Arautegia

Inprimatu

462/2009 DEKRETUA, uztailaren 21ekoa, haur hezkuntzako goi mailako teknikariaren tituluari dagokion curriculuma ezartzen duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 177
  • Hurrenkera-zk.: 5037
  • Xedapen-zk.: 462
  • Xedapen-data: 2009/07/21
  • Argitaratze-data: 2009/09/15

Testu legala

Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoaren 10.1. artikuluak ezartzen duenez, Estatuko Administrazio Orokorrak finkatuko ditu Lanbide Kualifikazioen Katalogo

Nazionalean aditzera emandako lanbide-prestakuntzako eskaintzak osatuko dituzten profesionaltasun-ziurtagiriak eta -tituluak, betiere Konstituzioaren 149.1.30. eta 7. artikuluan xedatutakoaren arabera eta Lanbide Heziketaren Kontseilu Nagusiari kontsultatu ondoren.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 39.6. artikuluak xedatzen duenez, Espainiako Gobernuak, autonomia-erkidegoei kontsultatu ostean, lanbide-heziketako ikasketei dagozkien titulazioak ezarriko ditu, baita titulazio horietako bakoitzaren curriculumaren oinarrizko alderdiak ere.

Hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen abenduaren 15eko 1538/2006 Errege Dekretuaren 6. artikuluan definitzen da lanbide-heziketako tituluen egitura. Horretarako, Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionala, Europar Batasunak finkatutako arteztarauak, eta gizarte-intereseko beste alderdi batzuk hartu dira kontuan. Bestalde, Errege Dekretu horren 7. artikuluak zehazten du titulu horien lanbide-profila, eta horren barnean hartuko dira konpetentzia orokorra, konpetentzia profesionalak, pertsonalak eta sozialak, eta, hala badagokio, tituluei dagozkien Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalaren konpetentzia-atalak.

Urriaren 29ko 1394/2007 Haur Hezkuntzako goi-mailako teknikariaren titulua ezartzen du eta haren gutxieneko irakaskuntzak finkatzen ditu. Azken arau horrek, hain zuzen ere, ordezkatzen du abenduaren 22ko 2059/1995 Errege Dekretuak ezarritako izen bereko tituluaren erregulazioa.

Bestetik, hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen 1538/2006 Errege Dekretuaren 17. artikuluak xedatzen duenez, hezkuntza-administrazioek ezarriko dituzte Lanbide Heziketako irakaskuntzen curriculumak. Edonola ere, Errege Dekretu horretan bertan xedatutakoa eta titulu bakoitza erregulatzen duten arauetan xedatutakoa errespetatu beharko dute.

Euskal Autonomia Erkidegoaren berezko eskumenen esparruari dagokionez, Autonomia Estatutuaren 16. artikuluan aditzera ematen denez, «Konstituzioaren lehen erabaki gehigarrian erabakitzen dena aplikatzeko, irakaskuntza, zabalera, maila, gradu, era eta espezialitate guztietan, Euskal Herriko Komunitate Autonomoaren konpetentziapean dago, Konstituzioaren 27. artikuluaren eta berori zehaztuko duten Lege Organikoei, haren 140.1.30 artikuluak Estatuari ematen dizkion ahalmenei eta guztiori betetzeko eta bermatzeko behar den goi inspekzioari kalterik egiteke».

Bestalde, otsailaren 26ko 32/2008 Dekretuak hezkuntza-sistemaren barruan Lanbide Heziketaren antolamendu orokorra ezartzen du Euskal Autonomia Erkidegoaren esparrurako.

Azaldutako aurrekarien arabera, dekretu honen helburua da Haur Hezkuntzako goi-mailako teknikariaren tituluari dagozkion Lanbide Heziketako irakaskuntzetarako curriculuma ezartzea Euskal Autonomia Erkidegorako, Haur Hezkuntzako goi-mailako teknikariaren titulua ezartzen duen eta tituluaren gutxieneko irakaskuntzak finkatzen dituen urriaren 29ko 1394/2007 Errege Dekretuaren babesean.

Haur Hezkuntzako goi-mailako teknikariaren tituluaren curriculumean alderdi hauek deskribatzen dira: alde batetik, tituluak adierazten duen lanbide-profila (kualifikazioak eta konpetentzia-atalak zerrendatzen dira, eta konpetentzia profesionalak, pertsonalak eta sozialak deskribatzen dira); eta, bestetik, tituluak biltzen dituen helburu orokorren eta lanbide-moduluen bidez, besteak beste, ezarritako irakaskuntzak (lanbide-modulu bakoitzari dagozkion ikaskuntzaren emaitzak, ebaluazio-irizpideak eta edukiak, eta horiek antolatu eta ezartzeko jarraibideak eta zehaztapenak barne hartuta).

Helburu orokorrak profilean deskribatzen diren konpetentzia profesional, pertsonal eta sozialetatik atera dira. Haietan, ikasleak heziketa-zikloaren amaieran eskuratu behar dituen gaitasunak eta lorpenak adierazten dira; hortaz, heziketa-zikloa osatzen duten lanbide-moduluetako bakoitzean landu beharreko edukiak eta ikasleak bereganatu behar dituen ikaskuntzaren emaitzak lortzeko lehen iturria dira.

Modulu bakoitzean jasotako edukiak irakatsi eta ikasteko prozesuaren euskarria dira; ikasleak trebetasun eta abilezia teknikoak, etorkizun profesionalean aurrera egiteko kontzeptuzko oinarri zabala eta lortu nahi den kualifikazioarekiko lanbide-nortasun koherentea islatuko duten portaerak eskura ditzan.

Honako Dekretu hau bideratzean, emakumeen eta gizonen berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 19. artikulutik 22. artikulura bitartean aurreikusten diren izapideak bete dira.

Hori dela-eta, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuak proposatuta, Lanbide Heziketako Euskal Kontseiluak emandako txostenarekin eta gainerako aginduzko txostenekin, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren arabera, irailaren 12ko 167/2006 Dekretuak onartutako antolamendu eta funtzionamendu erregelamenduaren 33. artikuluak zehazten duenez, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2009ko uztailaren 21ean egindako bilkuran eztabaidatu eta onartu ondoren, hauxe

  1. Dekretu honek Haur Hezkuntzako goi-mailako teknikariaren tituluari dagozkion Lanbide Heziketako irakaskuntzetarako curriculuma ezartzen du Euskal Autonomia Erkidegorako.

  2. Ikastetxeak duen autonomia pedagogikoaren eta antolamendukoaren ildotik, hari dagokio bere Ikastetxearen Ikasketa Proiektua ezartzea, eta proiektu horretan ezarriko ditu bere irakaskuntza-lanaren ezaugarriak eta nortasuna zehazteko, eta lanbide-moduluen programazioak prestatzeari buruzko irizpideak finkatzeko beharrezko erabakiak.

  3. Ikastetxearen Ikasketa Proiektuaren esparruan, heziketa-zikloaren ardura duen irakasle-taldeari eta, zehazki, irakasle bakoitzari dagokio programazioak prestatzea. Horretarako, ezartzen diren helburu orokorrak kontuan izan beharko ditu, lanbide-modulu bakoitzean bildutako ikaskuntzaren emaitzak eta edukiak errespetatu beharko ditu, eta (oso garrantzitsua) irakaskuntzen erreferentziazko lanbide-profila hartu beharko du euskarri.

Haur Hezkuntzako goi-mailako teknikariaren titulua elementu hauek identifikatzen dute:

Izena: Haur Hezkuntza.

Maila: Goi-mailako Lanbide Heziketa.

Iraupena: 2.000 ordu.

Lanbide-arloa: Gizarte- eta kultura-zerbitzuak.

Kodea: INSN-5b (Irakaskuntzaren Nazioarteko Sailkapen Normalizatua).

Tituluari dagokion lanbide-profila, konpetentzia orokorraren, konpetentzia profesionalen, pertsonalen eta sozialen, lanbide-kualifikazioen eta konpetentzia-atalen bidez adierazten da.

  1. Titulu honen konpetentzia orokorra honetan datza: Haur Hezkuntzako lehen zikloan (esparru formalean) eta etapa osoan (esparru ez-formalean), haurrentzako arretarako heziketa-proiektuak eta -programak diseinatu, gauzatu eta ebaluatzea, Haur Hezkuntzako espezializazioa edo horren pareko titulua izango duen irakasle batek prestatutako proposamen pedagogikoaren arabera; eta ingurune seguruak sortzea, bestelako profesionalekin eta familiekin lankidetzan.

  2. Konpetentzia profesionalak, pertsonalak eta sozialak.

    Honako hauek dira titulu honen konpetentzia profesionalak, pertsonalak eta sozialak:

    1. Haurrei zuzendutako hezkuntzako esku-hartzea eta arreta soziala programatzea, erakundeak ezarritako programaren jarraibideetatik, eta banakoen, taldearen eta testuinguruaren ezaugarrietatik abiatuta.

    2. Jarduera garatzeko baliabideak antolatzea, haurren beharrak eta ezaugarriak kontuan izanda.

    3. Programatutako jarduerak garatzea, baliabide eta estrategia metodologiko egokiak erabilita eta konfiantza-giroa sortuta.

    4. Erakundearen xedeen eta prozeduren ildotik, familiekin jarduteko estrategiak diseinatu eta aplikatzea, esku hartzeko prozesua hobetzeko.

    5. Beste profesional edo zerbitzu batzuen parte-hartzea eskatzen duten haurren eta familien beharrei erantzutea, baliabide eta prozedura egokiak erabilita.

    6. Pertsonekin, baliabideekin edo ingurunearekin lotutako gorabeheren aurrean jardutea, segurtasuna eta konfiantza emanez, eta, hala badagokio, ezarritako jardun-protokoloak aplikatzea.

    7. Esku hartzeko prozesua eta lortutako emaitzak ebaluatzea eta, horretarako, prozesuarekin lotutako dokumentazioa prestatu eta kudeatzea, eta informazioa ematea, zerbitzuaren kalitatea hobetzeko.

    8. Bere lanbide-jardueraren inguruko ezagupen zientifikoak eta teknikoak egunean edukitzea, bizitza osoan ikasteko dauden baliabideak erabilita.

    9. Jarduerak diseinatu eta gauzatzean autonomiaz eta ekimenez jardutea, lan egiten dueneko erakundearen ildo pedagogikoak eta jardunbideak errespetatuz.

    10. Haurrekin eta horien familiekin, dagokion taldeko kideekin eta bestelako profesionalekin harreman arinak izatea: gizarte-trebetasunak, eta kultura-aniztasuna kudeatzeko gaitasuna erakustea, eta sortzen diren gatazketarako konponbideak ekartzea.

    11. Ingurune seguruak sortzea, jarduerak planifikatu eta garatzean segurtasun-araudia eta -protokoloak errespetatuz.

    12. Bere eskubideez baliatzea eta lan-harremanen ondoriozko betebeharrak betetzea, indarrean dagoen legerian ezarritakoaren arabera.

    1. Lanbide-karrera kudeatzea, enplegurako, autoenplegurako eta ikaskuntzarako aukerak aztertuz.

    2. Enpresa txiki bat sortzea eta kudeatzea, eta produktuen bideragarritasuna, produkzioaren plangintza eta merkaturatzea aztertzea.

    3. Bizitza ekonomikoan, sozialean eta kulturalean parte-hartze aktiboa izatea, jarrera kritiko eta arduratsuarekin.

  3. Titulu honetan biltzen diren Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionaleko kualifikazioen eta konpetentzia-atalen zerrenda:

    Osatutako lanbide-kualifikazioak:

    Haur Hezkuntza. SSC322_3 (urriaren 19ko 1368/2007 Errege Dekretua). Konpetentzia-atal hauek barne hartzen ditu:

    UC1027_3: Hezkuntza-komunitatearekin harreman arinak ezartzea eta harreman horiei eustea, eta familiekin, hezitzaile-taldearekin eta bestelako profesionalekin koordinatzea.

    UC1028_3: Ikastetxerako eta haur-taldeentzako hezkuntzako esku-hartze prozesuak programatu, antolatu eta ebaluatzea.

    UC1029_3: Autonomian eta osasunean ohiturak hartzeko eta trebatzeko programak, arrisku-egoeretan esku hartzeko beste programa batzuk garatzea.

    UC1030_3: Haurren jardueraren eta garapenaren ardatz gisa, jolas-egoerak sustatu eta abian jartzea.

    UC1031_3: Hazkunde pertsonalerako eta profesionalerako bitarteko gisa, haurraren adierazpen- eta komunikazio-baliabideak garatzea.

    UC1032_3: Objektuak ukituta, eta haurren arteko eta helduekiko harremanen bidez ingurunea miatzea errazten duten ekintzak garatzea.

    UC1033_3: Ikaskuntzak zehaztu, sekuentziatu eta ebaluatzea, eta zero eta sei urte bitarteko haurraren garapenaren testuinguruan interpretatzea.

  1. Lanbide-irudi honek hezkuntza formalaren eta ez-formalaren sektorean egiten du lan, haurrentzako arretarako gizarte-zerbitzuen sektorean.

  2. Lanbide eta lanpostu garrantzitsuenak hauek dira:

    Haur Hezkuntzako lehen zikloko haur-hezitzailea. Betiere, maisu edo maistra batek gainbegiratuta jardungo du, Estatuko, autonomia-erkidegoko nahiz tokiko erakundeen mendeko instituzioetako edota titulartasun pribatuko ikastetxeetako hezitzaile gisa.

    Arrisku sozialean dauden adingabeekin (0-6 urte) edo familiei laguntzen (beste profesional batzuen jarraibideak beteta) lan egiteko berariazko erakundeetako eta/edo programetako hezitzailea.

    0 eta 6 urte bitarteko adingabeekin aisia eta denbora libreko programa edo jardueretako hezitzailea: ludotekak, kultura-etxeak, liburutegiak, ikastetxeak, aisiaguneak, landetxe eskolak, etab.

Heziketa-zikloaren irakaskuntzetan honako alderdi hauek sartzen dira:

  1. Heziketa-zikloaren helburu orokorrak:

    1. Programazioaren elementuak identifikatu eta zehaztea, eta horiek taldearen eta testuinguruaren ezaugarriekin lotzea, haurrei zuzendutako hezkuntzako esku-hartzea eta arreta soziala programatzearren.

    2. Baliabide didaktikoak identifikatu eta hautatzea, eta horien ezaugarriak eta aplikazioak deskribatzea, jardueraren eta hartzaileen arabera horiek antolatzearren.

    3. Baliabide eta estrategia metodologikoak hautatu eta aplikatzea, eta, dagokion testuinguruan, haiek haurren ezaugarriekin lotzea, jarduera programatuak egitearren.

    4. Komunikatzeko eta parte hartzeko dinamikak hautatu eta aplikatzea, testuinguruaren aldagaiak aztertuta eta familiekin esku hartzeko ezarritako prozedurari jarraituz.

    5. Beste profesional edo zerbitzu batzuen parte-hartzea eskatzen duten haurren eta familien beharrak identifikatzea, eta diagnostikorako eta jardunerako baliabideak zehaztea, horrela, erantzun egokia ematearren.

    6. Ebaluazioko teknikak eta tresnak hautatu eta aplikatzea, horiek aldagai garrantzitsuekin lotzea eta emaitzak esku hartzeko prozesuan ezarritako estandarrarekin alderatzea.

    7. Informazioa emateko estrategiak hautatu eta aplikatzea, eta irakatsi beharreko edukiekin, horien xedearekin eta hartzaileekin lotzea, zerbitzuaren kalitatea hobetzearren.

    8. Bizitza osoan ikasteko baliabideak eta estrategiak antzematea, eta horiek dagokion lanbide-konpetentziaren alderdiekin lotzea, ezagupen zientifikoak eta teknikoak eguneratuta mantentzearren.

    9. Erakundearen helburuetan egiten duen ekarpena identifikatu eta ebaluatzea, eta bere lanbide-jarduera helburu horiek lortzeari dagokionez baloratzea.

    10. Talde-lanaren ezaugarriak identifikatzea eta horien garrantzia baloratzea, hezkuntza-jarduna hobetzearren, eta esku-hartze planifikatua, koherentea eta partekatua lortzearren.

    11. Talde-dinamikak eta lan-taldean komunikatzeko teknikak aplikatzea, eta informazioa eta esperientziak trukatzea, proiektuan koherentzia erraztearren.

    12. Esku hartzeko espazioak eta materialak aztertzea, eta arriskuen prebentzioaren eta segurtasunaren arloan indarrean dagoen legeriari dagokionez egunean jartzea, haurren osasuna eta segurtasuna zaintzearren.

    1. Ikasi eta enplegatzeko aukerak identifikatu eta baloratzea, lan-merkatuko eskaintzak eta eskaerak aztertuta, enplegatzeko aukerak hobetzearren.

    2. Gizarteko agente aktibo gisa dituen eskubideak eta betebeharrak onartzea, herritartasun demokratikoan jardutearren.

    3. Lehen laguntzetako teknikak aplikatzea, lan-jardueran larrialdietako eta osasunerako arriskuko egoerei erantzuteko ezarritako protokoloak erabilita.

  2. Honakoa da heziketa-zikloa osatzen duten lanbide-moduluen zerrenda:

    1. Haur-hezkuntzaren didaktika.

    2. Haurraren autonomia pertsonala eta osasuna.

    3. Haur-jolasa eta bere metodologia.

    4. Adierazpena eta komunikazioa.

    5. Garapen kognitiboa eta motorra.

    6. Garapen sozioafektiboa.

    7. Gizarte-trebetasunak.

    8. Familiekin lankidetzan aritzea eta arrisku sozialean dauden adingabeei arreta eskaintzea.

    9. Haurrei arreta eskaintzeko proiektua.

    10. Lehen laguntzak.

    11. Ingeles teknikoa.

    12. Laneko prestakuntza eta orientabidea.

    1. Enpresa eta ekimen sortzailea.

    2. Lantokiko prestakuntza.

      1. eranskinean zehaztu da lanbide-moduluen ordu-esleipena eta lanbide-moduluak zein kurtsotan eman beharko diren.

        Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak arautu ditzakeen heziketa-eskaintzen arabera egokitu ahal izango da moduluen ordu-esleipena eta moduluak zein kurtsotan emango diren, dekretu honen 11. artikuluan xedatutakoarekin bat eginik.

  3. Lanbide-modulu bakoitzerako, ikaskuntzaren emaitzak (prestakuntzaldia amaitzean ikasleak jakin, ulertu eta egin dezan espero dena deskribatzen dutenak), eta ebaluazio-irizpideak eta eman beharreko edukiak ezartzen dira. II. eranskinean ezartzen da hori guztia.

  4. Lantokiko prestakuntzako modulua bigarren kurtsoko azken 13 asteetan garatuko da, eta ikastetxean egindako lanbide-modulu guztien ebaluazio positiboa lortu ondoren egingo da. Nolanahi ere, komenigarritzat joz gero, bi fasetan garatu ahal izango da. Lehen faseak 4 asteko iraupena izango du eta bigarren kurtsoaren hasieran landuko da. Bigarren fasea bigarren kurtsoko azken 9 asteetan garatuko da, eta ikastetxean egindako lanbide-modulu guztien ebaluazio positiboa lortu ondoren egingo da.

  5. Europako Batzordeak ezarritako oinarrizko konpetentziak garatzeko eta sakontzeko gomendioei jarraituz eta lehentasuneko arloekin lotzen den prestakuntzaren garapenaren indarrez, curriculumean Ingeles teknikoa modulua txertatuta landuko da heziketa-ziklo horretan atzerriko hizkuntza, betiere Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoaren hirugarren xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera.

Prestakuntza garatzeko, eta ezarritako emaitzak eta konpetentziak lortzeko gutxieneko espazioak eta ekipamenduak III. eranskinean zehazten dira.

  1. Heziketa-zikloko modulu bakoitzerako irakasleen espezialitateak eta irakasteko eskumena IV. eranskinaren 1. atalean ezartzen dira.

  2. Irakaskuntza-kidegoetako irakasleei oro har eskatzen zaizkien titulazioak otsailaren 23ko 276/2007 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezartzen dira. Irakasleen espezialitateetarako 1. atalean adierazten diren titulazio baliokideak (irakaskuntzaren ondorioetarako) IV. eranskinaren 2. atalean jasotzen dira.

  3. Hezkuntzakoaz bestelako administrazioetan barne hartuta dauden titulartasun pribatuko nahiz titulartasun publikoko ikastetxeetako irakasleentzat, titulua osatzen duten lanbide-moduluak emateko beharrezko titulazioak eta beste edozein eskakizun IV. eranskinaren 3. atalean zehazten dira.

Heziketa-ziklo honetan sartzeko lehentasuna izango dute Giza eta Gizarte Zientzien Batxilergoko modalitatea egin duten ikasleek.

Haur Hezkuntzako goi-mailako teknikariaren titulua edukitzeak:

  1. Goi-mailako edozein heziketa-ziklotara zuzenean sartzeko aukera ematen du, betiere ezartzen diren sarbide-baldintzetan.

  2. Graduko unibertsitate-tituluetara bideratzen duten irakaskuntzetara zuzenean sartzeko aukera ematen du, betiere ezartzen diren onarpen-baldintzetan.

  3. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak zehaztuko du Haur Hezkuntzako goi-mailako teknikariaren titulua dutenen eta horiekin lotzen diren graduko unibertsitate-titulua dutenen arteko baliozkotze-erregimena. Baliozkotzeko erregimena errazteko, 120 ECTS kreditu esleitu dira dekretu honetan ezarritako irakaskuntzetan, heziketa-ziklo honetako lanbide-moduluen artean.

  1. Zenbait heziketa-ziklok komunak dituzten lanbide-moduluak baliozkotu egingo dira, baldin eta izen berekoak, eduki berekoak, ikaskuntzaren emaitza gisa adierazitako helburu berekoak, ebaluazio-irizpide berekoak eta antzeko iraupenekoak badira. Nolanahi ere, maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren babesean Laneko prestakuntza eta orientabidea modulua edo Enpresa eta ekimen sortzailea modulua gaindituta dituenak modulu horiek baliozkotuta izango ditu lege horren babespeko beste edozein ziklotan.

  2. Urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoaren babesean ezarritako lanbide-moduluen eta maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren babesean ezarritakoen arteko baliozkotzeak V. eranskinean adierazten dira.

  3. Otsailaren 26ko 32/2008 Dekretuaren 27. artikuluan ezarritakoaren arabera, «Lantokiko prestakuntza» lanbide-modulua osorik edo zati batean salbuestea erabaki ahal izango da, baldin eta heziketa-ziklo honekin lotutako lan-esperientzia egiaztatzen bada, artikulu horretan jasotako baldintzen arabera.

  4. «Laneko prestakuntza eta orientabidea» modulua baliozkotu ahal izateko, abenduaren 15eko 1538/2006 Errege Dekretuaren 45.3 artikuluan ezarritako eskakizunak betetzeaz gain, gutxienez urtebeteko lan-esperientzia egiaztatu eta laneko arriskuen prebentzioko oinarrizko mailako teknikari-ziurtagiria izan beharko da. Ziurtagiriak prebentzio-zerbitzuen araudia onartzen duen urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera luzatua izan behar du.

  5. Enpresa eta ekimen sortzailea modulua baliozkotu ahal izateko, abenduaren 15eko 1538/2006 Errege Dekretuaren 45.3 artikuluan ezarritako eskakizunak betetzeaz gain, gutxienez 3 urteko lan-esperientzia egiaztatu beharko da.

  6. Titulu honen profilarekin lotzen diren konpetentzia-atal guztiak Aintzatespen eta Ebaluazio Sistemaren bidez egiaztatu dituztenek Ingeles teknikoko modulua baliozkotzea eskatu ahal izango dute, baldin eta proiektuko lanbide-modulua gainditzen badute. Edonola ere, gutxienez 3 urteko lan-esperientzia egiaztatu beharko dute, abenduaren 15eko 1538/2006 Errege Dekretuaren 45.3. artikuluan xedatutakoaren indarrez.

  7. Ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoaren 8. artikuluan ezarritakoaren arabera egiaztatzen diren konpetentzia-atalen eta moduluen arteko egokitasuna (horiek baliozkotzeko), eta titulu honetako lanbide-moduluen eta konpetentzia-atalen arteko egokitasuna (horiek egiaztatzeko) VI. eranskinean jasotzen dira.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak ziklo honetako irakaskuntzak araubide orokorrean ezarritakoaz bestelako eskaintza osoaren modalitatean eta urrutiko irakaskuntzan edo beste modalitate batzuetan eskaini ahal izateko baimena eta eskaintza horren oinarrizko alderdiak (hala nola, moduluen iraupena eta sekuentziazioa) arautuko ditu, hala badagokio.

  1. Hezkuntzari buruzko 2/2006 Lege Organikoaren hogeita hamaikagarren xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera, Hezkuntzari eta Hezkuntzako Erreforma Finantzatzeari buruzko abuztuaren 4ko 14/1970 Lege Orokorreko Haurtzaindegietako teknikari espezialistaren eta Haur Hezkuntzako teknikari espezialistaren tituluek («Gizartearentzako zerbitzuak» adarra) urriaren 29ko 1394/2007 Errege Dekretuan ezarritako Haur Hezkuntzako goi-mailako teknikariaren tituluaren ondorio profesional eta akademiko berberak izango dituzte.

  2. Abenduaren 22ko 2059/1995 Errege Dekretuak ezarritako Haur Hezkuntzako goi-mailako teknikariaren tituluak urriaren 29ko 1394/2007 Errege Dekretuan ezarritako Haur Hezkuntzako goi-mailako teknikariaren tituluaren ondorio profesional eta akademiko berberak izango ditu.

  3. Errege-dekretu honetan Laneko prestakuntza eta orientabidea lanbide-modulurako ezarritako prestakuntzak trebatu egiten du laneko arriskuen prebentzioko oinarrizko mailako jardueretarako urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuan ezarritako lanbide-erantzukizunez arduratzeko. Errege-dekretu horrek prebentzio-zerbitzuen araudia onartzen du.

  4. Urriaren 29ko 1394/2007 Errege Dekretuan ezarritako prestakuntzak Haurraren autonomia pertsonala eta osasuna lanbide-modulurako bermatu egiten du beharrezko ezagutza-maila elikagaien manipulazioan eta higienean jardunbide egokiak ahalbidetzeko, elikagaien manipulatzaileei buruzko arauak ezartzen dituen otsailaren 11ko 202/2000 Errege Dekretuaren 4.6 artikuluko exijentziaren arabera.

  5. «0020 Lehen laguntzak» lanbide-moduluak, Osasun Sailaren, urtarrilaren 23ko 8/2007 Dekretuan ezarritako prestakuntza biltzen du, mediku ez diren langileek kanpoko desfibriladore automatikoak erabiltzeari buruzkoa.

Indargabetuta geratu dira Dekretu honen aurka egiten duten lerrun bereko edo txikiagoko arauak.

AZKEN XEDAPEN BAKARRA. Indarrean jartzea.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2009ko uztailaren 21ean.

Lehendakaria,

FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburua,

MARÍA ISABEL CELAÁ DIÉGUEZ.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.