Arautegia
InprimatuEBAZPENA, 2024ko urriaren 25ekoa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Abadiñoko Arau Subsidiarioen Aldaketa Puntualaren ingurumen-txosten estrategikoa, E-17 Osasun eta Asistentzia Sistema Orokorrari buruzkoa.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Ebazpena
- Organo arau-emailea: Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 226
- Hurrenkera-zk.: 5324
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2024/10/25
- Argitaratze-data: 2024/11/20
Gaikako eremua
- Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua; Garraio eta herri lanak
- Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita; EAEko udalak; Ingurumena
Testu legala
2024ko uztailaren 23an, Abadiñoko Udalak eskabidea aurkeztu zuen Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan, Abadiñoko Bide Berdearen Plan Bereziaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua hasteko (aurrerantzean, plana). Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren; tartean, planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan ezarritako edukiarekin.
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikulua aplikatuz, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien, 2024ko irailaren 8an, ukituriko administrazio publikoei eta interesdunei, eta espedientean dago horren emaitza. Era berean, Abadiñoko Udalari jakinarazi zitzaion hasiera eman zitzaiola prozedurari.
Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok aukera izan zezan ingurumenaren arloan egoki iritzitako oharrak egiteko.
Legezko erantzun-epea amaituta, eta espedientean jasotako dokumentazio teknikoa aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, bat etorriz abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluarekin.
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraikiz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarri behar dira, nahitaez, ingurumenean eragin nabarmena izan dezaketen plan, programa eta proiektuak, bai eta haien aldaketak eta berrikuspenak ere, ingurumen-babes handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko asmoz.
Plana abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 72.2 artikuluan jasotako kasuen artean sartzen da; hor ezartzen da zer plan eta programak pasatu behar duen ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua, hauek zehazteko: ingurumen-eragin nabarmenik ez duela ingurumen-txosten estrategikoaren arabera edo ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar dela, ingurumenean eragin nabarmena izan dezakeelako.
Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 75. artikuluan arautzen da, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.C eranskinean ezarritako irizpideen arabera.
Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau eman du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, planak ingurumenean ondorio nabarmenak izan ditzakeen edo ez aztertzeko eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen zehazteko, edo, hala ez bada, ingurumena behar bezala babesteko asmoz plana zer eratan garatu behar den erabakitzeko. Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritza horretarako organo eskuduna da, hala ezarrita baitago 18/2024 Dekretuan, ekainaren 23koa, lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena.
Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen Ebaluazioari buruzkoa; 18/2024 Dekretua, ekainaren 23koa, lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau
Lehenengoa. Abadiñoko Arau Subsidiarioen Aldaketa Puntualaren ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, E-17 Osasun eta Asistentzia Sistema Orokorrari buruzkoa, jarraian adierazten den moduan:
Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.
17 osasun- eta asistentzia-sistema orokorrari buruzko Abadiñoko arau subsidiarioen aldaketa puntualaren helburua da asistentzia-erabilerako zerbitzuak ezartzea arau subsidiarioetan horrela kalifikatutako eremuan, eta horretarako sarbideak hobetzea. Hala ere, aldaketaz harago doa, eta xehetasunez antolatzen du arau subsidiarioen E-17 asistentzia-sistema orokorra, hirigunearekin lotzen den eremua eta errepide-sare nagusiarekin duen lotura hobetuz, bai eta egoitza berri bat ezarriz ere. Zehatzago esanda, honako hauek dira antolamendu xehatuaren helburuak:
Atxarte egoitza eta haren eraikina dagoen lurzatia ekipamenduzko lurzati pribatu gisa mantentzea, lurzatia eta hirigintza parametroak haien premietara egokituz.
Eremuaren ekialdean ekipamenduzko beste lurzati bat antolatzea, etorkizunean Bizkaiko Foru Aldundiak ezarri nahi duen egoitza eraikitzeko.
Bi ekipamenduetarako sarbidea hobetzea.
Aparkalekua hobetzea, bi ekipamenduei zerbitzua emateko.
Eraikinik gabeko espazio libreak izatea, oro har beren izaera naturalizatua mantentzen dutenak, paisaia errespetatzen duen ekipamendu berri jasangarri bat ezartzeko, ekipamenduak babesteko eta izan daitezkeen kalteak minimizatzeko, inguruneko intereseko espazio naturalak babestuz, hala nola Untxillaerreka erreka.
Antolamendua garatzeko, bi eremu bereizi ezartzen dira horien titulartasunaren arabera publikoa eta pribatua eta, beraz, horiek lortzeko eta hirigintza finkatzeko behar den kudeaketaren arabera:
Atxarte egoitzako egikaritze-unitatea: egikaritze-unitateak Atxarte egoitza antolatu nahi du hirigintzari dagokionez, eta, aldi berean, dagoen eraikigarritasuna barne hartzen duen erregulazio bat eskaini; halaber, handitzeko aukera ere eskaini nahi du, etorkizuneko eskaerei edo handitzeko barne-premiei begira. Eremuak 35.269,12 m2-ko azalera du.
Zuzkidura publikoak egikaritzeko eremua (Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitza). Eremuaren azalerak, gutxi gorabehera, 49.419,14 m2 ditu. Lursailak ez daude arau subsidiarioetako ezein kudeaketa-eremuri lotuta, eta, beraz, desjabetzearen bidez eskuratuko dira. Sistema orokor publiko bat mugatzea proposatzen da, desjabetze bidez gauzatu beharrekoa; jarraian ez dauden zenbait lurzatiz osatuta egongo da. 275. lurzatia nabarmendu behar da, eraikin berria jartzeko egokiena delako; gainerako lurzatiak erabilera osagarrirako geratzen dira, hau da, ibilgailuen eta oinezkoen irisgarritasunerako eta ingurumen-inpaktuak konpentsatzeko:
Osasun- eta asistentzia-sistema orokorra: 17.514,85 m2.
Berdeguneen sistema orokorra: 25.378,10 m2.
Bide-sistema orokorra (espaloiak, aparkalekuak eta bideak): 6.526,19 m2.
Hiru alternatiba aztertu dira, bai eta egungo hirigintza-plangintzan ezarritakoarekin alderatuta eremuari aldaketarik gabe eusten dion aukera ere.
Nolanahi ere, Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitza berria 275. zenbakiko lurzatian jartzeko asmoa dago, eraikigarritasunari dagokionez beste lurzoru batzuk lotzen badira ere. Era berean, Atxarte Egoitzak bere lurzoruak lotuta edukiko ditu, eta instalazio gehienak eraikina dagoen lurzatian mantenduko ditu.
alternatiba.
Alternatiba horrek banaketa orekatu bat proposatzen du jatorrizko lurzatien eta ondoriozko lurzatien artean, Gorabideko egungo lurzatiaren eta 275. lurzatiaren (BFAren egoitza) artean, halako erabileretarako eraikinak kokatu baitaitezke han.
Alternatiba honetan, kudeatutako zerbitzu orokor gisa kalifikatutako lurzorua, bere osotasunean, kudeaketa-eremu bakartzat hartzen da, eta arau subsidiarioen baldintza orokorrei eusten die.
Hala ere, arau subsidiarioen egungo parametroek nabarmen baldintzatzen dute Bizkaiko Foru Aldundiaren etorkizuneko egoitza ezartzea: eraikuntzaren atzeraemanguneak, okupazioa, altuerak eta eraikigarritasuna, besteak beste.
alternatiba.
Eremuaren kudeaketa bakarra mantenduz, 1. alternatibaren antzera, baldintza malguagoak eskaintzen ditu etorkizuneko eraikinaren kokapenari eta antolaketari begira.
alternatiba.
Beste alternatibetan ez bezala, honek bi eremu desberdin planteatzen ditu, egoitza bakoitzerako bana, kudeaketa eta ondorengo garapena elkarrengandik bereiziz.
Azkenean, erabaki da 3. alternatiba dela aproposena Atxarteko egoitzaren eta BFAren etorkizuneko egoitzaren etorkizuneko premiei erantzuteko.
Hala, arau subsidiarioen aldaketa garatzea proposatzen da, E-17 Asistentzia Sistema Orokorra modu xehatuan antolatuz eta hirigunearekiko lotunea eta errepide-sare nagusiarekiko lotura hobetuz garatu ere.
Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.3 artikuluarekin bat etorriz, lege horren II.C eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen edo ez zehazteko.
Planaren ezaugarriak, bereziki alderdi hauek aintzat hartuta:
Planak edo programak zenbateraino ezartzen duen proiektuetarako esparru bat: aurkeztutako dokumentazioaren arabera, nahiz eta planak baldintzatzaileak eduki besteak beste, kokapenari, ezaugarriei, neurriei eta funtzionamenduari dagokienez etorkizunean legez ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egitera behartuta dauden proiektuak baimentzeko, hala nola urbanizazio-proiektua, plan horrek udal-mailako eremu txiki baten erabilera baino ez du ezartzen.
Planak zenbateraino eragiten dien beste plan edo programa batzuei, hierarkizatuta daudenak barne: ez da bateraezintasunik edo kontraesanik ikusi E-17 Osasun eta Asistentzia Sistema Orokorrari buruzko Abadiñoko Arau Subsidiarioen Aldaketa Puntualaren eta tartean diren eta ebaluatu diren plan eta programen artean.
Plana egokitzat jotzen da klima-aldaketaren eta trantsizio energetikoaren arloan ingurumen-alderdiak integratzeari dagokionez. Plan horri esker, klima-aldaketa arintzeko eta hartara egokitzeko neurriak sar daitezke:
Oinez, bizikletaz edo beste garraiobide aktibo batzuetan egindako joan-etorriak errazteko neurriak ezarriz, bizi-ohitura osasungarriekin lotuz.
Ibaien erriberako guneak kontserbatzeko eta lehengoratzeko premia bultzatuz zehazki, Untxillaerreka errekarenak, klima-aldaketarekiko kalteberenak izan daitezkeen guneetako batzuk direlako, bat etorriz Klima Aldaketari eta Trantsizio Energetikoari buruzko maiatzaren 20ko 7/2021 Legearen 24. artikuluan klima-aldaketaren aurrean biodibertsitatea babesteari buruz adierazitakoarekin.
Energia aurrezteko eta efizientziaz erabiltzeko neurriak sustatuz, bai eta energia berriztagarriak ezartzeko neurriak ere.
Planari loturiko ingurumen-arazo nabarmenak; planak ez du ingurumen-arazo nabarmenik eragingo, baldin eta afektazio-eremuan egin behar diren esku-hartzeak eta jarduerak gauzatzen badira besteak beste arlo hauetan indarrean dagoen araudia betez: biodibertsitatearen babesa, nekazaritzako lurzoruak, hondakinen kudeaketa, lurzoru kutsatuak, eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak, zarata, kultura-ondarea, argi-kutsadura, klima-aldaketa eta jasangarritasun energetikoa.
Era berean, plana egokitzat jotzen da Europar Batasuneko edo Espainiako ingurumen-arloko legedia txertatzeko.
Eragina jasan dezakeen eremuaren eta ondorioen ezaugarriak.
Eremua trantsizioko landa-paisaiako nekazaritza eta abeltzaintzako lurzoruari dagokio; Gorabide elkartearen egoitzaren eremua inguratzen du, eta haren iparraldean balio estrategiko handia du. Ez dago eraikinik bertan, egoitza bera eta 47. lurzatian dagoen eraikin txiki bat kenduta.
Ez dator bat ezein naturagune babesturekin, eta ez dago Natura 2000 Sarearen barruan. Dena den, Untxillaerreka errekak muga egiten du hegoaldean aztergai dugun eremuarekin ibaiertzeko landaretza du, eta haltzadi kantauriarraren Batasunaren intereseko habitata da nagusiki; gainera, interes bereziko eremua da bisoi europarrarentzat (Mustela lutreola). Era berean, hariztiak daude Atxarte Egoitzako Osasun Asistentziako Sistema Orokorrean integratutako eremuaren mendebaldeko muturrean, bai eta eremuaren erdialdetik hegoalderako eremuan ere. Horrez gain, egoitzako lorategietan zuhaitzez osatutako eremuak daude, bai eta Osasun eta Asistentzia Sistema Orokorraren perimetro-eremuan ere.
Halaber, ez da kultura-ondasun izendatutako kultura-ondareko elementurik identifikatu.
Horregatik, plana garatzeak izan ditzakeen ondorioak balio estrategiko handiko lurzorua galtzearekin eta obrak egitearekin lotuta daude. Obra horien ondorioz, lurzorua okupatuko da, makinak joan-etorrian arituko dira, atmosferara isurketak egingo dira, hondeaketa-soberakinak sortuko dira, hondakinak, isurketak eta zaratak sortuko dira, eta, ustiapen-fasean, areagotu egingo dira mugikortasuna, baliabideen kontsumoa eta hondakinen eta zarataren ekoizpena.
Hala ere, planaren jarduketa-eremua, irismena eta prebentzio-, babes- eta zuzenketa-neurrien aplikazioa kontuan hartuta, ez da espero jarduketa horien ondorioz ingurumenean modu nabarmenean eragingo denik, baldin eta indarrean dagoen legedia betetzen bada, eta, bereziki, arlo hauetan: biodibertsitatearen babesa; nekazaritza-lurzorua; hondakinen kudeaketa; lurzoru kutsatuak; eraikuntza- eta eraispen-hondakinak; zarata; kultura-ondarea; argi-kutsadura; klima-aldaketa; jasangarritasun energetikoa.
Ebazpen honetan, planean sartu beharreko babes- eta zuzenketa-neurri hauek ezartzen dira, ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar izan ez dadin.
Babes- eta zuzenketa-neurriak indarreko araudiaren arabera hartuko dira, ebazpen honetan adierazitakoaren arabera, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, Ingurumen Dokumentu Estrategikoan eta Plan Berezian bertan jasotakoaren arabera, eta ez dituzte eragotziko plana onartzeko prozeduran eskumena duten beste organismo batzuek ezartzen dituztenak.
Prebentzio- eta zuzenketa-neurri hauek proposatzen dira:
Intereseko balio naturalak babesteko neurriak.
Atxarte Egoitzako Osasun Asistentziako Sistema Orokorrean integratutako eremuaren mendebaldeko muturrean dagoen hariztiaren babesa bermatu behar da, bai eta eremuaren erdialde-hegoaldean dagoenarena eta egoitzako lorategietan nahiz Osasun eta Asistentziako Sistema Orokorraren perimetroan dauden zuhaitz-eremuena ere. Horretarako, behar beste neurri ezarri behar dira, zuhaitz-masa horien babesa modu eraginkorrean bermatzeko. Era berean, babes hori espazio libreetan bermatu behar da.
Horretarako, eta Natura Ondarearen Zuzendaritzaren proposamenekin bat etorriz, honako gai hauek birplanteatu behar dira:
Atxarten, mendebaldeko muturrean, Osasun eta Asistentzia Sistema Orokorraren gehieneko lerrokadurak atzera ematea, hariztia dagoen eremua asistentzia-eremutik kanpo uzteko, eta espazio libreetan integra dadin proposatzea. Gainera, sistema orokor horren mugaketan egokitzapenak egin beharko dira, iparraldean eta hegoaldean, zuhaitz-formazio autoktonoak kanpoan gera daitezen.
Harizti azidofiloa osasun eta asistentziako bi zerbitzu orokorren artean dagoen aparkatzeko bidearen sistema orokorraren mugaketatik at uztea.
Halakorik ezean, ezinbestekoa izango da konpentsazio-neurriak hartzea aipatutako eremuetan baso autoktonoa galtzeagatik. Neurri horiek planaren ingurumen-dokumentuan eta hirigintza-araudian zehaztu beharko dira:
Konpentsazioko birlandaketak egin beharko dira, 1:2 proportzioan (ezabatua: lehengoratua), baso autoktonoari eragiteagatik eta ezabatutako masen funtzionaltasun ekologikoa berreskuratzeko beharragatik.
Landareztatzeetan, zuhaitz- eta zuhaixka-espezie autoktonoak baliatuko dira ahal dela, harizti azidofiloak, jarduketen ingurunera egokituta.
Planaren eremuaren barruan edo kanpoan egingo dira, esku-hartzeek eragiten ez duten eremu batean, eta eremuaren hego-mendebaldeko muturrean zentratzea iradokitzen da, Untxillaerreka errekaren inguruan. Jarduketa horrek, hala badagokio, kontuan hartu beharko du «EAEko ibai-eremuan landare inbaditzaileen espezieak kudeatzeko jardunbide egokien gidaliburua»; Uraren Euskal Agentzia (Ura), 2021.
Ingurumen-dokumentuan, landareztatzeko irizpide nagusiak jasoko dira besteak beste erabili beharreko espezieak, landaketa-esparrua, aurreikusitako mantentze-lanak.
Gainera, Atxarte egoitzako egikaritze-unitatearen eta BFAren egoitzako zuzkidura publikoak egikaritzeko jarduketaren hirigintza-fitxetan honako baldintza hauek jaso beharko dira:
Urbanizazioak eta espazio libreen egokitzapenak dauden zuhaitz-masa autoktonoak saihestu beharko dituzte. Hala egiten ez bada, konpentsazio-neurriak hartu beharko dira, aurreko irizpideei jarraikiz.
Ez da eragin beharko Atxarte egoitzako lorategiko zuhaitzik zaharrenetan edo handienetan.
Kontuan hartu beharko dira Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak eginiko «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua»ren irizpideak, espazio libreak tratatzeko.
Lurzorua babesteari buruzko neurriak.
17 asistentzia-sistema orokorraren antolamendu xehatua garatzeko balio agrologiko handiko lurzorua galtzea konpentsatu egin behar da, EAEn nekazaritza-lurra kontserbatzeari eta lur horren erabilpena sustatzeari buruzko urriaren 2ko 193/2012 Dekretuaren arabera. Konpentsazio horrek Nekazaritza Zuzendaritzak bere txostenean egindako gomendioei jarraitu beharko die, eremu degradatuak leheneratuz, azpiegiturak hobetuz edo lurzoru publikoak Nekazaritza Lurren Funtsari lagaz. Halaber, konpentsazio-neurri horiek behar bezala jaso beharko dira planaren araudian.
Argi-kutsadurarekin lotutako neurriak.
Kanpoko argiztapenari dagokionez, energia-efizientzia maximizatzera eta argi-kutsadura minimizatzera jo beharko da, azaroaren 14ko 1890/2008 Errege Dekretuarekin bat etorriz (Kanpo-argiztapeneko instalazioen energia-efizientziari buruzko erregelamendua eta haren jarraibide tekniko osagarriak onartzen dituena, EA-01etik EA-07ra).
Jasangarritasun energetikoarekin lotutako neurriak.
Urbanizazio- eta eraikuntza-proiektuak Euskal Autonomia Erkidegoko Jasangarritasun Energetikoari buruzko otsailaren 21eko 4/2019 Legearen eta azaroaren 10eko 254/2020 Dekretuaren arabera egin beharko dira.
Aurretik adierazitako neurriak alde batera utzi gabe, plana egitean aplikatu beharreko neurriek loturik egon behar dute alderdi hauei buruzko jardunbide egokien eskuliburuarekin: obrak egitea, lurrak eta soberakinak kudeatzea, hondakinak sortu eta kudeatzea, hondeatutako lurzoruak kontrolatzea eta urak, airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestea. Besteak beste, neurri hauek hartu beharko dira, eta planak azkenik ezartzen dituen zehaztapenetan txertatu:
Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua. Gai hauei lotutako alderdiak bilduko ditu, gutxienez: lanaldiak; makineria; uretara ezer isurtzea eragoztea; ahalik eta hauts eta zarata gutxien sortzea; herritarrak aztoratzen dituzten jarduerak minimizatzea; hondakinak kudeatzea, eta abar.
Obra-eremua mugatzea eta instalazio osagarriak kokatzea: obrak, bai eta lurzorua okupatu beharra dakarten jarduera osagarriak ere, proiektua aurrera eramateko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan egin beharko dira. Kontratistaren instalazio-eremuak, barnean hartuta makinak gordetzeko guneak, obra-txabolak, landare-lurra eta obrako materialak eta hondakinak aldi batean pilatzeko guneak, ingurumenari ahalik eta gutxien eragiteko irizpideei jarraikiz proiektatuko dira.
Hondakinak sortu eta kudeatzea: hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak xedatutakoaren arabera eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutakoaren arabera kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorritakoak barne.
Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzea prebenitu beharko da edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu beharko dira, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barnean dela.
Hondakinak ezabatzeko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik behar bezala justifikatzea haien balorizazioa ez dela bideragarria teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren aldetik.
Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, baldin eta hondakinak isurketa baten ondorioz nahasiz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeatzeko zailagoak badira. Hondakin arriskutsuak dituzten edukiontziek edo ontziek bete egingo dituzte Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak, eta itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen. Aipatutako edukiontziek edo ontziek era argian, irakurgarrian eta ezabaezinean etiketatuta egon beharko dute, indarrean dagoen araudiaren arabera.
Eremu jakin bat egokituko da behin-behineko hondakin arriskutsuak pilatzeko; besteak beste, olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak, eta abar. Gainera, hondakin geldoak biltzeko edukiontzi espezifikoak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita. Era berean, lanek irauten duten bitartean, sortzen diren hondakinak biltzeko gailu estankoak jarriko dira lanak egiteko eremu osoan (bidoiak, eta abar). Motaren arabera bereiziko dira hondakinak, eta, ondoren, aldi baterako biltegiratuko dira aipatutako garbigunean.
Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin edota efluente batzuekin nahastea. Hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek biltzeko eta biltegiratzeko baliabide egokiak jarriko dira, aipatutako nahasketa horiek ekiditeko.
Olio erabiliak, kudeatzaile baimendu bati eman arte, estalpean utzi beharko dira, behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zolata iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihesei eta isuriei eusteko sistemen barruan.
Araudia betetzea errazagoa izan dadin, lanen ondorioz sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatu beharko dira. Lanen arduradunek kudeatuko dituzte sistema horiek, eta haien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, ez da inolaz ere kontrolatu gabeko efluenterik sortuko erregai eta produktuak biltegiratzeagatik, makinen mantentze-lanak egiteagatik edo hondakinak erretzeagatik.
Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira sortutako olio industrial erabiliak.
Eraikuntza eta Eraispen Hondakinen Ekoizpena eta Kudeaketa arautzen dituen otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan eta Eraikuntza eta Eraispen Hondakinen Kudeaketa arautzen duen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira eraikuntza- eta eraispen-hondakinak, baliabideak haien bizi-ziklo osoan erabiltzeko orduan eta, bereziki, ziklo horren amaieran hondakinak aprobetxatzeko orduan modu efizienteagoan jokatuko duen eraikuntza bat bultzatzeko.
Lur- eta arroka-soberakinak, ahal bada, haien premia duen inguruko obra batean balorizatuko dira; hori ezinezkoa bada, obretan sortutako hondeaketa-soberakinak soberakinen biltegi baimendura eramango dira, eta indarrean dauden legeen arabera kudeatuko dira; hau da, uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuaren arabera hondakinak zabortegietan utziz deuseztatzeko jarduera arautzen duena eta otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuaren arabera hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duena.
Obrak egin bitartean lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten beste kokagune batzuk atzemanez gero, edo lurzorua kutsatzen duten substantziak daudelako zantzu funtsatuak egonez gero, horren berri eman beharko zaie, berehala, Abadiñoko Udalari eta Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, azken horrek zehatz ditzan zer neurri hartu behar diren eta zein pertsona fisikok edo juridikok bete beharko dituen neurriak, lurzorua kutsatzea saihesteko eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikuluarekin bat.
Lurzoruak eta lurpeko urak babestea: prebentzio- eta zuzenketa-neurriak hartu beharko dira dagokion obra faserako, istripuzko isurien eragina saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (material xurgatzaileak erabiltzea, isuriekin kutsatutako lurzoruak kendu eta kudeatzea, eta abar).
Pilaketa-eremuak, instalazio osagarriak eta makineria-parkea gainazal iragazgaitzetan jarriko dira. Makinen mantentze-lanik ez da egingo iragazgaiztu gabeko eremuetan, eta, nolanahi ere, hondakinak (bereziki, olio erabiliak) biltzeko sistema bat izango duen plataforma iragazgaiztu baten gainean egingo dira obran erabiltzen den makineriari erregaia jartzeko, lubrifikatzaileak aldatzeko eta bestelako lanak, urak kutsatu ez daitezen.
Ibilgailuak eta makinak garbitzeko gailuak egongo dira, baita gurpilak garbitzeko plataformak ere, lokatzik edo hautsik ez hedatzeko, eta kamioiek obretan sartzeko eta obretatik ateratzeko erabiliko dituzten bideak garbi eduki beharko dira, presiozko ura edo erratz-makinak erabilita.
Obretako zaratak: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustikoari, kalitate-helburuei eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Errege Dekretuak aldatutakoa) eta arau osagarrietan ezarritakora.
Obrek iraun artean, jardunbide operatibo egokiak aplikatu beharko dira sorburuan zaratak murrizteko, bereziki indusketetan, eraispenetan, zamalanetan eta garraio-lanetan, bai eta erabilitako makinen mantentze-lan orokorretan eta zaraten eta bibrazioen sorburuko murrizketan ere.
Eguneko lan-ordutegian egingo dira lanak.
Lanek sei hilabete baino gehiago irauten badute, inpaktu akustikoari buruzko azterketa bat egin beharko da, behar diren zuzenketa-neurriak zehazteko, urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 35 bis artikuluaren arabera.
Garbi mantendu beharko dira kamioiek obrara sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak; horretarako, presioko ura edo erratz-makinak erabiliko dira.
Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa ezertan eragotzi gabe, obretan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, obrak eten egingo dira badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaio Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailaren Zuzendaritza Nagusiari; hark erabakiko du zer neurri hartu.
Espazio libreen trataera: hala badagokio, espazio libreen landareztatze-lanak ahalik eta lasterren egingo dira; modu horretan, ekidin egingo dira higadura-prozesuak, solidoak drainatze-sarera arrastatzea eta espezie aloktono inbaditzaileen kolonizazioa. Jasangarritasun-irizpideei lehentasuna emango zaie, bat etorriz «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua»n ezarrita dagoenarekin, espezie inbaditzaileak sartzeko arriskua gutxitzeko eskuliburu hori Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak ondu zuen. Lorategi-lanetan ez dira inola ere erabiliko inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonoak; esaterako, Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia eta Cortaderia selloana. Bereziki kontrolatuko da landare-estalkia lehengoratzeko lurren jatorria, halako moldez non bermatuko den lorategi-lanetan erabilitako landare-lurrean ez dagoela flora inbaditzailearen propagulurik.
Kanpoko argiztapenari dagokionez, energia-efizientzia maximizatzera eta argi-kutsadura minimizatzera jo beharko da, azaroaren 14ko 1890/2008 Errege Dekretuarekin bat etorriz (Kanpo-argiztapeneko instalazioen energia-efizientziari buruzko erregelamendua eta haren jarraibide tekniko osagarriak onartzen dituena, EA-01etik EA-07ra).
Jasangarritasuna eraikuntzan Gutxieneko bizigarritasun-eskakizunak: ekainaren 28ko 80/2022 Dekretuan ezarritako gutxieneko bizigarritasun-eskakizunak ezertan eragotzi gabe (plana haietara egokitu behar da), Ingurumenaren aldetik Jasangarriak diren Eraikuntza Gidetan jasotako ingurumen-neurri eta -jardunbide egokien multzoa hartuko da kontuan, eraikinen energia-aurrezpena eta -efizientzia sustatzeko eta energia berriztagarriak bultzatzeko. Neurri horiek, gutxienez, honako alderdi hauetan eragin beharko dute:
Materialak. Lehengai berriztaezin gutxiago kontsumitzea.
Energia. Energia gutxiago kontsumitzea edo energia gutxiago sortzea iturri berriztaezinen bidez.
Edateko ura. Edateko ur gutxiago kontsumitzea.
Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.
Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak gutxitzea.
Barneko kalitatea. Barneko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.
Bigarrena. Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta ebazpen honetan ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten «E-17 Osasun eta Asistentzia Sistema Orokorrei buruzko Abadiñoko Arau Subsidiarioen Aldaketa Puntualak» ondorio kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.
Hirugarrena. Abadiñoko Udalari ebazpen honen edukiaren berri ematea.
Laugarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.
Bosgarrena. Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-txosten estrategiko honek indarraldia galduko du eta berezkoak dituen ondorioak izateari utziko dio, baldin eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ondoren plana ez bada onartzen lau urteko epean. Kasu horretan, berriro hasi beharko da planaren ingurumen-ebaluazioaren prozedura, ingurumen-organoari indarraldia luzatzeko eskatzen zaionean salbu. Luzapena eskatuz gero, ingurumen-organoak, hala badagokio, ingurumen-txosten estrategikoaren beste indarraldi bat xedatuko du, erregelamenduz ezarritako moduan.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko urriaren 25a.
Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,
JAVIER AGIRRE ORCAJO.