Arautegia

Inprimatu

207/2011 DEKRETUA, urriaren 7koa, Plataforma anitzeko aplikazioak garatzeko goi-mailako teknikariaren tituluari dagokion curriculuma ezartzen duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 203
  • Hurrenkera-zk.: 5139
  • Xedapen-zk.: 207
  • Xedapen-data: 2011/10/07
  • Argitaratze-data: 2011/10/26

Testu legala

Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoaren 10.1. artikuluak ezartzen duenez, Estatuko Administrazio Orokorrak finkatuko ditu Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalean aditzera emandako lanbide-prestakuntzako eskaintzak osatuko dituzten profesionaltasun-ziurtagiriak eta -tituluak, betiere Konstituzioaren 149.1.30. eta 7. artikuluan xedatutakoaren arabera eta Lanbide Heziketaren Kontseilu Nagusiari kontsultatu ondoren.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 39.6. artikuluak xedatzen duenez, Espainiako Gobernuak, autonomia-erkidegoei kontsultatu ostean, lanbide-heziketako ikasketei dagozkien titulazioak ezarriko ditu, baita titulazio horietako bakoitzaren curriculumaren oinarrizko alderdiak ere.

Ekonomia iraunkorraren martxoaren 4ko 2/2011 Legeak eta Ekonomia iraunkorraren Legea osatzen duen martxoaren 11ko 4/2011 Lege Organikoak Lanbide-heziketaren eta kualifikazioen 5/2002 Lege Organikoa eta Hezkuntzaren 2/2006 Lege Organikoa aldatzen dituenak, hainbat lege-aldaketa adierazgarri eragin dituzte bestelako ekonomia baten garapena sustatzeko eta bizkortzeko, hau da, ekonomia lehiakorragoa eta berritzaileagoa, produkzio-sektore tradizionalak berritzeko gauza izango dena eta kalitateko enplegu egonkorra eskatzen duten beste jarduera batzuetarantz bidea egiteko gauza izango dena sustatzeko eta bizkortzeko.

Hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen uztailaren 29ko 1147/2011 Errege Dekretuaren 9. artikuluan definitzen da lanbide-heziketako tituluen egitura. Horretarako, Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionala, Europar Batasunak finkatutako arteztarauak, eta gizarte-intereseko beste alderdi batzuk hartu dira kontuan.

  1. artikuluak titulu horien lanbide-profila zehazten du. Lanbide-profil horretan sartuko dira konpetentzia orokorra, lanbide-konpetentzia, konpetentzia pertsonalak eta sozialak eta, hala badagokio, Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalaren konpetentzia-atalak. Horrenbestez, titulu bakoitzak lanbide-kualifikazio oso bat, gutxienez, hartuko du barnean, betiere lanbide-heziketako tituluek produkzio-sistemaren beharrei eta hiritartasun demokratikoa egikaritzeko aukera emango duten balio pertsonal eta sozialei eraginkortasunez erantzuteko.

    450/2010 Errege Dekretuak, apirilaren 16koak, Plataforma anitzeko aplikazioak garatzeko goi-mailako teknikariaren titulua ezartzen du eta haren gutxieneko irakaskuntzak ezartzen ditu. Dekretu horrek ordezkatu egin du 1661/1994 Errege Dekretuak, uztailaren 22koak, ezartzen zuen informatika-aplikazioak garatzeko goi-mailako teknikariaren tituluaren erregulazioa.

    Bestetik, hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen 1147/2011 Errege Dekretuaren 8. artikuluak xedatzen duenez, hezkuntza-administrazioek ezarriko dituzte Lanbide Heziketako irakaskuntzen curriculumak. Edonola ere, Errege Dekretu horretan bertan xedatutakoa eta titulu bakoitza erregulatzen duten arauetan xedatutakoa errespetatu beharko dute.

    Euskal Autonomia Erkidegoaren berezko eskumenen esparruari dagokionez, Autonomia Estatutuaren 16. artikuluan aditzera ematen denez, «Konstituzioaren lehen erabaki gehigarrian erabakitzen dena aplikatzeko, irakaskuntza, zabalera, maila, gradu, era eta espezialitate guztietan, Euskal Herriko Komunitate Autonomoaren konpetentziapean dago, Konstituzioaren 27. artikuluaren eta berori zehaztuko duten Lege Organikoei, haren 140.1.30 artikuluak Estatuari ematen dizkion ahalmenei eta guztiori betetzeko eta bermatzeko behar den goi inspekzioari kalterik egiteke».

    Bestalde, otsailaren 26ko 32/2008 Dekretuak, hezkuntza-sistemaren barruan, Lanbide Heziketaren antolamendua eta araudia ezartzen ditu Euskal Autonomia Erkidegoaren esparrurako.

    Azaldutako aurrekarien arabera, Dekretu honen helburua da Euskal Autonomia Erkidegorako ezartzea Plataforma anitzeko aplikazioak garatzeko goi-mailako teknikariaren tituluari dagozkion Lanbide Heziketako irakaskuntzetarako curriculuma, betiere Plataforma anitzeko aplikazioak garatzeko goi-mailako teknikariaren titulua ezartzen duen apirilaren 16koa 450/2010 Errege Dekretuaren babesean.

    Plataforma anitzeko aplikazioak garatzeko goi-mailako teknikariaren tituluaren curriculumean alderdi hauek deskribatzen dira: alde batetik, tituluak adierazten duen lanbide-profila (kualifikazioak eta konpetentzia-atalak zerrendatzen dira, eta konpetentzia profesionalak, pertsonalak eta sozialak deskribatzen dira); eta, bestetik, tituluak biltzen dituen helburu orokorren eta lanbide-moduluen bidez, besteak beste, ezarritako irakaskuntzak (lanbide-modulu bakoitzari dagozkion ikaskuntzaren emaitzak, ebaluazio-irizpideak eta edukiak, eta horiek antolatu eta ezartzeko jarraibideak eta zehaztapenak barne hartuta).

    Helburu orokorrak profilean deskribatzen diren konpetentzia profesional, pertsonal eta sozialetatik atera dira. Haietan, ikasleak heziketa-zikloaren amaieran eskuratu behar dituen gaitasunak eta lorpenak adierazten dira; hortaz, heziketa-zikloa osatzen duten lanbide-moduluetako bakoitzean landu beharreko edukiak eta ikasleak bereganatu behar dituen ikaskuntzaren emaitzak lortzeko lehen iturria dira.

    Modulu bakoitzean jasotako edukiak irakatsi eta ikasteko prozesuaren euskarria dira; ikasleak trebetasun eta abilezia teknikoak, etorkizun profesionalean aurrera egiteko kontzeptuzko oinarri zabala eta lortu nahi den kualifikazioarekiko lanbide-nortasun koherentea islatuko duten portaerak eskura ditzan.

    Honako dekretu hau bideratzean, emakumeen eta gizonen berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 19. artikulutik 22. artikulura bitartean aurreikusten diren izapideak bete dira.

    Hori dela-eta, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuak proposatuta, Lanbide Heziketako Euskal Kontseiluak emandako txostenarekin eta gainerako aginduzko txostenekin, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren arabera, eta Gobernu Kontseiluak 2011ko urriarren 7an egindako bilkuran eztabaidatu eta onartu ondoren, hauxe

  1. Dekretu honek Aplikazio anitzeko aplikazioak garatzeko goi-mailako teknikariaren tituluari dagozkion Lanbide Heziketako irakaskuntzetarako curriculuma ezartzen du Euskal Autonomia Erkidegorako.

  2. Ikastetxeak duen autonomia pedagogikoaren eta antolamendukoaren ildotik, hari dagokio bere Ikastetxearen Ikasketa Proiektua ezartzea, eta proiektu horretan ezarriko ditu bere irakaskuntza-lanaren ezaugarriak eta nortasuna zehazteko, eta lanbide-moduluen programazioak prestatzeari buruzko irizpideak finkatzeko beharrezko erabakiak.

  3. Ikastetxearen Ikasketa Proiektuaren esparruan, heziketa-zikloaren ardura duen irakasle-taldeari eta, zehazki, irakasle bakoitzari dagokio programazioak prestatzea. Horretarako, ezartzen diren helburu orokorrak kontuan izan beharko ditu, lanbide-modulu bakoitzean bildutako ikaskuntzaren emaitzak eta edukiak errespetatu beharko ditu, eta irakaskuntzen erreferentziazko lanbide-profila hartu beharko du euskarri.

Plataforma anitzeko aplikazioak garatzeko goi-mailako teknikariaren titulua honako elementu hauek identifikatzen dute:

Izena: Plataforma anitzeko aplikazioak garatzea.

Maila: Goi-mailako Lanbide Heziketa.

Iraupena: 2.000 ordu.

Lanbide-arloa: Informatika eta komunikazioak.

Irakaskuntzaren Nazioarteko Sailkapen Normalizatuko erreferentea: CINE-5b.

Goi-mailako hezkuntzako kualifikazioen Espainiako esparruan duen maila: 1. maila, goi-mailako teknikaria.

Tituluari dagokion lanbide-profila, konpetentzia orokorraren, konpetentzia profesionalen, pertsonalen eta sozialen, lanbide-kualifikazioen eta konpetentzia-atalen bidez adierazten da.

  1. Titulu honen konpetentzia orokorra da plataforma anitzeko aplikazioak garatzea, ezartzea, dokumentatzea eta mantentzea, berariazko teknologiak eta garapen-inguruneak erabiliz, datuak modu seguruan atzitzen direla bermatuz, eta ezarritako estandarretan eskatzen diren «usagarritasunaren» eta kalitatearen irizpideak betez.

  2. Konpetentzia profesionalak, pertsonalak eta sozialak.

    Honako hauek dira titulu honen konpetentzia profesionalak, pertsonalak eta sozialak:

    1. Informatika-sistemak konfiguratzea eta ustiatzea, eta, horretarako, sistemaren konfigurazio logikoa doitzea, ezarritako irizpideen eta erabilera-beharren arabera.

    2. Sistema, zerbitzu eta aplikazioetako segurtasunarekin lotzen diren teknikak eta prozedurak aplikatzea, segurtasun-plana beteta.

    3. Datu-baseak kudeatzea, eta, horretarako, horien diseinu logikoa interpretatzea eta datuen osotasuna, konsistentzia, segurtasuna eta eskuragarritasuna egiaztatzea.

    4. Garapen-inguruneak kudeatzea, horien konfigurazioa kasuen arabera egokituta, betiere aplikazioen garapena eta hedapena ahalbidetzeko.

    5. Datu-baseetarako sarbidea duten plataforma anitzeko aplikazioak garatzea, zehaztapenetara egokitzen diren lengoaiak, tresnak eta liburutegiak erabilita.

    6. Aplikazioak garatzea eta, horretarako, biltegiratutako informazioa osorik kudeatzeko aukera emango duten txosten eta formularioen sistema osoa inplementatzea.

    7. Plataforma anitzeko aplikazioetan eduki grafikoak eta multimedia-osagaiak integratzea, berariazko tresnak erabilita eta ezarritako eskakizunak beteta.

    8. Usagarritasun egokia duten erabiltzaile-interfaze grafiko elkarreragileak garatzea, eta, horretarako, ikus-osagai estandarrak erabiltzea edo berariazko ikus-osagaiak inplementatzea.

    9. Entretenimenduaren eta hezkuntzaren esparruko jokoen eta aplikazioen garapenean parte hartzea, hainbat teknika, motor eta garapen-ingurune espezifiko erabilita.

    10. Telefonoetarako, PDAetarako eta beste gailu mugikor batzuetarako aplikazioak garatzea, berariazko garapeneko inguruneak eta teknikak erabilita.

    11. Testuingurua kontuan izango duten laguntzak eta laguntza orokorrak sortzea, berariazko tresnak erabilita eta dagozkien aplikazioetan txertatuta.

    12. Tutorialak, erabiltzaile-eskuliburuak, konfigurazio-eskuliburuak eta administrazio-eskuliburuak sortzea, berariazko tresnak erabilita.

    1. Banaketara begira aplikazioak paketatzea, morroiak dituzten pakete autoinstalatzaileak prestatuta.

    2. Prozesu anitzeko eta hari anitzeko aplikazioak garatzea, berariazko programazioko teknikak eta liburutegiak erabilita.

    3. Komunikazio-mekanismoen bitartez sareko zerbitzuak eskaintzeko gauza izango diren aplikazioak garatzea.

    4. ERP-CRM sistemen ezarpenean parte hartzea, horren moduluetako bakoitzaren erabilgarritasuna ebaluatuta.

    5. ERP-CRM sistemetan biltegiratutako informazioa kudeatzea eta haren osotasuna bermatzea.

    6. ERP-CRM sistema baterako osagai pertsonalizatuak garatzea, eskakizunei erreparatuta.

    7. Proba-planak egitea, eta, bertan, software-osagaien funtzionamendua egiaztatzea, zehaztapenen arabera.

    8. Aplikazioak hainbat ezarpen-esparrutan hedatzea eta banatzea, eta horien portaera egiaztatzea eta beharrezko aldaketak egitea.

    9. Mailaz goragokoekin, kideekin eta mendekoekin harreman profesionalerako eta komunikaziorako bide eraginkorrak ezartzea, pertsona guztien autonomia eta eskumenak errespetatuz.

    10. Sor daitezkeen egoera kolektiboak gidatzea, gatazka pertsonaletan eta lanekoetan bitartekari gisa jardutea, lan-giro atseginean lagunduz, eta, une oro, errespetuz eta tolerantziaz jardutea.

    11. Lanbide-karrera kudeatzea, enplegurako, autoenplegurako eta ikaskuntzarako aukerak aztertuz.

    12. Nork bere lanaren esparruan berritzeko eta eguneratzeko izpirituari eustea, lan-inguruneko antolamenduaren aldaketetara eta aldaketa teknologikoetara egokitzearren.

    13. Enpresa txikia sortzea eta kudeatzea, eta produktuen bideragarritasuna, produkzioaren plangintza eta merkaturatzea aztertzea.

    14. Bizitza ekonomikoan, sozialean eta kulturalean parte-hartze aktiboa izatea, jarrera kritiko eta arduratsuarekin.

  3. Titulu honetan biltzen diren Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionaleko kualifikazioen eta konpetentzia-atalen zerrenda:

    Osatutako lanbide-kualifikazioak:

    1. Kudeaketa-aplikazioak lengoaia egituratuetan programatzea. IFC155_3 (irailaren 16ko 1087/2005 Errege Dekretua). Konpetentzia-atal hauek barne hartzen ditu:

      UC0223_3: Informatika-sistemak konfiguratzea eta ustiatzea.

      UC0226_3: Datu-base erlazionalak programatzea.

      UC0494_3: Programazio egituratuko lengoaietako software-osagaiak garatzea.

    2. Objektuei orientatutako lengoaiak eta datu-base erlazionalak erabilita programatzea. IFC080_3 (otsailaren 20ko 295/2004 Errege Dekretua). Konpetentzia-atal hauek barne hartzen ditu:

      UC0223_3: Informatika-sistemak konfiguratzea eta ustiatzea.

      UC0226_3: Datu-base erlazionalak programatzea.

      UC0227_3: Objektuei orientatutako programazio-lengoaietako software-osagaiak garatzea.

      Osatu gabeko lanbide-kualifikazioak:

    1. Enpresa-baliabideak planifikatzeko eta bezeroekiko harremanak kudeatzeko sistemak administratzea eta programatzea. IFC363_3 (abenduaren 14ko 1701/2007 Errege Dekretua). Konpetentzia-atal hauek barne hartzen ditu:

      UC1213_3: Enpresa-baliabideak planifikatzeko eta bezeroekiko harremanak kudeatzeko sistemak instalatzea eta konfiguratzea.

    2. Informatika-sistemen programazioa. IFC303_3 (irailaren 14ko 1201/2007 Errege Dekretua). Konpetentzia-atal hauek barne hartzen ditu:

      UC0964_3: Sistema eta haren baliabideak kudeatzeko software-elementuak sortzea.

  1. Lanbide-irudi honek edozein tamainatako entitate publiko edo pribatuetan egiten du lan, besteren kontura zein norberaren kontura, hainbat esparrutako plataforma anitzeko informatika-aplikazioak garatzearen arloan: enpresa- eta negozio-kudeaketa, bezeroekiko harremanak, hezkuntza, aisialdia, gailu mugikorrak eta entretenimendua, besteak beste; intranet, extranet eta Internet irismeneko inguruneetan ezarritako eta garatutako aplikazioak; enpresa-baliabideak planifikatzeko eta bezeroekiko harremanak kudeatzeko sistemak ezartzea eta egokitzea.

  2. Lanbide eta lanpostu garrantzitsuenak hauek dira:

    Enpresa eta negozio-kudeaketako informatika-aplikazioak garatzea.

    Helburu orokorreko aplikazioak garatzea.

    Entretenimenduaren eta informatika mugikorraren esparruko aplikazioak garatzea.

Heziketa-zikloko irakaskuntzetan honako alderdi hauek sartzen dira:

  1. Heziketa-zikloaren helburu orokorrak:

    1. Sistemaren konfigurazio logikoa doitzea, eta informatika-sistemak konfiguratzeko eta ustiatzeko ezarritako irizpideak eta beharrak aztertzea.

    2. Segurtasun-beharrak aztertzea, eta, horretarako, ahulguneak aztertzea eta sistemaren segurtasunarekin lotzen diren teknikak eta prozedurak aplikatzeko aurrez finkatutako plana egiaztatzea.

    3. Datu-baseen diseinu logikoa interpretatzea, horren aplikazioari dagozkion zehaztapenak aztertuz eta betez, betiere datu-baseak kudeatzeko.

    4. Moduluak eta osagarriak instalatzea eta konfiguratzea, horien funtzionaltasuna ebaluatuz, garapen-inguruneak kudeatzeko.

    5. Lengoaiak, tresnak eta liburutegiak hautatzea eta erabiltzea, datu-baseetarako sarbidea duten plataforma anitzeko aplikazioak garatzeko zehaztapenak interpretatuz.

    6. Biltegiratutako informazioa kudeatzea, eta kudeaketa-aplikazioak garatzeko inprimakien eta txostenen sistemak planifikatzea eta inplementatzea.

    7. Berariazko tresnak, lengoaiak eta liburutegiak hautatzea eta erabiltzea, aukerak ebaluatuz eta estilo-eskuliburu bati jarraituz, plataforma anitzeko aplikazioetan eduki grafikoak eta multimedia-osagaiak integratzeko eta manipulatzeko.

    8. Garapen-tresnak, lengoaiak eta ikus-osagaiak erabiltzea, zehaztapenei jarraituz eta elkarreragina eta usagarritasuna egiaztatuz, betiere plataforma anitzeko aplikazioetan erabiltzaile-interfaze grafikoak garatzeko.

    9. Garapeneko teknikak, motorrak eta inguruneak hautatzea eta erabiltzea, eta horien aukerak ebaluatzea, entretenimenduaren esparruko aplikazioen eta jokoen garapenean parte hartzeko.

    10. Garapeneko teknikak, lengoaiak eta inguruneak hautatzea eta erabiltzea, eta horien aukerak ebaluatzea, telefono, PDA eta beste gailu mugikor batzuetako aplikazioak garatzeko.

    11. Tresna espezifikoak baloratzea eta erabiltzea, edukien egiturari erreparatuta, laguntza orokorrak eta testuinguruaren araberakoak sortzeko.

    12. Tresna espezifikoak baloratzea eta erabiltzea, edukien egiturari erreparatuta, betiere tutorialak, erabiltzaile-eskuliburuak eta aplikazio bati lotzen zaizkion beste dokumentu batzuk sortzeko.

    1. Teknika eta tresnak hautatzea eta erabiltzea, sortzen diren instalazio-morroien erabilgarritasuna ebaluatuz, aplikazioak paketatzeko.

    2. Teknika eta liburutegi espezifikoak aztertzea eta aplikatzea, hainbat agertoki simulatuz, zerbitzuak sarean eskaintzeko gai izango diren aplikazioak garatzeko.

    3. Programazioko teknikak eta aplikazioak aztertzea eta aplikatzea, horien funtzionaltasuna ebaluatuz, prozesu anitzeko eta hari anitzeko aplikazioak garatzeko.

    4. ERP-CRM sistemen egitura ezagutzea, eta haren moduluetako bakoitzaren erabilgarritasuna identifikatzea, sistemen ezarpenean parte hartzeko.

    5. Kontsultak egitea eta horien irismena aztertzea eta ebaluatzea, ERP-CRM sistemetan biltegiratutako informazioa kudeatzeko.

    6. Lengoaiak eta tresnak eskakizunei erreparatuta hautatzea eta erabiltzea, ERP-CRM sistemetan osagai pertsonalizatuak garatzeko.

    7. Garatutako software-osagaiak egiaztatzea eta zehaztapenak aztertzea, proba-plana osatzeko.

    8. Aplikazioak hedatzeko eta banatzeko prozedurak ezartzea eta prozedura horien funtzionaltasuna egiaztatzea.

    9. Lan-taldeko kideetako bakoitzaren rolak deskribatzea, eta kasuak kasu bakoitzari dagozkion erantzukizunak identifikatzea, laneko harremanik komenigarrienak ezartzeko.

    10. Gatazka pertsonalen eta lanekoen aurrean esku hartzeko erak identifikatzea, erabaki komenigarrienak kontuan izanda, lan-ingurune egokia ziurtatzeko.

    11. Lanbidean gora egiteko eta ikasteko aukerak identifikatu eta baloratzea, eta, horretarako, sektorearen testuingurua aztertzea, lan- eta prestakuntza-ibilbide komenigarriena aukeratzeko.

    12. Bere jardueran gertatzen diren teknologiaren, antolamenduaren, ekonomiaren eta lanaren arloko aldaketak identifikatzea eta lan-esparruan duten eragina aztertzea, berritzeko izpirituari eusteko.

    13. Negozio-aukerak antzematea, eta merkatuaren eskaerak identifikatu eta aztertzea, enpresa txiki bat sortu eta kudeatzeko.

    14. Baldintza sozialak eta lanekoak arautzen dituen lege-esparrua aztertu ondoren, gizarteko agente aktibo gisa dituen eskubideak eta betebeharrak zein diren jakitea, herritar demokratiko gisa parte hartzeko.

  2. Honakoa da heziketa-zikloa osatzen duten lanbide-moduluen zerrenda:

    1. Informatika-sistemak.

    2. Datu-baseak.

    3. Programazioa.

    4. Markatzeko lengoaiak eta informazioa kudeatzeko sistemak.

    5. Garapen-inguruneak.

    6. Datu-atzipena.

    1. Interfazeen garapena.

    1. Multimedia-programazioa eta gailu mugikorrak.

      1. Zerbitzu eta prozesuen programazioa.

        1. Enpresa-kudeaketako sistemak.

        2. Plataforma anitzeko aplikazioak garatzeko proiektua.

        3. Ingeles teknikoa.

        1. Laneko prestakuntza eta orientabidea.

        2. Enpresa eta ekimen sortzailea.

        3. Lantokiko prestakuntza.

          1. eranskinean zehaztu da lanbide-moduluen ordu-esleipena eta lanbide-moduluak zein kurtsotan eman beharko diren.

            Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak arautu ditzakeen heziketa-eskaintzen arabera egokitu ahal izango da moduluen ordu-esleipena eta moduluak zein kurtsotan emango diren, dekretu honen 11. artikuluan xedatutakoarekin bat eginik.

  3. Lanbide-modulu bakoitzerako, ikaskuntzaren emaitzak (prestakuntzaldia amaitzean ikasleak jakin, ulertu eta egin dezan espero dena deskribatzen dutenak), eta ebaluazio-irizpideak eta eman beharreko edukiak ezartzen dira. II. eranskinean ezartzen da hori guztia.

  4. Lantokiko prestakuntzako modulua, bestalde, bigarren kurtsoko azken 13 asteetan garatuko da, eta ikastetxean egindako lanbide-modulu guztien ebaluazio positiboa lortu ondoren egingo da.

  5. Europako Batzordeak ezarritako oinarrizko konpetentziak garatzeko eta sakontzeko gomendioei jarraituz eta lehentasuneko arloekin lotzen den prestakuntzaren garapenaren indarrez, curriculumean Ingeles teknikoa modulua txertatuta landuko da heziketa-ziklo horretan atzerriko hizkuntza, betiere Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoaren hirugarren xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera.

Prestakuntza garatzeko, eta ezarritako emaitzak eta konpetentziak lortzeko gutxieneko espazioak eta ekipamenduak III. eranskinean zehazten dira.

  1. Heziketa-zikloko lanbide-modulu bakoitzerako irakasleen espezialitateak eta irakasteko eskumena IV. eranskinaren 1. atalean ezartzen dira.

  2. Irakaskuntza-kidegoetako irakasleei oro har eskatzen zaizkien titulazioak otsailaren 23ko 276/2007 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezartzen dira. Izan ere, Errege Dekretu horrek onartzen du Hezkuntzako maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan aipatzen diren irakasle-kidegoetako espezialitate berrietan sartzeko eta eskuratzeko araudia, eta arautzen du Lege horren hamazazpigarren xedapen iragankorrean adierazten den sarrerako aldi baterako erregimena. Irakasleen espezialitateetarako 1. atalean adierazten diren titulazio baliokideak (irakaskuntzaren ondorioetarako) IV. eranskinaren 2. atalean jasotzen dira.

  3. Hezkuntzakoaz bestelako administrazioetan barne hartuta dauden titulartasun pribatuko nahiz titulartasun publikoko ikastetxeetako irakasleentzat, titulua osatzen duten lanbide-moduluak emateko beharrezko titulazioak eta eskakizunak Dekretu honen IV. eranskinaren 3. atalean ematen dira aditzera. Nolanahi ere, aditzera emandako titulazio horiek lortzeko irakaskuntzek lanbide-moduluen helburuak bete beharko dituzte. Helburu horiek barnean hartuta ez badaude, titulazioaz gain, lanbide-arlo horrekin lotzen den sektorean gutxienez hiru urteko lan-esperientzia frogatu beharko da «ziurtagiri» bidez ikaskuntzaren emaitzekin inplizituki lotzen diren enpresetan produkzio-jarduerak garatzen hiru urteko esperientzia frogatu beharko du ziurtagiriak.

Heziketa-ziklo honetan sartzeko lehentasuna izango dute Zientzia eta Teknologiako Batxilergoko modalitatea egin duten ikasleek.

Plataforma anitzeko aplikazioak garatzeko goi-mailako teknikariaren titulua edukitzeak aukera emango du:

  1. Goi-mailako edozein heziketa-ziklotara zuzenean sartzeko, betiere ezartzen diren onarpen-baldintzetan.

  2. Graduko unibertsitate-tituluetara bideratzen duten irakaskuntzetara zuzenean sartzeko, betiere ezartzen diren onarpen-baldintzetan.

  3. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak zehaztuko du Plataforma anitzeko aplikazioak garatzeko goi-mailako teknikariaren titulua dutenen eta horiekin lotzen diren graduko unibertsitate-titulua dutenen arteko baliozkotze-erregimena. Baliozkotzeko erregimena errazteko, 120 ECTS kreditu esleitu dira dekretu honetan ezarritako irakaskuntzetan, heziketa-zikloko lanbide-moduluen artean.

  1. Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren babesean Laneko prestakuntza eta orientabidea modulua edo Enpresa eta ekimen sortzailea modulua gaindituta dituenak modulu horiek baliozkotuta izango ditu lege horren babespeko beste edozein ziklotan.

  2. Hezkuntza-sistemaren antolamendu orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoaren babesean ezarritako lanbide-moduluen eta maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren babesean ezarritakoen arteko baliozkotzeak V. eranskinean adierazten dira.

  3. Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen otsailaren 26ko 32/2008 Dekretuaren 27. artikuluan ezarritakoaren arabera, lantokiko prestakuntza lanbide-modulua osorik edo zati batean salbuestea erabaki ahal izango da, baldin eta heziketa-ziklo honekin lotutako lan-esperientzia egiaztatzen bada, artikulu horretan jasotako baldintzen arabera.

  4. Laneko esperientziaren bidez eskuratutako lanbide-konpetentziak aintzat hartzeko uztailaren 17ko 1224/2009 Errege Dekretuan ezarritako prozeduraren bitartez, titulu honetan barnean hartzen diren konpetentzia-atal guztiak egiaztatu dituztenek Laneko prestakuntza eta orientabidea modulua baliozkotzea eskatu ahal izango dute, baldin eta:

    Urtebeteko lan-esperientzia, gutxienez, egiaztatzen badute.

    Jarduera prebentiboaren oinarrizko funtzioak betetzeko ezarritako prestakuntzaren egiaztagiria badute prebentzio-zerbitzuen erregelamendua onartzen duen urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera emandako egiaztagiria izango da.

  5. Titulu honen profilarekin lotzen diren konpetentzia-atal guztiak egiaztatu dituztenek Ingeles teknikoko modulua baliozkotzea eskatu ahal izango dute, baldin eta proiektuko lanbide-modulua gainditzen badute. Edonola ere, gutxienez 3 urteko lan-esperientzia egiaztatu beharko dute, uztailaren 29ko 1147/2011 Errege Dekretuaren 40.5. artikuluan xedatutakoaren indarrez.

  6. Plataforma anitzeko aplikazioak garatzeko goi-mailako teknikariaren tituluaren irakaskuntzako lanbide-moduluen eta konpetentzia-atalen arteko egokitasuna horiek baliozkotzeko edo salbuesteko eta titulu honetako lanbide-moduluen eta konpetentzia-atalen arteko egokitasuna horiek egiaztatzeko VI. eranskinean jasotzen da.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak ziklo honetako irakaskuntzak araubide orokorrean ezarritakoaz bestelako eskaintza osoaren modalitatean eta urrutiko irakaskuntzan edo beste modalitate batzuetan eskaini ahal izateko baimena eta eskaintza horren oinarrizko alderdiak (hala nola, moduluen iraupena eta sekuentziazioa) arautuko ditu, hala badagokio.

Lehenengoa. Titulazio baliokideak eta lanbide-trebakuntzekiko lotespena.

  1. Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren hogeita hamaikagarren xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera, Hezkuntzari eta Hezkuntzako Erreforma Finantzatzeari buruzko abuztuaren 4ko 14/1970 Lege Orokorreko teknikari espezialistaren tituluek ondoren zerrendatzen direnek apirilaren 16ko 450/2010 Errege Dekretuan ezarritako Plataforma anitzeko aplikazioak garatzeko goi-mailako teknikariaren tituluaren ondorio profesional berberak izango dituzte. Hona aipatutako tituluak:

    Kudeaketa-informatikako teknikari espezialista, administrazioaren eta merkataritzaren adarrean.

    Administrazio-kudeaketako programatzaile teknikari espezialista, administrazioaren eta merkataritzaren adarrean.

    Kudeaketa-aplikazioetako programatzaile teknikari espezialista, administrazioaren eta merkataritzaren adarrean.

    Kudeaketa-informatikako programazioko teknikari espezialista, administrazioaren eta merkataritzaren adarrean.

    Kudeaketako programatzaile teknikari espezialista, administrazioaren eta merkataritzaren adarrean.

  2. Uztailaren 22ko 1661/1994 Errege Dekretuak ezarritako informatika-aplikazioak garatzeko goi-mailako teknikariaren tituluak apirilaren 16ko 450/2010 Errege Dekretuak ezarritako plataforma anitzeko aplikazioak garatzeko goi-mailako teknikariaren tituluaren ondorio profesional eta akademiko berberak izango ditu.

  3. Dekretu honetan Laneko prestakuntza eta orientabidea lanbide-modulurako ezarritako prestakuntzak trebatu egiten du laneko arriskuen prebentzioko oinarrizko mailako jardueretarako urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuan ezarritako lanbide-erantzukizunez arduratzeko, baldin eta gutxienez 45 eskola-ordu ematen badira. Errege-dekretu horrek prebentzio-zerbitzuen araudia onartzen du.

    Bigarrena. Lanbide Heziketako eta Etengabeko Ikaskuntzako Sailburuordetzak aukera izango du dekretu honen I. eranskinean ezarritakoaz bestelako iraupena duten proiektuak baimentzeko, baldin eta moduluen kurtsokako banaketa aldatzen ez bada eta titulua sortzeko errege-dekretuan modulu bakoitzari esleitutako gutxieneko orduak errespetatzen badira.

Indarrean jartzea. Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2011ko urriaren 7an.

Lehendakaria,

FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburua,

MARÍA ISABEL CELAÁ DIEGUEZ.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.