Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2023ko urtarrilaren 19koa, Plangintza eta Antolaketako zuzendariarena, Euskal Autonomia Erkidegoan teknikariaren edo goi-mailako teknikariaren tituluak lortzeko 2023ko probetarako deialdia egiten duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Hezkuntza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 25
  • Hurrenkera-zk.: 604
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2023/01/19
  • Argitaratze-data: 2023/02/06

Testu legala

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren (LOE) 69.4 artikuluan ezartzen denez, «Hezkuntza-administrazioek, beren eskumenen eremuan, Batxilergoko titulua edo Lanbide Heziketako tituluak zuzenean lortzeko probak antolatuko dituzte, aldian-aldian, Gobernuak araudi bidez ezarritako baldintza eta ezaugarriei jarraikiz».

Uztailaren 29ko 1147/2011 Errege Dekretuaren bidez, hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren antolaketa orokorra ezartzen da. Horrenbestez, Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumen-esparruan, lanbide heziketako irakaskuntzen antolaketa errege dekretu horretara egokitzeko xedez, otsailaren 2ko 14/2016 Dekretua eman zen, zeinaren bidez aldatzen baita otsailaren 26ko 32/2008 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza-sistemako lanbide heziketaren antolaketa orokorra ezartzen duena.

Aipatutako 1147/2011 Errege Dekretuak, 35.b) artikuluan, titulua lortzeko aukera ematen die horretarako antolatutako probak gainditzen dituztenei; eta, 36. artikuluan ezartzen du, halaber, hezkuntza-administrazioek aldian-aldian antolatuko dituztela 2/2006 Lege Organikoaren 69.4 artikuluan ezarritako probak teknikariaren eta goi-mailako teknikariaren titulua lortzeko eta, gainera, gutxienez urtean behin egingo dela proba horietarako deia. Halaber, adierazten du hezkuntza-administrazioek, bakoitzak bere eskumenen esparruan, deialdietan zehaztu behar dutela heziketa-zikloetako zer lanbide-modulutarako egiten diren probak, zein den matrikula egiteko epea eta noiz egingo diren probak; horrez gain, 37. artikuluan ezartzen du zer baldintza bete behar diren proba horietan parte hartzeko.

Orobat, otsailaren 2ko 14/2016 Dekretuan eta hura garatzeko emandako arauetan ezartzen da erregimen presentzialeko ikasleak deialdi kopuru mugatu batera aurkeztu ahal izango direla (14/2016 Dekretuaren bidez, otsailaren 26ko 32/2008 Dekretua aldatzen da, Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza-sistemako lanbide heziketaren antolaketa orokorra ezartzen duena). Ondorioz, heziketa-zikloak erregimen presentzialean egin dituzten zenbait ikaslek ezin izango dituzte ikasketekin jarraitu, ezarritako gehieneko deialdi kopurua gainditua dutelako. Gainera, 32/2008 Dekretuari egindako seigarren aldaketan, 10. artikulua aldatzen da, honela: probak zehazten dira, eta parte hartzeko betekizunak ezartzen.

Lanbide Heziketako heziketa-zikloen ezarpena eta ebaluazioa arautzen duen Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 2010eko otsailaren 19ko Aginduaren hirugarren xedapen iragankorrean, honako hau ezartzen da, Hezkuntza-sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoaren (LOGSE) heziketa-zikloei dagokienez: aurrerantzean ere probak egingo dira teknikariaren eta goi-mailako teknikariaren tituluak lortzeko, bai Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikotik eratorritako heziketa-zikloak LOGSE zikloak ordezten dituztenak ezartzen diren ikasturtean bertan, bai hurrengoan. Hartara, titulua lortzeko aukera emango zaie LOGSEtik eratorritako heziketa-zikloak edozein modalitatetan hasi baina amaitu gabe dituztenei. Era berean, aldi horretan heziketa-ziklo horiek eskaintzen jarraitu ahal izango da, eskaintza partzialaren modalitatean.

Bestalde, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 2008ko ekainaren 19ko Aginduaren bidez arautzen dira Euskal Autonomia Erkidegoan teknikariaren eta goi-mailako teknikariaren tituluak lortzeko probak.

Otsailaren 2ko 14/2016 Dekretuak, bederatzigarren aldaketan, 32/2008 Dekretuaren 12. artikulua aldatzen du, eta honela geratzen da: «Lan-esperientzia eta ikaskuntza ez-formalak kapitalizatzeko xedez, pertsona helduek tituluak ere eskura ditzakete hemen xedatutako prozeduraren bidez: Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Legearen 8. artikulua, azaroaren 10eko 211/2015 Dekretuan garatuta (...)».

Beraz, helburutzat hartuta pertsona guztiek aukera izan behar dutela bizitza osoan zehar prestakuntza jasotzeko, eta, era berean, administrazio publikoek, hezkuntza-sistemaren bidez, sustatu behar dutela herritar guztiek derrigorrezko bigarren hezkuntzaren ondoko prestakuntza-maila edo parekoa lortzea, bada, egin beharra dago Euskal Autonomia Erkidegoan teknikariaren eta goi-mailako teknikariaren tituluak lortzeko probetarako deialdia, goian deskribatutako egoerak kontuan hartuta, eta ikasleek aukera izan dezaten titulu bat lortzeko edo hura lortzeko ikasketak egiten jarraitzeko.

Hori guztia dela eta, honako hau

Euskal Autonomia Erkidegoan teknikariaren edo goi-mailako teknikariaren tituluak lortzeko 2023ko probetarako deialdia egitea.

  1. Hezkuntza-sistemaren antolamendu orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoaren babespean (LOGSE) ezarritako lanbide-heziketako tituluak lortzeko probak.

    1/1990 Lege Organikotik eratorritako heziketa-ziklo horiek, modu presentzialean emandakoak izan daitezke, edo iraungitze-fasean egon daitezke, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren (LOE) babespean ezarritako lanbide-heziketako titulu berriak ezarri direlako.

    2022-2023 ikasturtean LOGSE ziklorik ez dagoenez iraungitze-fasean, I. eranskinean (2022-2023 ikasturtean eskaintza osoko modalitateko erregimen presentzialean emandako LOGSE zikloak) jasotzen dira proba libre horietarako deialdia egiten den LOGSE zikloak.

  2. Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren (LOE) babespean ezarritako lanbide-heziketako tituluak eskuratzeko probak, lege horretatik eratorritako lanbide-heziketako titulu bat eskuratzeko interesa dutenei zuzenduak eta Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe publikoetako eskaintza osoko erregimen presentzialeko hezkuntza-eskaintzaren parte direnak 2022-2023 ikasturtean.

Probetan parte hartzeko, aurrematrikulazio-aldi bat irekiko da. Aurrematrikulazio hori EAEko sare publikoko ikastetxeetan egin ahal izango da, ezartzen diren modulu eta hizkuntza-ereduetan (2022-2023 ikasturteko Lanbide Heziketako eskaintzan sartuta egon beharko dute).

Litekeena da eskabideak gehiago izatea eskaintzen diren plazak baino; horregatik, baremoa ezarriko zaie eskabideoi, ebazpen honetan ezarritako irizpideak erabiliz.

Prozesu honetako datuak oinarri hartuta, Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzak ezarriko du zer ziklo eta modulu sartuko diren deialdi honetan eta sare publikoko zer ikastetxetan egin ahal izango diren.

Ziklo eta moduluen eskaintza argitaratu ondoren, plazak esleituko dira, baremazio-ordenari jarraituz. Esleipendunen behin betiko zerrendak argitaratu ondoren, dagokion prezio publikoa ordaindu beharko dute esleipendunek, eta, horrela, gauzatu egingo da matrikula.

Matrikulazio-prozesua amaitzeko, prezio publikoa ordaintzetik erabat salbuetsita daudenek baieztatu egin beharko dute probak egin nahi dituztela. Horretarako, Ikasgunea baliatu edo proba horiek egingo diren ikastetxeko idazkaritzara jo dezakete. Matrikula berresten ez badute, haien matrikula osatu gabe geratuko da, eta, beraz, prozesutik kanpo geldituko dira.

Honi erantsitako egutegian prozesu guztia biltzen da, eta, hor, adierazita daude data guztiak, azterketen egun zehatzak izan ezik, ikastetxe bakoitzak dagokion epearen barruan zehaztuko baititu azken horiek.

Ebazpen honetan araututako prozesuan sortzen diren zerrendak kontsultatzeko, aurrematrikulazioa egin den ikastetxeko idazkaritzara jo beharko da, eta han identifikatu. Ondoren, probak egin behar diren ikastetxean kontsultatu ahal izango dira zerrendok, bai eta Ikasgunean ere, eta, horretarako, beharrezkoa izango da erabiltzailea eta pasahitza izatea.

Abenduaren 9ko 1085/2020 Errege Dekretuaren arabera, ezin izango da moduluen baliozkotzerik eskatu proba horietan.

  1. Interesdunek, ebazpen honen xede diren probak egin ahal izateko, bete beharko dituzte 2022-2023 ikasturterako izena emateko eskaerak aurkezteko, berauek onartzeko eta matrikula egiteko epeak biltzen dituen egutegi komuna ezartzen dituen Hezkuntzako sailburuaren 2022ko apirilaren 19ko Aginduan ezarritako sarbide-baldintzak (I. eranskineko hirugarren jarraibidea).

  2. Aurrematrikulazio-aldia amaitu arte egiaztatu ahal izango dira betekizunak.

  3. Lan-esperientziaren bidez edo prestakuntza-bide ez-formalen bidez eskuratutako lanbide-gaitasunak ebaluatu eta aitortzeko prozeduraren deialdietatik datozen pertsonek proba libreak egiteko deialdi honetan parte hartu ahal izango dute, nahiz eta aurrematrikula egiteko epean lehenago aipatutako sarbide-betekizunak ez bete; azterketak egiteko, ordea, sarbide-betekizun horiek bete beharko dituzte, eta probak egin aurretik justifikatu beharko dute eskakizunok betetzen dituztela. Aipatutako deialdietatik datorren pertsona batek modulu bat edo gehiago egin eta gainditzen baditu betekizun horiek bete gabe, haren matrikula automatikoki ezereztuko da, eta egindako azterketak baliogabetuko dira.

  4. Gainera, teknikariaren titulua lortzeko probetara aurkezteko, ezinbestekoa da gutxienez hemezortzi urte izatea, 2023ko abenduaren 31 baino lehen; goi-mailako teknikariaren titulua lortzeko probetara aurkezteko, berriz, gutxienez hogei urte izatea, 2023ko abenduaren 31 baino lehen, edo hemeretzi urte izatea, teknikariaren titulua baldin badute.

  5. Uztailaren 29ko 1147/2011 Errege Dekretuaren 36.4 artikuluan proba horiei buruz ezarritakoarekin bat etorriz, ikasleak ezingo dira ikasturte batean modulu berean matrikulatu autonomia-erkidego batean baino gehiagotan.

    Era berean, ikasturte berean, ezin izango da modulu berean matrikulatuta egon aurrez aurre edo urrutitik, ezta tituluak lortzeko probetan ere.

    Prozeduraren edozein fasetan horrelakorik gertatu dela egiaztatuz gero, deialdi honetatik baztertuko da hori egin duena, eta baliorik gabe geratuko da egindako matrikula, aldi batera utzi gabe jokabide horrek ekar dezakeen beste edozein erantzukizun. Matrikula eskatzeko agirian, betekizun hori betetzen dela egiaztatzen duen zinpeko aitorpena jasoko da.

    Bateraezintasun hori ez zaie aplikatuko 2022-2023 ikasturtean matrikulatutako ikasleei, baldin eta, aurrematrikulazio-epea bukatu baino lehen, lanbide-moduluren batean agortu badituzte uztailaren 29ko 1147/2011 Errege Dekretuaren 51.4 artikuluan ezarritako gehieneko deialdi kopurua (errege dekretu horren bidez, Hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren antolaketa orokorra ezartzen da).

  1. Aurrematrikula egin beharra dute deialdi honetan araututako probak egiteko interesa duten guztiek.

  2. Honako bi era hauetako batean aurkeztu ahal izango dira aurrematrikulak:

    Presentziala: hezkuntza-administrazioaren mende dagoen lanbide-heziketako ikastetxe publikoren batean. Aurrematrikulazioa gauzatzeko unean, egiaztatuko da interesdunak erabiltzailea eta pasahitza duela, eta, halakorik izan ezean, une horretan bertan eskuratu ahal izango ditu.

    Online: horretarako, https://ikasgunea.euskadi.eus helbidean sartu behar da, Hezkuntza Sailak horretarako diseinatu duen aplikazio informatikoaren bitartez.

  3. Heziketa-zikloaren modulu baterako edo gehiagotarako egingo da aurrematrikula, salbu eta Proiektuaren eta Lantokiko Prestakuntzaren moduluak; izan ere, bi horiek modalitate presentzialean egin behar dira, heziketa-zikloaren gainerako moduluak gainditu ondoren, eta dagokion urteko aginduan zehazten den matrikulazio-epean (agindu horren bidez, egutegi komun bat ezartzen da non jasotzen baita zer epe dauden izena emateko eskaerak aurkezteko, onartzeko eta matrikulatzeko, hezkuntza-sistemako lanbide-heziketako zikloetan).

    Hala ere, behin modulu guztiak gaindituta, Lantokiko Prestakuntza modulutik salbuestea eskatzen duten ikasleek, horretarako beharrezkoa den dokumentazioa aurkezten badute, ebazpen honetan ezarritako aurrematrikulazio-aldian gauzatu ahal izango dute matrikula.

  4. Honako datu hauek adieraziko dira aurrematrikulazioa egitean:

    1. Probetara iristeko bidea, baremazioa egiteko erabiliko dena; hauetako bat izango da:

      1. Lan-esperientziaren bitartez edo prestakuntzako bide ez-formalen bitartez eskuratutako gaitasun profesionalak ebaluatu eta egiaztatzeko prozeduraren deialdia.

      2. Eskaintza partziala (aldez aurretik intereseko zikloan matrikulatuta egon izana).

      3. Agortutako deialdiak (aurrematrikula egiten den moduluetan).

      4. Eskaeraren heziketa-zikloan aldez aurretik matrikulatu izana, eskaintza osoan edo urrutikoan.

      5. Gainerakoak.

    2. Lurralde historikoa.

    3. Zer ziklotan egin nahi den matrikula

    4. Zer modulutan egin nahi den azterketa.

    5. Proba zer hizkuntzatan egin nahi den: ziklo bakoitzerako, aurrematrikula egin den ikastetxean eskaintzen diren hizkuntzak izango dira hizkuntza erabilgarriak, eskaintza osoko erregimen presentzialean; euskara eta/edo gaztelania izan ahalko dira, eta bi aukerak badaude, haietako bat aukeratuko da.

  5. Aurrematrikulazioa egitean aurkeztu beharreko dokumentazioa:

    Erroldatze-ziurtagiria (gehienez 3 hilabeteko antzinatasuna): agiri hau ez aurkezteak ez dakar berekin prozesutik kanpo geratzea. Izan ere, baremazioari baino ez dio eragingo.

    Ikasketa-espedientea edo sarbide-betekizunak betetzen direla egiaztatzen duen dokumentua: beharrezkoa izango da dokumentu hori aurkeztea, sarbide-betekizunak betetzen direla egiaztatzearren, eta baremazioan lehentasuna izateko aukera izatearren. (Oharra: EAEn 2015-2016 ikasturtetik aurrera, ikasturte hori barnean dela, lanbide-heziketako heziketa-zikloak egin dituztenek ez dute ikasketa-espedienterik aurkeztu behar).

    Moduluen eta prezio publikoaren salbuespenak eta hobariak justifikatzeko dokumentazioa.

Aurrematrikulazio-epea amaitu ondoren, eskabideen baremazioa egingo da. Lurralde historikoaren, zikloaren eta azterketak egiteko hizkuntzaren arabera gauzatuko da prozesu hori. Honako irizpide hauen arabera egingo da baremazioa, jarraian adierazten den lehentasun-hurrenkera honetan:

  1. EAEn lan-esperientziaren bidez edo prestakuntza-bide ez-formalen bidez eskuratutako lanbide-gaitasunak ebaluatu eta egiaztatzeko prozeduraren deialdietan parte hartu duten pertsonak, deialdi horretan gutxienez lanbide-kualifikazio bat lortu duten zikloetarako, gainditu gabeko modulu gutxien dutenetatik gehien dutenetara ordenatuta.

  2. EAEko eskaintza partzialean aurrematrikulatzen den heziketa-zikloa egin duten pertsonak, gainditu gabeko modulu gutxien dutenetatik gehien dutenetara ordenatuta.

  3. Aurrematrikula egin den moduluetako batean edo batzuetan (EAEn egindako heziketa-zikloetakoak) deialdiak agortuta dituzten pertsonak, gainditu gabeko modulu gutxien dutenetatik gehien dutenetara ordenatuta.

  4. EAEn emandako heziketa-zikloetan lehendik matrikulatua egon diren eta zenbait modulu gainditu gabe dituzten pertsonak, gainditu gabeko modulu gutxien dutenetatik gehien dutenetara ordenatuta.

  5. EAEn erroldatuta dauden gainerako pertsonak.

    Oharra: «gainditu gabeko moduluen kopurua» da aurrematrikula egiteko unean hezkuntzaren arloan eskumena duen administrazioak gainditutzat agertzen ez diren moduluen kopurua.

    Lehentasun-irizpide horiek berak aplikatuko zaizkie, ondoren, lanbide-heziketako ikasketak EAEtik kanpoko ikastetxeetan egin dituztenei, edo lan-esperientziaren bidez edo beste autonomia-erkidego batzuetako prestakuntza-bide ez-formalen bidez eskuratutako lanbide-gaitasunak ebaluatzeko eta egiaztatzeko prozeduraren deialdietan parte hartu dutenei, edo EAEn baliozkotasunez erroldatuta ez daudenei.

    Lehenik eta behin, ahalegina egingo da eskatutako zikloa ematen duen ikastetxearen lurralde historikoan dagoen ikastetxe batean plaza esleitzeko, eskatutako hizkuntzan (euskaraz edo gaztelaniaz). Plaza librerik ez badago, beste lurralde historikoetan plaza esleitzeko ahalegina egingo da.

    Aurreko irizpideetako bakoitzaren barruan, berdinketarik izanez gero, ausazko prozedura bat baliatuko da, plazak esleitzeko prozeduran erabilitako aplikazio informatikoak egina. Eskabidea grabatzeko unean, aplikazio informatikoak hurrenkera-zenbaki bat esleituko dio eskabideari, ausaz esleitu ere: 1aren eta 99999aren arteko zenbaki oso bat, alegia. Zenbaki hori erabiliko da egon litezkeen berdinketak hausteko; betiere, berdinketa hausteko gainerako irizpide guztiak aplikatuta ere berdinketak bere horretan badirau. Zenbaki txikienari emango zaio lehentasuna.

    Pertsonaren bat adierazitako irizpide batean baino gehiagotan sartzen bada, aukerarik onena aplikatuko zaio.

  1. Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzak aztertuko ditu aurkeztutako eskabideak, eta, jasotako eskaria kontuan hartuta, zehaztuko du deialdia zer ziklotarako eta zer modulutarako egingo den, sare publikoko zein ikastetxetan, eta probak zer hizkuntzatan egingo diren. Ondoren, plazak esleituko ditu, baremazio-hurrenkeraren arabera, eta esleipendunen behin-behineko zerrendak argitaratuko dira, haietako bakoitzean adierazita zer ikastetxe esleitzen den hasiera batean; esleipendunek ikastetxe horietan egin beharko dituzte probak, matrikulazio-prozesua osatuko badute.

  2. Erreklamazioak egin ahal izango zaizkie zerrenda horiei eta, hala badagokio, eskabideari dagokion prezio publikoari ere bai, baldin eta okerra bada, hala presentzialki, nola Ikasgunean, egutegian adierazitako epearen barruan. Erreklamazioak aztertu ondoren, esleipendunen behin betiko zerrendak argitaratuko dira, hau da, ordainketa egin aurrekoak, probak zer ikastetxetan egin behar diren zehaztuta; Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzak ofizioz aldatu ahal izango du ikastetxea, azkenean zenbat lagun matrikulatu diren kontuan hartuta.

  1. Esleipendunen behin betiko zerrendak, ordainketa egin aurrekoak, argitaratu ondoren, prezio publikoa ordaintzeko epea irekiko da. Matrikula ez da gauzatuko, harik eta ordainketa gauzatuta egon arte.

    Ordaintzetik erabat salbuetsita daudenek, matrikulazio-prozesua amaitu eta azterketak egin ahal izateko, ordainketarik egin behar ez badute ere, matrikula berretsi beharko dute, Ikasgunearen bidez edo izena eman duten ikastetxeko idazkaritzan.

  2. Lan-esperientziaren bidez edo prestakuntza-bide ez-formalen bidez eskuratutako lanbide-gaitasunak ebaluatu eta aitortzeko prozeduraren deialdietatik datozen pertsonak heziketa-zikloetan sartzeko probak gainditzeko zain badaude sarbide-betekizunak bete ahal izateko, proben emaitza jakin ondoren egingo dute ordainketa, erantsitako egutegian adierazten den egunean.

  3. Ziklo bakoitzeko 18 euro izango da Lanbide Heziketako teknikariaren eta goi-mailako teknikariaren tituluak eskuratzeko probei aplikatu beharreko prezio publikoa, hala ezarrita baitago Hezkuntzako sailburuaren 2013ko uztailaren 10eko Aginduaren 5. artikuluan. Agindu horren bidez, hezkuntza-arloan eskumena duen sailak ematen dituen hezkuntza-zerbitzuen prezio publikoak finkatzen dira.

  4. Azterketa-eskubideak irailaren 11ko 1/2007 Legegintzako Dekretuak ezarritako moduetan ordaindu ahal izango dira (1/2007 Legegintzako Dekretuaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren tasa eta prezio publikoen Legearen testu bategina onartzen da). Epe horretan ordainketa egiten ez bada, probetan parte hartzeari uko egin zaiola ulertuko da.

  5. Ezingo da dirurik berreskuratu.

  6. Salbuespenak eta hobariak:

    Honako egoera hauetako batean dauden ikasleek ez dute prezio publikoa ordaindu beharrik izango:

    Kategoria bereziko familia ugarietako kide izatea.

    Genero-indarkeriaren biktimak eta haien seme-alabak, 25 urtetik beherakoak izan eta haiekin bizi badira.

    Azaroaren 9ko 290/2010 Dekretuaren 25. artikuluan jasotako egoeraren batean egotea (dekretu horren bidez, terrorismoaren biktimei laguntza integrala emateko sistema garatzen da).

    Prezio publikoaren % 50eko hobaria izango dute kategoria orokorreko familia ugarietako kide diren ikasleek.

Probak egiteko ezarri den egutegia kontuan izanda ezin direnez aldi berean egin proba horiek eta Lantokiko Prestakuntzaren modulua, 2/2006 Lege Organikotik (LOE) eratorritako heziketa-zikloak ezartzeagatik aurreikusitako bi ikasturteak amaitu ondorengo hurrengo ikasturtera arte matrikulatu ahal izango dira, Lantokiko Prestakuntzaren modulua bakarrik egiteko (2010eko otsailaren 19ko Aginduaren hirugarren xedapen iragankorrean xedatutakoari jarraikiz), baldintza hauek guztiak betetzen dituztenak: heziketa-zikloan sartzeko ezarri diren betekizunak bete, 1/1990 Lege Organikotik (LOGSE) eratorritako heziketa-zikloetan (2/2006 Lege Organikotik eratorritako heziketa-zikloen ezarpenak eragindakoetan) teknikariaren eta goi-mailako teknikariaren tituluak lortzeko proben deialdietan parte hartu, eta heziketa-zikloko curriculuma osatzen duten lanbide-modulu guztiak gainditu dituztenak, Lantokiko Prestakuntzaren modulua izan ezik.

Ikaslearen espedienteko azken idatzoharra jasota dagoen hezkuntza-administrazioaren mendeko ikastetxean egingo da matrikulazioa; eta matrikula egiteko epea, berriz, heziketa-zikloak egiteko eskabideak aurkezteko eta onartzeko epeak eta ikasleak onartzeko jarraibideak ezartzen dituen urteko aginduan adierazten da.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honetan arautzen ez den guztirako, prozedura-arloan osagarri gisa aplikatuko dira Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko urtarrilaren 19a.

Plangintza eta Antolaketako zuzendaria,

NICOLÁS SAGARZAZU ALZUA.