Arautegia
Inprimatu299/2024 DEKRETUA, urriaren 15ekoa, zeinaren bidez deklaratzen baita ezen, Erandioko Udalerrian, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak, nahitaez desjabetzeko, urgentziaz okupatu behar dituela Erandioko kolektore perimetralean konporta automatiko bat jartzeko proiektua gauzatzeko ondasun eta eskubideak.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Dekretua
- Organo arau-emailea: Etxebizitza eta Hiri Agenda Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 211
- Hurrenkera-zk.: 4960
- Xedapen-zk.: 299
- Xedapen-data: 2024/10/15
- Argitaratze-data: 2024/10/29
Gaikako eremua
- Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua; Garraio eta herri lanak
- Azpigaia: Ingurumena; Gobernua eta Administrazio Publikoa
Testu legala
«Erandioko kolektore perimetralean konporta automatiko bat jartzeko proiektua»ren espedientea formalki prestatu eta onartu ondoren, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak adierazi zuen lursail guztiak erabilgarri behar zituela proiektua gauzatzeko.
2023ko abenduaren 19an, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak erabaki zuen nahitaezko desjabetze-espedientea hastea eta hamabost eguneko epean jendaurrean jartzea eragindako ondasunen eta eskubideen zerrenda, hala prentsan nola 2024ko otsailaren 1eko Bizkaiko Aldizkari Ofizialean (23. zk.). Geroago, 2024ko maiatzaren 28an egindako bilkuran, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak erabaki zuen Eusko Jaurlaritzari eskatzea proiektuak eragiten dituen eskubideak eta ondasunak urgentziaz okupatzeko adierazpena, Nahitaezko Desjabetzearen Legearen 52. artikuluan ezarritakoa betetzeko.
Urgentziaz okupatu beharreko ondasunak eta eskubideak zehaztuta eta banakatuta agertzen dira espedientean jasotako zerrendan, identifikazioak egiteko datu askirekin agertu ere. Zerrenda hori jendaurrean jarri zen, egoki zenean, eta bi alegazio aurkeztu ziren, administrazio-espedientean adierazten denez.
Ondasun eta eskubide horiek okupatzea luzaezintzat jotzen da eskatzaileak adierazitako honako inguruabar hauengatik:
2011ko irailean, kolektore perimetralaren estankotasuna bermatzeko aukerak aztertzen zituen txosten bat idatzi zuen Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak (BBUP). Kolektore perimetralaren deskarga-puntuan kokatutako klapetaren arazoa konpontzea zen helburua. Gerora, klapetaren buxadurek eragindako hainbat arazo gertatu ziren. Horietan, klapeta ez zen behar bezala itxi eta marea-maila altuekin urak gainezka egin zuenez, arazoak sortu ziren kolektore perimetralaren erdialdean, Tartanga kalearen parean.
2018an, kolektore perimetralaren beste azterketa bat egin zuen BBUPak, eta 2022ko martxoan Alternatiben Azterlan bat idatzi zuen, konporta non kokatu aztertzeko (egungo klapetarekiko ibaian behera, PRT-1 putzuan edo kokapen berri batean), eta Alternatiba Azterlan horri buruzko txostena idatzi zuen. Txosten horrek konportari eragiteko modua ere aztertu zuen, eta ondorioztatu zuen aukerarik hoberena zela eragingailu elektrikodun konporta motorizatu bat jartzea lurrazpiko putzu berri batean (gaur egungo PRT-1 eta PRT-2 putzuen artean).
2022ko azaroan, memoria baloratu bat idazteko enkargua egin zuen BBUPak, eta, memoria hori oinarri hartuta, eraikuntza-proiektu bat idatzi zuen, 2023ko maiatzean. Proiektu horrek jasotako konponbide teknikoa PRT1 eta PRT2 putzuen artean taxutze-konporta automatikoa jartzea zen (lau alderdietara estankoa).
Geroago, "Itsasadarreko oinezkoen eta bizikleten ardatzaren trazadura-proiektua (Tartea: Altzaga-Lamiako)" onartu zen. Proiektu horrek barne hartzen du eraikuntza-lerrotik itsasadarraren arteko lur-zerrenda librearen erabateko birmoldaketa (Lamiako eta Altzaga tarteko zatian). Birmoldaketa horrek egungo espaloiaren neurriak berriro dimentsionatzea eskatu zuen (BBUPak proiektatutako konporta jasoko duen kutxatila espaloi horretan egingo da).
2024ko urtarrilean, BBUPak proiektatutako kutxatila berria birkokatu egin zen, BFAk diseinatutako espaloiaren etorkizuneko urbanizazioa kontuan hartuta. Horrek ustiapen-, kontserbazio- eta mantentze-lanak erraztuko ditu, eta ibilgailuen trafikoari eragindako kalteak minimizatuko ditu.
«Proiektu honen helburua da marearen eraginaren aurrean Erandioko kolektore perimetrala babestuko duen konporta elektriko motorizatu bat egiteko beharrezkoak diren jarduketak zehaztea. Gaur egun, behar bezala ixten ez duen klapeta dago (estankotasuna ere ez du ziurtatzen).»
«Lan horiek ahalik eta lasterren egiteko beharra bikoitza da: alde batetik, klapetaren funtzionamenduaren bermea hobetzea (urak gainezka egiteko arriskua saihesteko eta horrek eragindako kalteak eragozteko); bestetik, aldi berean egitea lan horiek eta BFAk leku berean sustatutako bizikleta-pistarako lanak, eta, hala, kalte gutxiago eragitea.»
Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 26.1.f artikuluan xedatzen denez, Eusko Jaurlaritzari dagokio deklaratzea urgentziaz okupatu behar direla nahitaez desjabetu beharreko ondasunak eta eskubideak, nahitaezko desjabetzeak honako hauek hartzen dituenean: burutze-unitate osoak, lurraldearen hirigintza-antolaketari dagozkion sistema orokorrak edo antolaketa horren elementuren bat eta hiri-lurzoruan egin beharreko banakako jarduketak. Goian aipatutako lege horrek 26.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, lurralde-antolamenduaren eskumenak dituen sailburuari dagokio horretarako proposamena aurkeztea Gobernu Kontseiluari.
Hori dela eta, Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak proposaturik, eta Gobernu Kontseiluak 2024ko urriaren 15eko bilkuran gaia aztertu ondoren, honako hau
Dekretu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aurretiaz berraztertze-errekurtsoa jar dakioke Gobernu Kontseiluari, hilabeteko epean, edo, bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Epeok dekretu hau argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira.
Vitoria-Gasteizen, 2024ko urriaren 15ean.
Lehendakaria,
IMANOL PRADALES GIL.
Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburua,
DENIS ITXASO GONZÁLEZ.