Arautegia
Inprimatu178/2015 DEKRETUA, irailaren 22koa, Euskal Autonomia Erkidegoko arlo publikoaren jasangarritasun energetikoari buruzkoa.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Dekretua
- Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indargabetua
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 195
- Hurrenkera-zk.: 4303
- Xedapen-zk.: 178
- Xedapen-data: 2015/09/22
- Argitaratze-data: 2015/10/14
Gaikako eremua
- Gaia: Ekonomi Jarduerak; Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua; Osasun eta kontsumoa
- Azpigaia: Industria; Hirigintza eta etxebizita; Ingurumena; Gobernua eta herri administrazioa; Instituzional
Testu legala
Euskal Autonomia Erkidegoak erabiltzen dituen energia-baliabideetatik % 90 baino gehiago fosilak dira; beraz, energia berriztagarri lehiakorrak garatzeko eta energia gutxiago gastatzeko helburuak berekin dakar atzerriarekiko mendekotasun energetikoa gutxitzea, ingurumen aldetik herrialde egonkorrago, jasangarriago eta lehiakorragoa lortzeko; horrekin, baliabide finantzarioak aurreztuko dira eta baliabide horiek ekonomia sustatzeko eta enplegua sortzeko erabili ahal izango dira.
Euskal Autonomia Erkidegoak gogoan izan ditu gogoeta horiek aurrezpen eta efizientzia energetiko handiagoa lortzeko tresnak erabiltzeko garaian, betiere Europak gai horretan gauzatzen duen politikaren testuinguruan kokatzen den Euskadiko Energia Estrategia erreferentetzat hartuta. Izan ere gaur egungo herri-administrazioek jarduera ekonomikoaren sustatzaile eta erregulatzaile izan behar dute, eta, aldi berean, produkzio-ehunarentzako eta gizartearentzako erreferentzia izango diren ekipoak eta teknologia berriak sartzeko eta kontsumo- edo kudeaketa-ohitura berriak txertatzeko balioko duten jarduera berritzaile eta eredugarriak zabaltzearen sustatzaile. Hori guztia bereziki garrantzitsua da energiaren alorrean. Europar Batasunak eredugarritasun horren garrantzia azpimarratu du energia-alorreko arau zentraletan, esaterako honako hauetan: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2012/27/UE Zuzentaraua, 2012ko urriaren 25ekoa, efizientzia energetikoari buruzkoa, 2009/125/CE eta 2010/30/UE Zuzentarauak aldatzen dituena eta 2004/8/CE eta 2006/32/CE baliogabetzen dituena, eta, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2006/32/CE Zuzentaraua, 2006ko apirilaren 5ekoa, energiaren azken erabileraren eta zerbitzu energetikoen efizientziari buruzkoa, Kontseiluaren 93/76/CEE Zuzentaraua baliogabetzen duena. 2012/27/UE Zuzentarauak 2020an energia % 20 aurreztu ahal izateko esparru egokia ezartzen du, gutxieneko eskakizun batzuk finkatuz; estatu kideek hobetu ahalko dituzte eskakizun horiek, eta, bestalde, hiru urtetik behin ekintza nazionaleko efizientzia-plan bat aurkeztu beharko dute.
Europar Batasunetik datorren arauketa berriak Euskal Autonomia Erkidegoko alor publikoa behartzen du iraganean egin bezala aurrezteko bide berritzaileak, efizientzia energetikoa eta energia berriztagarri lehiakorrak sustatzeko neurriak aplikatzen bide-urratzaile izatera. Eraikinen efizientzia energetikoaren gaineko Europaren eskakizunak Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2010eko maiatzaren 19ko 2010/31/UE Zuzentarauan ezarriak, hau da, eraikin berriak energia-kontsumo ia nuluko eraikinak izatearenak, eskatzen du efizientzia energetiko handiko eraikinak egitea, eta behar duten energia gutxi hori gehienbat iturri berriztagarrietatik hartutakoa izatea, in situ edo inguruan ekoitzitako iturri berriztagarrietako energia barne. Horrek eskatzen du eraikitze-estandar oso altuak erabiltzea, energia asko aurreztuko dutenak, bai eta eraikinetan bertan edo inguruan energia-iturri berriztagarriak ezartzea.
Testuinguru horretan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak abenduaren 9ko 226/2014 Dekretua onartu du, eraikinen eraginkortasun energetikoaren ziurtagiriari buruzkoa, bai eta Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren 2015eko martxoaren 16ko Agindua ere, eraginkortasun energetikoaren ziurtagirien kontrola eta erregistroa arautzen dituena.
Era berean, beste mugikortasun-aukera bat merkatuan sartu izanak petroliotik ateratako erregaiak soilik erabiltzen dituzten ibilgailuetan oinarritutako mugikortasun-modu tradizionaletik kanpo erregai fosil horiek erabiltzeari utziko dioten mugikortasun-eredu batzuetaranzko trantsizioa egiteko balioko du. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren ibilgailu-atalak zerbitzu publikoa emateko ibilgailu asko ditu. EAEko Administrazioaren kontsumo arduratsuaren politikaren barnean, ezinbestekoa da jarduera-lerro koordinatu bat garatzea, egungo efizientzia energetikoa eta energia-kontsumoaren maila hobetuko dituena, ibilgailuen berrikuntza programatu baten bidez. Bestalde, garraio publikoko enpresek, zerbitzua baldintza hoberenetan emateaz gain lotura-bitartekoak, desplazamendu-denborak, erabiltzaileentzako kostuak, garraioaren erosotasuna, informazio-bideak eta abar aurrera egin behar dute zerbitzuaren diseinuan efizientzia energetikoa aintzat hartuz, energia-kontsumoa gutxitu eta optimizatzeko teknologia aurreratuenak ezarriz, eta ordezko erregaien erabilera sustatuz.
Dekretu hau Europako arauen eskakizunetan oinarritzen da, baina baita ere energia aurreztea, efizientzia energetikoa, eta energia berriztagarriak erabiltzea helburu goresgarri izateaz gain errealitate egiaztagarri bilakatu daitezen Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak beharrezko jotzen dituen eskakizunetan ere. Horregatik, dekretuak oinarrizko helburuak ezartzen ditu, baina baita neurri espezifikoak eta administrazio honen jarduera eredugarria azpimarratzen duten aldi baterako irizpideei lotutako neurriak ere.
Hiru kapitulutan sailkatzen da dekretua. Lehenengoak honako hauek ezartzen ditu: xedea, aplikazio-eremu subjektiboa eta objektiboa, lortu nahi diren helburu orokorrak eta dekretuan bertan erabiltzen diren hainbat kontzepturen definizioak. Dekretua honako hauei aplikatuko zaie: Administrazio Orokorra, haren erakunde autonomoak, zuzenbide pribatuko erakunde publikoak eta sozietate publikoak, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arlo publikoko fundazioei eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 7.4.c) artikuluan aipatzen diren berezko izaera duten partzuergoak ere. Gainera, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioa osatzen duten erakundeek eurek parte hartzen duten sozietateetan, fundazioetan eta elkarteetan dekretu honetan aurreikusitako neurriak aplikatzea sustatzeko konpromisoa hartzen dute. Alde horretatik, Euskal Herriko Unibertsitateak neurri horiek aplika ditzan sustatzen du Eusko Jaurlaritzak, unibertsitate-gaietan eskumena duen sailaren bitartez.
Bigarren kapituluaren xedea da jasangarritasun energetikoa sustatzea eta koordinatzea. Horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoko arlo publikoaren eredugarritasuna zertan datzan zehazten da, lurraldearen antolakuntzan eta hirigintzan aurrezpen eta efizientzia energetikoa sartzea ezartzen da, eta energia-alorrean eskuduntza duen sailaren eskumenak zehazten dira. Dekretuak, halaber, Jasangarritasun Energetikoaren Batzordea sortzen du, zeinek, Administrazioaren organo koordinatzailea den aldetik, dekretuaren atal giltzarriak direnei dagokienez esaterako, energiako jarduketa-unitateak, aurrezpen eta efizientzia energetikoaren portzentajeak eta energia-auditoritzen plana hainbat eginkizun baititu.
Hirugarren kapitulua Euskal Autonomia Erkidegoko arlo publikoak hartzen dituen konpromisoen zati nagusi eta funtsezkoa da. Lehenik eta behin, Euskadiko Energia Estrategian ezartzen diren energia-politikako helburuekin bat eginik, helburu orokorrak eta horien denbora-mugak zehazten ditu; horien artean, honako hauek daudelarik: aurrezpen eta efizientzia energetikoaren portzentajeak, eta iturri berriztagarrietatik zein petroliotik ateratako erregaien ordezko energia-iturrietatik hartutako energia erabiltzea.
Bigarrenik, alorreko betebeharrak barne hartzen ditu, horien artean eraikinen, instalazioen, ibilgailu-atalaren, eta, hala badagokio, Euskal Autonomia Erkidegoko alor publikoaren titulartasuneko kaleko argiteriaren inbentario bat egitea. Inbentario horrek balio du ondoren energiako jarduketa-unitateak zehazteko; izan ere, unitateok dekretu honetatik eratorritako aurrezpen eta efizientzia energetikoa lortzeko neurri gehienak jasoko dituen muina dira aurrezpen- eta efizientzia-garaietan. Unitate horiei loturik, jarduketa-planak daude; horien artean plan orokor bat dago, jarduketa-unitateen helburuak eta auditoretza- eta ziurtatze-plan bat zehazten dituena, besteak beste, eta jarduketa-unitate bakoitzerako jarduketa-plan espezifikoak, plan orokorra onartu ondoren onartuko direnak. Aurrekoa ahalbidetzeko, jakineko eraikin eta instalazio batzuek energia elektrikoaren kontagailuak izateko betebeharra ezartzen da, kontsumoa egoki kontrolatzeko.
Dekretuak aipatzen ditu beste jarduera batzuk ere, esaterako hiru urteko epean eraikin eta instalazio guztien auditoretza egitea eta lehendik dauden eraikinen kalifikazio energetikoa ezartzea, eta Euskal Autonomia Erkidegoko alor publikoaren titulartasuneko eraikin berriak energia-kontsumo ia nulukoak izatea, bai eta instalazioak, ekipoak, flotak eta ibilgailuak berriztatzea eta ordeztea ere, aurrezpen eta efizientzia energetikoa eta energia berriztagarrien erabilera handiagoa izango duten petroliotik ateratako erregaien erabilera gutxitzen lagunduko dutenak beste batzuk jarrita.
Dekretu hau sustatzen duen osoko ikuspegitik hartuta, ehun langile baino gehiago dituzten lantokietarako mugikortasun-planen arautzea sartzen da, eta Euskal Autonomia Erkidegoko alor publikoak sustatzen dituen babes publikoko etxebizitzentzako betekizunak ezartzen dira; gainera, Euskal Autonomia Erkidegoko alor publikoak erosten dituen produktuak, zerbitzuak eta eraikinak energia-errendimendu handikoak izango dira.
Aipatu gaien inguruko trebakuntzak, sustapenak eta informazio-hedapenaren gaineko hainbat xedapenek osatzen dute hirugarren kapitulu hori.
Energiaren guztizko kontsumoaren erreferentzia-oinarriaren maila zehaztearekin zerikusia duten xedapenek ixten dute dekretuaren testua, aldi bakoitzean lortu beharreko aurrezpen eta efizientzia energetikoaren portzentajea kalkulatzeko, Jasangarritasun Energetikoaren Batzordearen kideak eta ordezkoak izendatzeko, horren arauak garatzeko gaitzeko eta dekretua indarrean sartzeko.
Dekretu hau emateko gaikuntza, lehenik eta behin, Euskal Autonomia Erkidegoko Estatutuaren 10.2 artikuluan aitortutako eskumen esklusiboan dago jasota, bere gobernu-erakundeen antolakuntza, araubide eta funtzionamenduari dagokionez. Hain zuzen ere, dekretu honen xede dira Euskal Autonomia Erkidegoaren arlo publikoari zuzenean eta soilik eragiten dien arauak, eta, beraz, dekretuaren testuan ikusten den bezala, energia-aurreztearen eta efizientzia energetikoaren aldeko asmo handiko jarduerak burutzeko konpromisoa hartzen da.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren kasuan, ekonomia iraunkorrari buruzko martxoaren 4ko 2/2011 Legean jasotako hainbat xedapen garatzen ditu dekretu honek, eta aintzat hartzen ditu Europar Batasunaren beste xedapen batzuk ordezten dituzten ondorengo arauak, esaterako, lehen aipatu den 2010/31 Zuzentarauari dagokionez, apirilaren 5eko 235/2013 Errege Dekretua, eraikinen energia-efizientzia ziurtatzeko oinarrizko prozedura onartzen duena.
Horren ondorioz, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren proposamenez, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat, eta Gobernu Kontseiluak 2015eko irailaren 22an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hau
Euskal Autonomia Erkidegoko arlo publikoan energia-aurrezpena, efizientzia energetikoa eta energia berriztagarrien erabilera arautzen ditu dekretu honek.
Dekretu hau Euskal Autonomia Erkidegoko arlo publikoari aplikatuko zaio, zein honako hauek osatzen baitute:
Administrazio orokorra.
Administrazio orokorraren erakunde autonomoak.
Administrazio orokorraren zuzenbide pribatuko erakunde publikoak.
Administrazio orokorraren sozietate publikoak.
Euskal Autonomia Erkidegoko arlo publikoaren fundazioak.
Nortasun juridiko propioa duten partzuergoak, zein Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 7.4.c) artikuluan aipatzen baitira.
Beraz, dekretu honen aplikazio-eremutik kanpo geratzen dira arlo publiko forala eta udaleko arlo publikoa.
Dekretu honen aplikazio-eremuan sartuta dauden erakundeek jabetzan dituzten eraikinei, instalazioei eta ibilgailu-atalari aplikatuko zaie dekretu hau, hirugarren pertsonei alokairuan eman bazaizkie ere.
Dekretu honen aplikazio-eremutik kanpo geratzen dira honako egoeraren batean dauden eraikinak:
Aurreko artikuluan aipatzen diren erakundeek alokairuan hartutakoak, betiere titularra, 2. artikuluan ezarritakoaren arabera, dekretu hau aplikatu behar ez zaion hirugarren bat bada.
atzerrian kokatuta daudenak.
behin-behinean erabiltzekoak, aurreikusitako erabilera-epea 5 urte edo gutxiagokoa bada.
5 urte baino gutxiagoko epean saltzekoak direnak.
Hirigintza, historia eta arteko ondarea babestea edo horrelako arrazoiak direla-eta dekretu honetan ezarritako neurriak ez aplikatzea justifikatuta dagoen kasuetan.
Aurreko artikuluan zehaztutako eremuan, dekretu honen helburuak honako hauek dira:
energia-aurrezpena eta efizientzia energetikoa bultzatu eta sustatzea, Europar Batasunak gai honen inguruan ezarritako arau eta jarduketen eremuan.
energia berriztagarriak eta beste energia-aukera jasangarri batzuk sustatu eta ezartzea, erregai fosilekiko mendetasuna txikitzeko.
pixkanaka petroliotik eta haren deribatuetatik ekoitzitako energia erabiltzeari uztea, Euskal Autonomia Erkidegoko arlo publikoak produktu horiek ez kontsumitzea lortu arte.
energia berriztagarrien tekniken eta garapenaren ikerketa eta garapena bultzatzea eta sustatzea, bai eta horien erabilera eta ezarpena sustatzen duten sistema elkartuena ere.
erabilitako energiak ingurumenean eta lurraldean duen eragina aurreikusi eta mugatzea, aurrezpenaren bidez eta erabilera efizienteagoa ahalbidetzen duten teknikak eta teknologiak erabiliz; horrela, berotegi efektuko gasen isurketak gutxitu egingo dira.
energia-aurrezteak, efizientzia energetikoak eta energia berriztagarrien erabilerak eskatzen dituen betekizunak sartzea politika publikoetan.
Euskal Autonomia Erkidegoko arlo publikoaren eredugarritasuna, beste administrazio, enpresa eta partikularretan energia-jasangarritasuna bultzatzeko jardueren nukleo katalizatzaile izan dadin.
Beste administrazio batzuekin eta partikularrekin akordioak bultzatzea, energiaren erabileran aurreztu eta efizientzia handiagoa lortzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko.
Herritarren eta sektore ekonomikoen partaidetza bultzatzea, energiaren erabileran aurrezpen eta efizientzia energetiko handiagoa lortzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko.
Aurrezpen eta efizientzia energetiko handiagoaren eta energia berriztagarriak erabiltzearen onurak hedatzea.
Dekretu honen ondorioetarako, definizio hauek ematen dira:
Energia-aurrezpena: aurreztutako energia-kopurua efizientzia energetikoa handitzeko neurriak aplikatu aurretik eta aplikatu ondoren kontsumoa neurtuz edo zenbatuz zehaztua aldi berean energia-kontsumoan eragiten duten kanpoko baldintzen normalkuntza aintzat hartuta.
Energia-auditoretza: eraikin edo eraikin-talde batean, instalazio edo industria- edo merkataritza-eragiketa edo zerbitzu pribatu zein publiko batean energia-kontsumoaren profilaren ezagutza egokia lortzeko prozedura sistematikoa, eta kostu efiziente batekin energia aurrezteko aukerak zehaztu eta zenbatzeko eta horren berri emateko helburua duena.
Aldi bereko ekoizpena: energia termikoa eta energia elektrikoa zein mekanikoa prozesu bakar batean aldi berean ekoiztea.
Efizientzia handiko aldi bereko ekoizpena: efizientzia energetikoari buruzko 2012ko urriaren 25eko 2012/27/UE Zuzentarauaren II. eranskinean ezarritako irizpideak betetzen dituen aldi bereko ekoizpena.
Energiaren azken kontsumoa: dekretu honek eragindako eraikinetan, instalazioetan eta ibilgailuetan erabilitako energia guztia.
Eraikina: sabaia eta hormak dituen eraikuntza, non energia erabiltzen den barruko giroa egokitzeko.
Energia-kontsumo ia nuluko eraikina: efizientzia energetiko handia duen eraikina, eraikinen efizientzia energetikoari buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2010eko maiatzaren 19ko 2010/31/UE Zuzentarauan ezarritakoaren arabera. Behar den energia gutxi-gutxi hori iturri berriztagarrietako energia bidez lortu beharko litzateke, neurri handi batean, in situ edo inguruan ekoitzitako iturri berriztagarrietako energia barne.
Lehendik dagoen eraikina: dekretu hau indarrean sartu aurretik eraikita dagoen edozein eraikin, eraikitze-prozesuan dagoena edo eskatzen diren baimen guztiak dituena hirigintza- ingurumen- edo bestelako baimenak.
Eraikin berria: dekretu hau indarrean sartu ondoren, eraikitzeko behar dituzten baimenak eskatuta dituzten eraikinak.
Efizientzia energetikoa: etekin-, zerbitzu-, ondasun- edo energia-ekoizpenaren eta energia-gastuaren arteko erlazioa.
Energia-zerbitzuen enpresa: energia-zerbitzuak ematen dituen enpresa.
Iturri berriztagarrietatik lortutako energia: iturri berriztagarri ez fosiletatik lortutako energia, hau da, energia eolikoa, eguzki-energia, energia aerotermikoa, geotermikoa, hidrotermikoa eta ozeanikoa, hidraulikoa, biomasa, hondakindegi-gasak, araztegietako gasak eta biogasa.
Energiaren guztizko kontsumoaren erreferentzia-oinarriaren maila: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak une batean kontsumitutako energia guztiaren inbentarioa, energia-mota guztiak barne hartuta, eta zeinari aplikatzen baitzaizkio ezarritako aurrezpen eta efizientzia energetikoko helburuak. Barne hartzen ditu hainbat energia-iturrien kontsumo xehea eta erabilitako energia-bektoreak, balio absolutuetan zein erlatiboetan, agregatuta zein bereizita, honako hauei dagokienez: eraikinak, energiako jarduketa-unitateak, energia sortu eta kontsumitzen duten instalazioak, ibilgailuen-atala eta kaleko argiteria.
Lantokietarako garraio-plana: lantokietarako garraio pribatua erabiltzeko mugatze- eta ordezte-helburuak eta -neurriak ezartzen dituen programazioa, lantoki horietara iristea nahi duten langileentzako zein hirugarren pertsonentzako, desplazamenduak arrazionalizatuz eta erregai fosilen kontsumoa eta berotegi-efektuko gasen isuriak mugatuz. Plan horretan sartzen dira baita ere energia-kontsumo txikiagoko eta efizientzia handiagoko garraio-bideen erabilerari buruz informatzeko neurriak.
Energia-zerbitzua: energia bat energiaren teknologia efiziente batekin edo zerbitzua emateko beharrezko diren eragiketa, mantentze-lan eta kontrola barne har ditzakeen ekintza batekin konbinatuta lortzen den onura fisikoa, etekina edo probetxua; zerbitzu horrek zein kontratu baten arabera ematen baita egoera normal batean, efizientzia energetikoa handitzea edota oinarrizko energia aurreztea modu egiaztagarri, neurgarri edo balioztagarri batean lortu izana frogatua du.
Energiako jarduketa-unitatea: dekretu honetan aurreikusitako neurri guztien edo batzuen aplikazio-eremua singularra, baterakoa edo zeharkakoa, Euskal Autonomia Erkidegoko arlo publikoaren jabetzako eraikinak izan, zein haren instalazioak, berogailu- edo hozte-sistemak, ibilgailu-atalak eta, hala badagokio, kaleko argiteria izan.
Babes publikoko etxebizitzak: autonomia-legediak horrelakotzat hartutako etxebizitzak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak osorik zein zati batean sustatuak.
Euskal Autonomia Erkidegoko arlo publikoa eredugarria izango da energia-aurrezpen eta efizientzia energetikoaren gaietan eta energia berriztagarriak erabiltzeari dagokionez bere eraikin, instalazio eta ibilgailu-atalean, eta, horretarako, orokorrean aplikagarri diren legeek ezarritako gutxieneko neurriak baino neurri zorrotzagoak hartuko ditu.
Ondorio horietarako, Euskal Autonomia Erkidegoko arlo publikoak honako eginbeharrak hartzen ditu bere gain:
Energia aurreztea eta ahalik eta modu efizienteenean erabiltzea, burutzen dituen jarduera guztietan.
Berotegi-efektuko gasen isurketak saihestea edo, hala egokituz gero, gutxitzea, energia aurreztuz eta efizientzia energetikoa hobetzea lortzeko teknikak eta teknologiak ezarriz.
Bere eraikinetan eta instalazioetan energia berriztagarrien erabilera sustatzea.
Petrolioaren deribatuen ordeztea sustatzea, garraio publikoaren flotatan eta administrazioaren ibilgailuetan ordezko energiak erabiliz.
Euskal Autonomia Erkidegoko arlo publikoak arrazionaltasun ekonomikoko irizpideak hartuko ditu aintzat, planak ezartzeko eta neurriak hartzeko orduan.
Gobernuak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak energia-aurrezpena, efizientzia energetikoa eta energia berriztagarrien erabilera sartzen dituzte bere eskumeneko politika publikoen diseinuan eta garapenean, bai eta bere jarduera-irizpideak finkatzean ere.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak idatzi eta onartutako lurraldea eta garraio-azpiegiturak antolatzeko tresnei energia-kontsumoaren, aurrezpenaren eta efizientzia energetikoaren eta energia berriztagarrien erabileraren gainean duten eraginaren azterketa bat erantsi behar zaie, dekretu honen 4. artikuluan jasotako helburuak betetzen diren ala ez aztertuko duena.
Azterketak honako alderdi hauek jasotzen ditu:
Lurralde- eta hirigintza-plangintzaren ereduaren ebaluazioa, eta hori aurrezpen eta efizientzia energetikoaren eskakizunetara egokitzea.
Eraikinetan eta azpiegituretan energia berriztagarriak ezartzeko eginda dagoen hirigintza-diseinuaren ebaluazioa, aprobetxamendu energetikoa hobetzeko.
Kaleko argiteriaren azterketa, beharrezko bada, haren efizientzia energetikoa hobetzeko.
Mugikortasun-azterketa, energia-kontsumoaren ondorioetarako, garraio pribatuaren eta petroliotik ateratako erregaien erabileraren ordezko aukerak sartuta.
Lurralde-antolakuntzako tresnak eta garraio-azpiegituretako planak, programak eta proiektuak 2. paragrafoan aipatzen direnak legez ezarritako ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-prozeduretako baten mende jarri behar badira, ez da beharrezko izango artikulu honen 2. eta 3. paragrafoetan eskatutako azterketaren aldeak bikoiztea.
Dekretu honetan xedatutakoaren ondorioetarako, energia-gaietan eskuduntza duen Eusko Jaurlaritzako sailak honako eskumenak izango ditu:
Euskal Autonomia Erkidegoko alor publikoaren energiaren guztizko kontsumoaren erreferentzia-oinarriaren maila zehaztea, zeinaren gainean aplikatzen baitira zehazten diren energia-aurrezpenak eta efizientzia energetikoko hobekuntzak.
Eraikin-inbentarioa egitea eta egunean izatea; neurri-unitate bakoitzeko energia-kontsumoa jasoko da inbentario horretan.
Dekretu honetan ezarritako helburuak lortzeko jarduera-plan orokorra idaztea, eta Gobernu Kontseiluaren aurrean aurkeztea, hark onar dezan, betiere Jasangarritasun Energetikoaren Batzordeak nahitaezko txostena egin ondoren.
Planaren jarraipen-txostenak egitea, aurrezpen eta efizientzia energetikoaren eta energia berriztagarrien erabileraren eta dekretu honetan ezarritako helburuen betetze-mailaren adierazleen bilakaera sartuz.
Euskal Autonomia Erkidegoko arlo publikoaren titulartasuneko eraikin berriak energia-kontsumo ia nuluko eraikinak direla egiaztatzea.
Energia gaietan eskumena duen sailari dagokio baita ere koordinazio-ahalmena erabiltzea gai honetan, honako jarduera hauen bidez, besteak beste:
arauak lantzea.
administrazio-prozedurak erraztea.
metodoak eta irizpide teknikoak homogeneizatzea.
elkarrekiko informazio-sistemak ezartzea, Euskal Autonomia Erkidegoko arlo publikoaren sailen, erakundeen eta entitateen artean.
Aurrezpen eta efizientzia energetikorako jarraibideak eta teknikak hedatzea.
Aurrezpen eta efizientia energetikorako eta energia berriztagarriak erabiltzeko ekintzak eta proiektuak sustatzeko planak eta laguntza-programak lantzea.
dekretu honetan ezarritako jarduketen kontrataziorako klausulak proposatzea.
lantokietan garraio-planak lantzeko irizpideak proposatzea.
Jasangarritasun Energetikoaren Batzordea dekretu honen aplikazio-eremuan Euskal Autonomia Erkidegoko arlo publikoa osatzen duten erakundeen eta Euskal Herriko Unibertsitatearen koordinazio-organoa da, dekretuan ezarritako helburuak betetzeko sortua.
Batzorde hori energia gaietan eskumena duen sailari atxikita dago, eta honako hauek osatua:
Batzordeburua, energia gaietan eskumena duen sailaren pertsona titularra. Baldin eta batzordeburua ez badago edo gaixorik badago, batzordeburuordeak beteko du haren ordezkotza, edo, bestela, energia gaietan eskumena duen zuzendariak.
Batzordeburuordea, energia gaietan eskumena duen sailburuordetzaren pertsona titularra.
Kideak:
Energiaren Euskal Erakundearen zuzendaria.
Eusko Jaurlaritzako sail bakoitzeko eta Euskal Herriko Unibertsitateko pertsona bat, sailburuordearen maila duena. Horietako bakoitzak titular bat eta ordezko bat izendatuko ditu.
Idazkaria, energia gaietan eskumena duen zuzendaritzaren pertsona titularra. Gai horretan eskumena duen sailaren titularrak izendatuko du ordezkoa.
Batzordearen eginkizunak:
Arlo publikoko eraikinen inbentarioa eta energiaren guztizko kontsumoaren erreferentzia-oinarriaren maila onartzea.
Jarduketa-plan orokorrari buruzko txostena egitea.
Jarduketa-plan orokorraren eta auditoretza- eta ziurtatze-planaren garapena ikuskatzea.
Aurrezpen eta efizientzia energetikoaren inguruan, Batzordean ordezkaritza duten sailek garatutako jarduketei dagozkien jarraipen-lanen eta -txostenen berri jakitea.
Euskal Autonomia Erkidegoaren arlo publikoko langileen gaitze- eta sentsibilizazio-planaren eta lantokietarako garraio-planen garapena ikuskatzea.
Gidalerroak proposatzea hala dagokionean eta proposamena arrazoituz energiako jarduketa-unitateen tratamendu espezifikorako.
Aurrezpen eta efizientzia energetikoaren gaietan ekintzak burutzeko ardura duten organoei jarduketa-proposamenak egitea.
Aurrezpen eta efizientzia energetikoaren inguruko gaietan Euskal Autonomia Erkidegoko beste herri-administrazioekin elkarlanean eta lankidetzan aritzeko irizpideak ezartzea, betiere energia gaietan eskuduntza duen sailaren eta, hala badagokio, Gobernu Kontseiluaren eskumenei kalterik egin gabe.
Egin nahi diren jarduketak behar bezala garatzeko, dekretu honen arabera esleitzen zaion beste edozein eginkizun.
Batzordeak batzorde tekniko baten laguntza eta babesa izango ditu. Batzorde tekniko hori Jasangarritasun Energetikoaren Batzordea osatzen duten Jaurlaritzako sail bakoitzak izendatutako teknikari banak osatuko dute, zeinek egoki iritzitako proposamenak, txostenak eta konklusioak aurkeztuko baitizkiote Batzordeari.
1. ATALA
HELBURU OROKORRAK
Euskal Autonomia Erkidegoko arlo publikoak dekretu honetan ezarritako aurrezpen eta efizientzia energetikoaren eta energia berriztagarrien portzentajeak beteko ditu, Euskadiko Energia Estrategian ezarritako energia-politikako helburuekin bat eginik.
Hasteko, Euskal Autonomia Erkidegoko alor publikoak energia-kontsumoa % 12 gutxitzea lortu behar du 2020rako, eta % 25 2025ean, hori guztia data horretan dagoen Euskal Autonomia Erkidegoko alor publikoaren energiaren guztizko kontsumoaren erreferentzia-oinarriaren mailaren gainean. Dena den, helburu horiek egokitu ahalko dira Eusko Jaurlaritzaren sailek Jasangarritasun Energetikoaren Batzordeari dekretu hau indarrean sartu eta gehienez ere hiru urteko epean aurkeztu beharko dizkioten jarduera-planak ikusi ondoren.
Gobernu Kontseiluak energiako jarduketa-unitateen artean banatuko du aurrezpen eta efizientzia energetikoaren portzentajea, Jasangarritasun Energetikoaren Batzordeak txostena egin ondoren.
Euskal Autonomia Erkidegoko alor publikoak lortu behar du bere eraikinetatik gutxienez % 32k 2020an eta % 40k 2025ean energia berriztagarriak ustiatzeko instalazioak izatea, aprobetxamendu termikoko sistemak zein elektrizitatea sortzekoak erabilita horretarako.
Energia berriztagarrien instalazioak ezartzeko aintzat hartzen dira horretarako dauden zailtasunak, besteak beste, hirigintza-arazoak, eguzkiaren argia jasotzekoak, aire-korronteak, paisaia dela-eta sortutakoak, pertsonen, garraio-bideen eta beste jabetza batzuen segurtasunaren ingurukoak, ondare historiko-artistikoaren babesarenak edo biodibertsitatearenak, eta, eraikin horiek, batik bat osasun zerbitzuetakoak eta segurtasun publikokoak, dituzten eginkizun espezifikoak.
Dekretu hau indarrean sartzen den egunetik aurrera, Euskal Autonomia Erkidegoko alor publikoak erosten dituen ibilgailuek petroliotik ateratako erregaien ordezko energia-iturriak erabili beharko dituzte.
Aurreko paragrafoan aipatutako betebeharrak ez die eragiten dituzten eginkizunak direla-eta petroliotik ateratako erregai bidez propultsatutako gutxieneko ibilgailu-kopuru bat behar duten sailei.
2. ATALA
ARLO-HELBURUAK ETA -EKINTZAK
Dekretu hau indarrean sartzen den egunetik hasi eta sei hilabeteko epean, energia gaietan eskumena duen sailak Euskal Autonomia Erkidegoko alor publikoaren titulartasuneko eraikinen, instalazioen eta ibilgailu-atalaren inbentario bat egingo du. Horretarako, Eusko Jaurlaritzaren gainerako sailen laguntza izango du, bereziki ondare gaietan eskumena duenarena, bai eta honako hauena ere: erakunde autonomoak, entitate publikoak, erakunde publikoak, fundazioak eta dekretu honen aplikazio-eremuan sartuta dauden gainerako erakundeak.
Dekretu honetan xedatutakoaren ondorioetarako, kudeaketa singularra, baterakoa zein zeharkakoa izan, energiako jarduketa-unitatetzat hartuko dira honako hauek:
Hainbat eraikin kudeaketa zentralizatukoak direla adierazteko den azaroaren 15eko 382/2005 Dekretuaren 2. artikuluan aipatzen diren kudeaketa zentralizatuko eraikinak.
Euskal Irrati Telebistako instalazioak (EITB).
Euskotreneko instalazioak.
Osakidetza-Euskal osasun-zerbitzuko zerbitzu-erakundeak eta horien egiturak.
Herritarren Segurtasunaren alorrean eskumena duen sailari atxikitako instalazioak.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren titulartasuneko ikastetxe publikoak.
Hiru lurralde historikoetako justizia-jauregiak eta horiei dagozkien epaitegiak.
Euskal Autonomia Erkidegoaren titulartasuneko museoak eta agiritegiak.
Eusko Jaurlaritzaren jabetzako etxebizitzak, alokairuan ematekoak.
Nekazaritza- eta arrantza-prestakuntzako institutuak.
Euskadiko parke teknologikoen sareko eraikinak.
Jarduera-unitate bakoitzaren barnean, Jaurlaritzako sail edo erakunde arduradunak koordinatzaile bat izendatuko du, dekretu honetan aipatzen diren jardueretarako. Koordinatzaile hori energia gaietan eskumena duen sailarekin eta Jasangarritasun Energetikoaren Batzordearekin aritzeko solaskidea izango da.
Gobernu Kontseiluak, dekretu hau indarrean sartu eta urtebeteko epean, jarduketa-plan orokor bat onartuko du, energia gaietan eskumena duen sailak horretarako proposamena egin ondoren. Plan horretan, honako hauek sartzen dira:
Eraikin eta instalazioen zerrenda bat, zeinen gainean jarduketak gauzatuko baitira.
Energiako jarduketa-unitateak zehaztea, instalazioak multzokatzeko.
Jarduketa-unitateen helburuak zehaztea.
Auditoretza- eta ziurtatze-plan bat, burutzeko irizpideak eta epeak ezarrita.
Langileak gaitzeko eta sentsibilizatzeko plan bat.
Beharrezko inbertsioen zenbatespena.
Jarduketak burutzeko epeak.
Plan orokorra onartu ondoren, eta dekretu hau indarrean sartu eta hiru urte bete baino lehen, Jaurlaritzaren sailek eta dekretu honen aplikazio-eremuan sartutako erakundeek arduradun direneko jarduketa-unitate bakoitzerako plan espezifiko bat bidaliko diote Jasangarritasun Energetikoaren Batzordeari.
Dena den, jarduketa-plan orokorrak lehentasunak ezarri beharko ditu jarduketa-plan espezifikoen onarpenari dagokionez.
Dekretu hau indarrean sartu eta urtebeteko epean, 25 kWtik gorako elektrizitate-potentzia instalatuta duten eraikinek eta instalazioek ordubetetik beherako denboran karga-kurba transmititzeko, erregistratzeko eta teleneurketa egiteko ahalmena duten kontagailuak izan beharko dituzte. Kontagailuek lortutako informazioa eskuragarri egongo da, gutxienez egunero eta modu zentralizatuan, jarduketa-unitate bakoitzeko eraikin eta instalazio guztietarako.
Jarduketa-unitateek unitate horietan multzokatutako kontagailuetatik jasotako kontsumoaren inguruko informazioaren analisia egitea erraztuko duten sistemak izango dituzte. Sistema horiek baterakoak izan ahalko dira hainbat jarduketa-unitateetarako.
Eraikin bakoitzaren energia-kontsumoaren kontrol bat egingo da, erabilitako energia guztien kontsumoak eta horien kostua hartuko dituena. Kontrola gutxienez urtero egingo da, hilabeteka.
Urtero, jarduketa-unitate bakoitzaren sail edo erakunde arduradunak 3. paragrafoaren arabera lortutako informazioa bidaliko dio Jasangarritasun Energetikoaren Batzordeari.
Jasangarritasun Energetikoaren Batzordeak Euskal Autonomia Erkidegoko arlo publikoaren energia-kontsumoaren urteko jarraipen-txosten bat egingo du, zein publikoa izango baita.
Dekretu hau indarrean sartu eta hiru urteko epean, eraikin eta instalazio guztiek dagokien energia-auditoretza izan beharko dute.
Energia-auditoretzak energiako jarduketa-unitate baten edo gehiagoren gainean edo arloka egin daitezke, eta jarduketa-unitateen energia-kontsumoaren eta horien balizko aurrezpen eta efizientzia energetikoaren diagnosi bat egitea dute helburu, bai eta hori guztia hobetzeko eta energia berriztagarriak ezartzeko gomendioak egitea ere.
Energia-auditoritzek gutxienez honako eduki hauek dituzte:
Energiako jarduketa-unitatearen urteko kontsumoa.
Kontsumo espezifikoak eta horien banaketa, honako hauek hartzen dituena: prozesuak, ekipoak, ibilgailu-atala, berokuntza, klimatizazioa, barruko argiztapena eta kaleko argiteria.
Energia-horniketaren portzentajeak, iturri konbentzionalak eta energia berriztagarrietatik lortutako beste iturri batzuk bereizita.
Eraikinen, instalazioen, ekipoen eta prozesuen efizientziaren analisia.
Gomendioak eta honako hauetan egin daitezkeen hobekuntzak, auditoretzaren arabera lehentasunezkoak zeintzuk diren adieraziz: eraikinak, instalazioak, berokuntza, klimatizazioa, ibilgailu-atala, barruko argiztapena, kaleko argiteria, kontsumo-, aurrezpen- eta efizientzia-prozesuak eta erosketenak.
Energia berriztagarrien alorreko jarduketa egokiak.
Erabilitako metodologia, auditoretzaren azterketa-helburu diren hainbat elementutan xehatuta.
Ekintzen laburpena.
Energia gaietan eskumena duen sailak Euskal Autonomia Erkidegoko alor publiko osorako agiri bakar batean jasoko ditu emaitzak.
Energia-auditoretzak 6 urtetik behin berritu behar dira. Egindako jarduketen laburpen bat eta aurreko auditoretza indarrean egon zeneko energia-kontsumoaren bilakaeraren konparaziozko azterketa bat jasoko dute berritzeek.
Eraikinen energia-efizientzia ziurtatzeko oinarrizko prozedura onartzen duen apirilaren 5eko 235/2013 Errege Dekretuan ezarritako eskakizunen arabera, eraikinen energia-ziurtagiria izan behar duten Euskal Autonomia Erkidegoko alor publikoaren titulartasuneko eraikinek, lehendik daudenek, ziurtagiri hori izan beharko dute Errege Dekretu horren Bigarren Xedapen Iragankorrean ezarritako epeetan.
Aipatu 235/2913 Errege Dekretuaren aplikazio-eremuak eragiten ez dien Euskal Autonomia Erkidegoko arlo publikoaren titulartasuneko eraikinek, lehendik daudenek, bi urteko epean izan beharko dute eraikinen energia-ziurtagiria, dekretu hau indarrean sartzen den egunetik aurrera.
Lehendik dauden erakinetatik % 25ek beren kalifikazio energetikoa hobetu behar dute 2025erako.
Euskal Autonomia Erkidegoko arlo publikoak sustatutako babes publikoko eraikinek, alokatzeko direnak, plan berezi bat izango dute, non ezarriko baita auditoria bat egiteko beharra eta horretarako epea. Plan hori etxebizitza gaietan eskumena duen sailak idatziko du eta Gobernu Kontseiluak onartu, Jasangarritasun Energetikoaren Batzordearen txostena kusi ondoren.
Jasangarritasun Energetikoaren Batzordeak lehentasunak ezarri ahalko ditu, xedapen honetan adierazitakoa betetzeko.
Euskal Autonomia Erkidegoko alor publikoaren titulartasuneko eraikin berriak eta lehendik dauden eraikinak handitzeak zerbitzuetarako zein babes publikoko etxebizitzatarako direnak energia-kontsumo ia nulukoak izan beharko dute, aplikagarri zaizkien arauetan xedatutakoaren arabera, baldin eta eraikuntza edo birgaitzea dekretu hau indarrean sartu eta urtebete beranduago hasten bada.
Zenbatzeko arauak edo metodologia zehatz bat ezartzen ez den bitartean, eraikin batek energia-kontsumo ia nulua izateko honako baldintza hauek bete behar ditu:
Gutxienez A motako kalifikazio energetikoa izatea.
Bere energia-kontsumoaren % 70 iturri berriztagarrietatik lortutakoa izatea. Baldin eta ezin badu lortu energia berriztagarrien maila hori, Jasangarritasun Energetikoaren Batzordeak onartutako txosten baten bidez justifikatu beharko du hori.
Eginbehar hori salbuetsi daiteke honako kasuetan:
Eraikin eta monumentu ofizialki babestuak, kultura-ondare aitortutako ingurune baten zati direlako edo balio arkitektoniko edo historikoa dutelako.
Bi urtetan edo gutxiagotan erabiltzekoak diren behin-behineko eraikuntzak.
Bizitegitarako erabiltzen ez diren industria- eta nekazaritza-eraikinak edo horien zatiak, tailer modura edo prozesu industrialetarako eta nekazaritza-prozesuetarako erabiltzeko direnak.
Isolatuta dauden eraikinak edo eraikin-zatiak, 50 m² baino gutxiagoko azalera erabilgarria dutenak.
Urtean lau hilabete baino gutxiagoz edo urtean zehar denbora mugatu batean erabiltzen diren eraikinak edo eraikin-zatiak, urte osoan erabiliz gero gastatuko litzatekeen energiaren % 25eko energia-kontsumo aurreikusia dutenak.
Instalazioetan, kontsumo-monitorizazioa sar dezaketen kudeaketa-sistema zentralizatuak ezartzeaz gain, instalazioak, ekipoak, flotak eta ibilgailuak berritu egin behar dira, aurrezpen eta efizientzia energetikoa eta energia berriztagarrien erabilera handitu eta petroliotik ateratako erregaiak gutxituko dituzten beste batzuk ezarrita.
Sektore publikoko kontratuei buruzko legerian xedatutakoari kalterik egin gabe, eta erregulazio harmonizatura lotutako kontratuen kasuan, Euskal Autonomia Erkidegoko alor publikoak energia-errendimendu handiko produktuak, zerbitzuak eta eraikinak erosi behar ditu, honako irizpide hauen arabera, besteak beste:
efizientzia mailarik handienekoak, aintzat hartuz kostuen eraginkortasuna, bideragarritasun ekonomikoa eta egokitzapen teknikoa, bai eta behar besteko lehia egon dadila. Hori bereziki aplikatuko da honako hauek erosterakoan: klimatizazio-ekipoak, etxeko ur beroaren ekipoak, ekipo ofimatikoak eta argiteriako ekipoak.
errepideko garraioko ibilgailuak eta pneumatikoak erosterakoan, aintzat hartzea horien erabilpenak izango duen eragin energetikoa eta ingurumenekoa ibilgailuak erabilgarri dauden bitartean.
baloratzea, zerbitzu-kontratuak esleitzeko lizitazioetan, zerbitzu-emaileek aurreko paragrafoetan zehaztutako baldintzak betetzen dituzten produktuak erabiliko dituztela zerbitzu horiek ematerakoan.
Euskal Autonomia Erkidegoko arlo publikoaren zerbitzura dauden lantokiek, ehun langile baino gehiago badituzte, lantokietarako garraio-plan bat onartu beharko dute gehienez ere 2 urteko epean, dekretu hau indarrean sartzen den egunetik aurrera zenbatuta.
Planak aurreikuspen apartekoak izan ditzake horiek guztientzako, eta, nola nahi ere, lantoki bakoitzari aplikatu beharreko neurriak zehaztu beharko ditu.
Planak honako hauek zehaztu behar ditu, gutxienez:
egoeraren diagnosia.
bete beharreko helburuak.
hartu beharreko neurriak.
dagozkion finantzaketa-mekanismoak.
plana jarraitzeko, ebaluatzeko eta berrikusteko prozedurak.
kostu eta onura ekonomikoen, sozialen eta ingurumenekoen azterketa.
Euskal Autonomia Erkidegoko alor publikoaren titulartasuneko eraikin berriek ibilgailu alternatiboak kargatzeko puntuak, eta bizikletaren erabilera errazteko eta bizikletak aparkatzeko lekuak izan beharko dituzte.
3. ATALA
GAITZEA, SUSTAPENA ETA HEDAPENA
Euskal Autonomia Erkidegoaren alor publikoko langileak gaitzeko eta sentsibilizatzeko plan bat egingo da, jarduketa-plan orokorrean sartuta egongo dena.
Energia kontsumitzen duten instalazioak erostearekin, mantentzearekin eta erabiltzearekin zerikusia duten kudeatzaileak eta teknikariak prestatzeko dira gaitze-jarduerak, aurrezpena eta efizientzia energetikoa handitzeko eta energia berriztagarriak gehiago erabiltzeko tekniken inguruan.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak aurrezpen eta efizientzia energetikoari buruzko informazioa emango die bere zerbitzura dauden langileei, aurrezpen eta efizientzia energetikoa lortzeko jarraibideak eta teknikak hedatuz, bitarteko hauek erabilita:
Sentsibilizazio-kanpainak.
Erabilpen-teknikak eta jarraibideak ezartzeari buruzko gidaliburuak eta jardunbide egokiak argitaratzea, beren instalazioetan erabiltzen duten energiaren aurrezpen eta efizientzia handiagoa lortzeko.
Jasangarritasun Energetikoaren Batzordeak dagozkion neurriak hartuko ditu aurrezpen eta efizientzia energetikoaren inguruan administrazioaren jarduketen hedapena ziurtatzeko eta jendeari eskuragarri jartzeko informazio hori. Bereziki, dekretu hau indarrean sartzen denetik aurrera txosten bat argitaratuko du lau urtetik behin, gutxienez alderdi hauek hartuko dituena:
Energiaren guztizko kontsumoa, erabilitako energia-iturriak xehatuta.
Energia aurrezteko eta efizientzia energetikoa hobetzeko hartutako neurriak, energiako jarduketa-unitateetan lortutako portzentajeak adieraziz.
Energia berriztagarrien sorkuntzarako instalazioak ezartzea.
Euskal Autonomia Erkidegoko alor publikoak honako gai hauei dagokienez hartutako konpromisoen betetze-maila: energia-aurrezpena, efizientzia energetikoa, energia berriztagarrien erabilpena eta petrolioaren ordezko energia-sistemak erabiltzen dituen ibilgailu-atala izatea.
Lantokietarako garraio-plan bat izatearen ondoriozko emaitzak.
Aurrezpenaren eta efizientzia energetikoaren inguruan herri-administrazioen artean hartzen dituzten lankidetza-akordioak.
Herri-administrazioen titulartasuneko eraikin berriak energia-kontsumo ia nulukoak izan beharraren salbuestea eta horren arrazoiak.
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA. Energiaren guztizko kontsumoaren erreferentzia-oinarriaren maila.
Dekretu hau indarrean sartu eta bederatzi hilabeteko epean, Euskal Autonomia Erkidegoko alor publikoaren energiaren guztizko kontsumoaren erreferentzia-oinarriaren maila onartuko da, dekretuan ezarritako neurrietarako abiapuntu izango dena.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Jasangarritasun Energetikoaren Batzordeko kideak eta ordezkoak izendatzea.
Dekretu hau indarrean sartu eta gehienez ere bi hilabeteko epean, sail edo erakunde bakoitzak Jasangarritasun Energetikoaren Batzordeko pertsona titularrak eta ordezkoak izendatuko ditu.
HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Bultzakada administratiboa.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioa osatzen duten erakundeek eurek parte hartzen duten sozietateetan, fundazioetan eta elkarteetan dekretu honetan aurreikusitako neurriak aplikatzea bultzatuko dute.
Era berean, Euskal Herriko Unibertsitateak neurri horiek aplika ditzan bultzatuko du Eusko Jaurlaritzak, unibertsitate-gaietan eskumena duen sailaren bitartez.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA. Arauak garatzeko gaikuntza.
Energia gaietan eskumenak dituen sailari ahalmena ematen zaio dekretu hau aplikatzeko beharrezko diren garapen-xedapenak emateko bai eta horren helburuak egokitzeko ere, alor teknologikoetan egon diren aurrerapenak direla-eta edo lege-xedapen bidez ezarrita dagoelako beharrezko denean.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA. Indarrean sartzea.
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian osorik argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2015eko irailaren 22an.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua,
MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.