

  1. atala. Ulibarri Programaren helburua, egitura eta betebeharrak.

  1. Ulibarri Programaren helburua da ikastetxeetan euskararen erabilera sustatzea eta ikasleei irteera profilean euskararako ezarritako komunikazio-konpetentzia lortzen laguntzea.

  2. Ulibarri Programa Ikastetxe bakoitzaren Hizkuntza Proiektuaren barruan dagoen izaera estrategikoko hizkuntza normalizazioko proiektuaren bitartez garatuko da; lau urtekoa izango da, eta horri dagozkion urteko garapen- eta aplikazio-planak izango ditu.

    Ulibarri Programaren ikastetxeko egiturak bi ardatz hauek izango ditu: ikastetxearen Hizkuntza Normalizazioko Batzordea eta ikastetxeko hizkuntza normalizazioko arduradun teknikoa.

  3. Hezkuntza-administrazioak baliabide hauek jarriko ditu Ulibarri Programaren esku: Berritzeguneetako hizkuntza normalizazioko aholkulariak, Berritzegune Nagusiko hizkuntza normalizazioko programaren arduraduna, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzako Euskara Zerbitzuko Ulibarri Programaz arduratzen diren langileak eta Ulibarri Programaren jarraipen- batzordea (JABA). Programak sailetik kanpoko erakunde aholku-emaileak ere izan ditzake.

  1. Ikastetxeko hizkuntza normalizazioko proiektuak lau urtean lortu beharreko xede estrategikoak jasoko ditu, eta alderdi hauek barne hartuko ditu:

    1. Ikastetxean bertan eta bere eragin-esparruan erabilerak bizi duen egoeraren azterketa (diagnostikoa). Datuak sexuaren arabera bereizita aurkeztuko dira, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrena betez.

    2. Ikastetxearen funtzionamenduan eta eskola-esparruan euskararen eguneroko erabilera (ahoz eta idatziz) sustatzera bideratutako neurri zehatzak, betiere, ikastetxeko Hizkuntza Proiektuan ezarritako lehentasunak aintzat hartuta.

    3. Xede zehatzen definizioa, epeak adierazita, horien jarraipena eta ebaluazioa egin ahal izateko gisan.

    4. Ezarritako xedeak lortzeko behar diren neurriak aplikatzeko era ezartzea, Ordezkaritza Organo Gorenak edo Eskola Kontseiluak onartu ondoren.

    5. Ulibarri Programaren barnean eskaintzen diren hizkuntza normalizazioko prestakuntza-proiektuetan eta mintegi eta ikastaroetan ahal den heinean parte hartzeko konpromisoa hartzen duten ikastetxeko irakasleak izendatzea, haiek onartu eta gero.

    6. Barne hartzea gaitasun linguistikoa lortzeko prestakuntza-jardueretan parte hartzeko prest dauden langile ez-irakasleak (administrazioaz eta kudeaketaz, jantoki-zerbitzuaz eta bestelako zerbitzuez arduratzen direnak).

    7. Hizkuntza Normalizazioko Batzordeko kideen izendapena, eta, bereziki, hizkuntza normalizazioko arduradun teknikoarena.

  2. Ikasturte bakoitzari dagozkion urteko planen bidez bideratuko dira proiektuaren urteko garapena eta aplikazio-neurriak.

  3. Ikastetxeko Hizkuntza Normalizazioko Batzordeari dagokio, bere inguruko Berritzegunearekin elkarlanean, hizkuntza normalizazioko proiektuaren lanketa eta jarraipena egitea, baita urteko plana taxutzea ere.

  4. Ulibarri Programaren jarraipen-batzordeari dagokio hizkuntza normalizazioko proiektua, urteko planak eta horien aldaketak onartzea, ikastetxeko Hizkuntza Normalizazioko Batzordearen proposamena aztertu eta gero.

  1. Ikastetxeko Hizkuntza Normalizazioko Batzordearen osaera, izendapena eta egitekoak.

    1. Ikastetxeko ordezkaritza organo gorenak ezarriko du ikastetxe bakoitzeko Hizkuntza Normalizazioko Batzordearen osaera eta haren kideen izendapena, eta, hori egiteko, aintzat hartuko du hizkuntza normalizazioko proiektuak zein eremuri eragiten dion. Irizpide horri jarraituz, batzordea irakasleek soilik osatu ahal izango dute, edo ikasleek, gurasoek eta irakasle ez diren langileek ere parte hartu ahal izango dute, eta ahalegina egin beharko da zuzendaritza-taldeko kide batek gutxienez batzordean parte har dezan. Orobat, ahalegina egingo da arlo ezberdinetako irakasleek esku har dezaten. Dena den, ikastetxeko hizkuntza normalizazioko arduradun teknikoa beti izango da batzordekide.

      Dekretu honen 4.3 artikuluan ezartzen dira batzordearen egitekoak.

    2. Ikasleek eta gurasoek ere, berariazko batzordeak eratu ditzakete. Horien zereginak ikastetxeko Hizkuntza Normalizazioko Batzordeak finkatutakoak izango dira.

  2. Honela osatuko da Ulibarri Programaren jarraipen-batzordea, zeinaren kideak eta ordezkoak Hezkuntzako sailburuordeak izendatuko baititu:

    Batzordeburua: Hezkuntza Berriztatzeko zuzendaria.

    Bokalak:

    1. Hezkuntza berriztatzeko ardura duen Zuzendaritzako Euskara Zerbitzuko burua.

    2. Euskara Zerbitzuko Ulibarri Programaz arduratzen diren bi teknikari.

    3. Berritzeguneetako normalizazioko bi aholkulari (HNA) eta Berritzeguneko hizkuntza normalizazioko programaren arduraduna.

    4. Egoki iritziz gero, hizkuntza normalizazioaren arloan itzala duten adituek ere parte hartu ahal izango dute batzordean, gehienez bik.

      Idazkaria: b) letran aipatutako teknikarietako bat.

      Ulibarri Programaren jarraipen-batzordearen egitekoa da ikastetxeek onartutako proiektu- eta plan-proposamenak onartzea eta horien aplikazioaren jarraipena eta ebaluazioa egitea. Halaber, dirulaguntzak emateko proposamena egitea organo emaileari.

  3. artikulu honetan aurreikusitako batzordeen osaeran, ordezkaritza orekatua izango da, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 3.7 artikuluan xedatutakoarekin bat.

  1. Ikasturte bakoitzerako, ikastetxeko normalizazioko arduradun tekniko bat izendatuko du ikastetxeko zuzendariak. Ardura hori ikastetxeko irakasle bati egokituko zaio.

  2. Ikastetxeko hizkuntza normalizazioko arduradun teknikoa arduratuko da proiektuaren kudeaketaz, dinamizazioaz eta erantzukizun teknikoaz. Horretarako, Hezkuntza arloko eskumena duen Sailak haren barrutian antolatzen dituen bileretan parte hartuko du, programan parte hartzen duten gainerako ikastetxeekin batera, eta, bilera horietan, erabiltzen diren gaien inguruko informazioa eta agiriak trukatuko ditu, eta aholkularien laguntza teknikoa jasoko du. Halaber, ikastetxeko hizkuntza normalizazioko proiektua idazten eta horren jarraipena egiten duen batzordeko kidea izango da.

  3. Hezkuntza arloan eskuduntza duen Sailaren ikastetxeetan, ezinbestean hartu beharreko liberazio-orduak izango ditu ikastetxeko hizkuntza normalizazioko arduradun teknikoak bere eskola-orduetan. Liberazio-orduak Ulibarri Programarako eta ikastetxeko Hizkuntza Proiektuarekin lotutako lanetarako erabiliko dira.

    Hezkuntza ituna duten ikastetxe pribatuen kasuan, 15. artikuluan zehazten diren liberazio-orduak gomendatzen dira, baina bakarrik izango da nahitaezkoa diruz lagundutako ordu-kopuruari dagokion liberazioa.

  4. Irakasleek beren eskola-orduetan astean izango dituzten ezinbesteko liberazio-orduak 15. artikuluan ezarritako arauen arabera finkatuko dira.

  5. Ikastetxeko hizkuntza normalizazioko arduradun teknikoak dekretu honen 8.5 artikuluan aipatutako aitortza eta akreditazioa eskuratuko ditu.

Ikastetxeek eta hango irakasleek betebehar hauek izango dituzte Ulibarri Programan parte hartzeagatik:

  1. Ikastetxeko Hizkuntza Normalizazioko Batzordea eratzea, ikastetxeko gizonen eta emakumeen presentzia islatzen duen ordezkaritza orekatuarekin, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 3.7 artikuluarekin bat.

  2. Ikastetxeko Hizkuntza Proiektua eginda eta eguneratua izatea, Lehen Hezkuntzan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan.

  3. Hizkuntza normalizazioko proiektua ikastetxeko Hizkuntza Proiektuan txertatzea, honek dituen helburuak aintzat hartuta.

  4. Ikastetxeko hizkuntza normalizazioko proiektuaren helburuak eta ekintzak definitzea; ikasturteko planean txertatzea, eta ebaluazioa egitea urteko oroitidazkian.

  5. Hizkuntza normalizazioko planek irteera profiletan aurreikusitako komunikazio-gaitasunak lortzea helburu duten metodologia eta didaktikak lehenetsiko dituzte.

  6. Ikasturtero, ikastetxeko hizkuntza normalizazioko arduradun teknikoa izendatzea.

  7. Ikastetxeko hizkuntza normalizazioko plana berrikusi eta eguneratzea, eta haren jarraipena egitea.

  8. Aktiboki parte hartzea proiektuen ebaluazio-prozeduran, eta eskatzen zaien informazio oro ematea.

  9. Programako adierazleen arabera, euskarazko gaitasun linguistikoa hobetzera eta garatzera bideratutako ikastaroetan parte hartzeko konpromisoa hartzen dute ikastetxeko irakasleek, baita, xede berarekin, euskaraz antolatutako prestakuntza-modalitateetan lehentasunez parte hartzekoa ere.

  10. Sailak proposaturiko bileretan, mintegietan eta gainerako jardueretan parte hartzea.

Hezkuntza arloko eskumenak dituen sailak baliabide eta laguntza hauek eskainiko dizkie Ulibarri Programan parte hartzen duten ikastetxeei:

  1. Berritzeguneetako hizkuntza normalizazioko aholkulariek laguntza pertsonalizatua eskainiko diete ikastetxeko hizkuntza normalizazioko arduradun teknikoei.

  2. Hezkuntza arloko eskumenak dituen sailak ikastetxeen eskura jarriko du Ulibarri Programan sortutako eta jasotako materiala. Sailak dagokion webgunean jarriko du material hori, eta, hala badagokio, argitaratu egingo du.

  3. Hezkuntza arloan eskuduntza duen Sailaren ikastetxeetan, ikastetxeko hizkuntza normalizazioko arduradun teknikoari eskola-emankizunetan esleitu zaizkion ezinbesteko liberazio-orduak Sailak beteko ditu. Salbuespen izango dira Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeak; izan ere, ikastetxe horietan, liberazio-orduak ikastetxe bakoitzeko langileen ohiko dotazioen barruan sartuta daudela ulertuko da.

  4. Hezkuntza-ituna duten ikastetxe pribatuetan, hezkuntza arloko eskumenak dituen Sailak dirulaguntza emango du ikastetxeko hizkuntza normalizazioko arduradun teknikoari bere eskola-emankizunetan esleitu zaizkion ezinbesteko liberazio-orduen kostua ordaintzeko, dekretu honen 20. artikuluan xedatutakoarekin bat.

  5. Ikastetxeko hizkuntza normalizazioko arduradun teknikoari 90 ordu aitortuko zaizkio prestakuntza- edo berrikuntza-jarduera gisa, eta Hizkuntza Normalizazio Batzordeko kide diren irakasleei 60 ordu.

  6. Sailak ikastaroak, mintegiak eta prestakuntza-jarduerak antolatuko ditu hizkuntza normalizazioko arduradun teknikoen gaitasun teknikorako, baita ikastetxeko irakasleen eta Hizkuntza Normalizazioko Batzordeetako kideen gaitasun teknikorako ere. Era berean, Berritzeguneetako prestakuntza-baliabideak erabili ahal izango dira horretarako.

  7. Sailak programa honetan dihardutenei formazioa emango die. Prestakuntzan, bereziki hartuko dira kontuan gai hauek: maila aurreratuko gaikuntza praktikoa, soziolinguistika, curriculumaren euskal dimentsioa, glotodidaktika, egungo euskarazko kultura-ekoizpenaren berri izatea eta giza baliabideen kudeaketa. Berrikuntzaren alorreko eskumenak dituen zuzendaritzari dagokio prestakuntza-curriculuma ezartzea, dagokion akreditazioa homologatzea, hala badagokio, eta prestakuntza hori ematea. Hizkuntzaren erabilera ez-sexista sustatuko da prestakuntza-saio guztietan.

  8. Materialen esleipenean euskarazko bertsioa egotea bermatuko du sailak, batez ere ikastetxeak hornitzeko hezkuntza softwarearen kasuan.

  9. Hizkuntza normalizazioari buruzko agiri teknikoak sortzea, eskuratzea eta banatzea sustatuko da, eta berariaz landuko dira, besteak beste, hizkuntza-aniztasuna, hezkuntza elebiduna ukipen-egoeran dauden hizkuntzen kasuan, hizkuntza-planifikazioa eta hizkuntzaren erabileraren dinamizazioa.

  1. Ikastetxeak hizkuntza normalizazioko proiektua garatzeko urteko plana egoki betetzen ari diren baloratzeko, Ulibarri Programaren jarraipen-batzordeak plan hori betetzeari buruzko jarraipena egingo du urtero. Jarraipen hori egingo da dagokion hizkuntza normalizazioko aholkulariak aurkeztutako txostena aintzat hartuta; txosten horrek www.ulibarri.eus programaren kudeaketa webgunean ezarritako irizpideak izango ditu oinarri.

  2. Ikastetxeren batean gabeziak edo zuzenketak egiteko beharra atzematen badu batzordeak, epe jakin batean zuzen daitezela eskatuko du, eta, ikastetxeak ez badu gabezia batzordeak adierazitakoaren arabera zuzentzen, Ulibarri Programatik ofizioz kanpo uztea erabaki dezake, 14. artikuluan xedatutakoarekin bat.

  1. Programaren jarraipen-batzordeak, lau urtero, programan dauden ikastetxeen hizkuntza normalizazioko proiektuen ebaluazioa egingo du. Laugarren urteko lehenengo hiruhilekoan egingo da ebaluazioa.

  2. Besteak beste, alderdi hauek aztertuko dira ebaluazioan:

    1. Proiektu bakoitzaren aplikazio-eremuak.

    2. Proiektuaren egokitasun teknikoa.

    3. Proiektuaren kontsolidazio-adierazlea.

    4. Ikastetxeko hizkuntza normalizazioko arduradun teknikoaren egonkortasuna.

    5. Batzordearen osaera.

    6. Ikasleen berariazko batzorderik badagoen ala ez.

    7. Ikastetxeak Normalizazio Legearen Garapenerako (NOLEGA) programetan zenbateraino parte hartzen duen.

    8. Diagnostikoa eta neurketa egiteko mekanismoak zenbateraino aplikatzen diren, baita ikastetxearen Hizkuntza Proiektuaren helburuei dagokienez ere.

    9. Berariazko prestakuntza-modalitateetan noraino parte hartzen duen eta ikastetxean duten eragina.

    10. Hizkuntza normalizazioaren arloan egindako ekarpenak.

    11. Proiektuari buruzko informazioa zein neurritan zabaltzen duen.

    12. Ikastetxearen neurria.

    1. Euskarazko gaitasun linguistikoa hobetzeko duen eragina.

  3. Hezkuntza arloko eskumenak dituen sailburuordeari dagokio aztergai diren alderdi zehatzak eta ebaluazio-irizpideak onartzea, ebazpen baten bidez. Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko iragarki-oholean argitaratuko da ebazpen hori, eta Ulibarri Programaren jarraipen-batzordeak egindako ebaluazioan aplikatuko da, irizpideak aldatzen ez diren bitartean. Ebaluatzeko unean indarrean den ebazpena aplikatuz ebaluatuko da aldi bakoitza.

  4. Ebaluazioa negatiboa bada, hori oinarritzen duten arrazoi zehatzak adieraziko dira, aurreko apartatuan aipatutako ebazpenean ezarritako alderdi eta irizpideetan oinarrituta. Ebaluazio negatiboa erabaki aurretik, ebaluazio-proposamen negatiboaren berri emango dio batzordeak ikastetxeari, honek alegazioak egin eta egoki iritzitako agiriak aurkeztu ahal izateko.

  5. Lau urtean behin, Ulibarri programaren ebaluazio globala ere egingo da.

  1. atala. Ulibarri Programan onartzea, jarraitzea, berau abandonatzea eta ofizioz bertatik kanpo uztea.

  1. Ulibarri Programan onartuak izan nahi duten ikastetxeek eskabidea aurkeztu beharko dute 27.1 artikuluan aipatzen den onarpen-deialdian, eta izapidetuko da artikulu horretan eta IV. kapituluan ezarritakoa aintzat hartuta. Honako dokumentu hauek aurkeztu behar dira eskabidearekin batera:

    1. Ikastetxearen hizkuntza normalizazioko proiektua, dekretu honetan ezarritakoaren arabera eta aplikazioari begira Berritzeguneetako hizkuntza normalizazioko aholkulariek emandako instrukzioekin bat, eta, betiere, www.ulibarri.euskadi.eus webgunean dagoen eredua erabilita.

    2. Proiektu-proposamenak ikastetxeko Ordezkaritza Organo Gorenaren edo ikastetxeko Eskola Kontseiluaren onarpena baduela egiaztatzen duen agiria (akta).

    3. Proiektu-proposamena ikastetxeko Hizkuntza Proiektuaren ildo nagusietan txertatzen dela egiaztatzen duen Ikastetxeko zuzendaritzaren agiria.

  2. Programan sartzeko eskabidea irizpide hauen arabera onartu ala baztertuko da:

    1. Normalizazioko proiektua. 0,60 puntu, gehienez, alderdi hauek baloratuko dira:

      1. Ikastetxearen errealitatera egokitutako proiektua da (egoera soziolinguistikoa, hezkuntza-ereduak, irakasleen eta gainerako langileen profila, ikasleen tipologia eta ikastetxeak normalizazioaren alorrean duen ibilbidea): gehienez 0,20 puntu.

      2. Diagnostikoaren zehaztasun-maila: diagnostikorako tresnaren (BRANKA) alderdi guztiak jasotzen dituen ala ez: gehienez 0,20 puntu.

      3. Kontuan hartzen ditu ikastetxeko normalizazio proiektuaren alor nagusiak (eremu instituzionala, ikasleak, irakasleak, gainerako langileak, gurasoak, eskolako jarduerak eta eskolaz kanpoko jarduerak): gehienez, 0,20 puntu.

    2. Proiektuaren eraginpean dauden ikasleak. 0,40 puntu, gehienez ere. Honela kalkulatuko da: ikastetxeko gela-kopurua bider 0,004. Gehieneko puntuazioa emango zaie 100 gela edo gehiago duten ikastetxeei. Ikasle- eta gela-kopurua zehazteko, hezkuntza alorreko eskumenak dituen Sailaren estatistika zerbitzuan ebazpen-proposamena egiteko unean dauden azken matrikula-datuak hartuko dira aintzat.

  3. Ikastetxea Ulibarri Programan onartua izateko, gutxienez 0,51 puntukoa izan beharko da aurreko a) eta b) irizpideetan erdietsitako puntuazioaren batura.

  1. Ulibarri Programan sartu eta gero, ikastetxeak programan jarraituko du harik eta programa utzi edo bertatik kanporatua izan arte, 13. eta 14. artikuluekin bat, eta, betiere, urteko deialdian jarraitzeko irizpena eskatu eta lortu badu, artikulu honen 2. eta 3. apartatuekin bat.

  2. Onartutako proiektuaren planifikazio-aldiaren barnean, programaren parte diren ikastetxeek urteko ebazpenean eskabide bat aurkeztu beharko dute bertan jarraitzeko. Eskabide horretan adierazi beharko dute egin behar diren egokitzapenak zein diren, baldin eta titulartasunean edo ikastetxearen funtzionamendu-baimenean aldaketarik gertatzen bada.

    Baldin eta 9. artikuluan aurreikusitako ebaluazioan, ikastetxeren bati zuzenketa- edo hobekuntza-proposamenak egin bazaizkio eta hark, Ulibarri Programaren jarraipen batzordeak ezarritako epean, aplikatu ez baditu, jarraitzeko eskabidea ezetsiko zaio.

  3. Onartutako proiektuaren planifikazio-aldia amaituta, aurreko proiektuan lau urteko ebaluazio positiboa lortu duten ikastetxeek programan jarraitzeko, beharrezkoa izango da ikastetxearen hizkuntza normalizazioko proiektu berri bat aurkeztea, zeinean sartuko baitira 4.1 artikuluko alderdi guztiak eta 11.1.b) artikuluan aipatu ziurtagiria. Proiektua aurkeztuko dute jarraitzeko ebazpenean. Onartua izateko irizpideak dira 11.2 artikuluan agertzen direnak.

  4. Programan jarraitzeko ebazpenak izapidetuko dira artikulu honetan eta IV. kapituluan ezarritakoa aintzat hartuta.

  1. Ulibarri Programan dagoen ikastetxe orok utzi ahal izango du programa bere borondatez. Horretarako, hezkuntza berriztatzeko eskumenak dituen zuzendaritzari idatziz jakinarazi beharko dio aurretik, eta ikastetxeko ordezkaritza organo gorenaren adostasuna erantsi.

  2. Programa ikasturtea amaitu aurretik uzten bada, dekretu honetan aurreikusitako dirulaguntzen esparruan ikasturte horretan programa garatzeko eskuratutako dirulaguntzak itzuli beharko dira.

  3. Programa borondatez uzten bada, hezkuntza alorreko eskumenak dituen sailburuordearen ebazpen baten bidez onartuko edo ezetsiko da; onartuz gero, ikastetxea programatik kanpo geldituko da.

  1. Ikastetxe bat Ulibarri Programatik ofizioz kanpo uztea hezkuntzaren alorreko eskumenak dituen sailburuordearen ebazpen baten bidez erabakiko da. Hauek izan daitezke arrazoiak:

    7. artikuluan ezarritako betekizunen ez-betetze larria.

    1. Programan jarraitzeko urteko plana edo lau urteko proiektua ez aurkeztea ala onartua ez izatea.

    2. Ezarritako epean 9.2 artikuluan aipatutako zuzenketak edo gabeziak ez zuzentzea.

      10.4 artikuluan aipatzen den ebaluazio negatiboa.

  2. Ofizioz kanpo uzteko prozedurari hasiera ematen dion ebazpenean adieraziko dira kanporatze horren oinarri diren kausak eta arrazoiak, eta prozeduran entzunaldia eskainiko zaio ikastetxeari, horri buruzko ebazpena eman baino lehen.

  3. Ikasturtea amaitu baino lehen kanporatua izateak berekin dakar dekretu honetan aurreikusitako dirulaguntza programaren esparruan ikasturte horretan Programa garatzeko eskuratutako dirulaguntzak itzuli beharra.

Ulibarri programako ordu-esleipenerako, ondoko lau irizpide eta zehazten diren haztapenak hartuko dira kontuan:

  1. Gela-kopurua. Tarteak: 1-8 = 10p., 9-23 = 20p., 24 edo gehiago = 30 p.

  2. Etapa-kopurua. Tarteak: 1 = 5p., 2 = 10p., 3 = 15p., 4 = 20 p.

    Tarteak honako hauek dira:

    Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntza, tarte bat=1 puntu.

    Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, tarte bat=1 puntu.

    Batxilergoa eta Erdi mailako Heziketa Zikloak, tarte bat=1 puntu.

    Erdi mailako Heziketa Zikloak eta Goi mailako Heziketa Zikloak, tarte bat=1 puntu.

  3. Gune soziolinguistikoa. Tarteak: 1 = 10p., 2 = 8p., 3 = 6p., 4 = 4p., 5 = 2p.

  4. Presentzia/erabilera, alde erlatiboa (BRANKA). 40 punturen gainean, tarteak:

    1 = 0., 2 = 11., 3 = 21., 4 = 31.

    Tartearen balioa (0,11, 21, edo 31) + (Euskararen agerpena eta ezagutza / 10).

    Eta lortutako puntuazioaren arabera egingo da ordu-esleipena:

    3 liberazio-ordu 0-29,99 puntu duten ikastetxeentzat.

    6 liberazio-ordu 30-59,99 puntu duten ikastetxeentzat.

    9 liberazio-ordu 60-100 puntu duten ikastetxeentzat.

  1. Ulibarri Programaren dirulaguntzen helburua da hezkuntza-ituna duten ikastetxe pribatuetan Ulibarri Programak dakarren lan-kargan laguntzea.

  2. Dirulaguntzen helburua da ikastetxeko hizkuntza normalizazioko arduradun teknikoari bere irakaslanean esleitu zaizkion ezinbesteko liberazio-orduak ematea, ikastetxean Ulibarri Programa garatzeko denbora izan dezan.

  3. Dirulaguntzak finantzatuko dira Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretarako izendatutako kredituen kontura.

Programa honen esparruan emandako dirulaguntzak bateragarriak dira bestelako dirulaguntzekin, denen artean ez badute gainditzen 20. artikulua aplikatuta kalkulatutako zenbatekoa, betiere. Gaindituz gero, soberakina dirulaguntzatik kenduko da.

  1. Dirulaguntza deialdia hezkuntza alorreko eskumenak dituen sailburuaren agindu baten bidez egingo da. Deialdi horretan ezarriko dira programari esleitutako aurrekontu-kreditua eta eskabideak aurkezteko epea.

  2. Dirulaguntzaren eskabidea aurkezteak baimena emango du organo kudeatzaileak ofizioz egiazta dezan behar beste aldiz dirulaguntzen erakunde eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela.

    Baldin eta erakunde eskatzaileak eskabidean berariaz adierazten badu ez duela baimena ematen zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituela egiaztatzeko, organo eskudunek emandako administrazio-egiaztagiri positiboen bidez egiaztatu beharko du.

  3. Eskabidean aukera emango zaio erakunde eskatzaileari berariaz adierazteko baimena ematen diola organo kudeatzaileari gainerako datu edo agiri guztiak eskuratzeko edo egiaztatzeko, hargatik eragotzi gabe Administrazio Publikoak egiaztapen, kontrol eta ikuskaritzaren alorrean dituen ahalmenak.

  4. Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua betez, eskabidearekin batera egindako erantzukizunpeko adierazpen baten bidez, honako betebehar eta eskakizun hauek egiaztatuko dira:

    1. Eskabidearen berri ematea, eta jakinaraztea, hala badagokio, helburu bererako dirulaguntzarik, laguntzarik, diru-sarrerarik edo baliabiderik jaso izana bestelako administrazio batzuetatik edo erakunde publiko zein pribatutatik.

    2. Adierazitakoaren berri izan bezain laster egin beharko da jakinarazpen hori, eta, nolanahi ere, 23. artikuluan aurreikusitako ordainketa baino lehen.

    3. Pertsona edo erakunde eskatzaileak ez izatea laguntza edo dirulaguntza publikoak jasotzeko zigorrik administrazio- edo zehapen-bidetik, ezta horretarako ezgaitzen duen inolako legezko debekurik ere; sexu-diskriminazioagatik gertatutakoak berariaz aipatuko dira.

    4. Halaber, erakunde eskatzaileak adierazi beharko du egiazkoak direla eskabidean eta harekin batera aurkeztutako agirietan agertzen diren datuak, eta betetzen dituela dirulaguntza jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako eskakizunak.

  5. Erakunde eskatzaileek adierazi ahal izango dute, erantzukizunpeko adierazpenean, ez daudela oraindik izapidetzen ari den inongo itzulketa- edo zehapen-prozeduratan sartuta, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo beraren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan.

Onuradun izan daitezke hezkuntza-ituna duten ikastetxe pribatuak, eskakizun hauek betez gero:

  1. Dekretu honetan araututako Ulibarri Programan onartua izatea eta bertan jarraitzea.

  2. Dirulaguntzak edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratiborik edo penalik ez izatea, ezta horretarako legezko inolako debekurik izatea ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean zehaztutakoa barne.

  3. Ez egotea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko 2. atalean zehaztutako egoeretako batean. Gisa horretako egoerak atzemateko, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko 4., 5. eta 6. apartatuetan ezarritako prozedurak erabiliko dira, eta bakoitzarentzako ezartzen den irismena izango dute.

  1. Onartutako eskabide guztiei emango zaie dirulaguntza, aurreikusitako aurrekontuaren mugarekin, betiere, baldintza guztiak betetzen badituzte eta gutxieneko puntuazioa erdiesten badute.

  2. Ikastetxeko hizkuntza normalizazioko arduradun teknikoari bere irakaslanean esleitu zaion asteko ezinbesteko liberazio-orduen kopuruaren arabera kalkulatuko da ikastetxe bakoitzarentzako dirulaguntzaren zenbatekoa; ordu-kopurua Programan onartua izateko edo bertan jarraitzeko ebazpenean zehazten da. Kalkulatzeko, arau hauek aplikatuko dira:

    1. Bederatzi orduko dedikazio bati esleituko zaion gehienezko dirulaguntza izango da irakasle funtzionarioen urteko ordainsari gordinen batezbestekoaren ehuneko berrogeiri dagokiona, dagozkion Gizarte Segurantzako osagarriekin.

    2. Sei eta hiru orduko esleipenengatik, dagokion parte proportzionala ordainduko da.

    3. Horrela kalkulatutako zenbatekoak ezin izango du, inola ere, kontratazioan benetan izandako kostua gainditu.

      Urteko ordainsari gordintzat hartuko da ebazpena ematen den egunean indarrean dauden unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzako funtzionarioen kidegoen oinarrizko ordainsarien eta osagarrien batezbesteko aritmetikoa. Ordainsari horietan ez dira barne hartuko ez hirurtekoak, ez gradua egiaztatzeagatiko dedikazio bereziko osagaia (seiurteko bezala ezagutuak), ez karguak izateagatiko eta egitekoak betetzeagatiko osagarriak.

  3. Dirulaguntzen deialdirako izendatutako baliabide ekonomikoak ez badira aski aipatutako gehieneko zenbatekoa emateko, deialdian ezarritako kreditu osoa esleitutako orduen arabera proportzionalki banatzearen emaitza ordainduko zaio ikastetxe bakoitzari.

  1. Onuradunak uko egin ahal izango dio dirulaguntzari; horretarako idazki bat helarazi beharko du hezkuntza arloko eskumenak dituen zuzendaritzara 15 eguneko epean, laguntza eman izanaren jakinarazpenetik.

  2. Epe hori igarota ez badu uko-egitea berariaz formulatu, emandako dirulaguntza onartu duela ulertuko da.

Hezkuntza Berriztatzeko eskumenak dituen zuzendaritzak izapidetuko ditu prozedurak, eta kudeatuko ditu dirulaguntzak.

Bi ordainketa-aginduren bitartez ordainduko da dirulaguntza:

  1. Lehenengoa, aurreratua, ikastetxe onuradun bakoitzari dagokion dirulaguntzaren % 20, deialdiaren ebazpena eman eta gero, eta 21. artikuluan adierazitako epea igarota.

  2. Bigarrena, zenbatekoaren gainerakoa, ekainaren 30etik aurrera ordainduko da, agiri hauek aurkeztu eta gero:

    Ikasturteari buruzko memoria: ikasturtean zehar egindako kudeaketa, jardueren deskribapena, batzordearen ibilbidea, eta ikastetxeak garrantzitsutzat jotzen dituen alderdi guztiak.

    Ikastetxeko planaren arduradun teknikoaren diruz lagundutako liberazio-orduak estaltzeko kontratatutako irakasleen nomina (irailaren 1etik ekainaren 30era arte); agiri hori izango da dirulaguntzaren egiaztagiria.

  1. Dirulaguntzen onuradunak Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuen kargurako laguntza publikoak erabiltzeagatik ezartzen den zehapen-araubidearen pean egongo dira, eta, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritakoa aplikatuz, honako kasu hauetan itzuli beharko dute eman eta jasotako zenbatekoa, osorik edo partez, baita aplika daitezkeen berandutze-interesak ere:

    1. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluaren 1. zenbakian jasotako itzulketa-kausaren bat egotea.

    2. Dirulaguntza ez erabiltzea eskatu eta eman zenean adierazitako berariazko xederako.

    3. Ez burutzea dirulaguntza ematea eragin zuen jarduera.

    4. Ez justifikatzea dirulaguntza erabili dela eman ziren helburu zehatzetarako.

    5. Oro har, ez betetzea azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren VI. tituluan ezarritako betebeharrak, agindu honetan ezarritakoak edo dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritakoak.

  2. Dirua itzuli behar izanez gero edo, hala badagokio, emandako dirulaguntza ordaintzeko eskubidea galduz gero, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritako prozedura beteko da. Dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen da, eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko eskakizunak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dira, hargatik eragotzi gabe bideratu beharreko beste ekintza guztiak. Bestalde, aipatutako zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat joko dira, legezko ondorio guztietarako.

Dirulaguntza emateko kontuan izandako edozein baldintza aldatu egiten bada, eta edozein kasutan, beste administrazio batzuen edo erakunde publiko edo pribatuen dirulaguntzak eskuratu baldin badira lehia bidez, edo, bestela, helburu bera aurrera eramateko bestelako diru-sarrera edo baliabideak lortu badira, laguntza ematea ekarri duen erabakia aldatu egin ahal izango da, betiere dirulaguntzaren arauak onuradun izateko ezartzen dituen gutxieneko baldintzak bete egiten baldin badira. Egoera horren berri jasota egon beharko da dirulaguntzei buruzko arauetan.

Laguntzen onuradunek ondoko baldintzak bete beharko dituzte:

  1. Dirulaguntzen Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan aipatutakoak; horien artean, 14.1.h) artikuluan aipatzen diren zabalkunde-neurriak.

  2. Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.2, 50.4 eta 51.1.k) artikuluetan bildutakoak.

  1. Ulibarri Programan onartuak izateko eta jarraitzeko deialdia urtero egingo du hezkuntzaren alorreko eskumenak dituen sailburuak.

  2. Aurrekontu-kontsignazioek ahalbidetzen duten maiztasunarekin, hezkuntza alorreko eskumenak dituen sailburuordeak dirulaguntzak emateko prozeduraren deialdia egingo du hezkuntza-ituna duten ikastetxe pribatuentzat.

  3. Hezkuntza-ituna duten ikastetxe pribatuentzat aipatutako prozedurak agindu bakarrean iragarri ahal izango dira, edo deialdi bereizietan, eta deialdiok Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira.

  4. Ikastetxeek bide elektronikoak erabiliko dituzte eskabideak, kontsultak eta dagozkion izapide guztiak egiteko, deialdian aipatutako egoitza elektronikoetan adierazitako espezifikazioekin bat.

  5. Eskabideak aurkezteko epea deialdietan ezarriko da, eta, ikastetxearen eskabidearekin batera, 11.1 artikuluan adierazitako agiriak aurkeztu beharko dira Programan onartzea eta Programan jarraitzea eskatzen denean lau urteko aldia amaitu eta gero.

  6. Eskabidea behar bezala beteta ez badago edo atxiki beharreko agiriren bat falta dela ikusiz gero, interesdunari eskatuko zaio 10 egun balioduneko epean osatzeko edo behar diren agiriak aurkezteko. Epe horretan zuzenketarik egiten ez bada, eskabidea bertan behera utzi dela ulertuko da.

    Eskabidea edo aurkeztutako agiriak zuzentzeko errekerimenduaren jakinarazpena elektronikoki egingo da, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren bidez.

    Hori hala izanik ere, organo kudeatzaileak beste aukera bat ere badu: interesdunei jakinarazpenen abisuak bidaltzea, SMSak edo mezu elektronikoak igorriz, eskabideetan jarritako telefono mugikorretara eta helbide elektronikoetara. Abisu horiek ez dute inolaz ere jakinarazpen-baliorik izango.

  7. Ulibarri Programaren jarraipen-batzordeak baloratuko ditu onarpen-eskabideak.

  1. Ulibarri Programaren jarraipen-batzordeak proposatuta, hezkuntza alorreko eskumenak dituen sailburuordeak ebazpena emango du Ulibarri Programan onartua izateko eta bertan jarraitzeko prozeduretan, eta programan sartzen diren ikastetxeen zerrenda onartuko du, baita bertan jarraituko dutenena ere, ikastetxeko hizkuntza normalizazio planaren arduradun teknikoaren asteko liberazio-orduekin batera.

    Organo horrek onartuko du, halaber, Programan onartu ez diren edo jarraitzea ukatu zaien ikastetxeen zerrenda, eta ukatzeko arrazoia adieraziko du.

  2. Orobat, hezkuntza arloko eskumenak dituen sailburuordeari dagokio dirulaguntzen deialdiaren ebazpena ematea; bertan, emandako laguntzen zenbatekoak adieraziko ditu; baita ukatuak zergatik ukatu diren ere.

  3. Artikulu honetan aipatutako ebazpenak sei hileko epean eman eta jakinaraziko dira, dagozkien deialdiak argitaratzen direnetik hasita.

    Ebazpenak elektronikoki jakinaraziko dira, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren bidez. Hori hala izanik ere, organo kudeatzaileak beste aukera bat ere badu: interesdunei jakinarazpenen abisuak bidaltzea, eskabideetan jarritako telefono mugikorretara eta helbide elektronikoetara SMSak edo mezu elektronikoak bidaliz. Abisu horiek ez dute inolaz ere jakinarazpen-baliorik izango.

  4. Aurreko apartatuan aipatutako epea igarota, ez bazaizkio ebazpenak jakinarazi interesdunari, eskabidea ukatu dela ulertu beharko du, hargatik eragotzi gabe Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1.a) artikuluan ezarritako berariazko ebazpena emateko betebeharra.

  5. Artikulu honetan aipatutako ebazpenen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal diote interesdunek hezkuntzaren arloan eskumenak dituen sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Kapitulu honetan aipatutako prozeduretan aurkeztutako eskaeretan eta dokumentazioan jasota dauden datu pertsonalak hezkuntza berriztatzeko arloan eskumena duen Zuzendaritzak prozesatuko ditu. Datu pertsonalen tratamendu horren helburua deialdiak kudeatzea da, eta aipatutako deialdiak ebaztea.

Datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko, mugitzeko, murrizteko eta aurka egiteko eskubidea erabil daiteke; halaber, ezin da inori buruzko erabakirik hartu datu horien tratamendu automatizatu soilean oinarrituta. Eskubide horiek erabiltzeko, hala dagokionean, helbide honetara jo behar da: Hezkuntza Berriztatzeko zuzendaritza, Donostia kalea 1 01010 Vitoria-Gasteiz.

Indarrik gabe geratzen da abenduaren 23ko 323/2003 Dekretua, Hizkuntza normalizazioko Ulibarri Programa arautzekoa.

Dekretu hau indarrean sartzen den unean Ulibarri Programan dauden ikastetxeek aurreko araudiari jarraituko diote, harik eta onartzeko, jarraitzeko edo dirulaguntzak emateko hurrengo deialdia egiten den arte, deialdi horretan dekretu hau aplikatuko baita.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2019ko ekainaren 11n.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Hezkuntzako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.