Arautegia
Inprimatu24/2016 DEKRETUA, otsailaren 16koa, Urkiola (ES2130009) kontserbazio bereziko eremu izendatzen duena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Dekretua
- Organo arau-emailea: Ingurumen eta Lurralde Politika Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 75
- Hurrenkera-zk.: 1667
- Xedapen-zk.: 24
- Xedapen-data: 2016/02/16
- Argitaratze-data: 2016/04/21
Gaikako eremua
- Gaia: Kultura eta Kirola; Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: Ingurumena; Hirigintza eta etxebizita; EAEko udalak; Nekazaritza eta arrantza
Testu legala
Gobernu Kontseiluak 1997ko abenduaren 23an, 2000ko azaroaren 28an eta 2003ko ekainaren 10ean egindako bilkuretan hartutako erabakien bidez, hegaztientzako babes bereziko sei eremu (BBE) izendatu ziren, eta 52 gune proposatu ziren Batasunaren garrantzizko leku (BGL) izateko. Proposamena Europako Batzordera eraman zen, eta han ontzat eman zuten BGLen zerrenda, 2004/813/EE eta 2006/613/EE erabakien bidez. Erabakiok Atlantikoko eta Mediterraneoko eskualde biogeografikoei dagozkie, hurrenez hurren. Horien artean, Urkiola (ES2130009) kontserbazio bereziko eremua (KBE) dago, Atlantikoko eskualde biogeografikoan.
Europako Kontseiluaren 1992ko maiatzaren 21eko 92/43/EEE Zuzentarauak habitat naturalak eta flora eta fauna basatiak nola kontserbatu arautzen du, eta, zehazki, 4. artikuluaren bitartez, eta natura-ondareari eta biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legearen 44. eta 45. artikuluen bitartez, xedatuta geratu da autonomia-erkidegoek BGL guztiak kontserbazio bereziko eremu izendatu behar dituztela eta eremuok behar bezala kontserbatzeko neurri guztiak ezarri behar dituztela, lekuan lekuko habitat naturalaren eta espezieen berezitasunen arabera. Kontserbazio-neurri horiek izango dira, alde batetik, kudeaketako planak eta tresnak, eta, bestetik, erregelamenduzko neurriak, administratiboak edo kontratuzkoak.
Urkiolako gunean egiaztatu da Batasunaren intereseko hamasei habitat daudela, 92/43/EEE Zuzentarauaren I. eranskinean bildutakoak, eta habitat horietako hiruk lehentasunezko izaera dutela. Halaber, leku horretan 92/43/EEE Zuzentarauaren II. eta IV. eranskinetan biltzen diren espezieetako hogeita zazpi espezie daude gutxienez, baita 2009/147/EE Zuzentarauaren I. eranskinean biltzen diren hegazti-espezieetako hamalau espezie ere (gutxienez). Historian zehar gertatutako giza jarduera biziak Urkiolako paisaia itxuratu du, eta egungo espazioaren banaketa bertatik eratorri da, hein handi batean. Urkiola harkaitzekin lotutako habitat batzuen kontserbaziorako eremu gakoa da, baita pagadi azidofiloen kontserbaziorako ere. Nabarmentzekoa da populazioa finkatuta duten honako hegazti errupikola hauen presentzia: sai arreak (Gyps fulvus), belatz handiak (Falco peregrinus) eta sai zuriak (Neophron percnopterus). Harkaitz-zozo gorrien (Monticola saxatilis) eta harkaitz-zozo urdinen (Monticola solitarius) finkatutako populazioak ere badaude. Flora interesgarriari dagokionez, hainbat espezieren presentzia nabarmentzekoa da, esaterako, Narcissus asturiensis eta Narcissus pseudonarcissus ssp. nobilis. Urkiolak biltzen dituen kasuistika bereziak eta parke natural bat izateak, komenigarria egiten dute dekretu-proiektu bat berariaz lantzea, mendi-eremu horretarako.
Gune berean naturagune babestuen tipologia bikoitza biltzen da: parke naturala da eta Natura 2000 Sareko gunea da. Horrenbestez, apirilaren 15eko 1/2014 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Natura Kontserbatzeko Legearen testu bateginaren (NKLTB) 18. artikuluari jarraikiz, eremu hori antolatzeko mekanismoak koordinatu egin behar dira eremuaren plangintza integratuko duen dokumentu bakar batean biltzeko; horrela, kategoria bakoitzean aplika daitezkeen erregimen desberdinek osotasun koherente bat osatuko dute. Bi tipologietarako dokumentu bakarraren legegintza desideratuma ezin da lortu parke naturalen kasuan, tipologia horiek Natura Baliabideak Antolatzeko Planaren (NBAP) bidez (NKLTBaren 20. artikulua) eta Parke Naturalak Erabiltzeko eta Kudeatzeko Plan Zuzentzailearen (EKPZ) bidez (NKLTBaren 27. artikulua) arautu behar baitira. Beraz, horrelako kasuetan, bi dokumentu egon beharko dira: bata parke naturalerako izaera bikoitza duen BNAPa eta KBErako helburu eta erregulazioak jasotzeko; eta, bestea, izaera bikoitza duen EKPZa eta kudeaketa neurriak jasotzeko.
Gainera, kontuan izan behar da Eusko Jaurlaritzak eta foru-organoek dituzten eskumen konkurrenteak direla-eta, koordinazio-ahalegin berezia behar dela: naturagune babestuaren bi tipologia horien deklarazioa Eusko Jaurlaritzari dagokio azken batean (NKLTBaren 19.1 artikulua); parke naturalei dagokienez, NBAPa izapidetzea eta onartzea Eusko Jaurlaritzaren eskumena da (NKLTBaren 7.a artikulua); eta aldiz, EKPZ prozedura bifasikoaren bidez izapidetu eta onartzen da, hots, lehenik, foru-organoek izapidetzen dute parke naturalaren kudeaketari dagozkion jarraibideak onartzeko, eta bigarrenik, Eusko Jaurlaritzak izapidetzen du, araudiari dagokionez (NKLTBaren 29. artikulua). Bestalde, KBEei dagokienez, helburuak eta arauak onartzea Eusko Jaurlaritzaren eskumena da (NKLTBaren lehen paragrafoko 22.5 artikulua) eta neurriak foru-organoei dagozkie (NKLTBaren bigarren paragrafoko 22.5 artikulua). Nolanahi ere, tresna desberdin horiek guztiak beti EHAAn argitaratu behar dira.
Dekretu honen helburua da Urkiola Natura 2000 Sareko kontserbazio bereziko eremu izendatzea eta Eusko Jaurlaritzaren eskumenekoak diren kontserbazio-neurriak onestea, zeinak izendapen honekin batera eman behar diren. Ondoren, eta Bizkaiko eta Arabako foru-aldundiek dekretu honekin batera izapidetu den Parke Naturalak Erabiltzeko eta Kudeatzeko Plan Zuzentzailea (EKPZ) bidali ondoren, Eusko Jaurlaritzak plan horren arau-partea onetsiko du, eta tresna osoa EHAAn argitara dadin aginduko. EKPZ horrek Natura Kontserbatzeko Legearen testu bateginaren 18. artikuluak eskatzen duen helburu bikoitzari erantzungo dio: hau da, parke naturalaren EKPZ izatea, eta kontserbazio bereziko eremuaren kudeaketa-jarraibide izatea, 22.5. artikuluaren bigarren idatzi-zatiaren arabera. Horrekin guztiarekin, eremu hau guztiz araututa geratuko da, eta 92/43/EEE Zuzentarauaren 6. artikulua osorik beteko da.
Horretarako, bi eranskinekin batera osatuko da hemen onesten den dekretua. Lehenengoak, kontserbazio bereziko eremuaren kartografia jasotzen du; bigarrenak, berriz, Natura Kontserbatzeko Legearen testu bateginaren 22. artikuluko aginduak betetzen ditu, zeinak kontserbazio bereziko eremuari soilik dagozkion eta Eusko Jaurlaritzaren eskumenekoak diren.
Urkiola KBEa kontserbatzeko bitartekoak Europako Batzordeak ezarritako printzipioei jarraikiz landu dira, 92/43/EEE Zuzentarauan jasotako eta eremuan topatutako habitat eta taxonen eskakizun ekologikoei erantzuna emateko asmoz. Horrela, dagoeneko izendatuta dauden Natura 2000 Sareko gainontzeko eremuen antolamendu berdina izango du.
92/43/EEE Zuzentarauak kontserbazio bereziko eremu izendatzeko ezarritako eskakizunak betetze aldera, Urkiola sakon aztertu da, eta eskala egokian adierazi da Batasunaren intereseko habitaten eta eskualdearen intereseko beste habitat batzuen kokalekua; horrekin batera, haien kontserbazio-egoera ere ebaluatu da. Horretaz gain, gune horretako fauna- eta flora-espezie bereizgarrien kokapena eta kontserbazio-egoera ere aztertu da.
Horrela, Urkiola KBEa kontserbatzeko bitartekoak lantzeko lan teknikoetan zehar, egokitzat jo da naturagune babestuaren eremua zabaltzea, Indusiko Balzola-Karst ingurunea sartzeko. Balzolako haitzuloa funtsezko gunea da Habitaten Zuzentarauaren II. eranskinean jasotako kiropteroen espezie mehatxatu batzuentzat, hala nola Rhinolophus euryale, Rhinolophus ferrumequinum, Rhinolophus hipposidero eta Miniopterus schreibersii. Espezie horien populazioak gutxitzen ari dira, haitzuloak duen kirol eta aisiarako erabilerarengatik, erraz iristen baita bertara. Gainera, zabaltzen den eremuan, Abaro Jentilzubi sistema nabarmentzen da, duen interes hidrogeologikoarengatik, baita kareharrizko harkaitzak (8210), artadi kantauriarra (9340) eta txilardi kaltzikolak (4090) ere. Indusiko karsta Interes Geologikoa duten Inguruen inbentarioan dago jasota. Guztiz eraginkorra izateko, KBEa zabaltzeak Europako Batzordearen erabaki bidezko aldez aurretiko balidazioa eskatzen du; beraz, eremuaren mugaketaren kartografiak eremu hori mugatzeko bi lerroak jasotzen ditu. Horrela, mugaketa berriaren eraginkortasuna eta zabaldutako eremua kontserbatzeko neurrien ezarpena dekretu honen azken xedapenetatik lehenengoan jasotako baldintzapean daude. Era berean, beharrezkotzat jo da dekretu honen i. eranskinean jaso den babeserako eremu periferikoa mugatzea, eremuaren balioetarako prebentzio-araubide nahikoa eta egokia ezartzeko.
Horretaz gain, xehetasun-lanei esker lortu diren habitat moten azalerari buruzko datuak, zenbait kasutan, ez datoz bat Europako Batzordera Euskal Autonomia Erkidegoko tokien zerrendaren proposamenarekin batera igorri eta jakinarazitako datuekin. Alde horiek habitatak identifikatzeko metodologiaren aplikazioan izandako aurrerapenen ondorio dira, baita hasierako proposamena egiteko unean erabili zen lan-eskalaren ondorio ere. Xehetasun-azterketari esker habitat jakin batzuen interpretazioa zuzentzeko aukera izan da. Esate baterako, egiaztatu ahal izan da, eremu batzuetan, formularioan adierazitako zenbait habitat-mota ez zeudela; eta, aitzitik, hasierako proposamenean adierazi ez ziren habitat-mota batzuk bazirela.
Dekretu honen azken xedapen batean jasotzen denez, arau hau argitaratu ondoren, II. eranskin hau jasoko duen Urkiola parke naturalaren NBAParen aldaketari ekin beharko zaio, aipatutako dokumentu bakarra Eusko Jaurlaritzaren eskumen dena egiteko, betiere NKLTBaren 7. artikuluan aurreikusitako prozedura luze eta konplexua konfiguratzen duten izapide prozesalak beteta, baina Europarekiko betebeharrak ere beteta.
Kontserbazio bereziko eremu izendatzeko prozeduran, ondo bete da parte-hartze sozialaren prozesua, uztailaren 18ko 27/2006 Legearen printzipioei jarraikiz (lege horrek ingurumenaren alorrean informazioa eskuratzeko, herritarrek parte hartzeko eta justiziara heltzeko eskubideak arautzen ditu). Prozesu horretan, gizarte- eta ekonomia-interesen ordezkari diren hainbat eragilek hartu dute parte. Parte hartzeko bideak zabalik egon dira izapidetze-prozesu osoan, publiko interesdunari komunikazioak helarazita ingurumen-organoaren egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen web-orriaren bitartez: http://www.euskadi.eus/natura2000; guneari buruzko informazioa eguneratuta egongo da beti webgune horretan.
Horrenbestez, alde batetik, apirilaren 15eko 1/2014 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Legearen testu bateginaren 22.5. artikuluan eta, bestetik, Natura-ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legearen 45. eta 46.1 artikuluetan ezarritakoa betez, jendaurrean jarri ondoren, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak proposatuta, eta Gobernu Kontseiluak 2016ko otsailaren 16an egindako bilkuran eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau,
Urkiola kontserbazio bereziko eremu (ES2130001) izendatzen da, Bizkaiko eta Arabako lurralde historikoetan.
Kontserbazio bereziko eremuaren (hemendik aurrera, KBE) mugak dekretu honen I. eranskinean jasotako kartografian agertzen direnak dira eta, eskala-doikuntzak egin ostean, bat datoz Atlantikoko eskualde biogeografikoko Batasunaren Garrantzizko Lekuen Zerrenda onartzen duen Europako Batzordearen 2004/813/EE Erabakian bildutako Batasunaren garrantzizko lekuen mugekin. Era berean, eranskin horrek gunearen babeserako eremu periferikoa jasotzen du, Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Legearen testu bategina onartzen duen apirilaren 15eko 1/2014 Legegintzako Dekretuaren 19.2 artikuluarekin bat.
Aurreko idatzi-zatian aurreikusitako mugaketa zabaldu egingo da I. eranskinean jasotako mugetara arte, Europako Batzordeak onetsi ondoren.
Onartu egiten dira KBEa kontserbatzeko II. eranskineko neurriak. Horiek bat datoz dekretu honen 3. artikuluak ezarritako edukiarekin.
Arau honen xedea honako hau da: kontserbazio bereziko eremuan (KBE) bermatzea Batasunaren intereseko habitat naturalak eta basoko fauna- eta flora-espezieen habitatak kontserbazio-egoera onean mantentzen direla edo egoera horretara berriro ekarriko direla. Habitat horiek ezarrita daude Kontseiluak 1992ko maiatzaren 21ean emandako habitat naturalak eta basoko fauna eta flora babesteari buruzko 92/43/EEE Zuzentarauan. Horretaz gain, arauaren helburua da hegazti-espezieen biziraupena eta ugalketa ziurtatzea dagokion kokaleku-eremuan, eta, bereziki, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak basoko hegaztien kontserbaziori buruz 2009ko azaroaren 30ean emandako 2009/147/EE Zuzentarauaren I. eranskinean adierazitako espezieena, bai eta eranskin horretan adierazi ez diren baina gurera iritsi ohi diren espezie migratzaileena ere. Horren guztiaren azken helburua da ahalegina egitea Europako lurraldean biodibertsitatea kontserbatuko dela bermatzeko.
Kontserbazio bereziko eremuan, honako hauek ezarritako araubide orokor hau aplikatuko da: 92/43/EEE Zuzentaraua eta Natura Ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legea.
Apirilaren 15eko 1/2014 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Natura Babesteko Legearen testu bateginaren 22.4 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, II. eranskinek KBEaren izendapena arrazoitzen duten Batasunaren intereseko habitat motak eta animalia- eta landare-espezieak, horien kontserbazio-egoerari buruzko balorazio bat, lekuaren kontserbazio-helburuak, kontserbazio-erregulazioak eta jarraipen-programa bat jasotzen ditu.
KBEaren kudeaketa-jarraibideak eta -neurriak Urkiolako Parke Naturala Erabili eta Kudeatzeko Gida Planean gehituko dira.
Dekretu honen aplikazio-eremuaren eraginpeko gune babestuetan honako zehapen-erregimen hau aplikatu behar da: apirilaren 15eko 1/2014 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Herriko Natura Babesteko Legearen testu bateginean eta Natura Ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legean ezarritakoa.
Ingurumenaren alorreko sailburuari ahalmena ematen zaio Eusko Jaurlaritzaren izenean betetzeko legeak ezarritako tramite eta komunikazio guztiak, bai Estatuko Administrazio Orokorrean, bai Europar Batasunean. Eta, hala badagokio, neurriak ezartzeak eragingo duen kostu ekonomikoa zenbatekoa den kalkulatuko du, 92/43/EEE Zuzentarauaren 8. artikuluak ezarritakoa betetze aldera.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Atlantikoko eskualde biogeografikoko BGLen Zerrenda onartzen duen Europako Batzordearen 2004/813/EE Erabakian jasotako mugei dagokienez, Europako Batzordeak KBEa eskala-doitzeengatik zabaltzeko erabakia hartu izanaren berri ematen duen Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuaren Agindua EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean. Orduan izango dira eraginkorrak dekretu honetan eremu horretarako aurreikusitako kontserbazio-neurriak. Ordura arte, eremu horretan, 92/43/EEE Zuzentarauaren 6.3 eta 6.4 artikuluek ezarritako prebentzio-araubidea aplikatuko da, baita Natura-ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legearen 46. artikuluaren 4., 5. eta 6. atalek ezarritakoa ere.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Dekretu hau onartzen denean, parke naturalaren eta KBEaren mugak bat etortzeko prozedurari ekingo zaio, eta parke naturalaren NBAPa naturagune babestuen bi tipologia horiek arautuko dituen dokumentu bakarra bihurtzeko prozedura ere abiaraziko da, 1/2014 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Natura Babesteko Legearen testu bateginaren 18. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.
AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean dekretu hau.
Vitoria-Gasteizen, 2016ko otsailaren 16an.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburua,
ANA ISABEL OREGI BASTARRIKA.
OTSAILAREN 16KO 24/2016 DEKRETUAREN I. ERANSKINA
MUGAKETA-MAPA
http://www.euskadi.eus/r33-bopvmap/eu?conf=BOPV/capas/D_24_2016/urkiola.json&lang=eu
(Ikus .PDF)
Gaiarekin lotutako edukiak
Arauaren historia (3)
- Ikus: 27/2019 DEKRETUA, otsailaren 26koa, zeinaren bidez onartzen baita Urkiolako Parke Naturalaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Planaren zati arautzailea, eta agintzen baita osorik argitaratzea Urkiolako Parke Naturalaren eta Kontserbazio Bereziko Eremuaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko II. Plana eta bertako kudeaketa-jarraibideen eta -jardunen dokumentua (ES2130009).
- Ikus: EBAZPENA, 2015eko apirilaren 15ekoa, Natura Ingurunearen eta Ingurumen Plangintzaren zuzendariarena, zeinarekin jendaurrean jartzen baita ondoko izendapena: Bizkaia eta Araba lurralde historikoen Urkiola (ES2130009) Batasunaren Intereseko Lekua (BIL) Kont
- Ikus: AGINDUA, 2016ko ekainaren 30ekoa, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuarena, zeinaren bidez hasiera ematen baitzaio Urkiolako Parke Naturaleko Natura-baliabideak Antolatzeko Plana landu eta prestatzeko prozedurari eta Parke Naturalaren mugak aldatze