Arautegia

Inprimatu

425/2009 DEKRETUA, ekainaren 30ekoa, Farmaziako eta parafarmaziako teknikariaren tituluari dagokion curriculuma ezartzen duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 156
  • Hurrenkera-zk.: 4606
  • Xedapen-zk.: 425
  • Xedapen-data: 2009/06/30
  • Argitaratze-data: 2009/08/17

Testu legala

Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoaren 10.1 artikuluak ezartzen duenez, Estatuko Administrazio Orokorrak finkatuko ditu Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalean aditzera emandako lanbide-prestakuntzako eskaintzak osatuko dituzten profesionaltasun-ziurtagiriak eta -tituluak, betiere Konstituzioaren 149.1.30 eta 7. artikuluan xedatutakoaren arabera eta Lanbide Heziketaren Kontseilu Nagusiari kontsultatu ondoren.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 39.6 artikuluak xedatzen duenez, Espainiako Gobernuak, autonomia-erkidegoei kontsultatu ostean, lanbide-heziketako ikasketei dagozkien titulazioak ezarriko ditu, baita titulazio horietako bakoitzaren curriculumaren oinarrizko alderdiak ere.

Hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen abenduaren 15eko 1538/2006 Errege Dekretuaren 6. artikuluan definitzen da lanbide-heziketako tituluen egitura. Horretarako, Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionala, Europar Batasunak finkatutako arteztarauak, eta gizarte-intereseko beste alderdi batzuk hartu dira kontuan. Bestalde, errege-dekretu horren 7. artikuluak zehazten du titulu horien lanbide-profila, eta horren barnean hartuko dira konpetentzia orokorra, konpetentzia profesionalak, pertsonalak eta sozialak, eta, hala badagokio, tituluei dagozkien Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalaren konpetentzia-atalak.

Abenduaren 14ko 1689/2007 Errege Dekretuak Farmaziako eta parafarmaziako teknikariaren titulua ezartzen du, eta haren gutxieneko irakaskuntzak finkatzen ditu. Azken arau horrek apirilaren 7ko 547/1995 Errege Dekretuaren bitartez ezarritako farmaziako teknikariaren tituluaren erregulazioa ordezkatzen du.

Bestetik, hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen 1538/2006 Errege Dekretuaren 17. artikuluak xedatzen duenez, hezkuntza-administrazioek ezarriko dituzte Lanbide Heziketako irakaskuntzen curriculumak. Edonola ere, errege-dekretu horretan bertan xedatutakoa eta titulu bakoitza erregulatzen duten arauetan xedatutakoa errespetatu beharko dute.

Euskal Autonomia Erkidegoaren berezko eskumenen esparruari dagokionez, Autonomia Estatutuaren 16. artikuluan aditzera ematen denez, «Konstituzioaren lehen erabaki gehigarrian erabakitzen dena aplikatzeko, irakaskuntza, zabalera, maila, gradu, era eta espezialitate guztietan, Euskal Herriko Komunitate Autonomoaren konpetentziapean dago, Konstituzioaren 27. artikuluaren eta berori zehaztuko duten Lege Organikoei, haren 149.1.30 artikuluak Estatuari ematen dizkion ahalmenei eta guztiori betetzeko eta bermatzeko behar den goi inspekzioari kalterik egiteke».

Bestalde, otsailaren 26ko 32/2008 Dekretuak, hezkuntza-sistemaren barruan, Lanbide Heziketaren antolamendu orokorra ezartzen du Euskal Autonomia Erkidegoaren esparrurako.

Azaldutako aurrekarien arabera, dekretu honen helburua da Euskal Autonomia Erkidegorako ezartzea Farmaziako eta parafarmaziako teknikariaren tituluari dagozkion Lanbide Heziketako irakaskuntzetarako curriculuma, betiere Farmaziako eta parafarmaziako teknikariaren titulua ezartzen duen abenduaren 14ko 1689/2007 Errege Dekretuaren babesean.

Farmaziako eta parafarmaziako teknikariaren tituluaren curriculumean alderdi hauek deskribatzen dira: alde batetik, tituluak adierazten duen lanbide-profila (kualifikazioak eta konpetentzia-atalak zerrendatzen dira, eta konpetentzia profesionalak, pertsonalak eta sozialak deskribatzen dira); eta, bestetik, tituluak biltzen dituen helburu orokorren eta lanbide-moduluen bidez, besteak beste, ezarritako irakaskuntzak (lanbide-modulu bakoitzari dagozkion ikaskuntzaren emaitzak, ebaluazio-irizpideak eta edukiak, eta horiek antolatu eta ezartzeko jarraibideak eta zehaztapenak barne hartuta).

Helburu orokorrak profilean deskribatzen diren konpetentzia profesional, pertsonal eta sozialetatik atereak dira. Haietan, ikasleak heziketa-zikloaren amaieran eskuratu behar dituen gaitasunak eta lorpenak adierazten dira; hortaz, heziketa-zikloa osatzen duten lanbide-moduluetako bakoitzean landu beharreko edukiak eta ikasleak bereganatu behar dituen ikaskuntzaren emaitzak lortzeko lehen iturria dira.

Modulu bakoitzean jasotako edukiak irakatsi eta ikasteko prozesuaren euskarria dira; ikasleak trebetasun eta abilezia teknikoak, etorkizun profesionalean aurrera egiteko kontzeptuzko oinarri zabala eta lortu nahi den kualifikazioarekiko lanbide-nortasun koherentea islatuko duten portaerak eskura ditzan.

Dekretu hau bideratzean, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 19. artikulutik 22. artikulura bitartean aurreikusten diren izapideak bete dira.

Hori dela-eta, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuak proposatuta, Lanbide Heziketako Euskal Kontseiluak emandako txostenarekin eta gainerako aginduzko txostenekin, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren arabera, irailaren 12ko 167/2006 Dekretuak onartutako antolamendu eta funtzionamendu erregelamenduaren 33. artikuluak zehazten duenez, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2009ko ekainaren 30ean egindako bilkuran eztabaidatu eta onartu ondoren, hauxe

  1. Dekretu honek Farmaziako eta parafarmaziako teknikariaren tituluari dagozkion Lanbide Heziketako irakaskuntzetarako curriculuma ezartzen du Euskal Autonomia Erkidegorako.

  2. Ikastetxeak duen autonomia pedagogikoaren eta antolamendukoaren ildotik, hari dagokio bere Ikastetxearen Ikasketa Proiektua ezartzea, eta proiektu horretan ezarriko ditu bere irakaskuntza-lanaren ezaugarriak eta nortasuna zehazteko, eta lanbide-moduluen programazioak prestatzeari buruzko irizpideak finkatzeko beharrezko erabakiak.

  3. Ikastetxearen Ikasketa Proiektuaren esparruan, heziketa-zikloaren ardura duen irakasle-taldeari eta, zehazki, irakasle bakoitzari dagokio programazioak prestatzea. Horretarako, ezartzen diren helburu orokorrak kontuan izan beharko ditu, lanbide-modulu bakoitzean bildutako ikaskuntzaren emaitzak eta edukiak errespetatu beharko ditu, eta (oso garrantzitsua) irakaskuntzen erreferentziazko lanbide-profila hartu beharko du euskarri.

Farmaziako eta parafarmaziako teknikariaren titulua elementu hauek identifikatzen dute:

Izena: Farmazia eta Parafarmazia.

Maila: Erdi-mailako Lanbide Heziketa.

Iraupena: 2.000 ordu.

Lanbide-arloa: Osasuna.

Kodea: INSN-3 (Irakaskuntzaren Nazioarteko Sailkapen Normalizatua)

Tituluari dagokion lanbide-profila, konpetentzia orokorraren, konpetentzia profesionalen, pertsonalen eta sozialen, lanbide-kualifikazioen eta konpetentzia-atalen bidez adierazten da.

  1. Titulu honen konpetentzia orokorra da farmazia-produktuak eta antzekoak banatzen eta egiten laguntzea eta parafarmazia-produktuak saltzea, betiere osasuna sustatuz, biltegia kontrolatzeko lanak eta administrazio-lanak eginez, eta kalitate, segurtasun eta ingurumen-babeseko zehaztapenak betez.

  2. Konpetentzia profesionalak, pertsonalak eta sozialak.

    Honako hauek dira titulu honen konpetentzia profesionalak, pertsonalak eta sozialak:

    1. Farmazia eta parafarmaziako produktuak antolatzea eta izakinak kontrolatzea, produktuak kontserbazio-eskakizunen arabera biltegiratuz.

    2. Farmazia-produktuen banaketan laguntzea, eta produktuen ezaugarrien eta zentzuzko erabileraren berri ematea.

    3. Parafarmaziako produktuak saltzea, eta, horretarako, eskariei arreta jartzea eta erabiltzaileei informazio argia ematea.

    4. Ospitale-unitateetan banatzeko moduan prestatzea farmazia-produktuak, betiere fakultatiboaren gainbegiratupean.

    5. Farmaziako eta parafarmaziako produktuak prestatzeko lanetan laguntzea, segurtasun eta kalitateko protokoloak aplikatuz.

    6. Fakultatiboari laguntzea erabiltzailearen jarraipen farmakoterapeutikoan.

    7. Erabiltzailearen bizi-konstanteen eta parametro somatometrikoen balioak lortzea fakultatiboaren gainbegiratupean.

    8. Kontrol analitikoak egitea fakultatiboaren gainbegiratupean, eta materiala eta ekipoak prestatzea ezarritako segurtasun eta kalitateko protokoloen arabera.

    9. Laneko zona, ekipoak, materiala eta tresneria erabiltzeko baldintza egokietan mantentzea.

    10. Erabiltzaileen artean bizimodu osasuntsuak sustatzea, haien osasuna mantentzeko edo hobetzeko eta gaixotasuna saihesteko.

    11. Errezetak fakturatzea, aplikazio informatikoak erabiliz.

    12. Establezimenduan sortzen den dokumentazioa abiapuntu izanik egitea administrazio-zereginak.

    1. Larrialdiko egoeretan hasierako oinarrizko arreta jartzea, ezarritako protokoloaren arabera.

    2. Erabiltzaileei psikologikoki laguntzea, diskrezioari eta gizalegezko eta errespetuzko tratuari eutsiz.

    3. Zuhurtasunez eta segurtasunez esku hartzea, jasotako laneko jarraibideak errespetatuz.

    4. Hondakinak eta amaiera-epea amaituta duten produktuak hautatzea, indarrean dagoen araudiaren arabera ezabatzeko.

    5. Laneko arriskuen eta ingurumenaren alorreko kalitate eta prebentzioko prozedurak aplikatzea, farmazia-prozesuetan ezarritakoaren arabera.

    6. Bere eskubideez baliatzea eta lan-harremanen ondoriozko betebeharrak betetzea, indarrean dagoen legerian ezarritakoaren arabera.

    7. Lanbide-karrera kudeatzea, enplegurako, autoenplegurako eta ikaskuntzarako aukerak aztertuz.

    8. Enpresa txikia sortzea eta kudeatzea, eta produktuen bideragarritasuna, produkzioaren plangintza eta merkaturatzea aztertzea.

    9. Bizitza ekonomikoan, sozialean eta kulturalean parte-hartze aktiboa izatea, jarrera kritiko eta arduratsuarekin.

    10. Ezarritako arauei eta prozedurei jarraituz, arazoak ebaztea eta norbanako erabakiak hartzea, bere eskumeneko esparruaren barruan definituak.

  3. Titulu honetan biltzen diren Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionaleko kualifikazioen eta konpetentzia-atalen zerrenda:

    Osatutako lanbide-kualifikazioak:

    SAN123_2 Farmazia (irailaren 16ko 1087/2005 Errege Dekretua). Konpetentzia-atal hauek barne hartzen ditu:

    UC0363_2: produktuak eta materialak kontrolatzea eta fakturazioa eta dokumentazioa egitea farmaziako establezimenduetan eta zerbitzuetan.

    UC0364_2: farmazia-produktuen banaketan laguntzea, eta erabiltzaileei produktu horien erabilerari buruz informatzea, parametro somatometriko sinpleak finkatuz, fakultatiboaren gainbegiratupean.

    UC0365_2: parafarmazia-produktuen eta osasun-produktuen banaketan laguntzea eta erabiltzaileei produktu horien erabilerari buruz informatzea, fakultatiboaren gainbegiratupean.

    UC0366_2: formula magistralak eta prestakin ofizinalak, dietetikoak eta kosmetikoak egiten laguntzea, fakultatiboaren gainbegiratupean.

    UC0367_2: oinarrizko eta normalizatutako analisi klinikoak egiten laguntzea, fakultatiboaren gainbegiratupean.

    UC0368_2: osasunaren babes eta sustapenean, gaixotasunen prebentzioan, eta osasun-hezkuntzan laguntzea, fakultatiboaren gainbegiratupean.

  1. Irudi profesional honek farmaziako eta parafarmaziako produktuak eta, oro har, giza osasunarekin edo animalia-osasunarekin lotzen diren produktuak, kosmetikako produktuak, fitoterapiako produktuak eta antzekoak saltzen dituzten establezimenduetan egiten du lan. Era berean, farmazia-produktuak eta antzekoak egiteko laborategi txikietan egin dezake lan.

  2. Lanbide eta lanpostu garrantzitsuenak hauek dira:

    Farmaziako teknikaria.

    Farmaziako teknikari laguntzailea.

    Sendagai-biltegiko teknikaria.

    Ospitale-farmaziako teknikaria.

    Parafarmazia-establezimenduetako teknikaria.

Heziketa-zikloko irakaskuntzetan honako alderdi hauek sartzen dira:

  1. Heziketa-zikloaren helburu orokorrak:

    1. Eskariak kudeatzeko eta jasotzeko sistemak aztertzea eta kudeaketarako programa informatikoak eta bestelako sistemak maneiatzea, farmazia eta parafarmaziako produktuen izakinak kontrolatzeko.

    2. Farmazia eta parafarmaziako produktuak jaso direla egiaztatzea, izakinak kontrolatzearren.

    3. Biltegiratzeko prozesua planifikatzea eta, horretarako, sailkatze-irizpideak aplikatzea eta kontserbazio-baldintzak betetzea, farmazia eta parafarmaziako produktuen antolamendua kontrolatzeko.

    4. Farmazia eta parafarmaziako produktuen ezaugarriak eta aurkezpena ezagutzea, eta produktu horiek haien aplikazioekin lotzea, produktuen banaketan laguntza eskaintzeko.

    5. Produktuaren erabilera egokiari buruz informatzea, eta, horretarako, farmazia eta parafarmaziako produktuak banatzeko emandako informazio teknikoa interpretatzea, kontsultei arreta eskaintzea eta argi eta garbi jakinaraztea erabiltzaileei produktuen ezaugarriak eta produktuen zentzuzko erabilera.

    6. Farmazia-produktuen sortak egitea, dosifikatzea eta ontziratzea, kalitate eta segurtasuneko baldintzetan, ospitale-unitateetarako prestatu eta banatzeko.

    7. Beharrezko ekipamenduak, lehengaiak eta erreaktiboak prestatzea, argibide teknikoei eta segurtasun eta kalitateko protokoloei jarraituz, betiere fakultatiboari formula magistralak, prestakin ofizinalak eta kosmetikoak prestatzen laguntzeko.

    8. Laborategiko oinarrizko lanak egitea, argibide teknikoei eta segurtasun eta kalitateko protokoloei jarraituz, betiere fakultatiboari formula magistralak, prestakin ofizinalak eta kosmetikoak prestatzen laguntzeko.

    9. Tratamenduari dagozkion datuak erregistratzea eta bidezko formularioak betetzea, fakultatiboari erabiltzailearen jarraipen farmako-terapeutikoan laguntzeko.

    10. Somatometriako prozedurak eta bizi-konstanteak hartzeko prozedurak aplikatzea, eta, horretarako, erabiltzailearen parametro somatometrikoak eta bizi-konstanteak lortzeko protokoloak eta jarraibide teknikoak interpretatzea.

    11. Analisirako ekipamenduak eta materiala prestatzea, argibide teknikoak jarraituz eta kalitate, segurtasun eta higieneko arauak aplikatuz, eta oinarrizko analisi klinikoak egiteko prozedurak aplikatzea.

    12. Zehaztapen analitikoak eta klinikoak egitea, argibide teknikoak jarraituz eta kalitate, segurtasun eta higieneko arauak aplikatuz eta oinarrizko analisi klinikoak egiteko prozedurak aplikatuz.

    1. Materiala, tresneria eta ekipamenduak higienizatzea, eta hondakinak ezabatzeko arauen eta protokoloen arabera garbitzea, desinfektatzea eta esterilizatzea, erabiltzean baldintza ezin hobeetan mantentzeko.

    2. Arrisku-egoerak identifikatzea, erabiltzailearengandik jasotako informazioak hautatuz, betiere bizi-ohitura osasuntsuak sustatzeko.

    3. Erabiltzaileak sentsibilizatzea, haien beharren araberako informazioa hautatuz, betiere bizi-ohitura osasuntsuak sustatzeko, osasuna mantentzeko edo hobetzeko eta gaixotasunak saihesteko.

    4. Administrazio-lanak egitea, eta dokumentazioa indarrean dagoen legeriaren arabera antolatzea eta betetzea, errezeten fakturazioa bideratzeko eta establezimenduan sortzen den dokumentazioa kudeatzeko.

    5. Lehen laguntzetako teknikak identifikatzea, larrialdi-egoeretan hasierako eta oinarrizko laguntza emateko ezarritako jardun-protokoloen arabera.

    6. Erabiltzailearen egoera psikologikoa identifikatzea eta haren beharrak eta jokabide anomaloak hautematea, haren behar psikologikoei arreta emateko.

    7. Laguntza logistikoko eta komunikazioko teknikak interpretatzea, eta behar eta jokabide anomaloak hautematea, erabiltzaileen behar psikologikoei arreta emateko.

    8. Iritzi-aniztasuna aberastasun-iturri gisa baloratzea, beste jardunbide, ideia edo sinesmen batzuk ezagututa, arazoei konponbidea aurkitzeko eta erabakiak hartzeko.

    9. Lanbidean hobetzeko aukerak ezagutzea eta identifikatzea, informazioa biltzea eta ezagutzak eskuratzea, nork bere lanaren esparruan berritzeko eta eguneratzeko.

    10. Baldintza sozialak eta lanekoak arautzen dituen lege-esparrua aztertu ondoren, gizarteko agente aktibo gisa dituen eskubideak eta betebeharrak zein diren jakitea, herritar demokratiko gisa parte hartzeko.

    11. Negozio-aukerak ezagutzea eta identifikatzea, merkatua analizatuta eta bideragarritasuna aztertuta, nork bere enplegua sortzeko.

  2. Honakoa da heziketa-zikloa osatzen duten lanbide-moduluen zerrenda:

    1. Produktuen antolamendua eta salmenta.

    2. Farmazia-bulegoa.

    3. Farmazia-produktuen banaketa.

    4. Parafarmazia-produktuen banaketa.

    5. Laborategiko oinarrizko lanak.

    6. Formulazio magistrala.

    7. Osasuna sustatzea.

    8. Lehen laguntzak.

    9. Oinarrizko anatomofisologia eta patologia.

    10. Ingeles teknikoa.

    11. Laneko prestakuntza eta orientabidea.

    12. Enpresa eta ekimen sortzailea.

    1. Lantokiko prestakuntza.

      1. eranskinean zehaztu da lanbide-moduluen ordu-esleipena eta lanbide-moduluak zein kurtsotan eman beharko diren.

        Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak arautu ditzakeen heziketa-eskaintzen arabera egokitu ahal izango da moduluen ordu-esleipena eta moduluak zein kurtsotan emango diren, dekretu honen 10. artikuluan xedatutakoarekin bat eginik.

  3. Lanbide-modulu bakoitzerako, ikaskuntzaren emaitzak (prestakuntzaldia amaitzean ikasleak jakin, ulertu eta egin dezan espero dena deskribatzen dutenak), eta ebaluazio-irizpideak eta eman beharreko edukiak ezartzen dira. II. eranskinean ezartzen da hori guztia.

  4. Lantokiko prestakuntzako modulua, bestalde, bigarren kurtsoko azken 12 asteetan garatuko da, eta ikastetxean egindako lanbide-modulu guztien ebaluazio positiboa lortu ondoren egingo da.

  5. Europako Batzordeak ezarritako oinarrizko konpetentziak garatzeko eta sakontzeko gomendioei jarraituz eta lehentasuneko arloekin lotzen den prestakuntzaren garapenaren indarrez, curriculumean Ingeles teknikoa modulua txertatuta landuko da heziketa-ziklo horretan atzerriko hizkuntza, betiere Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoaren hirugarren xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera.

Prestakuntza garatzeko, eta ezarritako emaitzak eta konpetentziak lortzeko gutxieneko espazioak eta ekipamenduak III. eranskinean zehazten dira.

  1. Heziketa-zikloko lanbide-modulu bakoitzerako irakasleen espezialitateak eta irakasteko eskumena IV. eranskinaren 1. atalean ezartzen dira.

  2. Irakaskuntza-kidegoetako irakasleei oro har eskatzen zaizkien titulazioak otsailaren 23ko 276/2007 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezartzen dira. Irakasleen espezialitateetarako 1. atalean adierazten diren titulazio baliokideak (irakaskuntzaren ondorioetarako) IV. eranskinaren 2. atalean jasotzen dira.

  3. Hezkuntzakoaz bestelako administrazioetan barne hartuta dauden titulartasun pribatuko nahiz titulartasun publikoko ikastetxeetako irakasleentzat, titulua osatzen duten lanbide-moduluak emateko beharrezko titulazioak eta beste edozein eskakizun IV. eranskinaren 3. atalean zehazten dira.

Farmaziako eta parafarmaziako teknikariaren tituluak aukera ematen du:

  1. Erdi-mailako beste edozein heziketa-ziklotan zuzenean sartzeko.

  2. Farmaziako eta parafarmaziako teknikari tituluak aukera emango du, hemezortzi urte beteta izanez gero eta dagokion salbuespenaren kaltetan izan gabe, lanbide-arlo bereko heziketa-zikloetan proba bidez sartzeko; baita beste heziketa-ziklo batzuetan sartzeko ere, eskatutako zikloetarako lotura ematen duen batxilergoaren modalitate berekoak direnean.

  3. Farmaziako eta parafarmaziako teknikariaren tituluak aukera emango du Batxilergoko edozein modalitatetan sartzeko, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 44.1 artikuluan eta abenduaren 15eko 1538/2006 Errege Dekretuaren 16.3 artikuluan xedatutakoaren arabera.

  1. Zenbait heziketa-ziklok komunak dituzten lanbide-moduluak baliozkotu egingo dira, baldin eta izen berekoak, eduki berekoak, ikaskuntzaren emaitza gisa adierazitako helburu berekoak, ebaluazio-irizpide berekoak eta antzeko iraupenekoak badira. Nolanahi ere, maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren babesean Laneko prestakuntza eta orientabidea modulua edo Enpresa eta ekimen sortzailea modulua gaindituta dituenak modulu horiek baliozkotuta izango ditu lege horren babespeko beste edozein ziklotan.

  2. Urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoaren babesean ezarritako lanbide-moduluen eta maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren babesean ezarritakoen arteko baliozkotzeak V. eranskinean adierazten dira.

  3. Otsailaren 26ko 32/2008 Dekretuaren 27. artikuluan ezarritakoaren arabera, Lantokiko prestakuntza lanbide-modulua osorik edo zati batean salbuestea erabaki ahal izango da, baldin eta heziketa-ziklo honekin lotutako lan-esperientzia egiaztatzen bada, artikulu horretan jasotako baldintzen arabera.

  4. «Laneko prestakuntza eta orientabidea» modulua baliozkotu ahal izateko, abenduaren 15eko 1538/2006 Errege Dekretuaren 45.3 artikuluan ezarritako eskakizunak betetzeaz gain, gutxienez urtebeteko lan-esperientzia egiaztatu eta laneko arriskuen prebentzioko oinarrizko mailako teknikari-ziurtagiria izan beharko da. Ziurtagiriak prebentzio-zerbitzuen araudia onartzen duen urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera luzatua izan behar du.

  5. «Enpresa eta ekimen sortzailea» modulua baliozkotu ahal izateko, abenduaren 15eko 1538/2006 Errege Dekretuaren 45.3 artikuluan ezarritako eskakizunak betetzeaz gain, gutxienez 3 urteko lan-esperientzia egiaztatu beharko da.

  6. Titulu honen profilarekin lotzen diren konpetentzia-atal guztiak Aintzatespen eta Ebaluazio Sistemaren bidez egiaztatu dituztenek Ingeles teknikoko modulua baliozkotzea eskatu ahal izango dute, baldin eta gutxienez 3 urteko lan-esperientzia egiaztatzen badute, abenduaren 15eko 1538/2006 Errege Dekretuaren 45.3 artikuluan xedatutakoaren indarrez.

  7. Ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoaren 8. artikuluan ezarritakoaren arabera egiaztatzen diren konpetentzia-atalen eta moduluen arteko egokitasuna (horiek baliozkotzeko), eta titulu honetako lanbide-moduluen eta konpetentzia-atalen arteko egokitasuna (horiek egiaztatzeko) VI. eranskinean jasotzen dira.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak ziklo honetako irakaskuntzak araubide orokorrean ezarritakoaz bestelako eskaintza osoaren modalitatean eta urrutiko irakaskuntzan edo beste modalitate batzuetan eskaini ahal izateko baimena eta eskaintza horren oinarrizko alderdiak (hala nola, moduluen iraupena eta sekuentziazioa) arautuko ditu, hala badagokio.

  1. Errege-dekretu honetan, «Laneko prestakuntza eta orientabidea» lanbide-modulurako ezarritako prestakuntzak trebatu egiten du laneko arriskuen prebentzioko oinarrizko mailako jardueretarako urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuan ezarritako lanbide-erantzukizunez arduratzeko. Errege-dekretu horrek prebentzio-zerbitzuen araudia onartzen du.

  2. Hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen abenduaren 15eko 1538/2006 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera, errege-dekretu horretan biltzen diren elementuek ez dute osatzen inolako lanbide-titulaturen jardunaren erregulazioa indarrean dagoen legeriak lanbide-titulatuei lotzen dien lanbide-jardunaren esparruari dagokionez.

  3. 0020 Lehen laguntzak lanbide-moduluan, osasungintzakoa ez den pertsonalak kanpoko desfibriladore automatikoak erabiltzeari buruzko Osasun Sailaren urtarrilaren 23ko 8/2007 Errege Dekretuak ezarritako prestakuntza jasotzen da.

Indargabetuta geratu dira dekretu honen aurka egiten duten lerrun bereko edo txikiagoko arauak.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2009ko ekainaren 30ean.

Lehendakaria,

FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburua,

MARÍA ISABEL CELAÁ DIÉGUEZ.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.