Arautegia

Inprimatu

431/2009 DEKRETUA, ekainaren 30ekoa, sukaldaritzako eta gastronomiako teknikariaren tituluari dagokion curriculuma ezartzen duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 156
  • Hurrenkera-zk.: 4609
  • Xedapen-zk.: 431
  • Xedapen-data: 2009/06/30
  • Argitaratze-data: 2009/08/17

Testu legala

Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoaren 10.1 artikuluak ezartzen duenez, Estatuko Administrazio Orokorrak finkatuko ditu Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalean aditzera emandako lanbide-prestakuntzako eskaintzak osatuko dituzten profesionaltasun-ziurtagiriak eta -tituluak, betiere Konstituzioaren 149.1.30 eta 7. artikuluan xedatutakoaren arabera eta Lanbide Heziketaren Kontseilu Nagusiari kontsultatu ondoren.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 39.6 artikuluak xedatzen duenez, Espainiako Gobernuak, autonomia-erkidegoei kontsultatu ostean, lanbide-heziketako ikasketei dagozkien titulazioak ezarriko ditu, baita titulazio horietako bakoitzaren curriculumaren oinarrizko alderdiak ere.

Hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen abenduaren 15eko 1538/2006 Errege Dekretuaren 6. artikuluan definitzen da lanbide-heziketako tituluen egitura. Horretarako, Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionala, Europar Batasunak finkatutako arteztarauak, eta gizarte-intereseko beste alderdi batzuk hartu dira kontuan. Bestalde, Errege Dekretu horren 7. artikuluak zehazten du titulu horien lanbide-profila, eta horren barnean hartuko dira konpetentzia orokorra, konpetentzia profesionalak, pertsonalak eta sozialak, eta, hala badagokio, tituluei dagozkien Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalaren konpetentzia-atalak.

Urriaren 29ko 1396/2007 Errege Dekretuak Sukaldaritza eta gastronomiako teknikariaren titulua ezartzen du eta haren gutxieneko irakaskuntzak finkatzen ditu. Azken arau horrek, hain zuzen ere, ordezkatzen du abenduaren 17ko 2219/1993 Errege Dekretuak ezarritako «Sukaldaritzako» teknikariaren tituluaren erregulazioa.

Bestetik, hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen 1538/2006 Errege Dekretuaren 17. artikuluak xedatzen duenez, hezkuntza-administrazioek ezarriko dituzte Lanbide Heziketako irakaskuntzen curriculumak. Edonola ere, Errege Dekretu horretan bertan xedatutakoa eta titulu bakoitza erregulatzen duten arauetan xedatutakoa errespetatu beharko dute.

Euskal Autonomia Erkidegoaren berezko eskumenen esparruari dagokionez, Autonomia Estatutuaren 16. artikuluan aditzera ematen denez, «Konstituzioaren lehen erabaki gehigarrian erabakitzen dena aplikatzeko, irakaskuntza, zabalera, maila, gradu, era eta espezialitate guztietan, Euskal Herriko Komunitate Autonomoaren konpetentziapean dago, Konstituzioaren 27. artikuluaren eta berori zehaztuko duten Lege Organikoei, haren 149.1.30 artikuluak Estatuari ematen dizkion ahalmenei eta guztiori betetzeko eta bermatzeko behar den goi inspekzioari kalterik egiteke».

Bestalde, otsailaren 26ko 32/2008 Dekretuak, hezkuntza-sistemaren barruan, Lanbide Heziketaren antolamendua eta araudia ezartzen ditu Euskal Autonomia Erkidegoaren esparrurako.

Azaldutako aurrekarien arabera, Dekretu honen helburua da Euskal Autonomia Erkidegorako ezartzea Sukaldaritzako eta Gastronomiako teknikariaren tituluari dagozkion Lanbide Heziketako irakaskuntzetarako curriculuma, betiere Sukaldaritzako eta Gastronomiako teknikariaren titulua ezartzen duen urriaren 29ko 1396/2007 Errege Dekretuaren babesean.

Sukaldaritzako eta gastronomiako teknikariaren tituluaren curriculumean alderdi hauek deskribatzen dira: alde batetik, tituluak adierazten duen lanbide-profila (kualifikazioak eta konpetentzia-atalak zerrendatzen dira, eta konpetentzia profesionalak, pertsonalak eta sozialak deskribatzen dira); eta, bestetik, tituluak biltzen dituen helburu orokorren eta lanbide-moduluen bidez, besteak beste, ezarritako irakaskuntzak (lanbide-modulu bakoitzari dagozkion ikaskuntzaren emaitzak, ebaluazio-irizpideak eta edukiak, eta horiek antolatu eta ezartzeko jarraibideak eta zehaztapenak barne hartuta).

Helburu orokorrak profilean deskribatzen diren konpetentzia profesional, pertsonal eta sozialetatik atereak dira. Haietan, ikasleak heziketa-zikloaren amaieran eskuratu behar dituen gaitasunak eta lorpenak adierazten dira; hortaz, heziketa-zikloa osatzen duten lanbide-moduluetako bakoitzean landu beharreko edukiak eta ikasleak bereganatu behar dituen ikaskuntzaren emaitzak lortzeko lehen iturria dira.

Modulu bakoitzean jasotako edukiak irakatsi eta ikasteko prozesuaren euskarria dira; ikasleak trebetasun eta abilezia teknikoak, etorkizun profesionalean aurrera egiteko kontzeptuzko oinarri zabala eta lortu nahi den kualifikazioarekiko lanbide-nortasun koherentea islatuko duten portaerak eskura ditzan.

Honako Dekretu hau bideratzean, emakumeen eta gizonen berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 19. artikulutik 22. artikulura bitartean aurreikusten diren izapideak bete dira.

Hori dela-eta, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuak proposatuta, Lanbide Heziketako Euskal Kontseiluak emandako txostenarekin eta gainerako aginduzko txostenekin, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren arabera, irailaren 12ko 167/2006 Dekretuak onartutako antolamendu eta funtzionamendu erregelamenduaren 33. artikuluak zehazten duenez, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2009ko ekainaren 30ean egindako bilkuran eztabaidatu eta onartu ondoren, hauxe

  1. Dekretu honek Sukaldaritzako eta gastronomiako teknikariaren tituluari dagozkion Lanbide Heziketako irakaskuntzetarako curriculuma ezartzen du Euskal Autonomia Erkidegorako.

  2. Ikastetxeak duen autonomia pedagogikoaren eta antolamendukoaren ildotik, hari dagokio bere Ikastetxearen Ikasketa Proiektua ezartzea, eta proiektu horretan ezarriko ditu bere irakaskuntza-lanaren ezaugarriak eta nortasuna zehazteko, eta lanbide-moduluen programazioak prestatzeari buruzko irizpideak finkatzeko beharrezko erabakiak.

  3. Ikastetxearen Ikasketa Proiektuaren esparruan, heziketa-zikloaren ardura duen irakasle-taldeari eta, zehazki, irakasle bakoitzari dagokio programazioak prestatzea. Horretarako, ezartzen diren helburu orokorrak kontuan izan beharko ditu, lanbide-modulu bakoitzean bildutako ikaskuntzaren emaitzak eta edukiak errespetatu beharko ditu, eta (oso garrantzitsua) irakaskuntzen erreferentziazko lanbide-profila hartu beharko du euskarri.

Sukaldaritzako eta gastronomiako teknikariaren titulua elementu hauek identifikatzen dute:

Izena: Sukaldaritza eta gastronomia.

Maila: Erdi-mailako Lanbide Heziketa.

Iraupena: 2.000 ordu.

Lanbide-arloa: Ostalaritza eta turismoa.

Kodea: INSN-3 (Irakaskuntzaren Nazioarteko Sailkapen Normalizatua).

Tituluari dagokion lanbide-profila, konpetentzia orokorraren, konpetentzia profesionalen, pertsonalen eta sozialen, lanbide-kualifikazioen eta konpetentzia-atalen bidez adierazten da.

  1. Titulu honen konpetentzia orokorra da sukaldaritzako produkzioaren esparruan sukaldaritzako mota guztietako elaborazioak aurrez elaboratzeko, prestatzeko, kontserbatzeko, amaitzeko/aurkezteko eta zerbitzatzeko jarduerak gauzatzea, ezarritako kalitate-protokoloei jarraiki, eta higieneari, laneko arriskuen prebentzioari eta ingurumen-babesari buruzko arauen arabera jardunda.

  2. Konpetentzia profesionalak, pertsonalak eta sozialak.

    Honako hauek dira titulu honen konpetentzia profesionalak, pertsonalak eta sozialak:

    1. Sukaldaritzako produkziorako beharrak zehaztea jasotako dokumentazioa abiapuntutzat hartuta.

    2. Lehengaiak erabiltzeko unera arte mantentzeko eta kontserbatzeko baldintza egokietan hartzea, biltegiratzea eta banatzea.

    3. Langunea prest jartzea, espazioak, makineria, tresnak eta erremintak prestatuta.

    4. Lehengaiei aplikatu behar zaizkien aurrez elaboratzeko eta lehengoratzeko prozesuak gauzatzea, haien ezaugarrien eta izan litzaketen aplikazioetarako egokitasunaren arabera.

    5. Sukaldaritzako elaborazioak gauzatzea, prozesuen estandarizazioa kontuan hartuta, haiek dekoratzeko/amaitzeko edo kontserbatzeko.

    6. Elaborazioen dekorazioa/amaiera egitea, beharren eta ezarritako protokoloen arabera, haiek kontserbatzeko edo zerbitzatzeko.

    7. Elaborazioak zerbitzatzea, beharrak, gauzatzeko esparrua eta ezarritako protokoloak kontuan hartuta.

    8. Sukaldaritzako jenero edo elaborazio bakoitza ontziratzeko eta/edo kontserbatzeko prozesuak gauzatzea, metodo egokiak aplikatuta eta tresneria aproposa erabilita, haien kalitatea begiratzeko eta elikadura-arriskuak saihesteko.

    9. Laneko eta ingurumeneko segurtasun-protokoloak, higienekoak eta kalitatekoak produkzio-prozesu osoan zehar aplikatzea, pertsonei eta ingurumenari kalterik ez eragiteko.

    10. Produkzioaren helburuak betetzea, erantzukizun-printzipioen arabera jardunez eta harreman profesional egokiak mantenduz lan-taldeko kideekin.

    11. Ezarritako arauei eta prozedurei jarraituz, arazoak ebaztea eta norbanako erabakiak hartzea, bere eskumeneko esparruaren barruan definituak.

    12. Bere lanaren esparruan berritzeko, produkzio-prozesuak hobetzeko eta jakintzak eguneratzeko izpirituari eustea.

    1. Bere eskubideez baliatzea eta lan-harremanen ondoriozko betebeharrak betetzea, indarrean dagoen legerian ezarritakoaren arabera.

    2. Enplegu eta autoenplegu aukerak hautematea eta aztertzea, kultura ekintzailea garatzea eta hainbat lanpostutara eta egoera berrietara egokitzea.

    3. Enpresa txiki bat ezartzea eta administratzea, eta, horretarako, produktuen bideragarritasunari, produkzioaren plangintzari eta merkaturatzeari buruzko oinarrizko azterketa egitea.

    4. Bizitza ekonomikoan, sozialean eta kulturalean parte-hartze aktiboa izatea, jarrera kritiko eta arduratsuarekin.

  3. Titulu honetan biltzen diren Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionaleko kualifikazioen eta konpetentzia-atalen zerrenda:

    Osatutako lanbide-kualifikazioak:

    1. HOT093_2: sukaldaritza (otsailaren 20ko 295/2004 Errege Dekretua). Konpetentzia-atal hauek barne hartzen ditu:

      UC0259_2: eskaintza gastronomikoak definitzea, hornikuntza egitea eta kontsumoak kontrolatzea.

      UC0260_2: elikagai mota guztiak aurrez elaboratzea eta kontserbatzea.

      UC0261_2: aplikazio ugariko oinarrizko elaborazioak eta oinarrizko platerak prestatzea.

      UC0262_2: mota guztietako sukaldaritzako elaborazio konplexuak eta zerbitzurako norberak sortuak prestatzea eta aurkeztea.

    2. HOT0223_2: Gozogintza (otsailaren 20ko 295/2004 Errege Dekretua). Konpetentzia-atal hauek barne hartzen ditu:

      UC0709_2: gozogintzako eskaintza sinpleak definitzea, barne-hornikuntza egitea eta kontsumoak kontrolatzea.

      UC0306_2: pastelgintzarako eta gozogintzarako oreak, pastak eta aplikazio ugariko oinarrizko produktuak elaboratzeko lanak egitea eta/edo kontrolatzea.

      UC0710_2: ore eta pastekin egindako produktuak, sukaldaritzako postreak eta izozkiak elaboratzea eta aurkeztea.

      UC0711_2: jatetxe-arloan segurtasun- eta higiene-arauak eta ingurumena babesteari buruzkoak betez jardutea.

      Osatu gabeko lanbide-kualifikazioak:

    1. INA015_2: Okintza eta opilgintza (otsailaren 20ko 295/2004 Errege Dekretua). Konpetentzia-atal hau barne hartzen du:

      UC0036_2: okintza-industrian segurtasun- eta higiene-araudia eta ingurumena babesteari buruzkoa aplikatzea.

    2. INA107_2: Pastelgintza eta konfiteria (irailaren 16ko 1087/2005 Errege Dekretua). Konpetentzia-atal hau barne hartzen du:

      UC0310_2: elikagaien industrian segurtasun- eta higiene-araudia eta ingurumena babesteari buruzkoa aplikatzea.

  1. Lanbide-irudi honek nagusiki ostalaritza-sektoreko enpresa handietan zein ertain eta txikietan gauzatzen du bere lanbide-jarduera, baina bere kontura ere lan egin dezake jatetxe-arloko azpisektoreko establezimendu txikietan.

    Lanbide hau elikagaiak eta edariak aurrez elaboratzeko, elaboratzeko eta, hala badagokio, zerbitzatzeko prozesuak garatzen dituzten produkzio-sektoreetan eta azpisektoreetan garatzen da, esate baterako ostalaritza-sektorean eta, horren esparruan, ostalaritzako eta jatetxe-arloko (tradizionala, modernoa eta kolektiboa) azpisektoreetan. Horrez gain, elikagai gordinak aurrez elaboratzen eta merkaturatzen aritzen diren establezimenduetan, janari prestatuetan espezializatutako dendetan, elikagaiak biltegiratzen, ontziratzen eta banatzen aritzen diren enpresetan eta beste zenbaitetan.

  2. Lanbide eta lanpostu garrantzitsuenak hauek dira:

    Sukaldaria.

    Partidaburua.

    Elikagaiak eta edariak produzitzeko eta zerbitzatzeko unitateetako ekonomatuko langilea.

Heziketa-zikloko irakaskuntzetan honako alderdi hauek sartzen dira:

  1. Heziketa-zikloaren helburu orokorrak:

    1. Dokumentazioa ezagutzea eta interpretatzea, bere xedea eta aplikazioa aztertuta, sukaldaritzako produkzio-beharrak zehazteko.

    2. Lehengaiak identifikatzea, horien propietateak eta maneiatzeko eta kontserbatzeko baldintza egokiak ezaugarrituta, haiek hartzeko, biltegiratzeko eta banatzeko.

    3. Makineria, tresnak eta erremintak erabiltzeko aldagaiak hautatzea eta zehaztea, haien funtzionamendu-printzipioak ezagututa eta aplikatuta, langunea prest jartzeko.

    4. Lehengaien aldez aurreko manipulazioen beharra identifikatzea, haien ezaugarriak eta izan ditzaketen aplikazioak ezagututa, aurrez elaboratzeko eta lehengoratzeko prozesuak gauzatzeko.

    5. Sukaldaritzako teknikak aztertzea, horiek aplikatzeko egon daitezkeen estrategiak ezagututa, sukaldaritzako elaborazioak gauzatzeko.

    6. Dekoratzeko eta amaitzeko teknikak identifikatzea eta hautatzea, eta azken produktuaren ezaugarri fisiko eta organoleptikoekin erlazionatzea, elaborazioen dekorazioa/amaiera egiteko.

    7. Elaborazioak zerbitzatzeko teknikak aztertzea eta bezeroen gogobetetasunarekin erlazionatzea, kalitateko zerbitzua egiteko.

    8. Kontserbatzeko eta ontziratzeko metodoak eta tresneria aztertzea eta hautatzea, sukaldaritzako jeneroen edo elaborazioen ezaugarrietarako egokitasuna baloratuta, ontziratzeko eta kontserbatzeko prozesuak gauzatzeko.

    9. Elikagaien kalitateko eta segurtasuneko arauak eta laneko eta ingurumeneko arriskuen prebentziokoak identifikatzea, sukaldaritzako produkzioari lotutako arrisku-faktoreak eta kalitate-parametroak ezagututa, laneko eta ingurumeneko segurtasun-protokoloak eta higieneari eta kalitateari dagozkienak produkzio-prozesu osoan aplikatzeko.

    10. Produkzio-prozesu batean lan-jarduerak baloratzea eta produkzio-helburuak lortzeko horiek prozesu orokorrean egiten duten ekarpena identifikatzea.

    11. Iritzi-aniztasuna aberastasun-iturri gisa baloratzea, beste jardunbide, ideia edo sinesmen batzuk ezagututa, arazoei konponbidea aurkitzeko eta erabakiak hartzeko.

    12. Lanbidean hobetzeko aukerak ezagutzea eta identifikatzea, informazioa biltzea eta ezagutzak eskuratzea, bere lanaren esparruan berritzeko eta eguneratzeko.

    1. Baldintza sozialak eta lanekoak arautzen dituen lege-esparrua aztertu ondoren, gizarteko agente aktibo gisa dituen eskubideak eta betebeharrak zein diren jakitea, herritar demokratiko gisa parte hartzeko.

    2. Negozio-aukerak ezagutzea eta identifikatzea, merkatua analizatuta eta bideragarritasuna aztertuta, bere enplegua sortzeko.

  2. Honakoa da heziketa-zikloa osatzen duten lanbide-moduluen zerrenda:

    1. Eskaintza gastronomikoak.

    2. Elikagaien aurretiazko elaborazioa eta kontserbazioa.

    3. Sukaldaritzako teknikak.

    4. Pastelgintzako eta gozogintzako oinarrizko prozesuak.

    5. Sukaldaritzako produktuak.

    6. Jatetxe-arloko postreak.

    7. Elikagaiak manipulatzeko segurtasuna eta higienea.

    8. Ingeles teknikoa.

    9. Laneko prestakuntza eta orientabidea.

    10. Enpresa eta ekimen sortzailea.

    11. Lantokiko prestakuntza.

      1. eranskinean zehaztu da lanbide-moduluen ordu-esleipena eta lanbide-moduluak zein kurtsotan eman beharko diren.

        Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak arautu ditzakeen heziketa-eskaintzen arabera egokitu ahal izango da moduluen ordu-esleipena eta moduluak zein kurtsotan emango diren, dekretu honen 10. artikuluan xedatutakoarekin bat eginik.

  3. Lanbide-modulu bakoitzerako, ikaskuntzaren emaitzak (prestakuntzaldia amaitzean ikasleak jakin, ulertu eta egin dezan espero dena deskribatzen dutenak), eta ebaluazio-irizpideak eta eman beharreko edukiak ezartzen dira. II. eranskinean ezartzen da hori guztia.

  4. Lantokiko prestakuntzako modulua, bestalde, bigarren kurtsoko azken 12 asteetan garatuko da, eta ikastetxean egindako lanbide-modulu guztien ebaluazio positiboa lortu ondoren egingo da.

  5. Europako Batzordeak ezarritako oinarrizko konpetentziak garatzeko eta sakontzeko gomendioei jarraituz eta lehentasuneko arloekin lotzen den prestakuntzaren garapenaren indarrez, curriculumean Ingeles teknikoa modulua txertatuta landuko da heziketa-ziklo horretan atzerriko hizkuntza, betiere Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoaren hirugarren xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera.

Prestakuntza garatzeko, eta ezarritako emaitzak eta konpetentziak lortzeko gutxieneko espazioak eta ekipamenduak III. eranskinean zehazten dira.

  1. Heziketa-zikloko lanbide-modulu bakoitzerako irakasleen espezialitateak eta irakasteko eskumena IV. eranskinaren 1. atalean ezartzen dira.

  2. Irakaskuntza-kidegoetako irakasleei oro har eskatzen zaizkien titulazioak otsailaren 23ko 276/2007 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezartzen dira. Irakasleen espezialitateetarako 1. atalean adierazten diren titulazio baliokideak (irakaskuntzaren ondorioetarako) IV. eranskinaren 2. atalean jasotzen dira.

  3. Hezkuntzakoaz bestelako administrazioetan barne hartuta dauden titulartasun pribatuko nahiz titulartasun publikoko ikastetxeetako irakasleentzat, titulua osatzen duten lanbide-moduluak emateko beharrezko titulazioak eta beste edozein eskakizun IV. eranskinaren 3. atalean zehazten dira.

Sukaldaritzako eta gastronomiako teknikariaren tituluaren jabe izateak aukera ematen du:

  1. Erdi-mailako beste edozein heziketa-ziklotan zuzenean sartzeko.

  2. Sukaldaritzako eta gastronomiako teknikariaren tituluak aukera emango du, hemezortzi urte beteta izanez gero eta dagokion salbuespenaren kaltetan izan gabe, lanbide-arlo bereko goi-mailako heziketa-zikloetan proba bidez sartzeko; bai eta beste heziketa-ziklo batzuetan sartzeko ere, eskatutako zikloetarako lotura ematen duen batxilergoaren modalitate berekoak direnean.

  3. Sukaldaritzako eta gastronomiako teknikariaren tituluak aukera emango du Batxilergoko edozein modalitatetan sartzeko, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 44.1 artikuluan eta abenduaren 15eko 1538/2006 Errege Dekretuaren 16.3 artikuluan xedatutakoaren arabera.

  1. Zenbait heziketa-ziklok komunak dituzten lanbide-moduluak baliozkotu egingo dira, baldin eta izen berekoak, eduki berekoak, ikaskuntzaren emaitza gisa adierazitako helburu berekoak, ebaluazio-irizpide berekoak eta antzeko iraupenekoak badira. Nolanahi ere, maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren babesean Laneko prestakuntza eta orientabidea modulua edo Enpresa eta ekimen sortzailea modulua gaindituta dituenak modulu horiek baliozkotuta izango ditu lege horren babespeko beste edozein ziklotan.

  2. Urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoaren babesean ezarritako lanbide-moduluen eta maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren babesean ezarritakoen arteko baliozkotzeak V. eranskinean adierazten dira.

  3. Otsailaren 26ko 32/2008 Dekretuaren 27. artikuluan ezarritakoaren arabera, Lantokiko prestakuntza lanbide-modulua osorik edo zati batean salbuestea erabaki ahal izango da, baldin eta heziketa-ziklo honekin lotutako lan-esperientzia egiaztatzen bada, artikulu horretan jasotako baldintzen arabera.

  4. «Laneko prestakuntza eta orientabidea» modulua baliozkotu ahal izateko, abenduaren 15eko 1538/2006 Errege Dekretuaren 45.3 artikuluan ezarritako eskakizunak betetzeaz gain, gutxienez urtebeteko lan-esperientzia egiaztatu eta laneko arriskuen prebentzioko oinarrizko mailako teknikari-ziurtagiria izan beharko da. Ziurtagiriak prebentzio-zerbitzuen araudia onartzen duen urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera luzatua izan behar du.

  5. «Enpresa eta ekimen sortzailea» modulua baliozkotu ahal izateko, abenduaren 15eko 1538/2006 Errege Dekretuaren 45.3 artikuluan ezarritako eskakizunak betetzeaz gain, gutxienez 3 urteko lan-esperientzia egiaztatu beharko da.

  6. Titulu honen profilarekin lotzen diren konpetentzia-atal guztiak Aintzatespen eta Ebaluazio Sistemaren bidez egiaztatu dituztenek Ingeles teknikoko modulua baliozkotzea eskatu ahal izango dute, baldin eta gutxienez 3 urteko lan-esperientzia egiaztatzen badute, abenduaren 15eko 1538/2006 Errege Dekretuaren 45.3 artikuluan xedatutakoaren indarrez.

  7. Ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoaren 8. artikuluan ezarritakoaren arabera egiaztatzen diren konpetentzia-atalen eta moduluen arteko egokitasuna (horiek baliozkotzeko), eta titulu honetako lanbide-moduluen eta konpetentzia-atalen arteko egokitasuna (horiek egiaztatzeko) VI. eranskinean jasotzen dira.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak ziklo honetako irakaskuntzak araubide orokorrean ezarritakoaz bestelako eskaintza osoaren modalitatean eta urrutiko irakaskuntzan edo beste modalitate batzuetan eskaini ahal izateko baimena eta eskaintza horren oinarrizko alderdiak (hala nola, moduluen iraupena eta sekuentziazioa) arautuko ditu, hala badagokio.

  1. Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren hogeita hamaikagarren xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera, Hezkuntzari eta Hezkuntzako Erreforma Finantzatzeari buruzko abuztuaren 4ko 14/1970 Lege Orokorreko teknikari laguntzailearen tituluek urriaren 29ko 1396/2007 Errege Dekretuan ezarritako Sukaldaritzako eta gastronomiako teknikariaren tituluaren ondorio profesional berberak izango dituzte. Hona aipatutako tituluak:

    Sukaldaritzako teknikari laguntzailea, Ostalaritza eta turismoa adarra.

    Ostalaritzako eta sukaldaritzako teknikari laguntzailea, Ostalaritza eta turismoa adarra.

    Araututako lanbideetan jarduteko gaitzen duten xedapenak betetzearen kaltetan izan gabe ulertuko dira baliokidetasun horiek.

  2. Abenduaren 17ko 2219/1993 Errege Dekretuak ezarritako Sukaldaritzako teknikariaren tituluak urriaren 29ko 1396/2007 Errege Dekretuan ezarritako Sukaldaritzako eta gastronomiako teknikariaren tituluaren ondorio profesional eta akademiko berberak izango ditu.

  3. Errege-dekretu honetan, «Laneko prestakuntza eta orientabidea» lanbide-modulurako ezarritako prestakuntzak trebatu egiten du laneko arriskuen prebentzioko oinarrizko mailako jardueretarako urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuan ezarritako lanbide-erantzukizunez arduratzeko. Errege-dekretu horrek prebentzio-zerbitzuen araudia onartzen du.

  4. 0031 Elikagaiak manipulatzeko segurtasuna eta higienea lanbide-moduluak elikagai-manipulatzaileei buruzko arauak ezartzen dituen Osasun eta Kontsumo Ministerioaren otsailaren 11ko 202/2000 Errege Dekretuan eta elikagai-manipulatzaileen etengabeko prestakuntzari buruzko xedapen osagarriak ezartzen dituen Osasun Sailaren urriaren 2ko 211/2001 Dekretuan ezarritako prestakuntza jasotzen du.

Indargabetuta geratu dira Dekretu honen aurka egiten duten lerrun bereko edo txikiagoko arauak.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2009ko ekainaren 30ean.

Lehendakaria,

FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburua,

MARÍA ISABEL CELAÁ DIÉGUEZ.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.