Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2023ko uztailaren 27koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez epe berri bat irekitzen baita dirulaguntzak eskatzeko, eta argitara ematen baitira haiek finantzatzera bideratuko diren baliabide ekonomikoak, honako deialdi honen babesean: Euskal Autonomia Erkidegoan ekintzailetza eta landa-garapena sustatzeko eta genero-arrakala murrizteko helburuarekin langabeen konpetentzia digitalak hobetzeko prestakuntza-programazioa egiteko dirulaguntzen deialdia, Europar Batasunaren NextGeneration EU funtsak finantzatutako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua; Lan eta Enplegu Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 152
  • Hurrenkera-zk.: 3887
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2023/07/27
  • Argitaratze-data: 2023/08/10

Gaikako eremua

  • Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua; Hezkuntza; Ekonomi Jarduerak
  • Azpigaia: Lana eta enplegua; Gobernua eta herri administrazioa; Informazio etak komunikazioak

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2021eko abenduaren 21eko bileran hartutako Erabakiaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoan ekintzailetza eta landa-garapena sustatzeko eta genero-arrakala murrizteko helburuarekin langabeen konpetentzia digitalak hobetzeko prestakuntza-programazioa egiteko dirulaguntzen deialdia onetsi zuen, Europar Batasunaren NextGenerationEU funtsak finantzatutako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan. Deialdia 2021eko abenduaren 31ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen, 262. zenbakian, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren 2021eko abenduaren 21eko Ebazpenaren bidez.

Deialdi horretan araututako laguntzak finantzatzeko baliabide ekonomikoen zenbatekoa 5.334.915 eurokoa izan zen, eta zenbateko hori Estatuak transferitu zuen, deialdia gauzatzeko izaera finalistarekin, Europar Batasunaren NextGeneration EU funtsak finantzatutako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planean integratutako proiektu gisa, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduak ezarritako Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren bidez.

Deialdiaren 1.2 artikuluan ezartzen denez, baldin eta 2022. eta 2023. urteetan Euskal Autonomia Erkidegoari Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planetik datozen eta helburu bera duten funts berriak transferitzen bazaizkio, eta funtsek laguntza horiekin lotutako ordainketa-kreditu berriak sortzen badituzte indarrean dagoen legeriarekin bat etorrita, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen bidez argitara emango da kredituen zenbatekoa, eta deialdi honetan jasotako oinarri arautzaileak aplikatuta erantzun beharreko eskabideak aurkezteko beste epe bat irekiko da. Halaber, deialdiaren 3.5 artikuluan xedatzen denez, kasu horretan, kreditu berriekin diruz lagunduko diren prestakuntza-planak gauzatzeko epea ezarriko da.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren 2022ko abenduaren 21eko Ebazpenaren bidez (2022ko abenduaren 30eko EHAA), dirulaguntzen eskabideak aurkezteko epe berri bat gaitzen da, eta dirulaguntza horiek finantzatzeko esleitutako baliabide ekonomikoen berri ematen da, deialdi honen babesean: Euskal Autonomia Erkidegoan ekintzailetza eta landa-garapena sustatzeko eta genero-arrakala murrizteko helburuarekin langabeen konpetentzia digitalak hobetzeko prestakuntza-programazioa egiteko dirulaguntzen deialdia, Europar Batasunaren NextGenerationEU funtsak finantzatutako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan. Horrenbestez, beste adjudikazio-prozedura bat egin da, ebazpen honetan identifikatutako 4.182.884 euroko kredituaren kargura; zenbateko horretatik, 1.670.529 euro Estatuak 2022an programa hori gauzatzeko transferitutako kreditutik datoz, eta 2.512.355 euro Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren 2021eko abenduaren 21eko Ebazpenaren bidez argitaratutako deialdiaren soberakinetik. Eskabideak aurkezteko epe berria behin betiko ebazteko prozedura amaitu ondoren, 2.936.964 euroko soberakina geratu da.

Enplegu eta Lan Gaietarako Konferentzia Sektorialaren LXXXIII. Bileran (2023ko apirilaren 28koa), Estatuko Aurrekontu Orokorren lan-arloko funtsen banaketa onartu zen (funts horiek Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren kargura finantzatzen dira), autonomia-erkidegoek 2023an kudea ditzaten. Euskal Autonomia Erkidegoari 1.616.641 euro esleitu zaizkio, langabeen gaitasun digitalak hobetzeko programaren laguntzak finantzatzeko, ekintzailetza eta landa-garapena sustatzeko eta genero-arrakala murrizteko. Hartara, 8.622.085 euro dira, guztira, programaren esparruan Euskadira transferitutako funtsak.

Bestalde, deialdiaren 3. artikuluan adierazten da diruz lagundu ahal izango direla eranskinean jasotako konpetentzia digitalak eskuratzearekin lotutako espezialitateei buruzko prestakuntza-ekintzak dituzten prestakuntza-planak eta, halaber, prestakuntza-espezialitate berrien programazioa eskatu ahal izango dela (prestakuntza-entitateek proposatu behar dute horiei alta ematea Espezialitateen Katalogoan). Espezialitateen Katalogoak etengabe biltzen ditu prestakuntza-espezialitateak, eta, beraz, eskabideak aurkezteko hasierako epea itxi ondoren, espezialitate berriei alta eman diete Enplegurako Lanbide Heziketaren sisteman parte hartzen duten prestakuntza-erakundeek eta Enplegu Zerbitzu Publikoek. Espezialitate horiek eremu honetan eman daitezke, eta, hortaz, deialdiaren eranskinean sartu behar dira.

Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 49.2 artikuluan ezartzen denez, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, dirulaguntzen deialdiez gain, interesdunentzat garrantzitsua den eta oro har eragiten dien edozein egintza.

Horrenbestez, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak honako hau

Lehenengoa. Eskabideak aurkezteko epe berri bat irekitzea, deialdi honen babesean: Euskal Autonomia Erkidegoan ekintzailetza eta landa-garapena sustatzeko eta genero-arrakala murrizteko helburuarekin langabeen konpetentzia digitalak hobetzeko prestakuntza-programazioa egiteko dirulaguntzen deialdia, Europar Batasunaren NextGenerationEU funtsak finantzatutako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2021eko abenduaren 21eko bileran hartutako Erabakiaren bidez onetsi da deialdia (2021eko abenduaren 31ko EHAA, 262 zk.).

Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hasiko da eskabideak aurkezteko epe berria, eta 2023ko irailaren 11n amaituko da.

Eskabideak elektronikoki izapidetuko dira, deialdiaren 6. artikuluan aurreikusitako baldintzetan.

Honako helbide honetan eskuratu daiteke administrazio-prozeduraren informazio-fitxa, izapidetze elektronikorako jarraibideak ematen dituena: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2023/mcd2023/web01-tramite/eu/.

Bigarrena. Argitara ematea 4.553.605 euroko aurrekontu-kreditua bideratuko dela laguntzak finantzatzera, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren 2023ko ekitaldiko aurrekontuaren ordainketa-kredituaren kargura, Europar Batasunaren NextGenerationEU funtsak finantzatutako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planari lotuta.

Zenbateko hori hiru lurralde historikoen artean banatuko da, deialdiaren 1.4 artikuluan hasierako krediturako aurreikusitako ehuneko berberen arabera.

Hirugarrena. Erreferentziako deialdiaren eranskina argitaratzea, egungo zuzkidura ekonomikoarekin diruz lagundu daitezkeen prestakuntza-espezialitateekin eguneratuta.

Laugarrena. 2024ko abenduaren 31n amaituko da kreditu honen kargura diruz lagundutako prestakuntza-planak gauzatzeko epea.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko uztailaren 27a.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,

MARÍA GLORIA MÚGICA CONDE.

(Ikus .PDF)