Arautegia

Inprimatu

429/2009 DEKRETUA, ekainaren 30ekoa, jatetxe arloko zerbitzuetako teknikariaren tituluari dagokion curriculuma ezartzen duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 157
  • Hurrenkera-zk.: 4624
  • Xedapen-zk.: 429
  • Xedapen-data: 2009/06/30
  • Argitaratze-data: 2009/08/18

Testu legala

Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoaren 10.1 artikuluak ezartzen duenez, Estatuko Administrazio Orokorrak finkatuko ditu Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalean aditzera emandako lanbide-prestakuntzako eskaintzak osatuko dituzten profesionaltasun-ziurtagiriak eta -tituluak, betiere Konstituzioaren 149.1.30 eta 7. artikuluan xedatutakoaren arabera eta Lanbide Heziketaren Kontseilu Nagusiari kontsultatu ondoren.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 39.6. artikuluak xedatzen duenez, Espainiako Gobernuak, autonomia-erkidegoei kontsultatu ostean, lanbide-heziketako ikasketei dagozkien titulazioak ezarriko ditu, baita titulazio horietako bakoitzaren curriculumaren oinarrizko alderdiak ere.

Hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen abenduaren 15eko 1538/2006 Errege Dekretuaren 6. artikuluan definitzen da lanbide-heziketako tituluen egitura. Horretarako, Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionala, Europar Batasunak finkatutako arteztarauak, eta gizarte-intereseko beste alderdi batzuk hartu dira kontuan. Bestalde, errege dekretu horren 7. artikuluak zehazten du titulu horien lanbide-profila, eta horren barnean hartuko dira konpetentzia orokorra, konpetentzia profesionalak, pertsonalak eta sozialak, eta, hala badagokio, tituluei dagozkien Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalaren konpetentzia-atalak.

Abenduaren 14ko 1690/2007 Errege Dekretuak jatetxe-arloko zerbitzuetako teknikariaren titulua ezartzen du eta haren gutxieneko irakaskuntzak finkatzen ditu. Azken arau horrek, hain zuzen ere, ordezkatzen du abenduaren 17ko 2221/1993 Errege Dekretuak ezarritako «Jatetxeko eta tabernako zerbitzuetako» teknikariaren tituluaren erregulazioa.

Bestetik, hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen 1538/2006 Errege Dekretuaren 17. artikuluak xedatzen duenez, hezkuntza-administrazioek ezarriko dituzte Lanbide Heziketako irakaskuntzen curriculumak. Edonola ere, Errege Dekretu horretan bertan xedatutakoa eta titulu bakoitza erregulatzen duten arauetan xedatutakoa errespetatu beharko dute.

Euskal Autonomia Erkidegoaren berezko eskumenen esparruari dagokionez, Autonomia Estatutuaren 16. artikuluan aditzera ematen denez, «Konstituzioaren lehen erabaki gehigarrian erabakitzen dena aplikatzeko, irakaskuntza, zabalera, maila, gradu, era eta espezialitate guztietan, Euskal Autonomia Erkidegoeren konpetentziapean dago, Konstituzioaren 27. artikuluaren eta berori zehaztuko duten Lege Organikoei, haren 140.1.30 artikuluak Estatuari ematen dizkion ahalmenei eta guztiori betetzeko eta bermatzeko behar den goi inspekzioari kalterik egiteke».

Bestalde, otsailaren 26ko 32/2008 Dekretuak, hezkuntza-sistemaren barruan, Lanbide Heziketaren antolamendua eta araudia ezartzen ditu Euskal Autonomia Erkidegoaren esparrurako.

Azaldutako aurrekarien arabera, Dekretu honen helburua da Euskal Autonomia Erkidegorako ezartzea Jatetxe-arloko zerbitzuetako teknikariaren tituluari dagozkion Lanbide Heziketako irakaskuntzetarako curriculuma, betiere Jatetxe-arloko zerbitzuetako teknikariaren titulua ezartzen duen abenduaren 14ko 1690/2007 Errege Dekretuaren babesean.

Jatetxe-arloko zerbitzuetako teknikariaren tituluaren curriculumean alderdi hauek deskribatzen dira: alde batetik, tituluak adierazten duen lanbide-profila (kualifikazioak eta konpetentzia-atalak zerrendatzen dira, eta konpetentzia profesionalak, pertsonalak eta sozialak deskribatzen dira); eta, bestetik, tituluak biltzen dituen helburu orokorren eta lanbide-moduluen bidez, besteak beste, ezarritako irakaskuntzak (lanbide-modulu bakoitzari dagozkion ikaskuntzaren emaitzak, ebaluazio-irizpideak eta edukiak, eta horiek antolatu eta ezartzeko jarraibideak eta zehaztapenak barne hartuta).

Helburu orokorrak profilean deskribatzen diren konpetentzia profesional, pertsonal eta sozialetatik atereak dira. Haietan, ikasleak heziketa-zikloaren amaieran eskuratu behar dituen gaitasunak eta lorpenak adierazten dira; hortaz, heziketa-zikloa osatzen duten lanbide-moduluetako bakoitzean landu beharreko edukiak eta ikasleak bereganatu behar dituen ikaskuntzaren emaitzak lortzeko lehen iturria dira.

Modulu bakoitzean jasotako edukiak irakatsi eta ikasteko prozesuaren euskarria dira; ikasleak trebetasun eta abilezia teknikoak, etorkizun profesionalean aurrera egiteko kontzeptuzko oinarri zabala eta lortu nahi den kualifikazioarekiko lanbide-nortasun koherentea islatuko duten portaerak eskura ditzan.

Honako Dekretu hau bideratzean, emakumeen eta gizonen berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 19. artikulutik 22. artikulura bitartean aurreikusten diren izapideak bete dira.

Hori dela-eta, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuak proposatuta, Lanbide Heziketako Euskal Kontseiluak emandako txostenarekin eta gainerako aginduzko txostenekin, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren arabera, irailaren 12ko 167/2006 Dekretuak onartutako antolamendu eta funtzionamendu erregelamenduaren 33. artikuluak zehazten duenez, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2009ko ekainaren 30ean egindako bilkuran eztabaidatu eta onartu ondoren, hauxe

  1. Dekretu honek Jatetxe-arloko zerbitzuetako teknikariaren tituluari dagozkion Lanbide Heziketako irakaskuntzetarako curriculuma ezartzen du Euskal Autonomia Erkidegorako.

  2. Ikastetxeak duen autonomia pedagogikoaren eta antolamendukoaren ildotik, hari dagokio bere Ikastetxearen Ikasketa Proiektua ezartzea, eta proiektu horretan ezarriko ditu bere irakaskuntza-lanaren ezaugarriak eta nortasuna zehazteko, eta lanbide-moduluen programazioak prestatzeari buruzko irizpideak finkatzeko beharrezko erabakiak.

  3. Ikastetxearen Ikasketa Proiektuaren esparruan, heziketa-zikloaren ardura duen irakasle-taldeari eta, zehazki, irakasle bakoitzari dagokio programazioak prestatzea. Horretarako, ezartzen diren helburu orokorrak kontuan izan beharko ditu, lanbide-modulu bakoitzean bildutako ikaskuntzaren emaitzak eta edukiak errespetatu beharko ditu, eta (oso garrantzitsua) irakaskuntzen erreferentziazko lanbide-profila hartu beharko du euskarri.

Jatetxe-arloko zerbitzuetako teknikariaren titulua elementu hauek identifikatzen dute:

Izena: Jatetxe-arloko zerbitzuak.

Maila: Erdi-mailako Lanbide Heziketa.

Iraupena: 2.000 ordu.

Lanbide-arloa: Ostalaritza eta Turismoa.

Kodea: INSN-3 (Irakaskuntzaren Nazioarteko Sailkapen Normalizatua).

Tituluari dagokion lanbide-profila, konpetentzia orokorraren, konpetentzia profesionalen, pertsonalen eta sozialen, lanbide-kualifikazioen eta konpetentzia-atalen bidez adierazten da.

  1. Titulu honen konpetentzia orokorra da jatetxe-arloaren esparruan elikagaiak eta edariak prestatzeko, aurkezteko eta zerbitzatzeko jarduerak eta bezeroentzako arretari dagozkionak gauzatzea, ezarritako kalitate-protokoloei jarraiki, eta higieneari, laneko arriskuen prebentzioari eta ingurumen-babesari buruzko arauen arabera jardunda.

  2. Konpetentzia profesionalak, pertsonalak eta sozialak.

    Honako hauek dira titulu honen konpetentzia profesionalak, pertsonalak eta sozialak:

    1. Egin behar den elikagaien eta edarien zerbitzu mota hautatzea, jasotako informazioa abiapuntutzat hartuta.

    2. Lehengaiak baldintza egokietan hartzea, biltegiratzea eta banatzea, ondoren erabiltzeko.

    3. Espazioak, makineria, tresnak eta erremintak prestatzea produkzio-unitateak eta zerbitzuak egitekoak prest jartzeko.

    4. Produkzio-jarduerak eta zerbitzuak egitekoak garatzeko beharrezkoak diren zerbitzu aurreko eta zerbitzu ondoko eragiketak eta prozesuak gauzatzea, horiek gauzatzeko esparrua eta prozesuen estandarizazioa kontuan hartuta.

    5. Bezeroentzako zerbitzuko eta arretako jarduerak garatzea, oinarrizko protokolo-arauak aplikatuta, haien eskakizunetara egokituta eta prozesuen estandarizazioa kontuan hartuta, haien gogobetetasuna lortzeko.

    6. Fakturatzeko eta kobratzeko prozesuak gauzatzea, bidezkoa bada, erlazionatutako informazioaren eta komunikazioaren teknologiak behar bezala erabilita.

    7. Iradokizunei erantzutea eta bezeroek egin ditzaketen erreklamazioei bere erantzukizunaren esparruan konponbidea aurkitzea.

    8. Laneko eta ingurumeneko segurtasun-protokoloak, higienekoak eta kalitatekoak produkzio-prozesu osoan zehar aplikatzea, pertsonei eta ingurumenari kalterik ez eragiteko.

    9. Produkzioaren helburuak betetzea, erantzukizun-printzipioen arabera jardunez eta harreman profesional egokiak mantenduz lan-taldeko kideekin.

    10. Ezarritako arauei eta prozedurei jarraituz, arazoak ebaztea eta norbanako erabakiak hartzea, bere eskumeneko esparruaren barruan definituak.

    11. Bere lanaren esparruan berritzeko, produkzio-prozesuak hobetzeko eta jakintzak eguneratzeko izpirituari eustea.

    12. Bere eskubideez baliatzea eta lan-harremanen ondoriozko betebeharrak betetzea, indarrean dagoen legerian ezarritakoaren arabera.

    1. Enplegu eta autoenplegu aukerak hautematea eta aztertzea, kultura ekintzailea garatzea eta hainbat lanpostutara eta egoera berrietara egokitzea.

    2. Enpresa txiki bat ezartzea eta administratzea, eta, horretarako, produktuen bideragarritasunari, produkzioaren plangintzari eta merkaturatzeari buruzko oinarrizko azterketa egitea.

    3. Bizitza ekonomikoan, sozialean eta kulturalean parte-hartze aktiboa izatea, jarrera kritiko eta arduratsuarekin.

  3. Titulu honetan biltzen diren Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionaleko kualifikazioen eta konpetentzia-atalen zerrenda:

    Osatutako lanbide-kualifikazioak:

    1. HOT328_2: Jatetxeko zerbitzuak (abenduaren 14ko 1700/2007 Errege Dekretua). Konpetentzia-atal hauek barne hartzen ditu:

      UC1052_2: Elikagaiak eta edariak aretoan zerbitzatzeko prozesuak garatzea.

      UC1048_2: Ardoak zerbitzatzea eta horiei buruzko oinarrizko informazioa ematea.

      UC1053_2: Bezeroen aurrean platerak elaboratzea eta amaitzea.

      UC1054_2: Jatetxe-arloan mota guztietako zerbitzu bereziak antolatzea.

      UC0711_2: Ostalaritzan segurtasun- eta higiene-arauak eta ingurumena babesteari buruzkoak betez jardutea.

      UC1051_2: Jatetxe-arloko zerbitzuetan ingelesez komunikatzea, oinarrizko erabiltzailearen mailan.

    2. HOT327_2: Tabernako eta kafetegiko zerbitzuak (abenduaren 14ko 1700/2007 Errege Dekretua). Konpetentzia-atal hauek barne hartzen ditu:

      UC1046_2: elikagaiak eta edariak barran eta mahaian zerbitzatzeko prozesuak garatzea.

      UC1047_2: ardoez bestelako edariei buruz aholkatzea eta edari horiek prestatzea eta aurkeztea.

      UC1048_2: ardoak zerbitzatzea eta horiei buruzko oinarrizko informazioa ematea.

      UC1049_2: taberna-kafetegiko eskaintzako norberaren elaborazio errazak prestatzea eta erakusgai jartzea.

      UC1050_2: taberna-kafetegia kudeatzea.

      UC0711_2: ostalaritzan segurtasun- eta higiene-arauak eta ingurumena babesteari buruzkoak betez jardutea.

      UC1051_2: jatetxe-arloko zerbitzuetan ingelesez komunikatzea, oinarrizko erabiltzailearen mailan.

      Osatu gabeko lanbide-kualifikazioak.

    1. INA015_2: okintza eta opilgintza (otsailaren 20ko 295/2004 Errege Dekretua). Konpetentzia-atal hau barne hartzen du.

      UC0036_2: okintza-industrian segurtasun- eta higiene-araudia eta ingurumena babesteari buruzkoa aplikatzea.

    2. INA107_2: pastelgintza eta konfiteria (irailaren 16ko 1087/2005 Errege Dekretua). Konpetentzia-atal hau barne hartzen du:

      UC0310_2: elikagaien industrian segurtasun- eta higiene-araudia eta ingurumena babesteari buruzkoa aplikatzea.

    3. HOT0223_2: gozogintza (urriaren 27ko 1228/2006 Errege Dekretua). Konpetentzia-atal hau barne hartzen du:

      UC0711_2: ostalaritzan segurtasun- eta higiene-arauak eta ingurumena babesteari buruzkoak betez jardutea.

    4. HOT093_2: sukaldaritza (otsailaren 20ko 295/2004 Errege Dekretua). Konpetentzia-atal hau barne hartzen du:

      UC0259_2: eskaintza gastronomikoak definitzea, hornikuntza egitea eta kontsumoak kontrolatzea.

  1. Lanbide-irudi honek nagusiki ostalaritza-sektoreko enpresa handietan zein ertain eta txikietan garatzen du bere lanbide-jarduera, baina bere kontura ere lan egin dezake jatetxe-arloko establezimendu txikietan.

    Lanbide hau elikagaiak eta edariak elaboratzeko eta zerbitzatzeko prozesuak garatzen dituzten produkzio-sektoreetan eta azpisektoreetan garatzen da, esate baterako ostalaritza-sektorean eta, horren esparruan, ostalaritzako eta jatetxe-arloko (tradizionala, modernoa eta kolektiboa) azpisektoreetan.

  2. Lanbide eta lanpostu garrantzitsuenak hauek dira:

    Taberna-kafetegiko edo jatetxeko zerbitzaria.

    Jangelako zerbitzaria.

    Elikagaiak eta edariak produzitzeko eta zerbitzatzeko unitateetako ekonomatuko langilea.

    Tabernaria.

    Sommelier-laguntzailea.

    Garraiobideetako zerbitzuetako laguntzailea.

Heziketa-zikloko irakaskuntzetan honako alderdi hauek sartzen dira:

  1. Heziketa-zikloaren helburu orokorrak:

    1. Elikagaien eta edarien zerbitzu motak ezaugarritzea eta bezero motarekin identifikatzea zerbitzua hautatzeko.

    2. Lehengaiak identifikatzea, horien propietateak eta kontserbatzeko baldintzak ezaugarrituta, haiek hartzeko, biltegiratzeko eta banatzeko.

    3. Makineria, tresnak eta erremintak kontrolatzeko aldagaiak hautatzea eta zehaztea, haien funtzionamendu-printzipioak ezagututa eta aplikatuta, lan-ingurunea prest jartzeko.

    4. Zerbitzu aurreko eta zerbitzuko prozesu eta eragiketen faseak identifikatzea, gauzatze-esparruan, eta produkzio-jarduerak eta zerbitzua egitekoak garatzeko prozesuak estandarizatzea.

    5. Bezeroentzako zerbitzuko eta arretako jarduerak ezaugarritzea, eta protokolo-arauak aplikatzea haien gogobetetasuna lortzeko.

    6. Faktura baten elementuak zehaztea eta informazio-teknologiak aplikatzea zerbitzua kobratzeko.

    7. Bezeroen iradokizun eta erreklamazioei erantzuteko prozedura aztertzea, eta haiei behar bezalako arreta emango zaiela ziurtatzeko inplikatutako erantzukizunak ezagutzea.

    8. Elikagaien kalitateko eta segurtasuneko arauak eta laneko eta ingurumeneko arriskuen prebentziokoak identifikatzea, produkzio-prozesuei eta zerbitzuak egitekoei lotutako arrisku-faktoreak eta kalitate-parametroak ezagututa, pertsonei eta ingurumenari kalterik ez eragiteko.

    9. Produkzio-prozesu batean lan-jarduerak baloratzea eta produkzio-helburuak lortzeko horiek prozesu orokorrean egiten duten ekarpena identifikatzea.

    10. Iritzi-aniztasuna aberastasun-iturri gisa baloratzea, beste jardunbide, ideia edo sinesmen batzuk ezagututa, arazoei konponbidea aurkitzeko eta erabakiak hartzeko.

    11. Lanbidean hobetzeko aukerak ezagutzea eta identifikatzea, informazioa biltzea eta ezagutzak eskuratzea, bere lanaren esparruan berritzeko eta eguneratzeko.

    12. Baldintza sozialak eta lanekoak arautzen dituen lege-esparrua aztertu ondoren, gizarteko agente aktibo gisa dituen eskubideak eta betebeharrak zein diren jakitea, herritar demokratiko gisa parte hartzeko.

    1. Negozio-aukerak ezagutzea eta identifikatzea, merkatua analizatuta eta bideragarritasuna aztertuta, bere enplegua sortzeko.

  2. Honakoa da heziketa-zikloa osatzen duten lanbide-moduluen zerrenda:

    1. Taberna-kafetegiko oinarrizko eragiketak.

    2. Jatetxeko oinarrizko eragiketak.

    3. Taberna-kafetegiko zerbitzuak.

    4. Jatetxeko eta ekitaldi berezietako zerbitzuak.

    5. Ardoa eta zerbitzua.

    6. Eskaintza gastronomikoak.

    7. Jatetxe-arloko komunikazio-teknikak.

    8. Elikagaiak manipulatzeko segurtasuna eta higienea.

    9. Ingelesa.

    10. Laneko prestakuntza eta orientabidea.

    11. Enpresa eta ekimen sortzailea.

    12. Lantokiko prestakuntza.

      1. eranskinean zehaztu da lanbide-moduluen ordu-esleipena eta lanbide-moduluak zein kurtsotan eman beharko diren.

        Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak arautu ditzakeen heziketa-eskaintzen arabera egokitu ahal izango da moduluen ordu-esleipena eta moduluak zein kurtsotan emango diren, dekretu honen 10. artikuluan xedatutakoarekin bat eginik.

  3. Lanbide-modulu bakoitzerako, ikaskuntzaren emaitzak (prestakuntzaldia amaitzean ikasleak jakin, ulertu eta egin dezan espero dena deskribatzen dutenak), eta ebaluazio-irizpideak eta eman beharreko edukiak ezartzen dira. II. eranskinean ezartzen da hori guztia.

  4. Lantokiko prestakuntzako modulua, bestalde, bigarren kurtsoko azken 12 asteetan garatuko da, eta ikastetxean egindako lanbide-modulu guztien ebaluazio positiboa lortu ondoren egingo da.

  5. Oinarrizko lan-jardunerako beharrezkoa den atzerriko hizkuntzaren tratamendua heziketa-ziklo honetako «Ingelesa» moduluan jasota dago.

Prestakuntza garatzeko, eta ezarritako emaitzak eta konpetentziak lortzeko gutxieneko espazioak eta ekipamenduak III. eranskinean zehazten dira.

  1. Heziketa-zikloko lanbide-modulu bakoitzerako irakasleen espezialitateak eta irakasteko eskumena IV. eranskinaren 1. atalean ezartzen dira.

  2. Irakaskuntza-kidegoetako irakasleei oro har eskatzen zaizkien titulazioak otsailaren 23ko 276/2007 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezartzen dira. Irakasleen espezialitateetarako 1. atalean adierazten diren titulazio baliokideak (irakaskuntzaren ondorioetarako) IV. eranskinaren 2. atalean jasotzen dira.

  3. Hezkuntzakoaz bestelako administrazioetan barne hartuta dauden titulartasun pribatuko nahiz titulartasun publikoko ikastetxeetako irakasleentzat, titulua osatzen duten lanbide-moduluak emateko beharrezko titulazioak eta beste edozein eskakizun IV. eranskinaren 3. atalean zehazten dira.

Jatetxe-arloko zerbitzuetako teknikariaren tituluaren jabe izateak aukera ematen du:

  1. Erdi-mailako beste edozein heziketa-ziklotan zuzenean sartzeko.

  2. Jatetxe-arloko zerbitzuetako teknikariaren tituluak aukera emango du, hemezortzi urte beteta izanez gero eta dagokion salbuespenaren kaltetan izan gabe, lanbide-arlo bereko goi-mailako heziketa-zikloetan proba bidez sartzeko; bai eta beste heziketa-ziklo batzuetan sartzeko ere, eskatutako zikloetarako lotura ematen duen batxilergoaren modalitate berekoak direnean.

  3. Jatetxe-arloko zerbitzuetako teknikariaren tituluak aukera emango du Batxilergoko edozein modalitatetan sartzeko, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 44.1 artikuluan eta abenduaren 15eko 1538/2006 Errege Dekretuaren 16.3 artikuluan ezarritakoaren arabera.

  1. Zenbait heziketa-ziklok komunak dituzten lanbide-moduluak baliozkotu egingo dira, baldin eta izen berekoak, eduki berekoak, ikaskuntzaren emaitza gisa adierazitako helburu berekoak, ebaluazio-irizpide berekoak eta antzeko iraupenekoak badira. Nolanahi ere, maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren babesean Laneko prestakuntza eta orientabidea modulua edo Enpresa eta ekimen sortzailea modulua gaindituta dituenak modulu horiek baliozkotuta izango ditu lege horren babespeko beste edozein ziklotan.

  2. Urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoaren babesean ezarritako lanbide-moduluen eta maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren babesean ezarritakoen arteko baliozkotzeak V. eranskinean adierazten dira.

  3. Otsailaren 26ko 32/2008 Dekretuaren 27. artikuluan ezarritakoaren arabera, Lantokiko prestakuntza lanbide-modulua osorik edo zati batean salbuestea erabaki ahal izango da, baldin eta heziketa-ziklo honekin lotutako lan-esperientzia egiaztatzen bada, artikulu horretan jasotako baldintzen arabera.

  4. «Laneko prestakuntza eta orientabidea» modulua baliozkotu ahal izateko, abenduaren 15eko 1538/2006 Errege Dekretuaren 45.3 artikuluan ezarritako eskakizunak betetzeaz gain, gutxienez urtebeteko lan-esperientzia egiaztatu eta laneko arriskuen prebentzioko oinarrizko mailako teknikari-ziurtagiria izan beharko da. Ziurtagiriak prebentzio-zerbitzuen araudia onartzen duen urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera luzatua izan behar du.

  5. «Enpresa eta ekimen sortzailea» modulua baliozkotu ahal izateko, abenduaren 15eko 1538/2006 Errege Dekretuaren 45.3 artikuluan ezarritako eskakizunak betetzeaz gain, gutxienez 3 urteko lan-esperientzia egiaztatu beharko da.

  6. Ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoaren 8. artikuluan ezarritakoaren arabera egiaztatzen diren konpetentzia-atalen eta moduluen arteko egokitasuna (horiek baliozkotzeko), eta titulu honetako lanbide-moduluen eta konpetentzia-atalen arteko egokitasuna (horiek egiaztatzeko) VI. eranskinean jasotzen dira.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak ziklo honetako irakaskuntzak araubide orokorrean ezarritakoaz bestelako eskaintza osoaren modalitatean eta urrutiko irakaskuntzan edo beste modalitate batzuetan eskaini ahal izateko baimena eta eskaintza horren oinarrizko alderdiak (hala nola, moduluen iraupena eta sekuentziazioa) arautuko ditu, hala badagokio.

  1. Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren hogeita hamaikagarren xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera, Hezkuntzari eta Hezkuntzako Erreforma Finantzatzeari buruzko abuztuaren 4ko 14/1970 Lege Orokorreko teknikari laguntzailearen tituluek abenduaren 14ko 1690/2007 Errege Dekretuan ezarritako Jatetxe-arloko zerbitzuetako teknikariaren tituluaren ondorio profesional berberak izango dituzte. Hona aipatutako tituluak:

    Zerbitzuetako teknikari laguntzailea, Ostalaritza eta turismoa adarra.

    Ostalaritzako, jatetxeko eta tabernako teknikari laguntzailea, Ostalaritza eta turismoa adarra (2. mailako modulu esperimentala).

    Araututako lanbideetan jarduteko gaitzen duten xedapenak betetzearen kaltetan izan gabe ulertuko dira baliokidetasun horiek.

  2. Abenduaren 17ko 2221/1993 Errege Dekretuak ezarritako Jatetxeko eta tabernako zerbitzuetako teknikariaren tituluak abenduaren 14ko 1690/2007 Errege Dekretuan ezarritako Jatetxe-arloko zerbitzuetako teknikariaren tituluaren ondorio profesional eta akademiko berberak izango ditu.

  3. Errege-dekretu honetan, «Laneko prestakuntza eta orientabidea» lanbide-modulurako ezarritako prestakuntzak trebatu egiten du laneko arriskuen prebentzioko oinarrizko mailako jardueretarako urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuan ezarritako lanbide-erantzukizunez arduratzeko. Errege-dekretu horrek prebentzio-zerbitzuen araudia onartzen du.

  4. 0031 Elikagaiak manipulatzeko segurtasuna eta higienea lanbide-moduluak elikagai-manipulatzaileei buruzko arauak ezartzen dituen Osasun eta Kontsumo Ministerioaren otsailaren 11ko 202/2000 Errege Dekretuan eta elikagai-manipulatzaileen etengabeko prestakuntzari buruzko xedapen osagarriak ezartzen dituen Osasun Sailaren urriaren 2ko 211/2001 Dekretuan ezarritako prestakuntza jasotzen du.

  5. 0156 Ingelesa lanbide-moduluaren ikaskuntzaren emaitzek, ebaluazio-irizpideek eta edukiek UC1051_2 konpetentzia-atalean ezarritakoarekin erlazionatuta dagoen guztia hartzen dute beren baitan, lanbide-jarduna errazteko tresna erabilgarria da-eta. Titulu akademikoaren berezko beste zenbait hizkuntza-konpetentzia ere sartzen dira. Horrenbestez, zirkunstantzia hori VI. eranskinean islatuta geratu da.

Indargabetuta geratu dira Dekretu honen aurka egiten duten lerrun bereko edo txikiagoko arauak.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2009ko ekaunaren 30ean.

Lehendakaria,

FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburua,

MARÍA ISABEL CELAÁ DIÉGUEZ.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.