Euskadiko Ekonomia Zirkularrerako Estrategia 2030

Xehetasunak

Euskadiko Ekonomia Zirkularraren Estrategiak hiru helburu estrategiko ezartzen ditu:

  • % 30 areagotzea produktibitate materiala. Produktibitate materialak aukera ematen du ekonomia materialen hain mendeko ez den ekoizpen- eta kontsumo-eredurantz duen bilakaera neurtzeko. Hala, produktibitate material altuak baliabideen aprobetxamendu efizienteagoa dakar, produktuen balio erantsi handiagoa eta materialen inportazioaren eta erauzketaren mendekotasun txikiagoa. Gaur egun, euskal industriak urtean 21 milioi tona lehengai kontsumitzen du, eta, haietatik, % 77 inportatua da: nagusiki, erregai fosilak, mineral metalikoak, biomasa eta mineral ez-metalikoak. Materialaren produktibitatea aregoatuz, Euskadik hazkuntza ekonomikoa materialen kontsumotik banantzea bilatzen da.
  • % 30 areagotzea material zirkularraren erabilera-tasa. Material zirkularraren erabilera-tasak aukera ematen du Euskadin birziklatutako materialek materialen eskari osoari egiten dioten ekarpena neurtzeko, eta funtsezko elementua da ekonomiaren zirkulartasuna ebaluatzeko. Tasa hori areagotzeak dakar, inportazioen mendekotasuna murrizteaz edo lehengaien erauzketa murrizteaz ez ezik, beste modu batera hondakindegi batean amaituko luketen hondakinak murriztea ere. Gaur egun, euskal industriak hondakinen guztizkoaren % 72 sortzen du; haietatik, % 42k hondakindegian amaitzen du. Bestalde, emisioak murrizteaz gainera, material zirkularraren erabileraren handitzeak birziklapenaren sektorea eta hondakinak beste ekoizpen-prozesu batzuetan berrerabiltzeko haiek eraldatu eta aprobetxatzeari lotutako enpresen sorrera sustatuko ditu.
  • % 30 murriztea hondakinen sorrera-tasa BPGd-aren unitateko. Tasa horrek hondakinen sorkuntzaren inguruko jarduera ekonomikoaren intentsitatea adierazten du, eta haren ekoefizientziaren neurria ematen du. Ekonomia zirkularrerako eredu-aldaketaren bidez, hazkuntza ekonomikoa materialen kontsumotik banandu nahi da, eta, horretarako, oso garrantzitsua da, halaber, hazkuntza ekonomiko hori hondakinen sorreratik banantzea. Eskuragarri dauden azken datuen arabera (2016), Euskadin 67 kg hondakin sortu ziren (hondakin mineral nagusiak kanpoan utzita) BPGd-aren 1.000 euro bakoitzeko. 2030erako helburua da zifra hori 47,6 kg-ra jaistea.

Gainera, Estrategiak beste bi helburu ere gehitzen dizkio azken helburu horri, Europako Batzordeak lehenetsitako bi joerarekin lotuta: erdira murriztea elikagaien hondakinak eta plastikozko estalkien % 100 birziklagarriak izatea.