Asiako liztorra (Vespa velutina) kudeatzeko gidaliburua
Dokumentu-zerrenda
Xehetasunak
Lurreko biodibertsitatearen galgarri handietako bat dira espezie exotiko inbaditzaileak. Honela definitzen du abenduaren 21eko 33/2015 Legeak, abenduaren 13ko 42/2007ko Legea aldatzen duenak, zer den espezie exotiko inbaditzaile bat: "Ekosistema edo habitat natural edo erdinatural batean sartzen edo finkatzen den espeziea da, eta berezko dibertsitate biologikoa aldatu eta mehatxatzen du, dela bere izaera inbaditzaileagatik dela kutsadura genetikoaren arriskuagatik".
Vespa velutina liztorra Asiakoa da, eta honako herrialde hauetan dago: Afganistan, Pakistan, India, Bhutan, Myanmar, Thailandia, Laos, Vietnam, Txinako hego-ekialdea, Taiwan, Malaysia eta Indonesia. Europan hainbeste zergatik ugaritu eta hedatu den aztertuta, zenbait faktore aipatu behar dira: batetik, antzekoak dira hango eta hemengo klima, tenperatura eta prezipitazioak; bestetik, nahi adina janari dauka —Apis mellifera erle espeziearen koloniak ditu eskura—; eta, bestetik, ez dauka ez harraparirik eta ez lehiakiderik, edo, zehazki esanda, ez dago izakirik haren ugalkortasun tasa behar adina geldiaraziko duenik.
Asian, badira haren antzeko tamaina duten liztor motak, baita handiagoak ere; horrelako beste hogei liztor mota daude, eta haren lehiakide zuzenak dira gauza bera jaten baitute denek ere (intsektuak) eta habiak leku bertsuetan egiten baitituzte. Lehia egin ez ezik, elkar jan ere egiten dute liztor espezie horiek, eta, horrela, are eta zailagoa zaie arrakastaz ugaltzea.
2010etik, Asiako liztorra edo liztor beltza deitzen diogun espezie hau erlezaintzan dagoen izurririk handienetako bat da Kantaurialde osoan. Erlezainak izan ziren lehenak konturatu zirenak liztorra gure lurraldera heldua zela, eta berak izan ziren lehenengoetakoak haren ondorioak sufritzen, baina denborarekin, gero eta kolektibo gehiagori etorri zaio kaltea.
Alderdi askotako arazoak ekarri ditu: sozioekonomikoak —erlezaintzan eta, oro har, nekazaritzan kalteak eragiten ditu eta administrazioak gastu larriak egin behar izaten ditu izurria kontrolatzeko—, biodibertsitatea —erleak eta tokiko beste intsektu batzuk harrapatzen ditu— eta osasun publikokoak —ziztadaren arriskua dakar—.
Espezie exotiko inbaditzaileen Espainiako Katalogoan sartuta dago —630/2013 Errege Dekretua, abuztuaren 2koa— eta Europar Batasunerako kezkagarriak diren Espezie Exotiko Inbaditzaileen zerrendan sartzekotan dago; hori egiteko, Europako Erregelamenduan bermatuko dira —zehazki, 2014ko urriaren 22ko Europako Palamentuaren eta Kontseiluaren 1143/2014 Erregelamendua, espezie exotiko inbaditzaileen sarrera eta hedapena prebenitu eta kudeatzeari buruzkoa—.
Izurritzat ere har daiteke, baldin eta izurria honela definitzen badugu: "Ekosistemei, abereei edo laboreei kalte egiten dien organismo bat neurriz kanpo ugaltzea. Mikroorganismoa, landarea edo animalia izan daiteke. Galera ekonomiko edota ekologiko larriak eragin ditzake" (Elhuyar, Zientzia eta teknologiaren hiztegi entziklopedikoa).
Inbaditzailetzat eta oso kaltegarritzat jo daiteke, beraz, eta zenbat eta gehiago jakin haren biologiaz, portaeraz eta kontrolatzeko metodoez, orduan eta hobe diseinatuko dugu haren aurkako borroka.