Arautegia

Inprimatu

236/2015 DEKRETUA, abenduaren 22koa, Oinarrizko Hezkuntzaren curriculuma zehaztu eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzen duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indargabetua

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 9
  • Hurrenkera-zk.: 141
  • Xedapen-zk.: 236
  • Xedapen-data: 2015/12/22
  • Argitaratze-data: 2016/01/15

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Hezkuntza
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Europar Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Gutunak (2000) zera dio 14. artikuluan: pertsona guztiek dutela hezkuntzarako eskubidea. Horrek esan nahi du, derrigorrezko hezkuntza dohainik jasotzeko eskubidea ere badutela. Haurrak eta nerabeak zaintzeko eta babesteko otsailaren 18ko 3/2005 Legeak dioenez, haur eta nerabe guztiek dute hezkuntza eta irakaskuntza jasotzeko eskubidea. Batez ere gizartearen eta familiaren esparruan eta ikastetxeetan emango zaie prestakuntza hori. Oinarrizko irakaskuntza jasotzeko eskubidea ere badute hau da, Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza jasotzekoa, Euskal Autonomia Erkidegoan hezkuntza-zerbitzu publikoa eskaintzen duten zentroetan. Eskubide hori, alde batetik, hezkuntza-administrazioak bermatzen du, ikastetxe publikoen titular den heinean, hezkuntzarako eskubide unibertsalaren agindua bete behar baitu; eta, bestetik, ekimen sozialak, itunpeko ikastetxe pribatuen titular gisa.

Euskal Autonomia Erkidegoko Estatutuaren 16. artikuluak arautzen du Euskal Autonomia Erkidegoari dagokiola irakaskuntza arautzea, hedadura, maila, gradu, modalitate eta espezialitate guztietan. Eskumen horretaz baliatuz, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak (egun, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila denak) onartu egin zuen Lehen Hezkuntzaren eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren curriculuma Euskal Autonomia Erkidegorako.

Hezkuntzaren kalitatea hobetzeko 8/2013 Lege Organikoak, abenduaren 9koak, aldatu egin du maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoa. Hain zuzen, curriculumaren kontzeptua eta Estatuaren eta autonomia-erkidegoen arteko eskumenen banaketa aldatu ditu, Oinarrizko Hezkuntzako curriculuma Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzen duen urriaren 16ko 175/2007 Dekretua (EHAA, azaroak 13) nabarmen aldatuz.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak dekretu hau aurkeztu du euskal hezkuntza-sistemak lortu duen mailari eusteko, pedagogia eguneratu ahal izateko eta hezkuntza-helburu berriak sustatzeko. Hori guztia bat dator hezkuntza-komunitatearen ibilbidearekin eta kultura pedagogikoarekin, «Hezkuntzaren eta prestakuntzaren arloan Europan elkarlanean aritzeko 2020rako esparruaren» helburu estrategikoekin, eta gizarteak duen eskaera batekin, alegia, hezkuntza-sistema etengabe hobetzea eta gure hezkuntza-sistema bikaintasunean kokatzea.

Orobat, dekretu hau egiteko orduan kontuan hartu dira Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza-sistemari buruz egindako txostenen ondorioak ere, Irakas Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundeak (ISEI-IVEI), Euskadiko Eskola Kontseiluak eta Arartekoak eginak.

Horretarako, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak, Heziberri 2020 planaren barruan eta ikastetxe-elkarte, guraso eta irakasleekin batera, landu du «Hezkuntza-eredu pedagogikoaren esparrua». Derrigorrezko Oinarrizko Hezkuntzako eta Batxilergoko curriculumaren ildo nagusi komunak zehazten ditu Esparru horrek, eta hortik dator dekretu hau, Oinarrizko Hezkuntzako curriculumaren eta irakaskuntzen antolakuntza arautzeko xedez.

Gaur egun, Europako hezkuntza-sistema guztiak ari dira bilatzen konpetentzien araberako hezkuntzarako biderik onenak, oinarrizko edo funtsezko konpetentziak garatu ditzaten ikasleek. Herrialde gehienetan argi bereizten dira, batetik, konpetentzia orokorrak edo zeharkakoak eta, bestetik, arloetako eta ikasgaietako diziplina barruko konpetentziak, zeharkako konpetentziak diziplina barruko konpetentzia guztietan txertatzeko asmoz. «Hezkuntzaren eta prestakuntzaren arloan Europan elkarlanean aritzeko 2020rako esparruko» ekintza nagusietako bat, estatu kideen hezkuntza-erreformek aurrera egin dezaten, honako hau da: «zeharkako konpetentziak ikasketa-plan guztietan txertatzeko neurriak hartzen direla bermatzea, hasi hezkuntzaren lehen faseetan eta goi-mailako irakaskuntzara arte».

Euskal Autonomia Erkidegoko Oinarrizko Hezkuntzaren curriculuma sortu eta ezartzeko urriaren 16ko 175/2007 Dekretuko oinarrizko konpetentzien planteamendutik abiatzen da Heziberri 2020ren Hezkuntza-eredu pedagogikoaren esparrua, kontuan hartuz Europako 2020rako Esparrua, XXI. menderako hezkuntzari buruzko Nazioarteko Batzordeak Jacques Delors buru zela UNESCOrentzat egindako Txostena (1996), bai eta DeSeCo/OCDE (2002) eta Tuning proiektuak (2003) ere.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak irakaskuntzaren gainean duen eskumenaz baliatuz egin du dekretu hau, eta bertan lantzen dira hezkuntza-ereduaren esparrua, ikastetxe bakoitzera eta ikasleen ezaugarrietara egokitzea eta ikasleak eta hezkuntza-sistema ebaluatzea.

Hezkuntza-eredu pedagogikoaren esparrua agertzen da I. kapituluan (xedapen orokorrei buruzkoan), II. kapituluan (oinarrizko konpetentziei buruzkoan) eta III. kapituluan (curriculumaren antolamenduari buruzkoan).

Hezkuntza-eredua ikastetxearen eta ikasleen ezaugarrietara egokitzea aipatzen da IV. kapituluan, ikastetxearen proiektu instituzionalei eta plangintzari buruzkoan, eta V. kapituluan, ikastetxe publikoen Autonomia Proiektuari buruzkoan. Tutoretzari, orientazioari eta aniztasunari buruzkoa da VI. kapitulua.

Hezkuntza-arloko ebaluazioari eta ikerkuntzari buruzko artikuluak agertzen dira VII. kapituluan, ikasleak ebaluatzeari, mailaz igotzeari eta titulazioari buruzkoan, eta VIII. kapituluan, hezkuntza-sistemaren ebaluazioari eta ikerkuntzari buruzkoan.

Dekretu honen I. kapituluan zehazten dira Xedapen Orokorrak. Oinarrizko Hezkuntza da gazteak helduarorako prestatzeko fasea. Bertan ezartzen dira bizialdi osorako oinarri sendoak, ikasleak beren bizitzak zentzuz gidatzeko gai izan daitezen, beren helburuak hauta ditzaten, beren erabakien ardura har dezaten, beren egungo eta etorkizuneko premiak eta pertsonen zaintza beren gain har dezaten, eta modu aktibo, kritiko eta arduratsuan parte har dezaten gizartean.

Oinarrizko Hezkuntza amaitu ostean, ikasleak ezarrita eduki behar ditu hezkuntza-helburuen oinarriak, eta gai izan behar du bizitzaren esparru eta egoera guztietan aurrera egiteko. Ikasleen irteera-profilaren araberakoak izango dira barneratu beharreko oinarrizko konpetentziak.

Hala, irteera-profil orokorraren inguruan ardaztuko dira ikastetxeko Hezkuntza Proiektua, hobekuntza-planak, Oinarrizko Hezkuntzako programazioa, garapena eta ebaluazioa, eta irakasleen prestakuntza.

Euskal Autonomia Erkidegoan bizi diren ikasleek beren burua prestatu eta oinarrizko konpetentziez jabetu behar dute, gero eta globalizatuagoa eta interdependenteagoa den mundu honetan bizitzeko. Bistakoa da oinarrizko premia komun horiei emandako erantzun kulturalak askotarikoak izan direla eta oraindik ere hala direla. Gizakien premiak antzekoak direla jabetu behar dugu, denok parekoak garela ohartzeko. Kultura bakoitzak premia horiei emandako erantzunak ere ezagutu behar dira, etnozentrismoa saihestu eta bestelako kulturen ekarpenak balioetsi edo onetsi, kultura-artekotasunaren eta kultura-inklusioaren bidez errespetua eta elkarrizketa sustatu asmoz kulturen artean. Aitortu beharrekoak dira aniztasun afektibo-sexuala eta kulturala, bai eta genero- eta kultura-nortasun malguak eta askotarikoak ere, eta zalantzan jarri behar dira kultura-, genero- eta sexu-nortasunagatik desberdintasuna sustatzen duten ereduak.

Ikasleek Oinarrizko Hezkuntza amaitzean lortu behar dituzten oinarrizko konpetentziei buruzko hainbat proposamen daude, eta II. kapituluan dator gurea.

Oinarrizko konpetentzia guztiak dira beharrezkoak eta ezinbestekoak bizitzarako, baina komeni da oinarrizko zehar-konpetentziak eta diziplinen barrukoak bereiztea eta erlazionatzea. Bereizi egin behar dira, bide bakarra dagoelako oinarrizko zehar-konpetentziak ikasteko eta ebaluatzeko: diziplina bakoitzeko oinarrizko konpetentziak garatzen dituzten arloetako edukiak ikasteko prozesuan sartzea. Baina harremanetan ere jarri behar dira, oinarrizko zehar-konpetentzien bidez eskuratzen direlako diziplina bakoitzeko oinarrizko konpetentziak.

Konpetentea izateko, denetariko baliabideak erabili behar dira erronkei edo arazoei aurre egiteko. Konpetentzietan oinarritutako hezkuntzan irteera-profileko egoerak hautatu behar dira, konpondu beharreko arazorik gabe ez baitago konpetentziak erakusterik. Hori horrela, konpetentzien araberako hezkuntzak aukera ematen du Derrigorrezko Oinarrizko Hezkuntzaren egitekoa birpentsatzeko: bizitza osorako hezkuntzan txertatzen du; hau da, ezagutza pilatu besterik egiten ez duten curriculum ofizialek ez bezala, aukera ematen du funtsezko ikaskuntzak birbideratzeko, oinarrizko konpetentziak eskuratzearekin lotutako egoeren arabera.

Euskal gizartean eta curriculum-proposamen honen barruan, hezkuntza-sistemaren elebitasuna funtsezkoa da gizartearen kohesiorako eta hezkuntza-sistemaren koherentziarako, historikoki hezkuntza-sistemaren esku utzi baita ikasleak euskalduntzeko eta euskal gizartean euskara normaltzeko ardura nagusia. Hezkuntza-sistemak benetan dituen aukeren barruan ondo bete du erantzukizun hori; baina, edonola ere, lan horrek ikasleen sozializazioan eta, hortaz, euskalduntzean parte hartzen duten eragile guztien lankidetza eskatzen du, zeren eta eskolak berak bakarrik ezin du. Izan ere, eskolak pertsonen sozializazioan duen irismena erabakigarria baina mugatua da, eta azken faktore hori zuzen-zuzenean dago lotuta ikasleen hizkuntza gaitasunarekin. XXI. mendeko euskal gizartea eleaniztuna da, eta ikastetxeek herritar eleaniztunak prestatu behar dituzte ezinbestean. Ildo horretan, jakintzaren gizartea, informazio- eta komunikazio-teknologiak eta pertsonen mugikortasuna gero eta garrantzitsuagoak diren mundu honetan, hizkuntza ofizialak menderatzeaz gain, beharrezkoa da hizkuntza global deitzen direnetako bat edo batzuk jakitea, pertsonen arteko ezaguera, ideien trukea eta kulturen arteko ulermena hobetzeko.

Eskualde-hizkuntzen edo Hizkuntza Gutxituen Europako Kartan (1992) ezarritakoaren arabera, inguruneko baldintzek eta elkarreragin sozialak mesede egiten diotenez gaztelania erabiltzeari, eta ISEI-IVEIren ebaluazioen arabera irakaskuntza- eta ikaskuntza-prozesuan euskara erabiltzea funtsezkoa denez euskaraz ahoz eta idatziz komunikatzeko konpetentzia praktikoa eta eraginkorra eskuratzeko, euskara izango da sistema eleaniztun horren ardatza; hau da, euskarari lehentasunezko tratua bermatuko zaio, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeak aitortzen duen hizkuntza aukeratzeko askatasunaren printzipioa errespetatuko du, eta derrigorrezko hezkuntzako ikasketak amaitutakoan, baldintza berberetan, bi hizkuntza ofizialen behar adinako ezagutza praktikoa izateko benetako aukera bermatuko du. Helburua da bi hizkuntza ofizialen arteko egungo desoreka gainditzea gaur egun euskararen kalterako baita eta bi hizkuntzen arteko berdintasun soziala eta ikasleen aukera-berdintasuna sustatzea. Horrenbestez, gainera, euskararen erabilera ohikoa eta normalizatua izatea bermatuko da, hezkuntza-komunitateko alor eta egoera guztietan.

Hori, gainera, bat dator Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuak (Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratua: irakaskuntza, ikaskuntza eta ebaluazioa; 2001) komunikazio-ekintzarentzat eta -konpetentziarentzat proposatzen duen ikuspegiarekin, zeina, neurri batean, curriculum honetan jasotzen den hizkuntzei buruzko ikuspegi orokor eta espezifikoaren erreferentzia ere bai baita; baina, betiere, kontuan izanik batez ere atzerriko hizkuntzak helduei irakasteko diseinatutako esparru bat osatzeak bere mugak dituela, eta, hortaz, interpretatu egin behar dela Oinarrizko Hezkuntzara ekartzeko, euskal errealitate soziolinguistiko konplexura nahitaez moldatuta.

Era berean, ISEI-IVEIk Hezkuntza Hirueledunaren Esparruari buruz egindako ebaluazioak argi utzi du atzerriko hizkuntza bat beste ikasgai batzuk ikasteko komunikazio-hizkuntza gisa erabiltzeak nabarmen hobetzen duela ingeleseko hizkuntza-konpetentzia, eta gainerako konpetentziak berdin-berdin eskuratzen direla.

Irteera-profilari dagokionez, ikasleak bizitzako esparru guztietan euskaraz zein gaztelaniaz ahoz zein idatziz modu egoki eta eraginkorrean komunikatzeko gai izatea da helburua, baita ikasleak atzerriko hizkuntza batean egokiro komunikatzea gutxienez, egoera eta esparru pertsonal, sozial eta akademikoetan, Literatura-hezkuntza bat ere eskuratu behar du, bere burua eta inguruko mundua hobeto ezagutzeko. Elebitasuna bermatzea da euskal eskolaren erronketako bat, baina pertsona eleaniztunak ere hezi behar ditu, gutxienez atzerriko hizkuntza bat nahikoa dakitenak.

Ikuspuntu eleaniztunaren arabera, pertsona batek hizkuntza baten kultur inguruneetan duen esperientzia hedatu ahala (familiarteko hizkuntzatik gizarte osora eta beste herrialde batzuetako hizkuntzetara), pertsonak ez ditu hizkuntza eta kultura horiek buruko kutxa bereizitan gordetzen, haren komunikazio-konpetentzia osatzen dute hizkuntzaren inguruko ezaupide eta esperientzia guztiek, eta hizkuntzak harremanetan daude haren barruan. Ikuspuntu horretatik, erabat bestelakoa da hizkuntza batean irakastearen helburua. Kontua ez da bi edo hiru hizkuntzaz jabetzea, zein bere aldetik. Hizkuntza-gaitasun guztiak biltzen dituen hizkuntza sorta bat garatu nahi da.

Ikastetxeko Hizkuntza Proiektuan adierazi behar da hizkuntzak irakastearekin eta erabiltzearekin lotutako gai guztien plangintza. Hain zuzen ere, honakoak zehaztu behar ditu hizkuntza-proiektuak: batetik, hizkuntzak ikaskuntza-prozesuan irakasteko eta erabiltzeko irizpideak ikastetxeko hezkuntza-proiektuan ere agertu behar dute eta, bestetik, hizkuntzek ikastetxeko curriculum proiektuan izango duten trataera. Gainera, proiektuko erabakiek zuzeneko eragina izango dute ikastetxeko gainerako agirietan.

Oinarrizko Hezkuntza amaitu duen ikasleak konpetentzia digitala eta mediatikoa izan behar du, konpetentzia digitalaren arloko esparru europarraren ildoan, egungo herritarrek eskatzen duten alfabetatze eta gaikuntza funtzional osoa bermatzeko. Konpetentzia hori ezin da neurtu, baina, baliabideen erabilerari edo erabileraren maiztasunari buruzko datu kuantitatiboen bidez. Aitzitik, aztertu behar da ea baliabideak modu egoki, eraginkor, etiko eta arduratsuan aplikatzen diren bizitzako alor eta egoeretan, pertsonen intimitatea errespetatuz. Alegia, ea informazioa bildu, aztertu eta antolatzen den eta ezaguera bihurtzen den bai zeregin bat diseinatzean eta planifikatzean, bai ekoizpen digital multimediak sortzean (banaka nahiz taldean). Oinarrizko Hezkuntza amaitzean, bizitza osoan ikasteko eta konpetentzia berriak eskuratzeko tresnak, zerbitzuak eta konexioak ezagutu behar dituzte ikasle guztiek.

  1. kapituluak curriculumaren antolamendua arautzen du. Dekretu honek Oinarrizko Hezkuntza amaitzean ikasleak izan beharreko irteera-profila ezartzen du, baina mundua interpretatzeko eta ulertzeko moduak desberdinak dira Lehen Hezkuntzan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, eta interesak eta ikaskuntza-egoerak ere ezin berdinak izan. Lehen Hezkuntzan, bizi-egoerak zuzenean daude lotuta ikasgelan eta ingurune hurbilean gertatzen denarekin, hau da, ikasleen bizipenekin. Ondorioz, bizi-egoerak ikasleen premiei, interesei eta bizipenei buruzkoak dira. Oinarrizko Hezkuntzan aurrera egin ahala, helduarorako prestatzeko egoerak sartu behar dira modu adierazgarrian eta motibagarrian.

    Oinarrizko Hezkuntzaren curriculumak eta ordenamenduak hezkuntza-sistema hobetu nahi du, hezkuntza-komunitate osoak arrakasta izan dezan, ikasle, irakasle eta familia: denen inplikazioa behar da hezkuntza egoki garatzeko.

  2. kapituluak jarraibideak ematen ditu ikastetxe bakoitzeko proiektu instituzionalak lantzeko eta horretarako baliabideak planifikatzeko, hezkuntza-komunitate osoak parte hartzen duela.

    Aurreko kapituluetan zehazten da hezkuntza-eredu pedagogikoaren esparru komuna, Euskal Autonomia Erkidegoan Oinarrizko Hezkuntza ematen duten ikastetxe guztientzat. Esparru hori egokitu egin behar da ikastetxe bakoitzaren berezitasunetara eta testuingurura, eta ikasle guztiek espero duten prestakuntza eman behar du.

    Hezkuntza-politiken araubide eta gobernantza berriak urrun daude eredu burokratikoetatik, eta ikastetxeen autonomiaren alde egiten da: ikastetxeak gai dira beren proiektu propioak garatzeko, emaitzak kontuan hartuz, ikasleen arrakasta nondik handituko. Proiektu propioak garatzeko orduan funtsezkoa da ikastetxeko zuzendaritza-taldea, hark egiten baititu pedagogia eta kudeaketa mailako lider-lanak. Lidergo horrek konpetentzia zehatzak eskatzen ditu: konpromiso profesionala, motibatzeko gaitasuna, berriztatzeko trebetasuna eta komunikaziorako gaitasuna, emaitzek eskatzen duten kohesio-, bizikidetza- eta lan-giroa sortzeko. Zuzendaritza-lanak egiten dituzte kide anitzeko organoek ere, eta Eskola Kontseiluek edo Ordezkaritza Organo Gorenek zeresan handia dute ikastetxeen erabakietan.

    Ikastetxeko Hezkuntza Proiektua inguruko ezaugarrien arabera erabakitzeko autonomiak bat etorri behar du, baina, ikastetxeak modu interdependentean funtzionatzearekin hezkuntza-sistema baten barnean. Hau da, autonomoak izan behar dute, baina, aldi berean, eragin eta parte hartu egin behar dute hezkuntza-sistema osorako adostutako helburu komunak erdiesten. Hala, hezkuntza-lanaren esparru orokorra ezartzen du Hezkuntza Administrazioak, eta jarduerak egiteko eta helburuak lortzeko baliabideak ematen dizkie ikastetxeei. Ikastetxeek, berriz, zehatz eta ganoraz erabili behar dituzte baliabide horiek, beren eginkizuna ahalik eta hobekien betetzeko.

    Lege-esparruak ikastetxeen pedagogia- eta kudeaketa-autonomia errespetatuko badu eta autonomia hori helburu eta arau komunekin uztartuko badu, beharrezkoa da ebaluazioak egiteko eta kontuak emateko mekanismoak ezartzea. Hezkuntza-sistemak erronka handiak dituenez, ezinbestekoa zaio informazio publikoa eta gardena jasotzea ikastetxeengandik, haiei emandako baliabideak nola erabiltzen diren jakiteko, bai eta haiekin lortutako emaitzak baloratzeko ere, kontuan hartuz inguruko gizartearen, ekonomiaren, kulturaren eta hizkuntzaren eragina.

    Proiektu instituzionalak ez dira hutsetik abiatzen eta ordura arteko hezkuntza-esperientziak baliatu behar dira; esaterako, elebitasunaren eta eleaniztasunaren ingurukoak, ikaskuntza- eta komunikazio-teknologien gainekoak, aniztasuna tratatzeari, bizikidetzari, hezkidetzari eta genero-indarkeriaren prebentzioari buruzkoak. Haiei denei esker eraikitako kultura pedagogikoak elkarren osagarritzat hartzen ditu zuzentasuna, konpromiso soziala, berrikuntza eta bikaintasun akademikoa. Bide horretan mugarri izan dira Euskal Curriculumaren proiektua eta Euskal Herrirako Curriculuma, hezkuntza-eredu eta curriculum propioa adostu baitzuten hezkuntzako, gizarteko eta politikako eragileek. Curriculum-proposamen horiek nortasun propioa eman diote euskal hezkuntza-sistemari, euskaran eta euskal kulturan oinarritua, aldi berean inguruan sustraitua eta kanpora zabalik. Ikuspuntu horretatik, euskal hezkuntza-sistemaren garapenak gertakari sozialetan inplikatzea eta parte hartzea esan nahi du, modu solidarioan lan eginez inguruko instituzioekin.

    Hezkuntza-eragile guztien ardura da familia, eskola, unibertsitatea, administrazio publikoa, tokiko gobernuak, komunikabideak, elkarte eta erakunde soziokulturalak, etab. zein bere arloan eta elkarlanean, eskolatzeaz harago, ikasleek oinarrizko edo funtsezko konpetentziak eskuratzea. Prozesu horretan, eskolak bere egitekoa partekatzen du hezkuntza-eragile guztiekin: «komunitate hezitzailearen» barruan daude hezkuntza-ereduko prozesu formalak, ez-formalak eta informalak, helburutzat hartuta pertsona guztiak bizitza osoan zehar prestatzea, mailaz igotzea eta garatzea, haurrak eta gazteak lehenetsita. Azken batean, pertsona guztien hezkuntza-eskubidea gauzatu nahi da, eta, horretarako, sinergiak sortu nahi dira ikastetxeetako hezkuntza-komunitateen, udal-politiken eta eragile soziokulturalen artean.

  3. kapitulua ikastetxe publikoen autonomia-proiektuari buruzkoa da. Beren funtzionamenduan sakontzeko eta beren hezkuntza-komunitateko premiei hobeto erantzuteko proiektuak aurkezten dituzten ikastetxeen eskaerari erantzun nahi zaio. Horretarako, proiektu bat aurkeztuko dute antolakuntza, curriculum eta giza baliabideen eta baliabide materialen alorreko neurriak eskatuz, lortu nahi dituzten emaitzen ildoan; Hezkuntza Administrazioak aldian-aldian hura ebaluatu, jarraipena egin eta kontrola eramango du.

  4. kapitulua ikasleen aniztasuna tratatzeari eta tutoretzari eta orientazioari buruzkoa da.

    Gizarteak eta, haren barruan, derrigorrezko eskolak inklusioaren bidez erantzun behar dio aniztasunari. Heziketaren ardura, orain arte ikaslea zuzenean artatzen duen profesionalaren esku soilik egon dena, komunitate osoaren bizkarrera pasatu da.

    Eskola inklusiboan haur eta gazte guztiek jasotzen dute hezkuntza, nolanahikoa ez baizik eta kalitatezkoa, guztiei aukera berdinak ematen dizkiena modu justu eta zuzenean.

    Eskola inklusiboak ikasle guztiei eskaini behar dizkie aukerak eta laguntzak garapen akademikorako eta pertsonalerako, Oinarrizko Hezkuntzaren helburuak lortzeko. Pertsonei egokitutako testuinguru bat sortu behar da, desberdintasunei erantzuten diena eta talderik edo pertsonarik ahulenei babes eta laguntza zehatzak emango dizkiena.

    Hezkuntza inklusiboak aniztasunaren adierazpen guztiak hartzen ditu aintzat: hizkuntza, kultura, gaitasunak, sexu-orientazioa, generoa eta baliabide sozioekonomikoak.

  5. kapitulua ikasleak ebaluatzeari, mailaz igotzeari eta titulazioari buruzkoa da. Ikaskuntzaren ebaluazioa ezin da bereizi curriculumaren gainerako elementuetatik. Honako hauek dira ikasitakoa ebaluatzeko erreferentziak: erabakitako helburuak, ikasleen irteera-profileko oinarrizko konpetentziak, hautatutako edukiak eta metodologia. Ikasleak ebaluatzeko proposamena baliozkoa izan dadin, alderdi horiekiko egokitasunari eta artikulazioari erreparatuko zaio.

    Proposatutako ebaluazio-eredua konpetentzien araberako hezkuntzaren barruan dagoenez eta ikaslearen irteera-profil gisa oinarrizko edo funtsezko konpetentziak eskuratzea aipatzen denez, ikaslearen ebaluazioak koherentea izan behar du premisa horiekin eta ikaskuntza-prozesuan txertatu behar du. Konpetentzien araberako hezkuntzan oinarrizko konpetentzia guztiak ebaluatu behar dira bai berariazkoak edo diziplina barrukoak, bai zeharkakoak, guztiak baitira beharrezkoak hezkuntza-xedeak lortzeko.

  6. kapitulua hezkuntza-sistemaren ebaluazioari eta hezkuntza-ikerkuntzari buruzkoa da, biak hala biak funtsezkoak Hezkuntza Administrazioak euskal ikasleen konpetentzia-maila zein den jakiteko Europakoaren aldean, eta bikaintasunera bidean aurrera egiteko.

    Nazioarteko ebaluazioak funtsezko bihurtu dira hezkuntza-sistemak alderatzeko. Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza-sistemak, nazioarteko ebaluazioak baliatzeaz gain, bere ebaluazio- eta ikerkuntza-eredua eraikitzen jarraitu behar du, bere baldintza berezietara egokitzeko. Gure hezkuntza-sistemako ebaluazioaren eta ikerkuntzaren barruan egongo dira aldian behingo kalitate-probak eta -ereduak, bai eta kalitatearen beste alderdi batzuen adierazleak eta hurbilketa kualitatiboak ere. Alegia, ebaluazioarekin batera, hezkuntza-sistemak ikerkuntza bultzatu behar du, datuetan oinarriturik, gure hezkuntzaren funtsezko alderdiak eta ezaugarriak aurkitzeko, ebaluazio-prozesuak hainbestera heltzen ez direnean.

    Dekretu hau osatzen dute bi eranskinek: Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ordutegiei, oinarrizko konpetentziei eta Lehen Hezkuntzako zein Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako curriculumei buruzkoak.

    Hori guztia aintzat hartuta, Euskadiko Eskola Kontseiluari entzun ondoren, eta Eusko Jaurlaritzako Aholku Batzorde Juridikoarekin bat, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren proposamenez, Jaurlaritzaren Kontseiluak 2015eko abenduaren 22an egindako bilkuran gaia aztertu ondoren, honako hau

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko Oinarrizko Hezkuntzako curriculuma finkatzen du dekretu honek, eta haren ezarpena, ebaluazioa eta garapena xedatzen du. Hala ere, betetzekoa izango da oinarrizko arautegia, Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako gutxieneko irakaskuntzak ezartzen dituena.

  2. Lehen Hezkuntzak eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzak osatzen dute Oinarrizko Hezkuntza, eta bizitza osorako hezkuntzaren derrigorrezko etapak dira.

  3. Dekretu hau Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe guztietan aplikatuko da, baldin eta Lehen Hezkuntza eta/edo Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza ematen badute.

Hezkuntzaren maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 16. eta 22. artikuluetan agertzen diren printzipioak ez ezik, Euskal Autonomia Erkidegoko Oinarrizko Hezkuntzak honako irizpide hauek ditu oinarri:

  1. Oinarrizko Hezkuntza abiapuntua da pertsonen bizialdiko etapa guztiak hartzen dituen hezkuntza garatzeko. Horiek horrela, haren helburua da gizakiaren gaitasunak ahalik eta gehien garatzea dimentsio guztietan, gizabanako eta pertsona aktibo gisa, garapen sozialarekin eta ingurumenaren garapen jasangarriarekin konprometituta.

  2. Oinarrizko Hezkuntza da gazteak helduarorako prestatzeko aldi komuna eta derrigorrezkoa. Bertan ezartzen dira bizialdi osorako oinarri sendoak, estereotipoak eta ezarritako ereduak gaindituz, beren bizitzak zentzuz gida ditzaten, beren helburuak hauta ditzaten, beren aukeren, egungo eta etorkizuneko premien eta pertsonak artatzearen ardura har dezaten, eta gizartean txerta daitezen, modu aktiboan, kritikoan eta arduratsuan parte hartuz eta beren nortasuna osoki garatuz.

  3. Oinarrizko Hezkuntzak gizakien ahalmenak osorik garatu behar ditu Haur Hezkuntzan hasita, eta bizitza osoan zehar behar diren oinarrizko konpetentziak eskuratzea, errealizazio eta garapen pertsonalerako, herritar aktiboak izateko, gizarteratzeko eta enplegua lortzeko.

  4. Oinarrizko Hezkuntza, derrigorrezkoa izanik, eskola-komunitate guztiari dago zuzenduta, eta orientabidea ematen du garapen pertsonalean, familiarrean, soziokulturalean, akademikoan eta profesionalean. Oinarrizko Hezkuntzaren ikasleen potentzialtasun guztiak garatzen lagundu behar du, haietako bakoitzaren ahalmenei erreparatuta.

  5. Oinarrizko Hezkuntzak pertsona guztien hezkuntza-eskubidea bermatu behar du. Horrenbestez, zuzentasunaren eta justizia sozialaren ildoan, hezkuntzak aukera berdinak eskaini behar ditu, bazterketarik egin gabe ezaugarri pertsonalengatik edo sexu-orientazio, kultur nortasun edo generoagatik, eta gainditu egin behar ditu desberdintasun ekonomikoak, sozialak, kulturalak eta pertsonalak. Hezkuntza-zerbitzu guztiak eskuragarri egotea ere bermatu behar du, eta laguntza eta babes zehatzak eman behar ditu oinarrizko baldintzak berdinak izan daitezen eta ikaskuntza unibertsala izan dadin. Bai Administrazioak eta hezkuntza-arduradunek, bai hezkuntza-komunitateko profesionalek zein kideek inklusio-printzipioa izan behar dute beren jardueren ardatz, eta hezkuntza muinbakarra eta banakakoa sustatuko dute oinarrizko eta derrigorrezko hezkuntza amaitu arte.

  6. Zuzentasunaren, elkartasunaren eta aukera-berdintasunaren aldeko eskola inklusiboaren baitan, Oinarrizko Hezkuntzak lehenetsi egingo du ikasleek oinarrizko konpetentziak eskuratzea, ikasleen aniztasunari arreta ematea gaitasun intelektual handiko ikasleak barne, gertatu bezain laster hautematea eta tratatzea ikasteko zailtasunak, ikasleei tutoretzak eta hezkuntza-orientazioa ematea, eta familiekiko harremana. Horren guztiaren helburua hezkuntza-ingurune egokia eraikitzea eta ikasteko oztopoak ezabatzea da.

  7. Oinarrizko Hezkuntzak pertsonaren garapen integralari laguntzen dio, alde batera utziz sexuaren araberako estereotipoak eta rolak, bai eta bereizkeria mota oro ere, generoaren eraginik gabeko orientazio akademikoa eta profesionala bermatuz. Horretarako, ikastetxeek emakumeen eta gizonen benetako berdintasuna bultzatuko dute alor guztietan: curriculuma, antolaketa eta abar.

  8. Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza hezitzaileak eta orientatzaileak dira; hau da, irakasle guztiak dira hezitzaile, elkarrekin koordinatuta aritzen dira nor bere etapatik eta curriculum-arlotik, heziketaren arduradunekin lankidetzan, batik bat familiarekin, baina baita beste instantzia eta eragile sozializatzaile eta hezitzaile batzuekin ere.

  9. Eskolako bizikidetza egokia izango bada, hezi beharra dago bake positiboan, giza eskubideetan, justizian, elkartasunean eta inklusioan. Hezkuntza-eskumenak dituen sailak Ikastetxeko Hezkuntza Proiektuak sustatuko ditu bakearen kulturari eta genero-indarkeriaren prebentzioari buruzkoak, kulturen, generoen, eta sexu-orientazioaren aniztasuna eta gizonen eta emakumeen arteko aukera-berdintasuna, elkarrizketa, garapen emozionala, gatazkak modu baketsuan konpontzeko estrategiak, eta hezkuntza-komunitateko kide guztien eskubideak eta betebeharrak.

  10. Ikastetxeek, ikasleak onartzeko araudiak aurerikusitakoaren arabera, aukera-berdintasuna sustatuko dute eskolaratzean eta eskolako ibilbidean: heziketa-aukera berdinak eskainiko dizkiete haur eta nerabe guztiei, eta, helburu horrekin, bereizketa positiboa egingo dute, modu inklusiboan, zailtasun ekonomikoak, sozialak, kulturalak edo pertsonalak dituztenen alde, hezkuntza-prozesuan laguntzeko eta eskola-porrotari aurre hartzeko.

  11. Oinarrizko Hezkuntzako jakintza-arloek eta ikasgaiek euskal curriculuma txertatuko dute curriculum propioan, eta oinarrizko konpetentziak dimentsio guztietan garatzen lagunduko dute.

  1. Oinarrizko Hezkuntza derrigorrezkoa eta doakoa da. Hamar ikasturte ditu, normalean sei urtetik hamasei urtera egiten da, bi etapatan banatuta: lehen sei urteek Lehen Hezkuntza osatzen dute, normalean 6 urtetik 12 urtera; ondorengo lau urteek Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza osatzen dute, normalean 12 urtetik 16 urtera.

  2. Lehen Hezkuntza ikasturtetan eta arlotan banatzen da. Pedagogiaren eta antolakuntzaren autonomiari jarraituz, ikastetxeek Lehen Hezkuntzako sei ikasturteak ziklotan antolatzea erabaki dezakete beren Hezkuntza Proiektuan. Hezkuntza-eskumenak dituen sailak bi zikloko curriculum-proposamena eskainiko du, aurrenekoa lehen, bigarren eta hirugarren ikasturteak; eta bigarrena, berriz, laugarren, bosgarren eta seigarren ikasturteak. Proposamen hori orientagarria da ikastetxeentzat.

  3. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza ikasturtetan eta ikasgaitan dago antolatuta, diziplinen arteko lotura eta koordinazioa zainduz, eta arreta berezia jarriko du ikasleen hezkuntza- eta lanbide-orientazioan. Laugarren mailak izaera propedeutikoa izango du. Halaber, orientagarria izango da, derrigorrezko hezkuntzaren osteko ikasketak egiteko zein lan-munduan sartzeko.

  4. Hezkuntza-eskumenak dituen sailak Oinarrizko Hezkuntzarako bidea erraztuko die hezkuntza-sistema titulaziorik eskuratu gabe utzi duten gazteei eta helduei, eta, horretarako, irakaskuntza modu malguak baliatuko ditu.

  5. Hezkuntza-eskumenak dituen sailak bermatuko du hezkuntza-premia bereziak dituzten eta derrigorrezko eskolatzealdia amaitu ondoren Oinarrizko Lanbide Heziketara sartzen ez diren ikasleen hezkuntza-eskubidea, Helduarora igarotzeko programen eskaintzaren bidez.

Honako hauek dira Oinarrizko Hezkuntzaren xedeak:

  1. Kulturaren oinarriak eskuratu ahal izateko alfabetatzea, dimentsio guztiak orekatuz, euskaldunetik unibertsalera.

  2. Ikasitakoa erabiltzea, modu kontzientean eta integratuan, bizitzaren arlo guztietako egoerak eta problemak konpontzeko eta hobetzeko aukera berriak sortuz, pertsona maila guztietan garatu ahal izan dadin.

  3. Ikasleak helduarorako eta bizitza oso baterako prestatzea, gizabanako diren aldetik; bizikidetza harmoniatsua garatzearekin eta gizarte justu eta zuzenago bat eraikitzearekin konprometituak; eta natura zaintzearekin eta garapen jasangarriarekin konprometituak.

  4. Goragoko ikasketak egiteko nahiz lanean hasteko prestatzea, berme osoz, eta bizitzan zehar etengabe ikasteko eta prestatzeko motibatzea.

  1. Oinarrizko Hezkuntza baliagarria izango da ikasleek gara ditzaten Oinarrizko Hezkuntzako irteera-profil orokorraren helburuak lortzeko behar dituzten gaitasunak.

  2. Ikasleek Derrigorrezko Oinarrizko Hezkuntza amaitzerako lortu behar dituzten oinarrizko konpetentziak dira ikasleen irteera-profil orokorra, hezkuntza-xedeak betetzeko eta bizitzaren esparru eta egoera guztietan moldatzen jakin dezaten. Ikasleen irteera-profil orokorra agertzen da dekretu honen II. eranskineko Oinarrizko Hezkuntzako curriculumaren Planteamendu orokorrean.

  3. Irteera-profil orokorra ebaluatzeko modua zehazten da Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako irteera-profilean.

  4. Ikasleen irteera-profila zehazten da Lehen Hezkuntzako jakintza-arloen eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasgaien etapako helburuetan. Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleen irteera-profilak azaltzen dira dekretu honen II. eranskinean; zehazki, Oinarrizko Hezkuntzako curriculumaren berariazko ikuspegian.

  5. Hezkuntza-eskumenak dituen sailak, irteera-profila erreferentetzat hartuta, zeina ikasle guztientzat berdina baita, adinako aholkularitza emango die ikastetxeei, Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako irteera-profilak beren ikasleentzat moldatu ahal izan ditzaten ikastetxearen proiektu instituzionalen barruan.

  1. Konpetentzia da irakaskuntza- eta hezkuntza-etapa bakoitzeko eduki propioak modu integratuan aplikatzeko gaitasuna, jarduerak behar bezala egitea eta arazo konplexuak modu eraginkorrean ebaztea helburu dituena.

  2. Pertsona guztiek beren burua errealizatzeko eta garatzeko, herritar aktiboak izateko, gizarteratzeko eta lan egiteko behar dituztenak dira oinarrizko konpetentziak.

  3. Oinarrizko konpetentzia horiek izan daitezke zeharkakoak edo diziplina barrukoak.

  4. Oinarrizko Hezkuntza amaitzean, ikasle guztiek oinarrizko konpetentziak garatuta izan behar dituzte helduaroari ekiteko, bai eta konpetentziok garatzen, mantentzen eta eguneratzen jarraitzeko ere, etengabeko ikaskuntzaren bidez.

  5. Ikasleak oinarrizko konpetentzia horiez modu eraginkorrean jabetzeko, ikastetxeek jarduera integratuak diseinatuko dituzte, ikasleek konpetentzia bat baino gehiago ikas dezaten aldi berean.

  1. Bizitzako alor eta egoera pertsonaletan, sozialetan, akademikoetan eta lanekoetan diziplina-arlo guztietan nahiz eguneroko bizitzan, arazoak eraginkortasunez konpontzeko behar direnak dira. Arlo edo ikasgai guztietan batera lan eginez sustatu eta sendotu behar dira, eta bizitzako alor eta egoera guztietan integratuz eskuratzen eta aplikatzen dira.

  2. Honako hauek dira oinarrizko zehar-konpetentziak:

    1. Hitzez, hitzik gabe eta modu digitalean komunikatzeko konpetentzia.

      Hitzezko eta hitzik gabeko komunikazioa eta komunikazio digitala modu osagarrian erabiltzea, ganoraz eta egoki komunikatu ahal izateko egoera pertsonal, sozial eta akademikoetan.

    2. Ikasten eta pentsatzen ikasteko konpetentzia.

      Ikasteko eta lan egiteko ohiturak, ikasteko estrategiak eta pentsamendu zorrotza izatea, eta ikasitakoa mobilizatzea eta beste testuinguru eta egoera batzuetara eramatea, norberaren ikaskuntza modu autonomoan antolatzeko.

    3. Elkarbizitzarako konpetentzia.

      Pertsonen arteko, taldeko eta komunitateko egoeretan elkarrekikotasunez parte hartzea, eta norberari aitortutako eskubideak eta betebeharrak besteri aitortzea, norberaren zein guztion ongirako.

    4. Ekimenerako eta ekiteko espiriturako konpetentzia.

      Ekimena izatea eta ekite-prozesua erabakitasunez eta eraginkortasunez kudeatzea testuinguru eta egoera pertsonal, sozial, akademiko eta lanekoetan, ideiak ekintza bihurtzeko.

    5. Izaten ikasteko konpetentzia.

      Bizitzan zehar agertzen diren sentimendu, pentsamendu eta ekintza pertsonalez gogoeta egitea eta haiek sendotzea edo egokitzea, haien gaineko balorazioaren arabera, bere burua etengabe hobetuz pertsona osorik errealizatzeko.

  1. Diziplina barruko oinarrizko konpetentziak dira, hain zuzen, bizitzako maila pertsonalean, sozialean, akademikoan eta laboralean arazoak eraginkortasunez konpontzeko behar direnak, eta diziplina-arloren batekin erlazionatutako baliabide espezifikoak mugiarazte eskatzen dute. Diziplina-matrize bat dute oinarrian, arloren bateko arazoen eta egoeren bitartez eskuratzen dira, baina diziplina-arlo bateko edo batzuetako arazoak eta egoerak konpontzeko aplika daitezke.

  2. Honako hauek dira diziplina barruko oinarrizko konpetentziak:

    1. Hizkuntza- eta literatura-komunikaziorako konpetentzia.

      Hitzezko eta idatzizko testuak egokiro erabiltzea euskaraz, gaztelaniaz eta atzerriko hizkuntza batean gutxienez, bizitzako hainbat alorretako egoeratan, eraginkortasunez eta hizkuntza-aniztasuna errespetatuz. Literatura-hezkuntza garatzea ere bai, nork bere burua eta inguruko mundua hobeto ezagutzeko.

    2. Matematikarako konpetentzia.

      Jakintza matematikoa aplikatzea bizitzako premiekin zerikusia duten arazoak interpretatzeko, deskribatzeko, azaltzeko eta haiei erantzuteko, arloaren berezko pentsamendu- eta adierazpen-moduak eta tresnak erabilita.

    3. Zientziarako konpetentzia.

      Jakintza eta metodologia zientifikoa modu koherentean, egokian eta zuzenean erabiltzea sistema eta fenomeno naturalak interpretatzeko, eta aplikazio zientifiko-teknologikorik esanguratsuenak erabiltzea hainbat testuingurutan, errealitatea ebidentzia zientifikoaren ikuspegitik ulertzeko, eta bizitzako alor eta egoera guztietan erabakiak arduraz hartzeko.

    4. Teknologiarako konpetentzia.

      Produktu eta sistema teknologikoak zentzuz garatzea eta erabiltzea, jakintza teknikoak eta beste adar batzuetakoak metodikoki eta eraginkortasunez aplikatuta, egoera interesgarriak ulertzeko eta konpontzeko eta produktu eta zerbitzu berriak eskaintzeko, eta emaitzen berri ematea, hobetzeko edo erabakiak arduraz hartzeko prozesuekin jarraitzeko.

    5. Gizarterako eta herritartasunerako konpetentzia.

      Nork bere burua, bere taldea eta bere mundua ulertzea, gizarte-zientzien ezaupideak eskuratuz, kritikoki interpretatuz eta erabiliz, eta haien prozedurak eta metodologiak baliatzea, bizitzako ohiko egoeretan modu autonomoan jarduteko, herritar gisa, eta, hartara, gizarte guztiz demokratiko, solidario eta inklusibo bat garatzen laguntzeko.

    6. Arterako konpetentzia.

      Hainbat kultura- eta arte-adierazpen ulertzea eta kritikoki baloratzea, garai eta erabilera anitzetakoak, faktore estetikoek pertsonen eta gizarteen bizitzan duten garrantziaz ohartzeko. Artearen hizkuntzak ezagutzea eta haien kodeak erabiltzea mezu artistikoak sortzeko eta haien bidez adierazteko eta komunikatzeko, ekimena, irudimena eta sormena erabiliz.

    7. Konpetentzia motorra.

      Norberarekin eta besteekin, bai eta inguru fisiko eta kulturalarekin lotuta dauden esparru motorreko egoerei aurre egitea modu autonomoan, kritikoan, sortzailean eta espresiboan. Horretarako, bada, jokaera motorra garatzen lagunduko duten ezagutzak, prozedurak eta jarrerak integratu beharko dira, bizi-estilo osasuntsu baten bitartez ongizate integrala lortzen lagunduko duten jarduera fisiko eta kirol-jarduerak praktikatzeko ohiturak hartuz.

Hezkuntza-eskumenak dituen sailak ondorengo printzipio hauetan oinarritutako metodologia bat sustatuko du:

  1. Inklusibitatea eta zuzentasuna aplikatzen direla bermatzeko, hezkuntza-eskumenak dituen sailak konpetentzia guztien garapena eta ikasle guztien arrakasta ongien bermatzen duten ikaskuntza- eta irakaskuntza-metodologiak sustatuko ditu.

  2. Konpetentzien araberako pedagogiak ezaugarri nagusi hauek ditu:

    1. Problema-egoerak konpontzea, eskura dauden baliabideak modu integratuan erabiliz.

    2. Eskolaren xede nagusia ez da informazioak eta ezagutzak transmititzea, oinarrizko konpetentziak garatzea baizik.

    3. Adierazpenezko, prozedurazko eta jarrerazko edukiak baliabideak dira, baina ezinbestekoak dira problema-egoerak konpontzeko.

    4. Oinarrizko konpetentziak garatu ahal izateko, egoera errealetako jarduerak proposatu behar dira, eguneroko bizitzako problema nagusiak jakintzarekin lotuz.

    5. Oinarrizko konpetentziak ganoraz ikasteko, ikasleak modu aktiboan inplikatu behar du jakintza bilatzen, ikasten, esperimentatzen, hausnartzen, aplikatzen eta komunikatzen.

    6. Gaitasunak garatzeko, irakaslea ikasleen ikaskuntzaren tutorea da, eta, horretarako, haien ikaskuntza-prozesuak diseinatu, planifikatu, antolatu, estimulatu, lagundu, ebaluatu eta birbideratu behar ditu.

  1. Hezkuntza-eskumenak dituen sailak elebitasuna bultzatuko du hezkuntza eleaniztun baten barruan, hizkuntza-ereduak hobetzen eta garatzen lagunduz. Horretarako, lehentasunezko tratua bermatuko du euskararentzat, bi hizkuntza ofizialen erabilera sozial desorekatua konpentsatzeko, ikasleek Oinarrizko Hezkuntza amaitzean komunikazio-konpetentzia praktikoa eta eraginkorra izan dezaten euskaraz nahiz gaztelaniaz, eta atzerriko lehen hizkuntzan ere nahikoa. Hori guztia, atzerriko bigarren hizkuntza batean oinarrizko ezagutzak lortzea baztertu gabe, hizkuntza-proiektuan hala jasoa duten ikastetxeetan.

    Edonola ere, bi hizkuntza ofizialen hizkuntz eta literatur komunikaziorako konpetentziaren erreferentzia-maila ikasle guztientzat berdina delarik, ikasleen eta haien ingurunearen baldintza soziolinguistikoak ere hartuko ditu aintzat, eta, horrenbestez, ikastetxeek baldintza horietara egokituko dituzte beren Hizkuntza Proiektua eta Curriculum Proiektua, eta eragile aktiboak izango dira hizkuntza normaltzeko prozesuan.

  2. Bi hizkuntza ofizialen erabileran oreka eta berdintasuna bilatzea da hezkuntza-sistemaren xedeetako bat, eta euskarak gizarte-erabilera desorekatua eta ahula duenez gaztelaniaren aldean, euskara hezkuntza-komunitatearen jarduera guztietan adierazpide normala izan dadin bultzatu eta bermatu behar du hezkuntza-eskumenak dituen sailak.

  3. Ikastetxeek euskara eta gaztelania landuko dituzte Oinarrizko Hezkuntzan, ikasleek eskuratu ahal izan ditzaten bi hizkuntza horiek ulertzeko eta ahoz eta idatziz adierazteko trebetasunak, eta biak hala biak erabil daitezen eremu pertsonalean, sozialean eta akademikoan.

  4. Elebitasunetik abiatuz ikasleak eleaniztunak izateko bidean aurrera egiteko, atzerriko hizkuntzen ikaskuntza eta erabilera sendotzeko neurriak hartuko dituzte ikastetxeek, eta, pixkanaka, beren hizkuntza-proiektu eta curriculum-proiektuen barruan arlo edo ikasgai ezberdinetako curriculum-edukiak atzerriko hizkuntzan irakasten hasi ahal izango dira, betiere, Dekretu honetako 11. artikuluan ezarritako printzipioekin bat.

  5. Hezkuntza-eskumenak dituen sailak behar diren neurriak ezarriko ditu ikastetxeetan arloak edo ikasgaiak, pixkanaka, atzerriko lehen hizkuntzak irakasten has daitezen, dekretu honen bosgarren xedapen gehigarrian aurreikusitako hezkuntza-sistema hobetzeko planari jarraituz.

  1. Hezkuntza-eskumenak dituen sailak hizkuntzen trataera integratua eta integrala sustatuko du.

    Horrek arreta berezia ematen dio ikasketak hainbat hizkuntzatan emateari, komunikatzeko konpetentzia eleaniztun bat lortzeko asmoz. Hizkuntza bakoitzak berezkoa duena lantzea eta denek berdina dutena partekatzea da, betiere, ikasleak modu egokian eta eraginkorrean erabiltzen duelarik egoera bakoitzak eskatzen duen hizkuntza.

    Hizkuntzen trataera integralean, irakasle guztiek hizkuntzetakoek direnek nahiz ez direnek elkarrekin aritu behar dute komunikaziorako konpetentzia garatzen. Horretarako lagungarriak dira arlo edo ikasgai bakoitzeko jakintzen adierazpide bereziak eta hizkuntza bakoitzeko egoera eta esperientzia guztiak.

  2. Bi hizkuntza ofizialetan eta gutxienez atzerriko batean konpetentzia eleaniztuna lortzeko hizkuntzen curriculum integratu eta integral baten bidez, honako printzipio hauek beteko dira:

    1. Hizkuntzak irakasteak inklusioa izan behar du oinarrian; hau da, ikasle guztiek izan behar dute gai, ama-hizkuntza edozein dutela ere, eleaniztasunerako konpetentzia bere osotasunean garatzeko.

    2. Hizkuntzak irakasteak erabilera izan behar du oinarrian, hizkuntzak erabilera sozial eta akademikoaren bidez ikasten baitira eta komunikatzeko beharrizan pragmatikoek bideratzen eta errazten baitute kodeaz jabetzea. Printzipio horren ildoan, hizkuntza eta edukiak integratzea da zentzuzkoena.

    3. Hizkuntzak irakasteak komunikazioa izan behar du oinarrian; hau da, hizkuntza bakoitzeko egoera pertsonal, sozial eta akademiko adierazgarriak hautatu behar dira, eta ikasgela komunikazio-gune pribilegiatu bihurtu, ikasleek denetariko komunikazio-jardueretan parte hartzeko, eraginkortasunez.

    4. Hizkuntzak irakasteak hizkuntzekiko eta hiztunekiko jarrera ona garatzea izan behar du oinarrian, kontuan hartuz hizkuntzak zein garrantzitsuak diren gizarteko harremanetan eta gizabanakoen garapen emozionalean.

  1. Oinarrizko Hezkuntza amaitzen duten ikasleek konpetentzia digital eta mediatikoa eskuratu behar ditu, alfabetatze edo gaikuntza funtzional osoa bermatzeko.

  2. Alfabetatze multimediatiko hori lortzeko, baliabide digitalak eduki behar dira arlo eta ikasgai guzti-guztietan, modu normalizatuan txertatu ahal izan daitezen irakaskuntza- eta ikaskuntza-prozesuetan.

  3. Konpetentzia hori garatu ahala modu etikoan eta arduratsuan jarduten ikasteko besteak beste kontuan hartuz pertsonen intimitatea, norberaren irudia eta sexu-joera eta -nortasuna, eta aurre eginez sexismoari eta arrazakeriari, alderdi horiek ere sartu egin behar dira irakaskuntza- eta ikaskuntza-prozesuen eta -egoeren plangintzan.

  4. Informazio eta Komunikazio Teknologiak irakaskuntza- eta ikaskuntza-prozesuetan behar bezala integratzeko, irakasleen konpetentzia digitala sustatuko da; hau da, ikasgelan baliabide digitalak erabiltzeko prestakuntza eta ikasteko eta hezkuntza-baliabideak elkarrekin erabiltzeko komunitate birtualak sortuko dira.

  1. Dekretu honetan ezarritakoaren ondorioetarako, Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasgaien ikaskuntza- eta irakaskuntza-prozesuko elementuak arautzea da.

  2. Honako elementu hauek osatzen dute curriculuma:

    1. Arlo edo ikasgai bakoitzari dagozkion edukiak modu integratuan aplikatzeko oinarrizko konpetentziak edo gaitasunak, pertsona guztiek beren garapen pertsonala lortzeko behar dituzten jarduerak egokiro egitea lortzeko eta arazo konplexuak eraginkortasunez ebazteko, bai eta herritartasun aktiboa, inklusio soziala eta enplegua sustatzeko ere.

    2. Irakaskuntza bakoitzaren helburuak, hau da, ikasleek Oinarrizko Hezkuntzako irteera-profilaz jabetzeko eskuratu behar dituzten konpetentziak.

    3. Gaikako edukiak, Oinarrizko Hezkuntzako helburuak lortzeko eta oinarrizko konpetentziez jabetzeko adierazpenezko ezaupideak, prozedurak eta jarrerak biltzen dituztenak.

    4. Metodologia didaktikoa, hau da, irakasleen jardunbideak, irakasle-lanaren antolakuntza eta orientabide metodologikoak.

    5. Ebaluazio-irizpideak eta lorpen-mailaren adierazleak, hau da, arlo edo ikasgai bakoitzerako finkatutako konpetentziak eta helburuak zenbateraino eskuratzen diren neurtzeko estandarrak.

  3. Arlo edo ikasgai bakoitzeko oinarrizko konpetentzia bakoitza eta bere osagaiak, helburuak, edukiak, ebaluazio-irizpideak eta lorpen-adierazleak agertzen dira oinarrizko arautegian, eta II. eranskinak eta ikastetxe bakoitzaren Curriculum Proiektuak horiek osatzen ditu, Dekretu honen 23. artikulua betez.

  1. Lehen Hezkuntza jakintza-arlotan dago egituratuta, etapa bakoitzaren izaera globala kaltetu gabe, haurren esperientziak eta ikaskuntzak integratu behar baitira. Etapa honetan, ikasleen esperientziak eta ikaskuntzak integratzeko ahalegina egingo da, eta ikasleen lan-erritmoetara egokituko da, haien gaitasunak ahalik eta gehien garatzeko.

  2. Honako hauek dira diziplinen barruko oinarrizko konpetentzien baliabideak irakastearekin eta ikastearekin lotutako arloak:

    1. Euskara eta Literatura, Gaztelania eta Literatura, eta Atzerriko Lehen Hizkuntza, hizkuntz eta literatur komunikaziorako konpetentziarekin.

    2. Matematika (matematikarako konpetentzia).

    3. Natur Zientziak (zientziarako eta teknologiarako konpetentzia).

    4. Gizarte Zientziak, Balio Sozialak eta Zibikoak, eta Erlijioa (gizarterako eta herritartasunerako konpetentzia).

    5. Arte Hezkuntza (arterako konpetentzia).

    6. Gorputz Hezkuntza (konpetentzia motorra).

      Arlo bakoitzak oinarrizko zehar-konpetentzia guztiak garatzeko balio du eta, gehiago edo gutxiago, diziplinen barruko beste oinarrizko konpetentziak garatzeko ere bai, bizitza errealeko problemak konpontzeak hainbat arlotako baliabideak modu osagarrian erabiltzea eskatzen baitu.

  3. Ikasleek ondorengo arloak ikasi behar dituzte ikasturte bakoitzean:

    1. Natur Zientziak.

    2. Gizarte Zientziak.

    3. Euskara eta Literatura.

    4. Gaztelania eta Literatura.

    5. Matematika.

    6. Atzerriko Lehen Hizkuntza.

    7. Arte Hezkuntza.

    8. Gorputz Hezkuntza.

    9. Erlijioa edo Balio Sozial eta Zibikoak, gurasoek edo legezko tutoreek aukeratutakoa. Etaparen hasieran egingo da aukeraketa, eta etapa osorako izango da. Aldatu nahi izanez gero, ikasturtearen hasieran egin behar da eskaera.

  4. Euskara eta Literatura, eta Gaztelania eta Literatura arloek tratamendu bera jasoko dute.

  5. Horretaz gainera, ikasleek arlo bat edo batzuk gehiago ikasi ahal dituzte sakontzekoak, indartzekoak edo bestelakoak, hezkuntza-eskumenak dituen sailak jarritako baldintzen arabera.

  6. Arau orokor gisa, Lehen Hezkuntzako arlo guztietan eman dezakeen irakasle bakar batek irakatsiko ditu arlo guztiak, eta taldeko tutorea izango da, ikastetxearen antolaketak horretarako aukera ematen badu. Musika, gorputz hezkuntza eta atzerriko hizkuntza irakasteko, espezializazioa edo kualifikazioa beharko da. Balio Sozialen eta Zibilen arloa ikastetxeko edozein irakaslek eman ahal izango du zuzendaritzak izendatuta, baina aukeran tutoreak berak, zeinak arlo horretako elementuak beste jakintza-arlo batzuetan ere integratu ahal izango dituen.

  7. Ikas-arloen trataeran globalizazioa eta diziplinartekotasuna sustatu nahian, ikastetxeek jakintza-arloka sailkatu ahal dituzte etapa honetako ikasgaiak.

  1. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza ikasgaitan banatzen da eta lau maila ditu. Ikasgaika antolatzeak ez du kaltetzen etaparen diziplina-artekotasuna, ez eta oinarrizko konpetentziak garatzea ere.

  2. Honako hauek dira diziplinen barruko oinarrizko konpetentzien baliabideak irakastearekin eta ikastearekin zuzen-zuzenean lotutako ikasgaiak:

    1. Euskara eta Literatura, Gaztelania eta Literatura, Atzerriko Lehen Hizkuntza, Atzerriko Bigarren Hizkuntza eta Latina (hizkuntz eta literatur komunikaziorako konpetentzia).

    2. Matematika (matematikarako konpetentzia).

    3. Biologia eta Geologia, Fisika eta Kimika, Kultura Zientifikoa, Jarduera Profesionalari aplikatutako Zientziak (zientziarako konpetentzia).

    4. Teknologia eta Informazio eta Komunikazio Teknologiak (teknologiarako konpetentzia).

    5. Geografia eta Historia, Balio Etikoak, Erlijioa, Ekonomia, Ekintzailetza- eta enpresa-jardueren hastapena, Kultura Klasikoa eta Filosofia (gizarterako eta herritartasunerako konpetentzia).

    6. Plastikako, Ikusizko eta Ikus-entzunezko Hezkuntza, Musika eta Arte Eszenikoak eta Dantza (arterako konpetentzia).

    7. Gorputz Hezkuntza (konpetentzia motorra).

      Ikasgai bakoitzak oinarrizko zehar-konpetentzia guztiak garatzeko balio du eta, gehiago edo gutxiago, diziplinen barruko beste oinarrizko konpetentziak garatzeko ere bai, bizitza errealeko problemak konpontzeak hainbat arlotako baliabideak modu osagarrian erabiltzea eskatzen baitu.

  3. Ikasleek Euskara eta Literatura eta Gaztelania eta Literatura ikasgaiak ikasi behar dituzte, derrigorrezkoak baitira Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan; arlo biek tratamendu bera jasoko dute.

  4. Lehenengo eta bigarren mailan, Euskara eta Literatura eta Gaztelania eta Literatura ikasgaiez gain, honako ikasgai hauek ere egin beharko dira:

    Geografia eta Historia.

    Matematika.

    Atzerriko lehen hizkuntza.

    Biologia eta Geologia lehen mailan.

    Fisika eta Kimika bigarren mailan.

    Gorputz Hezkuntza.

    Erlijioa edo Balio etikoak, gurasoen edo legezko tutoreen edo, hala dagokionean, ikaslearen aukeran.

    Teknologia.

  5. Hirugarren mailan, Euskara eta Literatura eta Gaztelania eta Literatura ikasgaiez gain, honako ikasgai hauek ere egin beharko dituzte ikasle guztiek:

    Geografia eta Historia.

    Irakaskuntza akademikoetara bideratutako matematika edo Irakaskuntza aplikatuetara bideratutako matematika.

    Atzerriko lehen hizkuntza.

    Biologia eta Geologia.

    Fisika eta Kimika.

    Gorputz Hezkuntza.

    Erlijioa edo Balio etikoak, gurasoen edo legezko tutoreen edo, hala dagokionean, ikaslearen aukeran.

    Teknologia.

  6. Ikasle guztiek ikasi beharko dituzte Plastikazko, Ikusizko eta Ikus-Entzunezko Hezkuntza eta/edo Musika lehenengo, bigarren eta hirugarren mailetan. Gainera, ikastetxeek Bigarren Atzerriko Hizkuntza ere eskaini ahalko dute maila horietan.

  7. Laugarren mailan, Euskara eta Literatura eta Gaztelania eta Literatura ikasgaiez gain, honako ikasgai hauek ere egin beharko dituzte ikasle guztiek:

    Geografia eta Historia.

    Irakaskuntza akademikoetara bideratutako matematika, edo Irakaskuntza aplikatuetara bideratutako matematika.

    Atzerriko lehen hizkuntza.

    Gorputz Hezkuntza.

    Erlijioa edo Balio etikoak, gurasoen edo legezko tutoreen edo, hala dagokionean, ikaslearen aukeran.

  8. Laugarren mailan, gainera, ikasleek hauetako ikasgaietatik bi ikasiko dituzte gutxienez, aukeratzen duten multzoaren arabera:

    A multzoa

    Biologia eta Geologia.

    Ekonomia.

    Fisika eta Kimika.

    Latina.

    B multzoa

    Jarduera profesionalari aplikatutako zientziak.

    Ekintzailetza- eta enpresa-jardueren hastapena.

    Teknologia.

  9. Laugarren mailan, gainera, ikasleek hauetako ikasgaietako bi aukeratuko dituzte gutxienez (A eta/edo B multzoetatik hartuak):

    A multzoa

    Arte Eszenikoak eta Dantza.

    Kultura zientifikoa.

    Kultura klasikoa.

    Plastikako, Ikusizko eta Ikus-entzunezko Hezkuntza.

    Filosofia.

    Musika.

    Atzerriko bigarren hizkuntza.

    Informazio eta Komunikazio Teknologiak.

    B multzoa. Eman gabeko ikasgai bat, honako hauen artetik:

    Biologia eta Geologia.

    Ekonomia.

    Fisika eta Kimika.

    Latina.

    Jarduera profesionalari aplikatutako zientziak.

    Ekintzailetza- eta enpresa-jardueren hastapena.

    Teknologia.

  10. Ikastetxeek curriculum-ibilbideak osa ditzakete, beren curriculum-proiektuaren arabera eta beren hezkuntza-eskaintzaren arabera, ikasleei ikasgaiak aukeratzeko orientabidea emateko.

    Nahi duten ikasle guztiei derrigorrezko irakaskuntzaren ondokoetan sartzen errazteko, ikastetxeek behar diren antolakuntza- eta curriculum-neurriak hartuko dituzte artikulu honen 8. atalaren A eta B multzoei dagozkien ikasgaietarako ibilbideak sortzen uzteko.

    Ikastetxeek diziplinazko oinarrizko konpetentzia Sozial eta Zibikoa eta Zientifikoa eta Teknologikoaekin erlazionatutako bi ikasgai sartu ahalko dituzte, betiere sartutako ikasgai bakoitzerako I. eranskinean ezarritako gutxieneko ordutegia errespetatzen badute.

    Irakasle bakar batek emango ditu ikasgai integratuak, eta kalifikazio bereiztuak dituzten bi ikasgaitzat joko dira.

  11. Aurreko ataletan aipatutako ikasgaiez gain, bere autonomiaren barruan, ikastetxeek beste ikasgairen bat eskaini ahal dute, hezkuntza-eskumenak dituen sailak ezarritako baldintzetan.

Ikastetxeek ezagutza-arloetan sartu ahalko dituzte curriculum-gaiak, betiere errespetatuz elkartutako ikasgai guztien edukiak, ebaluazio-irizpideak eta lorpen-adierazleak edo estandar ebaluagarriak, bai eta horiei guztiei esleitutako ordutegia ere. Elkartze horrek irakaskuntzen antolaketan eragingo du, baina ez ebaluatzeko eta mailaz igotzeko orduan.

  1. Hezkuntza-eskumenak dituen sailak hezkidetza-proiektuak egitea eta hezkuntza-proiektu eta curriculumetan hezkidetzako helburu hauek sar daitezen sustatuko du:

    1. Emakumeei eta gizonei esleitutako portaera-eredu soziokulturaletan oinarrituta eraiki diren sexuaren araberako aurreiritziak, estereotipoak eta rolak ezabatzea, sexu bateko zein besteko ikasleei beren buruak erabat garatzeko aukerak eskaintze aldera.

    2. Emakumeen jakintza eta gizadiaren garapenari egin dioten ekarpen soziala eta historikoa txertatzea, irakatsitako edukiak berrikusiz eta zuzenduz, hala dagokionean.

    3. Beharrezko jakintzak gehitzea, etxeko lanak eta pertsonen zaintza dela eta, neskek nahiz mutilek gaur egun dauzkaten eta etorkizunean izan ditzaketen beharrizanen eta erantzukizunen ardura har dezaten.

    4. Ikasleak trebatzea, aukera akademikoak egiten dituztenean ez ditzaten aintzat hartu generoan oinarritutako baldintzapenak.

    5. Emakumeenganako indarkeriaren prebentzioa; horretarako, gatazkak konpontzeko indarkeriarik gabeko metodoak ikasiko dira, bai eta aniztasunean eta emakumeen eta gizonen eskubide- eta aukera-berdintasunean oinarritutako bizikidetza-ereduak ere.

  2. Era berean, ikastetxeek Oinarrizko Hezkuntzaren maila guztietako tutoretzan sartuko dute indarkeriazko jokaeren prebentzioa eta eguneroko bizitzari buruzko eduki zehatzak, eta bertan txertatuko dira gai hauek: etxea, pertsonen zainketa, harreman pertsonalen funtzionamendua, gatazkak konpontzeko indarkeriarik gabeko metodoak, eta sexuen berdintasuna eta aniztasuna errespetatzen duten bizikidetza-ereduak.

  1. Lehen Hezkuntzako maila bakoitzak gutxienez 875 ordu ditu urtean. Ikasleen eskola-jarduerak astelehenetik ostiralera izango dira, goiz eta arratsalde, astean gutxienez 25 ordu maila bakoitzean, eta horren barruan joango da 30 minutuko jolas-ordua egunero. Arlo bakoitzari emandako ordutegia bertan lan egiteko denbora izango da, alde batera utzi gabe etaparen izaera orokorra eta integratzailea.

  2. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako maila bakoitzak gutxienez 1.050 ordu ditu urtean. Oro har, eskola-jarduerak astelehenetik ostiralera izango dira, goiz eta arratsalde, astean gutxienez 30 ordu maila bakoitzean.

  3. Ikastetxe bakoitzak arloen eta irakasgaien artean banatuko ditu ordu horiek, betiere I. eranskinean adierazitako gutxieneko ordutegia betez. Aukera hori gauzatzen ez duten ikastetxeek eranskin horretan adierazitako erreferentziako ordutegia beteko dute.

  1. Eskola-egutegia ikastetxe bakoitzak ezarriko du bere hezkuntza-proiektuaren arabera, eta 175 eskola-egun izango ditu gutxienez. Ikastetxe bakoitzak ikasturte bakoitzeko egutegia egiteko arautegia erabakiko du hezkuntza-eskumenak dituen sailak.

  2. Ikasturtea inolaz ere ez da hasiko irailaren 1a baino lehen, eta eskolak inolaz ere ez dira amaituko ekainaren 30aren ondoren.

  1. Ikastetxe publikoei buruzko xedapenetan agertzen da ikasgela arrunteko talde bakoitzean zenbat ikasle egon daitezkeen gehienez. Itunpeko ikastetxe pribatuetako ikasle-kopuruak egokitu egin behar du hezkuntza-itunei buruzko arautegira.

  2. Talde batzuetan, kopuru hori gainditu egin daiteke ikasturtea berandu hasi dutenak edo mailaz igo ez direnak hartzeko, baldin eta guztizko kopurua ez bada % 10 handiagoa aipatutako ratioa baino.

  3. Irakasle/talde ratioa handitu egin daiteke ikasleen ezaugarri sozial, ekonomiko, linguistiko eta kulturalen arabera, eta ikastetxean baimendutako programen eta proiektuen arabera.

  4. Ikastetxe publikoek eta itunpeko pribatuek derrigorrezko irakaskuntza amaitu arte eskolatu behar dituzte ikasle guztiak, non eta ez den ikastetxea aldatzen familiaren borondatez edo ikasleen eskubideei eta betebeharrei buruzko arautegian aurreikusitako kasuren batengatik.

  1. Euskal Eskola Publikoaren otsailaren 19ko 1/1993 Legearen V. tituluan eta Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren V. tituluaren 2. kapituluan xedatutakoaren arabera, honako hau da ikastetxearen autonomia: ikastetxeek erabakiak beren kabuz hartzeko ahalmena, bai pedagogian eta curriculumean, bai plangintzan, antolaketan eta kudeaketan, inguruko beharren eta eskaeren arabera. Autonomia hori posible da baliabideak eskuratu eta modurik egokienean antolatu eta banatzeko aukera dagoen heinean, ikastetxeen helburuak inguruneko beharren eta eskakizunen arabera betetze aldera.

  2. Ikastetxeen autonomia Ikastetxeko Hezkuntza Proiektua oinarri hartuta egiten diren proiektu instituzionaletan islatzen da. Proiektu instituzional batzuk curriculumarekin daude lotuta adibidez, Ikastetxearen Curriculum Proiektua eta Programazio didaktikoak; beste batzuk, antolakuntzarekin adibidez, hezkuntza-komunitateak gobernu- eta funtzionamendu-organoen bidez parte hartzeko arauak eta moduak ezartzen dituzten Antolakuntza eta Jarduera Arautegia edo Barne Arautegia, bai eta Kudeaketa Ekonomikoaren eta Langile Kudeaketaren Proiektua ere; eta beste batzuk mistoak, hala nola Ikastetxeko Hizkuntza Proiektua, Zuzendaritza Proiektua eta Ikastetxeko Urteko Plana eta Memoria. Curriculumaren eta antolakuntzaren arloko erabakiak koordinatu behar dira proiektu guztietan.

    Ikastetxeetako Hezkuntza eta Curriculum Proiektuek Haurrak eta nerabeak zaintzeko eta babesteko otsailaren 18ko Legeko 24. artikuluan aurreikusitakoa jaso behar dute.

  3. Autonomia bateratu behar da ikastetxea hezkuntza-sistema batean integratuta funtzionatzearekin. Lege-esparruak ikastetxeen pedagogia- eta kudeaketa-autonomia errespetatuko badu eta autonomia hori helburu eta arau komunekin uztartuko badu, ordain gisa, mekanismoak ezarri behar dira ebaluazioak egiteko eta kontuak emateko. Hezkuntza-sistemak erronka handiak ditu, eta ezinbestekoa da informazio publikoa eta gardena jasotzea ikastetxeek baliabideak nola erabiltzen dituzten jakiteko, bai eta haiekin lortutako emaitzak baloratzea ere.

  1. Euskal Eskola Publikoaren otsailaren 19ko 1/1993 Legearen 46. artikuluan eta Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 121. artikuluan xedatutakoaren arabera, Ikastetxeko Hezkuntza Proiektuak ikastetxeak bere autonomiatik abiatuta egindako hezkuntza-aukera eta jardun-ildo nagusiak jasotzen dituen proposamen integrala zehaztuko du, eta hezkuntza-komunitateak ikastetxean egingo duen esku-hartzea koherentziaz zuzentzeko erreferentzia izango da.

  2. Ikastetxeko Hezkuntza Proiektuan sartzen dira: ikastetxearen nortasunari gorputza ematen dioten ezaugarriak eta balioak; hezkuntza-helburuak; ikasleek eskuratu beharreko oinarrizko konpetentziak; hizkuntzaren, curriculumaren eta antolakuntzaren arloko irizpideak, estrategia-lerro nagusiak eta lehentasunak, denak hala denak ikastetxearen ingurunearen araberakoak.

  3. Eskola Kontseiluak edo Ordezkaritza Organo Gorenak onartuko du Ikastetxeko Hezkuntza Proiektua. Itunpeko ikastetxe pribatuetan, titularrak onartuko du. Kasu bietan, aditzera emango da.

  1. Euskal Eskola Publikoaren otsailaren 19ko 1/1993 Legearen 47. artikuluan xedatutakoaren arabera, ikastetxe bakoitzak Ikastetxeko Hezkuntza Proiektuan definituta dituen printzipioen eta curriculum arloko jardun-ildo nagusien zehaztapenari deritzo Ikastetxeko Curriculum Proiektua, dekretu honetan ezarritakoarekin bat, betiere.

  2. Ikastetxeko Curriculum Proiektuak dekretu honen eranskinetan jasotako curriculuma garatu beharko du, eta horretarako kontuan izango dira ikastetxearen testuinguru sozioekonomikoa eta kulturala, ikasleen ezaugarri eta premiak, eta ikastetxearen hizkuntza-aukerak eta baliabideak. Era berean, Ikastetxeko Hezkuntza Proiektua hartuko du erreferentziatzat, eta dekretu honetan araututako curriculum ofiziala kontuan izanik zehaztuko du, Oinarrizko Hezkuntzako maila bakoitzerako.

  3. Ikastetxeko Curriculum Proiektuak honako alderdi hauek finkatuko ditu, gutxienez:

    1. Hezkuntza-jarduerari lotutako konpetentziak, helburuak eta edukiak, ikasleen beharrei egokitutakoak, irakaskuntza-alderdi guztietan jasoak.

    2. Ziklo edo ikasturte bakoitzeko ebaluazio-irizpideen eta lorpen-adierazleen zehaztapena, etapa bakoitza amaitzean eskuratu beharreko gutxieneko konpetentzia-mailak, eta ikasleak ebaluatzeko eta mailaz igotzeko prozesuari buruzko erabakiak.

    3. Ikastetxeko Hizkuntza Proiektuko curriculum-alderdiak.

    4. Irizpide pedagogikoak eta didaktikoak, bai eta metodologia-aukera inklusiboak eta curriculum-materialak ere, betiere ikasleen garapen osoa eta irakasle-lanaren jarraipena eta koherentzia bermatuz.

    5. Babesa behar duten ikasleen arreta integrala: hezkuntza-behar bereziak dituztenak, gaitasun intelektual handiak dituztenak, hezkuntza-sisteman berandu hasi direnak, ikasteko zailtasunak dituztenak baldintza pertsonalengatik edo eskolarrengatik, eta desberdintasun soziala pairatzen dutenak.

    6. Aukeramenari, indartzeari eta aberasteari edo zabaltzeari buruzko erabakiak.

    7. Tutoretzako programazioa eta orientazioaren garapena.

    8. Currriculuma egokitzeari buruzko erabakiak.

  4. Oinarrizko Hezkuntzaz gainera beste irakaskuntza batzuk ematen dituzten ikastetxeek Ikastetxeko Curriculum Proiektuan zehaztu behar dituzte irakaskuntza bakoitzaren ezaugarriak, haien arteko koherentziari eutsita.

  5. Ikastetxeak Curriculum Proiektua osatuz joango dira, maila bakoitza ezarri ahala. Ikastetxe publikoetan, irakasle-klaustroak egin behar du Ikastetxeko Curriculum Proiektua. Proiektu hori onartzea klaustroari berari dagokio, Ordezkaritza Organo Gorenari entzun ondoren. Ikastetxeko Curriculum Proiektua urteko planaren bidez gauzatuko da ikasturtean zehar, irakaskuntza-jardueretako programaren bidez, eta prestakuntzako, eskolaz kanpoko jardueretako eta jarduera osagarrietako programaren bidez. Urteko Planaren ebaluazioa agertuko da Urteko Memorian.

  6. Finantzaketa publikoa duten ikastetxe pribatuetan, curriculum-proiektuak nork egin eta onartu behar duen jakiteko, eskumenen barne-banaketari erreparatu behar zaio.

  7. Ikastetxean irakasten diren hezkuntza-etapa guztiak landuko ditu Curriculum Proiektuak. Lehenagoko etapak beste ikastetxe batzuetan egindako ikasleak joan ohi diren ikastetxeetan, etapa bakoitzeko Curriculum Proiektuak egiteko Koordinazio Batzorde bat eratuko da, koherentzia bermatze aldera.

  8. Ikasturte hasieran eman behar dira jakitera maila bakoitzean gainditu beharreko gutxieneko helburuak eta Ikastetxeko Curriculum Proiektuan onartutako ebaluazio-irizpideak.

  1. Dekretu honen ondorioetarako, hizkuntzen irakaskuntzarekin eta erabilerarekin lotutako alderdi guztien plangintza da Ikastetxeko Hizkuntza Proiektua, eta ikastetxe bakoitzak egin beharko du, bere hezkuntza-esparruan aplikatzeko. Ikastetxeko Hezkuntza Proiektuan jasotako ikaskuntza-prozesuan hizkuntzak nola irakatsiko eta erabiliko diren finkatuko du Ikastetxeko Hizkuntza Proiektuak, eta zehaztuko du zer-nolako trataera izango duten hizkuntzek Ikastetxeko Curriculum Proiektuan. Agiri horretan jasotako erabakiek zuzeneko eragina izango dute ikastetxeko agiri hauetan: Antolakuntza eta Jarduera Arautegian edo Barne Arautegian, ikastetxeko urteko plangintzan, barruko eta kanpoko harremanak arautuko dituzten printzipioetan eta abar, haien bidez gauzatuko baitira Ikastetxeko Hizkuntza Proiektuko printzipioak.

  2. Ikastetxe bakoitzak egin beharreko egokitzapenak egingo ditu hizkuntza-gaitasun bakoitzean irteera-profilak lortzeko, ikasle guztientzako irteera-profil erkidea kontuan hartuta, eta hezkuntza-etaparen arabera, hizkuntza-ereduaren arabera eta ikasleen eta haien hezkuntza-ingurunearen ezaugarri soziolinguistikoen arabera, ezarritako konpetentzia-mailak lortu ahal izateko. Gainera, hizkuntzen trataera integratuaren inguruko alderdi metodologikoak, prestakuntzakoak eta antolaketakoak ezarriko ditu, dekretu honen 11. artikuluko xedapenei jarraituz.

  3. Ikastetxeko Hizkuntza Proiektuan sartzen dira: ikastetxeak eleaniztasunaren arloan egindako ibilbidearen diagnostikoa, ikasleen hizkuntzarako konpetentzia hobetzeko epe ertain eta luzeko helburuak, proiektua garatzeko plangintza, irakasleak prestatzeko aurreikusitako ekintzak, proiektuak etapen artean duen jarraitutasuna, ebaluazio-irizpideak eta espero diren emaitzak.

  4. Ikasgai bat edo batzuk atzerriko hizkuntzaren batean ematea erabakitzen duten ikastetxeek aipatu behar dute beren Hizkuntza Proiektuaren planifikazioan zer ikasgai emango diren atzerriko lehen hizkuntzan maila bakoitzean, bai eta giza baliabideen eta baliabide materialen eta funtzionalen aurreikuspena ere. Kasu honetan, Ikastetxeko Hizkuntza Proiektuan agertuko da zenbat ordu ematen diren atzerriko hizkuntza eta atzerriko hizkuntzaz, euskarazko, gaztelaniazko eta atzerriko lehen hizkuntzazko konpetentzia bermatuz. Horretarako, organo eskudunak aldatu egingo ditu ikastetxe publikoetako lanpostu-zerrendak, atzerriko hizkuntzen berariazko konpetentziarako baldintzak bete daitezen.

  5. Curriculumaren arloren bat edo ikasgairen bat atzerriko hizkuntzan ematen duten ikastetxeek ikasleak onartzeko irizpide orokorrak aplikatuko dituzte, eta ezingo dute hizkuntza-betekizunik galdatu onartzeko irizpide gisa.

  6. Ikastetxe publikoetako Ordezkaritza Organo Gorenari eta itunpeko ikastetxe pribatuetako Eskola Kontseiluari dagokio Hizkuntza Proiektua onartzea.

  1. Arlo eta ikasgai bakoitzeko planifikazio-, garapen- eta ebaluazio-tresna da; bertan zehazten dira curriculumeko elementuak, Ikastetxeko Curriculum Proiektuaren arabera, ikasleen ezaugarrietara moldatuta. Ikasturte bereko irakasleek koordinatu egingo dituzte ikasgelako programazio didaktikoak, elkarren arteko koherentzia izan dezaten.

  2. Ikasgai edo arlo bera ematen dutenek ikasgelako programazio didaktikoa egiten lagunduko dute, bermatuak egon daitezen bai koordinazioa bai ikasgai bera jasotzen duten ikasleen aukera-berdintasuna.

  3. Urtero, ikasturte hasieran, ikastetxe bakoitzak programazio didaktikoak egiteko eta ebaluatzeko irizpideak ezarriko ditu.

  4. Ikasgaiak irakasteko eskumenak dituzten sail didaktikoek egingo dituzte ikasgai bakoitzeko programazio didaktikoak.

  5. Arloen edo ikasgaien ikasturteko edo, hala badagokio, zikloko programazioek gutxienez elementu hauek eduki behar dituzte:

    1. Ikasturtean zehar garatu beharreko oinarrizko zehar-konpetentziak eta diziplina barrukoak, eta integrazio-egoerak.

    2. Helburuak.

    3. Edukiak.

    4. Ebaluazio-irizpidearen eta lorpenaren adierazleak.

    5. Kalifikazioa.

    6. Erabaki metodologikoak eta didaktikoak.

    7. Curriculuma garatzeko materialak eta baliabideak.

  6. Programazio-didaktikoak ebaluatzeko, honako alderdi hauei lotutako lorpen-adierazleak erabiliko dira, besteak beste:

    1. Ikasturteko ebaluazio-emaitzak, arlo edo ikasgai guztietan.

    2. Material eta baliabide didaktikoen egokitasuna, eta erabilitako metodo didaktikoei eta pedagogikoei emandako denboraren eta espazioren banaketa.

    3. Ikasgelako eta ikastetxeko giroaren hobekuntzan metodo didaktikoek eta pedagogikoek izandako eragina.

  1. Ikasleei eta irakasleei irakaskuntza- eta ikaskuntza-prozesuen plangintza, garapena eta ebaluazioa egiten laguntzeko mota guztietako materialak dira.

    Ikasleek eta irakasleek eskura dituzten tresnak dira, eta modu malguan erabili behar dira, inguruneko baldintzetara eta ikasleen ezaugarrietara egokituz.

  2. Material didaktikoek bat etorri behar dute dekretu honetan proposatutako hezkuntza-eredu pedagogikoarekin. Hezkuntza-eskumenak dituen sailak ikastetxeak orientatuko ditu material didaktikoek bete behar dituzten oinarrizko ezaugarriei buruz, koherenteak izan daitezen dekretu honetan definitutako hezkuntza-eredu pedagogikoarekin.

    Material didaktikoak editatzeko eta aukeratzeko ez da behar hezkuntza-eskumenak dituen sailaren baimenik. Nolanahi ere, zorroztasun zientifikoa eta hizkuntza egokitu egingo zaizkio ikasleen adinari eta dekretu honetan araututako curriculumari. Lege-ordenamenduko printzipioak, balioak, askatasunak eta betebeharrak ere agertu eta sustatu behar dira, eta diseinu unibertsalaren eta irisgarritasunaren ezaugarriak bete.

  3. Ikastetxeek autonomia dute Oinarrizko Hezkuntzako curriculumaren garapenerako materialak eta baliabideak sortzeko eta hautatzeko, arautegiari jarraituz. Dena dela, irisgarriak izan behar dute, bai desgaitasun fisiko, sentsorial edo intelektualen bat duten ikasleentzat, bai ikasteko beste zailtasun batzuk dituztenentzat.

  4. Ikasgai bakoitzaren curriculuma garatzeko materialak eta baliabideak askotarikoak izan daitezke, tradizionalak ez ezik euskarri askotarikoak ere bai, ikasleen artean denetariko eta jatorri askotako iturrien bilaketa kritikoa sustatzeko.

  5. Euskal Autonomia Erkidegoan erabiltzen diren material didaktikoetan, hezkidetza-helburuak azalduko dira. Bestalde, hizkuntza ez da modu sexistan erabili behar, eta irudietan emakumeen eta gizonen presentzia orekatua eta estereotipatu gabekoa bermatu behar da. Dena dela, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak debekatu egiten du pertsonek sexu batekoa edo bestekoa izateagatik duintasun gehiago edo gutxiago dutela edo sexu-objektu soilak direla adierazten duten testu-liburuak edo material didaktikoak zabaltzea eta erabiltzea, bai eta emakumeenganako indarkeria justifikatu, horri garrantzia kendu edo horretara bultzatzen dutenak ere. Era berean, aniztasun familiarra eta afektibo-sexuala agertu behar da curriculum-materialetan, gainerako errealitate kulturalak, etnikoak...

  6. Materialen eta baliabideen irizpide pedagogikoak ezartzea dagokio koordinazio-organoari itunpeko ikastetxe pribatuetan, eta koordinazio-batzorde pedagogikoari ikastetxe publikoetan.

  7. Hezkuntza-eskumenak dituen sailak plataforma digitalak eskainiko dizkio hezkuntza-komunitate osoari, jabetza intelektualaren arautegia betez. Plataforma horietako materialak eta baliabideak honako irizpide hauen arabera hautatuko dira: kalitate metodologikoa, estandar irekiak, eta hedatu, egokitu, berrerabili eta birbanatu ahal diren iturriak eskura jartzea.

  8. Hezkuntza Ikuskaritzari dagokio ikastetxeek beren pedagogia-autonomia erabiliz curriculuma garatzeko aukeratutako materialak ikuskatzea, ikaskuntzako eta irakaskuntzako elementu guztiak ikuskatzeko ohiko prozesuaren baitan.

  1. Ikasgela batean esku-hartzen duten irakasleak dira. Antolakuntza-neurriez baliatuz, Oinarrizko Hezkuntzako talde bakoitzeko irakasleen kopurua murrizten ahaleginduko da ikastetxea, batik bat Lehen Hezkuntzan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen bi ikasturteetan, eta ikaskuntza eta errendimendua hobetzeko programetan.

  2. Justifikatzen ez bada behintzat, Lehen Hezkuntzako tutore bakoitzak gutxienez bi ikasturte egingo ditu ikasle-talde berarekin.

  3. Hezkuntza-eskumenak dituen sailak irakasle emakumeen eta gizonen presentzia orekatua bultzatuko du Oinarrizko Hezkuntzako arlo, ikasgai eta esparru guztietan, bai eta zuzendaritza-organoetan ere.

  4. Irakasleek zuzendaritza-organoei jakinarazi behar diete emakumeen eta neska-mutilen aurkako indarkeria-zantzu oro. Halaber, ikastetxeetako titularrek eta langileek adingabeen babesaren arloan eskumena duten herri-administrazioei edo, hala behar duenean, ministerio fiskalari edo epaileari jakinarazi behar dizkiete haurrenganako tratu txarrak, haurren babesgabetasuna edo arrisku-egoerak, bai eta halakoetan esku-hartzeak eraginkorrak eta kalitatezkoak izateko datu guztiak ere; orobat, elkarlanean aritu behar dute horrelako egoerak eragozteko eta konpontzeko, betiere adingabeen lehentasunezko interesak kontuan hartuta.

  1. Hezkuntza-komunitateak gobernu- eta funtzionamendu-organoen bidez parte hartzeaz gainera, zuzendaritza-taldeek sustatu egingo dute beren autonomia-esparruaren arabera eta Ikastetxeko Hezkuntza Proiektuan jasota hezkuntza-komunitate osoak parte hartzea, sektore guztien arteko lankidetza sustatzeko jardueren bidez.

  2. Halaber, tutoretza-jardueren artean, ikastetxeek familiekin batera adostu ahal dituzte parte-hartze eta koordinazio-neurriak, Ikastetxeko Hezkuntza Proiektuko konpromisoak betetze aldera.

  3. Gurasoen batzarra da familiek ikastetxe publikoetan parte hartzeko berariazko organoa, eta proposamenak egin ahal dizkiete ikastetxeko gainerako organoei, eta besteak beste, balorazioak egin ditzakete eskolako jarduerak gauzatzeari buruz, prestakuntza-jarduerei buruz, eskolaz kanpoko jarduerei eta jarduera osagarriei buruz, eta urteko kudeaketa-programari buruz.

  4. Dekretu honetan ezarritako Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako helburuak betetzeko, zuzendariak harremanetan egongo dira hurbileko erakundeekin, bereziki udalekin. Horretarako, aipatutako erakundeen eta ikastetxearen arteko koordinazioa eta lankidetza sustatuko da.

  5. Ikastetxeak inguruko erakundeekin batera helduko dio hizkuntzaren normalizazio-prozesuari, euskara erabil dadin jarduera osagarrietan, eta eskolaz kanpoko eta kirol-jardueretan.

  6. Ikastetxe bakoitzeko Antolakuntza eta Jarduera Arautegian eta, hala badagokio, Barne Arautegian taxutuko da ikasleek izango duten parte-hartzea hezkuntza-prozesuan.

  1. Gurasoek edo legezko tutoreek eskubidea dute haurren eta nerabeen eskolako hezkuntzaren jarraipena egiteko eta hartan parte hartzeko. Ikastetxeko Hezkuntza Proiektutik abiaturik, ikastetxeek konpromisoak sustatuko dituzte familien edo legezko tutoreen eta ikastetxeen artean, eta bertan jasoko dira familiak, irakasleak eta ikasleak zer jardueratara konprometitzen diren, etapa bakoitzeko helburuak eta oinarrizko konpetentziak lortzeko.

  2. Konpromiso horien artean egongo dira, gutxienez, honako alderdi hauek: ikastetxeko hezkuntza-printzipioak onartzea, familiaren ideologia eta morala errespetatzea legeetan ezarritako hezkuntza-printzipioen eta -balioen arabera, ikasleen bilakaeraren jarraipena egitea, bizikidetzako neurri zuzentzaileak hartzea, eta ikastetxearen eta familiaren artean harremanak egotea. Hezkuntza-konpromisoak Ikastetxeko zuzendaritza-taldeak idatziko ditu; irakasle-klaustroak onartuko ditu, eta Eskola Kontseiluak edo Ordezkaritza Organo Gorenak ebaluatuko. Konpromiso zehatz gehiago ere sar daitezke, eta aldizka berrikusiko dira ikastetxeak erabakitako baldintzetan eta epeetan.

  3. Halaber, ikastetxeak eta familiak, banaka, hasierako konpromisoak ikuskatu eta haiek aldatzeko akordioetara iritsi ahal dira, ikaslearen hezkuntza- edo bizikidetza-prozesua hobetzeko edo ikasle bati hautemandako arazoak konpontzeko. Ikasleak ere parte hartu behar du akordio horietan.

  4. Derrigorrezko hezkuntzan absentismoa saihesteko, ikastetxeek familiei eskatu ahal izango diete elkarlanean aritzeko irakasleekin eta, hala badagokio, tokiko administrazioekin.

  5. Familiek parte har dezaten eta elkarlana egon dadin ikastetxeen eta familien artean, ikastetxeek eta guraso-elkarteek prestakuntza-jarduerak antolatu ahal izango dituzte gurasoentzat eta legezko tutoreentzat, betiere inklusioaren eta hezkidetzaren ikuspegitik.

  1. Ikasleek irteera-profilean ezarritako konpetentziak eskura ditzaten ahalbidetzeko beharrezkoa den profil konpetentziala erdiesten laguntzea da irakasleen prestakuntzaren helburua.

  2. Euskal hezkuntza-sistemako irakasleek konpetentzien profil egokia eduki behar dute, ezin hobeto ekin ahal izateko beren egitekoei:

    1. Ikasleek pentsatzen eta ikasten ikasteko, komunikatzen ikasteko, besteekin bizitzen ikasteko, izaten ikasteko eta egiten nahiz ekiten ikasteko prozedurak irakastea.

    2. Gelako ikaskuntza-egoeren proposamenak egitea, aplikatzea eta ebaluatzea, oinarri hauek hartuta: irakaskuntzako edukiak, ikasleen ezaugarriak eta oinarrizko konpetentziak, zeharkakoak zein diziplinazkoak.

    3. Ikaskuntza- eta irakaskuntza-prozesuak ikertzea, berriztatzea, garatzea eta ebaluatzea, gogoeta eginez haien eta irakasle-taldeen praktikari buruz eta prestakuntza-sareei buruz.

    4. Ikaslearengan ikasteko grina piztea, eta, familiarekin elkarlanean, haren bizitza-proiektuaren eraikuntzan orientazioa ematea.

    5. Proposamen didaktikoak ikasle bakoitzaren premietara egokitzea eta doitzea.

    6. Beste irakasleekin eta hezkuntza-eragileekin elkarlanean jardutea, eta ikastetxearen kudeaketan eta etengabeko hobekuntzan parte hartzea.

    7. Jarduerak gure erkidegoko hizkuntza ofizialetan gauzatzea, eta, hala badagokio, atzerriko hizkuntzaren batean.

    8. Informazio eta Komunikazio Teknologiak erabiltzea eta curriculumean txertatzea.

    9. Lanbideari buruz, eta eragile berritzaile den aldetik garatutako gizarte-konpromisoari dagokionez, ikuspegi etikoa garatzea.

    10. Arazoak eta gatazkak konpontzea.

    11. Norberaren prestakuntza jarraitua planifikatzea, norberaren lanari buruzko gogoeta eginez.

  3. Hezkuntza-eskumenak dituen sailak ebaluatuko ditu ikastetxe publikoetako irakasleen konpetentziak, garapen profesionala hobetzen eta prestakuntza-ekintzak planifikatzen laguntzeko. Ikasleek berek ere parte hartuko dute ebaluazioan.

  4. Hezkuntza-eskumenak dituen sailaren prestakuntza-ekintzek honako ezaugarri hauek izango dituzte:

    1. Ikastetxea izatea prestakuntza-plangintzaren ardatza.

    2. Hezkuntza-jarduerari eta irakasle-lanari buruzko azterketa eta gogoeta azpimarratzea.

    3. Profesionalei prestakuntza ematea, hezkidetza, aniztasun afektibo-sexuala, eta hezkuntza-babes bereziak behar dituzten kolektiboentzako arreta egokia sustatzeko hezkuntza inklusiboa garatzeko.

    4. Erantzukizun soziala duten profesionalak trebatzea, kritikoak baina proaktiboak eta sortzaileak aldaketen aurrean.

    5. Konpetentzien araberako ikuspuntua eta planteamendu orokorrak eta diziplinen artekoak sustatzea.

    6. Bikaintasuna sustatzea, hezkuntza berriztatzeko proiektuen bidez.

    7. Euskara eguneratzeko lana eta atzerriko hizkuntzako prestakuntza sustatzea.

    8. Irakaskuntza- eta ikaskuntza-prozesuetan prestakuntza sustatzea, baliabide digitalen bidez.

    9. Zientziaren, didaktikaren eta hezkuntza-antolaketaren arloko eguneratzea.

    10. Trebetasun sozialei, arlo emozionalari eta, oro har, irakasle-lanari behar besteko arreta eskaintzea.

    11. Langileen arteko lankidetza bultzatzea (berdinen arteko prestakuntza, sareak sortzea).

  5. Prestakuntzak lagungarria izan behar du ikastetxeetan berrikuntza-proiektuak abiarazteko. Ikastetxe berritzaileek erreferente izan behar dute irakasleen hasierako eta etengabeko prestakuntza-prozesuetan.

  6. Ikastetxeek, beren instalazioetan prestakuntza emateaz gain, jakintza partekatzeko ikastetxe-sareetan parte hartu ahal dute. Ikaskuntza-mota hori loturik dago elkarlanarekin, berdinen arteko harremanarekin, talde-lanarekin eta konpromiso partekatuarekin; betiere, irakaskuntza hobetzea helburu hartuta.

  7. Prestakuntzaren ingurune komunitarioa lagungarria izango da irakaskuntza formala eta ez-formala lotzeko. Horrela, komunitate hezitzaileranzko bidea urratzen da, hezkuntzako eta komunitateko eragile guztiak inplikatuta, eta, betiere, ikasle guztien oinarrizko konpetentziak hobetze aldera.

  8. Prestakuntza-prozesuak kontuan hartu behar du zer eragin duen ikasgelan edo ikastetxeko egunerokoan (curriculumean, antolakuntzan, metodologian, ebaluazioan, eskolako giroan eta familiekiko eta erakunde sozialekiko eta komunitarioekiko harremanean). Prestakuntza-proiektu guztiek adierazi behar dute haien inpaktua, eragin hori sistematizatzen eta objektiboa egiten duten adierazleak baliatuta.

  9. Hezkuntza-eskumenak dituen sailak koordinatuko du, alde batetik, prestakuntza-eskaera guztien plangintza, eta bestetik, Administrazioaren beraren eta bestelako hezkuntza-eragileen prestakuntza-eskaintza, batik bat irakasleei eta familiei zuzendutako hezkidetzari buruzkoa.

  10. Berritzeguneetako aholkulariek hezkuntza-eskumenak dituen sailak hezkuntza-berrikuntzaren sustatutako lehentasun-ildoak garatzen lagunduko dute, eta horretarako kontuan izango dute ikastetxe bakoitzeko hezkuntza-komunitateak zehazki zer behar dituen. Horiek horrela, hezkuntza-berrikuntza bultzatuko dute, ikastetxeei irakaskukntza-ikaskuntzako metodologia berriei buruzko aholkuak emanez; irakasleen prestakuntzan haiekin batera lan eginez, eta ikastetxeetan arrakasta izan duten pedagogiako esperientzien trukea eta ezarpena erraztuz. Gainera, modu aktiboan hartuko dute parte ikastetxeetako hobekuntza-planak eta ikasleentzako indartze-plana indibidualak egiten eta garatzen.

  1. Hezkuntza-eskumenak dituen sailak sustatuko ditu prestakuntza-programak eta arrisku-egoerak aurreikusteko programak ikastetxeetan. Hori guztia ikasleen ahalmenari eta eboluzio-garapenari egokitutako hizkera erraza eta argia erabiliz egingo da. Batik bat:

    1. Osasunari buruzko prebentzio- eta hezkuntza-programak, batez ere menpekotasuna eragin dezaketen substantziei buruzkoak, haurdunaldia eragozteko metodoei buruzkoak, sexu-harremanen bidez kutsatutako eritasunei buruzkoak eta elikadurari buruzkoak; hori guztia, haurrek eta nerabeek beren edo besteen osasunerako kaltegarria den jokabiderik har ez dezaten.

    2. Hezkuntza afektibo-sexualerako programak.

    3. Bide-segurtasunari buruzko prebentzio- eta hezkuntza-programak.

    4. Haurren eta nerabeen nortasunaren garapen askeari kalte eragin diezaieketen sektei eta bestelako erakundeei buruzko prebentzio- eta informazio-programak.

    5. Tratu txarrei eta sexu-abusuei buruzko sentsibilizazio- eta prebentzio-programak: haurren eta nerabeen eskubideei buruzkoak, eskubide horiek urratzen edo arriskuan jartzen dituzten norberaren edo besteen jokamoldeei buruzkoak, eta laguntza eman ahal duten pertsonei edo erakundeei buruzkoak.

    6. Ingurumenaren eta kontsumo arduratsuaren gaineko informazio- eta prestakuntza-programak.

  2. Ikastetxeetako titularrentzako eta langileentzako prestakuntza-programak ere sustatuko dira, haurrenganako tratu txarrak, haurren babesgabetasuna edo arrisku-egoerak antzematen ikas dezaten.

  1. Ikastetxeko Hezkuntza Proiektuan xedatutakoa errespetatu eta hezkuntza berriztatzeko proposamen bat egiten duten ikastetxe publikoei aplikatzen zaie Autonomian Sakontzeko Proiektua. Proposamen horretan jasoko dira esparru pedagogikoan eta curriculumean hartu beharreko erabaki bereizgarriak, bai eta antolaketan, kudeaketa ekonomikoan eta langile-kudeaketan hartu beharrekoak ere, irakaskuntza-prozesuak eta ikasleen emaitzak hobetzeko asmoz.

    Gainera, Autonomian Sakontzeko Proiektuak, orobat, kontuan hartuko ditu curriculumaren kudeaketa ikaslearen egiazko premietara egokitu dadin, antolaketa-moduak eta bizikidetza-arauak, eskola-egutegia zabaltzea edo ikasgaien ordutegia aldatzea.

  2. Hezkuntza-eskumenak dituen sailak ikastetxeen autonomia indartu eta sustatuko du, ikastetxearen baliabide ekonomikoak eta materialak eta giza baliabideak Autonomia Proiektura egokitu daitezen.

  3. Ikastetxeen kalitatea sustatze aldera, Hezkuntza-eskumenak dituen sailak baliaibde gehiago izendatu ahal izango ditu ikastetxe publiko batzuentzat, baldin eta burutu behar dituzten proiektuen eta eskolatutako ikasleen baldintzen arabera egoki baderitzo. Baliabideen izendapen hori emateko baldintza izango da kontuak ematea eta baliabideak behar bezala erabili direla justifikatzea.

  1. Autonomian sakontzeko proiektu bat ezarri nahi duten ikastetxeek baimena eskatu behar dute, hezkuntza-eskumenak dituen sailak ezarritako prozeduraren arabera.

  2. Ikastetxeko zuzendaritzak Autonomian Sakontzeko Proiektua egingo du, irakasle-klaustroaren proposamena kontuan hartuta.

  3. Autonomian Sakontzeko Proiektua baimentzeko eskaera egiteko Ordezkaritza Organo Gorenaren onarpena behar da, eta bertan aipatuko dira, gutxienez, Autonomia Proiektuaren helburuak eta xedea, bai eta curriculum-proposamena eta ikastetxearen antolaketa-proposamena ere (hau da, ordutegi orokorra eta eskola-ordutegia, Autonomia Proiektua zer kurtsotan ezarri nahi den eta horren arrazoiak, eta horretarako eskatutako baliabideak).

  4. Hezkuntza-eskumenak dituen sailari dagokio autonomian sakontzeko proiektuak baimentzea, eta haiek sustatzea, halakoak garatzen dituzten ikastetxeentzako laguntza-plan baten bidez. Aurkezten diren proiektuak baimendu aurretik, langileen kudeaketen gaineko eskumenak dituen organoak eta baliabide ekonomikoen kudeaketan eta kontratazioan eskumenak dituen organoak proiektuei buruzko txosten loteslea egingo dute.

  1. Hezkuntza-eskumenak dituen sailak ezarriko ditu autonomian sakontzeko proiektu bat abian jarri duten ikastetxe publikoek beren emaitzen kontu emateko adierazleak. Horretarako, aintzat hartuko da, besteak beste, ikasleen ikaskuntza-prozesua, batik bat banakako eta amaierako ebaluazioetan lortutako emaitza akademikoak eta hezkuntza-komunitatearen parte-hartzea eta asebetetze-maila.

  2. Autonomia Proiektuaren barruko ebaluazioa eta ondorengo kontu-ematea egiteaz irakasle-klaustroa arduratuko da, zuzendaritza-taldearen koordinazioaren pean. Ikastetxearen urteko memorian jasoko dira ondorioak, eta aurreikusita egongo da ondorio horiek nola helarazi hezkuntza-komunitateari.

  3. Autonomian Sakontzeko Proiektuaren kanpo-ebaluazioa Hezkuntza Ikuskaritzaren ardura izango da. Proiektuaren helburuen lorpen-maila zehazteko beharrezkotzat jotako jarduerak sartuko dira hor, hezkuntza-eskumenak dituen sailak proiektuaren jarraipena bermatzeko behar diren erabakiak hartu ahal izan ditzan.

  1. Orientazioa etengabeko laguntza-prozesu sistematikoa da, hezkuntza-jardueran sartzen dena, ikasleei oinarrizko konpetentziak eskuratzeko laguntza emateko asmoz, beren proiektu pertsonalaren eta profesionalaren jabe izan daitezen eta herritartasuna gauzatu dezaten.

    Ikaslea ikaskuntza-prozesuan eta bizi-garapenean laguntzeko ardura irakasle-taldeari dagokio eta, bereziki, tutoreari (bere erantzukizuna dira bere taldeko ikasleen orientazioa, taldeko irakasleen koordinazioa, eta familiekiko eta legezko tutoreekiko komunikazio arina).

  2. Tutoretza Planaren bidez antolatzen da tutoretza-saioetan landu beharreko orientazioa (plana Ikastetxeko Curriculum Proiektuaren zati da), eta tutorearen esku-hartzea sistematizatzen da ikasleen banakako edo taldekako jarraipenean, familiekiko harremanetan, eta irakasleekiko zein kanpo-eragileekiko koordinazioan.

  3. Ikastetxeetako Tutoretza Planek atal hauek izango dituzte, gutxienez:

    1. Tutoretza-saioetan landuko diren konpetentziak, helburuak eta edukiak, ikasleen premiei egokituta.

    2. Tutoreak ikasleekin, taldeko irakasleekin, familiekin eta abarrekin egin beharreko lanak.

    3. Ekintza horiek ikasturtean zehar egiteko plangintza.

    4. Plana ebaluatzeko irizpideak.

  4. Tutoreei dagokie Plan hori aurrera eramatea, taldeko irakasleekin eta ikasle-taldearen gainerako eragileekin batera. Ikastetxeko orientatzaileek lagunduko diote lan horretan.

  5. Taldeko tutoretza-saioen helburua da gainerako irakasleekin batera lan egitea, modu programatuan, sistematizatuan eta koordinatuan, oinarrizko zehar-konpetentzia guztiak garatzeko, tutoretza baita horretarako gunerik egokiena.

  6. Taldeko tutoretza-saioen edukiak lau ardatz hauen arabera antolatuko dira: garapen pertsonala, besteekiko harremanak, orientazio akademiko-profesionala eta ikaskuntza-prozesuak. Multzo bakoitzeko edukia aldatu egingo da Oinarrizko Hezkuntzan zehar, ikasleen beharrei eta interesei egokitzeko.

  7. Ikastetxeko irakasle aholkulariak edo orientatzaileak egingo du Tutoretza Planaren koordinazioa eta segimendua. Gainera, tutorearekin eta irakasleekin batera ariko da ikaskuntza-zailtasunak hautematen eta aztertzen, eta ikasle guztiek arrakasta izateko erantzun inklusiboen gaineko aholkularitza emango du; ikastetxez kanpoko gizarte-heziketako eta komunitateko eragile eta babesleekiko elkarlana koordinatuko du; eta familiei zein ikasleei lagunduko die eskola-ibilbidean zehar, eta orientabidea emango die beren gaitasunak eta interesak ahalik eta hobekien gara ditzaten.

  8. Hezkuntza-eskumenak dituen sailak jarraibideak emango ditu Oinarrizko Hezkuntzako Tutoretza Planak egin eta aurrera eramateko.

  1. Tutoreak, taldeko irakasleen laguntzaz, eskola-orientazioaren banakako txostena egingo du, familiei informazioa eta ikasleei aukeren gaineko orientabideak emateko. Txosten hori gutxienez behin egingo da Lehen Hezkuntza amaitzean, bai eta aparteko egoerak gertatzen direnean ere; adibidez, mailaz ez igotzean. Txosten horiek guztiak konfidentzialak izango dira.

  2. Lehen Hezkuntzaren amaierako eskola-orientazioaren banakako txostenean adieraziko da konpetentzien eskuratze-maila; bereziki, ikasle bakoitzaren hezkuntza-aurrerabidea gehien baldintzatzen dutenak, bai eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren hasieran banakako arreta bermatzeko garrantzitsutzat jotako alderdiak ere.

    Lehen Hezkuntzatik Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzarako igarobidea errazteko, etapa bien arteko koordinazioari arreta berezia eskainiko zaio. Horretarako, kontuan hartuko da, besteak beste, banakako eskola-orientazioari buruzko txostena zein Lehen Hezkuntzako azken ebaluazioan lortutako mailari buruzko txostena.

  3. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza edo ikaskuntza eta errendimendua hobetzeko programa baten amaieran egin beharrekoa txostenean, berriz, etorkizun akademikoaren eta profesionalaren gaineko orientabideak aipatuko dira.

  4. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasturte bakoitzaren amaieran, tutoreak, taldeko irakasleekin elkarlanean eta orientatzailearen laguntzaz, eskola-orientazioaren banakako txostena egingo du, familiei informazioa eta ikasleei aukeren gaineko orientabideak emateko. Txosten horretan jasoko da ikasturteko helburuetan eta proposamena eragin duten oinarrizko konpetentzien eskuratze-mailan izandako betetze-mailari buruzko informazioa, eta ikaslearen espedientean sartuko da.

  1. Hezkuntzako esku-hartzeak ikasleen aniztasuna aitortu eta errespetatu behar du. Halaber, ikasle guztien oinarrizko konpetentzien garapen gorena lortzera bideratutako arreta espezializatua bermatu behar du.

  2. Aniztasunari erantzuteko neurriek ikaslearen hezkuntza-premiak asetzea izan behar dute xede, ingurune normalizatu eta inklusiboan. Neurriek, halaber, ikasleen ikasteko interesak, motibazioak eta konpetentziak hartu behar dituzte kontuan, eta, edonola ere, Haur Hezkuntzako ikasleen irteera-profilerako ezarrita dagoen konpetentzia-maila lortzeko bideak aurreikusi behar dituzte.

  3. Berariazko hezkuntza-laguntza behar duten ikasleak garaiz hautemateko mekanismoak ezarri behar dira ikastetxeetan, honako ikasle hauek banakako hezkuntza-arreta behar baitute, ondorengo baldintza hauetakoren batengatik:

    Desgaitasunen bat edo jokabide-nahaste larriak dituztenek.

    Ikasteko zailtasunak dituztenek.

    Gaitasun intelektual handiak dituztenek.

    Hezkuntza-sisteman berandu sartu direnek.

    Egoera pertsonal edo eskolaldi bereziak izan dituztenek.

    Desberdintasun sozialak pairatzen dituenek.

    Arreta-faltagatik eta hiperaktibitateagatik desoreka dutenek.

    Ikasleen beharrizanak hauteman ondoren, curriculum- eta antolaketa-neurri egokiak hartuko dira, ikasle guztien aurrerabide egokia bermatzeko.

  4. Aniztasuna tratatzeko neurrien artean, honako hauek ezarri ahal dira Oinarrizko Hezkuntzako bi etapetan: dagozkien espezialitateko irakasleak eta profesional kkualifikatuak ezartzea, ikasgelan bi irakasle batera aritzea, tutoretza pertsonalizatua, ikasgelako harremanak aberasteko metodologia-aldaketak, taldeak bikoiztea, eskola-orduez kanpoko laguntzak, banakako lan-planak, curriculuma aberastea, aldatzea edo hedatzea, derrigorrezko eskolatzea beranduago edo lehenago hastea, edota eskolatze-aldia malgutzea.

    Gainera, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, honako hauek ere aintzat hartu ahal dira: ikasgaiak esparruka antolatzea, ikasgaiak eta ibilbideak eskaintzea, ikaskuntza eta errendimendua hobetzeko programak, eskola osagarriko programak, eta berariazko hezkuntza-beharrak dituzten ikasleentzako bestelako erantzun espezializatuak.

  5. Hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleei dagokienez, curriculumaren ebaluazio-irizpideetatik eta edukietatik aldentzen diren egokitzapenak ezar daitezke. Egokitzapen horien helburua izango da oinarrizko konpetentziak ahalik eta gehien garatzea, eta ikaslearen laneko plan pertsonalizatuan jasoko dira. Egokitzapen horietan finkatutako ebaluazio-irizpideen araberakoa izango dira ebaluazioa eta maila-igoera.

  6. Gaitasun intelektual handiko ikasleen eskolatzea malgua izan daiteke, beren ikaskuntza-erritmora egokitzeko. Hala, lehenago sar daitezke etapan, edo haren iraupena laburtu, baldin eta hori bada ikaslearen oreka pertsonala eta gizarteratzea garatzeko egokiena. Ikasle horiekin esku hartzeko proposamenak plan pertsonalizatu batean jasoko dira, normalizazio- eta inklusio-irizpideak betez eta ikaslearen arreta integrala bermatuz.

  1. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako curriculumak aukeramena eta indargarriak eskaintzen dizkie ikasleei, helburu hauekin: etapa hori hasten den unetik aurrera ikasleen interesei eta premiei erantzutea, ikaskuntza indartzea ikasleak premia handiena duen gaietan, orientazio akademikoa eta bizitza aktiborako trantsizioa erraztea, eta oinarrizko konpetentziak garatzen laguntzea.

  2. Aukeramenari dagokionez, ikastetxeak eskaini ahal izango ditu ikasleek lehenago eman gabeko ikasgaiak eta indartzeko ikasgaiak, ikastetxeak proposatu eta Hezkuntza Administrazioak baimendu dituenak, Dekretu honen 15.9 artikuluan ezarritako prozedurari jarraituz.

  3. Laugarren mailan murriztu egin daiteke ikastetxeak finkatutako ikasgaien aukeramena, baldin eta ikasle gutxiegi badaude ikasgai horietako batean, aurrez ezarritako irizpide objektiboen arabera.

  4. Ikastetxeek informazioa eta orientabidea emango diete ikasleei, egindako aukeraketa baliagarria izan dadin oinarrizko ikasketak finkatzeko eta gerorako heziketa-aukerak edo laneratze-aukerak errazteko.

  1. Esku-hartze globaleko proiektuen helburua da egoera sozial, ekonomiko edo kultural okerragoan dauden ikasleen emaitzen prebentzioa eta hobekuntza, besteen aldean desabantailan dauden eta konpetentzietan Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeen batez besteko emaitzen azpitik dauden ikasleentzat zuzentasunaren eta kalitatearen printzipioak bete daitezen.

    Ikastetxeek baliabideak izango dituzte eta neurriak hartuko dituzte barruko eta kanpoko ebaluazioetan agertutako diferentziak murrizteko. Kontuan izango dituzte ikerketen eta ekimen arrakastatsuen arabera emaitzak hobetzeko onenak diren datuak ere.

  2. Berariazko indartze-programak hezkuntza-premia bereziak dituzten Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen eta bigarren ikasturteko ikasleentzat dira, ahulezia-egoeran dagoen gizarte- edo kultura-ingurune batean daudelako, edo eskolara egokitzeko arazo larrien ondorioz porrota jasateko arriskuan daudelako.

  3. Hezkuntza-eskumenak dituen sailak finkatuko ditu, berariazko deialdien bidez, proiektu eta programa horiek aurrera eramateko baldintzak.

  1. Curriculum-aniztasunaren bidez ikaskuntza eta errendimendua hobetzeko programak gauzatu ahal dira Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 3. mailatik aurrera. Berariazko metodologia bat erabiliko da, irakaskuntza- eta ikaskuntza-jarduerak antolatuz. Horrela, ikasleak laugarren mailara ohiko bidetik iritsi eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatua eskuratu ahal izango dute.

  2. Programa horiek batez ere izango dira ikasteko edo eskolara egokitzeko zailtasun nabariak dituzten ikasleentzat, ikasketa- edo ahalegin-faltagatik ez denean, eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatua lortzeko moduan daudenean.

    Taldeko irakasleek ikaskuntza eta errendimendua hobetzeko curriculum-aniztasuneko programa bat proposatu ahal diete gurasoei edo legezko tutoreei, edozein etapatan gutxienez ikasturte bat errepikatu duten ikasleentzat, eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako bigarren ikasturtea eginda hirugarren ikasturtera pasatzeko moduan ez dauden edo, hirugarren ikasturtea amaituta laugarrenera pasatzeko moduan ez dauden ikasleentzat. Lehen kasuan, programa hirugarren eta laugarren ikasturteetan gauzatuko da eta, bigarren kasuan, laugarren ikasturtean bakarrik.

    Curriculum-aniztasunaren bidez ikaskuntza eta errendimendua hobetzeko programa bati ekiteko, ezinbestekoa da ikaslearen ebaluazio akademikoa eta psikopedagogikoa, ikasleak eta haien gurasoak edo legezko tutoreak entzun ondoren.

  3. Programak modu integratuan edo esparruka antolatuko dira:

    1. Modu integratuan antolatuz gero, ikasleek talde arruntetan emango dituzte hirugarren eta laugarren mailako ikasgai guztiak, banakako lan-proposamen baten barruan.

    2. Esparruka antolatuz gero, gutxienez berariazko bi esparru hauek finkatuko dira:

      Hizkuntza- eta gizarte-esparrua (gutxienez, Euskara eta Literatura, Gaztelania eta Literatura, Atzerriko Lehen Hizkuntza eta Geografia eta Historia).

      Zientzia- eta matematika-esparrua (gutxienez, Matematika, Biologia eta Geologia, Fisika eta Kimika, eta Teknologia).

      Berariazko taldeak sortuko dira programa horietan dauden ikasleentzat, eta erreferentziazko talde bat izango dute beste ikasgaiak emateko.

  4. Programa bakoitzak zehatz azaldu behar ditu metodologia, edukien eta ikasgaien antolaketa, eta etapako helburuak eta konpetentziak eskuratzeko jarduera praktikoak, ikasleek Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatua lortu ahal izan dezaten.

    Gainera, tutoretza-lana sendotuko da hezkuntza-baliabide gisa, ikasleen zailtasunak eta hezkuntza-premiak konpontzeko.

  5. Ikaskuntza eta errendimendua hobetzeko programa bat egiten duten ikasleen ebaluazioak mugarri ditu Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako konpetentziak eta helburuak, ebaluazio-irizpideak eta, halakorik balego, banakako planeko adierazleak.

  6. Curriculum-aniztasunaren bidez ikaskuntza eta errendimendua hobetzeko programa bat egiten duten ikasleen ebaluazioak mugarri ditu Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleen irteera-profila, ebaluazio-irizpideak eta banakako planeko adierazleak.

  7. Hezkuntza-eskumenak dituen sailak finkatuko ditu, berariazko deialdien bidez, proiektu horiek aurrera eramateko baldintzak.

  1. Hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleei eman beharreko hezkuntza-erantzuna eskola muinbakar eta integratzailearen esparruan antolatzen duen ekainaren 23ko 118/1998 Dekretuan ezarritakoaren arabera, Eskolatze Osagarriko Programak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta programaren hasierako urteko abenduaren 31n gehienez 15 urte dituzten ikasleentzat dira. Programa horien hartzaileak heziketa-prozesuan berariazko laguntza behar duten ikasleak dira. Izan ere, ikasle horien laguntza-premiak ezaugarri pertsonal larrietan edo eskola-historialean oinarritzen dira. Dena den, ikasleok programan sartu aurretik, agortuta egon behar dute Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzak aniztasunari arreta emateko aurreikusita dituen neurri guztiak.

  2. Ikasle horiek heziketa-prozesuarekiko, ikaskideekiko, irakasleekiko eta gizartearekiko jarrera baikorrak edukitzea bilatzen da, hartara arlo pertsonalean eta sozialean aurrera egin dezaten eta, programa amaitu ondoren, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako helburuak lortzeko prozesuari berrekin diezaioten.

  3. Eskolatze Osagarriko Programak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza ematen duten eta funts publikoak jasotzen dituzten ikastetxeetan egingo dira edo, bestela, gizarte-heziketako erakundeetan (hitzarmen edo itun bat izenpetu badute hezkuntza-eskumenak dituen sailarekin, berariazko deialdien bidez).

  1. Gela egonkorrak ezohiko berariazko baliabide bat dira hezkuntza-premia berezi iraunkorrak dituzten ikasleentzat (larritasun handia, muga funtzional larriak eta babes-premia orokorrak dituztenentzat, eta berariazko curriculuma eta banakako arreta behar dutenentzat).

  2. Gela egonkorrak 16 urte arteko ikasleentzat izango dira. 2. Ikasle bakoitzak Banakako Lan Plan bat izango du, eta Gela Egonkorreko berariazko programazioa izango da haren erreferentzia.

  1. Helduarora igarotzeko programak prestakuntza-eskaintza berezi bat dira, desgaitasun larriren baten ondorioz hezkuntza-premia bereziak dituzten eta derrigorrezko eskolatzealdia amaitu ondoren Oinarrizko Lanbide Heziketara sartzen ez diren ikasleak bizimodu aktiborako prestatzeko Gehienez lau ikasturtez hartuko dira ikasleak, orokorrean 20 urte bete arte. Salbuespenez, ikasle horien eskolaldia 21 urtera arte luza daiteke, betiere, ikaslearen jarrerei eta interesei erreparatuta, ebaluazio-taldeak uste badu ikaslearen autonomia handitzeko modua izan daitekeela.

  2. Programa horiek Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan eta Hezkuntza Bereziko ikastetxeetan emango dira, Ikastetxeko Curriculum Proiektuan txertatutako programazio berezi bat izango dute, eta ikasle bakoitzak Banakako Lan Plan bat izango du, erreferentzia gisa ikasgelako berariazko programazioa hartuko duena.

  3. Helduarora igarotzeko programak bi motatakoak izango dira:

    1. Zereginen Ikaskuntzarako Programak, desgaitasun intelektual neurrizko edo larriren bat duten eta konpetentzia profesionalik lortu ez baina trebetasun profesionalen bat lor dezaketen ikasleentzat berariaz prestatutakoak.

    2. Autonomia Pertsonal eta Sozialerako Programak, desgaitasun larriren bat duten eta horregatik konpetentzia edo trebetasun profesionalik lortu ezin duten ikasleentzat bereriaz prestatutakoak.

  1. Hezkuntza-eskumenak dituen sailak irizpideak sustatuko ditu hezkuntza-sisteman berandu sartutako ikasleak modu inklusiboan eskolatzeko. Hezkuntza-sisteman berandu sartzen den ikaslea eskolatzeko orduan, ikastetxeek kontuan izango dute ikaslearen adina, historia akademikoa, jakintzak eta bestelako ezaugarriak, ahalik eta modurik positiboenean, oinarrizko konpetentziak eskura ditzan derrigorrezko eskolatzea amaitzean.

  2. Berandu eskolatutako ikasle batek gabezia handiak baldin baditu ikastetxeko eskolatze-hizkuntzan, berariazko arreta emango zaio, berariazko programen bidez. Talde arruntean eskolatzearekin batera emango da arreta hori.

  3. Konpetentzien mailan bi urte edo gehiagoko desfasea dakarten ikasleak adinez dagokiena baino maila bat beherago eskolatu daitezke, baldin eta etapa amaitu ahal badute oro har ezarritako adin-mugen barruan. Indartze-neurriak hartuko dira ikasle horiek eskolan integratzeko, desfasea gainditzeko eta ikasketak ganoraz jarraitu ahal izateko.

  1. Oro har, ikasleak sei urte betetzen duten urtean hasiko dira Oinarrizko Hezkuntzako lehenengo mailan; eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, hamabi urte betetzen duten urtean. Ikasleek eskubidea izango dute 18 urte betetzen dituzten urtean amaitzen den ikasturtera arte eskolatuta egoteko, edo 19 urte izan arte, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako hirugarren edo laugarren ikasturtea bigarren aldiz errepikatzen dutenean.

  2. Ahalmen intelektual handiko ikasleak identifikatu badira eta malgutu egin bazaie Lehen Hezkuntzako eskolaldia, aukera dute Lehen Hezkuntza urtebete lehenago hasteko, edo Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan sartzeko hamabi urte betetzen dituzten urte naturala baino lehen.

  3. 16 urte beteta izan eta etapa hori amaitu ez duten ikasleek helduentzako irakaskuntzaren bidez amaitu ahal dituzte ikasketak, baldin eta ezin badute erregimen normalean eskolatuta jarraitu, lanean ari direlako edo errendimendu handiko kirolariak direlako.

    BIGARREN ATALA

    IKASLEEN EBALUAZIOA

  1. Ikaslearen ikaskuntza ebaluatzea ezin da bereizi gainerako curriculum-osagaietatik.

  2. Oinarrizko Hezkuntzan, maila bakoitzeko arloen eta ikasgaien ebaluazio-irizpideak jarraituko dira (ikastetxeko Curriculum Proiektuan eta programazio didaktikoetan daude zehaztuta). Hezkuntza-premia bereziko ikasleak ebaluatzeko irizpideak arlo edo ikasgai bakoitzeko oinarrizko konpetentzien arabera ezarriko dira dagokion jarduera-planean. Neurririk egokienak ezarriko dira, ebaluazio horiek egiteko baldintzak hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleen ezaugarrietara egokitu daitezen.

  3. Ebaluazio jarraituan ikaslearen aurrerabidea ez bada egokia, indartze-neurriak ezarriko dira. Zikloko edo mailako edozein unetan har daitezke neurri horiek, zailtasunak hauteman bezain laster, ikasleek ezinbesteko ikasketak eskura ditzaten heziketa-prozesuan aurrera egiteko.

  4. Lehen Hezkuntzan, konpetentzien ebaluazioa banakakoa, jarraitua eta globala izango da, eta ikasleak curriculumeko arlo guztietan egindako aurrerapenari erreparatuko zaio, oinarrizko konpetentziak kontuan hartuta.

  5. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, ikasleen ebaluazioa banakakoa, jarraitua eta ikasgaitan eta esparrutan bereizia izango da, oinarrizko konpetentziak aintzat hartuta. Ikasleen ebaluazioa hezitzailea izango da, eta irakaskuntza- nahiz ikaskuntza-prozesuak hobetzeko tresna izango da.

    Ikaslearen ebaluazioak integratzailea izan behar du, eta ikasgai guztietan ikusi behar da etapa horretako helburuen eta konpetentzien betetze-maila. Ebaluazioaren izaera integratzailea ez da oztopoa irakasleek ikasgai bakoitzaren ebaluazio bereizia egin dezaten, kontuan hartuz horietako bakoitzaren ebaluazio-irizpideak eta estandar ebaluagarriak edo lorpen-adierazleak.

    Ebaluazio jarraitu horretan ikasgairen edo esparruren bateko konpetentziak eskuratu ez dituzten ikasleek ezohiko proba bat egin ahal dute, hezkuntza-eskumenak dituen sailak zehaztutako prozedura eta baldintzak betez.

  6. Ikastetxeek ikasturteko helburu orokorrak, ebaluazio-irizpideak eta mailaz, zikloz edo etapaz igotzeko irizpideak jakinaraziko dizkiete ikasleei eta, ikaslea adingabea denean, gurasoei edo legezko ordezkariei, bai eta aplikatuko diren prozedurak eta ebaluazio-tresnak ere. Ikasturte bakoitzaren hasieran emango da informazio hori, ikastetxeak ezarritako prozeduraren arabera.

  7. Ikasturte bakoitzeko ebaluazio-saio bakoitzaren ondoren, edo hala komeni denean, tutoreak ikaslearen ikaskuntza-prozesuaren txostena egin eta haren gurasoei edo legezko tutoreei emango zaie. Txosten horretan jasoko dira arlo edo ikasgai bakoitzeko kalifikazioak, bai eta eskola-errendimenduari, gizarte-heziketako integrazioari eta, hala dagokionean, laguntza- eta indartze-neurri orokorrei buruzko informazioa ere.

    Ikasturte amaieran, azken ebaluazioaren ondorengo txostenean agertuko da, aurreko lerrokadan aipatutakoaz gain, oinarrizko konpetentzien eskuratze-maila eta mailaz, zikloz edo etapaz igotzeko edo ez igotzeko erabakia. Gainera, Lehen Hezkuntzako 3. eta 6. mailetan, banakako ebaluazioaren emaitza sartuko da.

  8. Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetako ikasleen eskubideei eta betebeharrei buruzko abenduaren 2ko 201/2008 Dekretuan ezarritakoaren arabera, ikasleak adin txikikoak direnean, gurasoek eta ikasleen legezko tutoreek eskuratu ahalko dituzte ebaluazio-agiri ofizialak eta haien seme-alabei egiten zaizkien azterketak eta ebaluazio-agiriak, ikastetxeko antolakuntza- eta funtzionamendu-arauek ezarritakoaren arabera. Orobat, azalpenak eskatu ahal dizkiete maisu-maistrei eta irakasleei ebaluazio jarraituaren emaitzei buruz, arlo edo ikasgairen baten ikasturte amaierako ebaluazioari buruz, eta mailaz igotzeko edo ez igotzeko erabakiei buruz.

  9. Ikasleak eta, ikaslea adingabea denean, gurasoak edo legezko ordezkariak ados ez badaude jasotako azalpenekin, erreklamazioak egin ahal dituzte maila edo etapa amaieran, ikaskuntzen ebaluazioaren emaitzei buruz eta, ebaluazio-prozesuaren ondorioz mailaz igotzeko edo ez igotzeko hartzen diren erabakiei buruz.

  10. Hezkuntza-eskumenak dituen sailak erabakiko ditu ebaluazio-arauak, eta jarraibideak emango ditu ikastetxeek eta irakasleek beren jarduna ebaluatu ahal izan dezaten.

  1. Irakasleek ebaluatu egingo dituzte ikasleen ikasketak, ikaskuntza-prozesua eta beren irakasle-lana. Horretarako, lorpen-adierazleak ezarriko dira programazio didaktikoetan. Ikasturte bakoitzaren amaieran gutxienez, irakasle-taldeak ebaluazioko emaitzak bilduko ditu, prozesua birbideratzeko aldaketak proposatu edo horretarako erabakiak hartuko ditu.

  2. Hezkuntza-eskumenak dituen sailak ebaluazio-ereduak emango ditu, ikastetxeek barruko ebaluazioa egin ahal izan dezaten.

  1. Ikasle-talde bakoitzeko irakasleek ikasleen hasierako ebaluazioa egingo dute etapako maila bakoitza hastean, ikaslearen ezaugarrien eta jakintzen araberako erabakiak hartzeko asmoz, eta ikasturteko lehen hilabetea amaitu aurreko hasierako ebaluazio-saioaren aktan jasoko dira.

  2. Ebaluazioa osatzeko, aztertu egingo dira aurreko ikasturteko tutoreak emandako datuak eta informazioa, behar duten ikasleei indartze- eta berreskuratze-neurriak emateko, eta programazio didaktikoaren gaineko erabakiak hartzeko.

  1. Lehen Hezkuntzako ikasturte bakoitzaren amaieran, ikasleek lortutako emaitzen amaierako ebaluazioa egingo dute talde bakoitzeko irakasleek. Emaitzen balorazioa jasota geratuko da ebaluazio-agirietan, arloan arloko kalifikazioak adierazita.

    Ebaluazioaren emaitza era honetan adieraziko da: Kalifikazio negatiboak Gutxiegi (GU), eta gainerakoak Nahikoa (NA), Ongi (O), Oso Ongi (OO) eta Bikain (BI). Horien ondoan joango da zenbakizko kalifikazioa ere, dezimalik gabe, batetik hamarrera. Hain zuzen ere:

    Gutxiegi: 1, 2, 3 edo 4

    Nahikoa: 5

    Ongi: 6

    Oso Ongi: 7 edo 8

    Bikain: 9 eta 10

  2. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako konpetentzien ebaluazioan, eta ikasle bakoitzari buruzko informazioa jaso ondoren, talde bakoitzeko irakasleek elkarrekin ebaluatuko dituzte ikasleak, tutoreak koordinatuta, eta, hala badagokio, ikastetxeko orientazio-zerbitzuaren aholkuak jasoz. Ikasgai bakoitzaren hasierako kalifikazioa emateko eskumena eta ardura ikasgai hura eman duen irakaslearena da, eta irakasleek elkarrekin hartuko dituzte prozesu horren ondorengo erabaki orokorrak.

  3. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ebaluazioaren emaitzak honela adieraziko dira: kalifikazio negatiboak Gutxiegi (GU), eta gainerakoak Nahikoa (NA), Ongi (O), Oso Ongi (OO) eta Bikain (BI). Horien ondoan joango da zenbakizko kalifikazioa ere, dezimalik gabe, batetik hamarrera. Hain zuzen ere:

    Gutxiegi: 1, 2, 3 edo 4

    Nahikoa: 5

    Ongi: 6

    Oso Ongi: 7 edo 8

    Bikain: 9 eta 10

  4. Erabaki nagusiak, mailaz igotzeari buruzkoak barne, ikasturte amaierako ebaluazioaren saioko aktan jasoko dira.

Hauek dira ebaluazio-agiri ofizialak:

  1. Lehen Hezkuntzan, espediente akademikoa, ebaluazio-aktak, etapa amaierako eta hirugarren mailako ebaluazio-agiriak, etapa amaierako ebaluazioko mailari buruzko txostena, historia akademikoa, eta, halakorik badago, lekualdatzearen txosten pertsonala dira.

  2. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, espediente akademikoa, ebaluazio-aktak, maila bakoitzeko orientabidea, historia akademikoa, eta, halakorik bada, lekualdaketen ondoriozko txosten pertsonala.

  3. Orobat, etapa bakoitzeko azken ebaluazioko agiriak ere agiri ofizialtzat joko dira.

  4. Historia akademikoa eta, halakorik badago, lekualdatzearen txosten pertsonala oinarrizko agiriak dira ikaslearen mugikortasuna bermatzeko.

    HIRUGARREN ATALA

    IKASLEAK MAILAZ IGOTZEA

  1. Lehen Hezkuntzako maila bakoitza amaituta, eta ebaluazio-prozesuaren ondorioz, taldeko irakasleek erabakiko dute ikasleek zikloz igaroko duten ala ez, kontuan hartuz, batez ere, oinarrizko konpetentzien garapena eta tutorearen iritzia.

  2. Hurrengo mailara edo etapara igaroko da, baldin eta eskuratutzat jotzen badira oinarrizko konpetentziak. Halaber, hurrengo mailara edo etapara igaroko da, baldin eta jasotako ikaskuntzei esker maila edo etapa berria aprobetxamenduz jarraitu badezakete ikasleek. Nolanahi ere, ikasleek ikasketak ondo garatzeko laguntza jaso ahalko dute, behar izanez gero.

  3. Aurreko ataleko baldintzak betetzen ez badira, berriro egin behar da maila bera. Neurri hori behin baino ezin da hartu Lehen Hezkuntza osoan, eta harekin batera joango da berariazko indartze- edo berreskuratze-plan bat. Hezkuntza-eskumenak dituen sailaren jarraibideak betez antolatuko du ikastetxeak plan hori.

  4. Mailaz ez igotzeko erabakia salbuespeneko neurria da, eta zailtasunak konpontzeko indartze- eta laguntza-neurri arrunt guztiak agortu ondoren hartuko da. Mailaz ez igotzeko erabakia hartu aurretik, tutoreak ikaslearen gurasoekin edo legezko tutoreekin hitz egingo du.

  1. Etapako maila batetik bestera igotzeko erabakiak ikasleen irakasle guztien artean hartuko dira, kontuan hartuz zenbateraino eskuratu diren etapako helburuak eta konpetentziak.

    Errepikatzea salbuespeneko neurria da, eta ikaslearen zailtasunak konpontzeko gainerako indartze- eta laguntza-neurri arruntak agortu ondoren hartuko da.

  2. Ikasleak ikasturte batetik bestera igaroko dira ikasgai guztiak gainditzean, edo ebaluazio negatiboa gehienez bi ikasgaitan dutenean. Ikasturtea errepikatuko dute hiru ikasgai edo gehiagotan ebaluazio negatiboa dutenean, edo Gaztelania eta Literaturan edo Euskara edo Literaturan eta Matematikan dagoenean ebaluazio negatiboa.

    Salbuespen gisa, hiru ikasgaitan ebaluazio negatiboa duen ikasle bat hurrengo ikasturtera igaroko da baldintza hauek guztiak betetzen direnean:

    1. Ebaluazio negatiboko ikasgaietatik bi ez izatea aldi berean Gaztelania eta Literatura edo Euskara eta Literatura eta Matematika,

    2. Irakasleen iritziz, ebaluazio negatiboa duten ikasgaiak oztopo ez izatea hurrengo maila arrakastaz gauzatzeko, berreskuratzeko aukerak dituelako eta mailaz igotzea ona izango delako bilakaera akademikorako.

    3. ikasleari artikulu honen 7. lerrokadako orientabidean proposaturiko arreta-neurriak aplikatzea.

      Salbuespen gisa ere, ikasle bat hurrengo mailara pasatu ahal da Gaztelania eta Literatura edo Euskara eta Literatura eta Matematika ikasgaietan aldi berean ebaluazioa negatiboa izanda, honako kasu hauetan: irakasleen iritziz ikasleak hurrengo maila arrakastaz gauzatu ahal badu, berreskuratzeko aukerak baditu eta mailaz igotzeak bilakaera akademikoari mesede egingo badio, baldin eta ikasleari aplikatzen bazaizkio artikulu honen 7. lerrokadako kontseilu orientatzailean proposaturiko arreta-neurriak.

      Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako maila desberdinetan izen bera duten ikasgaiak ikasgai desberdintzat hartuko dira. Ikastetxeek 15. artikuluko 9. lerrokadaren arabera eskainitako ikasgaiak ez dira kontuan hartuko Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan mailaz igotzeko erabakiari begira.

  3. Ikasgai guztiak gainditu gabe hurrengo mailara igarotzen diren ikasleek gainditu gabeko ikasgaietan matrikulatu behar dute, indartze-programak gauzatu behar dituzte, eta programa horien ebaluazioak gainditu behar dituzte.

  4. Mailaz igotzen ez den ikasleak urtebete gehiago eman behar du maila berean. Neurri hori behin bakarrik aplikatu ahal da maila berean, eta gehienez bi aldiz etapa baten barruan. Errepikatzen den bigarren aldia hirugarren edo laugarren mailan gertatzen bada, erregimen arruntean jarraitu ahal da, hemeretzi urte betetzen diren ikasturtearen amaierara arte. Salbuespen gisa, bi aldiz errepikatu ahal da laugarren maila, betiere, etaparen aurreko mailarik errepikatu ez bada.

  5. Errepikapenak ezartzean, nolanahi ere, curriculumak ikasleen premietara egokituko dira eta zailtasunak gainditzera bideratuko dira. Horrekin batera banakako plan bat egin behar da, aurreko mailan hautemandako zailtasunak gainditzeko. Hezkuntza-eskumenak dituen sailaren jarraibideak betez antolatuko da plan hori.

  6. Maila errepikatu ondoren, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleak ez baditu betetzen hurrengo mailara igarotzeko baldintzak, irakasleek, orientazio-taldeak aholkatuta eta familiari informazioa eman ondoren, dauden aukerei buruz orientabide bat emango du, ikaslearen premiei eta interesei erreparatuta.

  7. Ikasle guztiek helburuak eta konpetentziak eskuratu ahal izateko indartze-neurriak ezarriko dira, arreta berezia jarriz laguntza jasotzeko berariazko premietan. Aldian-aldian eta ikasturte akademikoa amaitzean berrikusiko da banakako neurrien aplikazioa. Heziketa-premia bereziak dituzten ikasleen kasuan, haien jarduera-planek egokitu egiten badute curriculuma arlo edo ikasgai batzuetan, plan horrek berak onartu behar ditu mailaz igarotzeko irizpideak.

    Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasturte bakoitzaren amaieran, orientabide bat emango zaie ikasle bakoitzaren gurasoei edo legezko tutoreei. Orientabide hori banakako eskola-orientazioko txostenean sartuko da.

  8. Hezkuntza-eskumenak dituen sailak banakako arreta-neurriak ezarri ahal ditu Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren amaierako ebaluazioa gainditzen ez duten ikasleentzat. Ikasleen emaitzen eta emaitza horietatik eratorritako diagnostikoaren eta informazioaren arabera, ikastetxeek curriculumari eta irakaskuntzari buruzko neurri ohikoak edo ezohikoak ezarriko dituzte. Taldearen edo banakoen emaitzak hobetzeko planak izango dira, familiekin elkarlanean eta hezkuntza-laguntzako baliabideen bitartez ikasleen motibazioa eta ahalegina sustatzeko eta arazoak konpontzeko.

  9. Gurasoek edo tutoreek parte hartu eta babestu egin behar dute beren seme-alaben edo tutoretzapekoen hezkuntza-prozesua, jakin egin behar dute zer erabaki den ikasleen ebaluazioaren eta maila-igoeren inguruan, eta lagundu egin behar dute laguntza- edo indartze-neurriak betetzen.

  10. Hezkuntza-eskumenak dituen sailak erabakiko ditu ikasleak ebaluatzeko eta mailaz igotzeko prozeduraren arauak.

    LAUGARREN ATALA

    TITULAZIOA

  1. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua eskuratzeko, amaierako ebaluazioa gainditu beharko da, baita etaparen amaieran 10etik 5 edo gehiagoko kalifikazioa lortu ere. Erdi-mailako Heziketa Zikloetan ikasleak onartzeko prozesuan kontuan hartu ahalko da amaierako kalifikazio hori, onartzeko prozesua arautzen duen arautegian ezarritakoaren arabera.

  2. Laugarren maila amaitzean, ikasleek banakako azken ebaluazio egingo dute, eta bertan ikusiko da zenbateraino berenganatu dituzten konpetentziak.

  3. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatuak Batxilergora, Erdi Mailako Lanbide Heziketara, Arte Plastikoetako eta Diseinuko erdi-mailako irakaskuntza profesionaletara eta erdi-mailako Kirol Irakaskuntzetara joateko aukera ematen du, horietako bakoitzaren betekizunen arabera.

  4. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza egin eta graduatua lortzen ez duten ikasleek ziurtagiri bat jasoko dute, ofiziala eta estatu osoan balio duena. Azken ikasturtean matrikulatuta egondako ikastetxeak jaulkiko du ziurtagiri hori.

  1. Diagnostiko-ebaluazioak hezkuntza-eskumenak dituen sailaren eta ikastetxeen erantzukizun partekatua dira, eta hobetzeko aukera gisa eta ikastetxeentzako eta, oro har, euskal hezkuntza-sistema osoarentzako erronka gisa hartu behar dira.

    Diagnostiko-ebaluazioa osatzen duten proben helburua izango da ikasleek oinarrizko konpetentzietan zer maila lortu duten egiaztatzea. Lortutako konpetentzia-mailan faktore indibidualak eta faktore sozioekonomiko, kultural eta linguistikoak hartuko dira kontuan.

    Kanpoko nahiz barruko ebaluazioa baliagarriak izango dira oinarrizko zehar-konpetentziak eta diziplinen barrukoak ebaluatzeko, bai eta ondorioak ateratzeko ere, hezkuntza-sistema hobetzeari begira.

    Diagnostiko-ebaluazioak osatzen dituzten probak Euskal Autonomia Erkidegoan funts publikoak jasotzen dituzten ikastetxe guztiek egingo dituzte.

  2. Hezkuntza-eskumenak dituen sailak ebaluazio-diagnostiko bat egingo du, Lehen Hezkuntzako hirugarren eta seigarren maila amaitzean. Ebaluazio horiek ez dute eragin akademikorik izango; ikastetxeentzat lagungarria eta orientagarria izango da; familientzat eta hezkuntza-komunitate osoarentzat, informatiboa.

  3. Lehen Hezkuntzako hirugarren mailako ebaluazioa barrurako izango da, eta ikastetxeek berek egingo dute, hezkuntza-eskumenak dituen sailak ikastetxeen esku jartzen dituen irizpide eta ereduak kontuan izanda. Ebaluazio horren bidez, egiaztatuko da, gutxienez, zenbateraino menderatzen dituzten konpetentziak, hizkuntza-komunikazioan eta literaturan (euskara, gaztelania eta ingelesean) matematikan eta zientzia arloan. Emaitzak banakako txostenetan aurkeztuko zaizkie familiei. Hezkuntza-eskumenak dituen sailak ebaluazio hori osatzeko kanpo-ebaluazio bat egin ahal izango du, sistemaren lagin gisa (hezkuntza-ereduak, ikastetxeen titulartasuna, adierale sozioekonomikoak eta kulturalak ebaluatzeko).

  4. Hirugarren mailako ebaluazioa txarra balitz, irakasleek ohiko edo ezohiko neurririk egokienak hartu behar dituzte. Zailtasunak gainditzeko indartze-planak eta banakoen edo taldearen emaitzak hobetzeko planak izango dira, familien laguntzarekin eta hezkuntza-babeseko baliabideen bitartez. Lehen Hezkuntzako hirugarren mailako diagnostiko-ebaluazioaren ondorio gisa ezartzen diren indartzeko eta hobetzeko planak laugarren mailan zehar egingo dira.

  5. Lehen Hezkuntzako seigarren mailako ebaluazioa kanpo-ebaluazioa izango da, eta sistemari, ikastetxeari, taldeari eta ikasleei buruzko informazioa emango du, gutxienez hizkuntza- eta literatura-komunikaziorako oinarrizko konpetentziak (euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez), matematikakoak eta zientzia arlokoak neurtuko dituena. Ahozko adierazpenaren ebaluazioa ere sartuko da informazio horren barruan.

  6. Txosten batean agertuko da ikasle bakoitzaren Lehen Hezkuntzaren amaierako emaitza, gurasoei edo legezko tutoreei emango zaie, eta orientagarria izango da ikasleek Lehen Hezkuntzako seigarren maila egin duten ikastetxeentzat eta hurrengo maila egiten duten ikastetxeentzat.

  7. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako diagnostiko-ebaluazioak zehazten diren oinarrizko konpetentzietan sistemak, ikastetxeak, taldeak eta ikasleak lortutakoari buruzko informazioa bilduko du. Ebaluazio horren emaitza lortutako emaitza guztiak jasoko dituen txosten batean jasoko da.

  8. Ikastetxeek eta Hezkuntza Administrazioak aintzat hartuko dute ebaluazio horietako informazioa, besteak beste, ikasleen arreta hobetzeko neurriak eta programak antolatzeko, eta oinarrizko konpetentziak menderatzen direla bermatzeko. Halaber, emaitza horiek, irakaskuntza-prozesuaren eta irakasle-lanaren ebaluazioarekin batera, aukera emango dute aurreko ikasturteetako esku-hartzeak aztertzeko, baloratzeko eta, hala komeni bada, birbideratzeko.

  9. Hezkuntza-eskumenak dituen sailak indartze- eta hobetze-planak ezarri ahal ditu finkatutako balioetara heltzen ez diren ikastetxe publikoetan.

  10. Ebaluazioen emaitza orokorrak jakitera emango dira ikastetxeak sailkatzeko identifikazio-daturik eta datu pertsonalik eman gabe, kontuan hartu ondoren ikastetxeen faktore sozioekonomikoak eta soziokulturalak.

  11. Datu pertsonalen babesari buruzko legeak errespetatuz erabiliko da era horretan lortutako informazioa. Taldeen, arloen eta ikastetxeen estatistikak egiteko eta aurreko lerrokadan adierazitako helburuetarako erabiliko da informazioa, hezkuntza-eskumenak dituen sailak ezarritakoaren arabera. Ebaluazio horiek ezin dira erabili ikastetxeen sailkapenak egiteko.

  12. Hezkuntza-eskumenak dituen sailak arautuko du diagnostiko-ebaluazioak antolatzeko prozedura. Irakas-Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Euskal Erakundeak ereduak eta laguntzak eskainiko dizkie ikastetxeei, den-denek modu egokian egin ahal izan ditzaten ebaluazioak.

  13. Neurririk egokienak ezarriko dira, ebaluazio horiek laguntza berezia behar duten ikasleen premietara egokitu daitezen.

  1. Hezkuntzako Ikuskaritzaren ardura da ebaluazio-prozesuaren nondik norakoak ikuskatzea hala ikasleei nola irakaskuntzari dagokienez. Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren apirilaren 12ko 7/2007 Legean ezarritakoaren arabera, emaitzak hobetzen laguntzeko neurrien gainean aholkuak emateko balio behar du ikastetxe publikoetako irakasleen lana ebaluatzeak.

  2. Ikuskariak, ikastetxeak bisitatzean eta banakako ebaluazioen emaitzak ezagututa, zuzendaritza-taldearekin bilduko dira emaitzak aztertzeko eta baloratzeko.

  1. Hezkuntza-sistema ebaluatzea ezinbestekoa da, emaitzak sendotzeko eta hezkuntza-erronka berriak ezartzeko hobekuntza-neurriak ezarri aurretik.

  2. Hezkuntza-sistema ebaluatuz lortzen da:

    1. Gardentasuna eta parte-hartze demokratikoa hezkuntzaren kudeaketan.

    2. Hezkuntza-sistemari buruzko erabakiak hartzeko datuak eskuratzea.

    3. Hezkuntza-sistema propioari buruzko eta beste hezkuntza-sistema batzuei buruzko informazioa eskuratzea, emaitzak hobetzeko.

  3. Kanpoko nahiz barruko ebaluazioen emaitzak ikusita, ikastetxeek esku hartzeko eta hobetzeko proposamenak hautatu eta, besteak beste, ikasleen emaitzak hobetzeko ekintzak lehenetsiko dituzte. Hobetzeko ekintzak edo esku hartzeko proposamen horiek kontuan hartuko dituzte hezkuntza-ikerketetan detektatutako jardunbide egokiak, eta harremana izango dute ikastetxeko bizitzaren arlo desberdinekin, batez ondoren azaltzen direnekin:

    1. Curriculuma eta metodologia (irakaskuntza- eta ikaskuntza-prozesua, ikasgelako irakasle-lana, baliabide didaktikoak eta teknikoak, eta ebaluazio-tresnak eta -irizpideak).

    2. Antolaketa eta funtzionamendua (irakasleen koordinazioa, taldekatzeak, ordutegiak eta funtzionamendu-arauak).

    3. Komunitatea (ikastetxeko harremanak eta bizikidetza, eta inguruarekiko nahiz familiekiko harremanak).

    4. Garapen profesionala edo prestakuntza (irakasleen prestakuntza- eta lanbide-premiak).

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza-sistemak gizarte-, ekonomia- eta hezkuntza-ezaugarri bereziak dituenez, ezinbestekoa da berariazko ebaluazio- eta ikerkuntza-prozesu batzuk bultzatzea; esaterako, prozesu elebidunen eta eleaniztunen azterketa, kontuan hartuz curriculumeko hizkuntza bakoitzaren egoera, edo bakearekin eta bizikidetzarekin zerikusia duten programa estrategikoen sustapena.

  2. Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza-sistemak honako lehentasun hauek ditu hezkuntza-sistemaren eta -ikerkuntzaren esparruan:

    1. Konpetentzien araberako curriculuma garatzeko onenak diren lan-metodologiak ikertzea.

    2. Oinarrizko konpetentzia guztiak ebaluatzeko prozedurak eta tresnak osatzea, hala zeharkakoak nola diziplinen barrukoak.

    3. Oro har, ebaluazioaren kultura eta autoebaluazioa sustatzea hezkuntza-sistemako ikastetxe, zerbitzu, programa eta jardueretan.

    4. Hobetzeko proposamenak lehenestea.

    5. Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza-sistemaren ebaluazio- eta ikerkuntza-adierazleak, -irizpideak eta -metodoak homologatzea erkidegoko, estatuko eta atzerriko erakundeek erabiltzen dituztenekin.

    6. Ebaluazio eta ikerkuntza propioak diseinatzea eta gauzatzea, Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza-sistemaren helburu bereizgarrien arabera.

    7. Estatuko ebaluazioetan parte-hartzea, arautegiaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza-sistemaren helburuekin bat datozen egokitzapenak eginda.

    8. Hezkuntza-sistema hobetzeko ebaluazioari eta ikerkuntzari laguntzen dioten bideak jartzea, elkarlana sustatuz ikastetxeen, Irakas Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Euskal Erakundearen eta unibertsitateko hezkuntza-departamentuen artean.

    9. Hezkuntza-adierazleen sistema hobetzea, batez ere, 2020rako helburu europarrei dagokienez (eskola uztea, haur-hezkuntza, ELGAren PISA proben bidez neurtutako Bigarren Hezkuntzako errendimendua, goi-mailako tituludunak edo bizitza osoko prestakuntza).

      LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA. Ezartzeko egutegia.

      Dekretu honetan araututako irakaskuntzen curriculumak 2015-2016 ikasturtean ezarriko dira Lehen Hezkuntzan, eta 2016-2017 ikasturtean amaituko da haien ezarpena Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan.

      BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Erlijioaren irakaskuntza.

      1. Ikasturtea hasi baino lehen, erlijioa ikasi nahi duten ala ez adieraziko dute adinez nagusi diren ikasleek eta adingabekoen gurasoek edo tutoreek.

      2. Erlijio katolikoaren irakaskuntza bat etorriko da Egoitza Santuaren eta Espainiako estatuaren artean izenpetutako Irakaskuntzari eta Kultura Gaiei buruzko Akordioarekin.

        Hala, erlijio katolikoa arloa izango da Lehen Hezkuntzan, eta ikasgaia Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, nahitaez eskaini beharrekoa ikastetxeentzat eta hautazkoa ikasleentzat.

        Erlijioa hautatzen ez dutenek Balio Sozialak eta Zibikoak landuko dute Lehen Hezkuntzan, eta Balio Etikoak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, gurasoek, legezko tutoreek edo, hala dagokionean, ikasleak hautatuta.

      3. Beste erlijioen irakaskuntza bat etorriko da Espainiako estatuak Espainiako Erlijio Erakunde Ebanjelikoen Federazioarekin, Espainiako Komunitate Israeldarren Federazioarekin eta Espainiako Batzorde Islamikoarekin egindako lankidetza-akordioekin eta, hala badagokio, etorkizunean beste erlijio batzuekin izenpetzen diren akordioekin.

      4. Erlijioaren curriculuma zehaztea erlijio bakoitzeko agintarien eskumena da. Eskola-liburuen eta material didaktikoaren erabilera eta, hala dagokionean, horiek ikuskatzea eta onestea, kasuan kasuko agintari erlijiosoen lana da, Espainiako estatuarekin izenpetutako Erabakiei jarraituz.

      5. Etapako gainerako ikasgaien baldintza eta ondorio berberekin ebaluatuko da Erlijio Katolikoa. Estatuak erlijio bakoitzarekin izenpetutako akordioetan ezarritakoari jarraituz ebaluatuko da erlijio horien irakaskuntza.

        HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako irakaskuntzak eta bestelako irakaskuntzak uztartzea.

      1. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasketak eta musikako eta dantzako arte-ikasketa profesionalak uztartzeko aukera emango du hezkuntza-eskumenak dituen sailak.

      2. Hezkuntza-eskumenak dituen sailak ezohiko eskolatze-neurriak baimendu ditzake errendimendu handiko kirol-jarduerak egiten dituzten ikasleentzat eta antzeko egoeretan dauden ikasleentzat.

        LAUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Helduen Hezkuntza.

      1. Lehen Hezkuntzari dagozkion oinarrizko konpetentziak eta ezagutzak eskuratu nahi dituzten helduei beren egoerara egokitutako eskaintza egingo zaie, modu presentzialean edo urrutiko hezkuntzaren bidez.

      2. Ikaskuntzaren malgutasuna errazteko, helduentzako irakaskuntza moduluka antolatuko da, hiru gradutan: Hasierako Irakaskuntzak I, Hasierako Irakaskuntzak II eta Bigarren Hezkuntza. Gutxienez azken gradu hori bi esparrutan banatuko da, eta horietako bakoitza bi mailatan. Bi urtetan egiteko modua eman behar du:

        Hizkuntza- eta gizarte-esparrua (gutxienez, Euskara eta Literatura, Gaztelania eta Literatura, Atzerriko Lehen Hizkuntza eta Geografia eta Historia).

        Zientzia- eta matematika-esparrua (gutxienez, Matematika, Biologia eta Geologia, Fisika eta Kimika, eta Teknologia).

      3. Helduen Oinarrizko Hezkuntza berariazko curriculum baten arabera garatuko da, Dekretu honen II. eranskineko curriculuma egokituz.

        Berariazko curriculum horrek, halaber, Oinarrizko Hezkuntzako gainerako ikasgaietako alderdiak jaso ditzake. Horren guztiaren azken helburua oinarrizko konpetentziak lortzea da, besteak beste, bizitzan zehar prestatzen jarraitzeko bidea emango duten ikaskuntzak egitea.

      4. Ikasleek aurretiaz izandako esperientziak eta eskuratutako jakintza aitortu eta balioztatuko dute ikastetxeek, jakintza-arlo bakoitzeko maila batera edo bestera bideratzeko eta atxikitzeko.

      5. Amaierako ebaluazioa gaindituta, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatua lortuko da.

      6. Hemezortzi urtetik gorako pertsonek Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatua zuzenean lortu ahal izateko probak antolatuko dira aldizka, betiere, pertsona horiek etapako oinarrizko konpetentziak eta helburuak lortu badituzte. Arestian adierazitako bi esparruetan oinarrituko dira proba horiek.

      7. Helduen hezkuntza ikastetxe arruntetan edo berariazkoetan emango da, hezkuntza-eskumenak dituen sailaren baimenarekin.

      8. Berariazko programak sustatuko dira horien premia duten kolektiboentzat; esaterako, euskarazko eta gaztelaniazko oinarrizko hizkuntza-trebetasunak etorkinentzat, derrigorrezko hezkuntzaren ondorengo ikasketetara sartzeko prestakuntza, etab. Berariazko laguntza behar dutenen kasuan, pertsona helduetara egokituko dira eskola-adinean dauden ikasleentzako aniztasun-neurriak.

        BOSGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Hezkuntza-sistema hobetzeko plana.

        Hezkuntza-eskumenak dituen sailak, kontuan hartuz dekretu honetako hezkuntza-eredu pedagogikoa eta barruko eta kanpoko ebaluazioen emaitzak, hezkuntza-sistema hobetzeko beste plan bat aurkeztuko du, eta bertan jasoko ditu euskal hezkuntza-sistema osoa zuzentasunaren eta kalitatearen aldetik bikaintasunerantz joateko neurri guztiak.

        Plan horretan sartuko dira Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak dekretu honetan hartutako konpromisoak. Konpetentzien araberako eredua aplikatuz Oinarrizko Hezkuntzaren helburuak lortzeko estrategiek garrantzi berezia izango dute Plan horretan. Batik bat, neurri hauek nabarmenduko dira: irakasleen hasierako eta etengabeko prestakuntzarekin lotutakoak; elebitasuna hezkuntza eleaniztun baten barruan sendotzeko neurriak, ikastetxe guztietan atzerriko lehen hizkuntza komunikazio-hizkuntza gisa eskaintzea orokortu arte; hezkuntza inklusiboa eta aniztasunari eman beharreko arreta bultzatzeko neurriak; ikastetxeen autonomia sustatzeko neurriak eta ikastetxeak euren kontuak aurkeztera akuilatzeko neurriak; material didaktikoak egin eta erabiltzeko neurriak; Informazio eta Komunikazio Teknologiak irakaskuntza-eta ikaskuntza-prozesuetan sartzeko neurriak; eta ikasleak, irakasleak eta hezkuntza-sistema ikertzeko eta ebaluatzeko neurriak. Irakasleei, ikastetxeei eta familiei beren erantzukizunak betetzen laguntzeko neurriak ere hartuko dira.

        SEIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Irakaskuntza atzerriko zentroetan.

        Hezkuntza-eskumenak dituen sailak bere eskumenen arabera erabakiko du Euskal Autonomia Erkidegoan baimendutako atzerriko zentroek zer irakatsi behar duten gaztelania eta kulturari eta euskara eta kulturari buruz.

Euskal Autonomia Erkidegoan Oinarrizko Hezkuntzaren curriculuma sortu eta ezartzeko urriaren 16ko 175/2007 Dekretua indargabetzea.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2015eko abenduaren 22an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

(Ikus .PDF)

DERRIGORREZKO BIGARREN HEZKUNTZAKO ORDUTEGIA

(Ikus .PDF)

1. OINARRIZKO HEZKUNTZAKO IKASLEEN IRTEERA-PROFIL OROKORRA

  1. Oinarrizko konpetentziak: Oinarrizko Hezkuntzarako helburuak

    1. Oinarrizko zehar-konpetentziak

    2. Oinarrizko diziplina baitako konpetentziak

    3. Oinarrizko konpetentziak formulatzeko proposamen desberdinen arteko erkaketa

  2. Oinarrizko zehar-konpetentziak

    1. Hitzezko eta hitzik gabeko komunikaziorako eta komunikazio digitalerako konpetentzia

    1.1. Konpetentziaren definizioa eta ezaugarriak

    1.2. Konpetentziaren osagaiak

    2. Ikasten eta pentsatzen ikasteko konpetentzia

    2.1. Konpetentziaren definizioa eta ezaugarriak

    2.2. Konpetentziaren osagaiak

    3. Elkarbizitzarako konpetentzia

    3.1. Konpetentziaren definizioa eta ezaugarriak

    3.2. Konpetentziaren osagaiak

    4. Ekimen eta espiritu ekintzailerako konpetentzia

    4.1. Konpetentziaren definizioa eta ezaugarriak

    4.2. Konpetentziaren osagaiak

    5. Norbera izaten ikasteko konpetentzia

    5.1. Konpetentziaren definizioa eta ezaugarriak

    5.2. Konpetentziaren osagaiak

  3. Oinarrizko diziplina baitako konpetentziak

    1. Hizkuntza- eta literatura-komunikaziorako konpetentziak:

    1.1. Definizioa eta osagaiak

    1.2. Konpetentziaren ezaugarriak eta barne hartzen dituen arloak/ikasgaiak

    1.3. Arlo/ikasgaien ikuspegia

    1.4. Integrazio-egoerak

    1.5. Hizkuntza-arloek eta -ikasgaiek ematen duten laguntza oinarrizko konpetentziak lortzeko

    2. Matematikarako konpetentzia

    2.1. Definizioa eta osagaiak

    2.2. Konpetentziaren ezaugarriak eta barne hartzen duen arloa/ikasgaia

    2.3. Arlo/ikasgaiaren ikuspegia

    2.4. Integrazio-egoerak

    2.5. Matematikaren arloak eta ikasgaiak ematen duten laguntza oinarrizko konpetentziak lortzeko

    3. Zientziarako konpetentzia

    3.1. Definizioa eta osagaiak

    3.2. Konpetentziaren ezaugarriak eta barne hartzen dituen arloak/ikasgaiak

    3.3. Arlo/ikasgaien ikuspegia

    3.4. Integrazio-egoerak

    3.5. Zientziako arloek eta ikasgaiek ematen duten laguntza oinarrizko konpetentziak lortzeko

    4. Teknologiarako konpetentzia

    4.1. Definizioa eta osagaiak

    4.2. Konpetentziaren ezaugarriak eta barne hartzen duen arloa/ikasgaia

    4.3. Arlo/ikasgaiaren ikuspegia

    4.4. Integrazio-egoerak

    4.5. Teknologiaren ikasgaiak ematen duen laguntza oinarrizko konpetentziak lortzeko

    5. Konpetentzia sozial eta zibikoa

    5.1. Definizioa eta osagaiak

    5.2. Konpetentziaren ezaugarriak eta barne hartzen dituen arloak/ikasgaiak

    5.3. Arlo/ikasgaien ikuspegia

    5.4. Integrazio-egoerak

    5.5. Arlo eta ikasgai sozial eta zibikoek ematen duten laguntza oinarrizko konpetentziak lortzeko

    6. Arterako konpetentzia

    6.1. Definizioa eta osagaiak

    6.2. Konpetentziaren ezaugarriak eta barne hartzen dituen arloak/ikasgaiak

    6.3. Arlo/ikasgaien ikuspegia

    6.4. Arazo-egoerak aukeratzeko irizpideak

    6.5. Artearen arloek eta ikasgaiek ematen duten laguntza oinarrizko konpetentziak lortzeko

    7. Konpetentzia motorra

    7.1. Definizioa eta osagaiak

    7.2. Konpetentziaren ezaugarriak eta barne hartzen duen arloa/ikasgaia

    7.3. Arlo/ikasgaiaren ikuspegia

    7.4. Integrazio-egoerak

    7.5. Arlo eta ikasgai motorrak ematen duen laguntza oinarrizko konpetentziak lortzeko

    2. METODOLOGIAREN ETA EBALUAZIOAREN IKUSPEGIA

  1. Metodologia konpetentzien araberako hezkuntzaren ikuspegitik

  2. Ebaluazioa konpetentzien araberako hezkuntzaren ikuspegitik

    BIGARREN ZATIA: LEHEN HEZKUNTZARAKO CURRICULUMAREN BERARIAZKO IKUSPEGIA

    1. HIZKUNTZA- ETA LITERATURA- KOMUNIKAZIORAKO KONPETENTZIA

  1. Euskara eta Literatura eta Gaztelania eta Literatura

    1. Etapako helburuak

    2. Eduki multzoen ezaugarriak

    3. Ebaluazio-irizpideak

  2. Atzerriko Lehen Hizkuntza

    1. Etapako helburuak

    2. Eduki multzoen ezaugarriak

    3. Ebaluazio-irizpideak

    2. MATEMATIKARAKO KONPETENTZIA

  1. Matematika

    1. Etapako helburuak

    2. Eduki multzoen ezaugarriak

    3. Ebaluazio-irizpideak

    3. ZIENTZIARAKO KONPETENTZIA

  1. Naturaren Zientziak

    1. Etapako helburuak

    2. Eduki multzoen ezaugarriak

    3. Ebaluazio-irizpideak

    4. KONPETENTZIA SOZIAL ETA ZIBIKOA

  1. Gizarte Zientziak

    1. Etapako helburuak

    2. Eduki multzoen ezaugarriak

    3. Ebaluazio-irizpideak

  2. Balio Sozial eta Zibikoak

    1. Etapako helburuak

    2. Eduki multzoen ezaugarriak

    3. Ebaluazio-irizpideak

    5. ARTERAKO KONPETENTZIA

  1. Arte Hezkuntza

    1. Etapako helburuak

    2. Eduki multzoen ezaugarriak

    3. Ebaluazio-irizpideak

    6. KONPETENTZIA MOTORRA

  1. Gorputz Hezkuntza

    1. Etapako helburuak

    2. Eduki multzoen ezaugarriak

    3. Ebaluazio-irizpideak

    HIRUGARREN ZATIA: DERRIGORREZKO BIGARREN HEZKUNTZARAKO CURRICULUMAREN BERARIAZKO IKUSPEGIA

    1. HIZKUNTZA- ETA LITERATURA- KOMUNIKAZIORAKO KONPETENTZIA

  1. Euskara eta Literatura eta Gaztelania eta Literatura

    1. Etapako helburuak

    2. Eduki multzoen ezaugarriak

    3. Ebaluazio-irizpideak

    3.1. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1. maila

    3.2. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 2. maila

    3.3. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 3. maila

    3.4. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 4. maila

  2. Atzerriko Lehen Hizkuntza

    1. Etapako helburuak

    2. Eduki multzoen ezaugarriak

    3. Ebaluazio-irizpideak

    3.1. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1. maila

    3.2. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 2. maila

    3.3. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 3. maila

    3.4. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 4. maila

  3. Atzerriko Bigarren Hizkuntza

    1. Etapako helburuak

    2. Eduki multzoen ezaugarriak

    3. DBH 4ko ebaluazio-irizpideak

  4. Latina

    1. Etapako helburuak

    2. Eduki multzoen ezaugarriak

    3. DBH 4ko ebaluazio-irizpideak

    2. MATEMATIKARAKO KONPETENTZIA

  1. Matematika

    1. Etapako helburuak

    2. Eduki multzoen ezaugarriak

    3. Ebaluazio-irizpideak

    3.1. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1. maila

    3.2. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 2. maila

    3.3. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 3. maila: ikaskuntza akademikoak

    3.4. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 3. maila: ikaskuntza aplikatuak

    3.5. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 4. maila: ikaskuntza akademikoak

    3.6. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 4. maila: ikaskuntza aplikatuak

    3. ZIENTZIARAKO KONPETENTZIA

  1. Biologia eta Geologia

    1. Etapako helburuak

    2. Eduki multzoen ezaugarriak

    3. Ebaluazio-irizpideak

    3.1. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1. maila

    3.2. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 3. maila

    3.3. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 4. maila

  2. Fisika eta Kimika

    1. Etapako helburuak

    2. Eduki multzoen ezaugarriak

    3. Ebaluazio-irizpideak

    3.1. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 2. maila

    3.2. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 3. maila

    3.3. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 4. maila

  3. Kultura Zientifikoa

    1. Etapako helburuak

    2. Eduki multzoen ezaugarriak

    3. DBH 4ko ebaluazio-irizpideak

  4. Lan Jarduerari Aplikatutako Zientziak

    1. Etapako helburuak

    2. Eduki multzoen ezaugarriak

    3. DBH 4ko ebaluazio-irizpideak

    4. TEKNOLOGIARAKO KONPETENTZIA

  1. Teknologia

    1. Etapako helburuak

    2. Eduki multzoen ezaugarriak

    3. Ebaluazio-irizpideak

    3.1. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1. mailatik 3. mailara

    3.3. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 4. maila

  2. Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak

    1. Etapako helburuak

    2. Eduki multzoen ezaugarriak

    3. DBH 4ko ebaluazio-irizpideak

    5. KONPETENTZIA SOZIAL ETA ZIBIKOA

  1. Geografia eta Historia

    1. Etapako helburuak

    2. Eduki multzoen ezaugarriak

    3. Ebaluazio-irizpideak

    3.1. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1. maila

    3.2. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 2. maila

    3.3. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 3. maila

    3.4. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 4. maila

  2. Balio etikoak

    1. Etapako helburuak

    2. Eduki multzoen ezaugarriak

    3. Ebaluazio-irizpideak

    3.1. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1. maila

    3.2. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 2. maila

    3.3. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 3. maila

    3.4. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 4. maila

  3. Ekonomia

    1. Etapako helburuak

    2. Eduki multzoen ezaugarriak

    3. DBH 4ko ebaluazio-irizpideak

  4. Ekintzailetza eta Enpresa Jardueretarako Hastapena

    1. Etapako helburuak

    2. Eduki multzoen ezaugarriak

    3. DBH 4ko ebaluazio-irizpideak

  5. Kultura Klasikoa

    1. Etapako helburuak

    2. Eduki multzoen ezaugarriak

    3. Ebaluazio-irizpideak

    3.1. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1. mailatik 3. mailara

    3.3. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 4. maila

  6. Filosofia

    1. Etapako helburuak

    2. Eduki multzoen ezaugarriak

    3. DBH 4ko ebaluazio-irizpideak

    6. ARTERAKO KONPETENTZIA

  1. Plastikako, Ikusizko eta Ikus-entzunezko Hezkuntza

    1. Etapako helburuak

    2. Eduki multzoen ezaugarriak

    3. Ebaluazio-irizpideak

    3.1. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 2. maila

    3.2. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 3. maila

    3.3. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 4. maila

  2. Musika

    1. Etapako helburuak

    2. Eduki multzoen ezaugarriak

    3. Ebaluazio-irizpideak

    3.1. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1. maila edo 2. maila

    3.2. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 3. maila

    3.3. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 4. maila

  3. Arte Eszenikoak eta Dantza

    1. Etapako helburuak

    2. Eduki multzoen ezaugarriak

    3. DBH 4ko ebaluazio-irizpideak

    7. KONPETENTZIA MOTORRA

  1. Gorputz Hezkuntza

    1. Etapako helburuak

    2. Eduki multzoen ezaugarriak

    3. Ebaluazio-irizpideak

    3.1. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1. maila

    3.2. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 2. maila

    3.3. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 3. maila

    3.4. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 4. maila

    SARRERA

    Oinarrizko Hezkuntzarako Dekretuaren II. eranskin honetan, curriculumaren ikuspegi orokorra azaltzen da planteamendu hori komuna da Oinarrizko Hezkuntza guztirako, eta, era berean, curriculumak Lehen Hezkuntzarako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzarako egiten dituen berariazko ikuspegiak azaltzen dira.

    Curriculumaren ikuspegi orokorra azaltzean, ikasleen irteera-profil orokorra adierazten da, hau da, ikasleek Oinarrizko Hezkuntza amaitzean lortuak izan behar dituzten helburuak zerrendatzen dira, eta metodologia- eta ebaluazio-ildo nagusiak adierazten dira, konpetentzien araberako hezkuntzaren ikuspegitik.

    Oinarrizko Hezkuntzaren ikuspegi espezifiko edo berariazkoak bi etapa bereizten ditu, Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza. Etapa bakoitzari dagozkion helburuak, eduki multzoak eta arlo nahiz ikasgaien ebaluazio-irizpideak azaltzen dira ikuspegi edo planteamendu espezifikoetan, lagungarri baitira oinarrizko zehar-konpetentziak eta diziplina baitako konpetentziak eskuratzeko, eta, horien bidez, ikasleek etapa bakoitza amaitzean izan behar duten irteera-profila erdiesteko. Oinarrizko konpetentzien, edukien eta ebaluazio-irizpideen formulazioa ondo egokitzen da maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoko hogeita hamabostgarren xedapen gehigarriarekin.

    Curriculumaren egiturazko elementuak erakusten ditu honako eskema honek, komunak diren aldetik Oinarrizko Hezkuntzako etapa, ziklo eta mailetan:

    (Ikus .PDF)

    LEHENENGO ZATIA

    OINARRIZKO HEZKUNTZARAKO CURRICULUMAREN IKUSPEGI OROKORRA

    1. OINARRIZKO HEZKUNTZAKO IKASLEEN IRTEERA-PROFIL OROKORRA.

    Ikasleen irteera-profil orokorrak oro har zehazten du ikasleak zer oinarriko konpetentzia izan behar dituen Derrigorrezko Oinarrizko Hezkuntza amaitzean, bai hezkuntzaren xedeak erdiesteko, bai bizitzako esparru eta egoera guztietan moldatzeko prestakuntza iristeko.

    Ikasleen irteerako profil orokorra osatzen duten oinarrizko konpetentzien formulazioa ebaluazioaren ikuspegitik lantzen eta zehazten da irteerako profil espezifikoan; horretarako, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako arlo eta ikasgaietan zehazten da profila, arlo eta ikasgaiei dagozkien helburuak eta haien edukiak azaltzen dira, eta, ondoren, ebaluazio-irizpideak eta lorpen-adierazleak zerrendatzen dira.

    Ikasleen irteera-profil orokorra azaltzen da atal honetan. Lehenik eta behin, denak batera eta era sintetiko batez adierazten dira oinarrizko konpetentziak, bai zehar-konpetentziak, bai diziplina baitakoak, eta, ondoren, banan-banan azaltzen dira, zehaztasun handiagoz. Kontuan izan behar da ikasleek Oinarrizko Hezkuntza amaitzerako izan behar duten irteera-profil orokorra edo lortuta izan behar dituzten helburuak zehazten dituztela konpetentziek. Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako curriculumetako berariazko planteamenduek azaltzen dute irteera-profil espezifikoaren egitura.

    1. OINARRIZKO KONPETENTZIAK: OINARRIZKO HEZKUNTZARAKO HELBURUAK.

    ELGE erakundeko DeSeCo txostenak (2005) hau adierazten du: «Ezagutzen eta trebetasunen multzo bat baino zerbait gehiago da konpetentzia. Eskakizun konplexuei erantzuteko abilezia darabil, eta baliabide psikosozialak hartzen eta baliatzen ditu, trebetasun eta jarrerekin batera, testuinguru jakinetan».

    Europako Erkidegoen Batzordeak 2006an egindako proposamenean, hauek dira konpetentzia giltzarri edo oinarrizkoak: «pertsona guztiek behar dituztenak garapen eta errealizazio pertsonalerako, hiritar aktibo izateko, gizarteratzeko eta lana lortzeko. Hasierako hezkuntza eta prestakuntza amaitzean, helduarorako prestatzeko behar bezainbeste landuta izan behar dituzte gazteek konpetentzia giltzarriak, eta, aurrerantzean ere, horiek garatu, mantendu eta eguneratu behar dituzte, etengabeko ikaskuntzaren esparruan». Horrez gainera, DeSeCo txostenaren proposamenak (2002) adierazten du hiru baldintza hauek bete behar dituela konpetentzia batek giltzarria edo oinarrizkoa izateko: «balio pertsonal edo sozial handiko emaitzak lortzen lagundu behar du, testuinguru eta esparru anitzetan erabiltzeko modukoa izan behar du, eta eskakizun konplexuak arrakastaz gainditzeko aukera eman behar die hura eskuratzen duten pertsonei». Bestela esanda, konpetentzia bat giltzarria edo oinarrizkoa izango da, baldin eta baliagarria baldin bada herritar guztientzat, haien sexua, gizarte- eta kultura-egoera eta familia-ingurunea edozein dela ere. Guztiek batera, XXI. mendeko bizitza sozialean parte hartu eta bazterketa-arriskurik ez izateko ikaskuntza ezinbestekoak osatzen dituzte konpetentziek.

    Bi erreferentzia nagusi hauek ditu oinarrizko konpetentzien azalpen edo formulazio honek: a) Jacques Delors buru zela Unesco erakundearentzat idatzitako txostena (1996), hezkuntzaren lau zutabe edo oinarri zehazten dituena: ezagutzen ikastea, egiten ikastea, elkarrekin bizitzen ikastea eta izaten ikastea; b) Europako Erkidegoetako Batzordeak konpetentzia giltzarri edo oinarrizkoen gainean egindako gomendioa (2006), LOMCE legeak oinarritzat hartu duena haiek azaltzeko: 1. Hizkuntza-komunikazioa; Matematikarako konpetentzia eta zientzia eta teknologiarako oinarrizko konpetentziak; 3. Konpetentzia digitala; 4. Ikasten ikastea; 5. Konpetentzia sozial eta zibikoak; 6. Ekimena eta espiritu ekintzailea; 7. Kultura-kontzientzia eta -adierazpenak.

    Unesco erakundeak proposatutako hezkuntzaren lau zutabeak zeharkakoak edo komunak dira diziplina-arlo guztietan, eta, oro har, beharrezkoak bizitzako esparru eta egoera guztietan. LOMCE legeak proposatzen dituen oinarrizko konpetentzietako batzuek zehar-izaera dute (konpetentzia digitala, ikasten ikastea, ekimena eta espiritu ekintzailea); beste batzuek nahastuta ageri dituzte zehar-izaera eta diziplina baitako izaera (hizkuntza-komunikazioa eta konpetentzia sozial eta zibikoak); eta beste batzuk, berriz, diziplina bateko edo batzuetako espezifikoak edo berariazkoak dira (matematikarako konpetentzia, zientziarako konpetentzia, teknologiarako konpetentzia, kultura-adierazpena).

    Horiek guztiak oinarrizko konpetentziak dira, hau da, bizitzarako beharrezkoak eta ezinbestekoak, baina haiek bereiztea eta erlazionatzea komeni da. Bereizi egin behar dira, oinarrizko zehar-konpetentziak ikasi eta ebaluatzeko aukera bakarra baita haiek diziplina baitako oinarrizko konpetentziak lantzen dituzten arloen berezko edukiak ikasteko prozesuan barneratzea. Baina, aldi berean, erlazionatu edo lotu egin behar dira, oinarrizko zehar-konpetentzien bitartekaritza behar baita diziplina baitako oinarrizko konpetentziak eskuratzeko:

    Oinarrizko zehar-konpetentziak edo orokorrak: bizitzako esparru eta egoera guztietan esparru eta egoera pertsonal, sozial, akademiko eta lanekoetan arazo-egoerak eraginkortasunez ebazteko behar diren konpetentziak dira, bai diziplina-arlo guztietako egoeretan, bai eguneroko bizitzako egoeretan. Arlo edo ikasgai guztietan orotara egindako lanaren bidez sustatu eta indartu behar dira zehar-konpetentziak, eta bizitzako esparru eta egoera guztietan integratu edo barneratuz eskuratzen eta erabiltzen dira.

    Diziplina baitako/arteko oinarrizko konpetentziak edo konpetentzia espezifikoak: bizitzako esparru eta egoeretan esparru eta egoera pertsonal, sozial, akademiko eta lanekoetan arazo-egoerak eraginkortasunez ebazteko behar diren konpetentziak dira, eta, haietan, diziplina-arloren bateko berariazko baliabideak erabiltzen dira. Diziplina baitako konpetentziek diziplina-matrize bat dute oinarri, eta arloen berezko arazo-egoeren bitartez eskuratzen dira; halere, badute transferentzia-gaitasunik eta funtzio anitzekoak dira, diziplina-arlo batekin edo batzuekin lotutako arazo-egoerak konpontzeko balia baitaitezke.

    Oinarrizko zehar-konpetentziak, diziplina-arloetan barneratzen diren neurrian, bitartekari edo eragile dira hezkuntza-helburuak lortzeko eta diziplina baitako oinarrizko konpetentziak eskuratzeko. Horrenbestez, Europako Parlamentuak eta Batzordeak (2006) gomendatu eta Espainiako azken bi lege organikoek (2006, 2013) arautu dituzten oinarrizko konpetentziak eskuratzeko eta hezkuntzaren xedeak erdiesteko bidea zabaltzen da.

    1. Oinarrizko zehar-konpetentziak.

    Oinarrizko zehar-konpetentziak hezkuntzaren ardatz edo zutabeen arabera sailkatzea lagungarria da ardatz bakoitzaren berezitasunak zehazteko, baina kontuan izan behar da ardatz horiek moldatu eta elkartu egiten direla ekintzak gauzatzean. Ekintza konpetenteak egiteko, ezinbestekoa da pentsatzen, komunikatzen, elkarrekin bizitzen eta izaten jakitea. Konpetentzia horiek batera eta bereizketarik gabe baliatu behar dira. Ez dago konpetentzien arteko lehentasun edo hierarkiarik. Adibidez, ikasten eta pentsatzen ikasteko konpetentzia ez da gainerakoak baino lehenagokoa, ezta garrantzitsuagoa ere. Guztiak dira ezinbesteko ekintzarako.

  1. Hitzezko eta hitzik gabeko komunikaziorako eta komunikazio digitalerako konpetentzia.

    Hitzezko eta hitzik gabeko komunikazioa eta komunikazio digitala modu osagarrian erabiltzea da, komunikazio egokiak eta eraginkorrak egiteko egoera pertsonal, sozial eta akademikoetan.

    Osagaiak

    Honako osagai hauek ditu hitzezko eta hitzik gabeko komunikaziorako eta komunikazio digitalerako konpetentziak:

    1. Hitzezko eta idatzizko komunikazio jariokor, autonomo, sortzaile eta eraginkorrak egitea.

    2. Hitzik gabeko kodeak ulertzea eta jarioz, autonomiaz, sormenez eta eraginkortasunez erabiltzea.

    3. Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak modu sortzaile, kritiko, eraginkor eta seguruan erabiltzea, ikasteko, aisiarako, inklusiorako eta gizartean parte hartzeko.

  2. Ikasten eta pentsatzen ikasteko konpetentzia.

    Ikasteko eta lan egiteko ohiturak, ikasteko estrategiak eta pentsamendu zorrotza izatea da, ikasitakoa erabili eta beste testuinguru eta egoera batzuetara transferitzea, norberaren ikaskuntza autonomiaz antolatzeko.

    Osagaiak

    Honako osagai hauek ditu ikasten eta pentsatzen ikasteko konpetentziak:

    1. Informazioa bilatzea, aukeratzea, gordetzea eta berreskuratzea hainbat informazio-iturritatik (informazio-iturri inprimatu, ahozko, ikus-entzunezko, digital eta bestelakoetatik), eta iturri horien egokitasuna ebaluatzea.

    2. Informazioa ulertzea eta buruz ikastea (pentsamendu analitikoa).

    3. Informazioa interpretatzea eta ebaluatzea (pentsamendu kritikoa).

    4. Ideiak sortzea eta hautatzea (pentsamendu sortzailea).

    5. Baliabide kognitiboen erabilera estrategikoa egitea, ikasitakoa baliatuz eta beste egoera batzuetara transferituz.

  3. Elkarbizitzarako konpetentzia.

    Pertsonen arteko, taldeko eta komunitateko egoeretan elkarrekikotasun-irizpideekin parte hartzea da, gainerako pertsonei aitortuz nork bere buruari aitortzen dizkion eskubideak eta betebeharrak, eta horrela, ekarpen bat egitea norberaren eta guztion onari.

    Osagaiak

    Honako osagai hauek ditu elkarbizitzarako konpetentziak:

    1. Norberaren eta besteren nahiak asebete daitezen uztartzea komunikazioetan; hau da, norberaren sentimenduak, pentsamenduak eta nahiak modu asertiboan adieraztea eta, aldi berean, besteren sentimenduak, pentsamenduak eta nahiak adi entzutea eta kontuan hartzea.

    2. Taldean ikastea eta lan egitea, nork bere ardurak onartuz eta helburu komuneko lanetan lankidetzan arituz, pertsonen eta iritzien aniztasunak dakarren aberastasuna aitortuta.

    3. Norberaren portaerak giza eskubideen oinarrian dauden printzipio etikoak eta elkarbizitzaren oinarri diren gizarte-ohituretatik eratortzen diren arauak betetzea.

    4. Gatazkak elkarrizketaren eta negoziazioaren bidez konpontzea.

  4. Ekimenerako eta espiritu ekintzailerako konpetentzia.

    Ekimenez jardutea eta prozesu ekintzailea ausart eta eraginkor kudeatzea da egoera eta testuinguru pertsonal, sozial, akademiko eta lanekoetan, ideiak ekintza bihur daitezen.

    Osagaiak

    Honako osagai hauek ditu ekimenerako eta espiritu ekintzailerako konpetentziak:

    1. Ideiak edo proiektuak sortzea eta/edo nork bere gain hartzea, proiektuen plangintza egitea eta haien bideragarritasuna aztertzea.

    2. Planifikatutako ekintzak gauzatzea eta, beharrezkoa baldin bada, haiek doitzea.

    3. Egindako ekintzak ebaluatzea, haien berri ematea eta hobetzeko proposamenak egitea.

  5. Norbera izaten ikasteko konpetentzia.

    Norberari bizitzako hainbat egoera eta esparrutan sortzen zaizkion sentimenduez eta pentsamenduez hausnartzea eta norberak egiten dituen ekintzez gogoeta egitea, eta, horien gainean egiten den balorazioari erreparatuta, haiek sendotzea edo doitzea; finean, pertsonaren autorrealizaziorako bidea egitea bere dimentsio guztietan, etengabeko hobekuntzaren bidez.

    Osagaiak

    Honako osagai hauek ditu izaten ikasteko konpetentziak:

    1. Hitzezko eta hitzik gabeko hizkuntza eta hizkuntza digitala autorregulatzea.

    2. Ikaskuntza-prozesuak eta norberaren estilo kognitiboa autorregulatzea.

    3. Portaera soziala eta morala autorregulatzea.

    4. Motibazioa eta gogo-indarra autorregulatzea, erabakiak eta betebeharrak gauzatzeko.

    5. Gorputzaren funtzioak, norberaren osasuna eta ongizatea eta gorputzaren irudia autorregulatzea.

    6. Emozioak autorregulatzea.

    7. Norberaren kontzeptu eta estimu on eta errealistak edukitzea.

    8. Nork bere erabakiak modu autonomoan hartzea eta nork bere gain hartzea norberaren erabakien eta betebeharren ardura.

      1.2. OINARRIZKO DIZIPLINA BAITAKO KONPETENTZIAK.

      Diziplina baitako oinarrizko konpetentziak eskuratzea beharrezkoa eta ezinbestekoa da norberaren errealizazioa eta garapena erdiesteko, herritar aktiboa izateko, gizarteratzeko eta enplegua lortzeko, eta, alde horretatik, oinarrizko zehar-konpetentzien parean daude. Biak dira konpetentzia giltzarri eta elkar elikatzen dute; izan ere, zehar-konpetentzia giltzarrien baliabideak izan behar ditu norberak diziplina baitako konpetentzia giltzarriak eskuratzeko, eta, aldi berean, diziplina baitako konpetentzia giltzarrien curriculum-arloetako egoeretan barneratuta soilik eskura daitezke zehar-konpetentzia giltzarriak.

      Diziplina baitako oinarrizko konpetentziek diziplina-matrize bat dute oinarri, eta modu sistematizatuan ikasten dira konpetentzia horiek lortzeko behar diren baliabideak, arlo eta ikasgaietako adierazpenezko ezagutzen, prozeduren eta jarreren bitartez. Baina, era berean, ikasleek, bizitzan izango dituzten arazo-egoerei aurre egingo badiete, gainditu egin behar dute ezagutza-diziplina eta -arloen antolamendu banakatua, eta, horregatik, diziplina guztietako baliabideen osagarritasuna, hau da, diziplinartekotasuna, landu behar dute arazoak konpontzeko.

      1. Hizkuntza- eta literatura-komunikaziorako konpetentzia.

        Hitzezko eta idatzizko testuak erabiltzea da, euskaraz, gaztelaniaz eta atzerriko hizkuntza batean edo gehiagotan, bizitzako egoera guztietan egoki, eraginkortasunez eta hizkuntza-aniztasuna errespetatuz komunikatzeko. Horrekin batera, heziketa literarioa lantzea, nork bere burua eta ingurunea hobeto ezagutzen laguntzeko.

        Osagaiak

        Honako osagai hauek ditu hizkuntza- eta literatura-komunikaziorako konpetentziak:

        1. Hainbat esparrutako hitzezko, idatzizko eta ikus-entzunezko testuak, analogikoak zein digitalak, ulertzea eta jarrera kritikoz balioestea, xede pertsonalak, sozialak edo akademikoak erdiesteko.

        2. Esparru pertsonal, sozial edo akademikoen berezko hitzezko, idatzizko eta ikus-entzunezko testuak sortzea, eraginkortasunez erantzuteko askotariko komunikazio-beharrizanei.

        3. Hizkuntzen erabilera-arauei eta hizkuntzen sistemari buruzko jakintza erabiltzea hitzezko eta idatzizko testuak sortu eta ulertzean, komunikazio egoki eta eraginkorrak egiteko.

        4. Literatura-testuak interpretatzea eta balioestea, testuen esanahia modu partekatuan eraikita; eta, horren bidez, mundua ulertzea, literatura-ondarea banako eta taldeko esperientzia sinbolizatzeko modu gisa balioestea, norberaren kultura-nortasuna eraikitzea eta sentsibilitate estetikoa garatzea.

        5. Gure gizartearen hizkuntza- eta kultura-aniztasuna aitortzea eta balioestea, aniztasun horrekiko jarrera ona izateko.

      2. Matematikarako konpetentzia.

        Jakintza matematikoa erabiltzea bizitzako beharrizanei dagozkien arazoak interpretatzeko, deskribatzeko, azaltzeko eta horiei erantzuteko, arloaren berezko pentsamendu- eta irudikapen-moduak eta tresnak erabilita.

        Osagaiak

        Honako osagai hauek ditu matematikarako konpetentziak:

        1. Estrategia egokien bidez identifikatzea eta ebaztea eduki matematikoa duten zenbait egoera problematiko, eta, horrela jokatuta, ingurunea hobeto ulertzeko urratsak ematea.

        2. Jakintza matematikoak erabiltzea eguneroko edota zientziaren esparruko egoerei aurre egiteko, egoera horiek «eredu» bihurtuta; hau da, egoerak termino matematikoetan adieraztea, ereduari jarraitzea eta emaitzak testuinguruaren barruan interpretatzea.

        3. Bizitzaren hainbat esparrutako informazioak, argudioak eta emaitzak interpretatzea eta adieraztea, hizkuntza matematiko egokia erabilita.

        4. Jakintza matematikoak ezagutzea, erlazionatzea, integratzea eta balioestea, egoera bakoitzaren berezko ezaugarriak kontuan hartuta.

        5. Arrazoitzeko modu askotarikoak erabiltzea nork bere ondorioak eta horietara iristeko prozesua justifikatzeko, bai eta gainerako pertsonek aurkeztutako emaitzak modu kritikoan aztertzeko ere.

        6. Prozedura matematiko egokiak hautatzea eta erabiltzea errealitatea kalkulatzeko, irudikatzeko eta interpretatzeko, eta, horren harian, eraginkortasunaren mesedetan erabiltzea informazioaren eta komunikazioaren teknologiak.

      3. Zientziarako konpetentzia.

        Zientziaren jakintza eta metodologia modu koherente, bidezko eta zuzen batez erabiltzea testuinguru esanguratsuetan sistema eta fenomeno naturalak interpretatzeko, eta aplikazio zientifiko eta teknologiko nagusiak erabiltzea askotariko testuingurutan, errealitatea ebidentzia zientifikoen argitara ulertzeko eta erabaki arduratsuak hartzeko bizitzaren esparru eta egoera guztietan.

        Osagaiak

        Honako osagai hauek ditu zientziarako konpetentziak:

        1. Zientzia-jakintzak egoki erabilita eta arduraz, autonomiaz eta ikuspegi kritikoz hartzea natura-ingurunearen gaineko erabakiak eta giza jarduerek ingurune horretan eragiten dituzten aldaketei buruzkoak, eta bizitzako esparru eta egoera guztietan jardutea gisa horretan, norberaren eta gizartearen bizitza hobetzeko eta ingurunea zaindu eta hobetzeko.

        2. Arazo zientifikoak identifikatzea eta dokumentazioko eta esperimentazioko ikerketa txikiak egitea egoera problematikoak lantzeko, zientzia-jardueraren berezko trebetasunak eta jokabideak egoki baloratu, erabili eta erakutsita, egoera problematiko horiek konpontzeko eta ebidentziak lortzeko, erabaki arduratsuak hartu aurretik.

        3. Sistema eta fenomeno naturalak deskribatu, azaldu eta iragartzea, eta aplikazio zientifiko eta teknologiko nagusiak aztertzea jakintza zientifikoa modu koherente, egoki eta zuzen batean erabilita testuinguru pertsonal eta sozialetan, errealitatea ebidentzia zientifikoaren ikuspegitik ulertzeko.

        4. Zientzien oinarrizko kontzeptuak mundu naturalaren sistemekin eta prozesuekin erlazionatzea, eta horiei zentzua dakarkieten lege, eredu eta teorien bidez antolatzea lotura horiek, errealitatearen interpretazio zientifikoak eta izaera zientifikorik ez dutenak bereiztea, eta onartzea zientziak enpirikoki egiazta daitezkeen iragarpenak egiten dituela, zientziaren izaera eta emaitzak ulertzeko.

      4. Teknologiarako konpetentzia.

        Produktu eta sistema teknologikoak zentzuz erabiltzea eta garatzea, jakintza teknikoak eta gainerako adarretako jakintzak era metodiko eta eraginkorrean aplikatuta, interesa duten egoerak ulertzeko eta konpontzeko edota produktu eta zerbitzu berriak eskaintzeko, eta lortutako emaitzen berri ematea, hobekuntza-prozesuekin eta erabakiak modu arduratsuan hartzeko prozesuekin jarraitzeko.

        Osagaiak

        Honako osagai hauek ditu teknologiarako konpetentziak:

        1. Arazo teknologikoak zehaztasunez hautematea eta mugatzea, eta horiek konpontzeko irtenbideak diseinatzea, jakintza teknologikoak eta gainerako jakintza-adarretakoak erabilita edota objektuak zein sistemak aztertzeko metodoaren bidez eskuratutako jakintzak baliatuta, irtenbide horien plangintza eta gauzapena eraginkorra, sortzailea eta lankidetzan gauzatutakoa izan dadin.

        2. Ingurune teknologikoko baliabideak testuinguru anitzetan erabiltzea, informazioa egoki aukeratu eta interpretatuta, ingurune horren funtzionamendua ulertzeko eta egungo gizarte teknifikatuko ohiko arazoak konpontzeko.

        3. Irtenbide teknologikoak inplementatzea, eta, horretarako, agirien bidezko plangintza bat baliatzea, lan metodikoa egitea, segurtasuneko eta ergonomiako arauen bidez hurbiltzea egindako lana eta aurrez ezarritako baldintzak, eta emaitzen eta prozesuaren ebaluazioa egitea, hobekuntza-zikloak betetzen jarraitzeko.

      5. Konpetentzia sozial eta zibikoa.

        Nork bere burua, norberaren taldea eta bizi duen mundua ezagutu eta ulertzea da, gizarte-zientzien jakintzak eskuratuz, kritikoki interpretatuz eta erabiliz; zientzia horien berezko prozedurak eta metodologiak erabiltzea, autonomiaz eta herritarrei dagokien arduraz jarduteko bizitzaren ohiko egoeretan, gizarte guztiz demokratikoa, solidarioa, inklusiboa eta anitza lortzeko bidea urratzearren.

        Osagaiak

        Honako osagai hauek ditu konpetentzia sozial eta zibikoak:

        1. Norbera banakako pertsona dela eta gizartean beste pertsona batzuekin bizi dela ulertzea, eta pertsona horiekin lanean aritzea eta antolatzea askotariko ezaugarriak eta xedeak dituzten taldeetan, maila bat baino gehiagotan (familian, eskolan, auzoan, herrian, nazioan eta gainerako mailetan).

        2. Norberaren gizartea ezagutzea, eta bereziki haren iraganeko eta egungo eraketa, antolamendua eta funtzionamendua; gizartea zer lurraldetan eta nola ezarrita dagoen jakitea, haren iraganaren kontzientzia hartzea eta gizakien ekintzak gizartean sortzen dituen arazoen aurrean modu positiboan jarduteko gaitasuna lantzea.

        3. Bizi duen inguruneaz jabetzen den herritarra izatea eta egoera hori onartzea, konpromisoa izanda eta elkartasuna adierazita; aintzat hartzea garaiko gizarteetako aniztasun soziala eta kulturala, eta, bereziki, egungo euskal gizartekoa, eta naturarekin, bere buruarekin eta gainerako pertsonekin harremanetan jartzeko era berrien bila aritzea, gizartea hobetu eta jasangarri bihurtzeko.

        4. Giza eskubideak izatea norberaren bizitzako eta gizarteko ekintzei eta egoerei buruzko iritziak osatzeko erreferente unibertsala eta norberak herritar gisa dituen eskubideak erabili eta betebeharrak betetzeko erreferentea; eta parte-hartzeko, begiruneko, justizia sozialeko eta elkartasuneko jokabideak lantzea, balioetan oinarritutako demokrazia gauzatzeko.

        5. Iraganean, edo gaur egun, bizikidetza-tentsioak eta -gatazkak izan dituzten gizarte-taldeak, elkarri eragiten diotenak, historian zehar zer konfigurazio edo egitura izan duten jakitea; eta iraganaren gaineko kontzientzia kritikoa lantzea, etorkizunean egoera horiek konpontzeko prozedura baketsu eta demokratikoak erabiltzen jakin dezagun.

        6. Bizi duten mundua ulertzeko behar dituzten ezagutzak, trebetasunak eta jarrera eskuratzea; hau da, munduaren alderdi fisikoak, sozialak eta kulturalak, iraganean izandako bizipen kolektiboak eta gaur egungo bizipenak, eta bizitza sozialari dagokion espazio fisikoa ulertzeko behar direnak, munduan eragile aktibo izateko.

      6. Arterako konpetentzia.

        Hainbat kultura- eta arte-adierazpen ulertzea eta modu kritikoan balioestea, denbora- eta erabilera-testuingurutan, faktore estetikoek pertsonen eta gizarteen bizitzan duten garrantziaz jabetzeko. Era berean, arte-hizkuntzak ezagutzea, eta haien kodeak erabiltzea arte-mezuak ekoitzi eta nork bere burua ekimenez, irudimenez eta sormenez adierazi eta komunikatzeko.

        Osagaiak

        Honako osagai hauek ditu arterako konpetentziak:

        1. Hizkuntza artistikoak adierazteko eta komunikatzeko baliabideak direla ulertzea, haiek norberaren arte-ekoizpenetan erabiltzea, eta hizkuntza horiek obra artistiko eta kulturaletan identifikatzea.

        2. Arte-produktuak era pertsonal eta arrazoituan sortzea hainbat egoera eta bizi-esparrutan, emozioak, bizipenak eta ideiak adierazteko, irudikatzeko eta komunikatzeko.

        3. Dagozkien denboran eta kulturan interpretatzea arte-adierazpenak eta -ekoizpenak, eta horietan dauden funtzioak eta erabilerak aztertzea eta bereiztea, pertsonen bizitzan duten esanahia eta eragina ulertzeko.

        4. Gogoetaren eta kritikaren bidez balioestea ondare artistiko eta kulturaleko elementuak, herrien nortasunaren eta kulturen oinarri diren aldetik, herrien arteko hartu-emanaren, kulturen arteko elkarrizketaren eta esperientzia partekatuen harian.

      7. Konpetentzia motorra.

        Autonomiaz, izaera kritikoz, sormenez eta adierazkortasunez lantzea norberaren, gainerako pertsonen eta ingurune fisiko eta kulturalaren jardun-eremu motorreko egoerak, eta jokabide motorra lantzen laguntzen duten jakintzak, prozedurak eta jarrerak barneratzea, jarduera fisikoa eta kirola egiteko ohiturak hartu eta, bizimodu osasungarri batean oinarrituta, gorputzaren eta norberaren alderdi fisiko eta emozionalen ongizatea lortzen laguntzeko.

        Osagaiak

        Honako osagai hauek ditu oinarrizko konpetentzia motorrak:

        1. Jokabide motor autonomorako gaitasun eta trebetasun fisikoak lantzea, eta horretarako, ohikotasunez egitea, banaka nahiz taldean, jarduera fisikoak, ludikoak eta kirola, ongizate pertsonala eta soziala bermatzeko.

        2. Jokabide motorra erabiltzea norberaren kultura-nortasuna sendotzeko, herriaren balioak indartzeko, eta kulturartekotasuna eta intrakulturalitatea onartu eta balioesteko.

        3. Gorputza naturaltasunez edo intentzioz erabiltzea komunikatzeko eta sormena, afektua eta ulermena adierazteko.

        4. Eguneroko bizitzan modu kontzientean barneratzea jarduera fisikoaren adierazpen guztiak, osasuna osotasunean zaintzeko eta hobetzeko eta bizitza orekatua izateko osagai ezinbestekoa den aldetik, eta hari lotutako alderdi intrintsekoak eta estrintsekoak identifikatzea.

          1.3. OINARRIZKO KONPETENTZIAK FORMULATZEKO PROPOSAMEN DESBERDINEN ARTEKO ERKAKETA.

          (Ikus .PDF)

          2. OINARRIZKO ZEHAR-KONPETENTZIAK.

          Oinarrizko zehar-konpetentzien edo konpetentzia generikoen ekarpen edo balio handiena da erdira ekartzen dituztela eta zentzua ematen dietela oinarrizko hezkuntzaren eta bizitza osorako heziketaren ardatz eta funtsei.

          Oinarrizko zehar-konpetentziek ez dute beti berdin lan egiten, haien jardute-modua aldatu egin baitaiteke hezkuntzaren xedeak ezarritako lehentasunen arabera eta horren ondoriozko orientabide metodologikoaren arabera. Esate baterako, «elkarrekin bizitzen ikastea» hezkuntza-xedea lehenets daiteke. Xede hori lehenesten baldin bada, zehar-prozedura guztiak osagarri izango dira elkarrekin bizitzen ikasteko prozeduren ardatzaren inguruan; izan ere, elkarrekin ondo bizitzeko, ezinbestekoa da pentsatzen eta ikasten jakitea, komunikatzen jakitea, besterekin egiten eta ekiten jakitea eta norbera izatea. Adibide hori oinarrizko zehar-gaitasun guztiekin erabil daiteke.

          Konpetentzietan oinarritutako hezkuntzaren alde egitea erabakitzen baldin bada eta hori da, hain justu, Europar Batasunak gomendatzen eta LOE eta LOMCE legeek arautzen dutena, «ekimena eta espiritu ekintzailea» izaten ikastea izango da hezkuntza-xedeen ardatza. Ikuspegi hori hartuta, ikasleak jakin egin behar du eta baliabideak izan behar ditu, baina, batez ere, baliabide horiek guztiak batera edo modu integratuan erabiltzen jakin behar du, ekimenez eta espiritu ekintzailez jarduteko, erabakiak hartzen jakiteko eta egoera problematikoak egoki konpontzeko. Konpetentzia oinarrizko edo giltzarri guztiak, zeharkakoak eta espezifikoak, xede edo helburu hau betetzeko elkartzen dira: erabakiak eta arazoak ekimenez eta espiritu ekintzailez hartu eta konpontzeko, bizitzako eremu guztietan, bai maila pertsonalean, sozialean, akademikoan zein lanekoan. Pentsatzen, komunikatzen, laguntzen, elkarrekin bizitzen eta autonomoa izaten jakin behar da, aldi berean eta bereizi gabe, modu konpetentean jarduteko.

          Oinarrizko zehar-konpetentzien harremana dinamikoa eta bereizezina da ekintzak gauzatzean, baina bereiz aurkezten dira hemen, hobeto bateratu edo integratzeko:

          Hitzezko eta hitzik gabeko komunikaziorako eta komunikazio digitalerako konpetentzia.

          Ikasten eta pentsatzen ikasteko konpetentzia.

          Elkarbizitzarako konpetentzia.

          Ekimen eta espiritu ekintzailerako konpetentzia.

          Izaten ikasteko konpetentzia.

          Oinarrizko zehar-konpetentzia bakoitzak bere ezaugarriak ditu, baina oinarrizko zehar-konpetentzia guztiek elkarrekiko harremana dute, eta batera erabili behar dira konpetentea izateko eta ideiak ekintzara bihurtzeko. Modu konpetentean jarduteko, ezinbestekoa da, bateratasunez eta bereiz gabe, ikasten eta pentsatzen ikastea, gainerako pertsonekin bizitzea eta lankidetzan jardutea, autonomoa izatea eta norberaren kontzeptu eta estimu egokiak izatea, ekimena eta espiritu ekintzailea izatea eta komunikatzen jakitea.

          Azalduko diren gaitasun oinarrizko edo giltzarri guztiek dute zehar-izaera, baina «komunikatzeko» konpetentzia oinarrizkoa, gainerakoetatik diferentea izanda, zehar-izaera du gainerako zehar-konpetentziekiko; izan ere, bereizezina da eta ikasteko prozesu osoan esku hartzen du, bai informazioa jasotzean, bai ikasteko prozesuan egiten diren buru-eragiketetan, bai ikaste-prozesu horren emaitzak azaldu eta adieraztean. Hizkuntzaren sinbolo-sistema baliatzen da ikasteko prozesu osoan.

          Ikasteko prozesua ez da ekintza konpetentean amaitzen; aitzitik, ekintza konpetenteek, autorregulazioaren ildotik gauzatzean, pertsonaren garapen osoa edo «norbera izatea» dakarte, autorrealizazioari begira. Akats egitea izango litzateke ekiten eta arazo praktiko zein funtzionalak konpontzen dakizkiten pertsonak heztera mugatzea konpetentzietan oinarritutako hezkuntza, eta, era berean, akatsa egitea izango litzateke pertsonak garapen osoa irits dezakeela pentsatzea, arazoak konpontzen jakin gabe. Oinarrizko zehar-konpetentzia eta konpetentzia espezifiko guztietan esku hartzen du «izaten ikasteak» eta autorregulazioko prozesuak dira esku-hartze horren bitartekari; hau da, kontzientziaren prozesuak eta oinarrizko konpetentzia bakoitzari dagozkion pentsamenduak, hitzak eta ekintzak erregulatzeko prozesuak. Txanpon beraren bi aldeak dira konpetentea izatea proposamen honetan adierazten den moduan ulertuta eta, autorrealizazioaren bidetik, norbera izatea.

          Banan-banan azalduko ditugu orain oinarrizko zehar-konpetentziak, baina, haren izaera bereziari erreparatuta, bereizi egingo dugu komunikaziorako konpetentziaren azalpena; izan ere, oinarrizko zehar-konpetentzia guztietan ageri da komunikaziorako konpetentzia, oinarrizko zehar-konpetentzia eta diziplina baitako konpetentzia guztietan barneratu edo integratuta soilik gara baitaiteke hura. Amaitzeko, «norbera izaten ikasteko» konpetentzia azalduko dugu, bereizita hori ere, baina, izatez, ez dago gainerako oinarrizko konpetentzietatik bereizterik, haren garapena konpetentzia guztietan behar den autorregulazioaren mende baitago.

          2.1. HITZEZKO ETA HITZIK GABEKO KOMUNIKAZIORAKO ETA KOMUNIKAZIO DIGITALERAKO KONPETENTZIA.

          1.1. Konpetentziaren definizioa eta ezaugarriak.

          Konpetentziaren definizioa

          Hitzezko eta hitzik gabeko komunikazioaren eta komunikazio digitalaren erabilera osagarria egitea, egoera pertsonal, sozial eta akademikoetan egoki eta eraginkortasunez komunikatzeko.

          Ezaugarriak

          Komunikazioa funtsezkoa da giza garapenaren alderdi indibidual eta sozialean.

          Alderdi indibidualean, norberaren jakintza eraldatzeko, jarduteko modua egokitzeko eta adierazteko bitartekoa da komunikazioa. Pertsonen bizitza afektibo eta kognitiboarekin lotura estua duen aldetik, sentimenduak erregulatzen laguntzen du komunikazioak, eta ikaskuntza ororen bitarteko nagusia da, bai bizitzan, bai esparru akademikoan. Komunikazio eraginkorrak egiten jakinez gero, pertsonak gai izan daitezke autonomiaz ikasteko, gainerako pertsonen artean lekua hartzeko, elkarbizitza erregulatzeko eta beste pertsona batzuekin lankidetzan aritzeko.

          Komunikazioa funtsezkoa da alderdi sozialean, giza taldeak komunikazioan oinarritutako jardueren inguruan sortzen eta garatzen direlako. Komunikazioa da kultura sortu, sendotu eta zabaltzeko bitartekoa. Beste pertsona batzuekin loturak sortzea da komunikatzen ikastea, kultura, errealitate eta mundu berrietara gerturatzea, eta, haiek ezagutu ahala, aintzat hartzea. Komunikazioak, beraz, gainerako pertsonekiko eta ingurunearekiko harreman eraikitzaileak izatea sustatzen du.

          Komunikaziorako konpetentzia, zenbait lengoaia eta hizkuntzatan eraginkortasunez komunikatzeko gaitasuna izatea dakarren aldetik, zehar-konpetentzia giltzarria da, eta arlo guztien partaidetza behar da hura lantzeko. Era berean, zuzenean laguntzen du oinarrizko konpetentzia guztiak, zeharkakoak nahiz espezifikoak, lantzen. Konpetentzia guztiak, zeharkakoak eta espezifikoak, komunikazioaren bidez lantzen dira, baina komunikazioa osoa izateko, eta ez kanal huts bat, ondo pentsatzen, elkarrekin bizitzen, izaten eta egiten jakin behar da, bizitzako esparru eta egoera konkretuetan.

          Komunikazioak lotura estua izan du alfabetatze-kontzeptuarekin eta alfabetatzeak, orain gutxi arte, irakurketa eta idazketa menderatzearekin. Gaur egun, ordea, gizarte multimedia batean bizi gara, eta, gizarte horretan, komunikazio modu berri eta oso indartsuak sortu ditu lengoaien integrazioak. Egungo gizartean eraginkortasunez parte hartzeko, modu konpetentean erabili behar dira hitzezko lengoaiaren adierazpide guztiak, ikus-entzunezko lengoaiak eta hitzik gabekoak.

          Europako Kontseiluak emandako definizioa aintzat hartuta, komunikaziorako konpetentzia izateko, alfabetatze anitza izan behar da, eta alfabetatze horrek «...bere baitan hartu behar ditu irakurtzeko eta idazteko konpetentziak, askotariko informazio-moldeak testuak eta irudiak, idazkiak, inprimakiak eta horien bertsio elektronikoak barne ulertu, erabili eta ikuspegi kritikoz ebaluatzeko».

          Konpetentzia hori izatea bizitza osoko etengabeko ikaskuntza-xedea da. Hura egokitasunez lantzeko, ezinbestekoa da ikaskuntza-egoera aberats eta askotarikoak bultzatzea, hau da, komunikazio-truke orotarikoak sustatu behar dira hitzezko eta hitzik gabeko lengoaia guztietan.

          1.2. Konpetentziaren osagaiak.

          Honako hiru osagai hauek ditu konpetentziak: hitzezko komunikazioa, hitzik gabeko komunikazioa eta komunikazio digitala.

          1. osagaia. Hitzezko komunikazioa: hainbat hizkuntzatako askotariko testuak ahoz eta idatziz ulertzea eta jarioz, autonomiaz, sormenez eta eraginkortasunez erabiltzea.

            Hizkuntzak erabiltzeko trebetasuna da hitzezko komunikaziorako konpetentzia; hau da, kontzeptuak, pentsamenduak, sentimenduak, gertaerak eta iritziak hitzezko eta idatzizko diskurtsoen bitartez adierazteko eta interpretatzeko trebetasuna, eta hizkuntzaren bidez elkarri eragitekoa, esparru pertsonal, sozial, akademiko eta bestelako esparruen berezko egoera anitzetan.

            Hitzezko komunikaziorako oinarrizko zehar-konpetentziak hainbat trebetasun eta jokabide barne hartzen ditu; trebetasun horiek elkarrekin erlazionatzen dira eta elkarri laguntzen diote komunikazio-jardunean, eta oinarrizko zehar-konpetentzien eta curriculum-arloen bidez garatzen dira.

            Norberak hitz egiteko, besterekin hitz egiteko eta elkarri entzuteko, hizkuntzako eta hizkuntzatik kanpoko trebetasunak behar dira, gainerako pertsonekin eta ingurunearekin loturak ezartzeko. Komunikazioak dakarren hartu-emanaren berezko arauak testuinguru anitzetan erabiltzea dakar konpetentziak, baita hizkuntza mintzatuaren berezko ezaugarriak identifikatzea ere, komunikazio-egoera bakoitzaren araberako ahozko diskurtso egokiak interpretatzeko eta sortzeko. Konpetentzia horrekin lotutako trebetasunak edo prozedurak baliatu behar dira hainbat diskurtso entzuteko eta ulertzeko, nork bere ideiak ahozko hizkuntzaren bitartez azaltzeko, eta komunikazioaren hartu-emana erregulatzeko.

            Irakurri eta idazteko ekintzak egiteko, ezinbestekoa da informazioa bilatzeko, biltzeko, hautatzeko eta prozesatzeko trebetasunak lantzea; trebetasun horiek eskuratu ondoren, gizabanakoa konpetentea izango da askotariko komunikazio-xedeak dituzten hainbat testu mota ulertzeko, balioesteko eta sormenez ekoizteko. Horrez gain, hainbat irakurketa-helburu dituzten testuak irakurtzeko eta ulertzeko trebetasunak ere hartzen ditu barnean, baita askotariko testu motak xede anitzez idaztekoak ere, idazteko prozesuaren fase guztiak kontrolatuta.

            Konpetentzia horri dagozkion jarrerak dira entzutea, iritziak elkarrekin trukatzea eta besteren iritziak errespetatzea, baita kulturen arteko komunikazioarekiko jakin-mina izatea ere. Konpetentziaren oinarrizko osagai bat da kulturen eta hizkuntzen aniztasunaren iritzi ona izatea, beste kultura eta herrialde batzuetako pertsonekin komunikatzeko eta harremanetan jartzeko bitartekoak diren aldetik. Konpetentzia honen berezko ezaugarri dira, era berean, irakurketarekiko jarrera ona izatea, ikasteko bidea den aldetik, eta idazketarekiko jarrera ona izatea, gizarte-erregulaziorako eta jakintza transmititzeko tresna den aldetik.

            Euskal Autonomia Erkidegoan hitzezko komunikaziorako konpetentziaren erakusle edo adierazgarri zehatza da bi hizkuntza ofizialak, euskara eta gaztelania, egoki erabiltzea komunikazio-egoera ugaritan, hainbat testuingurutan, eta gero eta formaltasun- eta konplexutasun-maila handiagoarekin. Konpetentzia atzerriko hizkuntzetan lantzean, oinarrizko trebetasunak eskuratu behar dira, egunero bizitzako komunikazio-egoera mugatuagoetan erabiltzeko. Horrez gainera, kultura-aniztasuna ezagutzeko eta lantzeko bidea da hitzezko komunikaziorako konpetentzia, eta, horrenbestez, kulturarteko ikuspegia txertatu behar da irakaskuntzan.

          2. osagaia. Hitzik gabeko komunikazioa: hitzik gabeko hainbat kodetako informazioa ulertzea eta jarioz, autonomiaz, sormenez eta eraginkortasunez erabiltzea.

            Hitzik gabeko kodeak, hau da, keinuak, dantza, musika, ikonoak, irudiak eta antzeko kodeak erabiltzeko trebetasuna da hitzik gabeko komunikaziorako konpetentzia, eta bere xedea da kontzeptuak, pentsamenduak, sentimenduak, gertaerak eta iritziak adieraztea eta interpretatzea esparru pertsonal, sozial, akademikoko eta gainerako esparruetako berezko egoera ugaritan.

            Ahozko hizkuntza da, ezbairik gabe, giza komunikazioaren baliabide funtsezkoa; hala ere, gizarte multimedia batean bizi gara, eta komunikatzeko modu berri eta oso indartsuak sortu ditu lengoaia askotarikoen integrazioak. Gaur egun, bazterketak eragotzi eta gizartean eraginkortasunez parte hartzeko, modu konpetentean erabili behar dira hitzezko lengoaiaren adierazpide guztiak, baina, horrez gainera, ikus-entzunezko lengoaiak eta hitzik gabekoak baliatu behar dira.

            Lengoaia horiek guztiak banaka edo harremanean jarrita ulertu eta erabiliz gero, handitu egiten da gizakiaren komunikazio-ahalmena alderdi kognitiboan, sortzailean, afektiboan, estetikoan eta ludikoan.

            Hainbat trebetasun eta jarrera izan behar ditu norberak hitzik gabeko komunikaziorako oinarrizko zehar-konpetentzia izateko. Trebetasun eta jarrera horiek harremanetan jartzen dira eta elkarri laguntzen diote komunikazio-ekintzan, eta curriculum-arloetan lantzen dira.

            Konpetentzia horretako trebetasunak eta prozedurak erabili behar dira hainbat kodetan adierazitako mezuak ulertzeko, eta haiek erabili behar dira, era berean, norberaren ideiak azaltzeko.

            Konpetentzia honen baitako jarrerak dira elkarrizketaren eta komunikazioaren aldeko jarrerak izatea eta kode horien balioespen positiboa egitea, ikasteko baliabide eta jakintza transmititzeko bitartekoak diren aldetik. Konpetentzia honen oinarrizko osagai dira kultura-aniztasunaren balioespen ona egitea eta hitzik gabeko kodeek komunikazio-tresna moduan duten baliagarritasuna balioestea.

            Horrez gainera, kultura-aniztasuna ezagutzeko eta lantzeko bidea da hitzik gabeko komunikaziorako konpetentzia, eta, horrenbestez, kulturarteko ikuspegia txertatu behar da irakaskuntzan.

          3. osagaia. Konpetentzia digitala: informazioaren eta komunikazioaren teknologiak modu sortzaile, kritiko, eraginkor eta seguru batez erabiltzea, ikasteko, aisiarako, inklusiorako eta gizartean parte hartzeko.

            Honako elementu hauek landu behar dira konpetentzia digitala egoki garatzeko:

            Informazioa: informazioa bilatzeko eta Interneten nabigatzeko estrategia ugari erabiltzeko gai izan behar du norberak, eta jasotako informazioa irazten eta kudeatzen jakin behar da. Horrez gainera, sarean informazioa partekatzeko guneetan nori jarraitu jakin behar da, kritikoa izan behar da aurkitutako informazioarekin, eta informazio horren baliozkotasuna eta sinesgarritasuna egiaztatu behar da.

            Artxiboak, edukiak eta informazioa gordetzen eta etiketatzen jakin behar da, zehaztuta izan behar ditu norberak haiek biltegiratzeko estrategiak, eta gordetako informazioa eta edukiak berreskuratzen eta kudeatzen jakin behar da.

            Komunikazioa: linean komunikatzeko tresna sorta zabala erabili behar da (mezu elektronikoak, txatak, SMSak, berehalako mezularitza, blogak, mikroblogak, foroak, wikiak); hau da, norberaren asmoari hobekien erantzuten dioten komunikazio digitaleko moduak eta modalitateak hautatzen jakin behar da. Finean, gai izan behar du norberak jasotako komunikazio motak kudeatzeko eta hartzailearen arabera egokitzeko komunikazioko erak eta modalitateak.

            Horrez gainera, teknologia hainbat zerbitzurekin (esaterako, lineako komunitateekin, gobernuarekin, ospitaleekin eta osasun-etxeekin, banketxeekin eta beste askorekin) elkarreragiteko erabil daitekeela jakin behar da, eta sare sozialetan eta lineako komunitateetan nola parte hartzen den jakin behar da, ezagutzak, edukiak eta informazioa partekatzeko. Horiek guztiak egiteko, sareko etiketa-arauak ulertu behar dira, eta arau horiek norberaren testuingurura aplikatzeko gauza izan behar da, nork bere nortasun digitala sor dezan.

            Era berean, hainbat tresna digital eta zenbait baliabide maiztasunez eta konfiantzaz erabiltzeko gai izan behar du norberak, beste pertsona batzuekin elkarlanean aritzeko, baliabideak, ezagutzak eta edukiak ekoizten eta eskuragarri jartzen.

            Edukiak sortzea: askotariko formatu, plataforma eta ingurunetan eduki digitalak sortzeko gai izan behar du norberak, eta tresna digitalak erabiltzen jakin behar da produktu multimedia orijinalak sortzeko eta lehendik dauden edukiak uztartu eta eduki berriak sortzeko; eta hori guztia egin behar da jakinda nola aplikatzen diren (zer erabilera eta erreferentzia duten) informazioei eta baliabideei dagozkien lizentziak.

            Horrekin batera, programazioaren printzipioak ulertu behar dira eta programa baten oinarrian zer dagoen jakin behar da, programa informatikoetan, aplikazioetan eta gailuen konfigurazioetan aldaketak egiteko.

            Segurtasuna: sareko arriskuak eta mehatxuak ulertu behar dira, eta norberaren gailu digitalak babesten eta segurtasun-estrategiak eguneratzen jakin behar da.

            Era berean, pribatutasunarekin lotutako gaiak aintzat hartuta eta datuak nola biltzen eta erabiltzen diren kontuan hartuta, jakin behar da nork bere burua mehatxuen, iruzurren eta jazarpen zibernetikoen aurrean babesten, norberaren datuak ganoraz gordeta eta besteen pribatutasuna errespetatuta.

            Era berean, teknologien erabilerak dakartzan osasun-arriskuak ulertu behar dira; alde horretatik, ergonomiaren alderdiak landu behar dira, eta bereziki nabarmendu behar da informazioaren teknologien gehiegizko erabilerak asaldatu egin ditzakeela banakoaren portaera eta bizikidetza, eta mendekotasuna eragin dezakeela. Horrez gain, teknologiaren erabilerak ingurumenarekiko dituen alderdi onuragarriak eta kaltegarriak azpimarratu behar dira.

            Arazoak konpontzea: gerta daitezkeen arazo tekniko errazak hautematea eta horiek konpontzeko gauza izatea dakar dimentsio honek.

            Era berean, gai izan behar da beharrizan teknologikoak aztertu, ezarritako helburuari dagokion tresna egokia aukeratu eta atazak ebazteko, eta hori guztia balizko irtenbideak eta tresna digitalak modu kritikoan ebaluatuta egin behar da.

            Teknologia digitalak erabiltzeko gauza izan behar du norberak, produktu berritzaile-sortzaileak egiteko eta arazo kontzeptualak konpontzeko, bai banaka, bai lankidetzan.

            Azkenik, konpetentzia digitala hobetzeko eta eguneratzeko zer premia dituen jakin behar du norberak, bizi-esparruen erronka berriei aurre egite aldera.

            2.2. IKASTEN ETA PENTSATZEN IKASTEKO KONPETENTZIA.

            2.1. Konpetentziaren definizioa eta ezaugarriak.

            Definizioa

            Ikasteko eta lan egiteko ohiturak, ikasteko estrategiak eta pentsamendu zorrotza izatea da, ikasitakoa mobilizatu eta beste testuinguru eta egoera batzuetara transferituta, norberaren ikaskuntza autonomiaz antolatzeko.

            Ezaugarriak

            Ikasten eta pentsatzen ikasteko konpetentzia funtsezkoa da konpetentzia giltzarri guztiak erdiesteko eta bizitza osoko etengabeko prestakuntza lantzeko. Testuinguru formaletan, ez-formaletan eta informaletan gauzatzen da etengabeko prestakuntza.

            Europako Batzordeak (2006) honela definitu du «ikasten ikasteko» konpetentzia:

            Ikaskuntzari ekiteko eta ikasten saiatzeko trebetasuna da, nork bere ikaskuntza antolatzekoa eta denbora eta informazioa eraginkortasunez kudeatzekoa, bai bakarka, bai taldeka. Konpetentzia hau izateko, nork bere ikaskuntza-prozesuaz jabetu behar du, ezinbestekoa da ikasle bakoitzaren ikaste-beharrizanez jabetzea, eskura dauden aukerak zehaztu behar dira eta oztopoak gainditzeko gai izan behar da, ikaskuntza arrakastaz amaitzeko..

            175/2007 Errege Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoko Oinarrizko Hezkuntzaren curriculuma sortu eta ezartzekoak, honela azaltzen du «ikasten eta pentsatzen ikasteko» konpetentzia 6.2 artikuluan:

            Ikasten eta pentsatzen ikastea, informazioa interpretatzen, sortzen eta ebaluatzen ikasiz, erabakiak hartzen eta arazoak konpontzen ikastea, ikasketa- eta lan-ohiturak eta ikasketa-estrategiak barneratuz, eta jakintza zientifikoko eta matematikoko metodoak aplikatzen ikastea, ezagutzaren eta esperientziaren eremu ezberdinetan arazoak identifikatzeko eta konpontzeko.

            Errealitaterako lehenengo hurbilketa holistikoa da, eta intuizioz egiten da, orokorki, emozioaren partaidetza handiarekin. Oinarri horren gainean pentsamendu arrazional analitiko eta kritikoa erabiltzen da (pentsamendu konbergentea), pentsamendu intuitiboa onartzeko edo baztertzeko. Sormenezko pentsamendua (pentsamendu dibergentea), era berean, ez da ezerezetik sortzen, pentsamendu intuitiboa eta arrazionala nahastuz baizik. Orain, banan-banan aztertuko ditugu errealitatera hurbiltzeko moduak, baina praktikan, pentsamendu intuitiboa, analitikoa, kritikoa eta sormenezkoa lotuta daude eta sekuentzia bat osatzen dute. Hala ere, trebetasun horiek banaka eta sistematikoki landu daitezke, berariazko prozeduren eta tekniken bitartez.

            Ikasten eta pentsatzen ikasteko xede handi hori ez da bat-batean lortuko, esku-hartze kontziente, programatu, etengabe eta ebaluagarri baten bitartez baizik.

            Ikasten eta pentsatzen ikasteko konpetentziak, orain azalduko ditugun osagaiez gain, osagai horiei guztiei zeharka eragiten dien beste osagai bat barne hartzen du, norberaren ikaskuntza-prozesu propioak kudeatzearen eta erregulatzearen kontzientziaren osagai metakognitiboa, eta osagai hori norbera izaten ikasteko konpetentzian adierazten da argiro. Azkenik, konpetentzietan oinarritutako hezkuntzaren ikuspegitik, funtsezkoa da erabakiak hartzeko prozesura transferitzea ikasitakoa eta arazo-egoerak konpontzeko erabiltzea. Hori horrela izanda, ikasitakoa askotariko egoeratara transferitzeko eta hainbat ingurunetan aplikatzeko adibideak proposatu behar dira.

            2.2.2. Konpetentziaren osagaiak.

            Konpetentzia honen osagaien artean, honako trebetasun edo abilezia hauek nabarmentzen dira:

            1. osagaia. Hainbat iturritan (inprimatuak, ahozkoak, ikus-entzunezkoak, digitalak...) informazioa bilatzea, aukeratzea eta erregistratzea, eta iturrien egokitasuna ebaluatzea.

              Datuen edo elementuen multzo bat da informazioa, errealitateari esanahia emateko baliagarri izan daitekeena, hautematen edo interpretatzen den neurrian. Informazio-iturriak bizitza bera bezain askotarikoak dira, eta zentzumen guztiak dira haien kanalak.

              Honako hauek dira informazio lortzeko ohiko urratsak:

            1. Informazioaren beharrizana eta helburuak zehaztea: zertarako behar dut informazioa? Zer informazio behar dut? Zer informazio dut eta zein dut baliagarri? Zer zehaztasun izan behar du informazioak?

            2. Bilaketaren baldintzak zehaztea: gaia, lotutako gaiak, hitz giltzarriak, argitaratze-data, hizkuntza, egileak eta gainerakoak.

            3. Iturria eta bilaketa-modalitatea hautatzea: aurretiko ezagutzak, behaketa, ahozko euskarriak (inkestak, elkarrizketak...), euskarri idatziak (hiztegiak, entziklopediak, liburutegietako katalogoak, bibliografia-fitxak...), euskarri elektronikoak eta hipertestualak...

            4. Lortutako informazioa balioestea eta hautatzea: betetzen al ditu lortutako informazioak aurrez ezarritako beharrizanak eta helburuak?

            5. Lortutako informazioa gordetzea eta, horrela behar badu, zabaltzea: bilaketa-modalitate eta euskarri bakoitzari dagozkion prozedurak erabili behar dira.

              Gaur egun, informazioaren eta komunikazioaren teknologiei esker, era esponentzialean handitu da eskuragarri dugun informazio multzoa, eta bizkortu egin dira informazioa aurkitzeko moduak. Informazioa eskuratzea errazten dute euskarri berriek, baina prozedura egokiak erabili behar dira birtualtasun hori errealitate bihurtzeko, informazio baliagarria eta fidagarria eskuratzeko eta informazio-metan ez galtzeko.

              Osagai honen balio eta jarrera nabarmenak dira jakintzarekiko jakin-mina izatea eta, behaketaren bidez, ezagutza bilatzea, informazioa gordetzeko antolamendu egokia izatea eta ikastea errazteko ingurunea sortzea, hainbat iturritan ulermenezko bilaketak egitea eta, horren bidez, ikaskuntzaz gozatzea, norberak gogoko duelako ikastea eta informatuta izatea.

            1. osagaia. Informazioa ulertzea, buruz ikastea, eta ulertutakoa adieraztea (pentsamendu analitikoa)

              Irakasteko eta ikasteko prozesuaren funtsezko fasea da informazioa ulertzea, ulertu beharra baitago jakiteko. Jakina da ikasleek, maiz, ez dutela ikasten, ulertzeko zailtasunak dituztelako eta ulertze-erroreak izaten dituztelako. Zerbait ulertu den jakiteko irizpiderik fidagarriena da ikustea norbait gai dela ikasi duen hori erabiltzeko eta aplikatzeko. Ikasten eta pentsatzen ikasteko konpetentzia lantzean, curriculum-edukiak (adierazpen, prozedura eta jarrerazkoak) menderatu eta barneratuko ditu ikasleak, ekintzak, gertaerak eta teoriak aztertuko ditu, eta ulertu duela erakutsiko du esaten eta egiten duen guztian.

              Informazio argia eman behar zaie ikasleei, hori baita ulertzea errazteko bidea, eta, orobat, haien garapen-mailara eta aurrez dituzten ezagutzetara egokitutako informazioa eman behar zaie.

              Informazioa modu adierazgarrian interpretatzeko konpetentzia eskuratzen da norberak argi eta garbi ulertzen dituenean era guztietako ezagutzak (berriak edo norberak ikasgai jakin bati buruz aurretik dituen ezagutzen osagarriak), haiek modu pertsonal eta ulergarrian azaltzen dituenean, eta beste egoera batzuetara estrapola ditzakeenean. Konpetentzia horren baitan, prozesatu egin behar da informazioa hau da, informazioa eskuratzeko, irudikatzeko, eraldatzeko, gordetzeko eta nahierara berreskuratzeko gai izan behar du norberak; eta horrez gainera, oinarrizko prozesu mentalak gauzatu behar dira, hau da, norberak gai izan behar du argudioen elementuak identifikatzeko, antzekotasunak eta ezberdintasunak alderatzeko, ezaugarri komunen araberako sailkapenak egiteko, zatiak eta osotasuna erlazionatzeko, zatiak berrantolatu eta ikuspegi berri bat emateko, informazioa irizpide jakinen arabera sekuentziatzeko, eta, azkenik, ideien eta jokabidearen oinarrian zer arrazoi eta ondorio dauden aztertzeko. Ikasten ikasteko, eragiketa mental horien prozedurak erabili behar dituzte ikasleek, eta, horrekin batera, ikasteko hainbat teknika baliatu behar dituzte; hala nola, azpimarratzea, oharrak hartzea, kontzeptuzko eskemak eta mapak egitea, denbora-lineak eta mnemoteknia.

              Ulertutakoa adieraziz edo jakinaraziz baino ezin da behatu eta ebaluatu eragiketa mentalen bidez osatutako irudikapenen emaitza. Ikasleek zer neurritan ulertu duten jakingo dugu beren hitzez adierazten dutenean ulertu beharrekoa, ulertu beharreko hori deskribatzen, definitzen, laburbiltzen eta aurkezten dutenean, ikasitakoa erabiltzen dutenean eta ikasitako hori beste egoera batzuetara transferitzen dutenean. Edonola ere, informazioaren ulermen-maila mailakatua izango da beti. Errealitatearen ulermena mugatua da beti, eta hura ulertzetik gertuago edo urrunago gera daitezke ikasleak.

              Osagai honekin lotutako balioen eta jarreren artean, honako hauek nabarmen daitezke: ezagutza bilatzea ikerketa sistematikoaren eta intuizioaren bitartez, errealitatea hobeto ulertzeko; ulermen-akatsak naturaltasunez onartzea; eta ideiak eta datuak jakinarazi eta trukatu nahi izatea.

            2. osagaia. Informazioa ebaluatzea eta nola ebaluatu den adieraztea (pentsamendu kritikoa)

              Informazioa ebaluatzeko parametroak askotarikoak dira oso: iturrien fidagarritasuna, objektibotasuna, argitasuna, sormena, balio estetikoak, balio etikoak eta beste hainbat alderdi balora daitezke. Informazioa ebaluatzeko hartutako irizpidea, kasu honetan, argudioen eta arrazoibidearen logika erabiltzea da, baita horren pertsuasio-indarra ere.

              Egunero izaten dira eztabaidatzeko eta iritziak kontrastatzeko egoerak, bai kaleko eguneroko bizitzan elkarrizketa, bilera eta hedabideetan, bai bizitza akademikoan, zalantzak eta interpretazio kontrajarriak argitzeko. Argudioak erabili eta ebaluatzeko prozedurek garrantzi handia dute eguneroko bizitzan, bizitza akademikoan eta lan-esparruan. Ondorio faltsuak ateratzen dira maiz, premisak faltsuak direlako edo arrazoibideak zuzenak ez direlako. Pentsamendu kritikoaren gaitasun behar-beharrezko hori garatzeko, jakintza zorrotzaren arauak ezagutu behar dira eta ilusioaren zein falaziaren engainuak hauteman behar dira.

              Informazioa ebaluatzeko konpetentzia izango du ikasleak, baldin eta gai baldin bada ideien sendotasuna eta ekintzen baliozkotasuna arretaz aztertzeko, ondoren horiek onartu edo baztertzeko. Ebaluazioak hauek behar ditu funtsean: a) pentsamendu kritikoaren hainbat trebetasun gauzatzea; hala nola, informazio-iturri bat fidagarria ote den ikertzea, gertatzen dena zerk eragiten duen interpretatzea, izan litezkeen ondorioak aurreikustea, emaitzak orokortzea, arrazoiei buruz analogikoki arrazoitzea eta ondorioak ateratzea aldez aurretik formulatutako premisak oinarri hartuta; b) kanpoko irizpide objektiboak eta adituen ikuspuntuak baliatzea, batez ere gaiari buruzko ezagutzarik ez badago; c) argudio baten alde onen eta txarren gaineko azterketaren aurrean jarrera mental irekia, malgua, zintzoa eta gogoetatsua ezaugarri duen bizi-estiloa izatea, eta, horrez gain, aldatzeko jarrera ona izatea, baldin eta egindako balorazioaren gaineko ebidentzia berriak agertzen baldin badira. Trebetasun horiek guztiek printzipio komun bat dute; izan ere, judizio bat onartu aurretik, arrazoi sendoetan oinarrituta dagoela egiaztatu behar da, eta horrela izan ezean, ez da onartu behar. Konpetentzia hori funtsezkoa da informazio berria ondorioztatzeko, norberaren eta lanbidearen eginkizunak egoki gauzatzeko, eta xedeak eraginkortasun handiz lortzeko.

              Gaur egun, azaldutako ikuspegia indarrean den arren, aberastu egin da argudiatzearen esparrua, komunikazioaren ikuspegi pragmatiko eta soziokulturalaren haritik. Ikuspegi horrek, argudioen arrazoizkotasuna ez ezik, haien eraginkortasuna eta pertsuasio-indarra zein diskurtsoaren dimentsio afektiboa ere balioesten ditu. Kasu guztietan, solaskidea behar duen gizarte-ekintza bat da argudiatzea, eta komunikazio dialogikoko egoera batean gauzatzen da, hizkuntza diskurtsiboaren bitartez. Osagai pragmatiko-diskurtsiboak hiru dimentsio ditu, soziolinguistikoa (mezuak hainbat gizarte-testuingurutan egoki sortu eta jasotzeari dagokion dimentsioa da), pragmatikoa (mikrofuntzio komunikatiboak eta interakzio-eskemak hartzen ditu), eta diskurtsiboa (makrofuntzio testualak eta genero diskurtsiboekin lotutako gaiak hartzen ditu).

              Osagai pragmatiko-diskurtsiboaren balio eta jarreren artean, nabarmentzekoa da pentsamendu logikoaren arrazoizkotasunaren balioa, emozioak arrazoiaren zein komunikazio zorrotzaren ikuspegitik kontrastatzen dituen aldetik.

            3. osagaia. Ideiak sortzea, aukeratzea eta adieraztea (pentsamendu sortzailea)

              Informazioa sortzeko konpetentzia izango du ikasleak, baldin eta prozesu kognitiboak, aurretiko ezagutzak, nortasun-ezaugarriak eta motibazioa konbinatu, egokitu eta aplikatzen baldin baditu, ideia ugari, askotarikoak, baliagarriak, kualifikatuak eta garrantzitsuak sortzeko. Ideia horien adierazpen dira, besteak beste, arazoen askotariko proposamenak egitea, erabakiak hartzeko unean hainbat aukera formulatzea, gertatzen ari dena zerk eragiten duen azaltzeko hipotesiak egitea eta norberaren ekintzen edo inguruan izandako gertakarien ondorioak aurreikustea. Ekintza sortzailearen funtsezko eragilea da irudimen aktiboa, aparte dauden elementuen artean egin daitezkeen asoziazio mental guztiak egiten baititu; asoziazio horiek, zenbaitetan, metafora bilaka daitezke. Lotura horien bidez, informazio semantikoaren, episodikoaren, numerikoaren, prozedurazkoaren eta espazialaren buru-irudikapen bereizgarriak sortzen dira. Gertatu direnak ulertzen laguntzen dute norberak sortutako ideiek, planteatutako egoerari erantzuna ematen, nork bere jokabidearen ardura hartzen eta autokontzeptu positiboa eta autoestimu baliotsua garatzen.

              Askotarikoak dira ideiak sortzeko prozesuak eta haien emaitzak, baita dituzten konplexutasun-mailak ere, eta ezin dira, hortaz, eskema bakar batean azaldu. Hala eta guztiz ere, sorkuntzaren fenomenoa oro har azaltzeko eta ulertzeko, baliagarria da 4Pak aipatzea (produktua, prozesua, pertsona eta presioa):

              Produktua: ideia sortzaileen ezaugarri dira berritasuna, originaltasuna, balioa eta funtzionaltasuna.

              Prozesua: sortzeko prozesuan honako fase edo urrats hauek bereizten dira:

              Prestatzeko fasea: helburuak ezartzen dira eta informazioa lortzen da.

              Ideia berriak sortzeko fasea: ideiak sortzeko teknikak erabiliz (ideia-jasa, mapa mentalak, sinektika, diagramak, AMIA, pentsatzeko sei kapelen teknika...) eta irudimena aske utziz, ideiak eta ideien arteko asoziazioak sortzen dira inolako mugarik gabe (pentsamendu dibergentea, alboko pentsamendua).

              Ideia berriak inkubatzeko fasea: ideia berriak multzo edo familiatan sailkatzen dira pentsamendu ulerkorraren prozedurak eta teknikak erabiliz; ideia horiek erlazionatzen, konparatzen, aztertzen eta laburbiltzen dira, ideia-unibertsoa modu antolatuan osatuta (pentsamendu konbergentea).

              Argialdi- edo deskubrimendu-fasea: ideia inkubatu eta lantzeko aldi labur edo luze baten ondoren, elkartu egiten dira ideia sakabanatuak, eta zentzu berria hartzen dute.

              Ebaluatzeko fasea: pentsamendu kritikoaren prozedurak erabiltzen dira, ideia berria ezarritako helburua lortzeko egokia den baloratzeko (pentsamendu konbergentea).

              Pertsona: pertsona sortzaileen ezaugarri dira pentsamendu-malgutasuna eta ideien arteko loturak eta analogiak egiteko erraztasuna; nortasunaren ikuspegitik, nork bere buruaren kontzientzia, independentzia, ausardia, umorea, nork bere buruaren kontrola eta zehaztugabetasuna onartzea; eta ezagutzaren ikuspegitik, unean-unean landutako gaiari eta ideiak sortzeko teknika eta prozedurei buruzko informazio deklaratiboa edukitzea.

              Presioa: ideiak sortzeko giroa errazten duten baldintzak eta egoerak adierazten ditu. Ikuspegi pedagogikotik, giro sortzailea laguntzen dute ikasteko egoera ireki eta malguek. Antolamenduaren ikuspegitik, espazioa eta denbora malgutasunez antolatzen laguntzen dute. Ikuspuntu sozialetik, berriz, ikastetxeek eta familiek sormenaren balioespen ona egitea.

              Prozesu sortzaileak lotura estua du egiteko eta ekiteko erabakiak hartzeko prozesuarekin, eta ezin da bereizi aurretik aipatu ditugun pentsamendu analitikoarekin (deskribapena, azalpena...) eta kritikoarekin (argudiatzea, justifikatzea) lotutako komunikazio-prozesuetatik. Komunikazio sortzailerako konpetentzia dugu aztergai atal honetan.

              Pentsamendu sortzailea kanal ugariren bidez adierazten da, gorputzaren, musikaren, plastikaren, hizkuntzaren eta bestelako adierazpen-kanalen bidez, bai horietako bakar baten bidez, bai horietako batzuen bidez. Hizkuntza-komunikazioaren barruan, adierazpen-modu guztiek dute sormenaren arrastoa neurri handiagoan edo txikiagoan: norberaren komunikazioak (egunerokoak, agendak...), komunikazio funtzionalak (eskutitzak, eskabideak, elkarrizketak, jarraibideak...) eta pertsuasiorako komunikazioak (iritzia, publizitatea, iragarkia, eslogana...). Hala ere, irudimena eta fantasia bitarteko dituela, pentsamendu dibergentearen edo albokoaren bidez adierazten da sormenaren arrastoa, sorkuntza poetikoaren, ipuinen, txisteen, hitz-jokoen eta antzeko formulazioen bidez, besteak beste. Euskal Herriko kultura-eremuan, pentsamendu sortzailearen adierazpen pribilegiatua da bertsolaritza.

              Osagaiarekin lotutako balioen eta jarreren artean, nabarmentzekoak dira ideia berriak garatzeko eta adierazteko sormena eta ideia horiek naturaltasunez adierazteko askatasuna, hitzezko eta hitzik gabeko adierazpen-moduak erabiliz.

            4. osagaia. Baliabide kognitiboen erabilera estrategikoa egitea, ikasitakoa baliatuz eta beste egoera batzuetara transferituz.

              Konpetentziaren definizio-osagaiak dira jakintza eta baliabideak modu estrategikoan mobilizatu eta baliatzea, erabakiak hartu eta arazoak konpontzeko. Eremu jakin batean ikasten jakiteko, ezagutza berriak eskuratzeko eta bereganatzeko gauza izan behar du pertsonak, eta eremu horren berezko gaitasunak eta trebetasunak menderatu behar ditu. Ikasten ikasteko konpetentzian ezagutza-transferentziak izan daitezke eremu batetik bestera, baina eremu batean ikasten jakiteak ez du esan nahi, ezinbestean, beste batean ikasten dakigunik. Horrenbestez, eremu formalaren arloen eta ikasgaien irakaskuntza-esparruan eta eremu ez-formal eta informalekoen irakaskuntzaren baitan eskuratu behar da konpetentzia hau.

              Ikasleak jokabide estrategikoa izango du, baldin eta ikasteko modurik egokiena hautatzen badu informazioa barneratzeko, sortzeko eta balioesteko prozesuetan, eta hura bat baldin badator ezarritako helburuarekin. Eta, azkenik, ikasitakoaren transferentzia iristen da ikaskuntzaren funtsezko elementua da hori, ikasitakoa askotariko egoeratara transferitzeko adibideak emanez eta ikasitako hori hainbat ingurunetan erabiliz. Lau dimentsio horiek baliagarri dira gizakien ahalmen kognitiboaren garapena bermatzeko, ikaskuntza-prozesua errazteko eta ikasleak gero eta pertsona arduratsuagoak izateko beren judizioen eta jokabideen gainean.

              Osagai honi lotutako balioen eta jarreren artean, nabarmentzekoak dira ikasitako baliabideak egoera eta zeregin berrietan erabiltzeko ekimena, baldintza eta egoera aldakorretara bizkor egokitzeko moldagarritasuna eta malgutasuna, eta kanpotik ezarritako xedeak eta aurreikuspenak betetzen dituzten zereginak, jarduerak eta proiektuak gauzatzeko produktibitatea.

              2.3. ELKARBIZITZARAKO KONPETENTZIA.

              3.1. Konpetentziaren definizioa eta ezaugarriak.

              Definizioa

              Pertsonen arteko, taldeko eta komunitateko egoeretan elkarrekikotasun-irizpideekin parte hartzea da, gainerako pertsonei aitortuz nork bere buruari aitortzen dizkion eskubideak eta betebeharrak, eta horrela, ekarpen bat egitea norberaren eta guztion onari.

              Ezaugarriak

              Agerikoa da modu asko daudela elkarbizitza zer den interpretatzeko, eta elkarbizitzaren esparruak tokikotik unibertsalerako eta pertsonaletik instituzionalerako dimentsioak har ditzakeela. Atal honetan, ikasleek egunero pertsonen artean izaten dituzten harremanen ingurune hurbilenera mugatzen da elkarbizitzaren esparrua. Ikasleek pertsonekin dituzten harreman egiazko eta birtualak hainbat erreferentzia-taldetan gauzatzen dira, askotariko egoeratan: familian, ikastetxean, lagun-taldean, jolasean, kirolean, auzoan eta beste hainbatetan. Ikastetxea da, batik bat, atal honetan aurkeztuko ditugun elkarbizitzarako konpetentziaren osagaien aplikazio-eremua, baina izan daitezke, transferentziak eginez, bizitzako beste eremu batzuk ere. Konpetentzia hau pertsonarteko adimenarekin edo gizarte-adimen deritzonarekin dago lotuta.

              Konpetentzia honen osagaiak azalduko ditugu orain, eta kontuan izan behar da osagai horiek osagarriak direla, pertsonarteko komunikazio ona landu behar baita taldean lan egiteko, gizarte-harmonian bizitzeko eta gatazkak kudeatzeko. Horrez gainera, osagaietako bakoitzari dagozkion prozesuekin batera landu behar da metakognizioa.

              3.2. Konpetentziaren osagaiak.

              Honako osagai nabarmen hauek ditu elkarbizitzarako konpetentziak:

            1. osagaia. Norberaren eta besteren nahiak asebetez komunikatzea; hau da, norberaren sentimenduak, pentsamenduak eta nahiak modu asertiboan adieraztea eta, era berean, gainerako pertsonen sentimenduak, pentsamenduak eta nahiak adi entzutea eta kontuan hartzea.

              Asertibitatea eta enpatia modu orekatuan uztartu behar dira pertsonen arteko komunikazioa egiazkoa eta guztiontzat aberasgarria izan dadin.

              Nork bere sentimenduak, pentsamenduak eta nahiak egiaz eta, aldi berean, solaskidea errespetatuz adieraztea da asertibitatea. Zer eta nola esaten duen hartzen du kontuan pertsona asertiboak; hau da, komunikazioaren alderdi linguistikoez zein ez-linguistikoez (begiradaz, keinuez, ahots-doinuaz...) ohartzen da eta erregulatu egiten ditu. Asertibitateak lotura handia du konfiantza eta autokontzeptuarekin. Pertsona asertiboa aske sentitzen da, eta ahaleginak egiten ditu beste inor ez manipulatzeko eta manipulatua ez izateko.

              Egiazko komunikaziorako eta gatazkak konpontzeko abiapuntu sendoa da jokabide asertiboa, auziak era argian eta eraikitzailean planteatzen laguntzen baitu. Maila pertsonalean, nor bere buruarekin eta gainerakoekin ongi sentitzeko barne-poza eragiten du.

              Beste pertsona baten tokian jartzea eta hark esaten duena entzutea da enpatia, eta barnetik interpretatzea esaten duena eta esan nahi duena. Pertsonarteko adimena duen pertsonak jakin badaki norbait ulertzea prozesu aktiboa dela, erabateko arretaz bete behar dena, onartzeko eta entzuteko prestasunetik abiatuta. Hitzak entzuten ditu eta mezuaren edukiaren eta keinu, begirada eta doinuaren arteko lotura egiten du. Entzundako mezuaren edukiari erreparatzeaz gain, haren mami emozionala ulertzen ahalegintzen da. Galdera garbiak egiten ditu, eta erreakzionatu egiten du solaskidearen sentimenduen, emozioen eta iritzien aurrean.

              Norberaren emozioez ohartu eta haiek erregulatzen dituen pertsonak oinarri ona du gainerako pertsonen tokian jarri eta haien emozioak ulertzeko. Horren ifrentzuan, besteren emozioak ulertzeko ahaleginak lagundu egiten du norberaren emozioak ulertzen.

              Elkarbizitzarako konpetentziaren osagai hau konpetentziaren gainerako osagaien oinarria da. Asertibitatea eta enpatia izan behar dira taldean lan egiteko, printzipio etikoen eta gizarte-arauen arabera jokatzeko eta gatazkak konpontzeko. Baina, modu errekurtsiboan, garatu egiten da osagai hori eta adierazitako eremu horietan egindako esperientzien emaitza da.

              Asertibitateak eta enpatiak lotura dute ezberdintasunak onartzeko jarrerekin eta gainerako pertsonen balioak, sinesmenak, kulturak eta historia pertsonala onartzeko eta errespetatzeko jarrerekin. Lotura dute, halaber, norberaren sentimenduak, pentsamenduak eta ekintzak adierazteko zintzotasuneko balio eta jarrerekin; gainerako pertsonen zintzotasunarekiko konfiantzarekin; pertsonak gizalegez eta begirunez hartzeko kortesiarekin; sentimenduak eta ideiak modu irekian eta naturaltasunez jakinarazteko adierazkortasunarekin; eta pertsonen beharrizanak eta mugak onartzeko eta horiei erantzuteko eskuzabaltasunarekin.

            2. osagaia. Taldean ikastea eta lan egitea, nork bere ardurak onartuz eta helburu komuneko eginkizunetan lankidetzan arituz, pertsonen eta iritzien aniztasunak dakarren aberastasuna aitortuta.

              Betidanik pentsatu izan da ikaskuntza-prozesua banakako prozesua dela, ikaslea baita ikasten duena. Gaur egun, ordea, banaka ikastearen garrantzia baztertu gabe, ikaskuntzaren paradigma soziokulturalak adierazten du ikaskuntza testuinguru sozial baten barruan kokatzen dela eta prozesu sozialetan garatzen dela. Testuinguru batean (ikasgelan, familian, adiskideen artean...) kokatua ulertzen da ikaskuntza, eta nabarmendu egiten da ikaslearen eta bideratzailearen arteko elkarreraginen (bideratzaile hori ez da beti irakaslea izaten) eta berdinen arteko ikaskuntzaren garrantzia.

              Taldean ikasteko bi modalitate daude funtsean: elkarri lagunduz egindakoa eta elkarlanean egindakoa. Bi modalitate horiek baliagarriak izan daitezke ikasteko, baina lankidetza, ikasten ikasteko gaitasuna garatzeko egokia ez ezik, lagungarria ere bada elkarrekin bizitzen ikasteko konpetentzia garatzeko.

              Lankidetzazko ikaskuntzaren honako ezaugarri hauek nabarmen daitezke: talde txiki heterogeneoetan lan egiten da; helburua da guztiek ahalik eta gehien ikastea; taldeko kide guztien ikaskuntza eta errendimendua ditu erreferentzia; berdinen arteko ikaskuntza nabarmentzen da, elkarri laguntzeko konpromisoa hartuta; guztiek parte hartzen dute eta lidergoa partekatzen da; berariaz ikasten dira trebetasun sozialak; eta irakaslearen eginkizun nagusia da tutoretza-lanak egitea eta ikasteko prozesuen egitura eraikitzea.

              Lankidetzazko lanak, ikaskuntza-emaitzak lortzeko balio izateaz gain, honako balio hauek garatzen ere laguntzen du: lankidetza eta elkartasuna, beste pertsona batzuekin elkarlanean arituz eta erantzukizunak partekatuz; osagarritasuna, taldean lan eginez trebetasun guztiak elkarren osagarri izateko eta elkar laguntzeko eta aberasteko; interdependentzia, lankidetza banako erabakiak hartzea baino hobea dela gogoan hartuta arituz; erantzukizun partekatua, zeregin eta eginkizunetan elkarrekiko oreka edukita gainerako pertsonekin, nor bere ardurapeko arloaren erantzule izan dadin; sinergia, talde baten emaitzak bere kideek banaka lortutakoak baino handiagoak izateak ematen duen energia baliatzea; eta elkarri obeditzea, funtzionamendurako arauak ezarri eta taldearen barruan bete behar baitira.

            3. osagaia. Giza eskubideen ondoriozko printzipio etikoak betez jardutea eta elkarbizitzaren oinarrizko gizarte-konbentzioetatik ondorioztatzen diren gizarte-arauak betez jokatzea.

              Bi jokabide mota bereiz daitezke: giza eskubideetan oinarritzen direnak, eta konbentzio edo arau sozialetan oinarritutakoak. Biak ala biak beharrezkoak dira bizikidetzarako, baina garrantzi eta oinarri ezberdinak dituzte. Giza eskubideetan oinarritutako jokabideek printzipio etiko unibertsalak dituzte oinarri (hala ere, kontuan izan behar da printzipio horien aplikazioa historikoa eta aldakorra dela). Printzipio etiko horien oinarri dira giza duintasuna, justizia, berdintasuna eta gizakien ongizatea. Printzipio horiei erreparatuta, jokabide zintzoak eta gaiztoak bereizten dira. Konbentzio sozialekin zerikusia duten jokabideak, aitzitik, neurri handiagoan edo txikiagoan arbitrarioak diren arauetan oinarritzen dira. Konbentzio eta ohitura kulturalak aldatu egiten dira denboraren poderioz. Konbentzio horiei erreparatuta, balorazio-irizpidea ez da jokabidearen ontasuna edo gaiztotasuna, jokabidearen egokitasunari edo desegokitasunari begiratzen baitzaio.

              Bi jokabide mota horiek garrantzitsuak dira elkarbizitzarako, eta, elkarlanean sustatu behar dituzte familiek, gizarteak eta eskolak.

              Giza eskubideen printzipio etikoetan oinarritutako jokabideak

              Pertsona guztiek eskubide berberak dituzte, haien sexua, arraza, etnia, jatorria, hizkuntza eta kultura edozein dela ere. Giza eskubideak pertsona guztien duintasun eta berdintasunean daude oinarrituta. Pertsona izateagatik aitortutako eskubideak dira. Honela dio Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalak: gizon-emakume guztiak aske jaiotzen dira, duintasun eta eskubide berberak dituztela; eta ezaguera eta kontzientzia dutenez gero, elkarren artean senide legez jokatu behar dute (1. artikulua).

              Giza Eskubideen Aldarrikapeneko artikuluen artean, batzuek garrantzi berezia dute eguneroko bizitzan eta, zehazki, eskolako bizitzan, jokabide altruistak eta elkarbizitza oinarritzeko. Adibidez:

              Ez da inor bereiziko arraza, larru-kolorea, sexua, hizkuntza, erlijioa, politikako edo bestelako iritzia, sorterria edo gizarteko jatorria, ekonomia-maila, jaiotza edo beste inolako egoerarengatik (2. artikulua). Atal horretan sar daitezke desberdinak direnen aurkako jokabide diskriminatzaile guztiak.

              Ezin daiteke inor torturatu, ezta inori zigor edo tratu txar, anker eta lotsarazlerik eman ere (5. artikulua). Atal horretan sar daitezke indarkeriazko jokabideak, tratu txarrak, isekak, mehatxuak, bullyinga eta antzekoak.

              Ez dago arrazoirik gabe beste inoren bizitza pribatuan, familian, etxean edo postan eskusartzerik, ezta inoren ohore edo izen onari eraso egiterik ere (12. artikulua). Atal horretan sar daitezke intimitate eta bizitza pribaturako eskubidearen aurkako jokabideak edo kalumniak eta gezurrak.

              Pertsona orok du jabe izateko eskubidea, bakarka nahiz taldean. Arrazoirik gabe, ez zaio inori bere jabegoa kenduko (17. artikulua). Atal horretan, besterenak errespetatzen ez dituzten jokabideak sar daitezke; hala nola, lapurtzea eta besterenak diren ondasunak edo ondasun partekatuak haustea edo zabar erabiltzea.

              Gizarte-konbentzioen arauetan oinarritutako jokabideak

              Gizarte-arauek arautzen dute, neurri handi batean, gizarteko bizimodua. Gizarte guztiek eraikitzen dituzte beren jardun-konbentzio eta -arauak. Gizarte-konbentzioek edo -azturek, batetik, bizikidetza errazten dute; izan ere, jokamolde batzuk ezartzen dituzte, eta horiek onartutakoan, jokabideak aurreikusgarriak dira, eta ez dira arauak ezarri eta negoziatu behar egoera bakoitzerako. Baina arau edo konbentzio horiek mugak ere ezartzen dizkiote pertsonen jokabideari.

              Gizarte-konbentzio edo -arauen zerrenda amaiezina da ia: konbentzioak daude jateko, edateko, janzteko eta etxeak eraikitzeko, eta konbentzioak dira dirua, sistema metrikoa, sistema aritmetikoa, ordutegiak eta egutegia, zirkulazio-arauak, hizkuntza, musika, dantza, jolasak, erlijio-arauak eta beste hainbat. Konbentzio horiek guztiek osatzen dute gure hazkuntzaren substratu kulturala, eta elkarbizitzarako arau horiek oharkabean barneratuz sozializatzen gara, harik eta usadio, ohitura eta jokabide-eredu bihurtzen diren arte.

              Jokabide soziokultural horiei konbentzio esaten zaie. Konbentzio hitzak gogorarazten digu komenentziaz adostutako erabilerek, ohiturek edo hitzarmenek eraginda daudela jokabideak. Konbentzioen artean, batzuk ezinbestekoak dira bizikidetza eta gizarte-bizitzarako, eta arau- edo lege-indarra ematen zaie. Konbentzio horiek bete ezean, gizarteak jokabide horiek baztertu eta neurri hertsatzaileak hartzen ditu haien aurka.

              Arau-indarreko zer gizarte-konbentzio bultzatu behar dira eskolaren barruko bizikidetzari begira? Galdera garrantzitsua da hori, baina erantzun bat baino gehiago izan ditzakeenez, Hezkuntza Proiektuak eta, zehazki, ikastetxe bakoitzeko elkarbizitza arautzen duen erregelamenduak landu behar du gaia. Esaterako, taldeetan koordinaturik lan egiteko, puntualtasun-arau batzuk behar dira. Beste pertsona batzuekin elkarbizitza atsegina izateko, kortesiako, gizabideko arauak behar dira. Taldean giro atseginean lan egiteko, garbitasun- eta txukuntasun-arau batzuk behar dira. Gizarte-konbentzioak garrantzitsuak dira, era berean, jantokiko jarduerak egin eta joko-arauak errespetatzeko, besteak beste.

              Gizarte-konbentzioak adostu behar dira elkarbizitzarako, baina, era berean, konbentzio horiek arbitrarioak eta aldagarriak direla jakin behar dugu. Helburua ez da obedientziaren legeak hala agintzen duelako irakastea gizarte-konbentzioak eta haiek modu akritikoan onartzea, eta bai metakognizioko prozesuak baliatzea, ezarritako arauen arabera jokatzeko aukera ematen duten aldetik; hala ere, gogoz bultzatu behar da konbentzioak aldatzeko prozesuen irakaskuntza eta ikaskuntza, eta lan horren baitan, elkarrizketa eta negoziazio-prozesuak bultzatu behar dira, guztion onerako.

              Osagai honekin lotutako balioen eta jarreren artean, nabarmentzekoak dira, batetik, berdintasuna, norberak gainerako pertsonek dituzten eskubide eta betebehar berberak dituela aitortzen duen aldetik; eta bestetik, justizia eta ekitatea, desberdintasun- eta opresio-baldintzak zuzentzeko eta funtsezko balioak defendatzeko konpromisoa dakarten aldetik.

            4. osagaia. Gatazkak elkarrizketaren eta negoziazioaren bidez konpontzea.

              Pertsonen eta taldeen artean gertatzen diren gatazkak landuko dira atal honetan. Pertsonek gatazkak izaten dituzte eguneroko bizitzan, eta gatazka horiek familian, eskolan, jolasetan, kirol-eremuan eta beste esparru askotan gertatzen dira.

              Gatazka-egoera batek honako ezaugarri hauek ditu, besteak beste:

              Desadostasun- edo liskar-egoera bat gertatzen da bi pertsonaren edo talderen edo gehiagoren artean.

              Pertsona edo taldeen interesak, beharrizanak, nahiak edo balioak bateraezinak direnean edo hala direla uste denean gertatzen da gatazka.

              Emozioek eta sentimenduek eragina izaten dute gertaeren interpretazioan.

              Sarri askotan, konnotazio negatiboa izaten du gatazka hitzak, eta saihestu beharreko egoera gogaikarriak direla uste izaten da. Egia da gatazka batzuek ondorio negatiboak dituztela, baina egia da, era berean, gatazkarik gabe ez dagoela hazi eta hobetzerik.

              Gatazkek ondorio negatiboak izan ditzakete eta kalte egin diezaiokete bizikidetzari. Gatazkek izan ditzaketen ondorio kaltegarrietako batzuk dira, esaterako, komunikazioa etetea, mesfidantza-giroa, negatibotasuna, oldarkortasuna, errudunen bila aritzea, motibazioa galtzea, erabaki kaltegarriak hartzea eta helbururik ez erdiestea.

              Gatazkek izan dezakete ondorio positiborik, eta onura ekar diezaiokete bizikidetzari. Ondorio positiboen artean hauek aipa daitezke: oztopoei aurre egiten ikastea; pentsamendu kritikoa eta sortzailea garatzen ikastea; asertibitatearen eta enpatiaren garrantzia baloratzen ikastea; aniztasunaren kontzientzia hartzen eta berau errespetatzen ikastea; ezberdintasunen artean irabazi komunerako elkarguneak bilatzen ikastea; eta, gure ustez onenak izan ez arren, hartzen diren erabaki onak onartzen eta geureganatzen ikastea.

              Elkarrekin bizitzen ikasteko, garrantzitsua da gatazka-egoeretan elkarrekin bizitzen ikastea eta egoera horiek indarkeria erabili gabe kudeatzen ikastea, elkarrizketaren eta negoziazioaren bidez. Gatazka-egoerak hezkuntza-aukera bilakatzea da erronka. Bilakatze- edo eraldatze-lan hori egiteko, irakaskuntza-ikaskuntza prozesuetan sartu behar dira gatazkak konpontzeko negoziazio-prozedurak eta -teknikak, bai simulazio-egoerak eta irakaskuntza formaleko kasuak aztertuz, bai ikastetxean eta familian eguneroko bizitzaren egoera informaletan sortzen diren gatazkak kudeatuz.

              Sarritan, diziplina-neurrien bitartez konpontzen dira ikastetxean edo familian gertatzen diren bizikidetza-gatazkak. Gatazka horietan egindako jokabideek urratu egiten dituzte ikastetxeko edo etxeko arauak, eta jokabide horietarako aurreikusitako diziplina-neurriak hartzen dira. Bizikidetza-arauak urratzen direnean, beharrezkoa izaten da maiz, baina ez nahikoa, arauak betearaztea eta erreakzio-erantzunak izatea. Neurri horiek baliagarriak dira, unean-unean, jokabide suntsitzaileen ondorioak geldiarazteko, baina, bizitzarako prestatuz eraikitzeko, epe luzean erabil daitezkeen estrategia proaktiboak baliatu behar dira. Oro har, gatazkak ez dira, epe ertain edo luzean, beren horretan utziz edo azaleko konponbideen bidez konpontzen; beraz, haien mamiari heldu behar zaio eta elkarrizketa zein negoziaziorako prozedurak eta jokabideak erabiltzen ikasi behar da.

              Asko eta askotarikoak dira osagai honekin lotutako balioak eta jarrerak. Horien artean, nabarmentzekoak dira enpatia eta asertibitatea erakusten duten jarrerak, norberaren eta gainerako pertsonen nahiak asebetez komunikatzeko bidea irekitzen dutenak, jarrera egokiak baitira norberaren sentimenduak, pentsamenduak eta nahiak modu asertiboan adierazteko, eta aldi berean, besteren sentimenduak, pentsamenduak eta nahiak era aktiboan entzun eta kontuan hartzeko; arrazionaltasuna, argudio logikoak landu eta emozioak kontrolatzeko; adierazkortasuna eta askatasuna, norberaren sentimenduak eta ideiak modu irekian eta naturaltasunez azaltzeko eta gainerako pertsonak ere horrela jokatzeko aske senti daitezen; moldagarritasuna eta malgutasuna, baldintza eta egoera aldakorretara bizkor egokitzeko; pazientzia eta iraunkortasuna, esperientzia eta egoera zail eta etsigarriak lasaitasunez jasateko; eta eskuzabaltasuna, besteren beharrizanak eta mugak gogoan hartuta, norberaren dohainak eta trebetasunak partekatu eta gainerako pertsonei laguntzeko, ordainetan ezer itxaron gabe.

              2.4. EKIMEN ETA ESPIRITU EKINTZAILERAKO KONPETENTZIA.

              4.1. Konpetentziaren definizioa eta ezaugarriak.

              Definizioa

              Ekimenez jardutea eta prozesu ekintzailea ausart eta eraginkor kudeatzea egoera eta testuinguru pertsonal, sozial, akademiko eta lanekoetan, ideiak ekintza bihur daitezen.

              Ezaugarriak

              Ideiak ekintza bihurtzeko gai izatean datza ekimen eta espiritu ekintzailerako konpetentzia. Honako hau adierazten du Europako Parlamentuaren Gomendioak (2006):

              Zerikusia du sormenarekin, berrikuntzarekin eta arriskuak hartzearekin, bai eta, helburuak betetze aldera, proiektuen plangintza eta kudeaketa egiteko abileziarekin ere. Pertsona guztiek erabiltzen dute konpetentzia hau eguneroko bizitzan, etxean eta gizartean, eta baita lantokian ere, beren lanaren testuinguruaz jabetu eta aukerak baliatzeko ahalmena izatean; horrez gainera, zimendua da gizarte- edo merkataritza-jarduerak sortzen edo sorrera horretan laguntzen duten pertsonek behar dituzten beste gaitasun eta ezagutza espezifiko batzuk garatzeko.

            Argi eta garbi bereizi behar dira espiritu ekintzailerako konpetentzia eta enpresa-espiritua. Askotariko ekintzak erabakimenez eta eraginkortasunez abiatzeko edo ekiteko ekimena duen pertsona da «ekintzailea». Oinarrizko Hezkuntzan, espiritu ekintzailea zentzu zabalean garatzea izan behar du lehentasuna, pertsonak bizitzaren dimentsio guztietan jarduteko prestatzea baita haren eginkizuna; horrenbestez, pertsonak bere bizitza osoan gizabanako moduan garatzeko bizi ditzakeen egoera guztietan baliatu behar du ekimena eta espiritu ekintzailea, gizarteko kide aktiboa izanik eta garapen sozial, kultural eta ekonomikoaren eta naturaren garapen iraunkorraren erantzule izanda. Enpresa da ekimenerako esparruetako bat; izan ere, esparru horretan balia daiteke ekimena eta espiritu ekintzailea, aukerak hauteman eta aukera horien alde borrokatzeko, balio berria sortu edo arrakasta ekonomikoa erdiesteko.

            Ekintzaile izateko, ekintzailetza-prozesu osoa kudeatzeko trebetasunak eta abileziak izan behar dira. Ekintzailetza-prozesua hiru fase hauetan antolatzea komeni da batez ere, ideiak berritzaileak eta gauzatzen zailak baldin badira: a) hasierako fasea: ideia edo proiektua aukeratu, plangintza egin eta haren bideragarritasuna aztertuko da; b) garapeneko fasea: plangintza ezarri eta doituko da, horretarako premiarik baldin badago; c) amaierako fasea: ekintzak ebaluatu, emaitzak jakinarazi eta hobetzeko proposamenak egingo dira. Halaber, prozesu osoa autorregulatu behar da, aldagai guztiez jabetuta eta haiek erregulatzen ahaleginduz.

            Laburbilduz, Oinarrizko Hezkuntzan, ekimena eta espiritu ekintzailea sustatzeko «jardunbide egoki» dira ideiak ekintza bihurtzeko behar diren dohain pertsonalak sustatzekoak; hau da, hezkuntza integral bat sustatzen dutenak, honako osagai hauek barne hartuta: a) jarduerek landu egin behar dituzte hezkuntzako zehar-konpetentzia edo orokor kognitiboak, komunikatiboak, sozialak, afektiboak eta ekintza planifikatu eta kudeatzekoak; b) metodologia aktiboen bidez gauzatu behar dira, egoera esanguratsu eta egokien inguruan; c) arazo-testuinguru errealetan kokatu behar dira; d) ikasteko gogoa eta ikasitako baliabideak modu integratuan erabiltzeko motibazioa piztu behar dute testuinguru horiek; e) eta arazoak konpontzeko beharrezkoa izan behar du, bai ekimena eta espiritu ekintzailea izatea, bai ekintzailetza-prozesua erabiltzea. Beste hitz batzuekin esanda, konpetentzietan oinarritutako hezkuntza da ekimena eta espiritu ekintzailea garatuko dela ziurtatzeko aukerarik onena, baita, modu osagarrian, enpresa-espiritua garatuko dela ziurtatzekoa ere.

            Ideiak ekintza bilakatzeko estrategia eta prozedurak diziplina-arlo guztietan eta eguneroko bizitzako egoeretan barneratzen dituen neurrian eskuratuko du ikasleak «ekimenerako eta ekiteko espiriturako» konpetentzia. Hots, ekimena eta espiritu ekintzailea duten pertsonen ezaugarri diren dohainak (ideiak izatea, komunikatzea, elkarlanean aritzea, norbera izatea, planifikatzea eta kudeatzea) lantzeko modu koherenteena da dohain pertsonal horiek diziplina-arlo guztietan lantzea.

            4.2. Konpetentziaren osagaiak.

            Prozesu ekintzailearen faseei erreparatuta, honako osagai hauek ditu «ekimen eta espiritu ekintzailerako» konpetentziak:

          1. osagaia. Ideia edo proiektua sortzea eta/edo nork bere gain hartzea, proiektua planifikatzea eta haren bideragarritasuna aztertzea.

            Gauzatu nahi den ideiaren edo proiektuaren gaineko erabakia hartzea da ekintzailetza-prozesuaren lehen urratsa. Ideia edo proiektua norberarena edo besterena izan daiteke. Beti egin behar da plangintza bat arazo konplexuak konpontzeko. Plangintzaren ezaugarriak aldatu egiten dira arazotik arazora, baina plangintza egiteko, honako urrats edo prozedura hauek hartu behar dira kontuan:

            Zer lortu nahi dugu? Zer emaitza aurreikusten da?

            Zer zeregin/ekintza egin behar da aurreikusitako emaitzak lortzeko?

            Zer lotura daude egin beharreko zereginen/ekintzen artean?

            Nork eta noiz egingo ditu ekintza/zeregin bakoitza? Eginkizunen eta arduren banaketa eta kronograma.

            Zer bitarteko material, tekniko, ekonomiko edo bestelako erabili behar dira?

            Nola bilduko dira emaitzen ebidentziak eta nola komunikatuko dira?

            Nola ebaluatuko dira emaitzak? Zer irizpideak eta adierazle erabiliko dira emaitzen lorpena ebaluatzeko?

            Bideragarria al da egindako plangintza?

            Ba al dago proiektua egiteko motibaziorik?

            Urrats horietako batzuetan teknika eta tresna lagungarriak erabiltzea komeni da; hala nola, ideometroak, lehentasunak ezartzeko diagrama logikoak, Gantt diagramak, erantzukizunak banatzeko taulak, aurrekontua, kontrol-zerrendak eta ebaluazio-taulak.

            Ikasleek beren bizitzako jardun-eremuetan izaten dituzten arazo-egoeren gaineko plangintzak planifikatzeko erabil daiteke azaldu berri den gidoia; alabaina, honako ezaugarri propio hauek dituzte eskolaren esparruan konpetentziak eskuratzeko xedez planteatzen diren arazo-egoerak konpontzeko proiektuek:

            Hasierako egoera bat da ekintzaren abiaburua, hari buruzko aurretiazko ezagutzak ematen dira, eta ikasleen egitekoa da egoerari irtenbidea ematea, ezagutza berriak eskuratuta. Ezagutza horien erabilera integratua lagungarri izango zaie hasierako arazo-egoerari irtenbidea emateko.

            Erronka egingarria da, baina modu bat baino gehiagotan gauza daiteke.

            Erronkari aurre egiteko, jarduerak planifikatu, garatu eta ebaluatu behar dira.

            Banaka eta taldeka lan egin behar da.

            Denbora mugatua ematen da arazoa konpontzeko.

            Arazoaren irtenbideak erabilpen praktikoa izan behar du, baina irteera-profilean adierazten diren oinarrizko konpetentzia guztiak garatzea da azken helburua.

          2. osagaia. Planifikatutako ekintzak egitea eta, hala behar denean, doikuntzak egitea.

            Beharrezkoa eta oso garrantzitsua da ideia berriak sortzea eta egungo errealitaterako aukera egokienak diseinatzea, baina errealitate horrek ez du aldaketarik (hobekuntzarik) izango, baldin eta ideia eta aukera horiek gauzatzeko ekintzarik egiten ez baldin bada. Egungo errealitatean bestelako aukerak gauzatzeari ekin nahi bazaio, beharrezkoa da, aukerak gauzatzeko gogoa izateaz gain, haien gauzapenean parte hartzeko konpromiso pertsonala hartzea.

            Jarduera-plana finkatu ondoren, bete egin behar da; orduan, planaren gauzapenak zer bilakaera duen begiratu behar da, eta ingurunearen bilakaerari erreparatu behar zaio. Horrez gainera, bilakaeraren jarraipena egin behar da, eta, desbideratzeak gertatuz gero, haiek zuzentzeko neurri egokiak hartu behar dira.

            Planifikatua gauzatzen, kontrolatzen eta hobetzen laguntzen dute honako urrats edo prozedura hauek:

            Aurreikusitako eta egindako jardueren kalitate-mailaren jarraipena eta kontrola.

            Jarduerak egiteko aurreikusitako denboraren jarraipena eta kontrola.

            Eginkizunen, erantzukizunen eta kronogramaren betetze-mailaren jarraipena eta kontrola.

            Lanak egitean dagoen motibazio-mailaren jarraipena.

            Plangintza aldatzea eta doitzea, premiazkoa baldin bada.

            Hainbat teknika eta tresna (esaterako, kontrol-zerrendak, Gantt diagrama, eginkizunak eta erantzukizunak banatzeko taula) lagungarri izan daitezke plangintzaren jarraipena, kontrola eta doikuntzak egiteko. Plangintzaren garapenaren kontzientzia hartzen eta prozesua erregulatzen lagun dezakete tresna horiek. Alde horretatik, portfolioa da prozesuen autorregulaziorako tresnarik eraginkorrenetako bat.

          3. osagaia. Egindako ekintzak ebaluatzea, aditzera ematea eta hobetzeko proposamenak egitea.

            Egungo errealitatearen bestelako aukerak gauzatzeko ekintzek ondorioak dituzte errealitatean, eragin egiten diote errealitateari. Funtsezkoa da prozesu ekintzaile orok, berrikuntzaren hasierako faseaz gain, ebaluazio-fase bat ere jasotzea, garatzeko fasean egindako ekintzen bitartez errealitatean eragin den inpaktua ebaluatzeko.

            Era berean, jarduera-planean finkatu diren helburuak eta errealitatean erdietsitakoak alderatu behar dira, eta bete direnen eta bete ez direnen arteko diferentzia kuantitatiboak eta kualitatiboak zehaztu. Horrez gain, planean aurreikusi ez, baina egiaz izan diren bestelako ondorioak zehaztu behar dira. Ebaluazio hori egiteko, ebaluazio-taulak lagungarri izan daitezke alderdi positiboak eta negatiboak ikusteko, baita hobetzeko proposamenak egiteko ere; hala, hurrengo esperientzietarako baliagarriak izan daitezkeen ezaugarriak jaso behar dira, eta hobetu beharrekoak zehaztu.

            Emaitzak eta hobetzeko proposamenak jakinarazteak garrantzi handia du prozesu ekintzailearen amaierako fase honetan, hala ahozko aurkezpenen bidez (diapositiben eta ikus-entzunezko bitartekoekin batera, egokia baldin bada), nola txosten idatziak eginez (irudiak, grafikoak eta antzeko euskarriak erantsita, behar izanez gero).

            Azkenik, prozesu ekintzaile osoan, jarrera eta balio hauek landu behar dira: proiektuak eta jarduerak kanpoko presioen eraginik gabe abiarazteko ekimena; sormenez eta irudimenez jarduteko joera; erresilientzia, norbera saiatua eta aldi berean malgua izateko, eta bizkortasunez egokitzeko baldintza eta egoera aldakorretara; helburuak betetzeko motibazioa, erabakitasuna eta borondatea, norberarenak edo beste batzuekin batera ezarritako helburuak diren begiratu gabe.

            2.5. NORBERA IZATEN IKASTEKO KONPETENTZIA.

            5.1. Konpetentziaren definizioa eta ezaugarriak.

            Definizioa

            Norberari bizitzako esparru eta egoera guztietan sortzen zaizkion sentimenduez, pentsamenduez eta ekintzez gogoeta egitea da, haiei buruz egiten den balorazioaren arabera sendotu eta egokitzea horiek guztiak, eta, era horretan, etengabeko hobekuntzaren bidez, norbera autorrealizaziora bideratzea, errealizazio horren dimentsio guztietan.

            Ezaugarriak

            Autoerrealizaziora bideratuta dago «ikasten ikasteko» konpetentzia, eta autorregulatzen ikastea da izaten ikasteko bidea.

            Pertsonak duen potentzialtasun guztia ahalik eta gehien garatzea da autorrealizazioa, harik eta erabateko betetasuna iritsi arte. Autorrealizazioaren definizio formala onargarria izan daiteke, baina «pertsonaren potentzialtasuna» zer den zehazterakoan arazoa sortzen da, eta batez ere, bere potentzialtasuna erabat garatu duen pertsonaren eredu ideala zertan datzan zehazten saiatzerakoan.

            Autorrealizazioaren ideiaren zehaztapena aldatu egin da historian eta kultura guztiek adierazi dute errealizazioaren inguruko ideiaren bat. Pertsonak gizartean garatzen dira, kultura-esparru zehatzetan, eta norberaren nortasuna komunitatearen barruan eraikitzen da, etengabeko elkarrekintzan; hala, tentsioak ere izaten dira norberaren berezitasunaren eta inguruneak norberari egindako presioen artean.

            Gaur egungo kulturaniztasun-testuinguruan, pertsona errealizatuen inguruko eredu bat baino gehiago dago, baina ziurgabetasunaren aurrean, inoiz baino beharrezkoagoa da gizabanakoei baliabideak ematea beren nortasuna eraikitzen laguntzeko. Horrela egiten ez baldin bada, pertsona alienatuak garatzea bultzatuko da, erabakiak hartzeko irizpide pertsonalik gabekoak, gainerako pertsonek egiten dutena egitera mugatzen direnak.

            Atal honetan, autorrealizazioa pertsonen arteko hartu-emanen ondorioz eguneratu eta doitzen joaten den prozesu dinamikotzat joko dugu, eta ez aldez aurretik zehaztuta dagoen amaierako egoeratzat. Izaten jakiteko eta modu malguan eta aldagarrian hazten joateko prozesuaren motorra eta gakoa autorregulazioa da.

            Honako bi prozesu osagarri hauek ditu autorregulazioak:

            1. Metakognizioa:

              Modu, gutxi-asko, espontaneoan eta oharkabean sortzen diren pertzepzio, sentimendu, pentsamendu, hitz eta ekintzetatik aldentzean datza, eta prozesuei buruzko gogoeta egitean, haiek ulertu eta balioesteko, kontzientziara ekarri ostean. Metakognizioa deitzen zaio, norbere kognizioaren gaineko kognizio-prozesua delako.

            2. Erregulazioa:

              Metakognizioan oinarrituz, beste urrats bat ematean datza. Kontzientzia hartu ostean, eta egindako balioespenari erreparatuta, unean uneko gaia erregulatzen da; hori horrela, balioespen positiboa egin baldin bada, jokabidea indartzeko erabakia hartuko da, edo, hala ez baldin bada, hura egokitzekoa edo aldatu eta hobetzekoa. Erregulazioaren eraginkortasuna handituko da hobetzeko modua planifikatzen, prozesuan behar diren doikuntzak egiten eta emaitzak ebaluatzen diren heinean.

              Autorregulazio-prozesua ezin konta ahala esparru eta egoeratan aplika daiteke. Orain, pertsona erabat garatzeko alderdi edo osagai esanguratsuak zehaztuko ditugu, beste batzuk baztertzeko asmorik gabe. Autorrealizazio-prozesuan dauden pertsonek harmoniaz barneratzen dituzte hainbat dimentsio edo osagai: gorputzaren dimentsioa, kognitiboa, afektiboa, soziala, estetikoa, morala eta konatiboa.

              Autorrealizaziora bideratuta dagoen hazkuntza-prozesu mugagabe horren emaitza dira:

              Autokontzeptua garatzea, eta, horren baitan, gero eta errealitate-oinarri handiagoz identifikatzea norberaren alderdi positiboak eta negatiboak (dimentsio kognitiboa).

              Autoestimua garatzea, hau da, norbere buruaren gaineko balioespen positiboa eta errealista (dimentsio afektiboa).

              Autonomia edo ahalduntzea garatzea, erabaki pertsonalak hartu eta gauzatzeko ahalmen gisa ulertuta, eta norberaren ekintzen eta bizitzaren erantzule izanda (dimentsio konatiboa).

              Bere buruaren jabe da norberaren prozesu kognitibo, afektibo eta motorrez jabetzen den pertsona eta bere ekintzen arrakastaz edo porrotaz eta balio moralaz jabetzen dena. Pertsona horrek eskuratuak ditu, horrenbestez, bere pentsamendua eta ekintzak erregulatu ahal izateko oinarriak. Nork bere burua erregulatzeko konpetentzia da, aditu batzuen ustez, arrakasta akademikoa eta gizarte-jokabide egokia aurreikusteko adierazle onena, eta konpetentzia kognitiboak baino egokiagoa da aurreikuspen-lan hori egiteko. Bere pentsamendua eta jokabidea erregulatzen dakien pertsona etengabeko hobekuntzaren dinamikaren barruan sartzen da.

              Konpetentzia guztiak lantzeko prozesu guztiekin batera dator eta haiekiko banaezina da autorregulazioa. Ikuspuntu horretatik, elkarrekikotasun-harremana ezar daiteke oinarrizko konpetentzien garapenaren eta autorregulazioaren artean. Autorregulazioaren osagai batzuek beste batzuek baino lotura zuzenagoa dute oinarrizko zehar-konpetentziaren batekin, eta haren beste osagai batzuek, berriz, oinarrizko zehar-konpetentzia guztietan duten eragina.

              5.2. Konpetentziaren osagaiak.

              1. osagaia. Hitzezko komunikazioa, hitzik gabekoa eta komunikazio digitala autorregulatzea.

                Hitzezko komunikazioa autorregulatzeak esan nahi du, alde batetik, kontzientzia hartzea komunikazio-funtzioetan eta bizitzaren komunikazio-egoeretan sortzen diren ahozko nahiz idatzizko diskurtsoak ulertzeko eta adierazteko prozesuen kalitateaz. Eta, horrekin batera, ahozko komunikazioa egindako balioespenaren arabera erregulatzea eta doitzea esan nahi du.

                Hitzik gabeko komunikazioa autorregulatzeko, hitzik gabeko adierazpideen kontzientzia hartu behar da, eta erregulatu egin behar dira adierazpide horiek; hau da, keinuak eta ahozko adierazpidearekin batera erabiltzen diren gorputz-jarrerak, idatzizko adierazpidearekin eta adierazpide plastikoarekin batera maiz erabiltzen diren ikono-kodeak eta grafikoak, musika eta dantzaren bidez egiten den komunikazioa eta hitzik gabeko gainerako adierazpideak. Keinuak eta gorputz-jarrerak egoki eta zuzen interpretatzea lagungarria da ahozko komunikazioan ageri diren norberaren eta besteren sentimendu eta emozioen gaineko kontzientzia hartzeko.

                Komunikazio digitala autorregulatzeko, konpetentzia digitala osatzen duten alderdien kontzientzia hartu behar da eta erregulatu egin behar dira alderdi horiek; hala nola, informazioaren kudeaketa eta komunikazio eraginkorra, teknologia digital egokiak erabiliz multimedia-edukiak sortzea, eta informazio- eta komunikazio-teknologiak modu seguru, etikoan eta gehiegikeriarik gabe (abusatu gabe) erabiltzea.

                Ezbairik gabe, mailaz maila hartzen da hitzezko komunikazioaren, hitzik gabekoaren eta komunikazio digitalaren kalitatearen gaineko kontzientzia, eta lorpen hori benetan gauzatuko bada, heldutasun kognitiboa eta adierazpenezko eta prozedurazko ezagutzak behar dira. Autoebaluazioarekiko edo metakognizioarekiko jarrera izango da, beti eta adin guztietan, erregulazioaren eta etengabeko hobekuntzaren eragile.

              2. osagaia. Ikasteko prozesu eta estilo kognitiboa autorregulatzea.

                Ikasten ikasteko konpetentziaren osagai dira ikaskuntzan esku hartzen duten prozesu mentalen gaineko ezagutzak, ikasteko moduari dagozkionak. Konpetentzia horrek, gainera, ikasleak bere ikasteko prozesuari buruz duen ezagutza jasotzen du, hiru dimentsio hauetan landuta: a) dakienari eta ez dakienari buruz duen ezagutza eta ikasteko gauza denari, interesatzen zaionari eta gainerako alderdiei buruzkoa; b) ikasteko zereginari dagokion diziplinaren gaineko ezagutza eta zereginaren beraren eduki zehatzari eta eskakizunei buruzkoa; eta c) zeregina betetzeko estrategien gaineko ezagutza.

                Metakognizioa edo norberaren pentsamenduaren ezagutza kontzientea handitzeko bidea da zer prozesu mota gauzatu den zehaztea, prozesu hori nola egin zen aztertzea, egindako urratsak bereiztea, lan egokia egin den ebaluatzea eta hurrengo saioan egin daitezkeen hobekuntzak kontuan hartzea. Ikaskuntzan parte hartzen duten jokabideak erregulatzeko bidea da jarduerak egin aurretik planifikatzea, egindako planaren gauzapena monitorizatzea, eta lorpenak, erroreak, transferentziak eta aldaketa-proposamenak ebaluatzea.

                Norberaren ikasteko estiloaren kontzientzia eta erregulazioa da metakognizioaren alderdietako bat. Ikasteko hainbat estilo bereizten dira: estilo aktiboa, gogoetatsua, teorikoa eta pragmatikoa. Ikasle bakoitzak bere izaera du, baita, joeraz, ikasteko berezko estiloa ere. Ikerketen emaitzen arabera, zenbat eta gehiago egokitu irakaskuntza norberaren ikaskuntza-estilora, orduan eta hobeto ikasten da. Kontuan hartu beharreko alderdia da hori, baina ez, ezinbestean eta soil-soilik, ikasleen berezko joera sendotzeko; izan ere, ikasleen ohituretatik abiatuta, aberastu egin daitezke haien joerak, estilo guztiak osagarriak diren aldetik. Ikasteko zikloa esperientziatik eta ekintzatik abiatuta hasi ohi da (estilo aktiboa); esperientziari buruz hausnartu ahala, estilo gogoetatsua garatzen da; gogoetan oinarrituta, ondorioak, hipotesiak eta teoriak egin daitezke (estilo teorikoa); ondorioak eta hipotesiak berresteko edo garatzeko, ekintza planifikatu behar da (estilo pragmatikoa). Ikasteko ziklo osoa amaitzeko, estilo guztiak modu osagarri eta orekatuan erabili behar dira. Hezitzailearen eginkizuna izango da ikasteko estilo guztiak erabiltzen irakastea, horretarako, ordea, ikaslearen joerez jabetu behar du, baita horiek onartu ere.

                Konpetentzia-osagai honekin lotzen diren honako balio eta jokabide hauek nabarmendu behar dira: baldintza eta egoera aldakorretara bizkor egokitzea; esperientzia eta egoera zailak edo aldaketak jasateko erresistentzia eta pertseberantzia izatea, erraz ez etsitzeko; nork bere burua ebaluatzera eta gainerako pertsonak ebaluatzera irekita egotea, nork bere burua ezagutzeko eta hazkunde pertsonalerako beharrezkoa den aldetik; eta norberaren mugak eta ahalmenak onartzea eta aitortzea, autokritikarako gaitasuna erabiliz.

              3. osagaia. Portaera soziala eta morala autorregulatzea.

                Elkarbizitzarako konpetentziak, agiri honetan ulertzen den moduan, osagai hauek ditu:

                Pertsonen arteko komunikazioa.

                Talde kooperatiboan ikasten eta elkarlanean aritzen ikastea.

                Portaera soziala.

                Gatazkak kudeatzea.

                Autorregulazioko prozedurak ezin dira bereizi osagai horietako bakoitzaren prozedurak eta teknikak aplikatzeko prozesuetatik. Autorregulazioko prozedurak eta teknikak oso ezberdin aplikatuko dira, zalantzarik gabe, ikasleen garapen kognitibo eta afektiboko mailaren arabera.

                Pertsonen arteko komunikazioa: asertibitatea eta enpatia

                Kontzientzia hartzen da:

                Asertibitatearena, nork bere buruan jokabide oldarkorrak, pasiboak eta asertiboak ezagutzeko prozedurak erabiliz.

                Enpatiarena, norberak entzute aktiborako eta enpatiarako duen gaitasunaren diagnostikoa egiteko prozeduren eta tekniken bidez.

                Erregulatzen da:

                Asertibitatea, jokabide oldarkor edo pasiborik ez izateko eta modu asertiboan jokatzeko tekniken bidez: norberaren pentsamenduak eta sentimenduak modu asertiboan adierazteko; ez modu asertiboan esaten ikasteko; kritikak modu asertiboan onartzeko edo baztertzeko; mesedeak eskatzeko edo ukatzeko; eta laudorioak egiteko edo besteren merezimenduak onartzeko.

                Enpatia, modu aktiboan eta enpatiaz entzuteko tekniken bitartez: solaskideari arretaz entzuteko, interesa erakusteko, gorputz-adierazpena behatzeko, galdera irekiak egiteko, parafrasiak erabiltzeko eta emozioak adierazteko.

                Talde kooperatiboan ikasten eta elkarlanean aritzen ikastea

                Kontzientzia hartzen da: taldeko lana ebaluatuz, hau da, helburuen lorpena ebaluatuz; taldearen barruan zereginen eta eginkizunen banaketa bete den ebaluatuz; eta nork bere erantzukizunak, prestasuna, ahalegina eta gainerako alderdiak bete dituen ebaluatuz.

                Erregulatzen da: taldeko lanaren antolaketa eta berau garatzeko teknikak planifikatzen ikasteko hainbat teknika erabiliz.

                Portaera sozialak

                Kontzientzia hartzen da: giza eskubideei eta gizarte-konbentzioei eragiten dieten jokabideekin zerikusia duten kasuak eta egoerak aztertuz eta dramatizatuz.

                Erregulatzen da: jokabide egokiari buruzko erabakiak hartzeko planifikazio-tekniken bidez erregulatzen dira, giza eskubideen eta gizarte-konbentzioen balioen esparru teorikoa oinarri hartuta, eta jokabide egokiaren arabera jokatzeko tekniken bidez, harik eta jarrera bihurtu arte.

                Gatazkak konpontzea

                Kontzientzia hartzen da: gatazka aztertzeko eta argitzeko tekniken bidez (gatazkaren mapa), bai eta gatazkak haien ezaugarrien arabera kudeatzeko tekniken bidez (aurre egitea, egokitzea, ihes egitea, negoziazioa, lankidetza).

                Erregulatzen da: negoziazioa kudeatzeko tekniken bidez eta, berariaz, bitartekaritzaren bidez, eta baita hartutako erabakia gauzatzeko tekniken bidez ere, hau da, aplikazioaren, jarraipenaren eta doikuntzaren planifikazioa eginez.

                1. osagaia. Motibazioa eta borondatea autorregulatzea erabakiak eta betebeharrak gauzatzeko.

                  Motibazioak ekintza bultzatzen eta zuzentzen du, eta modu jakin batean zergatik jokatzen dugun azaltzen du. Honako hauek pizten dute motibazioa:

                  Desio bat bete nahi izateak.

                  Beharrizan bat ase nahi izateak.

                  Helburu bat bete nahi izateak.

                  Motibazioa faktore sorta batek eraginda sortzen dela esan daiteke:

                  Intrintsekoak; hala nola, norberaren nahiak eta lehentasunezko balioak.

                  Estrintsekoak; hala nola, testuingurua bideratzeko baldintzak eta kanpo-pizgarriak.

                  Motibazioaren indarra areagotzen dute adierazitako faktore bakoitzaren intentsitateak eta esku hartzen duten faktoreen multzoak. Hortaz, motibazioa bultzatzeko estrategian, estimulu intrintsekoak zein estrintsekoak erabili behar dira, egoera bakoitzaren ezaugarrien arabera.

                  Nahi den hori lortu arte ekiteko gauza izatea da gogo-indarra edukitzea, horretarako motibaziorik izan ala ez. Motibazioak nahia bultzatzen du, eta motibazioa handia baldin bada, gogo edo desio horrek luze iraun dezake. Baina bizitzan bada norberak egin nahi ez duen lanik edo lan nekezik, ezinbestean egin behar direnak. Gogo-indarra behar da lan horiek egiteko, eta indar hori ez da bat-batean sortzen, bulkadak kontrolatuz ikasten baita. Egiteko eta ekiteko konpetentziaren eskakizunetako bat da gogo-indarra.

                  Osagai honekin lotutako balioen eta jarreren artean, nabarmentzekoak dira nork bere burua hobetzeko eta onena emateko grina; kanpoko presiorik gabe, ekimenez jokatzea; betebeharraren zentzua izatea, kanpotik ezarritako helburuak eta aurreikuspenak beteko dituzten zereginak, jarduerak eta proiektuak gauzatzeko behar dena; eta pertseberantzia izatea, bizipen eta egoera zailak eta mingarriak edo bat-bateko aldaketa etsigarriak jasateko behar dena.

                2. osagaia. Gorputzaren funtzioak eta norberaren osasuna, ongizatea, gorputz-irudia eta sexu-nortasuna autorregulatzea.

                  Gorputz-dimentsioaren autorregulazioaren honako alderdi hauek bereiz daitezke:

                  Funtzio fisiologikoaren, biologikoaren, motorraren eta sentsorialaren kontzientzia eta erregulazioa.

                  Norberaren osasunaren zaintzaren eta ongizatearen kontzientzia eta erregulazioa.

                  Gorputz-irudiaren kontzientzia eta erregulazioa.

                  Sexu-nortasunaren kontzientzia eta erregulazioa.

                  Gorputz-adierazpenaren bidez adierazitako sentimenduen eta emozioen hitzik gabeko komunikazioaren kontzientzia eta erregulazioa.

                  Adierazitako bost alderdi horiek osagarriak dira. Lehen lau alderdiak azaltzen dira atal honetan, eta 3. osagaian (emozioen autorregulazioa) azaltzen da bosgarren alderdia.

                  Funtzio fisiologikoaren autorregulazioa:

                  Giza espeziaren gorputzak gizarte- eta natura-ingurunearekiko harremana ahalbidetzen du, eta elkarreragin-prozesu horretan, pertsona-izaera, pertsonaren kontzientzia eta nortasun pertsonala eraikitzen dira. Gorputzaren eta zentzumenen bitartekaritza mugatua baldin bada, mugatu egingo dira garatzeko aukerak.

                  Gorputzaren funtzio gehienak automatikoki gauzatzen dira, eta bizitza izugarri errazten du horrek. Baina funtzio horiek erregulatzeko, funtsezkoa da nola egiten diren ezagutzea eta haien baliagarritasunaren kontzientzia hartzea.

                  Gorputzaren funtzio hauek nabarmen daitezke, diziplinako arlo eta ikasgai guztietan ikaskuntzaren bitartekari diren aldetik:

                  Ikasteko garaian, gorputzaren jarrera autorregulatzea, bai zutik, eta bai, bereziki, eserita.

                  Arnasteko eta erlaxatzeko tekniken bidez autorregulatzea arnasketa.

                  Zentzumenek errealitatea behar bezala hautemateko duten garrantziaren kontzientzia izatea eta, zehazki, norberak ikusi edo entzuteko duen profil nagusiaren kontzientzia izatea eta hura erregulatzea.

                  Ahotsaren, tonuaren eta erritmoaren potentzia autorregulatzea.

                  Norberaren osasunaren eta ongizatearen zaintza autorregulatzea

                  Funtsezko ondasunen multzo bat da osasuna, eta pertsonak ezinbestekoak du hura, izateko eta egiteko potentzialtasunak garatuko baditu. Osasunak ematen digu gure bizi-asmo eta -helburuak indar guztiekin lantzeko eta gure arrakasta-potentzialtasunak garatzeko aukera.

                  Osasun-kontzeptu horrek gainditu egiten du osasuna-gaixotasuna prozesu dikotomikoaren ikuspegia, osasuna eta gaixotasuna aurkatzen dituena. Pertsonak, bere ingurunean hartu-emanak izatean, zer-nolako adaptazio-maila duen adierazten dute osasunak eta gaixotasunak. Hori horrela, osasunaren kontzeptuak bete baitan hartzen ditu pertsonaren potentzialtasunen garapen osoa baldintzatzen dituzten ingurune-baldintza fisikoak eta sozialak.

                  Ikuspegi hori hartuta, osasunaren honako dimentsio hauek, elkarren osagarriak, bereiz daitezke:

                  Osasunaren dimentsio fisikoa: organismoaren funtzionamendu fisiologiko guztiz ona da.

                  Osasunaren dimentsio psikologikoa edo osasun mentala: gizabanakoaren ongizate-egoera da, bere gaitasunen kontzientzia duenean, bizitzako tentsio normalei aurre egiten dienean, lan emankorra eta onuragarria egiten duenean eta komunitateari ekarpenak egiteko gai denean.

                  Osasunaren dimentsio emozionala: sentimenduak, pentsamendua eta portaera arduraz zuzentzea da, eta horretarako bitarteko dira haiei izena jartzea, haiek onartzea, integratzea eta sortzen duten bizi-indarra baliatzea. Dimentsio emozional osasuntsua duten pertsonek modu asertiboan kontrolatzen dituzte sentimenduak eta ongi sentitzen dira beren buruarekin. Harreman pertsonal onak dituzte eta estresari eta eguneroko bizitzako arazoei aurre egiten ikasten dute. Adimen emozionala landu behar da dimentsio honetan.

                  Gizartean antolatzen diren giza taldeen osasun pertsonala zaintzeko, hainbat alderdi zaindu behar dira, bai ikuspegi indibidualean, bai ikuspegi kolektiboan. Gizakien eboluzioa ulertzen laguntzen digute alderdi horiek. Gizabanakoek babesa bilatzen dute estalpeetan edo arropak jantzita, hotzetik eta gaixotasunetatik ihesi. Gizartean, gaixotasunei aurre egiteko eskubidea bermatuko baldin bada, pertsona guztiak babesteko behar diren baliabideak jarri behar dira. Babesteko ekintzetan, ezinbestean uztartu behar dira erabaki indibidualak eta sozialak.

                  Gizabanakoren batek bizi-ohitura osasungarriak nola eskuratu ikasi baldin badu, ezinbestean uztartu behar da jakintza hori ongizate kolektibo solidarioarekin eta osasun publikoaren ikuspegi globalarekin. Jakintza hori, era berean, pertsonen garapen osoari lotzen zaio. Elementu funtsezkoak dira guztiak osasuna erregulatzeko.

                  Bizi-ohitura osasungarriak eskuratu eta drogen kontsumoa prebenitzeko jokabideak barnera daitezke, baldin eta erregulazio-oinarri bat eskuratzen baldin bada, pertsonaren garapen osoa ongizate kolektiboaren parte dela ikasi ondoren:

                  Bizi-ohitura osasungarriak eta pertsonen ongizate fisiko eta emozionala.

                  Drogen kontsumoaren (batik bat, alkoholarena, tabakoarena eta kanabisarena) eta substantziarik gabeko mendekotasunen prebentzioa.

                  Norberaren osasunaren eta ongizatearen zaintza autorregulatzea.

                  Gorputz-irudiaren autorregulazioa:

                  Nork bere gorputzaren gainean duen kontzientzia edo irudipena da gorputz-irudia; irudi hori positiboa izango da, baldin eta bere irudia onartzen badu norbanakoak, eta negatiboa, hura gaitzetsiz gero. Gorputz-irudiari buruzko arauak ezartzen dituzte modak eta edertasun-kanonei buruzko gizarte-estereotipoek, eta arau horietara egokitu ezean, gizarte-presio handia egiten dute, batez ere nerabezaroan eta gaztaroan, norberaren nortasunaren oinarriak finkatzen diren garaian. Autoestimua txikiagotu dezake gorputzaren irudi edo autokontzeptu negatiboa izateak, eta horrek segurtasunik ezaren arriskua dakarkio pertsonari. Segurtasunik ezak ondorio kaltegarriak izaten ditu, bai ekimen pertsonalean, bai ikastean, bai gainerako pertsonekiko harremanetan.

                  Sexu-nortasunaren autorregulazioa:

                  Sexu-nortasuna zehazten dute emakumea, gizona edo sexuartekoa izatea dakarten ezaugarri biologikoen kontzientziak eta norberak sexualki gehien identifikatzen dituen ezaugarri psikologikoen kontzientziak. Sarri askotan gertatzen da ezaugarri biologikoak eta psikologikoak bat ez etortzea edo, bat etorrita ere, negatiboki balioestea. Pertsonek ez dute beti izaten sexualtasuna sentitzeko eta erabiltzeko joera edo orientazio berbera.

                  Eskola inklusiboak kalitatezko hezkuntza eta hezkuntza-aukera berberak eman nahi dizkie ikasle guztiei; horrenbestez, eskola inklusiboaren planteamenduan sartzen da aniztasun horren errekonozimendu-faltaz kontzientzia hartzea, genero-arrazoiengatiko gizarte-presioez eta bazterketez jabetzea, eta diskriminazio-egoerak erregulatzea.

                  Osagai honekin lotutako balio eta jarrera nabarmen dira nork bere burua zaintzea kalte fisikotik babesteko, gorputzaren zentzumen guztien bitartez esperimentatzeko plazera bilatzea, gorputzaren mugak eta ahalmenak ezagutzea eta onartzea, eta norberaren gorputzaren irudiarekin eta sexu-nortasunarekin pozik egotea.

                3. osagaia. Emozioen autorregulazioa.

                  Sentimenduek eta emozioek desio edo nahiak dituzte sorburu eta desioak sortzen dituzte, bizitza mentala berrantolatzen dute eta ekitera bultzatzen. Askotariko sentimenduak eta emozioak daude, eta hainbat modutara sailka daitezke. Esate baterako:

                  Sentimendu edo emozio positiboak izan ditzake norberak; hala nola, poza, umorea, atsegina, jakin-mina, esker ona, maitasuna, errukia, zoriona eta baretasuna.

                  Baita sentimendu edo emozio negatiboak ere; hala nola, beldurra, tristezia, frustrazioa, interesik eza, asperdura, etsipena, amorrua, lotsa, bekaitza, gorrotoa eta esker txarra.

                  Emozioak modu askotara adieraz daitezke. Adibidez, gizakiak, beste animalia-espezie batzuek bezalaxe, gorputzaren eta soinuen bitartez adierazten ditu emozioak. Giza espezieak, gainera, hitza zein musikaren, dantzaren, plastikaren eta literaturaren arte-adierazpenak ditu aberasgarri.

                  Autorregulazio emozionala izatea da norberaren sentimendu positibo eta negatiboen eta emozioen kontzientzia hartzea eta horiek kudeatzea, lagungarri izan daitezen norberaren oreka emozionalerako, gainerako pertsonen sentimenduak ulertzeko, eta modu eraikitzailean jokatzen ikasteko prestutasuna izateko.

                  Emozioak autorregulatzen dituen pertsonak:

                  Zehaztasunez eta haien izenekin identifikatzen ditu sentimenduak eta emozioak.

                  Bere emozio eta sentimendu positiboak eta negatiboak hitzezko eta gorputzezko hizkuntzaren bidez adierazten ditu, era koordinatuan.

                  Pentsamenduaren eta portaeraren arteko harremanaz ohartzen da. Emozioek jokabidean eragiten dute eta jokabideak, berriz, emozioetan.

                  Emozio positiboak indartzeko eta negatiboei aurre egiteko gauza da.

                  Emozioak autorregulatzen dituen pertsonak ez ditu emozioak erreprimitzen; aitzitik, berarentzat edo gainerako pertsonentzat kaltegarriak izan daitezkeenak kontrolatzen ditu. Horretan datza, hain justu, bulkaden kontrola, frustrazioaren onarpena, atseginaren gerorapena.

                  Emozioen kontzientzia hartzea eta haien erregulazioa uztartzen dituen autorregulazioak oreka emozionala izatera garamatza, eta oreka emozionala izan behar du norberak, bizitzako egoera guztietan eroso, seguru eta antsietaterik gabe sentitzeko.

                  Osagai honekin lotutako balio eta jarrera nabarmen dira autoebaluazioa eta gainerako pertsonak ebaluatzeko prest izatea, beharrezko diren aldetik nork bere burua ezagutzeko, hazkunde pertsonalerako eta besteri emandako zerbitzua hobetzeko; nork bere buruarengan konfiantza eta segurtasuna izatea; nork bere mugak eta ahalmenak onartzea; nork bere buruarekin eta gainerako pertsonekin zintzo jokatzea; eta esperientzia zailak eta etsigarriak jasateko lasaitasuna eta pertseberantzia izatea.

                  Autoerrealizaziorantz

                  Pertsonen garapenaren dimentsioen autorregulazio-prozesuaren emaitza da autorrealizazioa. Autorrealizazioko prozesua dinamikoa da, eta pertsonen arteko hartu-emanen bitartez eguneratzen eta doitzen da. Autorrealizazioa ez da, ondorioz, aldez aurretik zehaztuta dagoen amaierako egoera bat.

                  Heziketaren ikuspegitik, hezkuntzaren azken xedea da pertsonaren autorrealizazioa lortzea, bere gaitasun potentzialak ahalik eta gehien eta osoen garatuz. Maslow psikologoaren teoriak adierazten du hierarkia bat dagoela giza beharren asebetetzean. Piramidearen oinarrian, lehen mailako beharrizan fisiologikoak eta segurtasunekoak daude; hurrengo mailan, maitatua eta onartua izateko beharrizan sozialak; hurrengoan, errekonozimendu eta estimu pertsonalaren beharrizanak, eta gailurrean, autorrealizatzeko beharrizanak. Beharrizan horiek guztiak hartu behar dira kontuan hezkuntza-prozesuan, autorrealizaziorantz aurrera egiteko.

                  Honako hauek barne hartzen ditu autorrealizaziora bideratuta dagoen hazkuntza-prozesu mugagabe horren emaitzak:

                  Autokontzeptua garatzea, eta, horren baitan, gero eta errealitate-oinarri handiagoz identifikatzea norberaren alderdi positiboak eta negatiboak (dimentsio kognitiboa).

                  Autoestimua garatzea, nork bere buruari buruzko balioespen positibo eta errealista landuta (dimentsio afektiboa).

                  Autonomia edo ahalduntzea garatzea, erabaki pertsonalak hartu eta gauzatzeko ahalmen gisa ulertuta, eta norberaren ekintzen eta bizitzaren erantzule izanda (dimentsio konatiboa).

                  3. OINARRIZKO DIZIPLINA BAITAKO KONPETENTZIAK.

                  Arazo-egoera adierazgarri eta egiazkoak ebazteko, modu bateratuan edo integratuan erabili behar dira diziplina baitako oinarrizko konpetentzia espezifikoetako arloen eta ikasgaien ezagutzak. Bizitzako arazoak konpontzeko, batera erabili behar izaten dira hizkuntzarekin, matematikarekin, zientziarekin, teknologiarekin, gizartearekin, artearekin eta mugimenduarekin lotutako adierazpen, prozedura eta jarrerazko ezagutzak. Baina erabili ahal izateko, ezagutza eta baliabide horiek izan behar ditu norberak. Arazoak konpontzeko behar diren ezagutzak modu sistematizatuan eskuratzen dira, eta eskurapen hori, funtsean, berariazko konpetentzia bakoitzeko diziplina-arloak eta -ikasgaiak landuz egiten da.

                  Ikuspegi horretatik, haiei dagozkien arlo eta ikasgaiekin lotu edo erlazionatu behar dira diziplinen baitako konpetentzia espezifiko giltzarriak. Arlo eta ikasgai horietan, modu sistematizatuan ikasi behar dira adierazpen, prozedura eta jarrerazko edukiak, eta, era berean, eduki horiek integrazio-egoeretan erabiltzen ikasi behar da.

                  Diziplinekin lotutako oinarrizko konpetentzia espezifikoen eta arlo eta ikasgaien arteko lotura ez da beti argia eta adierabakarrekoa izaten, baina garrantzitsua da lotura hori zehaztea, oinarrizko konpetentzia espezifikoen ikaskuntza eta ebaluazioa bideratzeko.

                  DIZIPLINA BAITAKO OINARRIZKO KONPETENTZIA ESPEZIFIKOEN ERLAZIOA HAUR HEZKUNTZAKO EREMUEKIN ETA LEHEN ETA BIGARREN HEZKUNTZAKO ARLOEKIN

                  (Ikus .PDF)

                  Banan-banan azalduko ditugu diziplinen baitako oinarrizko konpetentzia espezifikoak.

                  3.1. HIZKUNTZA- ETA LITERATURA- KOMUNIKAZIORAKO KONPETENTZIA.

                  1.1. Definizioa eta osagaiak.

                  Konpetentziaren definizioa

                  Hitzezko eta idatzizko testuak erabiltzea da, euskaraz, gaztelaniaz eta atzerriko hizkuntza batean edo gehiagotan, bizitzako egoera guztietan egoki, eraginkortasunez eta hizkuntza-aniztasuna errespetatuz komunikatzeko. Era berean, literatura-hezkuntza lantzea dakar konpetentzia honek, nork bere burua eta ingurunea hobeto ezagutzeko.

                  Osagaiak

                  Honako osagai hauek ditu hizkuntza- eta literatura-komunikaziorako konpetentziak:

                1. Hainbat esparrutako hitzezko, idatzizko eta ikus-entzunezko testuak, analogikoak zein digitalak, ulertzea eta jarrera kritikoz balioestea, helburu pertsonalak, sozialak eta akademikoak erdiesteko.

                2. Eremu pertsonal, sozial edo akademikoei dagozkien hitzezko, idatzizko eta ikus-entzunezko testuak sortzea, eraginkortasunez erantzuteko hainbat komunikazio-premiari.

                3. Hizkuntzen erabilera-arauak eta hizkuntza-sistemari buruzko jakintza erabiltzea ahozko eta idatzizko testuak sortzeko eta ulertzeko, eta haien bidez, egoki eta eraginkortasunez komunikatzeko.

                4. Literatura-testuak interpretatzea eta balioestea, testuen esanahia modu partekatuan eraikita, eta horren helburua izango da mundua ulertzea, literatura-ondarea banako pertsonen eta giza taldeen esperientzia sinbolizatzeko modua dela balioestea, norberaren kultura-nortasuna eraikitzea, inguruneko nortasun eta aniztasun kulturala errespetatzea eta sentsibilitate estetikoa lantzea.

                5. Gizarteko hizkuntza- eta kultura-aniztasuna onartzea eta balioestea, aniztasun horrekiko jarrera ona izateko.

                  1.2. Konpetentziaren ezaugarriak eta barne hartzen dituen ikasgaiak.

                  Derrigorrezko Hezkuntzaren helburuetako bat da pertsonak beren dimentsio guztietan osoki eta modu harmonikoan garatzea eta helduaroan sartzeko prestatzea. Helburu hori lortzeko, funtsezkoa da hizkuntza- eta literatura-komunikaziorako oinarrizko konpetentzia espezifikoa lantzea, hizkuntza komunikaziorako eta ezagutza transmititzeko funtsezko tresna den aldetik. Hezkuntza-sistemak konpetentzia hau ondo garatzeko laguntza eman behar die XXI. mendeko haur eta gazteei, gaur egungo gizarteko kide izan daitezen eta bizitza duina izan dezaten.

                  Konpetentzia honen osagaiek haren ezaugarriak zehazten laguntzen dute. Hori horrela, konpetentzia honen osagai nagusi dira gizarte-jarduerako esparru garrantzitsuetan hitz egiteko, elkarrizketan aritzeko, idazteko, entzuteko eta irakurtzeko trebetasunak eta trebetasun horiek lantzeko estrategiak.

                  Horrez gainera, hitz egin eta komunikatzeko trebetasunak hobetzeko, ezinbesteko dira hizkuntzen sistema-funtzionamendua eta erabilera-arauak, hizkuntzen arteko harremanak eta hizkuntzek hiztunekin dituzten harremanak behatzeko edukiak.

                  Era berean, konpetentzia honen baitan sartzen dira literatura-hezkuntza landu eta irakurtzeko ohitura sendotzeko edukiak. Literatura-komunikazioak ezaugarri bereziak dituenez, berariazko ikasketak behar dira hura ondo ulertu eta balioesteko.

                  Gaur egungo errealitate eleaniztunaren testuinguruan, elebiduntasun desorekatutik eleaniztasunerako bidea egiten ari da euskal gizartea; hori horrela, askotariko egoera soziolinguistikoei buruzko gogoeta egitea lagungarri da, oro har, hizkuntza-aniztasunari buruzko jarrera positiboak lantzeko, eta zehazki, euskararen normalizazio-prozesuari buruzko jarrera positiboak sustatzeko. Horrez gainera, hizkuntzen erabilera egokitasunez kudeatzeko ahalmena garatu behar da, eta egoera eleaniztunetan modu proaktiboan eta ekitatez parte hartzen jakin behar da.

                  Azkenik, konpetentzia hau behar bezala lantzeko, ezinbestekoa da, gaur egun, teknologia digitalek bideratutako egoera komunikatibo berrietan parte hartzea eta egoera horietan eraginkortasunez komunikatzeko trebetasun espezifikoak garatzea.

                  Honako arlo eta ikasgai hauek barne hartzen ditu oinarrizko konpetentziak:

                  Lehen Hezkuntza

                  Euskara eta Literatura.

                  Gaztelania eta Literatura.

                  Atzerriko Lehen Hizkuntza.

                  Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza

                  Euskara eta Literatura.

                  Gaztelania eta Literatura.

                  Atzerriko Lehen Hizkuntza.

                  Atzerriko Bigarren Hizkuntza.

                  Latina.

                  1.3. Arloen eta ikasgaien ikuspegia.

                  Giza garapenaren funtsezko faktorea da hizkuntza, bere funtzio indibidual eta sozialean. Indibidualean, pertsona bakoitzari ahalbidetzen diolako pentsatzea, jakintza egokitzea, jarduteko modua erregulatzea eta adierazpenak egitea. Sozialean, gizarteak zabaldu eta iraunarazten duelako hizkuntza, eta hura delako giza taldeak eratu eta garatzeko ardatz eta euskarri. Hizkuntzari esker sortzen, sendotzen eta zabaltzen da kultura.

                  Pertsonen bizitza afektibo eta kognitiboarekin lotura estua duen aldetik, hizkuntzak erregulatzen ditu sentimenduak, eta hura da bizi-ikaskuntzaren eta ikaskuntza akademikoaren bitarteko nagusia; izan ere, esperientzia hitzez adierazten denean, eraldatu eta beste maila batera igarotzen da. Horregatik, hizkuntza menderatzen duenak tresna egokia du bere burua ezagutzeko, beste pertsona batzuekin harremanak izateko, bizikidetza-arauak finkatzeko, taldean lan egiteko, eta ikuspegi kritikoz eta autonomiaz ikasteko.

                  Hizkuntzaren kontzepzio edo buruera horretan, hizkuntza-ikasgaien ikuspegiaren oinarria da gizarte-esparruetan elkarreragin eraginkorrak izateko behar diren erabilera-prozedurak, jarrerak eta kontzeptuak lantzea. Hain zuzen ere, jakintza hauek eskuratu behar dira: komunikazioaren printzipioak, estrategiak eta arauak; testuen forma konbentzionalak; testuak antolatzeko modu diskurtsiboak; testuaren zatiak multzo kohesionatuan artikulatzeko baliabideak; esaldi zentzuzkoak eta gramatikalak eraikitzeko arau lexiko-sintaktikoak; arau ortografikoak eta prosodikoak; eta hizkuntzekiko eta hiztunekiko jarrerak.

                  Literatura-hezkuntzak, aurreko ikaskuntza guztiez gain, berariazko beste ikaskuntza batzuk behar ditu literatura behar bezala ulertu, balioetsi eta gozatzeko; betiere, literaturaren berezko konbentzioei erreparatuta eta literatura-testuaren eta testuinguruaren arteko erlazioak aintzat hartuta.

                  Euskal Autonomia Erkidegoan, eskolaren lehentasunezko helburua da ikasleek bi hizkuntza ofizialak ongi jakin ditzaten bermatzea. Horrek esan nahi du ikasleek egoki, eraginkortasunez eta gero eta formaltasun- eta konplexutasun-maila handiagoan erabili behar dituztela bi hizkuntzok haien erabilera-esparru guztien komunikazio-egoera ugarietan. Helburu hori betetzeko, euskara erabiltzen eta ikasten lagundu behar du ikastetxeak, eta, era berean, haren normalizazioa bultzatu behar du, gizartean duen presentzia txikiagoa konpentsatzeko.

                  Gaur egun, mundu gero eta elkarlotuago batean bizi gara eta garrantzi handia dute ezagutzaren gizarteak, informazioaren eta komunikazioaren teknologiek eta pertsonen mugikortasunak; hori horrela izanda, hizkuntza ofizialak menderatzeaz gain, atzerriko hizkuntzak jakin behar dira, pertsonak elkar ezagutzeko, ideiak trukatzeko eta kulturen elkar ulertzea errazteko. Elebitasuna bermatzea da hezkuntza-sistemaren erronketako bat, baina, horrez gain, pertsona eleaniztunak hezi behar ditu, gutxienez atzerriko hizkuntza bat taxuz dakitenak.

                  Halaber, kontuan izan behar da ikasle alofonoen ehunekoa gero eta handiagoa dela gure ikasgeletan; gainera, pertsona horien hizkuntzek ez dute, orain gutxi arte, presentziarik izan gure eskola-sisteman eta gizartean. Hizkuntza- eta literatura-komunikaziorako oinarrizko konpetentzia espezifikoa egokitasunez lantzen lagundu behar die eskolak ikasle horiei, baina, era berean, beren hizkuntza-ondareari eusten eta ondare horri balioa ematen lagundu behar die, altxor kulturala baita haientzat eta gizarte osoarentzat.

                  Hezkuntza elebidunetik hezkuntza eleaniztunera aldatzen ari da gure erkidegoko irakaskuntza; ondorioz, gutxienez hiru hizkuntza irakasten eta ikasten dira, eta ohikoa da horietako batzuk komunikazio-bitarteko moduan erabiltzea ikasgaiak irakastean. Egoera horri erreparatuta, irakasteko moduak hausnartu eta egokitu behar dituzte hizkuntzen irakasleek, hizkuntza batean ikasitakoa gainerako hizkuntzak ikasteko erabil dezaten ikasleek. Orobat, hizkuntzen tratamendu integratua sustatu behar dute irakasleek.

                  Agerikoa da hizkuntzen irakaskuntza integratuaren premia. Izan ere, bi hizkuntza edo gehiago dakizkiten ikasleen egitura kognitibo eta emozionaleko elementu dira, bai dakizkiten hizkuntzak, bai hizkuntza horien bidez ikasi dituzten ezagutzak. Horrez gainera, hizkuntzak ikasteko prozesuaren elementu ugari komunak dira hizkuntza guztietan, eta hizkuntza batetik bestera erabil ditzakete bi hizkuntza edo gehiago dakizkiten pertsonek. Azkenik, kontuan izan behar da hiztunen jardun-esparru guztietan erabiltzen direla hizkuntzak, eta hiztunek erabaki behar dutela beren hizkuntza-errepertorioko zer hizkuntza erabiliko duten komunikazio-egoera bakoitzean.

                  Arrazoi horiengatik ezarri behar da hizkuntzen ikuspegi integratua; eta, ildo horri jarraituta, hizkuntzen ezaugarri bereizgarriak eta hizkuntza guztien alderdi komunak landu eta partekatu behar dira, hizkuntza guztiak behar bezala erabiltzeko.

                  Eskola-garaitik harago doa hizkuntzen ikaskuntza, bizitza osoan zehar ikasten baitira hizkuntzak; nolanahi ere, hizkuntza-ikasgaien helburuak mailaz maila ezartzen dira Derrigorrezko Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzako helburuetatik hasi eta Bigarren Hezkuntzako berezko helburuekin jarraituta, ikasleen irteera-profilaren harian.

                  Horrenbestez, mailen progresio horretan, ikasleek gero eta komunikazio-egoera gehiagotan parte hartuko dute, eta handitu egingo dute, orobat, praktika diskurtsiboen kopurua. Eskolatze-urteetan aurrera egin ahala, hortaz, gero eta egoera konplexuagoak aukeratu behar dira, egoera formalen kopurua handitu behar da, gero eta leku handiagoa eman behar zaio hizkuntzaren funtzionamenduaren eta erabilera-arauen gaineko gogoetari, eta, azkenik, hizkuntza- eta literatura-ezagutzak sistematizatzeari ekin behar zaio.

                  Hizkuntza- eta literatura-komunikaziorako konpetentzia lantzeko, honako printzipio hauek baliatu behar dira irakaskuntza eta ikaskuntzako jardueren plangintza egitean:

                  Planteamendu inklusibo baten ikuspegitik, ikasle guztiek garatu behar dute, osotasunean, eleaniztasunerako konpetentzia, haien jatorrizko hizkuntza edozein dela ere.

                  Hizkuntzen elementuei buruzko gogoetaren gainetik, hizkuntzak erabiltzea lehenetsi behar da, hizkuntzaren kodea menderatzeko prozesuaren laguntzaile eta orientatzaile baitira komunikatzeko beharrizan pragmatikoak.

                  Ikasgelak komunikaziorako esparru pribilegiatu bihurtu behar dira, ikasleek askotariko komunikazio-egoeretan eraginkortasunez parte har dezaten. Horren bidez, hezkuntza-komunitatearen eta gizartearen bizitza sozial eta demokratikoan parte hartzen lagunduko zaie.

                  Hizkuntza eta hiztunekiko jarrera positiboak landu behar dira; hala, hizkuntzek gizarte-harremanetan eta gizabanakoen garapen emozionalean duten garrantzia balioetsi behar da, baita hizkuntza-aniztasunak dakarren kultura-aberastasuna ere.

                  Printzipio horiek betetzeko, ekintza oinarri duen ikuspegi metodologikoa hautatu behar da, eta ikaskuntza aktiboa bultzatu. Hau da, komunikazio-proiektu adierazkorrak planifikatu behar dira hizkuntzen ikasgaietan, eta komunikazio-zeregin zehatz bat lortzera bideratutako jarduera-sekuentzien inguruan antolatu behar da ikaskuntza; horrez gain, prozedurazko edukiak lehenetsi behar dira egiten jakitea, alegia, eta ez, soil soilik, adierazpenezko jakintza.

                  Ikuspegi horretatik, ikaskuntzak ebaluatzeko, ikasleen komunikaziorako konpetentziaren hainbat maila hartu behar dira kontuan, ikasleen aniztasunari erreparatuta, eta, horrez gainera, proposamen egokiak eta askotarikoak egin eta ebaluazio-irizpideak ezarri behar dira, ikasle guzti-guztiek ahalik eta gehien ikas dezaten.

                  Ikuspegi metodologiko hori ezarri denez, ikasleen aurrerapenen ebaluazioak hezigarria izan behar du funtsean, eta ikaskuntzaren autorregulazioa bultzatzeko balio behar du. Horrez gain, ebaluazioak erakutsi behar du ikasleek zer-nolako gaitasuna duten landutako konpetentziak komunikazio-egoera berrietan erabiltzeko.

                  1.4. Integrazio-egoerak.

                  Konpetentea izateko, modu integratuan erabili behar dira norberak eskuratu dituen baliabideak, erronka edo arazo diren egoerak ebazteko. Gainditzeko moduko zailtasun-maila izan behar dute arazo eta egoerek, baina, era berean, ikasleentzat erronka izan behar dute. Askotariko familia edo multzotan aurkeztu arren, antzeko konplexutasun-maila dute arazoek, eta, ondorioz, parametro paretsuko baliabideak erabili behar dira haiek konpontzeko.

                  Ikasleen interesguneak hartu behar dituzte kontuan ikaskuntza eta ebaluazioko egoera horiek, eta aintzat hartu behar dute nola ikusten eta interpretatzen duten mundua Lehen eta Bigarren Hezkuntzako gazteek. Ikasleek ez dute mundua berdin ulertzen eta interpretatzen Lehen Hezkuntzan eta Bigarren Hezkuntzan; beraz, interesguneek eta ikaskuntza- eta ebaluazio-egoerek ere desberdinak izan behar dute batean zein bestean.

                  Argibide gisa, hizkuntza- eta literatura-komunikaziorako konpetentzia eskuratzeko garrantzitsutzat jotzen diren egoeren adibide batzuk aurkeztuko ditugu.

                  Arlo pertsonalari lotuta, hainbat egoera eta egoeren familia proposa daitezke; hala nola, berdinen arteko elkarrekikotasuna, elkarrizketa-kontakizunak, ikasgelako bizikidetza arautzeari buruzko elkarrizketak, familia barnean ematen diren argudioak, nork bere iritziak defendatzea, sentimenak adieraztea, eta beste ama-hizkuntza bat duten hiztunekiko harremanak eta elkartrukeak.

                  Arlo sozialari lotuta, komunikabideen erabileratik eratorritako egoerak eta egoeren familiak proposa daitezke egunkari digital bat edo eskolako irratia sortzea, esaterako; edo erakundeei loturikoak ere proposa daitezke; hala nola, bizikidetza-arauak edo herritarren parte-hartzea arautzeko agiriak osatzea. Era berean, komunitatearen kultura-bizitzari loturiko egoerak proposa daitezke; bereziki, literaturarekin zerikusia dutenak.

                  Arlo akademikoan, hizkuntzen eta literaturaren ikaskuntzari loturiko egoerak proposa daitezke; esaterako, literatura-testuak sortzea, alderdi linguistikoen gaineko txostenak osatzea eta testu-iruzkinak egitea. Horrez gainera, hainbat diziplinatako testuak menderatzen direla adierazten duten egoerak proposa daitezke, hala nola, txosten zientifikoak egitea, gizarte-gaien gaineko ahozko azalpenak ematea eta gai kultural, sozial edota artistikoei buruzko mahai-inguruetan parte hartzea.

                  Lan-arloari dagokionez, oinarrizko hezkuntza amaitu duen ikaslearengandik urrun izan arren, posible da lan-harremanak arautzen dituzten testuei eta diskurtsoei buruzko egoerak eta egoeren familiak proposatzea; adibidez, lan-kontratu bat ulertzea edo curriculum vitaea egitea.

                  Konpetentzien araberako hezkuntzaren ikuspegitik, eskolaren rola ezin da mugatu edukiak irakatsi eta ikasaraztera, egoera konplexuak ebazteko ezagutza eskuragarriak erabiltzen eta transferitzen ere irakatsi behar baitu, ikasleak bizitza pertsonalerako, sozialerako, akademikorako eta lanerako prestatzeko.

                  1.5. Hizkuntza-arloek eta -ikasgaiek ematen duten laguntza oinarrizko konpetentziak lortzeko.

                  Curriculumaren oinarrizko konpetentzia guztiak, zehar-konpetentziak eta diziplina baitakoak, lantzen laguntzen dute hizkuntzek; izan ere, bitarteko apartak dira komunikatzeko, mundua irudikatzeko, gizarteratzeko, sentimenduak adierazteko eta sormena sustatzeko. Izaera pribilegiatu hori handitu egiten da, baldin eta, curriculum honek proposatzen duen moduan, hizkuntzak ikuspegi instrumentaletik irakasten baldin badira.

                  Arloek eta ikasgaiek ematen duten laguntza oinarrizko zehar-konpetentziak eskuratzeko

                  Hitzezko eta hitzik gabeko komunikaziorako eta komunikazio digitalerako konpetentzia.

                  Hizkuntza-ikasgaien helburua da gizarteko jarduera-esparruetan hizkuntzaren bidez hartu-eman konpetenteak izateko gaitasuna lantzea, eta ondorioz, laguntza erabakigarria ematen dute hitzezko eta hitzik gabeko komunikaziorako eta komunikazio digitalerako oinarrizko zehar-konpetentziaren osagai guztiak lantzeko.

                  Izan ere, hizkuntzak ikastearen helburu nagusia da denetariko testuak, etapa bakoitzaren komunikazio-egoera berezkoei dagozkienak, ulertu eta sortzeko gaitasuna garatzea, eta testu horiek koherenteak, kohesionatuak eta zuzenak izatea. Halaber, besteri transferitzeko moduko ikasketak dira bai hizkuntza jakinak erabiltzeko trebetasunak eta estrategiak, bai hizkuntzari buruzko gogoeta-prozesuak, eta, ondorioz, konpetentzia hau garatzen laguntzen dute.

                  Hizkuntza-ikasgaiek, gainera, konpetentzia digitala lantzen laguntzen dute. Batetik, testuak ulertu eta sortzearekin lotuta dago informazioaren tratamendua, bilaketa, hautapena, biltegiratzea eta berreskuratzea. Hori guztia, gaur egun, euskarri digitalak erabiliz egiten da gehienbat, eta ondorioz, berariazko trebetasunak behar dira lan horiek egiteko. Eremu horretan, gero eta garrantzi handiagoa du testuen irakurketa kritikoa egiteak eta haiek balioetsi eta testuinguruan jartzeak, informazio-euskarriek asko handitu baitute informazio-eskaintza.

                  Testuak osatzeko eta aurkezteko tresna digitalak erabiltzen baldin badira, beste tresna batzuekin baino eraginkortasun handiagoz hel dakizkieke idazteko prozesuan esku hartzen duten eragiketei.

                  Teknologia digitalaren bilakaerari esker, komunikatzeko era berriak agertu dira, eta, haiekin batera, baita testu-genero berriak ere, ikasgelan landu beharrekoak. Era berean, ugaldu egin dira beste hizkuntza eta kultura batzuekin benetan komunikatzeko, haiekin harreman zuzena izateko eta haiengana hurbiltzeko aukerak; hori horrela, gero eta errazagoa da irakurketak eta idazketa-lanak partekatzea eta jakintza lankidetzan eraikitzea.

                  Ikasten eta pentsatzen ikasteko konpetentzia

                  Komunikatzeko ez ezik, hizkuntza tresna ezin hobea da mundua irudikatzeko, eta hura dago pentsamenduaren eta jakintzaren oinarrian. Funtsean, hizkuntzaren bidez jotzen dugu jakintzara zein ezagutza-eraikuntzara; eta horregatik, ikasten eta pentsatzen ikasteko oinarrizko zehar-konpetentzia garatzen laguntzen dute hizkuntza-ikasgaiek. Hizkuntzak, jakintza finkatzeaz eta iraunarazteaz gain, ahalbidetzen du jakintzara era sistematikoan eta errepikatuan iristea, hura gabe ezinezko liratekeen loturak egitea, eta, era berean, bide ematen du bestelako munduak ezagutzeko, gogoeta egiteko, eta nork bere kabuz ikasteko. Errealitatearen alderdi guztiak menderatu ahal izateko, diziplina bakoitzak alderdi horiek nola lantzen dituen jakin behar da. Hizkuntza-trebetasunek hots, hitz egiteak, irakurtzeak, idazteak, entzuteak eta elkarri eragiteak ezagutzaren eskemak etengabe eraikitzen eta aldatzen laguntzen dute.

                  Ekimen eta espiritu ekintzailerako konpetentzia

                  Hizkuntza erabiltzen ikastean, halaber, arazo-egoerak aztertzen eta ebazten, planak egiten, erabakitzeko prozesuei ekiten eta komunikazio-egoeretan estrategia egokiak erabiltzen ikasten da; izan ere, geure jarduna bideratzea eta orientatzea da hizkuntzaren funtzioetako bat. Horregatik, hizkuntzan trebatuz, ekimen pertsonala lantzen da, eta norberaren jarduteko modua erregulatzen, gero eta autonomia handiagoz; era berean, ekimen eta espiritu ekintzailerako oinarrizko zehar-konpetentzia finkatzen da trebetasun horien bidez.

                  Ekimen eta espiritu ekintzailerako konpetentzia

                  Sozializazio-prozesuen oinarrizko elementua da hizkuntza, eta zeregin giltzarria du, ondorioz, elkarrekin bizitzen ikasteko oinarrizko zehar-konpetentzia lantzeko. Pertsonen arteko harremanen bidez eskuratu eta eskuratzen da konpetentzia hori, eta komunikazio-trukean eta gizarteko jardueretan erabiltzen, hainbat helburu lortzeko. Hizkuntza-trebetasunak landu behar dira esanahiak negoziatzeko, ikuspuntuak hurbiltzeko eta, besteak beste, gatazkak konpontzeko. Giza harremanen oinarri dira jarduera horiek guztiak, eta eskola-eremuan ageri dira.

                  Norbera izaten ikasteko konpetentzia

                  Hizkuntzak bide ezin hobea dira barne-prozesu emozionalak eta arrazionalak erregulatzeko, bai eta norberaren nortasuna eraikitzeko ere. Hizkuntza eraginkortasunez erabiltzen baldin bada askotariko helburuak lortzeko, ikasleak garatu egingo ditu oreka emozionala, autoestimua, autonomia eta ikaskuntzaren autorregulazioa; eta kontuan izan behar da horiek guztiek autonomian, autorregulazioan eta ekimen pertsonalean esku hartzen dutela. Horregatik guztiagatik, norbera izaten ikasteko oinarrizko zehar-konpetentzia garatzen laguntzen dute hizkuntza-ikasgaiek.

                  Arloek eta ikasgaiek ematen duten laguntza oinarrizko zehar-konpetentziak eskuratzeko

                  Oinarrizko zehar-konpetentzia guztiak garatzen laguntzen dute hizkuntzek, eta, gutxi-asko, oinarrizko konpetentzia espezifikoak lantzen laguntzen dute, hizkuntzak jakitea konpetentzia horiek eskuratzeko tresna eta bitarteko den aldetik.

                  Agerikoa da hizkuntza-ikasgaiek arterako oinarrizko konpetentziarekin eta oinarrizko konpetentzia sozial eta zibikoarekin duten harremana.

                  Literatura-lanak irakurri, interpretatu eta balioetsiz gero, hurbildu egiten gara literatura-ondarera zein gizakiaren funtsezko kezken adierazpen gisa behin eta berriz agertzen diren gaietara, eta jarduera horiek nabarmen laguntzen dute, horrenbestez, arterako konpetentzia garatzen. Hizkuntza-ikasgaien ekarpena are eraginkorragoa izango da literatura-adierazpenak bestelako arte-adierazpen batzuekin (musika, pintura edo zinemarekin) uztartuz gero; betiere, lotura hori ikaskuntzaren ikuspegi globalizatzaile batetik egiten baldin bada.

                  Hizkuntza jakin bat erabiltzea lagungarri da norberaren nortasuna eraikitzeko, eta erabilera horrek bide ematen du nortasun linguistiko eta kultural kolektiboan parte hartzeko. Hizkuntza- eta literatura-komunikaziorako konpetentzia egoki garatu behar da arduraz parte hartzeko gaur egungo euskal gizartean eta mundu globalizatuan. Ingurune eleaniztunetan aritzea lagungarri da ekitate eta enpatiako jarrera asertiboak garatzeko.

                  Halaber, hizkuntzaren erabilerek agerian uzten dituzte hizkuntzekiko eta horiek erabiltzen dituzten talde sozialekiko jarrerak; horregatik, hizkuntza-ikasgai horien helburua da aniztasun horrekiko jarrera positiboa izan dezaten lortzea. Gainera, konpetentzia hori lantzeko lagungarri da aztertzea nola zabaltzen eta epaitzen diren hizkuntzaren bidez munduari buruzko aurreiritzi eta estereotipoak. Egokia da aztertze-lan hori egitea hizkuntzaren erabilera diskriminatzaileak ezabatzen laguntzeko.

                  3.2. MATEMATIKARAKO KONPETENTZIA.

                  2.1. Definizioa eta osagaiak.

                  Konpetentziaren definizioa

                  Jakintza matematikoa erabiltzea da, bizitzaren premiekin zerikusia duten arazoak interpretatzeko, deskribatzeko, azaltzeko eta horiei erantzuteko; betiere, matematikaren bitartekoak eta haren pentsamendu- eta irudikapen-moduak erabilita.

                  Osagaiak

                  Honako osagai hauek ditu matematikarako konpetentziak:

                1. Eduki matematikoa duten arazo-egoerak identifikatzea eta estrategia egokiak aplikatuz ebaztea, mundua gero eta hobeago ulertzeko.

                2. Jakintza matematikoak erabiltzea eguneroko bizitzako eta zientziaren esparruko egoerei aurre egiteko, egoerak eredu bihurtuta; hau da, egoerak termino matematikoetan adierazi, ereduarekin eragiketak egin eta emaitzak testuinguruan interpretatuta.

                3. Bizitzaren hainbat esparrutako informazioak, argudioak eta emaitzak interpretatzea eta adieraztea, hizkuntza matematiko egokia erabilita.

                4. Jakintza matematikoak ezagutzea, erlazionatzea, integratzea eta balioestea, egoera bakoitzaren ezaugarriak kontuan hartuta.

                5. Arrazoitzeko modu askotarikoak erabiltzea nork bere ondorioak ateratzeko, horien prozesuak justifikatzeko, eta gainerako pertsonek aurkeztutako emaitzak modu kritikoan aztertzeko.

                6. Errealitatea kalkulatzeko, irudikatzeko eta interpretatzeko prozedura matematiko egokiak aukeratzea eta erabiltzea, eraginkor izateko baliatuz informazioaren eta komunikazioaren teknologiak.

                  2.2. Konpetentziaren ezaugarriak eta barne hartzen dituen ikasgaiak.

                  Xede praktiko hau du matematikarako konpetentziak: egoerak ebazteko erabiltzea norberak dakiena. Matematikan konpetentea izateko, matematika-ezagutzak ataza edo zeregin askotarikoak betetzeko erabiltzen jakin behar da, eta, horrez gainera, kontzeptu eta prozesu batzuk zergatik erabil daitezkeen ulertu eta arrazoitu behar da. Azken finean, jakintza matematikoa problemak ebazteko eta egoera berrietara egokitzeko erabiltzen jakin behar da. Hori horrela, matematika-jardueraren baitan batera ageri diren hainbat alderdi landu behar dira matematikarako konpetentzia eskuratzeko. Matematikarako konpetentzia erabiltzen da askotariko testuingurutan ezagutza matematiko berriak eraikitzeko; mota askotako zenbakiak eta haiekin egiten diren eragiketak ulertzeko; arrazoibideak garatu eta, horren bidez, kontzeptuak eraikitzeko eta adierazitako ideien egiazkotasuna ebaluatzeko; problema baten atzean dauden elementu matematikoak identifikatzeko eta matematika-jardueraren emaitzak jakinarazteko. Horrez gain, matematikarako konpetentzia erabiltzen dugu ezagutza eta trebetasun matematikoak erabiltzen ditugunean jakintza horien premia duten egoeretan, bai ondorioak ateratzeko, bai erabakiak ziurtasunez hartzeko. Konpetentzia honen baitan, terminologia, datu eta prozedura matematikoak jakin behar dira, eragiketa zehatz batzuk egin behar dira eta zenbait metodo baliatzeko trebetasuna izan behar da. Hala ere, ez da nahikoa jakintza eta trebetasun horiek izatea matematikan konpetentea izateko. Matematikan konpetentea izateko, modu sortzailean konbinatu behar dira elementu horiek, kanpo-egoerek ezarritako eskakizunei erantzuteko. Horrenbestez, konpetentzia honen xedea da matematika-jakintza erabiltzea eguneroko bizitzako hainbat egoeratan sortzen diren arazoak ebazteko.

                  Matematika erakusteko modu guztiek ez dute berdin laguntzen matematikarako konpetentzia eskuratzen; izan ere, matematika askotariko jakintza-alorretan eta eguneroko bizitzako hainbat egoeratan aplikatzeko aukera errealak izango baldin baditu ikasleak, funtsezkoa da ikasleei nabarmentzea zertarako erabil dezaketen ikasitakoa, matematika gure mundua ulertzeko erabil dezaketela adieraztea edota problemak ebazteko estrategiak aukeratzen irakastea.

                  Matematikarako konpetentzia osatzen duten alderdiak zehazki aztertuz gero, zer matematika mota bultzatu nahi dugun jakin dezakegu. Izan ere, hainbat motatako informazioak interpretatzeko eta informazio sortzeko, ezinbestekoa da, besteak beste, adierazpen argiak eta zehatzak egitea, logikaz arrazoitzea argudioen eta informazioen baliagarritasuna, eta argudio matematikoak ulertzea. Eguneroko bizitzako arazo-egoerak ebazteko, oinarrizko elementu matematikoak erabili behar dira, estrategiak zer egoeratan erabili behar diren identifikatu behar da, eta errealitatea kalkulatzeko, irudikatzeko eta interpretatzeko teknika egokiak aukeratu behar dira; hau da, bestelako ezagutza batzuekin osatu behar da ezagutza matematikoa.

                  Matematikarako konpetentziaren alderdi dira honako hauek:

                  Askotariko informazio matematikoak interpretatu, aztertu eta argi eta zehatz adierazteko abilezia. Bizitzan zehar ikasteko aukerak indartzen ditu abilezia horrek.

                  Hizkuntza edo adierazpen matematikoaren oinarrizko elementu matematikoak ezagutzea (zenbakiak, neurriak, ikurrak, elementu geometrikoak eta bestelakoak) eta askotariko egoeratan erabiltzea.

                  Argudiatze- eta arrazoitze-prozesuak erabiltzea arazo-egoerak ebazteko eta askotariko informazioak lortzeko.

                  Elementu eta euskarri matematikoak dituzten informazioen eta egoeren aurrean, jarrera positiboa eta gero eta segurtasun eta konfiantza handiagoa izatea, eta jarrera eta segurtasun hori izatea haiek erabili behar diren egoeretan. Errespetuz zaindu eta bilatu behar da ziurtasuna egoera horietan, arrazoiketaren bidez.

                  Honako arlo eta ikasgai hauek barne hartzen ditu matematikarako konpetentziak:

                  Lehen Hezkuntza:

                  Matematika.

                  Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza:

                  Matematika.

                  2.3. Arloaren eta ikasgaiaren ikuspegia.

                  Matematikak, bereziki, matematikarako konpetentzia lantzen laguntzen du; hau da, jakintza eta arrazoibide matematikoa garatzeko eta aplikatzeko trebetasuna lantzen laguntzen du, gure bizitzako askotariko egoeratan azaltzen zaizkigun arazoak konpontzeko. Matematikan konpetentea izateko, norberak gai izan behar du askotariko informazio matematikoa kudeatzeko, iritzi justifikatuak emateko, baieztapen baten koherentzia eta zehaztasuna epaitzeko, datuak hautatzeko, aztertzeko eta komunikatzeko; eta, azken batean, ezagutza matematikoak hainbat egoeretan erabiltzeko gauza izan behar du, bizitzako beharrizanekin lotutako arazoak konpontze aldera.

                  Mundua ikusteko eta interpretatzeko modu bat da matematika. Kopuruak, espazioa eta formak deskribatzen eta aztertzen ditu matematikaren zientziak, baita aldaketak, erlazioak eta ziurgabetasuna ere. Ingurura begiratzen baldin badugu, ikusiko dugu elementu horiek, era batera edo bestera, gure bizitzaren alderdi gehienetan agertzen direla.

                  Agerikoa da matematikak erabiltzeko premia gero eta handiagoa dagoela gure gizarteko lanbide-esparru guztietan. Herritarrok gero eta egoera gehiagotan jakin eta erabili behar ditugu matematikaren eduki kuantitatiboak, espazialak, probabilitatea eta bestelako edukiak. Bizitzan behar bezala moldatzeko behar ditugun eduki matematikoak ere aldatzen ari dira; eduki batzuk erabiltzeari utzi diogu edota arinkeriaz erabiltzen ditugu IKTen bitartez; beste batzuk, aldiz, indartu egin behar ditugu iristen zaigun informazio-andana aztertzeko eta erabakiak arduraz hartzeko.

                  Jarduera matematikoak eragindako prozesuen bidez, gaitasun oso orokorrak lantzen dira (argudiatzea, ondorioztatzea, esploratzea, sailkatzea, aztertzea, orokortzea, zenbatespenak egitea, abstrakzioak egitea...); pentsamendu logikoa eta arrazoitzeko gaitasun deduktiboa, induktiboa eta analogikoa garatzen dira, pertzepzio eta bistaratze espaziala hezten dira, jarrera kritikoa estimulatzen da, intuizioa zorrozten da, sormena sustatzen da, pertseberantzia indartzen da lanean, eta nork bere aukeretan konfiantza izatea bultzatzen da. Funtsezko jarduera da ikasteko estrategia orokorrak eskuratzeko eta garatzeko. Bizitza osoko ikaskuntza ziurtatzen dute ikasteko estrategiek, eta horiek erabiliko ditu norberak lanbidez aldatu behar duenean edota gauza berriak ikasi behar dituenean. Bizitza osorako estrategia horien barruan, arazo-egoerak ebazteari buruzkoak nabarmendu behar ditugu bereziki.

                  Agerikoa da matematikak eginkizun instrumentala duela, beste diziplinekin duen loturarengatik; izan ere, matematikaren beharra dute hainbat diziplinek, aztertzen dituzten fenomenoen azalpen-ereduak sortzeko, interpretatzeko edota analizatzeko. Ezinbesteko tresna da, horrenbestez, askotariko informazioak (zenbakizko informazioa, grafikoa, estatistikakoa, geometrikoa, zoriari buruzko informazioa eta bestelako informazioak) eskuratzeko bilakaera- eta teknifikazio-prozesu etengabeak bizi dituen mundu honetan. Era berean, eginkizun hezigarria du, ikasleen adimena garatzen laguntzen baitu eta, besteak beste, gaitasun hauek indartzen baititu: abstrakzioa, orokortzea, pentsamendu gogoetatsua eta arrazoibide logikoa. Ildo hori jorratuz gero, buru-egiturak eta lan-ohiturak sortzen lagunduko da, eta kontuan izan behar da horiek baliagarriak eta garrantzitsuak direla matematikaz kanpoko esparruan ere. Azkenik, nabarmendu nahi dugu matematika irakasteko ikuspegi hau hertsiki lotuta dagoela matematikaren ikuspegi funtzionalarekin. Ikuspegi horretan, egiteko modua da matematika, eta bereziki azpimarratzen da askotariko tresna matematikoen erabilera. Matematikaren alderdi funtzionalaren helburua, finean, eguneroko bizitzaren egoera guztietan eraginkortasunez moldatzeko tresna bat ematea da.

                  2.4. Integrazio-egoerak.

                  Konpetentea izateko, modu integratuan erabili behar dira norberak eskuratu dituen baliabideak, erronka edo arazo diren egoerak ebazteko. Gainditzeko moduko zailtasun-maila izan behar dute arazo eta egoerek, baina, era berean, ikasleentzat erronka izan behar dute. Askotariko familia edo multzotan aurkeztu arren, antzeko konplexutasun-maila dute arazoek, eta, ondorioz, parametro paretsuko baliabideak erabili behar dira haiek ebazteko.

                  Ikasleen interesguneak hartu behar dituzte kontuan ikaskuntza eta ebaluazioko egoera horiek, eta aintzat hartu behar dute nola ikusten eta interpretatzen duten mundua Lehen eta Bigarren Hezkuntzako gazteek. Ikasleek ez dute mundua berdin ulertzen eta interpretatzen Lehen Hezkuntzan eta Bigarren Hezkuntzan; beraz, interesguneek eta ikaskuntza- eta ebaluazio-egoerek ere desberdinak izan behar dute batean zein bestean.

                  Argibide gisa, matematikarako konpetentzia eskuratzeko garrantzitsutzat jotzen diren egoeren adibide batzuk aurkeztuko ditugu:

                  Maila pertsonalean, ikaslearentzat garrantzi handikoak diren hainbat egoera landu daitezke; hala nola, familia, osasuna, kontsumoa, hazkuntza eta garapen pertsonala, ingurumena, norberaren ekonomia-egoera, denbora librea, jolasa, bidaiak, sukaldaritza, eta baliabide analogikoen eta digitalen erabilera.

                  Maila sozialean, matematikarako konpetentziak bultzada nabaria ematen dio kultura-garapenari eta gizarte-integrazioari. Komunikabideei loturiko egoerak aztertuko dira; hala, modu kritikoan behatu behar dute haietan jasotako informazioa (estatistikak, inkestak, zenbakizko datuak eta bestelako informazioa), eta argitaratzen diren akatsak hautemateko gai izan behar dute. Halaber, baliabide naturalen eta giza baliabideen banaketa azter daiteke, ekitatea eta justizia lantzeko.

                  Maila akademikoan, ikaslearen eskola-inguruneko zein ikastetxearen jarduerari loturiko egoerak aurkeztuko dira, eta ikasleek ikaskuntzaren esparruko rol edo egiteko bat baino gehiago izango dute egoera horietan. Egoera horiek bide emango diote ikasleari matematikarako konpetentziaren alderdi teorikoetan sakontzeko, egokiak izaten baitira, zenbaitetan, konpetentzia horretan eta diziplinaren garapen historikoan aurrera egiteko.

                  Lan-eremuan, ezagutza matematikoak lanbideetan nola erabiltzen diren aztertuko dute planteatutako egoerek. Oro har, ikasleei aurkeztutako egoerek bide eman behar dute matematikarako konpetentzia lan-arloan aplikatzeko ekonomian, medikuntzan, energia-sektorean, garraioan, kulturan eta gainerako lan-esparruetan. Aztertu beharreko alderdiak dira, era berean, baliabideen banaketa, ekoizpen-kostua eta garapen teknologikoa.

                  Konpetentzien araberako hezkuntzaren ikuspegitik, eskolaren rola ezin da mugatu edukiak irakatsi eta ikasaraztera, egoera konplexuak ebazteko ezagutza eskuragarriak erabiltzen eta transferitzen ere irakatsi behar baitu, ikasleak bizitza pertsonalerako, sozialerako, akademikorako eta lanerako prestatzeko.

                  2.5. Matematikaren arloak eta ikasgaiak ematen duten laguntza oinarrizko konpetentziak lortzeko.

                  Matematikak, oinarrizko zehar-konpetentzia guztiak garatzen laguntzeaz gain, oinarrizko konpetentzia espezifikoak garatzen laguntzen du, gutxi-asko. Konpetentzia espezifikoak zuzenean daude lotuta curriculumaren arlo jakin batzuekin, baina, ikaskuntzaren planteamendu globalizatzailea oinarri hartuta, haren garapenean arlo guztiek eragiten dutela ulertzen da.

                  Matematikaren arloan, matematika ikasgaiko edukien lehen xedea da, adierazi dugun moduan, ikasleek matematikarako konpetentziaren alderdi guztiak garatuko dituztela bermatzea eta bultzatzea.

                  Arloek eta ikasgaiek ematen duten laguntza oinarrizko zehar-konpetentziak eskuratzeko

                  Ekimen eta espiritu ekintzailerako konpetentzia

                  Arazo-egoerak ebaztearekin lotutako edukiak dira matematikak ekimen eta espiritu ekintzailerako konpetentziari egindako ekarpenik adierazgarriena. Arazo-egoerak ebazteko, honako hiru alderdi osagarri hauek baliatu behar dira gutxienez, konpetentzia horren garapenari atxikita: planifikatzea, planifikatutako ekintzak gauzatzea eta emaitzak balioestea. Planifikazioa egitean, zehatz-mehatz ulertu behar da planteatutako egoera, plan bat osatzeko, estrategiak bilatzeko eta, azken batean, erabakiak hartzeko. Egindako plangintza gauzatzeko, ebazpen-prozesuak optimizatu behar dira. Eta, hirugarrenik, prozesuaren aldizkako ebaluazioa eta emaitzen balioespena egin ondoren, beste arazo edo egoera batzuei aurre egin dakieke, arrakasta izateko aukera handiagoekin. Matematikaren irakaskuntzak prozesuotan zenbat eta eragin handiagoa izan, orduan eta ekarpen handiagoa egingo dio ikasgaiak hain konpetentzia garrantzitsuari, eta horixe bera gertatuko da egoera irekiak eta benetako arazoak planteatzen diren heinean.

                  Matematikarako konpetentzia garatu eta indartzeko, jarrera hauek landu behar dira: ekimena, nork bere ahalmenean konfiantza izatea, zalantzazko egoerei arrakastaz aurre egiteko baikortasuna, jarduteko ahalmena, ikasi nahi izatea eta nahi den helburua lortzeko pazientzia. Alde horretatik, konpetentzia garatuko baldin badugu, berariaz landu behar dugu pentsamenduaren autorregulazioa haren alderdi guztietan (alderdi emozionalean, kognitiboan eta gainerakoetan). Ikaskuntza ororen oinarri da pentsamenduak, sentimenduak eta jarduketak sortu eta erregulatzeko gaitasuna, eta horregatik da hain garrantzitsua. Arazo-egoerak ebaztea da, berriro ere, ideiak sortu, bestelako aukerak proposatu, egin, gauzatu eta ebaluatzeko jarduerak indartzeko bitartekoa. Benetako testuinguru problematikoetan kokatutako egoerak landu behar dira jarduera horiek guztiak egiteko. Testuinguru horiek adierazgarriak eta egokiak izan behar dute, eta ikaslearen ahalmen potentzialak modu integratuan mobilizatu eta transferitzeko beharrizana sorrarazi behar dute. Matematikatik landutako arazo-egoera horiei esker, ikasleek arazoen inguruko helburuak proposatzen dituzte, eta ikerketa txikiak pentsatzen eta egiten dituzte, beren kabuz.

                  Ikasten eta pentsatzen ikasteko konpetentzia

                  Ikasten eta pentsatzen ikasteko konpetentzia eskuratzen laguntzen du matematikak. Ondo pentsatzeko, ezinbestekoa zaigu informazioa ulertzeko, argudioak emateko, informazioa balioesteko eta hura adierazteko prozedurak eta jarrerak izatea, bai eta aurrera egin ahal izateko oinarrizko ezagutzak izatea ere. Matematikak ematen dizkigu, hain justu, pentsatzeko modua hobetzeko ezagutza horiek. Ikasten ikasteko prozesua ez da diziplina bakar batera mugatzen, pentsamenduaren garapenari eta ikasteko prozesuari berari lotzen baitzaio. Prozesu horrek eragina du ikaslearen alderdi pertsonalean eta gizarte-harremanetan, norberak gauza izan behar baitu gabeziak konpentsatzeko eta norberak duen jakintzari etekin onena ateratzeko. Heldutasun pertsonal gero eta handiagoa erdiesten da prozesu horretan. Matematikak bereziki eta nabarmen laguntzen du ikasten ikasteko konpetentzia eskuratzen, arazo-egoerak ebazteko tresna matematiko eta estrategia jakin batzuk ematen dizkigulako, ondoren egoera anitzetan erabil ditzakegunak. Ez dugu ahaztu behar lotura bat dagoela, gaur egun frogatu denez, arazoak konpontzeko prozesu heuristikoen eta adimen-kontzeptuaren beraren artean.

                  Matematikaren arloak, orobat, bestelako ikaskuntza-teknika batzuetan ere parte hartzen du; hala nola, taldeen dinamikan eta ikasteko informazioa antolatzeko teknika jakin batzuetan kontzeptuzko mapen erabileran, esaterako.

                  Hitzezko eta hitzik gabeko komunikaziorako eta komunikazio digitalerako konpetentzia

                  Bistan da komunikazioa pertsonaren funtsezko konpetentzietako bat dela; konpetentzia horrek, izan ere, hamaika trebetasun hartzen ditu barnean; besteak beste, hitz egiteko trebetasuna, abilezia gramatikala, ongi osatutako esaldiak sortzeko trebetasuna eta hiztun-entzuleak edo beste inork sortutako esaldiei buruzko judizioak egiten eta interpretatzen jakitekoa. Eta horiez gain, arlo zehatzetako bestelako kodeak eta hizkuntzak ere sartzen ditugu komunikazioan. Horiek horrela, matematikak nabarmen laguntzen du hitzezko eta hitzik gabeko komunikaziorako eta komunikazio digitalerako konpetentzia garatzen. Matematika-arloari lotutako prozesuak lagungarri ditugu ondo antolatzeko, gure pentsamendua sendotzeko eta ideiak koherentziaz eta argitasunez adierazteko. Arloak, era berean, gainerako pertsonen estrategiak eta pentsamendua aztertzeko eta ebaluatzeko aukera ematen digu. Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak ezinbesteko bitarteko dira gaur egungo komunikazioan. Ikasleek gero eta eskurago dituzte teknologia horiek; ondorioz, horien erabilera eraginkorra egin daiteke, eta hala egitea komeni da. Informazioaren eta komunikazioaren teknologien erabilera eraginkorra egiteko, lankidetza-sareak sortu behar dira, informazioa bilatu, hautatu, bildu eta prozesatzeko trebetasunak erakutsi behar dira, informazio-iturri berriak hautatu behar dira, eta arazo berberei buruzko informazioa aurkeztu eta trukatu behar da, besteak beste.

                  Norbera izaten ikasteko konpetentzia

                  Ezbairik gabe, norbera izaten ikasteko konpetentzia garatzen laguntzen du matematikak, sarri askotan konfiantzaz eta pertseberantziaz jardun behar baitugu; esaterako, arazo-egoerak ebazteko, eta, ebazte-prozesu horretan, helburu eta jarduera eraginkorrenak eta errazenak diseinatzeko. Gure mugak eta ahalmenak ezagutzen eta onartzen laguntzen digu matematikak, eta, horren bidez, autokritikarako ahalmena garatzen dugu. Alderdi horiek guztiek gure nortasuna garatzen eta itxuratzen dute, eta gero eta zentzu, autonomia eta ardura handiagoz jokatzera garamatzate. Matematikak ezagutza matematikoaren aplikazio praktikorako jarrera positiboak garatu behar ditu, bai nork bere burua aberasteko, bai gizadiaren aurrerapenean izan duen eginkizuna balioesteko.

                  Elkarrekin bizitzen ikasteko konpetentzia

                  Mundua ulertzeko eta munduan ondo moldatzeko tresna oinarrizkoa da matematika, beste diziplina askoren moduan. Elkarrekin bizitzen ikasteko, eta, finean, bizikidetzarako baliabide funtsezkoa izan daiteke. Izan ere, arazo-egoerak taldean ebazten badira eta ebazte-prozesuan izandako aurrerapenen berri ematen baldin bada, indartu egiten da lankidetza eta talde-lanak dakartzan arduren onarpena. Taldean lantzen dira errespetua, bizikidetza, tolerantzia eta elkartasuna, eta taldean balioesten eta onartzen dira arazo-egoeren aurreko erantzun edo irtenbideak. Matematikaren bidez eskuratutako ezagutzak baliagarri izango ditugu, ziur asko, askotariko gatazken irtenbidea topatzeko, elkarrizketaren eta negoziazioaren bidez.

                  Arloek eta ikasgaiek ematen duten laguntza oinarrizko konpetentzia espezifikoak eskuratzeko

                  Zientziarako konpetentzia eta teknologiarako konpetentzia

                  Agerikoa da pentsamendu matematikoa lotuta dagoela zientziarako zein teknologiarako konpetentziekin eta konpetentzia horiek garatzen laguntzen duela, naturak alderdi zientifikoan eta teknologikoan duen jokabidea hobeto ulertzeko, deskribatzeko eta modelizatzeko tresnak ematen dizkigun aldetik. Bistaratzea (kontzepzio espaziala) da matematikaren bidez landu daitekeen alderdietako bat, eta alderdi horren bidez, elementuak eta formak kokatzeko eta identifikatzeko ahalmena hobetzen dute ikasleek, bai eta ezaugarriak behatu, ondorioztatu eta ereduak eraikitzekoa ere, eta hori guztia oso baliagarria izango zaie, besteak beste, mapak irakurtzeko, ibilbideak planifikatzeko, planoak diseinatzeko eta marrazkiak egiteko. Era berean, neurriarekin lotutako edukiak baliatuta, errealitatearen ezagutza handituko dute, eta ondorioz, gero eta aukera gehiago izango dituzte harekin hartu-emanak izateko, eta ingurunearen alderdi kuantifikagarriei buruzko informazio gero eta zehatzagoak emateko. Horrez gainera, irudikapen grafikoak erabiltzeko trebetasuna baliatuta, hainbat eredu funtzional zehaztu eta erabil daitezke errealitatea hobeto aztertzeko eta ulertzeko; azkenik, eduki matematikoen bitartez, gertaera edo lege zientifikoei erantzuten dieten eredu matematikoak sortzeko ahalmena garatuko badugu, egoera erreal baten ezaugarri adierazgarriak identifikatu eta hautatu behar ditugu, egoera hori sinbolikoki irudikatu behar dugu, eta jokabideak, erregulartasunak eta inbarianteak zehaztu behar ditugu, ondoren ereduaren bilakaerari, zehaztasunari eta mugei buruzko aurresateak egiteko.

                  Hizkuntza- eta literatura-komunikaziorako konpetentzia

                  Kontuan izan behar da matematikak berezko ezaugarriak dituen hizkuntza bat dela, eta, alde horretatik, hizkuntza- eta literatura-komunikaziorako konpetentzia garatzen laguntzen duela, hizkuntza matematikoak berezko dituen zehaztasuna eta doitasuna eransten baitizkio ohiko adierazpenari; hau da, hizkuntzaren erabilera zehatzari laguntzen dio. Horrez gainera, matematika-arrazoibideak hitzez azaltzeko edukiak lantzen direnean, norberaren azalpenak adieraztea eta besteren azalpenak entzutea bultzatzen dugu, eta garatu egiten ditugu edukien ulermena bera, espiritu kritikoa eta komunikazio-trebetasunak. Azken batean, matematikak hizkuntza-konpetentziari laguntzen dio, etengabe erabiltzen baititu ahozko eta idatzizko komunikazioa ideiak landu eta adierazteko.

                  Arterako konpetentzia

                  Arterako konpetentzia garatzen laguntzen du matematikak; hala ere, ikuspegi arrazionala lehenesten du matematikak, eta artean, berriz, indar handia du osagai subjektibo eta emozionalak. Ez dugu ahaztu behar irudimena eta espiritu sortzailea behar ditugula maiz, eduki matematikoko egoerak interpretatzeko eta ebazteko. Alderantziz, maiz oinarri arrazionalen gainean egindako lanaren ondorioz sortzen da artea, eta oinarriok eduki matematiko argiko alderdiekin daude lotuta. Hala, arte-prestakuntzaren barruan dago geometria, inguruan dugun mundua ulertzeko eta interpretatzeko bitartekoak ematen baititu, baita haren edertasuna aintzat hartzeko ere. Era berean, erlazio eta forma geometrikoak ezagutzeak zenbait ekoizpen eta adierazpen artistiko aztertzen eta ulertzen laguntzen du. Matematikaren historian, bestalde, ez dira beti aurkitu problemen soluzioak azterketa arrazionalak eginez edo ereduen bila arituta soilik, behin baino gehiagotan erabakigarria izan baita, matematikaren ohiko jardun-modu horiek baliatzeaz gain, irizpide estetikoak erabiltzea, hau da, simetria, osotasuna, soiltasuna eta perfekzioa iristeko grina izatea.

                  Konpetentzia sozial eta zibikoa

                  Matematikak konpetentzia sozial eta zibikoari egindako ekarpena, beste arlo batzuetan gertatzen den moduan, taldeko lanarekin lotzen da. Hori horrela, dimentsio berezia hartzen du talde-lanak matematikan, baldin eta, norberak, problemak ebazteko estrategia pertsonalak soilik erabili beharrean, besteren ikuspegiak onartzen ikasten baldin badu. Matematika-lanak era horretan ulertzen baldin baditugu, hobeto ulertuko dugu bizi garen munduko gizarte-errealitatea, eta ondorioz, herritartasunaren erabilera demokratikoa eta arduratsua egingo dugu; eta, horrez gain, lan horren bidez barneratuko ditugun jokabide indibidualek gero eta gizarte anitzagoan elkarrekin bizitzeko, elkarlanean aritzeko, konprometitzeko eta gatazkei aurre egiteko ahalmena emango digute. Konpetentzia sozial eta zibikoan ez da berariaz agertzen alderdi kulturala, baina kulturaren adierazpen unibertsalak dira beste kultura batzuen jardun matematikoak (zenbakikuntza eta neurketa, esaterako) eta historiako matematikari nagusien lanak, eta, ondorioz, konpetentzia hori garatzen laguntzen du adierazpen horiek aztertzeak eta ikasteak.

                  Konpetentzia motorra

                  Matematikak funts kognitibo nabarmena du, agerikoa da hori. Hala ere, jardun motor trebez jardun behar da matematika-lan ugari egiteko; hala nola, neurketak eta errepresentazioak egiteko. Era berean, teknologia berriak kalkulagailuak, ordenagailuak eta antzeko tresnak erabiltzeko, psikomotrizitate egokia izan behar da, eta, horretarako, estrategia kognitiboak erabili behar dira.

                  3.3. ZIENTZIARAKO KONPETENTZIA.

                  3.1. Definizioa eta osagaiak.

                  Konpetentziaren definizioa

                  Zientziaren jakintza eta metodologia eta aplikazio zientifiko eta teknologiko nagusiak modu koherente, bidezko eta zuzen batez erabiltzea testuinguru esanguratsuetan, sistema eta fenomeno naturalak interpretatzeko, natura ebidentzia zientifikoaren ikuspegitik ulertzeko, eta erabaki arduratsuak hartzeko bizitzaren esparru eta egoera guztietan.

                  Osagaiak

                  Honako osagai hauek ditu zientziarako konpetentziak:

                1. Zientzia-jakintzak bizitzaren esparru eta egoeretan egoki erabilita, arduraz, autonomiaz eta ikuspegi kritikoz hartzea naturaren gaineko erabakiak eta giza jarduerak naturari eragiten dizkion aldaketei buruzkoak, bai norberaren eta gizartearen bizitza hobetzeko, bai ingurunea zaindu eta ontzeko.

                2. Izaera zientifikoa duten arazoak identifikatzea eta dokumentatzeko eta esperimentatzeko ikerketa txikiak egitea. Arazo-egoera horiek ebazteko prozesuan, zientzia-jardueraren trebetasunak eta jokabideak egoki balioetsi, erabili eta erakutsi behar ditu ikasleak, eta, era berean, ebidentziak lortu behar ditu, erabaki arduratsuak hartu aurretik.

                3. Sistema eta fenomeno naturalak deskribatu, azaldu eta aurresatea, eta aplikazio zientifiko eta teknologiko nagusiak aztertzea. Hori guztia jakintza zientifikoa koherentziaz, egokitasunez eta zuzentasunez erabiliz egin behar du ikasleak testuinguru pertsonal eta sozialetan, errealitatea ebidentzia zientifikoaren argitara ulertzeko.

                4. Zientzien oinarrizko kontzeptuak mundu naturalaren sistemekin eta prozesuekin erlazionatzea, eta horiek guztiak zentzua duten lege, eredu eta teorien inguruan antolatzea; era berean, errealitatearen interpretazio zientifikoak eta izaera zientifikorik ez dutenak bereiztea, eta onartzea zientziak enpirikoki egiazta daitezkeen iragarpenak egiten dituela, naturaren beraren izaera eta haren ekoizpenak ulertzeko.

                  3.2. Konpetentziaren ezaugarriak eta barne hartzen dituen ikasgaiak.

                  Zientziaren ezagutza eta zientziaren gaineko ezagutza biltzen ditu jakintza zientifikoak.

                  Zientzia-diziplina nagusien bidez natura ezagutzea da zientziaren ezagutza izatea. Zientziaren ezagutza izateko, funtsezko kontzeptu eta teoria zientifikoak ulertu behar dira.

                  Bestetik, zientziaren gaineko ezagutza izateko, zientziaren metodoak (ikerketa zientifikoa) eta helmuga edo xedeak (azalpen zientifikoak) ezagutu behar dira; hau da, zientziaren izaera bereizgarria gizakien ezagutzarako eta azterketarako metodoa den aldetik eta zientziaren oinarri diren saiakuntza eta sormeneko jardun-moldeak ulertu behar dira; era berean, ikasleak ulertu behar du pertsonek zientziekiko dituzten jarrerek eta auzi edo gai zientifikoetan inplikatzeko duten prestasunak baldintzatzen dutela zientziaren gaineko ezagutza.

                  Zientziarako konpetentzia izateko, mundu fisikoarekin elkarrekintzan aritzeko trebetasuna izan behar du ikasleak, mundu fisiko horren alderdi naturalekin eta gizakien sorkari direnekin hartu-emanean aritzekoa. Hartu-eman horren bidez, gertaerak ulertu behar ditu ikasleak, gertaera horien ondorioak aurreikusi behar ditu, eta lan egin behar du ingurumena ondu eta zaintzeko eta bere bizi-baldintzak eta gainerako pertsona eta izaki bizidunena hobetzeko. Finean, bizitzaren eta ezagutzaren esparru askotan osasunarenean, ekoizpen-jardueretan, kontsumoan, zientzian eta gainerako esparruetan egokitasunez, autonomiaz eta ekimen pertsonalak bultzatuta moldatzeko eta mundua interpretatzeko abileziak barne hartzen ditu zientziarako konpetentziak. Interpretazio-lan hori egiteko, fenomenoak ezagutza zientifikoaren arloen ikuspegitik aztertzeko kontzeptu eta printzipio oinarrizkoak erabili behar dira.

                  Horrenbestez, zientziarako konpetentzia izateko, behar bezala hauteman behar da bizitzaren eta gizakien jardueren espazio fisikoa bai eskala handiko espazioa, bai gertuko ingurunekoa, eta inguruko espazioarekin elkarrekintzan aritzeko abilezia izan behar da, hau da, espazioan mugitzeko eta objektuekin eta objektu horien kokapenarekin lotutako arazo-egoerak ebazteko abilezia.

                  Horrekin batera, ingurune fisikoarekin hartu-emanak izateko konpetentziaren osagai inplizitua da ikaslea jabetzea gizakiek espazioan duten presentziaz, gizakien asentamendu eta jarduerez, gizakiek espazio horretan egiten dituzten aldaketez eta aldaketa horiek sortzen dituzten paisaiez. Ikasleak jakin behar du garrantzitsua dela gizaki guztiek garapenaren onurak jasotzea eta garapen horrek naturaren baliabideak eta dibertsitatea mantentzearen alde egitea, mundu osoko eta belaunaldi arteko solidaritateari eusteko. Era berean, errealitatea behatzean eta informazio- eta publizitate-mezuak aztertzean, espiritu kritikoa duela erakutsi behar du ikasleak, eta kontsumo arduratsuko ohiturak izan behar ditu.

                  Zientziarako konpetentziak giza gorputzaren, naturaren eta emakumeek eta gizonek naturarekin duten hartu-emanaren gaineko jakintza du oinarri, eta bizitzeko modu askotarikoek dituzten ondorioei buruzko argudio arrazionalak emateko bide ematen du, bai eta bizitza fisiko eta psikiko osasungarria izatekoa ere, ingurune natural eta sozial osasungarrian. Osasunaren dimentsio indibiduala eta kolektiboa hartzen ditu kontuan konpetentziak, eta gainerako pertsonekiko eta norberarekiko jarrera zentzudunak eta arduratsuak adierazten ditu.

                  Galderak eta arazo-egoerak identifikatu eta frogetan oinarrituriko ondorioak ateratzeko bide ematen du zientziarako konpetentziak. Jarduera horien bidez, mundu fisikoa uler daiteke, eta giza jarduerak ingurumenean, pertsonen osasunean eta bizi-kalitatean eragiten dituen aldaketak ulertu eta haien gaineko erabakiak har daitezke.

                  Zientziaren oinarrizko nozioak, kontzeptuak eta teoriak ulertu eta aplikatu behar ditu zientziarako konpetentzia duenak. Konpetentzia horren baitan, gero eta abilezia handiagoa izan behar du ikasleak analisi sistematikoaren eta azterketa zientifikoaren jarrerak eta prozesuak gauzatzeko; arazo edo problema garrantzitsuak identifikatu eta planteatzeko; zuzeneko eta zeharkako iritziak emateko, iritzia zer esparru teoriko edo interpretazio-esparruan oinarritzen den jakinda; galderak egiteko; informazio kualitatiboa eta kuantitatiboa topatu, eskuratu, aztertu eta irudikatzeko; saiakuntzako konponbideak eta hipotesiak planteatu eta egiaztatzeko; hainbat konplexutasun-mailako aurreikuspenak eta inferentziak egiteko; eta jakiteko zer jakintza teoriko eta enpiriko eskuragarri behar den galdera zientifikoei erantzuteko eta hainbat testuingurutan (akademikoan, pertsonalean eta sozialean) ondorioak ateratzeko eta ondorio horiek interpretatu, ebaluatu eta adierazteko. Era berean, ikerketa-jarduerak zer izaera, indargune eta muga dituen jakin behar du, jakintzaren eraikuntza sozialerako bitartekoa den aldetik.

                  Finean, zientziarako konpetentzia eskuratzeko, pentsamolde zientifikoa landu eta erabili behar da, bai norberak jasotzen duen informazioa interpretatzeko, bai aurreikuspenak egiteko, bai erabakiak ekimen eta autonomia pertsonalez hartzeko. Horrela jokatzean, kontuan izan behar da eremu zientifiko eta teknologikoan egiten diren aurrerapenek eragin erabakigarria dutela pertsonen, gizartearen eta planetaren bizitzan. Horrez gainera, ezagutza zientifikoa eta bestelako ezagutza moduak bereizi eta balioetsi behar dira, eta zientziari eta zientziaren garapen teknologikoari dagozkien balio eta irizpide etikoak erabili behar dira.

                  Lehen Hezkuntzan, ikasleek mundua behaketaren eta esplorazioaren bidez ulertzeko duten jakin-minaz baliatzen da Naturaren Zientzien arloa. Ikerketa ugarik erakutsi dute neska-mutilek Haur Hezkuntzatik izaten dituztela munduaren hainbat alderdiri buruzko ideiak, baita ideia zientifikoak ere, eta behatze-jardunaren ondorioz sortuak direla ideia horiek. Motibazio-elementu garrantzitsua da behatze librea, eta lehendabiziko urteetan, jakin-mina eta aztertzeko gogoa sortzen ditu. Askatasunez behatzean, neska-mutilek, begiratu ez ezik, manipulazioak, zenbatespenak, konparazioak eta kontrolak ere egiten dituzte, eta propietateak eta aldaketak identifikatzen dituzte; hau da, behatzen dituzten prozesuetako aldagaiak kontrolatzen dituzte.

                  Funtsezkoa da esperientziaren arlo hori, pixkanaka eta metodologia zientifikoaren estrategia nagusiak ezarriz garatzea; beraz, ildo horri jarraituta, garrantzi handikoa da argitu beharreko galderak egitea, formulatutako hipotesiak frogatzeko esperientziak planifikatzea eta gauzatzea, eta planteatutako arazo-egoerei erantzun posible bat emateko erabiltzea esperientzia horien emaitzak. Hori guztia elkarlanean arituz eta ikasteko ahalmen, erritmo eta estilo askotarikoak kontuan hartuz egin behar da. Hitz batez, ikasleek goi-mailako pentsamendua gara dezaten bultzatzea da kontua, ezagutzak beren bizi-ingurune hurbileko testuinguruetan erabiltzean oinarrituta, datuak gogoratze hutsean baino gehiago. Horrela jokatuta, erabakiak modu arrazoituan hartzea, metakognizioa eta herritar gisa gainditu beharko dituzten erronka handiez jabetzea bultzatzen da. Garapen zientifiko eta teknologikoen aplikazioek ingurumenean duten eragina da erronka horietako bat, bai sortzen dituzten arazoen ikuspegitik, bai garapen iraunkorrerako ematen dituzten aukeren ikuspegitik.

                  Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan ikasgai zientifikoen irakaskuntzak aurreko etaparen jarraipena izan behar du, eta jarraipen horretan, mailaz mailako hurbilketen bitartez ikasiko dute ikasleek, gero eta sakontasun, objektibotasun eta zientzia-zorroztasun handiagoz.

                  Barnean hartutako ikasgaiak

                  Honako arlo eta ikasgai hauek barne hartzen ditu oinarrizko konpetentziak:

                  Lehen Hezkuntza

                  Naturaren Zientziak.

                  Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza

                  Biologia eta Geologia.

                  Fisika eta Kimika.

                  Kultura Zientifikoa.

                  Lan Jarduerari Aplikatutako Zientziak.

                  3.3. Arlo eta ikasgaien ikuspegia.

                  Ikasgai horien edukien ezaugarri nagusia da enpirikoki aztertzen dutela mundu naturala; hori horrela, kontzeptuak eraikitzen dituzte eta haien arteko erlazioak bilatzen, eta horri esker, ereduak sor daitezke mundu naturala hobeto ulertzen laguntzeko. Eredu horien bidez, fenomeno naturalen portaera aurresan daiteke eta haien gainean esku hartu, baldin eta beharrezkoa baldin bada bizi-baldintzak hobetzeko.

                  Azalpenak eman eta aurresateko eredu horiek bilaketaren, zuzeneko behaketaren eta esperimentazioaren bidez eraikitzen dira, bai eta gerora egiaztatu beharreko hipotesiak formulatuz ere. Hortaz, zientzia eraikitzeko jarduera horretan, funtsezko egitekoa dute errealitatearekiko kontraste-prozedurek eta ikerketa zuzentzen duten erreferentzia kontzeptualerako esparruek ikerketak berak kontrastatzen ditu marko edo esparru horiek. Horrez gainera, aintzat hartzekoak dira, gizakien jarduera eta jardun orotan gertatzen den moduan, eraikuntza-lan hori baldintzatzen duten jarrerak eta balioak.

                  Zientziak, natura ezagutzen eta haren eraldaketak ulertzen laguntzeaz gain, giza espezieko eta planetako kide garen izaki bizidunon baldintza fisiko-kimikoak ulertzen laguntzen du. Gainera, pentsamendu zientifikoak laguntza handia ematen die ikasleei beren eguneroko bizitzako arazoei aurre egiteko, euskal gizartean moldatzeko kontuan izan behar da garapen zientifikoek eta teknologikoek nabarmen baldintzatzen dutela euskal gizartea, eta jarrera arduratsuak lantzeko bizitza eta osasunarekiko, baliabideekiko eta ingurumenarekiko.

                  Horregatik guztiagatik, pertsona guztien oinarrizko kulturaren baitan izan beharreko jakintza humanistikoaren osagai dira gaur egun ezagutza zientifikoak. Derrigorrezko Hezkuntzak zientzian alfabetatzeko aukera eman behar die pertsona guztiei, zientziaren eta jardun zientifikoaren izaera uler dezaten eta teknologiarekin zein gizartearekin dituen harreman konplexuez ohar daitezen. Hori guztia, lagungarri izan behar zaie, orobat, erabaki pertsonalak hartzeko eta tokiko arazoei zein arazo globalei buruzko erabakiak arduraz hartzeko; betiere, ebidentzia zientifikoak oinarri hartuta.

                  Hortaz, dogmatismoa eta transmisio hutsa baztertuta, zientziaren emaitzak ikasteaz gain, zientziaren beraren gaineko ezagutzak ikasi behar dituzte ikasleek; hori horrela, zientzia giza produktu kulturala, mugatua eta behin-behinekoa dela ikasi behar dute, eta berriro interpretatu eta gara daitekeela jakin. Horrez gainera, zientzia egin behar dute, eguneroko bizitzan erabiliz ezagutza zientifikoak eta teknologikoak, norberaren ezagutza eta bizi-baldintzak hobetu, arazo-egoera ohikoak ebatzi eta ikerketa txikiak egiteko.

                  3.4. Integrazio-egoerak.

                  Konpetentea izateko, modu integratuan erabili behar dira norberak eskuratu dituen baliabideak, erronka edo arazo diren egoerak ebazteko. Gainditzeko moduko zailtasun-maila izan behar dute arazo eta egoerek, baina, era berean, ikasleentzat erronka izan behar dute.

                  Konpetentziaren osagai diren eduki eta gaitasunekin batera, egiteko edo egoera horiek dira integrazio-lanaren oinarrizko elementuak.

                  Argibide gisa, egoeren adibide batzuk emango ditugu, zientziarako konpetentzia eskuratzeko egokiak:

                  Eremu pertsonalean, osasunarekin lotutako egoeren familiak aurkeztu behar dira: egunero ariketa fisikoa egitea; elikadura osasungarriaren osagaiak eta maiztasuna; substantziaren batekiko edo substantziarik gabeko mendetasunek eta mendetasuna sorraraz dezaketen jokabideek pertsonen garapenean dituzten ondorioak; sexualitate osasungarria, gozagarria eta berdintasunezkoa bizitzea; osasun mentalaren eta emozionalaren elementuak; faktore genetikoen analisia eta ulermena; baliabide materialen eta energia-baliabideen kontsumo pertsonala; eta ingurumen-arazoekiko portaera.

                  Eremu sozialean, ingurumen-eraginekin eta baliabideen kudeaketarekin lotutako arazoak landuko dira, baita biodibertsitatea eta haren babesa eta material berriak ere. Horrez gainera, osasun-publikoaren alorreko gaiak aztertuko dira, hala nola, mendetasunen prebentzioa eta osasunaren baldintzatzaile sozialak, botiken eta patenteen erabilera egokia, sasi-zientziak eta informazioaren teknologien erabilera neurritsua. Gogoan izan behar dira beti zientzia- eta ikerketa-jardueren gaineko ezagutza dakartzaten egoerak eta zientziaren alorreko berri edo albiste orokorrak.

                  Eremu akademikoan, ikasleen eskola-egoerak aurkeztuko dira, ikastetxeko jarduerak eta bizikidetza-harremanak, bai eta ikasleek ikaskuntzarekin lotutako rolak edo eginkizunak betetzea dakartzaten egoerak (birziklatzea, gaixotasunen eta mendetasunen prebentzioa, hondakinen kudeaketa, auditoria ekologikoak, energia-kontsumoa, laborategiko segurtasuna eta antzekoak) eta haien etorkizunaren gaineko erabakien ingurukoak ere (enpresak bisitatzea, berrikuntza-alorreko parkeak, foro zientifikoak, zientzia-feriak, zientzia-dibulgazioa, adituekin topaketak egitea, etab.).

                  Lan- edo lanbide-eremuan, gai zientifikoekin lotutako egoerak landuko dira (laneko gaixotasunak, epidemiak, energia-hornidura, ingurumen-baliabideen kudeaketa, ikerketa eta ikaskuntzak, etab.), baita ikasleen lan-etorkizunarekin eta lantokiekin lotutakoak ere. Berrikuntzak eta arazo-egoeretarako ebazpen-proposamenak landuko dira, ezarritako metodoetan oinarrituta.

                  Konpetentzien araberako hezkuntzaren ikuspegitik, eskolaren rola ezin da mugatu edukiak irakatsi eta ikasaraztera, egoera konplexuak ebazteko ezagutza eskuragarriak erabiltzen eta transferitzen ere irakatsi behar baitu, ikasleak bizitza pertsonalerako, sozialerako, akademikorako eta lanerako prestatzeko.

                  3.5. Zientziako arloek eta ikasgaiek ematen duten laguntza oinarrizko konpetentziak lortzeko.

                  Arloek eta ikasgaiek ematen duten laguntza oinarrizko zehar-konpetentziak eskuratzeko

                  Ikasgai horiek funtsezkoak dira oinarrizko zehar-konpetentziak eskuratu eta lantzeko eta honela eragiten dute konpetentzia horietan:

                  Hitzezko eta hitzik gabeko komunikaziorako eta komunikazio digitalerako konpetentzia

                  Komunikaziorako konpetentzia funtsezkoa da, bai kultura sortzeko, bai ikasleak kultura hori bereganatzeko, irakasteko eta ikasteko prozesuaren bidez. Zientziak mundua ulertzeko eta azaltzeko modu bat erakusten die ikasleei, baina ikasleek, ikuskera horrekin batera, munduaren gaineko bestelako errepresentazio batzuk izaten dituzte, maiz, eta modu inplizituan, jakintza arruntari edo zentzu komunari dagozkionak. Zientziak ikastean, errepresentazioak zehazteko prozesuetan murgiltzen dira ikasleak; izan ere, ikasgelako elkarrizketetan eta beren buruarekin kontrastatzen dituzte errepresentazio horiek, eta pentsamendu koherente eta argiagoak izateko aldaketa kontzeptualak lantzen dituzte.

                  Komunikazioa lan zientifikoaren oso atal garrantzitsua da. Hala, komunitate zientifikoan aurkikuntzak ez dira guztion ezagutza-ondasunaren parte bilakatzen, harik eta komunikatzen diren arte. Ondorioz, ikasgai horiek zientziari buruz irakurtzen, entzuten, hitz egiten eta idazten lagunduko diete ikasleei, baita diskurtsoa eraikitzeko berariazko modu bat erabiltzen ere. Argudioak ematea edota erlazioak argi eta garbi azaltzea izango da diskurtso horren xedea, eta ikasgai horiek ikasiz baino ez dute barneratuko diskurtso hori.

                  Zientzia-ikerketak askotariko testuak erabiltzen ditu; hala, testu deskribatzaile hutsak balia ditzake, edo argudiatzeko testuez baliatu daiteke, besteak beste.

                  Zientziak irakasteko eta ikasteko prozesuan eta zientzia-lan orori ekitean, ezinbestekoa da, aztergaia hautatu ondoren, ahalik eta informazio gehien biltzea, informazio hori ikuspegi kritiko, sistematiko eta gogoetatsuan balioestea kontuan izan behar baita informazio kopuru handia dugula eskura gaur egun, eta xedeko informazioa aukeratzea, antolatzea, aztertzea eta interpretatzea. Ikasleek gero eta eskuragarriago dituzte informazioaren eta komunikazioaren teknologiak, eta horrek diziplina anitzeko talde elkarri lotuetan lan egiteko eta lankidetza-sareak sortzeko aukera ematen du. Lan egiteko modu hori balia dezakete ikasleek, arazo berberei buruzko informazioa informazio horren adierazpeneko testuinguru eta hizkuntza askotarikoetan aurkeztu eta trukatzeko. Zientziarako konpetentzia behar bezala garatzeko, ezinbesteko dira, besteak beste, honako funtsezko trebetasun hauek lantzea: iturrien fidagarritasuna balioestea, gakoak zein zientziaren baitako sare-komunikazioen hartu-emanak baliatzen jakitea, iturri fidagarrietara jotzen jakitea eta adituengandik ezagutzak eskuratzea.

                  Ikaskuntza, aurki, IET deituriko (Ikaskuntzaren eta Ezagutzaren Teknologiak) ingurunean garatuko da. Teknologia horien esparruan ikasteko, ikaskuntzak zuzentzera/orientatzera zein sarean ikastera bideratutako metodologiak behar dira, bai eta haurtzarotik landu beharreko trebetasun nagusiak ere. Ikasleek ingurune hori menderatu behar dute eta hura eraldatzen eta aberasten jakin.

                  Era guztietako tresna digitalak normaltasunez erabiltzeko aukera izan behar dute ikasleek, eta horiei lehentasuna eman behar diete zenbait baliabide tradizionalagoen gainetik, desberdintasunak berdintzea baita derrigorrezko hezkuntzaren zereginetako bat. Horrenbestez, zientzia arloan esperimentatzeko, elkarlanean aritzeko eta ikertzeko egitura birtualak proposatu behar dituzte ikastetxeek. Ingurune digitalek, halaber, sorkuntza, asmakuntza eta irudimena errazten dituzte, eta trebetasun nagusiak garatzeko funtsezko elementuak dira horiek.

                  Ezin dugu ahaztu batzuetan berariazko programak eta zientzia-kontzeptuak eta -prozesuak ilustratzeko simulazio-programak aplikatu behar direla zientzia-ikasgaiak irakasteko, baita bistaratzeko programak ere, ikusizko informazioa aztertzeak funtsezko eginkizuna baitu zientzian.

                  Ikasten eta pentsatzen ikasteko konpetentzia

                  Zientziek oso rol edo egiteko garrantzitsua dute Ikasleen pentsamendu logikoa lantzeko prozesuan eta natura interpretatu eta ulertzeko esparru teorikoaren eraikuntzan. Gaur egun, alfabetizazioak ezinbestean barneratu behar du osagai zientifiko-teknologikoa; izan ere, osagai hori kultura garaikidearen oinarrizko elementu bilakatu da, eta hura baliatu behar da zientziak eta zientziaren aplikazio teknologikoek baldintzaturiko errealitate konplexutasunari aurre egiteko. Oinarrizko jakintza zientifikoak erabat ezinbestekoak dira garrantzi sozial handia duten gai askori buruzko informazioa interpretatzeko eta ebaluatzeko, baita arrazoitutako erabaki pertsonalak hartu ahal izateko ere.

                  Zientzien jakintza ezinbestekoa izanda, kontuan izan behar da, era berean, pentsamendu zientifikoa, hau da, zientziak arazo-egoerak aztertu eta lantzeko duen metodoa, giza arrazionaltasunaren funtsezko osagaia dela. Zientziaren metodoak ageriko loturak ditu ikaskuntza autorregulatzeko ahalmenarekin, zentzu kritikoaren garapenarekin, sormenarekin, erresilientziarekin eta autokontrolarekin. Ikasgai zientifikoek, hortaz, ikasleengan behaketaren, analisiaren eta arrazoitzearen konpetentziak garatzea lehenetsiko dute, baita adimen-malgutasuna eta zorroztasun metodikoa ere. Horrela jokatuta, ikasleek gero eta autonomia handiagoa izango dute pentsatu eta pentsamendua eratzeko.

                  Elkarbizitzarako konpetentzia

                  Ikaskuntza errazten da jarduerak elkarlanean eginez, ikasleek aukera baitute, elkarlanaren bidez, beren iritziak gainerako ikasleenekin konparatzeko eta aberasteko, norberaren nahiz besteren ekarpenak ebaluatzen eta horiekin kritiko izaten ikasteko eztabaida bera onuragarria dela jakin behar dute, komunikazioa bultzatu eta konponbideak aurkitzen laguntzen duen aldetik, eta elkarrekin bizitzen ikasteko, kultura, sexu edo bestelako arrazoiengatik inor bereizi eta baztertu gabe. Zientzien edukiek eta metodoek hainbat ebidentzia ematen dituzte, eta lankidetza, zorroztasuna, malgutasuna, koherentzia eta zentzu kritikoa bultzatzen dute. Horiek guztiek ikaslea prestatzen dute etengabe aldatzen ari den gizartearen erronkei aurre egiteko, erabaki arduratsuak eta oinarrituak hartu beharrean izango baitira. Hori horrela, garrantzi pertsonal eta sozialeko gai zientifikoak landu ahala, konpetentzia zibikoa garatzen lagunduko dute zientzia-ikasgaiek, eta ikasleek aukera izango dute, ondorioz, gure gizarteak gai horien inguruan eztabaidatzen dituen tokiko eta munduko arazoen aurrean hartu beharreko erabaki arduratsuak hartzeko, zuhurtasunaren printzipioa kontuan harturik.

                  Ekimen eta espiritu ekintzailerako konpetentzia

                  Zientziek lantzen dituzten arazo-egoerak egokiak dira ikasleentzat, haien bidez helburuak proposa ditzaketelako, zientziaren ikuspegitik bidera daitezkeen proiektuak planifikatu eta gauza ditzaketelako, eta proposatutako zereginak eta planak betetzeko ekintzak egin ditzaketelako. Lan horiek guztiak egiteko, erabaki oinarrituak hartu behar dituzte, irizpide propioak baliatuta. Alde horretatik, hipotesia formulatu eta ondorioak atera bitarteko lanak dira: baliabideak aukeratzea, diseinu eta prozesu esperimentala zein gauzatu beharreko ekintzak planifikatzea, arazoak konpontzea, baliabideak kudeatzea, emaitzak etengabe berrikustea eta hobetzeko proposamenak egitea.

                  Norbera izaten ikasteko konpetentzia

                  Arazo-egoerak lantzean, ikasleek errealitateari buruzko gogoeta kritikoa egiten dute, beren pentsamendua autorregulatzen dute, eta ikasteko estiloak optimizatzen dituzte. Egoera horien bidez, elkarrekin loturiko jarrerak barneratzen dituzte; hala nola, zorroztasuna, pertseberantzia, jarrera autokritikoa, erabakiak hartzeko jarrera eta berrikuntzen aldeko jarrera. Norberaren autonomia garatzen laguntzen dute horiek guztiek. Irakaskuntza zientifikoek, era berean, ekarpen hauek egiten dizkiete ikasleen garapen oso edo integralari: nork bere burua eta gorputzaren nolakotasuna estimatzen laguntzen dute, gorputzaren ezaugarriak, aukerak eta mugak ezagutzeko aukera ematen duten aldetik; zaintza- eta osasun-ohiturak bultzatzen dituzte, norberaren ongizatea laguntzen dutenak; eta bestelako baliabide eta ohitura batzuk eskuratzen laguntzen dute, baliagarriak direnak substantziekiko mendetasunak, substantziarik gabeko mendetasunak eta mendetasuna sorraraz dezaketen jokabideak prebenitzeko. Alde horretatik, ez da ahaztu behar ikasleen autoestimua handitzen lagunduko duela zientzia funtzional bat aurkezteak, eta gozatzeko eta lorpen akademikoak erdiesteko aukerak emango dizkiela erakusteak.

                  Oinarrizko zehar-konpetentzia guztiak eta zientziarako konpetentzia bera lantzen laguntzen dute zientzia ikasgaiek, eta, gutxi-asko, gainerako oinarrizko konpetentzia espezifiko guztiak garatzen laguntzen dute. Konpetentzia espezifikoak zuzenean daude lotuta curriculumaren arlo jakin batzuekin, baina, ikaskuntzaren planteamendu globalizatzailea oinarri hartuta, haren garapenean arlo guztiek eragiten dutela ulertzen da. Hauetan eragiten dute bereziki zientzia-ikasgaiek:

                  Ikasgaiek ematen duten laguntza diziplina baitako oinarrizko konpetentziak eskuratzeko

                  Teknologiarako konpetentzia

                  Ikasgai zientifikoek teknologiarako konpetentzia eskuratzen laguntzen dute, objektuak, prozesuak, sistemak eta ingurune teknologikoak ezagutzen eta ulertzen laguntzen dutelako eta objektuak zehaztasunez eta segurtasunez erabiltzeko trebetasun teknikoak eta abileziak lantzen dituztelako. Teknologia funtsezko elementua da ingurunean, eta, alde horretatik, ingurune horrekin hartu-emanak izateko, arazoak konpontzeko prozesuak ezagutu eta erabili behar dira, beharrizanak identifikatzeko eta asetzeko. Bide horretan, prozesua bera eta haren emaitzak ebaluatu behar dira. Era berean, ingurune osasungarria lortzen eta bizi-kalitatea hobetzen laguntzen dute zientzia-ikasgaiek; izan ere, jarduera teknologikoak ingurumenean duen eragina ezagutzen eta kritikoki aztertzen dute eta kontsumo-jarrera arduratsuak sustatzen dituzte.

                  Matematikarako konpetentzia

                  Ikasgai zientifikoek zuzenean laguntzen dute matematikarako konpetentzia eskuratzen. Inguruan dugun errealitatea hobeto ulertzeko tresna lagungarria da hizkuntza matematikoa, baldin eta hizkuntza hori erabiltzen baldin bada fenomeno naturalak azaltzeko, hipotesiak egiteko, emaitzak deskribatu, azaldu eta aurresateko, informazioa erregistratzeko, datuak modu adierazgarrian antolatzeko, datuak eta ideiak interpretatzeko, eta naturaren legeak formalizatzeko. Algoritmo eta kalkulu matematikoak erabiltzea ezinbestekoa da zientziarako konpetentzia garatzeko, baita funtzio eta eredu matematikoak erabiltzea ere. Ikerketa zientifikoak, sarri askotan, arazo-egoera irekietan du abiapuntua, eta egoera horietan, esparru erreferentziala edo teorikoa ezarri ondoren, matematikarako konpetentziari dagozkion konponbide-estrategiak erabili behar dira.

                  Hizkuntza- eta literatura-komunikaziorako konpetentzia

                  Hizkuntza funtsezkoa da zientzian, ideia zientifikoak eraikitzeko ezinbesteko tresna den aldetik. Ezaugarri bereziko hizkuntza-erabilera guztiekin gertatzen den moduan, hainbat aldaera izaten ditu arlo zientifikoko sintaxiak, berezko ezaugarri morfologikoak eta sintaktikoak izaten baititu; hala ere, hizkuntza zientifikoak, oro har, hizkuntza arruntaren arau gramatikal berberak erabiltzen ditu. Dena den, hizkuntzaren hiztegi orokorraren aldean, bestelako izaera du hiztegi zientifikoak. Komunikazio zientifikoa hiztegi zientifiko unibertsalaren bitartez baino ez da gauzatzen. Zientziaren berariazko terminologia ikasiz gero, egokitasunez komunika daitezke giza esperientziaren alderdi nagusiak eta askitasunez uler daitezke gainerako pertsonek esperientzia horri buruz adierazten dituztenak.

                  Arterako konpetentzia

                  Zientziak, oro har, ikuspegi arrazional, objektibo eta emozionala lantzeko joera du eta arteak, berriz, ikuspegi subjektiboa eta emozionala lantzekoa; hala ere, irudimena, inspirazioa eta sormena behar dira zientzia egiteko. Eta artea, maiz, lan sistematikoaren ondorioz sortzen da, teknika jakinak oinarri arrazionalen gainean landu ondoren. Lan zientifikoa ez da arrazionaltasun-modu bat eta bakarraren adierazpena; izan ere, irudimenak, sormenak eta ausazko alderdiek zeregin handia duten lan horretan. Zenbaitetan, gainera, alderdi erabakigarriak izaten dira. Zientziaren historian, teoria zientifikoak ez dira beti eratu datu esperimentalen eta haien azterketaren oinarri hutsarekin, behin baino gehiagotan erabakigarria izan baita, zientziaren ohiko jardun-modu horiek baliatzeaz gain, irizpide estetikoak erabiltzea, hau da, simetria, osotasuna, soiltasuna eta perfekzioa iristeko grina izatea; hala ere, jakina da esperimentuen bidez balioztatu behar direla teoria zientifikoak. Bestalde, historian, zientzia eta aurrerapen zientifikoak baliatu izan dira arte-teknikak eskuratzeko (objektuen egituren konposizioa, optika, argia, soinua...).

                  Konpetentzia motorra

                  Giza gorputzaren funtzionamendua eta ingurunearekin dituen interakzioak azaltzen ditu jakintza zientifikoak, eta hori da, hain justu, konpetentzia motorrari egiten dion ekarpena. Jakintza hori izatea lagungarri da mendetasunak eta mendetasuna sorraraz ditzaketen jokabideak prebenitzeko eta gorputza zaintzeko ohiturak hartzeko, bizitza osasuntsua izate aldera. Lagungarri da, era berean, ingurunearekin eta pertsonekin harreman seguru eta osasungarriak izateko.

                  Gorputza zaindu beharra duela erakutsiko dio zientziak ikasleari, hori baita bizimodu indibidual eta kolektibo segurua eta osasungarria izateko bidea.

                  3.4. TEKNOLOGIARAKO KONPETENTZIA.

                  4.1. Teknologiarako konpetentziaren definizioa eta osagaiak.

                  Konpetentziaren definizioa

                  Produktu edo sistema teknologikoak zentzuz lantzea eta erabiltzea da, jakintza teknikoak eta beste adar batzuetakoak era metodiko eta eraginkor batean aplikatuta. Horren xedea egoera interesgarriak ulertzea eta bideratzea da, baita produktu eta zerbitzu berriak eskaintzea ere. Era berean, emaitzak adierazi behar dira, hobetzeko prozesuak abiatu eta erabaki arduratsuak hartzeko.

                  Osagaiak

                  Honako osagai hauek ditu teknologiarako konpetentziak:

                1. Arazo teknologikoak zehaztasunez hautematea eta mugatzea, eta horiek konpontzeko irtenbideak diseinatzea, jakintza teknologikoak eta gainerako jakintza-adarretakoak erabilita edota objektuak zein sistemak aztertzeko metodoaren bidez eskuratutako jakintzak baliatuta, irtenbide horien plangintza eta gauzapena eraginkorra, sortzailea eta lankidetzan gauzatutakoa izan dadin.

                2. Ingurune teknologikoko baliabideak testuinguru anitzetan erabiltzea, informazioa egoki aukeratu eta interpretatuta, ingurune horren funtzionamendua ulertzeko eta egungo gizarte teknifikatuaren ohiko arazoak konpontzeko.

                3. Irtenbide teknologikoak inplementatzea, eta, horretarako, agirien bidezko plangintza bat baliatzea, lan metodikoa egitea, segurtasuneko eta ergonomiako arauen bidez erkatzea egindako lana eta aurrez ezarritako baldintzak, eta emaitzen eta prozesuaren ebaluazioa egitea, hobekuntza-zikloak betetzen jarraitzeko.

                  4.2. Konpetentziaren ezaugarriak eta barne hartzen dituen ikasgaiak.

                  Teknologiarako konpetentziak lotura du gizakiak bere desioak eta beharrizanak asetzeko sortzen eta egiten duen ororekin, bai eta, gizakien bizitzan gero eta garrantzi handiago duen aldetik, ingurune artifizial, fisiko eta birtualean zerbitzu berriak eskaintzeko egiten edo sortzen duen guztiarekin ere. Gaur egun, teknologia-konpetentziak maila izugarria iritsi du, eta eragin handia izan dezake ingurumenean eta gizartean. Horregatik, prozesu teknologikoekin lotutako erabakiak printzipio etikoak eta zentzu kritikoa aplikatuz hartzeko trebatu behar dira herritarrak, eta prozesu horiekin lotutako arazoak konpontzeko gaitu behar dira.

                  Teknologiarako konpetentziaren bi maila orokor zehaztu daitezke. Lan arlo gehienetan eta eguneroko bizitzan, ezinbestekoa da, gaur egun, teknologiarako gutxieneko konpetentzia bat izatea, gailu edo sistema teknikoak behar bezala erabiltzeko adinakoa. Teknologiarako konpetentziaren berezitasunetako bat da asmakuntza, balioztatzea eta ezarpena bateratzen dituela; hau da, sentimendua, pentsamendua eta ekintza. Maila orokor horretan, teknologiarako konpetentziarik ez duten pertsonak moldatu egiten dira, baina ez dute ingurunea eraldatzeko, aurrera egiteko bultzadarik sentitzen. Agian, asko jota, arrazoiak eta zergatiak ezagutuz beren jakin-mina aseko dute, baina teknologiarako konpetentzia izateko, urrats bat besterik ez da horiek jakitea.

                  Era berean, egiten jakitearekin dago lotuta teknologiarako konpetentzia. Teknologiarako konpetentziak erro sendoak izan ditu Euskal Herriaren tradizioan. Inguruneko testuinguru askotarikoei atxikita eta natura-baliabideekin lotuta izan da beti batez ere, burdinarekin eta harengandik eratorritako siderurgia-industriarekin, eta, haren bidez, objektu eta sistema ugari itsasontziak, armak, ekipamendu-ondasunak eta beste asko egin dira. Egiten jakitea herri batek baztertu ezin dezakeen aktibo bat da, maila handiko jakintza da, ez da usteetara mugatzen, ezta fenomeno jakin batzuk azaltzera ere; aitzitik, ezagutza multzo bat eta beste hainbat faktore bateratu behar dira, produktuak egingarriak izan daitezen.

                  Emaitzen eta prozesu teknikoen interpretazioarekin eta adierazpenarekin lotuta dago teknologiarako konpetentzia. Horiek normalizatuz gero, posible da ideiak elkartrukatzea, askotariko garapenetan elkarlanean aritzea, irtenbideak leialtasunez transmititzea eta gizartearekin batera aurrera egitea. Teknologiarekin batera, etengabe ari dira aurrera egiten irtenbide edo soluzioak adierazteko moduak; gaur egun, 3D inprimaketa erabil daiteke objektuen prototipoak eta haien behin betiko gauzapenak eraikitzen laguntzeko.

                  Zenbat eta handiagoa izan teknologiaren konplexutasuna, orduan eta txikiagoak dira teknologiak zientziarekiko dituen aldeak; izan ere, elkarren beharra dute zientziak eta teknologiak. Zientziaren jakintza baliatzen du teknologiak irtenbideak sortzeko, eta teknologiak instrumentazioa eta bere metodoaren emaitzak eskaintzen dizkio zientziari, bere garapenean sakontzeko.

                  Kontrola da gaur egungo sistema teknologikoen ezaugarri inplizituetako bat, kontrolaren aroan gaude, eta kontrola gauzatzeko, prozesadore bat integratzen da gainerako elementu teknologikoekin batera. Sistemak aurretik bilatutako jokabideak programa ditzake prozesadore horrek. Kontrolak informazioa eskuratzea, prozesatzea eta erantzutea esan nahi du; hau da, informazioa kudeatzea. Gaur egun, teknologiarako konpetentziaren osagai ezinbesteko dira kontrol-sistemak, prozesadoreekin hitz egin behar da; hau da, bilatzen ditugun emaitzak lortzeko programatu behar da sistema.

                  Horrekin guztiarekin batera, planeta osora zabaldu da Internet sarea, hiperkonektatuta bizi gara. Laster, gauzen Internet deiturikoa, IoT delakoa, ohiko jardun-esparrua izango da herritar gehienentzat, eta horrenbestez, teknologiarako konpetentziaren alderdi oso zabaldua izango da eguneroko bizitzako objektu ohikoen kontrol telematikoa egitea.

                  Kultura teknologiko ona eskuratuz gero, teknologiarekiko interesa eta jakin-mina pizten dira, baina, batez ere, baldintza erabakigarria da kultura hori eskuratzea, esparru teknologikoa lantzeko bokazioak sor daitezen. Aurrera egingo badu, prestakuntza teknologikoa sakontzen duten gazteen masa kritikoa handitu behar du gizarteak. Esfortzuari eta kontzentrazioari erreparatu gabe egin behar dute gazteek bide hori.

                  Aintzat hartu beharrekoa da zer testuingurutan baliatzen den teknologiarako konpetentzia. Garapen teknologikoen bideragarritasunaren baldintza dira konpetentzia honekin lotutako aldagaiak. Aldagai horietako batzuk dira, esaterako, irtenbidearen egokitasuna eta merkatu-interesa. Herritar arruntentzat erabiltzeko zaila den App bat garatzen duenak jakin, badaki, nekez erabiliko dela. Teknologiarako konpetentziaren osagai dira, era berean, gizartearen unean uneko egoeraren berri izatea, zer beharrizan dauden jakitea, irtenbideen hartzaileek zer maila teknologiko duten ezagutzea, eskainitakoaren aurretik zer irtenbide zeuden jakitea, produktuaren kostu ekonomikoa ezagutzea, eta, besteak beste, kostuak neurritsuak diren ala ez jakitea.

                  Barnean hartutako ikasgaiak

                  Honako ikasgai hauek barne hartzen ditu teknologiarako oinarrizko konpetentziak:

                  Teknologia 1 - 3.

                  Teknologia 4.

                  Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak 4.

                  4.3. Ikasgaien ikuspegia.

                  Mundu artifizialarekiko hartu-emanean esku hartzen duten hainbat eduki biltzen dituzte ikasgai horiek, eta, beharrezkoak dira, horrenbestez, teknologiarako konpetentzia eskuratzeko. Izaera teknologikoa duten arazo konplexuak konpontzeko baliabide funtsezkoak emango dizkiote ikasleari eduki horiek lantzen dituzten ikaskuntzek; hori horrela, ikaskuntza horien bidez, arazo praktikoak konpontzeko zer ardatz metodologiko baliatu behar dituen iragarri dezake ikasleak.

                  Izan ere, teknologiaren arloko ikasgaien eduki eta ardatz metodologikoa da proiektuen metodoa, bizitza errealean erabiltzen dena irtenbide teknologikoak lantzeko. Banakako edo taldeko zereginak beteko dira haren faseetan. Taldeko lanaren bereizgarria da produktua eraikitzeko, gauzatzeko eta fintzeko fasea. Hala ere, diseinuaren erronka indibidualari eutsi behar zaionez, ikasle bakoitzak bere irtenbide edo soluzioa sortu behar du, eta justifikatu eta dokumentatu egin behar du soluzio hori. Prozesu osoaren banako ebaluazioa egingo zaie amaieran.

                  Proiektuak egitean, ikasgai horietako hainbat eduki multzotako edukiak integratzeko premia izango dute ikasleek; beraz, proiektuek ez dituzte landuko unitate didaktikoetan era monografikoan azaldutako edukiak. Esate baterako, fase batzuetan, esplorazioa eta komunikazio teknikoa erabiltzeko premia izan daiteke, eta beste batzuetan, berriz, baliabide zientifikoak eta teknikoak eduki multzoko edota fabrikatzeko teknikak eduki multzoko ikaskuntzak erabiltzeko premia izan daiteke. Segurtasunaren eduki multzoa Interneten edo sistema eragileen eduki multzoarekin batera baliatu behar da, informazioaren eta komunikazioaren teknologien esparruko proiekturen bat gauzatzean.

                  Gure zibilizazioak aspaldi sartu zituen psikomotrizitate fina eta tresnen zein eskuen erabilera pentsatzearen prozesuan. Era berean, ikaskuntzarako aberasgarri diren arazo-egoerak ebazteko prozesuan, adimen espaziala baliatzen da objektuei eta elementuei neurriak ezartzeko edo sistemen erantzuna aurreikusteko. Ikasgai horien osagai dira elementu horiek guztiak ere.

                  Ikasleak nabarmen aldatzen dira DBHn zehar. Esperientzia eta sentsazio propiozeptiboak oinarri hartuta, ikasleak indartu egiten du pentsamendu zehatza, lehen mailetan berezkoa dena. Adin horretan, ohikoa da ikusten duena errepikatzea, imitatzea eta, batez ere, modu oldarkorrean jokatzea, aurre egin behar dion arazoa berehala konpondu nahian. Pentsamendu abstraktua eskuratzeko prozesura egokitzen da teknologiarako konpetentziaren eskurapena. Pentsamendu zehatza baino formalagoa da abstraktua, eta aurreikusi egiten du jardun baino lehen, eta ez ditu, horrenbestez, aldatu eta aztertzeko elementuak baliatzen. Une kritiko bat iristen da ikasleak pizgarri zaizkion arazoei heldu eta berehalako irtenbidea ematen saiatzen denean. Kontu handiz bideratu behar da energia osasuntsu hori, bere burua mugatuta senti ez dezan, irtenbideak aurkitzeko ezaxola sortzea izan baitaiteke egoera horren ondorioetako bat. Ikasteko prozesuaren kontzientzia hartzen du ikasleak denboraren poderioz, eta prozesu hori erregulatzen saiatzen da; hala, aurkikuntzak egingo ditu bere kasa, eta sortutako sentimenduek bere buruaren ezagutza egituratzen lagunduko dute, haien errealizazioaren bidez.

                  Irakasleak berak erabakiko du noiz eta nola egingo duen ekarpenik egokiena arazo teknologikoa konpontzeko fase bakoitzean. Batzuetan, eredu izango da, eta bere jokabidea imitatzen utziko die ikasleei, berariazko egoeraren baten irtenbidea bilatzeko. Esaterako, lantegiko tresna bat erabiltzen utziko die, edo kode moduko bat egiteko aginduko die, azaldutako egoerari erantzuteko. Beste batzuetan, berriz, egoera konplexuak ebazteko hainbat irtenbide eskain ditzake irakasleak, prozeduren gaineko azalpenak eman ditzake edo ildo horretako ekarpenak jorratu. Kalitatezko proposamenak egitea da irakasleen egiteko nabarmenetako bat. Ikasleen interesa piztu behar dute proposamen horiek, proposatutako erronka haien gain hartu eta prozesuaren eragile izan daitezen. Hori lortzen baldin bada, ikasleek berek egingo dituzte aukerak aztertzeko, erabakiak hartzeko eta gainerako alderdiak zehazteko lanak.

                  Hori guztia aintzat hartuta, ikasleen heldutasun-mailarekin bat datozen erronkak planteatu behar dira. Hasieratik saiatu behar dugu ikasleak inspiratzen; beraz, antzeko arazoetarako ereduak, materialak eta bestelako irtenbideak eman behar dizkiegu. Haien bidez, ikasleen imitaziorako joera piztuko da hasiera batean, eta, hausnarketa- eta azterketa-prozesuen bitartez, gainditu eta hobetuko egingo dituzte.

                  Bigarren maila amaituta, irtenbideek ezagutza gehiago eta abstrakzio handiagoa behar dute, kontrol-arazo zailagoak proposatu behar dira. Hori ez da eragozpen, halere, programazioa arian-arian lantzeko, baita Lehen Hezkuntzatik ere. Robotika, esaterako, kontrol-sistema baten gauzapen oso erakargarria da eta, gainera, mekanikako edukiak ere baditu; horra, beraz, sormenerako esparru egokia.

                  Planteatu edo azaldutako arazoen konponbideetan jarritako fokua orekatzen laguntzen du laburbiltzeko faseak. Fase horretan, ikasitakoa balioesten du ikasleak eta esperientzia gogoeta bitariko jarduerarekin ohitzen da, ikasitako hori barneratzeko eta berriro erabili eta erlazionatzeko ingurune zabal eta konplexuagoetan. Laburbiltzeko fasean, ikasitakoa finkatzen eta balioesten dute ikasleek, eta testuinguru osoarekiko loturak egiten dituzte.

                  Nola da teknologiaren arloko galdera nagusia, eta galdera horrek berak adierazten du ikasgai horien dinamismoa. Era berean, hura da ebaluazioaren erdigunea. Ikasleak egitekoa nola bete duen eta zer prozesu jarraitu duen jakitea ezinbestekoa da abiarazitako estrategiak eta eginiko aurrerapenak zehazteko; irakaslearen esku-hartzeak doitzeko abiapuntua da. Kalifikazioak ezartzeko prozesuan, emaitzek, ikasitakoaren adierazpenak eta, oroz gain, prozesuak berak izan behar dute informazio-iturri. Balioesten denaren erreferentzia da hura ikasleentzat. Ebaluazio-tresna horiek erabiltzeko errazak izan behar dute, irakaskuntzaren eta ikasketaren prozesuekin batera erabiltzen baitira.

                  Lehen mailetatik balioetsi behar da egindakoaren transmisioa edo adierazpena; lehenik eta behin, ikasleak motibatzen laguntzen duelako eta ikasgai horiekiko berezko zaletasunari eutsi behar zaiolako. Erakusketek, web orrian eginiko argitalpenek eta ildo horretako jarduerek garrantzia ematen diote emaitzari, egindakoari. Bigarrenik, kontuan izan behar da irtenbide edo soluzioen transmisioa teknologien osagaietako bat dela. Transmisioa baliagarria izan daiteke, testuinguru jakin batzuetan, norberaren ideia lantalde beretik atera litezkeen gainerako ideien aurrean defendatzeko; beste batzuetan, berriz, informazioa adierazi edo transmititu beharko zaie diseinua egin behar dutenei, eta, alderantziz, informazioa eskatu beharko dute horiek, programak, planoak eta eskema batzuk interpretatzeko.

                  4.4. Integrazio-egoerak.

                  Konpetentea izateko, modu integratuan erabili behar dira norberak eskuratu dituen baliabideak, erronka edo arazo diren egoerak ebazteko. Gainditzeko moduko zailtasun-maila izan behar dute arazo eta egoerek, baina, era berean, ikasleentzat erronka izan behar dute. Askotariko familia edo multzotan aurkeztu arren, antzeko konplexutasun-maila dute arazoek, eta, ondorioz, parametro paretsuko baliabideak erabili behar dira haiek ebazteko.

                  Ikasleen interesguneak hartu behar dituzte kontuan ikaskuntza eta ebaluazioko egoera horiek, eta aintzat hartu behar dute nola ikusten eta interpretatzen duten mundua Lehen eta Bigarren Hezkuntzako gazteek. Ikasleek ez dute mundua berdin ulertzen eta interpretatzen Lehen Hezkuntzan eta Bigarren Hezkuntzan; beraz, interesguneek eta ikaskuntza- eta ebaluazio-egoerek ere desberdinak izan behar dute batean zein bestean.

                  Orain, argibide eta adibide gisa, zenbait egoera aurkeztuko dira, konpetentzia teknologiko-digitala eskuratzeko egokiak. Egoera horiek aintzat hartuko dituzte ikasleen interesak, esperientzia eta haiek eskuratutako baliabide didaktikoak, hau da, dakitena hartuko dute kontuan. Irtenbide edo soluzio egingarriak izango dituzte, baina, aldi berean, ez diote erronka izateari utziko.

                  Teknologia ikasgairako:

                  Eremu pertsonalean, norberak erabiltzeko objektu bat diseinatzea proposa daiteke, tamainatik ekoizpen-prozesura bitarteko alderdiak eskatuta, edota ohiko jarduera bat automatizatzeko eska daiteke, kontrol-txartelen bat erabilita. Nerabearen komunikazio-beharrizanei erreparatuta, aplikazioren bat egiteko proposa daiteke, sorrera lokalekoa izan arren, Interneten igo daitekeena.

                  Eremu sozialean, lagunartean gerta dakiekeen arazo-egoerak ebazteko proposa daiteke: energia berriztagarriek elikatutako tresnaren bat sortzeko, herriko jaietan otorduren bat prestatzeko erabil daitekeena, kasu; argi psikodelikoen kontrol-sistema egiteko, lagun taldearen lokalean jartzen duten musika girotzeko; edota, lagun taldearen logotipoa, txapelketaren bateko garaikurra edo bizipenen baten oroigarria diseinatzeko, 3Dko inprimaketaren bitartez.

                  Eremu akademikoan, ebatzi beharreko integrazio-egoera bat osatzeko proposa dakieke ikasleei, eskuratu dituzten azken baliabide didaktikoak eta ematen zaizkien beste datu batzuk uztar ditzaten hura osatzeko prozesuan. Egoera errealen bat ere erabili daiteke; esaterako, ikastetxeko sarbidearen lekuren batean egunero sortzen diren ikasle-pilaketak, kiroldegitik jolas-ordura datozenean motxilak uzteko izaten duten leku txikiegia, edo urrian eta ekainean eta urtarotik urtarora izaten diren ordutegi-aldaketek eskolako txirrinean eragiten duten desfasea. Egoera horietatik abiatuta, eskuliburuak, katalogoak eta bestelako agiriak aurkez dakieke ikasleei gezurrezkoak edo hutsalak izan daitezke horietako batzuk, eta arazo-egoera ebazteko eskatu.

                  Lan-eremuan, produktuak, profil profesionalak, merkatuak eta antzeko alderdiak lantzeko jarduerak proposa daitezke. Esaterako, ikasleei produktu jakin baten ezaugarriak eta bestelako aldagaiak eman ondoren, produktu horren promozio-kanpaina egiteko eska dakieke, garrantzia dutenak eta ez dutenak bereizi eta integrazio-ildoak lantzeko.

                  Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak ikasgairako:

                  Eremu pertsonalean, ikasleen eguneroko bizitzako egoeren familiak aurkeztuko dira: ingurune birtualen erabilera seguruarekin lotutakoak (hala nola, lineako zerbitzuak eta sare sozialak); sarean partekatzen diren edukien eta baliabideen gaineko etikarekin eta legezkotasunarekin lotutako egoerak; nortasun eta hatz-marka digitalarekin lotutakoak; eta teknologiaren erabilerak izan ditzakeen osasun-arriskuekin lotutakoak (mendetasunak, distrakzioak eta oreka emozionala, besteak beste). Era berean, gailu pertsonalen konfigurazioaren eta babesaren inguruko arazo tekniko errazen konponbidea landuko da.

                  Eremu sozialean, ikasleen ingurune hurbileko elkarte eta erakundeek kultura, kirola, aisia eta beste hainbat alorretakoek web orriak eta eduki digitalak sortzeko eta argitaratzeko izan ditzaketen premiak landuko dira. Horrez gainera, sare sozialetan edukiak modu kritiko, seguru eta proaktiboan hedatzeari loturiko arazoak aztertuko dira.

                  Eremu akademikoan, ikaslearen eskola-inguruneko egoerak aurkeztuko dira, eta, curriculum arloetan izan daitezkeen beharrizanei (trebatze- eta sistematizatze-jarduerak egiteko beharrizanei) erreparatuta, horien inguruko aplikazioak diseinatzeko eta programatzeko aukerak aztertuko dira, gerora gailu mugikorretan erabiltzeko. Era berean, eskolan egindako lanak argitaratzeko proposamenak aurkeztuko dira (ikasgelako bloga, e-portfolioa, ikaslearen PLEa, etab.).

                  Lan- edo lanbide-eremuan, erabilera profesionaleko aplikazioak eguneratzeko eta optimizatzeko arazo tekniko errazei buruzko egoerak landuko dira, bai eta babes-sistemak eta segurtasun-neurri aktibo eta pasiboak ere (postaren zaintza, pasahitzen kudeaketa eta antzekoak). Era berean, nortasun digital profesionala garatzea eta etengabeko prestakuntzarako e-learning plataformetan parte-hartze aktiboa izatea landuko da.

                  Konpetentzien araberako hezkuntzaren ikuspegitik, eskolaren rola ezin da mugatu edukiak irakatsi eta ikasaraztera, egoera konplexuak ebazteko ezagutza eskuragarriak erabiltzen eta transferitzen ere irakatsi behar baitu, ikasleak bizitza pertsonalerako, sozialerako, akademikorako eta lanerako prestatzeko.

                  4.5. Teknologiaren ikasgaiak ematen duen laguntza oinarrizko konpetentziak lortzeko.

                  Aurkeztutako ereduak etapa honetarako hautatutako oinarrizko konpetentziak lortzen laguntzen du.

                  Hitzezko eta hitzik gabeko komunikaziorako eta komunikazio digitalerako konpetentzia

                  Hizkuntza teknikoen oinarrizko kodeak erabili behar dira teknologiarako konpetentzia izateko. Dokumentazioa behar bezala interpretatzeko terminoak, sinboloak, arauak eta gainerako elementuak, alegia.

                  Arazo teknologiko bat ebazteko pentsatutako irtenbideak adierazten jakin behar da. Faseren batean, ikasle batek bere diseinua defendatu behar du taldeko gainerako kideen aurrean, egokiena aukeratzeko. Beste faseren batean, norberak sortutakoa dokumentatu beharko da, beste norbaitek gauzatu dezan eta, alderantziz, dokumentazio teknikoa interpretatzeko premia sortuko da beste noizbait.

                  Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak baliabide eraginkorrak dira, eta lagungarriak izan daitezke prozesu teknologikoan, bai ikaskuntzak sendotzeko, bai norberak iritsitako irtenbideak besteri adierazteko. Ikasleen autonomia eta Internet bidezko lankidetza-aukerak sustatzen dituzte teknologia horiek.

                  Ikasgai horietako proiektuetan modu sortzailean erabiltzen baldin badira teknologia digitalak, nabarmen indartzen da konpetentzia digitala, eta balio erantsia ematen zaio IKTek norberaren ikaskuntzari egiten dioten ekarpenari.

                  Ikasten eta pentsatzen ikasteko konpetentzia

                  Irtenbide teknologikoak garatzeko, ondo antolatu behar da pentsamendua eta jokabide estrategikoak eta zorrotzak izan behar dira. Era berean, irizpide onak erabili behar dira informazio-iturriak hautatzeko, eta, horrez gainera, errealitatea berariaz, modu sortzailean, planifikatuan eta arduraz eraldatzeko ahalmena, teknologiarako konpetentziaren berezkoa, garatuko baldin bada, ezinbestekoa da ezagutzak mobilizatzea, ikaskuntzako beste egoera batzuetan ikasitakoa transferitzea.

                  Arazo teknologikoak konpontzeko lehen fasean aukerak hautematen dira fase horretan, zer arazo konpondu behar diren zehazteko, ikasleek pentsamendu ulerkorra eta kritikoa erabili behar dute. Objektuak eta sistemak alderatu, sailkatu edo sekuentziatu eta aztertu behar ditu. Ondoren, ebaluatu egin behar du lortutako informazioa, egokia den eta norberaren xedeak betetzeko balia dezakeen balioesteko.

                  Irtenbideak diseinatzean, bereziki, ideia asko sortzen dira, eta horiek pentsamendu kritikoz aztertu eta bahetu behar dira. Fase horretan, ondorioak aurresaten dira arrazoibide logikoaren, deduktiboaren bidez, baina arrazoibide analogikoa ere erabiltzen da, informazio askotarikoa interpretatu behar izaten den aldetik. Informazio hori gero eta normalizatuagoa izango da, proposamen zorrotzagoak egin ahala.

                  Ebaluazio-fasean, mapa kognitiboa zehaztu eta berregituratzeko mekanismoak abiarazten dira, alderdi teknikoan, pertsonalean eta gainerako alderdietan. Alderdi teknikoan, arazoaren irtenbide osoaren egiturazko mikroprozesuetan hartu diren erabakien multzoa zehazten da, eta alderdi pertsonalean, berriz, gainerako kideekiko harremana eta lan-planaren ezarpena aztertzen dira, besteak beste. Azken emaitza guztiz kontrastagarria da.

                  Elkarbizitzarako konpetentzia

                  Gizarteen antolamendua eta funtzionamendua ulertzeko, bide egokia da garapen teknologikoaren eta historian izan diren eredu sozial eta ekonomikoen arteko korrelazioa alderatzea. Konpondu beharreko arazoak antzekoak dira gizarte guztietan, baina gizarte bakoitzak baliatuko dituen irtenbideak bat etorriko dira haien garapen sozial eta teknologikoarekin. Ingurune hurbila eta eraikitze-prozesu betean den mundu globalizatua ezagutzeko aukera ematen diote ikasgaiek ikasleari.

                  Gainerako pertsonak ezagutzeko zailtasunak murrizten eta elkarbizitzarako konpetentzia eskuratzen laguntzen dute talde-lanaren baitako lankidetzak eta erantzukizunek. Ekarpen hori bera egiten dute ikuspegi-aniztasunak, baldin eta arazo teknologiko partekatuei irtenbide irudimentsuak aurkitzeko erabiltzen baldin bada, eta teknologiarako konpetentziarekin lotutako ikasgaien beste osagai batzuek.

                  Ekimen eta espiritu ekintzailerako konpetentzia

                  Konpetentzia teknologikoaren baitan sartzen da ekimen eta espiritu ekintzailerako konpetentzia. Izan ere, teknologiarako konpetentziaren oinarrizko osagaia da ideiak, modu antolatu batean, ekintza bihurtzeko ekimena. Ekintzailetza-faseak barne hartzen ditu proiektuen metodoak, eta, metodo horien baitan, ikasleak errealitateari atxikita egin behar du lan, arreta jarri behar du eta galderak egin behar ditu. Horrela jokatu behar da, hain zuzen, kontsumitzaileen gizarte baten balizko pasibotasunari aurre egiteko.

                  Pentsamendu dibergentea erabili behar izaten da irtenbideak sortzeko fasean, eta pentsamendu hori premiazkoa da gizarte hiperkomunikatuan. Gizakiari poz betea ematen dio inoiz ikusi gabeko irtenbide edo soluzioren bat sortzeak edota produktu bati nortasun propioa ematen dion elementu bereizgarria asmatzeak. Jarduera horiek ikasgelan egiten baldin badira, ikasleen autoestimua handituko da, eta ekimen berriak abiatzeko eta lanean jarraitzeko gogoari eutsiko diote.

                  Dimentsio mentaletik irten behar da gauzatzeko fasean. Urrats hori ematean, autokontrola eta oreka emozionala baliatu behar dira, eta ezinbestean onartu behar dira muga guztiak, bai norberaren ahalmenen mugak, bai lanerako baliabideek dituzten mugak. Mundu fisikoaren erresistentziari aurre egiteko unea da. Jarrera proaktiboa landu behar da, zailtasunik txikienaren aurrean amore ez emateko. Era berean, akatsak gizakion ikasketa-iturri onenetako bat direla bizitzeko aukera izango du ikasleak.

                  Azken fasean, ebaluatu eta laburbiltzeko fasean, berriro antolatu behar da norberaren mapa kognitiboa, eta lan hori egiteko, nork bere baitan bildu beharra dauka, neurri batean. Berrikuntza-ziklo berri baterako abiapuntua dira ondorioak. Ikasleek, prozesuaz jabetzean, gero eta erabaki konplexuagoak hartuko dituzte, eta horrek indartu egingo du beren autonomia.

                  Norbera izaten ikasteko konpetentzia

                  Erresistentzia edo oztopo ugariri egin behar zaio aurre arazo teknologikoak konpontzeko; eta ikasleek, zehazki, mundu fisiko eta birtualak jarritako oztopoak gainditu behar dituzte haiek landutako egiturak, sistemak eta programak egiteko. Ikasleari bere pentsamenduen, sentimenduen eta ekintzen gainean hausnartzeko aukera ematen dio hartu-eman horrek, eta denboraren poderioz, etengabeko hobekuntzaren antzeko bide bat eginez, jarduera erregulatzen du arian-arian eta bere buruaren irudia egokitzen, bide horretan sortutako desorekak gaindituz. Bere burua egoki balioestea, azkenik, baliagarri zaio orientatzeko eta autorrealizaziora gerturatzeko.

                  Hizkuntza- eta literatura-komunikaziorako konpetentzia

                  Teknologia-ondarearen transmisioa terminologia zabal bati esker gauzatu da, besteak beste. Terminologia hori aldatu egiten da jardueratik jarduerara. Teknologiaren historiaren aldi berrienetan, kontzeptu berri ugari sortu dira, eta egoera horrek bultzatuta, ingelesezko jatorrizko forman onartu dira termino asko. Ikasleek adieren multzo handi horretara jotzen dute arazo teknologikoak konpontzeko prozesuan, testuinguru bakoitzera egokituta. Prozesu horretan, askotariko testuak irakurri eta ulertu behar ditu, eta haien informazio baliagarria bereizi behar du. Testu horietako asko azalpenak emateko testuak izango dira, eta batzuk atzerriko hizkuntzaren batean idatziak. Informazioa eskuratzeko ohiko iturri dira, besteak beste, web inguruneko hipertestuak, fabrikatzaileen katalogoak, testu-liburuak eta entziklopedia espezializatuak.

                  Lantaldeetan, ideiarik onena, inplementatuko den ideia hori aukeratzeko, prozesu jakinak baliatzen dira, kide guztien ideiak modu ulerkorrean entzun eta norberaren argudioak adierazteko. Elkarrizketarako jarrera lantzen da prozesu horietan, lagungarri baita taldearen helburuak betetzeko erabaki onena hartzeko. Landutako irtenbide edo soluzioaren berri emateko, ezinbestekoa dute testuak (maila jasokoak, gutxi-asko) edota diskurtsoak egiteko trebetasunak erabiltzea, eta, behin edo behin, terminoak sortu beharko dituzte oraindik ezagun ez dituzten operadoreak edo funtzioak izendatzeko. Proiektuek berezko duten dokumentazio horrek zehatza izan behar du, lortutako emaitzak ondorengo faseetan berregin edo hobetzeko adina. Emaitzen berri emateko unea, proiektuaren amaierako fasean, oso egokia da ahozko adierazpena modu formalean lantzeko.

                  Zientziarako konpetentzia

                  Gizakien bizi-baldintzak hobetzea da teknologiaren helburu nagusia, eta gizakien beharrizanak eta nahiak asetzeko modua ematen du jarduera horrek. Horrenbestez, ezinbestekoa da teknologiak eraginkortasunez eta ekonomia-irizpidez esku hartzea ingurunean. Esku-hartze horrek berariaz zaindu behar ditu arrazoizko kontsumoa, iraunkortasunaren bermea, eta beti izatea jarrera etiko eta kritikoa ingurune artifizial eta naturalen eraldaketen gainean. Teknologoaren jardun moduak aintzat hartzen ditu osasun-irizpideak, segurtasun eta higieneari buruzko arauak, ergonomia eta beste hainbat alderdi.

                  Elkarren osagarri dira zientziarako eta teknologiarako konpetentziak. Teknologiak ikerketarako bitarteko sofistikatuak eskaintzen dizkio zientziari, eta horien bitartez, bestela ezinezko lituzkeen emaitzak lortzen ditu. Era berean, garapenak lantzen jarraitzeko informazio berria ematen dio zientziak teknologiari. Bien ezaugarri da erabakiak arduraz hartzea, gizakiak ingurunean egiten dituen esku-hartzeen garrantziaren jakitun.

                  Matematikarako konpetentzia

                  Mundu fisikoan eta birtualean esku hartzean, zenbatespenaz edo balioespenaz baliatzen dira hasieran ikasleak, lanean erabiltzen dituzten magnitudeen balioetara gerturatzeko. Lehen gerturatze hori egin ondoren, zehaztasuna ezinbestekoa da arazo teknologikoak konpontzeko. Une horretatik aurrera, zenbakizko oharren, sinboloen eta adierazpenen erabilera sistematizatzen dute ikasleek, errealitatearen alderdi kuantitatiboak lantzeko, hura eraldatzea baitagokie teknologia-ikasgaietan. Objektu eta sistema teknologikoak aztertzean eta problemak ebaztean, arazo-egoerak sortzen dira, eta haiei aurre egiteko, kalkulu-metodo egokiak erabakitzen eta haiei dagozkien eragiketak egiten jakin behar dute ikasleek. Horrenbestez, batzuetan, neurtzea, interpretatzea, ebaztea eta aplikatzea izango da egitekoa, eta beste batzuetan, berriz, algoritmoak, taulak, eskalak, grafikoak eta eskemak sortzea; hau da, adierazpen matematikoa erabili behar dute, teknologiaren zereginean sortutako arazo-egoeretan kalkuluak egin eta arrazoitze logiko eta espaziala baliatzeko.

                  Konpetentzia sozial eta zibikoa

                  Hartu-eman agerikoak dituzte teknologiak eta gizarteak. Gizakien beharrizanak eta haien bizitzan hobetu daitezkeen alderdiak planteatzen ditu gizarteak, eta teknologiak landu egiten ditu, eraldatzeko. Konponbide teknologiko sofistikatuek ez dute funtzionatzen, baldin eta gizartea ez baldin badago haiek bereganatzeko prestatuta, eta, alderantziz, konponbide zaharkituek ez dute inolako eraginik izaten, gizarteak beste premia batzuk baldin baditu.

                  Gaur egun, teknologiak eragin itzela du gizartean eta pertsonen bizimoduan, nabarmen baldintzatzen du ekonomia eta, ondorioz, faktore erabakigarri bihurtzen ari da, haren inguruan egituratzen baitira gizarte-harremanak, pertsonen eta taldeen elkarreraginak eta beste jarduera asko.

                  Historian baliatu diren soluzio edo irtenbide teknologikoak ezagutu behar dituzte ikasleek, eta horiei erreparatuta, gizarteari ekarritako onurak eta eragindako kalteak neurtzeko moduan izango dira. Horrela jokatuta, konpromiso eta elkartasuneko balioak landu ditzakete, eta hobekuntzarako eta iraunkortasunerako soluzioak balia ditzakete etorkizunean.

                  Arterako konpetentzia

                  Arazo teknologikoak ebazteko moduei erreparatuta, komunitateen kultura-oinordetza eta ondarea azter daitezke. Ideiak nola adierazi diren ikusarazten dute soluzio teknologikoek, bai ideia artistikoak, bai ideia erabilgarriak, historian unean-unean izan diren beharrizanak asetzekoak. Izan ere, agerikoa da unean uneko teknologia mailaren eta historiako faseen arteko lotura, arazoak konpontzeko modu berariazko bat izan baitu historiako fase bakoitzak.

                  Arazo berberei emandako konponbide askotarikoak alderatzen baldin baditugu, arbasoek bizi-kalitatea hobetzeko lan saiatua egin zutela ikus dezakegu, eta gaur egun, lan hori aitortzeko eta baliatzeko moduan gaude. Bestalde, ikasleek egiten dituzten produktuen gaineko oharpenak egin ditzake irakasleak haien diseinuko eta akaberako faseetan, produktuen balio erantsia eta lehiakortasuna handitzeko. Oharren bidez adierazitako nabardurek irudimenaren eta sormenaren bidea adierazi behar dute, lehentasunezko gaitasunak baitira mundu globalizatuan.

                  Konpetentzia motorra

                  Jardun motorra baliatu behar da tresna teknologikoak ordenagailuak eta beste asko erabili eta, haien bidez, soluzio teknologikoak aurkitzeko. Psikomotrizitate fina eta eskuen erabilera trebea landu behar dira konpetentzia motorra iristeko. Horrez gainera, ekipoak eta tresnak erabiltzean, ergonomia-alderdiak zaindu behar dira, eta norberak jabetu behar du ohitura onak izatea ezinbesteko dela osasuna zaindu eta ongizate fisikoa iristeko.

                  3.5. KONPETENTZIA SOZIAL ETA ZIBIKOA.

                  5.1. Definizioa eta osagaiak.

                  Konpetentziaren definizioa

                  Nork bere burua, norberaren taldea eta bizi duen mundua ezagutu eta ulertzea da, gizarte-zientzien jakintzak eskuratuz, kritikoki interpretatuz eta erabiliz; zientzia horien berezko prozedurak eta metodologiak erabiltzea, autonomiaz eta herritarrei dagokien arduraz jarduteko bizitzaren ohiko egoeretan, gizarte guztiz demokratikoa, solidarioa, inklusiboa eta plurala lortzeko bidea urratzearren.

                  Osagaiak

                  Honako osagai hauek ditu konpetentzia sozial eta zibikoak:

                1. Norbera banakako pertsona dela eta gizartean beste pertsona batzuekin bizi dela ulertzea, eta pertsona horiekin lanean aritzea eta antolatzea askotariko ezaugarriak eta xedeak dituzten taldeetan, maila bat baino gehiagotan (familian, eskolan, auzoan, herrian, nazioan eta gainerako mailetan).

                2. Norberaren gizartea ezagutzea, eta bereziki haren iraganeko eta egungo eraketa, antolamendua eta funtzionamendua; gizartea zer lurraldetan eta nola ezarrita dagoen jakitea, haren iraganaren kontzientzia hartzea eta gizakien ekintzak gizartean sortzen dituen arazoen aurrean modu positiboan jarduteko gaitasuna lantzea.

                3. Bizi duen inguruneaz jabetzen den herritarra izatea eta egoera hori onartzea, konpromisoa izanda eta elkartasuna adierazita; aintzat hartzea garaiko gizarteetako aniztasun soziala eta kulturala, eta, bereziki, egungo euskal gizartekoa, eta naturarekin, bere buruarekin eta gainerako pertsonekin harremanetan jartzeko era berrien bila aritzea, gizartea hobetu eta jasangarri bihurtzeko.

                4. Giza eskubideak izatea norberaren bizitzako eta gizarteko ekintzei eta egoerei buruzko iritziak osatzeko erreferente unibertsala eta norberak herritar gisa dituen eskubideak erabili eta betebeharrak betetzeko erreferentea; eta parte-hartzeko, begiruneko, justizia sozialeko eta elkartasuneko jokabideak lantzea, balioetan oinarritutako demokrazia gauzatzeko.

                5. Iraganean, edo gaur egun, bizikidetza-tentsioak eta -gatazkak izan dituzten gizarte-taldeak, elkarri eragiten diotenak, historian zehar zer konfigurazio edo egitura izan duten jakitea; eta iraganaren gaineko kontzientzia kritikoa lantzea, etorkizunean egoera horiek konpontzeko prozedura baketsu eta demokratikoak erabiltzen jakin dezagun.

                6. Bizi duten mundua ulertzeko behar dituzten ezagutzak, trebetasunak eta jarrera eskuratzea; hau da, munduaren alderdi fisikoak, sozialak eta kulturalak, iraganean izandako bizipen kolektiboak eta gaur egungo bizipenak, eta bizitza sozialari dagokion espazio fisikoa ulertzeko behar direnak, munduan eragile aktibo izateko.

                  5.2. Konpetentziaren ezaugarriak eta barne hartzen dituen arloak eta ikasgaiak.

                  Konpetentzia sozial eta zibikoa izango du ikasleak, baldin eta gizarteari buruz ikasi dituen ezagutzak erabiltzeko trebetasuna baldin badu, bai egoera eta arazo sozialak testuinguru eta espazio-eskala askotarikoetan interpretatzeko, bai erantzunak eman eta erabakiak hartzeko, bai beste pertsona eta talde sozial batzuekin arauak betez elkarrekintzan aritzeko.

                  Konpetentzia sozial eta zibikoaren alderdi nabarmenak dira, besteak beste, informazioa aztertzea, beste pertsona batzuekin hitz egitea, egoerak ebaluatzea, arazo sozialetarako irtenbideak proposatzea, protagonistak eta interesak identifikatzea, eta fenomeno sozialen zergatiak eta ondorioak lotzea.

                  Konpetentziaren xedea da, alde horretatik, ikasleek garaiko gizarteen, sistema demokratikoen eta haien oinarri diren balioen antolaketa, funtzionamendu eta bilakaera zehatzari buruzko jakintza egokia izatea.

                  Ezagutza, trebetasun eta balio sozialak, zibikoak eta herritartasuna lantzen ditu konpetentzia sozial eta zibikoak. Alde horretatik, entzuteko, hitz egiteko, komunikatzeko eta irtenbide bideragarriak proposatzeko ahalmena izango du konpetentzia hori eskuratzen duenak, baita jarduera-plan pertsonalak osatzekoa ere, norberarentzat eta ingurukoentzat koherenteak eta arduratsuak izango direnak.

                  Gero eta ardura eta autonomia handiagoz jokatzeko aukera ematen du konpetentzia sozial eta zibikoak, eta gizarte-egoerekiko ikuspegi kritikoa zorrozten du, egoera horietan alderdi hauek aintzat hartzean: elkarrizketa, elkartasuna, partaidetza aktiboa, enpatia, balio demokratiko eta zibikoak, justizia soziala eta dibertsitatearekiko begirunea. Horrela jokatuta, bere nortasunaren gaineko kontzientzia eta garaiko gizarteetako bidegabekeria eta desberdintasunekiko kontzientzia hartzen ditu ikasleak, arian-arian.

                  Gizarte-gertakariak aztertzen eta ikuspegi sinplistak gainditzen laguntzen du konpetentzia honek, eta horrek guztiak gizakiek osatutako gizarteen konplexutasuna ulertzen laguntzen du. Balio eta jarrera pertsonalak lantzen ditu; hala nola, asertibitatea, ardura, autonomia, autokritika, pertseberantzia, norbere aukerez jabetzea, eta aukerak eta zailtasunak neurtzea arriskuak hartu baino lehen.

                  Era berean, gero eta pluralagoa den gizartearen adierazpen ugariak balioesten eta gozatzen laguntzen du.

                  Konpetentzia sozial eta zibikoaren bidez, ikastetxea ingurunera irekitzen da, eta gizartearen eta herritarren bizitza eraldatzen parte hartzen eta laguntzen du. Hala, eraldatze-prozesu horren protagonista bilakatzen da ikaslea, egunez eguneko bizi-esperientziaren bidez.

                  Barne hartzen dituen arloak eta ikasgaiak

                  Honako arlo eta ikasgai hauek barne hartzen ditu konpetentzia sozial eta zibikoak:

                  Lehen Hezkuntza:

                  Gizarte Zientziak.

                  Balio Sozial eta Zibikoak.

                  Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza:

                  Geografia eta Historia.

                  Balio Etikoak.

                  Ekonomia.

                  Ekintzailetza eta Enpresa Ekimena.

                  Kultura Klasikoa.

                  Filosofia.

                  5.3. Arloen eta ikasgaien ikuspegia.

                  Curriculumeko arlo eta ikasgai guztietan lantzen da konpetentzia sozial eta zibikoa, eta bereziki:

                  Lehen Hezkuntzan, pertsonak gizabanako sozialtzat hartzen dituzte Gizarte Zientzietako zientzia-diziplinek, eta alderdi geografiko, soziologiko, ekonomiko eta historikoetatik aztertzen dute haien errealitatea.

                  Etapa horretan, ikasleen ahalmenak lantzea da Gizarte Zientzien helburua, inguruan duten errealitatea interpretatzeko, errealitate horretan esku hartzeko, eta gizartean bizitzen ikasteko, demokraziaren funtsezko erakundeak eta mekanismoak ezagututa eta bizitza kolektiboaren arauak errespetatuta.

                  Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, Geografia eta Historia ikasgaia irakasten da; hala, gizarteek denboran izandako bilakaera ulertzeko ezagutzak eta metodoak ematen dizkie Historiak ikasleei; Geografiak, berriz, dimentsio espaziala eta gizakiek ingurune naturalean egindako ekintzak eta ekintza horien ondorioak aztertzen ditu. Gaur egun, ordea, gizakiaren eta gizarteen errealitatea ulertzeko, nahitaezkoa da, era berean, Gizarte Zientziaren arloko beste ikasgai batzuk kontuan hartzea, errealitate hori aztertzeko ikuspegi bestelakoak eta osagarriak ematen dituzten aldetik. Hori horrela, mundu gero eta globalizatuago honen ezaugarri ekonomikoei eta munduan parte hartzeko aukerei buruzko ezagutzak ematen dituzte Ekonomia eta Ekintzailetza eta Enpresa Jardueretarako Hastapena ikasgaiek. Kultura Klasikoa eta Filosofia ikasgaiek, berriz, mendebaldeko zibilizazioaren kultura- eta pentsamendu-oinarrien berri ematen digute.

                  Kultura Klasikoa ikasgaiaren xedea da antzinako greziarren eta erromatarren historia-, geografia-, gizarte-, politika- eta kultura-errealitatea behatzea eta aztertzea, eta, ikasgai hori ikasiz, ikasleek hobeto ulertuko dute mundua eta indartu egingo dute beren kontzientzia kritikoa.

                  Ikasgai horrek konpetentzia sozial eta zibikoa garatzen laguntzen du, antzinako greziarren eta erromatarren erakundeak eta bizimodua irakasten dituen aldetik. Izan ere, gizarte-antolaketaren, herritarren partaidetza publikoaren eta gizabanakoen eta kolektiboen eskubideen eta betebeharren mugaketaren erreferentzia historiko dira. Horrez gain, balio demokratikoak barneratzen laguntzen du; hala nola, gatazkak elkarrizketaren bidez konpontzen, norberarenak ez diren iritziak errespetatzen, ez diskriminatzen, eta elkartasuna izaten.

                  Aurrera egingo badute, beren historia ezagutu behar dute gizarteek. Zibilizazio greziar eta latindarrak eragin handia izan dute Europaren historian; beraz, ezinbestean ikasi eta ezagutu behar dira.

                  5.4. Integrazio-egoerak.

                  Konpetentea izateko, modu integratuan erabili behar dira norberak eskuratu dituen baliabideak, erronka edo arazo diren egoerak ebazteko. Gainditzeko moduko zailtasun-maila izan behar dute arazo eta egoerek, baina, era berean, ikasleentzat erronka izan behar dute. Askotariko familia edo multzotan aurkeztu arren, antzeko konplexutasun-maila dute arazoek, eta, ondorioz, parametro paretsuko baliabideak erabili behar dira haiek ebazteko.

                  Ikasleen interesguneak hartu behar dituzte kontuan ikaskuntza eta ebaluazioko egoera horiek, eta aintzat hartu behar dute nola ikusten eta interpretatzen duten mundua Lehen eta Bigarren Hezkuntzako gazteek. Ikasleek ez dute mundua berdin ulertzen eta interpretatzen Lehen Hezkuntzan eta Bigarren Hezkuntzan; beraz, interesguneek eta ikaskuntza- eta ebaluazio-egoerek ere desberdinak izan behar dute batean zein bestean.

                  Argibide gisa, egoera batzuk azalduko ditugu, konpetentzia sozial eta zibikoa eskuratzeko egokiak:

                  Eremu pertsonala: garapen pertsonaleko egoerak, ingurune gertukoan (etxean, familian, adiskideen eta inguruko pertsonen artean) izaten diren pertsonarteko garapenerako egoerak, eta pertsonei maila indibidualean eragiten dizkieten egoerak. Hainbat esparrutako egoera gatazkatsu askotarikoak, eta, bereziki, eguneroko bizitzako gatazka-egoerak; esaterako, ikastetxeko ordezkaritza, ikastetxeko elkarbizitza eta familia-bizikidetza.

                  Eremu soziala: tokian tokiko komunitateetan eta erakundeetan gertatzen diren egoerak, eta gizarte globalek, gainerako kulturak errespetatzen dituztenek, izaten dituzten arazo-egoerak. Pertsonaren nortasuna eta balioak eraikitzeko prozesuan, diferentzien edo ezberdintasunen izaera aberasgarria agertzen duten egoerak; esaterako, udal-mailako gaietan parte-hartzea; hirigintza alorreko aldaketak, ingurumeneko ekintzak, gainerako kulturekiko hartu-emanak, elkartegintza eta ongizate-estatuko zerbitzu publikoak.

                  Eremu akademikoa: ikaskuntza-egoerak eta ikasle diren aldetik bizi behar izaten dituzten egoerak, arazoak sorrarazten dituztenak; hala nola, lankidetza- eta kooperazio-taldeetan parte hartzea, berdinen arteko ikaskuntza eta akatsa ikasbide gisa hartzea.

                  Lan-eremua: lan-arloko egoerak eta lan-munduari loturikoak; esaterako, laneratze osoa edo partziala, lana bilatzea, enplegu-politika aktiboak dituzten erakundeei buruzko ezagutza, laneko eskubideak eta betebeharrak, jarduera ekonomikoa, eta lanerako etengabeko prestakuntza.

                  Konpetentzien araberako hezkuntzaren ikuspegitik, eskolaren rola ezin da mugatu edukiak irakatsi eta ikasaraztera, egoera konplexuak ebazteko ezagutza eskuragarriak erabiltzen eta transferitzen ere irakatsi behar baitu, ikasleak bizitza pertsonalerako, sozialerako, akademikorako eta lanerako prestatzeko.

                  5.5. Arlo eta ikasgai sozial eta zibikoek ematen duten laguntza oinarrizko konpetentziak lortzeko.

                  Arloek eta ikasgaiek ematen duten laguntza oinarrizko zehar-konpetentziak eskuratzeko

                  Konpetentzia sozial eta zibikoak hainbat ikaskuntza-esparrutatik laguntzen du oinarrizko zehar-konpetentziak lantzen.

                  Elkarbizitzarako konpetentzia

                  Konpetentzia sozial eta zibikoko ikasgaien bitartez, gizarte-taldeen ezaugarriak ikasten dituzte ikasleek, eta talde horietan gogoz eta arduraz parte hartzeko trebetasun giltzarriak eskuratzen dituzte. Aintzat hartu behar da gizarte-taldeek elkarri eragiten diotela, denboraren poderioz antolatzen direla, eta askotariko bizikidetza-gatazkak eta tentsioak izan dituztela eta izaten ari direla. Prozedura baketsu eta demokratikoen bidez esku hartu behar da gatazka horietan.

                  Norbera izaten ikasteko konpetentzia

                  Beren burua hobeto ulertzen laguntzen die konpetentzia sozial eta zibikoko ikasgaiek ikasleei, pertsona errepikaezinak diren aldetik. Ikasgai horien bidez, gizartean beste pertsona batzuekin bizi garela ulertuko dute, eta taldeetan antolatzen garela, helburu askotarikoak izanda maila bakoitzean (familian, eskolan, auzoan, udalerrian, estatuan eta gainerako mailetan).

                  Hitzezko eta hitzik gabeko komunikaziorako eta komunikazio digitalerako konpetentzia

                  Konpetentzia sozial eta zibikoko ikasgaiek komunikatzen eta besterekin hitz egiten laguntzen dute; izan ere, ekintza horiek egiteko, gainerako pertsonekin eta ingurunearekin lotura eta harreman eraikitzaileak sortzeko trebetasunak izan behar dira. Horrez gain, beste kultura batzuetara gerturatu eta, ezagutu ahala, haiek errespetatzeko eta aintzat hartzeko aukera ematen dute. Elkarrekin bizitzeko eta arazoei aurre egiteko ahalmen eraginkorraren osagaia da komunikazioa, eta bitarteko egokia izan daiteke berdintasuna landu eta estereotipoak, adierazpen sexistak, etnizistak, arrazistak eta bestelakoak gainditzeko.

                  Informazioak berebiziko garrantzia du konpetentzia sozial eta zibikoan. Informazioa lortu eta komunikatzeko ekintzak baliatu behar dira informazio hori bilatu, bildu eta prozesatzeko, eta ekintza horien bidez izango da norbera konpetentea askotariko testuak sortu eta erabiltzeko, komunikazio-xedearen arabera.

                  Ikasten eta pentsatzen ikasteko konpetentzia

                  Konpetentzia sozial eta zibikoko ikasgaiek hainbat tresna ematen dituzte gero eta autonomia handiagoz lantzeko gizarte-errealitatearen gaineko azterketa kritiko eta zorrotza. Ikasgai horiek lagungarri dira, era berean, arazoen ikuspegi estrategikoa izateko eta gizarte gero eta globalago honen aldaketak iragarri eta aldaketa horietara egokitzeko. Datuen azterketa landuta, arrazoibide induktiboa sustatzen dute, gizarte-egoera eta -gertaeren interpretazioak osatzeko; eta, era berean, arrazoibide hipotetiko deduktiboa sustatzen dute, haien azalpenak, arrazoi edo kausa anitzekoak, eraiki ahal izateko.

                  Ekimen eta espiritu ekintzailerako konpetentzia

                  Pentsatzeko, antolatzeko, buruz ikasteko eta informazioa berreskuratzeko estrategiak lantzen laguntzen dute konpetentzia sozial eta zibikoko ikasgaiek. Planifikatzeko eta gauzatzeko ekimenak eta erabakitzeko prozesuak osatzen laguntzen dute. Gizartearen antolaketa eta funtzionamendua ezagutzen eta haren azterketa kritikoa egiten laguntzen duten aldetik, konpetentziari lotutako ikasketek tresna egokia izan behar dute gizartea hobetzeko ekintzak eta ekimenak pentsatzeko.

                  Arloek eta ikasgaiek ematen duten laguntza oinarrizko zehar-konpetentziak eskuratzeko

                  Konpetentzia giltzarri espezifiko batzuk lantzen laguntzen du konpetentzia sozial eta zibikoak, zenbait ikaskuntza-esparrutatik.

                  Arterako konpetentzia

                  Konpetentzia sozial eta zibikoak artearen adierazpenak ezagutzen eta balioesten laguntzen du haren baitako arloen bidez, eta haren helburuetako bat da arte-egitatea bera ulertzeko eta hura aztertzeko ezinbestekoak diren elementu tekniko, estetiko eta adierazgarriak ematea ikasleei. Konpetentzia honen bidez, halaber, arte-egitatea balioesten da, pertzepzio- eta sentsibilizazio-trebetasunak eskuratzen dira, artelanekin hunkitzeko gaitasuna garatzen da eta kultura-ondarea balioetsi, errespetatu eta zaintzeko interesa pizten da.

                  Zientziarako konpetentzia

                  Konpetentzia sozial eta zibikoak giza jardueraren espazio fisikoari, eta, besteak beste, eremu geografiko handiei eta ikaslearen inguruneari erreparatzen die, eta haren elementuak hauteman eta ezagutzeko arloen bidez, espazio eta paisaia naturalen benetakoen nahiz irudien bidez adierazitakoen orientazioa, kokapena, behaketa eta interpretazioa lantzen du. Horrez gain, gizakiek ingurunean gauzatutako ekintzak eta ekintza horien ondorioak aztertzea sustatzen du. Ingurunea norberaren nahiz komunitatearen esparruan zaindu eta babestu beharraz kontzientziatzen ditu ikasleak.

                  Matematikarako konpetentzia

                  Konpetentzia sozial eta zibikoko ikasgaiek datu kuantitatiboak ulertzen laguntzen dute. Izan ere, ikasgai horien osagai dira eragiketa errazak; magnitudeak, ehunekoak eta proportzioak; oinarrizko estatistika-nozioak; zenbaki- eta grafiko-eskalak; forma geometrikoen erreferentzia- edo ezagutze-sistemak; eta, halaber, neurri-irizpideak, informazioen kodifikazio numerikoa eta horien irudikapen edo errepresentazio grafikoa. Horrez gainera, ingurune fisikoaren ezaugarri espazialak, mapak, profil topografikoak eta beste alderdi asko ezagutzeko bide ematen du. Gizarte-errealitatea deskribatzeko eta aztertzeko erabiltzen baldin badituzte tresna horiek guztiak, gero eta nabarmenago ikusiko dute ikasleek, hainbat egoeratan, haren aplikagarritasuna eta funtzionaltasuna.

                  3.6. ARTERAKO KONPETENTZIA.

                  6.1. Definizioa eta osagaiak.

                  Hainbat kultura- eta arte-adierazpen ulertzea eta modu kritikoan balioestea, denbora- eta erabilera-testuingurutan, faktore estetikoek pertsonen eta gizarteen bizitzan duten garrantziaz jabetzeko. Era berean, arte-hizkuntzak ezagutzea, eta haien kodeak erabiltzea arte-mezuak ekoitzi eta nork bere burua ekimenez, irudimenez eta sormenez adierazi eta komunikatzeko.

                  Osagaiak

                  Honako osagai hauek ditu arterako konpetentziak:

                1. Hizkuntza artistikoak adierazteko eta komunikatzeko baliabideak direla ulertzea, haiek norberaren arte-ekoizpenetan erabiltzea, eta hizkuntza horiek obra artistiko eta kulturaletan identifikatzea.

                2. Arte-produktuak era pertsonal eta arrazoituan sortzea hainbat egoera eta bizi-esparrutan, emozioak, bizipenak eta ideiak adierazteko, irudikatzeko eta komunikatzeko.

                3. Dagozkien denboran eta kulturan interpretatzea arte-adierazpenak eta -ekoizpenak, eta horietan dauden funtzioak eta erabilerak aztertzea eta bereiztea, pertsonen bizitzan duten esanahia eta eragina ulertzeko.

                4. Gogoetaren eta kritikaren bidez balioestea ondare artistiko eta kulturaleko elementuak, herrien nortasunaren eta kulturen oinarri diren aldetik, herrien arteko hartu-emanaren, kulturen arteko elkarrizketaren eta esperientzia partekatuen harian.

                  6.2. Konpetentziaren ezaugarriak eta barne hartzen dituen arloak eta ikasgaiak.

                  Arterako konpetentziaren ezaugarri dira adierazpen kultural eta artistiko askotarikoak ezagutzea, ulertzea, balioestea eta ikuspegi kritikoz ebaluatzea, haiek aberastasun- eta gozamen-iturri gisa erabiltzea eta herrien ondare direla ulertzea. Halaber, konpetentzia hori izateko, lengoaia artistikoen teknika, baliabide eta konbentzio nagusien oinarriak ezagutu behar dira, eta haien kodeak erabili behar dira, adierazpen ekintzaile, irudimentsu eta sortzaileak egiteko.

                  Kultura-adierazpenak ezagutu, ulertu, estimatu eta kritikoki balioesteko, adierazpen horien eta gizartearen adierazpenaren garaiko pentsamoldearen eta aukera teknikoen arteko harremanak identifikatu behar dira, edo bestela, adierazpenaren eta hura sortu duen pertsonaren edo taldearen artekoak. Arterako konpetentzia duenak kultura-bizitzan parte hartzeko interesa adierazi behar du, ahalmen estetikoa landu behar du, eta norberaren komunitatearen eta beste komunitate batzuen kultura- eta arte-ondarea zaintzen lagundu.

                  Kultura-adierazpenak era horretan ulertuta, ikasleak pentsamoldeen, korronte estetikoen, moden eta gustuen bilakaeraz jabetu behar du, eta aintzat hartu behar du zer-nolako garrantzia duten faktore estetikoek pertsonen eta gizarteen eguneroko bizitzan batez ere, gaur egunekoan, eta zehazki, irudikapenaren, adierazpenaren eta komunikazioaren esparruetan.

                  Arterako konpetentzia izateko, pentsaera dibergenteko eta konbergenteko trebetasunak baliatu behar dira, norberaren eta gainerako pertsonen ideiak eta sentimenduak lantzeko; era berean, ulertzeko eta adierazteko sorburuak, moldeak eta bideak topatu, eta emaitzak lortzeko prozesuak planifikatu, ebaluatu eta doitu behar dira. Horrela, bada, arterako konpetentzia izatea baliagarri zaio norberari, adierazpenak egin eta komunikatzeko, arteen munduko askotariko errealitate eta ekoizpenak hauteman eta ulertzeko, eta gero eta pertsona jantziagoa izateko.

                  Halaber, eta jarduera kultural eta artistikoak, maiz, talde-lanean egin behar direla kontuan izanda, elkarlanerako trebetasunak izan behar ditu ikasleak, azken emaitza jakin bat lortzeko eta gainerako pertsonen ekimen eta ekarpenak bultzatu eta estimatzearen garrantziaz jabetzeko.

                  Azkenik, arterako konpetentziak errealizazio pertsonal, akademiko, sozial eta profesionalaren bidea urratzen laguntzen die ikasleei, konpetentzia horren baitan sartzen baita sentsibilitatea, esperientzia estetikoa eta pentsamendu sortzailea lantzea, eta proiektuetan beste diziplina batzuekin elkarrekintzan aritzea, gainerako oinarrizko konpetentziak lantzen diren bitartean.

                  Honako arlo eta ikasgai hauek barne hartzen ditu arterako konpetentziak:

                  Lehen Hezkuntza:

                  Arte Hezkuntza.

                  Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza:

                  Plastikako, Ikusizko eta Ikus-entzunezko Hezkuntza.

                  Musika.

                  Arte Eszenikoak eta Dantza.

                  6.3. Arloaren eta ikasgaien ikuspegia.

                  Arterako konpetentziak barne hartzen dituen arloak eta ikasgaiak lantzeari ekitean, kontuan izan behar da arte-adierazpenak etengabe ageri direla pertsonen bizitzan eta ingurunean. Gero eta gehiago zaintzen da alderdi estetikoa ikusizko arteen, arte eszenikoen, musikaren edo dantzaren goi-mailako arte-produktuetan, eta irizpide estetiko horri berari jarraitzen diote kontsumitzen ditugun soinu, objektu eta irudi ia gehienek.

                  Gizartean ugari dira erreferentzia estetikoak, eta agerikoa da haien presentzia sozializatzeko eta nortasuna eraikitzeko prozesuetan eta bizi dugun munduari buruz ditugun ideiak osatzeko prozesuetan. Informazioaren eta komunikazioaren teknologien garapenaren ondorioz, nabarmen aldatu da erreferentzia estetiko horiek hartzen dituen kultura-testuingurua; izan ere, teknologia horien bidez, masiboki kontsumitzen dira musika eta irudiak, eta gero eta estuagoak eta aberatsagoak dira arte-adierazpen askotarikoen (musika, dantza, ikusizko arte eta masa-medioetako bestelako produktuen) arteko elkarketak.

                  Gaur egun, berebiziko garrantzia du ikasleak arte-esparruetan heztea, artean behar direnen pareko pentsamendu-gaitasunak behar eta sortzen baitira, helburu artistikoak izan edo ez, eguneroko bizitzan irudien eta musikaren bidez ematen informazioa erabiltzeko. Arte-jarduerak lagungarri dira sormena, irudimena, autonomia, pertzepzioa eta alderdi motorra, sentsibilitate estetikoa, adierazpen pertsonala, pentsamendu kualitatiboa, adimen emozionala, komunikatzeko eta sozializatzeko ahalmena eta beste ahalmen asko lantzeko, eta ahalmen horiek iragazki gisa erabili behar ditugu ikusizko, musikako, antzerkigintzako eta bestelako produktuekiko harremanetan.

                  Arte-hezkuntza, gaur egun ulertzen den moduan, ekoizpen hutsetik harago doa, hau da, hezkuntza horrek ez du mugatu behar teknika- eta hizkuntza-tresnak irakastera, gerora arte-egitateen kultura- eta gizarte-dimentsioan murgiltzeko. Ikono-elementuek bai tradizionalek, bai teknologiaren bidez sortutakoek garrantzi, dimentsio eta potentzialtasun itzela dute gure gizartean, eta kontsumorako elementu bilakatu direnez, haiek interpretatzen eta ikuspegi kritikoz aztertzen erakutsi behar zaie ikasleei. Ikasleei erakutsi behar zaie pertsonen ideien, sentimenduen, sinesmenen eta jarreren adierazpen direla arte modu guztiak, gizabanakoen eta taldeen nortasunaren berri ematen dutela eta, era berean, nortasun horiek osatzeko tresna ere badirela.

                  Ikasgelan landu behar dira artearen erabilerak, eta arteak, gizakien kultura-produkzioan txertatzen den aldetik, bizitzearen esperientziarekin duen lotura zuzena erakutsi behar da, mitifikazioetatik eta esentzialismoetatik harago. Horrela jokatu behar da gure kulturan artearen eta pertsonen bizitzaren artean sortu den distantzia handia apurtzeko.

                  Lehen Hezkuntza

                  Ikasleak, Lehen Hezkuntzan, irudien, marrazkien, musikaren eta beste adierazpen ugariren sortzaile, erabiltzaile eta hartzaile izaten dira, eta aldaketa asko eta handiak izaten dituzte jarduera horietan. Sortzaile diren aldetik, haiek jolas moduan sortzetik ia batere ez sortzera igarotzen dira, eta erabiltzaile diren aldetik, nabarmen handitzen dute haien erabilera, irizpide kritikorik baliatu gabe sarri askotan. Ikasleen gizarte-ingurunean eragin erabakigarria duten zenbait faktoreren ondorioz gertatzen dira aldaketa horietako asko; hala nola, modaren eta gizarteko hedabideen eta arte helduaren ikusizko eta musikako irizpide estetikoen ondorioz. Beste ikasgai batzuetan ez bezala, irudiak eta musika beti ageri dira, artistikoak izan edo ez, ikasleen bizitzako alderdi funtsezko askotan; esaterako, emozioetan, nortasunean eta sozializazioan.

                  Arretaz zaindu behar dira aldaketa-prozesu horiek haurtzarotik preadoleszentziara igarotzerakoan, distortsiorik eta etenik sor ez dadin ikaslearen erreferente estetiko bisualen eta musikalen eta eskola-kulturako erreferenteen artean. Kontuan izan behar da ikaslearentzat gero eta garrantzi handiagoa izango dutela bere erreferente estetiko bisual eta musikal propioek. Ondorioz, bizi duten kultura ulertzen lagundu behar die eskolak ikasleei; horretarako, kulturarekiko harremanak landu behar dira, ikasleek irizpide baliagarriak lan ditzaten eta zentzu kritikoa gara dezaten.

                  Adierazi behar dugu, era berean, dimentsio gogoetatsu hori ez dela inola ere ulertzen sorkuntza-lanetik isolatuta edo horren ordezko gisa, bereziki Lehen Hezkuntzan; izan ere, neska-mutilak prozesu aldakor eta oso delikatu batzuetatik igarotzen dira ekoizle gisa, eta arretaz gainbegiratu behar dira prozesu horiek, behar adina laguntza eta bitartekaritza-prozesu bideratuz, urte horietan goizegi utz ez diezaioten sorkuntza lantzeari.

                  Bigarren Hezkuntza

                  Bigarren Hezkuntzan, funtsezkoa da, ikasleen ikuspegitik, bizi duten kultura hausnartu eta aztertzeko tresnak jasotzea curriculumean, erreferente estetiko ugari baliatzen baitituzte eguneroko bizitzan; maiz, haien erabilera akritikoa eginda. Kontuan izan behar da erreferente horiek, adin horretan, eragin nabarmena izaten dutela sozializatzeko eta nortasuna zein balioak eraikitzeko prozesuetan.

                  Bigarren Hezkuntzako ikasleak aurreko etapan baino gogoeta helduagoa egiteko moduan dira, eta ondorioz, hobeto uler ditzakete arte-egitateak, artearen ikuspegia beren bizitzatik eta interesetatik urrun izan baita ordura arte. Artearen ideia edo ikuspegi hori sistema baten baitan sartzeko modukoa izan behar du ikasleentzat, eta sistema horrek, gizartearen adierazpen estetikoak eta erabilera, funtzio eta esanahi kulturalak lotzeaz gain, barne hartu behar ditu ikasleen beren bizipen eta kezka estetikoak. Bizipen eta kezka estetiko horiek harremanetan jartzeko espazioak bideratu behar ditu eskolak, distortsiorik sortu ez eta eskolako kulturaren eta ikasleek ikasgelatik kanpo bizi duten arte-esperientziaren arteko tartea murriztu dadin.

                  Horrenbestez, arte-produktu askotarikoak landu behar dira, bai goi-mailako arte-kulturako produktuak, gaur egun ageri duten aberastasun eta bizitasun handia erakutsita, bai bizitzan ageri diren arte-produktuak.

                  6.4. Integrazio-egoerak.

                  Konpetentea izateko, modu integratuan erabili behar dira norberak eskuratu dituen baliabideak, erronka edo arazo diren egoerak ebazteko. Gainditzeko moduko zailtasun-maila izan behar dute arazo eta egoerek, baina, era berean, ikasleentzat erronka izan behar dute. Askotariko familia edo multzotan aurkeztu arren, antzeko konplexutasun-maila dute arazoek, eta, ondorioz, parametro paretsuko baliabideak erabili behar dira haiek ebazteko.

                  Ikasleen interesguneak hartu behar dituzte kontuan ikaskuntza eta ebaluazioko egoera horiek, eta aintzat hartu behar dute nola ikusten eta interpretatzen duten mundua Lehen eta Bigarren Hezkuntzako gazteek. Ikasleek ez dute mundua berdin ulertzen eta interpretatzen Lehen Hezkuntzan eta Bigarren Hezkuntzan; beraz, interesguneek eta ikaskuntza- eta ebaluazio-egoerek ere desberdinak izan behar dute batean zein bestean.

                  Argibide gisa, egoera batzuk azalduko ditugu, arterako konpetentzia eskuratzeko egokiak:

                  Eremu pertsonalean, kontuan hartu behar dugu ikasleak sentikor direla beren objektuen eta entzuten duten musikaren bidez eta haien aisian eta eguneroko bizitzako hainbat esparrutan adierazten diren kezka eta esperientzia estetikoekiko, eta horiek guztiek lotura handia dutela beren nortasuna egituratzeko prozesuarekin. Horrenbestez, proposatuko ditugun egoerek sortzaile izatera bultzatu behar dute ikaslea, eta horien baitan, subjektu autonomoen kontzientzia izan behar dute, irizpide propioak balia ditzaten mundua interpretatzeko, erabakiak hartzeko eta irtenbideak lantzeko, irudiak, musika, mugimendua eta bestelako adierazpenak ekoizten dituztenean. Norberaren ekoizpen horiek, sarritan, ikasleak musika entzun eta ikusizko produktuak kontsumitu ondoren edo horiekiko hartu-emanean sortzen dira.

                  Eremu sozialean, kontuan izan behar dugu ikasleek irudi- eta soinu-euskarriko produktu ugari kontsumitzen dituztela. Horietako batzuk goi-mailako kultura artistikoaren eremukoak dira, baina ugari dira, era berean, eguneroko bizitzaren eremukoak; hala nola, janzteko modak, musikako azken joerak, gazteentzako aldizkariak, ikuskizunak, publizitatea eta komunikabideak. Baliabide artistiko horien erabilera lehenetsi behar dute proposatutako egoerek, eta adierazpen askatasuna, kultura-aniztasuna eta esperientzia partekatuak balioesteko bide eman behar dute.

                  Eremu akademikoan, Lehen Hezkuntzako ikasleak arte-produktuen ekoizle eta haien erabiltzaile edo hartzaile izaten dira, eta etapa horretan, aldaketa handiak izaten dituzte ikuspegi batetik zein bestetik. Ekoizle edo sortzaile diren aldetik, jolasean arte-ekoizpenak sortu eta gozatzetik ia bat bera ere ez ekoiztera igarotzen dira, eta erabiltzaile diren aldetik, berriz, nabarmen handitzen dute haien erabilera, modu akritikoan askotan. Ekoizpenaren alderdiari erreparatuta, arte-produktuak sortzen jarraitzeko behar dituzten egiturak eta bitartekaritza-prozesuak helarazi behar dizkie eskolak ikasleei; eta erabileraren alderdiari begiratuta, berriz, bizi duten kultura ulertzen eta harekin hartu-emanean izaten lagundu behar die, irizpide baliagarriak osatu eta behar duten zentzu kritikoa gara dezaten. Bigarren Hezkuntzan, normala izaten da arte-hezkuntzaren dimentsio sortzailea ahultzea eta gogoetaren dimentsioa handitzea. Horrenbestez, lehentasunez bultzatuko da, besteak beste, interpretazio kritikoak egitea, balio kulturalak balioestea, ekintza artistikoen eta estetikoen artean erlazio konplexuak ezartzeko gauza izatea, norberaren esperientzia estetikoei buruzko gogoeta egiteko gai izatea, eta arteek nortasuna egituratzeko duten potentzialtasunaren gainean hausnartzeko gaitasuna izatea.

                  Jakina da arteak pertsonen bizitza eta haien ingurune hurbilak eraldatzeko ahalmena duela; beraz, arterako konpetentzia egokitasunez lantzen baldin bada, hobetu egingo dira gure ikasleen bizitza pertsonala eta haien bizi-inguruneak eskola izango da, horrenbestez, hobera egingo duen inguruneetako bat. Arterako konpetentzia egokitasunez lantzen baldin bada, hobetu egingo dira ingurune fisikoaren soinuak eta irudiak, ingurune osasungarriak eta atseginak sortuko baitira, eguneroko jarduera akademikoak egiteko egokiak.

                  Lan-eremua jorratzeko, ikasgelan landutako egoerek baliagarri izan behar dute ikasleek modu kontzientean atxiki daitezen musikarekin, ikusizko esparruarekin eta gero eta gehiago lantzen dituzten arte-adierazpenekin. Ikasleek ikasgelan eta ikasgelatik kanpo baliabide ugarirekin konektatzeko duten ahalmena handitzen baldin badugu, handitu egingo dugu, era berean, ideia berriak sortzeko ahalmena, eta zabaldu egingo dugu haien hazkunde pertsonalerako bidea.

                  Konpetentzien araberako hezkuntzaren ikuspegitik, eskolaren rola ezin da mugatu edukiak irakatsi eta ikasaraztera, egoera konplexuak ebazteko ezagutza eskuragarriak erabiltzen eta transferitzen ere irakatsi behar baitu, ikasleak bizitza pertsonalerako, sozialerako, akademikorako eta lanerako prestatzeko.

                  6.5. Artearen arloek eta ikasgaiek ematen duten laguntza oinarrizko konpetentziak lortzeko.

                  Arterako konpetentziaren baitako arloek eta ikasgaiek curriculumaren oinarrizko zehar-konpetentziak eta konpetentzia espezifikoak lantzen laguntzen dute, ezinbestekoak baitira komunikazioak gauzatzeko, mundua irudikatzeko, gizartean moldatzeko, sentimenduak adierazteko eta sormena sustatzeko.

                  Arloek eta ikasgaiek ematen duten laguntza oinarrizko zehar-konpetentziak eskuratzeko

                  Hitzezko eta hitzik gabeko komunikaziorako eta komunikazio digitalerako konpetentzia

                  Arlo eta ikasgai guztietan gertatzen den moduan, arterako konpetentzia eskuratzeko bitarteko dira komunikazio-truke askotarikoak baliatzea, komunikaziorako arauak erabiltzea, komunikazio-prozesuak azaltzea eta ikasgaiaren hiztegi espezifikoa lantzea. Era berean, konpetentzia lantzeko bitarteko dira lan-prozedurak transkribatzea, emandako irtenbideei buruz argudiatzea eta artelana balioestea. Berariaz adierazi behar da abestiak oso tresna egokiak direla hiztegi berria barneratzeko, gure erkidegoko bi hizkuntza ofizialak sendotzeko, eta bigarren eta/edo hirugarren hizkuntzen ikasketa indartzeko.

                  Gogoan izan behar dugu, halaber, irudiak eta soinua direla informazio- eta komunikazio-euskarri berrien egitura-ardatz ia bakarra, eta euskarri horiek esperientzia estetikoak biziarazi nahi dizkiotela erabiltzaileari. Irudiak eta musika ia ezinbestean erabili behar dira aurkezpenak egiteko, argazkiak ordenagailuan gordetzeko edota mezuak bidali eta jasotzeko. Egile edo autore askoren iritzian, alfabetatze berri eta ezinbesteko dira, gaur egun, irudiak eta soinua erabiltzeko eta ulertzeko ahalmen horiek, eta arterako konpetentziaren arloak eta ikasgaiak landu behar dira esparru horretan konpetentea izateko. Helburua da, azken buruan, balio estetikoa duten mezuak sortzeko erabiltzea hizkuntza teknologiko-digitala eguneroko bizitzan, eta teknologiaren erabilera horiek baliatzea soinu eta ikusizko informazioaren lotutako pentsamendu-prozesuetan. Gaur egun, arte-ekoizpenak berak ere gero eta gehiago baliatzen ditu euskarri teknologikoak, eta arterako konpetentzia ezinbestekoa da alor horretan.

                  Ikasten eta pentsatzen ikasteko konpetentzia

                  Norberaren gaitasunaren eta jakintzaren kontzientzia, kudeaketa eta kontrola eskuratzen laguntzen dute arterako konpetentziaren arloek eta ikasgaiek; horrenbestez, proiektuen bidezko lana sustatu behar da, ikasleek, proiektu horien baitan, erabakiak har ditzaten, baliabide egokiak bila ditzaten, eman beharreko urratsei buruzko gogoeta egin dezaten, erabakiak hartzeko arrazoiak zehaztu eta argudia ditzaten, eta, besteak beste, ikasitakoaren balantzea egin dezaten.

                  Bide bera urratzen dute arte-proiektuak eta ikerketa gogoetatsuak. Estrategia metodologiko horrek zalantzan jartzen du artea bat-bateko ekoizpena edo inspirazio hutsa denik, ez du artearen lan modua gainerako lan moduetatik bereizten; horrenbestez, ikasketa-esperientzien eta ezagutza-esparruen arteko zubiak egiteko aukera ematen du estrategia horrek, eta prozesu esperimentalak eta intuitiboak errazten ditu. Estrategia horrek, era berean, honako hauek ikasteko aukera ematen die ikasleei: baliabide egokiak bilatu behar direla, gainerako pertsonengandik ikasi behar dela eta, aurrera egiteko, lankidetzan aritu behar dela.

                  Ekimenerako eta espiritu ekintzailerako konpetentzia

                  Proiektuak eta, besteak beste, artelanak egiteko prozesuek ekarpen baliagarriak egiten dituzte, haien hasierako esplorazio-lanari ekiten diotenetik azken produktua ekoizten duten arte, originaltasuna eta forma berritzaileak bilatzeko, baina, horrez gainera, malgutasunez jokatzen laguntzen dute, modu bat baino gehiago izan baitaitezke egoera jakin bati aurre egiteko.

                  Arlo eta ikasgai horietan, musika eta irudiak baliatzen ditu ikasleak munduan jarduerak egiteko, eta elementu horiek aztertzean, beste subjektu batekin jartzen da hartu-emanean, musika eta irudi horien sortzailearekin. Ondorioz, pertsonek iritziak eta pentsamendu propioak osatu behar dituzte hartu-emanaren xedeko dokumentu plastikoa, soinuduna, bisuala edo ikus-entzunezkoa deszifratzean.

                  Jarduera horien bidez, erabakiak hartzeko, nork bere irizpidea osatzeko eta ideiak eta prozesuak lantzeko prestakuntza eskuratzen da eta ekimenerako konpetentzia eskuratzeko bidea urratzen.

                  Elkarbizitzarako konpetentzia

                  Haien sorrerako gizartearen isla dira arte eta produktu bisual eta musikalak, eta beren ekoizpen-testuinguruei loturik daude. Konpetentzia sozial eta zibikoa lantzen laguntzen dute arte-diziplinek, eta iraganeko eta garaiko kezka sozialei buruzko gogoeta egiten laguntzen dute.

                  Praktika artistikoak, gainera, bitarteko dira, besteak beste, diskurtsoak antolatzeko, erantzunak eraikitzeko eta egoerak problema moduan adierazteko, eta emozio-indar handia eta eraginkortasun sozial itzela eransten diote alderdi estetikoari. Garrantzi handia du ikasleei adieraztea erantzun, begiratu eta sentitzeko modu propioak landu behar dituztela, baina horren pareko garrantzia du ikasleei artearen gizarte-erabilerak ikusarazteak.

                  Historiak artearen ikuspegi indibiduala nabarmentzen duen arren, artea egitate soziala da maila guztietan. Alde horretatik, talde-lanerako esparrua izan daiteke arte-ekoizpena, egokia begirunea, elkarbizitza, tolerantzia eta elkartasuna lantzeko. Era berean, beste hainbat balio landuko ditugu arterako konpetentziaren baitako arlo eta irakasgaietan; hala nola, errespetua, gainerako pertsonen ekoizpenak onartzea, eta pertsonek eta kulturek munduan moldatzeko eta mundua arteen bidez ulertzeko dituzten molde askotarikoak balioestea.

                  Ekimen eta espiritu ekintzailerako konpetentzia

                  Proiektu sortzaile bati ekiteko, ezinbestekoa da autonomiaz jokatzea, ekimenak abian jartzea eta hainbat aukera eta konponbide kontuan hartzea. Erantzun irekiak emateko modua den aldetik, norberaren eta taldearen aukera anitzak onartzen ditu arte-adierazpenak, autoestimua eta nortasuna indartzen ditu, emozioak eta afektibitatea lantzen ditu, eta erantzun ireki horiek kudeatzen laguntzen du.

                  Norbera izaten ikasteko konpetentzia

                  Lan artistikoaren bidez, gure eta gainerako pertsonen sentimenduak araka ditzakegu, era berean, sentimendu horiek berrirakurri eta berrosatu ditzakegu, eta gure esperientzia propiora egokitu. Lan artistikoek begirada berriak eskaintzen dituzte, errealitatea berrikusteko eta kezkak eta sentimenduak askatasunez adierazteko aukera ematen dute. Alde horretatik, garrantzitsua da, haurtzaroan eta nerabezaroan bereziki, emozioak kudeatzeko eta nortasuna adierazteko bideak izatea.

                  Arloek eta ikasgaiek ematen duten laguntza oinarrizko konpetentzia espezifikoak eskuratzeko

                  Oinarrizko zehar-konpetentzia guztiak garatzen laguntzeaz gain, oinarrizko konpetentzia espezifikoak garatzen laguntzen dute, gutxi-asko. Konpetentzia espezifikoak zuzenean daude lotuta curriculumaren arlo jakin batzuekin, baina, ikaskuntzaren planteamendu globalizatzailea oinarri hartuta, haren garapenean arlo guztiek eragiten dutela ulertzen da.

                  Konpetentzia sozial eta zibikoa

                  Arte-egitateak ulertzeko, ezinbestean hartu behar dira kontuan haien sorburuko kultura eta produkzio-testuingurua, hau da, balioak eta, besteak beste, alderdi ekonomikoak, ideologikoak, teknikoak, erlijiosoak eta zientifikoak. Gizartea aztertzeko bitartekoa izan behar dute arteak eta garaiko musikaren eta produktu bisualen ekoizpenak. Gizartera gerturatu eta haren irakurketa kritikoa egiteko aukera eman behar dute. Konpetentziaren baitako arlo eta ikasgaiek, hortaz, ikuspegi horretatik landu behar dituzte arte-egitateak, eta, balio formal eta estetikoak lantzera mugatu gabe, konpetentzia sozial eta zibikoa garatzen lagundu behar dute.

                  Matematikarako konpetentzia

                  Matematikaren baliabideak eta pentsatzeko modua baliatu behar izaten dira proiektu artistiko askoren arazo teknikoak konpontzeko. Konpetentzia honen baitako arlo eta ikasgaiek matematikarako konpetentzia lantzen laguntzen dute, espazioa irudikatzeko sistema jakin batzuk sortuta hala nola, forma geometrikoak marraztekoak, era guztietako objektuak diseinatzekoak, neurriak eta posizioak baliatzekoak formen arteko erlazioak ulertzeko, eta, pertsonen eta objektuen kokapen espaziala zehaztekoak, musika-diskurtsoen denbora-irudikapena eginda, eta musikaren funtsezko elementuetan proportzioak, bitarteak eta simetriak erabilita.

                  Hizkuntza- eta literatura-komunikaziorako konpetentzia

                  Hizkuntza-komunikaziorako konpetentzia lantzen laguntzen da arlo eta ikasgai horietan sortzen den arte-ekoizpen gehienaren bitartez. Arte-ekoizpen hori osatzen dute soinuen, koloreen, formen eta mugimenduaren erregistroek eta arte-ekoizpen horretan guztiz integraturiko ahozko eta idatzizko lengoaiek. Hizkuntza landu behar da musika-ekoizpen ugaritan, garaiko artearen adar ugaritan eta produktu estetiko askotan (publizitatean, bideojokoetan, komikietan eta beste produktu askotan).

                  Hizkuntzaren alderdi denotatiboa lantzeaz gain, haren alderdi poetikoa, erretorikoa, sinbolikoa eta beste zenbait alderdi lantzen dira musikari hitzak jartzean eta produktu estetikoetan testuak txertatzean. Jarduera horiek eginda, bereziki landu eta garatzen dira, hizkuntzaren bidez, pentsamendu emozionala, adimen kualitatiboa eta sentsibilitatea.

                  3.7. KONPETENTZIA MOTORRA.

                  7.1. Definizioa eta osagaiak.

                  Konpetentziaren definizioa

                  Autonomiaz, izaera kritikoz, sormenez eta adierazkortasunez lantzea norberaren, gainerako pertsonen eta ingurune fisiko eta kulturalaren jardun-eremu motorreko egoerak, eta jokabide motorra lantzen laguntzen duten jakintzak, prozedurak eta jarrerak barneratzea, jarduera fisikoa eta kirola egiteko ohiturak hartu eta, bizimodu osasungarri batean oinarrituta, ongizate osoa lortzen laguntzeko.

                  Osagaiak

                  Honako osagai hauek ditu oinarrizko konpetentzia motorrak:

                1. Jokabide motor autonomorako gaitasun eta trebetasun fisikoak lantzea, eta horretarako, ohikotasunez egitea, banaka nahiz taldean, jarduera fisikoak, ludikoak eta kirolak, ongizate pertsonala eta soziala bermatzeko.

                2. Jokabide motorra erabiltzea norberaren kultura-nortasuna sendotzeko, herriaren balioak indartzeko, eta kulturartekotasuna eta intrakulturalitatea onartu eta balioesteko.

                3. Gorputza naturaltasunez edo intentzioz erabiltzea komunikatzeko eta sormena, afektua eta ulermena adierazteko.

                4. Eguneroko bizitzan modu kontzientean barneratzea jarduera fisikoaren adierazpen guztiak, osasuna osotasunean zaintzeko eta hobetzeko eta bizitza orekatua izateko osagai ezinbestekoa den aldetik, eta hari lotutako alderdi intrintsekoak eta estrintsekoak identifikatzea.

                  7.2. Konpetentzia motorraren ezaugarriak eta barne hartzen dituen ikasgaiak.

                  Oinarrizko konpetentzien araberako ikuspegi pedagogikoan, pertsona da hezkuntza-ekintzaren objektua; beraz, Gorputz Hezkuntzak ere lekua izan behar du ikuspegi horretan, pertsona baita, bere osotasunean, egiaz hezi daitekeena.

                  Oinarrizko konpetentzia guztiak lantzen laguntzen du konpetentzia motorrak; izan ere, ahalmen eta trebetasun fisikoak lantzen ditu, jokabide motorraz baliatzen da pertsonen nortasun kulturala eta herriko balioak indartzeko, komunikatu eta adierazteko erabiltzen du gorputza, eta ariketa fisikoa txertatzen du eguneroko bizitzan, osasunaren mesedetan.

                  Konpetentzia motorra lantzeko ardatz oinarrizkoak dira gorputza, bere dimentsio guztietan, eta jokabide motor autonomo eta zehatza. Hezkuntza-edukien bitartez, oinarrizko hainbat ezagutza, prozedura eta jarrera eskuratu, erabili eta landu behar dituzte ikasleek; mugimenduaren kulturan parte-hartze emantzipatua eta gogobetegarria izateko, estereotipo eta bereizkerietatik aldendutako bizitza aktiboa eta osasungarria izateko, ongizate psikosoziala iristeko, eta pertsonekiko eta ingurunearekiko hartu-emanak eta elkarreragina hobetzeko bizitzaren esparru guztietan.

                  Inguruneko informazioa hauteman behar du jarduera fisiko bat egiten duen pertsona orok, subjektibotasuna eta esperientzia baliatu behar ditu informazio hori aztertzeko, egoera eta testuinguru sozialari egoki zaizkion erabakiak hartu behar ditu, eta erabaki horiek betetzen saiatu behar du. Era berean, etengabe egokitu behar du ekintza egitean gertatzen diren aldaketetara.

                  Kontuan izan behar da jarduera fisikoak, berez, adierazpen kulturalak direla, kultura jakinetan sortu eta garatutakoak, eta kultura horien balioak eta ideiak barneratzen dituztenak. Alde horretatik, gizartearen kultura fisikoaren osagai dira jarduera fisikoak, eta kultura horren jokabide-ereduak adierazten dituzte.

                  Gizarte guztietan egiten dira jardun edo ariketa fisikoak, eta jardun horien esparru dira, besteak beste, osasuna, aisia eta jolasa, kultura-errituak, ikuskizunak, komunikabideak eta hezkuntza formala eta informala. Gure gizartearen ondare motorraren eta kulturalaren osagai dira jarduera horiek guztiak, eta garrantzi handikoa da, beraz, haien aniztasuna eta aberastasuna zaintzea. Izan ere, ugari dira jarduera fisikoen egoera eta testuinguru askotarikoak, eta ugari dira, era berean, jarduera horien ezaugarri sozialak. Alde horretatik, jarduera fisikoak aztertzean, kontuan hartzekoak dira, besteak beste, jarduera horiek egiten dituztenen ezaugarriak, jarduerak egiteko lekuak eta uneak, jardueretan erabiltzen diren produktuak eta produktu horien kontsumoa.

                  Gorputz Hezkuntza bide oso egokia da konpetentzia motorraren alderdi sozioemozionala lantzeko eta garatzeko; batetik, jolas- eta bizipen-izaera duelako, eta bestetik, talde heterogeneo baten barruan sortzen diren giro, testuinguru eta ingurune askotariko eta aldakorretako etengabeko ikaskuntza-egoerak baliatzen dituelako.

                  Adierazpen korporal eta dramatikoek alderdi ludikotik lantzen dute jarduera fisikoaren dimentsio sozioemozional hori. Nork bere burua eta norberaren emozioak ezagutzea eta ulertzea da gainerako pertsonen sentimenduak ezagutu eta ulertzeko bidea, eta bide hori urratu behar da, era berean, harremanak izan eta elkar ulertzeko, helburu komunak lortu eta gatazkak konpontzeko bitartekoak diren aldetik.

                  Dimentsio sozioemozionalaren alderdi dira egoera emozionalak ezagutzea, hautematea eta erregulatzea, nork bere burua motibatzeko gai izatea, besteren emozioak onartzea eta harremanak kontrolatzea. Horrenbestez, haren osagai dira autokontzientzia, autorregulazioa, motibazioa, enpatia eta trebetasun soziala. Konpetentzia motorra lantzeak eragin nabarmena du eguneroko bizitzaren alderdi askotan; izan ere, lagungarri da norberaren gatazkak eta lan-gatazkak gainditzeko eta konpontzeko, jokabide antisozialak eta kaltegarriak prebenitzeko, pertsonekiko harremanak hobetzeko familian eta eremu afektibo, sozial eta profesionalean, osasun fisiko ona izateko eta geure buruarekin eta ingurunearekin harmonian bizitzeko behar den ongizate psikosoziala erdiesteko.

                  Jarduera fisiko guztiek dute eraginen bat, handiagoa edo txikiagoa, pertsonaren osasun-dimentsio guztietan, baina berariaz dira nabarmentzekoak ariketa fisikoan oinarritzen diren jarduerak hau da, luzaketak, gimnastika-ariketak, karrera-entrenamenduak, muskulazio-ariketak, erlaxazioa eta ildo horretako ariketak, oso egokiak baitira bizimodu osasungarria eta aktiboa izateko. Jarduera horiek ugari eta askotarikoak dira gure gizartean, eta pertsonaren hainbat alderdi lantzea da haien xedea. Alde horretatik, jarduera fisiko askotarikoak egin eta gozatu behar dituzte ikasleek, horiek izango baitira gerora izango dituzten ohitura aktiboen eta egingo dituzten jardueren oinarriak. Konpetentzia motorrak ageriko eragina du osasun-politika arrakastatsua eta iraunkorra egituratzeko, eta horrek eragin zuzena izango du herriaren osasunean.

                Hortaz, ikasleak bizitza aktibo aberasgarri eta osasungarria izateko heztea da eskolak ikasgai honetan egingo duen lan hezitzailearen oinarrizko helburua, eta lan horren oinarrizko ardatzak gorputza eta jokabide motorra izango dira, haien alderdi eta esanahi guztiak aintzat hartuta.

                Konpetentzia motorraren osagaiak aztertu ondoren, agerikoa da erreferentzia funtsezko hau baliatu behar dela ikasgaiaren curriculuma osatu eta garatzeko: gizartean mugimenduaren kultura inklusiboa ezarriko dela bermatzea. Kultura horrek jarduera fisikoa txertatu eta egonkortu behar du gizartean, eta xede hori lortu behar da bizimodu aktibo eta osasungarriak duen balioaz jabetu ondoren, pertsona guztien ongizatea bermatu eta herriaren nortasuna eta balioak adieraziko dituen aldetik.

                Honako arlo eta ikasgai hauek barne hartzen ditu konpetentzia motorrak:

                Lehen Hezkuntza:

                Gorputz Hezkuntza.

                Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza:

                Gorputz Hezkuntza.

                7.3. Arloaren eta ikasgaiaren ikuspegia.

                Eduki espezifikoak, irakasteko eta ikasteko metodologia eta ebaluazio-ikuspegia baliatzen ditu Gorputz Hezkuntzaren arloak eta ikasgaiak konpetentzia motorra lortzeko.

                Konpetentzia motorraren maila gorena iristeko, batera eta koordinatuta baliatu behar dira jakintzak, prozedurak eta jarrerak. Arloa prozeduretan oinarritzen denez, ikasleak gogotsu eta modu aktiboan parte hartu behar du, ekintzaren bidez landuko baititu konpetentziak. Jokabide motorrak hobetzeko, ezinbestekoa da ezagutzak baliatzea eta egoera bakoitzean jarrera egokia izatea, hau da, adierazpenezko edukiak eta jarrera-edukiak lantzea. Ekintzak eginez hartzen dute horiek guztiek zentzu betea.

                Konpetentzia motorra lantzeko behar dituzten ezagutzak eskuratzeko, ikasgaiaren curriculum-edukiak eta curriculumeko gainerako ikasgaietako edukiak garatuko dituzte ikasleek, eta informazioa bilatzeko, hautatzeko, aztertzeko eta ebaluatzeko prozesu kontzienteak landuko dituzte; hortaz, ikasleek eginkizun aktiboa izango dute beren ezagutzak eraikitzeko eta eguneratzeko prozesuan. Ezagutza bilatzeko prozesu horren bidez, gure kultura-testuingurua ezagutzeko urratsak emango ditu ikasleak, eta herriaren kulturan eta nortasunean barneratzeko aukera izango du.

                Edukiak modu sistematikoan eta orekatuan antolatu behar dira mailaz maila, eta, haien bidez, esperientzia motor ugari eta askotarikoak biziko ditu ikasleak. Esperientzia horiek izango dira, ikaslearentzat, jarduera fisikoak egin eta bizimodu aktiboa izateko gaitasunaren oinarria. Edukiak era horretan antolatzeko, hainbat faktore hartu behar dira kontuan; hala nola, ikasleen ezaugarriak, interesak eta motibazioak, ikastetxeen eta haien testuinguruaren aukerak, eduki multzoetan jaso behar diren jarduerak egoera eta eginkizun motor askotarikoak landu behar dira, jarduera motorren balio kulturala, zehar-konpetentziak komunak eta ikasgaiaren berariazkoak lantzeko aukerak, eta ikasitakoa bizitzako hainbat egoeratara transferitzeko aukerak.

                Lehen Hezkuntzan eta, batik bat, etapa horretako lehen mailetan, ekintza hezitzaileak bereziki nabarmenduko ditu ingurune fisiko egonkorretan egiten diren jarduera fisikoak eta, batik bat, psikomotrizitate-egoerak edo egoera indibidualak lantzen dituztenak. Etapa horretako azken urteetan, arian-arian, beste jarduera mota batzuk landuko dira. Ildo horretatik, gero eta gehiago landuko dira egoera soziomotorrak nabarmentzen dituzten jarduera fisikoak eta ingurune fisiko ezegonkorretan egiten direnak, ingurune fisikora egokitzeko premia dakartenak. Ikasleen beharrizanak, interesak eta bizipenak hartu behar dituzte kontuan proposatzen diren jarduerek. Ikasleen lan-erritmora egokituko dira jarduerak, eta haien esperientziak eta jakintzak integratzeko ahalegina egingo da. Ikasleen garapen-faseari egokitutako zailtasuna izan behar dute Lehen Hezkuntzan planteatutako egoera motorrek, eta pixkanaka handitu behar da egoera horien zailtasuna, haien eboluzioaren arabera.

                Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, aurreko etaparen jarraipena egin behar du Gorputz Hezkuntzak. Etengabeko ikaskuntza horretan, gero eta zailtasun-maila handiagoko ikaskuntzak landuko dira. Arian-arian, helduarorako prestakuntza ematen duten egoerak txertatu behar dira, modu adierazkor eta erakargarrian. Era berean, jarduera fisikoen azterketa kritikoa egiteko gaitasuna landu behar da, pixkanaka-pixkanaka.

                Saioen metodologiak egokia izan behar du lortu nahi diren hezkuntza-xedeak betetzeko. Ikasteko giro egokia sortzea izango da irakaskuntza-ekintzaren xedea, eta hartu-emanak izateko aukera eman behar die ikasleek, egoera eta testuinguru askotan. Xede hori lortzeko, jarduera hezitzaileekin lortu nahi diren helburuen berri emango zaie ikasleei, eta prozesura bideratuko dira proposamen didaktikoak, ezarritako helburuak lortzeko bitartekoa izan dadin.

                Jarduerak eta egitekoak proposatzen direnean, argitasunez eta ondo antolatuta eman behar zaie informazioa ikasleei, erraz uler dezaten. Beharrezko irizten baldin bada, eginkizuna betetzeko informazio funtsezkoari erreparatzen lagunduko zaio ikasleari, esku-hartze hezitzailearen bidez. Irakasleek arreta bereziz landuko dituzte arrakastaren eta porrotaren alderdi afektibo eta emozionalak, eta, praktikaren bidez, lan egingo dute ikasleekin, bidean aurrera egiteko eta ikasteko baliabide berriak deskubritu ditzaten. Alde horretatik, helburu lorgarriak jarri behar dira ikasle guztientzat, eta indargarri positiboak ezarri behar zaizkie iritsitako lorpenei. Lorpen horien bidez, portaerak gero eta eraginkorragoak izango dira eta aurrerapenak egingo dira ikaskuntza-prozesuan. Bizitakoa disfrutatzen laguntzen dute lorpenek, eta pertsona guztien inklusiorako bidea zabaltzen dute.

                Hezitzaileak, proposatutako jardueren ezaugarriak aintzat hartuta, ikasleen jokabideak orienta ditzake; era berean, egoeraren edo egitekoaren ezaugarriak alda ditzake, jardueretan adierazten diren jokabideak aldatzen saiatzeko.

                Bizitzan jarduera fisikoak eta kirola garrantzizkoak dituztela jakin behar dute ikasleek. Hori ikasteko, indarrean den mugimenduaren kultura berritu eta eraldatzeko proiektu baten moduan planteatu behar da ikasgaia. Proiektu horren helburua izango da jarduera fisikoaren beharrizan hori dutela barneratzeko aukera bat ematea genero eta ezaugarri orotako ikasleei, bizitza aktiboa, autonomoa eta gogobetea lortzeko bitartekoa den aldetik, eta proiektuaren xede izango da, era berean, ikasleek helburu hori lortzeko behar dituzten konpetentziak eskuratzea eta lantzea. Horrekin batera, ikasteko gogoa piztu eta sustatuko da ikasleengan, eguneroko bizitzan modu kontzientean txerta dezaten jarduera fisikoa.

                Beharrizanaren eta balioaren kontzientzia hori sortzeko, eta, ondorioz, hari atxikitako konpetentziak eskuratzeko eta lantzeko, ezinbestekoa izango da pertsonek eta taldeek ezagutzeko, bizitzeko eta aritzeko jarduerak egitea, behaketak egitea, hartu-emanak izatea, esperimentatzea, arakatzea, ikertzea eta berritzea; eta hori guztia hezkuntza-giro inklusibo, gogobetegarri eta egoki batean egin behar da, ikaslea erdigunean jarrita.

                Ikasteko, esperimentatzeko eta hartu-emanak izateko aukerak izan behar dituzte ikasleek, eta, alde horretatik, irakasleen egitekoa da egoera ugari planteatzea eta testuinguru askotarikoetan integratzea irakasteko eta ikasteko prozesua, bai hezkuntza formalaren esparruan, bai hezkuntza ez formalaren esparruan. Egoera horiek egokiak izan behar dute egiazko ikaskuntza lantzeko, eta ikasleen bizimoduan eragin behar dute, bizitzaren hainbat esparrutan.

                Jolasak eta kirolak dira ikasleentzat giro hezitzaile inklusiboa eta gogobetegarria lortzeko tresna nagusia. Horretarako, ikuspegi ludikotik landu behar dira haien adierazpen eta testuinguru askotarikoak. Biak tresna egokiak dira ikasleak egoera fisiko onean izan behar dutela jabe daitezen eta portaera motor autonomoa izateko behar dituzten ahalmen eta trebetasun fisikoak landu ditzaten.

                Gure herriko joko tradizionalek herriaren ondare eta nortasun kulturala adierazten dute, eta kontzientzia kulturala garatzen laguntzen digute. Beste kultura batzuetako jokoek eta gorputz-adierazpenek eta nazioarteko jokoek kulturarteko hezkuntza indartzen dute, eta ondorioz, aberastu egiten dute ikasleen kultura.

                Ikasleen konpetentzia sozioemozionala lantzen dute adierazpen dramatikoko eta korporaleko jolasek. Norberaren ezagutza eta ulermena zein norberaren emozioak oinarri hartuta, gainerako pertsonen sentimenduak ezagutzen eta ulertzen ditugu jolasaren bidez, eta, finean, pertsonekin harremanetan jartzea eta elkar-ulertzea lortzen dugu, helburu komunak erdietsi eta sortzen diren gatazkak gainditzeko.

                Ikasleei ariketa fisikoak eta kirolak proposatu aurretik, kontuan izan behar da Euskal Herriko ingurune naturalak aukera handiak ematen dituela bizi-estilo aktiboak bizitzeko eta lantzeko, eta kontuan izan behar da, era berean, ingurune horretan jarduera fisikoak eta kirolak egiteko tradizio errotu eta zabaldua duela herri honek.

                Gorputzaren jardueraren adierazpen horiek guztiek baliagarri izan behar dute eguneroko bizitzan jarduera fisikoak egiteko, osasunaren alderdi guztiak hobetzeko eta bizitza orekatua izateko.

                Irakasleak gidari eta baliabide izango dira, eta ikasleekin izaten dituzten hartu-emanetan, ikaslearen rol aktiboa indartuko dute, eta laguntza emango diote ikasleari bere kabuz deskubritu dezan bizi-estilo aktiboak duen balioa. Era berean, bere gorputza eta bere jokabide motorrak ebaluatzen eta kudeatzen lagunduko diote, autonomiaz eta sormenez elkarreragin dezan ingurunearekin, eta osasun eta ongizate emozionaleko parametroetan kudea ditzan egiten dituen jarduera fisikoak eta kirolak. Kontzeptuen eta praktikaren arteko loturak egiten lagunduko du irakasleak, ikaskuntza esanguratsuak sustatuko ditu, ikasten nola ikasi behar den irakatsiko du, eta askotariko metodologia osagarriak erabiliko ditu, ikasleen partaidetza indartze aldera.

                Ikasteko prozesua erraztea eta ikasleek jarduera fisikoak egin ditzaten sustatzea dira Gorputz Hezkuntzako hezitzailearen egiteko nagusiak. Irakasleak, ikasgai honetan, jarduera fisikoen praktikak ezagutaraziko ditu, proposatutako jarduerak egiten lagunduko du eta ikasleek konpetentzia motorra gara dezaten sustatuko du.

                Ikasleei zer jarduera fisiko proposatuko zaien erabakitzea da irakaslearen egiteko nabarmen bat. Erabaki hori hartzeko, aintzat hartu behar ditu, batetik, jardueraren beraren ezaugarriak eta funtzionamendua kokapena, egitekoa, materiala, espazioa, denbora eta hartu-emanen nolakotasuna, besteak beste, eta bestetik, jarduera fisikoaren alderdi sozialak, eta batik bat, ikasleen, ikastetxearen eta jarduera hartuko duen herriaren alderdi sozialak; hau da, irakasleak kontuan izan behar du jarduera zer errealitate konkretuan egingo den.

                Ebaluazio-prozesuan, ebaluatu behar da ea ikaslea jabetu den bere eguneroko bizitzan jarduera fisikoak eta kirolak egiteko premiaz, eta ebaluatu behar da, era berean, hori egiteko konpetentziak ote dituen. Alde horretatik, ebaluazio-prozedura hezigarriak eta etengabeak erabili behar ditugu, irakasteko eta ikasteko jarduerekin batera. Ebaluazio modu hori erabilita, ikasleek beren gabeziak eta mugak ezagutu eta zuzenduko dituzte. Hori horrela, informazio egokia eman behar die irakasleak ikasleei hezkuntza-prozesuan zehar, ikasleei kalifikazio bat jartzera mugatu gabe.

                Ikasleak ebaluatzeko, planteatzen diren jardueretan ezinbestekoa izan behar du arrazoitzea eta ikaskuntza esanguratsuak egitea, eta jarduera horiek aukera eman behar dute zenbait testuingurutan ebaluatzeko ikasleak zer ezagutza, prozedura eta jarrera eskuratu behar dituen, bizi-estilo aktibo bat egin ahal izateko. Era berean, ikasleen lan pertsonala ezagutu eta balioesteko ebaluazio-estrategiak diseinatu behar dira. Ikaskuntza-emaitzak ez ezik, ikasleak emaitza horiek lortzera eraman dituzten prozesuak ere ebaluatu behar ditugu.

                Ikasleek modu kontzientean parte hartu behar dute ebaluazio-prozesuan, nekez izan baitaitezke, parte hartu ezean, ebaluazioaren hobekuntza-eragile. Ikasleak ebaluatzen ditugu ikaskuntza-prozesuaren zer lekutan dauden, non egon beharko luketen eta oraindik zer bide egin behar duten jakiteko.

                Jarduera fisikoek eta kirolak eragin zuzena dute, egiaz, ikasleen portaera aktiboko ereduen sorreran. Alde horretatik, ikastetxeak eta bere inguruneak ematen dituen aukerak balia ditzakete Gorputz Hezkuntzako irakasleek eta gainerako irakasleek bizitza aktibo eta osasungarriaren aldeko lan hezitzailea indartzeko. Helburua da ikasleek bizitza sedentariorik ez izatea, Gorputz Hezkuntzako eskoletatik harago.

                Irakasleen arteko elkarlanarekin batera, familien laguntza bilatu behar da jarduera fisikoak eta kirolak sustatzeko irakastorduetatik kanpo. Jarduerek ikuspegi hezitzailea izan behar dute eta ekintza hezitzailearen jarraipena izan behar dute; beraz, xede hori lortzeko, jarduera fisikoek lotura egokia izan behar dute irakaskuntza-jarduerekin.

                7.4. Integrazio-egoerak.

                Konpetentea izateko, modu integratuan erabili behar dira norberak eskuratu dituen baliabideak, erronka edo arazo diren egoerak ebazteko. Gainditzeko moduko zailtasun-maila izan behar dute arazo eta egoerek, baina, era berean, ikasleentzat erronka izan behar dute. Askotariko «familia» edo multzotan aurkeztu arren, antzeko konplexutasun-maila dute arazoek, eta, ondorioz, parametro paretsuko baliabideak erabili behar dira haiek ebazteko.

                Ikasleen interesguneak hartu behar dituzte kontuan ikaskuntza eta ebaluazioko egoerek, eta aintzat hartu behar dute nola ulertzen eta interpretatzen duten mundua Lehen eta Bigarren Hezkuntzako gazteek. Ikasleek ez dute mundua berdin ulertzen eta interpretatzen Lehen Hezkuntzan eta Bigarren Hezkuntzan; beraz, interesguneek eta ikaskuntza- eta ebaluazio-egoerek ere desberdinak izan behar dute batean zein bestean.

                Argibide gisa, egoera batzuk azalduko ditugu, konpetentzia motorra lantzeko egokiak:

                Maila pertsonalean, proposatutako egoerek egokiak izan behar dute ikasleek ahalmen eta trebetasun fisikoak gara ditzaten, emozioak erregulatzeko gaitasuna landu dezaten, beren buruak motibatzeko gaitasuna gara dezaten, gainerako pertsonen emozioak aitor ditzaten eta harremanak kontrola ditzaten. Horrez gainera, ikasleek komunikazioa, adierazpena eta sormena naturaltasunez edo intentzioz lantzeko egoerak proposatuko dira. Proposatutako egoerek, era berean, aintzat hartuko dituzte osasuna eta elikadura osasungarria, drogen kontsumoak organismoan eta pertsonen portaeran eragiten dituzten ondorio toxikoak, bizimodu aktibo eta osasungarriak, jarduera fisikoaren alderdi hedonista, eta autokontzeptu fisikoari eta ongizate psikologikoari loturiko arazo-egoerak.

                Maila sozialean, bizimodu sedentario eta ez-osasungarrien eraginak aztertuko dira, jarduera fisikoaren eta kirolaren indar inklusiboa nabarmentzeko. Horrez gainera, kulturen arteko harremanak, kulturen barne-ikuspegia eta horien balioa nabarmenduko dira, jarduera berritzaileak eta ikerketa ezagutzeko egoerak proposatuko dira, eta munduan gaurkotasun handikoak diren jarduera fisikoak eta kirolak aztertuko dira.

                Maila akademikoan, ikastetxearen eskolako eta eskolatik kanpo testuinguruetan egiten diren jarduera fisikoak eta kirolak proposatuko dira, eguneroko bizitzan ohitura osasungarriak izaten laguntzen dituzten egoerak landuko dira besteak beste, gorputzaren jarrera heztea, erlaxatzea, arnasa kontrolatzea, eta garbitasun arauak betetzea, eta bizimodu aktiboak eraikitzeko prozesuan eman beharreko urratsak erakutsiko dira.

                Lan-eremuan, proposatutako egoerek agerian utzi behar dute zer-nolako eragina duten bizimodu aktibo eta osasungarriek jarduera profesionalean eta laneko istripuen sorreran eta estresean; horrez gainera, enpatia, asertibitatea, errespetua eta gizarte-trebetasunak lantzeko egoerak proposatu behar dira, gatazkak konpontzen eta helburu komunak garatzeko lankidetza indartzen dutenak.

                Konpetentzien araberako hezkuntzaren ikuspegitik, eskolaren rola ezin da mugatu edukiak irakatsi eta ikasaraztera, egoera konplexuak ebazteko ezagutza eskuragarriak erabiltzen eta transferitzen ere irakatsi behar baitu, ikasleak bizitza pertsonalerako, sozialerako, akademikorako eta lanerako prestatzeko.

                7.5. Konpetentzia motorrak ematen duen laguntza oinarrizko konpetentziak lortzeko.

                Ikasgai honek izaera ludikoa du, bizipenetan oinarritzen da eta testuinguru eta egoera askotarikoak lantzen ditu; horrenbestez, egokia da etapa honetan zehaztu diren oinarrizko zehar-konpetentziak eta diziplina baitako konpetentziak eskuratu eta lantzeko.

                Arloek eta ikasgaiek ematen duten laguntza oinarrizko zehar-konpetentziak eskuratzeko.

                Hitzezko eta hitzik gabeko komunikaziorako eta komunikazio digitalerako konpetentzia.

                Konpetentzia motor eta sozioemozionalaren funtsezko elementua da komunikazioa. Ikasleek emozioak adierazteko, ingurunean harremanak izateko eta ingurunea bera ulertzeko premia dute.

                Gorputz Hezkuntzak komunikazio-harreman ugari lantzen ditu ikuspegi ludiko batetik, eta hori oso egokia da banaka eta taldean garatzeko lengoaia anitzeko komunikazio-trebetasunak.

                Jolasteko, kirolean aritzeko eta adierazpen dramatiko eta korporalak lantzeko, ezinbestekoa da gorputza jokabide motor baten arabera mugitzea, eta ikasleak, jarduera horiek egiten dituenean, zer emozio bizi dituen identifikatu eta ulertu behar du, eta hitzezko eta hitzik gabeko baliabideez komunikatu behar ditu. Ikasleak, era berean, komunikazioak lantzean eta besteri entzutean, gainerako pertsonen emozioak hauteman behar ditu. Alde horretatik, pertsonekiko harreman emozionalak ezarri behar ditu, egoerak beste ikuspuntu batetik hautemateko eta gatazketan erabakiak hartzen lagunduko duten helburu komunak garatzeko.

                Gorputz Hezkuntzaren ikasgaiak informatikako eta ikus-entzunezko teknologia berriak baliatzeko aukera ematen du, haiek proiektu sortzaileetan erabilita, baliabideak eta informazioa eskuratzeko eta irakasteko eta ikasteko prozesuetan sakontzeko. Orobat, haien bidez, jarduera fisiko eta kirolen proposamen berriak ezagutu daitezke, bizimodu aktibo eta osasungarriagoak iristeko.

                Ikasgaiak, azkenik, aukera ematen du ikuspegi kritiko batetik aztertzeko komunikabideek gorputzaren, jarduera fisikoaren eta kirolaren gainean zabaltzen dituzten mezuak eta estereotipoak.

                Ikasten eta pentsatzen ikasteko konpetentzia

                Gorputz Hezkuntzako ikasgaian lantzen dituen egoeren bidez, helburu lorgarriak ezarri eta ikaskuntzaren gaineko erantzukizuna hartzeko aukera du ikasleak. Helburu horiek ezarrita, testuinguru eta egoera aldakorretan erabiliko ditu bere ezagutzak eta trebetasunak. Horrenbestez, informazioa bilatu eta ulertu behar du, hausnartu eta arrazoitu egin behar du eta sormenez jokatu behar du, eta horrek guztiak erabakiak hartzen lagunduko dio.

                Elkarbizitzarako konpetentzia

                Balioetan hezten laguntzen du Gorputz Hezkuntzak, harremanak kontrolatzeko gizarte-trebetasunak eskuratzen irakasten baitigu; era berean, elkarlanerako, lankidetzarako eta bizikidetzarako jarraibideak ematen dizkigu, eta horiek guztiak egokiak dira, bai hezkidetza eta genero-berdintasuna lantzeko, bai gatazkak arrazoiaren bidez eta bide baketsuetatik konpontzen trebatzeko.

                Bertako joko tradizionalek eta gorputz-adierazpenek, eta beste kultura batzuetakoek, kultura-aniztasuna errespetatzeko jarrera sustatzen dute, herriaren kultura-nortasuna eta kultura horren balioa ezagutzen eta ulertzen laguntzen dute, eta gure kultura aberasten dute.

                Ekimen eta espiritu ekintzailerako konpetentzia

                Ikasgaiak jolas, konfiantza eta lankidetzako inguruneetan lantzen ditu irakasteko eta ikasteko egoerak, eta, haien bitartez, ekimenaren eta ekintzailetzaren alderdiak hezi daitezke.

                Konpetentzia motorra lortzen laguntzen da proiektu sortzaile eta berritzaileak landu eta inplementatuta, baldin eta horien helburua baldin bada eskola-ingurunean eta eskolatik kanpo kudeatzea ikasleen gorputz- eta kirol-jarduerak, eta haien ahalmenak eta trebetasunak hobetzea.

                Norbera izaten ikasteko konpetentzia

                Adimen emozionala garatzeko aukera handiak ematen ditu ikaskuntza arlo honek. Eguneroko bizitzako egoerak antzezteko aukera ematen digu jolasaren testuinguruak, eta antzeztean bizi dituen egoera askotarikoen bidez, emozioak eta portaera motorra autorregulatzeko aukera izango du ikasleak, baita errealitate-oinarri doitua izango duen autokontzeptua eta autoestimua lantzeko ere. Era berean, autokontzientzia, autokontrola, motibazioa, enpatia eta harremanen kontrola landuko ditu, funtsezko direnak gure nortasuna modu harmonikoan eta orekatuan garatzeko.

                Konpetentzia motorrak ematen duen laguntza oinarrizko diziplina baitako konpetentziak eskuratzeko.

                Hizkuntza- eta literatura-komunikaziorako konpetentzia

                Gorputz Hezkuntzaren bitarteko funtsezkoa da hizkuntza, giro integratzaile eta inklusiboak eraikitzeko baliabide den aldetik. Giro horietan, ezabatu egin behar da hizkuntza sexista, androzentriko eta diskriminatzailea, maiz erabiltzen dena kirol-kutsu handiko jarduera fisikoetan.

                Ikasgaiaren berariazko hiztegiak hizkuntza- eta literatura-komunikaziorako konpetentzia aberasten du, eta kiroletan eta gorputz-jardueretan euskara normaltasunez erabiltzen laguntzen du.

                Matematikarako konpetentzia

                Ezaugarri askotarikoak dituzten espazio ugaritan egiten dira jolasak eta kirolak; beraz, ondo ezagutu eta menderatu behar dira espazio horiek. Berariaz, adierazpen dramatikoak eta korporalak lantzeko, funtsezkoa da espazioa eta denbora kontrolatzea.

                Matematika-kalkuluak egiten eta estatistika erabiltzen jakin behar da egoera fisikoa hobetu eta indartzeko programak diseinatzeko eta elikadura-ohiturak hartzeko.

                Zientziarako konpetentzia

                Pentsamendu zientifikoa landu eta erabili behar da konpetentzia motorra lortu eta lantzeko xedez egiten den irakasteko eta ikasteko prozesuan; izan ere, prozesu horretan, eredu teorikoak erabili behar dira egoerak ulertzeko. Horrez gainera, jarduerak proposatzen dira prozesu horretan, eta haien eraginkortasuna ebaluatzeko, emaitzari eta ikaskuntza-prozesuari berari erreparatzen zaie. Hori egin ondoren, egindako proposamena baliozkotzen da edo aldaketak egiten zaizkio egindako proposamen horri.

                Teknologiarako konpetentzia

                Gorputz Hezkuntza eta Teknologia uztartuta, bi konpetentzia horiek eskuratzen eta lantzen dira. Elementu teknologikoak erabiltzeko aukera ematen du Gorputz Hezkuntzak, halakoak erabiltzen baitira esperientziak eta ezagutzak trukatzeko, jokabide motorrak aztertzeko, jarduera fisikoa kontrolatzeko, gorputzaren ahalmenak eta trebetasunak lantzeko, eta norberaren gorputz- eta kirol-jarduerak kudeatzeko eta antolatzeko.

                Konpetentzia sozial eta zibikoa

                Jarduera fisikoek, kirolek eta adierazpen dramatiko eta korporal anitz eta askotarikoek berezko dituzte komunikazioa, partaidetza eta lankidetza, eta agerikoa da, hortaz, abilezia eta trebetasun sozialak barne hartzen dituztela. Horrenbestez, konpetentzia sozial eta zibikoa lantzeko bitarteko eraginkorra da ikasgaia.

                Arduraren balioa indartu behar du ikasleei proposatutako egoera motorren ikuspegi hezitzaileak, eta, era berean, kiroltasunaren kontrako ekintzen eta osasunarentzat kaltegarri diren jokabideen gaitzespen soziala sustatu behar du.

                Arterako konpetentzia

                Arterako konpetentzia lantzen laguntzen du Gorputz Hezkuntzak jolas dramatikoaren, inprobisazioen, pantomima edo mimoaren, dantza sortzailearen eta antzerki-jokoaren bidez; izan ere, kultura- eta arte-adierazpenak ulertzen laguntzen dute jarduera horiek guztiek, eta balioa ematen diete adierazpen kultural eta artistikoei. Horrez gainera, kulturen arteko harremanak lantzen eta adierazteko eta komunikatzeko bestelako baliabideak eskuratzen laguntzen dute.

                2. METODOLOGIA ETA EBALUAZIOA KONPETENTZIEN ARABERAKO HEZKUNTZAREN IKUSPEGITIK.

                Metodologiari eta ebaluazioari buruzko orientabide orokor batzuk adierazten dira atal honetan. Orientabide horiek xehetasun handiagoz azaltzen dira Heziberri 2020 planaren «Hezkuntza-eredu pedagogikoaren markoa» agirian.

                1. METODOLOGIA KONPETENTZIEN ARABERAKO HEZKUNTZAREN IKUSPEGITIK.

                Ikaskuntza-prozesua kudeatzeko hautatzen den bidea edo estrategia da metodologia, prozesu horretan parte hartzen duten elementu guztiak kontuan hartuta. Nola irakasteari buruzko galderari erantzuten dio. Irakatsi eta ikasteko prozesuan parte hartzen duten aldagaien aurrean egindako hautaketen emaitza eta sintesia da.

                Ezagutzari buruzko hainbat teoriaren bateragarritasuna

                Hezkuntzak ezagutzen transmisio hutsetik harago joan eta bizitzarako hezi behar duela aldarrikatu dute eragile sozioekonomiko eta pedagogikoek, eta eskaera horri erantzuteko, konpetentzien araberako hezkuntzaren ikuspegia sortu da, hainbat diziplinaren ekarpenak baliatuta.

                Ikuspegi hori ez da jakintzaren edo ikaskuntzen teoria bakar batean oinarritzen, teoria guztiek izan baitezakete aplikazio-eremuren bat, sustatu nahi dugun ikaskuntza motaren arabera. Esate baterako, inspirazio konduktista eta kognitibista baliagarria izango da errepikapenen bidez eskuratzen diren edukiak irakasteko eta ikasteko (datuak, gertaerak, prozedura algoritmiko eta instrumentalak, jokabide jakinak). Inspirazio konstruktibistak eta soziokonstruktibistak lagungarriagoak izango dira, ordea, kontzeptuak eta printzipioak irakasteko eta ikasteko, eta, oro har, prozedurak asimilatzeko eta egokitzeko, metakognizio- eta autorregulazio-prozesuen bidez, testuinguru baten barruan.

                Konpetentzien araberako hezkuntzaren ikuspegian batera aplika daitezke ezagutzari buruzko hainbat teoria, baina konstruktibismoa eta soziokonstruktibomoa dira ikuspegi horri hobekien egokitzen zaizkien teoriak; izan ere; kultura- eta gizarte-egoera guztietan moldatzeko prestakuntza eskuratuko baldin badu, bere bizitzaren eta ikaste-prozesuaren protagonista izan behar du ikasleak.

                Konstruktibismoak adierazten du ezagutza ez dela kanpoko objektuen harrera pasiboaren emaitza, eta bai subjektuaren jardunaren fruitua. Lehendik dituen ezagutzak eta eskuratzen dituen ezagutza berriak kontrastatuz eta egokituz eraikitzen du subjektuak bere jakintza. Konstruktibismoa ulertzeko modu bat da soziokonstruktibismoa, eta, haren ustez, eskolan ikasteko, hiru dimentsio hauek parte hartu behar dute, batera eta bereizi gabe:

              1. Dimentsio soziala (S). Gainerako ikasleekiko eta irakaslearekiko harreman sozialak antolatzeko alderdiek eta irakaslearen kontrolpean egiten diren irakaskuntza-jarduerek osatzen dute dimentsio hau.

              2. Dimentsio konstruktibista (K). Ikaskuntza antolatzearekin lotutako alderdiak dira. Horien bidez, ikasleak, lehendik dakienetik abiatuta, bere ezagutzak eraikitzen ditu, lehendik dituen ezagutzen eta eskuratzen dituen ezagutza berrien arteko harreman dialektikoan.

              3. Dimentsio interaktiboa (I). Eskolan ikasten dena antolatzeko alderdiak dira. Horien bidez, ingurune fisiko eta sozialarekiko interakzio-egoerak moldatzen dira, ikasi beharrekoaren ezaugarriei erreparatuta. Bestela esanda, ikaskuntza ez dute diziplina baitako edukiek erabakitzen, eta bai ikasleak zer egoeratan erabiltzen dituen zereginak ebazteko jakintzak.

                Ikasgelako esperientziek eta bizipenek eraikitzen dituzte norberaren ezaguerak. Azken hamarkadetan landu eta atxiki diren zenbait ikuspegi kultural eta sozialek nabartu egin dute ikuspegi konstruktibisten zenbait hastapen edo printzipioren izaera indibidualista. Era berean, testuinguruan errotutako ikaskuntza oinarri duen ikuspuntuan, egoerak, testuinguruak eta kultura ezinbestekoak dira ezagutzan eta ikaskuntzan aurrera egiteko. Ikuspegi horretan, lotura estua dute ikasitakoak eta ikaste-testuinguruak, hau da, garrantzitsua da ikasitakoa zer egoeratan ikasi den. Horrek, jakina, eragin zuzena du konpetentzien ikaskuntzan; izan ere, zereginak eta egoerak eskolan bakarrik gauzatzen baldin badira, hau da, «praktika suzedaneoak» soilik egiten baldin badira, ezingo dira haiek eguneroko bizitzako beste egoera batzuetara transferitu eta mobilizatu.

                Azkenik, ezagutzak eta ikaskuntzak dimentsio sozial eta kulturala dute. Gizartean parte hartzeko modu jakin batekin lotuta dago ikaskuntza, eta horrek ikasitakoa bera ere baldintzatzen du. Alde horretatik, kulturaren ohiko praktikak dira, finean, jarduera egiazko edo autentikoak. Ikastea, beraz, enkulturazio-prozesu bat den aldetik, ez da norbanakoon buruan modu isolatuan gertatzen den zerbait, komunitate sozial baten praktiketan parte hartzea da. Interakzio edo hartu-eman soziala, hortaz, osagai ezinbestekoa dugu testuinguruan errotutako ikaskuntzan.

                Ikuspegi metodologikoen ezaugarri komunak

                Aniztasun horren barruan, aukera guztiak ezin dira sartu konpetentzien araberako pedagogiaren ikuspuntuan. Irakatsi eta ikasteko prozesuan parte hartzen duten aldagaien artean, konpetentziaren araberako ikuspegiaren alderdi bereizgarri hauek nabarmentzen ditugu, metodologiaren gaineko erabakietan eragiten duten aldetik:

                Ekintza konpetenteak egiteko, modu integratuan erabili behar dira eskura dauden baliabideak, arazo-egoerak ebazteko.

                Eskolaren asmo nagusia ez da informazioak eta jakintzak transmititzea, eta bai oinarrizko konpetentzien garapena eragitea.

                Baliabideak dira adierazpen, prozedura eta jarrerazko edukiak, baina ezinbesteko dira arazo-egoerak konpontzeko.

                Oinarrizko konpetentziak garatu ahal izateko, egoera errealak hartu behar dira aintzat, eta benetako jarduerak proposatu; hala, eguneroko bizitzako arazo nagusiekin lotu behar da ezagutza.

                Oinarrizko konpetentzien ikaskuntza esanguratsua izango baldin bada, ikasleak gogoz parte hartu behar du ezagutzak bilatu, ikasi, probatu, haien gainean hausnartu, aplikatu eta komunikatzeko prozesuetan.

                Konpetentziak lantzeko prozesu horretan, ikaskuntza tutorizatzea da irakaslearen egitekoa; hau da, ikasteko prozesuak diseinatzea, planifikatzea, antolatzea, estimulatzea, laguntzea, ebaluatzea eta bideratzea.

                Konpetentzien araberako ikuspegia ikasgelara eramateko, aldaketa metodologiko bat egin behar da; izan ere, ezinbestekoa da, besteak beste, aldian-aldian zereginen arabera lan egitea, jakintzak mobilizatu beharreko baliabidetzat hartzea, ikaskuntza problemetan edo proiektutan oinarritzea, eta ebaluatzeko forma berriak ezartzea. Irakaskuntza-jardunean, halaber, ezagutzak irakasteaz gain, ikasleen testuinguruei lotutako zereginak planteatu behar dira, adierazpen, prozedura eta jarrerazko edukiak mobiliza ditzaten. Konpetentzien araberako ikuspegiak irakasleen rol eta zeregin jakin batzuk aldatzen ditu, eta eginkizun aktiboagoa ematen die ikasleei. Horrek aberastu egiten du irakasleen lana, konpetentziak garatzea izango baita haien lanaren oinarria, eta ez ezaguerak transmititzea eta buruz ikasaraztea. Irakaslearen lana, batik bat, bideratzailea, bitartekaria, gidaria edo laguntzailea izatea da, eta eginkizun hori betetzeko, «zereginak» edo ikaskuntza-egoerak prestatu behar ditu, arazo-egoerak ebazteko, ezagutzak aplikatzeko edota ikasleen jarduera sustatzeko egokiak.

                2. EBALUAZIOA KONPETENTZIEN ARABERAKO HEZKUNTZAREN IKUSPEGITIK.

                Proposatzen ari garen hezkuntza-eredu pedagogikoa konpetentzien araberako hezkuntza-ikuspegiari atxikitzen zaio, eta irteera-profila betetzeko, oinarrizko konpetentzia giltzarriak eskuratu behar dituzte ikasleek; horrenbestez, ikaskuntzaren ebaluazioak koherentea izan behar du, ezinbestean, premisa horiekin.

                Ebaluazioaren eginkizunak

                Ikasleak ebaluatzearen eginkizuna da haien ikaste-prozesuari eta prozesu horren emaitzei buruzko informazio adierazgarria eskuratzea, zer baliabide eta konpetentzia lortu dituzten jakiteko. Hori horrela, ebaluazio motak bereizi eta modu osagarrian planteatu behar dira:

                Hasierako ebaluazioaren edo diagnostikoaren helburu nagusia da jakitea ikaslea zer egoeratan dagoen irakasteko eta ikasteko prozesua abiatu aurretik, horrela, hezkuntzako esku-hartzea ahalik eta egokien diseinatu ahal izateko. Horrenbestez, une edo fase jakin horretarako aurreikusita dagoen konpetentzia maila da ebaluazio mota horren erreferentzia. Alde horretatik, ekintza konpetenteak egiteko baliabide moduan behar diren adierazpen, prozedura eta jarrerazko edukien gaineko diagnostikoa egingo da.

                Prozesuaren ebaluazioaren edo ebaluazio hezigarriaren helburua da ikaslearen ikasteko prozesu osoak duen garapenari eta bilakaerari buruzko informazioa eskuratzea, edukiak eskuratu dituen eta haiek egoera jakinetan erabiltzen dakien jakiteko. Informazio hori eskuratuta, ikaslearengan hautematen diren indarguneen eta ahulguneen arabera doituko da ikasteko prozesua, eta oztopoak gainditzen lagunduko zaio oztopo horiek hautematetik laster, autorregulazioko prozesuak indartzeko. Ebaluazio mota honek du eraginik handiena ikaslearen ikaskuntza-emaitzetan, haren xedea baita prozesu horretan behar diren zuzenketak egitea, azken ebaluazioa gogobetegarria izan dadin laguntzeko, hura egin baino lehen.

                Amaierako ebaluazioa edo ebaluazio batutzailea egitean, kalifikazio bat jartzen zaio ikasleari; hala, estandarizatutako eta arauz ezarritako eskalaren arabera kodetuta adierazten da kalifikazio hori. Hortaz, egiaztatzeko eta, batzuetan, ziurtatzeko izaera du, eta objektiboa izan behar du. Ez da amaierako ebaluazioa ikaslearen ikasteko prozesutik aparte edo isolatuta ulertu behar; aitzitik, prozesu horrek une jakin batean adierazten duen emaitza dela ulertu behar da. Ikastetxeak berak edo, noizbait ere, kanpoko erakunderen batek egin dezake amaierako ebaluazio hori. Amaierako ebaluazioari erreparatuta hartzen dira zenbait erabaki administratibo, hala nola, mailak edo etapak gainditzearen, promozioaren eta titulazioaren gainekoak. Ikasleei egindako ebaluazio batutzaileen emaitza guztiak bildu behar dira, eta beste elementu batzuekin batera kontuan hartu, ikastetxearen beraren ebaluazioa egiteko, bete beharreko prozesua baita hori ere. Era berean, hurrengo ikastaldiaren plangintza orientatzeko diagnostiko-elementua da amaierako ebaluazioa.

                Ikastetxeak berak erabaki behar du, ikaskuntza-prozesua nola diseinatu duen kontuan hartuta, zer ebaluazio mota erabiliko duen eta ebaluazio-prozesuak zer fase izango dituen, eta beti beteko ditu, erabaki horiek hartzean, gutxieneko izaeraz ezartzen diren arau orokorrak.

                Konpetentzien araberako hezkuntzaren ikuspegian, barne-koherentziako elementu giltzarria da ebaluazio-egitura osoak koherentzia izatea; horrenbestez, espiritu eta modalitate berberak izan behar dituzte ebaluazio diagnostikoak, hezigarriak eta egiaztatzaile edo ziurtatzaileak.

                Ebaluazioaren edukiak

                Oinarrizko konpetentzia guztiak, zehar-konpetentziak eta diziplina baitakoak, ebaluatu behar dira konpetentzien araberako hezkuntzaren ikuspegian, guztiak baitira beharrezko hezkuntza-xedeak erdiesteko. Diziplina baitako oinarrizko konpetentzia baten edo batzuen integrazio-egoera espezifikoak nola betetzen diren ikusita ebalua daitezke diziplina baitako oinarrizko konpetentziak. Bestalde, ezin dira zuzenean ebaluatu oinarrizko zehar-konpetentziak. Konpetentzia horiek ebaluatzeko, ikasleak diziplina baitako oinarrizko konpetentzien integrazio-egoeretan nola integratzen dituen ikusi behar da. Horrenbestez, oinarrizko konpetentziak ebaluatzeko, ikasleari agindutako zereginetan ezinbestekoa izan behar du zehar-izaerako prozedurak eta jarrerak baliatzea, eta berariaz jaso behar dira horiek guztiak lorpen-adierazleetan.

                Bizitzarako oinarrizko konpetentzien araberako ebaluazioa «egiazko ebaluazio» deritzon ikuspegiarekin lotzen da bizitzako egoera konplexuak simulatzen dituen zereginak planteatzen ditu ebaluazioaren ikuspegi horrek, eta ikuspegi hori bat dator «testuinguruan errotutako ikaskuntza» deritzon ikuspegiarekin ikasitakoak lotzeko eta bizitza errealean aplikatzeko aukerak eman nahi dizkie ikasleei ebaluazio modu horrek. Nornahik eguneroko bizitzan aurre egin behar izaten dituen ohiko egoerekin lotuta planteatzen da ebaluazioa, beraz.

                Konpetentziak ebaluatzeko, ikasleak askotariko jakintzak erabiltzen dakien egiaztatu behar da, hau da, jakintzak ikasgelan landutakoez besteko testuinguruetan kokatutako egoerak interpretatu eta ebazteko erabiltzen dakien ikusi behar da. Horrenbestez, ebaluaziorako integrazio-egoera espezifikoak sortu behar dira, errealitatekoak simulatuta. Egoera horietan, jakintzak koherentziaz eta eraginkortasunez mobilizatzeko gauza direla erakusteko aukera izan behar dute ikasleek.

                Ebaluazioak, era berean, ekintza konpetenteak egiteko behar diren baliabide ugari eta askotarikoak eskuratu diren ebaluatu behar du. Alde horretatik, garrantzi handikoa da ikasleak adierazpenezko ezagueren edukiak barneratu dituen ebaluatzea, baina horien pareko garrantzia dutenez, ebaluatu beharrekoak dira, era berean, prozedurazko eta jarrerazko edukiak ere.

                Konpetentzien araberako ikuspegia hartzen duen hezkuntza-sistemak beti hartu behar du kontuan, ikasleen kalifikazioak zehaztean, baliabideen eskurapenaren ebaluazioari baino garrantzi edo pisu erlatibo handiagoa eman behar zaiola integrazio-egoera konplexuen ebazpenaren ebaluazioari.

                Ebaluazio-irizpideak eta lorpen-adierazleak

                Ikasleak zer ikasi duen balioesteko irizpideak edo erreferenteak dira ebaluazio-irizpideak. Lorpen-adierazleek jokabide behagarri bihurtzen dituzte ebaluazio-irizpideak, eta, ondorioz, haiek dira ebaluazioaren erreferentzia gailena. Izenak berak adierazten duen moduan, ebaluazio-irizpideek finkatutako lorpena zer probabilitaterekin iritsi den balioesteko zantzu edo seinaleak adierazten dituzte lorpen-adierazleek. Ebaluazio-irizpidea erdietsi izanaren probabilitate maila zehazteko, lortutzat emandako adierazleen kopuruari eta haien egokitasunari erreparatuko zaio.

                Bi eginkizun hauek dituzte eranskin honetan azaldutako ebaluazio-irizpideek eta lorpen-adierazleek:

                Edukiak ebaluatzeko eginkizuna

                Baliabideak zenbateraino eskuratu diren ebaluatzeko erreferentzia dira ebaluazio-irizpideak eta lorpen-adierazleak, hau da, konpetentziaz jarduteko behar diren adierazpen, prozedura eta jarrerazko edukiak zenbateraino eskuratu diren ebaluatzeko erreferentzia.

                Eranskin honetan azalduta dauden moduan, konpetentziaz jarduteko izan behar diren edukiak ebaluatzeko xede zuzena dute ebaluazio-irizpideek eta lorpen-adierazleek.

                Konpetentziak ebaluatzeko eginkizuna

                Konpetentziak ebaluatzeko, ezinbesteko da integrazio-egoera konplexuak baliatzea, eta egoera horietan, ez dira ikasitako baliabide guztiak mobilizatu behar, eta bai, soil-soilik, ebaluaziorako sortu den arazo-egoera ebazteko behar direnak. Ikasgaien ebaluazio-irizpideei eta lorpen-adierazleei erreparatu behar zaie, berariaz, egoeren familiekin lotzen diren integrazio-egoera konplexuak ebaluatzeko behar den parametro multzoa hautatzeko.

                Atal honetan, diziplina baitako konpetentziak deskribatzean, argibide moduan azaltzen dira egoeren familien adibide batzuk, oinarrizko konpetentziak eskuratzen laguntzeko egokiak. Lorpen-adierazleak testuinguruan kokatu behar dira, baina egoeren familietan egoera ugari bildu daitezke; beraz, ez da jardun konpetenteak ebaluatzeko integrazio-egoerarik proposatuko eranskinetan, eta ez dira lorpen-adierazleak zehaztuko.

                Horrenbestez, landutako egoeren familietako parametroekiko koherentziari eutsita, hirugarren konkrezio mailan zehaztuko da, ezinbestean, konpetentzien ebaluazioa, eta, horretarako, oinarrizko konpetentziekin lotutako integrazio egoerak sortuko dira, erreferentzia izan daitezen, bai irakasteko eta ikasteko prozesuan, bai konpetentzia horiek ebaluatzeko prozesuan.

                Ebaluazio-irizpideak eta lorpen-adierazleak ezinbestean lotzen dira irteerako profilean finkatutako konpetentziekin eta konpetentzia horiek baliatzeko egoeren familiekin, eta aldez aurretik zehaztu eta ikasleek ondo ezagutu beharrekoak dira. Lorpen mailak neurtzeko elementu giltzarri eta erreferente ezinbestekoak dira biak ala biak, ebaluazio-prozesu osoa orientatzen dute, eta emaitzak objektiboak eta justiziazkoak izango direla bermatzen dute. Hori horrela, integrazio-egoerak zuzentzeko ereduek laburtuta adierazten dituzte konpetentzien zehaztapen edo konkrezio mailak, eta, alde horretatik, tresna eragile giltzarriak dira ikasleak oinarrizko konpetentziak eskuratu dituen neurtzeko.

                Kasu bakoitzean zer komeni den ikusita, neurketa kuantitatiboak edo kualitatiboak egin daitezke, baita mistoak ere, biak proportzioren batean edo bestean uztartu nahi izanez gero. Ebaluazio kualitatiboak izaera global, intuitibo eta subjektiboa du, eta kuantitatiboak, berriz, dedukzioa baliatzen du, irizpideetan oinarrituta eta kuantifikaziorako tresnak baliatuta. Bi ikuspegi horien bidez egindako balioespenak aldera daitezke ebaluazio mistoaren bidez.

                BIGARREN ZATIA

                LEHEN HEZKUNTZARAKO CURRICULUMAREN BERARIAZKO IKUSPEGIA

                1. HIZKUNTZA- ETA LITERATURA- KOMUNIKAZIORAKO KONPETENTZIA.

                1. EUSKARA ETA LITERATURA, ETA GAZTELANIA ETA LITERATURA.

                1.1. ETAPAKO HELBURUAK.

                Honako hauek dira Euskara eta Literatura eta Gaztelania eta Literatura arloetako etapako helburuak:

              1. Hizkuntzaren zenbait erabilera-eremutan sortutako ahozko, idatzizko eta ikus-entzunezko diskurtsoak ulertzea eta interpretatzea, zenbait motatako komunikazio-egoerei aurre egiteko.

              2. Norberaren esperientziatik gertueneko esparruetan eraginkortasunez, errespetuz eta elkarrekin lan egiteko gogoz bai ahoz eta bai idatziz komunikatzeko gai izatea, unean uneko komunikazio-premiei behar bezala erantzuteko.

              3. Hizkuntzen erabileraren oinarrizko konbentzio eta arauei buruz gogoeta egitea, eta konbentzio zein arauok behar bezala aplikatzea, testuak ulertzeko eta sortzeko prozedura nagusiak aintzat hartuta.

              4. Hainbat generotako literatura-testuak irakurtzea eta entzutea, eta, hala, literaturaz gozatzen ikastea, horrek sentsibilitate estetikoan aurrera egiteko, norberaren hizkuntza-ondarea aberasteko eta identitate kulturala eraikitzeko aukera ematen duen aldetik.

              5. Eskolako eta norbera bizi den inguruneko hizkuntza-aniztasuna aintzat hartzea, aniztasun horrekiko jarrera positiboa barneratzeko, eta hizkuntzak komunikaziorako baliabide eraginkortzat eta kultura-ondaretzat hartzea, portaera linguistiko enpatikoak garatzeko eta euskara eguneroko bizitzan erabiltzeko.

              6. Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak gero eta autonomia handiagoz erabiltzea, informazioa lortzeko, eta elkarrekin komunikatzeko eta kooperatzeko.

              7. Norbaiten laguntzarekin norberaren ikaskuntza-prozesuez gogoeta egitea, beste hizkuntza eta ikasgai batzuetan ikasitako komunikazio-ezaguerak eta -estrategiak transferitzeko, eta norberaren ikaskuntza-gaitasunean konfiantza izatea, komunikaziorako konpetentzia hobetzeko.

                1.2. EDUKI MULTZOEN EZAUGARRIAK.

                Lehen Hezkuntzari dagozkion adierazpenezko, prozedurazko eta jarrerazko edukiak honako eduki multzo hauetan multzokatzen dira:

              1. eduki multzoa. Arlo guztietan komunak diren oinarrizko zehar-konpetentziekin lotutako edukiak.

              2. eduki multzoa. Ahozko komunikazioa: hitz egitea, entzutea eta elkarrekin solasean jardutea.

              3. eduki multzoa. Idatzizko komunikazioa: irakurtzea eta idaztea.

              4. eduki multzoa. Literatura-hezkuntza.

              5. eduki multzoa. Hizkuntzari eta haren erabilerei buruzko gogoeta.

              6. eduki multzoa. Hizkuntzaren alderdi soziala.

                Etapako ikasgai guztietan komuna den 1. eduki multzoak oinarrizko zehar-konpetentziak garatzeko beharrezkoak diren eduki guztiak jasotzen ditu. Arlo eta ziklo guzti-guztietan landu eta ebaluatu behar dira edukiok.

                Gizarte-bizitzako esparru adierazgarri guztietan hitz egiteko, idazteko, entzuteko eta irakurtzeko trebetasunak eta estrategiak lantzea, horixe da curriculumaren muin eta ardatza. Trebetasun horiekin lotuta ikasi beharrekoak hiru eduki multzotan biltzen dira: 2. eduki multzoan («Ahozko komunikazioa: hitz egitea, entzutea eta elkarrekin solasean jardutea»), 3. eduki multzoan («Idatzizko komunikazioa, irakurtzea eta idaztea») eta 4. eduki multzoan («Literatura-hezkuntza»). Ikaskuntza horiekin estu lotuta, bai 5. eduki multzoan («Hizkuntzari eta haren erabilerei buruzko gogoeta») eta bai 6. eduki multzoan («Hizkuntzaren alderdi soziala»), bi-bietan multzokatzen dira hizkuntza-sistemarekin, hizkuntzaren erabilera-arauekin eta hizkuntzen eta hiztunen arteko erlazioekin lotutako edukiak.

                Eduki multzook modu analitikoan aztertzen dituzte hizkuntza- eta literatura-hezkuntzaren osagaiak, eta ziklo bakoitzean irits daitezkeen lorpen-mailak ere adierazten dituzte, baina ez dute ezertxo ere esaten ikasgelan egitekoak diren ikaskuntza-jardueren ordenaz nahiz antolaeraz. Hori dela eta, programazioak egitean eta jardueren sekuentzia ikasgelara eramatean, beharrezkoa izango da bloke guztietako edukiak elkarrekin ondo uztartzea. Gogoratu beharra dago prozedurazko edukiak hartzen dituztela oinarri arlo hauetan egitekoak diren lanek, eta eduki horien zerbitzura daudela adierazpenezko edukiak.

                Ahozko komunikazioarekin lotutako hizkuntza-trebetasunak ahaztuak izan ditu erabat gure eskola-sistemak. Eta, hala eta guztiz ere, behar-beharrezkoa da hizkuntza-trebetasunon garrantzia behar bestetan azpimarratzea, horiek emango baitiete aukera ikasleei beren komunikaziorako konpetentzia guztiz garatzeko, ikasgelan ikaskideen arteko komunikazioa errazteko eta esaten dituztenen esanahia behar bezala negoziatzeko. Esan gabe doa, noski, hori guztia funts-funtsezkoa dela gure neska-mutilek, arlo guztietan landuko dituzten ezagueren bitartez, beren trebetasun kognitibo-linguistikoak ganoraz landu ditzaten. Horrekin batera, baina, Euskal Autonomia Erkidegoko egoera soziolinguistikoa zein den kontuan hartuta, eta gure hizkuntzaren erabilera soziala eta normalizazio-prozesua sustatuko baditugu, begi-bistakoa da eskolan nahitaez bultzatu behar dugula gure ikasleek elkarrekin euskaraz hitz egin dezaten.

                Era berean, garbi esan behar dugu hitz egitea eta entzutea, bai eta irakurtzea eta idaztea ere, elkarrekin estu lotuta daudela, eta, beraz, komeni dela ikaskuntza-jardueren sekuentzian hizkuntza-erabileraren bi alderdiak, ulerkuntza eta ekoizpena, integratzea.

                Literatura-hezkuntzarekin lotutako edukiak 4. eduki multzoan jasotzen dira, eta hauxe dute helburu nagusia: lehen zikloan, gure ikasleak irakurtzen ohitu daitezen saiatzea; eta bigarren zikloan, beren irakurzaletasuna sendotu dezaten ahalegintzea, horrela literaturaz gozatzen ikas dezaten. Etapa honetan, beste edozeinetan baino gehiago, literatura gozamen-iturritzat hartzen da: hizkuntzaz eta hizkuntza-baliabideez gozatzeko bidetzat, alegia.

                Hizkuntza-sistemaren osagai diren elementuei eta hizkuntza-arauei buruzko gogoetarekin lotutako edukiak uztartzea eta integratzea hartzen du helburu 5. eduki multzoak («Hizkuntzari eta haren erabilerei buruzko gogoeta»). Trebetasun linguistiko-komunikatiboak barneratzeak eta lantzeak hizkuntzen alderdi kontestual, diskurtsibo eta gramatikalez gogoeta egin beharra dakar, eta hain zuzen horrexegatik landuko dugu hemen 5. eduki multzo hori. Etapa honetan, gure haurrak irakurtzen eta idazten hasten direneko lehen urratsei arreta berezia jarriko zaie, ikasleek prozesu horretan behar bezala aurrera egin dezaten.

              1. eduki multzoan («Hizkuntzaren alderdi soziala») eduki ugari lantzen dira: hizkuntza-aniztasuna eta hizkuntzen arteko erlazioak, besteak beste. Eleaniztasuna ezaugarri duen gaur egungo gizarte konplexu honetan, euskal gizartea elebitasun gorabeheratsu batetik testuinguru eleaniztun batera igarotzeko urratsak egiten ari da. Hori dela tarteko, behar-beharrezkotzat jotzen dugu ikasleek beren inguruneko egoera soziolinguistikoaz gogoeta egitea, horrela hizkuntza-aniztasunaren eta euskararen normalizazio-prozesuaren aldeko jarrera hartuz joan daitezen.

                Ikasleen komunikaziorako konpetentzia lantzea, horixe da hizkuntzen irakaskuntzaren eta ikaskuntzaren helburu nagusia, eta hori dela eta, hain zuzen, ezinbestekoa da hizkuntza-erabilerekin lotutako trebetasunak hobetzearen mende jartzea 5. eta 6. eduki multzoetako edukiekin lotutako jardueren programazioa.

                Etapako bi zikloetan zehar ikasi beharrekoen mailaketa egiteko, irizpide hauek hartuko ditugu oinarri: batetik, praktika diskurtsiboen eta ikasleen esperientzia linguistiko eta kulturalaren arteko hurbiltasuna; bestetik, testuen barne-antolaeraren konplexutasun-maila; eta, azkenik, testuak ulertzeko eta ekoizteko abiaburu izan litezkeen helburu askotarikoak.

                1.3. EBALUAZIO-IRIZPIDEAK.

              1. Harreman interpertsonaletan, hedabideetan eta hezkuntzan sarri-sarri agertu ohi direnen moduko euskarri eta genero desberdinetako ahozko testuak ulertzea (ikaslearen bizipenetatik gertuen daudenak, batik bat), eta horretan, testuen zentzu orokorrari igartzea, ideia nagusiak eta bigarren mailako ideiak ondo bereiziz eta kasuan-kasuan lortu beharreko helburuak erdiesteko informazio pertinentea hautatuz.

              2. Harreman interpertsonaletan, hedabideetan eta hezkuntzan sarri-sarri agertu ohi direnen moduko euskarri eta genero desberdinetako idatzizko testuak ulertzea (ikaslearen bizipenetatik gertuen daudenak, batik bat), eta horretan, testuen zentzu orokorrari igartzea, ideia nagusiak eta bigarren mailako ideiak ondo bereiziz eta kasuan-kasuan lortu beharreko helburuak erdiesteko informazio pertinentea hautatuz.

              3. Harreman interpertsonaletan, hedabideetan, hezkuntzan eta literaturan sarri-sarri agertu ohi direnen moduko euskarri eta genero desberdinetako ahozko testu soil-soilak sortzea norbaiten laguntzarekin, eta horretan, bai ikus-entzunezko teknologia berriak, bai IKTak eta bai hitzezko zein hitzik gabeko baliabideak txukun eta egoki erabiltzea.

              4. Eguneroko egoera interaktiboetan parte hartzea, eta horretan, komunikazio-trukearen oinarrizko arauak errespetatzea.

              5. Harreman interpertsonaletan, hedabideetan, hezkuntzan eta literaturan sarri-sarri agertu ohi direnen moduko idatzizko testu soil-soilak paperean nahiz euskarri digitalean sortzea norbaiten laguntzarekin.

              6. Testu, enuntziatu eta hitzak elkarrekin alderatu eta transformatu, eta hizkuntza-sistemari eta hizkuntzaren erabilera-arauei buruz gogoeta egiteko gai izatea, eta ezaguera horiek ulermen-arazoak konpontzeko eta testualizazio- eta berrikusketa-prozesuak hobetzeko erabiltzea.

              7. Zikloan zehar landutako oinarrizko terminologia linguistikoaren berri jakitea, eta terminologia hori testuak ulertzearekin eta sortzearekin lotutako hizkuntzaren erabilerari buruzko jardueretan erabiltzea.

              8. Irakurtzeko ohitura izatea, eta literatura gozamen-iturritzat eta mundua ezagutzeko bidetzat hartzea.

              9. Gai izatea bai haur-literatura klasikoko eta bai gaur egungo haur-literaturako testuak ulertzeko eta erreproduzitzeko, eta horretan, ahozko nahiz idatzizko literaturari eta konbentzio literario espezifikoei buruzko norberaren ezaguerak erabiltzea.

              10. Norberaren inguruan hitz egiten diren hizkuntzak identifikatzea eta balioestea.

              11. Norberaren ikasgelako, eskolako eta etxe inguruko errealitate linguistikoa zein den jakitea, eta errealitate linguistiko hori balioestea.

              12. Ohitura eta jokabide linguistiko asertibo eta enpatikoak hartuz joatea, eta eskolan euskaraz hitz egitearen aldeko jarrera izatea.

              13. Informazioa bilatzeko, hautatzeko, kudeatzeko eta komunikatzeko prozesuan, norbaiten laguntzarekin informazioaren teknologiak erabiltzeko gai izatea, eskolan egunero sortzen zaizkion premiei aurre egiteko.

              14. Gai izatea bere ikaskuntza linguistikoaz gogoeta egiteko, eta horretan, norberaren ikaskuntza-gaitasunean konfiantza izatea, horrela nork bere burua erregulatzen ikasteko.

                2. ATZERRIKO LEHEN HIZKUNTZA.

                2.1. ETAPAKO HELBURUAK.

                Honako hauek dira Atzerriko Lehen Hizkuntza arloko etapako helburuak:

              1. Eskola-eremuko komunikazio-egoeretan norberaren esperientziekin eta interesekin estu lotuta sortutako ahozko, idatzizko eta ikus-entzunezko diskurtsoak ulertzea eta interpretatzea, zenbait motatako komunikazio-egoerei aurre egiteko.

              2. Norberaren esperientziatik gertueneko esparruetan eraginkortasunez, errespetuz eta elkarrekin lan egiteko gogoz bai ahoz eta bai idatziz komunikatzeko gai izatea, aldez aurretik ikasgelan bertan landutako gaiekin lotutako komunikazio-premiei zenbait eredu oinarri hartuta txukun eta modu koherentean erantzuteko.

              3. Atzerriko hizkuntzaren sistema linguistikoaz gogoeta egitea, eta norbaiten laguntzarekin haren erabilera-arauak aplikatzea testuak sortzeko eta ulertzeko, eta hizkuntza txukun erabiltzeko, hizkuntzen artean transferigarriak diren ezaguerak erabiliz.

              4. Ahozko, idatzizko eta ikus-entzunezko literatura-testu soilez gozatzea (ahozko literatura-tradizioarekin lotutakoez, batik bat), eta, hala, mundu zabaleko kultura-aniztasunaz jabetzea eta giza kondizioa zertan den ulertzea, norberaren hizkuntza-ondarea aberastea eta sentsibilitate estetikoa lantzea.

              5. Atzerriko hizkuntza norberarenaz bestelako errealitate eta kulturak ulertzeko erabiltzea, eta errealitate horiek ulertzearen, errespetatzearen eta haiekin kolaboratzearen aldeko jarrera izatea.

              6. Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak gero eta autonomia handiagoz erabiltzea, atzerriko hizkuntzan informazioa lortzeko, komunikatzeko eta kooperatzeko.

              7. Norberaren ikaskuntza-prozesuez gogoeta egitea, norberarenaz bestelako hizkuntzak ikastean landutako komunikazio-ezaguerak eta-estrategiak transferitzeko eta autorregulazioa sustatzeko.

                2.2. EDUKI MULTZOEN EZAUGARRIAK.

                Euskara eta Literatura eta Gaztelania eta Literatura arloetan bezala, hemen ere Lehen Hezkuntzari dagozkion adierazpenezko, prozedurazko eta jarrerazko edukiak honako eduki multzo hauetan multzokatzen dira:

              1. eduki multzoa. Arlo guztietan komunak diren oinarrizko zehar-konpetentziekin lotutako edukiak.

              2. eduki multzoa. Ahozko komunikazioa: hitz egitea, entzutea eta elkarrekin solasean jardutea.

              3. eduki multzoa. Idatzizko komunikazioa: irakurtzea eta idaztea.

              4. eduki multzoa. Literatura-hezkuntza.

              5. eduki multzoa. Hizkuntzari eta haren erabilerei buruzko gogoeta.

              6. eduki multzoa. Hizkuntzaren alderdi soziala.

                Etapako ikasgai guztietan berdina den 1. eduki multzoak oinarrizko zehar-konpetentziak garatzeko beharrezkoak diren eduki guztiak jasotzen ditu. Arlo eta ziklo guzti-guztietan landu eta ebaluatu behar dira edukiok.

                Gizarte-bizitzako esparru adierazgarri guztietan hitz egiteko, idazteko, entzuteko eta irakurtzeko trebetasunak eta estrategiak lantzea, horixe da curriculumaren muin eta ardatza. Trebetasun horiekin lotuta ikasi beharrekoak hiru eduki multzotan biltzen dira: 2. eduki multzoan («Ahozko komunikazioa: hitz egitea, entzutea eta elkarrekin solasean jardutea»), 3. eduki multzoan («Idatzizko komunikazioa, irakurtzea eta idaztea») eta 4. eduki multzoan («Literatura-hezkuntza»). Ikaskuntza horiekin estu lotuta, bai 5. eduki multzoan («Hizkuntzari eta haren erabilerei buruzko gogoeta») eta bai 6. eduki multzoan («Hizkuntzaren alderdi soziala»), bi-bietan multzokatzen dira hizkuntza-sistemarekin, hizkuntzaren erabilera-arauekin eta hizkuntzen eta hiztunen arteko erlazioekin lotutako edukiak.

                Eduki multzook modu analitikoan aztertzen dituzte hizkuntza- eta literatura-hezkuntzaren osagaiak, eta ziklo bakoitzean irits daitezkeen lorpen-mailak ere adierazten dituzte, baina ez dute ezertxo ere esaten ikasgelan egitekoak diren ikaskuntza-jardueren ordenaz nahiz antolaeraz. Hori dela eta, programazioak egitean eta jardueren sekuentzia ikasgelara eramatean, beharrezkoa izango da bloke guztietako edukiak elkarrekin ondo uztartzea. Gogoratu beharra dago prozedurazko edukiak hartzen dituztela oinarri arlo hauetan egitekoak diren lanek, eta eduki horien zerbitzura daudela adierazpenezko edukiak.

                Ahozko komunikazioarekin lotutako hizkuntza-trebetasunak ahaztuak izan ditu erabat gure eskola-sistemak. Eta, hala eta guztiz ere, behar-beharrezkoa da hizkuntza-trebetasunon garrantzia behar bestetan azpimarratzea, horiek emango baitiete aukera ikasleei beren komunikaziorako konpetentzia guztiz garatzeko, ikasgelan ikaskideen arteko komunikazioa errazteko eta esaten dituztenen esanahia behar bezala negoziatzeko. Esan gabe doa, noski, hori guztia funts-funtsezkoa dela gure neska-mutilek, arlo guztietan landuko dituzten ezagueren bitartez, beren trebetasun kognitibo-linguistikoak ganoraz landu ditzaten.

                Era berean, garbi esan behar dugu hitz egitea eta entzutea, bai eta irakurtzea eta idaztea ere, elkarrekin estu lotuta daudela, eta, beraz, komeni dela ikaskuntza-jardueren sekuentzian hizkuntza-erabileraren bi alderdiak, ulerkuntza eta ekoizpena, integratzea.

                Literatura-hezkuntzarekin lotutako edukiak 4. eduki multzoan jasotzen dira, eta hauxe dute helburu nagusia: lehen zikloan, gure ikasleak irakurtzen ohitu daitezen saiatzea; eta bigarren zikloan, beren irakurzaletasuna sendotu dezaten ahalegintzea, horrela literaturaz gozatzen ikas dezaten. Etapa honetan, beste edozeinetan baino gehiago, literatura gozamen-iturritzat hartzen da: hizkuntzaz eta hizkuntza-baliabideez gozatzeko bidetzat, alegia.

                Hizkuntza-sistemaren osagai diren elementuei eta hizkuntza-arauei buruzko gogoetarekin lotutako edukiak uztartzea eta integratzea hartzen du helburu 5. eduki multzoak («Hizkuntzari eta haren erabilerei buruzko gogoeta»). Trebetasun linguistiko-komunikatiboak barneratzeak eta lantzeak hizkuntzen alderdi kontestual, diskurtsibo eta gramatikalez gogoeta egin beharra dakar, eta hain zuzen horrexegatik landuko dugu hemen 5. eduki multzo hori.

              1. eduki multzoan («Hizkuntzaren alderdi soziala») hainbat eduki lantzen dira: hizkuntza-aniztasuna, hizkuntzen arteko erlazioak... Eleaniztasuna ezaugarri duen gaur egungo gizarte konplexu honetan, euskal gizartea elebitasun gorabeheratsu batetik testuinguru eleaniztun batera igarotzeko urratsak egiten ari da. Ikasleengandik gertuen dauden inguruetako egoera soziolinguistikoari buruz gogoeta egitera garamatza ezinbestez eleaniztasun-testuinguru horrek. Helburua argia da, oso: ikasleek hizkuntza-aniztasunaren aldeko jarrerak barnera ditzaten, ikasgai hartuko duten atzerriko hizkuntza balioets dezaten eta, oro har, hizkuntzak komunikazio-bide, kultura desberdinetako pertsonen arteko zubi eta ezein motatako edukiak ikasteko baliabide direla aitor dezaten saiatzea.

                Ikasleen komunikaziorako konpetentzia lantzea, horixe da hizkuntzen irakaskuntzaren eta ikaskuntzaren helburu nagusia, eta hori dela eta, hain zuzen, ezinbestekoa da hizkuntza-erabilerekin lotutako trebetasunak hobetzearen mende jartzea 5. eta 6. eduki multzoetako edukiekin lotutako jardueren programazioa.

                Etapako bi zikloetan zehar ikasi beharrekoen mailaketa egiteko, irizpide hauek hartuko ditugu oinarri: batetik, praktika diskurtsiboen eta ikasleen esperientzia linguistiko eta kulturalaren arteko hurbiltasuna; bestetik, testuen barne-antolaeraren konplexutasun-maila; eta, azkenik, testuak ulertzeko eta ekoizteko abiaburu izan litezkeen helburu askotarikoak.

                2.3. EBALUAZIO-IRIZPIDEAK.

              1. Eguneroko gaiekin lotuta hedabideetan eta hezkuntzan sarri-sarri agertu ohi direnen moduko euskarri eta genero desberdinetako eta egitura eta lexiko errazeko ahozko testu soil eta laburrak ulertzea eta interpretatzea (ikaslearen bizipenetatik gertuen daudenak, batik bat), eta horretan, testuen zentzu orokorrari eta ideia nagusiei igartzea, baldin eta kondizio akustikoak onak badira eta mezua distortsionatzen ez badute, esandakoa behin eta berriz entzun badaiteke edo hura berresteko eska badaiteke, eta mezuak euskarri bisuala edo erreferentzia kontestual argia baldin badu.

              2. Gai akademiko nahiz pertsonalei buruz ahozko testu soil eta laburrak zenbait euskarritan sortzea norbaiten laguntzarekin, hitzezko zein hitzik gabeko baliabideak behar bezala erabiliz.

              3. Norberak esan nahi duena ulertarazteko moduan parte hartzea informazio-truke zuzena oinarri duten eta eguneroko bizitzan sortu ohi diren egoera interaktiboetan, eta horretan, komunikazio-trukearen arauak errespetatzea.

              4. Ikasgelan bertan landutako gaiekin lotuta hedabideetan eta hezkuntzan sarri-sarri agertu ohi direnen moduko euskarri eta genero desberdinetako idatzizko testu soil eta laburrak ulertzea eta interpretatzea (ikaslearen bizipenetatik gertuen daudenak, batik bat), eta horretan, testuen zentzu orokorrari eta ideia nagusietako batzuei igartzea, baldin eta ulertu ez dena berriro irakur badaiteke, hiztegian kontsultak egin badaitezke eta baliabide bisual eta kontestualen bat laguntza gisa eskura badaiteke.

              5. Proposatutako lanerako informazio pertinentea aurkitzea eta hautatzea.

              6. Ikasgelan egin ohi dituzten jarduerekin lotuta gai akademiko nahiz pertsonalei buruz idatzizko testu soil eta laburrak zenbait euskarritan sortzea, eta horretan, gai izatea norbaiten laguntzarekin ekoizpen-prozesuko urratsak modu txukun eta kohesionatuan egiteko.

              7. Literatura-testua gozamen-iturritzat, kulturara hurbiltzeko bidetzat eta bere hizkuntza-ondarea eta mundu pertsonala aberasteko zubitzat hartzea.

              8. Gai izatea, baten bat laguntzaile duela, atzerriko hizkuntzaren erabileraz eta hizkuntza horrek gainerako hizkuntza guztiekin duen erlazioaz egindako behaketen eta gogoeten bitartez ikasitakoa erabiltzeko, horrela ulermen-arazoak konpontzeko, batetik, eta ahozko nahiz idatzizko testuak osatzeko eta berrikusteko, bestetik.

              9. Atzerriko hizkuntza erabiltzea jatorri desberdinetako pertsonen arteko komunikazio- eta ulermen-bidetzat eta ikaskuntza-baliabidetzat.

              10. Atzerriko hizkuntza erabiltzea norberarenaz bestelako errealitateak deskubritzeko eta beste kultura batzuetako jendearen ezaugarri, ohitura eta tradizioak identifikatzeko, eta horretan, kultura horiek ulertzearen eta errespetatzearen aldeko jarrera izatea.

                2. MATEMATIKARAKO KONPETENTZIA.

                1. MATEMATIKA.

                1.1. ETAPAKO HELBURUAK.

                Matematika arloko etapako helburuak hauek dira:

              1. Banaka edo taldean, eguneroko bizitzatik ateratako problemak, beste zientzia batzuetakoak edo matematikakoak planteatzea eta ebaztea, eta zenbait estrategia aukeratzea eta erabiltzea, ebazpen-prozesua justifikatzea, emaitzak interpretatzea eta egoera berrietan aplikatzea, gizarte-ingurunean modu eraginkorragoan jardun ahal izateko.

              2. Matematikako ezagutza aplikatzea eguneroko bizitzako gertaerei eta egoerei buruzko informazioak eta mezuak ulertzeko, balioesteko eta sortzeko, eta beste ezagutza-arlo batzuetan erabilgarriak direla jakitea.

              3. Natura- eta kultura-inguruneko forma geometrikoak identifikatzea, elementuen, erlazioen eta propietateen ezagutza erabiliz, errealitatea deskribatzeko, eta ezagutza geometrikoak aplikatzea inguruan dugun mundu fisikoa ulertzeko eta analizatzeko, eta hari buruzko problemak ebazteko.

              4. Kalkuluak eta iritzirako kalkuluak (zenbakizkoak, metrikoak, etab.) segurtasunez eta konfiantzaz egitea, egoera bakoitzean prozedura egokienak (buruzko kalkulua, idatzia, kalkulagailua...) erabiliz, bizitzako egoerak interpretatzeko eta balioesteko, eta emaitzak sistematikoki berrikustea.

              5. Beren adinerako egokiak diren eta emaitzak eta ondorioak argi eta garbi eta koherentziaz justifikatzeko eta aurkezteko norberaren pentsamendua adieraztea errazten duten hizkuntza arrunteko eta hizkuntza matematikoko elementuak (zenbakiak, taulak, grafikoak, irudiak) erabiliz, arrazoitzea eta argudiatzea.

              6. Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak (kalkulagailuak, ordenagailuak, etab.) behar bezala erabiltzea kalkuluak egiteko, denetariko informazioak bilatzeko, tratatzeko eta adierazteko, bai eta matematika ikasten laguntzeko ere.

              7. Matematikak eguneroko bizitzan duen zeregina balioestea, hura erabiliz gozatzea, eta matematikako jardueraren moduen eta jarreren balioa bereiztea; esate baterako, alternatibak aztertzea, hizkuntzaren zehaztasuna edo malgutasuna eta soluzioak bilatzen iraunkorra izatea.

              8. Matematika kulturaren parte dela balioestea, bai ikuspegi historikotik bai gaur egungo gizartean duen zereginagatik, eta eskuratutako matematikako konpetentziak aplikatzea, zenbait fenomeno sozial analizatzeko eta balioesteko; esate baterako, kultura-aniztasuna, ingurumena errespetatzea, osasuna, kontsumoa, genero-berdintasuna edo bizikidetza baketsua.

                1.2. EDUKI MULTZOEN EZAUGARRIAK.

                Lehen Hezkuntzari dagozkion adierazpenezko, prozedurazko eta jarrerazko edukiak eduki multzo hauetan biltzen dira:

              1. multzoa. Arlo guztietako eta arlo honetako eduki multzo guztietako oinarrizko zehar-konpetentziekin lotutako edukiak.

              2. multzoa. Zenbakiak eta eragiketak.

              3. multzoa. Neurria: magnitudeak kalkulatzea eta iritzira kalkulatzea.

              4. multzoa. Geometria.

              5. multzoa. Informazioaren trataera, zoria eta probabilitatea.

              6. multzoa. Problemak ebaztea.

                Matematika zenbakiekin eta formekin lotutako ezagutzen multzoa da. Lehen Hezkuntzako Matematika arloko funtsa esperientziazkoa da bereziki, eta ikasketa-edukiei denetariko ideia matematikoak (kontzeptuak, prozedurak, propietateak, erlazioak, egiturak...) sortzeko gai diren zenbait material didaktiko manipulatuz ekin behar zaie. Matematikako erronkek elementu motibatzaileak izan behar dute ezagutza matematikoa eskuratzeko eta pentsamendu logikoa garatzeko, eta, horrela, ikasleengan ikerketa eta arrazoiketen ahozko adierazpena errazteko, matematikako hizkuntza zuzena erabiliz, zeina ohiko hizkuntzaren desberdina den zorroztasunari eta terminologiari dagokionez. Talde-lanak eta berdinen taldearekiko interakzioan trebetasun sozialak ongi jakiteak entzute aktiboa, ideiak trukatzea eta alderatzea garatzeko eta ezagutza berriak sortzeko balio dute.

                Lehen Hezkuntzako matematikaren garapenari dagokionez, komeni da ezaugarri interesgarri batzuen berri ematea:

                Osagai intuitiboaren nagusitasuna abstrakzioarekiko eta formalizazioarekiko, eta estrategia pertsonalak erabiltzea «akademikoen» ordez.

                Ikasleen esperientzien zenbait eremu erabiltzea matematikako jardueren iturritzat.

                Eskuz lantzeko material didaktikoak eta neurketa-tresnak erabiltzea.

                Kalkulagailua eta bitarteko teknologikoak arrazoiz erabiltzea (uneari eta adinari egokituta).

                Talde-lanaren garrantzia, ikasketaren oinarria den aldetik.

                Eduki guztien garapen globala, Problemen ebazpena eta eduki geometrikoak azpimarratuz, zentzumenen garapenarekin bat etorriz.

                Ideiak, arrazoiketa, argudioak, etab. jakinarazteko, hizkuntza argia eta egokia izateko nahia eta beharra bultzatzea.

                Matematika ikasgaia adierazitako ezaugarriak aintzat hartuta garatu ahal izateko, eduki batzuk aukeratu dira, eta modu jakin batean bildu dira. Horrela, eduki-blokeak sortu dira. Bi ikasturteetan, Eduki Komunen bloke bat sartu da. Bloke hori Lehen Hezkuntzan lantzen diren matematika-ezagutzen zeharkako ardatza eta ardatz egituratzailea da.

                Bloke horretan curriculumeko oinarrizko gai bat aipatzen da berariaz: hizkuntza matematikoa. Informazioaren eta komunikazioaren teknologien erabilerari buruzko alderdiak eta jarrerazkoak ere agertzen dira. Gainera, prozedurazko eta jarrerazko edukien multzo bat ere sartu da, arlo eta ikasgai guztiei dagozkienak, zehar-konpetentziekin estuki lotuta daudenak.

                Edukiak zikloka ere banatu dira, sei bloketan bilduta. Aipatutako Eduki Komunen blokeari, hauek gehitu behar zaizkio: Zenbakiak eta eragiketak; Neurria; Geometria; Informazioaren trataera, Zoria eta probabilitatea; Problemak ebaztea. Adierazi beharra dago antolatzeko modu bat baino ez dela. Kontua ez da konpartimentu estanko bat sortzea: bloke guztietan zenbakizko eta geometriako teknikak erabili behar dira, eta edozeinetan erabilgarria izan daiteke taula bat sortzea, grafiko bat egitea edo ziurgabetasun-egoera bat piztea. Matematikaren irakaskuntzan edukien konfigurazio zikliko hori aintzat hartuko da, eta, hartara, edukiak elkarrekin lotuta egongo dira beti eta batzuen gainean beste batzuk eraiki ahal izango dira. Problemen ebazpena ardatz nagusia da, eta bloke guztiak aztertzen ditu zeharka. Horregatik, arreta berezia jarri behar zaio.

                Zenbakiak eta eragiketak izeneko blokean, zenbakizko alfabetatze eraginkorra lortzea da helburua, zenbakiak eta erlazioak ageri diren egoerei arrakastaz aurre egiteko ahalmen gisa ulertuta. Azpimarratu beharrekoa da konpetentzia hori lortzeko ez delako nahikoa idatzizko kalkuluko algoritmoak erabiltzen jakitea; buruzko kalkuluko estrategiak (zehatzak nahiz gutxi gorabeherakoak, magnitude-ordenaren arabera), eta zenbakiekin eta kantitateekin lan egitean konfiantzaz aritzea; bidezkoa den aldiro erabiltzea eta haien arteko oinarrizko erlazioak identifikatzea. Zenbakiak zenbait testuingurutan erabili behar dira, garatutako prozesuen ulermena eta emaitzen esanahia aurretiko edukiak eta lehentasunezkoak direla jakinda; kalkuluko abilezia hutsa baino harago doana. Zenbait prozedura edo estrategia erabiliz kalkulatzeko abilezia da interesgarria, eta kasu bakoitzean erabaki behar da zein den egokiena. Etapa honetan, ikasleek jariakortasunez kalkulatzea eta iritzirako kalkuluak arrazoiz egitea da helburua, kontzeptuak ulertzearen eta kalkuluko konpetentziaren arteko oreka lortzeko.

                Neurriari buruzko blokea behar bezala garatu ahal izateko, mota guztietako zenbakiak eta eragiketak behar bezala ezagutu eta erabili behar dira, bai eta hurbilketak eta iritzirako kalkuluak egiteko estrategiak ere. Egoera errealetan neurketak egitea lortu beharreko lehentasunezko helburu bat izango da, eta, horretarako, mota guztietako unitateak erabiliko dira: gorputzekoak (oina, arra, besoa, etab.), arbitrarioak (sokak, lauzak, etab.) eta normalizatuenak, hots, Sistema Metriko Hamartarra.

                Geometriak espazioko orientazioarekin eta adierazpenarekin, kokapenarekin, espazioko objektuen deskribapenarekin eta ezagutzarekin lotutako edukiak biltzen ditu; bai eta forma lauen eta hiru dimentsioko formen azterketa ere. Jolas-jarduerek objektuen espazioko egoera eta kokapena deskribatzen lagundu dezakete, erreferentzia-sistemak eta adierazpen-modeloak ezarriz. Eguneroko bizitzako ingurunea kontzeptu geometriko askoren abstrakzio-maila saihesten duten egoera fisiko errealen askotariko egoerak aztertzeko iturri bat da, elementuak, propietateak eta abar lantzen dituena. Geometriak bide ematen du gainerako blokeekin eta beste esparru batzuekin (artearekin edo zientziarekin, esate baterako) erlazio konstanteak ezarriz, baina eskuz lantzeko alderdiei zeregin garrantzitsua esleituz, denetariko materialak (geoplanoak eta mekanoak, puntu-bilbeak, ispiluen liburuak, poliedroak eratzeko materiala, etab.) eta norberaren jarduera baliatuz, tolestuz, eraikiz, etab. kontzeptura modelo errealen bidez iristeko. Geometriako programa informatikoak ere erabil daitezke helburu hori lortzeko.

                Informazioaren trataera eta zoriari buruzko blokearen edukiek benetako esanahia hartzen dute beste ezagutza-arlo batzuekin lotutako jardueretan aurkezten direnean. Bloke honen hasieran, informazioa biltzeko, matematikoki tratatzeko eta gainerakoei komunikatzeko edukiak ageri dira, adierazpen grafikoa bereziki azpimarratzen da, eta, gainera, ausazko fenomenoetarako lehenengo hurbilketa da. Gainera, eduki horiek etapa honetako beste arlo batzuetan aplikazioa eta jarraitutasuna dute; hain zuzen ere, datu estatistikoak (populazioak, inkestak, herrialdeen azalerak, etab.) eguneroko bizitzan ageri diren informazioak maiz erabiltzen dituzten arloetan. Eduki horiek oso egokiak dira talde-lana eta zentzu kritikoaren garapena bultzatzeko. Ikasleek dakizkiten zorizko jokoak (partxisa, aurkia eta ifrentzua...) tresna egokiak izan daitezke ausazko fenomenoetara hurbiltzeko.

                Problemak ebaztea izeneko blokea funtsezkoa da, matematikako konpetentziaren definizioan argi eta garbi adierazi den moduan. Eguneroko bizitzako problemak identifikatzea, datuak eta erlazio garrantzitsuak bereiztea, aieruak formulatzea, ebazpen zehatz edo hurbilduko estrategiak garatzea, aieruak eta emaitzak aztertzea, eta emaitzak antolatzea eta jakinaraztea matematikako eremu guztietan aplika daitezkeen prozesu eta eduki komunak dira. Problemen ebazpena izeneko berariazko blokea sortzeko erabakiak bi helburu ditu. Lehenik, ikasgelako lanean merezi duen arreta eta denbora eskaintzea: eragiketek, neurriek, kalkuluek... problemak ebazteko erabiltzen direnean hartzen dute beren benetako zentzua. Baina eduki bat izateaz gain problemak ebaztea metodo bat ere bada, eguneroko matematikako lana ulertzeko modu bat. Ikasgelan giro gogoetatsua, sortzailea eta elementu garrantzitsutzat informazioaren trataera, eta matematikako eduki berrien aplikazioa eta ikasketa dituzten ikerketak (zenbakizkoak, neurriei buruzkoak, geometrikoak, funtzionalak, probabilistikoak, etab.) eta proiektuak sortzeko gaitasuna duen giroa lortzea.

                1.3. EBALUAZIO-IRIZPIDEAK.

              1. Ikerketen eta problemen soluzioak bilatzeko matematikako zereginak berezkoak dituen norberaren jarrera egokiak garatzea eta lantzea.

              2. Eguneroko bizitzako zenbakizko testuak (zenbaki arruntenak, zenbaki osoenak, zatikienak, hamartarrenak eta erromatarrenak) interpretatzea eta balioestea, arrazoiketa egokiak erabiliz eta esanahia interpretatuz, informazioa trukatzeko.

              3. Eragiketak eta buruzko kalkulu zehatzak eta hurbilduak egitea zenbaki arruntekin eta hamartarrekin, zenbait prozedura eta buru-estrategiak (kalkulu automatikoak, buruzko kalkuluko estrategiak, haztatzea, iritzira kalkulatzea) erabiliz, problemak ebazteko egoeretan.

              4. Eragiketak eta kalkulu zehatzak egitea zenbaki arruntekin eta hamartarrekin, batuketa, kenketa, biderketa eta zatiketaren algoritmoak erabiliz zenbait zenbaki motarekin, problemak ebazteko testuinguruetan eta eguneroko bizitzako egoeretan.

              5. Zenbaki hamartarrak, zatikiak eta ehuneko errazak eguneroko bizitzako testuinguruetan informazioa interpretatzeko eta trukatzeko erabiltzea, eta haien baliokidetasunak erabiltzea kalkulu errazak egiteko, zuzeneko proportzionaltasunari ekiteko eta problemak ebazteko.

              6. Eguneroko bizitzako zenbakizko testuak interpretatu, tresnekin neurtu eta neurri-unitate erabilienekin eragiketak egitea, aurrez iritzirako kalkuluak eginez eta luzera-, azalera-, pisu- edo masa-, edukiera-, denbora-, angelu-neurriak eta diru-sistemako neurriak zehaztasunez adieraziz, benetako testuinguruetan eta problemak ebazteko testuinguruetan.

              7. Espazioko orientazioarekin lotutako eguneroko bizitzako egoerak deskribatzea eta ulertzea, geometriako oinarrizko nozioak erabiliz (kokapena, higidura, paralelotasuna, elkarzutasuna eta simetria).

              8. Erreferentzia-sistemak eta ohiko objektuak edo egoerak oinarri hartuta espazioko adierazpenak interpretatzea eta egitea (koordenatu-ardatzak, planoak, ibilbideen krokisak, maketak...).

              9. Irudi lauen (triangeluak eta laukiak) eta gorputz geometrikoen (poliedroak, prismak, piramideak, konoa, zilindroa eta esfera) elementuak eta oinarrizko propietateak bereiztea, erreproduzitzea eta deskribatzea, eta zenbait irizpideren arabera (aldeak, angeluak, aurpegiak, erregulartasunak) sailkatzea, propietateak erabiliz perimetroa eta azalera kalkulatzeko, problemak ebazteko eta eguneroko bizitzako gertaerak ulertzeko zein erabilgarriak diren balioesteko.

              10. Informazio kuantifikagarria biltzea eta erregistratzea, taulak, barra-diagramak, piktogramak... erabiliz, eta informazioak interpretatzea, jakinaraztea eta balioestea, inguruneko datu-taulak eta -grafikoak oinarri hartuta, problemak ebazteko testuinguruan.

              11. Esperientzian oinarritutako iritzirako kalkuluak egitea zorizko jokoetan eta zoria ageri den egoera sinpleen emaitzetan (posiblea, ezinezkoa, ziurra, aukera gehiago edo gutxiago), eta emaitza aztertzea.

              12. Matematikako zenbait eduki erabiliz ebatz daitezkeen eguneroko bizitzako problemak identifikatzea eta planteatzea.

              13. Zenbaki arrunten, hamartarren, ehunekoen eta oinarrizko zatikien eguneroko bizitzako problema errazak formulatzea eta ebaztea, matematikako ezagutza eta prozedura egokienak erabiliz, eta problemak ebazteko zer prozesuri jarraitu zaion ordenan eta argi adieraztea, ahoz eta idatziz.

              14. Problema irekiak, ikerketa matematikoak eta zenbakiei, kalkuluei, neurriei, geometriari eta informazioaren tratamenduari buruzko lanen proiektuak formulatzea eta ebaztea, zenbait estrategia erabiliz, talde-lanean aktiboki jardunez, eta ebazpen-prozesua eta ondorioak ahoz nahiz idatziz komunikatzea.

              15. Arrazoiketa-prozesuak eta problemak ebazteko estrategiak erabiltzea, lan zientifikoko metodoaren faseak erabiliz eta kontrolatuz norberaren mailara egokitutako egoeretan (galderak, ebazpenen planteamendua eta saiakera, kalkuluak, soluzioak egiaztatzea eta jakinaraztea).

                3. ZIENTZIARAKO KONPETENTZIA.

                1. NATURAREN ZIENTZIAK.

                1.1. ETAPAKO HELBURUAK.

                Hauek dira Naturaren Zientziak arloko etapako helburuak:

              1. Nork bere burua eta osasuna zaintzeko eta bizimodu osasungarria izateko jarrerak eta ohiturak garatzea, giza gorputzaren ezagutza zientifikoa oinarri hartuta, eta banakoen arteko desberdintasunak errespetatzea, bizi-ohitura osasungarriak sustatuz eta banakoei nahiz taldeei eragin diezaieketen arriskuak saihestuz.

              2. Gizakiak ingurumenean izandako esku-hartzeen eragin batzuk aztertzea, eta iraunkortasunaren eta bizi-kalitatearen parametroak oinarri hartuta ikuspegi kritikoz balioestea, eguneroko bizitzan oreka ekologikoa babesteko eta berreskuratzeko jarrera hartze aldera.

              3. Norberaren ezagutzan sakontzea, lorpenak erdiesteko motibazioa sustatzen duten estrategien bidez, eta nork bere pentsamena eta ikaskuntza-estiloak erregulatzea, natura-inguruneko arazoei eta pertsonen bizitzarekin duten erlazioari buruzko erabakiak modu arduratsuan, autonomoan eta kritikoan hartu ahal izateko.

              4. Natura-inguruneko elementu esanguratsuekin lotutako galderak eta problemak identifikatzea, planteatzea eta ebaztea, banaka nahiz elkarlanean metodologia zientifikoaren estrategiak erabiliz; hala nola, problemaren identifikazioa, informazioaren bilaketa eta trataera, eta hipotesiak formulatzea eta probatzea, benetako esperimentazioaren edo esperimentazio birtualaren bidez, irtenbideak bilatzeko bestelako hautabide batzuk aztertzeko bide gisa.

              5. Zientziaren eta teknologiaren berezko prozedurak aplikatzea, material, substantzia eta objektu batzuen propietateen ezagutza baliatuta, aurrez zehaztutako problema edo behar bati erantzuteko proiektuak, gailuak eta tresna soilak planifikatzeko, diseinatzeko eta egiteko.

              6. Mezu, produktu, gertaera edo fenomeno zientifikoak interpretatzea, modu aktiboan eta kritikoan, zenbait hizkuntza eta ingurune erabiliz, bai digitalak bai analogikoak, ondorioak argi eta zehaztasunez azaltzeko, argudiatzeko eta jakitera emateko.

              7. Zientziaren saiaketa-izaerari eta izaera sortzaileari buruzko ezagutza baliatzea, eta gizadiaren historian zehar egindako aurrerapen handiak balioestea, zientziaren ezagutzak gizakiaren beharrak asetzeko eta bizi-baldintzak hobetzeko duen garrantzia ulertzeko eta balioesteko.

              8. Natura-ingurunean agerian jartzen diren ezaugarriei eta erlazioei erreparatzea, haiei buruzko galderak egitea, identifikatzea, sailkatzea eta azaltzea, horretarako askotariko ikerketa-materiala erabiliz, natura-ingurunea ulertzeko eta Lur planeta babesteak eta errespetatzeak gure bizitzarako nahiz etorkizuneko belaunaldientzat duen garrantziaz jabetzeko.

                1.2. EDUKI MULTZOEN EZAUGARRIAK.

                Lehen Hezkuntzari dagozkion adierazpenezko, prozedurazko eta jarrerazko edukiak eduki multzo hauetan sailkatu dira:

              1. multzoa. Arlo guztietan eta arlo honetako eduki multzo guztietan komunak diren oinarrizko zehar-konpetentziekin lotutako edukiak.

              2. multzoa. Gizakia eta osasuna.

              3. multzoa. Izaki bizidunak.

              4. multzoa. Materia eta energia.

              5. multzoa. Teknologia, objektuak eta makinak.

                Naturaren Zientziak arloa lagungarria da pentsamendu zientifikoaren garapenerako, eta haren ardatz nagusia behaketa eta esperimentazioa da, kontzeptuzko edukiak nahiz adierazpenezkoak modu linealean transmititzearen gainetik. Helburu hori lortze aldera, jakintzak erlazionatzen dira eta gainerako arloekin lotzen dira.

                Kontuan hartuta etengabe aldatzen ari den mundu honetan egia zientifikoek zenbaitetan gutxi irauten dutela, datuak ezagutzeaz gain beharrezkoa da trebetasun zientifikoak, arrazoitzekoak, pentsamendu kritikorakoak eta abar garatzea. Hortaz, arlo honetan, izaera esperimentala ardatz hartzeaz gain, pentsamen- eta metakognizio-errutinen garapena landuko da.

                Naturaren Zientziak arloaren bitartez, haurrak mundu zientifikora eta haren metodologiara hurbiltzea lortu nahi da, bai eta zientziaren eta teknologiaren esparruan historian zehar emakumeek nahiz gizonek egindako ekarpenen berri jakitea ere, eta pertsonen garapenerako eta bizi-kalitatea hobetzeko zeinen garrantzitsuak izan diren balioestea.

                Etapa honetan, ikasleak metodo zientifikoan trebatzen hasiko dira, zenbait alderdi jorratuz: problemak edo iker daitezkeen egoerak identifikatzea; ikertu beharreko fenomenoei behatzea eta haiek aztertzea; informazio esanguratsua hautatzea; hipotesiak egitea; zeregina planifikatzea; hipotesiak balioztatzea, benetako esperimentazioaren edo esperimentazio birtualaren bidez, egiaztatutako ebidentziak oinarri hartuta; problema horien soluzioak edo erantzun egiaztagarriak aurkitzea; ondorioak ateratzea; eta jakitera ematea, baliabide edo euskarri analogikoak nahiz digitalak erabiliz.

                Arlo honetan landuko diren kontzeptuen, prozeduren eta jarreren bitartez, ikasleek zenbait alderdi garatu ahal izango dituzte: zientziaren esparruko ezagutza eta alfabetizazioa, lagungarria izango zaiena inguruko mundua ulertzeko eta interpretatzeko; eta gertakariak, fenomenoak eta informazioak aztertzeko, aurreikusteko eta azaltzeko gaitasuna, bide emango diena erabakiak funtsatuta eta erantzukizunez hartzeko norberaren nahiz gizartearen intereseko gaietan, hala nola ingurumena, osasuna eta teknologien erabilera egokia.

                Naturaren Zientziak arloko edukiak bi ziklotan banatuta daude: lehen zikloa 1., 2. eta 3. mailek osatzen dute, eta bigarren zikloa, 4., 5. eta 6. mailek.

                Eduki horiek jorratuz, ikasleen konpetentzia-garapena sustatu behar da, eta horretarako, funtsezkoa da, irakaskuntza- eta ikaskuntza-proposamenak diseinatzean, ezagutzaren gehiegizko zatikatzea saihestea eta beste arloetako edukiekin erlazioak ezartzea.

                Curriculum honetan, ikasleek garapen kognitiboa eta emozionala lortze aldera esanguratsuak diren edukiak hautatu dira. Hala, zentzumenen bidezko munduaren ezagutza abiapuntu hartuta, esperimentazioaren eta gogoetaren bidez aurrera egingo da, abstrakzio-, arrazoiketa- eta argudiatze-maila handiagoetara, eta aldi berean norberaren ezagutzan eta emozioen kudeaketan sakonduko da.

                Halaber, kontuan hartu dira jakin-mina eta ikasteko interesa pizten duten edukiak, banakako lanaz gain ezinbestekoa dena pertsonaren konpetentzia-garapenerako lankidetzazko lana ere sustatuz, ikaskuntza hori beharrezkoa baita ikerketa zientifikorako; eta eduki horiek jorratzean, aldi berean nabarmenduko da zeinen garrantzitsua den nork bere buruarekiko, besteekiko, naturarekiko, lan zientifikoarekiko eta gizartean duen garrantziarekiko begirunez, zaintzeko jarreraz eta erantzukizunez jokatzea.

                Hautatutako eduki horiek lagungarriak dira, era berean, genero-arrazoiak direla-eta zientziaren esparruan ezarri den estereotipotik urruntzen den pentsamolde bat sustatzeko, haurrengan.

                Arlo guztietarako komuna den eduki multzo bat aurkeztu da, eta eduki horiek lotuta daude zenbait alderdirekin: informazioa bilatzea eta kudeatzea; sormena eta pentsamendu ideia-sortzailea; lankidetzarako jarrera positiboak; nork bere ikaskuntzak erregulatzea; ikerketa-lanerako interesa eta motibazioa, zereginak planifikatzean, aztertzean eta egitean; giza eskubideekiko begirunea; eta harremanetarako eta komunikaziorako gaitasunen garapena.

                Era berean, Naturaren Zientziak arloan etapako bi zikloetarako komuna den lehen eduki multzo bat aurkeztu da, izenburu honekin: «Jarduera zientifikoan hastea». Lehen eduki multzo horretako edukiak zehar-edukiak dira, gainerako multzoekin lotuak, eta modu integratuan landuko dira haietan. Ikasleek, metodologia zientifikora hurbilduz, zientziaren berezko estrategien eta prozeduren berri jakingo dute, esperimentaziorako eta ikerketarako tresnak eta materialak ezagutuko eta erabiliko dituzte, bai eta tresna digitalak eta Internet erabiltzekoak ere, eta esperimentuak eta proiektuak egiteko irizpideei jarraituko diete; eta hori guztia, gainerako edukiekin batera, lagungarria izango da konpetentzia espezifikoak eta oinarrizko zehar-konpetentziak eraginkortasunez garatzeko. Lehen eduki multzo komun horretan jaso dira, halaber, historiako aurkikuntza eta asmakizun garrantzitsuei eta haiek lortu dituzten zientzialariei buruzko edukiak, gizadiaren garapenerako eta ongizaterako zer-nolako eragina izan duten nabarmenduz.

              1. eduki multzoan (Gizakia eta osasuna), zenbait gairi buruzko ezagutzak landuko dira: norberaren gorputza, organoak eta haien funtzioak; gorputzaren zaintza; jarrera positiboak eta arriskuen prebentzioa; osasuna eta gaixotasuna; eta erabakiak hartzea.

              2. eduki multzoan (Izaki bizidunak), izaki bizidunen, ekosistemen, haien ezaugarrien eta haien arteko erlazioen ezagutza jorratuko da, ingurunea babesteko eta zaintzeko jarrerak sustatuz.

              3. eduki multzoan (Materia eta energia), zenbait alderdiri buruzko edukiak jaso dira: fenomeno fisikoak, substantziak, aldaketa fisikoak eta kimikoak, energia-iturriak, eta baliabideen erabilera zentzuzkoa eta jasangarria.

              4. eduki multzoan (Teknologia, objektuak eta makinak), proiektuak egitea proposatu da, aurrez zehaztutako behar edo problema bati erantzuteko makina soilak eraikitzeko, alfabetizazio digitala landuz eta teknologiak erabiliz.

                1.3. EBALUAZIO-IRIZPIDEAK.

              1. Gidoi bat oinarri hartuta ikerketak, laborategiko praktikak edo landa-azterketak egitea, metodologia zientifikoa aplikatuz, eta haien garapena balioestea eta emaitzak interpretatzea.

              2. Lan zientifikoaren berezko estrategiak aplikatzea zereginak eta proiektuak egitean.

              3. Laborategiko oinarrizko materiala ezagutzea eta hautatzea, eta behar bezala erabiltzea.

              4. Tresna digitalak eta Internet erabiltzea, informazioa kudeatzeko eta esperimentu birtualak egiteko, programa eta aplikazio digital egokiak erabiliz eta behaketatik lortutako datuak integratuz, eta emaitzak jakitera emateko.

              5. Ideia zientifikoak aurrerapen teknologikoekin eta beste arlo batzuekin lotzea, eta bizi-kalitatearen hobekuntza dakartela ohartzea.

              6. Gizakiaren bizi-funtzioetan parte hartzen duten organo, aparatu eta sistema nagusiak identifikatzea eta kokatzea, elkarren artean zer lotura duten jakitea, eta haien funtzionamendua osasun-ohitura jakin batzuekin lotzea.

              7. Eguneroko bizitzan norberaren ongizatea edo osasuna kaltetu dezaketen jokabideek zer-nolako arriskua dakarten barneratzea, hala nola drogen kontsumoak edo portaera-mendetasunak sor ditzaketen jokabideek, eta horrelakoak saihestea.

              8. Izaki bizidunen arteko erlazioak azaltzea, haien egiturak, oinarrizko ezaugarriak, funtzioak eta habitatak aztertuz.

              9. Gorputzek argiaren, elektrizitatearen, magnetismoaren, beroaren eta soinuaren eraginpean zer portaera duten identifikatu eta deskribatzea, materialen fenomeno fisikoak eta kimikoak azaltzea, esperimentu edo ikerketa soilak eginez, eta emaitzak jakitera emateko tresna egokiena aukeratzea.

              10. Gorputzen higiduran, forman edo egoeran indarren edo energia-ekarpenen eraginez zer aldaketa gertatzen diren bereiztea eta aurreikustea, esperimentu edo ikerketa soilen bidez, eta prozesua eta emaitzak modu egokian jakitera ematea.

              11. Proiektu teknologiko bat egitea, aurrez planifikatuta, objektuak eta tresnak eraikitzeko, energia-iturriak erabiliz eta eragile nahiz material egokiak aukeratuz, eta erabilitako estrategiei buruzko informazioa ematea.

              12. Gizakiaren jarduerak natura-ingurunean duen eragina azaltzea, argudiatuz, adibideak emanez eta haren efektuetako batzuk deskribatuz, eta ondorioak ateratzea.

                4. KONPETENTZIA SOZIAL ETA ZIBIKOA.

                1. GIZARTE ZIENTZIAK.

                1.1. ETAPAKO HELBURUAK.

                Hauek dira Gizarte Zientziak arloko etapako helburuak:

              1. Ezaugarri bereizgarriak dituzten gizarte eta kultura taldeetako kide direla ohartzea eta balioestea, norberaren kultura-ezaugarri bereizgarriak eta beste talde batzuekiko desberdintasunak aintzat hartzea, eta gainerako identitate, kultura eta herriekiko errespetua izatea eta giza eskubideak errespetatzea ezinbestekoa dela ohartzea. Horren guztiaren helburua da hezkuntzan kulturen arteko dimentsioa sustatzea da.

              2. Talde-lanean jardutea, arduraz, elkarlanean, elkartasunez eta modu konstruktiboan. Lan horretan, funtzionamendu demokratikoaren oinarrizko printzipioak aplikatu, lan komunarekiko ardura garatzen joan, eta norberaren eta besteen ekarpenak adostutako helburuaren arabera baloratuko dira, komunitateari elkartasunez ekarpenak egiteko, inolako bazterkeriarik gabe (generoa, arraza, kultura, erlijioa...).

              3. Historiako etapa bakoitzaren ezaugarri nagusiak zein diren jakitea, etapa bakoitzeko gertaera garrantzitsuenak aztertzea eta ohartzea batzuk aldiberekoak direla eta beste batzuk elkarren segidakoak. Horren guztiaren helburua da historian zehar gertatu diren aldaketei buruzko iritzi pertsonal eta kritikoa eratzea eta ezagutza horiek une historikoak ongi ulertzeko erabiltzea.

              4. Gizakiak ingurune fisikoan eta gizarte-ingurunean dituen esku-hartzeen zenbait adibide ikusi eta kritikoki aztertzea, iraunkortasunaren ikuspegitik, ingurumena eta ondare historikoa eta kulturala babesteko, berreskuratzeko eta kontserbatzeko jarrera izateko eguneroko bizitzan.

              5. Ingurune fisiko, sozial eta kulturaleko gertaerak, kontzeptuak eta prozesuak zenbakizko kode bidez, kode grafiko bidez, kode kartografiko bidez eta errealitate geografikoak, ekonomikoak eta historikoak adierazten dituzten beste kode batzuen bidez adieraztea, zer gizarte-errealitatetan bizi garen ongi jakiteko.

              6. Inguruko testuinguru geografiko, sozial eta historikoko elementu garrantzitsuekin lotutako zalantzak eta problemak zein diren jakin, planteatu eta ebaztea. Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak erabiliko dira informazioa bilatzeko eta informazioa eta ezagutzak trukatzeko, eta hipotesiak egitea konponbide alternatiboak aztertzeko eta ikaskuntza-prozesuari berari buruzko hausnarketa egiteko.

              7. Gatazkak izan badirela jakitea, eta eztabaidetan eta mahai-inguruetan jarrera konstruktibo, kritiko eta tolerantez parte hartzea, eta ikustea elkarrizketa eta desadostasunak izatea ezinbesteko baliabideak direla gizakien eta gizarteen arazoei konponbidea emateko, elkarbizitza ona lortzeko eta intolerantziarik eta tratu txarrik egon ez dadin lortzeko.

              8. Nork bere nortasuna eratzea, eta norberaren ahalegina eta hobetzeko nahia sustatzen duten estrategiak bultzatzea, gizaki autonomo eta sozial moduan garatzeko, gainerakoekin elkarrekintzan, sormena, ekintzaile-sena eta lankidetza sustatuz.

              9. Unibertsoaren jatorria jakitea, eguzki-sistema irudikatzea, eta sistemaren osagaietako batzuk, higidura batzuk eta ondorio batzuk jakitea, urtaroen segida ulertzeko eta gure planeta zaintzeko konpromisoa hartzeko.

              10. Lur planetaren egitura, itsasoen eta kontinenteen banaketa, erliebea eta hidrografia identifikatu eta irudikatzea, eta elementu geografiko nagusiak bereiztea, jakiteko zer nolako elkarreragina eta ondorioak dituen Euskal Herriko eta Espainiako kliman eta paisaietan.

              11. Espainiako eta Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde-antolaketa nolakoa den eta zer erakundek osatzen dituzten jakitea, bai eta Europar Batasunaren eginkizuna. Biztanleriaren ezaugarriak, migrazio-mugimenduak, eta kultura-, gizarte- eta hizkuntza-aniztasuna aztertuko dira, aintzat hartzeko eta desberdintasunak errespetatzeko.

                1.2. EDUKI MULTZOEN EZAUGARRIAK.

                Lehen Hezkuntzako adierazpenezko, prozedurazko eta jarrerazko edukiak eduki multzo hauetan biltzen dira:

              1. multzoa. Arlo guztietan eta arlo honetako eduki multzo guztietan komunak diren oinarrizko zehar-konpetentziekin lotutako edukiak.

              2. multzoa. Gure mundua eta haren kontserbazioa.

              3. multzoa. Gizartean bizitzea.

              4. multzoa. Denboraren Arrastoa.

                Pertsonak gizabanako sozialtzat hartzen dituzte Gizarte Zientzietako zientzia-diziplinek, eta alderdi geografiko, soziologiko, ekonomiko eta historikoetatik aztertzen dute haien errealitatea.

                Etapa horretan, ikasleen ahalmenak lantzea da Gizarte Zientzien helburua, inguruan duten errealitatea interpretatzeko, errealitate horretan esku hartzeko, eta gizartean bizitzen ikasteko, demokraziaren funtsezko erakundeak eta mekanismoak ezagututa eta bizitza kolektiboaren arauak errespetatuta.

                Gizarte Zientzien arloak jakintzaren zenbait adar biltzen ditu, baina horietako bakoitzaren koherentziari eusten dio, haien ikaskuntza-prozesu espezifikoei erreparatzen die eta jakintza guztiak helburu baterantz bideratzen ditu: ingurunea hobeto ulertu eta azaldu ahal izatea. Ingurunea ulertzeak esan nahi du ingurunea aztertu eta hura osatzen duten elementuak bereizi edo sailkatu eta haien artean sortzen diren harremanak jakitea, bai eta iritziak autonomiaz eratu ahal izatea ere. Ikaslearen ingurunean gertatzen den orok espazio-, denbora-, ekonomia- eta gizarte-alderdiak ditu. Horregatik, arloko curriculuma diziplinartekoa da funtsean, eta erlazioak ezartzen ditu ikaskuntzak elkarren lagungarri izan daitezen eta ikaskuntza esanguratsua izan dadin.

                Proposatzen diren ikaskuntzek, esanguratsuak izateko, ikaslearen esperientzia eta hark bizitakoa izaten dute oinarri, eta, pixkanaka, ezagutza-zirkuluak zabaltzen joaten dira gero eta gizarte-errealitate zabalagoan, konplexuagoan eta espazioan eta denboran urrunagoetan murgiltzeko. Ezagutza gero eta objektiboagoa eta arrazionalagoa izango da, eta gizarte-talde gero eta zabalagoak konpartituko du.

                Edukiak multzotan antolatuta daude, eta horrek Gizarte Zientzien arloa osatzen duten eremu nagusiak ongi bereizteko aukera ematen du. Antolaketak ez dio inolako hierarkiari jarraitzen eta edukien arabera ere ez dago antolatuta. Horrenbestez, ez da antolaketa didaktikorako proposamen bat.

                Globaltasunak etapa honetako ardatz izan behar du, eta, beraz, baita arlo honetakoa ere, eta edukiak txertatzen jakin behar dugu esperimentazioetan, landa-lanetan, irteeretan, bisitetan, zeharkako behaketan eta abarretan, eta informazioaren eta komunikazioaren teknologien erabileran. Teknologia horiek curriculumeko ikasgaiak ikasteko tresna gisa erabili behar dira, informazioa lortzeko, eta Gizarte Zientziei buruz irakurri, idatzi eta mintzatzeko behar diren hitz giltzarriak eta kontzeptuak aurkitu, ezagutu eta erabiltzeko tresna gisa.

                Banakako lana garrantzitsua da eta ez da baztertu behar, baina, hala ere, azpimarratu behar da garrantzitsua dela gela lan-taldetan antolatzea eta taldeak lankidetzaz eta elkartasunez jardutea. Izan bakarkako lana, izan taldekoa, lana eta ahalegina egiteko ohiturak sustatuko dira, funtsezko elementuak baitira ikaskuntza-prozesuan, eta ikasteko ardura hartu behar dela ere azpimarratuko da. Horrez gain, nork bere buruan konfiantza izatea, zentzu kritikoa, ekimen pertsonala, jakin-mina, sormena eta ekintzaile-sena izatea ere sustatuko da.

                Orobat, ikaslearentzat funtsezkoa da arloko lexiko espezifikoa ikasi eta zehaztasunez eta zorroztasunez erabiltzea, eta informazioa aukeratzea, Geografiako eta Historiako berezko metodoak eta teknikak erabiliz, arazoen kausak eta ondorioak azaltzeko, eta iragan historikoa eta espazio geografikoa ulertzeko.

                Testuinguru horretan, irakaslearen lana ikasleen aurretiko ideiak eta eskemak gararazten dituzten ikaskuntza-egoerak aurkeztea izango da.

                Ebaluazioa ikaskuntza-estandar ebaluagarrien bidez egingo da. Bitarteko bat izango da ikasleen eta taldearen aurrerapenak balioesteko, eta hezkuntza-prozesuan egoki eragiteko informazio baliagarria lortzeko. Horretarako, arloko konpetentzia giltzarri edo oinarrizkoak izango ditugu erreferentzia, eta ebaluazio-irizpideak eta haiei lotutako adierazleak izango dira konpetentziak lortu diren ebaluatzeko tresna. Adierazleek irizpideak zehazten eta argitzen laguntzen diote irakasleari.

                Edukiak multzotan banatu dira, eta Gizarte Zientzia osatzen duten eremu nagusiak bereizten laguntzen dute.

                Lehengo multzoan (1. multzoa) arlo osoarentzat komuna den curriculumaren ezaugarriak adierazten dira, bai eta arloari heltzeko lan-teknikak, eta arduraz, ahalegina eginez eta jarraitutasunez ikasten jakiteko estrategiak ere, banako zein taldeko ikuspegitik.

              1. multzoan, Gure mundua eta haren kontserbazioa deritzonean, geografia aztertzen da, bai hurbilekoa, ikaslea bere errealitatera hurbiltzeko, bai eta urrunagokoa ere, ikasleak ikuspegi globalagoa izan dezan. Gaiari heltzeko, espazio geografikoa zerbait dinamikotzat hartzen da, eta, horregatik, zenbait eraldaketa-prozesu ulertu beharko dituzte ikasleek.

                Eduki multzo honetan, hainbat testu, taula eta grafiko mota erabiltzen dira, eskemak, adierazpen kartografikoak, argazkiak eta irudi sintetikoak erabiltzen dira, objektu eta gertaera geografikoak identifikatu eta kokatzeko eta haien banaketa azaltzeko zenbait eskalatan, Euskal Herriko eta Espainiako lurraldean, batez ere. Aurrekoez gain, informazio-iturri geografikoak erabiliko dira (testu idatziak, segida estatistikoak, grafikoak eta irudiak), krokis eta grafiko egokiak egiteko. Paisaiako elementuak (erliebea, klima, hidrografia...) identifikatuko dira eta ingurune natural nagusiak deskribatu eta haien ezaugarriak adieraziko dira. Azkenik, gizakiak ingurunean duen eraginak eta ingurumen-ondorioak aztertuko dira.

              1. multzoan, horrenbestez, eduki hauek sartzen dira: unibertsoa, Lurraren adierazpena, orientazioa espazioan, ura eta kontsumo arduratsua, klima eta klima-aldaketa, paisaia eta gizakiaren esku-hartzea ingurunean.

              2. multzoan, Gizartean bizitzea izenekoan, aukera izango da gizarte-taldeen ezaugarriak aintzat hartzeko moduei buruzko ulertze-prozesu bat abian jartzeko: desberdintasunak errespetatu eta aintzat hartzea, nork osatzen duten, nola banatzen diren espazio fisikoan, nola banatzen den lana kideen artean, nola ekoizten diren eta banatzen dituzten kontsumo-ondasunak, herritarren bizitza ekonomikoa, gizarteko kideen ekintzailetza-ahalmena, enpresaren azterketa (enpresa-jarduerak gizartean duen funtzio dinamizatzailea ere aztertuko da), gizarte-antolaketa, antolaketa politikoa eta lurralde antolaketa eta Europako erakundeen ezagutza, biztanleria, ekoizpen-sektoreak, eta oinarrizko finantza-hezkuntza.

              3. multzoan, Denboraren arrastoa deritzonean, denbora historikoa eta haren neurketa kontzeptuen ulermena landuko da, besteak beste, eta gertaera historiko batzuk eta beste gertaera garrantzitsu batzuk denboran antolatzeko gaitasuna, segida, iraupena eta aldiberekotasuna oinarrizko nozioak erabiliz. Gizateriaren etapa historiko handiak ikasiko dira, Historiaren aroak zer diren jakiteko eta Historiaren bost aroei data jartzeko, haien hasiera eta amaiera eragin zuten gertaerei lotuta. Horretarako, zenbait denbora-alditako egoera historikoa, gertaerak eta pertsonaia garrantzitsuak zein ziren jakin behar da.

                Garrantzitsua da ikasleek erreferentzia historikoak lortzea munduaren interpretazio pertsonala egiteko. Historiari buruzko oinarrizko ezagutza batzuk izanda lortuko dute hori, historia partikularretik hasi eta historia unibertsalean buka, eta alderdi komunak eta alderdi desberdinak errespetuz ikusiz eta balioetsiz.

                Multzo honetan, mapak eta prozesu historikoak identifikatu eta aztertzeko egoki jotzen den beste adierazpen grafiko oro erabiliko da, iturri horiei buruzko iruzkina egiteko oinarrizko prozedurak jakitera emateko.

                Garrantzitsua da ikasleak gizakiaren iraganeko bizitza moduen berri izateko jakin-mina izatea, eta ulertzea oso garrantzitsua dela aztarnak edukitzea historia ezagutzeko eta ikasteko, eta zaindu eta ondorengoei helarazi behar zaien kultura-ondarea direla.

                Multzo honetan, ondare naturala, historikoa, kulturala eta artistikoa balioetsi eta errespetatzeko gaitasuna ere garatzen da, bai eta hura kontserbatu eta hobetzeak dakartzan erantzukizunak bere egitearena ere.

                Edukien sekuentziazioa ikaslearen eboluzioarekin lotuta dago, ikasleak bere ikaskuntza eta denbora historikoaren kontzeptua bere garapenarekin lotuta eraikitzen baitu, garapen kognitiboarekin zein heltzearekin lotuta, denboran eta espazioan identifikatu eta kokatzeko prozesu eta gertaera garrantzitsuak, eta, historiaren bilakaeraren baitan, aldatzea eta irautea nozioak bereizteko, eta Historia gertaera historikoen kausak eta ondorioak aztertuz etorkizuna ulertzea errazten duen bide moduan ikusteko.

                Gizarte Zientziak irakastea eta ikastea giza eskubideak guztiz errespetatzea da, berdintasuna barne, demokraziaren oinarria baitira, ulertzea zer desberdintasun dauden erlijio edo talde etnikoen balio-sistemetan, eta oinarrizko giza eskubideak balioestea. Jarrera horren barruan, arduraz jokatzea ere badago, eta balio konpartituak ulertu eta errespetatzea, komunitatea kohesionatuta egoteko ezinbestekoak baitira, bai eta printzipio demokratikoak errespetatzea ere.

                Arloaren azken helburua da norberaren askatasuna, erantzukizuna, herritartasun demokratikoa, elkartasuna, tolerantzia, berdintasuna eta justizia errazten duten balioak helarazi eta praktikan jar daitezen lortzea, bai eta diskriminazio oro gainditzen laguntzen dutenak ere. Hori ikastetxean egingo da, eskola-komunitate osoak parte hartzen duela, eta gatazkak konponduz, bizikidetza egokia sustatuz eta, beraz, konpartitzen eta elkarrizketa erabiltzen dakiten herritarrak sortuz. Beste helburu bat da (eta hori da, azken finean, gure hezkuntza-sistemaren helburua) ikasleak herritarrak izateko eta ekonomian, gizartean eta kulturan parte-hartze aktiboa izateko prestatzea, jarrera kritikoz eta erantzukizunez, eta ezagutzaren gizarteak dakartzan egoera aldakorretara egokitzeko ahalmena izanda.

                Azken finean, arloko curriculumak etapa honetako ikasleei honetarako gaitasunak, ezagutzak, trebetasunak eta jarrerak irakatsi nahi dizkie: bere ingurunea eta bizi den gizartea ulertzeko eta hartan arduraz jokatzeko; beste garai historiko batzuetako gizarteak nolakoak ziren jakiteko; eta herritar direnez, eta parte-hartze demokratikoaren bidez, ingurumena zaintzeko eta eskubide indibidual zein kolektiboak babesteko dituzten erantzukizunen berri izateko.

                1.3. EBALUAZIO-IRIZPIDEAK.

              1. Gai izatea, banaka eta taldean, eta informazioaren eta komunikazioaren teknologiak erabiliz, gizarteari, geografiari edo historiari buruzko testuak bilatu, aukeratu eta antolatzea dakarten lanak eta aurkezpenak egiteko, eta trebeziaz lan egitea, bai bakarka, bai talde baten barruan elkarlanean.

              2. Arduraz, ahalegina eginez eta irmotasunez ikastea eta bere ikaskuntza-prozesuaz hausnartzea.

              3. Giza taldeak askotarikoak direla onartzea eta errespetatzea, lankidetza eta parte-hartze arduratsua izatea, eta elkarrizketetan eta eztabaidetan gainerako pertsonen ideiak eta ekarpenak desberdinak direnean errespetuz eta tolerantziaz onartzea, balio demokratikoak eta guztiok onartutako giza eskubideak oinarri hartuta.

              4. Gizarte-bizitzan eraginkortasunez eta modu konstruktiboan parte hartzea, eta jakitea lankidetza eta elkartasuna direla, balio demokratikoak errespetatuz, gatazkarik ez gertatzeko eta gatazkak konpontzeko bidea.

              5. Sormenez eta ekintzaile-senaz jardutea, eta informazioa eta ideiak hobeto baliatzeko eta ondorio berritzaileak aurkezteko erabiltzea.

              6. Planoak eta mapak egitea, interpretatzea eta erabiltzea, konbentziozko ikurrak eta eskala grafikoa kontuan izanda.

              7. Unibertsoa zer den eta nola sortu zen azaltzea, Lurra eta Ilargia eguzki-sisteman non dauden esplikatzea, eta haien ezaugarriak, higidura eta ondorioak azaltzea.

              8. Lurra irudikatzeko moduak alderatzea, erkatzea, aztertzea eta azaltzea.

              9. Planoak eta mapak zuzen deskribatzea, eta egoki interpretatzea eta erabiltzea eskalak, konbentziozko ikurrak eta hizkuntza ikonikoa eta sinbolikoa.

              10. Fenomeno meteorologikoak atmosferan gertatzen direla jakitea, eta atmosfera babestearen garrantzia eta atmosfera ez zaintzearen ondorioak ezagutzea.

              11. Klima zer elementuk eragiten duten jakitea, klima eta eguraldia bereiztea, eta Euskal Herriko eta Espainiako eguraldiaren mapak interpretatzea.

              12. Litosfera zer den jakitea, zenbait harri mota eta haien osaera ezagutzea, eta mineral batzuk eta haien propietateetako batzuk bereiztea.

              13. Munduko eremu klimatikoak eta Euskal Herriko eta Espainiako klimak ezagutzea, eta haien oinarrizko ezaugarri batzuk adieraztea eta aztertzea.

              14. Hidrosfera zer den azaltzea, ur-masak eta ur-ibilbideak identifikatzea eta haien izena jakitea, azaleko urak eta lurpeko urak bereiztea, Euskal Herriko, Espainiako eta Europako arro eta isurialde hidrografikoak ezagutzea, uraren zikloa deskribatzea, eta arduraz kontsumitu behar dela jakitea.

              15. Lurra irudikatzeko dauden moduak alderatzea, erkatzea, aztertzea eta azaltzea, Euskal Herriko eta Espainiako erliebearen ezaugarriak eta sare hidrografikoak deskribatzea, haiek mapa batean edo bestelako baliabide interaktiboren batean kokatzea eta adieraztea, eta gizakiaren jarduera batzuek ingurumenean duten eragina azaltzea.

              16. Europako erliebe-unitate nagusiak, Europako klimak eta sare hidrografikoa adieraztea, eta mapa batean kokatzea.

              17. Gizakiak natura-ingurunean duen portaeraren eragina azaltzea, baliabide naturalak irauteko moduan erabili behar direla adieraztea, eta gizarteek lurralde-garapen jasangarria bultzatzeko ezinbestekoan bete behar dituzten neurri batzuk proposatzea eta haien eragin onuragarria azaltzea.

              18. Konstituzioak Estatu espainiarraren funtzionamendurako duen garrantzia azaltzea, eta Konstituzioan zer eskubide, betebehar eta askatasun jasotzen diren adieraztea.

              19. Estatu espainiarraren lurralde-antolamendua azaltzea, zer erakunde politiko dituen adieraztea, udal-administrazioa, probintziakoa eta erkidegokoa bereiztea, eta horiek guztiek zer administrazio-eskumen dituzten adieraztea.

              20. Estatu espainiarreko kultura-, gizarte-, politika- eta hizkuntza-aniztasuna aintzat hartzea, lurralde eta erkidego bakoitzeko desberdintasunak errespetatzea, eta Euskal Herriko kultura-adierazpen herrikoiak identifikatzea.

              21. Europar Batasunak zer egitura eta helburu dituen jakitea, eta EBko kide izateak dakartzan abantaila batzuk adieraztea.

              22. Euskal Herriko, Espainiako eta Europako biztanleriaren ezaugarri nagusiak bereiztea eta ezaugarri horiek faktore geografiko, sozial, ekonomiko edo kulturalekin duten lotura jakitea, biztanleriaren bilakaera eta banaketa azaltzea, eta horiek grafikoki adieraztea biztanleria-piramideen, barra-grafikoen eta grafiko zirkularren bidez.

              23. Euskal Herriko, Espainiako eta Europako biztanleriaren ezaugarri nagusiak (biztanleria aktiboa, ez-aktiboa, biztanleria-dentsitatea...) deskribatzea eta alderatzea.

              24. Euskal Herriko, Espainiako eta Europako biztanleriek sektore ekonomiko bakoitzean duten banaketa aztertzea eta alderatzea, eta haien arteko antzekotasunak eta aldeak azaltzea.

              25. Euskal Herriko eta Espainiako migrazio-mugimenduak eta haien ondorioak azaltzea.

              26. Lehengaien eta produktu landuen arteko aldeak azaltzea, eta azken horiek lortzeko egiten diren jarduerak deskribatzea.

              27. Sektore ekonomikoen jarduerak identifikatzea, sektoreen ezaugarriak deskribatzea, eta Euskal Herriko, Espainiako eta Europako jarduera ekonomiko nagusiak ezagutzea.

              28. Publizitatearen funtzionamendua eta teknikak deskribatzea, eta publizitate hezitzailea eta publizitate kontsumista bereiztea.

              29. Diruaren balioa eta erabilerak ezagutzea, aurreztu eta arduraz kontsumitu behar dela jakitea, eta nahitaez egin beharreko gastu finkoak eta premiazko ez direnak bereiztea.

              30. Ekintzaile-sena izateak zer onura dakartzan jakitea.

              31. Enpresen funtsezko ezaugarriak azaltzea, enpresek izan ditzaketen jarduerak eta antolaketa moduak zehaztea, eta enpresa motak bereiztea.

              32. Zirkulazio-arauak jakitea eta betetzea, eta bide-segurtasunaren alderdi guztiak sustatzea.

              33. Aro historikoen ezaugarri nagusiak eta historiaren bidea aldatzea ekarri duten zenbait gertaera azaltzea, eta iturri historikoak erabiltzea eduki historikoa duten laburpenak eta txostenak egiteko, ondorioak ateratzeko eta bestelako lanak egiteko.

              34. Segidaren, iraupenaren eta aldiberekotasunaren nozioak erabiltzea zenbait gertaera historiko eta beste gertaera garrantzitsu batzuk denboran antolatzeko.

              35. Denboran eta espazioan identifikatzea eta kokatzea Euskal Herriko eta Espainiako historiako prozesu eta gertaera historiko nagusiak, haien bilakaeraren ikuspegi orokorra izateko.

              36. Jakin-mina izatea iraganean gizakia nola bizi zen jakiteko, Euskal Herriko eta Espainiako aztarna arkeologikoek historia ezagutu eta aztertzeko duten garrantzia aintzat hartzea, eta horiek guztiak zaindu beharreko eta pertsona orori helarazi beharreko kultura-ondareak direnaren jakitun izatea.

              37. Euskal Herriko eta Espainiako gizarteek iraganean (Historiaurrean, Erdi Aroan, aurkikuntzen garaian, industria-garapenaren garaian eta XX. mendean) izan duten bizimoduaren ezaugarri nagusiak ezagutzea eta gertaera garrantzitsuak denbora-lerroetan kokatzea.

              38. Euskal Herriko, Espainiako eta Europako museoek eta leku eta monumentu historikoek zer garrantzi duten jakitea, irakasteko eta ikasteko espazioak diren aldetik, ingurumena eta kultura errespetatzea eta kultura-ondarea balioestea.

                2. BALIO SOZIAL ETA ZIBIKOAK.

                2.1. ETAPAKO HELBURUAK.

                Hauek dira Balio Sozial eta Zibikoak arloko etapako helburuak:

              1. Norberaren nortasuna, ezaugarriak eta esperientziak ezagutu eta finkatzea bere pribatutasun-espazioan, besteen nortasuna errespetatzea eta autoestimua garatzea, nork bere bizitza eta talde-bizitza baikortasunez bizitzeko.

              2. Nork bere balio-sistema eratzea, oinarri-oinarrizkoa bada ere, bizitza-proiektua hartan oinarritzeko. Horretarako, arrazionaltasuna, autorregulazio emozionala eta enpatia erabiliko dira, egoerei buruzko iritzi morala autonomia eta objektibotasun nahikoaz emateko.

              3. Autonomiaz eta arduraz jokatzea eguneroko bizitzan eta gelan, ikastetxean eta ingurune hurbilean, eta komunikazio- eta gizarte-trebetasunak erabiltzea gizartean erlazionatzeko, haren parte izanik.

              4. Herritarrak antolatzeko eta gizartean parte hartzeko zer modu dauden jakitea, batez ere Euskal Autonomi Erkidegoan, erreferentziazko talde hurbilenetan parte hartzea (familia, eskola, auzoa, herria), eta norberaren ekarpenak eta besteenak aintzat hartzea, besteekin konpartitu eta lankidetzan jarduteko.

              5. Bizikidetza-arauak proposatu, egin eta errespetatzea, eta elkarrizketa eta bitartekotza erabiltzea gatazkak eraldatzeko, guztien artean ingurune atsegin iraunkor bat sortzeko.

              6. Generoa, jatorria, etnia, sinesmenak, desberdintasun sozial eta pertsonalak, orientazio afektibo-sexualak edo beste edozein motatakoak direla-eta sortutako gatazkak identifikatu eta aztertzea, giza eskubideetan oinarritutako elkarbizitza bidezkoa eta berdintasunezkoa eragozten duten jarrerak arbuiatzeko.

              7. Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalak, Haurren eskubideen Konbentzioak eta estatuko eta erkidegoko legediak jasotako eskubideak eta betebeharrak zein diren jakin, bere egin eta babestea. Haien oinarri diren balioak jakitea, berdintasunezko jarrera sustatzea, diskriminazioa dakarten estereotipoak, aurreiritziak eta rolak arbuiatzea, eta, bereziki, emakumeei eragiten dietenak, jendearen eta taldeen portaeren balorazio etikoa egiteko irizpidetzat hartzeko.

              8. Ingurumenaren egoeraz ohartzea, eta kontsumo osasuntsua eta arduratsua egiteko jarrera izatea, eta ingurune hurbila errespetatu eta zaintzea (gainerakoak zaindu eta errespetatzea barne, bide-hezkuntzaren bidez), hura kudeatzen parte hartzeko, arduraz.

                2.2. EDUKI MULTZOEN EZAUGARRIAK.

                Lehen Hezkuntzako adierazpenezko, prozedurazko eta jarrerazko edukiak eduki multzo hauetan biltzen dira:

              1. multzoa. Arlo guztietan komunak diren oinarrizko zehar-konpetentziekin lotutako edukiak.

              2. multzoa. Pertsonaren nortasuna eta duintasuna.

              3. multzoa. Elkar ulertzea eta errespetua pertsonen arteko harremanetan.

              4. multzoa. Bizikidetza eta gizarte-balioak.

                Edukiak bi gunetan biltzen dira: harremanena («Pertsonaren nortasuna eta duintasuna» eta «Elkar ulertzea eta errespetua pertsonen arteko harremanetan») eta soziala («Bizikidetza eta gizarte-balioak»). Horrez gain, curriculumaren gainerakoan bezala, oinarrizkoak diren zehar konpetentziekin lotutako multzo bat dago, zehar-konpetentziak lortzeko baliabideak, alegia.

                Planteamenduaren oinarria haurren eboluzio-logikoa da. Norberaren errealitatea bestearen aurkikuntzaren harreman dinamikoan garatzen dela onartuta ere, niari erreparatzen zaio, batez ere, eta niak du pisurik handiena garapen-fase honetan. Horregatik, didaktikoki banatu egiten dira dimentsio pertsonala eta soziala, nahiz eta ikus daitekeen bezala, etengabeko elkarrekintzan heltzen zaien, eta ez bakarka. Eta edukiak irekiak izateko, mugak ez adierazteko arrazoietako bat ere bada, besteak beste. Horren helburua da zenbait egoeratara egokitu ahal izatea. Adierazpenezkoek erreferentzia irekiak dituzte, oro har, irakasleak berak zehatz ditzan. Prozedurazkoek eta jarrerazkoek, hurrenez hurren, erreferente operatiboak eta baloraziozkoak dituzte, irekiak, bide batetik baino gehiagotatik lortu ahal izateko. Badira beste arrazoi batzuk ere: ikuspegi inklusiboa eta konpetentzien ikuspegiek nagusitasuna izatea, hau da, edukiak baliabide malguak izatea ikasleek konpetentziak eskuratu ahal izateko.

                Asko daude, izan, baina kontuan eduki behar da elkarrekin lotuta daudela eta atazetan guztiak batera landuko direla.

                Gainerakoan, agerikoa da ikasgai honen oinarria jarrerekin eta prozedurekin lotutako edukiak direla, ikasleek jarrera zibiko-sozialak izan ditzaten. Eta askoz ere gehiago zehatz daitekeenez, hots, norbanakoen ezaugarriei eta testuinguruari erraz egoki dakizkiekeenez, lorpenari buruzko interpretazio-tarte zabala ere badago. Baina horrek ez du ahultasuna adierazten, aniztasunari ikuspegi inklusibo batetik heltzeko aukera paregabea baizik.

                2.3. EBALUAZIO-IRIZPIDEAK.

              1. Bere nortasuna bereiztea, duintasunean eta bere buruarekiko eta ikaskideekiko errespetuan oinarritutako estilo bat finkatuz.

              2. Bere ahalmena garatzea, banakako eta taldeko arrakasta lortzen ahaleginduta, interakzio positiboen bidez eta bere buruaren irudi errealista eta onargarria izanik.

              3. Erabakiak autonomiaz, sormenez, hausnartuta eta arduraz hartzea, zailtasunei aurre egin eta frustrazioak eta arazoekiko sentimendu negatiboak gainditzeko.

              4. Emozioak eta jarrerak erregulatzea eta bizitzan aukeratutako helburuetara bideratzea.

              5. Pentsamendu eraginkorra eta autonomoa egituratzea, eta informazioa bildu eta ulertzea, inguratzen duen errealitateaz zenbait ikuspegitatik hausnartzeko, eta informazioa abiapuntu hartuta, errealitatea hobetzeko.

              6. Autonomia eta ekiteko gaitasuna garatzea, lorpen pertsonala lortzeko eta guztien ongiaz arduratzeko.

              7. Eguneroko bizitzan eta taldeko harremanetan autonomiaz, arduraz eta enpatiaz komunikatzea, adieraztea eta jardutea, komunikazioa galarazten duten faktoreak gaindituz.

              8. Asertibitatea baliatzea.

              9. Beste pertsona batzuekin elkarrizketak izatea eta beroiekin pentsamendu partekatuak sortzea, argudio sendoak eraikitzeko.

              10. Errespetuz eta malgutasunez jardutea eta bestelako iritziak ulertu eta onartzea.

              11. Irizpide kritikoz aztertzea gizarte-aurreiritzien ondorioak, eta aurreiritziek sorrarazten dituzten arazoez eta aurreiritziak jasaten dituzten pertsonengan dituzten ondorioen gainean hausnartzea.

              12. Talde-giroa hobetzen laguntzea, lankidetzan jardutea eta errespetuzko harremanak lantzea.

              13. Arazoak elkarlanaren bidez konpontzea, jarrera irekia izanda eta ikuspegiak eta sentimenduak konpartituta.

              14. Bizikidetza-arauak proposatzea, eratzea eta betetzea, eta elkarrizketa eta bitartekotza baliatzea gatazkak eraldatzeko.

              15. Diskurtsoan eta jarreran gizarte-erantzukizuna eta -elkartasuna eta justizia soziala barneratzea, hausnartzeko, laburbiltzeko eta egituratzeko gaitasunak erabiliz.

              16. Dilema moralak ebaztea, kultura-desberdintasunak eta bestelako desberdintasunak hautemateko.

              17. Balio-sistema propioa eratzea, ikaslearen eskubideak eta betebeharrak bere eginez, judizio moralak eginez, eta dilema moralak ebatziz, kasu praktikoen bidez.

              18. Eskubide-berdintasunaren aldarrikapena errespetatzea, inor ez diskriminatzea bere jaiotzarengatik, arrazarengatik, generoarengatik, orientazio afektibo-sexualarengatik, erlijioarengatik, iritziarengatik edo beste edozein ezaugarri pertsonal edo sozialengatik, eta ikuspegi horrekin jokatzea gizartean.

              19. Adierazpen- eta iritzi-askatasunerako eta pentsamendu-, kontzientzia- eta erlijio-askatasunerako eskubideak babestea ezinbestekoa dela adieraztea, eta horien gaineko azterketa- eta laburpen-lanak egitea.

              20. Haurren eskubideak zer garrantzitsuak diren jakitea, egoera errealak aztertzea, eta gizartean nesken eta mutilen arteko eskubide-berdintasuna errespetatzea.

              21. Gogoz parte hartzea gizartean eta gizonen eta emakumeen eskubide-berdintasuna eta ardura partekatuak balioestea.

              22. Gizonek eta emakumeek eskubide berberak dituztela eta etxeko lanetan eta familiaren zaintzan ardura bera dutela balioestea, eskubide eta ardura horiek betetzea, eta horiek guztiak hausnarketa eginez, laburtuz eta egituratuz arrazoitzea.

              23. Balio-sistema propioa eratzea, besteren aukerak errespetatzen dituena, eta eskubide unibertsaletan oinarritutako judizio moralak egitea.

              24. Demokraziaren ezaugarri bereizgarriak ezagutzea eta adieraztea, eta balio zibikoek euskal gizarte demokratikoan zer-nolako garrantzia duten jakitea.

              25. Natura-ondasunak arduraz erabiltzea eta ingurumenaren kontserbazioan laguntzea, gertaerak ulertuz eta interpretatuz, arrazoiak aztertuz eta ondorioak aurreikusiz.

              26. Teknologia berriak eta haiek informaziorako eta jakintzarako duten ahalmena erabiltzea, ingurune seguruetan balio sozial eta zibikoak garatzeko.

                5. ARTERAKO KONPETENTZIA.

                1. ARTE HEZKUNTZA.

                1.1. ETAPAKO HELBURUAK.

                Honako hauek dira Arte Hezkuntza arloko etapako helburuak:

              1. Arteak eta kultura bisual eta musikalak norberaren ideiak, sentimenduak eta bizipenak komunikatzeko eta espresatzeko ematen duten aukera ugariez ohartzea, eta horretan, komunikazio-gaitasunean, pentsamendu kritikoan eta autokonfiantzan aurrera egitea.

              2. Arte-hizkuntzen oinarrizko teknikak, baliabideak eta konbentzioak ezagutzea eta erabiltzen jakitea, eta teknologia berriek sormen-lanetarako ematen dituzten aukera ugariak aprobetxatzea.

              3. Arte-adierazpenetan erabili ohi diren teknikek, baliabideek eta konbentzioek kultura bisual eta musikalean duten presentzia aitortzea eta balioestea, horrela arte-adierazpenok hobeto ulertu, haietaz are gehiago gozatu, eta erreferente estetiko berriak izateko.

              4. Trebetasun intelektualez, ekimenaz, irudimenaz eta sormenaz baliaturik, norberaren nahiz besteen sentimenduetan edo artelanetan oinarritutako ideiak birsortzea, norberaren sormen-lanak aberasteko.

              5. Sormen-lan eta -proiektuak lantzean zenbait emaitza lortzeko beharrezkoak diren prozedurak planifikatzea, ebaluatzea eta egokitzea, eta horrek guztiak dakartzan erronkez jabetzea.

              6. Arte-adierazpenen eta kultura bisual eta musikalaren funtzio sozial ugarien berri jakitea, eta adierazpenok guztiok norberaren eta besteen bizitzan duten presentziaz ohartzea, arteak gaur egun eta historian zehar gurean eta beste kultura batzuetan zer-nolako garrantzia duen eta izan duen ulertzeko.

              7. Soinu eta irudietatik abiatuta sortutako ekoizpenek ingurune fisiko eta sozialarekin zer-nolako loturak dituzten azaltzea eta kritikoki aztertzea, ekoizpenok gizon-emakumeon bizitzan zer-nolako eragina duten ulertzeko.

              8. Arte-jarduera kolektiboetan parte hartzea, jarduera horietan norberak arduraz jokatzea, eta denen ekimen eta ekarpenak balioestea, taldean arte-lanen bat egitea helburu duten ekimenetan hain garrantzitsuak diren kooperazio-trebetasunak lantzeko.

              9. Norberak egindako artelanetan konfiantza izatea, lanean emandako denboran norberak egindakoaz gozatzea, eta horrek guztiak norberaren eta talde osoaren hazkunde pertsonalari egiten dion ekarpen itzelaz jabetzea, autoestimuan aurrera egiteko eta norberaren ideien eta sentimenduen berri emateko gaitasuna hobetzeko.

              10. Euskal Herriko nahiz beste herrialdeetako kultura-ondareko arte-adierazpenak ezagutzea eta balioestea, eta adierazpenok zaintzeko, babesteko eta etengabe berritzeko lanetan besteekin batera kolaboratzea, eta horretan, norberarenaz bestelako kulturetako pertsonekin lan egiteak eta esperientzia artistikoak trukatzeak denok aberasten gaituela ohartzea.

                1.2. EDUKI MULTZOEN EZAUGARRIAK.

                Lehen Hezkuntzari dagozkion adierazpenezko, prozedurazko eta jarrerazko edukiak honako eduki multzo hauetan multzokatzen dira:

              1. eduki multzoa. Arlo guztietan komunak diren oinarrizko zehar-konpetentziekin lotutako edukiak.

              2. eduki multzoa. Hautemate auditiboa eta ulerkuntza musikala.

              3. eduki multzoa. Musika-espresioa, -interpretazioa eta sormena.

              4. eduki multzoa. Erreferente plastiko eta musikalak hautematea, ulertzea eta interpretatzea.

              5. eduki multzoa. Arte-adierazpen plastiko eta bisualak ekoiztea, espresatzea eta sortzea.

                Etapako ikasgai guztietan komuna den «Arlo eta ikasgai guztietan komunak diren oinarrizko zehar-konpetentziekin lotutako edukiak» izeneko atariko eduki multzoak oinarrizko zehar-konpetentziak garatzeko beharrezkoak diren eduki guztiak jasotzen ditu. Arlo eta ikasturte guzti-guztietan landu eta ebaluatu behar dira edukiok.

                Beste lau eduki multzoek bat egiten dute konpetentzien gaineko ikuskera azaltzean egindako proposamen eta oharrekin, eta alde horretatik, proposamen eta ideiok xehatuta ageri dira eduki multzootan. Musikan eta arte plastiko eta bisualetan ohikoak diren ezaugarri espresibo, komunikatibo eta narratiboak lantzen dira eduki multzo hauetan, eta hainbat eduki hartzen dituzte hizpide: hizkuntza musikal, plastiko eta bisualen baliabide eta konbentzioak; artean erabili ohi diren sormen-prozedurak eta -teknikak; musikak eta arte plastiko eta bisualek gizarte barruan eratzen dituzten artikulazioak eta betetzen dituzten funtzioak; eta artelan plastiko, bisual eta musikalek gugandik gertueneko ingurunearekin eta arte-adierazpenok sortu direneko ekoizpen-testuinguruekin dituzten loturak.

                Dena dela, kontuan izan behar dira musikaren eta arte plastiko eta bisualen arteko desberdintasunak, eta, beraz, bien ala bien arteko antzekotasunak eta aldeak zertan diren jakiteko, jarduera bakoitzarekin lotutako edukiak modu operatiboan antolatu behar dira. Horretarako, beharrezkoa da artearen alderdi produktiboa eta erreflexiboa aintzakotzat hartzea, eta bi alderdi horiek eduki multzoak kohesionatzeko ardaztzat hartzea, horien bitartez hurbiltzen baikara gizon-emakumeok artearen mundura, bai erabiltzaile eta bai ekoizle garen aldetik.

                Horrenbestez, honatx Arte Hezkuntzarako ezarritako eduki multzoak:

                Arlo guztietan komunak diren oinarrizko zehar-konpetentziekin lotutako edukiak.

                Hautemate auditiboa eta ulerkuntza musikala.

                Musika-espresioa, -interpretazioa eta -sormena.

                Erreferente plastiko eta musikalak hautematea, ulertzea eta interpretatzea.

                Arte-adierazpen plastiko eta bisualak ekoiztea, espresatzea eta sortzea.

                Eduki multzo hauek elkarrekin estu lotuta daude, eta, unean-unean diseinatutako curriculum-proiektuak eta ikasgelako programazioak nolakoak diren, mota askotako konbinazioak egin daitezke haietan oinarrituta.

                Zer dira, baina, eduki multzoak? Hauxe: irakasleei zikloan zehar landu beharrekoei buruzko informazioa ematen dieten blokeak. Aurrez ezarritako konpetentziak lortzeko egokientzat jotzen diren edukien berri ematen dute blokeok. Lehen Hezkuntzan, haurrekin batera egin beharreko lanek helburu garbia dute, oso: batetik, ikasleek beren arte-adierazpenak, musika-lanak, irudi eta marrazkiak sortzea; eta, bestetik, beren bizitza erabat blaitzen duten arte-adierazpenekiko eta ekoizpen bisualekiko espiritu kritikoa izatea, horiek guztiek beren emozioetan, identitatean eta sozializazio-prozesuan berebiziko eragina dutenez gero.

                Erne ibili beharra dago, blokeok ez baitute, zehatz esateko, gai-zerrendarik osatzen; ez dira konpartimenduetan banatutako unitateak, eta ez dira, beraz, bereiz landu behar.

                Azkenik, esan dezagun edukiotako bakar batek ere, hurrenkerak hurrenkera, ez duela besteen aldean inolako lehentasunik.

                1.3. EBALUAZIO-IRIZPIDEAK.

              1. Hizkuntza artistikoak komunikazio-bide eta espresiobide unibertsaltzat hartzeko gai izatea, eta hizkuntza horiek modu arrazoituan erabiliz egitea bere arte-ekoizpenak.

              2. Bere ekoizpen bisual eta musikaletan unean-unean dituen premia espresibo eta komunikatiboetarako egokiak diren teknikak, baliabideak eta konbentzioak erabiltzen jakitea eta txukun-txukun argudiatzea bere hautuak.

              3. Musikan eta arte bisualetan baliabide teknikoekin eta hizkuntza artistikoarekin lotutako arazo eta auziei zer konponbide eman zaien jakitea eta konponbideok erreferente estetikotzat hartzeko gai izatea.

              4. Bere arte-ekoizpenetan irudimenez eta ekimenez jokatzea bere ideien, sentimenduen eta bizipenen berri emateko.

              5. Landu beharreko proiektuaz gogoeta egiteko gai izatea eta beraren eta talde osoaren interesak kontuan hartzea zereginak antolatzean.

              6. Taldeko arte-ekoizpenetan parte hartzea, eta horietan, arauak betetzea, proposamenak egitea, eta konponbideak iradokitzea.

              7. Arte-adierazpenen bidez zenbait ideia, gertaera, esperientzia eta bizipen sormenez adieraztea, eta horretan, aintzat hartzea egiten dituen ekarpenek bere buruaren eta talde osoaren hazkunde pertsonala dakartela.

              8. Hurbileko esperientziak oinarri hartuta, historian zehar eta gurean nahiz kanpoko kulturetan sortutako kultura bisual eta musikalek izandako funtzio ugariak identifikatzea.

              9. Ikuspegi kritikoz ulertzea artelanen ekoizpenean zer-nolako garrantzi eta eragin itzela duten faktore sozialek (botere- eta genero-harremanek, ideologiek...).

              10. Jatorri eta kultura askotariko arte-adierazpenen arteko lotura estuak ezagutzea, eta hori elementu aberasgarritzat eta behin eta berriz errepikatzen den prozesu historikotzat hartzea.

                6. KONPETENTZIA MOTORRA.

                1. GORPUTZ HEZKUNTZA.

                1.1. ETAPAKO HELBURUAK.

                Gorputz Hezkuntza arloko irakaskuntzak konpetentzia hauek lortzea du helburu etapa honetan:

              1. Hautemate-gaitasunak eta gaitasun motorrak aztertzea, nork bere buruarengan konfiantza izatea eta norberaren ongizatea sustatuz, osasunerako onuragarria izan dadin.

              2. Trebetasun eta gaitasun fisikoak garatzea, haurren eboluzio-prozesuarekin bat, jolasa erabiliz, oinarrizko baliabide den aldetik.

              3. Problema motorrak ebazteko printzipioak eta arauak ezagutzea, hautatzea eta aplikatzea, jarduera fisikoak, kirol-jarduerak eta arte- eta adierazpen-jarduerak praktikatzean eraginkortasunez eta autonomiaz aritzea, ahalegina erregulatuz, dosifikatuz eta balioetsiz, eta norberaren aukeren eta zereginaren nolakotasunaren arabera maila jakin batera iristea nork bere buruari ezartzen dion eskakizunean.

              4. Euskal Herriko eta beste kultura batzuetako jolas-tradizioak, jarduera fisikoen eta kirol-jardueren tradizioak nahiz adierazpen-tradizioak ezagutzea, haien balioak errespetatzeko eta balioesteko, jolas eta adierazpen tradizionalak eta herrikoiak praktikatuz.

              5. Gorputzaren eta mugimenduaren adierazpen-bitartekoen berri jakitea, modu estetikoan eta sortzailean landuz, haiek sentitzeko, bizitzeko eta onartzeko, eta mugimendu propio baten bidez pertsonalizatzeko.

              6. Jarduera fisikoa neurriz eta maiz egitearen garrantzia balioestea, norberarekiko nahiz besteekiko erantzukizunezko jarrera erakusteko, eta ariketa fisikoak, higieneak, elikadurak eta jarrera-ohiturek osasunean dituzten eraginak aintzat hartzea.

              7. Jarduera fisikoetan parte hartzea, besteekin batera talde-harremanak sustatzen dituzten proiektuak garatuz, eta aisia-kultura aberasgarri baten oinarriak eraikiz.

                1.2. EDUKIAK.

                2.1. Eduki multzoen ezaugarriak.

                Lehen Hezkuntzari dagozkion adierazpenezko, prozedurazko eta jarrerazko edukiak eduki multzo hauetan sailkatu dira:

              1. multzoa. Arlo guztietan komunak diren oinarrizko zehar-konpetentziekin lotutako edukiak.

              2. multzoa. Norberaren ezagutza eta kontrola.

              3. multzoa. Gorputz-adierazpena eta komunikazioa.

              4. multzoa. Jarduera fisikoa eta osasuna.

              5. multzoa. Kultura motorra: aisia eta denbora librerako hezkuntza.

                Gorputza eta mugimendua dira eskolak ikasgai honetan egingo duen lan hezitzailearen oinarrizko ardatzak. Alde batetik, gorputz-hezkuntza eta mugimendua landuko dira, dohain fisikoak eta motorrak hobetzeko, eta aldi berean, ohitura osasungarrien garrantzia finkatuko da. Eta bestetik, gorputz-hezkuntza eta mugimendua landuz, konpetentzia afektiboak eta harremanekin lotuak ere, gizartean bizitzeko beharrezkoak direnak, bereganatuko dituzte ikasleek.

                Edukien antolaketa lotuta dago Lehen Hezkuntzan Gorputz Hezkuntzaren oinarri diren ardatzekin: motrizitatearekin lotutako gaitasun kognitiboak, fisikoak, emozionalak, eta harreman-gaitasunak; motrizitatearen forma sozialak eta kulturalak bereganatzea; eta balioetan heztea eta osasunerako hezkuntza.

                Planteamendu hori abiapuntu hartuta, arlo hau bost multzotan egituratu da. Motrizitatearekin lotutako gaitasunak batik bat bigarren eta hirugarren multzoetan landuko dira; hirugarren eta laugarren multzoak lotuta daude batez ere motrizitatearen forma kulturalak bereganatzearekin; eta osasunerako hezkuntzak eta balioetan hezteak, hurrenez hurren, laugarren eta bosgarren multzoekin dute zerikusia.

              1. multzoan, diziplina-arlo guztietan komunak diren prozedurazko eta jarrerazko edukiak bildu dira. Oinarrizko zehar-konpetentziak gara daitezke haiekin lotutako prozedurak eta jarrerak diziplina-arloetako bakoitzeko irakaskuntza- eta ikaskuntza-egoeretan aplikatzen diren heinean soilik.

              2. multzoan (Norberaren ezagutza eta kontrola), hautemate-gaitasuna eta ahalmen nahiz trebetasun motorrak garatzeko edukiak adierazi dira. Aipatutako gaitasun horiek landuz, norberaren gorputza ezagutzea lortu nahi da, funtsezkoa baita norberaren gorputz-irudia garatzeko zein aurrera begira ikaskuntza motorrak bereganatzeko, eta trebetasun motorra garatuz, norberaren gorputzaren kontrola izatea lortu nahi da, aldi berean ikasleak eraginkortasunez mugitu ahal izateko edukiak landuz. Hortaz, mugimendua menderatzearekin eta kontrol motorrarekin lotutako gaitasunak landuko dira. Bereziki nabarmenduko dira mugimendua egoera berrietara egokitzeko erabakiak hartzearekin lotutako edukiak.

              3. multzoan (Gorputz-adierazpena eta komunikazioa), zenbait teknika baliatuz gorputzaren bidez emozioak, sentimenduak eta ideiak adierazten eta komunikatzen ikasteko edukiak jaso dira. Multzo horretako edukiak jolas-moduan eta alderdi emozionala landuz bideratuko direnez, lagungarriak izango dira norberak gozatzeko, bai eta aberasgarriak ere.

              4. multzoan (Jarduera fisikoa eta osasuna), osasun fisikoari eta dohain fisiko-motorrei buruzko edukiak landuko dira, kirol-jarduerarekin lotuz, eragina baitute banakoaren garapenean eta haren bizi-kalitatearen hobekuntzan. Osasuna hezkuntza fisikoaren barnean esparru garrantzitsua dela ulertuta, hainbat alderdi landuko dira, lotuta daudenak hautemate- eta koordinazio- baldintzatzaileekin eta baldintzatzaile fisikoekin, eta bide ematen dutenak gorputza ezagutzeko nahiz oinarrizko trebetasunak eta trebetasun espezifikoak gauzatzeko, bai eta jarduera fisikoarekin lotutako ohiturak hartzeko ere, norberaren ongizatea nahiz ongizate soziala lortze aldera.

                Azkenik, 5. multzoan (Kultura motorra: Aisia eta denbora librerako hezkuntza), jolasarekin eta kirol-jarduerekin lotutako edukiak landuko dira, giza motrizitatearen kultura-adierazpen gisa ulertuta. Jolasa baliagarria den arren estrategia metodologiko gisa, aintzat hartu behar da edukien artean ere, balio antropologiko eta kultural garrantzitsua baitu. Gorputz Hezkuntzan jolasak eta kirolak irakastea hezigarria da, eta konpetentzia motorra hobetzeko bitartekoa bat ere bai; eta gainera, jarduera horien bidez, aldi berean lankidetza eta parte-hartzea bultzatzen dira, eta elkartasuna, elkarlana eta diskriminazio eza sustatzeko jarrerak garatzen dira.

                Ikasgai honetako edukiak egituratzeko bereizi diren multzo horietan, modu integratuan aurkeztu dira kontzeptuak, prozedurak eta jarrerak. Proposatutako sekuentziazioaren helburua da ikasleak gero eta autonomia handiagoa izatea jarduera fisikoa egitean. Bestalde, adin horretan gaitasun kognitiboak handiagoak direnez, jarduerak praktikan jartzeko moduak ezagutzera bidera daiteke heziketa, horrela ikasle bakoitzak hauta ditzan, bere gaitasunen, interesen eta beharren arabera.

                Irakaskuntza- eta ikaskuntza-prozesua zenbait sekuentziatan antolatu da, globaletik espezifikora, eta dibertsitatearen irizpidea lehenetsi da espezializazioaren gainetik. Prozesu horretan, edozein motatako diskriminazioak eragotzi behar dira, hala nola sexuagatikoak, gizarte-klaseagatikoak, arrazagatikoak, pertsona arteko desberdintasunengatikoak edo gaitasun-desberdintasunagatikoak, eta horretarako, ezarrita dauden gizarte-estereotipoak eta jarrera xenofoboak baztertu behar dira.

                Etapa honetako ikuspegi metodologikoak jolas-izaera du, eta hortaz, jolasaren testuingurua baliatuko da bat-bateko ikaskuntzaren esparru gisa. Oso garrantzitsuak dira jarrerazko edukiak eta eduki kulturalak, baina kontuan hartu behar da, aldi berean, prozedurazko edukiak ere oso garrantzitsuak direla etapa honetan. Bestalde, beharrezkoa da garapen motorra eta kognitiboa lotzea; izan ere, espazioari, denborari eta gorputzari buruzko lehen nozioak finkatzean mugimenduaren egoera desberdinetan dauden erlazio logikoak hartzen dira oinarri.

                Etapa honen hedadura eta dibertsitatea direla-eta, desberdintasunak daude haurren eboluzioan, eta beharrezkoa da aldiak bereiztea; lehenengoa sei urtetik zortzira artekoa izango litzateke. Adin horretako haurrak jada aurrera egiten ari dira pixkanaka niaren deszentrazio-faserantz eta baieztapenerantz. Gorputz Hezkuntzan ikasleei lagundu egin behar zaie, beren izan globala errespetatuz eta beren mugimendu-beharrak asez, askotariko proposamenen bidez, horrela arreta denbora luzez jartzeko duten gaitasun urriari aurre egiteko.

                Adin horretatik aurrera, hamabi urteetara arte, haurrek aurrera egiten jarraitzen dute eboluzio horretan, globaltasunetik dibertsifikaziora. Gorputz Hezkuntzak modu aktiboan lagundu behar du niaren pixkanakako baieztapen-prozesu horretan. Era berean, esparru egokia eskaini behar du deszentrazioa norberaren ikuspegitik burutzeko, eta horrela bestea eta taldea ulertzeko gaitasunean aurrera egin ahal izateko, batez ere jolasen eta kirolen bitartez.

                1.3. EBALUAZIO-IRIZPIDEAK.

              1. Ezezagunak eta zalantzagarriak diren ingurune askotarikoetan egokitzea lekualdatzeak eta jauziak.

              2. Jolasetan eta jarduera motorretan pilotak edo beste higikari batzuk jaurtitzea, pasatzea eta jasotzea, kontrola galdu gabe eta behar bezala egokituz joko-zelaiko egoerari, distantziei eta ibilbideei.

              3. Gorputza zenbait jarreratan jartzea eta orekatzea, tentsioa, erlaxazioa eta arnasketa kontrolatuz.

              4. Jarrera aktiboak izatea, egoera fisikoa oro har hobetzeko, eta jarduerak egitean kontuan hartzea norberaren gorputzaren eta mugimendu-gaitasunaren aukerak eta mugak.

              5. Modu koordinatuan eta lankidetzan jardutea, erronkak ebazteko edo taldeko jolasetan aurkari bati edo batzuei aurre egiteko, bai erasotzaile gisa, bai defendatzaile gisa.

              6. Norberaren ahalegina eta taldearekin ezartzen diren harremanak identifikatzea jolasen eta kirol-jardueren oinarrizko balio diren aldetik, eta haiekin bat jokatzea.

              7. Talde-konposizioak sortzea ikaskideekin lan eginez, gorputzaren adierazpen-bitartekoak erabiliz, eta estimulu musikalak, plastikoak edo hitzezkoak abiapuntutzat hartuta.

              8. Jokabide aktiboak izatea, ariketa fisikoak osasunerako duen balioa aintzat hartuta, gorputza eta jarrera- nahiz elikadura-ohiturak zaintzeko interesa izatea, eta drogen kontsumoa eta portaera-mendetasunak sor ditzaketen jokabideak saihestea.

                HIRUGARREN ZATIA

                DERRIGORREZKO BIGARREN HEZKUNTZARAKO CURRICULUMAREN BERARIAZKO IKUSPEGIA

                1. HIZKUNTZA- ETA LITERATURA- KOMUNIKAZIORAKO KONPETENTZIA.

                1. EUSKARA ETA LITERATURA, ETA GAZTELANIA ETA LITERATURA.

                1.1. ETAPAKO HELBURUAK.

                Honako hauek dira etapako helburuak Euskara eta Literatura eta Gaztelania eta Literatura ikasgaietarako:

              1. Hizkuntzaren zenbait erabilera-eremutan sortutako ahozko, idatzizko eta ikus-entzunezko diskurtsoak ulertzea eta interpretatzea, zenbait motatako komunikazio-egoerei aurre egiteko.

              2. Bai ahoz eta bai idatziz modu txukun, koherente eta zuzenean espresatzea eta interaktuatzea, eta horretan, errespetua, kooperazioa eta espiritu kritikoa hartzea oinarri, zenbait komunikazio-premiari modu eraginkorrean erantzuteko.

              3. Hizkuntzak diren sistemari buruz modu autonomoan gogoeta egitea, eta testuak ulertzeko eta ekoizteko prozesuan testuinguruarekin, testuarekin, esaldiarekin eta hitzarekin lotutako hizkuntzaren erabilera-arauak aplikatzea, hizkuntza modu txukun, koherente eta zuzenean erabiltzea eta transferentzia egokiak egitea helburu hartuta.

              4. Norberak hautatutako idatzizko, ahozko eta ikus-entzunezko literatura-testu erreferentzialez gozatzea, norberaren esperientziari zentzua emateko, mundua ulertzeko eta sentsibilitate estetikoan aurrera egiteko.

              5. Literatura-generoen eta literaturaren historiako etapa eta lan nagusien oinarrizko arauei buruz ikasitakoak erabiltzea, denen artean literatura-testuak ondo ulertzeko, eta hori dela eta, literatura-ondarea esperientzia indibidual nahiz kolektiboa sinbolizatzeko eta norberaren kultura-identitatea eraikitzeko bidetzat hartzea.

              6. Oinarrizko ezaguera soziolinguistikoetan oinarrituta, gure errealitate elebiduna eta, oro har, eleaniztasuna nahiz kultura-aniztasuna ezagutzea, interpretatzea eta balioestea, eta horretan, hizkuntza- eta kultura-aniztasunaren eta euskara eguneroko bizitzan erabiltzearen aldeko jarrera linguistiko enpatiko eta asertiboak bultzatzea eta sustatzea.

              7. Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak modu autonomo eta kritikoan erabiltzea, informazioa lortzeko, eta elkarrekin komunikatzeko eta kooperatzeko.

              8. Norberaren ikaskuntza-prozesuez gogoeta egitea, beste hizkuntza eta ikasgai batzuetan ikasitako komunikazio-ezaguerak eta -estrategiak transferitzeko, eta norberaren ikaskuntza-gaitasunean konfiantza izatea, komunikaziorako konpetentzia hobetzeko.

                1.2. EDUKI MULTZOEN EZAUGARRIAK.

                Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1., 2., 3. eta 4. mailei dagozkien adierazpenezko, prozedurazko eta jarrerazko edukiak honako eduki multzo hauetan multzokatzen dira:

              1. eduki multzoa. Arlo guztietan komunak diren oinarrizko zehar-konpetentziekin lotutako edukiak.

              2. eduki multzoa. Ahozko komunikazioa: hitz egitea, entzutea eta elkarrekin solasean jardutea.

              3. eduki multzoa. Idatzizko komunikazioa: irakurtzea eta idaztea.

              4. eduki multzoa. Literatura-hezkuntza.

              5. eduki multzoa. Hizkuntzari eta haren erabilerei buruzko gogoeta.

              6. eduki multzoa. Hizkuntzaren alderdi soziala.

                Etapako ikasgai guztietan komuna den 1. eduki multzoak oinarrizko zehar-konpetentziak garatzeko beharrezkoak diren eduki guztiak jasotzen ditu. Arlo eta ikasturte guzti-guztietan landu eta ebaluatu behar dira edukiok.

                Gizarte-bizitzako esparru adierazgarri guztietan hitz egiteko, idazteko, entzuteko eta irakurtzeko trebetasunak eta estrategiak lantzea, horixe da curriculumaren muin eta ardatza. Trebetasun horiekin lotuta ikasi beharrekoak hiru eduki multzotan biltzen dira: 2. eduki multzoan («Ahozko komunikazioa: hitz egitea, entzutea eta elkarrekin solasean jardutea»), 3. eduki multzoan («Idatzizko komunikazioa, irakurtzea eta idaztea») eta 4. eduki multzoan («Literatura-hezkuntza»). Ikaskuntza horiekin estu lotuta, bai 5. eduki multzoan («Hizkuntzari eta haren erabilerei buruzko gogoeta») eta bai 6. eduki multzoan («Hizkuntzaren alderdi soziala»), bi-bietan multzokatzen dira hizkuntza-sistemarekin, hizkuntzaren erabilera-arauekin eta hizkuntzen eta hiztunen arteko erlazioekin lotutako edukiak.

                Eduki multzook modu analitikoan aztertzen dituzte hizkuntza- eta literatura-hezkuntzaren osagaiak, baina ez dute ezertxo ere esaten ikasgelan egitekoak diren ikaskuntza-jardueren ordenaz nahiz antolaeraz. Hori dela eta, programazioak egitean eta jardueren sekuentzia ikasgelara eramatean, beharrezkoa izango da bloke guztietako edukiak elkarrekin ondo uztartzea. Gogoratu beharra dago prozedurazko edukiak hartzen dituztela oinarri ikasgai hauetan egitekoak diren lanek, eta eduki horien zerbitzura daudela adierazpenezko edukiak.

                Ahozko komunikazioarekin lotutako hizkuntza-trebetasunak ahaztuak izan ditu erabat gure eskola-sistemak. Eta, hala eta guztiz ere, behar-beharrezkoa da hizkuntza-trebetasunon garrantzia behar bestetan azpimarratzea, horiek emango baitiete aukera ikasleei beren komunikaziorako konpetentzia guztiz garatzeko, ikasgelan ikaskideen arteko komunikazioa errazteko eta esaten dituztenen esanahia behar bezala negoziatzeko. Esan gabe doa, noski, hori guztia funts-funtsezkoa dela gure neska-mutilek, arlo guztietan landuko dituzten ezagueren bitartez, beren trebetasun kognitibo-linguistikoak ganoraz landu ditzaten. Horrekin batera, baina, Euskal Autonomia Erkidegoko egoera soziolinguistikoa zein den kontuan hartuta, eta gure hizkuntzaren erabilera soziala eta normalizazio-prozesua sustatuko baditugu, begi-bistakoa da eskolan nahitaez bultzatu behar dugula gure ikasleek elkarrekin euskaraz hitz egin dezaten.

                Era berean, garbi esan behar dugu hitz egitea eta entzutea, bai eta irakurtzea eta idaztea ere, elkarrekin estu lotuta daudela, eta, beraz, komeni dela ikaskuntza-jardueren sekuentzian hizkuntza-erabileraren bi alderdiak, ulerkuntza eta ekoizpena, integratzea.

                Literatura-hezkuntzarekin lotutako edukiak 4. eduki multzoan jaso dira. Oraingoan ere, aurreko etapan ardatz hartutako orientabideei eutsi diegu, ikasleek beren irakurzaletasun-ohiturak berma ditzaten, testuak irakurtzean eta birsortzean beren esperientziak aberasten jarrai dezaten, irakurgai horiek beren sinbolizazio-premietara eta sentimenduak espresatzeko beharretara egokitu ditzaten, literatura-konbentzioei buruzko beren behaketak sistematiza ditzaten, eta modu sistematikoan ezar ditzaten literatura-lanen eta lanok sortu direneko testuinguruen arteko loturak.

                Hizkuntza-sistemaren osagai diren elementuei eta hizkuntza-arauei buruzko gogoetarekin lotutako edukiak uztartzea eta integratzea hartzen du helburu 5. eduki multzoak («Hizkuntzari eta haren erabilerei buruzko gogoeta»). Trebetasun linguistiko-komunikatiboak barneratzeak eta lantzeak hizkuntzen alderdi kontestual, diskurtsibo eta gramatikalez gogoeta egin beharra dakar, eta hain zuzen horrexegatik landuko dugu hemen 5. eduki multzo hori.

              1. eduki multzoan («Hizkuntzaren alderdi soziala») eduki ugari lantzen dira: hizkuntza-aniztasuna eta hizkuntzen arteko erlazioak, besteak beste. Eleaniztasuna ezaugarri duen gaur egungo gizarte konplexu honetan, euskal gizartea elebitasun gorabeheratsu batetik testuinguru eleaniztun batera igarotzeko urratsak egiten ari da. Hori dela tarteko, behar-beharrezkotzat jotzen dugu ikasleek beren inguruneko egoera soziolinguistikoaz gogoeta egitea, horrela hizkuntza-aniztasunaren eta euskararen normalizazio-prozesuaren aldeko jarrera hartuz joan daitezen.

                Ikasleen komunikaziorako konpetentzia lantzea, horixe da hizkuntzen irakaskuntzaren eta ikaskuntzaren helburu nagusia, eta hori dela eta, hain zuzen, ezinbestekoa da hizkuntza-erabilerekin lotutako trebetasunak hobetzearen mende jartzea 5. eta 6. eduki multzoetako edukiekin lotutako jardueren programazioa.

                Etapako lau ikasturteetan zehar ikasi beharrekoen mailaketa egiteko, irizpide hauek hartuko ditugu oinarri: batetik, praktika diskurtsiboen eta ikasleen esperientzia linguistiko eta kulturalaren arteko hurbiltasuna; bestetik, testuen barne-antolaeraren konplexutasun-maila; eta, azkenik, testuak ulertzeko eta ekoizteko abiaburu izan litezkeen helburu askotarikoak.

                1.3. EBALUAZIO-IRIZPIDEAK.

                3.1. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1. maila.

              1. Hainbat euskarritan dauden ahozko testuak ulertzea, pertsona arteko harremanen, hedabideen eta ikaskuntzaren arlokoak, batik bat narrazio-, azalpen- eta instrukzio-testuak, zentzu orokorraz ohartuz, ideia nagusiak bereiziz eta informazio egokia hautatuz, proposatutako helburuari begira.

              2. Hainbat euskarritan idatzitako testuak ulertzea eta interpretatzea, pertsona arteko harremanen, hedabideen eta ikaskuntzaren arlokoak, batik bat narrazio-, azalpen- eta instrukzio-testuak, zentzu orokorraz ohartuz, testuaren atalak identifikatuz, ideia nagusiak bereiziz eta informazio egokia hautatuz, proposatutako helburuari begira.

              3. Planifikatu ondoren, ahozko testu soilak, argiak eta egituratuak sortzea, hedabideen eta ikaskuntzaren arlokoak, batik bat narrazio-, azalpen- eta instrukzio-testuak, jarduera akademikoari buruzkoak edo gai interesgarriei buruzkoak, ikus-entzunezko baliabideen eta IKTen laguntzaz, hitzezko eta ez-hitzezko baliabideak egoki erabiliz.

              4. Modu aktiboan eta egokian parte hartzea ikaskuntzako eta gizarteko ahozko harremanetan, elkarlanerako jarrera positiboarekin.

              5. Planifikatu ondoren, idatzizko testuak sortzea, paperean nahiz digitalean, pertsona arteko harremanen, hedabideen eta ikaskuntzaren arlokoak, batik bat narrazio-, azalpen- eta instrukzio-testuak, komunikazio-egoera kontuan hartuz, eta egokitasun, koherentzia, kohesio eta zuzentasun txukun batez.

              6. Sistema linguistikoaz eta haren erabilera-arauez gogoeta egitea, testuak, esaldiak eta hitzak konparatuz eta eraldatuz, eta jakintza horiek erabiltzea, lagunduta, ulermen-arazoak konpontzeko ez ezik testu eta berrikuspen hobeak egiteko.

              7. Oinarrizko hizkuntza-terminologia ezagutzea eta erabiltzea hizkuntzari buruzko gogoeta egitean, testuak ulertu eta sortzeko.

              8. Literaturako testu laburrak edo pasarteak ulertzea, ahozkoak nahiz idatzizkoak, denen artean irakurrita eta entzunda, eta testuari buruzko iritzi pertsonala ematea, oinarrizko literatura-ezaguerak erabiliz.

              9. Literatura asmoko testuak sortzea, ahozkoak, idatzizkoak nahiz ikus-entzunezkoak, hainbat generotakoak, literatura-testu bat eredutzat hartu eta testuak parametro jakin batzuen arabera eraldatuz.

              10. Ahozko nahiz idatzizko literaturaren hainbat lagin ezagutzea, bai eta haien konbentzio berezi batzuk ere, literatura-testuak hobeto ulertzeko eta norberaren kultura aberasteko.

              11. Irakurtzeko ohitura garatzea, eta literatura hartzea gozamen-iturritzat eta mundua ezagutzeko bidetzat.

              12. Hizkuntza-aniztasunaz ohartzea eta hori balioestea, hizkuntzak nahiz hizkuntza-aniztasuna errespetatuz, eta oinarrizko ezaguera soziolinguistikoak erabiliz.

              13. Hizkuntza-ohitura nahiz -jokaera asertiboak eta enpatikoak izatea, bai eta euskara erabiltzeko jarrera proaktiboa, kooperatiboa, bidezkoa eta arduratsua ere testuinguru eleaniztunetan.

              14. Gero eta autonomia handiagoz erabiltzea informazio-teknologiak, eskolako jardueretan informazioa bilatu, hautatu, kudeatu eta komunikatzeko.

              15. Ikasleak bere hizkuntza-ikaskuntzaz gogoeta egitea, bere ikasteko gaitasunean konfiantzarekin, autorregulazioa sustatzeko.

                3.2. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 2. maila.

              1. Hainbat euskarritan dauden ahozko testuak ulertzea, pertsona arteko harremanen, hedabideen eta ikaskuntzaren arlokoak, batik bat narrazio-, azalpen- eta instrukzio-testuak, zentzu orokorraz ohartuz, ideia nagusiak eta bigarren mailakoak bereiziz eta informazio egokia hautatuz, proposatutako helburuari begira.

              2. Hainbat euskarritan idatzitako testuak ulertzea eta interpretatzea, pertsona arteko harremanen, hedabideen eta ikaskuntzaren arlokoak, batik bat narrazio-, azalpen- eta instrukzio-testuak, zentzu orokorraz ohartuz, testuko zatiak identifikatuz, ideia nagusiak eta bigarren mailakoak bereiziz eta informazio egokia hautatuz, proposatutako helburuari begira.

              3. Planifikatu ondoren, ahozko testu soilak sortzea, argiak eta egituratuak, hedabideen eta ikaskuntzaren arlokoak, batik bat narrazio-, azalpen- eta instrukzio-testuak, jarduera akademikoari buruzkoak edo gai interesgarriei buruzkoak, ikus-entzunezko baliabideen eta IKTen laguntzaz, hitzezko eta ez-hitzezko baliabideak egoki erabiliz.

              4. Modu aktiboan eta egokian parte hartzea ikaskuntzako eta gizarteko ahozko harremanetan, elkarlanerako jarrera positiboarekin.

              5. Planifikatu ondoren, idatzizko testuak sortzea, paperean nahiz digitalean, pertsona arteko harremanen, hedabideen eta ikaskuntzaren arlokoak, batik bat narrazio-, azalpen- eta instrukzio-testuak, kontuan hartuz komunikazio-egoera, eta egokitasun, koherentzia, kohesio eta zuzentasun txukun batez.

              6. Sistema linguistikoaz eta haren erabilera-arauez gogoeta egitea, testuak, esaldiak eta hitzak konparatuz eta eraldatuz, eta jakintza horiek erabiltzea, lagunduta, ulermen-arazoak konpontzeko ez ezik testu eta berrikuspen hobeak egiteko.

              7. Oinarrizko hizkuntza-terminologia ezagutzea eta erabiltzea hizkuntzari buruzko gogoeta egitean, testuak ulertu eta sortzeko.

              8. Literaturako testu laburrak edo pasarteak ulertzea, ahozkoak nahiz idatzizkoak, denen artean irakurrita eta entzunda, literatura-ezaguerak erabiliz, eta testuari buruzko iritzi pertsonala ematea.

              9. Literatura asmoko testuak sortzea, ahozkoak, idatzizkoak nahiz ikus-entzunezkoak, hainbat generotakoak, literatura-testu bat eredutzat hartu eta testuak parametro jakin batzuen arabera eraldatuz.

              10. Ahozko nahiz idatzizko literaturaren hainbat lagin ezagutzea, bai eta haien konbentzio bereziak ere, literatura-testuak hobeto ulertzeko eta norberaren kultura aberasteko.

              11. Irakurtzeko ohitura garatzea, eta literatura gozamen-iturritzat hartzea, mundua ezagutzeko bidetzat, eta nortasun pertsonala, kulturala nahiz soziala eraikitzeko eratzat.

              12. Hizkuntza-aniztasunaz ohartzea eta hori balioestea, hizkuntzak nahiz hizkuntza-aniztasuna errespetatuz, eta oinarrizko ezaguera soziolinguistikoak erabiliz.

              13. Hizkuntza-ohitura nahiz -jokaera asertiboak eta enpatikoak izatea, bai eta euskara erabiltzeko jarrera proaktiboa, kooperatiboa, bidezkoa eta arduratsua ere testuinguru eleaniztunetan.

              14. Informazio-teknologiak gero eta autonomia handiagoz erabiltzea, eskolako jardueretan informazioa bilatu, hautatu, kudeatu eta komunikatzeko.

              15. Ikasleak bere hizkuntza-ikaskuntzaz gogoeta egitea, bere ikasteko gaitasunean konfiantzarekin, autorregulazioa sustatzeko.

                3.3. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 3. maila.

              1. Hainbat euskarritan dauden ahozko testuak ulertzea, hedabideen eta ikaskuntzaren arlokoak, batik bat azalpen- eta argudio-testuak, zentzu orokorraz ohartuz, ideia nagusiak eta bigarren mailakoak bereiziz eta informaziorik eta daturik garrantzitsuenak hautatuz, proposatutako helburuari begira.

              2. Hainbat euskarritan idatzitako testuak ulertzea eta interpretatzea, hedabideen eta ikaskuntzaren arlokoak, batik bat azalpen- eta argudio-testuak, zentzu orokorraz ohartuz, ideia nagusiak eta bigarren mailakoak bereiziz eta informaziorik eta daturik garrantzitsuenak hautatuz, proposatutako helburuari begira.

              3. Planifikatu ondoren, azalpen- eta argudio-testu eraginkorrak egitea, argiak eta egituratuak, gizarteari, politikari edo kulturari buruzkoak, ikasleentzat interesgarriak, ikus-entzunezko baliabideen eta IKTen laguntzaz, hitzezko eta ez-hitzezko baliabideak egoki erabiliz.

              4. Modu aktiboan eta egokian parte hartzea ikaskuntzako eta gizarteko ahozko harremanetan, bai eta interes sozial, politiko edo kulturaleko eztabaidetan ere, elkarlanerako jarrera positiboarekin.

              5. Planifikatu ondoren, idatzizko testuak sortzea, paperean nahiz digitalean, gai sozial, politiko edo kulturalei buruzkoak, ikasleen interesekoak, batik bat azalpen- eta argudio-testuak, kontuan hartuz komunikazio-egoera, eta egokitasun, koherentzia, kohesio eta zuzentasun txukun batez.

              6. Sistema linguistikoaz eta haren erabilera-arauez gogoeta egitea, eta jakintza horiek erabiltzea, lagunduta, ulermen-arazoak konpontzeko ez ezik testu eta berrikuspen hobeak egiteko.

              7. Oinarrizko hizkuntza-terminologia ezagutzea eta erabiltzea hizkuntzari buruz gogoeta egiteko.

              8. Euskal Literatura garaikideko eta Espainiar Literaturaren XVIII) mendetik aurrerako testu osoak edo pasarteak ulertzea, denen artean irakurrita eta entzunda, eta iritzi pertsonala ematea, oinarrizko literatura-ezaguerak erabiliz.

              9. Literatura asmoko testuak sortzea, ahozkoak, idatzizkoak nahiz ikus-entzunezkoak, hainbat generotakoak, sormena sustatzeko teknikak erabiliz, ereduen gogoetan eta azterketan oinarrituta.

              10. Euskal Literatura garaikideko eta Espainiar Literaturaren XVIII) mendera arteko laginik garrantzitsuenak ezagutzea, literatura-testuak hobeto ulertzeko eta norberaren kultura aberasteko.

              11. Irakurtzeko ohitura garatzea, eta literatura gozamen-iturritzat hartzea, mundua ezagutzeko bidetzat, kultura eta hizkuntza aberasteko modutzat, eta nortasun pertsonala, kulturala nahiz soziala eraikitzeko eratzat.

              12. Hizkuntza-aniztasuna kritikoki interpretatzea eta balioestea, hizkuntzak nahiz hizkuntza-aniztasuna errespetatuz, eta oinarrizko ezaguera soziolinguistikoak erabiliz.

              13. Hizkuntza-ohitura nahiz -jokaera asertiboak eta enpatikoak izatea, bai eta euskara erabiltzeko jarrera proaktiboa, kooperatiboa, bidezkoa eta arduratsua ere testuinguru eleaniztunetan.

              14. Informazio-teknologiak gero eta autonomia handiagoz erabiltzea eskolako jardueretan informazioa bilatu, hautatu, kudeatu eta komunikatzeko.

              15. Ikasleak bere hizkuntza-ikaskuntzaz gogoeta egitea, bere ikasteko gaitasunean konfiantzarekin, autorregulazioa sustatzeko.

                3.4. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 4. maila.

              1. Hainbat euskarritan dauden ahozko testuak ulertzea, hedabideetakoak, ikaskuntzakoak eta lanekoak, batik bat azalpen- eta argudio-testuak, zentzu orokorraz ohartuz, ideia nagusiak eta bigarren mailakoak bereiziz eta informaziorik eta daturik garrantzitsuenak hautatuz, proposatutako helburuari begira eta tesia eta argudioak identifikatuz.

              2. Hainbat euskarritan idatzitako azalpen- eta argudio-testuak ulertzea eta interpretatzea, hedabideetakoak, ikaskuntzakoak eta lanekoak, zentzu orokorraz ohartuz, ideia nagusiak eta bigarren mailakoak bereiziz, edukia eta testuaren forma modu kritikoan balioetsiz, eta informaziorik eta daturik garrantzitsuenak hautatuz, proposatutako helburuari begira.

              3. Planifikatu ondoren, azalpen- eta argudio-testu eraginkorrak egitea, argiak eta egituratuak, gizarteari, politikari edo kulturari buruzkoak, ikus-entzunezko baliabideen eta IKTen laguntzaz, hitzezko eta ez-hitzezko baliabideak egoki erabiliz.

              4. Modu aktiboan eta egokian parte hartzea ikaskuntzako eta gizarteko ahozko harremanetan, bai eta interes sozial, politiko edo kulturaleko eztabaidetan ere, elkarlanerako jarrera positiboarekin.

              5. Planifikatu ondoren, idatzizko testu egokiak sortzea, batik bat azalpen- eta argudio-testuak, paperean nahiz digitalean, koherenteak, ongi kohesionatuak eta zuzenak, gai sozial, politiko edo kulturalei buruzkoak, kontuan hartuz komunikazio-egoera.

              6. Sistema linguistikoaz eta haren erabilera-arauez gogoeta egitea, eta jakintza horiek erabiltzea, lagunduta, ulermen-arazoak konpontzeko ez ezik testu eta berrikuspen hobeak egiteko.

              7. Oinarrizko hizkuntza-terminologia ezagutzea eta erabiltzea hizkuntzari buruz gogoeta egiteko.

              8. Euskal Literaturaren XX) mendera arteko eta Espainiar Literaturaren XVIII) mendetik gaur egunera arteko testu osoak edo pasarteak ulertzea, denen artean irakurrita eta entzunda, eta iritzi pertsonala ematea, oinarrizko literatura-ezaguerak erabiliz.

              9. Literatura asmoko testuak sortzea, ahozkoak, idatzizkoak nahiz ikus-entzunezkoak, hainbat generotakoak, sormena sustatzeko teknikak erabiliz, ereduen gogoetan eta azterketan oinarrituta.

              10. Euskal Literaturaren XX) mendera arteko eta Espainiar Literaturaren XVIII) mendetik XX.era arteko laginik garrantzitsuenak ezagutzea, literatura-testuak hobeto ulertzeko eta norberaren kultura aberasteko.

              11. Irakurtzeko ohitura garatzea, eta literatura gozamen-iturritzat hartzea, mundua ezagutzeko bidetzat, kultura eta hizkuntza aberasteko modutzat, eta nortasun pertsonala, kulturala nahiz soziala eraikitzeko eratzat.

              12. Hizkuntza-aniztasuna kritikoki interpretatzea eta balioestea, hizkuntzak nahiz hizkuntza-aniztasuna errespetatuz, eta oinarrizko ezaguera soziolinguistikoak erabiliz.

              13. Hizkuntza-ohitura nahiz -jokaera asertiboak eta enpatikoak izatea, bai eta euskara erabiltzeko jarrera proaktiboa, kooperatiboa, bidezkoa eta arduratsua ere testuinguru eleaniztunetan.

              14. Informazio-teknologiak modu autonomo eta kritikoan erabiltzea, eskolako jardueretan informazioa bilatu, hautatu, kudeatu eta komunikatzeko.

              15. Ikasleak bere hizkuntza-ikaskuntzaz gogoeta egitea, bere ikasteko gaitasunean konfiantzarekin, autorregulazioa sustatzeko.

                2. ATZERRIKO LEHEN HIZKUNTZA.

                2.1. ETAPAKO HELBURUAK.

                Honako hauek dira etapako helburuak Atzerriko Lehen Hizkuntzarako:

              1. Eskola-eremuko komunikazio-egoeretan norberaren gaitasun-mailarekin eta interesekin estu lotuta sortutako ahozko, idatzizko eta ikus-entzunezko diskurtsoak ulertzea eta interpretatzea, zenbait motatako komunikazio-egoerei aurre egiteko.

              2. Bai ahoz eta bai idatziz modu gutxi-asko autonomoan espresatzea eta interaktuatzea, eta horretan, errespetua eta kooperazioa hartzea oinarri, zenbait komunikazio-premiari modu eraginkor, koherente eta egokian erantzuteko.

              3. Atzerriko hizkuntzaren sistema linguistikoaz gogoeta egitea, eta modu gutxi-asko autonomoan haren erabilera-arauak aplikatzea testuak sortzeko eta ulertzeko, eta hizkuntza txukun erabiltzeko, hizkuntzen artean transferigarriak diren ezaguerak erabiliz.

              4. Ahozko, idatzizko eta ikus-entzunezko literatura-testu soilez gozatzea (ahozko literatura-tradizioarekin lotutakoez, batik bat), eta, hala, mundu zabaleko kultura-aniztasunaz jabetzea eta giza kondizioaz zertan den ulertzea, norberaren hizkuntza-ondarea aberastea eta sentsibilitate estetikoa lantzea.

              5. Oinarrizko ezaguera soziolinguistikoetan oinarrituta, hizkuntza- eta kultura-aniztasuna ezagutzea eta interpretatzea, eta horretan, den-denon kultura-ondarea aberasten duen aldetik, hizkuntza-aniztasunaren aldeko jarrerak lantzea, hizkuntzak jatorri, hizkuntza eta kultura desberdinetako pertsonen arteko komunikazio- eta ulermen-bidetzat hartzea, eta ezein motatako balio-judizio eta aurreiritzi sustatzen duten estereotipo linguistikoak baztertzea.

              6. Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak gero eta autonomia handiagoz eta modu kritikoan erabiltzea, atzerriko hizkuntzan informazioa lortzeko, komunikatzeko eta kooperatzeko.

              7. Norberaren ikaskuntza-prozesuez gogoeta egitea, norberarenaz bestelako hizkuntzak ikastean landutako komunikazio-ezaguerak eta-estrategiak transferitzeko eta autorregulazioa sustatzeko.

                2.2. EDUKI MULTZOEN EZAUGARRIAK.

                Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1., 2., 3. eta 4. mailei dagozkien adierazpenezko, prozedurazko eta jarrerazko edukiak honako eduki multzo hauetan multzokatzen dira:

              1. eduki multzoa. Arlo guztietan komunak diren oinarrizko zehar-konpetentziekin lotutako edukiak.

              2. eduki multzoa. Ahozko komunikazioa: hitz egitea, entzutea eta elkarrekin solasean jardutea.

              3. eduki multzoa. Idatzizko komunikazioa: irakurtzea eta idaztea.

              4. eduki multzoa. Literatura-hezkuntza.

              5. eduki multzoa. Hizkuntzari eta haren erabilerei buruzko gogoeta.

              6. eduki multzoa. Hizkuntzaren alderdi soziala.

                Etapako ikasgai guztietan komuna den 1. eduki multzoak oinarrizko zehar-konpetentziak garatzeko beharrezkoak diren eduki guztiak jasotzen ditu. Arlo eta ikasturte guzti-guztietan landu eta ebaluatu behar dira edukiok.

                Gizarte-bizitzako esparru adierazgarri guztietan hitz egiteko, idazteko, entzuteko eta irakurtzeko trebetasunak eta estrategiak lantzea, horixe da curriculumaren muin eta ardatza. Trebetasun horiekin lotuta ikasi beharrekoak hiru eduki multzotan biltzen dira: 2. eduki multzoan («Ahozko komunikazioa: hitz egitea, entzutea eta elkarrekin solasean jardutea»), 3. eduki multzoan («Idatzizko komunikazioa, irakurtzea eta idaztea») eta 4. eduki multzoan («Literatura-hezkuntza»). Ikaskuntza horiekin estu lotuta, bai 5. eduki multzoan («Hizkuntzari eta haren erabilerei buruzko gogoeta») eta bai 6. eduki multzoan («Hizkuntzaren alderdi soziala»), bi-bietan multzokatzen dira hizkuntza-sistemarekin, hizkuntzaren erabilera-arauekin eta hizkuntzen eta hiztunen arteko erlazioekin lotutako edukiak.

                Eduki multzook modu analitikoan aztertzen dituzte hizkuntza- eta literatura-hezkuntzaren osagaiak, eta ziklo bakoitzean irits daitezkeen lorpen-mailak ere adierazten dituzte, baina ez dute ezertxo ere esaten ikasgelan egitekoak diren ikaskuntza-jardueren ordenaz nahiz antolaeraz. Hori dela eta, programazioak egitean eta jardueren sekuentzia ikasgelara eramatean, beharrezkoa izango da bloke guztietako edukiak elkarrekin ondo uztartzea. Gogoratu beharra dago prozedurazko edukiak hartzen dituztela oinarri ikasgai hauetan egitekoak diren lanek, eta eduki horien zerbitzura daudela adierazpenezko edukiak.

                Ahozko komunikazioarekin lotutako hizkuntza-trebetasunak ahaztuak izan ditu erabat gure eskola-sistemak. Eta, hala eta guztiz ere, behar-beharrezkoa da hizkuntza-trebetasunon garrantzia behar bestetan azpimarratzea, horiek emango baitiete aukera ikasleei beren komunikaziorako konpetentzia guztiz garatzeko, ikasgelan ikaskideen arteko komunikazioa errazteko eta esaten dituztenen esanahia behar bezala negoziatzeko. Esan gabe doa, noski, hori guztia funts-funtsezkoa dela gure neska-mutilek, arlo guztietan landuko dituzten ezagueren bitartez, beren trebetasun kognitibo-linguistikoak ganoraz landu ditzaten.

                Era berean, garbi esan behar dugu hitz egitea eta entzutea, bai eta irakurtzea eta idaztea ere, elkarrekin estu lotuta daudela, eta, beraz, komeni dela ikaskuntza-jardueren sekuentzian hizkuntza-erabileraren bi alderdiak, ulerkuntza eta ekoizpena, integratzea.

                Literatura-hezkuntzarekin lotutako edukiak 4. eduki multzoan jaso dira. Oraingoan ere, aurreko etapan ardatz hartutako orientabideei eutsi diegu, ikasleek beren irakurzaletasun-ohiturak berma ditzaten, idatzizko testuak ondo ulertzeko beren gaitasuna eta beren espresio-maila landu ditzaten, beren komunikaziorako konpetentzian aurrera egin dezaten, eta, gainera, testuak irakurtzean eta birsortzean beren esperientziak aberasten jarrai dezaten. Hori guztia lortzeko, gure ikasleek estu uztartuko dituzte bigarren hizkuntzaren ikaskuntza, beren kultura-ezaguerak eta literatura-testuak eragingo dien gozamena.

                Hizkuntza-sistemaren osagai diren elementuei eta hizkuntza-arauei buruzko gogoetarekin lotutako edukiak uztartzea eta integratzea hartzen du helburu 5. eduki multzoak («Hizkuntzari eta haren erabilerei buruzko gogoeta»). Trebetasun linguistiko-komunikatiboak barneratzeak eta lantzeak hizkuntzen alderdi kontestual, diskurtsibo eta gramatikalez gogoeta egin beharra dakar, eta hain zuzen horrexegatik landuko dugu hemen 5. eduki multzo hori.

              1. eduki multzoan («Hizkuntzaren alderdi soziala») eduki ugari lantzen dira: hizkuntza-aniztasuna eta hizkuntzen arteko erlazioak, besteak beste. Eleaniztasuna ezaugarri duen gaur egungo gizarte konplexu honetan, euskal gizartea elebitasun gorabeheratsu batetik testuinguru eleaniztun batera igarotzeko urratsak egiten ari da. Egoera soziolinguistikoari buruz gogoeta egitera garamatza ezinbestez eleaniztasun-testuinguru horrek. Helburua argia da, oso: ikasleek hizkuntza-aniztasunaren aldeko jarrerak barnera ditzaten, ikasgai hartuko duten atzerriko hizkuntza balioets dezaten eta, oro har, hizkuntzak komunikazio-bide, kultura desberdinetako pertsonen arteko zubi eta ezein motatako edukiak ikasteko baliabide direla aitor dezaten saiatzea.

                Ikasleen komunikaziorako konpetentzia lantzea, horixe da hizkuntzen irakaskuntzaren eta ikaskuntzaren helburu nagusia, eta hori dela eta, hain zuzen, ezinbestekoa da hizkuntza-erabilerekin lotutako trebetasunak hobetzearen mende jartzea 5. eta 6. eduki multzoetako edukiekin lotutako jardueren programazioa.

                Etapako lau ikasturteetan zehar ikasi beharrekoen mailaketa egiteko, irizpide hauek hartuko ditugu oinarri: batetik, praktika diskurtsiboen eta ikasleen esperientzia linguistiko eta kulturalaren arteko hurbiltasuna; bestetik, testuen barne-antolaeraren konplexutasun-maila; eta, azkenik, testuak ulertzeko eta ekoizteko abiaburu izan litezkeen helburu askotarikoak.

                2.3. EBALUAZIO-IRIZPIDEAK.

                3.1. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1. maila.

              1. Ahozko testu laburrak eta testuinguru zehatzetan jarriak ulertzea eta interpretatzea, hainbat generotakoak eta hainbat euskarritan, egitura sinplekoak eta lexiko arruntekoak, argi eta astiro ahoskatuak, ikasleen esperientziatik hurbil dauden eguneroko gai zehatzei buruzkoak, hedabideen eta ikaskuntzaren arlokoak, zentzu orokorra eta ideia nagusiak jasoz, eta proposatutako lanerako informazioa hautatuz, betiere baldintza akustikoak onak badira, esandakoa berriro entzun edo baieztapena eska badaiteke, eta irudien edo testuinguruaren babesa badago.

              2. Ahozko testu soil eta laburrak sortzea, ezarritako irizpideei jarraituz, gai akademiko nahiz interes pertsonalei buruzkoak, hainbat euskarritan, hainbat helbururekin, egitura logikoarekin eta ahoskera egokiz, hitzezko eta hitzik gabeko baliabideak erabiliz.

              3. Eguneroko egoera interaktiboetan parte hartzea, lagunduta, komunikazio-trukearen arauak errespetatuz.

              4. Modu kritikoan ulertzea eta interpretatzea idatzizko testu soilak, laburrak, ongi egituratuak eta lexiko arruntekoak, aurrez landutako generoetakoak, hainbat euskarritan, pertsona arteko harremanen, hedabideen eta ikaskuntzaren arlokoak, eta zentzu orokorrari, ideia nagusiei eta bigarren mailako ideiaren bati igartzea.

              5. Garrantzizko informazio espezifikoa aurkitzea eta hautatzea, irakurgaiaren helburua zein den kontuan hartuta.

              6. Idatzizko testuak sortzea, soilak, laburrak eta ongi egituratuak, lexiko arruntekoak, aldez aurretik egindako plangintza bati jarraituz eta modu gutxi-asko autonomoan, hainbat euskarri eta generotakoak, ikasgelako ohiko jarduerekin lotuak, gai akademiko nahiz pertsonalei buruzkoak, lagunduta, egokitasun, koherentzia, kohesio eta zuzentasun txukun batez.

              7. Literatura gozamen- eta ikaskuntza-iturritzat hartzea, kulturara hurbiltzeko bidetzat, eta norberaren hizkuntza-ondarea nahiz mundu pertsonala aberasteko zubitzat.

              8. Atzerriko hizkuntzan eta beste hizkuntzetan eskuratutako ezaguerak eta estrategiak erabiltzea, modu gutxi-asko autonomoan, ulermen-arazoak konpontzeko ez ezik testuak idazteko eta berrikusteko, lagunduta.

              9. Atzerriko hizkuntza erabiltzea hizkuntza nahiz kultura desberdineko pertsonen arteko komunikazio- eta ulermen-bidetzat, bai eta ikaskuntza-baliabidetzat ere.

              10. Beste kultura batzuetako elementu sozial, linguistiko nahiz kulturalak identifikatu, errespetatu eta ezagutzeko interesa izatea, eta bere kulturarekin erlazionatzea.

                3.2. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 2. maila.

              1. Ahozko testu laburrak eta testuinguruan jarriak ulertzea eta interpretatzea, hainbat generotakoak eta hainbat euskarritan, egitura gero eta konplexuagoa eta lexiko arrunta dutenak, argi eta astiro ahoskatuak, ikasleen esperientziatik hurbil dauden eguneroko gai zehatzei buruzkoak, hedabideen eta ikaskuntzaren arlokoak, zentzu orokorra eta ideia nagusiak jasoz, eta proposatutako lanerako informazioa hautatuz, betiere baldintza akustikoak onak badira, esandakoa berriro entzun edo baieztapena eska badaiteke, eta irudien edo testuinguruaren babesa badago.

              2. Gai akademiko nahiz pertsonalei buruzko ahozko testu laburrak sortzea, ezarritako irizpideei jarraituz, hainbat euskarritan, hainbat helbururekin, egitura logikoarekin eta ahoskera egokiz, hitzezko eta hitzik gabeko baliabideak erabiliz.

              3. Eguneroko egoera interaktiboetan parte hartzea, komunikazio-trukearen arauak errespetatuz, modu gutxi-asko autonomoan.

              4. Modu kritikoan ulertzea eta interpretatzea idatzizko testu soilak, laburrak edo ez oso luzeak, ongi egituratuak eta lexiko arruntekoak, aurrez landutako generoetakoak, hainbat euskarritan, pertsona arteko harremanen, hedabideen eta ikaskuntzaren arlokoak, eta zentzu orokorrari, ideia nagusiei eta bigarren mailako ideia batzuei igartzea.

              5. Garrantzizko informazio espezifikoa aurkitzea eta hautatzea, irakurgaiaren helburua zein den kontuan hartuta.

              6. Idatzizko testuak sortzea, soilak, laburrak edo ez oso luzeak eta ongi egituratuak, aldez aurretik egindako plangintza bati jarraituz eta modu gutxi-asko autonomoan, hainbat euskarri eta generotakoak, ikasgelako ohiko jarduerekin lotuak, gai akademiko nahiz pertsonalei buruzkoak, lagunduta, egokitasun, koherentzia, kohesio eta zuzentasun txukun batez.

              7. Literatura gozamen- eta ikaskuntza-iturritzat hartzea, kulturara hurbiltzeko bidetzat, eta norberaren hizkuntza-ondarea nahiz mundu pertsonala aberasteko zubitzat.

              8. Atzerriko hizkuntzan eta beste hizkuntzetan eskuratutako ezaguerak eta estrategiak erabiltzea, modu gutxi-asko autonomoan, ulermen-arazoak konpontzeko ez ezik testuak idazteko eta berrikusteko, lagunduta.

              9. Atzerriko hizkuntza erabiltzea hizkuntza nahiz kultura desberdineko pertsonen arteko komunikazio- eta ulermen-bidetzat, bai eta ikaskuntza-baliabidetzat ere.

              10. Beste kultura batzuetako elementu sozial, linguistiko nahiz kulturalak identifikatu, errespetatu eta ezagutzeko interesa izatea, eta bere kulturarekin erlazionatzea.

                3.3. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 3. maila:

              1. Ahozko testu laburrak edo ez oso luzeak ulertzea eta interpretatzea, testuinguruan jarriak eta ongi egituratuak, hainbat generotakoak eta hainbat euskarritan, argi eta astiro edo ez oso bizkor ahoskatuak, ikasleen esperientziatik hurbil dauden eguneroko gai zehatzei buruzkoak, hedabideen eta ikaskuntzaren arlokoak, zentzu orokorra eta ideia nagusiak jasoz, eta proposatutako lanerako informazioa hautatuz, betiere baldintza akustikoek mezua distortsionatzen ez badute eta esandakoa berriro entzun badaiteke.

              2. Ahozko testu laburrak eta hizkuntza soilekoak sortzea, ezarritako irizpideei jarraituz, eguneroko gaiei buruzkoak, interes pertsonalekoak eta akademikoak, hainbat euskarritan, hainbat helbururekin, egitura logikoarekin eta ahoskera egokiz, hitzezko eta hitzik gabeko baliabideak erabiliz.

              3. Eguneroko egoera interaktiboetan parte hartzea, komunikazio-trukearen arauak errespetatuz, gero eta autonomia handiagoz.

              4. Modu kritikoan ulertzea eta interpretatzea idatzizko testuak, gero eta luzeagoak eta lexiko nahiz egitura aberatsekoak, aurrez landutako generoetakoak, hainbat euskarritan, pertsona arteko harremanen, hedabideen eta ikaskuntzaren arlokoak, eta zentzu orokorrari, ideia nagusiei eta bigarren mailako ideia batzuei igartzea.

              5. Garrantzizko informazio espezifikoa aurkitzea eta hautatzea, irakurgaiaren helburua zein den kontuan hartuta.

              6. Idatzizko testuak sortzea, aldez aurretik egindako plangintza bati jarraituz eta modu gutxi-asko autonomoan, gero eta luzeagoak eta lexiko nahiz egitura aberatsekoak, hainbat generotakoak, pertsona arteko harremanen, hedabideen eta ikaskuntzaren arlokoak, egokitasun, koherentzia, kohesio eta zuzentasun txukun batez.

              7. Literatura gozamen- eta ikaskuntza-iturritzat hartzea, kulturara hurbiltzeko bidetzat, eta norberaren hizkuntza-ondarea nahiz mundu pertsonala aberasteko zubitzat.

              8. Atzerriko hizkuntzan eta beste hizkuntzetan eskuratutako ezaguerak eta estrategiak erabiltzea, gero eta autonomia handiagoz, ulermen-arazoak konpontzeko ez ezik testuak idazteko eta berrikusteko, lagunduta.

              9. Atzerriko hizkuntza erabiltzea hizkuntza nahiz kultura desberdineko pertsonen arteko komunikazio- eta ulermen-bidetzat, bai eta ikaskuntza-baliabidetzat ere.

              10. Beste kultura batzuetako elementu sozial, linguistiko nahiz kulturalak identifikatu, errespetatu eta ezagutzeko interesa izatea, eta bere kulturarekin erlazionatzea.

                3.4. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 4. maila.

              1. Ahozko testu ez oso luzeak ulertzea eta interpretatzea, testuinguruan jarriak eta ongi egituratuak, hainbat generotakoak eta hainbat euskarritan, argi eta astiro edo ez oso bizkor ahoskatuak, ikasleen esperientziatik hurbil dauden eguneroko gaiei buruzkoak, hedabideen eta ikaskuntzaren arlokoak, zentzu orokorra eta ideia nagusiak jasoz, eta proposatutako lanerako informazioa hautatuz, betiere baldintza akustikoek mezua distortsionatzen ez badute eta esandakoa berriro entzun badaiteke.

              2. Ahozko testu laburrak edo ez oso luzeak eta hizkuntza soilekoak sortzea, ezarritako irizpideei jarraituz, eguneroko gaiei buruzkoak, interes pertsonalekoak eta akademikoak, hainbat euskarritan, hainbat helbururekin, egitura logikoarekin eta ahoskera egokiz, hitzezko eta hitzik gabeko baliabideak erabiliz.

              3. Eguneroko egoera interaktiboetan parte hartzea, komunikazio-trukearen arauak errespetatuz.

              4. Modu kritikoan ulertzea eta interpretatzea idatzizko testuak, gero eta luzeagoak eta lexiko nahiz egitura aberatsekoak, aurrez landutako generoetakoak, hainbat euskarritan, pertsona arteko harremanen, hedabideen eta ikaskuntzaren arlokoak, eta zentzu orokorrari, ideia nagusiei eta bigarren mailako ideiei igartzea.

              5. Garrantzizko informazio espezifikoa aurkitzea eta hautatzea, irakurgaiaren helburua zein den kontuan hartuta.

              6. Idatzizko testuak sortzea, aldez aurretik egindako plangintza bati jarraituz eta modu gutxi-asko autonomoan, gero eta luzeagoak eta lexiko nahiz egitura aberatsekoak, hainbat generotakoak, pertsona arteko harremanen, hedabideen eta ikaskuntzaren arlokoak, egokitasun, koherentzia, kohesio eta zuzentasun txukun batez.

              7. Literatura gozamen- eta ikaskuntza-iturritzat hartzea, kulturara hurbiltzeko bidetzat, eta norberaren hizkuntza-ondarea nahiz mundu pertsonala aberasteko zubitzat.

              8. Atzerriko hizkuntzan eta beste hizkuntzetan eskuratutako ezaguerak eta estrategiak erabiltzea, gero eta autonomia handiagoz, ulermen-arazoak konpontzeko ez ezik testuak idazteko eta berrikusteko, lagunduta.

              9. Atzerriko hizkuntza erabiltzea hizkuntza nahiz kultura desberdineko pertsonen arteko komunikazio- eta ulermen-bidetzat, bai eta ikaskuntza-baliabidetzat ere.

              10. Beste kultura batzuetako elementu sozial, linguistiko nahiz kulturalak identifikatu, errespetatu eta ezagutzeko interesa izatea, eta bere kulturarekin erlazionatzea.

                3. ATZERRIKO BIGARREN HIZKUNTZA.

                3.1. ETAPAKO HELBURUAK.

                Honako hauek dira etapako helburuak Atzerriko Bigarren Hizkuntzarako:

              1. Eskola-eremuko komunikazio-egoeretan norberaren gaitasun-mailarekin eta interesekin estu lotuta sortutako ahozko, idatzizko eta ikus-entzunezko diskurtsoak ulertzea eta interpretatzea, zenbait motatako komunikazio-egoerei aurre egiteko.

              2. Bai ahoz eta bai idatziz modu gutxi-asko autonomoan espresatzea eta interaktuatzea, eta horretan, errespetua eta kooperazioa hartzea oinarri, zenbait komunikazio-premiari modu eraginkor, koherente eta egokian erantzuteko.

              3. Atzerriko hizkuntzaren sistema linguistikoaz gogoeta egitea, eta modu gutxi-asko autonomoan haren erabilera-arauak aplikatzea testuak sortzeko eta ulertzeko, eta hizkuntza txukun erabiltzeko, hizkuntzen artean transferigarriak diren ezaguerak erabiliz.

              4. Ahozko, idatzizko eta ikus-entzunezko literatura-testuez gozatzea, eta, hala, mundu zabaleko kultura-aniztasunaz jabetzea eta giza kondizioa zertan den ulertzea, norberaren hizkuntza-ondarea aberastea eta sentsibilitate estetikoa lantzea.

              5. Oinarrizko ezaguera soziolinguistikoetan oinarrituta, hizkuntza- eta kultura-aniztasuna ezagutzea eta interpretatzea, eta horretan, den-denon kultura-ondarea aberasten duen aldetik, hizkuntza-aniztasunaren aldeko jarrerak lantzea.

              6. Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak gero eta autonomia handiagoz eta modu kritikoan erabiltzea, atzerriko hizkuntzan informazioa lortzeko, komunikatzeko eta kooperatzeko.

              7. Norberaren ikaskuntza-prozesuez gogoeta egitea, norberarenaz bestelako hizkuntzak ikastean landutako komunikazio-ezaguerak eta -estrategiak transferitzeko eta autorregulazioa sustatzeko.

                3.2. EDUKI MULTZOEN EZAUGARRIAK.

                Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzari dagozkion adierazpenezko, prozedurazko eta jarrerazko edukiak honako eduki multzo hauetan multzokatzen dira:

              1. eduki multzoa. Arlo guztietan komunak diren oinarrizko zehar-konpetentziekin lotutako edukiak.

              2. eduki multzoa. Ahozko komunikazioa: hitz egitea, entzutea eta elkarrekin solasean jardutea.

              3. eduki multzoa. Idatzizko komunikazioa: irakurtzea eta idaztea.

              4. eduki multzoa. Literatura-hezkuntza.

              5. eduki multzoa. Hizkuntzari eta haren erabilerei buruzko gogoeta.

              6. eduki multzoa. Hizkuntzaren alderdi soziala.

                Etapako ikasgai guztietan komuna den 1. eduki multzoak oinarrizko zehar-konpetentziak garatzeko beharrezkoak diren eduki guztiak jasotzen ditu. Arlo eta ikasturte guzti-guztietan landu eta ebaluatu behar dira edukiok.

                Gizarte-bizitzako esparru adierazgarri guztietan hitz egiteko, idazteko, entzuteko eta irakurtzeko trebetasunak eta estrategiak lantzea, horixe da curriculumaren muin eta ardatza. Trebetasun horiekin lotuta ikasi beharrekoak hiru eduki multzotan biltzen dira: 2. eduki multzoan («Ahozko komunikazioa: hitz egitea, entzutea eta elkarrekin solasean jardutea»), 3. eduki multzoan («Idatzizko komunikazioa, irakurtzea eta idaztea») eta 4. eduki multzoan («Literatura-hezkuntza»). Ikaskuntza horiekin estu lotuta, bai 5. eduki multzoan («Hizkuntzari eta haren erabilerei buruzko gogoeta») eta bai 6. eduki multzoan («Hizkuntzaren alderdi soziala»), bi-bietan multzokatzen dira hizkuntza-sistemarekin, hizkuntzaren erabilera-arauekin eta hizkuntzen eta hiztunen arteko erlazioekin lotutako edukiak.

                Eduki multzook modu analitikoan aztertzen dituzte hizkuntza- eta literatura-hezkuntzaren osagaiak, eta ziklo bakoitzean irits daitezkeen lorpen-mailak ere adierazten dituzte, baina ez dute ezertxo ere esaten ikasgelan egitekoak diren ikaskuntza-jardueren ordenaz nahiz antolaeraz. Hori dela eta, programazioak egitean eta jardueren sekuentzia ikasgelara eramatean, beharrezkoa izango da bloke guztietako edukiak elkarrekin ondo uztartzea. Gogoratu beharra dago prozedurazko edukiak hartzen dituztela oinarri ikasgai hauetan egitekoak diren lanek, eta eduki horien zerbitzura daudela adierazpenezko edukiak.

                Ahozko komunikazioarekin lotutako hizkuntza-trebetasunak ahaztuak izan ditu erabat gure eskola-sistemak. Eta, hala eta guztiz ere, behar-beharrezkoa da hizkuntza-trebetasunon garrantzia behar bestetan azpimarratzea, horiek emango baitiete aukera ikasleei beren komunikaziorako konpetentzia guztiz garatzeko, ikasgelan ikaskideen arteko komunikazioa errazteko eta esaten dituztenen esanahia behar bezala negoziatzeko. Esan gabe doa, noski, hori guztia funts-funtsezkoa dela gure neska-mutilek, arlo guztietan landuko dituzten ezagueren bitartez, beren trebetasun kognitibo-linguistikoak ganoraz landu ditzaten.

                Era berean, garbi esan behar dugu hitz egitea eta entzutea, bai eta irakurtzea eta idaztea ere, elkarrekin estu lotuta daudela, eta, beraz, komeni dela ikaskuntza-jardueren sekuentzian hizkuntza-erabileraren bi alderdiak, ulerkuntza eta ekoizpena, integratzea.

                Literatura-hezkuntzarekin lotutako edukiak 4. eduki multzoan jaso dira. Oraingoan ere, aurreko etapan ardatz hartutako orientabideei eutsi diegu, ikasleek beren irakurzaletasun-ohiturak berma ditzaten, idatzizko testuak ondo ulertzeko beren gaitasuna eta beren espresio-maila landu ditzaten, beren komunikaziorako konpetentzian aurrera egin dezaten, eta, gainera, testuak irakurtzean eta birsortzean beren esperientziak aberasten jarrai dezaten. Hori guztia lortzeko, gure ikasleek estu uztartuko dituzte bigarren hizkuntzaren ikaskuntza, beren kultura-ezaguerak eta literatura-testuak eragingo dien gozamena.

                Hizkuntza-sistemaren osagai diren elementuei eta hizkuntza-arauei buruzko gogoetarekin lotutako edukiak uztartzea eta integratzea hartzen du helburu 5. eduki multzoak («Hizkuntzari eta haren erabilerei buruzko gogoeta»). Ikasgai honetako ikasleek aukera izan dute, bai beren hizkuntza eta bai atzerriko lehen hizkuntza ikastean martxan jarri duten ikaskuntza-prozesuan, hizkuntzaz gogoeta egiteko. Horren ondorioz, gure neska-mutilek estu lotu ahal izango dituzte eduki multzo honetako edukiak etapa honetan bertan egitura linguistikoei buruz ikasi dituzten edukiekin, eta, hala, besteekin komunikatzeko eta elkar ulertzeko gaitasunarekin lotutako alderdi eta elementu bereizgarrietan jarri ahal izango dute arreta.

              1. eduki multzoan («Hizkuntzaren alderdi soziala») eduki ugari lantzen dira: hizkuntza-aniztasuna eta hizkuntzen arteko erlazioak, besteak beste. Eleaniztasuna ezaugarri duen gaur egungo gizarte konplexu honetan, euskal gizartea elebitasun gorabeheratsu batetik testuinguru eleaniztun batera igarotzeko urratsak egiten ari da. Egoera soziolinguistikoari buruz gogoeta egitera garamatza ezinbestez eleaniztasun-testuinguru horrek. Helburua argia da, oso: ikasleek hizkuntza-aniztasunaren aldeko jarrerak barnera ditzaten, ikasgai hartuko duten atzerriko hizkuntza balioets dezaten eta, oro har, hizkuntzak komunikazio-bide, kultura desberdinetako pertsonen arteko zubi eta ezein motatako edukiak ikasteko baliabide direla aitor dezaten saiatzea.

                Ikasleen komunikaziorako konpetentzia lantzea, horixe da hizkuntzen irakaskuntzaren eta ikaskuntzaren helburu nagusia, eta hori dela eta, hain zuzen, ezinbestekoa da hizkuntza-erabilerekin lotutako trebetasunak hobetzearen mende jartzea 5. eta 6. eduki multzoetako edukiekin lotutako jardueren programazioa.

                Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, Atzerriko Bigarren Hezkuntza arloko curriculumak malgua behar du ezinbestez, horrek aukera emango baitigu beren ikaskuntza-prozesua ikasturteetako edozeinetan hasi edo bukatzeko moduan diren ikasleen maila askotarikoak aintzat hartzeko. Beraz, curriculum honek oinarri-oinarrizko mailak lantzen ditu, eta horretan, atzerriko hizkuntzen curriculum orokorra hartzen du oinarri. Curriculum orokorra, jakina, ikasleen ezaugarrietara egokitu behar da.

                Atzerriko Lehen Hizkuntzarako ezarritako helburuak erdiestea, horixe da Atzerriko Bigarren Hizkuntza irakatsita lortu nahi dugun xedea. Horretarako, noski, behar-beharrezkoa da ikasleen gaitasuna eta maila aintzat hartzea. Edukiei dagokienez, Atzerriko Bigarren Hizkuntza ikastean gure neska-mutilek zenbait komunikazio-trebetasun garatuko badituzte, oraingoan ere beharrezkoa izango da Atzerriko Lehen Hizkuntza ikastean landu dituzten oinarrizko abileziez baliatzea. Horretan, jakina, ikasleen gaitasuna eta maila hartuko ditugu aintzat. Atzerriko Bigarren Hizkuntzari dagokion curriculumeko eduki multzo bakoitza antolatzeko, eduki jakin batzuk hartuko dira oinarri.

                3.3. EBALUAZIO-IRIZPIDEAK.

              1. Ahozko testu laburrak eta testuinguruan jarriak ulertzea eta interpretatzea, hainbat generotakoak eta hainbat euskarritan, egitura gero eta konplexuagoa eta lexiko arrunta dutenak, argi eta astiro ahoskatuak, ikasleen esperientziatik hurbil dauden eguneroko gai zehatzei buruzkoak, hedabideen eta ikaskuntzaren arlokoak, zentzu orokorra eta ideia nagusiak jasoz, eta proposatutako lanerako informazioa hautatuz, betiere baldintza akustikoak onak badira, esandakoa berriro entzun edo baieztapena eska badaiteke, eta irudien edo testuinguruaren babesa badago.

              2. Ahozko testu laburrak sortzea, ezarritako irizpideei jarraituz, gai akademiko nahiz interes pertsonalei buruzkoak, hainbat euskarritan, hainbat helbururekin, egitura logikoarekin eta ahoskera egokiz, hitzezko eta hitzik gabeko baliabideak erabiliz.

              3. Eguneroko egoera interaktiboetan parte hartzea, komunikazio-trukearen arauak errespetatuz, modu gutxi-asko autonomoan.

              4. Modu kritikoan ulertzea eta interpretatzea idatzizko testu soilak, laburrak edo ez oso luzeak, ongi egituratuak eta lexiko arruntekoak, aurrez landutako generoetakoak, hainbat euskarritan, pertsona arteko harremanen, hedabideen eta ikaskuntzaren arlokoak, eta zentzu orokorrari, ideia nagusiei eta bigarren mailako ideia batzuei igartzea.

              5. Garrantzizko informazio espezifikoa aurkitzea eta hautatzea, irakurgaiaren helburua zein den kontuan hartuta.

              6. Idatzizko testuak sortzea, soilak, laburrak edo ez oso luzeak eta ongi egituratuak, aldez aurretik egindako plangintza bati jarraituz eta modu gutxi-asko autonomoan, hainbat euskarri eta generotakoak, ikasgelako ohiko jarduerekin lotuak, gai akademiko nahiz pertsonalei buruzkoak, lagunduta, egokitasun, koherentzia, kohesio eta zuzentasun txukun batez.

              7. Literatura gozamen- eta ikaskuntza-iturritzat hartzea, kulturara hurbiltzeko bidetzat, eta norberaren hizkuntza-ondarea nahiz mundu pertsonala aberasteko zubitzat.

              8. Atzerriko lehen hizkuntzan eta beste hizkuntzetan eskuratutako ezaguerak eta estrategiak erabiltzea, modu gutxi-asko autonomoan, ulermen-arazoak konpontzeko ez ezik testuak idazteko eta berrikusteko, lagunduta.

              9. Atzerriko hizkuntza erabiltzea hizkuntza nahiz kultura desberdineko pertsonen arteko komunikazio- eta ulermen-bidetzat, bai eta ikaskuntza-baliabidetzat ere.

              10. Beste kultura batzuetako elementu sozial, linguistiko nahiz kulturalak identifikatu, errespetatu eta ezagutzeko interesa izatea, eta bere kulturarekin erlazionatzea.

                4. LATINA.

                4.1. ETAPAKO HELBURUAK.

                Honako hauek dira Latina ikasgaiko etapako helburuak:

              1. Latinez idatzitako esaldi eta testu soil-soilak ulertzea eta itzultzea, Erroma klasikoko errealitate soziokulturalaren berri jakin eta interpretatzeko.

              2. Latindar jatorriko lexiko arrunt eta landua jakitearen baliagarritasuna balioestea, eta hori dela eta, hitzen etimologia identifikatzea eta hitzek zer esan nahi duten jakitea, irakurmena eta ahozko nahiz idatzizko espresioa hobetzeko.

              3. Latinaren elementu morfologiko, sintaktiko eta lexikoez gogoeta egitea, eta elementu horiek guztiak ikasleek dakizkiten hizkuntzekin lotzea, hizkuntzaren mekanismoak hobeto ezagutzeko eta ondo erabiltzeko.

              4. Norberaren esperientziari zentzua emateko, mundua eta giza kondizioa nolakoak diren ulertzeko eta sentsibilitate estetikoan aurrera egiteko, latinezko testuak irakurri, iruzkindu eta interpretatu, eta literatura-ondareaz gozatzea eta ondare horrek informazio-iturri gisa duen garrantzia balioestea.

              5. Hizkuntza erromanikoen eta ikasleek dakizkiten beste hizkuntza batzuen jatorri eta bilakaera zein den jakitea, eta hori dela eta, hizkuntza horien ezaugarri komun eta bereizgarriez gogoeta egitea, hizkuntza-aniztasunak den-denon kultura-ondarea aberasten duela aintzat hartuz.

              6. Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak modu autonomo eta kritikoan erabiltzea, informazioa lortzeko, komunikatzeko eta kooperatzeko.

              7. Latindar zibilizazioak utzi digun kultura-, hizkuntza-, literatura-, historia- eta gizarte-ondare itzela balioestea eta errespetatzea, ondare hori gozamen-iturritzat hartzea, eta garapen indibidual nahiz kolektiboaren aldeko baliabide gisa erabiltzea, nork bere burua eta norbanako gisa bizi garen gizarte plurala hobeto ulertzeko.

                4.2. EDUKI MULTZOEN EZAUGARRIAK.

                Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 4. mailari dagozkion adierazpenezko, prozedurazko eta jarrerazko edukiak honako eduki multzo hauetan multzokatzen dira:

              1. eduki multzoa. Arlo guztietan komunak diren oinarrizko zehar-konpetentziekin lotutako edukiak.

              2. eduki multzoa. Latinaren historia eta bilakaera.

              3. eduki multzoa. Latinaren sistema linguistikoa.

              4. eduki multzoa. Hitzen osaera. Sistema lexikoa.

              5. eduki multzoa. Erroma: historia, kultura eta zibilizazioa.

                Etapako ikasgai guztietan komuna den 1. eduki multzoak oinarrizko zehar-konpetentziak garatzeko beharrezkoak diren eduki guztiak jasotzen ditu. Arlo eta ikasturte guzti-guztietan landu eta ebaluatu behar dira edukiok.

                Ikasgai honen garapenean, 2. eduki multzoko («Latinaren historia eta bilakaera»), 3. eduki multzoko («Latinaren sistema linguistikoa») eta 4. eduki multzoko («Hitzen osaera. Sistema lexikoa») eduki linguistikoak dira muin eta ardatz nagusiak, latina izan baita mundu klasikoak Mendebaldeko zibilizazioari egindako ekarpenik garrantzitsuena.

              1. eduki multzoko («Latinaren historia eta bilakaera») edukiek gako ugari emango dizkiete ikasleei, eta, hala, sortu zenetik gaztelania eta gainerako hizkuntza erromanikoak sortu bitarterainoko historian zehar latinak izandako bilakaera linguistikoaz eta aldaketa fonetiko eta semantikoez jabetuko dira gure neska-mutilak.

              2. eduki multzoak («Latinaren sistema linguistikoa») oinarrizko gramatika-egiturekin lotutako edukiak uztartzen ditu. Latina hizkuntza flexiboa da, eta alde horretatik, latinaren sistema linguistikoak aukera emango digu, hura gure inguruko hizkuntzekin alderatuta, gaztelaniaren eta euskararen (hizkuntza flexiboa hori ere) elementu formalei eta mekanismo sintaktikoei buruz sakon hausnartzeko. Hori dela tarteko, latina baliabide aparta da bai gaztelania, bai euskara eta bai beste hizkuntza moderno batzuk hobeto ezagutu eta erabiltzeko.

                Latinezko testuak, beraz, garrantzi handiko piezak dira, haien bidez aztertuko baititugu hizkuntza horren alderdi linguistikoak; eta hain zuzen horrexek emango digu aukera antzinako Erromak utzi digun ondare historiko, literario eta kultural oparoaren berri sakon eta zabal jakiteko.

              3. eduki multzoko («Hitzen osaera. Sistema lexikoa») edukiek latindar jatorriko hitz arrunt nahiz landuen etimologietan eta hitzak osatzeko prozeduretan sakontzeko aukera emango digute. Horrela, izan ere, ikasleek beren lexikoa aberastu eta ahozko nahiz idatzizko ulermena hobetuko dute.

              4. eduki multzoak («Erroma: historia, kultura eta zibilizazioa») antzinako Erromako historiarekin, gizartearekin eta kulturarekin lotutako edukiak lantzen ditu, batez ere gaurdaino bizirik iraun duten eta Europaren osaerarako ardatz gertatu diren gertaerak, instituzioak, artelanak, bizimoduak... Mundu klasikoak gaur egungo munduan bizirik dirau, eta hain zuzen horretantxe jartzen du azpimarra 5. eduki multzo honek. Puntu honetan egin beharrekoa, beraz, argi dago, oso: gaur egungo mundua mundu klasikoarekin alderatzea, eta gurean bizirik dirauten elementu klasikoak modu kritikoan aztertzea.

                Izan ere, Erroma Klasikoa sakon aztertzea nahitaezkoa da Euskal Herriko eta Europako errealitate historiko, sozial eta kulturala zertan den ganoraz ulertuko badugu.

                Ikasgai honetako eduki guztiak, nola linguistikoak hala kulturalak, osagarriak dira, ondare klasiko deritzon horren parte, eta, beraz, gure munduari oinarrizko ekarpen ugari egin dizkioten heinean ikasi beharrekotzat hartzen ditugu. Lau eduki multzo hauetako edukiak antolatzeko, edukiok modu espezifikoan landu behar dira, bai; baina beharrezkoa da, orobat, eduki espezifiko horiek testuinguru orokorrago batean jartzea, elementu guzti-guztiak modu txirikordatu eta koherentean esplikatu ahal izateko.

                4.3. EBALUAZIO-IRIZPIDEAK.

              1. Esaldi nahiz testu labur eta mailakatuak aztertu, itzuli eta iruzkintzea, eta esaldi soilak sortzea erretrobertsioaren bitartez, latinaren egiturak erabiliz.

              2. Hitz garden, latinismo eta latindar lokuzio arruntak bereiztea berak dakizkien hizkuntzetan, eta haien esanahia azaltzea.

              3. Bilakaera fonetikoaren mekanismoak aplikatzea latindar etimoei, eta lotura semantikoa ezartzea ondare-hitz baten eta kultismo baten artean.

              4. Idazketa-sistemen artean alfabetoa bereiztea, eta hizkuntza modernoen alfabetoaren jatorria ezagutzea.

              5. Latinezko ahoskeraren arau nagusiak ezagutu eta aplikatzea.

              6. Gaztelaniazko hitzen osagaiak ezagutzea, identifikatzea eta bereiztea.

              7. Latinezko hitz motak bereiztea, eta latinezko hitzen osagaiak identifikatzea.

              8. Deklinabide kontzeptua ulertzea, latinezko deklinabideak bereiztea, eta hitzak behar bezala deklinatzea.

              9. Aditz-flexio kontzeptua ulertzea, aditz-jokoak bereiztea, eta aditzak behar bezala jokatzea.

              10. Latinezko hitzen eta deklinabide-kasuen funtzioak ezagutzea.

              11. Perpaus motak ezagutzea: bakunak eta konposatuak.

              12. Infinitibo kontzertatuzko perpausak eta partizipio burutu kontzertatuzko perpausak identifikatzea.

              13. Latindar idazle klasikoen testu itzuliak ulertzea, eta testuotan ageri diren alderdi historiko eta kulturalei buruzko iruzkinak egitea.

              14. Espainian hitz egiten diren hizkuntzen jatorria ezagutzea.

              15. IKTen bidez informazioa bilatzea eta tratatzea, modu autonomo eta kritikoan, eskolako jarduerei erantzuteko.

              16. Latindar mitologiako jainko, mito eta heroi nagusiak ezagutzea, eta antzinako mito nahiz heroien eta gaur egungoen arteko antzekotasun eta desberdintasunei igartzea.

              17. Erromako sorreraren eta bilakaeraren marko historikoa identifikatzea eta deskribatzea.

              18. Erromaren oinarrizko antolaera politiko eta soziala ezagutzea.

              19. Erromatar familien osaera ezagutzea, bai eta kide bakoitzak zuen rola ere.

              20. Zenbait ikerketa-lan egitea taldean, latindar zibilizazioak gaur egun duen jarraipenaz.

                2. MATEMATIKARAKO KONPETENTZIA.

                1. MATEMATIKA.

                1.1. ETAPAKO HELBURUAK.

                Matematikako etapako helburuak hauek dira:

              1. Banaka edo taldean, eguneroko bizitzatik ateratako problemak, beste zientzia batzuetakoak edo matematikakoak planteatzea eta ebaztea, eta zenbait estrategia aukeratzea eta erabiltzea, ebazpen-prozesua justifikatzea, emaitzak interpretatzea eta egoera berrietan aplikatzea, gizarte-ingurunean modu eraginkorragoan jardun ahal izateko.

              2. Matematikako ezagutza aplikatzea eguneroko bizitzako gertaerei eta egoerei buruzko informazioak eta mezuak ulertzeko, balioesteko eta sortzeko, eta beste ezagutza-arlo batzuetan erabilgarriak direla jakitea.

              3. Natura- eta kultura-inguruneko forma geometrikoak identifikatzea, elementuen, erlazioen eta propietateen ezagutza erabiliz, errealitatea deskribatzeko, eta ezagutza geometrikoak aplikatzea inguruan dugun mundu fisikoa ulertzeko eta analizatzeko, eta hari buruzko problemak ebazteko.

              4. Kalkuluak eta iritzirako kalkuluak (zenbakizkoak, metrikoak, etab.) segurtasunez eta konfiantzaz egitea, egoera bakoitzean prozedura egokienak (buruzko kalkulua, idatzia, kalkulagailua...) erabiliz, bizitzako egoerak interpretatzeko eta balioesteko, eta emaitzak sistematikoki berrikustea.

              5. Beren adinerako egokiak diren eta emaitzak eta ondorioak argi eta garbi eta koherentziaz justifikatzeko eta aurkezteko norberaren pentsamendua adieraztea errazten duten hizkuntza arrunteko eta hizkuntza matematikoko elementuak (zenbakiak, taulak, grafikoak, irudiak) erabiliz, arrazoitzea eta argudiatzea.

              6. Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak (kalkulagailuak, ordenagailuak, etab.) behar bezala erabiltzea kalkuluak egiteko, denetariko informazioak bilatzeko, tratatzeko, modelizatzeko eta adierazteko, bai eta matematika ikasten laguntzeko ere.

              7. Matematika kulturaren parte dela balioestea, hura erabiliz gozatzea, matematikako jardueraren moduen eta jarreren balioa bereiztea, eta eskuratutako matematikako konpetentziak aplikatzea, zenbait fenomeno sozial analizatzeko eta balioesteko; esate baterako, kultura-aniztasuna, ingurumena errespetatzea, osasuna, kontsumoa, genero-berdintasuna edo bizikidetza baketsua.

                1.2. EDUKI MULTZOEN EZAUGARRIAK.

                Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1., 2., 3. eta 4. mailari dagozkion adierazpenezko, prozedurazko eta jarrerazko edukiak eduki multzo hauetan biltzen dira:

              1. blokea. Ikasgai guztietako eta ikasgai honetako eduki multzo guztietako oinarrizko zehar-konpetentziekin lotutako edukiak.

              2. blokea. Zenbakiak eta aljebra.

              3. blokea. Geometria eta neurria.

              4. blokea. Funtzioak eta grafikoak.

              5. blokea. Estatistika eta probabilitatea.

                Gizarte-errealitateak, naturalak edo abstraktuak, zenbakien, grafikoen, adierazpen aljebraikoen, erlazio estatistikoen, ausazko fenomenoen eta abarren bidez deskribatzen dituen hizkuntza gisa deskriba dezakegu matematika.

                Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako matematikaren garapenari dagokionez, komeni da ezaugarri interesgarri batzuen berri ematea:

                Osagai intuitiboa izaten jarraitu arren, hori baita lehen urratsa matematikako jardueran eduki berri bat dugunean, abstrakzio- eta formalizazio-prozesuei ekin behar zaie, zorroztasun matematikoaren mailetara iritsi gabe.

                Ikasleen esperientzien zenbait eremu erabiltzea matematikako jardueren iturritzat.

                Ikasleei jakin-mina piztu eta problemak ebazteko konfiantza emango dien esperientziak eskaintzea.

                Modelo matematikoekin lan egitea, denetariko egoerak ebazteko.

                Kalkulagailu zientifikoa, berariazko softwarea (matematikako morroiak) eta informazioaren eta komunikazioaren beste baliabide batzuk arrazoiz erabiltzea, zenbait egoera ebazteko. Talde-lanarekin jarraitzea, ikasketaren oinarria delako.

                Problemen ebazpena areagotzea, hizkuntza aljebraikoa erabiliz.

                Ideiak, arrazoiketa, argudioak, etab. jakinarazteko, hizkuntza argia eta egokia izateko beharra bultzatzea.

                Geometriari eta neurriari buruzko kontzeptuak eta prozedurak hobeto ikasten dira esperimentatzeko aukera ematen duten esperientzien bidez eta material jakin batzuen erlazioak aurkituz.

                Informazioaren trataeratik eratorritako edukiak (estatistikoak, datuak, zoria eta probabilitatea) ulertzea mundu errealeko aplikazioetatik etortzen da.

                Matematika ez da topiko isolatuen multzo bat, osotasun integratu bat baizik; horrek esan nahi du eduki-bloke guztiak garatu behar ditugula lehen mailatik.

                Matematika ikasgaia adierazitako ezaugarriak aintzat hartuta garatu ahal izateko, eduki batzuk aukeratu dira, eta modu jakin batean bildu dira. Horrela, eduki-blokeak sortu dira. Bi ikasturteetan, Eduki Komunen bloke bat sartu da, bere gain hartzen dituen matematika-ezagutzen zeharkako ardatza eta ardatz egituratzailea dena.

                Bloke horretan curriculumeko oinarrizko gai bat aipatzen da berariaz: Problemak ebaztea. Informazioaren eta komunikazioaren teknologien erabilerari buruzko alderdiak eta jarrerazkoak ere agertzen dira. Gainera, prozedurazko eta jarrerazko edukien multzo bat ere sartu da, arlo eta ikasgai guztiei dagozkienak, zehar-konpetentziekin estuki lotuta daudenak.

                Problemak ebaztea funtsezkoa da, begi bistan dagoenez. Eguneroko bizitzako problemak identifikatzea, datuak eta erlazio garrantzitsuak bereiztea, aieruak formulatzea, ebazpen zehatz edo hurbilduko estrategiak garatzea, planteatutako aieruak eta lortutako emaitzak aztertzea, eta emaitzak antolatzea eta jakinaraztea matematikako eremu guztietan aplika daitezkeen prozesu eta eduki komunak dira. Problemen ebazpena aztertzeko erabakiak bi helburu ditu. Lehenik, ikasgelako lanean merezi duen arreta eta denbora eskaintzea: eragiketek, neurriek, kalkuluek, arrazoiketek... problemak ebazteko erabiltzen direnean hartzen dute beren benetako zentzua. Baina eduki bat izateaz gain, problemak ebaztea metodo bat ere bada, eguneroko matematikako lana ulertzeko modu bat. Ikasgelan giro sortzailea lortzea, elementu garrantzitsutzat informazioaren trataera eta matematikako eduki berrien aplikazioa eta ikasketa dituzten ikerketak (zenbakizkoak, neurriei buruzkoak, geometrikoak, funtzionalak, probabilistikoak, etab.) eta proiektuak egitea; lehen mailako matematika-jarduerak, hain zuzen ere.

                Gainerako edukiak lau bloke handitan banatu dira: Zenbakiak eta aljebra; Geometria eta neurria; Funtzioak eta grafikoak; eta Estatistika eta probabilitatea. Adierazi beharra dago antolatzeko modu bat baino ez dela. Kontua ez da konpartimentu estanko bat sortzea: bloke guztietan zenbakizko teknikak eta teknika aljebraikoak erabiltzen dira, eta edozeinetan erabilgarria izan daiteke taula bat sortzea, grafiko bat egitea edo ziurgabetasun-egoera probabilistiko bat piztea. Matematikaren irakaskuntzan edukiak elkarrekin lotzen dituen konfigurazio zikliko hori aintzat hartuko da, eta, hartara, edukiak elkarrekin erlazionatuta egongo dira beti eta batzuen gainean beste batzuk eraiki ahal izango dira. Adierazi beharra dago, beste behin ere, problemak ebaztea bloke guztiak zeharka hartzen dituen ardatz nagusia dela, eta, horregatik, edozein eduki-bloketan arreta berezia jarri behar dela eta orduak eman behar direla horretan.

                Zenbakiak eta aljebra izeneko blokean, zenbakizko alfabetatze eraginkorra lortzea da helburua, zenbakiak eta erlazioak ageri diren egoerei arrakastaz aurre egiteko ahalmen gisa ulertuta. Konpetentzia eskuratzeko, ez da nahikoa kalkulu idatzizko algoritmoak gainditzea; buruzko kalkuluko eta kalkulu hurbilduko estrategiak ere garatu behar dira, eta zenbakiekin eta kantitateekin konfiantzaz lan egin. Zenbakiak zenbait testuingurutan erabili behar dira, garatutako prozesuen ulermena eta emaitzen esanahia aurretiko edukiak eta lehentasunezkoak direla jakinda; kalkuluko abilezia hutsa baino harago doana. Lehen Hezkuntzan hasitako zenbakizko zentzu horrek jarraipena izan behar du Bigarren Hezkuntzan. Horretarako, zenbakien multzoak zabaldu behar dira, eta lehendik ikasitakoak finkatu, zenbakizko adierazpen moduen arteko erlazioak ezarriz; zatikien, hamartarren eta ehunekoen artekoak, esate baterako. Zenbait prozedura erabiliz kalkulatzeko abilezia da interesgarria, eta kasu bakoitzean erabaki behar da zein den egokiena. Ikasleek jariakortasunez kalkulatzea eta iritzirako kalkuluak arrazoiz egitea da helburua, kontzeptuak ulertzearen eta kalkuluko konpetentziaren arteko oreka lortzeko. Bestalde, prozedura aljebraikoak erabiltzearekin lotutako abilezia eta hizkuntza aljebraikoa garatzean, gero eta sinbolo eta adierazpen gehiago erabili behar dira, pixkanaka, Bigarren Hezkuntzako lehen urtetik azkenera bitartean, eta arreta berezia jarri behar zaio problema bakoitzaren enuntziatuaren irakurketari, sinbolizazioari eta planteamenduari. Edukien ardatz nagusi bat da eta gainerako blokeekin lotura estua du.

                Geometria eta neurriari buruzko blokean, geometriarekin eta neurriekin lotutako edukiak aurkezten dira. Geometriak espazioko orientazioarekin eta adierazpenarekin, kokapenarekin, eta espazioko objektuen deskribapenarekin eta ezagutzarekin lotutako edukiak biltzen ditu; bai eta forma lauen eta hiru dimentsioko formen azterketa, eta haien propietate garrantzitsuenak ere. Geometriaren ikasketak aukerak eman behar ditu, behin eta berriz, eraikitzeko, marrazteko, neurtzeko edo sailkatzeko. Horren azterketak aukerak ematen ditu beste eremu batzuekiko erlazioak ezartzeko; esate baterako, naturarekiko edo artearekiko. Geometriako programa informatikoak erabiltzea bereziki interesgarria da, ikasleei irudiekin eta haien elementu bereizgarriekin elkarreragiteko aukera, propietateak analizatzeko aukera, erlazioak aztertzekoa, aieruak egitekoa eta, kasu bakoitzean, gezurtatzeko edo baliozkotzat jotzeko aukera ematen dielako. Jolas-jarduerek objektuen espazioko egoera eta kokapena deskribatzen lagundu diezagukete, erreferentzia-sistemak eta adierazpen-modeloak ezarriz. Eguneroko ingurunea kontzeptu geometriko ugariren abstrakzio-maila saihesten duten askotariko egoera fisiko errealak aztertzeko iturri bat da, haien elementuak, propietateak eta abar landuz. Neurriari dagozkion edukiak behar bezala garatu ahal izateko, zenbaki motak, haien arteko eragiketak, hurbilketa-estrategiak eta iritzirako kalkulukoak behar bezala jakin eta erabili behar dira. Egoera errealetan neurketak egitea lortu beharreko lehentasunezko helburu bat izango da, eta, horretarako, mota guztietako unitateak erabiliko dira: gorputzekoak (oina, arra, besoa, etab.), arbitrarioak (sokak, lauzak, etab.) eta normalizatuenak, hots, Sistema Metriko Hamartarra eta hartan ezartzen diren erlazioak. Neurriaren eta geometriaren arteko erlazioak zentzua ematen dio blokeari. Zenbakizko edukiekin eta eduki aljebraikoekin duen erlazioa oso estua da, eta zeharkako neurketak egiteko aukera ematen du, formulen bidez; distantzien, gainazalen edo bolumenen kalkuluaz ari gara. Neurketa-jarduerek ikasleen eta haien ingurunearen arteko interakzio dinamikoa eska dezakete eta eskatu behar dute. Neurketak mundu errealaren miaketa aktiboa izan behar du.

                Funtzioen eta grafikoen hizkuntza blokeak erabateko zentzua hartzen du etapa honetan; aldagaien arteko erlazioak eta taulen eta grafikoen bidezko adierazpena dira ardatz nagusiak. Blokeak modelo matematikoen ikasketan sakontzeko balio digu eta oso erabilgarria da fenomeno ekonomikoak, sozialak edo naturalak deskribatzeko, interpretatzeko, iragartzeko eta azaltzeko. Bloke honetan, erlazio funtzionalen identifikazioa eta analisia garatuko dugu, haien adierazpen moduetan: ahozkoa, grafikoa, zenbakizkoa (taula formakoa) eta aljebraikoa. Informazioa bereganatzeko eta adierazpen modu batzuetatik beste batzuetara pasatzeko ahalmena garatzea da helburua.

                Azterketa egiteko, grafiko mota identifikatzeko aukera ematen duen analisi kuantitatiboa hartu behar da abiapuntu, eta ezaugarri globalak aztertu; ondoren, azterketa kuantitatiboa egin behar da, balio-taulak erabiliz, eta adierazpen aljebraikoak erabili, soilik haren sinpletasunak horretarako aukera ematen badu eta hori erabiltzea oso garrantzitsua bada. Mailaren arabera, gehiago edo gutxiago sakonduko da funtzio mota jakin batean.

                Estatistika eta probabilitatea oso garrantzitsuak dira gaur egun, komunikabideetan agerpen handia dutelako eta ikasgaietan asko erabiltzen direlako. Horren azterketak gaitasuna emango die ikasleei informazio estatistikoan batzuetan agertzen diren gezurrezko aurkezpenak, interpretazio okerrak eta gehiegikeriak kritikoki aztertzeko. Bloke honetako edukiek benetako esanahia hartzen dute beste ezagutza-arlo batzuekin lotutako jardueretan aurkezten direnean. Mota horretako edukiekin egin beharreko lana pixkanakakoa da. Lehen Hezkuntzan, informazio bildu eta matematikoki lantzeko edukiekin hasi da, eta adierazpen grafikoa bereziki azpimarratzen da; gainera, emaitzak ausazko fenomenoen lehen hurbilketa egiteko balia daitezke. Ikasleek ezagutzen dituzten zorizko jokoak (partxisa, aurkia eta ifrentzua, dadoak, koloretako bolak, etab.) tresna egokia izan daitezke ausazko fenomenoetara hurbiltzeko eta haietan sakontzeko. Blokeko edukiak oso egokiak dira talde-lana bultzatzeko eta zentzu kritikoa garatzeko. Bigarren Hezkuntzan, eduki estatistikoak izenekoak landu behar dira, parametroen esanahiak ulertzeko. Kalkulagailuak, ordenagailuak eta kalkulu-orria erabiltzea funtsezkoa da, informazioa antolatzeko eta lortzeko prozesua errazten duelako. Gainera, datu kantitate handiak erabil daitezke, eta kalkuluko denbora eta ahalegin handiak aurrezten dira, eta ahalegin horiek galderak egiteko, ideiak ulertzeko eta txostenak idazteko erabil daitezke.

                Probabilitatearen eremuan, bereziki interesgarria da ikasleek zorizko gertaerei buruzko eta gertaera horiei probabilitate-balioak esleitzeari buruzko intuizio sendoak izatea. Helburu hori lortzeko, Lehen Hezkuntzako lehen urteetan, ausazko fenomeno sinpleen azterketaren hurbilketa natural bat egin nahi da, esperimentazioaren eta tratamenduaren bidez. Ondoren, ausazko gertaeren probabilitate-balioak lortzera bideratuko da lana, zenbait diagrama erabiliz, berariazko ezagutzak (Laplaceren legea) eskuratuz edo zenbaki handien legea aplikatuz.

                Etapak izan behar duen izaera orientatzailea kontuan hartuta, ikasleen ikasketaren motibazioen, interesen eta erritmoen aniztasunari arreta jartzeko, matematika ikasgaiak bi aukera ditu Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako hirugarren eta laugarren mailetan. Bi aukeretan, partzialki bereizitako edukiak ageri dira, matematika akademikoari edo matematika aplikatuari dagokion. Bi aukerak ezartzea gomendatzen duten aldeak ez dagozkio soilik edukien aukeraketari, baizik eta batik bat edukiak lantzeko moduari. Matematika aplikatuan, ikasitakoak zertarako balio duen izango da ardatz nagusia, eta benetako testuinguruetako aplikazio praktikoan jarriko da arreta, sinbolismo abstraktuen eskakizun handiagoaren ordez; hain zuzen, hori matematika akademikoan aztertuko da. Gainera, aukera honetan, pentsamendu matematikoko abilezien garapenean sakonduko da; bereziki, pentsamendu matematikoaren beraren zenbait alderdi teoriko analizatu, ikertu, interpretatu eta horietan sakontzeko gaitasunak.

                Bi aukeretan, matematika ikasleentzat hurbilekoak diren ezagutza eta prozedura integratuen multzo gisa aurkeztu behar da, denboran zehar bilakatuz joan dena eta etorkizunean ere bilakatuz joango dena.

                1.3. EBALUAZIO-IRIZPIDEAK.

                3.1. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1. maila.

              1. Zenbaki arrunt, oso, zatikizko eta hamartar errazen kalkuluak egitea, propietate garrantzitsuenak erabiliz, eta erantzun zehatza edo hurbildua behar den erabakitzea, eta kalkulatzeko modurik egokiena (buruzkoa, arkatza eta papera erabiltzeko algoritmoak, kalkulagailua) segurtasunez aplikatzea.

              2. Zenbaki osoen, hamartarren eta zatikizkoen arteko eragiketak egin beharreko problemak ebaztea, kalkuluak egiteko baliabide egokienak erabiliz, eta emaitza testuinguruari nola egokitzen zaion balioestea.

              3. Magnitude zuzenki proportzionalekin lotutako problemak ebaztea, kalkuluak egiteko baliabiderik egokienak erabiliz, eta lortutako emaitzak interpretatzea eta balioestea.

              4. Zenbakizko multzoen erregulartasunak, jarraibideak eta erlazioak deskribatzea, letrak erabiliz kantitateak adierazteko, eta, hartara, zenbakizko sekuentziak adierazpenen bidez laburtzeko, eta formula errazen zenbakizko balioa lortzeko.

              5. Irudi lauak eta espazioko irudiak bereiztea eta deskribatzea, haien propietateak erabiliz sailkatzea, eta eskuratutako ezagutza geometrikoak aplikatuz mundu fisikoa interpretatzea eta deskribatzea, terminologia egokia erabiliz.

              6. Irudi lauen luzerak, azalerak eta angeluak planteatutako egoerarako egokia den zehaztasunez iritzira kalkulatzea eta kalkulatzea, iritzirako kalkuluaren edo kalkuluaren emaitza unitaterik egokienean adieraztea, eta neurketa-prozesuak ulertzea eta inguruko problemen ebazpenetan aplikatzea.

              7. Denetariko informazioak taulen eta grafikoen bidez antolatzea eta interpretatzea, mendekotasun-erlazioak identifikatuz proportzionaltasun zuzenekoak, bereziki, eta ezagutza hori eguneroko bizitzako problemen ebazpenean aplikatzea.

              8. Datuak antolatzeko eta grafiko estatistikoak sortzeko denetariko prozedurak erabiltzea, eta lortutako emaitzak abiapuntu hartuta arrazoizko ondorioak ateratzea.

              9. Zorizko gertaeren probabilitate nozioa esleitzea, enpirikoki lortutako maiztasun erlatibo kontzeptua abiapuntu hartuta, eta terminologia egokia erabiliz.

              10. Problemak ebaztea modelo heuristiko bat erabiliz: enuntziatua aztertuz, estrategia egokiak aukeratuz (saiakuntza-errorea, problema errazago bat ebaztea, problema txikiagotan banatzea problema, eskema bat marraztea, etab.) beharrezko kalkuluak eginez, lortutako emaitza egiaztatuz, eta, norberaren mailarako egokia den hizkuntza matematikoa erabiliz, ebazpenean zer prozesuri jarraitu zaion adieraziz.

              11. Jarduera matematikoarekin lotutako jarrerak sistematikoki balioestea eta erabiltzea; esate baterako, jakin-mina, norberaren ahalmenetan konfiantza eta iraunkortasuna izatea, ordena eta berrikuspen sistematikoa. Halaber, lan-taldean integratzea, besteen iritziak ikasketa-iturri gisa errespetatuz eta balioetsiz, eta helburu komun bat lortzeko lankidetzan aritzea.

                3.2. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 2. maila.

              1. Zenbaki oso, zatiki, zenbaki hamartar eta ehuneko errazen kalkuluak egitea, propietate garrantzitsuenak erabiliz, eta erantzun zehatza edo hurbildua behar den erabakitzea, eta kalkulatzeko modurik egokiena (buruzkoa, arkatza eta papera erabiltzeko algoritmoak, kalkulagailua) segurtasunez aplikatzea.

              2. Zenbaki osoen, hamartarren eta zatikizkoen arteko oinarrizko eragiketak (berreketak eta erro karratua barne) egin beharreko problemak ebaztea, kalkuluak egiteko baliabide egokienak erabiliz, eta emaitza testuinguruari nola egokitzen zaion balioestea.

              3. Zenbakizko proportzionaltasuneko eta proportzionaltasun geometrikoko erlazioak identifikatzea, eta proportzionaltasunarekin lotutako eguneroko bizitzako egoerak ebazteko erabiltzea.

              4. Hizkuntza aljebraikoa erabiltzea eguneroko bizitzako problemak ebazteko, bigarren mailako ekuazioak eta bi ezezaguneko bi ekuazio linealen sistemak planteatuz eta ebatziz.

              5. Espazioen eta objektuen luzerak, azalerak eta bolumenak planteatutako egoerarako egokia den zehaztasunez iritzira kalkulatzea eta kalkulatzea, iritzirako kalkuluaren edo kalkuluaren emaitza unitaterik egokienean adieraztea, eta neurketa-prozesuak ulertzea eta inguruko problemen ebazpenetan aplikatzea.

              6. Taula baten, grafiko baten, adierazpen aljebraiko baten edo enuntziatu baten bidez adierazitako erlazio funtzional sinpleak interpretatzea, haietatik balioak lortu eta aztertutako fenomenoaren ondorioak ateratzea.

              7. Funtzio linealak eta afinak denetariko testuinguruetan bereiztea, adieraztea eta aztertzea, eta ezagutza hori problemak ebazteko erabiltzea.

              8. Populazio estatistiko bati buruzko datuak biltzea, antolatzea eta adieraztea, metodo estatistiko eta tresna teknologiko egokiak erabiliz, eta alderdi nabarmenenak analizatzea.

              9. Gertaera baten probabilitateari buruzko iragarpenak egitea, aurrez enpirikoki edo kasu errazak aztertuz lortutako informazioa abiapuntu hartuta.

              10. Problemak ebaztea modelo heuristiko bat erabiliz: enuntziatua aztertuz, estrategia egokiak aukeratuz (saiakuntza-errorea, problema errazago bat ebaztea, problema txikiagotan banatzea problema, eskema bat marraztea, etab.) beharrezko kalkuluak eginez, lortutako emaitza egiaztatuz, eta, bere mailarako egokia den hizkuntza matematikoa erabiliz, ebazpenean zer prozesuri jarraitu zaion adieraziz.

              11. Jarduera matematikoarekin lotutako jarrerak sistematikoki balioestea eta erabiltzea; esate baterako, jakin-mina, norberaren ahalmenetan konfiantza eta iraunkortasuna izatea, ordena eta berrikuspen sistematikoa. Halaber, lan-taldean integratzea, besteen iritziak ikasketa-iturri gisa errespetatuz eta balioetsiz, eta helburu komun bat lortzeko lankidetzan aritzea.

                3.3. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 3. maila: ikaskuntza akademikoak.

              1. Zenbaki arrazionalak eta irrazionalak, haien eragiketak eta propietateak erabiltzea problemak ebazteko, kalkulatzeko modu egokiena (buruzkoa, arkatza eta papera erabiltzeko algoritmoak, kalkulagailua) aplikatuz, eta testuinguruari egokituta adieraztea.

              2. Enuntziatu baten bidez adierazitako propietate bat edo erlazio bat hizkuntza aljebraikoan adieraztea, eta zenbakizko sekuentzien eratze-legeak adierazten dituzten formulak lortzea, kasu errazetan.

              3. Adierazpen aljebraiko sinpleak lortzea eta erabiltzea, hizkuntza aljebraikoa erabiltzea eguneroko bizitzako problemak ebazteko, lehen eta bigarren mailako ekuazioak eta bi ezezaguneko bi ekuazio linealen sistemak planteatuz eta ebatziz, eta lortutako emaitzak interpretatzea.

              4. Irudi geometriko batetik beste irudi geometriko bat lortzeko planoko higidurak bereiztea, eta ohiko diseinuak, artelanak edo naturan ageri diren konfigurazio geometrikoak geometriaren ikuspegitik aztertzeko eta norberaren konposizioak egiteko erabiltzea.

              5. Proportzionaltasun geometrikoko erlazioak identifikatzea eta neurri zuzenak edo zeharkakoak kalkulatzea egoera errealetan, tresna, teknika edo formula egokiak erabiliz.

              6. Oinarrizko gorputz geometrikoen elementuak eta propietate bereizgarriak bereiztea, deskribatzea eta kalkulatzea, eta lur-esferan koordenatu geografikoak identifikatzea.

              7. Erlazio linealak eta koadratikoak erabiltzea zenbait modutan ahoz, taula bidez, grafiko bidez edo aljebraikoki adierazitako egoera errealak aztertzeko, eta haien artean dagokion transferentzia egitea.

              8. Informazio estatistikoak sortzea eta interpretatzea, taulak, grafikoak eta zentralizazio- nahiz sakabanatze-parametro estatistikoen kalkuluak oinarri hartuta.

              9. Iragarpenak egitea gertaera bat betetzeko aukerei buruz, aurrez enpirikoki lortutako informazioa edo aukeren zenbaketaren bidez lortutakoa abiapuntu hartuta.

              10. Problemak ebaztea modelo heuristiko bat erabiliz: enuntziatua aztertuz, estrategia egokiak aukeratuz (zenbaketa exhaustiboa, indukzioa, antzeko problemak bilatzea, amaieratik hastea, etab.) beharrezko kalkuluak eginez, lortutako emaitza egiaztatuz, eta, norberaren mailarako egokia den hizkuntza matematikoa erabiliz, ebazpenean zer prozesuri jarraitu zaion adieraziz.

              11. Jarduera matematikoarekin lotutako jarrerak sistematikoki balioestea eta erabiltzea; esate baterako, jakin-mina, norberaren ahalmenetan konfiantza eta iraunkortasuna izatea, ordena eta berrikuspen sistematikoa) Halaber, lan-taldean integratzea, besteen iritziak ikasketa-iturri gisa errespetatuz eta balioetsiz, eta helburu komun bat lortzeko lankidetzan aritzea.

                3.4. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 3. maila: ikaskuntza aplikatuak.

              1. Zenbaki arrazionalak, haien eragiketak eta propietateak erabiltzea problemak ebazteko, kalkulatzeko modu egokiena (buruzkoa, arkatza eta papera erabiltzeko algoritmoak, kalkulagailua) aplikatuz, eta testuinguruari egokituta adieraztea.

              2. Enuntziatu baten bidez adierazitako propietate bat edo erlazio bat hizkuntza aljebraikoan adieraztea, eta zenbakizko sekuentzien eratze-legeak adierazten dituzten formulak lortzea, kasu errazetan.

              3. Hizkuntza aljebraikoa eta adierazpen aljebraiko errazak erabiltzea eguneroko bizitzako problemak ebazteko, bigarren mailako ekuazioak eta bi ezezaguneko bi ekuazio linealen sistemak planteatuz eta ebatziz.

              4. Irudi geometriko batetik beste irudi geometriko bat lortzeko planoko higidurak bereiztea, eta ohiko diseinuak, artelanak edo naturan ageri diren konfigurazio geometrikoak geometriaren ikuspegitik aztertzeko eta norberaren konposizioak egiteko erabiltzea.

              5. Proportzionaltasun geometrikoko erlazioak identifikatzea eta neurri zuzenak edo zeharkakoak kalkulatzea egoera errealetan, tresna, teknika edo formula egokiak erabiliz.

              6. Oinarrizko gorputz geometrikoen elementuak eta propietate bereizgarriak bereiztea, deskribatzea eta kalkulatzea, eta lur-esferan koordenatu geografikoak identifikatzea.

              7. Erlazio linealak eta koadratikoak erabiltzea zenbait modutan ahoz, taula bidez, grafiko bidez edo aljebraikoki adierazitako egoera errealak aztertzeko, eta haien artean dagokion transferentzia egitea.

              8. Informazio estatistikoak sortzea eta interpretatzea, taulak, grafikoak eta zenbait egoeratatik ateratako zentralizazio- eta sakabanatze-parametro estatistikoen kalkulua oinarri hartuta, eta kritikoki interpretatzea.

              9. Problemak ebaztea modelo heuristiko bat erabiliz: enuntziatua aztertuz, estrategia egokiak aukeratuz (zenbaketa exhaustiboa, indukzioa, antzeko problemak bilatzea, amaieratik hastea, etab.) beharrezko kalkuluak eginez, lortutako emaitza egiaztatuz, eta, norberaren mailarako egokia den hizkuntza matematikoa erabiliz, ebazpenean zer prozesuri jarraitu zaion adieraziz.

              10. Jarduera matematikoarekin lotutako jarrerak sistematikoki balioestea eta erabiltzea; esate baterako, jakin-mina, norberaren ahalmenetan konfiantza eta iraunkortasuna izatea, ordena eta berrikuspen sistematikoa) Halaber, lan-taldean integratzea, besteen iritziak ikasketa-iturri gisa errespetatuz eta balioetsiz, eta helburu komun bat lortzeko lankidetzan aritzea.

                3.5. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 4. maila: ikaskuntza akademikoak.

              1. Zenbaki motak, haien eragiketak eta propietateak erabiltzea informazioa bildu, eraldatu eta trukatzeko, eta eguneroko bizitzarekin nahiz arlo zientifikoarekin lotutako problemak ebazteko.

              2. Hainbat motatako ekuazioak, inekuazioak eta sistema aljebraikoak planteatu eta ebatzi beharreko eguneroko bizitzako eta zientzien beren esparruko problemak ebaztea, ebazpen-algoritmoak trebetasunez aplikatuz.

              3. Hizkuntza aljebraikoa, eta haren eragiketak eta propietateak trebetasunez erabiltzea, eta horien bidez zenbakizko erlazio matematikoak, alfanumerikoak, geometrikoak, etab. Bai eta problemen ebazpenean ere.

              4. Magnitudeak kalkulatzea, neurketa zuzenak eta zeharkakoak eginez, benetako egoerak oinarri hartuta, tresna, teknika edo formula (trigonometrikoak barne) egokienak erabiliz, eta deskribatutako egoerarako egokiena den neurri-unitatea erabiliz.

              5. Geometria analitiko lauko kontzeptuak eta prozedurak erabiltzea, funtzioak adierazteko eta irudiak, formak eta konfigurazio geometrikoak deskribatzeko eta analizatzeko.

              6. Erlazio kuantitatiboak identifikatzea egoera batean, zer funtzio motaren bidez adieraz daitezkeen zehaztea, eta grafiko bat edo zenbakizko datuak oinarri hartuta, edo adierazpen aljebraikoaren koefizienteak aztertuz, batez besteko aldakuntza-tasa hurbiltzea eta interpretatzea.

              7. Informazio jakin bat analizatzea, benetako egoerekin lotutako erlazio funtzionalak adierazten dituzten taulak eta grafikoak oinarri hartuta, eta haien portaerari, bilakaerari eta izan ditzaketen azken emaitzei buruzko informazioa lortzea.

              8. Taula eta grafiko estatistikoak egitea eta interpretatzea, parametro estatistiko ohikoenak kalkulatzea, bitarteko egokienak erabiliz (arkatza eta papera, kalkulagailua edo ordenagailua, kalkulu-orria), eta erabilitako laginen adierazgarritasuna kualitatiboki balioestea.

              9. Zoriarekin eta probabilitatearekin lotutako egoerak eta fenomenoak bereiztea, kalkulu konbinatorioko kontzeptuak eta teknikak edo beste teknika eta estrategia batzuk erabiltzea, eguneroko bizitzako denetariko problemak ebazteko.

              10. Problemak ebaztea modelo heuristiko bat erabiliz: enuntziatua aztertuz, estrategia egokiak aukeratuz (zenbaketa exhaustiboa, indukzioa, antzeko problemak bilatzea, amaieratik hastea, absurdora eramatea, problema ebatzita imajinatzea, kontraadibideak, etab.) beharrezko kalkuluak eginez, lortutako emaitza egiaztatuz, eta, norberaren mailarako egokia den hizkuntza matematikoa erabiliz, ebazpenean zer prozesuri jarraitu zaion adieraziz.

              11. Jarduera matematikoarekin lotutako jarrerak sistematikoki balioestea eta erabiltzea; esate baterako, jakin-mina, norberaren ahalmenetan konfiantza eta iraunkortasuna izatea, ordena eta berrikuspen sistematikoa. Halaber, lan-taldean integratzea, besteen iritziak ikasketa-iturri gisa errespetatuz eta balioetsiz, eta helburu komun bat lortzeko lankidetzan aritzea.

                3.6. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 4. maila: ikaskuntza aplikatuak.

              1. Zenbaki motak, haien eragiketak eta propietateak erabiltzea informazioa bildu, eraldatu eta trukatzeko, eguneroko bizitzarekin lotutako problemak ebazteko.

              2. Magnitude zuzenki eta alderantziz proportzionalen problemak ebaztea, ehunekoetatik eratorritako problemak zehaztasun handiagoz aztertuz, eta erabilitako datuen kopuruaren edo konplexutasunaren arabera kalkulu-orria erabiltzeko aukera balioestea.

              3. Lehen eta bigarren mailako ekuazioak edo bi ezezaguneko ekuazio linealen sistemak planteatu eta ebatzi beharreko eguneroko bizitzako problemak ebaztea, ebazpen-algoritmoak trebetasunez aplikatuz.

              4. Magnitudeak kalkulatzea, neurketa zuzenak eta zeharkakoak eginez, benetako egoerak oinarri hartuta, tresna, teknika edo estrategia eta formula egokienak erabiliz, eta deskribatutako egoerarako egokiena den neurri-unitatea aplikatuz.

              5. Bi aldagairen arteko erlazio kuantitatiboak identifikatzea, eta zer funtzio motak adieraz daitezkeen zehaztea eta analizatzea.

              6. Informazio jakin bat analizatzea, benetako egoerekin lotutako erlazio funtzionalak adierazten dituzten taulak eta grafikoak oinarri hartuta, eta haien portaerari, bilakaerari eta izan ditzaketen azken emaitzei buruzko informazioa lortzea.

              7. Taula eta grafiko estatistikoak egitea eta interpretatzea, parametro estatistiko ohikoenak kalkulatzea, bitarteko egokienak erabiliz (arkatza eta papera, kalkulagailua, kalkulu-orria) , eta erabilitako laginen adierazgarritasuna kualitatiboki balioestea.

              8. Zoriarekin eta probabilitatearekin lotutako egoerak eta fenomenoak bereiztea, probabilitate sinpleak eta konposatuak kalkulatzea, eta probabilitateen kalkuluko kontzeptuak eta teknikak aplikatzea, eguneroko bizitzako egoerak eta problemak ebazteko.

              9. Problemak ebaztea modelo heuristiko bat erabiliz: enuntziatua aztertuz, estrategia egokiak aukeratuz (zenbaketa exhaustiboa, indukzioa, antzeko problemak bilatzea, amaieratik hastea, absurdora eramatea, problema ebatzita imajinatzea, etab.) beharrezko kalkuluak eginez, lortutako emaitza egiaztatuz, eta, norberaren mailarako egokia den hizkuntza matematikoa erabiliz, ebazpenean zer prozesuri jarraitu zaion adieraziz.

              10. Jarduera matematikoarekin lotutako jarrerak sistematikoki balioestea eta erabiltzea; esate baterako, jakin-mina, norberaren ahalmenetan konfiantza eta iraunkortasuna izatea, ordena eta berrikuspen sistematikoa) Halaber, lan-taldean integratzea, besteen iritziak ikasketa-iturri gisa errespetatuz eta balioetsiz, eta helburu komun bat lortzeko lankidetzan aritzea.

                3. ZIENTZIARAKO KONPETENTZIA.

                1. BIOLOGIA ETA GEOLOGÍA.

                1.1. ETAPAKO HELBURUAK.

                Hauek dira Biologia eta Geologia ikasgaiari dagozkion etapako helburuak:

              1. Gizakiaren organismoari buruzko ezagutza zientifikoa erabiltzea, norberaren gorputzaren funtzionamendua nahiz osasuntsu egotea ahalbidetzen duten baldintzak azalduz, horren bidez osasuna zaintzeko ohiturak garatzeko eta norberaren nahiz komunitatearen ongizatea hobetzeko.

              2. Ekosistemen funtzionamenduari buruzko ezagutza zientifikoa erabiltzea, haietan gertatzen diren interakzioak azalduz, eta ekosistemen oreka eta hura aldatzen duten faktoreak deskribatuz, horren bidez natura balioesteko eta kudeatzeko nahiz hartaz gozatzeko, zientziak eta teknologiak gizartearekin eta ingurumenarekin dituzten interakzioak ikuspegi kritikoz aztertzeko, eta garapen iraunkorraren alde modu aktiboan eta arduratsuan parte hartzeko.

              3. Problemak ebaztea eta ikerketa soil batzuk egitea, banaka nahiz lankidetzan zientziaren prozedurekiko koherenteak diren estrategiak aplikatuz, hala nola azalpen-hipotesiak formulatzea, eta datuak lortzea eta haietatik judizioak egitea ahalbidetzen duten emaitzak eta ondorioak ateratzea, iritzi hutsa eta froga zehatzetan oinarritutako ebidentzia bereiziz, norberaren nahiz gizartearen intereseko benetako egoerei testuingurua aintzat hartuta heltzeko eta erabaki arduratsuak hartu ahal izateko.

              4. Gai zientifikoei buruzko informazioa lortzea zenbait iturritatik, barnean hartuta informazioaren teknologiak, kontuan hartuta gai zientifikoei buruzko lanak funtsatzeko eta bideratzeko baliagarritasuna, eta gai horiei buruz nork bere jarrerak hartzea, funtsatuta eta ikuspegi kritikoz.

              5. Zientziei buruzko informazioa duten mezuak modu aktiboan eta kritikoan interpretatzea, eta mezu zientifikoak sortzea, ahozko nahiz idatzizko hizkuntza zuzen erabiliz, bai eta beste notazio- eta adierazpen-sistema batzuk ere, zehaztasunez komunikatu ahal izateko eta zientziaren esparruan azalpenak eta argudioak eman ahal izateko.

              6. Errealitatea azaltzeko eskemak egitea, kontzeptu, printzipio, estrategia, balio eta jarrera zientifikoak baliatuz, naturako fenomeno nagusiak interpretatzeko, eta gure gizarteko garapen eta aplikazio zientifiko eta teknologiko garrantzitsuenak ikuspegi kritikoz aztertzeko.

              7. Zientziaren nolakotasuna, saiakera-izaera eta izaera sortzailea baliatzea, dogmatismoak gainditzeko bide eman duten eztabaida nagusiak aintzat hartuz, bai eta historian zehar izandako iraultza zientifikoak ere, gizadiaren kultura-bilakaeran ezagutza zientifikoak izan duen garrantzia ulertzeko eta balioesteko, gizakiaren beharrak asetzeko eta haren bizi-baldintzak hobetzeko bitarteko den aldetik.

                1.2. EDUKI MULTZOEN EZAUGARRIAK.

                Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1., 3. eta 4. mailei dagozkien adierazpenezko, prozedurazko eta jarrerazko edukiak eduki multzo hauetan sailkatu dira:

                Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1. maila: lur planetako dibertsitatea.

              1. multzoa. Ikasgai guztietan eta ikasgai honetako eduki multzo guztietan komunak diren oinarrizko zehar-konpetentziekin lotutako edukiak.

              2. multzoa. Lurra unibertsoan.

              3. multzoa. Lur planeta: atmosfera, hidrosfera, geosfera.

              4. multzoa. Lur planetako biodibertsitatea: biosfera, izaki bizidunen sailkapena, biodibertsitatea.

              5. multzoa. Ikerketa-proiektua.

                Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 3. maila: egitura-unitatea eta materiaren antolaketa.

              1. multzoa. Ikasgai guztietan eta ikasgai honetako eduki multzo guztietan komunak diren oinarrizko zehar-konpetentziekin lotutako edukiak.

              2. multzoa. Zelula, izaki bizidunen egitura- eta funtzio-unitate den aldetik.

              3. multzoa. Pertsonak eta osasuna: osasuna, nutrizioa, erlazioa eta koordinazioa, ugalketa eta sexualitatea.

              4. multzoa. Lurreko erliebea eta haren bilakaera: kanpoko eta barneko aldaketa geologikoak.

              5. multzoa. Gizakia eta ingurunea. Ekosistemak.

              6. multzoa. Ikerketa-proiektua.

                Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 4. maila: sistema teoriko nagusiak.

              1. multzoa. Ikasgai guztietan eta ikasgai honetako eduki multzo guztietan komunak diren oinarrizko zehar-konpetentziekin lotutako edukiak.

              2. multzoa. Biziaren eboluzioa: herentzia eta karaktereen transmisioa, biologia eta dibertsitatea, izaki bizidunen jatorria eta eboluzioa.

              3. multzoa. Lurra, etengabe aldatzen ari den planeta: Lurraren historia, plaka-tektonika eta haren agerpenak.

              4. multzoa. Ekologia eta ingurumena: ekosistemen egitura, ekosistemaren dinamika, gizakiaren jarduerek ekosistemetan eragindako inpaktua.

              5. multzoa. Ikerketa-proiektua.

                Aurreko etapan Naturaren Zientziak ikasgaian jorratutako ezagutza zientifikoen tratamendu integratua abiapuntu hartuta, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan bi mailatan banatuta antolatu dira, eta hala, lehen mailan Biologia eta Geologiako ezagutza zientifikoak landuko dira, eta bigarren mailan, Fisika eta Kimikakoak, azken horietan sakontasun-maila handiagoa baita, bai ideiei dagokienez, bai agerian jartzen diren erlazioei dagokienez.

                Nolanahi ere, banaketa horrek ez du oztopo izan behar zientzien ikaskuntzan komuna eta globala dena nabarmentzeko; hain zuzen ere, natura-inguruneari buruz dugun esperientzia globala izan ohi da, eta askotariko alderdiak integratzen ditu; bestalde, ingurunean eragiten duen jarduketan ez da zientzien arteko bereizketarik egiten; eta azkenik, ezagutza eraikitzeko prozedurak komunak dira funtsean. Horrez gain, kontuan izan behar da diziplina zientifikoek errealitatea aztertzean konpartimentutan banatzen dutela, eta ezarritako muga horiek fenomenoen sistematikotasuna eta multidimentsionalitatea eteten dutela, modu arbitrarioan. Izan ere, osotasun baten ezagutza ez da haren zatien ezagutzaren batura. Hori dela eta, gizarte- eta ingurumen-arazoei heltzeko, ezinbestekoa da curriculumeko beste ikasgai batzuetako ikaskuntzekin batera lankidetzan jorratzeko bitarteko egokiak ezartzea; batez ere, Fisika eta Kimika ikasgaiarekin lotuz, bai eta Gizarte Zientziak eta Teknologia ikasgaiekin ere. Hala, jakintza horien multzoa lagungarria izango da problema konplexuak ulertzeko eta tratatzeko.

                Laugarren mailan ikasgai hau derrigorrezkoa ez denez, hirugarren mailaren amaieran ziurtatu behar da ikasleek lortu dutela zientziaren esparruko alfabetizazioa, ikasgai honekin lotutako oinarrizko alderdi guztietan. Hori dela-eta, lehen eta hirugarren mailatan kontzeptuen trataera kualitatiboa eta esperimentala izango da, eta DBHko 4. mailan eta Batxilergoan, berriz, alderdi kuantitatiboak eta akademikoagoak landuko dira.

                Ikasturte bakoitzean, eduki multzoak elkarrekin erlazionatutako jakintza multzo gisa ulertzen dira, eta haiek antolatzeko, problema egituratzaileak hartzen dira abiapuntu, ildo horiei jarraituz eduki multzo horiek sekuentziatzeko eta elkarrekin erlazionatzeko, eta hala, ikaskuntza integratzailea bideratzeko.

                Hasieran, materiaren dibertsitatearen kontzeptua izango da ikaskuntza bideratzeko haria. Geroago landuko dira egitura-unitatearen eta materiaren antolaketaren gaiak, konplexuagoak baitira, eta laugarren mailan materiaren aldaketei helduko zaie, interakzio mota eta teoria zientifiko nagusiak azalduz.

                Lehen mailan, Biologia eta Geologia ikasgaian, Lur planetako dibertsitatea izango da ikaskuntza bideratzeko haria. Hasteko, unibertsoaren ikuspegi orokor bat emango da, eta haren barruan Lurraren kokapena zehaztuko da. Horren ostean, planetako biodibertsitatea jorratuko da, bai eta horrekin lotutako arazoak ere. Izaki bizidunen dibertsitate handia hobeto ulertze aldera, erregulartasunetan jarriko da arreta, haien arabera sailkatzeko.

                Edukiak sekuentziatzean, kontuan izan da bigarren mailan ez dela ikasgai hau lantzen, Fisika eta Kimika baizik, eta laugarren mailan ez dela derrigorrezkoa. Hori dela-eta, hirugarren mailan lehen mailan aztertutako dibertsitatearen erroan dagoen materia-unitatea aztertuko da. Hasteko, izaki bizidunen egitura-unitatea eta antolaketa azalduko dira, zelulatik, biziaren oinarrizko unitatetik, hasi, eta organismo konplexuetaraino gizakia, esaterako. Giza gorputzaren azterketa osasunerako hezkuntzarekin lotuta bideratuko da, ohitura osasungarrien garrantzia nabarmenduz, eta azpimarratuz sistema organiko bakoitzaren funtzionamendu egokia lotuta dagoela higienearekin eta gaixotasunen prebentzioarekin. Ikasturtearen bukaeran, organismoen eta ingurunearen arteko erlazioak landuko dira, ekosistemen azterketaren bidez; gizakiaren jarduerak ekosistemetan eragiten dituen inpaktuak azalduko dira; eta ekosistemak kontserbatzeko eta zaintzeko beharra azpimarratuko da.

                Azken mailako Biologia eta Geologia ikasgaian, teoria biologiko eta geologiko nagusiak ezagutzen hasiko dira ikasleak, gaur egun bi diziplina horietan dauden ikuspegien oinarri diren aldetik. Lurraren eta haren jardueraren historia abiapuntu hartuta, plaka-tektonikaren paradigmaren ildotik fenomeno geologikoen interpretazioan izan diren aldaketa handiak azalduko dira. Biologian, berriz, hauek izango dira ardatzak: zelula-teoria, diziplina osoaren elementu bateratzailea den aldetik; herentzia biologikoa eta informazio genetikoaren transmisioa, eta alderdi horiekin lotutako aplikazioak eta gizarte-eraginak; eta eboluzioaren teoria, biologiari oro har zentzua ematen diona. Bukaeran, ekosistemak aztertuko dira berriro, ikuspegi dinamiko batetik: izaki bizidunen energia-beharrak, eta organismoen eta ingurune fisiko-kimikoaren arteko interdependentzia; alderdi horiek lantzearekin batera, ingurumen-arazoei buruzko gogoeta sustatuko da.

                Maila guztietan, multzo komun batean sartu dira edota, kasuren batean, erlazioa duten gainerako eduki multzoekin batera alderdi hauekin lotutako edukiak: zientzia eraikitzeko moduak; lan esperimentala; zientziaren berezko hizkuntza; eta zientzialarien jarrerak, zientziari eta haren ikaskuntzari begira. Hala, eduki horien izaera komuna nabarmentzen da, lotuta baitaude eduki multzo guztiekin; eta, beraz, ikasturteko eduki guztiekin ahalik hobekien integratuta garatu beharko dira.

                Eduki komun horiek eduki multzo bakoitzean garatu beharrekoak dira, baina horrez gain, sakonago jorratze aldera, ikasturte bakoitzean gutxienez ikerketa-proiektu bat egingo da, landutako eduki multzoetako batekin lotua. Multzo hori landuta, ikerketa-lana egoki egiteko baliagarriak diren edukiak finkatuko dira.

                1.3. EBALUAZIO-IRIZPIDEAK.

                3.1. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1. maila.

              1. Gidoi bat oinarri hartuta, ikerketak, laborategiko praktikak edo landa-azterketak egitea, lan zientifikoaren berezko metodologia eta estrategiak aplikatuz, eta haien garapena balioestea eta emaitzak interpretatzea.

              2. Hiztegi zientifikoa zuzen erabiltzea, bere mailarako egokia den testuinguru zehatz batean adierazpenak egitean.

              3. Bere iritzia eratzea, adierazpenak zehaztasunez egitea, eta problema-egoerei buruzko argudioak ematea, informazio zientifikoa bilatuz, hautatuz eta interpretatuz.

              4. Laborategiko oinarrizko materiala hautatu eta sailkatzea, eta behar bezala erabiltzea.

              5. Ideia zientifikoak aurrerapen teknologikoekin eta beste arlo batzuekin lotzea, eta ohartzea bizi-kalitatearen hobekuntza dakartela.

              6. Eguzki-sistemaren egitura aztertzea eta hartan Lurrak duen kokapena zehaztea.

              7. Lurraren, Ilargiaren eta Eguzkiaren higiduren ezaugarriak deskribatzea, eta urtaroekin, egunarekin eta gauarekin, eklipseekin eta mareekin lotzea.

              8. Atmosferako arazoei buruz ikertzea, hala nola kutsadurari eta haren ondorioei buruz, informazioa bilduz, eta irtenbidea bilatzeko neurriak proposatzea.

              9. Urarekin lotutako arazoei eta uraren erabilera jasangarriari buruz ikertzea, informazioa bilduz, eta irtenbidea bilatzeko neurriak proposatzea.

              10. Lurrean eta inguruan ohikoenak diren mineralen eta arroken propietateak eta ezaugarriak bereiztea eta sailkatzea, identifikatzeko gako soil batzuk erabiliz, eta zer aplikazio nagusi dituzten jakitea.

              11. Izaki bizidun guztien funtzio komunak deskribatzea, eta jakitea izaki bizidunak zelulez osatuta daudela eta egiten dituzten bizi-funtzioek materia bizigabetik bereizten dituztela.

              12. Izaki bizidunak sailkatzeko irizpideak aplikatzea, gako dikotomikoak edo beste bitarteko batzuk erabiliz, eta organismo ezagunenak dagokien talde taxonomikoarekin lotzea.

              13. Biodibertsitatearen garrantziaz jabetzea, bere hurbileko ingurunean ikerketa soilak eginez, eta aintzat hartzea desagertzeko arriskuan dauden espezieak babesteko beharra.

                3.2. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 3. maila.

              1. Gidoi bat oinarri hartuta, ikerketak, laborategiko praktikak edo landa-azterketak egitea, lan zientifikoaren berezko metodologia eta estrategiak aplikatuz, eta haien garapena balioestea eta emaitzak interpretatzea.

              2. Hiztegi zientifikoa zuzen erabiltzea, bere mailarako egokia den testuinguru zehatz batean adierazpenak egitean.

              3. Bere iritzia eratzea, adierazpenak zehaztasunez egitea, eta problema-egoerei buruzko argudioak ematea, informazio zientifikoa bilatuz, hautatuz eta interpretatuz.

              4. Laborategiko oinarrizko materiala hautatzea eta sailkatzea, eta behar bezala erabiltzea.

              5. Ideia zientifikoak aurrerapen teknologikoekin eta beste arlo batzuekin lotzea, eta bizi-kalitatearen hobekuntza dakartela ohartzea.

              6. Izaki bizidunen egitura- eta funtzio-unitatea bereiztea, eta zelula-teoria oinarri hartuta zelula prokariotikoak nahiz landare- eta animalia-zelula eukariotikoak identifikatzea.

              7. Osasun eta gaixotasun kontzeptuen esanahiak oinarri hartuta, haiek baldintzatzen dituzten faktoreak identifikatzea.

              8. Ohitura eta bizi-estilo osasungarriak izatearen garrantzia balioestea, nutrizioan parte hartzen duten organoek, aparatuek eta sistemek behar bezala funtziona dezaten, eta adibideen eta egoera praktikoen bidez azaltzea.

              9. Ohartzea zer ohitura eta bizi-estilo osasungarri dauden lotuta gizakiaren erlazio- eta lokomozio-funtzioekin, hurbileko inguruneko testuinguruan sortutako egoeren azterketa abiapuntu hartuta.

              10. Erabaki arduratsuak hartzea bere eta inguruko pertsonen sexualitatearekin lotutako alderdiei buruz, gizakiaren sexualitatearen eta ugalketaren alderdi nagusien berri jakitea, eta jakitea zer higiene-ohitura izan behar diren eta zer prebentzio-neurri hartu behar diren sexu-transmisioko gaixotasunei aurrea hartzeko.

              11. Erliebe formak sortzen dituzten kausak aztertzea, forma horiek modelatzen dituzten kanpoko prozesu geologikoekin lotuz.

              12. Erliebe forma bereizgarri batzuk aztertzea, Lurreko barne-dinamikaren agerpenekin lotuz.

              13. Gizakiaren esku-hartzeak paisaiaren eta erliebearen modelaketan eta eraldaketan izan duen garrantziaz ohartzea, eta horren ondorioei buruz ikertzea.

              14. Inguruko ekosistema bati buruzko ikerketa soilak egitea, osagaiak eta desorekak eragiten dituzten faktoreak identifikatuz, eta aintzat hartzea ekosistemak babestearen eta kontserbatzearen garrantzia.

                3.3. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 4. maila.

              1. Gidoi bat oinarri hartuta, ikerketak, laborategiko praktikak edo landa-azterketak egitea, lan zientifikoaren berezko metodologia eta estrategiak aplikatuz, eta haien garapena balioestea eta emaitzak interpretatzea.

              2. Hiztegi zientifikoa zuzen erabiltzea, bere mailarako egokia den testuinguru zehatz batean adierazpenak egitean.

              3. Bere iritzia eratzea, adierazpenak zehaztasunez egitea, eta problema-egoerei buruzko argudioak ematea, informazio zientifikoa bilatuz, hautatuz eta interpretatuz.

              4. Laborategiko oinarrizko materiala hautatzea eta sailkatzea, eta behar bezala erabiltzea.

              5. Ideia zientifikoak aurrerapen teknologikoekin eta beste arlo batzuekin lotzea, eta bizi-kalitatearen hobekuntza dakartela ohartzea.

              6. Zelula prokariotikoen eta eukariotikoen arteko antzekotasunak eta desberdintasunak zehaztea, haien arteko erlazio ebolutiboak interpretatuz.

              7. Zelula-zikloaren ezaugarriak bereiztea, eta mitosian eta meiosian gertatzen diren prozesu nagusiak deskribatzea, haien arteko desberdintasun nagusiak zehaztuz eta haien esanahi biologikoa azalduz.

              8. Azido nukleiko motak eta haien osaera alderatzea, eta beren funtzioekin lotzea.

              9. Mendelen genetikaren printzipio nagusiak azaltzea, genetikari buruzko problema praktikoak ebaztea, zenbait motatako gurutzaketak aztertuz, eta karaktere jakin batzuen transmisioa gure espeziean ikertzea, Mendelen legeak aplikatuz.

              10. Ingeniaritza genetikoaren zenbait teknika ezagutzea eta deskribatzea, jakitea zer aplikazio dituzten, eta haien ekarpenen eraginak balioestea.

              11. Eboluzioaren frogak identifikatzea, lamarckismoa, darwinismoa eta neodarwinismoa alderatuz, eta nabarmentzea hark eragindako eztabaida zientifikoak eta sozialak eta erlijio-eztabaidak.

              12. Litosferaren higidurarekin lotutako fenomeno eta egitura geologiko batzuk interpretatzea, Lurreko kontinenteen jitoaren teoria eta plaka-tektonikaren teoria oinarri hartuta.

              13. Ekosistema bateko osagaien eta ingurumen-faktoreen arteko erlazioak aztertzea, eta ingurumen-faktoreek ekosistemen orekari eta erregulazioari eusteko duten garrantzia balioestea.

              14. Ekosistemen eboluzio naturala interpretatzea, haietan gertatzen diren prozesu dinamikoak oinarri hartuta.

              15. Gizakiaren jardueraren ondorioz sortutako ingurumen-arazo nagusiak deskribatzea, garapen iraunkorraren ikuspegitik aztertzea, eta banakako eta taldeko ekintza batzuen egokitasuna aintzat hartzea, ingurumena andeatzea eragozte aldera.

                2. FISIKA ETA KIMIKA.

                2.1. ETAPAKO HELBURUAK.

                Hauek dira Fisika eta Kimika ikasgaiari dagozkion etapako helburuak:

              1. Ezagutza zientifikoa baliatzea, naturako fenomenoak nahiz gizakiaren jarduerak eragindakoak interpretatzeko, eta zientziaren, teknologiaren, gizartearen eta ingurumenaren arteko interakzioak ikuspegi kritikoz aztertzeko, eta garapen iraunkorraren alde modu aktiboan eta arduratsuan parte hartzea.

              2. Problemak identifikatzea, planteatzea eta ebaztea, eta ikerketa soil batzuk egitea, banaka nahiz lankidetzan zientziaren prozedurekiko koherenteak diren estrategiak aplikatuz, hala nola azalpen-hipotesiak formulatzea, eta datuak lortzea eta haietatik judizioak egitea ahalbidetzen duten emaitzak eta ondorioak ateratzea, iritzi hutsa eta froga zehatzetan oinarritutako ebidentzia bereiziz, norberaren nahiz gizartearen intereseko benetako egoerei testuingurua aintzat hartuta heltzeko eta erabaki arduratsuak hartu ahal izateko.

              3. Gai zientifikoei buruzko informazioa lortzea zenbait iturritatik analogikoak nahiz digitalak, eta informazio hori erabiltzea, edukia balioetsiz eta kontuan hartuta gai zientifikoei buruzko lanak funtsatzeko, bideratzeko eta lantzeko baliagarritasuna, eta gai horiei buruz nork bere jarrerak hartzea, funtsatuta eta ikuspegi kritikoz.

              4. Zientziei buruzko informazioa duten mezuak modu aktiboan eta kritikoan interpretatzea, eta mezu zientifikoak sortzea, ahozko nahiz idatzizko hizkuntza zuzen erabiliz, bai eta beste notazio- eta adierazpen-sistema batzuk ere, zehaztasunez komunikatu ahal izateko eta zientziaren esparruan azalpenak eta argudioak eman ahal izateko.

              5. Errealitatea azaltzeko eskemak egitea, kontzeptu, printzipio, estrategia, balio eta jarrera zientifikoak baliatuz, naturako fenomeno nagusiak interpretatzeko, eta gure gizarteko garapen eta aplikazio zientifiko eta teknologiko garrantzitsuenak ikuspegi kritikoz aztertzeko.

              6. Zientziaren nolakotasuna, saiakera-izaera eta izaera sortzailea baliatzea, dogmatismoak gainditzeko bide eman duten eztabaida nagusiak aintzat hartuz, bai eta historian zehar izandako iraultza zientifikoak ere, gizadiaren kultura-bilakaeran ezagutza zientifikoak izan duen garrantzia ulertzeko eta balioesteko, gizakiaren beharrak asetzeko eta haren bizi-baldintzak hobetzeko bitarteko den aldetik.

                2.2. EDUKI MULTZOEN EZAUGARRIAK.

                Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 2., 3. eta 4. mailei dagozkien adierazpenezko, prozedurazko eta jarrerazko edukiak eduki multzo hauetan sailkatu dira:

                Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 2. maila.

              1. multzoa. Ikasgai guztietan eta ikasgai honetako eduki multzo guztietan komunak diren oinarrizko zehar-konpetentziekin lotutako edukiak.

              2. multzoa. Materia eta haren propietateak.

              3. multzoa. Materiaren aldaketak: posizio-aldaketak, aldaketa termikoak, aldaketa optikoak eta soinu-aldaketak.

              4. multzoa. Indarrak eta aldaketak.

              5. multzoa. Energia eta aldaketak.

              6. multzoa. Ikerketa-proiektua.

                Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 3. maila.

              1. multzoa. Ikasgai guztietan eta ikasgai honetako eduki multzo guztietan komunak diren oinarrizko zehar-konpetentziekin lotutako edukiak.

              2. multzoa. Materiaren egitura-unitatea: materiaren izaera korpuskularra, materiaren egitura.

              3. multzoa. Aldaketa kimikoak.

              4. multzoa. Elektrizitatea eta gizartea.

              5. multzoa. Ikerketa-proiektua.

                Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 4. maila:

              1. multzoa. Ikasgai guztietan eta ikasgai honetako eduki multzo guztietan komunak diren oinarrizko zehar-konpetentziekin lotutako edukiak.

              2. multzoa. Higidura eta haren kausak: zinematika, dinamika, astronomia eta grabitazio unibertsala.

              3. multzoa. Aldaketen azterketan sakontzea: energia-transferentzia.

              4. multzoa. Erreakzio kimikoak eta haien garrantzia: atomoaren egitura eta lotura kimikoak, erreakzio kimikoak, kimika eta gizartea.

              5. multzoa. Ikerketa-proiektua.

                Aurreko etapan Naturaren Zientziak ikasgaian jorratutako ezagutza zientifikoen tratamendu integratua abiapuntu hartuta, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan lehen mailatik jada banatu egin dira, eta hala, lehen mailan Biologia eta Geologiako ezagutza zientifikoak landuko dira, eta bigarren mailan, Fisika eta Kimikakoak, azken horietan sakontasun-maila handiagoa baita, bai ideiei dagokienez, bai agerian jartzen diren erlazioei dagokienez. Nolanahi ere, banaketa horrek ez du oztopo izan behar zientzien ikaskuntzan komuna eta globala dena nabarmentzeko; hain zuzen ere, natura-inguruneari buruz dugun esperientzia globala izan ohi da, eta askotariko alderdiak integratzen ditu; bestalde, ingurunean eragiten duen jarduketan ez da zientzien arteko bereizketarik egiten; eta azkenik, ezagutza eraikitzeko prozedurak komunak dira funtsean. Horrez gain, kontuan izan behar da diziplina zientifikoek errealitatea aztertzean konpartimentutan banatzen dutela, eta ezarritako muga horiek fenomenoen sistematikotasuna eta multidimentsionalitatea eteten dutela, modu arbitrarioan. Izan ere, osotasun baten ezagutza ez da haren zatien ezagutzaren batura. Hori dela eta, gizarte- eta ingurumen-arazoei heltzeko, ezinbestekoa da curriculumeko beste ikasgai batzuetako ikaskuntzekin batera lankidetzan jorratzeko bitarteko egokiak ezartzea; batez ere, Biologia eta Geologia ikasgaiarekin lotuz, bai eta Gizarte Zientziak eta Teknologia ikasgaiekin ere. Hala, jakintza horien multzoa lagungarria izango da problema konplexuak ulertzeko eta tratatzeko.

                Edukiak sekuentziatzean, kontuan izan da ikasgai hau ez dela derrigorrezkoa laugarren ikasturtean. Hortaz, hirugarren mailaren amaieran ziurtatu behar da ikasleek lortu dutela zientziaren esparruko alfabetizazioa, ikasgai honekin lotutako oinarrizko alderdi guztietan. Hori dela-eta, bigarren eta hirugarren mailatan kontzeptuen trataera kualitatiboa eta esperimentala izango da, eta DBHko 4. mailan eta Batxilergoan, berriz, alderdi kuantitatiboak eta akademikoagoak landuko dira.

                Ikasturte bakoitzean, eduki multzoak elkarrekin erlazionatutako jakintza multzo gisa ulertzen dira, eta haiek antolatzeko, problema egituratzaileak hartzen dira abiapuntu, ildo horiei jarraituz eduki multzo horiek sekuentziatzeko eta elkarrekin erlazionatzeko, eta hala, ikaskuntza integratzailea bideratzeko.

                Hasieran, materia eta dibertsitate kontzeptuak nahiz aldaketa eta energia kontzeptuak izango dira ikaskuntza bideratzeko haria, eta eduki horien trataera batik bat makroskopikoa eta deskribatzailea izango da, natura-errealitatearen ezagutzara esperimentazioaren bidez hurbilduz. Geroago landuko dira egitura-unitatearen eta materiaren antolaketaren gaiak, konplexuagoak baitira, eta materiaren aldaketei helduko zaie, interakzio mota eta teoria zientifiko nagusiak azalduz.

                Bigarren mailan, materiaren propietateak eta haren aldaketak izango dira ikaskuntza bideratzeko haria. Hasieran, materiaren propietateak eta dibertsitatea aztertuko dira, eta gero, erregulartasunak bilatuko dira, haiek oinarri hartuta dibertsitate horren barnean hasierako sailkapen bat egiteko. Horren ostean, materiaren aldaketak aztertuko dira, eta energia kontzeptua azalduko da, aldaketen eragile den aldetik; horrela, aldaketa horien azalpen kualitatibo bat egingo da, ikuspegi globalizatzaile batetik. Era berean, indar kontzeptua azalduko da, eta indar motak eta haien aplikazio batzuk deskribatuko dira.

                Kontzeptuzko, prozedurazko eta jarrerazko edukiak hautatzean eta sekuentziatzean, zenbait irizpide hartu dira oinarri: ikasgai hau derrigorrezkoa izatea bigarren eta hirugarren mailan; ikasleen garapen kognitiboaren maila desberdinak; eta ikasleek pixkanaka kultura zientifikoa ezagutzeko eta zientziarekiko nahiz lan zientifikoarekiko jarrera positiboak garatzeko helburua. Hori dela-eta, hirugarren mailan aurreko ikasturteetan azaldutako dibertsitatearen erroan dagoen materia-unitatea aztertuko da, eta ikasle batzuen zientziaren esparruko alfabetizazioarekin jarraituko da, eredu eta teoria zientifikoek emandako aldaketa nagusien azalpenaren bidez: zehazki, teoria atomiko-molekularrak aldaketa fisiko-kimikoei buruz emandako azalpenak. Hala, Fisikan eta Kimikan, materiaren egiturari buruzko hasierako interpretazio-ereduen azalpenetik hasi eta eredu atomiko soilenak jorratuko dira; horren bidez, materiaren propietate makroskopikoak azalduko dira, bai eta materiaren aldaketa fisikoak eta kimikoak ere. Ikasturte amaieran, eduki horien osagarri, zientziaren eta teknologiaren, gizartearen eta ingurumenaren arteko erlazioak landuko dira: korronte elektrikoa, eta haren ekoizpena eta erabilera, garapen zientifikoarekin eta teknologikoarekin lotuz; eta ingurumen-arazoak, ikuspegi fisiko-kimikotik.

                Laugarren mailan, Fisika eta Kimika ikasgaian, higidura, indarrak eta energia jorratuko dira, ikuspegi mekanikotik; horren harira, zientzia modernoaren sorreran izandako zailtasunak eta zentzu komunean oinarritutako aurreko ikuspegi sinplistekiko ekarri zuen haustura azalduko dira. Bestalde, kimika organikoaren azterketa abiatuko da, materiaren antolaketa-mailaren eta bizi-prozesuen oinarri den aldetik. Azkenik, atomoaren egitura eta atomoen elkarketak sakonago azalduko dira, bai eta erreakzio kimikoak ere, aldi berean kimikak garapen iraunkorra sustatze aldera egin ditzakeen ekarpenak nabarmenduz.

                Maila guztietan, multzo komun batean sartu dira edota, kasuren batean, erlazioa duten gainerako eduki multzoekin batera alderdi hauekin lotutako edukiak: zientzia eraikitzeko moduak; lan esperimentala; zientziaren berezko hizkuntza; eta zientzialarien jarrerak, zientziari eta haren ikaskuntzari begira. Hala, eduki horien izaera komuna nabarmentzen da, lotuta baitaude eduki multzo guztiekin; eta, beraz, ikasturteko eduki guztiekin ahalik hobekien integratuta garatu beharko dira.

                Eduki komun horiek eduki multzo bakoitzean garatu beharrekoak dira, baina horrez gain, sakonago jorratze aldera, ikasturte bakoitzean gutxienez ikerketa-proiektu bat egingo da, landutako eduki multzoetako batekin lotua. Multzo hori landuta, ikerketa-lana egoki egiteko baliagarriak diren edukiak finkatuko dira.

                2.3. EBALUAZIO-IRIZPIDEAK.

                3.1. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 2. maila.

              1. Gidoi bat oinarri hartuta, ikerketak, laborategiko praktikak edo landa-azterketak egitea, lan zientifikoaren berezko metodologia eta estrategiak aplikatuz, eta haien garapena balioetsi eta emaitzak interpretatzea.

              2. Hiztegi zientifikoa zuzen erabiltzea, bere mailarako egokia den testuinguru zehatz batean adierazpenak egitean.

              3. Bere iritzia eratzea, adierazpenak zehaztasunez egitea, eta problema-egoerei buruzko argudioak ematea, informazio zientifikoa bilatuz, hautatuz eta interpretatuz.

              4. Laborategiko oinarrizko materiala hautatzea eta sailkatzea, eta behar bezala erabiltzea.

              5. Ideia zientifikoak aurrerapen teknologikoekin eta beste arlo batzuekin lotzea, eta bizi-kalitatearen hobekuntza dakartela ohartzea.

              6. Materiaren propietate orokorrak eta espezifikoak identifikatzea eta deskribatzea, haren nolakotasunarekin eta aplikazioekin lotuz, materiaren propietateei buruzko esperimentu soilak abiapuntu hartuta.

              7. Materiaren agregazio-egoeren propietateak eta materiaren egoera-aldaketak bereiztea eta azaltzea, arrazoiak emanez, eredu zinetiko-molekularra oinarri hartuta.

              8. Sistema materialak aztertzea, eta substantzia eta nahaste motak zehaztea.

              9. Aldaketa fisikoak eta kimikoak bereiztea, esperimentu soil batzuk eginez, substantzia berriak eratzen diren edo ez ikusteko.

              10. Gorputzen posizio-aldaketak interpretatzea eguneroko bizitzan, kontzeptu zientifiko egokiak erabiliz.

              11. Problemak ebaztea, tenperaturari eta haren neurketari, oreka termikoari eta beroak gorputzetan eragiten dituen efektuei buruzko ezagutzak erabiliz.

              12. Argiaren eta soinuaren transmisioarekin lotutako naturako fenomenoak azaltzea, horri buruzko esperimentuak eginez eta haien propietateak kontuan hartuta.

              13. Jakitea indarrek aldaketak eragiten dituztela gorputzen higiduran eta deformatu egiten dituztela, eta horren adibideak aurkitzea naturako egoeretan edo eguneroko bizitzakoetan.

              14. Energia kontzeptua ikuspegi kualitatibotik erabiltzea, inguruan gertatzen diren eraldaketetan duen funtzioa azalduz.

              15. Energia-iturri berriztagarriek nahiz berriztaezinek gizartean eta ingurumenean zer-nolako garrantzia eta ondorioak dituzten ohartzea, eta, arrazoiak emanez, garapen iraunkorrarekin bateragarriak diren jokabideak izateko beharra azaltzea.

                3.2. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 3. maila.

              1. Gidoi bat oinarri hartuta, ikerketak, laborategiko praktikak edo landa-azterketak egitea, lan zientifikoaren berezko metodologia eta estrategiak aplikatuz, eta haien garapena balioestea eta emaitzak interpretatzea.

              2. Hiztegi zientifikoa zuzen erabiltzea, bere mailarako egokia den testuinguru zehatz batean adierazpenak egitean.

              3. Bere iritzia eratzea, adierazpenak zehaztasunez egitea, eta problema-egoerei buruzko argudioak ematea, informazio zientifikoa bilatuz, hautatuz eta interpretatuz.

              4. Laborategiko oinarrizko materiala hautatu eta sailkatzea, eta behar bezala erabiltzea.

              5. Ideia zientifikoak aurrerapen teknologikoekin eta beste arlo batzuekin lotzea, eta bizi-kalitatearen hobekuntza dakartela ohartzea.

              6. Materiak agregazio-egoera desberdinetan dituen propietateak deskribatzea, eta interpretatzea, eredu zinetiko-molekularra oinarri hartuta, eta deskribapen makroskopikoa eta eredu bidezko interpretazioa bereiziz.

              7. Arrazoiak emanez, azaltzea naturako substantziak askotarikoak direla baina denak elementu gutxi batzuez osatuta daudela, hipotesi atomiko-molekularra eta lehenengo eredu atomikoak oinarri hartuta, eta substantzia batzuek bizirako duten garrantzia balioestea.

              8. Atomo-egitura deskribatzea, Rutherforden planeta-eredua baliatuta.

              9. Elementu kimiko garrantzitsuenek taula periodikoan zer kokapen duten jakitea, eta kokapen hori elementu bakoitzaren propietateekin eta beste elementu batzuekin elkarketak eratzeko joerarekin lotzea.

              10. Erreakzio kimikoak deskribatzea, substantzia batzuk beste substantzia mota batzuk bihurtzeko aldaketa makroskopikoak diren aldetik; ekuazio kimikoen bidez adieraztea; arrazoiak emanez, teoria atomiko-molekularra oinarri hartuta azaltzea; substantzia berriak lortzeko aukera aintzat hartzea; eta ingurumena babesteko beharraz jabetzea.

              11. Ohiko fenomeno elektrikoak sortzea eta interpretatzea, esperimentu soil batzuk eginez, karga elektrikoaren eredua oinarri hartuta, eta balioestea zer garrantzia duen elektrizitateak garapen zientifikoan eta teknologikoan eta pertsonen bizi-baldintzetan.

                3.3. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 4. maila.

              1. Gidoi bat oinarri hartuta, ikerketak, laborategiko praktikak edo landa-azterketak egitea, lan zientifikoaren berezko metodologia eta estrategiak aplikatuz, eta haien garapena balioestea eta emaitzak interpretatzea.

              2. Hiztegi zientifikoa zuzen erabiltzea, bere mailarako egokia den testuinguru zehatz batean adierazpenak egitean.

              3. Bere iritzia eratzea, adierazpenak zehaztasunez egitea, eta problema-egoerei buruzko argudioak ematea, informazio zientifikoa bilatuz, hautatuz eta interpretatuz.

              4. Laborategiko oinarrizko materiala hautatzea eta sailkatzea, eta behar bezala erabiltzea.

              5. Ideia zientifikoak aurrerapen teknologikoekin eta beste arlo batzuekin lotzea, eta bizi-kalitatearen hobekuntza dakartela ohartzea.

              6. Eguneroko bizitzan behagarriak diren higidurekin lotutako problema-egoerak ebaztea, haiek adierazteko magnitudeak, unitateak eta funtzio matematikoak erabiliz.

              7. Indarrek higidura-aldaketak eragiten dituztela azaltzea, eta eguneroko bizitzan agerian jartzen diren indar nagusiak bereiztea.

              8. Fluidoekin lotutako naturako fenomenoak eta aplikazio teknologikoak interpretatzea, esperimentu soil batzuk eginez eta hidrostatikaren printzipioak oinarri hartuta.

              9. Unibertsoko osagai diren objektuen arteko erakarpena, pisuaren erakarpen-indarra eta satelite artifizialen higidura interpretatzea, grabitazio unibertsalaren legea oinarri hartuta.

              10. Eguneroko bizitzan gertatzen diren energia-eraldaketak azaltzea, energiaren kontserbazioaren printzipioa aplikatuz, eta jakitea lana, beroa eta uhinak energia-transferentzia motak direla.

              11. Atomo-egitura deskribatzea, eredu atomiko nagusiak baliatuz.

              12. Taula periodikoko elementu kimiko garrantzitsuenen ezaugarriak identifikatzea, eta elementu bakoitzak beste elementu batzuekin elkarketak eratzean duen portaera kimikoarekin lotzea.

              13. Arrazoiak emanez, konposatu organikoen ugaritasuna eta makromolekulek izaki bizidunetan duten garrantzia azaltzea, karbonoaren ezaugarriak oinarri hartuta.

              14. Erreakzio kimikoak eta energiarekin duten lotura azaltzea, eta zehaztea zer faktoreren araberakoa den prozesu kimikoen abiadura, aldaketa kimikoei buruzko lege batzuk aplikatuz eta kalkulu estekiometriko batzuk eginez.

              15. Kimika-industriak gizartearen ongizaterako duen garrantzia azaltzea, eta industria batzuek gizarte modernoaren garapenari egindako ekarpena aztertzea, ingurumen-arazoekin ere lotuz.

                3. KULTURA ZIENTIFIKOA.

                3.1. ETAPAKO HELBURUAK.

                Hauek dira Kultura Zientifikoa ikasgaiari dagozkion etapako helburuak:

              1. Ezagutza zientifikoa baliatzea, zientziak eta teknologiak pertsonen bizitzan eta osasunean duten eragina ikuspegi kritikoz aztertzeko, bai eta zientziaren eta gizartearen nahiz ingurumenaren arteko interakzioak ere, eta ebidentzia zientifikoetan oinarritutako iritziak eratzeko nahiz interes zientifiko-sozialeko gaietan modu aktiboan eta arduratsuan parte hartzeko.

              2. Problemak identifikatzea, planteatzea eta ebaztea, eta ikerketa soil batzuk egitea, banaka nahiz lankidetzan zientziaren prozedurekiko koherenteak diren estrategiak aplikatuz, zientziak eta teknologiak gizartearekin eta ingurumenarekin dituzten erlazioak aztertzeko, eta norberaren nahiz gizartearen intereseko benetako egoerei testuingurua aintzat hartuta heltzeko eta erabaki arduratsuak hartu ahal izateko.

              3. Gai zientifikoei buruzko informazioa lortzea zenbait iturritatik analogikoak nahiz digitalak, eta informazio hori erabiltzea, edukia balioetsiz eta kontuan hartuta gai zientifikoei buruzko lanak funtsatzeko, bideratzeko eta lantzeko baliagarritasuna, eta gai horiei buruz nork bere jarrerak hartzea, funtsatuta eta ikuspegi kritikoz.

              4. Zientziei buruzko informazioa duten mezuak modu aktiboan eta kritikoan interpretatzea, eta mezu zientifikoak sortzea, ahozko nahiz idatzizko hizkuntza zuzen erabiliz, bai eta beste notazio- eta adierazpen-sistema batzuk ere, zehaztasunez komunikatu ahal izateko eta zientziaren esparruan azalpenak eta argudioak eman ahal izateko.

              5. Errealitatea azaltzeko eskemak egitea, kontzeptu, printzipio, estrategia, balio eta jarrera zientifikoak baliatuz, eguneroko ingurunea interpretatzeko, eta gure gizarteko garapen eta aplikazio zientifiko eta teknologiko garrantzitsuenak ikuspegi kritikoz aztertzeko.

              6. Zientziaren nolakotasuna, saiakera-izaera eta izaera sortzailea baliatzea, dogmatismoak gainditzeko bide eman duten eztabaida nagusiak aintzat hartuz, bai eta historian zehar izandako iraultza zientifikoak ere, gizadiaren kultura-bilakaeran ezagutza zientifikoak izan duen garrantzia ulertzeko eta balioesteko, gizakiaren beharrak asetzeko eta haren bizi-baldintzak hobetzeko bitarteko den aldetik.

                3.2. EDUKI MULTZOEN EZAUGARRIAK.

                Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 4. mailari dagozkion adierazpenezko, prozedurazko eta jarrerazko edukiak eduki multzo hauetan sailkatu dira:

              1. multzoa. Ikasgai guztietan eta ikasgai honetako eduki multzo guztietan komunak diren oinarrizko zehar-konpetentziekin lotutako edukiak.

              2. multzoa. Unibertsoa.

              3. multzoa. Bizi-kalitatea.

              4. multzoa. Aurrerapen teknologikoak eta ingurumenean eragiten duten inpaktua.

              5. multzoa. Berrikuntza. Material berriak.

              6. multzoa. Ikerketa-proiektua.

                Zientzia gizadiaren eraikuntza teoriko nagusietako bat da. Zientziaren ezagutzak banakoa eratzen du, analisi-gaitasuna ematen dio, bai eta egia bilatzeko gaitasuna ere. Zientzia gizadiaren kultura-ondarearen parte da; hain zuzen ere, iraganeko kulturen aurrerapenen eta lorpenen jatorrian gizakiaren ahaleginaren eta sormenaren bidez garatutako ezagutza zientifikoak egon dira.

                Bai zientzia bai teknologia nazioen ongizatearen zutabeak dira, eta beharrezkoak dira herrialdeek erronka berriei aurre egiteko eta irtenbideak bilatzeko. Horrenbestez, zientziaren arloko heziketa ezinbestekoa da gizarteak oro har erronka horiei erantzuteko konpromisoa har dezan.

                1. mendeko informazioaren eta ezagutzaren gizarte honetan, pertsonen prestakuntza intelektualaren eta kultura zientifikoaren mende daude herrialdeen garapen soziala, ekonomikoa eta teknologikoa, gero eta lehiakorragoa eta globalizatuagoa den mundu honetan duten kokapena, eta herritarren ongizatea.

                  Gure eguneroko bizitzan, etengabe ditugu inguruan zientziaren esparruarekin zerikusia duten egoerak eta hitzak, zuzenean eragiten digutenak: dieta orekatua, gaixotasunak, elikagaien ekoizpena eta manipulazioa (behi eroen sindromea, arrainen parasitoak, oiloen dioxinak...). Komunikabideetan ere, etengabe ageri dira horrelako gaiak: elikagai transgenikoak, klonazioak, in vitro ernalketa, terapia genikoa, transplanteak, enbrioi izoztuekin egindako ikerketak, lurrikarak, sumendi-erupzioak, lehorteak, uholdeak, Plan Hidrologiko Nazionala, desagertzeko arriskuan dauden animaliak, eta abar. Beraz, egungo mundua ulertzeko, herritarrek oinarrizko kultura zientifikoa izan behar dute; hau da, alfabetizazio zientifikoa lortu behar dute.

                  Ezinbesteko kultura zientifiko hori herritar guztien esku jarri behar da, jakintza horren elementu komunak bilatuz. Gizarte demokratiko ororen erronka da herritarrek nahikoa ezagutza izatea, gai izan daitezen gizartean berebiziko eragina duten gai zientifiko eta teknikoei buruzko erabakiak gogoetan oinarrituz eta funtsatuta hartzeko, gizadiaren bilakaera iraunkortasunean oinarritutako etorkizunerantz bideratze aldera.

                  Ikasgai honetan, ikasleei problemei heltzeko, aztertzeko eta ondorioak ateratzeko modu jakin bat azalduko zaie, eta irizpide zehatz batzuk emango zaizkie, gai izan daitezen iritzi pertsonalak eta ikerketa baten ondorioak bereizteko, deskribatzea eta interpretatzea bereizteko, eta zientzia eta pseudozientzia bereizteko. Horrez gain, ikasleek argudiatze sendoak eraikitzeko eta hizkuntza zehatza erabiliz azaltzeko gaitasuna garatuko dute, aurkeztutako ideien eta amaierako ondorioen arteko erlazioak ezarriz, bai eta grafikoak irakurtzeko eta interpretatzeko gaitasuna ere, aldagaien arteko erlazioak ezartzeko, edota erregulartasunak bilatzeko eta haiei buruzko galderak egiteko. Gainera, ezagutza zientifikoak gizarteari begira duen erabilgarritasuna hobeto ulertuko dute ikasleek, gizarte-kontrol jakin batzuk ezartzearen egokitasunaz jabetuko dira, eta, azken finean, zientziekiko interesa piztuko zaie eta informazio zientifikoa hobeto erabiltzeko gaitasuna lortuko dute.

                  Hortaz, ikasgai hau lagungarria izango da ikasle batzuen zientziarekiko zaletasun eza eta horrek sortzen dien blokeoa gainditzeko. Helburua da zientzia gizarte-testuinguruarekin lotuta aztertzea, ikasgelan landutako edukiak gizarte-intereseko gai zientifikoekin lotzea. Horretarako, zientziarako hurbilketa funtzional bat egin behar da, gizartean eragin nabarmena duten gai zientifikoei eta teknologikoei buruzko galderei erantzunez. Hortaz, ez da nahikoa ikasleei erantzunak ematea. Batez ere bitarteko egokiak eman behar zaizkie, informazioa bilatzeko eta hautatzeko, informazio esanguratsua eta esanguratsua ez dena bereizteko, ebidentzia zientifikorik dagoen edo ez zehazteko, eta abarretarako. Hortaz, ikasten ikasteko konpetentzia garatzeko aukera eman behar zaie, etorkizunari begira baliagarria izango baitzaie, iraultza zientifikoen eta teknologikoen ondorioz etengabe aldatzen ari den gizarte honetan.

                  Hori dela-eta, ikasgai hau Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan nahiz Batxilergoan landuko da. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 4. mailan, Kultura Zientifikoa ikasgaian, ezagutza zientifikoarekin lotutako gai hauek jorratuko dira: unibertsoa, aurrerapen teknologikoak, osasuna, bizi-kalitatea eta material berriak. Batxilergoko 1. mailan, gai konplexuagoak landuko dira: Lurraren eraketa eta biziaren jatorria; genetika; biomedikuntzako aurrerapenak; eta informazioaren eta komunikazioaren teknologia berriei buruzko eduki multzo bat.

                  3.3. EBALUAZIO-IRIZPIDEAK.

                  1. Ikerketak, laborategiko praktikak edo landa-azterketak egitea, lan zientifikoaren berezko metodologia eta estrategiak aplikatuz, eta haien garapena balioestea eta emaitzak interpretatzea.

                  2. Hiztegi zientifikoa zuzen erabiltzea, bere mailarako egokia den testuinguru zehatz batean adierazpenak egitean.

                  3. Bere iritzia eratzea, adierazpenak zehaztasunez egitea, eta problema-egoerei buruzko argudioak ematea, informazio zientifikoa bilatuz, hautatuz eta interpretatuz.

                  4. Laborategiko oinarrizko materiala hautatzea eta sailkatzea, eta behar bezala erabiltzea.

                  5. Zientziak zenbait arlotan egindako ekarpenei buruzko azterlan bat egitea, eta jabetzea ekarpen horiek bizi-kalitatea hobetzea eta ingurumen-arazoak arintzea dakartela.

                  6. Unibertsoaren eta eguzki-sistemaren jatorria eta antolaketa deskribatzea eta azaltzea, eta azalpen zientifikoak eta iritzietan edo usteetan oinarritutako azalpenak bereiztea.

                  7. Osasun kontzeptua oro har ulertzea, gaixotasun mota ohikoenen berri jakitea, historian zehar gaixotasunari buruz eman diren azalpenen eta gai horri eman zaion trataeraren berri jakitea, eta zientziak banakoaren eta gizartearen osasunari egindako ekarpenak balioestea.

                  8. Gaixotasun ohikoenen minbizia, diabetesa, gaixotasun kardiobaskularrak, buruko gaixotasunak, drogen kontsumoa, etab. ezaugarriak eta tratamendua deskribatzea, haien kausak zehaztuz, eta ohartzea zeinen garrantzitsua den prebentzio-neurriak hartzea, kutsadurarik ez gertatzeko, aldizka osasun-azterketak egitea, eta norberarentzat nahiz gizartearentzat osasungarriak diren bizi-estiloak izatea.

                  9. Ingurumen-arazo nagusiak zein diren jakitea, arazo horien kausak eta areagotzen dituzten faktoreak aztertzea, jabetzea zer ondorio izan ditzaketen, eta azaltzea, argudioak emanez, Lurreko baliabideen kudeaketa jasangarriaren beharra eta herritarrek horri buruzko sentsibilizazioa eta konpromisoa hartzearen garrantzia.

                  10. Material tradizionalekin eta berriekin lotutako alderdiei buruzko ikerketa txikiak egitea, zer aplikazio dituzten zehaztu eta gizadiaren garapenean duten eragina azaltzea, bai eta material horiek fabrikatzeak, erabiltzeak eta hondatzeak sortzen dituen ingurumen-arazoak ere; eta horri guztiari buruzko ondorioak aurkeztea.

                    4. LAN-JARDUERARI APLIKATUTAKO ZIENTZIAK.

                    4.1. ETAPAKO HELBURUAK.

                    Hauek dira Lan Jarduerari Aplikatutako Zientziak ikasgaiari dagozkion etapako helburuak:

                  1. Zientziak eta teknologiak egindako ekarpenak baliatzea, natura-baliabideen kontserbazioa, zaintza eta babesa sustatze aldera, baliabideen erabilera jasangarria bideratzeko prebentzio-neurriak aintzat hartuz, eta garapen iraunkorraren alde modu aktiboan eta arduratsuan parte hartzea.

                  2. Industrian, nekazaritzan eta energia-ekoizpenean sortzen diren eragile kutsatzaile moten ezagutza erabiltzea, ingurumenean eragiten duten inpaktua aztertzeko, eta ingurumena kontserbatzeko eta hobetzeko ekimenak proposatzeko.

                  3. Laborategian egoki lan egitea, antolaketa eta lan-teknikak ezagutuz, lan-teknika bakoitzerako material espezifiko egokiena hautatuz eta erabiliz, segurtasun- eta higiene-arauak jakinez eta arauk horiek betez, eta kasu bakoitzean beharrezko babes-ekipoak erabiliz, horren bidez benetako kasu praktikoei testuingurua aintzat hartuta heltzeko eta erabaki arduratsuak hartu ahal izateko.

                  4. Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak baliatzea, modu egokian, informazioa bilatzeko, hautatzeko, prozesatzeko eta aurkezteko, eta ordenagailu bidezko esperimentazio-programak eta esperimentuak erabiltzeko.

                  5. Errealitatea azaltzeko eskemak egitea, lortutako ezagutzak eta landutako prozedurak hautatzeko eta integratzeko estrategiak baliatuz, eguneroko ingurunea ikuspegi zientifikotik interpretatzeko, eta gure gizarteko garapen eta aplikazio zientifiko eta teknologiko garrantzitsuenak ikuspegi kritikoz aztertzeko.

                  6. I+G+b kontzeptuari, haren bilakaerari eta sustatzen duten erakundeei buruzko ezagutzak baliatzea, material edo produktu berriak fabrikatzeko, prozesu edo ekoizpen-sistema berriak diseinatzeko eta hobekuntza teknologikoak lortzeko zeinen garrantzitsua den azalduz, eta ekoizpen-sektoreetan batez ere, ingurune hurbilekoetan lehiakortasuna hobetzeko duen eragina balioetsiz.

                  7. Zenbait lan-jardueratan baliatzen diren aplikazio zientifiko nagusien ezagutza erabiltzea, zientzia-diziplina desberdinek egindako ekarpenak aztertuz, zientzia gizarte-jarduera konplexua dela ulertzea, eta ezagutza zientifikoak gizadiaren kultura-bilakaeran duen garrantzia balioestea, bai eta gizakiaren beharrak asetzeko eta bizi-baldintzak hobetzeko egiten duen ekarpena ere.

                    4.2. EDUKI MULTZOEN EZAUGARRIAK.

                    Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 4. mailari dagozkion adierazpenezko, prozedurazko eta jarrerazko edukiak eduki multzo hauetan sailkatu dira:

                  1. multzoa. Ikasgai guztietan eta ikasgai honetako eduki multzo guztietan komunak diren oinarrizko zehar-konpetentziekin lotutako edukiak.

                  2. multzoa. Oinarrizko teknika instrumentalak.

                  3. multzoa. Zientziaren aplikazioak, ingurumenaren kontserbaziorako.

                  4. multzoa. Ikerketa, garapena eta berrikuntza (I+G+b).

                  5. multzoa. Ikerketa-proiektua.

                    Ezagutza zientifikoak pertsonak gaitzen ditu, beren osasuna hobeto kontrolatzeko eta hobetzeko, eta zientziak eta haren prozedurek gizarte-ongizateari egiten dioten ekarpena ulertzeko.

                    Ezagutza zientifikoa jakintza integratua da, eta zenbait diziplinatan antolatuta dago. Horrek guztiak berekin dakar metodo zientifikoak ezagutzeko eta erabiltzeko beharra, ezagutzaren eta esperientziaren esparru guztietako problemak identifikatzeko eta zenbait alorretako gizarte-ohiturak ikuspegi kritikoz balioesteko. Alde horretatik, Lan-jarduerari Aplikatutako Zientziak ikasgaiak aukera emango die ikasleei eguneroko bizitzako eta inguruneko kasu praktikoetan aurreko ikasturteetan lortutako ezagutzak aplikatzeko; esaterako, Fisikakoak, Kimikakoak, Biologiakoak edo Geologiakoak.

                    Bestalde, garrantzitsua da Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren amaieran ikasleek zientziaren arloko prozedurazko ezagutzak barneratuta izatea; batik bat, teknika esperimentalei dagozkienak. Ikasgai honen bidez, oinarrizko prestakuntza esperimentala lortuko dute ikasleek, eta hori lagungarria izango zaie laborategiko lan-diziplina barneratzeko, aintzat hartuz segurtasun- nahiz higiene-arauak eta kasu bakoitzean babes-ekipo egokiak erabiltzearen garrantzia.

                    Horrez gain, ikasgai honetan zientziaren zenbait alderdiri buruzko orientabidea emango zaie ikasleei: zientziaren metodo praktikoak, lan-jardueran dituzten aplikazioak, sortzen dituzten ingurumen-inpaktuak eta laborategiko oinarrizko eragiketak. Prestakuntza hori oinarri sendoa izango da lanbide-heziketako ikasketak arloka bereizteko: nekazaritza, elikagai-industria, kimika, osasuna, beira eta zeramika, etab.

                    Ikasgai osoaren trataera batik bat praktikoa izango da, eta talde-lanaren garrantzia azpimarratuko eta balioetsiko da, bai eta egindako lanetan lortutako emaitzak ahoz aurkeztea eta defendatzea ere. Bestalde, IKTak baliatuko dira, ikerketa-lanak egiteko eta emaitzak aurkezteko, informazioa zabaltzeko eta edukietan sakontzeko, eta simulazio- eta esperimentazio-programak egoki erabiltzeko.

                    Edukiak 5 multzotan sailkatu dira. 1. multzoan, oinarrizko zehar-konpetentziekin lotutako edukiak jaso dira, arlo eta ikasgai guztietarako komunak direnak, bai eta ikasgai honetako multzo guztietarako komunak direnak ere.

                  1. multzoa laborategiko lanari buruzkoa da. Garrantzitsua da ikasleek jakitea nola dagoen antolatuta laborategia, zer material eta substantzia erabiliko diren praktiketan, eta nola erabili behar diren. Horrez gain, azpimarratu behar da ezinbestekoa dela segurtasun -eta higiene-arauak ezagutzea eta betetzea. Ikasleek laborategi-saiakuntzak egingo dituzte, oinarrizko teknika instrumentalak ezagutzen hasteko. Oso garrantzitsua da materialak eta erreaktiboak segurtasun osoz erabiltzea.

                    Ahal dela, saiatu behar da ikasleek industriarako erabilgarriak diren substantziak lor ditzaten, horrela laborategiko ikerketaren eta industria-erabileraren arteko erlazioaz jabetzeko. Horren ostean, garrantzitsua da ikasleek ulertzea zer-nolako inpaktua eragiten duen industriak ingurumenean produktu horiek lortzeko prozesuan, eta aldi berean ohartzea zientziak inpaktu hori arintzeko ekarpenak ere egiten dituela, prebentzio-tresnak baliatuz baliabideen erabilera eta kudeaketa jasangarria izan dadin lortze aldera.

                  2. multzoa zientziari eta ingurumenarekin duen erlazioari buruzkoa da. Helburua da ikasleek ingurumena kutsatzen duten eragile moten berri jakitea, zer jatorri duten eta ingurumenean zer efektu eragiten dituzten zehaztea, eta sortutako kutsatzaileak eta hondakinak nola tratatzen diren jakitea. Alderdi teorikoak lantzeaz gain, laborategiko praktikak egingo dira, ikasleek ikus dezaten nola trata daitezkeen kutsatzaileak eta nola erabili behar diren ikasitako teknikak.

                  3. multzoan, ikasleentzat nahiko berriak diren edukiak landuko dira, alderdi teorikoak eta ikerketa uztartuz, eta IKTak erabiliz; hori tresna eraginkorra izango da ikasleek jakin dezaten zer aurrerapen egin diren arlo horretan munduan, estatuan eta, batez ere, norberaren erkidegoan.

                    Herrialde guztiak saiatzen dira, ahal duten heinean, I+G+b-rekin lotutako jarduerak sustatzen, laguntza-politiken bidez (diru-laguntzak, kenkariak, hobaridun maileguak, etab.). Izan ere, ikerketaren eta garapenaren zikloan maila altua izateak enpresak sendoagoak izatea dakar, haien produktuek edo prozesuek desberdintze positiboa lortzen baitute lehiakideen produktu eta prozesuekiko. Horrez gain, jarduera horietako askok gizarte-aurrerapenak ekar ditzakete, hala nola hobekuntzak bizi-kalitatean, ingurumenean, osasunean eta abarretan. Horregatik guztiagatik, ikasleei jakinarazi behar zaie zer aukera izan ditzaketen etorkizun hurbilean, eta gaitasuna izan behar dute prozedurazko eta jarrerazko tresnak nahiz tresna kognitiboak baliatzeko, horrela aukeran dituzten lan-ibilbideei arrakastaz ekiteko.

                    Ikasleak, ekoizpen-sarean I+G+b-k duen garrantziaz jabetuta, politika horien sustatzaile izan daitezke etorkizunean, balio erantsi handiko produktuak eta zerbitzuak sortuz. Izan ere, gaur egun ezinezkoa zaigu gorabidean dauden herrialdeen fabrikazioaren prezioekin lehiatzea, baina berrikuntzari esker lehiakortasuna lor dezakegu produktuaren diseinuaren eta kalitatearen bidez.

                    Azkenik, 5. multzoan, ikasleek curriculumeko edukiren bati buruzko ikerketa-proiektu bat egitea proposatzen da, metodologia zientifikoari buruz ikasitakoa praktikaren bidez finkatzeko.

                    4.3. EBALUAZIO-IRIZPIDEAK.

                  1. Laborategiko materialak eta produktuak bereizi eta behar bezala erabiltzea, ikasitako segurtasun- eta higiene-arauak betez.

                  2. Magnitudeen balioak zehazteko neurketa-tresna egokiak aukeratzea eta erabiltzea, eta kasu bakoitzean teknika egokiak erabiltzea, kontuan hartuta neurketa-tresnaren doitasuna, egokitasuna eta zehaztasuna, eta neurketan egindako errorea kalkulatzea.

                  3. Eredu zientifikoak oinarri dituzten behaketa-teknikak, datuak biltzekoak, informazioa aztertzekoak eta ondorioak ateratzekoak aplikatzea, eta azalpenak zehaztasunez ematea, ebidentzia zientifikoak oinarri hartuta eta arrazoiak edo argudioak emanez.

                  4. Ikerketak, laborategiko praktikak edo landa-azterketak egitea, lan zientifikoaren berezko metodologia eta estrategiak aplikatuz, eta haien garapena balioestea eta emaitzak interpretatzea.

                  5. Zientziak zenbait lan-jardueratan dituen aplikazio nagusiak bereiztea, eta jabetzea zer erlazio dagoen gaur egun zientziaren eta produktuak nahiz zerbitzuak sortzeko askotariko lan-jardueren artean.

                  6. Lan- edo ekoizpen-jarduera jakin batek sortzen duen ingurumen-inpaktua eta kutsadura aztertzea, eragile kutsatzaileek atmosferan, lurzoruan eta uretan eragiten dituzten efektuak baloratzea, eta zehaztea zer ekintza egin beharko liratekeen eragin horiek arintzeko.

                  7. Jarduera jakin batean zer hondakin mota sortzen diren jakitea, eta irtenbideak proposatzea, hondakin horiek kudeatzeko, biltegiratzeko, birziklatzeko edo desagerrarazteko, kontuan hartuta zer produktu mota diren.

                  8. Azaltzea I+G+b-k produktibitatean zer-nolako eragina duen, merkatu globaleko lehiakortasunean eta garapen iraunkorraren sustapenean, proiektu berritzaile baten adibidea abiapuntu hartuta.

                  9. Produktuen eta prozesuen berrikuntza motei buruz ikertzea, berrikuntzan aitzindari diren enpresen adibideak aztertuz, eta erakundeek eta administrazioek I+G+b garatzeko planei egiten dizkieten ekarpenak balioestea.

                  10. Ezagutza zientifikoa lan-jarduerari aplikatzeari buruzko azterlan bat egitea, IKTak behar bezala erabiliz informazioa bilatzeko, hautatzeko eta tratatzeko.

                    4. TEKNOLOGIARAKO KONPETENTZIA.

                    1. TEKNOLOGIA.

                    1.1. ETAPAKO HELBURUAK.

                    Hauek dira etapako helburuak Teknologiarako:

                  1. Teknologiako problema bat hautematea eta haren soluzioa diseinatu eta planifikatzea. Horretarako, zenbait iturritan bilatuko du informazioa, eta egokia deritzona aukeratuko du, jakintza zientifiko eta teknologikoak aplikatuz, inguruko egoerak konpondu edo hobetzeko. Horrela, testuingurua abiapuntu hartuta, ekintzailetza sustatuko da.

                  2. Teknologiaren arloko objektuak eta sistemak modu metodikoan aztertzea, eta haien funtzionatzeko modua eta erabiltzeko eta kontrolatzeko modurik egokiena ulertzea, jakiteko zertarako egin diren eta erabiltzen diren, batetik, eta beste arlo batzuetan ere erabil daitekeen informazioa biltzeko, bestetik.

                  3. Bide eta tresna egokien bidez, aurreikusitako edo emandako konponbide teknikoak irudikatzea eta simulatzea. Horretarako, egokiak diren ikurrak eta lexikoa erabiliko dira, bai eta baliabide grafiko egokiak ere. Horren guztiaren bidez, konponbidearen bideragarritasuna eta gauzatzeko aukera aztertuko dira, eta haren buruzko informazioa trukatuko.

                  4. Inguruko elementu teknologikoak aise eta arduraz erabiltzea eta hobetzeko aukerak edo beste erabilera batzuk proposatzea, eta zenbait iturritan kontrastatzea, beharrezkoa balitz. Horren helburua da irtenbidea ematea bizitzako ohiko jarduneko zenbait egoerari.

                  5. Problema teknologiko bati konponbidea ematea, fisikoa zein birtuala, eta, beharrezkoa bada, kontrol-programa egitea, segurtasun- eta ergonomia-arauak kontuan hartuta. Atzeraeragina izango du, etengabe, egindakoa planteatutako baldintzetara egokitzeko.

                  6. Lan-prozesua eta lortutako produktua ebaluatzea, eta eskuratutako ezaguera aintzat hartzea. Produktuaren kalitatea aztertzea eta proposatutako baldintzetarako ongi funtzionatzen duen begiratzea, eta jarduerak natura ingurunean eta gizartean dituen ondorioak aztertzea. Horren guztiaren helburua da problema teknologikoa konpondu den egiaztatzea eta hobekuntza-ziklo baten proiektua egin ahal izatea.

                    1.2. EDUKI MULTZOEN EZAUGARRIAK.

                    Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 4. mailako adierazpenezko, prozedurazko eta jarrerazko edukiak eduki multzo hauetan biltzen dira:

                    Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1. mailatik 3. mailara:

                  1. multzoa. Ikasgai guztietan komunak diren oinarrizko zehar-konpetentziekin lotutako edukiak.

                  2. multzoa. Ikaskuntza-ingurune birtuala.

                  3. multzoa. Problema teknologikoak ebaztea.

                  4. multzoa. Esplorazio eta komunikazio teknikoa.

                  5. multzoa. Baliabide zientifikoak eta teknikoak.

                  6. multzoa. Ekoizpen-teknikak. Materialak eta tresnak.

                  7. multzoa. Kontrol-teknologia. Robotika. Programazioa.

                    Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 4. maila:

                  1. multzoa. Ikasgai guztietan komunak diren oinarrizko zehar-konpetentziekin lotutako edukiak.

                  2. multzoa. Elektronika.

                  3. multzoa. Komunikazioaren teknologia.

                  4. multzoa. Etxebizitzetako instalazioak.

                  5. multzoa. Esplorazio eta komunikazio teknikoa.

                  6. multzoa. Programazioa eta kontrola. Robotika.

                  7. multzoa. Pneumatika eta hidraulika.

                  8. multzoa. Teknologia eta gizartea.

                    «Informazioaren eta komunikazioaren teknologia» multzoak ikasleak bere ikaskuntzan erabiltzen duen teknologia biltzen du. Ekipo informatikoa (tableta, ordenagailu eramangarria, telefonoa, tabletofonoa eta abar) baino gehiago da, multzo honetako edukietan sartzen baitira, halaber, ikastetxeko espazio birtual osoa (intraneta eta LMS) eta ikasleak irakaslearekin eta ikaskidearekin elkarreragiteko kudeatu beharreko kontuak, profilak eta abar. Orobat, barne hartzen ditu informatikako oinarrizko ezagutzak eta ekipoen oinarrizko mantentze-lanak, babes-neurriak, sarean izan beharreko jarrera eta abar.

                    Metodologia moduan zein eduki multzo moduan tratatuta, problema teknologikoen ebazpena hainbat motatako fasez osatutako segida moduan ulertu behar da. Fase bakoitzean zenbait ekintza egingo dira, baina guztien xedea lortu nahi den helburua lortzea izango da. Ikasleek ohartu egin behar dute fase guztien atzean batasun bat dagoela, ekintzak zertarako diren ulertu behar dute, modu naturalean aplika ditzaten gerora egiten dituzten garapen teknologikoetan. DBHko lehen hiru mailetan, multzo honetan konponbide teknologikoen mailei buruzko galderak planteatzen dira, gauzen erabilera pertsonalari eta kolektiboari buruzkoak, haien kostuari buruzkoak, haiek ekoizteak eta erabiltzeak dakartzan eraginei buruzkoak eta abar.

                    Esplorazio eta komunikazio teknikoari buruzko multzoa oso garrantzitsua da. Hartako edukiek arlo teknologikoari buruzko ideiak transmititu, trukatu eta jakinarazteak duten garrantzia azpimarratzen dute. Batzuetan, konponbide egokiena topatzeko bidean izandako eztabaidaren atal izango da, beste batzuetan, planoak eta informazio teknikoa beharko da, beste batzuek gauzatu dezaten zirriborro moduan adierazitakoa. Egoera batzuetarako nahikoak izango dira eskuz egindako marrazkiak eta eskemak, gutxi gorabeherako kalkuluak; beste batzuetan, beharrezkoa izango da delineatzea eta normalizatzea, egoki interpretatzen dela bermatzeko. Ordenagailua erabiltzeko aukera egongo da marrazkiak egiteko, zirkuituen edo sistemen portaeraren simulazioak egiteko, eta aukera egongo da, halaber, gauzak domeinu fisikoan (3Dn) gauzatzeko, testatu ahal izan daitezen, behin betiko diseinua fintzeko.

                    Zientziaren eta teknologiaren arteko lotura gero eta estuagoa da, eta, horregatik, eduki multzo batean baliabide zientifikoak eta teknikoak sartzen dira. Hartan, ikasleak kasuan-kasuan egiten ari den garapenarekin jarraitzeko abian jarri beharreko ezagutzak aurkezten dira. Ezaguera teknikoa aberastu egiten da egindako esperientzia bakoitzarekin, izan lantegia izan ordenagailua, eta gero eta konponbide egokiagoak eta sofistikatuagoak izaten laguntzen du.

                    Ekoizpen-teknikak, problema teknologiko bakoitzerako konponbidea gauzatzeko ezinbestekoak, berariazko eduki multzo batean lantzen dira. Produktua ageriko egitea da ikasleek gehien atsegin duten fasea, izan proposatutako portaera duen programa bat, izan gauza bat, izan sistema fisiko bat. Tresnak erabiltzeko, arretaz eta autodiziplinaz jokatzea eskatzen du, segurtasuna bermatzeko. Konponbideak aurkitzeko material egokiak eta eskuragarriak aukeratu beharko dira, eta kasuan-kasuan egokiak diren tresnak erabiliko dira haiekin. Askotariko teknikak erabiltzen dira, bai tradizionalak, bai eta pixkanaka orokortzen ari direnak ere, gehikuntza bidezko fabrikazioa (AM), esaterako.

                    Kontroleko, robotikako eta programazioko teknologiaren eduki multzoak ezinbestekoa kontrolaren garai honetan kontrolaren bilakaera erakusten du, hasieratik kontrol programatua bihurtu artekoa. Ikasleek (zenbait Lehen Hezkuntzan hasiko ziren programazioa lantzen) lehen mailatik sakonduko dute programazioan, eta ikusiko dute testuinguru bat beraiek diseinatutako programa baten bidez kontrola daitekeela. Robotikak, haren esanahi zabalenean, aberastasun teknologikoa du oinarri, eta hartan mekanika, elektronika eta programazioa elkartzen dira.

                    Elektronika baliabide zientifikoen eta teknikoen multzoan sartzen da, DBHko 1. mailatik 3.era bitartean. 4. mailan, ordea, modu formalagoan planteatzen da: elektronikako problemak lantzen dira, elektronika analogiko zein digitaleko problemak.

                    Komunikazioaren teknologiak. Aurreko atalean bezala, baliabide zientifikoen baitan landu daiteke, DBHko 1. mailatik 3.era bitartean, eta berariazko multzoa du 4. mailan. Gauzen Internet lantzen da (IoT), aplikazio praktiko baten bidez. Hartan garapen horiek zertarako egiten diren eta egungo bizimoduan zer eragin duten aztertzen da.

                    Etxebizitzetako instalazioak DBHko 4. mailako multzo batean lantzen dira: ikasleek oro har etxean erabiltzen dituzten instalazioak lantzen dira. Atal analitiko bat du, eta beste batean instalazio horiek osatzen dituzten elementuen eskemak eta ezaugarriak aztertzen dira. Aurreko mailetan ere plantea daiteke horrelako problemaren bat, herritar ororentzat oinarrizkoa den ikaskuntza da eta.

                    Programazioa eta kontrola. Garapen teknologiko batean kontrol-plaka bat sartzen bada, asko aldatzen da garapen horren maila. Eta horixe planteatzen du DBHko 4. mailako eduki multzo honek. Plaka-aukera handia dago merkatuan, eta bat aukeratzean kontuan hartu beharko lirateke haren prestazioak, sarreren eta irteeren kopurua, testuingurua aldatzeko aukera, programazio-eremua, grafikoa edo kodigo bidezkoa, sistema eragileekin bateragarria edo bateragarritasun txikikoa eta abar.

                    Pneumatika eta hidraulika, DBHko 4. mailako eduki multzoa. Elektronikaz bestelako kontrol-metodoak, fluido bidezkoak, gehiago erabiltzen dira industrian etxeetan baino, baina etxeetan ere erabiltzen dira. Sarrera gisa adierazi beharko da zer portaera fisiko duten fluido horiek, zer aldagai elkartzen diren eta zein diren zirkuitu pneumatikoen ohiko operadoreak. Zirkuituak erabiltzeko baliabiderik ez badago, simulazio-programak erabil daitezke, edota teknologia horiek erabiltzen dituzten enpresetara bisitak egin.

                    Teknologia eta gizartea eduki multzoa da bai DBHko 1. mailatik 3. maila bitartean, bai eta 4. mailan ere. Azken mailan, sakonago aztertzen da garapen teknologikoen erabilgarritasuna, asetzen dituzten edo ez dituzten beharrak, eta ikasleen pentsamendu kritikoa bultzatzen da, merkatuari eta produktuen bizitza-zikloari buruz eta jarduera teknologikoak ingurumenean eta gizartean dituen ondorioei buruz hausnar dezaten.

                    1.3. EBALUAZIO-IRIZPIDEAK.

                    3.1. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1. mailatik 3. mailara.

                  1. Prozesu teknologiko baten etapak bereiztea eta deskribatzea, eta haietako bakoitzean egokiak diren lanak egitea.

                  2. Zehaztutako problema batentzako konponbide egokia diseinatzea, ezagutza teknikoak eta zientifikoak egoki aplikatuz.

                  3. Ingurumenean eta gizakiarengan objektuak eta sistemak erabili eta botatzeak zer ondorio dituen aztertzea, eta ingurumenaren iraunkortasunaren aldeko jarrera izatea.

                  4. Eraginkortasunez eta disfuntziorik gabe moldatzea ikaskuntzarako erabiltzen duen ingurune birtualean.

                  5. Sistema, objektu edo programa bat osatzen duten elementuak identifikatzea, eta haien arteko lotura eta funtzionamendu globala azaltzea.

                  6. Ikur eta lexiko egokiz dokumentatzea laneko etapak, eta prozesu osoa aztertzeko eta ebaluatzeko aukera ematen duten komunikazio- eta adierazpen-tresnak erabiltzea.

                  7. Lanerako plan batean ezarrita dauden eragiketa teknikoak egitea, eta baliabide materialak eta antolakuntzakoak irizpide egokiz erabiltzea (ekonomia, segurtasuna eta ingurumena errespetatzea) eta lan-inguruko baldintzak aintzat hartuz.

                  8. Multzo bat eraikitzean zenbait material erabiltzea, eta zergatik aukeratu duen arrazoitzea.

                  9. Muntaiak egitea, zenbait teknologiatan oinarrituta.

                  10. Egindako lana ebaluatzea, prozesuan zehar eta prozesuaren amaieran, eta jatorrizko diseinuarekiko desbideratzeak hauteman eta dagozkion zuzenketak egitea.

                    3.2. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 4. maila.

                  1. Hautemandako problema bati konponbidea emateko planifikazioa egitea eta lan-talde batean arduraz jokatzea.

                  2. Ingurumenean eta gizakiarengan objektuak eta sistemak erabili eta botatzeak zer ondorio dituen aztertzea, eta ingurumenaren iraunkortasunaren aldeko jarrera izatea.

                  3. Objektu eta sistema teknologikoak aztertzea eta haiei buruzko informazio garrantzitsua jasotzea.

                  4. Objektu edo sistema teknologiko batek nola funtzionatzen duen azaltzea, eta hari buruzko informazio teknikoa, prozedurak eta ikur normalizatuak interpretatzea.

                  5. Lan-etapekin lotutako informazioa transmititzea, lexiko egokiz dokumentatuta.

                  6. Baliabide teknologikoak erabiltzea bere inguruko egoerei konponbidea ematen laguntzeko.

                  7. Zirkuituak inplementatzea, material, erreminta, operadore eta neurketa-tresna egokiak erabiliz.

                  8. Egindako lana ebaluatzea, prozesuan zehar eta prozesuaren amaieran, eta jatorrizko diseinuarekiko desbideratzeak hauteman eta dagozkion zuzenketak egitea.

                    2. INFORMAZIOAREN ETA KOMUNIKAZIOAREN TEKNOLOGIAK.

                    2.1. HELBURUAK.

                    Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak arloko helburuak hauek dira:

                  1. Eduki digitalak argitaratzeko web inguruneak garatu eta diseinatzea, informazioa argitaratzean eskuragarritasun-estandarrak aplikatuz, elkarrekintzarako aukera ematen duten bitartekoak erabiliz eta multimedia-elementuak sartzea errazten duten formatuak erabiliz, produktuak edo zerbitzuak komunikatzeko.

                  2. Multimedia-elementuak edo webarenak berak sortu eta aldatzea, emandako espezifikazioak betez, planteatutako problemari konponbidea emateko. Horretarako, mota bakoitzerako egokienak diren teknikak baliatuko ditu eta erabiltzen dituen iturrien jabetza intelektuala errespetatuko du.

                  3. Programak diseinatu eta konponbideak garatzea, programazio-inguruneak erabiliz, garrantzia izan baduten problemei irtenbidea emateko.

                  4. Aplikazioak instalatu eta konfiguratzea. Lan horretan segurtasun aktiboa eta pasiboa zainduko du, elkarrekin konektatuta eta Internetera zabalduta dauden sistema informatikoei segurtasuna emateko, batetik, eta datu pertsonalak egoki babestu ahal izateko, bestetik.

                  5. Baliabide digitalen erabilerari dagokionez, zer behar dituen aztertzea, lortu nahi duen helbururako tresnarik egokiena aukeratzeko. Horretarako, irizpide kritikoz aztertuko ditu eskura dauden konponbideak eta tresna digitalak.

                  6. Parte aktiboa izatea, eta lankidetzako aplikazioak erabiltzea Interneten, sare sozial birtualetan, informazio-igortzaile eta -hartzaile moduan, ekimen komunak sustatzeko. Lan horretan, errespetuz eta elkarlanean jardungo du, produktu kolektiboak sortu ahal izan daitezen.

                    2.2. EDUKI MULTZOEN EZAUGARRIAK.

                    Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 4. mailako adierazpenezko, prozedurazko eta jarrerazko edukiak eduki multzo hauetan biltzen dira:

                  1. multzoa. Curriculumeko ikasgai guztietan komunak diren edukiak jasotzen dira, oinarrizko zehar-konpetentzia guztiak garatzeko funtsezkoak direnak.

                  2. multzoa. Sareko segurtasunarekin, nortasun digitalaren garapenarekin eta ingurune birtualetan pribatutasuna babestearekin lotutako guztia hartzen du bere baitan.

                  3. multzoa. Sistema eragileen kudeaketa, gailuen konfigurazioa eta konexioa, segurtasun informatikoa eta arazo tekniko errazak konpontzea.

                  4. multzoa. Programazioaren printzipioak biltzen ditu, bai eta mugikorrentzako APPak diseinatzeko hasierako oinarriak ere.

                  5. multzoa. Edukiak sortu, argitaratu eta zabaltzea web plataformen bidez.

                    DBHko 4. mailan, Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak (IKT) ikasgaiak, komunikazio digitalerako oinarrizko zehar-konpetentzia sendotzeaz gain, lotura zuzena du teknologiarako konpetentziarekin, helburu nagusia guztion interesekoak diren arazoak hauteman eta konponbide teknologiko digitalak diseinatzea baita, egoera horiei konponbidea ematen dioten produktu edo zerbitzu berriak planifikatuz eta diseinatuz, eta emaitzak jakinaraziz. Azken helburua da gero eta hobeto erabiltzea teknologia digitalak ikaskuntzarako.

                    Honela definitzen da konpetentzia digitala Europako DIGCOMP esparruak: teknologia digitala sormenez, zuhurtziaz, eraginkortasunez eta segurtasunez erabiltzea, ikasteko, aisiarako, eta gizarteratzeko eta gizartean parte hartzeko. Eta konpetentzia-arlo hauetako ezagutzak, trebetasunak eta jarrerak biltzen ditu: informazioa, komunikazioa, edukiak sortzea, segurtasuna eta problemak ebaztea.

                    Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiako curriculum-eduki espezifikoen multzoak Teknologia ikasgai komunean landuko dira, DBHko 1. mailatik 3. mailara bitartean. Beste alde batetik, oro har konpetentzia digitalari dagozkion prozedurak eta jarrerak, curriculum-arloetan eta -ikasgaietan txertatutako zehar-konpetentzia moduan landu eta ebaluatu behar dira, bai Lehen Hezkuntzan, bai Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan.

                    Aurrekoa kontuan hartuta, DBHko 4. mailako Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak ikasgaiaren helburua da «edukiak sortzea, segurtasuna eta problemak ebaztea» konpetentzia-arloetako edukiak finkatzea. Horretarako, nabarmentzen da ikasleek baliabide-sortzaile moduan jardun behar dutela gehiago baliabide-erabiltzaile moduan baino. Horrela bada, batetik, mugikorrentzako aplikazioren bat diseinatzea proposatzen da, ikasleen eguneroko bizitzako interes edo egoera bati erantzungo diona, eta, bestetik, web ingurune bat egitea, sortutako edukiak argitaratzeko.

                    2.3. EBALUAZIO-IRIZPIDEAK.

                  1. Segurtasunez, pribatutasunari eutsiz eta arduraz sartzea informazio digitala trukatzen eta argitaratzen den zerbitzuetan.

                  2. Segurtasun aktiboko eta pasiboko neurriak hartzea informazioa trukatzean eta datuak babesteko.

                  3. Aplikazio-programa txikiak egitea (mugikorrentzako APPak) programazio-lengoaia jakin batean, benetako problema bati konponbidea emateko.

                  4. Edukiak sortu eta webean argitaratzea, testua, zenbakizko informazioa, soinua eta informazio grafikoa egoki txertatuta.

                    5. KONPETENTZIA SOZIAL ETA ZIBIKOA.

                    1. GEOGRAFIA ETA HISTORIA.

                    1.1. ETAPAKO HELBURUAK.

                    Hauek dira etapako helburuak Geografia eta Historia ikasgairako:

                  1. Pertsona bakarrak eta konplexuak direla ohartzea, eta zer gaitasun eta muga dituzten jakitea. Orobat, ohartzea zer kultura-ezaugarri direla-eta diren euskal gizarteko kide, beste talde batzuetako kide izateko aukera eragotzi gabe. Horren helburua da nork bere nortasun zehaztua eta onartua izatea, gizartean modu aktiboan eta konpromisoz parte hartzeko.

                  2. Ingurune fisikoaren bereizgarri diren oinarrizko elementuak ingurune hurbiletik abiatuz identifikatzea eta kokatzea zenbait eskalatan eta elementu horien elkarreraginei erreparatzea, ulertzeko gizakion bizitza nola baldintzatzen duten eta, aldi berean, gizakiak nola eraldatzen dituen. Horren helburua da gizakiaren ekintzak zer gizarte-arazo eta ingurumen-arazo sortzen dituen ikustea eta horretaz kontziente izatea.

                  3. Identifikatzea zein izan diren Euskal Herriarentzat gertaera eta prozesu historiko garrantzitsuenak, direla tokikoak, direla esparru zabalagokoak, eta denboran eta espazioan kokatzea. Horren helburua da gizateriaren bilakaeraren ikuspegi propioa eta globala izatea eta aldaketak eragiteko gaitasunari buruzko kontzientzia kritikoa izatea.

                  4. Datu historikoak biltzea, zenbait irizpide erabiliz: denboran orientatzekoak (iragana, oraina eta etorkizuna); denbora-posizio erlatiboak (segidakoak, aldiberekoak, diakronia, sinkronia); iraupena (faktikoa; koiunturala; egiturazkoa; iraupen laburrekoa, ertainekoa edo luzekoa); denbora-neurriak (denbora-unitatea, denbora eta kronologia historikoa). Horren helburua da gizarteen bilakaera historikoa ordenatu eta sintetizatzea.

                  5. Ondare naturala, kulturala, linguistikoa, artistikoa, historikoa eta soziala, norberarena zein bestearena, aintzat hartu eta errespetatzea, eta norbanakoek zein herriek beren identitatea izateko duten eskubidetzat jotzea. Eta hura babestu, kontserbatu eta hobetzeak dakarren erantzukizuna onartzea, nork bere esparrutik gizateriaren garapenean laguntzeko, dela modu indibidualean dela modu kolektiboan.

                  6. Gizarte demokratikoek zer antolaketa eta funtzionamendu duten jakitea, eta haien oinarri diren oinarrizko balioak eta printzipioak zein diren jakitea. Eta giza eskubideak erreferente unibertsal moduan erabiltzea norberaren bizitzako eta gizarte-bizitzako ekintzei eta egoerei buruzko iritziak sortzeko. Orobat, eskubideak urratuta dituzten edo beharrezkoak diren baliabide ekonomikoak ez dituzten herriekin, gizarte-taldeekin eta pertsonekin solidarioak izatea eta jarrera eta egoera baztertzaileak eta bidegabeak salatzea. Horren helburua da gizarte demokratikoetan modu kontziente, arduratsu eta kritikoan parte hartzea.

                  7. Europar Batasunaren antolakuntza politikoaren eta erakundeen funtzionamenduaren berri izatea, jakitea funtsezko zer balio eta printzipio dituzten oinarri, eta haren gabeziekiko kritiko izatea, arrazoituz. Helburua da ulertzea Europar Batasuna Europako herrien, estatuen eta eskualdeen harremanetarako eta parte-hartzerako eremua dela, eta beharrezkoa dela hobeto funtzionatzea.

                  8. Gaur egungo gizarteen arazoak zein diren jakitea, haien jatorri historiko-sozialak aztertzea, eta errealitateak eta egoerak aztertzea. Horren guztiaren helburua da haiekiko iritzi pertsonal kritikoa eta arrazoitua izatea, eta ekintza alternatibo eraginkorrak sustatzea eta abian jartzea, zenbait eskalatan, pertsonen arteko eta gizarte-taldeen arteko harremanak hobetzeko eta baliabide naturalak arduraz erabiltzeko.

                  9. Gizarte-fenomenoak zuzentzen dituzten prozesuak eta mekanismoak zein diren jakitea, eta gertaera sozialen, politikoen, ekonomikoen eta kulturalen arteko loturak aztertzea. Ezagutza hori gaur egungo gizarteen bilakaera azaltzen duten kausak askotarikoak direla ulertzeko oinarria izango da, eta Historiaren ikuspegi arrazoitua eta kritikoa edukitzeko. Azken helburua herritar moduan gizartea hobetzeko ekintzak abian jartzea izango da.

                  10. Gizarte-zientzien bereizgarri diren kontzeptuzko baliabideak, teknikak eta lan-prozedurak aplikatzea, eta arloko lexikoa erabiltzea zehatz eta zorrotz. Horrenbestez, lan monografiko txikiak eta ikerketak egingo dira, banaka zein taldeka, Euskal Herriaren, hurbileko eremuen eta munduaren jatorriaz eta bilakaera historikoaz ikertzeko.

                  11. Talde-lana egitea eta eztabaidetan eta debateetan parte hartzea jarrera konstruktiboa, irekia, arduratsua, kritikoa eta tolerantea izanda eta iritziak eta proposamenak behar bezala arrazoituta. Orobat, desadostasunak eta elkarrizketa gizakien ateko gatazkak eta gatazka sozialak konpontzeko bidea dela ikusi beharko dute, eta taldeko lan-teknikak landuko dira, bai sormenezko lorpen komun bat izateko, bai eta pertsonaren eta taldearen elkarrekintza nagusi den gizartean egoki txertatzeko ere.

                  12. Informazio geografikoa eta historikoa lortzea. Horretarako, ahozko informazioa, informazio grafikoa, ikono bidezkoa, estatistikoa eta kartografikoa planifikatu, aukeratu eta erlazionatu behar dute (informazioa hainbat iturritatik lortuko dute, komunikabideak eta informazioaren eta komunikazioaren teknologiak barne). Informazio hori laburbildu egingo dute, eta lortutako emaitzak besteei modu antolatuan eta ulergarrian azaltzen jakin behar dute.

                    1.2. EDUKI MULTZOEN EZAUGARRIAK.

                    Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1., 2., 3. eta 4. mailako adierazpenezko, prozedurazko eta jarrerazko edukiak eduki multzo hauetan biltzen dira:

                    Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1. maila:

                  1. multzoa. Ikasgai guztietan eta ikasgai honetako eduki multzoetan komunak diren oinarrizko zehar-konpetentziekin lotutako edukiak daude.

                  2. multzoa. Lurra eta ingurune naturalak: Gizakiaren ekintzak ingurune naturaletan.

                  3. multzoa. Iragan historikoa. Historiaurreko gizarteak, lehen zibilizazioak eta Antzinaroa.

                  4. multzoa. Kultura-adierazpenak.

                    Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 2. maila:

                  1. multzoa. Ikasgai guztietan eta ikasgai honetako eduki multzoetan komunak diren oinarrizko zehar-konpetentziekin lotutako edukiak daude.

                  2. multzoa. Giza espazioa. Biztanleria eta gizartea.

                  3. multzoa. Iragan historikoa. Erdi Aroko gizartea.

                    Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 3. maila:

                  1. multzoa. Ikasgai guztietan eta ikasgai honetako eduki multzoetan komunak diren oinarrizko zehar-konpetentziekin lotutako edukiak daude.

                  2. multzoa. Giza espazioa. Antolaketa ekonomikoa, soziala eta politikoa.

                  3. multzoa. Iragan historikoa. Estatu modernoa.

                    Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 4. maila:

                  1. multzoa. Ikasgai guztietan eta ikasgai honetako eduki multzoetan komunak diren oinarrizko zehar-konpetentziekin lotutako edukiak daude.

                  2. multzoa. Egungo gizartearen oinarri historikoak.

                  3. multzoa. XX. eta XXI. mendeetako gatazka handiak.

                  4. multzoa. Gaur egungo mundua.

                  5. multzoa. Antolaketa politikoa eta espazio geografikoa.

                  6. multzoa. Artea, kultura eta zientzia gaur egun. Komunikabideak.

                    Ikasmaila guztietan, Geografiako eta Historiako ikasgai hau eduki komunak izeneko eduki multzo batekin hasten da. Hartan jasota daude oinarrizko zehar-konpetentziekin eta konpetentzia sozial eta zibikoa oinarrizko konpetentzia espezifikoarekin lotutako prozedurak eta jarrerak.

                    Hasierako eduki multzo hau eduki horiek guztiak nabarmentzeko sartzen da curriculumean, gainerako guztiak garatzeko esparrua baita.

                    Izan alderdi geografikoak, izan alderdi historikoak eta/edo soziokulturalak, erreferentziako lurralde-eremua ikaslearengandik hurbilenekotik urrunenekora doa. Horrenbestez, espazio-ibilbideak Euskal Herria, Espainia, Europa eta mundua hartzen ditu.

                    Horrez gain, gizarteen denboran zeharreko azterketak irizpide kronologikoari jarraitzen dio etapa guzti-guztian.

                    Lehen mailan, paisaia naturalak aztertzen dira, oro har, eta hartan, paisaia osatzen duten elementuen arteko erlazioak zein lurraldea eratzean elementu horien eta gizakien artean sortzen diren erlazioak aztertzen dira. Espazioari dagokionez, mundua aipatzen da, eta, sakonago, Euskal Herria, Espainia eta Europa. Horrez gain, planetaren biodibertsitatearen garrantzia azpimarratzen da, eta hura kontserbatzea ezinbestekoa dela.

                    Maila honetan, historiako gizarteek hasieratik Erdi Arora izandako bilakaera aztertzen da. Denbora-eremu horretan, gizarteen bilakaera argien erakusten duten alderdiak nabarmentzen dira, bai eta denboraren ikuspegitik egungo gizarteen eraketan garrantzitsuenak jotzen diren alderdiak ere.

                    Bigarren mailan, biztanleria aztertzen da, biztanleriaren portaera eta joera demografikoak eta haien ondorioak.

                    Egungo gizarteen, eta, bereziki, euskal gizartearen, gizarte espainiarraren eta gizarte europarraren egitura eta kultura-alderdiak aztertzen dira, bai eta hirietako eta landako bizimodua eta landa-espazioa eta hiri-espazioa ere.

                    Maila honetan bilakaera historikoa aztertzen jarraitzen da, Erdi Aroko gizartetik Estatu modernoa eratu artekoa. Bereziki azpimarratzen dira Erdi Aroan penintsula lurralde askok osatzen zutela, monarkia hispaniarra eta Amerikaren konkista eta kolonizazioa, bai eta Euskal Herriak garai historiko hartan zuen egoera ere.

                    Hirugarren mailan, jarduera ekonomikoak eta haiek osatzen dituzten espazio- eta paisaia-konfigurazioak aztertzen dira. Eremu geopolitiko eta ekonomiko handien antolaketa politikoa eta espazio geografikoa aztertzen da, bai eta elkarren mendekoa den eta globalizatuta dagoen munduan gertatzen ari diren transformazioak eta sortzen hasi diren arazoak.

                    Alderdi historikoari dagokionez, ikasturte honetan zenbait eremu espazialetan (Euskal Herria, Espainia eta Europa, batez ere) Estatu modernoak eta monarkia autoritarioek arlo guztietan (politikoa, ekonomikoa, soziala eta kulturala) izandako garapena eta erabateko finkatzea aztertzen da. Nabarmentzen da aldaketa handiak izan zituen garaia izan zela eta modu guztietako gatazkak eta liskarrak izan zirela, erlijioarekin lotutakoak, batez ere.

                    Laugarren mailan, egungo gizarteen bilakaera eta ezaugarriak lantzen dira, batez ere. Egungo gizartearen oinarri historikoak eta XVIII. mendetik XXI. mendeko lehenengo hamarkadara arte gertatutako aldaketa ekonomikoak, politikoak eta sozialak aztertzen dira.

                    Alderdi hauen ezagutza eta interpretazioa nabarmentzen da: munduko egungo ordena politikoa eta ekonomikoa, integrazio-prozesuak, gizarte-aldaketak, botere-guneak eta tentsio-guneak, joera artistiko berriak eta abar.

                    Horrez gain, Espainian Estatu demokratikoa nola eratu zen aztertzen da, Euskal Autonomia Erkidegoan nola zertu den. Europar Batasuneko kide dela ere aztertzen da.

                    1.3. EBALUAZIO-IRIZPIDEAK.

                    3.1. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1. maila:

                  1. Gizartea hobetzeko eta natura babesteko proiektuetan konpromiso arduratsua hartzea, interes pertsonaleko edo/eta talde-intereseko arrazoietatik abiatuta hausnartuz, kritikoki hartutako erabakietatik abiatuta.

                  2. Gizateriaren historiako etapak eta hominizazio-prozesua ulertzea.

                  3. Iraultzek gizateriaren eboluzio-prozesuan bat-bateko zer aldaketa sozial, ekonomiko, politiko eta, besteak beste, teknologiko eragin dituzten jakitea.

                  4. Historiako lehen zibilizazioek gizateriaren eboluzioari eta mendebaldeko zibilizazioari zer ekarpen egin zizkioten deskribatzea.

                  5. Arte-adierazpen garrantzitsuenak zein diren jakitea eta bere ingurune hurbileko eta urrunagoko arte-adierazpenak balioestea, ulertzeko kultura guztiek lagundu dutela gizateriaren garapen artistikoan.

                  6. Zenbait unitate kronologiko erabiltzea denbora historikoa grafikoki irudikatzeko eta «aldaketa» eta «iraupen» nozioak adierazteko, zenbait garaitan eta lurralde-eremutan aplikatuta.

                  7. Lehenengo zibilizazio historikoen bereizgarri diren ezaugarriak zein diren jakitea eta zibilizazio horiek egungo gizarteen eraketan zer eragin izan zuten ulertzea.

                  8. Ondare historiko, artistiko, kultural eta naturala estimatzea eta balioestea, bai berea, bai beste kultura batzuetakoa, haiek errespetatzeko eta babesteko bidea den aldetik.

                  9. Zenbait motatako eta eskalatako adierazpen kartografikoak zehaztasunez interpretatzea, haietan adierazitako espazioari buruzko informazioa lortzeko.

                  10. Euskal Herriko, Espainiako eta Europako espazio eta paisaia naturalak eratzen dituzten oinarrizko elementuak mapa batean aurkitzeko gauza izatea, eta haietako bakoitzak, baita planetak ere, oro har, zer ezaugarri geografiko nagusi dituzten adieraztea.

                  11. Gizakiaren ekintzak natura-ingurunean zer eragin dituen jakitea, eragin horiek deskribatzea eta aintzat hartzea, eta haien zergatiak eta ondorioak aztertzeko eztabaidak egitea, haiek mugatzeko beharrezkoak diren neurriak eta jarrerak adieraziz, direla tokikoak, direla globalak, natura babesteko jarduerak sustatzen inplikazio aktiboa eta arduratsua izateko.

                  12. Taldeko lanetan eta jardueretan modu konstruktiboan, arduratsuan eta solidarioan parte hartzea, direla taldean ikasteko jarduerak egiteko eta jolas-jarduerak egiteko, direla esku-hartze sozialeko proiektuak egiteko, kide den taldeetan.

                  13. Hainbat motatako gizarte-informazioak (historikoak eta ekonomikoak) modu egokian bilatzea, erregistratzea eta tratatzea, eta horretarako egokienak diren iturriak erabiltzea (bibliografia, dokumentazioa, materiala eta beste asko), informazioaren eta komunikazioaren teknologia berriak barne.

                  14. Banaka zein taldeka planifikatzea lan monografiko txikiak, gizarte-garrantzia duten gai batzuei buruzkoak, gutxieneko zorroztasunez eta sistematizazioz eta zenbait informazio-iturri erabiliz.

                  15. Zenbait informazio-iturritatik datu geografikoak eta historikoak lortzea, eta lortutako informazioa gainerako pertsonei egoki jakinaraztea, ahoz eta idatziz.

                    3.2. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 2. maila.

                  1. Oinarrizko demografia-kontzeptuak erabiltzea biztanleriaren portaerak ulertzeko.

                  2. Euskal Herriko, Espainiako eta Europako egungo gizarteen ezaugarri bereizgarriak aztertzea, gizarte talde askok osatzen dituztela ohartzea, eta irizpide kritikoz aztertzea immigrazioak dakarren aniztasun-handitzea.

                  3. Korrelazio egokiak ezartzea zenbait herrialdetako adierazle ekonomikoen eta adierazle demografiko eta kulturalen artean, haien ezaugarri bereizgarri zenbait adieraztea eta hipotesiak egiten ahalegintzea.

                  4. Gizarteari buruzko informazioa (historikoa, demografikoa eta ekonomikoa) bilatzea, erregistratzea eta egoki tratatzea, eta lortu nahi den helbururako iturri egokienak erabiltzea (bibliografia, estatistikak, dokumentazioa, etab.), informazioaren teknologia berriak barne.

                  5. Landa-eremuen eta hiri-eremuen hazkundea, hiri- eta landa-espazioaren funtzio-desberdintasuna eta haietan gertatzen diren arazo batzuk aztertzea, eta jakintza hori zenbait eremutako adibideetan erabiltzea, tokikoetan zein mundukoetan.

                  6. Deskribapen-lan errazak egitea, banaka edo taldean, irakaslearen laguntzarekin, zenbait iturri erabiliz eta egokia den informazioa aukeratuz eta eskema edo gidoi batean sartuz, eta azterketaren emaitzak zuzen eta lexiko egokia erabiliz adieraztea.

                  7. Gertaera eta prozesu historiko garrantzitsuen arrazoiak eta ondorioak identifikatzea, haien artean loturak egitea, eta gizarte-gertaerek hainbat arrazoi izan ditzaketela ohartzea.

                  8. Euskal Herriko lurraldeen bilakaera historikoa lurralde haientzat bereziki garrantzitsuak diren une historikoetan kokatzea, Espainiako, Europako eta munduko historiaren testuinguruan, eta une horien esanahi politikoa, ekonomikoa eta kulturala adieraztea.

                  9. Arte-adierazpen garrantzitsuenak ezagutzea eta balioestea, bai bere ingurune hurbilekoak, bai eta urrunagokoak ere, ulertzeko kultura guztiek lagundu dutela gizateriaren garapen artistikoan.

                  10. Ondare historiko, artistiko, kultural eta naturala estimatu eta balioestea, bai berea, bai beste kultura batzuetakoa, haiek errespetatzeko eta babesteko bidea den aldetik.

                    3.3. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 3. maila.

                  1. Ekonomia-eragile eta -erakunde nagusiak ezagutzea eta gero eta mendekotasun handiagoko ekonomian elkarrekiko zer eginkizun duten jakitea, eta jakintza hori hurbileko zenbait egoera ekonomiko aztertzeko eta balioesteko erabiltzea.

                  2. Munduko nekazaritza-ustiapeneko sistema nagusien ezaugarriak adieraztea eta haien adibide adierazgarriak ematea.

                  3. Euskal Herriko, Espainiako eta Europako nekazaritzaren ezaugarri batzuk identifikatzea eta gaur egungo arazo batzuk adieraztea.

                  4. Industria-jardueretan, -espazioetan eta -paisaietan izaten ari diren aldaketak deskribatzea, eta Euskal Herriko, Espainiako, Europako eta munduko ekoizpengune nagusiak non dauden jakitea.

                  5. Hirugarren sektoreko jarduerak azken urteetan, oro har eta Euskal Herrian, zer garapen eta aldaketa izan dituen jakitea, eta hirugarren sektorearen garapenak zer aldaketa dakartzan aztertzea, bai harreman ekonomikoetan, bai gizarte-harremanetan.

                  1. Gizarte demokratikoen sorrera, antolakuntza, funtzionamendua eta haien oinarri eta bereizgarri diren oinarrizko printzipioak ezagutzea eta ulertzea, eta jakitea horiek guztiek nola laguntzen duten pertsonen arteko bizikidetza hobetzen.

                  2. Euskal Herriko, Espainiako eta Europako muga politiko-administratibo nagusiak identifikatu eta mapan kokatzeko gai izatea.

                  3. Munduko eremu geoekonomiko eta kultural nagusiak zenbait mapa motatan identifikatu eta kokatzea.

                  4. Euskal Herriko eta Espainiako jarduera ekonomikoko zentro eta eremu nagusien bereizgarriak deskribatzea.

                  5. Herrialde eta lurralde batzuen ezaugarriak adierazle sozioekonomikoen bidez adieraztea, eta haien artean zer lurralde-desoreka dauden jakitea.

                  6. Herrialde garatuen eta garapen bidean dauden herrialdeen datu sozioekonomikoak talde-lanean deskribatu eta alderatzea.

                  7. Jarduera ekonomikoen eta norbanakoen eta taldeen portaeren ingurumen-eraginak ingurune hurbileko kasu baten bidez deskribatzea, ongi bereiztea zer jarduera diren garapen jasangarriaren aldekoak eta zer jarduerak eragozten duten hura, eta natura babesteko jarduerak sustatzeko jarrera aktiboa eta arduratsua hartzea.

                  8. Gizarte-zientziekin lotutako lan errazak eta ahozko aurkezpenak planifikatu eta gauzatzea, bakarka edo taldean, eta informazio egokia modu antolatuan, zehatzean eta ulergarrian jakinaraztea, informazioaren eta komunikazioaren teknologiek ematen dituzten aukerak baliatuz.

                  9. Egunoroko bizitzako gizarte-arazoei buruzko txostenak egitea, horiei buruzko eztabaidetan parte hartzea, eta haien jatorri historiko-soziala aztertzea) Komunikabideetatik edo beste iturri batzuetatik jasotako informazioa zorroztasunez erabiltzea, eta bere adierazpenetan tolerantziaz, errespetuz eta elkartasunez jokatzea.

                  10. Estatu modernoaren sorreran izandako une garrantzitsuenak bereiztea, monarkia hispanikoaren eta Espainiako inperio kolonialaren ezaugarri nagusiak adieraztea aldi horretako testuinguru europarraren barruan.

                    3.4. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 4. maila:

                  1. Euskal Herriko, Espainiako, Europako eta munduko aro garaikideko gertakari eta prozesu historikoak denboran eta espazioan kokatzea, eta historia aztertzeko tresna egokiak erabiltzea.

                  2. Gertaera eta prozesu historiko garrantzitsuen arrazoiak eta ondorioak identifikatzea, haien artean loturak egitea, eta gizarte-gertaerek hainbat arrazoi izan ditzaketela ohartzea.

                  3. Azaltzea Europak zergatik izan zuen protagonismoa XIX. mendeko bigarren zatian, eta urte horietako gatazka eta arazo nabarmenak bereiztea; batez ere, hedapen kolonialarekin eta tentsio sozial eta politikoekin lotutakoak.

                  4. Europako testuinguruan, XIX. mendearen bukaeratik aurrera, Euskal Herriko eta Espainiako bilakaera historiko, politiko eta ekonomikoaren etapak zein izan ziren eta zer ezaugarri dituzten jakitea, eta sistema demokratikoa finkatu izana eta Europar Batasuneko kide izatea balioestea.

                    XX. mendean munduan izan diren eraldaketak eta gatazkak denboran eta espazioan kokatzea, eta historiaren jakintza hori gaur egungo nazioarteko arazo nagusietako batzuk ulertzeko erabiltzea.

  6. Munduan gaur egun tentsio politikoa edo soziala bizi duen guneren bati buruzko lan bat planifikatu eta egitea, bakarka edo taldean, eta haren aurrekari historikoak eta zergatiak aztertzea eta zer gerta daitekeen iragartzea. Hori guztia informazio-iturri egokiak baliatuz, eta besteak beste, bestelako interpretazioak edo interpretazio osagarriak ematen dituzten iturriak erabiliz egitea.

  7. Kritikoki aztertzea kide den eta erreferentzia dituen talde eta erakundeen (familia, eskola, herri, autonomia-erkidego, estatu eta gainerakoen) antolaketa-egitura eta ohiko funtzionamendu modua, eta behar bezala aplikatzea demokraziaren funtzionamendua arautzen duten oinarrizko irizpideak.

  8. Pertsonen arteko, taldeen arteko eta herrialdeen arteko gatazka sozialak zorroztasunez eta enpatiarako gaitasunez aztertzea, haiek aurrerapenerako aukera moduan ikustea, eta gatazkak konpontzeko bide baketsuak proposatzea.

  9. Arte-adierazpen garrantzitsuenak ezagutzea eta balioestea, bai bere ingurune hurbilekoak, bai eta urrunagokoak ere, kultura guztiek gizateriaren garapen artistikoari zer ekarpen egin dioten aztertzea, eta horren ondorioz sortutako munduko ondare artistikoa babestu egin behar dela ulertzea.

  10. Gaur egungo auzi batzuei buruzko eztabaidetan parte hartzea, haietan gizarte-zientzietan oinarritutako iritzi arrazoituak ematea, eta gainerako pertsonen iritziak errespetatzea.

  11. Kultura-aniztasuna herriek eta norbanakoek beren identitaterako duten eskubide moduan ikustea, kide den gizarte- eta kultura-komunitateen aniztasuna balioestea eta haietan parte aktiboa izatea, jarrera tolerantea eta errespetuzkoa duela.

    2. BALIO ETIKOAK.

    2.1. ETAPAKO HELBURUAK.

    Hauek dira etapako helburuak Balio Etikoak ikasgairako:

  1. Giza izaera onartzea dimentsio indibidualean zein sozialean, eta norberaren eta gainerako pertsonen nortasuna onartzea, dimentsio morala barne, norbanakoen arteko desberdintasunak eta pribatutasuna errespetatzeko, eta bere buruaren eta ikaskideen ikuspegi zuzena edukitzeko.

  2. Komunikazio- eta gizarte-trebetasunak erabiltzea, eta sentimenduak eta emozioak egoki adieraztea, berdinen arteko jardueretan, eta elkarrizketa eta bitartekotza erabiltzea gatazkei heltzeko.

  3. Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalak aitortutako eskubideak zein diren jakitea, bere egitea eta aintzat hartzea; unibertsalak, zatiezinak eta elkarri lotuak direla ikusi eta onartzea, eta irizpide moduan hartzea gizarte-gertaerei eta egoerei zein norbanakoen eta taldeen jarrerei buruzko iritziak emateko.

  4. Pertsona guztien eskubide- eta aukera-berdintasuna babestea eta bidegabekeria eta diskriminazio oro arbuiatzea, batez ere generoarekin eta hark dakarren indarkeriarekin lotutakoak, bai eta etnia, sinesmenak, desberdintasun pertsonalak eta sozialak, orientazio afektibo-sexuala oinarri dutenak eta beste edozein motatakoak ere. Horren helburua da elkarbizitza bidezkoa eta berdintasunean oinarritutakoa lortzea, giza eskubideak oinarri hartuta.

  5. Jakitea zer den bizitza demokratikoa, politikan eta gizartean parte hartzea eta beste antolaketa-modu batzuetan parte hartzea (lankidetza, elkarteak, boluntarioak...), erreferentzia gaur egungo Euskal Autonomia Erkidegoan eta haren egoera historikoa izanda, eta hori guztia balioestea. Ikasleak herritar moduan dituen betebeharrak aintzat hartu beharko ditu, guztionak diren ondasunak ez galtzeko eta hobetzeko lanean, eta bizitza errespetatu beharra ardatz hartuko du, gizarte-garapen iraunkorrarekin bat etorriko den bizitza-proiektu bat eraikitzeko.

  6. Giza eskubideak urratzea dakarten egoerak identifikatu eta aztertzea, direla indarkeria estrukturalak eragindakoak (gerrak, pobrezia, muturreko desberdintasunak...), dela terrorismoak eragindakoak, genero-indarkeriak eragindakoak, berdinen arteko indarkeriak eragindakoak... Bakea, askatasuna, segurtasuna eta berdintasuna helburu duten ekintzak aintzat hartzea, mundu bidezkoagoa eta solidarioagoa lortzeko bidea dira eta.

  7. Teoria etikoen berri izan eta haiek aztertzea, eta jakitea zein diren gaur egungo gizarte-gatazka eta gatazka moral nagusiak, jarrera kritikoa izateko komunikabideen bidez, Internet bidez eta beste gizarte-erakunde batzuen bidez (eskola, esaterako) helarazten diren modelo eta estereotipoekiko.

  8. Nork bere diskurtso etikoa eratzea, hari dagokion irizpide moralarekin, eta etikaren eta moralaren berezko ezaugarriak eta elkarren arteko harremanak aztertzea, bizitzako egoerei inpartzialtasunez eta ikuspegi konstruktiboz heltzeko.

  9. Justiziaren eta politikaren artean zer lotura dagoen jakitea, elkarren mendekoak direla aztertzea eta batak besteari informazioa nola ematen dioten jakitea, justizia bizitza demokratikoko funtsezko elementutzat aldarrikatzen duen herritar izan gaitezen sustatzeko.

  10. Etika, zuzenbidea eta giza eskubideak lotuta daudela jabetzea, eta balio etikoek zer zeregin duten eta historian zehar zuzenbidean eta giza eskubideetan nola gauzatzen diren aztertzea, gure gizartean balio horiek zein mailatan betetzen diren ikusteko.

  11. Etika eta zientzia eta teknologia lotuta daudela ohartzea, zientziaren eta teknologiaren aurrerapenak sortutako egoera gatazkatsuak planteatuz eta kritika eginez, haiei buruzko iritzi moralak egiteko aukera ematen duten irizpide etikoak proposatzeko.

    2.2. EDUKI MULTZOEN EZAUGARRIAK.

    Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako adierazpenezko, prozedurazko eta jarrerazko edukiak eduki multzo hauetan biltzen dira:

    Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1. maila:

  1. multzoa. Ikasgai guztietan komunak diren oinarrizko zehar-konpetentziekin lotutako edukiak.

  2. multzoa. Pertsonaren duintasuna.

  3. multzoa. Elkar ulertzea, errespetua eta berdintasuna pertsonen arteko harremanetan.

    Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 2. maila:

  1. multzoa. Ikasgai guztietan komunak diren oinarrizko zehar-konpetentziekin lotutako edukiak.

  2. multzoa. Hausnarketa etikoa.

  3. multzoa. Justizia eta politika.

    Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 3. maila:

  1. multzoa. Ikasgai guztietan komunak diren oinarrizko zehar-konpetentziekin lotutako edukiak.

  2. multzoa. Balio etikoak, zuzenbidea eta Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala.

  3. multzoa. Balio etikoak eta zientziarekin eta teknologiarekin duten lotura.

    Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 4. maila:

  1. multzoa. Ikasgai guztietan komunak diren oinarrizko zehar-konpetentziekin lotutako edukiak.

  2. multzoa. Pertsonaren duintasuna.

  3. multzoa. Elkar ulertzea, errespetua eta berdintasuna pertsonen arteko harremanetan.

  4. multzoa. Hausnarketa etikoa.

  5. multzoa. Justizia eta politika.

  6. multzoa. Balio etikoak, zuzenbidea eta Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala.

  7. multzoa. Balio etikoak eta zientziarekin eta teknologiarekin duten lotura.

    Oro har, edukiak hurbilekotik urrunekora doan irizpideaz biltzen saiatu gara. Horrenbestez, lehen mailan pertsonari eta beste pertsona batzuekiko harremanei heltzen zaie, bigarren eta hirugarren mailan irizpide kritikoz eratu nahi den etika baten ezinbesteko oinarria baita. Jakina, ikuspegiak bizitza pertsonalaren, sozialaren eta publikoaren hainbat eta hainbat alderdi biltzen ditu, ulertzen baita hausnarketa etikoa indibidualtasun ororen ingurune osora zabaltzen dela, haren dimentsio guztietan: berdinen arteko harreman pertsonaletatik hasi eta berdintasun unibertsaleraino; familiatik hasi, ikastetxetik, auzotik, herritik eta abarretik pasa eta munduko gizarteraino; gure ikaskidearen zaintzatik hasi eta elkartasun globaleraino; gure eskubide indibidualak eskatzetik hasi eta guztien eskubideak babesteko konpromisoa hartzeraino...

    Ikuspegi horren barnean, zenbait planteamendu etiko proposatzen dira, eta baliabide moduan hartu behar dira ikasleek ebaluazio-irizpideak edo lorpen-helburuak garatu ahal izan ditzaten. Horren haritik, edukiak modu zabalean planteatzen saiatu gara, askotariko egoeretara egokitzeko, ikasleen arteko elkarlana errazteko, eta esperientzia desberdinak trukatzea errazteko.

    Laugarren mailako edukiak hiru aurrekoen laburbilduma dira, baina sakonago aztertuta. Horregatik sartu dira hausnarketa-maila sakonagoak; esate baterako, «nahitaezko indibiduazioa» eta «kosmopolitismoa». Asmoa da «bigarren modernitatea» deritzon garaian unibertsalismoa-erlatibismoa dikotomia gaindituko duen etika bat planteatzea, eta unitatearen eta diferentziaren ikuspegi inklusiboa proposatzea edo, beste hitz batzuetan adierazita, «hau eta bestea ere bai» (Ulrich Beck).

    Horrez gain, gure gizarte-ongizateko sistemarekin lotutako kontzeptuak sartzen dira (egitura eta zerbitzu nagusiak); zer eginkizun duten administrazio publikoek, norbanakoei ematen dizkieten zerbitzuak eta haien finantziazioa; zergei buruzko hausnarketa egiten da, administrazio publikoek ematen dituzten zerbitzuekin lotzen dira zuzenean, eta azpimarratzen da aberastasuna birbanatzeko direla, solidario izateko, eta zerga-betebeharrak bete egin behar direla.

    2.3. EBALUAZIO-IRIZPIDEAK.

    3.1. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1. maila.

  1. Pertsonaren kontzeptua eraikitzea eta norbanakoen aniztasuna eta pribatutasuna ezaugarri bat dela eta positiboa dela ulertzea.

  2. Norbanakoaren nortasunaren bilakaera faseak eta nerabezaroa etapa bereziak direla ulertzea, eta kide den taldeen ezaugarriak eta haiek kideekiko duten eragina deskribatzea, ohartzeko autonomia pertsonala eta bere jarreraren kontrola ezinbestekoa direla moralki hazten jarraitzeko eta helduen bizitzara igarotzeko.

  3. Heteronomia eta autonomia zer diren jakitea, pertsonaren ikuspegi kantiarraren bidez, zer garrantzi duen ohartzeko eta bizitza moralean aplikatzeko.

  4. Nortasunaren oinarrizko dimentsioak eta ezaugarriak deskribatzea, bai eta ohiturak sortzeko mekanismoa eta haien zeregina ere.

  5. Gizakiak arrazoiz eta askatasunez jarduteak zer-nolako garrantzia duen justifikatzea, funtsezkoa den aldetik «nolakoa izan nahi duen» erabakitzeko eta bere nortasunean sartu nahi dituen balioak aukeratzeko.

  6. Golemanen ekarpenetan oinarrituta aztertzea zer den adimen emozionala, gizakiaren morala garatzeko oso garrantzitsua dela aintzat hartzea, eta instrospekzioa erabiltzeko gai izatea, bere barnean emozioak eta sentimenduak ikusteko, eta horrela, bere trebetasun emozionalak hobetzeko.

  7. Gizakiaren gaitasunak ulertzeko eta balioesteko gai izatea, modu kontzientean eta nahita eragiteko bere identitatearen eraikuntzan, balio etikoei jarraituz.

  8. Gizakiaren dimentsio sozialaren eta moralaren oinarriak ezagutzea, gizakiaren eta gizartearen artean zer harreman dialektiko sortzen den jakitea, eta balio etikoak ardatz dituen bizitza soziala izatearen garrantzia aintzat hartzea.

  9. Bizitza pribatuko eta bizitza publikoko eremuak (lehenengoa etikak arautzen du, eta bigarrena, zuzenbideak) bereiztea, norberaren askatasunaren eta askatasun sozialaren mugak zein diren jakiteko.

  10. Jarrera asertiboa eta trebetasun sozialak erabiltzea, bere nortasunean bizitza sozial bidezkoagoa izateko beharrezkoak diren balio etikoak txertatzeko.

  11. Eguneroko bizitzan (eskolan, etxean, lanean, kultura-jardueretan...) emakumeen eskubideak defendatzea eta gizonek dituztenekin parekatzea, emakumeak gutxiesten eta baztertzen dituzten jarrerak arbuiatzea eta genero-indarkeriaren aurkako jarrera aktiboa hartzea.

  12. Orientazio afektibo-sexual guztiak onartzea eta errespetatzea, pertsonek aukeratzen duten orientazioa gauzatzeko eskubidea defendatzea eguneroko bizitzan (eskolan, etxean, lanean, kultura-jardueretan, etab.), hura gutxiesten eta baztertzen duten jarrerak arbuiatzea, eta haien aurka gauzatzen den indarkeriarekiko aurkako jarrera aktiboa izatea.

  13. Jarreren eta hautuen arrazoiak ematea pertsonen arteko harremanetan, egoki komunikatzea, errespetuz, eta elkarrizketa eta bitartekotza erabiltzea gatazka-egoeratan.

    3.2. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 2. maila.

  1. Etika eta morala bereiztea, haien arteko antzekotasunak eta desberdintasunak deskribatzea, eta hausnarketa etikoaren garrantzia balioestea, ezinbesteko jakintza praktikoa den aldetik gizakiaren jarrera modu arrazionalean gidatzeko, garapen osoranzko bidean.

  2. Gizakiaren izaera morala zer den eta zer garrantzi duen nabarmentzea, haren garapenaren etapak aztertzea eta ohartzea beharrezkoa dela arau etikoak izatea, askatasunez eta arrazionaltasunez onartutakoak, bere jarrera gidatzeko.

  3. Arau etikoaren kontzeptua ezagutzea, arau etikoen garrantziaz ohartzea eta zer ezaugarri dituzten, nondik datozen eta zer balio duten jakitea.

  4. Teoria etikoak helburuen etika eta prozedurazko etika deritzenetan banatzen direla jakitea eta haien ezaugarriak azaltzea.

  5. Egungo gizarteetan gatazka moralak identifikatzea, haiei proposamen etikoetatik heltzeko.

  6. Etika, politika eta justizia kontzeptuen arteko erlazioak ezagutzea, eta termino horiek aztertzea eta definitzea, John Rawlsen proposamena aintzat hartuta.

  7. Modu arrazionalean justifikatzea Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalak biltzen dituen balio eta printzipio etikoen beharra, XX. eta XXI. mendeetako demokrazien oinarri unibertsal moduan, eta haien ezaugarriak eta Zuzenbide Estatuarekin eta botere-banaketarekin dituen loturak adieraztea.

  8. Herritarrek bizitza politikoan parte-hartze aktiboa izan behar dutela aitortzea, baldin eta demokraziak ez baditu giza eskubideak urratuko.

  9. Legeak Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsaleko printzipio etikoei egokitzen zaizkiela adieraztea eta horren garrantziaz ohartzea.

  10. EBren funtsezko osagai-elementuak ezagutzea, EBk estatu kideei eta haietako herritarrei zer onura ekarri dizkien eta haiek zer erantzukizun hartu dituzten aztertzea, ikaslea ohartzeko EB onuragarria dela eta hainbat gauza lortzen ari dela.

  11. Diskurtso sozial eta politiko bat lantzea, ongi oinarritua, kritikoa eta gizarte demokratikoaren balioekin konprometitua.

    3.3. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 3. maila.

  1. Etikaren, politikaren eta justiziaren arteko loturak azaltzea, haien arteko antzekotasunak, desberdintasunak eta erlazioak adierazita, eta legalitatea eta legitimitatea terminoen esanahia jakitea.

  2. Arau juridikoen justifikazioaren arazoa azaltzea, zuzenbide naturalaren edo iusnaturalismoaren, konbentzialismoaren eta positibismo juridikoaren teoriak aztertuz, eta zenbait filosoforen pentsamendu juridikoan nola aplikatu den jakitea, legeen oinarri etikoari buruzko iritzi arrazoitua eratzen joateko.

  3. Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala eta NBE eratzea sustatu zuen une historikoa eta politikoa aztertzea, ulertzeko bere garaian beharrezkoa izan zela eta gaur egun ere balio baduela, zuzenbidearen eta estatuen legitimitatearen oinarri den aldetik.

  4. Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalak zer eduki eta egitura dituen jakitea eta haiek ongi interpretatzea, balioetsi eta errespetatu egin behar dela ulertzeko.

  5. Giza eskubideen bilakaera historikoa gizateriaren lorpenetako bat dela ulertzea, munduaren leku askotan emakumeen eta haurren eskubideak ezin direla gauzatu ulertzea, eta egoera horiek aintzat hartzea eta zergatik gertatzen diren jakitea, haiei konponbidea eman dakien sustatzeko.

  6. Gaur egun Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala aplikatzeak zer arazo dakartzan jakitea, eta Euskal Autonomia Erkidegoan giza eskubideak babesten eta haiek gauzatzeko aukerarik ez dutenei laguntzen diharduten erakundeen eta GKEen lana balioestea.

  7. Dimentsio moralak zientzian eta teknologian zer zeregin eta eragin dituen jakitea, eta muga etikoak eta juridikoak ezartzeko beharraz hausnartzea, haien jarduera Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalak sustatzen dituen balioekin bat etor dadin.

  8. Zientziaren eta teknologiaren arloan erabiltzea Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalean bildutako balio etikoak, desegoki aplikatu ez daitezen, eta zenbaitetan, medikuntzaren eta bioteknologiaren arloan bereziki, sortzen diren dilema moralak ebatz daitezen.

  9. Onartzea ikerketa zientifikoa ez dela neutrala eta interes politikoek, ekonomikoek eta bestelakoek hari eragiten diotela, eta ondorio horretara iristea aurrerapenaren ideia eta haren interpretazio teknokratikoa aztertu ondoren, ikerketa zientifikoen helburuak Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalean oinarritutako kode etikoarekin bat ez datozen egoeretan.

  10. Interneten bidez, informazioaren eta komunikazioaren teknologiak eremu pribatuan sartuz erabiltzeak dakartzan arriskuak azaltzea; esaterako, hirugarrenek datu pertsonalen erabilera okerra egitea, ciberbullyinga, sextinga, pederastia eta abar.

    3.4. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 4. maila.

  1. Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalean oinarrituta, herritarren eta estatuaren arteko harremanak arautu behar dituzten printzipioak azaltzea, gizartean haien gauzapena sustatzeko.

  2. Garaiko fase historikoari, bigarren modernitateari, buruz egiten diren interpretazioak eta hark bizitza-proiektua eraikitzean duen eragina ezagutzea.

  3. Sozializazio globala zer den eta komunikabide globalekin zer lotura duen azaltzea, aintzat hartzea zer eragin dituen pertsonen eta gizartearen bizitzan eta garapen moralean, eta hausnartzea etikak zer zeregin izan behar duen globalizazioaren garaian.

  4. Giza eskubideak betetzen direla bermatzeko, munduan giza ekintzaren arlo berriak etikoki arautzea ezinbestekoa dela debatitzea.

  5. Diskurtsoaren etika, Habermas eta Apel filosofoena, etika formala dela jakitea, komunitatean elkarrizketaren eta adostasunaren balioa nabarmentzen duena, arau etiko justuak eratu ahal izateko.

  6. Gaur egungo munduko gizarte-arazo nagusiak (pobrezia, herrialde aberatsen eta pobreen arteko harremanak, gerrak, demografia, degradazio ekologikoa, espezieak desagertzea, etab.) zerk eragiten dituen aztertzea, komunikabideek ematen duten informazioa modu kritikoan erabiltzea, eta bizimodu justuagoa lortzeko zer irtenbide dauden jakitea.

  7. Legeak giza eskubideen erabilera bermatzeko ezinbestekoak direla ohartzea, dilema moral batzuez mintzatzea, betebehar etikoen (pertsonaren kontzientziaren) eta legeek ezartzen dituzten betebeharren artean gatazka sortzen den dilema moralez, eta bereziki, desobedientzia zibilaz eta kontzientzia-eragozpenaz, eta iritziak arrazionaltasunez argudiatzea.

  8. Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala uko egin ezin diren ideia multzo moduan ikustea, haren aplikazioan zer gabezia dauden kontuan izatea, arlo ekonomikoan eta sozialean, batez ere, eta munduan giza eskubideen alde egiten duten erakundeak eta boluntarioak oso garrantzitsuak direla adieraztea, giza eskubideak gauzatzeko aukerarik ez dutenei laguntzen baitiete.

  9. Terrorismoaren, bortizkeriaren eta giza eskubideen urraketaren biktimekiko sentikorra izatea, eta haiekiko elkartasuna, enpatia eta hurbiltasuna adieraztea.

  10. Jakitea zer irizpide balia ditzakeen proiektu zientifikoak eta teknologikoak modu kritikoan eta hausnartuz ebaluatzeko, eta giza eskubideak eta gizateriaren balio etikoak errespetatzen dituzten jakiteko.

  11. Gure ongizate-estatuaren ereduak zer ezaugarri dituen jakitea eta beste eredu batzuekin alderatzea.

  12. Bere gain hartzea ongizate-estatua iraunarazteko ardura, banaka zein talde moduan.

    3. EKONOMIA.

    3.1. HELBURUAK.

    Hauek dira etapako helburuak Ekonomia ikasgairako:

  1. Zientzia ekonomikoaren oinarriak eta oinarrizko terminologia jakitea, eta ekonomiak enpresen eta pertsona fisikoen eguneroko bizitzan dituen ondorioak aintzat hartzea. Horren helburua da etxeko ekonomiako eta enpresako ekonomiako ohiko egoerei ongi eta irizpide egokiez aurre egitea.

  2. Enpresa baten egituraren ezaugarri nagusiak aztertu eta interpretatu, bereizi eta baloratzea, enpresaren berezko alderdi teknikoak eta sozialak zein diren jakiteko.

  3. Norberaren alternatiba ekonomikoak planteatu, aurrekontuak diseinatzea eta kontsumitu edo aurreztu aukeratzea, norberaren antolaketa ekonomikoa baloratzeko, eta finantza-merkatuak horretarako eskura jartzen dituen tresnak ere bai.

  4. Administrazio publikoek pertsonen eta enpresen bizitza ekonomikoan zer eragin duten jakitea, eta haren zerga-sistema eta gizarte-ongizatean duen eragina jakitea. Horren helburua da errentaren birbanatze-eginkizunaz jabetzea eta ohartzea zer zerga-betebehar ditugun herritar garenez.

  5. Magnitude ekonomiko nagusiak interpretatzen jakitea, dagozkion kalkulu matematikoak eginez, eta grafiko bidez identifikatzea, jakiteko zer alternatiba dauden aukeran arazo ekonomikoei eta sozialei konponbidea emateko eta garapen iraunkorra lortzeko.

  6. Globalizazio ekonomikoak zer ondorio dituen aintzat hartzea, eta haren abantailak eta desabantailak irizpide kritikoz azaltzea, egungo gertaera ekonomikoak globalizazioaren ingurune horretan aztertzeko.

    3.2. EDUKI MULTZOEN EZAUGARRIAK.

    Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 4. mailako adierazpenezko, prozedurazko eta jarrerazko edukiak eduki multzo hauetan biltzen dira:

  1. multzoa. Eduki komunak.

  2. multzoa. Oinarrizko ideia ekonomikoak.

  3. multzoa. Ekonomia eta enpresa.

  4. multzoa. Etxeko ekonomia.

  5. multzoa. Administrazio publikoen ekonomia eta diru-sarrerak eta gastuak.

  6. multzoa. Ekonomia eta magnitude ekonomikoak.

  7. multzoa. Nazioarteko ekonomia.

    Ekonomia ikastea eta ekonomiako prestakuntza izatea behar beharrezkoa da gure hezkuntza-sistemako etapa honetan, harreman ekonomikoak gero eta konplexuagoak baitira, baina, aldi berean, ekonomia gero eta gehiago agertzen baita eguneroko bizitzan, gero eta lehenago gainera. Hori dela eta, herritar orok gertaera ekonomikoak azaltzen dituzten oinarrizko arauak jakin behar ditu, bai eta ekonomian erabiltzen den lexiko espezifikoa ere. Errealitatea ezin da ulertu kontuan hartu gabe pertsonok gure premiak asetzeko ahaleginean izaten dugun portaera ekonomikoa, oso oinarrizkoa izan arren ikasgai honen xede diren ikasleetan.

    Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako etapa honetan, ekonomia ikasteak inguratzen duen mundua hautematen eta ezagutzen laguntzen dio ikasleari, ekonomian eta enpresa-munduan erabiltzen diren kontzeptuak ulertzen laguntzen dio, arrazoitzeko, abstrakzioa egiteko eta erlazioak topatzeko gaitasunak eta trebetasunak sustatzen ditu, eta hainbat tresna ematen dizkio bizi den gizartea modu kritikoz aztertzeko. Horrez gain, ikaslearen jakin-mina, analisirako gaitasuna garatzen laguntzen du; zenbait aldagai ekonomiko ikasten ditu (hazkundea, garapena, pobrezia, prestakuntza, aberastasuna, merkataritza, fiskalitatea, ingurumena, eta abar); arrazoiak eta ebidentzia enpirikoak emanez ideiak eta ondorioak ahoz eta idatziz adierazteko trebetasuna handitzen du; etika eta gizakiarekiko errespetua sustatzen ditu; eta lanerako gaitasuna handitzen du, bai lan indibiduala bai talde-lana egitekoa.

    Hori guztia zenbait edukitan gauzatzen ahalegindu gara. Haietan bildu dira arlo eta ikasgai guztietan komunak diren oinarrizko zehar-konpetentziekin lotutakoak (1. eduki multzoa), bai eta Ekonomia ikasgaiko berezkoak ere: «Oinarrizko ideia ekonomikoak» (2. multzoa), «Ekonomia eta enpresa» (3. multzoa), «Etxeko ekonomia» (4. multzoa), «Administrazio publikoen ekonomia eta diru-sarrerak eta gastuak» (5. multzoa), «Ekonomia eta magnitude ekonomikoak» (6. multzoa) eta «Nazioarteko ekonomia» (7. multzoa).

    3.3. EBALUAZIO-IRIZPIDEAK.

  1. Ekonomiaren oinarrizko printzipioak ezagutzea, printzipio horiek baliabideei eta premiei dagokienez zer ondorio dakartzaten jakitea, eta erabaki ekonomikoek une oro herritarren bizitzan eragiten dutela ohartzea.

  2. Terminologia ekonomikoa ezagutzea eta terminologia horrekin ohituta egotea.

  3. Enpresek izan ditzaketen forma juridikoak deskribatzea.

  4. Ekoizpen-prozesuko ezaugarri nagusiak aztertzeko gai izatea.

  5. Enpresek zer finantziazio-iturri dituzten jakitea.

  6. Kasu errazetan, enpresen diru-sarreren eta kostuen egitura zehazteko eta haien irabaziak kalkulatzeko gai izatea.

  7. Aurrekontu pertsonal bat egiten eta zer diru-sarrera eta gastu mota dauden bereizten jakitea.

  8. Modu arrazionalean erabakitzea bere alternatiba ekonomikoen artean, haiek norberaren eta gizartearen ongizatearekin lotzea, eta aurreztearekiko jarrera positiboa izatea.

  9. Diruaren oinarrizko funtzionamendua jakitea eta banku-kontuen motak eta ordainketa-baliabide moduan ematen diren txartelak bereiztea.

  10. Administrazio publikoen oinarrizko diru-sarreren iturriak eta gastuak aztertzea, egoki interpretatzea banaketa hori adierazten duten grafikoak, eta ongi ulertzea zor publikoaren eta defizit publikoaren kontzeptuak.

  11. Zerga-sistemak errenta birbanatzeko duen garrantzia onartzea eta horretarako zer tresna erabiltzen diren jakitea.

  12. Enpresei eta pertsona fisikoei ezartzen zaizkien zergak bereiztea eta zerga-betebeharrak betetzeak zer-nolako garrantzia duen ulertzea.

  13. Euskal Autonomia Erkidegoko zerga-sistemaren eta lurralde komunekoaren arteko desberdintasunak ezagutzea.

  14. Interes-tasak, inflazioak, langabeziak eta antzeko magnitudeek zer adierazten duten jakitea eta kontzeptu horiekin lotutako grafikoak interpretatzea.

  15. Garapenerako politika makroekonomikoko zenbait aukera balioesteko gai izatea, dela garapen ekonomikoa, dela gizarte-garapena.

  16. Globalizazio ekonomikoak, nazioarteko merkataritzak eta integrazio ekonomikoko prozesuek pertsonen bizitza-kalitatean eta ingurumenean zer eragin duten ulertzeko gai izatea.

    4. EKINTZAILETZA ETA ENPRESA JARDUERETARAKO HASTAPENA.

    4.1. HELBURUAK.

    Hauek dira etapako helburuak Ekintzailetza eta Enpresa Jardueretarako Hastapena ikasgairako:

  1. Jarrera ekintzailea sustatzea eremu pertsonalean, gizarte-eremuan eta, bereziki, lan-eremuan, eta edozein pertsonak bere garapenean eta bilakaeran izan beharrezko funtsezko printzipioa dela ohartzea. Orobat, haren ondorioak aztertzea, eta, funtsean, ohartu eta bere egitea pentsamendu kritikoa, erabakiak hartzea/problemei konponbidea ematea eta lidergoa jarrera ekintzailea izateko ezinbesteko ekintzak direla.

  2. Jakitea zer informazio behar den zenbait egoeratan (eta, bereziki, lan-jardueran, dela besteren konturakoa, dela norberaren konturakoa), baliabideak erabiltzea informazio hori lortzeko, eta jarduera ekintzaile bat gauzatzeko beharrezkoak diren prozesuak eta aukera-azterketak egitea.

  3. Enpresa bat sortzeko oinarrizko faseak eta ekintzak deskribatzea, eta, bereziki, autonomo gisa hastekoak edo ETE bat eratzekoak, eta kasu bati buruzko proiektu edo azterketa bat aurkeztea (kasuak bideragarritasunari buruz eztabaidatzeko aukera eman behar du).

  4. Enpresa bateko sail nagusiak edo enpresan egiten diren oinarrizko funtzioak zein diren adieraztea, haietako bakoitzeko helburuak eta eginkizunak deskribatzea, eta azaltzea zer harreman eta betebehar dituzten egiten duten jardueran parte hartzen duten eragile, entitate eta erakunde publikoekiko.

    4.2. EDUKI MULTZOEN EZAUGARRIAK.

    Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 4. mailako adierazpenezko, prozedurazko eta jarrerazko edukiak eduki multzo hauetan biltzen dira:

  1. multzoa. Eduki komunak.

  2. multzoa. Lana eta ekintzailetza.

  3. multzoa. Enpresa, aukerak eta martxan jartzea.

  4. multzoa. Enpresa, enpresaren eginkizun edo sail nagusiak.

  5. multzoa. Enpresa-proiektua.

    Ezbairik gabe, esan daiteke ekimenerako konpetentzia edo, gaur egungo terminoa erabiliz, ekintzailetza azken urteetan arreta handienaz aztertu den konpetentzietako bat dela. Europar Batasunak edozein herritarrentzat beharrezkoak ziren funtsezko konpetentzien zerrenda argitaratu zenean egin zen oso ageriko, eta ordutik aurrera protagonismo handia izan du.

    Baina konpetentzia hau beti egon da, eta orain ere badago, zeharka edo berariaz adierazita hezkuntza-sistemako etapa guztietako ikasgaien curriculum gehienetan, Lehen Hezkuntzatik hasita goi-mailako hezkuntzara arte. Izan ere, kontuan izan behar da pentsamendu kritikoa, erabakiak hartzeko eta problemak ebazteko beharra, eta ekimena izatea gaur egungo irakaskuntzaren eta ikaskuntzaren hiru ardatz direla.

    Horrenbestez, ikasgai honek eta adierazitako helburuek elkarrekin lotuta dauden bi xede dituzte: batetik, lortu nahi da Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako bigarren zikloko ikasleek ekintzailetza beren bizitzan jarraitu beharreko arautzat izatea, hau da, ekintzaile izatea beren garapen pertsonalean, gizarteko zenbait arlotan, eta, ikasgai honi dagokionez, lan-arloan, bereziki; eta, bestetik, enpresa bat sortzeko ezagutzak eta eginbeharrak jakitera ematea, eta, horren haritik, enpresa baten oinarrizko proiektu bat aurkeztu beharko dute. Dena den, enpresa proiektu bat tresna bat besterik ez da, ikasleak ohar daitezen zer potentzial eta aukera dakarzkien enpresa bat sortzeko aukera aztertzeak.

    Jakina, curriculuma zehaztean kontuan izan da helburuak eta ebaluazio-irizpideak nolabait bat etortzea beste etapa batzuetarako eta erkidegoko Lanbide Heziketako beste ikasketa batzuetarako ezarritakoekin.

    Dena den, ikasgai honek ekintzailetzari heltzeko modu jakin bat erakusten dio ikasleari: enpresa bat sortzeko ezagutzak ematen dizkio, baina kontuan izan behar du, eta irakatsi egin behar zaio, besteren kontura jardunda ere izan daitekeela ekintzaile (intraekintzaile deritzenak dira), eta ekintzailetzak, konpetentzia moduan, bizitzan hartuko dituen erabaki nagusi guzti-guztietan parte hartuko duela, izan erabakiak norberaren eremukoak, izan lan-arlokoak.

    4.3. EBALUAZIO-IRIZPIDEAK.

  1. Ekintzailetzari lotutako gaitasun pertsonalak eta trebetasun sozialak ezagutzea eta aintzat hartzea, eta lanpostuek eta enpresa-jarduerek zer eskakizun dituzten aztertzea.

  2. Bere bizitzari buruzko erabakiak hartzea, eta ulertzea, bere trebetasunak kontuan hartuta, zer enplegu, autoenplegu edota karrera profesional aukera ditzakeen, eta bizitzan zeharreko zer prestakuntza- eta ikaskuntza-alternatiba dituen.

  3. Etorkizuneko langile arduratsu moduan jokatzea eta langile moduan zer eskubide eta betebehar izango dituen jakitea, Estatuak eta Gizarte Segurantzak langilea babesteko egiten duten lana aintzat hartzea, eta laneko arriskuetatik babesteko beharrizana ulertzea.

  4. Ikasgelan enpresa-proiektu bat sortzea, eta arrazoitzea zergatik aukeratu duten ideia jakin bat ideien multzo batetik. Orobat, oinarrizko merkatu-azterketak egitea, jarduera-eremuen gaineko eraginak aztertzea, eta proiektuetan balio etikoak txertatzea.

  5. Enpresa-proiektuko enpresaren berezko ekoizpen- eta merkaturatze-jarduerak egitea, komunikazio-teknikak erabiltzea, talde-lanean aritzea eta informazioa egoki kudeatzea.

  6. Enpresa baten (zehazki, ETE baten) oinarrizko administrazio- eta finantza-kudeaketako jarduerak egitea, kontabilitateko eta zerga-arloko zer betebehar nagusi dituzten jakitea, eta dokumentazioa behar bezala betetzea.

    5. KULTURA KLASIKOA.

    5.1. ETAPAKO HELBURUAK.

    Honako hauek dira etapako helburuak Kultura Klasikoa ikasgaian:

  1. Zibilizazio klasikoko gertaera geografiko, historiko, sozial, politiko eta artistiko nagusien berri jakitea, identifikatzea eta aztertzea, eta gertaerok gure kulturan izandako eragin itzela balioestea, nork bere burua eta norbanako gisa bizi garen gizarte plurala hobeto ulertzeko.

  2. Gaur egungo gizartean eta kulturan bizirik dirauten Erromako eta Greziako elementu historiko, sozial, politiko, linguistiko eta kulturalak identifikatzea (tartean kultura greko-latindarrean erroturik zeuden sinesmen eta ohiturak ere bai), eta horiek guztiak modu kritikoan aztertzea, mundu klasikoaz norberak duen iritzi pertsonala aberasteko.

  3. Zibilizazio klasikoak utzitako kultura-ondarea balioestea eta errespetatzea, eta ondare hori gozamen-iturri eta garapen indibidual nahiz kolektiboan aurrera egiteko bide dela aintzat hartzea, horrela hura zaindu eta hobetu beharraz jabetzeko.

  4. Norberaren esperientziari zentzua emateko, mundua eta giza kondizioa nolakoak diren ulertzeko eta sentsibilitate estetikoan aurrera egiteko, latinezko nahiz grekozko testuak irakurri, iruzkindu eta interpretatu, eta literatura-ondare klasikoaz gozatzea eta ondare horrek informazio-iturri gisa duen garrantzia balioestea.

  5. Mundu klasikoko erlijioaren eta mitologia greko-latindarraren ezaugarriak ezagutzea, eta horiek gaur egungo artean izandako eragina balioestea, mundua sinbolikoki interpretatzeko balioa duten aldetik.

  6. Hizkuntza erromanikoen jatorri eta bilakaera zein den jakitea, eta hori dela eta, hizkuntza horien ezaugarri komun eta bereizgarriez gogoeta egitea, hizkuntza-aniztasunak den-denon kultura-ondarea aberasten duela aintzat hartuz.

  7. Termino berriak sortzeko eta objektu nahiz aurkikuntza berriak izendatzeko hizkuntza klasikoak zeinen baliagarriak diren ohartzea, eta termino horiek norberaren lexikoan txertatu eta zenbait komunikazio-egoeratan behar bezala erabiltzea, ikasleen ahozko nahiz idatzizko ulermena eta espresioa hobetzeko.

  8. Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak gero eta autonomia handiagoz eta modu kritikoan erabiltzea, informazioa bilatzeko eta hautatzeko, eta elkarrekin komunikatzeko eta kooperatzeko.

    5.2. EDUKI MULTZOEN EZAUGARRIAK.

    Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzari dagozkion adierazpenezko, prozedurazko eta jarrerazko edukiak honako eduki multzo hauetan multzokatzen dira:

  1. eduki multzoa. Arlo guztietan eta ikasgai honetako eduki multzo guztietan komunak diren oinarrizko zehar-konpetentziekin lotutako edukiak.

  2. eduki multzoa. Mundu klasikoa: Grezia eta Erroma.

  3. eduki multzoa. Hizkuntza klasikoak, kultura transmititzeko bide diren aldetik.

  4. eduki multzoa. Zibilizazio greko-latindarrak gaur egungo munduari egindako ekarpenak.

    Etapako ikasgai guztietan komuna den 1. eduki multzoak oinarrizko zehar-konpetentziak garatzeko beharrezkoak diren eduki guztiak jasotzen ditu. Arlo eta ikasturte guzti-guztietan landu eta ebaluatu behar dira edukiok. Ikasgai honetako eduki multzo guztietan komunak diren edukiak ere lantzen ditu, gainera. Horretan, prozedurazkoak diren edukiak jarrerazkoak direnetatik bereizten dira.

  1. , 3. eta 4. eduki multzoetan, zibilizazio klasikoko alderdi guztiak lantzen dira: alde batetik, sarrera moduko batean, kultura greko-latindarra sakon ezagutzeko zenbait gako ematen dira; eta, beste alde batetik, hizkuntza klasikoen alderdi nagusiak azaltzeaz batera, mundu klasikoak gaur egungo munduari egindako ekarpenen berri ematen da.

  1. eduki multzoak («Mundu klasikoa: Grezia eta Erroma») antzinako mundua ulertzeko gako ugari emango dizkigu, eta horrek berebiziko garrantzia du, Euskal Herriko, Espainiako eta Europako errealitate historiko, sozial eta kulturala zertan den ganoraz ulertuko badugu.

    Greziarren eta erromatarren bizimodua ulertzeko, bestalde, ezinbestekoa da da mundu klasikoko errealitate historiko, geografiko, sozial, politiko eta kulturala ganoraz aztertzea. Alderdi horiek guztiak gertatu zireneko garai historikoan aztertzeak eta gaur egungo Mendebaldeko gizarteko gertaerekin alderatzeak aukera paregabea ematen digu orain-oraingo gertaera eta fenomenoak askoz hobeto ezagutu eta ulertzeko. Izan ere, gure sustraiak non errotzen diren jakin ezean, ezinezkoa da geure burua ondo ezagutzea.

    Gu europarrak gara, eta gure ondarearen sakonenean latina eta grekoa daude, bi hizkuntza horiek sekulako eragina izan baitute gaur egun Europa osoan hitz egiten diren hizkuntza guztietan: grekoak, jakintzaren alor guzti-guztietan erabiltzen den lexiko zientifiko-teknikoa greziar jatorrikoa delako; eta latinak, hizkuntza erromanikoak latinetik datozelako, hizkuntza horien bitartez Europan hitz egiten diren gainerako hizkuntzetan berebiziko eragina izan duelako, eta mendez mende kultura-hizkuntza nagusia izan delako.

  2. eduki multzoan («Hizkuntza klasikoak, kultura transmititzeko bide diren aldetik») eduki linguistikoak jorratzen dira batik bat, eta horrek grekoa eta latina ikasten hasteko aukera emango die ikasleei; bi hizkuntza horien sistema lexikoak, batez ere. Horrenbestez, hauek dira eduki multzo honetako eduki nagusiak: gaztelaniazko hitzen etimologia greko-latindarra; greziar jatorriko hitzak oinarri dituzten termino zientifiko eta teknikoen osaera; eta hizkuntza jasoan erabili ohi diren latinismo eta helenismoak. Horren guztiaren bitartez, gure neska-mutilek beren ahozko nahiz idatzizko ulermena eta espresioa nabarmen hobetuko dute, eta horrek beren lexikoa aberasten lagunduko die.

    Asko eta asko dira gaur egungo gizartean eta politikan sustraiak zibilizazio klasikoan errotuak dituzten elementuak: demokrazia, eskubide eta betebehar indibidualen aitortza, eta den-denok babesten eta lotzen gaituzten legeak, besteak beste.

    Mundu klasikoak gaur egungo munduari utzi dion ondare oparo hori sakon aztertzea, horixe da Ikasgai honetako curriculumaren gakoetako bat. 4. eduki multzoko («Zibilizazio greko-latindarrak gaur egungo munduari egindako ekarpenak») edukiek zibilizazio klasikoko ondare oparo eta zabalarekin lotutako ezaguera ugari emango dizkie gure ikasleei; Erromako eta Greziako elementu sozial, politiko, artistiko eta kulturalekin lotutakoak, batik bat. Horrela, gure neska-mutilek sakon eta zabal jakin ahal izango dute beren munduaren berri, eta horrek beren kontzientzia historikoa eta gaitasun kritikoa sendotuko du, inolako dudarik gabe.

    5.3. EBALUAZIO-IRIZPIDEAK.

    Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1. eta 3. mailak

  1. Zibilizazio greko-latindarraren bilakaera gertatu zeneko marko geografikoa deskribatzea eta mapa batean enklabe nagusiak kokatzea.

  2. Greziaren eta Erromaren sorrera eta bilakaera gertatu zireneko marko historikoa identifikatzen eta deskribatzen jakitea.

  3. Greziako eta Erromako gizarte-klaseek zer ezaugarri eta bilakaera izan zituzten jakitea, eta gizarte-klase haiek gaur egungoekin lotzeko gai izatea.

  4. Europa modernoan kultura klasikoaren zantzu eta eraginei igartzeko eta bereizteko gai izatea.

  5. Hispaniaren erromanizazio-prozesuaren ezaugarri nagusiak ezagutzea.

  6. Arte greko-latindarrak zer ezaugarri nagusi izan zituen jakitea, eta gaur egungo arte-adierazpenak eredu klasikoekin lotzeko gai izatea.

  7. Espainiako nahiz Europako monumentu klasiko nagusiak ezagutu eta balioestea.

  8. Literatura klasikoko generoek zer ezaugarri nagusi dituzten jakitea eta literatura klasikoak gure literatura-tradizioari egindako ekarpenak ezagutzea.

  9. Erlijio greko-latindarrak zer ezaugarri nagusi zituen jakitea, eta erlijio-adierazpen horiek gaur egungoekin lotzeko gai izatea.

  10. Grezia klasikoko kirol-jarduerak eta gaur egungoak lotzea, eta horien arteko antzekotasun eta desberdintasunen berri emateko gai izatea.

  11. Greko-latindar mitologiako jainko-jainkosa, mito eta heroi nagusiak ezagutzea, eta antzinako mito nahiz heroien eta gaur egungoen arteko antzekotasun eta desberdintasunei igartzeko gai izatea.

  12. Gaur egun erabiltzen diren idazketa eta alfabeto motak ezagutzea eta bereiztea.

  13. Europan gaur egun hitz egiten diren zenbait hizkuntzak jatorri bera dutela jakitea, eta Europako hizkuntza erromanikoak eta ez-erromanikoak mapan kokatzeko gai izatea.

  14. Latinetik hizkuntza erromanikoetarainoko prozesuko urratsak deskribatzeko eta aztertzeko gai izatea.

  15. Espainiako hizkuntzetan eta beste hizkuntza moderno batzuetan jatorri greko-latindarreko lexikoa identifikatzeko eta lexiko zientifiko-teknikoa behar bezala erabiltzeko gai izatea.

  16. Hizkuntza klasikoek ez grekotik eta ez latinetik ez datozen hizkuntzetan aztarna ugari utzi dituztela ohartzeko gai izatea.

  17. Kultura greko-latindarrarekin lotutako alderdiren bati buruzko ikerketa-lanak taldean egiteko gai izatea, eta horretan, informazioaren eta komunikazioaren teknologia berriak erabiltzea, informazioa bilatzeko eta hautatzeko, eta elkarrekin komunikatzeko eta kooperatzeko.

    Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 4. maila:

  1. Zibilizazio greko-latindarraren bilakaera gertatu zeneko marko geografikoa deskribatu eta mapa batean enklabe nagusiak kokatzeko gai izatea.

  2. Erromaren eta Greziaren sorrera eta bilakaera gertatu zireneko marko historikoa identifikatzen eta deskribatzen jakitea.

  3. Greziako eta Erromako historiako etapak sailkatzen jakitea eta etapa bakoitzean jazotako gertaera historiko nagusien berri izatea.

  4. Denboraren lerro bat egin eta Greziako eta Erromako gertaera historikoak kokatzeko gai izatea.

  5. Greziako eta Erromako gizarte-klaseek zer ezaugarri eta bilakaera izan zituzten jakitea, eta gizarte-klase haiek gaur egungoekin lotzeko gai izatea.

  6. Greziako eta Erromako historiak Europaren osaera politiko, sozial eta kulturalean zer eragin izan duen jakitea.

  7. Zibilizazio klasikoak kultura modernoko arte-adierazpen, zientzia eta antolaera sozial eta politikoan izandako eragin itzelaz jabetzea.

  8. Antzinako genero, mito, gai eta topiko literarioek gaur egungo literaturan utzitako aztarnei igartzeko gai izatea.

  9. Erlijio greko-latindarrak zer ezaugarri nagusi zituen jakitea, eta erlijio-adierazpen horiek gaur egungoekin lotzeko gai izatea.

  10. Grezia klasikoko kirol-jarduerak eta gaur egungoak lotzea, eta horien arteko antzekotasun eta desberdintasunen berri emateko gai izatea.

  11. Hispaniaren erromanizazio-prozesuaren ezaugarri nagusiak ezagutzea.

  12. Arte greko-latindarrak zer ezaugarri nagusi izan zituen jakitea, eta gaur egungo arte-adierazpenak eredu klasikoekin lotzeko gai izatea.

  13. Espainiako nahiz Europako monumentu klasiko nagusiak ezagutzea eta non dauden jakitea.

  14. Gaur egun erabiltzen diren idazketa eta alfabeto motak ezagutzea eta bereiztea, eta zer funtzio betetzen duten jakitea.

  15. Alfabetoaren jatorria ezagutzea eta gaur egun erabiltzen diren alfabeto motak bereizteko gai izatea.

  16. Gaur egungo alfabetoetako elementu asko eta askoren jatorria alfabeto greko eta latindarrean daudela ohartzea.

  17. Gaur egun hitz egiten diren zenbait hizkuntzak jatorri bera dutela jakitea.

  18. Europako hizkuntza erromanikoak eta ez-erromanikoak identifikatzea eta mapa batean kokatzea.

  19. Latinetik hizkuntza erromanikoetarainoko prozesuko urratsak deskribatzea eta aztertzea.

  20. Espainiako hizkuntzetako eta beste hizkuntza moderno batzuetako lexikoan elementu greko-latindarrak identifikatzea.

  21. Behar bezala erabiltzea jatorri greko-latindarreko lexiko zientifiko-teknikoa.

  22. Hizkuntza klasikoek ez grekotik eta ez latinetik ez datozen hizkuntzetan aztarna ugari utzi dituztela ohartzea.

  23. Literatura klasikoko generoen ezaugarri nagusiak ezagutzea eta literatura klasikoak gure literatura-tradizioari zer ekarpen egin dizkion jakitea.

  24. Literatura greko eta latindarreko obra nagusiak ezagutzea eta literatura-lan horiek Europako eta Mendebaldeko kultura literarioaren oinarri direla aintzat hartzea.

  25. Greko-latindar mitologiako jainko-jainkosa, mito eta heroi nagusiak ezagutzea, eta antzinako mito nahiz heroien eta gaur egungoen arteko antzekotasun eta desberdintasunei igartzeko gai izatea.

  26. Zibilizazio klasikoak gaur egungo munduari egindako ekarpenak aztertzeko ikerketak egitea talde-lanean.

  27. Informazioa bilatzeko eta tratatzeko prozesuan, autonomiaz eta irizpide kritikoz erabiltzea informazioaren eta komunikazioaren teknologiak, eskolan egunero sortzen zaizkion premiei aurre egiteko.

    6. FILOSOFIA.

    6.1. ETAPAKO HELBURUAK.

    Honako hauek dira Filosofia ikasgaiko etapako helburuak:

  1. Indibidualtasuna munduan beste indibidualtasun batzuekin batera izateko eta egoteko modutzat hartzea, eta horretan, indibidualtasunaren osaera-prozesua, ezaugarriak eta elkarrekiko erlazioak aztertzea, nork bere burua eta besteak gizartearen eta norbanakoaren arteko tentsioaren emaitza gisa hautemateko.

  2. Gaur egungo errealitate soziala aztertzea, indarrean diren interpretazio adierazgarrienak oinarri hartuta.

  3. Filosofiaren baliabide intelektual eta epistemologikoak erabiltzea, eguneroko bizitzako egoerei gogoetaren eta espiritu kritikoaren bitartez aurre egiteko.

  4. Norberaren ingurua transformatzeko prozesuak proposatzea, eta horretan, sormena eta konpromiso pertsonala oinarri hartzea, gutako bakoitza aldaketa sozialaren alde urratsak egin ditzakeen eragile potentziala dela ulertzeko.

  5. Filosofiaren oinarrizko auziak ezagutzea, eta Filosofiak historian zehar proposatutako galde-erantzunak erabiltzea, Filosofiak berak historian zehar eta gaur egun duen eginkizuna balioesteko.

    6.2. EDUKI MULTZOEN EZAUGARRIAK.

    Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzari dagozkion adierazpenezko, prozedurazko eta jarrerazko edukiak honako eduki multzo hauetan multzokatzen dira:

    Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 4. maila:

  1. eduki multzoa. Ikasgai guztietan komunak diren oinarrizko zehar-konpetentziekin lotutako edukiak Atariko gisa, arlo eta ikasgai guztietan komunak diren oinarrizko zehar-konpetentziekin lotutako prozedurazko eta jarrerazko edukiekin hasiko gara.

  2. eduki multzoa. Filosofia. Jakintza filosofikoaren deskribapena egitea du helburu.

  3. eduki multzoa. Ezagut ezazu zeure burua. Eduki multzo honetatik aurrera, eta azterketa filosofikoari ekite aldera, nia zer den esplikatzen hasiko gara.

  4. eduki multzoa. Nia eta alteritatea. Niaz kanpo dagoen alteritatea aztertzea izango da hurrengo urratsa.

  5. eduki multzoa. Zer jakin dezaket? Eduki multzo honetan, errealitatea bera eta hura ezagutzeko gure modua aztertzea hartuko dugu helburu.

  6. eduki multzoa. Zer egin dezaket? Hemen, norberaren mundua nola alda daitekeen jakitea, horixe da gakoa. Azkenik, errealitatea transformatzeko posibilitateaz jardungo dugu, eta, hala, Filosofiaren alderdi praktikoa azpimarratuko, aldaketarako bide eta alternatibak proposatzen dituen aldetik.

    Oro har, Filosofia ikasgaiaren egitura klasikoari eutsi nahi zian diogu, gure ustez horixe baita jakintza modu horren prozesu logiko espezifikoaren berri ondoen emateko modua.

    Tradizio filosofikoarekin koherentea izan arren, hala ere, egitura horrek arazo bat du: ez dator bat munduaz dugun irudi intuitiboarekin. Beraz, beste ezertan hasi aurretik, 2. eduki multzoan bertan, filosofiaren berariazko ezaugarriei buruz hitz egiten hastean, atariko azalpen gutxi batzuk eman litezke. Nolanahi den ere, kontuan izanik eduki multzoak ez direla konpetentziak lantzeko baliabideak baizik, irakasleek guk hemen proposatutako ordena alda dezakete, eta beren ikasleen beharretara hobeto egokitzen dien ulerkuntza-eskema bat proposatu.

    6.3. EBALUAZIO-IRIZPIDEAK.

  1. Jakintzak gizarte-eraketetan izan duen jatorria eta betetzen dituen funtzioak azaltzea.

  2. Gai izatea, bai ahoz eta bai idatziz, K.a. V. mendean gertatu zen iraultza antropologikoaz, bereziki, eta, oro har, gizakiak bere burua eta inguruan duen guztia ulertzeko interesaz gogoeta egin eta bere ideiak ganoraz argudiatzeko.

  3. Nor naiz ni? galderari eman izan zaizkion erantzun ugariei bere-bereak diren ekarpenak egiteko gai izatea.

  4. Gaingiroki ezagutzea nortasunari buruzko zenbait teoria (G. W. Allport psikologoarena, Freud-en teoria psikoanalitikoa, teoria konduktista, teoria humanistikoa, Erik H. Erikson psikologoarena...).

  5. Gizakiok izaki afektiboak garela jakitea, eta horretan, gai izatea bulkadak, emozioak eta sentimenduak bereizteko, batetik, eta gorputzak afektuak azaleratzeko duen garrantziaz jabetzeko, bestetik.

  6. Mendebaldeko gizarteetan eta, bereziki, Euskal Herrikoan indibiduazio-prozesuek gizon-emakumeon bizi-aukeren garapenean izandako funtzio eta eragina identifikatzeko gai izatea.

  7. Gai izatea bestea norberarekin espazio eta inguru-abar komunak konpartitzen dituen alter ego gisa identifikatzeko, eta horrexek intersubjektibitatea sortzen duela jakitea.

  8. Gizakion alderdi soziala eta alderdi kulturala lotzeko gai izatea, kultura- eta gizarte-kontzeptuek zer esan nahi duten jakitea, eta kontzeptu horiek indibidualtasunean duten eraginaz jabetzeko gai izatea.

  9. Kulturen eraikuntza-prozesua eta elementuak identifikatzen jakitea, batez ere euskal kulturarekin lotutakoak, eta euskal kultura ingurunera egokitzeko modutzat eta transformazio-bidetzat hartzea.

  10. Sozializazio-prozesuaren elementuak ezagutzea eta elementuok indibiduazioarekin eta norberaren bizi-estilo pertsonalarekin lotzea.

  11. Arrazoimenaren aukerei eta mugei buruz zenbait teoria filosofikok proposatutako tesiak esplikatzea (gizakia animalia arrazionaltzat hartzen duen ikuskera aristotelikoa; optimismo arrazionalista; Humeren filosofia enpirista; Kanten filosofia kritikoa; zientzia modernoak proposatutako ziurgabetasun-printzipioa...).

  12. Arrazionaltasuna eta egia lotu eta egia absolutua jakitera iristeko aukerez gogoeta egiteko gai izatea, eta horretan, gaurdaino proposatu diren ikuskera nagusien berri izatea: egia hizkuntzaren eta errealitatearen arteko bat-etortzea dela dioen teoria; pragmatista amerikarrek defendatutako egiari buruzko ikuskera; perspektibistek eta kontsentsuaren aldekoek proposatutako egiari buruzko teoria; eta egia zientifikoarekin lotutako ikuskera ugariak.

  13. Gizakiak errealitatean duen lekuaz zenbait ideia emateko gai izatea bai bakarka eta bai taldean, eta horretan, kontuan hartzea historian zehar zenbait filosofok (estoikoek, epikuroarrek, Nietzschek eta Sartrek, besteak beste) auzi horri buruz proposatutako teoriak.

    6. ARTERAKO KONPETENTZIA.

    1. PLASTIKAKO, IKUSIZKO ETA IKUS-ENTZUNEZKO HEZKUNTZA.

    1.1. ETAPAKO HELBURUAK.

    Honako hauek dira Plastikako, Ikusizko eta Ikus-entzunezko Hezkuntza ikasgaiko etapako helburuak:

  1. Arte-hizkuntzen oinarrizko teknikak, baliabideak eta konbentzioak ondo samar ezagutzea eta erabiltzen jakitea, teknologia berriek sormen-lanetarako ematen dituzten aukera ugariak aprobetxatzea, teknologia horiek artelan konplexuak diseinatzeko eta garatzeko erabiltzea, eta kultura bisualean nagusi diren lan eta adierazpenetan identifikatzea eta balioestea.

  2. Gure kulturan diseinuarekin, ikus-entzunezko euskarria duten hedabideekin, eta objektu nahiz formen adierazpen-sistema teknikoekin lotutako ekoizpen artistiko-estetikoko gune eta esparruen berri jakitea, eta horien kode espezifikoak ondo ulertzea, mota horretako arte-adierazpenak kritikoki aztertzeko eta espresio- eta komunikazio-baliabidetzat erabiltzeko.

  3. Emozioak, sentimenduak, bizipenak, ideiak, eta natura nahiz kultura-inguruneko espazio, objektu eta elementuak adierazteko balio duten obra artistiko-estetikoak sortzea, eta horretan, komunikazio-gaitasunean, pentsamendu kritikoan eta autokonfiantzan aurrera egitea.

  4. Bilaketa, irudimena, baliabide bisualen sormenezko manipulazioa eta antzeko beste trebetasun batzuetan oinarrituta, eta ikuspuntu estetiko bati eutsiz, inguruko objektuak transformatzea, egoerak problematizatzea eta konponbide ugari proposatzea.

  5. Bakarka nahiz modu kolektiboan proiektu artistiko baten gaineko plangintza egitea, eta, gero, prozesu horri buruz gogoeta egitea, lortu nahi den horretan intentzioak, fase bakoitzaren berrikusketak eta emaitzen ebaluazio kritikoak duten garrantziaz ohartzeko, eta hori guztia dela eta, talde-lana arduraz, tolerantziaz eta besteen iritziekiko errespetuz egin beharra aintzat hartzea.

    6 Produktu estetikoek pertsonen eta gizarteen bizitzan izan dituzten eta dituzten funtzio eta erabilerak ulertzea, eta korronte estetikoen, moden eta gustuen bilakaeraz eta oparotasunaz jabetzea, horiek guztiek gure balioetan eta munduari nahiz gizakiari buruzko ikuskeretan zer-nolako eragina duten ulertzeko.

  1. Artea herri eta kulturen ondare eta identitatearen parte dela aintzat hartzea, eta, ondare oparo hori babestea eta sorberritzea helburu hartuta, eta elkartrukeak dakarren aberastasunaz jabetuta, kulturen arteko elkarrizketak eta herrien konpartitzen dituzten esperientzia artistikoek egindako ekarpen ugariekiko interesa izatea.

  2. Norberarenaz eta gure inguruan nagusi direnez bestelako espresiobide estetikoak errespetatzea eta aintzat hartzea, eta horretan, prozesu erreflexibo eta kritikoak martxan jartzea, estereotipo eta konbentzionalismoak gainditu, proposamenak egitean erregistroak zabaldu, eta malgutasunez, solidaritatez, interesez eta tolerantziaz jokatzen ikasteko.

    1.2. EDUKI MULTZOEN EZAUGARRIAK.

    Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzari dagozkion adierazpenezko, prozedurazko eta jarrerazko edukiak honako eduki multzo hauetan multzokatzen dira:

    Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 2., 3. eta 4. mailak:

  1. eduki multzoa. Ikasgai guztietan komunak diren oinarrizko zehar-konpetentziekin lotutako edukiak.

  2. eduki multzoa. Arte-hizkuntzen baliabide eta konbentzioak.

  3. eduki multzoa. Sormen-prozesu, -teknika eta -formak.

  4. eduki multzoa. Artean eta kultura bisualean erreferente estetikoak diren lanak ulertzea eta interpretatzea.

    Etapako ikasgai guztietan komuna den «Arlo eta ikasgai guztietan komunak diren oinarrizko zehar-konpetentziekin lotutako edukiak» izeneko atariko eduki multzoak oinarrizko zehar-konpetentziak garatzeko beharrezkoak diren eduki guztiak jasotzen ditu. Arlo eta ikasturte guzti-guztietan landu eta ebaluatu behar dira edukiok.

    Beste lau eduki multzoek bat egiten dute konpetentzien gaineko ikuskera azaltzean egindako proposamen eta oharrekin, eta alde horretatik, proposamen eta ideiok xehatuta ageri dira eduki multzootan.

    «Arte-hizkuntzen baliabide eta konbentzioak» izeneko eduki multzoak hainbat eduki hartzen ditu hizpide: mundu fisikoa irudikatzeko arazoak; kolorea, argia, irudiaren eta hondoaren arteko erlazioak; irudiak antolatzeko baliabideak; hizkuntza plastiko eta bisualeko elementuek arteari ematen dizkioten espresio- eta komunikazio-aukerak; arte-irudikapenen arteko esanahi-loturak...

    «Sormen-prozesu, -teknika eta -formak» eduki multzoak, berriz, honako eduki hauek lantzen ditu: artelan baten ekoizpen-prozesua; espresiobide grafiko-plastikoekin lotutako teknikak; material, baliabide eta euskarriak; eta, horiez gain, lanerako espazioekin eta arte-adierazpenen aplikazioarekin lotutako edukiak ere hartzen ditu hizpide.

    Azkenik, «Artean eta kultura bisualean erreferente estetikoak diren lanak ulertzea eta interpretatzea» izeneko eduki multzoak eduki hauek hartzen ditu ardatz: irudien funtzio politikoa, informatiboa, pertsuasiboa...; artea eta irudiak baldintzatzen dituzten faktore sozial eta kulturalak; produktu estetikoen arteko interakzioa...

    Eduki multzo hauek elkarrekin estu lotuta daude, eta, unean-unean diseinatutako curriculum-proiektuak eta ikasgelako programazioak nolakoak diren, mota askotako konbinazioak egin daitezke haietan oinarrituta.

    Zer dira, baina, eduki multzoak? Hauxe: irakasleei zikloan zehar landu beharrekoei buruzko informazioa ematen dieten blokeak. Aurrez ezarritako konpetentziak lortzeko egokientzat jotzen diren edukien berri ematen dute blokeok. Bigarren Hezkuntzan, gure neska-mutilekin batera egin beharreko lanek helburu garbia dute, oso: ikasleek beren begirada kritikoa zorroztu dezaten lortzea; beren ingurune bisualari dagokionez, batik bat.

    Erne ibili beharra dago, blokeok ez baitute, zehatz esateko, gai-zerrendarik osatzen; ez dira konpartimenduetan banatutako unitateak, eta ez dira, beraz, bereiz landu behar.

    Azkenik, esan dezagun edukiotako bakar batek ere, hurrenkerak hurrenkera, ez duela besteen aldean inolako lehentasunik.

    1.3. EBALUAZIO-IRIZPIDEAK.

    3.1. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 2. maila.

  1. Zenbait motatako mezuak sortzeko gai izatea, eta horretan, modu kontzientean erabiltzea bere interes espresibo eta komunikatiboekin bat datozen euskarri eta prozedura artistikoak.

  2. Zenbait hizkuntza-erregistrok (komikiak, publizitateak...) erabiltzen dituzten euskarri estetikoekin lotutako kode espezifikoak ezagutzea eta bere arte-ekoizpenetan erabiltzea.

  3. Artelanetan eta berarengandik gertueneko inguruneetan geometriarekin lotutako prozedurak eta baliabideak identifikatzeko gai izatea eta bere arte-ekoizpenetan erabiltzea.

  4. Ekoizpen estetiko-artistikoaren munduan nagusi diren esparru askotarikoak ezagutzea eta balioestea, esparru horiek aldakorrak direla aintzat hartzea, eta kontuan izatea haietan berebiziko eragina dutela unean uneko faktoreek (gizarte-aldaketek, garapen teknologikoak, faktore ekonomikoek...).

  5. Bere mezuak sortzean, elementu eta baliabide plastiko eta bisualen bidez espresatzeko eta komunikatzeko gai izatea.

  6. Pentsamendu sortzaile eta originala lantzeko prozesuan aurrera egitea, eta horretan, eskura dituen baliabideak erabiltzea bere ideien, sentimenduen eta bizipenen berri emateko.

  7. Bere lanetan material eta tresnak manipulatzeko eta unean-unean sortzen zaizkion arazo estetikoei konponbide egokia aurkitzeko gai izatea.

  8. Proiektu artistiko bat egiteko prozesuko urratsak planifikatzeko eta garatzeko gai izatea, eta horretan, zenbait proposamen egin eta fase bakoitzaren komenigarritasunaren aldeko arrazoiak emateko gai izatea.

  9. Irudi eta artelanetan zenbait esanahi identifikatzeko gai izatea, eta horretan, irudi horiek egin dituenaren intentzioa eta testuingurua kontuan hartzea.

  10. Artearen munduan izandako proposamen estetiko ugariak identifikatzen eta elkarrekin lotzen jakitea, eta artea historian zehar eta hemen nahiz beste kultura batzuetan aldatuz doan prozesutzat interpretatzen jakitea.

  11. Espresiobide eta adierazpen estetiko ugariak identifikatzeko gai izatea, eta den-denak aberastasun-faktoretzat hartzea.

    3.2. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 3. maila.

  1. Bilaketarako jarrera izatea, eta horretan, pertzepzioa, jakin-mina eta sentsibilitatea artikulatzea, erantzun tekniko eta formal egokiak emateko.

  2. Arte-ekoizpen berean zenbait hizkuntzaren artean jazotzen diren interakzioei igartzeko gai izatea, eta aintzat hartzea hizkuntza horietako bakoitzak komunikazioari egiten dion ekarpena.

  3. Geometriak arteari eta errealitatearen irudikapenari ematen dizkion aukerak ulertzea eta arakatzea, eta bere arte-ekoizpenetan geometria erabiltzea.

  4. Arte-adierazpenen lan- eta aplikazio-eremuen bereizgarri eta desberdintasunak ulertzeko gai izatea, eta gaur egungo testuinguru ekonomiko eta teknologikoa aintzat hartuz interpretatzea horiek guztiak.

  5. Bere komunikazio-asmoekin bat datozen baliabide plastiko eta bisualak erabiltzeko eta zenbait mezu sortzeko gai izatea.

  6. Bere proiektu artistikoak egiten ari dela, zenbait soluzio eta estrategia bilatzeko gai izatea, eta horretan, aintzat hartzea kultura bisualak bere-bereak dituen arazo eta elementuak.

  7. Egiten ari den proiektuaz gogoeta egiteko gai izatea, eta horretan, modu kontzientean parte hartzea taldean, bai lana antolatzen eta bai prozesuko urrats guztiak egiten.

  8. Artelan eta irudien ekoizpenean faktore sozialek duten garrantziaz jabetzeko gai izatea, eta horretan, kritikoki aztertzea botereak, generoak, ideologiak eta bestelakoek artean duten eragina.

  9. Historian zehar arteari eta artistari buruzko ikuskeretan izandako aldaketak identifikatzea, eta aldaketa horietan eragina duten faktore sozial eta kulturalen gaineko kontzientzia izatea.

  10. Arte- eta kultura-adierazpenak hango eta hemengo kulturen ondarearen eta identitatearen parte direla ohartzea eta hargatik balioestea.

  11. Gurean ohikoak ez diren arte-adierazpenak ezagutzeko interesa izatea eta arte-adierazpen horien ezaugarriak ulertzeko gai izatea.

    3.3. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 4. maila.

  1. Proposatutako arazo artistikoarekin bat datozen euskarri, material, baliabide, prozesu eta prozedurak erabiltzeko gai izatea, eta horiekin guztiekin ondo samar moldatzea bere arte-ekoizpenetan.

  2. Kritikoki aztertzea mezuetan esku hartzen duten baliabide plastiko eta bisualak, eta horretan, mezuon intentzioari eta mezuok iritzi publikoan, bizi-estiloetan eta osasun indibidual nahiz kolektiboan duten eraginari igartzea.

  3. Espresio- eta komunikazio premietara ondoen egokitzen diren bitartekoak hautatu, erabili eta identifikatzeko arazoak modu arrazoituan konpontzeko gai izatea, eta, hala behar izanez gero, bere arte-ekoizpenetan hizkuntza bat baino gehiago uztartzeko gai izatea.

  4. Objektuak eta ingurunea irudikatzeko konbentzioen oinarrizko arauak ezagutzeko eta erabiltzeko gai izatea, eta errealitateari buruzko informazioa ulertzeko eta erabiltzeko bidetzat hartzea horiek guztiak.

  5. Espazioa irudikatzeko sistemak desberdintzea eta erabiltzea, eta marrazketak artean, arkitekturan, diseinuan, ingeniaritzan, eszenografian eta beste hainbat alorretan balio komunikatibo unibertsala duela aintzat hartzea.

  6. Diseinua eta diseinuaren aplikazio-eremuak balioestea, horiek aintzat hartzea, gure eguneroko bizitzako ekoizpen estetikoekin lotutako esparrutzat hartzea, eta haiekin lotutako sormen-teknikak eta -baliabideak erabiltzea.

  7. Ikus-entzunezko edukiei eta multimedia-edukiei buruz gogoeta egitea, horiekin esperimentatzea, eta ikus-entzunezko mundua komunikazio-bidetzat hartzeko gai izatea.

  8. Artelan konplexuak ekoiztea, eta horretan, mota askotako baliabide espresiboak modu arrazoituan erabiltzea.

  9. Bilaketa, irudimena, sormenezko manipulazioa eta antzeko beste trebetasun batzuetan oinarrituta, gai izatea beste pertsona batzuek proposatutako ideiak, irudikapena eta beste alderdi batzuk transformatzeko.

  10. Proposamen konplexu bat egin behar duela eta, lan-prozesu bateko urratsak irudikatu eta planifikatzeko gai izatea, eta horretan, bere komunikazio-premiak aintzat hartzea, eta lan-plangintza horren zergatia arrazoitzeko gai izatea.

  11. Zenbait jarduera taldean egin eta fase bakoitzaren antolaketan parte hartzeko gai izatea, eta horretan, bere nahiz besteen ekarpenak balioestea, lortu beharreko emaitzak zein diren kontuan hartuta.

  12. Sasoi historiko eta kultura desberdinetako artelan eta irudiak kritikoki aztertzeko gai izatea, eta mundua ulertzeko ikuskera desberdinekin nahiz gizarteak naturaz eta gizon-emakumeoz proposatzen dituen diskurtsoekin lotzea artelan eta irudiok.

  13. Artea bizi garen errealitatea interpretatzeko eta ulertzeko bideetako bat dela jakitea, eta hura errealitateari buruzko beste ikuskera batzuekin (zientziarekin, esate baterako) lotzeko gai izatea.

  14. Arte-adierazpenak etengabe aldatzen ari direla jakitea, eta ohartzea artean beti daudela presente kulturen arteko erlazioak eta pertsonek nahiz gizarteek elkarrengan dituzten eraginak.

  15. Arte- eta kultura-adierazpenak hango eta hemengo kulturen ondarearen eta identitatearen parte direla ohartzea, eta zenbait motatako arte-adierazpenen ezaugarriak identifikatzeko eta konparatzeko gai izatea.

  16. Gurean ohikoak ez diren espresiobide estetikoak kritikoki aztertzeko eta interpretatzeko gai izatea, eta espresiobideok beste pertsona batzuen adierazpen legitimotzat hartzea.

    2. MUSIKA.

    2.1. ETAPAKO HELBURUAK.

    Honako hauek dira Musika ikasgaiko etapako helburuak:

  1. Musikak norberaren ideien, sentimenduen eta bizipenen berri emateko dituen aukera ugariez jabetzea, eta mota desberdinetako musika-adierazpenak errespetatzea eta balioestea, artea eta kultura ezagutzeko eta gozatzeko aukera ematen duten aldetik.

  2. Musikaren eta beste arte-hizkuntza, ezaguera, ikus-entzunezko baliabide eta hedabide batzuen arteko loturak zein diren jakitea, eta horiek guztiak artelan konplexuak ekoizteko beharrezkoak diren sormen-, espresio- eta komunikazio-bidetzat erabiltzea.

  3. Estilo, genero eta joera desberdinetako musika-lanetan erabiltzen diren elementu tekniko eta espresiboak aztertzea eta identifikatzea, eta hori guztia ezaguera-bide eta gozamen-iturritzat hartzea, musika ondo ulertzeko, erreferente estetiko berriak eskuratzeko eta mota askotako errealitate eta ekoizpen artistikoen bidez nork bere burua aberasteko.

  4. Musikaren oinarrizko teknikak, baliabideak eta konbentzioak ezagutzea, musika-lanak autonomiaz eta trebetasunez aztertzea, interpretatzea eta ekoiztea, eta horretan, norberaren trebetasun intelektualez, ekimenaz eta irudimenaz baliatzea, sormen eta espresiobide indibidual nahiz kolektiboak lantzeko eta aberasteko.

  5. Norberak zenbait musika-lan sortzea, horretan emandako denboran gozatzea eta musika pertsona gisa hazteko, emozio, sentimendu, bizipen eta ideien berri emateko eta komunikazio-gaitasuna, pentsamendu kritikoa eta autokonfiantza garatzeko bidetzat hartzea.

  6. Zenbait testuingurutan egitekoak diren musika-proiektu musikaletan parte hartzea, eta talde barruan zenbait funtzio betetzea, horrela plangintzak egitearekin, koordinazioarekin eta talde-lana ebaluatzearekin lotutako trebetasunak lantzeko.

  7. Musikaren eta soinuaren erabilerak eta funtzioak kritikoki aztertzea, eta horiek norberaren nahiz besteen esperientzietan identifikatzea, musikak gure inguruko gizartean eta kulturan zer-nolako funtzioa duen ulertzeko.

  8. Musika herri eta kulturen ondare eta identitatearen parte dela aintzat hartzea, eta, ondare oparo hori babestea eta sorberritzea helburu hartuta, eta elkartrukeak dakarren aberastasunaz jabetuta, kulturen arteko elkarrizketak eta herrien konpartitzen dituzten esperientzia artistikoek egindako ekarpen ugariekiko interesa izatea.

    2.2. EDUKI MULTZOEN EZAUGARRIAK.

    Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzari dagozkion adierazpenezko, prozedurazko eta jarrerazko edukiak honako eduki multzo hauetan multzokatzen dira:

  1. eduki multzoa. Ikasgai guztietan komunak diren oinarrizko zehar-konpetentziekin lotutako edukiak.

  2. eduki multzoa. Musika entzutea eta ulertzea.

  3. eduki multzoa. Musika interpretatzea eta sortzea.

  4. eduki multzoa. Testuinguru eta erreferente musikalak.

    Etapako ikasgai guztietan komuna den 1. eduki multzoak oinarrizko zehar-konpetentziak garatzeko beharrezkoak diren eduki guztiak jasotzen ditu. Arlo eta ikasturte guzti-guztietan landu eta ebaluatu behar dira edukiok.

    Beste lau eduki multzoek bat egiten dute konpetentzien gaineko ikuskera azaltzean egindako proposamen eta oharrekin, eta alde horretatik, proposamen eta ideiok xehatuta ageri dira eduki multzootan.

    Bigarren eduki multzoak hainbat eduki hartzen ditu hizpide: batetik, pertzepzio-gaitasunarekin, eta soinuak eta musika entzutearekin lotutakoak; eta, bestetik, musika-hizkuntzaren oinarrizko baliabideak eskuratzearekin lotutakoak, horiek behar-beharrezkoak baitira musika-espresio eta -ulermenarekin lotutako erreferente teknikoak lantzeko.

    Hirugarren eduki multzoak, berriz, ikasleen espresio-gaitasunak garatzea helburu duten edukiak lantzen ditu, eta alde horretatik, espresio eta interpretazio instrumentala, bokala eta korporala estu uztartzen ditu, bai eta inprobisazio eta konposizio musikala ere, horrela gure ikasleek musikaren munduan aktiboki parte har dezaten.

    Azkenik, laugarren eduki multzoak estu lotzen ditu musika eta unean uneko testuinguru historiko, sozial eta kulturala. Eta, beste alde batetik, eduki multzo honetan, elementu estilistikoak hartzen dira hizpide, eta musikaren erabilera eta funtzio ugariak aztertzen dira: kultura eta sasoi desberdinetako musika-lanak, eguneroko bizitzarekin lotutako musika-espresioak, eta jasoa esaten dioten musika mota, besteak beste.

    Teknologia berriei ez zaie hemen eduki multzo berezirik eskaintzen, baina, hala eta guztiz ere, gai hori, zeharka bada ere, lau eduki multzoetan ageri da, ikus-entzunezko teknologiak oso sarri erabiltzen baitira ikaskuntza-irakaskuntza jardueretan, bai musika entzuteko, interpretatzeko eta zabaltzeko, eta baita ezein motatako musika-lanak ulertzeko ere.

    Zer dira, baina, eduki multzoak? Hauxe: irakasleei zikloan zehar landu beharrekoei buruzko informazioa ematen dieten blokeak. Aurrez ezarritako konpetentziak lortzeko egokientzat jotzen diren edukien berri ematen dute blokeok. Bigarren Hezkuntzan, gure neska-mutilekin batera egin beharreko lanek helburu garbia dute, oso: ikasleek beren begirada kritikoa zorroztu dezaten lortzea; beren ingurune bisualari dagokionez, batik bat.

    Erne ibili beharra dago, blokeok ez baitute, zehatz esateko, gai-zerrendarik osatzen; ez dira konpartimenduetan banatutako unitateak, eta ez dira, beraz, bereiz landu behar.

    Azkenik, esan dezagun edukiotako bakar batek ere, hurrenkerak hurrenkera, ez duela besteen aldean inolako lehentasunik.

    2.3. EBALUAZIO-IRIZPIDEAK.

    3.1. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1. maila edo 2. maila.

  1. Musika-lan edo -pasarte laburrak entzun eta musikaren oinarrizko elementuak identifikatzeko gai izatea, eta musika pertsona gisa hazteko eta gozatzeko bidetzat hartzea.

  2. Musika sortu eta interpretatzeko erabiltzea arte-hizkuntzek eta teknologia berriek ematen dituzten aukera eta baliabideak.

  3. Musikan erabili ohi diren teknika eta baliabide ugariak identifikatzeko gai izatea, eta komunikazio-bide eta espresiobide artistikotzat hartzea teknika eta baliabideok.

  4. Musika-lanak aztertzeko eta interpretatzeko erabiltzea musika-hizkuntzaz eta -baliabideez ikasitakoa, eta horretan, zenbait egoeratan sortutako arazoei sormenez erantzuteko gai izatea.

  5. Bere kabuz musika-lan propioak sortzea.

  6. Modu kooperatiboan parte hartzea musika-jardueretan, eta egindako lana ebaluatzeko gai izatea.

  7. Musikaren funtzio eta erabileren eta testuinguru tenporal eta kulturalen artean zer-nolako loturak dauden modu intuitibo eta kritikoan azaltzeko gai izatea.

  8. Zenbait motatako musika-adierazpenen berri izatea, eta Euskal Herriko eta beste herri batzuetako ondarearen partetzat hartzea adierazpenok.

    3.2. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 3. maila.

  1. Ideiak, sentimenduak eta bizipenak adierazteko bidetzat hartzea eta balioestea musika-lanak.

  2. Musikaren eta beste arte-hizkuntza, ikus-entzunezko baliabide eta teknologia batzuen arteko loturak zein diren jakiteko gai izatea, eta horiek guztiak artelan konplexuak ekoizteko erabiltzea.

  3. Zenbait musika-lanetan ageri diren elementu tekniko eta espresiboak ulertzea, eta musika-lan horiek erreferente estetikotzat hartzea.

  4. Autonomiaz eta sormenez erabiltzea bere musika-lanak aztertzeko eta interpretatzeko teknikak eta baliabideak.

  5. Bere komunikazio-gaitasuna, pentsamendu kritikoa eta autokonfiantza lantzea, horrela bere musika-lanak sortzeko.

  6. Taldean egitekoak diren musika-proiektuetan parte hartzea, eta egindako lana ebaluatzeko gai izatea.

  7. Musikaren eta soinuen erabilerak eta funtzioak ulertzeko gai izatea, eta bere inguruko gizarte eta kulturarekin lotzea hori guztia.

  8. Lan egitea Euskal Herriko eta beste herri batzuetako musika babestearen eta sorberritzearen alde, eta horretan, pertsona eta gizarte gisa hazteko bidetzat hartzea musika.

    3.3. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 4. maila.

  1. Ikuspegi kritikoz ematea musikak hedabide eta ikuskizunetan duen presentziari buruzko iritzia, eta horretan, hainbat argudio mota emateko gai izatea.

  2. Gai izatea musika-lan bat entzun eta, aldez aurretik emandako irizpideak aintzat hartuta, entzun duen horretan ageri diren ideia nagusiak identifikatzeko.

  3. Ikus-entzunezko baliabideak eta teknologia berriak erabiltzea eta espresiobide horiekiko interesa izatea.

  4. Irudi-sekuentzia bati soinua eranstea, eta horretan, zenbait baliabide informatiko erabiltzea.

  5. Zenbait iturri dokumental oinarri hartuta, proposatzen zaizkion musika-lanak aztertzeko eta azaltzeko gai izatea.

  6. Garai, estilo, genero eta joeretako musika-lanen ezaugarriak identifikatzeko gai izatea, eta horretan, musika-lan horiek ulertzeko, ea entzuketa-teknikak eta -metodoak erabiltzea.

  7. Egiturarekin eta musika-tresnen nahiz ahotsen erabilerarekin lotutako irizpideak aintzat hartuta, musika-lan bat zer estilo eta garaikoa den jakiteko gai izatea.

  8. Musika-lanak ikuspegi kritikoz entzutea eta haien egitura eta edukia aztertzea.

  9. Musika-lan baten zentzua interpretatzea eta haren alderdi estetiko eta teknikoei buruzko iritzia emateko gai izatea.

  10. Entzuketa-jardueretan soinu-ekoizpenaren iturria identifikatzeko gai izatea, eta horretan, bere mailarekin bat datorren soinu- eta tinbre-mapa erabiltzea.

  11. Musika-lan koherente eta aberatsak sortzeko gai izatea, bere musika-ezagueren maila aintzat hartuta.

  12. Musika-lanak bakarka nahiz taldean interpretatzeko gai izatea, eta unean-unean musika-lan horren interpretazioaren ezaugarrietara egokitzen jakitea.

  13. Musika-jardueretan partea hartzea, eta hori gozamen-iturritzat eta bizikidetza sustatzeko bidetzat hartzea.

  14. Ikastetxean musika-jarduerak egiteko beharrezkoak diren lanetan parte hartzea, eta horretan, gogoz laguntzea jarduerok planifikatzen, entseguak egiten, musika-lanak interpretatzen eta ikuskizuna zabaltzeko lanak antolatzen.

  15. Eguneroko bizitzan eta musikaren esparruan musikaren eta soinuaren erabilera ugariak identifikatzeko gai izatea, eta horretan, soinu-ingurunearen aldeko jarrera aktibo eta kritikoa izatea.

  16. Interpretazio-material askotarikoa hautatzeko gai izatea, eta beste errealitate kultural batzuk ezagutzeko erabiltzea material hori.

    3. ARTE ESZENIKOAK ETA DANTZA.

    3.1. ETAPAKO HELBURUAK.

    Honako hauek dira Arte Eszenikoak eta Dantza ikasgaiko etapako helburuak:

  1. Antzezlanak nahiz koreografiak ikusi, irakurri, aztertu eta birsortu, eta espresiobide eszeniko ugariak ulertzea, eta, hala, enpatia eta jarrera erreflexibo eta kritikoa landu, eta ikusle aktibo, tolerante eta solidarioa izaten ikastea.

  2. Ikasleek beren potentzialtasun estrategiko, ekintzaile, espresibo eta irudimenezkoa eta denbora kudeatzeko duten gaitasuna garatzeko moduko dantzaldi eta ikuskizunak sortzea, idaztea eta planifikatzea, eta, hala, sormen-prozesu batean tartean dauden fase guztien berri jakin eta norbera antzezlan nahiz dantzaldien antolaketarekin lotutako elementuen gaineko arduradun bihurtzea.

  3. Dantzaldi eta ikuskizunetan parte hartzea, eta horretan, kontzentrazioa, memoria, inprobisazioa eta talde-lana lantzea, norberak sortutako antzezlan bat antzezteko edo testu dramatiko bat egokitzeko.

  4. Antzezlanak nahiz koreografiak ezagutzeko, bisualizatzeko, biltegiratzeko, idazteko, grabatzeko, muntatzeko eta zabaltzeko beharrezkoak diren oinarrizko baliabide teknologiko eta online-baliabideak modu eraginkorrean erabiltzea, eta, horren bidez, ezaugarri unibertsalak dituen prozesu kultural peto-petoa sortzea.

  5. Arte Eszenikoekin lotutako beste arte-hizkuntza batzuen berri jakitea (argazkigintza, bideo-artea, musika eta arte plastikoak, besteak beste), eta arte-hizkuntza horiek antzerkigintzan eta dantzan aplikatzea, diziplinarteko ikuskizun erakargarri eta askotarikoak sortu eta, hala, gaur egungo kulturaz eta arte-jarduerez norberak duen iritzia hobetzeko.

  6. Euskal Herriko nahiz beste herri batzuetan historian zehar Arte Eszenikoek izandako etapa artistiko ugarien oinarrizko hizkuntza teknikoaren berri jakitea, eta, hala, etapa horietan egindakoa norberaren ondare artistikoari eranstea, eta antzerkigintzaren eta koreografiaren ondare kultural, historiko eta teknikoaz gogoeta egitea, horrek guztiak kultura artistiko sendoa eman diezaien ikasleei.

    3.2. EDUKI MULTZOEN EZAUGARRIAK.

    Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzari dagozkion adierazpenezko, prozedurazko eta jarrerazko edukiak honako eduki multzo hauetan multzokatzen dira:

    Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 4. maila:

  1. eduki multzoa. Ikasgai guztietan komunak diren oinarrizko zehar-konpetentziekin lotutako edukiak.

  2. eduki multzoa. Arte Eszenikoen baliabide eta espresiobideak.

  3. eduki multzoa. Muntaketa- eta eszenifikazio-lana.

  4. eduki multzoa. Ikuskizun eszenikoaren harrera.

    Arte Eszenikoek eta Dantzak artea esploratzeko bide berritzaileak urratzen dituzte, prozesu korporal eta gestual apartak martxan jarri eta, hala, ikasleei beren prestakuntza integrala aberasteko moduko baliabide espresiboak ematen dietenez gero. Horien bitartez, gure neska-mutilek bizitza errealarekin estu lotutako prozesu komunikatibo eta konduktualak esperimentatzeko aukera izango dute.

    Eduki multzo bakoitzeko edukien helburua garbia da, oso: ikasleek bi diziplina horiekin lotutako lexiko espezifikoa eta tradizio dramatiko nahiz koreografikoarekin lotutako alderdi garrantzitsu batzuk ikas ditzaten lortzea, horrek beren prestakuntza humanistiko eta artistikoa osatzen lagunduko dielakoan. Ez da ahaztu behar, hala ere, ikasgai honetako helburu eta eduki nagusien xedea zein den: gure ikasleak, dela interprete modura edo dela ikusle modura, bizipenen bitartez hurbiltzea Arte Eszenikoetara eta Dantzara, bietan ala bietan nagusi baitira bai sormena, bai talde-lana, bai tolerantzia, bai adierazkortasuna eta bai partaidetza.

    Etapako ikasgai guztietan komuna den 1. eduki multzoak oinarrizko zehar-konpetentziak garatzeko beharrezkoak diren eduki guztiak jasotzen ditu. Arlo eta ikasturte guzti-guztietan landu eta ebaluatu behar dira edukiok.

    Beste hiru eduki multzoek bat egiten dute konpetentzien gaineko ikuskera azaltzean egindako proposamen eta oharrekin, eta alde horretatik, proposamen eta ideiok xehatuta ageri dira eduki multzootan.

    Bigarren eduki multzoak («Arte Eszenikoen baliabide eta espresiobideak») bi eduki nagusi hartzen ditu hizpide: batetik, interpretazioaren eta baliabide eszenikoen esplorazioarekin lotutako alderdiak; eta, bestetik, interpretazio- eta dantza-teknika nagusien ezagutzarekin lotutakoak.

    Hirugarren eduki multzoak («Muntaketa- eta eszenifikazio-lana») muntaketa eszenikoak taularatzeko prozesua lantzen du, eta ikasleek prozesu horretako fase guztietan eta antzezpen-lanean bertan parte hartzera bultzatzen ditu.

    Azkenik, laugarren eduki multzoa («Ikuskizun eszenikoaren harrera») arte-espresiobideei, dantza- eta antzerki-genero eta -estiloei, eta ikuskizun eszenikoen azterketari buruzko gogoetan ardazten da, eta ikasleek jarrera kritikoa eta errespetua landu dezaten hartzen du helburu.

    3.3. EBALUAZIO-IRIZPIDEAK.

  1. Ikuspegi kritikoz eta errespetuz hausnartzea arte-espresiobide ugarien gainean.

  2. Ikuskizun bat antolatu eta, horretan, sormen-prozesuko urrats guzti-guztiak kontuan hartzeko gai izatea, hala nola irudimenaren erabilera, parte-hartzea, planifikazioa, gatazken konponketa, konpromisoa eta emaitzen ebaluazioa.

  3. Taldean ikuskizunak eta egokitzapenak antzeztea, eta horretan, memoria ondo erabiltzea eta partaidetza eta esfortzua sustatzea.

  4. Bere arte-ekoizpenen berri ematea gainerako pertsonei, eta horretan, grabazio-, muntaketa- eta hedatze-lan guztiak egiteko baliabideak erabiltzea.

  5. Beste arte-hizkuntza batzuk ezagutzea eta bere ekoizpenetan erabiltzea.

  6. Arte Eszenikoen etapa historiko garrantzitsuenetako elementuak ezagutzea eta bere ekoizpenetan erabiltzea baliabide horiek.

    7. KONPETENTZIA MOTORRA.

    1. GORPUTZ HEZKUNTZA.

    1.1. ETAPAKO HELBURUAK.

    Hauek dira etapako helburuak Gorputz Hezkuntza ikasgaian:

  1. Jarduera fisiko eta kirol-jarduera osasungarria zehazten duten alderdi guztiak identifikatzea eta aztertzea, modu kontzientean balioesteko ongizatea lortzeko dakartzan onurak, alderdi guztietan, eta gizarteak osasunari, jarduera fisikoari, kirol-jarduerari, gorputzaren tratamenduari eta gorputz-irudiari buruz duen ikuspegia jarrera kritikoz aztertzea.

  2. Gaitasun eta trebetasun fisikoak nahiz hautemate-mekanismoak, erabakiak hartzekoak eta gauzatzekoak identifikatzea eta aztertzea, bai eta haiek ebaluatzeko eta garatzeko bitartekoak ere, jokabide motor autonomoa lortzeko, besteak beste IKTen baliabide hezitzaileak erabiliz.

  3. Euskal Herriko inguruneak, bai erakundeen aldetik bai geografiaren aldetik, jarduera fisikoak, adierazpen-jarduerak eta kirol-jarduerak bai banaka bai taldean aztertzeko, esperimentatzeko, diseinatzeko, antolatzeko eta garatzeko eskaintzen dituen aukerak identifikatzea, baliatzea eta balioestea, eta aldi berean, jarduera fisikoaren beste adierazpen batzuetara hurbiltzea.

  4. Euskal Herriko jolas- eta kirol-tradizioak ezagutzea, interpretatzea eta haietan parte hartzea, eta beste kultura batzuetakoak ere aztertzea eta haien berri jakitea, bai eta haiekin lotutako askotariko jarduera fisikoak, adierazpen-jarduerak eta kirol-jarduerak praktikatzea ere, herrialde bakoitzeko identitatea eta kultura-balioak ulertzeko eta baieztatzeko, eta aldi berean aberastasuna eta inklusioa dakartela ulertzea eta balioestea.

  5. Gorputza ezagutzea eta ulertzea, alderdi biologikoan, sortzailean, komunikatiboan eta emozionalean, banaka nahiz taldean banakako eta taldeko jolas-jarduerak aztertuz eta esperimentatuz, musika-euskarria erabiliz zein ez, pertsonaren konpetentzia sozioemozionala eta garapen integrala bideratze aldera.

  6. Norberaren sentimenduak eta emozioak identifikatzea, interpretatzea, erregulatzea eta komunikatzea, modu kontzientean, aldi berean besteen sentimenduak eta emozioak bereiziz, interpretatuz eta ulertuz, harremanetarako gaitasunak, komunikatzeko trebetasunak eta gaitasun afektiboak ahalik hobekien garatzeko, eta horrela bizikidetzarako jarraibide jakin batzuk nork bere egiteko.

  7. Jarduera fisikoak edo kirol-jarduerak egitean lesioak edo larrialdi-egoerak gertatuz gero eman beharreko lehen laguntzak identifikatzea eta baliatzea, teknika egokiak erabiliz zaurituaren nahiz egoeraren hasierako balioespena egiteko, eta ezarritako protokoloak betez lehen esku-hartzerako oinarrizko teknikak eta bizi-euskarrikoak aplikatzeko, gerora laguntza emateko egin beharreko esku-hartzeak bideratzeko eta errazteko.

  8. Jolas-jarduera fisikoak, adierazpen-jarduerak eta kirol-jarduerak modu autonomoan eta sistematikoan planifikatzea, antolatzea eta praktikatzea, kontuan hartuta banakoen nahiz taldearen ezaugarriak, interesak eta beharrak, bizi-kalitatea areagotzeko, oreka emozionala lortzeko eta komunikazio- eta adierazpen-trebetasunak hobetzeko helburuarekin.

  9. Jolas-jarduera fisikoak eta kirol-jarduerak egitean balio pertsonal eta sozial jakin batzuk erakustea, oinarri dutenak errespetua, pentsamendu autonomoa, sortzailea eta ulerkorra, erantzukizuna, ahalegina, parte-hartzea, eta ingurune fisikoarekiko eta kulturalarekiko sentsibilitatea, agerian jarriz herrialdeko balioekin bat datorren mugimenduaren kultura bat.

    1.2. EDUKI MULTZOEN EZAUGARRIAK.

    Konpetentzia motorrak aukera ematen die ikasle guztiei gaitasun, trebetasun eta jarrera jakin batzuk garatzeko ezagutzak bereganatzeko, beharrezkoak direnak jokabide motor autonomoa, osasungarria eta sortzailea lortzeko, bide emango diena bizitzan zehar beren ideiak, balioak, sentimenduak eta emozioak adierazteko, eta gorputzaren ongizatea eta ongizate emozionala erdiesteko.

    Lau eduki multzo handi zehaztu dira, haiek garatuz bermatzeko ikasleek jarduera fisikoa eta kirol-jarduera integratuko dituztela beren eguneroko bizitzan:

  1. multzoa. Diziplina-arlo guztietan komunak diren prozedurazko eta jarrerazko edukiei dagokie.

  2. multzoa. Jarduera fisikoa eta osasuna.

  3. multzoa. Gorputz-adierazpena eta komunikazioa.

  4. multzoa. Mugimenduaren kultura: Aisia eta Denbora librerako hezkuntza.

    Lehen multzoa diziplina-arlo guztietan komunak diren prozedurazko eta jarrerazko edukiei dagokie. Oinarrizko zehar-konpetentziak gara daitezke haiekin lotutako prozedurak eta jarrerak diziplina-arloetako bakoitzeko irakaskuntza- eta ikaskuntza-egoeretan aplikatzen diren heinean soilik.

    Bigarren multzoa Jarduera Fisikoa eta Osasuna esparruari dagokio. Konpetentzia hori lantzeko oinarrizko ardatzak dira gorputza, bere dimentsio guztietan, eta jokabide motor autonomo eta zehatza. Hezkuntza-edukien bitartez, oinarrizko zenbait ezagutza, gaitasun eta trebetasun eskuratu, erabili eta landu behar dituzte ikasleek, mugimenduaren kulturan parte-hartze emantzipatua eta gogobetegarria izateko, estereotipo eta bereizkerietatik aldendutako bizitza aktiboa eta osasungarria izateko, ongizate psikosoziala iristeko, eta pertsonekiko eta ingurunearekiko hartu-emanak eta interakzioa hobetzeko bizitzaren esparru guztietan.

    Hirugarren multzoa Gorputz Adierazpena eta Komunikazioa esparruari dagokio. Konpetentzia sozioemozionalak lotuta daude egoera emozionalak ezagutzearekin, hautematearekin eta erregulatzearekin, nork bere burua motibatzeko gai izatearekin, besteren emozioak onartzearekin eta harremanak kontrolatzearekin. Bestela esanda, zerikusia dute nork bere buruaren kontzientzia izatearekin eta nork bere burua erregulatzearekin, motibazioarekin, enpatiarekin eta trebetasun sozialarekin. Konpetentzia horiek garatzeak eragin handia du eguneroko bizitzako hainbat alderditan.

    Laugarren multzoa Mugimenduaren kulturari dagokio, Aisia eta Denbora Librea esparruen barnean. Gorputz Hezkuntza oso bide egokia da aisiaren eta denbora librearen kulturarekin lotutako konpetentziak lantzeko eta garatzeko; batetik, jolas- eta bizipen-izaera duelako, eta bestetik, talde heterogeneo baten barruan sortzen diren giro, testuinguru eta ingurune askotariko eta aldakorretako etengabeko ikaskuntza-egoerak baliatzen dituelako.

    Hortaz, ikasleak bizitza aktiboa, aberasgarria eta osasungarria izateko heztea da eskolak ikasgai honetan egingo duen lan hezitzailearen oinarrizko helburua, eta lan horren oinarrizko ardatzak gorputza eta jokabide motorra izango dira, haien alderdi eta esanahi guztiak aintzat hartuta.

    Kontuan hartuta konpetentzia motorra eratzen duten osagaiak, ondoriozta daiteke ikasgai honetako curriculum-diseinu eta -garapenerako funtsezko erreferentzia dela mugimenduaren kultura inklusibo baten ezarpen soziala bermatzea, bizitza osoan zehar. Mugimenduaren kultura inklusiboa aipatzean, adierazten da jarduera fisikoa gizartean integratzeko eta finkatzeko aukera izatea, bizi-estilo aktibo eta osasungarriaren balioaz kontzientziatuta egotearen ondorioz, eta ohartuta hori pertsona guztien ongizaterako bermearen adierazle dela, bai eta herrialde baten identitatearen eta balioen adierazle ere.

    1.3. EBALUAZIO-IRIZPIDEAK.

    3.1. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1. maila.

  1. Beroketa orokorra egiteko eta berriro atsedenera itzultzeko ariketak, jolasak eta jarduerak biltzea eta praktikatzea.

  2. Higiene-ohitura eta jarrera osasungarriak identifikatzea jarduera fisikoa egitean eta eguneroko bizitzan.

  3. Osasuna hobetzeko helburua duten jarduera fisikoetan parte hartzea, hasierako maila hobetzen saiatuz.

  4. Taldekako aurkezpen bat prestatzea, oinarrizko adierazpen-teknikak erabiliz, hala nola mimoa, keinua, antzezpena eta dantza, eta gainerako taldeen aurrean aurkeztea.

  5. Norberaren kultura-balioak nahiz kulturen artekoak eraikitzea eta komunikatzea antzezpenaren eta dantzaren bidez.

  6. Ekintza eraginkortasunez hautatzea, proposatu zaion banakako nahiz taldeko jolasa edo kirola kontuan hartuta.

  7. Orientazio-seinaleak bilatzea aurrez zehaztutako ibilbide batean.

  8. Ariketa fisikoak osasunean dituen eragin onuragarriak aintzat hartzea, eta drogek eta substantziarik gabeko mendetasunek pertsonaren garapen integralean dituzten eraginak baztertzea.

    3.2. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 2. maila.

  1. Landutako dohain fisikoak indartzeko interesa izatea, hasieran zuen maila hobetuz.

  2. Osasunerako jarduera jakin batzuek zer onura dakartzaten ohartzea praktikaren bidez.

  3. Hautatutako erritmo bat oinarri hartuta, gorputz-mugimenduen sekuentzia harmoniko bat sortzea eta praktikatzea.

  4. Euskal Herriko eta beste herri batzuetako jolas eta dantza tradizionalak eta herrikoiak ezagutzea, balioestea eta praktikatzea.

  5. Lankidetzarako jarrerak eta tolerantziazko eta kiroltasunezko jarrerak izatea taldeko kirolak egitean edo haien ikusle izatean.

  6. Mendi-ibilbideak egitea, autonomiaz, oinarrizko segurtasun arauak betez eta ingurunea zainduz.

  7. Bizi-ohitura osasungarriak hartzea, jarduera fisikoa egitea, eta drogek eta substantziarik gabeko mendetasunek pertsonaren garapen osoan sortzen dituzten eraginez ohartzea.

    3.3. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 3. maila.

  1. Giza gorputzeko aparatuetan eta sistemetan sortzen dituzten efektuekin lotzea jarduera fisikoak.

  2. Egoera fisikoa hobetzea eta egoera hori hobetzeko metodoak eta jarduerak hautatzen parte hartzea.

  3. Egokitzapen fisikorako ariketak egitea, gorputz-jarrera egokiak kontuan hartuta, lesioei aurrea hartzeko estrategia gisa.

  4. Lehen laguntzak erabiltzeko egoera praktikoak lantzea, eguneroko bizitzarekin nahiz jarduera fisikoarekin eta kirolarekin lotutakoak.

  5. Elikadura orekatuak osasunerako duen garrantziaz hausnartzea: egunero hartu beharreko elikagai-kantitatea, multzo bakoitzeko kaloria-gastua eta egunero egin beharreko jarduera fisikoa kalkulatzea.

  6. Binaka edo taldean dantzatzea, edozein taldekiderekin, errespetua eta desinhibitzea erakutsiz.

  7. Euskal Herriko eta nazioarteko jolas-tradizioak (dantzak, inauteriak, kirolak) ezagutzea eta lantzea.

  8. Praktikatutako talde-kiroletako joko murriztuko egoerak ebaztea, lortutako ezagutza teknikoak eta taktikoak nahiz arauei buruzkoak aplikatuz.

  9. Oinarrizko orientazio-jarduerak prestatzea eta egitea, ahal dela natura-ingurunean, mapa bat erabiliz eta segurtasun-arauak betez.

  10. Eskola-ingurunean edo eskolaz kanpo egiteko jolas-jarduerak planifikatzea eta antolatzea.

    3.4. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 4. maila.

  1. Beroketak eta egoera fisikoa hobetzeko planak prestatzea eta betetzea, osasun-egoera eta hasierako egoera fisikoa hobetzeko.

  2. Lehen laguntzak erabiltzeko egoera praktikoak lantzea, eguneroko bizitzarekin nahiz jarduera fisikoarekin eta kirolarekin lotutakoak, eta lehen laguntzak ematea.

  3. Jarrera kritikoa izatea, bai osasungarriak ez diren jarduera fisikoen praktikarekiko, bai komunikabideetan gorputzari nahiz kirolari ematen zaien trataerarekiko.

  4. Taldeko adierazpen-jarduerak sortzen eta egiten parte hartzea, musika-euskarri batekin, modu desinhibituan eta eraikitzailean.

  5. Euskal kulturarekin lotutako jolas eta gorputz-jarduerei buruzko jakintza teorikoak izatea, jolas eta jarduera horiek egitea, euskal dantza eta nazioarteko dantza batzuk dantzatzea, eta haien jatorriaren eta egungo praktikaren berri jakitea.

  6. Etapa honetan zehar landutako kirolak eta jarduera fisikoak egiteko txapelketak antolatzen parte hartzea eta txapelketa horietan jokatzea.

  7. Askotariko jarduerak egitea natura-ingurunean.

  8. Askotariko jarduerak egitea hiri-ingurunean.

  9. Aisia eta denbora librea antolatzea eta planifikatzea, inguruneak ematen dituen aukerak eta bere ezaugarriak, interesak eta beharrak kontuan hartuta.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.