Arautegia

Inprimatu

93/2018 DEKRETUA, ekainaren 19koa, Urrutiko Hezkuntzako Euskal Institutuaren antolamendu, funtzionamendu eta autonomiari buruzkoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Hezkuntza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 129
  • Hurrenkera-zk.: 3495
  • Xedapen-zk.: 93
  • Xedapen-data: 2018/06/19
  • Argitaratze-data: 2018/07/05

Gaikako eremua

  • Gaia: Hezkuntza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Bizialdi osoko ikaskuntzari buruzko Legeak (1/2013 Legea, urriaren 10ekoa) Urrutiko Hezkuntzako Euskal Institutuaren (UHEI) sorrera zehazten du 17. artikuluan, Euskal Autonomia Erkidegoko urrutiko unibertsitatez kanpoko eta lanbide-heziketako zentro publiko bakar gisa.

Lege horren 18.1. artikuluak adierazten du Urrutiko Hezkuntzako Euskal Institutua autonomoa izango dela erabakitzeko nola antolatuko den eta zer-nolako pedagogia eta kudeaketa izango duen, bere eskaintza jasotzekoak diren ikasleen premietara ahalik eta ondoen egokitzeko moduan, Eusko Jaurlaritzak adierazitakoaren arabera. Halaber, artikulu berean ezartzen denez, Institutuak hezkuntza-arloko zein gizarte-arloko beste erakunde batzuekin lankidetzan aritzeko modua izango du, ikertzeko, hezkuntza-materiala prestatzeko eta material horren hedapena proposatzeko, eta urrutiko hezkuntzaren bidez hezkuntzak eman ditzakeen konponbide egokienak esperimentatu eta ebaluatzeko.

Era berean, 18. artikulu horretako 2. apartatuan, Legeak adierazten du hezkuntzarekin lotutako eskumena duen sailak arautuko duela Urrutiko Hezkuntzako Euskal Institutuaren antolaketa eta funtzionamendua, horretarako irakasleen dedikazio-araubidea eta gobernu-organoak eta irakaskuntza koordinatzeko organoak zentro honen berezitasun eta ezaugarri zehatzetara egokituta.

1 artikuluan xedatzen denaren arabera, Urrutiko Hezkuntzako Euskal Institutuak honako esparru hauetan jardungo du, besteak beste:

  1. Oinarrizko hezkuntzako eta batxilergoko irakaskuntzetan, betiere hezkuntza-arloko sail eskudunak ezartzen dituen baldintzetan, eta autonomia-erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan eta beste hizkuntza batzuetan gaitzean, euskararen kasuan HABEk ezarritako baldintzetan, hori baita arlo horretako erakunde eskuduna.

  2. Lanbide-heziketako tituluei eta profesionaltasun-ziurtagiriei dagozkien irakaskuntzetan, hezkuntza- eta enplegu-gaietan eskumena duten sailek ezarritako baldintzen arabera.

  3. Erkidegoko hizkuntza ofizialetan eta beste hizkuntza batzuetan moldatzeko ikasketetan.

  4. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako titulua eta Batxilergo nahiz Lanbide Heziketako titulua ateratzeko probak gainditzeko helduentzako prestaketa-ikastaroetan.

  5. Helduak prestakuntza-zikloetara edo unibertsitatera iristeko prestaketa-ikastaroetan.

  6. Aurreko 12. artikuluan jasotako prestakuntza-programetatik, Eusko Jaurlaritzaren iritziz UHEI bidez emateko modukoak direnetan.

    Bestalde, lege horretako Urrutiko Ikaskuntzari buruzko 16. artikuluko 1. apartatuan ezartzen denaren arabera, Eusko Jaurlaritzak, batez ere informazioaren eta komunikazioaren teknologien bidez, urrutiko hezkuntzako eskaintza zabala, eguneratua eta kalitatezkoa bultzatuko du, bai euskaraz bai gaztelaniaz. 16. artikulu horren 2. apartatuan ezartzen denez, eskaintza horren barruan hainbat motatako irakaskuntza, euskarri eta eduki sartzen dira, esparru formalekoak eta esparru ez formalekoak, eta, baliabide eta modu didaktiko egokiak erabiliz, helduen prestakuntza-premiei eta etengabe kualifikazio berriak eskuratzen ibili beharrari erantzuteko balioko dute; gainera, garapen pertsonala bultzatzen ahaleginduko da eskaintza hau.

    Dekretu honek defendatzen du Urrutiko Hezkuntzako Euskal Institutuaren autonomiaren jarduna zentroaren hezkuntzako proiektu funtzionalaren baitan garatzea, eta, era berean, curriculum-proiektuari, Institutuaren antolaketa- eta funtzionamendu-erregelamenduari eta berorren kudeaketa-proiektuari jarraikiz artikulatzea.

    Institutuaren zuzendaritza lider izango da, eta zuzendaritza-proiektuan biltzen den hezkuntzako proiektu funtzionalaren zehaztapena izango du erreferente.

    Hala ere, kontuan izan behar da autonomiaz jardute hori arautzen duten printzipioek parte-hartzea eskatzen dutela bai kontrolean, bai kudeaketan.

    Ondorioz, dekretu honek araudiarekin lotutako alderdiak bildu eta artikulatu behar ditu, zehazteko hezkuntza-komunitateko sektoreek zer-nola parte hartuko duten Institutuaren kontrolean eta kudeaketan.

    Azkenik, autonomiaz jardutea ezin denez emaitza eta prozesuen ebaluaziotik banandu, Dekretuan Institutuaren ebaluazio-prozesuen eta horien ondorioen inguruko ezaugarri orokorrak jasotzen dira.

    Horrenbestez, Hezkuntzako sailburuaren proposamenari jarraikiz, EAEko Aholku Batzorde Juridikoak adierazitakoarekin bat etorriz, otsailaren 18ko 4/2005 Legeak, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerakoak, arautzen dituen izapideak eginda eta Gobernu Kontseiluak 2018ko ekainaren 19an egindako bileran proposamena eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau

I. ATALBURUA

Dekretu honen xedea da Urrutiko Hezkuntzako Euskal Institutuaren egitura, antolaketa eta funtzionamendua arautzea, eta ezartzea zer baldintzatan garatuko diren institutuaren antolaketa- eta pedagogia-autonomia eta kudeaketa ekonomikoaren autonomia, bai eta haren ebaluazioa ere.

  1. Urrutiko Hezkuntzako Euskal Institutuak honako eginkizun hauek izango ditu:

    1. Bizialdi Osoko Ikaskuntzari buruzko urriaren 10eko 1/2013 Legearen 17. artikuluaren 1. apartatuan jasotako ikaskuntzak urrutiko irakaskuntza.

    2. Urrutiko hezkuntza eskuragarri jarriko duten neurriak aztertzea eta proposatzea.

    3. Zentroan eman daitezkeen ikaskuntzak eta prestakuntza-eskaintza aztertu eta proposatzea, biztanle helduen kolektiboen artean diren hezkuntza- eta prestakuntza-premiekin bat, betiere arreta hori urrutiko hezkuntzaren bitartez eskain daitekeenean.

    4. Baliabide telematikoen bidez urrutiko prestakuntza eta irakaskuntza ahalbidetuko duten erreminta eta sistema informatikoak kudeatzea, eta unibertsitatez kanpoko urrutiko irakaskuntza eskaintzeko beharrezkoak diren baliabide eta material didaktikoak sortzea, editatzea, kudeatzea, ekoiztea eta banatzea.

    5. Urrutiko modalitatearen bidez ikasketak egingo dituzten ikasleen informazioa, orientazioa, segimendua eta ebaluazioa bermatuko duten erreminta eta ereduen diseinua, elaborazioa eta ebaluazioa, barnean dela orobat harrera- eta motibazio-plan espezifiko bat.

    6. Institutuaren eta harekin elkarlanean diharduten ikastetxeen artean koordinazio- eta elkarlan-neurriak proposatzea, baita espetxeetako zentroekin eta ospitaleko eta etxeko hezkuntza-arretarako eta arreta terapeutiko-hezigarrirako lurralde-zentroekin ere.

    7. Ingurune teknologikoen bitartez emandako irakaskuntzari eta horrekin lotutako metodologiei buruzko ikerketa, alde batera utzi gabe arlo horretan hezkuntzaren esparruko sail eskuduneko bestelako organoei esleitu zaizkien eginkizunak.

    8. Urrutiko hezkuntzako irakasleentzako prestakuntza- eta hobekuntza-programak garatzea, alde batera utzi gabe arlo horretan hezkuntzaren esparruko sail eskuduneko bestelako organoei esleitu zaizkien eginkizunak.

    9. Hezkuntza- zein gizarte-arloko (estatukoak edo nazioartekoak) beste erakunde batzuekin lankidetzan aritzea, ikertzeko, hezkuntza-materiala prestatzeko eta material horren hedapena proposatzeko, eta urrutiko hezkuntzaren bidez hezkuntzak eman ditzakeen konponbide egokienak esperimentatu eta ebaluatzeko.

    10. Urrutiko hezkuntzaren kalitatea neurtzeko prozesuak eta adierazleak identifikatzea eta aplikatzea.

    11. Hezkuntzarekin lotutako eskumena duen sailak esleitzen dizkion urrutiko hezkuntzaren esparruko beste betebehar guztiak.

  2. Hezkuntzarekin lotutako eskumena duen sailak gainbegiratuko du Urrutiko Hezkuntzako Euskal Institutuaren funtzioen jarduna, Hezkuntzako Ikuskaritzaren eta gainerako administrazio-organo eskudunen bitartez.

    II. ATALBURUA

    AUTONOMIA PEDAGOGIKOA

  1. Institutuaren hezkuntzako proiektu funtzionalak adierazten du institutuaren autonomiaren jarduna, dekretu honetan aurreikusten den moduan.

  2. Hezkuntzako proiektu funtzionalak institutuaren identitatea jasotzen du, eta bertan daude zehaztuta institutuaren helburuak eta haren jardunaren gidalerroak, guztia ere institutuan ikasten duten pertsonek eskatutako konpetentziak eskura ditzaten eta prestakuntza ahalik eta gehien aprobetxa dezaten.

  3. Hezkuntzako proiektu funtzionalak hezkuntza-komunitateko sektoreen arteko elkarlana sustatzen laguntzen du, bai eta institutuaren eta haren inguru sozialaren arteko harremana ere.

  4. Hezkuntzako proiektu funtzionalak kontuan izan behar du zer ezaugarri soziokultural dituzten prestakuntza-eskaintza jasoko duten pertsonek; era berean, haien prestakuntza-beharrizanak aurreikusi behar ditu, baita ingurune produktiboaren beharrizanak ere.

  5. Urrutiko Hezkuntzako Euskal Institutuaren zuzendaritza-taldeari dagokio hezkuntzako proiektu funtzionala egitea.

  1. Hezkuntzako proiektu funtzionalak, Euskal Eskola Publikoari buruzko otsailaren 19ko 1/1993 Legearen 46. artikuluaren 2. apartatuan ezarritakoez gain, gutxienez puntu hauek izango ditu:

    1. Arlo sozioekonomikoa eta lan-arloa deskribatzea.

    2. Lehentasunezko helburuak eta jarduerak.

    3. Antolakuntza pedagogikorako irizpideak, lehentasunak eta formazio-planteamenduak.

    4. Ekintzak ebaluatzeko adierazleak eta mekanismoak eta aldaketaren kontrola.

    5. Antolamendu-sistema eta kudeaketa-prozedurak.

    6. Eskaintzen diren zerbitzu osagarriak, eta Institutuaren eginkizunetarako garrantzitsuak diren beste alderdi batzuk.

    7. Eskainiko diren irakaskuntza- eta prestakuntza-ekintzetako curriculum-proiektuak.

    8. Institutuko ikasle eta kurtsoen kudeaketa akademikorako eta ikaskuntzarako plataformen administrazioa arautuko duten printzipio eta zehaztapen teknikoak, segurtasun, kalitate, profil anitzeko irisgarritasun- eta soiltasun-baldintzetan.

    9. Beharrezko material didaktikoa sortzeko eta editatzeko kalitate-baldintza eta -irizpideak.

    10. Curriculum-proiektuekin bat datozen programazio didaktikoak.

    11. Lanbide-orientazioko eta tutoretza-jarduerako plana.

    12. Laneko arriskuen prebentzioaren arloko jardunbideak eta ikastetxeko ekipoen prebentziorako mantentze-plana.

    1. Hizkuntza-proiektua.

    2. Genero-berdintasunaren gaietan jarduteko protokoloak.

  2. Institutuaren hezkuntzako proiektu funtzionalak energia- eta produkzio-efizientziarako eta energia berriztagarrien erabilerarako plan bat jasoko du, eta haren jarduera-eremuetan kontratazio publiko berderako irizpideak sartuko ditu, modu eraginkorrean energia-aurrezteari eta kontsumo-murrizketari laguntzeko, eta helburu horiek zaindu beharko ditu, hala badagokio, eraikinen birgaitzeetan eta ekipo eta instalazioen hobekuntzan bete daitezen.

  3. Era berean, Urrutiko Hezkuntzako Euskal Institutuak kalitatea kudeatzeko sistema bat ezarriko du, institutuaren helburuak lortzen eta funtzioak betetzen direla ziurtatzeko. Aipatutako sistema irakaskuntzako emaitzak, eskaintzen diren zerbitzuen eraginkortasuna eta efizientzia, eta ikasleen eta beste interes talde batzuen satisfazioa hobetzera bideratuta egongo da, Bizialdi Osoko Ikaskuntzari buruzko urriaren 10eko 1/2013 Legearen 6. artikuluan ezartzen denarekin bat.

    Kalitatea kudeatzeko sistema horrek hezkuntzako proiektu funtzionalean ezarritako kalitatearen araberako helburuak jasoko ditu, eta institutuan ikasten duten ikasleen aprobetxamendu-maila ebaluatu beharko du gutxienez, aurreikusitako konpetentziak zenbateraino lortzen ote dituzten, Lanbide Heziketako ikasketak egiten dituzten pertsonek lan-munduan zer-nolako aukerak dituzten eta, horrekin loturik, erabiltzaileek eta enpresek zein organismoek zer-nolako satisfazio-maila duten.

  1. Institutuaren Gizarte Kontseilua da hezkuntzako proiektu funtzionala onartzeko arduraduna.

  2. Hezkuntzako proiektu funtzionalaren pedagogia-irizpideek arautzen eta orientatzen dute institutuan lan egiten duten langile guztien jardun profesionala. Zentroko zuzendaritzak ezarriko ditu prestakuntza eta harrerarako baliabide eta neurriak, zentrora iritsiko diren profesionalek hezkuntzako proiektu funtzionala ezagutu ditzan.

  3. Institutuaren hezkuntza-komunitatea osatzen duen pertsona orok izango du institutuaren hezkuntzako proiektu funtzionala ezagutzeko eskubidea. Hargatik, proiektua hezkuntza-komunitateko pertsona ororen eskura egongo da eta berorren ezagutza erraztuko zaie.

  1. Institutuaren zuzendaritza-taldea arduratuko da urteko plana prestatzeaz, eta institutuko Gizarte Kontseiluak onartuko du; ikasturte bakoitzerako lehentasunezko ekintza-ildoak eta institutuaren jarduerei eta funtzionamenduari dagozkien alderdi guztiak bilduko ditu dagokion ikasturterako, proiektuei dagozkien zehaztapenak, curriculuma eta hitzartu eta onarturiko jarduketa-plan eta -arau guztiak barnean direla, hala baldin badagokio.

  2. Institutuko zuzendaritza-taldeak urteko memoria bat egingo du, eta, bertan, honako hauek jasoko dira: kudeaketa-sistemaren berrikuspenaren ondorioak eta ezarritako bideetako edozein erabiliz jasotako hobekuntza-proposamenak. Memoria hori izango da abiapuntua, hezkuntzako proiektu funtzionala berrikusteko eta hurrengo urteko plana lantzeko.

  3. Institutuaren zuzendaritza-taldeak bermatu beharko du hezkuntza-komunitateak baduela urteko planaren edukien berri, bai eta haren ebaluazioaren emaitzen berri ere.

Urrutiko Hezkuntzako Euskal Institutuak autonomia pedagogikoa baliatuko du dagokion araudian ezarritako curriculum-esparrutik abiatuta, eta irakaskuntza-mailaren eta ikasleen ezaugarrien arabera ezarriko ditu helburuak, edukiak, metodo pedagogikoa eta ebaluazio-irizpideak, bai eta Lanbide Heziketaren kasuan inguruko produkzio-sektoreak dituen kualifikazio-beharren arabera ere.

  1. Institutuak pedagogia-berrikuntzarako proiektuak garatu ahal izango ditu, hezkuntzako proiektu funtzionalaren arabera, eskaintzen duen prestakuntza-zerbitzuaren kalitatea hobetzeko helburuarekin, eta, zehatzago, prestakuntzaren aprobetxamendu-emaitzak hobetzeko helburuarekin.

  2. Proiektuok beste hezkuntza-entitate batzuekin lotuta egon daitezke, baita unibertsitatearekin ere; halaber, tokiko entitateekin, sektore ekonomikoekin eta beste erakunde batzuekin ere lot daitezke.

    III. ATALBURUA

    ANTOLAKUNTZA-AUTONOMIA

Institutuaren antolaketan irizpide jakin batzuk aplikatuko dira, hala nola eraginkortasuna, efizientzia, integraturiko funtzionamendua, kudeaketa deszentralizatua, malgutasuna eta hezkuntza-komunitatearen partaidetza.

  1. Urrutiko Hezkuntzako Euskal Institutuaren zuzendaritza-taldea arduratuko da antolaketa- eta funtzionamendu-erregelamendua prestatzeaz, eta institutuko Gizarte Kontseiluak onartuko du; hainbat akordio eta erabaki jaso beharko ditu, irakaskuntzako eta ikaskuntzako prozesuak eta kudeaketari dagozkionak kalitatezko baldintzetan egiteko, institutuaren hezkuntzako proiektu funtzionalean ezarritako helburuak bete daitezen ziurtatzeko, betiere hezkuntzarekin lotutako eskumena duen sailak alde horretatik ezartzen duen markoari jarraikiz.

  2. Urrutiko Hezkuntzako Euskal Institutuaren antolaketa- eta funtzionamendu-erregelamenduan, Euskal Eskola Publikoari buruzko otsailaren 19ko 1/1993 Legearen 29. artikuluaren 2. apartatuan jasotako alderdiez gain, hauek zehaztuko dira:

    1. Hezkuntzako proiektu funtzionala onartzeko, berrikusteko eta eguneratzeko prozedura.

    2. Institutuko irakasleen eta gainerako langileen arteko talde-lana bideratzeko eta errazteko mekanismoak.

    3. Hezkuntza-komunitateko sektoreek Institutuan parte hartzeari buruzko zehaztapenak eta Institutuan ikasten duten pertsonekin informazioa trukatzeari buruzkoak, izan indibidualki edo kolektiboki, informatuta egoteko eskubidea balia dezaten.

    4. Beharrezko neurriak aplikatzea, bizikidetza sustatzeko eta Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetako ikasleen eskubideei eta betebeharrei buruzko abenduaren 2ko 201/2008 Dekretuan xedatutakoa betetzeko, urrutiko irakaskuntzaren berariazko ezaugarrien arabera.

    5. Institutua antolatzeko eta martxan jartzeko gainerako elementuak, dekretu honetako edukiarekin bat.

  1. Antolaketa pedagogikoari dagokionez, Institutuko antolaketa- eta funtzionamendu-erregelamenduaren edukiak honako alderdi hauek jaso beharko ditu, gutxienez:

    1. Ikasketak egiten ari diren ikasleak taldeka antolatzeko irizpideak, Institutuan eskaintzen diren irakaskuntzetarako hezkuntza-gaiei dagokien Sailak ezarritako muga kuantitatiboak kontuan hartuta.

    2. Irakasle-taldeak antolatzeko eta talde horien barne-koordinaziorako mekanismoetarako irizpideak, hezkuntzarekin lotutako eskumena duen sailak alde horretatik ezartzen duenari erreparatuz.

    3. Ikasleen aniztasunarekiko hezkuntza-arretarako irizpideak, hezkuntza inklusiboaren printzipioei erreparatuz.

    4. Tutoretza eta lanbide-orientaziorako akzio- eta koordinazio-mekanismoak, indibidualak edo kolektiboak, Institutuan ikasketak egiten dituzten pertsonen egoera eta aukerak kontuan hartuz.

  2. Halaber, Institutuko antolaketa- eta funtzionamendu-erregelamenduan, hezkuntzako proiektu funtzionalko aurreikuspenen eta inklusio-printzipioaren arabera, aurreikusi beharko da zer mekanismo erabiliko diren Institutuan ikasketak egiten ari diren pertsonen beharrizan espezifikoei baliabideak esleitzeko.

    IV. ATALBURUA

    GOBERNU-ORGANOAK, PARTAIDETZA ETA KOORDINAZIOA

  1. Urrutiko Hezkuntzako Euskal Institutuak pertsona bakarreko gobernu-organo hauek izan beharko ditu gutxienez:

    Zuzendari bat.

    Ikasketaburu bat.

    Idazkari bat.

    Administratzaile bat.

    Zuzendariondoko bat, ikasketaburuondoko bat eta administratzaileondoko bat hiru lurralde historiko bakoitzean, (Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa).

    Pertsona bakarreko gobernu-organook osatuko dute Institutuaren zuzendaritza-taldea.

    Hezkuntzarekin lotutako eskumena duen sailak pertsona bakarreko beste gobernu-organo batzuk ezarri ahalko ditu erregelamenduz, zentroaren beharrizanak kontuan hartuta.

  2. Gizarte-kontseilua da administrazioaren, hezkuntza-komunitatearen eta gizartearen partaidetza-organo kide anitzekoa, Institutuaren gobernuari dagokionez.

  3. Klaustroa da irakasleek ikastetxearen gobernuan parte hartzeko organoa, eta ikastetxearen hezkuntza-alderdiak planifikatzeko, koordinatzeko, jakinarazteko eta, hala badagokio, erabakitzeko erantzukizuna du.

Hezkuntzarekin lotutako eskumena duen sailak zehaztuko du koordinazio-organoen kopurua eta izen espezifikoa. Besteak beste, honako hauek izango dira:

  1. Koordinazioko Batzorde Teknikoa.

  2. Oinarrizko Hezkuntzari eta Batxilergoari dagozkien ikasketen espezialitateak koordinatzeko departamentuak. Horien kopurua eta izen espezifikoa hezkuntzarekin lotutako eskumena duen sailak zehaztuko du.

  3. Lanbide-arlo bakoitzaren departamentuak.

  4. Lanbide-informazio eta -orientazioko departamentua.

  5. Baliabide teknologikoen departamentua.

  6. Hezkuntzarekin lotutako eskumena duen sailak zehazturiko beste edozein koordinazio-organo.

  1. Urrutiko Hezkuntzako Euskal Institutuaren zuzendaritza izendapen askeko prozeduraren bidez osatuko da, merezimendu-, gaitasun- eta publikotasun-printzipioak kontuan izanik. Aurrez, Institutuko kide anitzeko partaidetza-organoei aholkua eskatuko zaie, hots, urrutiko hezkuntzaren arloan esperientzia egiaztatuta daukaten irakasle funtzionarioei.

  2. Institutuko zuzendariak proposamena egingo du ikastetxeko irakasleen artetik ikastetxeko gainerako kide bakarreko gobernu-organoak izendatzeko, eta, aurrez, kide anitzeko partaidetza-organoei aholkua eskatuko zaie. Zuzendariak saiatu behar du ikastetxeko gainerako kide bakarreko gobernu-organoak beteko dituzten hautagaiak proposatzerakoan, gizonen eta emakumeen proportzioa orekatua izatea.

  3. Zuzendaria eta zuzendaritza-taldeko gainerako kideak izendatzea eta kargutik kentzea unibertsitatez kanpoko hezkuntzarekin lotutako eskumena duen sailburuordearen ebazpen baten bidez egingo da. Izendapen hori, gehienez ere, lau urterako izango da, baina izendapena berritu ahal izango da, prozedura bera erabilita. Izendatutako zuzendariak ez badauka destinorik Urrutiko Hezkuntzako Euskal Institutuan, egoera hori irakaslegoa kudeatzeko eskumena duen zuzendaritzari jakinaraziko zaio eta zuzendaritza horrek, dagokion ebazpenaren bidez, zerbitzu-eginkizuna emango dio ikastetxe horretan, izendapenak irauten duen bitartean.

  4. Zuzendaria kargutik kentzen bada, zuzendaritza-taldeko gainerako kideak ere kargutik kenduko dira.

  5. Pertsona bakarreko organoak kargugabetu egingo dira, baldin eta honako kasu hauetakoren bat gertatzen bada:

    1. Izendapen-aldia amaitzea.

    2. Arrazoituriko uko-egitea, izendatu zuen organoak onartua.

    3. Gerora etorritako ezintasun fisiko edo psikikoa.

    4. Izendatu zuen organoak errebokatzea.

    5. Institutuan destinoa galtzea, zuzendariaren kasuan izan ezik.

Urrutiko Hezkuntzako Euskal Institutuko zuzendariak honako eginkizun hauek izango ditu:

  1. Institutuko jarduerak zuzentzea eta koordinatzea, eta haien ordezkari izatea.

  2. Hezkuntzarekin lotutako eskumena duen saila Institutuan ordezkatzea eta hari helaraztea hezkuntza-komunitatearen planteamenduak, nahiak eta beharrak.

  3. Unibertsitatez kanpoko hezkuntzarekin lotutako eskumena duen sailburuordeari pertsona bakarreko gobernu-organoen izendapena proposatzea, eta, hala badagokio, kargugabetzea proposatzea, betiere aurrez Institutuko kide anitzeko organoei aholkua eskatuta.

  4. Hezkuntzako proiektu funtzionalak adierazitako eta zuzendaritza-proiektuan zehaztutako antolamendu-sistema eta kudeaketa-prozedurak ezartzea, eta, gobernu- eta partaidetza-organoen eskumenen arabera, antolaketa-egitura hobetzeko neurriak hartzea eta sustatzea, aplika daitekeen araudiaren arabera betiere.

  5. Bere agintaldirako zuzendaritza-proiektua egitea. Proiektu horretan, hauek jaso beharko ditu: agintaldia amaitzean lortu nahi dituen helburuen definizioa; helburuak lortzeko jarduera-ildo nagusien deskribapena eta horretarako behar diren baliabideen aurreikuspena; irakaskuntza- eta ikaskuntza-prozesuak hobetzeko bultzatu nahi dituen curriculum-neurriak; barruko eta kanpoko eragileek parte hartzeko eta kolaboratzeko proiektuak; eta zuzendaritza-proiektu osoa garatzeko eta horren jarraipena egiteko aurreikuspenak.

  6. Institutuari atxikitako langile guztien buru izatea.

  7. Ikastetxearen irakaskuntzako lanpostuen zerrenda hezkuntza-administrazioari proposatzea, lanpostu bakoitzerako bete beharreko titulazioko eta lanbide-gaitasuneko eskakizunak zehaztuz.

  8. Institutuko elkarbizitzan laguntzea, gatazkak konpontzeko bitartekaritza bermatzea eta ikasleei dagozkien neurriak ezartzea, indarrean dagoen araudiaren arabera.

  9. Institutuaren eta inguruaren arteko harremana errazten duten erakundeekiko, instituzioekiko eta ikasleen ordezkariekiko lankidetza bultzatzea. Hala, sustatuko den eskola-giroari esker, erraztu egingo dira, batetik, ikaskuntza bera, eta, bestetik, ikasleei balio, ezagutza eta konpetentzietan oinarritutako prestakuntza oso bat lortzen lagunduko dien jarduera-multzoa garatzea.

  10. Institutuaren barne-ebaluazioak bultzatzea eta kanpo-ebaluazioetan laguntzea.

  11. Ekintza akademikoetarako deia egitea eta horien buru izatea.

  12. Kide anitzeko partaidetza-organoak zuzentzea eta organo horiek euren eskumenez baliatzerakoan hartzen dituzten erabakiak betetzen direla zaintzea.

  1. Obra, zerbitzu eta horniduren kontratazioak egitea, kontratatzeko eskumena Institutuari esleitu zaion kasuetan.

  2. Aurrekontua lantzea eta gauzatzea (sarrerak eta gastuak baimenduz), ordainketak agindu eta Institutuaren ziurtagiri eta dokumentu ofizialak ikus-onestea, aplikatu beharreko araudiak ezartzen duenaren arabera.

  3. Institutuaren kudeaketa ekonomikoa justifikatzea, hezkuntzarekin lotutako eskumena duen sailaren aurrean.

  4. Hezkuntzako proiektu funtzionalean eta urteko planean jasotzen diren zerbitzuak ematen dituzten langileentzako prestakuntza-ekintzak bultzatzea.

  5. Institutuko hizkuntza normalizazioaren ardura bere gain hartzea eta beraren eskumeneko alorretan zerbitzu- eta lan-hizkuntzan euskararen erabilera sustatzea, herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko, Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak onartutako Euskararen Agenda Estrategikoari jarraikiz.

  6. Hizkuntza ofizialak erabiltzeko irizpideak ezartzea eta horien jarraipena egitea. Halaber, hala dagokionean, hizkuntza irizpideak txertatzea administrazio-kontratazioan.

  7. Dekretu horren 28. artikuluan aipatutako akordioak eta hitzarmenak gauzatzea edo sinatzea, horretarako ezarritako prozeduren araberako aldez aurreko baimenarekin.

  8. Hezkuntzarekin lotutako gaietan eskumena duen sailak esleitzen dizkion guztiak, beste arau batzuen bidez esleitzen zaizkionak, eta Institutuaren Antolaketa eta Jardunbiderako Erregelamenduak ezartzen dizkionak.

Hiru lurralde historiko bakoitzeko zuzendariondoko bana izango da. Zuzendariondokoek honako eginkizun hauek izango dituzte:

  1. Dagokien lurralde historikoan kokatutako egoitzen funtzionamendua zuzentzea eta koordinatzea, Institutuko zuzendariak emandako jarraibideei kasu eginez betiere.

  2. Arau, xedapen, proiektu eta jarduketa-programak betearaztea, bai eta dagokien lurralde historikoan kokatutako egoitzen jardunean eragina duten erabakiak ere.

  3. Zuzendariaren ordezkari gisa dagokien lurralde historikoan kokatutako egoitzetako langile guztien buru izatea langileek egoitz horietan egin beharreko jardunari loturik, Institutuko zuzendariak gai honi dagokionez dauzkan eskumenak errespetatuz eta haren argibideei kasu eginez betiere.

  4. Dagokien lurralde historikoan kokatutako egoitzetan diharduten irakasleek ordutegi akademikoak betetzen dituztela zaintzea.

  5. Dagokien lurralde historikoan kokatutako egoitzetan dauden instalazio, altzari, ekipamendu eta material didaktikoak egoera onean daudela zaintzea eta arduratzea.

  6. Institutuko zuzendaria ordezkatzea dagokien lurralde historikoan kokatutako egoitzetara joango diren ikasleekiko harremanean.

  7. Institutuko hezkuntzako proiektu funtzionalean ezarrita dauden lehentasunezko helburuak eta jardunak betetzeko lan egitea, dagokien lurralde historikoan.

  8. Institutuko hezkuntzako proiektu funtzionalean ezarrita dauden antolaketa pedagogiko, lehentasun eta planteamendu irizpideen aplikazioa koordinatzea, dagokien lurralde historikoan.

  9. Hezkuntzako proiektu funtzionala zenbateraino betetzen diren ebaluatzeko prozesuan parte hartzea eta dagokien lurralde historikoan hobekuntza-eremuak sustatzea.

  10. Ikasturte bakoitzerako dagokien lurralde historikoan, prestakuntza-eskaintza eta ekintza akademikoak proposatzea.

  11. Ikasturte bakoitzerako dagokien lurralde historikoan, funtzionamendurako eta ekipamendurako zer langile eta baliabide behar diren proposatzea.

  12. Institutuko zuzendaritzak sustaturiko jardunak koordinatzea, dagokien lurralde historikoko ikasleekin, instituzioekin eta organismoekin lankidetzan jarduteari begira eta horien balio, jakintza eta konpetentzietan oinarritutako prestakuntza integralaren garapena posible egingo duen beste edozer jarduerari begira.

  1. Institutuko barne-ebaluazioak koordinatzea eta kanpo-ebaluazioetan parte hartzea, bere lurralde historikoari dagokionez.

  2. Institutuko zuzendariaren ordezkari gisa aritzea dagokien lurralde historikoan, zuzendariak hala irizten dionetan.

  3. Zuzendariarekin elkarlanean eta haren gidaritzapean eta ikasketaburuarekin elkarlanean, indarrean dagoen Euskara Normalizatzeko Planeko helburuak definitu bakoitzari dagokion lurralde historikoan eta horiek lortzeko ekimenak garatu eta ebaluatu euskararen kudeaketa integratua eginez.

  4. Zuzendariarekin elkarlanean eta haren gidaritzapean, indarrean dagoen Euskara Normalizatzeko Planeko helburuak definitu berari dagokion alorrean eta horiek lortzeko ekimenak garatu eta ebaluatu euskararen kudeaketa integratua eginez.

  5. Zuzendariak esleitzen dien beste edozein eginkizun, beste araudi batzuen bidez esleitzen zaizkienak, eta Institutuaren antolaketarako eta funtzionamendurako araudian esleitzen zaizkienak.

Urrutiko Hezkuntzako Euskal Institutuko ikasketaburuak honako eginkizun hauek izango ditu:

  1. Institutuaren hezkuntzako proiektu funtzionalean ezarrita dauden hezkuntza-helburuak betetzearen alde lan egitea.

  2. Irakasleen etengabeko prestakuntza-plana idaztea.

  3. Jarduera akademikoak, informazio eta orientaziokoak antolatzearen koordinatzea, eta berdin irakaskuntzaren prestakuntzarekin, berrikuntzarekin, ikerketarekin eta sustapenarekin lotutako gainerako jarduerak ere.

  4. Ikastetxeko ordutegi orokorra lantzearen koordinatzea eta ordutegi hori betetzen dela egiaztatzea.

  5. Sailetako arduradunen ekintzak koordinatzea.

  6. Zuzendaria ordeztea, azken hori kanpoan baldin bada edota haren ordezkaritzan.

  7. Zuzendariarekin elkarlanean eta haren gidaritzapean eta zuzendariondokoarekin elkarlanean, indarrean dagoen Euskara Normalizatzeko Planeko helburuak definitu eta horiek lortzeko ekimenak garatu eta ebaluatu euskararen kudeaketa integratua eginez.

  8. Zuzendariak esleitzen dion beste edozein eginkizun, beste araudi batzuen bidez esleitzen zaizkionak eta Institutuaren antolaketarako eta funtzionamendurako araudian esleitzen zaizkionak.

Hiru lurralde historiko bakoitzeko ikasketaburuondoko bana izango da. Ikasketaburuondokoek honako eginkizun hauek izango dituzte:

  1. Institutuaren hezkuntzako proiektu funtzionalean ezarrita dauden hezkuntza-helburuak betetzearen alde lan egitea, dagokien lurralde historikoan.

  2. Irakasleen etengabeko prestakuntza-plana idazten ikasketaburuarekin laguntzea.

  3. Dagokien lurralde historikoko jarduera akademikoak, informazio eta orientaziokoak antolatzea, eta berdin irakaskuntzaren prestakuntzarekin, berrikuntzarekin, ikerketarekin eta sustapenarekin lotutako gainerako jarduerak ere, ikasketaburuarekin elkarlanean eta haren gidaritzapean.

  4. Dagokien lurralde historikoan ikastetxeko ordutegi orokorra lantzea eta ordutegi hori betetzen dela egiaztatzea, ikasketaburuarekin elkarlanean eta haren gidaritzapean.

  5. Dagokion zuzendariondokoa ordeztea, azken hori kanpoan baldin bada edota haren ordezkaritzan.

  6. Zuzendariak esleitzen dien beste edozein eginkizun, beste araudi batzuen bidez esleitzen zaizkienak eta Institutuaren antolaketarako eta funtzionamendurako araudian esleitzen zaizkienak.

Idazkariak honako funtzio hauek izango ditu:

  1. Ikastetxearen partaidetza-organoen idazkari-lanak egitea: bilkuretako gai-zerrendan sartu beharreko gaiak prestatzea, aktak egitea eta lortutako akordioen fede ematea, betiere zuzendariak oniritzia emanda.

  2. Aktak, espedienteak eta ikastetxearen beraren agiri guztiak zaintzea, eta bertako organoen eskueran izatea.

  3. Zuzendariaren oniritziaz, ikastetxearen egintza, erabaki, hitzarmen, aurrekin, liburu eta agiri guztiak egiaztatzea.

  4. Agintariek edo Institutuko erabiltzaileek eskatutako ziurtagiriak egitea.

  5. Zuzendariak esleitzen dion beste edozein eginkizun, beste araudi batzuen bidez esleitzen zaizkionak eta Institutuaren antolaketarako eta funtzionamendurako araudian esleitzen zaizkionak.

Administratzaileak honako eginkizun hauek izango ditu:

  1. Institutuaren administrazio-araubidea antolatzea, zuzendariak ezarritako jarraibideen arabera.

  2. Institutuaren irakasle ez diren langileen lana antolatzea eta kudeatzea, ikastetxearen zuzendariaren agindupean.

  3. Ikastetxeko instalazio eta ekipamenduak antolatzea eta kudeatzea, baita horien administrazioa eta eboluzioaren mantentze-lanak ere, zuzendariak ezarritako jarraibideen arabera.

  4. Zuzendariarekin lankidetzan aritzea Institutuaren aurrekontua lantzeko eta gauzatzeko garaian.

  5. Zuzendariak esleitzen dion beste edozein eginkizun, beste araudi batzuen bidez esleitzen zaizkionak eta Institutuaren antolaketarako eta funtzionamendurako araudian esleitzen zaizkionak.

    Gainera, baliabide teknologikoen departamentuaren buruarekin elkarlanean, honako eginkizun hauek izango ditu:

  6. Ikastetxeko azpiegitura teknologikoa antolatzea eta kudeatzea, baita horren administrazioa eta eboluzioaren mantentze-lanak ere.

  7. Institutuaren informazio-sistemak antolatzea eta kudeatzea.

  8. Institutuan matrikulatu diren ikasleen harrera-plana eta euskarri teknikoa antolatzea eta kudeatzea.

  9. Irakasleen etengabeko prestakuntza eta ikastetxeko irakasleen aholkularitza tekniko eta metodologikoa antolatzea eta kudeatzea, ikasketaburuarekin elkarlanean.

  10. Prestakuntza-fase bakoitzerako ikastaro eta baliabide didaktikoen garapena eta egokitzapena antolatzea eta kudeatzea, ikasketaburuarekin elkarlanean.

Hiru lurralde historiko bakoitzeko ikasketaburuondoko bana izango da. Ikasketaburuondokoek honako eginkizun hauek izango dituzte:

  1. Dagokien lurralde historikoan kokatutako egoitzetan diharduten Institutuaren irakasle ez diren langileen lana antolatzea eta kudeatzea, ikastetxearen zuzendariaren agindupean eta administratzailearekin elkarlanean eta haren gidaritzapean.

  2. Dagokien lurralde historikoan kokatutako egoitzetan dauden ikastetxeko instalazio eta ekipamenduak antolatzea eta kudeatzea, baita horien administrazioa eta eboluzioaren mantentze-lanak ere, administratzailearekin elkarlanean eta haren gidaritzapean.

  3. Zuzendariarekin eta administratzailearekin lankidetzan aritzea Institutuaren aurrekontua lantzeko eta gauzatzeko garaian, dagokien lurralde historikoan kokatutako egoitzen esparruan.

  4. Dagokien lurralde historikoan kokatutako egoitzetan dagoen ikastetxeko azpiegitura teknologikoa antolatzea eta kudeatzea, baita departamentu horren administrazioa eta eboluzioaren mantentze-lanak ere, administratzailearekin elkarlanean eta haren gidaritzapean.

  5. Dagokien lurralde historikoan institutuaren informazio-sistemak antolatzea eta kudeatzea, administratzailearekin elkarlanean eta haren gidaritzapean.

  6. Dagokien lurralde historikoan kokatutako egoitzetara joango diren ikasleen harrera-plana eta euskarri teknikoa antolatzea eta kudeatzea, administratzailearekin elkarlanean eta haren gidaritzapean.

  7. Dagokien lurralde historikoan kokatutako egoitzetan diharduten irakasleen etengabeko prestakuntza eta haientzako aholkularitza tekniko eta metodologikoa antolatzea eta kudeatzea, administratzailearekin elkarlanean eta haren gidaritzapean.

  8. Zuzendariak esleitzen dion beste edozein eginkizun, beste araudi batzuen bidez esleitzen zaizkionak eta Institutuaren antolaketarako eta funtzionamendurako araudian esleitzen zaizkionak.

  1. Urrutiko Hezkuntzako Euskal Institutuko pertsona bakarreko gobernu-organoei modu bereizian ordainduko zaie, eskatzen zaien erantzukizun eta dedikazioaren arabera, eta, betiere, horretarako dauden osagarriei ezarritako zenbatekoen arabera.

  2. Institutuko zuzendaritza-taldeko kideak lau urteko agintaldiaren amaieran ebaluatuko dira, hezkuntzarekin lotutako eskumena duen sailak xedatutako prozedura jarraikiz.

  3. Karguaren ebaluazioan balorazio positiboa lortu duten zuzendariek, jardunean dauden bitartean, dagokien lansari-osagarriaren zatia jasotzen jarraituko dute, urriaren 16ko 204/2012 Dekretuan ezarritako prozeduraren eta zenbatekoaren arabera.

  4. Institutuko gobernu-organoek, irakaskuntzako funtzio publikoan dauden lanpostuen horniduraren ondorioetarako, unibertsitatez kanpoko gainerako ikastetxe publikoetako gobernu-organoetarako indarrean dagoen legeriak aitortzen dien izaera bera izango dute.

  1. Gizarte-kontseiluak honako kide hauek izango ditu:

    1. Institutuko zuzendaria, zeina kontseiluburua izango baita.

    2. Institutuko ikasketaburua.

    3. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren ordezkaritza:

      Pertsona bat unibertsitatez kanpoko hezkuntzarekin lotutako eskumena duen sailburuordetzak izendatutakoa.

      Ikastetxeak lanbide heziketako irakaskuntzak ematen baditu, lanbide-heziketarekin lotutako eskumena duen sailburuordetzak izendatutako pertsona bat.

      Institutuan profesionaltasun-ziurtagiriak emanez gero, aurrekoez gain, pertsona bat arituko da enplegurako prestakuntza-gaietako departamentu eskudunaren ordezkari gisa.

    4. Hezkuntza-komunitatea ordezkatzeko lau pertsona: bi ikastetxeko irakasleen ordezkari gisa eta beste bi ikasleen ordezkari bezala.

    5. Institutuan profesionaltasun-ziurtagiriak emanez gero, bi pertsona arituko dira gizarte-eragileen ordezkari gisa: batak enpresa-erakundeak ordezkatuko ditu, eta, besteak, berriz, sindikatu-erakundea (hain zuzen, ordezkaritzarik handiena izanda, Euskal Autonomia Erkidegoan ordezkaritza-maila handiena duena). Erakunde horrek ordezkaririk izendatzen ez badu, ordezkaritzari uko egiten badio edota gizarte-kontseiluaren batzarretara behin eta berriz huts egiten badu, plaza huts hori hurrengo ordezkaritza-maila handiena duen sindikatu-erakundeko pertsona batek beteko du, ordezkaritza handiena duten erakundeen artetik.

      Institutuko idazkariak egingo ditu gizarte-kontseiluaren idazkari-lanak. Idazkari horrek hitz egiteko eskubidea izango du, ez ordea botoa emateko eskubiderik.

      Hezkuntzarekin lotutako eskumena duen sailak gizarte-kontseiluko kideen agintearen iraupena, kideak hautatzeko edo izendatzeko prozesua, hautatu ondoren gizarte-kontseilua eratzea eta sortzen diren bakanteak betetzeko prozedura zehaztuko ditu.

      Behin ikastetxeko gizarte-kontseilua eratutakoan, organo horrek pertsona bat izendatuko du gizonen eta emakumeen artean benetako berdintasun eraginkorra sustatzeko hezkuntza-neurriak bultza ditzan.

  2. Honakoak izango dira gizarte-kontseiluaren egitekoak:

    1. Institutuaren hezkuntzako proiektu funtzionala onartzea, zenbateraino bete den ebaluatzea eta hobekuntza-planak sustatzea.

    2. Urteko aurrekontua eta Urteko Plana onartzea.

    3. Antolaketa- eta funtzionamendu-erregelamendua onartzea.

    4. Enpresa, instituzio eta erakundeekin lankidetza bultzatzea, hezkuntzako proiektu funtzionalaren garapena errazteko.

    5. Hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak esleitzen dion beste edozein.

  1. Ikastetxean lan egiten duten irakasle guztiek osatuko dute klaustroa, eta ikastetxeko zuzendaria izango da buru.

  2. Urrutiko Hezkuntzako Euskal Institutuaren irakasleen klaustroak honako eginkizun hauek izango ditu:

    1. Zuzendaritza-taldeari eta gizarte-kontseiluari proposamenak egitea, Institutuaren hezkuntzako proiektu funtzionala lantzeko.

    2. Curriculum-proiektuak eta horien programazio didaktikoak onartzea.

    3. Ikasleak ebaluatzeko irizpideak ezartzea, irakaskuntza bakoitzerako indarrean den araudiaren arabera.

    4. Hezkuntza-berrikuntzaren eta -kalitatearen eremuan ekimenak sustatzea.

    5. Klaustroa osatzen duten irakasleen prestakuntza sustatzea.

    6. Hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak esleitzen dion beste edozein.

  1. Institutuaren koordinazioko batzorde teknikoa zuzendaritza-taldeak eta ikastetxearen departamentuetako buruek osatuko dute. Batzorde honetara klaustroko edozein kide joan ahal izango da (hitzarekin baina botorik gabe), zuzendariak horretarako deia egiten badio, eta, betiere, eztabaidatuko diren gaiek hala eskatzen badute.

  2. Koordinazioko batzorde teknikoak honako eginkizun hauek izango ditu:

    1. Institutuaren plangintza estrategikoa, urteko plangintza eta memoria lantzeko eta aplikatzeko proposamenak egitea, baita horiek aldatzeko proposamenak ere.

    2. Curriculum-proiektuen, programazio didaktikoen eta tutoretza-jarduerako plana lantzea, horien segimendua egitea eta horiek ebaluatzeko jarraibide nagusiak ezartzea.

    3. Klaustroko kideak prestatzeko eta eguneratzeko jarduerak onartzea.

    4. Institutuak behar bezala funtzionatzeko beharrezkoa duen ekipamendua eta materiala erostea onartzea.

    5. Institutuko jardueren barne- eta kanpo-ebaluazioa sustatzea eta laguntzea, eta hobekuntza-planak bultzatzea, ebaluazio horien emaitzak ikusita.

    6. Institutuaren zuzendariak esleitzen dion beste edozein eginkizun.

  1. Oinarrizko Hezkuntzari eta Batxilergoari dagozkien ikasketen espezialitateak koordinatzeko departamentuak eta Lanbide-arlo bakoitzaren departamentuak koordinazio didaktikorako organoak dira, eta esleitzen zaizkien gai edo moduluen berezko irakaskuntzak antolatzeaz eta garatzeaz arduratuko dira. Gainera, Dekretu horren 13. artikuluak xedatzen duen arabera, Lanbide-informazio eta -orientazioko departamentua eta Baliabide teknologikoen departamentua eratuko dira.

  2. Departamentuak zuzendariaren menpe egongo dira hierarkikoki, eta euren jardute-eremuko eginkizunak izango dituzten ikastetxeko profesionalez osatuta egongo dira. departamentuburu batek zuzenduko ditu, zentroko zuzendariak izendatuta, departamentuko kide guztiei entzun ondoren.

  3. Departamentuburuaren eginkizunak honako hauek izango dira, besteak beste:

    1. Departamentuko kideek euren artean zein gainerako departamendu-burutzekin batera egiten dituzten jarduerak koordinatzea.

    2. Departamentuari esleitutako baliabideak kudeatzea.

    3. Departamentuak egindako jarduerak ikastetxearen hezkuntzako proiektu funtzionalean aurreikusitakoari erantzuten dioten ala ez berrikustea.

    4. Departamentuaren jarduerak mamitzeko beharrezkoak diren material eta ekipamenduen hornidura aurreikustea.

    5. Bere jardute-eremuan, ikerketa- eta berrikuntza-proiektuak proposatzea eta garatzea.

    6. Departamentuko profesionalentzako prestakuntza-programak proposatzea.

    7. Lan-esperientziaren bidez edo prestakuntzarako bide ez-formalen bitartez eskuratutako lanbide-konpetentziak aitortzeko sisteman laguntzea, dekretu honen 3.4 artikuluan ezarritako baldintzetan: 211/2015 Dekretua, azaroaren 10ekoa, zeinaren bitartez lan-esperientziaren bidez edo prestakuntzarako bide ez-formalen bidez eskuratutako lanbide-konpetentziak ebaluatzeko eta egiaztatzeko prozedura eta antolamendua ezartzen baita Euskal Autonomia Erkidegoan.

    8. Institutuak eskainitako zerbitzuekin lankidetzan aritzea: lanbide-informazio eta orientazio-zerbitzuak eta enpresekin harremanak izateko zerbitzuak.

  4. Departamentu bakoitzaren eginkizunak institutuaren hezkuntzako proiektu funtzionalean definituko dira.

    V. ATALBURUA

    KUDEAKETA EKONOMIKORAKO AUTONOMIA

  1. Urrutiko Hezkuntzako Euskal Institutuaren ekonomia- eta finantza-kudeaketa egiteko, Euskal Eskola Publikoa osatzen duten ikastetxeen ekonomia- eta finantza-kudeaketaren araubidea arautzeko Dekretua beteko da (196/1998 Dekretua, uztailaren 28koa), edo, bestela, hura ordezkatzen duten arauetan ezarritakoa.

  2. Zehazki, zuzendariari dagokio indarreko araudian kontratu txiki gisa tipifikatuta dauden eta Institutuaren funtzionamendurako beharrezko diren kontratuetan kontratazio-organo gisa jardutea, eta gastua baimentzea eta onartzea, ez badira kudeaketa zentralizatukoak, beste organo batzuen eskumenekoak, edota ez badute eskatzen fakultatibo eskudun batek eginiko proiektu teknikorik.

Urrutiko Hezkuntzako Euskal Institutuak, bere autonomiaren barruan betiere, akordioak eta hitzarmenak egin ahal izango ditu enpresa, instituzio eta entitateekin, dauden azpiegitura eta errekurtsoei etekin hobea ateratzeko edo aurreikusitako xedeak lortzen lagunduko duten bestelako ekintza batzuetarako. Horretarako, aldez aurretik, akordio eta hitzarmen horien baimen eta onarpenerako eskumenen arloko arauak eta aplika daitezkeen prozedurak kontuan izango dira.

Bere baliabideak kudeatzeko autonomiaren adierazgarri eta bai eskola-elkarteak bai administrazioak ikastetxeen ekonomia-jarduera errazago kontrolatu ahal izan dezaten, Institutuak bere kudeaketa-proiektua onartuko du.

Kudeaketa-proiektuan ikastetxea bere hezkuntzako proiektu funtzionala gauzatzeko dituzten baliabideen antolaketa eta erabilpena adierazten da. Gutxienez ondorengoak jasoko dira proiektu horretan:

  1. Ikastetxeak dituen baliabideak.

  2. Irakasle-taldeak antolatzeko oinarrizko irizpideak.

    Ikastetxearen urteko kudeaketa proiektua, hain zuzen ere, urteko kudeaketa programan hezurmamitzen da, aurrekontua egin eta onartzea izanik adierazlerik garbiena, zeina uztailaren 28ko 196/1998 Dekretuan ezarritakoari jarraituz egin beharko baita.

    VI. ATALBURUA

    URRUTIKO HEZKUNTZAKO EUSKAL INSTITUTUAREN EBALUAZIOA: IRIZPIDEAK ETA ONDORIOAK

  1. Ebaluazioaren helburua da Institutuak eskaintzen duen zerbitzuaren kalitatea hobetzen laguntzea, eta bertan ikasten duten pertsonek konpetentziak eskuratzea da erreferentzia nagusia. Institutuaren ebaluazioak hezkuntza-emaitzak irakaskuntza-ikaskuntza prozesuekin, baliabideekin eta haien kudeaketarekin eta hezkuntzako proiektu funtzionalaren helburu eta adierazleen bilakaerarekin lotzen ditu.

  2. Ebaluazio-jarduna barne-ebaluazioaren edo autoebaluazioaren bidez mamitzen da, Institutuko hezkuntzako proiektu funtzionalean aurreikusitako adierazle eta mekanismoen arabera, baita kanpoko ebaluazioan ere, pedagogiaren, kudeaketaren eta antolaketaren esparruei eraginez, Institutuaren berezitasunak kontuan hartuta.

  3. Institutuaren autoebaluazioa modu jarraituan egingo da. Urteko planak ikasturte bakoitzerako ebaluazio-adierazleak zehaztuko ditu, zuzendaritza-proiektuan zehazten diren adierazleen eta hezkuntzako proiektu funtzionalean aurreikusten direnen arabera.

  1. Hezkuntzako Ikuskaritzak ikuskatuko du Institutuaren funtzionamendua, pedagogiaren eta antolakuntzaren ikuspuntutik. Halaber, irakaskuntzako lana eta Institutuaren zuzendaritza-funtzioaren garapena ikuskatuko ditu, eta horien hobekuntza jarraituan lagunduko.

  2. Ikuskapenaren ostean, Hezkuntzako Ikuskaritzak txosten bat igorriko du, eta, bertan, hobetu daitezkeen alderdiak zehaztuko ditu, behintzat Institutuko zuzendariaren agintaldia amaitzean, beharrezko informazio eta datuak jaso ostean.

  3. Institutuko zuzendaritza-taldeak, berriz, hobekuntza-plan bat prestatuko du, artikulu honetako 2. apartatuan aipatzen den txostenaren arabera. Hezkuntzako Ikuskaritzak gainbegiratuko du plan hori zer-nola gauzatzen den.

  1. Institutuaren ebaluazioa kontuan izan beharreko erreferentzia da zuzendaritza-funtzioaren jardunaren ebaluazioan eta irakaskuntza-funtzioaren ebaluazioan.

  2. Aurreko atalean adierazitako ondorioez gain, Institutuaren ebaluazioak honako alderdi hauek ahalbidetuko ditu, hala dagokionean:

    1. Hezkuntzako proiektu funtzionala eta curriculum-proiektua berrikustea, institutuaren antolaketa eta egitura eta zuzendaritza-proiektua zehazten dituzten beste dokumentu batzuekin batera.

    2. Gobernu- eta koordinazio-organo pertsonaletan jarduten duten pertsonen izendapena ezeztatzea.

    3. Irakasleen prestakuntza-beharrak eta euren lanbide-gaitasunak eguneratzeko beharrak antzematea.

      LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

      Urrutiko Hezkuntzako Euskal Institutuak 01007658 kodea du. Institutuak Vitoria-Gasteizko Araba kaleko 41. apartatuan izango du egoitza eta, unibertsitatez kanpoko hezkuntzarekin lotutako eskumena duen sailburuordetzak egoki iritzitako kasuetan, sailburuordetza horrek xedatutako beste lokal eta gela batzuk erabili ahal izango ditu.

      BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

      Ulertu behar da Euskal Eskola Publikoa osatzen duten ikastetxeen ekonomia-finantzen kudeaketaren araubidea ezartzen duen uztailaren 28ko 196/1998 Dekretuan Ordezkaritza Organo Gorenari egiten zaizkion aipamen guztiak Institutuaren gizarte-kontseiluari egindako aipamenak direla.

      Halaber, ulertuko da Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetako ikasleen eskubideei eta betebeharrei buruzko Dekretuaren arabera (201/2008 Dekretua, abenduaren 2koa) Ordezkaritza Organo Gorenari dagozkion gainerako betebeharrek Institutuko gizarte-kontseiluari erreferentzia egiten diotela.

      HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

      Hezkuntzarekin lotutako eskumena duen sailak arautuko du Urrutiko Hezkuntzako Euskal Institutuaren antolaketa eta funtzionamendua, irakasleen dedikazio-araubidea eta gobernu-organoak eta irakaskuntza koordinatzeko organoak institutu honen berezitasun eta ezaugarri zehatzetara egokituz, dekretu honetan agertzen ez diren alderdiei dagokienez.

Indarrik gabe geratzen da dekretu honetan adierazitakoaren aurka doan maila bereko edo beheragoko beste edozein xedapen.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENA

Aldatzen da otsailaren 3ko 22/2009 Dekretuaren 2. artikulua. Dekretu horren bitartez, prozedura arautzen da Hezkuntza arloan eskumena duen sailaren mendeko Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko ikastetxeetako zuzendaria aukeratzeko, eta pertsona bakarreko beste gobernu-organoak izendatzeko eta kargua uzteko. Aldaketaren ondorioz, artikulu hori horrela idatzita geldituko da:

Unibertsitatez kanpoko irakaskuntza eskaintzen duten Hezkuntza arloan eskumena duen sailaren mendeko ikastetxe publiko guztietan aplikatuko da dekretu hau, honako ikastetxe hauek salbuetsita: Urrutiko Hezkuntzako Euskal Institutua eta Lanbide Heziketako Ikastegi Bateratuak, hauek araudi espezifikoa izango baitute, eta Estatuko Erreferentziako Lanbide Heziketako Ikastegiak Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoak eta lege hori garatzen duten eta oinarrizko arau izaera duten arauak aplikatzen diren alderdi espezifikotan.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean dekretu hau.

Vitoria-Gasteizen, 2018ko ekainaren 19an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Hezkuntzako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.