Arautegia
InprimatuEBAZPENA, 2022ko ekainaren 22koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena. Horren bidez argitaratu egiten da batez ere langabeentzat den 2022-2024 urteetako prestakuntza-eskaintza finantzatzeko dirulaguntzen deialdia, Euskal Autonomia Erkidegoan Enplegurako Lanbide Heziketa arautzen duen maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuaren esparruan.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Ebazpena
- Organo arau-emailea: Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua; Lan eta Enplegu Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 127
- Hurrenkera-zk.: 3017
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2022/06/22
- Argitaratze-data: 2022/07/01
Gaikako eremua
- Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua; Hezkuntza
- Azpigaia: Lana eta enplegua; Gobernua eta herri administrazioa
Testu legala
2022ko ekainaren 21ean hartutako erabaki baten bidez Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluak batez ere langabeentzat den 2022-2024 urteetarako prestakuntza-eskaintza finantzatzeko dirulaguntzen deialdia onartu du, Euskal Autonomia Erkidegoan Enplegurako Lanbide Heziketa arautzen duen maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuaren esparruan. Maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren bidez onartutako Lanbideren Estatutuen 10.2 artikuluaren o) apartatuan xedatutakoaren arabera (ekainaren 29ko 156/2021 Dekretuak finkatutako testua), erakunde autonomo horretako zuzendari nagusiari dagokio deialdi hori argitaratzea.
Azaldutakoa dela-eta, honako hau
Lehenengoa. Batez ere langabeentzat den 2022-2024 urteetarako prestakuntza-eskaintza finantzatzeko dirulaguntzen deialdia argitaratzea, Euskal Autonomia Erkidegoan Enplegurako Lanbide Heziketa arautzen duen maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuaren esparruan. Deialdi hori Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluak onartu du 2022ko ekainaren 21ean hartutako erabaki baten bidez. Ebazpen honi eranskin gisara atxiki zaio.
Bigarrena. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak laguntzen deialdia onartzeko hartutako erabakiak ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera sortuko ditu ondorioak.
Hirugarrena. Deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren erabakiaren aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da zuzenean Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena aldizkari horretan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2022ko ekainaren 22a.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,
MARÍA GLORIA MÚGICA CONDE.
Maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuak (zeinak Euskal Autonomia Erkidegoan Enplegurako Lanbide Heziketa arautzen baitu) 2. artikuluan ezartzen duenez, Enplegurako Lanbide Heziketa da Lanbide Heziketaren sistemetako bat enpresen artean eta langileen artean (langabeak nahiz lanean ari direnak) lehiakortasun- eta kualifikazio-beharrizanei erantzuteko (hurrenez hurren), prestakuntza bultzatzea eta zabaltzea xede duten tresna eta ekintzez osatua. Prestakuntza horrek, halaber, gizartea kohesionatzen eta ekonomia garatzen lagunduko du, ezagutzan oinarritutako ekonomiaren esparruan.
Lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuak (zeinaren bitartez Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen baitira eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen) Lan eta Enplegu Sailari esleitzen dizkio enplegu-politika eta Enplegurako Lanbide Heziketa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren lankidetzarekin, horrek dauzkan erantzukizunei dagokienez, eta Lanbide Heziketaren eremuan oro har zuzendaritza, antolamendu eta plangintzan Hezkuntza Sailak dituen eginkizunak ezertan eragotzi gabe.
Bestalde, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua organismo autonomoari (Lan eta Enplegu Sailari atxikita dago) dagokio, besteak beste, enplegu-programen, enplegurako prestakuntza-programen eta autoenplegua eta enpresen sorkuntza sustatzeko programen kudeaketa. Egiteko horren barruan dago dirulaguntzen deialdiak onestea eta izapidetzea, hala ezarrita baitago maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuak onetsitako organismo autonomoaren estatutuen 3.b) artikuluan. Enplegurako Lanbide Heziketaren ekimen nagusietako bat langabeei prestakuntza eskaintzea da.
Enplegurako Lanbide Prestakuntza funtsezko tresna da lan-merkatuan laneratzen eta langileen enplegagarritasuna hobetzen laguntzeko. Horrenbestez, erabaki honetan arautzen diren finantzabideei esker egingo diren prestakuntza-ekintzen bidez Euskal Autonomia Erkidegoko langabeei prestakuntza-eskaintza zabala emango zaie, eta horrela beren enplegagarritasuna hobetu ahal izango dute modu eraginkorrean, jasotzen duten prestakuntza egiaztatu ahal izango da, eta eskuratzen dituzten konpetentziak konpetentzia-unitateen eta, behar denean, lanbide-konpetentziaren ziurtagiriaren bidez erregistratu eta egiaztatu ahal izango dira.
Deialdi honetan aurrekoan sartutako berrikuntza mantentzen da, prestakuntza-eskaintza langabeen eta inguruko enpresen beharrizanetara moldatzen jarraitzeko eta lan-merkatuan gehien eskatzen diren espezialitateak programatzea errazteko. Hain zuzen ere, hori guztia lortzeko asmoarekin, malgutasun-elementu hau sartu zen prestakuntza-planean: lanbide-arlo baten barruan prestakuntza-espezialitate batetik beste batera aldatzeko aukera, langabeek gehien eskatzen dituzten ekintzak eskaintzeko eta prestakuntza-eskaintza maximizatzeko.
Lehentasuneko espezialitateak identifikatzeko ahaleginak egiten jarraituko dugu, langabeen enplegagarritasunean ahalik eraginik handiena izateko. Halaber, deialdiaren kudeaketa ahalik eta gehien sinplifikatzeko eta prestakuntza-ekintzekin lotutako lanetik kanpoko praktikak ezarritako aldietan egitean zorroztasuna indartzeko ahaleginak areagotu dira. Deialdi honetan nabarmentzen da ezinbestekoa dela emakumeak lan-merkatuaren arlo guztietan aritzea, are orain artean proportzio txikian aritu diren arloetan ere. Horregatik, gizonezkoak gehien diren prestakuntza-espezialitateetan eta lanbideetan emakume gehiago aritzea lortu duten entitateen ahaleginak aintzatesten dira. Edizio honetan ez da neurtuko prestakuntzako entitateen ardura soziala beren plantillako langileekiko, neurtu baitzen urte anitzeko azken bi deialdi handietan (nolanahi ere, hurrengo deialdietan berriz ere ezarri ahal izango da). Horren helburua da balorazioaren ardatza Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak artatzen dituen langabeez eta landunez ezarritako egiazko helburuak izatea.
Halaber, kostu erraztuen lehengo eskema mantentzen da, modulu ekonomikoen zenbatekoak KPIaren 2020ko eta 2021eko igoeren arabera eguneratuta (% 6ko igoera).
Horregatik guztiagatik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak proposatuta, 2022ko ekainaren 21ean hartutako erabaki baten bidez Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluak batez ere langabeentzat den 2022-2024 urteetarako prestakuntza-eskaintza finantzatzeko dirulaguntzen deialdia onartu du, Euskal Autonomia Erkidegoan Enplegurako Lanbide Heziketa arautzen duen maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuaren esparruan. Hona deialdia:
Urte anitzeko deialdi honen xedea da arautzea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak prestakuntza-eskaintzan antzemandako beharrizanak asetzeko ezarritako prestakuntza-planak finantzatzeko 2022ko ekitaldian emango diren laguntzak arautzea. Prestakuntza-eskaintza Euskal Autonomia Erkidegoko langabeentzat izango da batez ere, eta planak 2022-2024 bitarteko ekitaldietan burutuko dira, Euskal Autonomia Erkidegoan Enplegurako Lanbide Heziketa arautzen duen maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuaren esparruan.
Deialdi hau finantzatzeko baliabide ekonomikoen zenbatekoa 65.993.400 euro da; horietatik 16.498.350 euro 2022ko ordainketa-kredituari dagozkio, 32.996.700 euro 2023ko konpromiso-kredituari, eta 16.498.350 euro 2024ko konpromiso-kredituari.
Prestakuntza-planak finantzatzeko aurrekontu-kreditua I. eranskinean zehazten den bezala banatuko da honako irizpide hauen araberako dirulaguntza-lerroen artean:
Kreditua lurralde historikoen artean banatuko da, eta horietako bakoitzaren barruan prestakuntza-motaren arabera: egiaztagarria edo egiaztaezina.
Prestakuntza egiaztagarrirako kreditua lanbide-familien eta lanbide-familien taldeen artean banatuko da, eta horietako bakoitzaren barruan kualifikazio-mailaren arabera: 1, 2 eta 3.
Prestakuntza egiaztaezinerako kreditua prestakuntza gaitzailearen eta gaitzen ez duenaren artean banatuko da, eta gaitzen ez duen prestakuntzarako kreditua laneratzeko eta gizarteratzeko prestakuntza-ekintzen (batetik) eta zeharkako prestakuntza-ekintzen eta gako-konpetentzien prestakuntza-ekintzen artean (bestetik).
Dirulaguntza-lerroen araberako banaketa hau aurrekontu-kreditua agortzeko aldatu ahal izango da, 8. artikuluan dirulaguntzak esleitzeaz ezartzen denarekin bat etorriz.
Deialdi honen xede diren dirulaguntzak Europako Gizarte Funtsak lagunduta finantzatuta egon daitezke, osorik edo zati bat, programa hauen esparruan, EGF+ Euskadi, 2021-2027.
Deialdi honetako laguntzen onuradun izan nahi duten prestakuntzako entitate pribatuek edo publikoek (Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari edo Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari atxikita ez daudenek) deialdi hau argitaratu baino lehen egiaztatuta edota inskribatuta egon behar dute Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak kudeatzen duen prestakuntza-entitateen erregistroan, autonomietako enplegurako prestakuntza-entitateen beste edozein erregistrotan edo Prestakuntza Entitateen Estatuko Erregistroan. Deialdi hau argitaratu baino lehen egiaztatu behar da, halaber, profesionaltasun-ziurtagiriak lortzeko prestakuntza-ekintzak ematen direla dirulaguntza eskatzen duten prestakuntza-planaren barruan. Gainerako prestakuntza-ekintzei dagokienez, entitateak izena emanda egon beharko du eskabidea aurkezten denean.
Deialdi honetako dirulaguntza eskuratzeko, prestakuntza-entitateek dirulaguntza eskatzen duten prestakuntza-planak egiteko giza baliabideak eta baliabide materialak eduki beharko dituzte, edo konpromisoa hartu beharko dute dirulaguntza adjudikatu ondoren edukiko dituztela, prestakuntza-jarduerak hasten direnerako. Ezin da azpikontratatu prestakuntza-jarduera egiteko zerbitzua. Ondorio horietarako, ez da azpikontrataziotzat jotzen prestakuntza emateko irakasleak (pertsona fisikoak) kontratatzea.
Instalazio eta baliabide horiek entitatearenak edo hirugarren entitate pribatu edo publikoen titulartasunekoak izan ahalko dira, eta eskabidean aipatzen diren prestakuntza-ekintzak programatuta dauden lurralde historikoan eduki beharko dira.
Informazio hori egiaztatzeko, entitatearen legezko ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko da eskabidearekin batera, eta adierazpen horretan zehaztu beharko da zer instalazio dituen edo edukiko dituen entitateak prestakuntza-ekintza bakoitza egiteko, bai eta instalazio horiek zer eskualde eta lurraldetan dauden ere.
Edonola ere, entitate eskatzaileak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren esku eduki beharko ditu adierazpen horretan bildutako datuak egiazkoak direla frogatzen duten dokumentuak.
Ezingo dira onuradun izan honako egoera hauetako batean diren entitateak:
Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean ez izatea.
Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direnez, dirulaguntza eman eta ordainketa bakoitza egin baino lehen. Hala ere, eskatzaileak berariaz aurka egin diezaioke egiaztatze horri, eta, halakorik egiten badu, eskakizun hori betetzen duela frogatzen duten ziurtagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu.
Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta ez edukitzea.
Zigor-zehapena edo administrazio-zehapena ezarrita edukitzea, dirulaguntzak edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera kentzen diona, honako hauek barne:
Sexu-bazterkeriagatik ezarritako zehapena, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabeko bizitzei buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legeak edo Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eraginkorrerako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoak ezarritakoaren arabera.
Abuztuaren 4ko 5/2000 Legegintzako Errege Dekretuak onetsiriko Lan-arloko arau-hausteei eta zehapenei buruzko Legearen testu bateginak 46.1.b) eta 46.bis.1.b) artikuluetan xedatutako zehapen osagarria, ebazpen irmo bidez.
Legez ezarritako kausaren bat izatea, laguntzak edo dirulaguntzak jasotzea eragozten diona, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabeko bizitzei buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legean aurreikusitakoak barne:
Ez edukitzea berdintasun-planik indarrean, nahiz eta enpresa Estatuaren araudiaren arabera horretara behartuta egon.
50 langile baino gehiago dituzten enpresen kasuan, ez edukitzea ezarrita sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitu eta eragozteko neurririk, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan Estatuak ezarrita dituen legeen arabera.
Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan xedatzen diren gainerako egoeraren batean egotea.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ez badu egiaztatzen 3. atalean xedatutako eskakizunen bat, erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatu beharko da. Adierazpen hori eskabide-orrian jasota dago.
Prestakuntza-plana da parte hartzen duten langabeen kualifikazio-beharrei erantzuteko antolatzen diren prestakuntza-ekintzen multzoa, azken helburua haien enplegagarritasuna hobetzea dela.
Dirulaguntza jaso ahal izango da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren web orrian (https://www.lanbide.euskadi.eus) argitaratutako «2022ko prestakuntza-beharren diagnostikoan» dokumentuaren II. eranskinaren A.1.b.2 apartatuko espezialitateetako (espezialitate programagarriak) prestakuntza-ekintzak dituzten prestakuntza-planetarako.
Prestakuntza-ekintza programagarriak honela sailkatzen dira:
Prestakuntza egiaztagarria: Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalari lotutako ekintzak, profesionaltasun-ziurtagiriak lortzera bideratutakoak, ibilbide osoen arabera espezialitatearen ordu guztiengatik egiten dutenean edo prestakuntza-moduluen arabera programatu daitezkeenak. 1., 2. edo 3. kualifikazio-mailakoak izan daitezke.
Prestakuntza egiaztaezina: prestakuntza-espezialitateen katalogoko prestakuntza-ekintza hauek ez dute aukerarik ematen eskuratutako eskumenak egiaztatzeko. Bi motatakoak izan daitezke:
1. Kualifikatzen ez dutenak; hauetan ere bi multzo daude:
1.1. Baztertuta gelditzeko arrisku handian dauden pertsonak laneratzeko eta gizarteratzeko konpetentziak eskuratzeko prestakuntza-ekintzak. Ekintza hauek aukera ematen dute konplexutasun handiagoko beste prestakuntza-prozesu batzuk arrakasta edukitzeko ziurtasunarekin hasteko beharrezkoak diren oinarrizko konpetentziak, jarrerak eta ezagutzak hobetzeko, eta horrela enplegagarritasuna eta lan-merkatuan sartzeko aukerak hobetzen dira. Ekintza hauetan laneratzeko proiektu integralen garapenean oinarritutako metodologia aktiboak aplikatzen dira. Deialdi honen ondorioetarako, 0 mailako prestakuntza-ekintza egiaztaezinak izango dira.
1.1 apartatuan aipatzen diren ekintzak irabazteko asmorik gabeko prestakuntza-entitateek emango dituzte; entitate horien xede edo helburu sozial edo fundazionaletako bat gizartean baztertuta gelditzeko arriskuan dauden pertsonak laneratzea izan behar da. Hori dela-eta, irabazteko asmorik gabekotzat joko dira eratze-eskrituretan edo estatutuetan ezartzen dutenak ekitaldi bakoitzean gertatzen diren mozkinak edo soberakinak entitatearen xede sozialerako edo beraren ekoizpen-egiturak edota gizartean baztertuta gelditzeko arriskuan dauden pertsonak gizarteratzeko eta laneratzeko egiturak hobetzeko edo zabaltzeko erabili behar direla.
1.2. Oinarrizko konpetentziak eta zeharkako konpetentziak eskuratzeko ekintzak, maila altuagoko beste ekintza batzuetan parte hartzeko edo enplegagarritasuna hobetzeko. Hau da:
Zeharkakoak: hizkuntzen, osasunaren, lan-arriskuen, ingurumenaren, kalitatearen, ekintzailetzaren, ofimatikaren, informazioaren teknologien eta komunikazioaren gaineko zeharkako ezagutza-eremuekin lotutako eskumenak (arrakala digitala murrizten laguntzen dutenak) eta enplegu-eskatzaileentzat esanguratsuak izan daitezkeen bestelakoak eskuratzeko helburua izango dute.
Gako-konpententziak: ekintza hauen helburua izango da ezagutza instrumentalak eskuratzea titulazio akademikorik ez duten edo profesionaltasun-ziurtagiri bat eskuratzeko prestakuntza-baldintzak betetzen ez dituzten pertsonek aukera eduki dezaten profesionaltasun-ziurtagiri bat edo horien moduluak ikasteko. Ekintza horiek bi motatakoak izango dira: 2. mailako prestakuntza egiaztagarria eskuratzekoak, batetik, eta kualifikazioko 3. mailako prestakuntza egiaztagarria eskuratzekoak, bestetik.
2. Prestakuntza-ekintza kualifikatzaileak: Kualifikazio Profesionalen Katalogo Nazionalarekin lotuta ez dauden prestakuntza-ekintza kualifikatzaileak dira. Ekintza horien xedea produkzio-sistemaren kualifikazio-beharrak asetzea edota aurreikustea, batez ere sektore berritzaileenak edota enplegu-aukera onenak dituztenak garatzeko kualifikazio-beharrak eta berariazko erregulazioak dituzten produkzio-sektoreekin lotutako beharrak (lanbide-txartelak).
Prestakuntza emateko modalitatea.
Prestakuntza-ekintzak aurrez aurreko modalitatean eman beharko dira.
Aurrez aurreko prestakuntza da ikasgela batean gertatzen dena, irakaslea bertan dela, honek ikasle-talde bati ezaguera berak aldi berean transmititzen dizkionean, erabiltzen diren baliabide didaktikoak nolakoak diren gorabehera.
Prestakuntza-planak dirulaguntza ematen duen behin betiko ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik 2024ko urriaren 14ra bitartean gauzatu beharko dira (lantokiko prestakuntza praktikoaren modulua barne, egonez gero).
Prestakuntza-planeko prestakuntza-ekintzetako bat, gutxienez, 2022ko ekitaldian hasi beharko da, eta, gehienez ere, dirulaguntza ematen duen behin betiko ebazpena jakinarazi eta hurrengo bi hilabete igaro baino lehen. Planean prestakuntza-ekintza egiaztagarriak badaude, eta ekintza bat bakarrik hasten bada 2022. urtean, ekintza egiaztagarrietako bat izan beharko da.
Edonola ere, prestakuntza-planeko prestakuntza-ekintzen ehuneko hirurogeita hamar 2023ko azaroaren 30a baino lehen hasi beharko da.
Prestakuntza-ekintzak onartzean, dirulaguntzarako gehienez ere 20 parte-hartzaile onartuko dira eta 10 egon beharko dira gutxienez, prestakuntza modalitate guztietan. Beraz, prestakuntza-ekintzak ezingo dira hasi 10 parte-hartzaile baino gutxiagorekin.
Hala eta guztiz ere, honako hauek onartuko dira:
Diruz lagunduko parte-hartzaileez gain, 2 pertsona gehitzea prestakuntza-ekintzetara parte-hartzaile kopuru horretarako egiaztagiria edo inskripzioa duten prestakuntza-zentroetan. Parte-hartzaile gehigarri horiengatik ez da dirulaguntzarik jasoko.
Salbuespen gisa, eta Lanbidek aurretik baimena emanez gero, parte-hartzaileen kopurua murriztu ahal izango da laneratzeko eta gizarteratzeko arazo nabarmenak dituzten pertsonentzako prestakuntza-ekintzetan: ekintza horiek 8 parte-hartzailerekin hasi ahal izango dira.
Prestakuntza-ekintzaren alde teoriko eta praktikoa baino ez da diruz lagunduko. Ez dira diruz lagunduko lantokian egingo den prestakuntza praktikoaren modulua, profesionaltasun-ziurtagirien kasuan, eta lanekoak ez diren enpresa-praktikak, gainerako espezialitateetan.
Prestakuntza-ekintza bakoitzaren iraunaldi osoaren % 25 betetzean, hasi diren parte-hartzaileen % 75ek bertan jarraitu beharko dute (onartzen diren bi parte-hartzaile gehigarriak kontuan hartu gabe). Ehuneko txikiagoak jarraitzen badu, ekintzak aurrera jarraitu beharko du, eta amaitzean likidatu beharko da, deialdi honen 18. artikuluan adierazitakoaren arabera. Ondorio horietarako, prestakuntza hasi duten partaideen kopurutzat hartuko da prestakuntza-ekintzaren lehen egunean prestakuntza hasi zuten pertsona guztien kopurua.
Deialdi honen babespean diruz laguntzen diren prestakuntza-ekintzetan lehentasunarekin parte hartu ahal izango dute Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan enplegu-eskatzaile gisa izena emanda dauden langabeek eta Gazte Bermearen Sistema Nazionalaren fitxategian izena emanda daudenek. Era berean, beste autonomia-erkidego bateko enplegu-zerbitzu publikoan izena emanda dauden langabeek ere parte hartu ahal izango dute.
Era berean, lehentasunik gabe, lanean ari diren langileek ere parte hartu ahal izango dute prestakuntza-ekintza horietan, betiere prestakuntza-ekintza bakoitzean programatutako parte-hartzaile guztien ehuneko 30 gainditu gabe. Horretarako, ekintzetan parte hartzen duten pertsonak langabetzat edo landuntzat hartzeko, prestakuntzaren hasieran duten lan-egoera hartuko da kontuan.
Ondorio horietarako, honako hauek sartuko dira langabeen taldean: lanaldi partzialeko kontratu batekin ari diren langileak, baldin eta beren lanaldia lanaldi osoz aritzen den pertsona batek duenaren herena baino laburragoa bada konparagarriak izan behar dute.
Prestakuntza-planaren dirulaguntzaren zenbateko osoa plana osatzen duten prestakuntza-ekintza bakoitzaren dirulaguntzaren zenbatekoaren batura izango da.
Prestakuntza-ekintza bakoitza parte-hartzaileko eta prestakuntza-orduko kostuaren arabera finantzatuko da, deialdi honen II. eranskinean ezarritako modulu ekonomikoen arabera.
Modulu ekonomiko bakoitzak hiru ditu: horietako bi zuzeneko kostuei dagozkienak langileak (A) eta funtzionamendua (B) eta hirugarrena zeharkako kostuei (C) dagokiena kostu zuzenei dagozkien moduluen baturari % 10eko ehunekoa aplikatuz kalkulatua.
Azkenean aplikatu beharreko modulu ekonomikoek ezin izango dituzte gainditu, inola ere, uztailaren 3ko 694/2017 Errege Dekretua garatzen duen martxoaren 28ko TMS/368/2019 Aginduan aurreikusitakoak. Profesionaltasun-ziurtagiriak lortzeko prestakuntza-ekintzen kasuan, gehieneko muga urriaren 10eko ESS/1897/2013 Aginduan jasotakoa da (horren bidez garatzen da 34/2008 Errege Dekretua, urtarrilaren 18koa, profesionaltasun-ziurtagiriak arautzen dituena). Ondorioz, aplikatu beharreko azken modulua osatzen duten hiru moduluen batura handiagoa balitz aipatutako araudietan aurreikusitakoak baino edo, hala badagokio, horien ordez ezartzen diren eta deialdi hau argitaratzen denean indarrean dauden araudietan aurreikusitakoak baino, azken horiek aplikatuko dira.
Programatu beharreko prestakuntza-ekintzak jasoko dituen prestakuntza-plan bakar baterako eskatu ahal izango dute dirulaguntza prestakuntza-entitateek. Nolanahi ere, prestakuntza-entitate bakoitzari emango zaion dirulaguntzak honako muga hauek edukiko ditu:
Muga orokorra.
Entitate onuradunak lurralde historiko batean bakarrik badihardu, ezin du jaso 1.750.000 euro baino gehiago prestakuntza-plan baterako; horren ildotik, lurralde historiko batean baino gehiagotan jardunez gero, ezin du jaso 3.500.000 euro baino gehiago.
Lurralde historiko bakoitzean ezin da lortu 1.750.000 eurotik gorako dirulaguntza.
Parte hartzen den dirulaguntza-lerroen araberako muga.
Prestakuntza-plan bakoitzeko jarraian azalduko diren dirulaguntza-mugak aplikatuko dira, kasuan kasukoak entitate eskatzaileak parte hartzen duen dirulaguntza-lerroen kopuruaren arabera.
Hori dela-eta, prestakuntza egiaztagarriko dirulaguntza-lerro bat onartuko da arlo edo arlo-talde bakoitzeko (I. eranskina) eta lurralde historiko bakoitzeko, maila-zatiketa kontuan eduki gabe. Beraz, I. eranskineko 117 dirulaguntza-lerroak (108 egiaztagarri eta 9 egiaztaezin) 45era murrizten dira: 15 prestakuntza-lerro hiru lurralde historikoetako bakoitzeko (prestakuntza egiaztagarriko 12 lerro, prestakuntza egiaztaezineko lerro bat, eta kualifikatzen ez duen prestakuntza egiaztaezineko 2 lerro).
(Ikus .PDF)
Deialdi honen esparruko dirulaguntzak jasotzeko eskabideak, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiari bidaliko zaizkio, eta elektronikoki izapidetuko dira, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren prestakuntzako aplikazio informatikoaren bidez (LanF).
Aplikaziora sartzeko aukerarik ez duten entitateek edo enpresek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren web-orriaren bidez eskatu ahal izango dute: www.lanbide.euskadi.eus.
Administrazio-prozeduraren informazio-fitxa (izapidetze elektronikorako jarraibideak ematen dituena) helbide honetan egongo da eskuragarri: https://www.euskadi.eus/servicios/1039906
Irabazteko asmorik gabeko prestakuntza-entitateek, xede edo helburu sozial edo fundazionaletako bat gizartean baztertuta gelditzeko arriskuan dauden pertsonak laneratzea dutenek, 3.b.1.1 artikuluan bildutako prestakuntza-espezialitateetako bat eskatu nahi badute, LanF sisteman halakoak direla adierazi beharko dute, eta horren frogagiriak aurkeztu beharko dituzte (eratze-eskriturak, estatutu sozialak...), baldin eta Lanbidek agiriok ez badauzka, aurreko batean aurkeztuta.
Dirulaguntza-eskabidearekin batera honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:
Oro har, laguntza aplikatuko den prestakuntza-plana, emango diren prestakuntza-ekintzak bereizita.
Gainera, behar denean, 9. artikuluko balorazio-irizpideak egiaztatzeko:
B.3 eta B.4 apartatuetan ezarritako balorazio-irizpideak egiaztatzeko: artikulu horretan aipatzen diren aitorpen edo akreditazio ofizialen kopia.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak erregistratuta dituen prestakuntza-entitatearen datuetan badaude, ez dago aurkeztu beharrik, eta eskabidean adierazi behar da.
C.3.1 eta D.1 apartatuetan ezarritako balorazio-irizpideak egiaztatzeko, beste administrazio publiko batzuetako deialdiak aipatzen direnean: enplegurako lanbide-heziketaren arloan eskumena duen eta deialdia kudeatzen duen administrazio publikoaren ziurtagiria aurkeztu beharko da, prestakuntza jaso duten pertsonen kopurua frogatzen duena, IV. eranskineko ereduaren arabera (LanF aplikaziotik atera daiteke).
C.3.2 apartatuan ezarritako balorazio-irizpidea egiaztatzeko, beste administrazio publiko batzuetako deialdiak aipatzen direnean: enplegurako lanbide-heziketaren arloan eskumena duen eta deialdia kudeatzen duen administrazio publikoaren ziurtagiria aurkeztu beharko da, prestakuntza jaso duten pertsonen kopurua frogatzen duena, V. eranskineko ereduaren arabera (LanF aplikaziotik atera daiteke).
C.5 apartatuan ezarritako balorazio-irizpidea egiaztatzeko: gizarteratzeko eta laneratzeko dirulaguntza eman duen administrazio publikoaren ziurtagiria aurkeztu beharko da, VI. eranskineko ereduaren araberakoa (LanF aplikaziotik atera daiteke).
C.3.2 apartatuan ezarritako balorazio-irizpidea egiaztatzeko, beste administrazio publiko batzuetako datuak aipatzen direnean: laguntzak ematen dituen administrazio publikoaren ziurtagiria aurkeztu beharko da, prestakuntza-entitateak abian jarritako laneratzeko enpresetan laneratzeko prozesuan ari diren pertsonei buruzkoa, VII. eranskineko ereduaren arabera (LanF aplikaziotik atera daiteke).
E.1.3 apartatuan ezarritako balorazio-irizpidea egiaztatzeko, beste administrazio publiko batzuetako datuak aipatzen direnean: laguntzak ematen dituen administrazio publikoaren ziurtagiria aurkeztu beharko da, prestakuntza-entitateak sustatutako enplegu-zentro berezietan kontratatutako pertsona desgaituei buruzkoa, VIII. eranskineko ereduaren arabera (LanF aplikaziotik atera daiteke).
Behar denean, eskatzailea sozietate-talde bateko kidea dela frogatzen duen dokumentazioa, 9. artikuluan ezartzen denaren ondorioetarako.
Dirulaguntzaren eskabidean, prestakuntza-planak profesionaltasun-ziurtagiri osoa ematea jasotzen duenean, entitateak baimena eman ahal izango dio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari, azkenean dirulaguntza jasotzen badu, profesionaltasun-ziurtagiria hainbat prestakuntza-ekintzatan eta modulutan bereizteko, etengabeko ikaskuntza indartzeko, 13.2 artikuluan ezartzen den bezala. Honako profesionaltasun-ziurtagiri hauek ezin izango dira bereizi: COMT0112, FEMEL0110 eta ELEE0109.
Eskabideak ez baditu baldintza guztiak betetzen, entitate interesdunari eskatuko zaio hamar egun balioduneko epealdian, jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera zenbatuta, hutsunea edo akatsa konpontzeko edo aurkeztu beharreko dokumentuak aurkezteko. Hala egin ezean, eskabideari uko egin diola ulertuko da, hala xedatzen duen ebazpena egin ondoren.
Eskabideak aurkezteko epealdia hilabetekoa izango da, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita.
Prozedura izapidetzeko organo eskuduna Enplegurako Lanbide Heziketako Zuzendaritza izango da, eta ebazteko organo eskuduna, berriz, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia.
Dirulaguntzak emateko prozedura norgehiagoka-prozedura izango da, eta egintza bakarrean ebatziko dira prestakuntza-planak gauzatzeko aurkeztutako eskabide guztiak.
Prestakuntza-planeko prestakuntza-ekintza bakoitza banaka baloratuko da, eta lehiaketa-prozesua I. eranskineko dirulaguntza-lerro bakoitzeko egingo da (117 lerro).
Eskabideak aztertzeko eta haien balorazioa egiteko, batzorde teknikoa eratuko da. Batzordean honako kide hauek ariko dira: Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Lanbide Heziketako zuzendaria, Enplegurako Lanbide Heziketako Zerbitzuko arduraduna, eta zerbitzu horretako bi teknikari. Ebaluazio-batzorde horretako kideen izenak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren webgunean (https://www.lanbide.euskadi.eus) eta EHAAn argitaratuko dira.
Eskabideek deialdi honetan parte hartzeko eskatzen diren baldintzak betetzen dituztela egiaztatu ondoren, ebaluazio-batzordeak 9. artikuluan ezartzen diren irizpideen arabera baloratuko ditu, eta behin-behineko ebazpen-proposamena egingo du, 8. artikuluan araututako laguntza zehazteko sistema kontuan hartuta, behin-behinean onartzea edo ukatzea proposatzen diren ekintzak adierazita, dirulaguntza-lerroka multzokatuta.
Behin-behineko ebazpen hori Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren webgunean argitaratuz jakinaraziko da (www.lanbide.euskadi.eus), eta 10 egun baliodun emango dira entitate interesdunek LanF aplikazio informatikoaren bitartez alegazioak egin ditzaten edo eskabidean atzera egin dezaten, prestakuntza-planean behin-behinean onetsitako prestakuntza-ekintza guztiei dagokienez.
Behin-behineko ebazpen-proposamenak ez die onuradun gisa eskubiderik emango proposatutako entitateei.
Alegazioak aztertu ondoren, ebaluazio-batzordeak behin betiko ebazpen-proposamena prestatuko du, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiari helaraziko dio, bera baita ebazpena egiteko organo eskuduna.
Behin betiko ebazpenean dirulaguntza emango zaien prestakuntza-ekintzak eta horien zenbatekoa zehaztuko dira, balorazioaren ondoriozko lehentasun-hurrenkeraren arabera, dirulaguntza-lerroka multzokatuta, bai eta ukatzen direnak eta ukatzeko arrazoiak ere. Hori guztia prestakuntza-entitate interesdunei jakinaraziko zaie, Lanbideren webgunean argitaratuta (www.lanbide.euskadi.eus). Entitateek 10 egun balioduneko epealdia edukiko dute prestakuntza-plan osoaren dirulaguntza onartzen dutela edo uko egiten diotela adierazteko modu telematikoan LanF aplikazioaren bidez. Epealdi horretan ezer adierazten ez badute, dirulaguntzari uko egiten diotela ulertuko da.
Behin betiko ebazpenean aurrekontu-kreditua falta delako ezetsi diren dirulaguntza-eskaerak dirulaguntza-lerroen arabera ordenatuta agertuko dira, balorazio-irizpideak aplikatuz ateratzen den hurrenkeran. Hartara, prestakuntza-entitate onuradun batek dirulaguntzari uko egiten badio, dirulaguntza hurrengoari emango zaio, laguntza zehazteko ezarritako irizpideen arabera, baldin eta kreditu nahikoa liberatu bada horri erantzuteko eta, sortzen den unean, zilegi bada hura gauzatzea, deialdian ezarritakoarekin bat etorriz eta aurrekontua gauzatzeko arauen arabera. Ukoen bitartez liberatutako kredituarekin emandako dirulaguntzak Lanbideren webgunean (www.lanbide.euskadi.eus) argitaratuz jakinaraziko zaizkie prestakuntza-entitate interesdunei, eta 10 egun balioduneko epealdian onartu beharko dira; bestela, uko egiten diotela ulertuko da. Hartara, esleipen-prozedura amaitutzat emango da.
Lehentasun-hurrenkeran atzerago dagoen eskaera bati ezin izango zaio dirulaguntza hori eman, kreditu erabilgarri nahikorik ez egoteagatik lehentasun-hurrenkera horretan aurrerago dagoen beste eskabide bat dirulaguntzarik gabe utzi bada.
Prozedura ebazteko eta behin betiko ebazpena jakinarazteko gehieneko epealdia sei hilabetekoa izango da, deialdia EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatuta. Epealdi horretan berariazko ebazpenik jakinarazten ez bada, eskabidea ezetsitzat jo ahal izango da.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpenak amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, haren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da zuzenean Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.
Entitate onuradunei dirulaguntzak emateko eta ordaintzeko, ezinbestekoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak edo haren organismo autonomoek emandako antzeko dirulaguntzen edo laguntzen karietara bideratzen hasi diren eta oraindik izapidetzen ari diren itzulera-prozedurak edo zehapen-prozedurak amaituta egotea.
Dirulaguntzak ematen dituen ebazpenean berariaz adieraziko da finantzabideen zati bat Europako Gizarte Funtsetik datorrela, EGF+ Euskadi, 2021-2027 programaren esparruan.
Publikotasunaren printzipioa betetzeko, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpenez Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da zer entitatek jaso duten dirulaguntzaren bat deialdi honen babesean eta zenbateko laguntza jaso duten. Ebazpenean adieraziko da finantzabideen zati bat Europako Gizarte Funtsak ipini duela.
Eskabideak aurkezteko eta akatsak 6.5 artikuluan ezarritakoaren arabera zuzentzeko epealdia amaitutakoan prestakuntza-planetan jasotako prestakuntza-ekintzen balorazio teknikoa egingo da 9. artikuluan ezarritako irizpideak aplikatuz, eta horrela eskabideen arteko lehentasun-hurrenkera ezarriko da. Aurkeztutako ekintzen eskabideak puntuazio handiena izan dutenetik txikiena izan dutenera ordenatuko dira.
Ez dira finantzatuko balorazioan 30 puntu baino gutxiago lortzen dituzten prestakuntza-planetako prestakuntza-ekintzak.
30 puntu edo gehiago lortzen dituen prestakuntza-planeko prestakuntza-ekintza bakoitzeko emango den dirulaguntzaren zenbatekoa zehazteko, II. eranskinean ezarritako modulu ekonomikoak aplikatuko dira.
Dirulaguntzak balorazio-fasearen ondoriozko ekintzen arteko lehentasun-hurrenkeran emango dira, honako arau hauek aplikatuz:
Prestakuntza-ekintzak lortutako balorazio teknikoaren arabera sailkatuko dira, EAEko hiru lurraldeak bereizita.
Lurralde bakoitzeko ekintzak prestakuntza-motaren arabera sailkatuko dira (egiaztagarria edo egiaztaezina).
Prestakuntza-ekintza egiaztagarriak lanbide-arloen edo arlo-taldeen arabera eta kualifikazio-mailen arabera (1, 2, 3) sailkatuko dira.
Prestakuntza-ekintza egiaztaezinak kuafilifikatzaileak izatearen edo ez izatearen arabera sailkatuko dira.
Kualifikatzaileak ez direnak bi multzotan bereiziko dira: batetik, laneratzeko eta gizarteratzeko prestakuntza-ekintzak; bestetik, zeharkako prestakuntza-ekintzak eta gako-konpetentzien prestakuntza-ekintzak.
Lehenbizi I. eranskineko dirulaguntza-lerro bakoitzerako ezarritako aurrekontua banatuko da prestakuntza-ekintzek balorazio teknikoan lortutako puntuazioen arabera aurrekontua agortu arte.
Dirulaguntza-lerro bateko aurrekontua agortzen ez bada, soberakina honela banatuko da:
Soberakina prestakuntza egiaztaezineko dirulaguntza-lerro batean gertatzen bada, lurralde historiko bakoitzean, hasieran finantzaketa lortu ez duten prestakuntza-ekintza egiaztagarrietatik puntuazio handiena lortu dutenen artean banatuko da, lanbide-arloa eta maila kontuan eduki gabe.
Soberakina prestakuntza egiaztagarriko dirulaguntza-lerroan gertatzen bada, lurralde historiko bakoitzean, hasieran finantzaketa lortu ez duten lanbide-arlo bereko mailetan puntuazio handiena izan duten ekintzen artean banatuko da. Horren ondoren soberakinik egonez gero, aurretik finantzaketa lortu ez duten ekintza egiaztagarrietatik puntuazio handiena izan dutenen artean banatuko da, lanbide-arloa eta maila kontuan eduki gabe.
Prestakuntza-ekintza egiaztagarrietarako aurrekontuan soberakina egonez gero, lehentasun-hurrenkeraren arabera banatuko da, lurraldeak kontuan eduki gabe.
Berdinketa gertatuz gero, 9. artikuluan ezarritako B.2 balorazio-irizpidean puntuazio handiena lortu duen eskaerak izango du lehentasuna. Berdinketak jarraitzen badu, C.4 balorazio-irizpidean puntuazio handiena lortu duen eskaerak izango du lehentasuna. Berdinketa hausteko azken irizpide gisa, B.1 balorazio-irizpidean puntuazio handiena lortu duena hartuko da aintzat.
Prozesuan, 5.3 artikuluan ezartzen diren dirulaguntza-mugak hartuko dira kontuan, orokorra eta dirulaguntza-lerroen araberakoa.
Entitate eskatzaile bakoitzak eman beharreko prestakuntza-ekintzei dagozkien zenbatekoen batura izango da prestakuntza-planerako dirulaguntzaren azken zenbatekoa.
Eskatutako prestakuntza-ekintzak baloratzeko, jarraian araututako irizpideak hartuko dira kontuan (III. eranskinean zehazten dira):
Langabeentzako prestakuntza-eskaintzaren deialdiei erreferentzia egiten zaien guztietan, langabeentzako prestakuntza-eskaintzaren deialdi orokorrari dagozkion datuak hartzen dira kontuan, eta ez da beste deialdi zehatzagorik kontuan hartzen, hala nola kontratazio-konpromisoarena, proiektu bereziena, kualifikazio baxuko gazteak gizarteratzeko eta laneratzeko prestakuntzarena, etab.
B, C eta D apartatuetako balorazio-irizpideen bitartez entitate eskatzaileen prestakuntza-jarduna eta konpromiso soziala neurtzen dira kudeaketa, kalitatea eta eragina kontuan hartuz. E apartatuko irizpidearen bidez baloratzen da prestakuntza-entitateen jarduna bateragarria denez enpleguaren aldeko beste politika batzuekin, horien bidez langabezian dauden pertsonen enplegagarritasuna hobetzeko prozesuarekin jarraitu ahal izateko.
B, C, D eta E apartuetako irizpide guztiak prestakuntza-entitate bakoitzeko (IFK) aplikatzen dira hartzen dira, hau da, IFK bera duten prestakuntza-zentroen datuak batera aztertzen dira. Eskatzailea sozietate-talde bateko kidea bada, taldeko entitateen jarduna hartuko da kontuan, eta halakotzat joko da 1407/2013 Erregelamenduaren (EB) 2.2. artikuluan enpresa bakarraren definizioarekin bat datorrena edo Merkataritzako Kodearen 42. artikuluan ezarritako sozietate-taldearen definizioarekin bat datorrena.
Prestakuntza-ekintza prestakuntza-beharretarako egokia izatea.
Irizpide honen arabera 21 puntu lortu daitezke gehienez.
Honen xedea da dirulaguntza-lerroka (I. eranskina) bereiztea programatutako prestakuntza-ekintzek lortutako puntuazioa, honako hauek kontuan hartuz:
Prestakuntza-ekintza egiaztagarriak: 7 puntuazio-tarte daude, 7 puntu gehienez, lanbide-arloetako laneratzearen araberakoak. A.1.
Halaber, lanbide-arlo bakoitzaren barruan 3 kualifikazio-maila daude, eta horren arabera 3 tarte. Gehienez 3 puntu lortu daitezke. A.2.
Gainera, profesionaltasun-ziurtagiri osoak bereizita ematea bultzatzen da: puntu bat. A.4.
Prestakuntza-ekintza guztiak: Euskal Autonomia Erkidegoan Enplegurako Lanbide Heziketa arautzen duen maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuaren 15. artikuluaren itzalpean Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak egindako prestakuntza-beharren diagnostikoan lortutako puntuazioa (dekretu hori erakunde autonomo honen web orrian argitaratu da). Horretarako, 10 puntuazio-tarte ezarri dira, eta gehienez 10 puntu lortu ahal izango dira. A.3.
Puntuazio hau II. eranskinaren A.1 b.2 apartatuan bildutako prestakuntza-espezialitate programagarrien taulan agertzen da, «Balorazioa» zutabean.
Prestakuntzaren kalitatearen eta eraginaren adierazleak langabeentzako 2017ko eta 2018-2020ko lanbide-heziketako prestakuntza-eskaintzaren deialdietan, eta entitateak kalitatearekin eta euskararekin duen konpromisoa. Gehieneko puntuazioa: 47 puntu.
Horren xedea da baloratzea enplegurako lanbide-heziketako 2017ko eta 2018ko deialdietako langabeentzako prestakuntza-ekintzak ematean lortutako kalitatea eta enplegagarritasunaren eta laneratzearen aldetik lortutako eragina, eta entitateak kalitatearekin eta euskararekin duen konpromisoa.
1. Sintesi-adierazlea, lanbide-arloaren arabera: gehienez 15 puntu.
Prestakuntza-entitate batek langabeentzako 2017ko eta 2018-2020ko prestakuntza-eskaintzaren deialdietan emandako prestakuntza-ekintzetan lanbide-arlo bakoitzean lortutako asebetetze-tasen batez besteko haztatua.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ofizioz lortuko du adierazle hori bere datu-baseetatik. Prestakuntza-entitate batek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren deialdian parte hartu ez badu, 4 puntu emango zaizkio.
Adierazle hori ezin izan bada lortu Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari egotz dakiokeen arrazoiren batengatik, erreferentziako deialdian lanbide-arloaren adierazleen batezbesteko globala hartuko da sintesi-adierazle gisa, hartan parte hartzen duten prestakuntza-entitate guztiek emandako ekintza guztietatik abiatuta.
2. Enplegagarritasunaren indizea: 25 puntu gehienez.
Langabeentzako 2017ko eta 2018-2020ko prestakuntza-eskaintzaren deialdietan emandako prestakuntza-ekintzek lanbide-arlo bakoitzean lortutako enplegagarritasun-indizeen batezbesteko haztatua; 25 puntu gehienez.
Enplegagarritasun-indizea tasa hauek osatzen dute:
Enplegagarritasun-indizea = (Prestakuntzaren arrakasta-tasa x p1) + (Besteren konturako laneratzearen tasa x p2) + (Parte-hartze anitzaren tasa x p3),
Non:
Prestakuntza-ekintzaren arrakasta-tasa: Prestakuntza arrakastarekin (gai) amaitzen duten pertsonen kopuruaren eta prestakuntza-ekintza amaitzen duten parte-hartzaile guztien (gai zein ez gai) kopuruaren arteko zatiketaren emaitza.
Prestakuntza-ekintzak bereizita egonez gero, prestakuntzaren emaitza positiboa izango da profesionaltasun-ziurtagiri osoa lortzen bada, bai eta prestakuntza-moduluetako bat egiten bada eta horrela profesionaltasun-ziurtagiria lortzen bada ere. Ziurtagiri osoa egiten ez dutenek egindako moduluak gainditzen badituzte, «ama» ekintzan «Amaituta, gai» egoeran izango dira, zeren eta prestakuntza moduluka egin ahal baita eta ez baitu modulurik batere bertan behar utzi («Amaituta, gai» gainditutako moduluetan eta «Amaituta, ez gai» «ama» ekintzan, ez baitu profesionaltasun-ziurtagiri osoa gainditu eta ez baitu modulurik batere bertan behera utzi).
Besteren konturako laneratzearen tasa: Prestakuntza-jarduera amaitu eta sei hilabeteren barruan besteren konturako kontraturen bat lortu duten pertsonen kopurua.
Parte-hartze anitzaren tasa: Prestakuntza-ibilbide bat egiten duten pertsonen kopurua; hau da, ikastaroa amaitu ondoko sei hilabeteetan enplegurako bigarren prestakuntza-ekintza bat hasten duten pertsonen kopurua.
p1, p2 eta p3, tasa bakoitzari emandako pisuak dira, espezialitatearen kualifikazio-mailaren arabera kalkulaturik.
Tasak haztatu egiten dira espezialitate-motaren eta horien kualifikazio-mailaren arabera. Hartara, zenbat eta handiagoa izan espezialitatearen kualifikazio-maila, orduan eta pisu handiagoa du laneratzearen tasak, lanean aritzeko eta, horrenbestez, lan-merkatuan sartzeko behar den konpetentzia ematen baitute. Gako-konpetentzien edo zeharkako edo gizarteratzeko eta laneratzeko gaitasunen espezialitateen kasuan, parte-hartze anitzaren tasak pisu handiagoa hartzen du, kualifikazioa ematen duen prestakuntzaren aurreko prestakuntzatzat hartzen baita, prestakuntza-ibilbide luzeago baten esparruan; edo, bestela, zeharkako espezialitateen kasuan, prestakuntza arautuaren, hasierako prestakuntzaren edo profesionaltasun-ziurtagirien prestakuntza osagarri gisa.
(Ikus .PDF)
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ofizioz ateratzen du adierazle hori bere datu-baseetatik.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren 2017ko eta 2018-2020ko deialdien babesean prestakuntza-entitateek ez badute eman dirulaguntza eskatzen duten espezialitateari dagokion arloko prestakuntza-ekintzarik, 11 puntu aplikatuko dira.
Aurreko deialdi horietan prestakuntza-ekintza bereiziren bat eman duten entitateek 11 puntu lortuko dituzte, adierazlearen puntuazioa handiagoa ez bada.
3. Kalitatearekiko konpromisoa: 5 puntu gehienez.
Entitate eskatzaileek lortutako kalitate-arloko aintzatespenak baloratuko dira, hain zuzen ere batzordeak balorazioa egiten duen egunean indarrean daudenak. Kudeaketa-kalitatearen aintzatespenengatik 4 puntu lortu ahalko dira gehienez; honako hauek baino ez dira baloratuko (EFQM eredukoak, Euskaliten Kudeaketa Aurreratuko Sistemakoak eta ISO araukoak): EFQM +500 eta Urrezko A, EFQM +400 eta Zilarrezko A, EFQM +300 eta Brontzezko A, Urrezko Q, ISO 9001 eta Urrezko Q, Zilarrezko Q eta Kudeaketa Aurreratuaren Diploma. Puntuaziorik handiena ematen duen ziurtagiria baino ez da baloratuko.
Puntu gehigarri bana lortu ahal izango da ziurtagiri hauek edukitzeagatik: ISO 14001 ziurtagiria (Ingurumen Kudeaketako Sistemak), ISO 45001 ziurtagiria (Laneko Segurtasuna eta Osasuna Kudeatzeko Sistemak), eta OHSAS 18001 ziurtagiria ISO 45001 ziurtagiria lortzeko aldian.
4. Euskarekiko konpromisoa: 2 puntu gehienez.
Bikain eta Bai Euskarari ziurtagiriak baino ez dira baloratuko.
Prestakuntza-jarduketen ondoriozko kudeaketa-emaitzen adierazleak. Gehiez 33 puntu.
1. 2018-2020 deialdian dirulaguntza lortutako prestakuntza-ekintzen burutzapen-maila: Honek adierazten du zenbatekoa den 2018-2020ko deialdian Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan erregistratutako langabeentzako prestakuntza-deialdian onartutako prestakuntza-ekintzetatik amaitu eta likidatu direnen ehunekoa.
Gehienez 10 puntu (negatibo).
2. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren langabeentzako prestakuntza-eskaintzaren 2018-2020ko deialdian emandako profesionaltasun-ziurtagiri osoen lantokiko prestakuntza praktikoaren modulua bete ez den gradua.
Honen bidez neurtzen da zenbateraino bete den profesionaltasun-ziurtagiri osoaren prestakuntza gainditu duten langabeei lantokiko prestakuntza praktikoaren modulua eskaini beharra.
Gehienez 10 puntu (negatibo).
3. Prestakuntza emateko gaitasun egiaztatua. 15 puntu gehienez.
3.1. 2016, 2017 eta 2018ko langabeentzako prestakuntza-eskaintzaren deialdietan prestakuntza jaso duten pertsonen batezbesteko haztatua: 10 puntu gehienez.
Kontuan hartuko da enplegurako lanbide-heziketaren arloan eskumena duten administrazioek 2016an, 2017an eta 2018an onartutako langabeentzako prestakuntza-eskaintzaren deialdietan parte hartu duten pertsonen kopurua.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak onartutako deialdiei dagokienez, datu hori beraren datu-basetik ateratzen da ofizioz. Beste administrazio publiko batzuen deialdiei dagokienez, entitate eskatzaileak 6. artikuluaren 3.2.b) apartatuan aipatutako ziurtagiria aurkeztu beharko du.
3.2. 2016, 2017 eta 2018ko landunentzako eskaintzaren deialdietako parte-hartzaileen batezbesteko haztatua: 5 puntu gehienez.
Kontuan hartuko da arlo horretako eskumena duten administrazioek 2016an, 2017an eta 2018an onartutako landunentzako enplegurako lanbide-heziketako eskaintzaren deialdietan parte hartu duten pertsonen kopurua (prestakuntza amaitu duten guztiak).
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak onartutako deialdiei dagokienez, datu hori beraren datu-basetik ateratzen da ofizioz.
Beste administrazio publiko batzuen deialdiei dagokienez, entitate eskatzaileak 6. artikuluaren 3.2.dc apartatuan aipatutako ziurtagiria aurkeztu beharko du.
4. Enplegurako lanbide-heziketako beste programa eta deialdi batzuetan eta LH arautua parte hartzea. 15 puntu gehienez.
4.1. 2019an eta 2020an profesionaltasun-ziurtagiriak aldatu ondoren HEZIBI proiektuan parte hartu duten pertsonen kopurua: 3 puntu gehienez.
Honako hauek hartuko dira kontuan: Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren 2019ko eta 2020ko deialdi bateko profesionaltasun-ziurtagiri batekin lotutako prestakuntza-ekintza bat aldatu ondoren Hezibi proiektu batean aritu diren ikasleak, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuak eta Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak gazteentzako ikas-ekinezko HEZIBI programaren oinarri arautzaileak onartzeko emandako 2012ko urriaren 3ko Agindu bateratuarekin bat etorriz.
4.2. 2018ko eta 2019ko deialdietan dirulaguntza jaso duten proiektu berezietan parte hartu duten pertsonen batezbesteko haztatua: 3 puntu gehienez.
4.3. 2018ko eta 2019ko kualifikazio baxuko gazte langabeak gizarteratzeko eta laneratzeko deialdian parte hartu duten pertsonen batezbesteko haztatua: 3 puntu gehienez.
4.4. 2018ko eta 2019ko kontratazio-konpromisodun prestakuntza-ekintzen bitartez kontratatu diren pertsonen kopurua: 3 puntu gehienez.
4.5. 2021-2022 ikasturtean Hezkuntza Sailean Lanbide Heziketan (oinarrizkoa, ertaina eta goi-mailakoa) aritu diren ikasleen kopurua: 3 puntu gehienez.
5. Ebazpen baten bidez edo sektore publikoko erakunde batekin sinatutako lankidetza-hitzarmen baten bidez 2021eko ekitaldian dirulaguntza jaso izana: 3 puntu.
Ez dira kontuan edukiko Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak proiektu bereziak egiteko emandako dirulaguntzak.
Ebazpen baten bidez edo sektore publikoko erakunde batekin sinatutako lankidetza-hitzarmen baten bidez eragozpen handiak dauzkaten pertsonen beharrizanak asetzeko asmoarekin pertsona horiek gizarteratzeko eta laneratzeko proiektu baterako dirulaguntza lortu izana baloratuko da.
Irizpide hau baloratzeko, entitate eskatzaileak 6. artikuluaren 3.2 d) apartatuan aipatzen den dokumentazioa aurkeztu beharko du, honako kasu hauetan izan ezik (hauetan datua ofizioz lortuko du Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak):
Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuaren 2021eko apirilaren 13ko Aginduaren II. kapituluaren babespean emandako dirulaguntzak (agindu horren bidez Euskadiko esku-hartze sozialaren eremuan hirugarren sektoreko jarduerak sustatzeko dirulaguntzak pertsonekin, familiekin, taldeekin eta komunitateekin esku hartzeko jardueretarako dirulaguntzak arautzen dituen abenduaren 4ko 271/2012 Dekretuan ezarritako 2021eko deialdia egin zen).
2021. urtean Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuaren agindu baten bidez emandako dirulaguntza izendunak, Gizarte Zerbitzuen Zuzendaritzaren jarduera-eremuan, esku-hartze sozialeko jarduerak egiteko pertsonekin, familiekin, taldeekin eta komunitateekin.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin elkarlanean, desabantaila-egoeran dauden kolektiboetako pertsonentzako enplegurako orientazioko ekintzak egiteko eta zerbitzuak emateko dirulaguntzen 2021eko deialdian emandako dirulaguntzak.
Emakumeak eta desgaitasuna duten pertsonentzako eskabideak: 10 puntu gehienez.
1. Langabeentzako prestakuntza-eskaintzaren 2018ko deialdian parte hartu duten emakumeak, emakume gutxi dauden lanbide-arlo batzuetan: 6 puntu gehienez.
Emakume gutxi dauden lanbide-arloetan, zenbat eta handiagoa emakumeen ehunekoa, positiboagoa balorazioa. Honako lanbide-arlo hauetan emango da balorazio positiboa emakumeen ehunekoa handia izateagatik: AFD, AGA, ELE, ENA, EOC, FME, IEX, IFC, IMA, IMS, INA, MAM, QUI, SAN, SEA, TMV.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak onartutako deialdiari dagokionez, datu hauek beraren datu-basetik ateratzen dira ofizioz.
Beste administrazio publiko batzuen deialdiei dagokienez, entitate eskatzaileak 6. artikuluaren 3.2.b) apartatuan aipatutako ziurtagiria aurkeztu beharko du.
2. Desgaitasunen bat duten pertsonentzat soilik diren prestakuntza-ekintzak: 4 puntu.
4 puntu jasoko dituzte desgaitasunen bat duten pertsonentzat soilik diren prestakuntza-ekintzen eskabideek.
Osagarritasuna beste enplegu-politika aktibo batzuekin: 18 puntu gehienez.
1. Enpleguaren sustapenarekin: 9 puntu gehienez.
1.1. Prestakuntza-entitateek kudeatu eta hartu dituzten pertsonen kopurua, zeinen kontratua Lehen Aukera programaren deialdietan diruz lagundu baita: 3 puntu gehienez.
Deialdi honetan, entitate bakoitzak hartutako pertsonen kopurua eta kudeatutako pertsonen kopurua batuko dira, hain zuzen ere Lehen Aukera programaren 2015, 2016, 2017, 2018 eta 2019ko deialdietako dirulaguntzei esker kontratatu direnen kopurua.
1.2. Prestakuntza-entitateek sustatutako laneratze-enpresetan 2021eko abenduan laneratze-prozesuan egon diren pertsonen kopurua: 3 puntu gehienez.
1.3. Prestakuntza-entitateek sustatutako enplegu-zentro berezietan 2021eko abenduan kontratatuta egon diren pertsona desgaituen kopurua: 3 puntu gehienez.
2. Laneratzearekin: 9 puntu gehienez.
2.1. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin lankidetzan orientazio profesionaleko ekintzak eta zerbitzuak egiteko 2021-2023 aldiko laguntzen deialdian onuradunak izan diren prestakuntza-entitateak (deialdia Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren 2021eko maiatzaren 26ko ebazpen baten bidez argitaratu zen): 3 puntu.
2.2. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin lankidetzan enplegu-zentroen jarduera egiteko 2021-2022 aldiko laguntzen deialdian onuradunak izan diren prestakuntza-entitateak (deialdia Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren 2021eko ekainaren 16ko ebazpen baten bidez argitaratu zen): 3 puntu.
2.3. 2021eko abenduaren 31n kolokazio-agentzia gisa baimendutako zentroa eduki duten entitateak: 3 puntu gehienez.
Honako hauek izan daitezke prestakuntza-ekintza bakoitzean parte hartzeko hautagaiak:
Enplegu-eskatzaileak (eta diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen dutenak), baldin eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Orientazio Zerbitzuek prestakuntza-ekintza egiteko agindu badiete haien prestakuntza-ibilbidearen barruan.
Nire Lanbidenet-en bitartez ikastaro batean izena eman duten enplegu-eskatzaileak, beren prestakuntza-kontuko prestakuntza-aholkularitzaren bidez.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak deitutako enplegu-eskatzaileak, prestakuntza-aholkularitzako edo ebaluazioko prozesu baten ondoren agindu zaien prestakuntza egiteko, lan-esperientziaren edo prestakuntzako bide ez-formalen bitartez eskuratutako konpetentzia profesionalak ebaluatzeko eta egiaztatzeko prozeduran.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak deitutako enplegu-eskatzaileak, lan-merkatuan eskaria duen profesionaltasun-ziurtagiri baten egiaztapena osatzeko falta dituzten prestakuntza-moduluez eratutako prestakuntza-ekintza bat egiteko.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan izena emanda ez dauden landunak, baldin eta Lanbideren sareko bulegoren batean eskaera aurkeztu badute, edo eskaera erakunde autonomo horren webgunean bete badute (www.lanbide.euskadi.eus). Prestakuntza-ekintzak, haietan izena emateko epea eta eskatzaileek bete behar dituzten sarbide-baldintzak adieraziko dira webgunean, bai eta prestakuntza-ekintza bakoitzaren xehetasunak eta ezaugarriak ere.
Profesionaltasun-ziurtagiriak lortzeko prestakuntza-ekintzetan parte hartu nahi duten emakumeek profesionaltasun-ziurtagiriak arautzen dituen urtarrilaren 18ko 34/2008 Errege Dekretuaren 20. artikuluan xedatutako baldintzak bete behar dituzte, lanbide-kualifikazioaren 2. eta 3. mailetarako. Era berean, prestakuntza-espezialitateen katalogoan jasotako prestakuntza-espezialitateren bateko prestakuntza-ekintzetan parte hartu nahi dutenek katalogoan espezialitate bakoitzerako ezarritako sarbide-baldintzak bete behar dituzte.
Ikastaroetan parte hartuko duten ikasleen azken hautaketa entitate onuradunak egingo du, aurrez izena eman duten hautagaien artean. Horretarako, prestakuntza emango duen entitateak sarbidea izango du inskribatutako hautagaien datuetarako Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren prestakuntza-kudeaketarako aplikazioaren bidez (LAN-F). Entitateak prestakuntza-ekintzak hasi aurretik egingo du hautaketa-prozesua, eta behar diren bermeekin.
Behar duten prestakuntza-ekintza guztietan hautaproba bat ere egingo da aurretik, ekintza baliagarria dela ziurtatzeko eta ekintza kualifikatzaileen helburuak lortzeko behar diren ezinbesteko ezagueren maila finkatzeko, honako printzipio hauekin bat etorriz.
Aurretik Lanbideko teknikariekin adostu behar da.
Beraren xedea izango da prestakuntzari etekina ateratzeko behar diren gutxieneko ezagutzak modu objektiboan ebaluatzea.
Prestakuntza-zentroko instalazioetan egingo da. Inolaz ere ez da onartuko ezagutza-probatzat elkarrizketa egitea telefonoz edo prozedura telematiko baten bidez.
Hautaketaren aurreko hautaproba ez da berez hautaketako prozedura. Izan ere, gainditzen duten parte-hartzaileak artikulu honen 5. puntuan ezartzen den lehentasunen hurrenkeran hautatuko dira.
Prestakuntzaren xedea profesionaltasun-ziurtagiria bada, ziurtagiri horren gaitasunen bat gainditu duten pertsonek ez dute egin beharko proba, eta maila bereko edo goragoko mailako lanbide-arlo bereko ziurtagiria dutenek ere ez.
Proba hori LanF aplikazioaren atal egokian erantsiko da, prestakuntza-ekintzak burutzeko ematen diren jarraibideen arabera.
Prestakuntza-ekintzetako parte-hartzaileak aukeratzeko hautaproba hori egin eta gero, eta etengabeko prestakuntza sustatze aldera, honela jokatuko da.
Profesionaltasun-ziurtagiri oso bat ematen bada, 6.4 artikuluan ezarritakoaren arabera bereizi gabe, egiaztatutako prestakuntza-modulurik ez duten pertsonek bakarrik parte hartu ahalko dute. Nolanahi, enplegu eta prestakuntzako bideak erraztu beharrez, eta langabeen nahiz lanean ari direnen garapen profesionala eta pertsonala landu beharrez, moduluren bat egiaztatuta daukatenei ere utzi egingo zaie prestakuntza-ekintzan parte hartzen (Lanbideko teknikariek aldez aurretik baimena ematen badute), baldin eta modulua zeharkakoa bada eta profesionaltasun-ziurtagiriak bere prestakuntza-bidean aurrera egiten badu, lanbide-arlo berean.
Modulutan banatutako profesionaltasun-ziurtagiri bat programatzen denean, 6.4 artikuluaren arabera, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak profesionaltasun-ziurtagiria osatzen duten prestakuntza-ekintzen multzoa zerbitzuen eskaintza bakar baten bidez iragarriko du, prestakuntza-bidea osatzen duten ekintzetako edozeinetan parte hartzeko hautagaien poltsa bat sortzeko. Prestakuntza-ekintzan izena emateko epea bukatzen denean, hautagai bakoitzaren prestakuntza-kontua kontsultatu ondoren, taldeka elkartuko dira hautagaiak, ziurtagiria osatzen duten moduluei dagozkien prestakuntza-ekintzetan. Honela egingo da prestakuntza-ekintza bakoitzeko parte-hartzaileen azken hautaketa:
Profesionaltasun-ziurtagiriaren lehen moduluari dagokion lehen prestakuntza-ekintzan, egiaztapen partzial metagarririk ez duten pertsonak % 50 izango dira, gutxienez. Gainerakoak profesionaltasun-ziurtagiriaren moduluren bat egiaztatuta duten pertsonak izango dira, eta lehen prestakuntza-ekintza hori soilik falta zaienei emango zaie lehentasuna. Parte-hartzaileen bi tipologia horietako batean hautagai nahikorik ez badago, adierazitako ehunekoa aldatu ahal izango da, eskatzaileen ezaugarrien arabera, taldea osatu arte.
Gainerako prestakuntza-ekintzetan, dena delako ekintzaren aurreko modulua bukatu duten eta prestakuntza-ekintza hori egin nahi duten pertsonek izango dute lehentasuna. Horien ondoren, prestakuntza-ekintzako modulu hori soilik gelditzen zaien pertsonek izango dute lehentasuna, prestakuntza-ibilbidea bukatu eta, horrela, profesionaltasun-ziurtagiria lortu dezaten. Azkenik, gainerako pertsonak sartuko dira, eskuratu dituzten egiaztatutako modulu-kopuruaren arabera ordenatuta, eta profesionaltasun-ziurtagiria lortzetik gertuen daudenei lehentasuna emanez.
Prestakuntza-modulu solteak programatu badira, egiaztatutako prestakuntza-moduluren bat duten pertsonek izango dute lehentasuna prestakuntza-ekintzan parte hartzeko, beren prestakuntza-ibilbidea osa dezaten. Horien artean, lehentasuna izango dute profesionaltasun-ziurtagiriko gainerako moduluak gaindituta dituzten pertsonek.
Nahikoa emakume aritzen ez diren jarduera-arloei lotutako profesionaltasun-ziurtagirietan, lehentasuna izango dute emakumeek. Deialdi honen ondorioetarako, nahikoa emakume aritzen ez diren jarduera-arlotzat hartzen dira lanbide-arlo hauetako prestakuntza-ekintzak: AFD, AGA, ELE, ENA, EOC, FME, IEX, IFC, IMA, IMS, INA, MAM, QUI, SAN, SEA, TMV.
Prestakuntza-ekintzara sartzeko eskakizunak betetzen dituzten eta, aurreko atalean deskribatu bezala, dagokien hautaproba gainditzen duten langabeen artean, kolektiboen araberako lehentasun batzuk ezarri dira, hurrenkera honetan:
Lehenik, eta lehentasun-maila berean, lan-merkatuan sartzeko zailtasun bereziak dituzten pertsonak:
Kualifikazio-maila baxua duten pertsonak.
30 urtera arteko gazteak, luzaroko langabeak, 45 urtetik gorakoak eta desgaitasuna duten pertsonak.
Gizarteratzeko Errenta Aktiboaren (GEA) eta Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren (DSBE) onuradunak, eta langabezia-sorospen bereziaren (LSB) hartzaileak.
Terrorismoaren eta genero-indarkeriaren biktimak.
Arrazoi ekonomikoak, teknikoak, antolakuntzakoak edo ekoizpenekoak tarteko edo ezinbesteko kausen ondorioz aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteen, lan-kontratuaren etenduren edo lanaldi-murrizketen eraginpean dauden langileek; horiek langabetzat joko dira ondorio horietarako.
Aukeraberri programan (krisian dauden sektoreetako langileak birkualifikatu eta birkokatzeko) parte hartzen dutenak ere; programa 2021eko uztailaren 13ko bileran onartu zuen Lanbideko Administrazio Kontseiluak.
Emakumeen ehunekoa langabeen artean duten pisuaren proportziozkoa izan behar da. Beraz, emakumeak langabeen % 55 direnez gero, prestakuntza-taldean ere emakumeak gutxienez % 55 izan behar dira, ahal dela.
Bigarrenik, gainerako langabeak, oro har.
Landunek, lehentasunezkoak ez direnez, ikastaroan parte hartzeko baldintzak betetzen dituzten langabe nahikorik ez egoteagatik plaza hutsak daudenean bakarrik parte hartu ahal izango dute.
Pertsona batek ezin izango ditu bi ikastaro batera egin, ikastaroan sartzeko baldintzak betetzen dituen beste norbaiten eskaera jaso bada.
Hautaketa bukatu ondoren, entitate onuradunek hautaketaren emaitza jakinaraziko diote Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari LanF kudeaketarako aplikazio informatikoaren bidez, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak berariaz emandako jarraibideak aintzat hartuz.
Hautatuak izan direnen zerrenda eta erreserba-egoeran gelditzen direnen zerrenda erakutsi behar dituzte prestakuntza-entitateek beren instalazioetan, prestakuntza-ekintzak abiarazi baino 24 ordu lehenago gutxienez, hautagaiei aldez aurretik adierazi zaien leku batean. Hor, zehaztuta egon behar du non, zer egunetan eta zer ordutan hasiko diren prestakuntza-ekintzak.
Aurrekoa eragotzi gabe, prestakuntza-zentroek egoki iritzitako bestelako bitartekoak erabili ahal izango dituzte ikasleei ikastaroetan parte hartuko dutela jakinarazteko.
Prestakuntza-ekintzak doakoak dira ikasleentzat, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak eta Europako Gizarte Funtsak diruz lagunduko dituzte.
Ikasleek aseguru-estaldura izango dute ikastaroetan eta, behar denean, enpresako prestakuntza praktikoan, bai eta haietara joateko bidean dituzten arriskuetarako, istripuak eta erantzukizun zibila estaltzeko poliza sinatuko baitu Eusko Jaurlaritzak.
Parte-hartzaileek, lehen eskola-egunean, ikastaroaren egutegia, prestakuntza-ekintzaren programa eta ikasleen eskubide eta betebeharrei buruzko dokumentua jasoko dituzte, eta jaso izanaren dokumentua sinatuko dute.
Ikasleek modu jarraituan joan beharko dute eskoletara, eta prestakuntza-ekintzei probetxua atera beharko diete. Hori bermatzeko, entitate onuradunak eguneroko bertaratze-partea egin beharko du, eta irakasleak eta parte-hartzaileek sinatu beharko dute. Profesionaltasun-ziurtagirien kasuan, eguneroko parte hori bereiz egingo da prestakuntza-modulu bakoitzeko.
Ikasleek ezin izango dute ikastaro batean baja eman beste prestakuntza-ekintza bat hasteko. Ezin izango dute jarduera utzi harik eta bukatzen den arte, honako kasu hauetan izan ezik: enplegua aurkitu badute, eta horrek prestakuntza-ekintzara joatea eta probetxua ateratzea galarazten badie, edo bat-bateko familia-egoera larriren bat sortzen bazaie. Jarduera justifikaziorik gabeko beste arrazoiren batengatik utziz gero, gerta liteke pertsona hori lehentasunezkoa ez izatea etorkizuneko deialdietako prestakuntza-ekintzetan.
Honako hauek izango dira ikasleak baztertzeko arrazoiak:
Justifikatu gabeko hiru hutsegite baino gehiago egitea hilean.
Prestakuntza-ekintzaren iraupen osoaren % 25etik gorako hutsegiteak biltzea, arrazoia edozein dela ere, justifikatuta egon zein ez.
Prestakuntza-ekintzari probetxurik ez ateratzea, edo ekintza behar bezala egitea eragozten duen jokabide desegokia izatea, osasun- eta higiene-arauak ere kontuan hartuta.
Hau izango da ikasleak baztertzeko prozedura:
Prestakuntza-zentroak prestakuntzako teknikariari jakinaraziko dio baztertzeko arrazoietako bat gertatu dela, horretarako ezarri den eredua erabiliz. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak arrazoi hori aztertuko du, eta ontzat ematen badu, Enplegurako Lanbide Heziketako zuzendariak baztertzeko prozedura hasteko erabakia argitara emango du. Erabakian, ikaslea baztertzeko proposamenaren arrazoia azalduko da, eta ikasleak bost egun balioduneko epea izango du alegazioak aurkezteko. Enplegurako Lanbide Heziketaren zuzendariak gehienez hamabost egun balioduneko epean ebatziko du prozedura. Egoerak eskatzen badu, behin-behineko neurriak har daitezke baztertze-prozedurari ekiteko erabakian, prestakuntza-jardueraren jarraipen egokia bermatzeko. Neurri horietako bat izan daiteke ikaslea behin-behinean baztertzea, erabakia jakinarazten zaionetik prozedura ebazten den arte. Ebazpenean adieraziko da zer errekurtso aurkeztu daitekeen.
Aste batean ikasle baten hutsegiteak prestakuntza-ekintzaren ordu-kopuruaren % 25 baino gehiago badira, edo justifikatu gabeko hiru hutsegite baino gehiago egiten baditu hilean, eta ikasleak ekintzara joaten jarraitzen badu, prestakuntza-zentroak horren berri emango dio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Lanbide Heziketako Zuzendaritzari, ikaslea baztertzeko prozedura has dezan. Modulu oso bat geratzen bada egiteko, eta % 25etik gorako huts egiteak arrazoi justifikatu batengatik gertatu badira (adibidez, gaixotasuna edo lanean hastea), pertsona horrek geratzen den modulua egiteko aukera izatea aztertu ahal izango da.
Ikasle batek prestakuntza-ekintzara joateari uzten badio eta asistentzia-falten % 25 gainditzen baldin badu, zentroak egoera horren berri emango dio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari, eta ofizioz emango zaio baja, baztertze-prozedura erabili beharrik gabe.
Dirulaguntzaren onura jasotzen duen entitateak prestakuntza-ekintzak egin beharko ditu deialdi honetan ezarritakoari jarraikiz eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ematen dituen ereduen arabera, eta erakunde autonomo horren prestakuntzarako aplikazio informatikoa (Lan-F) baliatu beharko du jakinarazteko prestakuntza-ekintza bakoitza hasi dela (hasera-eguna baino 7 egun baliodun lehenago gutxienez), geroago gertatzen diren aldaketa guztiak (gertatu eta berehala), eta amaitu dela. Halaber, parte-hartzaileen asistentzia kontrolatuko du. Oro har, eta aurkako jarraibiderik ematen ez bada, gehienez ere 7 egun balioduneko epealdiaren barruan egin beharko zaizkio jakinarazpenak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari. Prestakuntza-ekintzak ezingo dira hasi aurretik Lanbidek ez badu Lan-F aplikazioan Hasierako komunikazioa baimentzen.
Beharrezkoa da deialdi honetan onartutako prestakuntza-plana benetan gauzatzea. Ildo horretan, prestakuntza-ekintza bat gutxienez 15 egunez iragarri bada, eta prestakuntza hasteko gutxieneko talde bat osatzeko interesdun nahikorik ez badago, entitateak eskatu ahal izango du ekintza hura aldatzeko, 5.3.2 artikuluan adierazitako I. eranskineko dirulaguntza-lerro handi bakoitzeko arlo bereko edo arlo-talde bereko espezialitate bateko prestakuntza-ekintza baten bidez, hau da, arloek/arlo-taldeek eta lurraldeek osatutako 45 lerroak, mailen araberako banaketa kontuan hartu gabe. Prestakuntza-ekintza berriak ordezten duen ekintzaren kostu bera edo txikiagoa eduki beharko du.
Enplegurako Lanbide Heziketaren zuzendariak gehienez 10 egun balioduneko epealdiaren barruan ebatziko du prozedura. Epealdi horretan ebazpenik ematen ez bada, eskabidea baietsitzat jo ahal izango da.
Arrazoi horrengatik ordeztu daitezkeen prestakuntza-ekintzak inolaz ere ezin dira izan entitateari onartutako prestakuntza-ekintzen % 30 baino gehiago.
Profesionaltasun-ziurtagiri osoa emateko dirulaguntza eman bada, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ziurtagirian jasotako moduluak bezainbeste prestakuntza-ekintzatan bereizi ahal izango du, baldin eta dirulaguntzaren eskabidean jasota badago entitateak horretarako baimena eman duela, 6.4 artikuluan xedatutakoaren arabera. Prestakuntza-ekintzek lotuta jarraituko dute, eta, ekintza horiek gauzatzeko, baldintza hauek bete beharko dira:
Modulu bakoitza banaka egin eta justifikatuko da.
Moduluak profesionaltasun-ziurtagirian ezarritako ordenan eman beharko dira.
Modulu batean hasten diren pertsonei modulu guztietan parte hartzea bermatu behar zaie, prestakuntza-ibilbidea osatu ahal izateko.
Horietaz gain, entitateak beste parte-hartzaile batzuk sartu ahal izango ditu modulu bakoitzean, baldin eta haietan sartzeko eskakizunak betetzen badituzte, 10.4.2 artikuluan araututako hautaketa-prozesuaren arabera.
Entitateak praktikak nahitaez eskaini behar dizkie modulu bat edo bat baino gehiago egiten dituzten pertsonei, baldin eta modulu horiekin profesionaltasun-ziurtagiria amaitzen badute.
Deialdi honen babesean diruz lagundutako prestakuntza ematen duten prestatzaileek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren baimena eduki beharko dute, eta prestatzaileen fitxategian sartu beharko dira, indarrean dagoen araudian ezarritako baldintzen arabera.
Dirulaguntza jasotzen duten ikasleez gain, beste bi joan daitezke prestakuntza-ekintzara, dirulaguntza jasotzeko eskubiderik gabe, hasierako komunikazioan hartarako eskabidea egiten duten prestakuntza-entitateetan, betiere instalazioak eta ekipoak badituzte eta ikasle guztiek baldintza berak edukitzea bermatzen bada. Erabilgarri diren instalazioak eta ekipoak egiaztatutakoan emango da baimena; profesionaltasun-ziurtagirien kasuan, eskatutako parte-hartzaileen kopurua ere egiaztatuko da.
Langile langabeek ezingo dituzte egunean 8 ordu baino gehiago eman prestakuntza-ekintzetan. Nolanahi ere, astean ez dira egingo 40 ordu baino gehiago. Behar denean, muga horien barruan sartuta egongo dira profesionaltasun-ziurtagiri bakoitzari dagokion lantokiko prestakuntza praktikoko moduluaren orduak, edo profesionaltasun-ziurtagiriez kanpoko ekintzen praktikak.
Prestakuntza-entitateak prestakuntza-ekintzak arrazoizko ordutegietan programatzen saiatu beharko dira, batez ere pertsona kalteberentzat direnak, prestakuntza eta bizitza pertsonala uztartzeko aukera eduki dezaten.
Prestakuntza-ekintza hasitakoan, erregulartasunez emango da, eta prestakuntza-entitateak ezin izango du aldi baterako eten, ezinbesteko kasuan izan ezik, behar bezala justifikatuta eta Lanbidek onartuta.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak prestakuntza-ekintza bat kautelaz eten ahal izango du, baldin eta prestakuntza emateko ohiko garapenean eragin nabarmena duten anomaliak hautematen badira.
Ikastaroaren hasieran, entitate onuradunek gutxienez material hau emango diote prestakuntza-ekintzetan parte hartzen duen bakoitzari:
espezialitatearen eduki guztiak biltzen dituen eskuliburu bat, argitaratua edo euskarri informatikoan,
ikastaroa zuzen gauzatzeko beharrezkoa den idazmahaiko materiala eta
behar diren babes-elementuak.
Era berean, zer eskubide eta betebehar dituzten azalduko diete ikasleei, bai eta 11. eta 12. artikuluetan araututako kanporatzeko arrazoiak eta prozedurak ere.
Ikasleren batek prestakuntza-ekintza uzten badu, haren lekuan beste parte-hartzaile bat sartu ahal izango da. Prestakuntza-jardueraren iraupenaren ehuneko 25era iritsi baino lehen onartuko da ordezte hori, salbu eta profesionaltasun-ziurtagiriei loturiko prestakuntza-jarduerak badira; kasu horretan, ordeztea prestakuntza-jarduera hasi eta lehen bost eskola-egunetan gertatzen bada onartuko da soilik, betiere ehuneko hori gainditu ez bada.
Hasita dagoen prestakuntza-ekintza batean sartzen diren ikasleek maila nahikoa bat izan beharko dute, hartara ikastaroa normaltasunez gauzatzea oztopatu gabe hari jarraitzeko eta etekina ateratzeko gai izan daitezen. Hala, bada, prestakuntza-ekintzari etekina ateratzeko eta ekintza normaltasunez garatzeko, parte-hartzaileen hautaketa-prozesuak irizpide batzuk ezarri beharko ditu, ikasleek prestakuntza-ekintza behar bezala jarraitzeko gutxieneko maila eskagarria dutela bermatze aldera.
Prestakuntza-jardueran parte hartzen duten langabeei dagokienez, batez ere langabeziako prestazioa edo subsidioa edo diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen badute, prestakuntza emateko ardura duten entitate onuradunek berehala eman beharko diote Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari parte-hartzaileen ukoen, ez-bertaratzeen eta uzteen berri, gertaera horiek zergatik gertatu diren zehaztuta.
Prestakuntzaren helburua ez bada profesionaltasun-ziurtagiriak eskuratzea, parte-hartzaile bakoitzari asistentzia-ziurtagiria edo diploma emango zaio, prestakuntza gainditu badu eta ebaluazioa positiboa izan bada, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ezarritako ereduaren arabera. Dokumentu horretan honako datu hauek adieraziko dira gutxienez: prestakuntza-ekintzaren izena, prestakuntza-edukiak, zer modalitatetan eman den, zer egunetan hasi eta amaitu den, eta ikasleak guztira jaso dituen prestakuntza-orduak.
Prestakuntzaren xedea profesionaltasun-ziurtagiriak lortzea bada, ikasleak egiten duen modulu bakoitza ebaluatuko da, ikasketaren emaitzak eta, horrenbestez, lanbide-gaitasunak eskuratu direla egiaztatzeko.
Ebaluazioa sistematikoki egingo da, aldez aurreko plangintza bati egokituta, eta bertan jasoko dira, gutxienez, modulu bakoitzerako, hura egiteko aurreikusitako egunen aurreikuspena, zein tokitan egingo den, erabiliko diren ebaluazio-tresnak, eta horien aplikazioak iraungo duen denbora (LanF aplikazio informatikoan emandako ereduaren arabera). Ebaluazio-tresna horiek eta parte-hartzaile bakoitzak egindako probak eskaneatuko dira, eta aplikazio informatikoan gordeko dira.
Prestakuntza-moduluetan egiaztatu beharreko ikaskuntzaren emaitzak haien gaitasunetan eta ebaluazio-irizpideetan jasotako ezaguerei eta trebetasun praktikei dagozkienak izango dira; horrela, osotasunean, gaitasun profesionalak eskuratu direla egiaztatu ahalko dute.
Gaitasun-unitateen egiaztapena jasotzeko, emaitza positiboarekin gainditu beharko dituzte haiekin lotutako prestakuntza-moduluak, «gai» diren adierazita.
Prestatzaileek dokumentu bidez islatuko dituzte txosten batean prestakuntza-modulu bakoitzaren ebaluazioan ikasleek lorturiko emaitzak, eta bertan bilduko da aplikaturiko ebaluazio-tresnetan ikasle bakoitzak izandako jarduna, egindako zuzenketekin eta horietan lorturiko puntuazioekin (LanF aplikazio informatikoan emandako ereduaren arabera).
Modulua eman eta gero, ebaluazio-akta bete beharko da LanF aplikazio informatikoaren bidez, parte-hartzaile bakoitzak lortutako emaitzarekin: «gai», «gai, egiaztaezina» edo «ez gai».
Lantokiko prestakuntza praktikoko modulua egiten den bitarteko ikasleen jarraipena eta ebaluazioa batera egingo dituzte prestakuntza-zentroak eta enpresak izendatutako tutoreek. Modulu hori gainditzen duten ikasleek ziurtagiri bat jasoko dute LanF aplikazio informatikoaren bitartez.
Ikastaroa bukatutakoan gainditutako prestakuntza-moduluei dagokien egiaztapen partzial metagarria (EPM) emango zaie parte-hartzaileei, eta, hura osotu badute, profesionaltasun-ziurtagiria lortzeko prozedura hasiko da.
Ikasleak emaitza negatiboekin bukatzen badu ikastaroa, bertaratze-ziurtagiri bat emango zaio eta, behar izanez gero, gainditu dituen prestakuntza-moduluen egiaztapen partzial metagarriak edo prestakuntza-modulu baten barruan zer prestakuntza-unitate gainditu dituen zehazten duen ziurtagiria ere bai.
Profesionaltasun-ziurtagiriei dagozkien prestakuntza-ekintzak ematen dituen entitateak honako datu edo agiri hauek sartu beharko ditu Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren LanF aplikazioan:
Ikastaldia hasi aurreko 7 egun baliodunetan:
Ebaluazioaren plangintza, Lanbidek ezarritako ereduaren arabera (Lan-F informatika-aplikazioan eskuratu ahal izango da).
Erabiliko diren ebaluazio-tresnak, eta horiek zuzentzeko eta puntuatzeko euskarriak.
Ikastaroa bukatu ondoko 7 egun baliodunetan:
Ikasleen emaitzak biltzen dituen dokumentazioa LanF aplikazioan, Lanbidek ezarritako ereduaren arabera (LanF aplikazio informatikoan eskuratu ahal izango da).
Ebaluazio-aktak, beteta.
Dirulaguntzen prestakuntza-entitate onuradunek zuzenean egingo dituzte prestakuntza-ekintzak, eta ezin izango dute hirugarrenik azpikontratatu horretarako. Horretarako, onuradunak diruz lagundutako prestakuntza emateko irakasleak kontratatzea ez da azpikontrataziotzat hartuko. Pertsona fisikoak kontratatzea baino ez da hartuko irakasleak kontratatzetzat.
Prestakuntzaren helburua profesionaltasun-ziurtagiriak lortzea ez bada, lanekoak ez diren praktika profesionalek ezingo dute iraun, oro har, 200 ordu baino gehiago, eta prestakuntza-ekintza amaitu osteko bi hilabeteetan hasi beharko dira gehienez. Epealdi hori 3.5 artikuluak ezartzen denak baldintzatzen du.
Prestakuntzaren helburua profesionaltasun-ziurtagiria lortzea bada:
Praktiken iraupena eta edukia bat etorriko dira lantokiko prestakuntza praktikoko moduluarekin, profesionaltasun-ziurtagiria arautzen duen Errege Dekretuaren II. eranskinean ezarritakoaren arabera. Enpresak uste badu iraupena eta eduki horiek nahikoak ez direla, praktikaldia luzatu ahal izango du lanez kanpoko praktikaren akordio osagarri baten bitartez. Nolanahi ere, praktikaldi biek batera ezingo dute gainditu 200 orduko iraupena.
Prestakuntza-entitateek lantokiko prestakuntza-modulu praktikoa egitea aurreikusi beharko dute, ikasten ari diren moduluarekin lotutako lanetan, ikastaroetan parte hartzen duten ikasle guztientzat (salbuespenak: urtarrilaren 18ko 34/2008 Errege Dekretuak, profesionaltasun-ziurtagiriak arautzen dituenak, 5.bis artikuluan xedatzen dituen salbuespen-egoera batean dauden ikasleak).
Lehentasunez, lanbide-praktikak gainerako prestakuntza-moduluak bukatutakoan egingo dira, aurrekoak emaitza positiboarekin gainditu badira, betiere; horrela, azken prestakuntza-modulua bukatzen denetik lau hilabete igaro baino lehen hasi behar dira lanbide-praktikak. Epealdi hori 3.5 artikuluak ezartzen denak baldintzatzen du.
Salbuespenez eta justifikatuta baldin badago, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak baimena eman ahal izango du lanbide-praktikak gainerako prestakuntza-moduluekin batera egin ahal izateko. Prestakuntza-ekintza emaitza positiboekin gainditu duten ikasle guztiek egin ahal izango dute prestakuntza praktikoko modulua lantokian, haien lan egoera administratiboa gorabehera (landuna zein langabea).
Praktikak prestakuntza-ekintza egiten ari diren bitartean hasi dituzten eta azken emaitza negatiboa lortzen duten ikasleek praktiketan jarraitzeko aukera izango dute. Prestakuntza-ekintza uzteak, berriz, hari lotutako lantokiko prestakuntza-modulu praktikoa amaitzea ekarriko du.
Profesionaltasun-ziurtagiri osoa ematen ez bada, lanekoak ez diren praktikak egin ahal izango dira, baina ez lantokiko prestakuntza-modulua, langileak gainerako prestakuntza-moduluak egiaztatuta izan ezean.
Lanekoak ez diren praktikak egiteko, enpresaren eta prestakuntza-erakundearen arteko akordio bat sinatuko da, eta akordio horren berri emango zaio praktikak egingo dituen pertsonari. Akordio horretan, hauek azaldu beharko dira: praktiken edukia, iraupena, praktikak egiteko tokia eta ordutegia, eta praktiken jarraipena eta ebaluazioa egiteko tutoretza-sistema. Praktikak hasi baino lehen, enpresako langileen legezko ordezkariei emango zaie akordio horren berri. Baldintza hori bete den egiaztatzeko, langileen legezko ordezkariek akordioari buruzko informazioa jaso dutela adierazteko agiria erantsi beharko da (eredu ofiziala erabili beharko da horretarako, LanF aplikaziotik hartuta). Gainera, parte hartzen duten ikasleen zerrenda ere erantsi beharko da.
Praktikak, behar bezala justifikatutako arrazoirik ez bada, Euskal Autonomia Erkidegoko lantokietan egin beharko dira, Enplegurako Lanbide Heziketaren zuzendariak baimena eman ondoren.
Ikasleek ezin izango dute kontratu-harremanik izan praktikak egingo diren enpresa, instituzio edo erakunde publiko edo pribatuarekin, Lanbidek horretarako baimena eman ezean.
Praktiken eguneko lanaldia ezin izango da 8 ordutik gorakoa izan.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak praktiken akordioa baliozkotzea ezinbesteko baldintza da, eta lantokietako prestakuntza-modulua hasi aurretik egin behar da. Hori betetzen ez bada, nahitaezko baimena ez duten praktikak baliogabetu ahal izango dira.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, prestakuntza ematen duen zentroarekin lankidetzan, prestakuntza-ekintzen jarraipena eta kontrola egingo ditu. Hori eskakizunak eta alderdi formalak betetzen direla egiaztatzeaz eta prestakuntzaren emaitzez harago doan lana da, eta kalitatea bermatzeko balio izango du.
Jarduketa-plan bat ezarriko da deialdian ezarritako baldintzak betetzen diren eta prestakuntza-planak erregulartasunez gauzatzen diren egiaztatzeko eta, beharrezkoa izanez gero, bidezko neurri zuzentzaileak ezartzeko. Jarduketa horiek barnean hartuko dute prestakuntza-jardueraren jarraipena, ematen den tokian eta toki horretatik kanpo, diruz lagundutako prestakuntza-ekintzak egiten diren bitartean edota amaitu ondoren, dokumentuen bidez eta frogagiri fisikoen bidez.
Batasunaren arautegian ezartzen den bezala, eta prestakuntza-entitateak egiaztatzea arautzen duen arautegiarekin bat etorriz, plan horretan in situ egiaztapen-bisitak sartuko dira Europako Gizarte Funtsaren finantzabideen baldintzak betetzen direnez egiaztatzeko eta inskripzioa edo egiaztapena egiterakoan zentroak egiaztatu zituen baldintzak mantentzen diren ikusteko.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak deialdi honen kalitatea ebaluatuko du, kontuan hartuta ikasleek berek betetako galdetegietatik lortutako batez besteko emaitzak, enplegurako prestakuntza-ekintzen kalitatea ebaluatzeko galdetegiak argitaratzen dituen Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren 2009ko apirilaren 27ko Ebazpenean xedatutakoaren arabera (2009ko ekainaren 11ko BOE).
Horretarako, dirulaguntzen onuradunek burutzen duten prestakuntzaren kalitatea ebaluatu eta kontrolatu beharko dute, prestakuntza-planean jasotako prestakuntza-ekintzak kudeatzeko jarduketen artean.
Edonola ere, prestakuntza-ekintza bakoitza amaitu aurretik, parte-hartzaileek kalitateari buruzko galdetegia bete beharko dute; oro har, prestakuntza egiaztagarriko ekintza guztietan, amaierako azterketa egitean emango zaie, baita egiaztagarria ez den baina amaierako azterketa egitea eskatzen duen prestakuntzaren kasuan. Gainerako prestakuntza-ekintzetan, ikastaroaren azken bi egunetan beteko da galdetegia.
Galdetegiak telematikoki beteko dituzte ikasleek. Ikastaroa ematen duen entitatearen ardura da ziurtatzea kalitateari buruzko galdetegia ekintza amaitu duten ikasleek betetzen dutela; horretarako, parte-hartzaileen eskura jarriko dituzte beharrezko baliabideak, diruz lagundutako ikastaroa amaitzen duten ikasleek galdetegia bide telematikoz betetzea ahalbidetzeko. Parte-hartzaileen % 67k baino gutxiagok erantzuten badiote galdetegiari, dirulaguntzaren likidazioa 18.3 artikuluan adierazten den bezala egingo da.
Emandako dirulaguntza lau ordainketatan ordainduko da, eskatu eta gero, honela:
Lehen ordainketa, 2022ko ordainketa-kredituaren kargura, prestakuntza-planaren dirulaguntza guztiaren % 25, lehen prestakuntza-ekintzaren hasieraren jakinarazpena jaso ondoren.
Bigarren ordainketa, 2023ko konpromiso-kredituaren kargura, prestakuntza-planaren dirulaguntza guztiaren % 25, prestakuntza-planeko prestakuntza-ekintzen % 40 gutxienez hasitakoan. Hau 2023ko ekitaldian eskatu beharko da.
Hirugarren ordainketa, 2023ko konpromiso-kredituaren kargura, prestakuntza-planaren dirulaguntza guztiaren % 25, prestakuntza-planeko prestakuntza-ekintzen % 60 gutxienez hasitakoan. Hau 2023ko ekitaldian eskatu beharko da.
Laugarren ordainketa, 2024ko konpromiso-kredituaren kargura, prestakuntza-planaren dirulaguntzaren gainerakoa, prestakuntza-ekintza guztiak amaitutakoan, lanekoak ez diren praktikak barne, diruz lagundutako jarduerak justifikatu ondoren.
Ordainketa aurreratuen zenbatekoa, banaka edo aurreko ordainketekin batuta, 180.303,63 eurotik gorakoa bada, dirulaguntzaren onuradun den entitateak Lanbiden aurkeztu beharko du, ordainketa egin aurretik, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusian zenbateko aurreratua estaltzeko bermea, abala edo fidantza eratu delako frogagiria.
Administrazioak laguntzak ordaindu ahal izan ditzan, entitate eskatzailea Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren Hirugarrenen Erregistroan agertu behar da.
Entitatea ez badago erregistratuta, edo Ekonomia eta Ogasun Sailaren hirugarrenen erregistroko banku-datuak aldatu nahi baditu, inprimakia bete beharko du hemen adierazitako ereduaren arabera: http://www.euskadi.eus/contenidos/autorizacion/alta_terceros/es_7999/adjuntos/ALTA.pdf
Ikastaroa amaitu duten parte-hartzaileen arabera eta benetan egin dituzten eskola-orduak kontuan hartuta egingo da prestakuntza-planak gauzatzeko emandako dirulaguntzaren justifikazioa eta likidazioa, ezarritako modulu ekonomikoei jarraituz.
Likidazioak ez du inola ere gaindituko prestakuntza-plana gauzatzeko hasiera batean onartu zen dirulaguntzaren zenbatekoa.
Likidatu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, ez da aintzat hartuko ezarritako epealdien barruan lantokian prestakuntza praktikoaren modulua amaitu ez duten ikasleek jasotako prestakuntza.
Likidazioa honela kalkulatuko da:
A modulua 15 ikaslez biderkatuko da prestakuntza egiten hasi ziren ikasleen kopurua 3.6 artikuluan ezarritako gutxieneko eta gehieneko mugen artean badago, aipatutako artikuluko b) apartatuan aurreikusitako kasua ere kontuan hartuz, eta emandako prestakuntza-orduez ere biderkatuko da.
Aurrez aipatutako zenbatekoari gehituko zaio B moduluaren eta ekintzak dituen ordu kopuruaren arteko biderketaren emaitza, ekintza amaitu duten ikasleen kasuan prestakuntza-ekintza bukatu duten ikasletzat hartuko dira gutxienez ekintzaren % 75era joan direnak; ondorio horietarako, halakotzat joko dira enplegua aurkitu dutelako prestakuntza-ekintza utzi beharrean gertatzen diren langabeak, bai eta behar bezala egiaztatutako gaixotasun edo istripuagatik uzten dutenak ere, baldin eta, azken bi kasu horietan, gutxienez prestakuntza-ekintzaren % 25 egin badute; eta B moduluaren eta prestakuntza-ekintzan parte hartu duten ordu kopuru errealaren arteko biderketaren emaitza, ekintza amaitu ez duten ikasleen kasuan. Ekintza bakoitza ikasle-kopuru batentzat onetsi da, eta muga horiek errespetatuz egingo da kalkulua.
Ekintza amaitzen duten parte-hartzaileen (gai eta ez gai) % 67k baino gutxiagok erantzuten badiote galdetegiari, ez da gehituko B modulua amaitu duten parte-hartzaileen kopuruaren zenbatekoa, hain zuzen ere betetakoen ehunekoaren eta gutxieneko % 67aren arteko diferentziari dagokiona.
Aurreko bi eragiketak aplikatzetik ateratako balioa % 10 handituko da zeharkako gastuengatik.
Ekintzaren iraupenaren % 25 betetzean, hura hasi zuten parte-hartzaileen % 75ek jarraitzen ez duten prestakuntza-ekintzak likidatzeko, oinarritzat hartuko da ekintzak amaitu dituzten ikasleetatik ateratako A + B + C moduluen zenbatekoa. Prestakuntza-ekintza bukatu duten ikasletzat hartuko dira gutxienez ekintzaren % 75era joan direnak; ondorio horietarako, halakotzat joko dira enplegua aurkitu dutelako prestakuntza-ekintza utzi beharrean gertatzen diren langabeak, bai eta behar bezala egiaztatutako gaixotasun edo istripuagatik uzten dutenak ere, baldin eta, azken bi kasu horietan, gutxienez prestakuntza-jardueraren % 25 egin badute. Ekintza amaitzen duten parte-hartzaileen (gai eta ez gai) % 67k baino gutxiagok erantzuten badiote galdetegiari, ez da gehituko B modulua amaitu duten parte-hartzaileen kopuruaren zenbatekoa, hain zuzen ere betetakoen ehunekoaren eta gutxieneko % 67aren arteko diferentziari dagokiona.
Dirulaguntza jasotzen duen entitateak prestakuntza-ekintza bakoitza justifikatzeko memoria ekonomikoa aurkeztu beharko du Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan, LanF aplikazio telematikoaren bitartez, prestakuntza-ekintza amaitutakoan prestakuntza-entitateak ikasleei buruz egingo duen azken ebaluazioa Lanbidek baliozkotu eta 15 egun balioduneko epealdian, gehienez, honako dokumentazio honekin:
Laburpen-koadro bat. Horretan jaso beharko dira ikasle bakoitzak benetan egindako eskola-orduak eta dagokien zenbatekoa, hots, ezarritako modulu ekonomikoak eta artikulu honetan aurreikusitako irizpideak aplikatuz lortutakoa.
Beharrezkoa izanez gero, diruz lagundutako jarduera osorik edo zati batean finantzatu duten beste diru-sarrera edo dirulaguntza batzuei buruzko adierazpena, horretan zenbatekoa eta jatorria adierazita, edo bestela, halakorik ez dagoela dioen adierazpena. Kontuan hartu behar da 22. artikuluan xedatutakoaren arabera deialdi honen babesean emandako dirulaguntza bateraezina dela beste edozein laguntza edo dirulaguntzarekin.
Diruz lagundutako planeko prestakuntza-ekintza guztien justifikazio-memoriak aurkezteko epealdia azken prestakuntza-ekintza amaitu ondoren 15 egun baliodun igarotakoan amaituko da, gehienez.
Ezarritako epealdietan beharrezko agiriak aurkezten ez baditu, organo eskudunak 15 eguneko epealdi luzaezina emango dio onuradunari agiri horiek aurkez ditzan. Azken epealdi horretan justifikaziorik aurkeztu ezean, itzulketa-prozedura hasiko da.
Onuradunaren betebehar izango dira, deialdi honetako artikuluetan ezarritakoez gain, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren (azaroaren 17ko 38/2003 Legea) 14. eta 46. artikuluetan oro har ezarritakoak, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onetsia) 50.2 artikuluan jasotakoak, eta enplegurako lanbide-heziketaren sistema arautzen duen araudian zehaztutakoak.
Bereziki, laguntzen onuradunek egiaztatze- eta kontrol-jarduerak onartu beharko dituzte, zehazki honako erakunde hauek egindakoak: Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, Ekonomia eta Ogasun Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoak, Lan eta Enplegu Sailak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak. Hala, lokal eta instalazioetarako sarbidea errazteaz gainera, prestakuntza-ekintzetako parte-hartzaileekin eta elkarrizketatzea egoki irizten dioten beste edozein pertsonarekin harremanetan jartzen utzi beharko die.
Europako Gizarte Funtsak finantzatzen lagundutako prestakuntza-ekintzek, Europar Batasuneko araudiaren ondorioz, arlo horretan eskumena duen ministerioak, Europako Batzordeak eta Europako Kontuen Auzitegiak egiten dituzten egiaztapen- eta kontrol-jarduerak onartu beharko dituzte.
Kontrol-jarduera horiek onartzeko betebehar orokor honen esparruan, onuradunak honako hau bete beharko du:
Finantzatutako ekimena gauzatzeari edo bideragarria izateari buruzko edozein informazio ematea eta eskatzen zaion jarraipen-dokumentazioa bete eta bidaltzea.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinaraztea beste erakunde batzuetatik dirulaguntzak edo laguntzak eskatu edo lortu direla, deialdi honetan diruz lagundutako ekintza guztiei edo batzuei eragiten dietenak.
Diruz lagundutako jardueraren xedea edo nondik norakoa nabarmen aldatzen duen edozein gertaera jakinaraztea, bai eta dirulaguntza emateko orduan kontuan hartutako edozein inguruabarren aldaketa ere.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, ekintzaren jarraipena egiteaz gain, auditoretzen eta ikuskaritzen urteko plan bat ezarri ahalko du deialdian ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko eta diruz lagundutako ekintzak benetan zer baldintzatan gauzatzen diren aztertzeko.
Diruz lagundu daitezkeen gastuek Europako Gizarte Funtserako aukeratuak izateko baldintzak beteko badituzte, erakunde onuradunak laguntzarekin zerikusia duten transakzioak identifikatu beharko ditu, aparteko kontabilitate-identifikazio batekin eta kontabilitate-kode egoki batekin.
Entitate onuradunaren ordezkariak edo ahaldunak sinatu beharko dute, dirulaguntza onartzeko unean, izaera pertsonaleko datuei dagokien konpromisoa, datu horien tratamendu-eragile diren aldetik. Konpromiso hori nahitaez onartu beharko dute deialdiaren entitate onuradun guztiek, arlo hori arautzen duen indarreko legerian ezarritako baldintzen arabera.
Laguntzen entitate onuradunek lagunduta finantzatutako gastuei buruzko egiaztagiri guztiak edo jatorrizko agirien kopia ziurtatuak gordeko dituzte, oro har onartutako datu-euskarrien gainean, 2029ko abenduaren 31ra arte.
Agiri horiek jatorrizkoetan edo jatorrizkoen kopia konpultsatuetan gordeko dira, edo oro har onartutako datu-euskarrietan, bereziki jatorrizko dokumentuen bertsio elektronikoak edo bertsio elektronikoan soilik dauden agiriak.
Azkenik, parte-hartzaileen eskura jarriko dituzte beharrezko baliabideak, diruz lagundutako ikastaroa amaitzen duten ikasleek galdetegia bide telematikoz betetzea ahalbidetzeko.
Diruz lagundutako jarduera guztietan Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzutik jasotzen duten finantzaketa berariaz adierazi beharko dute entitateek, bai eta horien ondoriozko ekintzetan ere, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren komunikazio-eskuliburuan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte (LanF prestakuntza-aplikazioaren bidez entitate onuradunen eskura jarriko da eskuliburu hori).
Prestakuntza-ekintza guztiek Europak lagundutako finantzaketa jasoko dutela aurreikusita, entitateek berariaz adierazi beharko dute Europako Gizarte Funtsak lagundutako finantzaketa hori, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Komunikazio Eskuliburuan jasota dagoen EGF logoaren bidez, sortzen diren material didaktiko guztietan nahiz bestelako materialetan, bai eta diruz lagundutako jardueren berri emateko, hedatzeko eta/edo publizitatea egiteko ekintzetan ere.
Halaber, dirulaguntza jasotzen duten entitate onuradunen zerrenda argitara emango da Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 24ko 2021/1060 (EB) Erregelamenduaren 49. artikuluan adierazten den webgunean.
Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzetan aldaketarik gertatuz gero, emandako dirulaguntza aldatu ahal izango da; betiere deialdi honetan dirulaguntzen onuradun izateko ezarritako gutxieneko eskakizunak bete beharko dira. Baldintzen aldaketa horren ondorioz dirulaguntza osoa edo haren zati bat itzuli behar bada, itzultzeko prozedurari hasiera emango zaio.
Deialdi honetan prestakuntza-ekintzak egiteko ematen diren dirulaguntzak bateraezinak dira administrazio honek edo beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuek kontzeptu eta xede beragatik emandako beste edozein motatako dirulaguntza edo laguntza guztiekin.
Ezin izango da eskatu dirulaguntza ordaintzeko, eta, kasu batzuetan, jasotako kopuru osoak edo horien zati bat itzuliko dira, eta dirulaguntza ordaintzen den unetik aurrera ezar daitezkeen berandutze-interesak eskatuko dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onetsia) 53.1 artikuluan arautzen diren kasuetan. Eta, bereziki, honako hauetan:
Jarduera egin dela eta laguntza emateko edo baliatzeko bete beharreko baldintzak eta betekizunak bete direla frogatu beharra ez betetzea.
Dirulaguntza lortzea, horretarako eskatzen diren baldintzak bete gabe.
Jarraipen-lanei eta kontrol-lanei uko egitea edo oztopoak jartzea.
Diruz lagundutako ekintzak gauzatzeko baldintzei buruz errealitatearekin bat ez datozen datu faltsuak ematea.
Deialdi honen 20. artikuluan jasotako komunikazio- eta hedapen-betebeharrak ez betetzea.
Deialdi honetan zehaztutako beste betebehar, baldintza edo betekizunak ez betetzea.
Balizko ez-betetzeen maila honako irizpide hauen arabera zehaztuko da:
Erabateko ez-betetzea gertatu bada: dirulaguntza emateko xedearen edo hori justifikatzeko betebeharraren erabateko ez-betetzeak, emandako dirulaguntzaren % 100 itzuli behar izatea ekarriko du.
Era berean, erabateko ez-betetzetzat joko da diruz lagundutako ekintzak helburuen % 25 lortzen ez badu, horiek honela neurtuta: prestakuntzaren ordu kopuruaren adierazlea bider prestakuntza-ekintza amaitu duten ikasleen kopurua. Kalkulu horietarako, aintzat hartuko dira justifikatutako hutsegiteen edo lana lortzearen ondorio diren absentzia-orduak. Ikasleek ikastaroa amaitu dutela joko da ekintzaren iraupenaren % 75era gutxienez joan badira. Ondorio horietarako, ikastaroa amaitu dutela joko da, halaber, enplegua aurkitzeagatik prestakuntza-ekintza utzi behar izan duten langabeen kasua, bai eta egiaztatutako gaixotasun edo istripuagatik ikastaroan baja hartu duten parte-hartzaileena ere, baldin eta azken bi kasu horietan prestakuntza-jarduera gutxienez % 25ean egin badute.
Ez-betetze partziala: dirulaguntza emateko xedea edo hori justifikatzeko betebeharra hein batean ez betetzeak emandako dirulaguntza aldatzea edo hein batean itzultzea ekarriko du.
Era berean, ez-betetze partzialtzat hartuko dira kasu hauek:
Aurreko paragrafoan aipatutako adierazlea % 25 eta % 100 bitartean betetzen bada, emandako dirulaguntza gutxituko da bete gabe utzi den ehuneko berberean.
Deialdiaren 5.3.2 artikuluan aipatutako 45 dirulaguntza-lerro handietako batean aipatutako adierazlea helburuen % 25era iristen ez bada, lerro horretan emandako dirulaguntza itzuli egin beharko da.
2023ko azaroaren 30erako ez badira hasi prestakuntza-planeko prestakuntza-ekintzen % 60, ehuneko horretara heltzeko falta den dirulaguntza-ehuneko bera galduko da. Aurrekoa ez betetzeagatik ezartzen den deskontua prestakuntza-plana amaitutakoan aplikatuko da.
Profesionaltasun-ziurtagiriak lortzea xede duten prestakuntza-ekintzetan, praktiketan hasi ez diren ikasleak praktikak egin behar dituzten ikasle guztien % 30 baino gehiago badira, prestakuntza-ekintza horretarako emandako dirulaguntza itzuli beharko da.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak abiaraziko du itzultzeko prozedura, eta idazkia bidaliko dio laguntzaren enpresa edo entitate onuradunari, ez-betetzea eragin duten gertaeren berri emateko. Era berean, egokitzat jotako alegazioak edo egiaztagiriak aurkezteko hamabost egun balioduneko epealdia duela ere jakinaraziko dio.
Alegazioak aurkeztu ondoren edo alegazio horiek egiteko epea igaro ondoren, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak ebazpena emango du.
Laguntzak itzultzeko prozedura gehienez hamabi hilabeteko epean ebatzi beharko da.
Ebazpenean ez-betetzeren bat izan dela iritziz gero, dirulaguntza jasotzeko eskubidea galdutzat emango da, eta, behar denean, ebazpena jakinarazten denetik hasita gehienez bi hilabeteko epealdian, bidezko diru-kopuruak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari itzuli beharko zaizkio. Epealdi hori borondatezkoa izango da.
Itzulketa borondatezko aldian egiten ez bada, itzuli beharrekoak premiamendu bidez berreskuratzeko izapideak hasiko dira.
Datu pertsonalen babesaren arloan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak bi xedapen hauen arabera jokatuko du: Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (EB 2016/679 Erregelamendua) eta Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko 3/2018 Lege Organikoa. Lortzen diren datu pertsonalak «Enplegurako eta enpleguko prestakuntzarako dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueraren barruan egongo dira. Jarduera horren arduraduna Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua da, eta jardueraren helburua da Lanbideren eskumen diren enplegu-politika aktiboekin zerikusia duten dirulaguntzak kudeatu eta kontrolatzea, bai eta iruzurra jazartzea eta datuak estatistiketan erabiltzea ere. Lortzen diren datuak beharrezkoak dira Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari emandako botere publikoak gauzatzeko eta lege-betebeharrak betetzeko, eta arlo horretan eskumena duten administrazio publikoei komunikatu ahal izango zaizkie.
Datuen titularrek eskubidea dute beren datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta tratamenduaren aurka egiteko eta tratamendua mugatzeko ere. Horretarako, idatzizko jakinarazpen bat bidali behar dute Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzura (Jose Atxotegi kalea 1, 01009 Vitoria-Gasteiz).
Datuen babesari buruzko informazio osagarri eta zehatza kontsultatzeko: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/074300-capa2-eu.shtml
Dirulaguntzen programa honi dirulaguntzen araubide juridikoa arautzen duten arau-xedapen hauek aplikatu behar zaizkio: Dirulaguntzen 38/2003 Lege Orokorra eta hura garatzen duen Erregelamendua (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartutakoa), oinarrizko legeria baitira; azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko VI. titulua eta VII. tituluko III. kapitulua eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, azken horrek arautu baitzuen Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak.
Laguntzek Europako Gizarte Funtsaren kofinantzaketa dutenez, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 24ko 2021/1060 (EB) Erregelamenduan xedatua aplikatu behar zaie. Hain zuzen ere, erregelamendu horren bitartez ezartzen dira Eskualde Garapeneko Europako Funtsari, Europako Plus Gizarte Funtsari, Kohesio Funtsari, Bidezko Trantsizio Funtsari eta Itsasoko, Arrantzako eta Akuikulturako Europako Funtsari buruzko xedapen komunak, bai eta funts horietarako finantza-arauak eta Asilo, Migrazio eta Gizarteratzeko Funtserako, Barne Segurtasuneko Funtserako eta Mugak eta Bisatuen Politika Kudeatzeko Laguntza Finantzariorako Tresnarako finantza-arauak ere. Era berean, laguntza hauek Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 24ko 2021/1057 (EB) Erregelamenduaren mende ere badaude, eta, hain zuzen ere, erregelamendu horren bitartez ezartzen da Europako Plus Gizarte Funtsa (EGIF+) eta indargabetzen da 1296/2013 (EB) Erregelamendua.
Deialdi honetan aurreikusi ez den horretan, aplikagarri izango dira 30/2015 Legea, irailaren 9koa, Lan-arloko enplegurako lanbide-heziketaren sistema arautzen duena; 694/2017 Errege Dekretua, uztailaren 3koa, zeinaren bitartez garatzen baita 30/2015 Legea, irailaren 9koa, Lan-arloko enplegurako lanbide-heziketaren sistema arautzen duena; eta TMS/368/2019 Agindua, martxoaren 28koa, zeinaren bidez garatzen baita 694/2017 Errege Dekretua, uztailaren 3koa, irailaren 9ko 30/2015 Legea garatzen duena.
Profesionaltasun-ziurtagiriak lortzea xede duten prestakuntza-ekintzei dagokienez, arau hauek aplikatuko zaizkie: urtarrilaren 18ko 34/2008 Errege Dekretua, Profesionaltasun-ziurtagiriak arautzen dituena, eta urriaren 10eko ESS/1897/2013 Agindua, errege-dekretua arautzen duena, deialdi honetan ezarritako alderdi guztiei dagokienez, araudi horietan baldintza partikularrak ezartzen baitira.
Deialdi honetako ehunekoren batean hamartarrik egonez gero, zati osoa baino ez da hartuko kontuan, hamartarrak alde batera utzita.
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
Gaiarekin lotutako edukiak
Arauaren historia (4)
- Zuzendutakoa: EBAZPENA, 2023ko abenduaren 12koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinen bidez zuzentzen baitira Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren 2022ko ekainaren 22ko Ebazpenean zeuden akatsak. Ebazpen horren bidez, argitara ematen da batez ere langabeentzat den 2022-2024 urteetako prestakuntza-eskaintza finantzatzeko dirulaguntzen deialdia, Euskal Autonomia Erkidegoan Enplegurako Lanbide Heziketa arautzen duen maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuaren esparruan.
- Ikus: EBAZPENA, 2023ko maiatzaren 11koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinen bidez argitara ematen baita batez ere langabeentzat den 2022-2024 urteetako prestakuntza-eskaintza finantzatzeko dirulaguntzen erakunde onuradunen zerrenda. Deialdia, hain zuzen, Euskal Autonomia Erkidegoan Enplegurako Lanbide Heziketa arautzen duen maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuaren esparruan sartzen da.
- Ikus: EBAZPENA, 2022ko abuztuaren 2koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Enplegurako Lanbide Heziketako zuzendariarena, zeinen bidez argitara ematen baita batez ere langabeentzat den 2022-2024 urteetako prestakuntza-eskaintza finantzatzeko dirulaguntzen deialdian (Euskal Autonomia Erkidegoan Enplegurako Lanbide Heziketa arautzen duen maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuaren esparruan sartzen dena) jasotako ebaluazio-batzordearen osaera.
- Ikus: 82/2016 DEKRETUA, maiatzaren 31koa, Euskal Autonomia Erkidegoan Enplegurako Lanbide Heziketa arautzen duena.