Arautegia

Inprimatu

145/2008 DEKRETUA, uztailaren 29koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Errolda Nagusiaren Erregelamendua onartzen duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 162
  • Hurrenkera-zk.: 4936
  • Xedapen-zk.: 145
  • Xedapen-data: 2008/07/29
  • Argitaratze-data: 2008/08/27

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Euskadiko Elkarteei buruzko ekainaren 22ko 7/2007 Legearen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoaren bakarreko eskumenekoak diren elkarteen araubide juridikoa ezartzea eta Elkartegintza sustatzea, elkarteen gizarte-balioa aldarrikatuz eta horiek herri-onurakotzat aitortzearen nondik norakoak arautuz.

Aipatutako lege horrek indargabetu egiten du Bazkunei buruzko otsailaren 12ko 3/1988 Legea, erregelamendua garatu gabe zeukana. Hortaz, beharrezkoa da onartu berri den ekainaren 22ko 7/2007 Legearen araudia garatzea dekretu honen bidez, batez ere Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Errolda Nagusiaren erregulazioari dagokionez.

Erregelamendu honen xedea da, batetik, Erroldaren barne egitura eta funtzionamendua eguneratu eta sinplifikatzea, Erregistroaren ardura eta kudeaketa esku artean izan dutenek bildutako eskarmentua baliatuz.

Bestetik, erregelamenduzko arau honen xede nagusia da elkarteek Erroldarekin dituzten harremanei segurtasun juridiko handiagoa ematea eta harreman horiek argitzea, entitate horiek euren egintza juridiko garrantzikoenak Erroldan jasotzeko jarraitu beharreko prozedurei dagokienez, batez ere hirugarrenen aurrean garrantzi handikoak izateagatik zabalkunde berezia behar duten egintzak badira.

Erregelamenduak bi kapitulu ditu. I. kapituluan Erroldaren izaera, egitekoak eta antolamendua arautzen dira, publizitatea emateko nolako bideak dituen eta bere orrietan egin beharreko idazpenak zeintzuk diren zehazki garatuz.

  1. kapituluan, berriz, Erroldan inskribatu daitezkeen egintzak zehaztasunez finkatu eta egintza horiek Erroldan jasotzeko dauden prozedurak sakon eta xehetasunez arautzen dira; horretarako, zenbait arau ezartzen dira honako alderdi hauek zehazten dituztenak: prozedura hasteko eskaera, aurkeztu beharreko agiriak eta, azkenik, prozedurek eragin behar duten erregistro-idazpen bakoitzaren edukia.

    Ondorioz, Euskadiko Elkarteei buruzko ekainaren 22ko 7/2007 Legearen azken xedapenetatik lehenak ematen duen ahalmenez baliatuz, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuaren proposamenez, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2008ko uztailaren 29an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, honako hau

Errolda beharrezko baliabide informatikoez hornitzen den momentuan, erregistroko idazpenetara sartzeko “on-line” bide telematikoa jarriko da martxan, idazpen horien zabalkunde handiagoa lortze aldera.

Dekretu hau indarrean jarri baino lehen hasitako espedienteak momentu horretara arte indarrean egongo diren xedapenen arabera izapidetu eta ebatziko dira.

Euskadiko Elkarteen Errolda Nagusia sortu zuen martxoaren 25eko 77/1986 Dekretua indargabetzen da, baita maila bereko edo beheragoko beste edozein xedapen ere, baldin eta dekretu honetan gai honen inguruan ezarri denaren kontrakoa bada.

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuari eskumena ematen zaio dekretu hau garatzeko eta betearazteko beharrezko diren xedapenak hartzeko eta, bereziki, erantsitako Erregelamenduaren 17.1 artikuluan aurreikusitako xede-kodea onartzeko eta Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Errolda Nagusiaren funtzionamendua egokitzeko EAEko Administrazioak bere jardueraren garapenean eta herritarrekiko eta gainerako herri administrazioekiko harremanetan baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoak erabiltzeari buruzko arautegira.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2008ko uztailaren 29an.

Lehendakaria,

JUAN JOSΙ IBARRETXE MARKUARTU.

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburua,

JOSEBA AZCΑRRAGA RODERO.

Erregelamendu honen helburua Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Errolda Nagusia arautzea da, Euskadiko Elkarteei buruzko ekainaren 22ko 7/2007 Legearen 12.1 artikuluan eta XI. kapituluan ezarritakoaren arabera.

  1. – Erroldak administrazio-izaera dauka eta zerbitzu publikoa da, nola herritarrentzat, hala bertara jo nahi duten erakunde publiko eta pribatuentzat.

  2. – Errolda doakoa da eta, beraz, zerbitzuak ematearen truke ez da inolako administrazio-tasarik sortuko.

  3. – Errolda bakarra izango da Euskal Autonomia Erkidegoko osoarentzat; nolanahi ere, zerbitzua Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako lurralde-bulegoen artean banatuko da.

Hona hemen Erroldaren eginkizunak:

  1. – Erroldan sartu beharrekoak diren egintzak kalifikatzea, inskribatzea eta egiaztatzea.

  2. – Inskribatutako egintzen publizitatea egitea.

  3. – Elkarteen derrigorrezko liburuak gaitu eta legeztatzea.

  4. – Herri-onurakotzat aitortutako elkarteen urteko kontuen gordailua jasotzea.

  5. – Erroldan egiten diren inskripzioekin lotutako zernahi gauzari buruz aholkularitza eta argibideak ematea elkarteei.

  6. – Elkarteak ordezkatzen dituzten erakundeekin elkarlanean aritzea, elkarteek dituzten proposamenak eta premiak ezagutzeko.

  7. – Herri Onurako Elkarteen Babeslaritzari laguntza ematea herri-onurako aitorpenaren deklarazioari eta, hala dagokionean, aitorpen horren ezeztapenari buruzko espedienteak izapidetzen.

  1. – Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saileko Azterlanen eta Araubide Juridikoaren Zuzendaritzari atxikita dago Errolda.

  2. – Elkarteen eraketa inskribatzeko, estatutuak aldatzeko, elkarteak desegiteko, batzeko, eraldatzeko edo beste errolda batera aldatzeko espedienteak ebaztea Azterlanen eta Araubide Juridikoaren zuzendariari dagokio, Erroldako arduradunaren proposamenez. Era berean, Erroldan inskribatutako elkarteei buruzko ebazpen judizialen idazpenak ere aginduko ditu.

  3. – Erroldako arduradunak aurreko paragrafoan aipatu diren espedienteak kalifikatuko ditu eta Azterlanen eta Araubide Juridikoaren zuzendariari ebazpen-proposamena egingo dio. Orobat, arauak interpretatzeko irizpide bateratuak ezarriko ditu eta Erroldako langileei jarduera-irizpideak emango dizkie.

  4. – Erroldako lurralde-bulegoetan aritzen diren langileen eskumenekoa izango da espediente hauek ebaztea: elkarteen ordezkaritza- eta gobernu-organoen osaera aldatzeko, elkartearen helbidea herri beraren barruan aldatzeko eta federazio, konfederazio eta elkarte-batasunetan elkarteak inskribatu edo baja emateko espedienteak. Halaber, elkarteen ordezkaritzak ireki eta ixteko oharrak egingo ditu.

  1. – Ekainaren 22ko 7/2007 Legearen aplikazio-eremuan dauden elkarteak publizitate ondorioetarako bakarrik inskribatuko dira Erroldan.

  2. – Errolda publikoa izango da bertan inskribatutako elkarteen estatutuen eta idazpenen edukiari dagokionez, bai eta erregistroko orrien edukiarekin zerikusi zuzena eta berehalakoa izateagatik bertan gordailatu diren agirien edukiari dagokionez ere. Nolanahi ere, Erroldaren publizitatean ez dira sartuko gordailatutako agirietan azaltzen diren datu pertsonalak, hala nola egoera zibila, helbidea, NANa edo beste batzuk, salbu eta Erroldako arduradunak, kalifikazio-eginkizunaz baliatuz eta informazio-eskaeraren xedea kontuan hartuz, datu horiek ematea beharrezkoa dela irizten badio.

  3. – Publizitatea datu-pertsonalak babesteko araudiaren baldintzen arabera egingo da.

  1. – Ekainaren 22ko 7/2007 Legearen 38.3 artikuluaren arabera gauzatuko da Erroldaren publizitatea, errolda-orriaren idazpenen edukiaren ziurtagirien bidez edo idazpen horiek, elkarteen estatutuak edo errolda-orrien edukiarekin zerikusi zuzena eta berehalakoa izateagatik Erroldan gordailatu diren agiriak erakutsiz edo horien kopia eginez. Halaber, bitarteko informatiko edo telematikoen bidez ere egin daiteke publizitate hori.

  2. – Ziurtagiriak agiri publikotzat hartuko dira eta errolda-orrien idazpenen edukia modu frogagarrian egiaztatzeko bide bakarra izango dira. Ziurtagiriak Erroldara zuzendutako idazki baten bidez eskatuko dira; bertan, eskaeraren xedea azalduko da eta eskatutako datuak aurkitzeko lagungarriak izan daitezkeen argibide guztiak emango dira. Hamar eguneko gehieneko epean emango dira ziurtagiriak, eskaerari Erroldan sarrera eman eta hurrengo egunetik hasita.

  3. – Errolda-orrien edukiarekin zerikusi zuzena eta berehalakoa izateagatik gordailatu diren agirien, idazpenen eta estatutuen kopiak soilak edo konpultsatuak izan daitezke, eskatzailearen irizpidearen arabera. Eskaera egin dela jasota uzteko moduko edozein bitartekoren bidez eskatuko dira kopiak, eta eskatzen direnetik 20 eguneko epean emango dira, gehienez.

  4. – Errolda-orriaren idazpenak, elkartearen estatutuak edo errolda-orrien edukiarekin zerikusi zuzena eta berehalakoa izateagatik gordailatu diren agiriak Erroldan edo dagokien dokumentazioa gordetzen den lurralde-bulegoan erakutsiko dira, betiere eskumena duten funtzionarioak bertan direla. Agiri horiek erakusteko eskaera idatziz helaraziko da Erroldara, eskatzaileak bertaratu nahi duen eguna baino hiru egun baliodun lehenago, gutxienez. Hala ere, zerbitzuko beharrak direla-eta, Erroldako langileek erakusteko eguna eta ordua aldatu ahal izango dute; horretarako, gutxienez egun bat lehenago jakinaraziko diote eskatzaileari.

  5. – Erroldan egindako inskripzioen zerrendak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeaz gain, Erroldako publizitatea sailaren web orriaren bidez edo eskatutako informazioaren transmisio telematikoaren bidez ere egin daiteke. Edozein modutan, bitarteko horien bidez egindako publizitatea informatiboa izango da, baina ez frogagarria.

  1. – Erroldan honako liburu hauek egongo dira:

    I. liburua: Euskal Autonomia Erkidegoko Errolda Nagusiaren eskumeneko elkarteei buruzko liburua da.

    II. liburua: beste errolda batzuetan inskribatutako elkarteek Euskal Autonomia Erkidegoan dituzten ordezkaritzei buruzko liburua da; bertan, erregelamendu honen 30.2 artikuluan aipatzen diren datuak jasoko dira.

  2. – Halaber, Errolda zuzen kudeatzeko egokitzat jotako fitxategi eta liburu osagarriak ere prestatu ahal izango dira.

  3. – Liburu horietako idazpenak prozedura informatikoz egin beharko dira, eta, nolanahi ere, Erroldaren izaera ezabagaitza ziurtatu beharko da.

  1. – I. liburuak bi atal izango ditu:

    I. atala: bertan elkarteak inskribatuko dira.

    II. atala: federazio, konfederazio eta elkarte-batasunak inskribatuko dira bertan.

  2. – I. liburua erregistro-orri mugikorrez osatuko da. Goi-eskuineko ertzean orri-zenbakia ezarriko da. Elkarte bati dagokion orria erabat betetzen denean, jarraian beste bat irekiko da zenbaki berarekin eta alfabetoko lehenengo letrarekin, eta gainontzeko letrak hurrengo orrientzat utziko dira.

  3. – Inskripzio-orria lau zutabe bertikaletan banatuko da. Lehenengo zutabean tarte bat utziko da, bertan ertzeko oharrak ezartzeko —nahi izanez gero eskuz—. Gainerako hiru zutabetan eguna, idazpen-zenbaki korrelatiboa eta idazpena bera adieraziko dira.

  1. – Errolda-liburuetan honako idazpen-mota hauek egingo dira:

    • Inskripzioak.

    • Behin-behineko oharpenak.

    • Ertzetako oharrak.

  2. – Erroldako lurralde-bulegoetako arduradunek euren sinadurarekin eta zigiluarekin baimenduko dituzte egiten diren idazpenak.

  1. – Idazpenak labur egingo dira, inskribatu den egintza gauzatzen duen agiriaren espedienteari erreferentzia eginez.

  2. – Inskribatu beharreko egintzak gauzatzen duten agiriak idatzita dauden hizkuntzan egingo dira Erroldako idazpenak; Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialetako bat izango da.

  3. – Idazpenak bata bestearen jarraian egingo dira, eta idatzi gabe utzitako tarte zuriak marra batez baliogabetuko dira.

  4. – Idazpenetan pertsona fisikoaren identitatea agerrarazi nahi denean, bere izena eta bi abizen adieraziko dira, abizen bakarra daukatenen kasuan izan ezik. Pertsona juridikoak identifikatzeko, entitatearen izena adieraziko da.

  1. – Inskripzioak errolda-orrien eskuineko zutabean egingo dira, bata bestearen jarraian, eta hurrenez hurren zenbaki bidez zerrendatuko dira.

  2. – Behin-behineko idatzoharrak inskripzioak egiteko ezarritako eran egingo dira, eta letren bidez adieraziko dira alfabetoaren hurrenkeraren arabera.

  3. – Ertzeko oharrak errolda-orriaren ezkerraldean egingo dira, eta argi eta labur adieraziko da inskripzioarekin zein harreman duten.

Egindako idazpenen edukian antzematen diren errakuntza materialak, egitezkoak edo aritmetikoak Erroldako lurralde-bulegoetako arduradunek zuzenduko dituzte, beren kabuz edo interesdunek eskatuta. Inskribatu beharreko egintzen edo horien agirien ondorioz sortutako hutsak dagokien ebazpen administratibo edo judiziala emanez zuzenduko dira.

  1. – Elkarteek gutxienez elkarteko kideen erregistro-liburua, Akta-liburua eta Diru-kontuen Liburua izango dituzte. Halaber, beste liburu osagarri batzuk ere hartuko dituzte euren ardurapean, beharrezko jotzen badute.

  2. – Erroldako lurralde-bulegoetako arduradunek gaitu edo legeztatuko dituzte elkarteek nahitaez izan beharreko liburuak.

  3. – Helbidearen arabera dagokion erroldako lurralde-bulegoari zuzendutako idazki baten bitartez egingo da gaitze edo legeztatze-eskabidea, elkartearen identifikazio-datuak eta eransten diren liburuen zerrenda adieraziz.

  1. – Derrigorrezko liburuak gaitzeko aurkeztuko dira erabili baino lehen; liburu horiek, egon azaleztaturik, egon orri mugikorrez osaturik, erabat zuri egongo dira, orriak hurrenez hurren zenbaturik dituztela.

    Ezingo da beste libururik gaitu, idazkariaren ziurtagiri bidez aurrekoa oso-osorik erabili dela egiaztatzen ez den bitartean, non eta lapurtu izana salatzen ez den edo notarioak galdu nahiz hautsi egin dela dioen agiria egiten ez duen.

  2. – Bitarteko informatikoz edo bestelako bitarteko egokien bidez idazpenak egin ondoren behar bezala azaleztatutako orriz osatutako nahitaezko liburuek zuria izango dute lehenengo orria, eta gainerakoak, berriz, hurrenez hurren zenbaturik egongo dira, egindako idazpenen hurrenkeraren arabera. Zuriz utzitako tarteak behar bezala baliogabetu beharko ditu elkarteak.

  1. – Liburuen gaitze eta legeztatzea eginbidez eta zigilu bidez egin beharko da; gaitze-eginbidea lehenengo orrian burutuko da, eta orri horrek zuria izan beharko du.

  2. – Erroldako lurralde-bulegoetako arduradunek sinatuko dute eginbidea, eta bertan honako xehetasun hauek jasoko dira:

    1. Elkartearen identifikazioa, erroldako datuak eta guzti.

    2. Elkarte berarentzat gaitu nahiz legeztatutakoen artetik dagokion liburu-mota eta zenbakia.

    3. Liburuak zenbat orri duen.

    4. Zigilatzeko erabili den sistema eta edukia.

    5. Gaitze-eginbidea ala legeztatze-eginbidea den.

  3. – Orri guztietan ipini behar da Erroldaren zigilua. Gaitze edo legeztatzearen benetakotasuna bermatzen duen beste edozein eratara ere zigilatu daitezke orriak.

  4. – Nahitaezko liburuak gaitu edo legeztatzearekin batera eginbide bat burutu beharko da; bertan, gaitutako liburuak eta gaitu diren eguna adieraziko dira; Erroldako lurralde-bulegoetako arduradunek izenpetuko dute eginbide hori eta elkartearen espedienteari edo protokoloari erantsiko zaio.

  1. – Ekainaren 22ko 7/2007 Legearen 5. artikuluan ezarritakoaren arabera, elkarteak honela sailkatzen dira:

    1. Xede partikularrak dituzten elkarteak.

    2. Xede orokorrak dituzten elkarteak.

    3. Herri-onurako elkarteak.

  2. – Elkarte bakoitzarentzat irekitako erregistro-orrian dagokion sailkapena adieraziko da, aurreko paragrafoan ezarritakoaren arabera. Eraketa inskribatzeko eskabidean, xede partikularreko edo xede orokorrekotzat deklaratu ahal izango dira elkarteak. Halakorik egin ezean, Erroldak bere kabuz sailkatuko ditu, honako hauek aintzat hartuta: xedeak, programatutako jarduerak, kideak onartzeko baldintzak eta antolamendu- eta funtzionamendu-arauak. Elkarteek hasierako sailkapena aldatzeko eskatu ahal izango dute, gobernu-organoak hartutako erabaki arrazoituaren ziurtagiria aurkeztuz; aldaketa hori jasota geratuko da errolda-orrian.

  3. – Eusko Jaurlaritzak dekretu bidez herri-onurakotzat jotzen badu elkarte bat edo, hala badagokio, herri-onurako aitortza ezeztatzen badu, hala geratuko da jasota elkartearen sailkapenean, Erroldak bere kabuz erregistro-orrian egindako inskripzio-idazpenaren bidez.

  1. – Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuaren agindu bidez onartuko diren Xede Kodeen arabera sailkatuko dira elkarteak, euren xedeak aintzat hartuta. Agindu hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, denek jakin dezaten.

  2. – Kodea ezartzeko, elkarteak berak bere xedeetara gehien hurbiltzen dena hautatu ahal izango du; kode hori erregistro-orri bakoitzean, elkartea eratzeko inskripzio-eskabidean edo, hala badagokio, estatutuak aldatzeko eskabidean jasoko da. Elkarte batek koderik hautatzen ez badu, edo hautatutako kodea elkartearen xedeekin bat ez badator, Erroldak bere kabuz sailkatuko du eta kode bat ezarriko dio, estatutuetan adierazten diren xede eta jardueren arabera. Edozein momentutan, elkarteek aukeratu izango dute egokitu zaien kodea aldatzeko, euren egiazko xedeei ondoen egokitzen zaiena aukeratuz. Horretarako, gobernu-organoak hartutako erabakia aurkeztu beharko dute.

Ekainaren 22ko 7/2007 Legearen 39. artikuluan ezarritakoaren arabera, erregelamendu honetan, dagokion artikuluetan, adieraziko diren prozedura eta idazpen-motaren bidez, honako egintza hauek inskribatuko ahal izango dira:

Elkartearen eraketa.

Estatutuen aldaketa.

Kargu hauetan izandako aldaketak: lehendakaria, idazkaria, diruzaina —betiere idazkariak kargu horiek bere gain hartu ez baditu— eta, hala badagokio, gobernu-organoko gainerako kideak.

Elkarteek bat egitea eta eraldatzea.

Elkarteak desegitea.

Erregistroan baja ematea, beste erregistro batera aldatzeagatik edo bestelako arrazoiengatik.

Herri-onurako aitortza eta horren ezeztapena.

Federazio, konfederazio eta elkarte-batasunekin bat egitea, horietan baja ematea edo horietatik bereiztea.

Barne-gatazken gaineko demanda judizialak jartzea.

Ebazpen judizialak, baldin eta inskriba daitezkeen egintzei eragiten badiete.

Beste errolda batzuetan inskribatutako elkarteek Euskal Autonomia Erkidegoan dituzten ordezkaritzak.

Elkarte batek ordezkaritzak edo bestelako establezimenduak irekitzea eta ixtea.

Oro har, egindako idazpenen edukia aldatzen duten egintzak edo, legeen arabera, inskribatu behar direnak.

  1. – Ekainaren 22ko 7/2007 Legearen 40.1 artikuluaren arabera, elkarte bat inskribatzeko eskabidea Erroldara bidaliko da behar bezala sinatuta, eta bertan honako hauek jasoko dira: eskatzailea nor den eta elkartean zein kargu duen edo nola diharduen, eta inskribatu nahi den elkartearen izen zehatza.

  2. – Eskabidearekin batera agiri hauek ere aurkeztu behar dira:

    Eratze-aktaren bi ale; ekainaren 22ko 7/2007 Legearen 8. artikuluan ezarritakoaren arabera eginda egon beharko da.

    Elkartearen funtzionamendua arautuko duten estatutuen onarpenaren bi ale; lehendakari eta idazkariaren sinadura izango dute orri guztietan eta ekainaren 22ko 7/2007 Legearen 9. artikuluan ezarritakoaren arabera egingo dira. Eratze-aktaren eranskin gisa aurkeztu ahal izango dira estatutuak.

    Lehendakari-, idazkari- eta diruzain-karguak beteko dituztenen zerrenda —betiere egiteko horiek idazkariaren esku utzi ez badira— eta, hala badagokio, gobernu-organoko kideen zerrenda. Zerrenda hori eratze-aktari eransten bazaio, bi ale aurkeztu beharko dira, lehendakariak edo idazkariak izenpetuta.

  3. – Elkarte bat eratzeak inskripzio-idazpen bat eragingo du, eta bertan honako xehetasun hauek aipatuko dira:

    1. Elkartearen izen zehatza eta osoa.

    2. Eratze-akta egin zen eguna eta lekua.

    3. Elkartearen xedeak.

    4. Elkarteak bere xedeak nagusiki garatuko dituen lurralde-eremua.

    5. Elkartearen helbidea: herria, kalea, zenbakia edo kokapena, udalerria eta lurralde historikoa.

    6. Lehendakari, idazkari eta gobernu-organoko gainerako kideen identitatea: izena eta bi abizenak adieraziko dira, abizen bakarra daukatenen kasuan izan ezik.

    7. Inskripzioa agintzen duen ebazpenaren data, eta elkartearen sailkapena, xedeen eta motaren arabera.

  4. – Elkartea inskribatu ondoren, idazpena agintzen duen ebazpenaren kopia konpultsatua bidaliko zaio, bai eta aurkeztutako eratze-aktaren, estatutuen eta gobernu-organoko kideen izen-zerrendaren ale baten kopia konpultsatua ere, Erroldak behar bezala izenpetuta eta beteta; bertan, elkarteari esleitu zaion zenbakia eta xedeen eta motaren araberako sailkapena jasoko dira.

  1. – Estatutuen aldaketa inskribatzeko eskabidea, lehendakariak behar bezela izenpetuta, Erroldara bidaliko da; bertan, estatutuen aldaketa inskribatu nahi duen elkartearen izen zehatza eta gainerako erregistro-datuak jasoko dira.

  2. – Eskabidearekin batera agiri hauek ere aurkeztu behar dira:

    1. Aparteko batzar orokorrak estatutuak aldatzea erabakitzeko egindako bileraren akta edo ziurtagiria, idazkariak emandakoa, lehendakariaren oniritziaz; bertan, aldatutako artikuluak, bertaratutakoen ehunekoa eta bozketaren emaitza adieraziko dira.

    2. Aldatutako artikuluak jasotzen dituzten estatutu berrien testu osoaren bi ale, lehendakariak eta idazkariak izenpetuta.

  3. – Estatutuak aldatzeak inskripzio-idazpen bat eragingo du, eta bertan honako xehetasun hauek aipatuko dira:

    1. Estatutuak aldatzea erabakia zuen aparteko batzar orokorraren bilera noiz eta non egin zen.

    2. Aldatutako artikuluak, izena eta guzti. Elkartearen xedeak aldatu badira, idazpenean transkribatuko dira osorik.

    3. Estatutuen aldaketa inskribatzeko agintzen duen ebazpenaren data.

  4. – Elkartearen helbidea herri bereko beste kale edo toki batera aldatzen bada ez da beharrezkoa izango estatutuak aldatzea. Aldaketa hori Erroldan jasotzeko, nahikoa izango da artikulu honetan aipatzen den eskabidearekin batera honako hau aurkeztea: gobernu-organoak helbidea aldatzeko hartutako erabakiari buruz idazkariak lehendakariaren oniritziaz emandako akta edo ziurtagiria. Erabaki horren ondorioz ertzeko idazpen-ohar bat egingo da, helbidearen inskripzioaren ondoan; ohar horretan erabakia nozi hartu zen eta elkartearen helbide berria zein den adieraziko dira.

  1. – Gobernu-organoko kideetan izandako aldaketak inskribatzeko eskabidea, lehendakariak behar bezala izenpetuta, Erroldara bidaliko da; bertan, karguen aldaketa inskribatu nahi duen elkartearen izen zehatza eta gainerako erregistro-datuak jasoko dira.

  2. – Eskabidearekin batera agiri hauek ere aurkeztu behar dira:

    1. Batzar orokorrak elkartearen gobernu-organoko kideak kargutik kendu eta, hala badagokio, izendatzeko erabakia hartzeko egindako bileraren akta edo ziurtagiria, idazkariak emandakoa, lehendakariaren oniritziaz. Bertan, bilerara bertaratutakoen ehunekoa eta bozketaren emaitza adieraziko dira, bai eta kargutik kendutakoen eta, hala badagokio, izendatutakoen izen-abizenak ere. Kide berriak izendatuz gero, karguak onartu dituztela edo karguez jabetu direla ere adieraziko da aktan edo ziurtagirian.

    2. Gobernu-organoko kideen aldaketen artean lehendakari edo idazkariarena baldin badaude, kargu horiek uzten dituztenek eta izendatutakoek izenpetu beharko dute akta edo ziurtagiria. Kargutik kendutakoek ezin badute sinatu edo arrazoirik gabe uko egiten badiote sinatzeari, izendatutako lehendakari edo idazkariak inguruabar horien berri emango dute zinpeko adierazpen bat aurkeztuz.

    3. Gobernu-organoko kide batek kargua uzten badu, aldaketa horren berri ematen duen ziurtagiria egingo du idazkariak, lehendakariaren oniritziaz, eta bertan, kargu-uztea noiz gertatu den adieraziko da. Bestela, helbidearen arabera elkarteari dagokion erroldaren lurralde-bulegoko arduradunarengana bertaratu daiteke kargua uzten duen pertsona, eta nortasun agiri nazionalaren edo legez baliokidea den beste agiri baten kopia eta kargua uzteko idazkia behar bezala izenpetuta aurkeztu.

    4. Gobernu-organoko kide baten heriotzaren edo heriotza-deklarazioaren ondorioz izandako aldaketa aurreko atalean aipatutako ziurtagiriaren bidez egiaztatuko da edo, bestela, beste era honetara: zendutakoaren ondorengoak erregistroaren lurralde bulegoko arduradunarengana bertaratuz eta berari Erregistro Zibilaren heriotza-ziurtagiria edo heriotzaren deklarazio judiziala aurkeztuz.

  3. – Gobernu-organoko kideetan izandako aldaketek inskripzio-idazpen bat eragingo dute, eta bertan honako xehetasun hauek aipatuko dira:

    1. Gobernu-organoko kide-kargutik kendutakoen edo/eta izendatutakoen izen-abizenak eta euren karguak.

    2. Kargu-uzteak edo/eta izendapenak erabaki zuen batzar orokorraren bileraren data eta lekua. Kargu-uzteen edo/eta heriotzen data, hala badagokio.

    3. Helbidearen arabera dagokion erroldaren lurralde-bulegoko arduradunak gobernu-organoko kideen aldaketa noiz inskribatu zuen.

  1. – Ekainaren 22ko 7/2007 Legearen 35. artikuluan araututakoaren arabera, elkarteen bategitea gauzatzeko, eragindako elkarteen lehendakariek behar bezala izenpetutako eskabidea aurkeztu beharko da Erroldan; eskabide horretan, bategitearen ondorioz sortutako elkarte berriaren izen zehatza eta bat egin duten elkarteen erregistro-datuak adieraziko dira. Bategitea xurgapenaren bidez gertatzen bada, elkarte xurgatua eta xurgatzailea identifikatuko dira euren erregistro-datuen bitartez.

  2. – Eskabidearekin batera agiri hauek ere aurkeztu behar dira:

    1. Eragindako elkarteek bat egitea erabakitzeko egindako aparteko batzar orokorren bileren akta edo ziurtagiria, idazkariak emandakoa, lehendakariaren oniritziaz. Bertan, bileretara bertaratutakoen ehunekoa eta bozketaren emaitza adieraziko dira.

    2. Elkarte berri bat eratuz gero, batzar orokor eratzailearen akta edo ziurtagiria eta elkarte bat eratzerakoan erregelamendu honen arabera beharrezko diren agiri guztiak aurkeztuko dira.

  3. – Elkarteen bategiteak inskripzio-idazpen bat eragingo du, eta bertan honako xehetasun hauek aipatuko dira:

    1. Elkarte berri bat sortuz gero, elkarte bat eratzerakoan erregelamendu honen arabera eman beharreko datuak adieraziko dira; horretaz gain, bat egiteko erabakiak noiz hartu ziren ere zehaztuko da.

    2. Elkarte batek beste bat xurgatuz gero, elkarte xurgatzailearen erregistro-orrian inskripzio-idazpen bat egingo da; bertan, xurgatze bidez bat egiteko erabakiak noiz hartu ziren eta idazpenak inskribatu eta ezeztatzeko agintzen duen ebazpena noiz onartu zen adieraziko da.

    3. Aurreko bi kasuetan, bategitearen edo xurgatzearen ondorioz desegindako elkarteen erregistro-orrien idazpenak deuseztatuko ditu Erroldak inskripzio-idazpen bidez, dagokion ebazpenari erreferentzia eginez.

  1. – Ekainaren 22ko 7/2007 Legearen 36.1 artikuluan ezarritakoaren arabera, elkarte bat eraldatzeko, lehendakariak behar bezala izenpetutako eskabidea igorriko da Erroldara, eta bertan, eraldatzen den elkartearen izen zehatza eta gainerako erregistro-datuak adieraziko dira.

  2. – Eskabidearekin batera agiri hauek ere aurkeztu behar dira:

    Aparteko batzar orokorrak eraldaketaren erabakia hartzeko egindako bileraren akta edo ziurtagiria, idazkariak emandakoa, lehendakariaren oniritziaz. Bertan, eraldatzearen ondorioz elkarteak nolako entitate-izaera izango duen edo zein erroldatan inskribatu behar den adieraziko da, bai eta bilerara bertaratutakoen ehunekoa eta bozketaren emaitza ere.

  3. – Elkarte bat eraldatzeak inskripzio-idazpen bat eragingo du, eta bertan honako xehetasun hauek aipatuko dira:

    1. Eraldaketa egiteko erabakia noiz hartu zen eta elkarteak nolako entitate-izaera hartuko duen edo zein erroldatan inskribatuko den.

    2. Eraldaketa inskribatzeko, idazpenak ezeztatzeko eta erroldan baja emateko agintzen duen ebazpena noiz onartu zen.

  4. – Erroldak bere kabuz eta inskripzio-idazpen baten bidez ezeztatuko ditu eraldatutako elkartearen erregistro-orriaren idazpenak, elkarteari baja emango dio erroldan eta eraldaketa-espedientea eskumeneko errolda edo erakundeari bidaliko dio; espediente horren kopia konpultsatu bat gordeko du.

  5. – Ekainaren 22ko 7/2007 Legearen 36.5 artikuluan ezarritakoaren arabera, elkarte bat eraldatzeko, erregelamendu honetan elkarteen eraketarako ezarritako baldintzak eta izapidetze-prozedura bete beharko dira.

  1. – Elkarte baten desegitea inskribatzeko eskabidea Erroldara bidaliko da, lehendakariak behar bezala izenpetuta; bertan, desegin nahi den elkartearen izen zehatza eta gainerako erregistro-datuak jasoko dira.

  2. – Eskabidearekin batera agiri hauek ere aurkeztu behar dira: aparteko batzar orokorrak elkartea desegitea erabakitzeko egindako bileraren akta edo ziurtagiria, idazkariak emandakoa, lehendakariaren oniritziaz. Bertan, bilerara bertaratutakoen ehunekoa eta bozketaren emaitza adieraziko dira. Horretaz gain, desegitea zergatik erabaki den, gelditzen den ondarearekin zer egingo den eta likidazioaz arduratuko direnak nortzuk izango diren jasoko da.

  3. – Elkarteen desegiteak inskripzio-idazpen bat eragingo du, eta bertan honako xehetasun hauek aipatuko dira:

    1. Elkartea desegitea erabaki zuen aparteko batzar orokorraren bileraren data eta lekua, bai eta desegitearen arrazoia ere.

    2. Likidatzaileak nortzuk diren.

    3. Gelditu den ondarearekin zer egingo den.

    4. Elkartearen desegitea inskribatzeko agintzen duen ebazpenaren noiz hartu zen.

  4. – Likidazio-eragiketak bukatu ondoren, likidatzaile guztiek izenpetutako idazki baten bidez, elkartearen idazpenak ezeztatzeko eskatuko diote Erroldari. Eskabide horretan adieraziko dute gelditu den ondareari nolako helburua eman dioten, betiere estatutuetan ezarritakoari eta batzar orokorrean erabakitako erari jarraiki. Erroldak, bestalde, ertzeko oharra egingo du, elkartearen desegitea jasotzen duen inskripzioaren ondoan, likidatzaileek eskabidea noiz egin zuten adieraziz; era berean, idazpenak ezeztatuko ditu eta likidatutako elkarteari baja emango dio.

  1. – Beste errolda batera aldatzeagatik, eginkizunak nagusiki garatuko dituen lurralde-eremua aldatzeagatik, erregimen juridiko edo erregistroko erregimena aldatzeagatik, edo legez edo arauz ezarritako beste arrazoi batzuengatik, elkarte bati erroldan baja emateko inskripzio-eskabidea Erroldara bidaliko da, lehendakariak behar bezala izenpetuta; bertan, elkartearen izen zehatza eta gainerako erregistro-datuak jasoko dira.

  2. – Eskabidearekin batera agiri hauek ere aurkeztu behar dira:

    1. Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Errolda Nagusian elkarteari baja emateko erabakia hartzeko, aparteko batzar orokorrak egindako bileraren akta edo ziurtagiria, idazkariak emandakoa, lehendakariaren oniritziaz. Bertan honako hauek adieraziko dira: bajaren arrazoia, elkartea zein errolda edo erakundetara aldatuko den, bilerara bertaratutakoen ehunekoa eta bozketaren emaitza.

    2. Erabaki horrek estatutuak aldatzea edo elkartea eraldatzea ekarri badu, erregelamendu honetan horrelakoetarako eskatzen diren agiriak aurkeztu beharko dira.

  3. – Elkarteen desegitea ez dakarren erregistroko bajak inskripzio-idazpen bat eragingo du, eta bertan honako xehetasun hauek aipatuko dira:

    1. Elkarteari erroldan baja ematea erabaki zuen batzar orokorraren bileraren data eta lekua.

    2. Aldaketaren ondorioz, elkartea zein errolda edo erakundetan inskribatuko den.

    3. Elkarteari erroldan baja emateko agintzen duen ebazpenaren data.

  4. – Erroldak bere kabuz ezeztatuko ditu elkartearen idazpenak, elkarteari baja emango dio eta espedientea errolda edo erakunde eskudunari bidaliko dio; espediente horren kopia konpultsatu bat gordeko du.

  1. – Ekainaren 22ko 7/2007 Legearen 42. eta 45. artikuluetan ezarritakoaren arabera, elkarteek herri-onurako aitortza jaso ahal izango dute eta, hala badagokio, aitortza hori ezeztatu ahal izango da, dagokion erregelamenduan ezarritako prozedurari jarraiki.

  2. – Behin Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuz gero elkarte baten herri-onura aitortzeko dekretua edo, hala badagokio, aitortza hori ezeztatzekoa, Herri Onurako Elkarteen Babeslaritzak dekretu horren kopia konpultsatu bat bidaliko dio Erroldari.

  3. – Elkarte baten herri-onura aitortzeak edo ezeztatzeak inskripzio-idazpen bat eragingo du, eta bertan honako xehetasun hauek aipatuko dira:

    1. Herri-onura aitortzen duen edo ezeztatzen duen dekretuaren identifikazioa.

    2. Dekretu hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu den eguna.

  1. – Elkarte bat federazio, konfederazio edo elkarte-batasun batekin bat egiteko, Erroldan eskabide bat aurkeztu behar da, lehendakariak behar bezala izenpetuta, eta bertan, elkartearen izen zehatza eta gainerako erregistro-datuak adieraziko dira.

  2. – Eskabidearekin batera agiri hauek ere aurkeztu behar dira: elkarteak federazio, konfederazio edo elkarte-batasun batekin bat egitea edo horietan baja ematea edo horietatik bereiztea erabakitzeko egindako aparteko batzar orokorraren edo gobernu-organo eskudunaren bileraren akta edo ziurtagiria, idazkariak emandakoa, lehendakariaren oniritziaz. Bertan, bilerara bertaratutakoen ehunekoa eta bozketaren emaitza adieraziko dira eta dagokion federazio, konfederazio edo batasuna zehaztuko da erregistro-datuen bidez.

  3. – Federazio, konfederazio edo batasun batekin bat egiteak, horietan baja emateak edo horietatik bereizteak ertzeko idazpen-ohar bat eragingo du elkartearen erregistro-orrian, azken inskripzioaren ondoan; ohar horretan honako hauek adieraziko dira: hartutako erabakiaren eguna eta elkarteak zein entitaterekin egingo duen bat edo non emango zaion baja edo zeinetik bereiziko den.

  4. – Kasuan kasuko federazio, konfederazio edo batasuna errolda honetako I. liburuko II. atalean inskribatuta baldin badago, ertzeko idazpen-ohar bat egingo da bere erregistro-orrian, egindako azken inskripzioaren ondoan; ohar horretan honako hauek adieraziko dira: bat egiten duen, baja ematen zaion edo bereizten den elkartearen izena, erregistro-datuak eta erabakia hartu zen eguna.

  5. – Aipatutako entitateak errolda honetan inskribatuta ez badaude, artikulu honetako 2. paragrafoan aipatzen diren agirien kopia konpultsatua bidaliko da inskribatuta dauden erroldara, bertan jasota geratu dadin.

  1. – Barne-gatazkak Erroldan jasotzeko eskabideak Erroldara bidaliko dira, interesdunek behar bezala izenpetuta, eta bertan, elkartearen izen zehatza eta gainerako erregistro-datuak zehaztuko dira.

  2. – Eskabidearekin batera agiri hauek ere aurkeztu behar dira:

    1. Epaitegi eskudunean aurkeztutako demandaren kopia konpultsatua.

    2. Demanda onartzeko auto judizialaren kopia konpultsatua.

  3. – Barne-gatazkek behin-behineko ohar-idazpen bat eragingo dute, eta bertan honako xehetasun hauek aipatuko dira:

    1. Demanda noiz eta zein epaitegitan aurkeztu zen.

    2. Demanda onartzeko auto judiziala noiz eta zein agintaritzak eman duen; halaber, hartutako kautelazko neurriak labur azalduko dira, hala badagokio.

  1. – Erroldan inskribatu daitezkeen egintzei eragiten dieten ebazpen judizial irmoak agindu judizial bidez edo interesdunek eskatuta inskribatuko dira; azken kasu horretan, Erroldara idazkia bidaliko da, interesdunak sinatuta, eta bertan, elkartearen izen zehatza eta gainerako erregistro-datuak jasoko dira.

  2. – Eskabidearekin batera, inskribatu daitezkeen elkartearen egintzei eragiten dien ebazpen judizial irmoaren lekukotasuna aurkeztuko da.

  3. – Ebazpen judizialek inskripzio-idazpen bat eragingo dute, eta bertan honako xehetasun hauek aipatuko dira:

    1. Ebazpen judizial irmoa noiz eta zein agintaritza judizialek eman duen.

    2. Aipatutako ebazpenaren epaitzaren edukia laburpena.

  4. – Ebazpenaren helburua aurretik behin-behineko idazpen bat eragin duten gaiak konpontzea baldin bada Erroldak idazpen hori edo ebazpen judizialarekin kontraesanean egon daitekeen beste edozein ezeztatuko ditu bere kabuz.

  1. – Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erroldaren II. liburuan jaso egingo dira beste errolda batzuetan inskribatutako elkarteek Euskal Autonomia Erkidegoan ireki edo ixten dituzten ordezkaritzak, kasuan kasuko erroldak bidaltzen duen ofizioan ezarritako eran.

  2. – Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Errolda Nagusian honako datu hauek jasoko dira ordezkaritza horiei buruz:

    1. Elkartearen izen zehatza eta gainerako erregistro-datuak.

    2. Ordezkaritza ireki edo ixteko erabakia noiz hartu zen.

    3. Ordezkaritzaren helbidea: zenbakia, kalea, herria eta, hala badagokio, lurralde eremua.

  1. – Euskal Autonomia Erkidegoko Errolda Nagusian inskribatutako elkarteek bertan edo kanpoan ireki edo itxi dituzten ordezkaritzak edo beste establezimendu batzuk erroldan inskribatzeko eskatu dezakete. Horretarako eskabidea Erroldara bidaliko da, lehendakariak behar bezala izenpetuta; bertan, elkartearen izen zehatza eta gainerako erregistro-datuak jasoko dira.

  2. – Eskabidearekin batera agiri hauek ere aurkeztu behar dira: elkartearen organo eskudunak ordezkaritza edo establezimendu bat ireki edo ixtea erabakitzeko egindako bileraren akta edo ziurtagiria, idazkariak emandakoa lehendakariaren oniritziaz, bertaratutakoen ehunekoa eta bozketaren emaitza adierazita. Horrekin batera honako hauek ere adieraziko dira: ordezkaritzaren edo establezimenduaren helbidea, probintzia edo lurralde historikoa eta, hala badagokio, elkartearen ordezkariaren izen-abizenak edo nolako ahalmenak izango dituen.

  3. – Ordezkaritzak edo establezimenduak ireki edo ixteak ertzeko idazpen bat eragingo du, erregistro-orrian egindako azken inskripzioaren ondoan, eta bertan honako xehetasun hauek aipatuko dira:

    1. Ordezkaritza edo establezimendua ireki edo ixteko erabakia noiz hartu zen.

    2. Ordezkaritzaren edo establezimenduaren helbidea: zenbakia, kalea, herria eta, hala badagokio, lurralde eremua.

    3. Elkarteak ordezkaritzan edo establezimenduan izango duen ordezkariaren izen-abizenak, hala badagokio.

  4. – Erroldak agirien kopia konpultsatuak bidaliko dizkio Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo horrelako egintzak jasotzeko eskumena duen errolda edo erakundeari, bidalketa-idazki baten bidez.

Ekainaren 22ko 7/2007 Legearen 47. artikuluan aurreikusitako federazio, konfederazio eta elkarte-batasunen eraketa eta inskribatu daitezkeen gainerako egintzak Erroldan jasotzeko, erregelamendu honetan elkarteentzat ezarritako arau berak aplikatu zaizkie eta bereziki 27. artikuluan xedatutakoa.