Arautegia
InprimatuERABAKIA, 2019ko abenduaren 19koa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoaren Administrazio Kontseiluarena, zeinaren bidez onartzen baitira osasun-arloko eta irakaskuntzako zerbitzuak jasotzeagatik ordaindu behar duten hirugarrenei 2020ko ekitaldian kobratuko zaizkien tarifak.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Akordioa
- Organo arau-emailea: Osasun Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 21
- Hurrenkera-zk.: 474
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2019/12/19
- Argitaratze-data: 2020/01/31
Gaikako eremua
- Gaia: Administrazioaren antolamendua; Ogasun eta Ekonomía; Osasun eta kontsumoa
- Azpigaia: Sailak; Ekonomia
Testu legala
Ente Publikoko zerbitzu-erakundeek egun badituzte aplikazio-tarifa batzuk, eta, hain zuzen ere, tarifa horiexek erabiltzen dituzte hirugarrenei fakturatzeko Entearen zerbitzu-erakundeetan ematen diren osasun-arloko eta irakaskuntza-arloko zerbitzuak, eta ikusi da beharrezkoa dela tarifa horiek ezartzea 2020ko ekitaldian.
Ildo horretatik, gogoratu behar da Osakidetza Ente Publikoaren estatutu sozialetan ahalmen multzoa ematen zaiola Erakunde Zentralari (azaroaren 11ko 255/1997 Dekretua); horien artean, irizpide orokorrak zehazteko gaitasuna eta prezioen politika proposatzekoa (12. artikulua, 4.e apartatua).
Horregatik, Osakidetza Ente Publikoko zuzendari nagusiak tarifei buruz aurkeztu duen proposamena aztertu ondoren, eta Administrazio Kontseiluak dituen eskumenen arabera (Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren 8/1997 Legearen 22. artikuluko 1. eta 2. puntuak), honako hau hartzen da:
ERABAKIA
Lehenengoa. Hirugarrenei emandako zerbitzuak direla-eta, Osakidetza Ente Publikoan 2020ko ekitaldian aplikatu beharko diren zenbatekoak onartzea, betiere hirugarrenek ordaindu behar badituzte zenbatekook; guztiarekin ere, kontzeptu ezberdinei dagokienez, erabaki honetan ezarritako ildoekin bat etorriz.
Erabakia eragingarria eta jendearentzat jakina izan dadin, betekizun bakarra dago: tarifa-liburua argitaratu behar da, eta ordaindu beharra dutenentzat eskuragarri jarri.
Bigarrena. Honako hauek izango dute tarifak ordaindu beharra: irailaren 15eko 1030/2006 Errege Dekretuaren IX. eranskinean zehaztutako egoeretarik edozeinetan dauden pertsona fisiko zein juridiko guztiek (Osasun Sistema Nazionaleko ohiko zerbitzuen zorroa eta berau eguneratzeko prozedura ezarri zuen 1030/2006 Errege Dekretua). Kontuan hartu behar da emandako zerbitzua fakturatutakoan bertan sorraraziko direla tarifak.
Tarifa horiek Europar Batasuneko herrialdeetako eta Europako Esparru Ekonomikoko herrialdeetako aseguratuei edo onuradunei Espainian bizi ez direnei ere aplikatu ahal izango zaizkie. Baita Gizarte Segurantzaren alorrean Espainiak aldebiko hitzarmenak dituzten herrialdeetako aseguratuei edo onuradunei ere.
Hirugarrena. Ente Publikoko zuzendari nagusiaren gomendio utziko da egin beharreko jarduketa guztiak egitea, zerbitzu-zorroan prestazio berriak sartzeko, aurkeztutako egituraren osagarri. Halaber, medikuntzan eta kirurgian fakturazio berezia izan dezaketen prozedura berriak zein diren definitu behar du, prozedura horien osagaiak zehaztuta, eta horiek dakartzaten gastuak xehakatuta; halaber, prozedura horietatik kanpo dauden proba diagnostikoak eta tratamenduen aparteko probak zein diren ere zehaztu behar du.
Laugarrena. Ente Publikoari baimena ematen zaio bestelako hirugarren batzuekiko hitzarmenak edo akordio partikularrak egin ditzan, erabaki honetan jasotako zerbitzuak emateko. Prezio-baldintza onuragarriagoak ezarri ahal izango dira baldintza hauen arabera:
Osasun Sailaren eskaera guztiak bete behar dira lehenik, eta bestelako jardueretarako soberako ahalmena egon.
Sistema publikoarekiko elkartasun-printzipioa errespetatu behar da, sistemarekin zerikusirik ez duten hirugarrenei ematen zaizkien zerbitzuak diru publikoarekin ez ordaintzeko.
Ente Publikoak duen interesa justifikatu behar da, irizpide objektibo hauen arabera:
Bezeroen ezaugarri espezifikoak (instituzio publikoak, gizarte-erakundeak, irabazi-asmorik gabeko elkarteak).
Ekoizpen marjinalerako gaitasuna ematen duten salbuespenezko egoerak.
Negozio-bolumena.
Puntu honetan adierazitako hitzarmenak edo berariazko erabakiak, betiere, aipatutako alderdiak aztertzen dituen justifikatze-memoriarekin batera proposatuko dira eta zuzendari nagusiak sinatu beharko ditu, baldin eta Ente Publikoaren erakundeen multzoa edo zerbitzu-erakunde batekin baino gehiagorekin lotzen baditu.
Hitzarmena edo berariazko erabakia, dakarren lotura esklusiboa denean, dagokion erakundeak berak sinatuko du; dena dela, Ente Publikoaren erakunde zentralak baimena eman behar du aldez aurretik, estrategia-planarekiko koherentzia eta egokitasuna lortzeko beharrezko diren baldintzak bermatuta egon daitezen. zuzendari nagusiak behar diren jarraibideak eman ditzake, erabaki hau eragingarria izan dadin.
Erabaki hau argitaratzen den egunetik aurrera, indarrean dauden hitzarmenetan ezarritako kopuruak eguneratu eta egokitu egingo dira behar izanez gero, hemen ezarritako zenbatekoen arabera; dena dela, prezio-baldintza hobeak ere jar litezke, baina puntu honetan lehenago xedatutakoa betez gero.
Bosgarrena. Ente Publikoaren zuzendari nagusiari baimena ematen zaio hitzarmenak sina ditzan erabaki honen aplikazio-eremukoak diren talde jakin eta zehatz batzuekin; horrelakoetan, dena delako taldeko pertsona edo onuradun bakoitzeko hilero/urtero zenbateko bat kobratuta emango da asistentzia sanitarioa.
Baimen horretatik kanpo geratzen dira Osasun Sistema Nazionalaren Kohesio eta Kalitateari buruzko maiatzaren 28ko 16/2003 Legearen 3.5 artikuluan jasota dauden hitzarmen bereziak, asistentzia sanitarioa ematekoak. Izan ere, Osasun Sailaren eskumena da horiek zehaztu eta sinatzea.
Seigarrena. Ente Publikoaren zuzendari nagusiari baimena ematen zaio, erabaki honetan zehaztu gabe geratu diren egoeretarako, arrazoitutako ebazpen baten bidez, behin-behineko tarifak ezar ditzan, betiere, baliabideak hobeto erabiltzeko eta kudeatzeko abagune egokia bada edo egoera estrukturalak hala eskatzen badu; tarifa horiek Administrazio Kontseiluak ere begiratu behar ditu, eta, bi hileko epean gehienez ere, berretsi.
Zazpigarrena. Erabaki hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera izango ditu ondorioak.
Era berean, erabakia argitaratzen den egunetik aurrera, Osakidetza Ente Publikoko zerbitzu sanitarioetako erakunde guztietan interesdunen eskura jarri behar da Ente Publikoaren tarifa-liburua osasun-zerbitzuak hartzeagatik ordaindu behar duten hirugarrenei eskatu beharreko tarifena, alegia. Aplikatzekoak diren zenbatekoen arabera egongo da eguneratuta liburu hori.
Azkenik, web-orri honetan ere argitaratuko dira:
http://osakidetza.euskadi.net/r85-ckproc05/eu/contenidos/informacion/libro_tarifas/eu_libro/tarifas.html
Vitoria-Gasteiz, 2019ko abenduaren 19a.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluko lehendakaria,
MIREN NEKANE MURGA EIZAGAECHEVARRIA.