Arautegia

Inprimatu

221/2011 DEKRETUA, urriaren 26koa, Elikagaiak elaboratzeko teknikariaren tituluari dagokion curriculuma ezartzen duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 222
  • Hurrenkera-zk.: 5688
  • Xedapen-zk.: 221
  • Xedapen-data: 2011/10/26
  • Argitaratze-data: 2011/11/23

Testu legala

Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoaren 10.1 artikuluak ezartzen duenez, Estatuko Administrazio Orokorrak finkatuko ditu Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalean aditzera emandako lanbide-prestakuntzako eskaintzak osatuko dituzten profesionaltasun-ziurtagiriak eta -tituluak, betiere Konstituzioaren 149.1.30 eta 7. artikuluan xedatutakoaren arabera eta Lanbide Heziketaren Kontseilu Nagusiari kontsultatu ondoren.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 39.6 artikuluak xedatzen duenez, Espainiako Gobernuak, autonomia-erkidegoei kontsultatu ostean, lanbide-heziketako ikasketei dagozkien titulazioak ezarriko ditu, baita titulazio horietako bakoitzaren curriculumaren oinarrizko alderdiak ere.

Ekonomia iraunkorraren martxoaren 4ko 2/2011 Legeak eta Ekonomia iraunkorraren Legea osatzen duen martxoaren 11ko 4/2011 Lege Organikoak Lanbide-heziketaren eta kualifikazioen 5/2002 Lege Organikoa eta Hezkuntzaren 2/2006 Lege Organikoa aldatzen dituenak, hainbat lege-aldaketa adierazgarri eragin dituzte bestelako ekonomia baten garapena sustatzeko eta bizkortzeko, hau da, ekonomia lehiakorragoa eta berritzaileagoa, produkzio-sektore tradizionalak berritzeko gauza izango dena eta kalitateko enplegu egonkorra eskatzen duten beste jarduera batzuetarantz bidea egiteko gauza izango dena sustatzeko eta bizkortzeko.

Hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen uztailaren 29ko 1147/2011 Errege Dekretuaren 9. artikuluan definitzen da lanbide-heziketako tituluen egitura. Horretarako, Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionala, Europar Batasunak finkatutako arteztarauak, eta gizarte-intereseko beste alderdi batzuk hartu dira kontuan. 7. artikuluak titulu horien lanbide-profila zehazten du. Lanbide-profil horretan sartuko dira konpetentzia orokorra, lanbide-konpetentzia, konpetentzia pertsonalak eta sozialak eta, hala badagokio, Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalaren konpetentzia-atalak. Horrenbestez, titulu bakoitzak lanbide-kualifikazio oso bat, gutxienez, hartuko du barnean, betiere lanbide-heziketako tituluek produkzio-sistemaren beharrei eta hiritartasun demokratikoa egikaritzeko aukera emango duten balio pertsonal eta sozialei eraginkortasunez erantzuteko.

Elikagaiak elaboratzeko teknikariaren titulua eta haren gutxieneko irakaskuntza ezartzen dituen apirilaren 16ko 452/2010 Errege Dekretuak ordezkatu egin ditu honako titulu hauen erregulazioak: Barazkien, haragien eta arrainen kontserbagintzako teknikariaren tituluaren erregulazioa abenduaren 22ko 2052/1995 Errege Dekretu bidez ezarritakoa; Hiltegiko eta harategi-urdaitegiko teknikariaren tituluaren erregulazioa abenduaren 22ko 2051/1995 Errege Dekretu bidez ezarritakoa; eta Esnekigintzako teknikariaren tituluaren erregulazioa abenduaren 22ko 2054/1995 Errege Dekretuak ezarritakoa.

Bestetik, hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen 1147/2011 Errege Dekretuaren 8. artikuluaren 2. atalak xedatzen duenez, hezkuntza-administrazioek ezarriko dituzte Lanbide Heziketako irakaskuntzen curriculumak. Edonola ere, Errege Dekretu horretan bertan xedatutakoa eta titulu bakoitza erregulatzen duten arauetan xedatutakoa errespetatu beharko dute.

Euskal Autonomia Erkidegoaren berezko eskumenen esparruari dagokionez, Autonomia Estatutuaren 16. artikuluan aditzera ematen denez, «Konstituzioaren lehen erabaki gehigarrian erabakitzen dena aplikatzeko, irakaskuntza, zabalera, maila, gradu, era eta espezialitate guztietan, Euskal Herriko Komunitate Autonomoaren konpetentziapean dago, Konstituzioaren 27. artikuluaren eta berori zehaztuko duten Lege Organikoei, haren 140.1.30 artikuluak Estatuari ematen dizkion ahalmenei eta guztiori betetzeko eta bermatzeko behar den goi inspekzioari kalterik egiteke».

Bestalde, otsailaren 26ko 32/2008 Dekretuak, hezkuntza-sistemaren barruan, Lanbide Heziketaren antolamendua eta araudia ezartzen ditu Euskal Autonomia Erkidegoaren esparrurako.

Azaldutako aurrekarien arabera, dekretu honen helburua da Elikagaiak elaboratzeko teknikariaren tituluari dagozkion Lanbide Heziketako irakaskuntzetarako curriculuma ezartzea Euskal Autonomia Erkidegorako, Elikagaiak elaboratzeko teknikariaren titulua ezartzen duen eta tituluaren gutxieneko irakaskuntzak finkatzen dituen apirilaren 16ko 452/2010 Errege Dekretuaren babesean.

Elikagaiak elaboratzeko teknikariaren tituluaren curriculumean alderdi hauek deskribatzen dira: batetik, tituluak adierazten duen lanbide-profila (kualifikazioak eta konpetentzia-atalak zerrendatzen dira, eta konpetentzia profesionalak, pertsonalak eta sozialak deskribatzen dira); eta, bestetik, tituluak biltzen dituen helburu orokorren eta lanbide-moduluen bidez, besteak beste, ezarritako irakaskuntzak (lanbide-modulu bakoitzari dagozkion ikaskuntzaren emaitzak, ebaluazio-irizpideak eta edukiak, eta horiek antolatu eta ezartzeko jarraibideak eta zehaztapenak barne hartuta).

Helburu orokorrak profilean deskribatzen diren konpetentzia profesional, pertsonal eta sozialetatik atera dira. Haietan, ikasleak heziketa-zikloaren amaieran eskuratu behar dituen gaitasunak eta lorpenak adierazten dira; hortaz, heziketa-zikloa osatzen duten lanbide-moduluetako bakoitzean landu beharreko edukiak eta ikasleak bereganatu behar dituen ikaskuntzaren emaitzak lortzeko lehen iturria dira.

Modulu bakoitzean jasotako edukiak irakatsi eta ikasteko prozesuaren euskarria dira; ikasleak trebetasun eta abilezia teknikoak, etorkizun profesionalean aurrera egiteko kontzeptuzko oinarri zabala eta lortu nahi den kualifikazioarekiko lanbide-nortasun koherentea islatuko duten portaerak eskura ditzan.

Honako dekretu hau bideratzean, emakumeen eta gizonen berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 19. artikulutik 22. artikulura bitartean aurreikusten diren izapideak bete dira.

Hori dela-eta, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuak proposatuta, Lanbide Heziketako Euskal Kontseiluak emandako txostenarekin eta gainerako aginduzko txostenekin, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren arabera, eta Gobernu Kontseiluak 2011ko urriaren 26an egindako bilkuran eztabaidatu eta onartu ondoren, hauxe

  1. Dekretu honek Elikagaiak elaboratzeko teknikariaren tituluari dagozkion Lanbide Heziketako irakaskuntzetarako curriculuma ezartzen du Euskal Autonomia Erkidegorako.

  2. Ikastetxeak duen autonomia pedagogikoaren eta antolamendukoaren ildotik, hari dagokio bere Ikastetxearen Ikasketa proiektua ezartzea, eta proiektu horretan ezarriko ditu bere irakaskuntza-lanaren ezaugarriak eta nortasuna zehazteko, eta lanbide-moduluen programazioak prestatzeari buruzko irizpideak finkatzeko beharrezko erabakiak.

  3. Ikastetxearen Ikasketa Proiektuaren esparruan, heziketa-zikloaren ardura duen irakasle-taldeari eta, zehazki, irakasle bakoitzari dagokio programazioak prestatzea. Horretarako, ezartzen diren helburu orokorrak kontuan izan beharko ditu, lanbide-modulu bakoitzean bildutako ikaskuntzaren emaitzak eta edukiak errespetatu beharko ditu, eta irakaskuntzen erreferentziazko lanbide-profila hartu beharko du euskarri.

Honako elementu hauek identifikatzen dute elikagaiak elaboratzeko teknikariaren titulua:

Izena: elikagaien elaborazioa.

Maila: erdi-mailako Lanbide Heziketa.

Iraupena: 2.000 ordu.

Lanbide-arloa: elikagaien industriak.

Irakaskuntzaren Nazioarteko Sailkapen Normalizatuko erreferentea: CINE-3.

Tituluari dagokion lanbide-profila, konpetentzia orokorraren, konpetentzia profesionalen, pertsonalen eta sozialen, lanbide-kualifikazioen eta konpetentzia-atalen bidez adierazten da.

  1. Titulu honen konpetentzia orokorra da elikagaiak elaboratzea eta ontziratzea, produkzio eta kalitateko planen arabera, eta, horretarako, tresneriaren lehen mailako mantentzea egitea eta elikagaien higienearen eta segurtasunaren arloan, ingurumen-babesaren arloan eta laneko arriskuen prebentzioaren arloan indarrean dagoen legeria aplikatzea.

  2. Konpetentzia profesionalak, pertsonalak eta sozialak.

    Honako hauek dira titulu honen konpetentzia profesionalak, pertsonalak eta sozialak:

    1. Lehengaiak eta gai osagarriak hornitzea eta biltegiratzea, produktuaren ezaugarriak kontuan izanik.

    2. Produkzio-sistemak eta -ekipoak produkzio-prozesuaren eskakizunen arabera erregulatzea.

    3. Elikagaiak elaboratzean, prozedura-eskuliburuaren arabera kontrolatzea eragiketak.

    4. Produktu bakoitzaren eskakizunen arabera aplikatzea kontserbazio-tratamenduak.

    5. Elaboratutako produktuak ontziratzea, etiketatzea eta biltzea, eta, hala, produktuak banatzean eta merkaturatzean horien integritatea ziurtatzea.

    6. Produktu burutuak biltegiratzea eta, horretarako, izakinen kontrola egitea eta bidalketa egiaztatzea.

    7. Elaboratutako produktuen kalitatea egiaztatzea, oinarrizko kontrolak egitea eta emaitzak erregistratzea.

    8. Tresneriak eta instalazioak prestatzea eta mantentzea, eta funtzionamendua eta higienea kalitate, segurtasun eta eraginkortasuneko baldintzetan bermatzea.

    9. Erregistroak eta gertakarien parteak osatzea, kalitate-prozedurak erabiliz.

    10. Elaboratutako produktuak marketing-teknikak aplikatuta sustatzea eta merkaturatzea.

    11. Elikagaien segurtasunari buruzko araudia aplikatzea, elaboratutako produktuen trazagarritasuna eta osasungarritasuna bermatzeko.

    12. Ingurumen-babesari buruzko araudia aplikatzea, eta, horretarako, baliabideak eraginkortasunez erabiltzea eta hondakinak gaika biltzea.

    1. Laneko arriskuen prebentzioko planetan ezarritako arauak betetzea, produktua lantzeko prozesuan ezarritakoaren arabera.

    2. Bere eskubideez baliatzea eta lan-harremanen ondoriozko betebeharrak betetzea, indarrean dagoen legerian ezarritakoaren arabera.

    3. Lanbide-karrera kudeatzea, enplegurako, autoenplegurako eta ikaskuntzarako aukerak aztertuz.

    4. Enpresa txiki bat sortzea eta kudeatzea, eta produktuen bideragarritasuna, produkzioaren plangintza eta merkaturatzea aztertzea.

    5. Produkzioko helburuak betetzea, lan-taldearekin elkarlanean aritzea, eta erantzukizunaren eta tolerantziaren printzipioen arabera jardutea.

    6. Bizitza ekonomikoan, sozialean eta kulturalean parte-hartze aktiboa izatea, jarrera kritiko eta arduratsuarekin.

    7. Produkzio-prozesuetako aldaketa teknologikoek eta antolamendukoek sorrarazitako lanpostuetara eta lan-egoera berrietara egokitzea.

    8. Ezarritako arauei eta prozedurei jarraituz, arazoak ebaztea eta norbanako erabakiak hartzea, bere eskumeneko esparruaren barruan definituak.

  3. Titulu honetan biltzen diren Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionaleko kualifikazioen eta konpetentzia-atalen zerrenda:

    Osatutako lanbide-kualifikazioak:

    1. Landare-kontserben fabrikazioa. INA103_2 (irailaren 16ko 1087/2005 Errege Dekretua). Konpetentzia-atal hauek barne hartzen ditu:

      UC0291_2: landare-kontserben produkzio-prozesuan esku hartzen duten lehengaiak eta gai osagarriak hartzea, kontrolatzea eta baloratzea, eta amaitutako produktuak biltegiratzea eta bidaltzea.

      UC0292_2: lehengaiak prestatzea, ondoren elaboratzeko eta tratatzeko, betiere beharrezko kalitatea, higienea eta segurtasuna bermatuz.

      UC0293_2: landare-kontserbak, zukuak eta plater kozinatuak dosifikatzeko, betetzeko eta ixteko eragiketak egitea eta eskatutako kalitatea ziurtatzen duten prozedurak eta arauak jarraitzen diren egiaztatzea.

      UC0294_2: amaierako kontserbazio-tratamenduen aplikazioa gidatzea, eskatzen diren kalitate eta higieneko zehaztapenei jarraituz.

    2. Kontsumoko esneen eta esnekien elaborazioa. INA106_2 (irailaren 16ko 1087/2005 Errege Dekretua). Konpetentzia-atal hauek barne hartzen ditu:

      UC0027_2: esnea eta beste esne-lehengai batzuk hartzeko, biltegiratzeko eta horien aurretiazko tratamenduak egiteko eragiketak egitea eta gidatzea.

      UC0302_2: kontsumoko esneak, esne lurrunduak, hauts-esneak, esne kondentsatuak, esnegaina, gurina, izozkiak eta antzekoak elaboratzeko prozesuak gidatzea eta kontrolatzea.

      UC0303_2: esne-postreak, jogurtak eta esne hartzituak elaboratzeko prozesuak gidatzea eta kontrolatzea.

      UC0304_2: esnekiak ontziratzeko eta egokitzeko eragiketak gidatzea eta kontrolatzea.

      Osatu gabeko lanbide-kualifikazioak:

    1. Harakintza eta haragikien elaborazioa. INA104_2 (irailaren 16ko 1087/2005 Errege Dekretua). Konpetentzia-atal hauek barne hartzen ditu:

      UC0295_2: haragi-lehengaiak eta gai osagarriak jasotzeko, biltegiratzeko eta haragi-piezak eta produktuak bidaltzeko prozesuak kontrolatzea.

      UC0298_2: industriako haragi-produktuak elaboratzea, eskatzen diren kalitatea eta higienea mantenduz.

    2. Arrandegia eta arrantzaren eta akuikulturaren ondoriozko produktuen elaborazioa. INA109_2 (irailaren 16ko 1087/2005 Errege Dekretua). Konpetentzia-atal hauek barne hartzen ditu:

      UC0318_2: arrantzaren ondoriozko produktuen kontserbak, erdikontserbak eta gazituak elaboratzea, elikagaien kalitatearen eta segurtasunaren arloko arauei jarraituz.

      UC0319_2: arraina edo itsaskia oinarri duten oreak, pastak, izoztuak eta plater kozinatuak edo aurrekozinatuak elaboratzea, produktuen kalitatea eta higienea bermatuz.

  1. Lanbide-irudi honek enpresa txiki, ertain edo handietan egiten du lan, askotariko mailarekin, eta enpresa horien alderdi teknologikoan zein antolamenduan. Besteren konturako langileak dira, kualifikazio-maila bera edo txikiagoa duten pertsonekin lan-taldeetan integratuko direnak. Lan-talde horietan, banakako zereginak zein taldeko zereginak egingo dituzte lehengaiak eta materialak hartzeko, produkzio-tresneria prestatzeko eta maneiatzeko, produktuak elaboratzera, ontziratzera eta enbalatzera zuzentzen diren eragiketak kontrolatzeko, eta amaitutako produktuen kalitate-kontrolean, biltegiratzean eta igorpenean laguntzeko.

    Oro har, tarteko aginte baten mende egongo dira, eskuzko prozesuak oraindik garrantzitsuak diren enpresetan izan ezik edo enpresa txikietan. Enpresa horietan langileak ikuskatzeko funtzioak bete ditzakete eta zuzenean produkzio-zuzendaritzaren mende egon daitezke, zeregin hori betetzean.

  2. Lanbide eta lanpostu garrantzitsuenak hauek dira:

    Elikagaien elaboratzailea.

    Elikagaiak tratatzeko eta elaboratzeko makina eta tresnerien operadorea.

    Ontziratzeko eta enbalatzeko lerroen operadorea eta kontrolatzailea.

    Harreragilea eta biltegizaina.

    Produkzio-lerroetako lehengaien eta materialen biltzailea.

    Dosifikatzailea.

    Lerroko ikuskatzailea.

Heziketa-zikloko irakaskuntzetan honako alderdi hauek sartzen dira:

  1. Heziketa-zikloaren helburu orokorrak:

    1. Lehengaiak eta gai osagarriak identifikatzea eta hautatzea, eta horien hornidurarako ezaugarriak eta propietateak deskribatzea.

    2. Lehengaiak eta gai osagarriak egiaztatzea eta sailkatzea, eta horiekin lotzen den dokumentazioa aztertzea, gai horiek biltegiratzeko.

    3. Tresneriaren kontrol-elementuak ezagutzea eta maneiatzea, eta prozesuaren aldagaiekin lotzea, tresneria erregulatzeko eta/edo programatzeko.

    4. Egokitze, formulazio eta transformazioko eragiketak definitzea eta aplikatzea, eta elikagaien ezaugarriekin lotzea, betiere elikagaiak lortzeko.

    5. Kontserbazio-tratamenduak identifikatzea eta aztertzea, eta tratamendu horien funtsak eta kontrol-parametroak deskribatzea.

    6. Ontziratzeko, etiketatzeko eta enbalatzeko eragiketak egitea, eta elikagaien kontserbazioarekin, banaketarekin eta trazagarritasunarekin lotzea.

    7. Amaitutako produktuak antolatzea eta sailkatzea, eta, horretarako, kontserbazio-eskakizunak eta biltegiratzeko espazio-beharrak aztertzea.

    8. Produktuen kalitate-parametroak ezagutzea eta neurtzea, eta produktuaren eta prozesuaren eskakizunekin lotzea, produktuen kalitatea egiaztatzeko.

    9. Tresneriaren eta instalazioen garbiketa- eta desinfekzio-teknikak identifikatzea eta aplikatzea, eta horien higienea bermatzeko aplikatutako produktuak eta teknikak ezagutzea.

    10. Tresneria, makinak eta instalazioak mantentzeko teknikak deskribatzea eta aplikatzea, eta horiek prestatzeko eta mantentzeko eskakizunak justifikatzea.

    11. Prozesuekin lotzen den dokumentazioa aztertzea, eta produkzio-jarduerarekin eta merkataritza-jarduerarekin lotzea.

    12. Publizitate-teknikak identifikatzea eta hautatzea, eta produktuekiko eta enpresaren ezaugarriekiko egokitzapena baloratzea, elaboratutako produktuak sustatzeko eta merkaturatzeko.

    1. Elikagaien segurtasunari buruzko araudia deskribatzea, eta araudi hori aplikatzeko arrisku-faktoreak eta -egoerak identifikatzea.

    2. Jarduerarekin lotzen diren ingurumen-alderdiak identifikatzea, eta hondakinak jasotzeko prozedura eta eragiketak ezagutzea, araudia aplikatzeko.

    3. Lanbide-jarduerarekin lotzen diren arriskuak identifikatzea eta babes-neurriekin lotzea, laneko arriskuen prebentzio-planetan ezarritako arauak betetzeko.

    4. Lan-taldeko kideetako bakoitzaren rolak deskribatzea eta kasu bakoitzaren erantzukizuna identifikatzea, lan-taldea antolatzeko.

    5. Ikasteko aukerak eta horiek lan-munduarekin duten harremana identifikatzea eta baloratzea, lan-merkatuko eskaintzak eta eskaerak aztertuta, eguneratze eta berrikuntzako kulturari eusteko.

    6. Negozio-aukerak antzematea, eta merkatuko eskaerak identifikatu eta aztertzea, enpresa txiki bat sortu eta kudeatzeko.

    7. Produkzio-prozesu bateko lan-jarduerak baloratzea eta prozesu orokorrean egiten duten ekarpena identifikatzea, lan-taldeetan parte hartzeko eta produkzio-helburuak lortzeko.

    8. Baldintza sozialak eta lanekoak arautzen dituen lege-esparrua aztertu ondoren, gizarteko agente aktibo gisa dituen eskubideak eta betebeharrak zein diren jakitea, herritar demokratiko gisa parte hartzeko.

    9. Inguruko errealitate sozioekonomikoak eskaintzen dituen aukerak identifikatzea, eta norberaren eta besteen arrakasta-aukerak aztertzea, bizitza osoan izpiritu ekintzailea mantentzeko.

    10. Egoera kolektiboetan esku hartzeko moduak identifikatzea eta erabakiak hartzeko prozesua aztertzea, horietan gidari izateko.

  2. Honakoa da heziketa-zikloa osatzen duten lanbide-moduluen zerrenda:

    1. Elikagaien industriako lehengaiak.

    2. Lehengaiak egokitzeko eragiketak.

    3. Transformazio- eta kontserbazio-tratamenduak.

    4. Elikagaiak prozesatzea.

    5. Mantentze elektromekanikoaren printzipioak.

    6. Elikagaien industriako prozesu teknologikoak.

    7. Elikagaien salmenta eta merkaturatzea.

    8. Elikagaien industrietako biltegiko lanak eta kontrola.

    9. Elikagaiak manipulatzeko segurtasuna eta higienea.

    10. Ingeles teknikoa.

    11. Laneko prestakuntza eta orientabidea.

    12. Enpresa eta ekimen sortzailea.

    1. Lantokiko prestakuntza.

      1. eranskinean zehaztu da lanbide-moduluen ordu-esleipena eta lanbide-moduluak zein kurtsotan eman beharko diren.

        Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak arautu ditzakeen heziketa-eskaintzen arabera egokitu ahal izango da moduluen ordu-esleipena eta moduluak zein kurtsotan emango diren, dekretu honen 10. artikuluan xedatutakoarekin bat eginik.

  3. Lanbide-modulu bakoitzerako, ikaskuntzaren emaitzak (prestakuntzaldia amaitzean ikasleak jakin, ulertu eta egin dezan espero dena deskribatzen dutenak), eta ebaluazio-irizpideak eta eman beharreko edukiak ezartzen dira. II. eranskinean ezartzen da hori guztia.

  4. Lantokiko prestakuntzako modulua, bestalde, bigarren kurtsoko azken 12 asteetan garatuko da, eta ikastetxean egindako lanbide-modulu guztien ebaluazio positiboa lortu ondoren egingo da.

  5. Europako Batzordeak ezarritako oinarrizko konpetentziak garatzeko eta sakontzeko gomendioei jarraituz eta lehentasuneko arloekin lotzen den prestakuntzaren garapenaren indarrez, curriculumean Ingeles teknikoa modulua txertatuta landuko da heziketa-ziklo horretan atzerriko hizkuntza, betiere Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoaren hirugarren xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera.

Prestakuntza garatzeko, eta ezarritako emaitzak eta konpetentziak lortzeko gutxieneko espazioak eta ekipamenduak III. eranskinean zehazten dira.

  1. Heziketa-zikloko lanbide-modulu bakoitzerako irakasleen espezialitateak eta irakasteko eskumena IV. eranskinaren 1. atalean ezartzen dira.

  2. Irakaskuntza-kidegoetako irakasleei oro har eskatzen zaizkien titulazioak otsailaren 23ko 276/2007 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezartzen dira. Izan ere, Errege Dekretu horrek onartzen du Hezkuntzako maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan aipatzen diren irakasle-kidegoetako espezialitate berrietan sartzeko eta eskuratzeko araudia, eta arautzen du Lege horren hamazazpigarren xedapen iragankorrean adierazten den sarrerako aldi baterako erregimena. Irakasleen espezialitateetarako 1. atalean adierazten diren titulazio baliokideak (irakaskuntzaren ondorioetarako) IV. eranskinaren 2. atalean jasotzen dira.

  3. Hezkuntzakoaz bestelako administrazioetan barne hartuta dauden titulartasun pribatuko nahiz titulartasun publikoko ikastetxeetako irakasleentzat, titulua osatzen duten lanbide-moduluak emateko beharrezko titulazioak eta eskakizunak Dekretu honen IV. eranskinaren 3. atalean ematen dira aditzera. Nolanahi ere, aditzera emandako titulazio horiek lortzeko irakaskuntzek lanbide-moduluen helburuak bete beharko dituzte. Helburu horiek barnean hartuta ez badaude, titulazioaz gain, lanbide-arlo horrekin lotzen den sektorean gutxienez hiru urteko lan-esperientzia frogatu beharko da «ziurtagiri» bidez ikaskuntzaren emaitzekin inplizituki lotzen diren enpresetan produkzio-jarduerak garatzen hiru urteko esperientzia frogatu beharko du ziurtagiriak.

Elikagaiak elaboratzeko teknikariaren titulua edukitzeak aukera ematen du:

  1. Erdi-mailako edozein heziketa-ziklotara zuzenean sartzeko, betiere ezartzen diren onarpen-baldintzetan.

  2. Hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen uztailaren 29ko 1147/2011 Errege Dekretuan ezarritako baldintzen arabera, proba bidez edo berariazko ikastaro bat gaindituta, lanbide-arlo bereko goi-mailako heziketa-ziklo guztietan sartzeko; baita beste heziketa-ziklo batzuetan sartzeko ere, eskatutako zikloetarako lotura ematen duen batxilergoaren modalitate berekoak direnean.

  3. Batxilergoko edozein modalitatetan sartzeko, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 44.1 artikuluan eta Hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen uztailaren 29ko 1147/2011 Errege Dekretuaren 34. artikuluan xedatutakoaren arabera.

  1. Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren babesean Laneko prestakuntza eta orientabidea modulua edo Enpresa eta ekimen sortzailea modulua gaindituta dituenak modulu horiek baliozkotuta izango ditu lege horren babespeko beste edozein ziklotan.

  2. Hezkuntza-sistemaren antolamendu orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoaren babesean ezarritako lanbide-moduluen eta maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren babesean ezarritakoen arteko baliozkotzeak V. eranskinean adierazten dira.

  3. Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen otsailaren 26ko 32/2008 Dekretuaren 27. artikuluan ezarritakoaren arabera, Lantokiko prestakuntza lanbide-modulua osorik edo zati batean salbuestea erabaki ahal izango da, baldin eta heziketa-ziklo honekin lotutako lan-esperientzia egiaztatzen bada, artikulu horretan jasotako baldintzen arabera.

  4. Laneko esperientziaren bidez eskuratutako lanbide-konpetentziak aintzat hartzeko uztailaren 17ko 1224/2009 Errege Dekretuan ezarritako prozeduraren bitartez, titulu honetan barnean hartzen diren konpetentzia-atal guztiak egiaztatu dituztenek Laneko prestakuntza eta orientabidea modulua baliozkotzea eskatu ahal izango dute, baldin eta:

    Urtebeteko lan-esperientzia, gutxienez, egiaztatzen badute.

    Jarduera prebentiboaren oinarrizko funtzioak betetzeko ezarritako prestakuntzaren egiaztagiria badute prebentzio-zerbitzuen erregelamendua onartzen duen urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera emandako egiaztagiria izango da.

  5. Titulu honen profilarekin lotzen diren konpetentzia-atal guztiak egiaztatu dituztenek Ingeles teknikoko modulua baliozkotzea eskatu ahal izango dute, baldin eta proiektuko lanbide-modulua gainditzen badute. Edonola ere, gutxienez 3 urteko lan-esperientzia egiaztatu beharko dute, uztailaren 29ko 1147/2011 Errege Dekretuaren 40.5 artikuluan xedatutakoaren indarrez.

  6. Elikagaiak elaboratzeko goi-mailako teknikariaren tituluaren irakaskuntzako lanbide-moduluen eta konpetentzia-atalen arteko egokitasuna horiek baliozkotzeko edo salbuesteko eta titulu honetako lanbide-moduluen eta konpetentzia-atalen arteko egokitasuna horiek egiaztatzeko VI. eranskinean jasotzen da.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak ziklo honetako irakaskuntzak araubide orokorrean ezarritakoaz bestelako eskaintza osoaren modalitatean eta urrutiko irakaskuntzan edo beste modalitate batzuetan eskaini ahal izateko baimena eta eskaintza horren oinarrizko alderdiak (hala nola, moduluen iraupena eta sekuentziazioa) arautuko ditu, hala badagokio.

Lehenengoa. Titulazio baliokideak eta lanbide-trebakuntzekiko lotespena.

  1. Barazkien, haragien eta arrainen kontserbagintzako teknikariaren tituluak abenduaren 22ko 2052/1995 Errege Dekretu bidez ezarritakoak, Hiltegiko eta harategi-urdaitegiko teknikariaren tituluak abenduaren 22ko 2051/1995 Errege Dekretu bidez ezarritakoak eta Esnekigintzako teknikariaren tituluak abenduaren 22ko 2054/1995 Errege Dekretuak ezarritakoak apirilaren 16ko 452/2010 Errege Dekretuan ezartzen den Elikagaiak elaboratzeko teknikariaren tituluaren ondorio profesional eta akademiko berak izango dituzte.

  2. Dekretu honetan Laneko prestakuntza eta orientabidea lanbide-modulurako ezarritako prestakuntzak trebatu egiten du laneko arriskuen prebentzioko oinarrizko mailako jardueretarako urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuan ezarritako lanbide-erantzukizunez arduratzeko, baldin eta gutxienez 45 eskola-ordu ematen badira. Errege-dekretu horrek prebentzio-zerbitzuen araudia onartzen du.

    Bigarrena. Lanbide Heziketako eta Etengabeko Ikaskuntzako Sailburuordetzak aukera izango du dekretu honen I. eranskinean ezarritakoaz bestelako iraupena duten proiektuak baimentzeko, baldin eta moduluen kurtsokako banaketa aldatzen ez bada eta titulua sortzeko errege-dekretuan modulu bakoitzari esleitutako gutxieneko orduak errespetatzen badira.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2011ko urriaren 26an.

Lehendakaria,

FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburua,

MARÍA ISABEL CELAÁ DIÉGUEZ.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.