Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2023ko otsailaren 9koa, Justizia zuzendariarena, espetxe-arloko Estatuko legeria betearazteko arloan gai jakin batzuen gaineko eskumenak eskuordetzen dituena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 35
  • Hurrenkera-zk.: 886
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2023/02/09
  • Argitaratze-data: 2023/02/20

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Segurtasuna eta justizia
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Justizia; Funtzio publikoa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Euskal Autonomia Erkidegoari dagokio Euskal Autonomia Erkidegoan espetxe-legeria betearaztea eta, ondorioz, espetxe-jarduera kudeatzea, bai eta espetxeak zuzendu, antolatu eta ikuskatzea ere, honako hauen arabera: Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren 10.14 eta 12. artikuluak; Espetxeei buruzko irailaren 26ko 1/1979 Lege Organiko Orokorraren 79. artikulua, eta ekainaren 29ko 474/2021 Errege Dekretua, espetxe-legeria betearazteko eskumenari dagozkion baliabideak eta zerbitzuak eskualdatzekoa.

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 12/2021 Dekretuaren 14.1.f) artikuluaren arabera, Justizia Zuzendaritzari dagokio, besteak beste, zigorrak, segurtasun-neurriak, araubide irekia, baldintzapeko askatasuna eta tratamendurako eta esku-hartzerako programa espezifikoak betearaztea, kudeatzea, koordinatzea eta haien jarraipena egitea, eta, horretarako, behar diren administrazio-ebazpenak emango ditu barneratuen behaketari, sailkapenari, destinoari, baimenei eta tratamenduari dagokienez, bai eta espetxe-legeriak zuzendaritza-zentroari esleitzen dizkion eta Justizia Sailburuordetzari ez dagozkion beste edozein kasutan ere.

Espetxeak Justizia Zuzendaritzaren mende daude organikoki, eta haren mende daude funtzionalki ere, hargatik eragotzi gabe, funtzionalki, zuzendaritza horren edo Justizia Sailburuordetzako gainerako zuzendaritza-organoen mende edo, gaiaren arabera, sailaren beste organo batzuen mende egotea.

Dekretu horren 11.h) artikuluaren arabera, Justizia Sailburuordetzari dagokio espetxe-legeriak zuzendaritza-zentroari esleitzen dizkion administrazio-ebazpenak hartzea, espetxe-zaintzako epaitegian zuzenean errekurritu daitezkeen askatasunaz gabetzeko zigor eta neurrien betearazpenari buruzkoak, baldin eta ezarritako espetxe-zigorra hamar urtetik gorakoa bada, beste organo batzuetan eskuordetzen ez bada.

Idazketa hori Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen Dekretua bigarrenez aldatzen duen martxoaren 29ko 40/2022 Dekretutik dator, eta espetxe-legeriaren zuzendaritza-zentroaren eskumenen banaketa dakar.

Manu hori, eskumen-esleipen arruntaren salbuespena denez, zentzu ez-hedakorrean interpretatu behar da, eta kontuan hartu behar da zigorrak metatzeak, ondorio horietarako, ez diola eragiten horietako bakoitzaren banakotasunari. Horrenbestez, Sailburuordetzari egotzi ahal izango zaizkio izendatutako eginkizunak, baldin eta barneko pertsona bati ezarritako espetxe-zigorren bat hamar urtetik gorakoa bada, eta ez hamar urteko edo hortik beherako zigorrak betetzen ari bada, eta kondena horien batura kopuru horretatik gorakoa bada.

Saileko organoen eginkizunen egituraketa berria, hartutako esperientzia eta eskuragarri dauden informazio-sistemen berezitasunetara egokitzeko beharra ikusita, eguneratu egin behar da espetxeetako zuzendarien eginkizunen eskuordetzea, Justizia zuzendariaren 2021eko irailaren 22ko Ebazpenaren bidez xedatua (2021eko irailaren 30eko EHAA, 196. zk.), kudeaketaren efikazia- eta efizientzia-arrazoiak kontuan hartuta.

Horregatik, ebazpen honen bidez, indarrik gabe uzten da aipatutako eskuordetze-ebazpena, eta beste ebazpen bat ematen da, eskuordetutako gaiak eta eginkizunak espetxeetako zuzendaritzetan birbanatzeko.

Azaldutakoaren arabera, eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 20ko 40/2015 Legearen 9. artikuluan eta Euskal Sektore Publikoaren maiatzaren 12ko 3/2022 Legearen 25. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, honako hau

Lehenengoa. Espetxeetako zuzendariei eskuordetzan ematea, bakoitzak bere zentroaren esparruan, honako eginkizun hauek, Justizia Zuzendaritzari esleitutakoen barruan:

  1. Bost urtetik gorako kondena duten zigortuak bigarren graduan sailkatzeko erabakia hartzea, betiere Tratamendu Batzordearen erabakia aho batez hartu bada.

  2. Indarrik gabe uztea zigortuen gradu-sailkapena, legez ezarritako kasuetan.

  3. Espetxeratuek eskatutako gradu-berrikuspenak ebaztea, otsailaren 9ko 190/1996 Errege Dekretuaren bidez onartutako Espetxeen Erregelamenduaren 105. artikuluaren bigarren zenbakiaren babesean, baldin eta Tratamendu Batzordearen jarraipen-erabakia bigarren gradukoa bada eta aho batez hartu bada. Gainera, honako baldintza hauetako bat bete beharko du gutxienez: bost urtetik gorako kondenaren erdia bete ez izana, bi zehapen larri edo oso larri baino gehiago izan gabe izatea edo zigor-arloko prozedura bat jasota izatea gauzatu gabe.

  4. Hirugarren graduan sailkatutako zigortuei erregimen irekiaren barruan bizi-faseak eta -modalitateak aplikatzeko baimena ematea. Eskuordetzetik salbuetsita daude Espetxeen Erregelamenduaren 86.4 artikuluan aurreikusitako araubidea aplikatzea (kontrol telematikorik gabe) eta Espetxeen Erregelamenduaren 182. artikuluan jasotako baimenak; kasu horietan, Zuzendaritza Zentroak hartuko du erabakia.

  5. Hirugarren graduan sailkatutako zigortuei irteteko baimen arruntak ematea.

  6. Aparteko baimenak ematea bigarren graduan sailkatutako zigortuei, seme-alaben jaiotzagatik edo odol-ahaidetasunezko edo ezkontza-ahaidetasunezko bigarren mailarainoko ahaideen heriotzagatik edo gaixotasun larriagatik, poliziaren zaintzapean egonik establezimenduz aldatu gabe edo zaintzarik gabe, normalean irteteko baimen arruntak dituzten presoentzat, betiere baimen horien iraupena hogeita lau ordutik gorakoa ez bada. Aparteko baimena gorabeheren ordutegian eman behar bada, zentroko zuzendaritzak izango du ezohiko baimena agintzeko eskumena, bai eta establezimendua lekuz aldatzeko eta indar publikoa biltzeko eskumena ere, bai bigarren graduko zigortuentzat, bai sailkatu gabeko zigortuentzat.

  7. Hirugarren graduan sailkatutako zigortuei irteteko aparteko baimenak ematea.

  8. Erregimen irekian zigortutako pertsonei asteburuetako irteerak onartzea, erregelamenduz ezarritako ordutegietatik kanpo.

  9. Hirugarren graduan edo bigarren graduan sailkatutako zigortuei programatutako irteerak onartzea, malgutasun-printzipioa aplikatuta; azken kasu horretan, espetxe-zaintzako epaileek baimena emateko eskumena izango dute, iraupena bi egunetik gorakoa denean.

    Bigarrena. Eskuordetze honek ez die kalterik egingo Justizia zuzendariak, organo eskuduna den aldetik, gaiari buruz ezartzen dituen jarraibide eta irizpideei, eta eskuordetzaz ematen diren ebazpenek zorrotz bete beharko dituzte irizpide horiek. Gainera, eskuordetza ematen duen organoak eskuordetutako eskumenak baliatuz ematen diren egintzen zerrenda aldizka bidaltzeko eskatu ahal izango die eskuordetza ezarri zaien organoei.

    Hirugarrena. Agindu honetan aipatzen den eskumen-eskuordetzak urriaren 1eko 40/2015 Legearen 9.2 artikuluan eta Euskal Sektore Publikoari buruzko maiatzaren 12ko 3/2022 Legearen 25.8 artikuluan ezarritako mugak izango ditu. Eta eskuordetze honen bidez ematen diren ebazpenek berariaz adierazi beharko dute inguruabar hori, eta organo eskuordetza-emaileak emandakotzat joko dira.

    Laugarrena. Justizia zuzendariak edozein unetan erreboka dezake ebazpen honetan aipatzen den eskumen-eskuordetza. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak baliogabetzeak.

    Bosgarrena. Justizia zuzendariak bere gain hartu ahal izango du ebazpen honetan aipatzen den eskuordetzan jasotako edozein gairen ardura eta ebazpena; nolanahi ere, eskuordetzak bere horretan iraungo du, berariaz ezeztatzen edo aldatzen ez den bitartean.

    Seigarrena. Ondoriorik gabe uztea Justizia zuzendariaren 2021eko irailaren 22ko Ebazpena, zeinaren bidez espetxeetako zuzendariei eskuordetzen baitzaizkie espetxe-arloko Estatuko legeria betearazteko arloko gai jakin batzuen gaineko eskumenak (2021eko irailaren 30eko EHAA, 196. zk.).

    Zazpigarrena. Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

    Zortzigarrena. Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Justiziako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

    Vitoria-Gasteiz, 2023ko otsailaren 9a.

    Justizia zuzendaria,

    EUGENIO ARTECHE PALOMAR.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.