Arautegia
InprimatuEBAZPENA, 2024ko uztailaren 23koa, Justizia Administrazioko Zuzendariarena, Euskadiko espetxeetan eginkizunak betetzen dituzten langile publikoen armarri korporatiboaren, langileen bereizgarriaren, uniformeen eta jantzien diseinua eta ezaugarri teknikoak ezartzen dituena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Ebazpena
- Organo arau-emailea: Justizia eta Giza Eskubideen Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 211
- Hurrenkera-zk.: 4966
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2024/07/23
- Argitaratze-data: 2024/10/29
Gaikako eremua
- Gaia: Segurtasuna eta justizia; Ekonomi jarduerak; Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: Justizia; Merkataritza eta turismoa; Funtzio publikoa
Testu legala
Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren 10.14. eta 12. artikuluen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoari dagokio espetxeen antolaketa, araubide eta funtzionamenduari buruzko eskumena, bai eta arlo horretan Estatuaren legeria betearaztea ere.
Euskal Autonomia Erkidegoak, 2021eko urriaren 1etik aurrera, bere gain hartu ditu Euskal Autonomia Erkidegoko espetxeak zuzendu, gainbegiratu, antolatu, ekonomikoki eta administratiboki kudeatu eta ikuskatzeko lanak, hala ezartzen baitute ekainaren 29ko 474/2021 Errege Dekretuak (Estatuko Administrazioak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzen dizkiona espetxeen Estatuko legeria betearazteko eginkizunak eta zerbitzuak) eta uztailaren 6ko 169/2021 Dekretuak (Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzen dizkiona).
Euskal Autonomia Erkidegoko 2023. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 15/2022 Legearen hamalaugarren xedapen gehigarriak, Euskal Autonomia Erkidegoko Espetxe Administrazioko langileen uniformeei eta bereizgarriei buruzkoak, xedatzen du Euskal Autonomia Erkidegoko espetxeetan eginkizunak betetzen dituzten enplegatu publikoek, arau orokor gisa, uniformea erabili beharko dutela zerbitzuan dauden bitartean, eta bereizgarri horren diseinua eta ezaugarri teknikoak espetxe-langileen plangintza- eta kudeaketa-eskumenak esleituta dituen organo edo zuzendaritzaren ebazpen baten bidez zehaztuko direla. Hala ere, lanpostu jakin batzuen eginkizunak kontuan hartuta, organo edo zuzendaritza horrek betebehar horren salbuespenak ezarri ahal izango ditu.
Euskal Autonomia Erkidegoko 2023. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 15/2022 Legearen arabera, objektiboki oinarrituta dago Euskadiko espetxeetan lan egiten duten enplegatu publikoen uniformearen eta bereizgarrien diseinua eta ezaugarri teknikoak ezarriko dituen administrazio-jarduketa baten beharra.
Espetxeko langileak planifikatzeko eta kudeatzeko ahalmenak Justizia Administrazioaren zuzendariari dagozkio, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 12/2021 Dekretuaren 12.k) artikuluaren arabera. Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen Dekretua bigarren aldiz aldatzen duen martxoaren 29ko 40/2022 Dekretuaren hirugarren artikuluaren bidez sartu zen artikulu hori.
Ondorioz, hau
Lehenengoa. Onartzea Euskadiko espetxeetan diharduten enplegatu publikoek zerbitzuan dauden bitartean erabili beharko dituzten armarri korporatiboaren, bereizgarri pertsonalaren, uniforme orokorraren eta jantzien diseinua eta ezaugarri teknikoak.
Euskadiko espetxeetan diharduten enplegatu publikoen armarri korporatiboa, bereizgarri pertsonala, uniforme orokorra eta jantziak ebazpen honen I., II., V. eta VI. eranskinetan ezarritakoaren araberakoak izango dira.
Bigarrena. Jantzien hasierako hornidura eta kadentziak onartzea, hain zuzen III. eranskinean ezarritakoaren arabera.
Hirugarrena. Ohiko kadentziatik kanpoko jantziak birjartzeko prozedura onartzea, gerora sortutako inguruabarrek eragindako narriadura- edo haustura-kasuetarako, IV. eranskinean ezarritakoaren arabera.
Laugarrena. Armarri korporatiboa, bereizgarri pertsonala, uniforme orokorra eta gainerako jantziak aldatzeko, bai eta haien ezaugarri teknikoak nahiz osagarriak, ekipoak eta erants daitezkeen efektuak aldatzeko ere, Espetxeetako uniformeei buruzko lantaldeari kontsulta egin beharko zaio aldez aurretik, horretarako sortu baitzen 2022ko abenduaren 21ean.
Bosgarrena. Espetxe bakoitzeko zuzendaritza arduratuko da uniforme orokorrak, jantziak, osagarriak, ekipoak eta efektuak behar bezala erabiltzen direla zaintzeaz.
Seigarrena. Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Zazpigarrena. Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Justiziako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko uztailaren 23a.
Justizia Administrazioko zuzendaria,
MARÍA DOLORES MOVILLA RIVAS.
Bakarra. Armarri korporatiboa eta bereizgarri pertsonala.
Langileek kanpoko janzki nagusi gisa janzten dituzten polo, forru, anorak, jaka, mantal eta uniformearen gainerako jantziek Eusko Jaurlaritzaren armarri korporatiboa eraman behar dute ezkerreko bularraren parean, belkroz itsatsita, langilearen bereizgarri pertsonalarekin batera.
Eusko Jaurlaritzaren armarri korporatiboak bere koloreak errespetatuko ditu, eta azpian «Eusko Jaurlaritza/Gobierno Vasco» legenda edukiko du idatzita kolore zuriz eta helvetica letraz, Eusko Jaurlaritzaren erakunde-nortasunaren eskuliburuaren arabera.
Langilearen bereizgarri pertsonalean haren zenbaki profesionala agertuko da, eta horren azpian, betetzen duen lanpostuaren euskarazko eta gaztelaniazko izena.
Dagokion espetxeko zuzendaritzak bereizgarri hori eramateko betebeharretik salbuetsi ahal izango ditu bere postuko zerbitzu eta zeregin espezifikoak ematean barneko herritarrekin harremanik edo interakziorik izan behar ez duten langileak.
Armarri korporatiboak eta bereizgarri pertsonalak batera 90 x 55 mm-ko neurria izango dute.
Armarri korporatiboaren eta bereizgarri pertsonalaren xehetasun grafikoa:
(Ikus .PDF)
Lehenengoa. Uniforme orokorraren eredua, zaintza-eremuko eta eremu mistoko langileentzat.
Uniforme orokorraren ereduak jantzi hauek izango ditu (gizonentzat eta emakumeentzat):
Mahuka luzeko poloa, gris marengo koloreduna, bularrean bi sakela dituena, tapeta eta botoi eta guzti.
Mahuka motzeko poloa, gris marengo koloreduna, bularrean bi poltsiko dituena, tapeta eta botoi eta guzti.
Gris marengo koloredun prakak, zuzenak, azpiak bira barik dituztenak, kremaileradun aurreko eta atzeko bi poltsikorekin, kremailerarik gabeko alboko bi sakela zabalekin eta gerrikorako larakoekin.
Gerrikoa.
Softshell forrua, lepo altukoa, kolore granatekoa.
Zapata teknikoak edo botak (aukeran).
Udako eta neguko galtzerdi beltzak.
Ebaketaren eta zulaketaren kontrako erresistentzia duten esku hartzeko eskularruak, beltzak.
Hotzetik babesteko jantzi gisa: lepo altuko hiru laurdeneko anoraka, kolore granatekoa, alboetan bi sakela dituena, bat goian, bularraren parean eta beste bi barrualdean, guztiek kremailera eta eskumutur doigarriak dituztela.
Udako hilabeteetan, alde batera utzi ahal izango da softshell forrua edo anoraka; horrela, uniformea mahuka motzeko edo luzeko polo grisak osatuko du, eta gainerako uniformea berdin geratuko da.
Adierazitako jantziez gain, espetxeetako zerbitzuetan diharduten funtzionarioen segurtasuna bermatzeko beharrezkoak diren osagarriak, gauzak eta ekipoak gehitu ahal izango dira.
Bigarrena. Psikologoen eta gizarte-langileen uniforme espezifikoaren eredua:
Langile horien uniforme ereduak honako jantzi hauek izango ditu:
Mantal zuria, alde bakoitzean beheko bi sakela eta ezkerreko bularraren parean goiko sakela bat dituena.
Softshell forrua, lepo altukoa, kolore granatekoa, edo lepo altuko hiru laurdeneko anoraka, kolore granatekoa, alboetan bi sakela dituena, bat bularraren parean eta beste bi barrualdean, guztiek kremailera eta eskumutur doigarriak dituztela (aukeran).
Mantal zuria modu independentean edo softshell forruarekin nahiz anorakarekin batera erabili ahal izango da.
Adierazitako jantziez gain, espetxeetako zerbitzuetan diharduten funtzionarioen segurtasuna bermatzeko beharrezkoak diren osagarriak, gauzak eta ekipoak gehitu ahal izango dira.
Hirugarrena. Legelarien eta hezitzaileen uniforme espezifikoaren eredua:
Langile horien uniforme ereduak honako jantzi hauek izango ditu:
Softshell forrua, lepo altukoa, kolore granatekoa, edo lepo altuko hiru laurdeneko anoraka, kolore granatekoa, alboetan bi sakela dituena, bat bularraren parean eta beste bi barrualdean, guztiek kremailera eta eskumutur doigarriak dituztela (aukeran).
Adierazitako jantziez gain, espetxeetako zerbitzuetan diharduten funtzionarioen segurtasuna bermatzeko beharrezkoak diren osagarriak, gauzak eta ekipoak gehitu ahal izango dira.
Laugarrena. Mandatarien uniforme espezifikoaren eredua:
Langile horien jantziak honako hauek izango dira:
Zapata teknikoak edo botak (aukeran).
Udako eta neguko galtzerdi beltzak.
Lepo altuko laurdeneko anoraka, kolore neutroa, alboko bi sakela dituena, bat bularraren parean eta beste bi barrualdean, guztiek kremailera eta eskumutur doigarriak dituztela.
Jasotako jantziez gain, espetxeetako zerbitzuetan diharduten funtzionarioen segurtasuna bermatzeko beharrezkoak diren osagarriak, gauzak eta ekipoak gehitu ahal izango dira.
Lehenengoa. Uniforme orokorraren hasierako hornidura eta jantzien kadentziak:
Mahuka motzeko poloa: 4 unitate / 2 urte.
Mahuka luzeko poloa: 4 unitate / 2 urte.
Softshell forrua: 2 unitate / 3 urte.
Hiru laurdeneko anoraka: 2 unitate / 3 urte.
Sasoi guztietarako prakak: 3 unitate / 2 urte.
Gerrikoa: 2 unitate / 2 urte.
Zapata teknikoak edo botak: 2 pare / 2 urte.
Ebaketen aurkako eskularruak: 2 pare / 2 urte.
Udako galtzerdiak: 4 pare / 2 urte.
Neguko galtzerdiak: 4 pare / 2 urte.
Bigarrena. Psikologoen eta gizarte-langileen uniforme espezifikoen hasierako hornidura eta jantzien kadentziak:
Mantala: 3 unitate / 2 urte.
Softshell forrua: 2 unitate / 2 urte.
Hiru laurdeneko anoraka: 2 unitate / 3 urte.
Hirugarrena. Legelarien eta hezitzaileen hasierako hornidura eta jantzien kadentziak:
Softshell forrua: 2 unitate / 2 urte.
Hiru laurdeneko anoraka: 2 unitate / 3 urte.
Laugarrena. Mandatarien hasierako hornidura eta jantzien kadentziak:
Zapata teknikoak edo botak: 2 pare / 2 urte.
Hiru laurdeneko anoraka: 2 unitate / 3 urte.
Udako galtzerdiak: 4 pare / 2 urte.
Neguko galtzerdiak: 4 pare / 2 urte.
Lehenengoa. Izapidetzea.
Oro har, gerora sortutako inguruabarrengatik eta ohiko kadentziatik kanpo jantziak edo jantzien efektuak berritzeko baimenak eskatzailearen destinoko espetxeko zuzendaritzak emango ditu.
Aurrekoaz gain, ohiko kadentziatik kanpo eta urte natural bereko aldi berean gertatutako inguruabarrengatik jantzi edo efektu bera birjartzeko bi eskaera baino gehiago badaude, zentroko zuzendaritzak Justizia Administrazioko Zuzendaritzari jakinarazi beharko dio hartzen den ebazpena, jakinaren gainean egon dadin.
Bigarrena. Eskabideak.
Interesdunak dagokion espetxeko zuzendaritzara bidali beharko du eskaera, ohiko kadentziatik kanpo zer jantzi edo jantzien efektu eskatzen duen adierazita.
Eskaerarekin batera, interesdunak egitateen parte bat aurkeztu beharko du, eta bertan azalduko du zer egitatek eta gerora sortutako gainerako zer inguruabarrek eragin duten berritu nahi duen jantziak edo efektuak normaltasunez erabiltzea eragozten duten kalteak jaso izana.
Ordezteko eskaera sartu ondoren, zentroko zuzendaritzak langileari emango dio eskatutako jantzia edo efektua, alde batera utzi gabe horri buruz hartzen duen ebazpena.
Hirugarrena. Ebazpena.
Espetxeko zuzendaritzak gehienez ere hilabeteko epean ebatzi beharko du eskaera. Epe horretan berariaz ebazten ez bada, isiltasunaren esanahia negatiboa izango da, ezertan galarazi gabe organo eskudunak ebazteko duen betebeharra.
Eskaera berariaz ukatzen bada, jantzia eskatzailearen kontura berrituko da, eta haren zenbatekoa nominako ordainsarietatik kenduko da.
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)