Bizkaiko Bertsolari Txapelketa 2023: FINALA (Abenduak 16 - Bilbao Arena - Miribilla)

Bilbao 2023(e)ko Abenduak 16
  • Bizkaiko Bertsolari Txapelketa 2023: FINALA (Abenduak 16 - Bilbao Arena - Miribilla)

Bizkaiko Bertsolari Txapelketa 2023ren barruan.

Abenduaren 16n jokatuko da Bizkaiko Bertsolari Txapelketako final handia, Bilbon. 

Bertsolariak:

  • Aissa Intxausti Aburruza
  • Aitor Etxebarriazarraga Gabiola
  • Gorka Pagonabarraga Agorria
  • Jone Uria Albizuri
  • Nerea Ibarzabal Salegi
  • Oihana Bartra Arenas
  • Onintza Enbeita Maguregi
  • Xabat Galletebeitia Abaroa

Gai jartzailea: Zihara Enbeita Gardoki eta Beñat Vidal Gurrutxaga.

 

Begoña Iturrizak jantziko dio txapela Bizkaiko txapeldunari

Bizkaiko Bertsozale Elkarteak 40 urte bete ditu aurten, eta ospakizunez gain, egindako bideari ere aitortza egin nahi diogu. 40 urteko ibilbideari hasiera eman ziotenei eskerrak eman eta beren beharra ikusarazteko erabakia hartu dugu, eta, horren erakusle, Begoña Iturriza Zabala aurtengo txapelketako txapel emaile izatea.

1983an sortu zen egun Bizkaiko Bertsozale Elkarte legez ezagutzen duguna, Bizkaiko bertso-eskolek beren artean batzeko hartutako erabakiaren ondorioz. Beren lan eskergak bultzada handia eman zion Bizkaiko bertso eta euskaltzaletasunari, eta oso eskertuta gaude eurek egindako bideari.

Horien artean egon zen Iturriza bera ere. Euskara etxean jaso bazuen ere, gazte zela erdi galdu egin zuen, eta berau berreskuratzeko lagun izan zuen bertsolaritza. Santutxuko bertso-eskolan eman zuen izena, eta, ordutik, bertsoak ikasten zein irakasten aritu zen hogei urtez.

Baina bertso-eskolan soilik ez, Bilbo eta inguruetako bertso saio eta ekitaldietan antolakuntza lanetan ibili izan da, betiere bertsoari lotuta. Urte luzez aritu izan da oholtzaren beste aldetik, gehienetan, inoiz gainean izan bada ere: gai jartzen zein bertso batzuk botatzen ere. 40 urte beranduago, Iturrizak oso lotuta jarraitzen du bertso munduari. Aurpegi ohikoa da txapelketan zein bertatik kanpo.

Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren finala abenduaren 16an izango da Bilbon. Hantxe ikusiko dugu Begoña txapeldunari txapela jazten.

Umeen gunea egongo da Bizkaiko finalean 

Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalean zaintza gunea ipini du Bizkaiko Bertsozale Elkartean, Bilbao Arenan. Bertso saioak irauten duen artean egongo da gunea zabalik, hezitzaileek zainduta. Umeek zein gurasoek egon ahalko dute bertan, eta zerbitzua doakoa izango da.

Hemen, oharrak:
• 6 urtetik aurrerako umeek finalerako sarrera erosi beharko dute.
• 3 urtetik beherakoak heldu batek lagunduta egon beharko dira gunean.
• Umeek gura badute, tarteka saiora joan ahalko dira euren guraso edo arduradunek lagunduta.
• Umea gustura ez badago guraso edo arduradunei deituko zaie bila joateko; beraz, gurasoek edo arduradunek mugikorrera adi egon beharko dute.

Izena ematea
Umeen gunean parte hartzeko izena aurretik ematea gomendatzen da. Aurretiaz izena ematen duten ume guztiek izango dute aukera gunean egoteko. Egunean bertan izenik eman barik etorritakoak kopuru batera arte hartuko dira bakarrik.

Izena emateko bete izen-emate formularioa. Informazio gehiago gura izanez gero ere, deitu 688 74 13 98 telefonora edo idatzi bizkaikotxapelketa@bertsozale.eus helbidera. 

Finalerako oharrak

Prentsaurrekoan bertan, hainbat ohar eman dira:

  • Bilbao Arenara nola heldu:

Bilbao Arenara heltzeko, Bilbora garraio publikoak eskaintzen dituen ohiko bideak erabili behar dira. Bilboko Metroan joanez gero, Alde Zaharreko geltokian jaitsi behar da, eta Unamunoko atetik irten. Handik Miribillara oinez hamar minutu-ordu laurden daude.

Bestalde, zeinbait udal zein bertso eskolek autobusak antolatu dituzte herrietatik finalera joateko. Horiek erabiltzea ere aholkatzen du antolakuntzak.

  • Ateen irekiera:

Bilbao Arenako ateak 15:30ean zabalduko dira. Bizkaiko Bertsozale Elkarteak sasoiz joateko gomendioa egin gura die bertsozaleei, jende asko batuko garelako eta azken orduan trabarik ez egoteko.

  • Gurpildun aulkiak:

Gurpildun aulkian datozen bertsozaleek, aurretiaz antolakuntzari jakinaraziz gero, nondik sartzea komeni den adierazten duten oharrak jasoko dituzte. Horretarako bizkaikotxapelketa@bertsozale.eus helbidera idatz daiteke.

  • Bestelako oharrak:

- Sarrera bakoitzak bere kodea du eta, beraz, sarrera berarekin ezingo da pertsona bat baino gehiago sartu.
- Areto barruan ezin da ez jan ez edan, beraz, ezin da areto barrura ezer sartu.
- Emergentzia kasuren bat balego, antolatzaileek emandako oharrei kasu egin.
- Bilbao Arena aretoan ezin da erre
- Bertsolariek mugimendu guztiak sumatzen dituzte oholtzatik; horregatik, mugitu behar izanez gero, itxaron bertsoaldia amaitu arte.

 


Laburrean

Non