Bilboko Inauteriak 2022: egitaraua
"Iaz, bertan behera utzi behar izan genituen Aratusteak, eta tristuraz hartu genuen erabakia, baina larrialdi sanitarioko egoerak hala eskatzen zuelako. Orain, berreskuratu egin ditzakegu, eta poz are handiagoa dugu horrek esan nahi duelako pandemiak aukera ematen digula arlo guztietan normalizaziorantz hurbiltzeko eta, zergatik ez esan, Aratusteak oso jai dibertigarriak direlako", adierazi du Itziar Urtasunek.
Gainera, Zinegotziak gogo biziz iragarri du “Bilbon Inauterietako motorrak martxan jarriko ditugula, jende guztiarentzat pentsatutako jarduera-programa oso batekin, pandemia amaitu ez dela jakinda. Berrogeita hamar proposamen inguru prestatu ditugu publiko guztiarentzat. Otsailaren 24tik martxoaren 1era bitartean egingo dira, hiriko hainbat agertokitan”.
EPAIKETA FAROLIN ETA ZARAMBOLASI
Momenturik irrikatuenetako bat datorren barikuan izango da, OTSAILAREN 25ean, 19:00etan. Bilboko Aratusteetako pertsonaia hain esanguratsuak, Farolín eta Zaranbolas, atxilotu egingo dituzte Udaletxean, eta Plaza Barrira eroango dituzte, eta han epaiketa egingo zaie (19:30ean). Ondoren, plazan bertan, "jendaurreko laidoa" egingo zaie biei, eta, urtero bezala, Aratusteetako usadiozko irri-koplak aterako zaizkie (20:30ean).
Gaua era bikainean amaitzeko, Bilbao Sozial Dantza taldearekin izango da areto-dantzen saio bat, 20:45ean.
ZAPATUAN, OTSAILAK 26, KALEJIRA ETA MOZORRO LEHIAKETA
ZAPATUAN, otsailak 26, bilbotarrek eskura izan beharko dute mozorroa, zeren eta goizean, 12:00etatik aurrera, uriko bazter guztiak beteko baitira proposamen dibertigarri eta originalekin. Une horretan, jai-esparruaren irekiera ekitaldia egingo da Plaza Biribilean.
12:15ean kalejira hasiko da Euskadin inauterietan erabiltzen diren jantzi ezberdinen erakustaldiarekin, fanfarreekin eta erraldoiekin.
Etxeko txikienek tailerrak izango dituzte aukeran Done Bikendi kalean, 12:15etik 14:30era bitartean, eta antzerkia Zabalgunean, 12:30etik aurrera, Zirika zirkusen eskutik. "Berrerabizi" obrarekin, zirkuko kolektibo horrek Bilboko umeei erakutsiko die zeinen axola handikoa den hondakin gutxiago sortzea, haiek berrerabiltzea eta birziklatzea, gure planeta zaintzeko.
12:30ean, Plaza Barrian Bizkaiko Dantzarien Biltzarrak (BDB) eskola batzuen eta besteen dantzen ikuskizun bat eskainiko du.
Unerik irrikatuenetako bat 17:00etan izango da, betiko kalejira izango baita, eta mozorro-lehiaketa ere bai, zeina Diputaziotik atera eta Plaza Biribilean eta Areatzan zehar igaroko baita.
Amaiera emateko bitxia, Bocabeats-en eskutik eskainiko zaigu, 21:30ean, noiz ere Plaza Barriko oihalaren pean euskarazko eta gaztelaniazko ikuskizun bat eskainiko den, oso aratusteetakoa, ez duena inor epel utziko. 1.000 emanaldi baino gehiago eskaini ostean iritsiko da Bilbora bikotea, umorezko ikuskizun berri, ausart eta inprobisazioz bete batekin.
MASKARADA DOMEKA, UMEEN ASTELEHENA ETA SARDINA ERRETZEKO MARTITZENA
Aratusteetako ekitaldiak izango dira IGANDEAN ere, otsailak 27, "Zuberoako Maskarada" ikuskizuna eskainiko baitu Gaztedi Dantza Taldeak. Eta ASTELEHENEAN ere bai, otsailaren 28an, familientzako kontzertu bat izango baita Plaza Barrian, 12:30ean, eta beste bi ikuskizun Campos Eliseos antzokian: Txirri, Mirri eta Txiribiton izango dira 17:00etatik aurrera. Oraingo aldi honetan, hiru pailazo maitagarriok beren azken ikuskizuna eskainiko diete Bilboko umeei: Bart non ote nintzen ni? Ikuskizun honetan, jairik jai joango dira bidaian, eta kanturik ezagunenekin batera emango dituzte beren esketx barregarriak.
Beste alde batetik, Bataklan Kabaret-ek 20:00etatik aurrera Zuzeneko musika, dantza, zirkua, eta batez ere barrea, barre ugari, hori promesten du beren bira berrian, zeinean Asier Bilbao, Yogurinha Borova, Las Fellini, Pingüistar eta Anakotz ere jardungo baitira.
Bi ikuskizun horietako edozeinetara joateko asmoa dutenek Campos Eliseos Antzokiaren webgunean izango dute aukera sarrera erosteko, bihartik, otsailaren 18tik aurrera, 10:00etan hasita. Bataklan Kabaret-en emanaldiek 5 euroko prezioa izango dute, eta Txirri, Mirri eta Txiribitonen emanaldiak dohainik izango dira.
Bilboko Udalak, gazteenendako, kontzertu bat antolatu du, otsailaren 28rako, 20:30ean hasita, Plaza Barrian. Silitia izango da talde gonbidatua, lekeitiar banda bat, umorea eta rocka batzen dituena eta Gaztea Maketa Lehiaketan irabazlea izan zena.
Aratusteei agur esateko unea martxoaren 1ean izango da, MARTITZENEAN: Sardinari Lur ematea, 20:00etan, Plaza Barrian.
ARATUSTE INKLUSIBOAK
Bilboko Udalak eutsi egingo dio bere ahaleginari eta konpromisoari, desgaitasunen bat duten pertsona guztiek parte hartu ahal izan dezaten Aratusteetan, jarduerak egokituz horretarako, publiko guztientzako irisgarriak izan daitezen.
Hala, bada, Aratusteetan, kopla laburren lehiaketa, Farolínen eta Zaranbolasen epaiketa, usadioko Mozorro Lehiaketako sari banaketa, guztiak egingo dira zeinu-hizkuntzako interpretearekin.
Horrez gain, jai-egitarauak braillez idatzita eskainiko dira, eta kartelaren deskribapen bat ere izango dute, kartelaren bikote egileak berak idatzita. Egitarauak hemen egongo dira eskura: Udalaren Informazio Bulegoan (San Agustin eraikina), ONCEren egoitzan (Pérez Galdós, 11), Bilbao Turismoren bulegoetan (Plaza Biribilean eta Abandoibarrean, 2. zenbakian, Guggenheim Museoaren aurrean), aireportuan, Ibaiondo udaltegian (Pilota kalea, 10), eta Abandoko udaltegian (Elkano kalea, 20-22).
FAROLÍN ETA ZARANBOLLAS KALEAN BERTAN
Bilboko Aratusteek badute dagoeneko egitaraua, eta beren ordezkariak ere. Ibon Koteron eta Gemma Martínez izan dira hautatuak Farolín eta Zaranbolas pertsonaiak jokatzeko Bilboko 2022ko Aratusteetan, hurrenez hurren: alegia, urteko jairik ausartenen bi enbaxadoreak izango dira.
Josteta eta dibertsioa ekarriko dizkigute musikariak eta aktoreak Uriko Aratusteetara, uriko kaleetara, 2021ean pandemiaren ondorioz bertan behera utzi eta orain berreskuratzen diren Aratuste hauetan.
Laburrean
- Mota Jaiak
- Data 2022(e)ko otsailaren 24(e)tik 2022(e)ko martxoaren 1(e)ra
- LekuaBilbao
- Info Gehiago