Arautegia

Inprimatu

120/2015 DEKRETUA, ekainaren 30ekoa, Zadorraren sistemako urtegiak Kontserbazio Bereziko Eremu izendatzen dituena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Ingurumen eta Lurralde Politika Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 135
  • Hurrenkera-zk.: 3231
  • Xedapen-zk.: 120
  • Xedapen-data: 2015/06/30
  • Argitaratze-data: 2015/07/20

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Ingurumena; Hirigintza eta etxebizita; EAEko udalak

Testu legala

Gobernu Kontseiluak 1997ko abenduaren 23an, 2000ko azaroaren 28an eta 2003ko ekainaren 10ean egindako bilkuretan hartutako Erabakien bidez, Hegaztientzako Babes Bereziko 6 Eremu (Hegaztientzako BBE) izendatu ziren, eta 52 gune proposatu ziren Batasunaren Garrantzizko Leku (BGL) izendatzeko. Proposamen hori Europako Batzordera eraman zen, eta han Batasunaren Garrantzizko Lekuen zerrenda (BGL) ontzat eman zuten, 2004/813/EE eta 2006/613/EE Erabakien bidez. Erabakiok Atlantikoko eta Mediterraneoko eskualde biogeografikoei dagozkie, hurrenez hurren, eta hortxe kokatzen da gure autonomia-erkidegoa. Horien artean, Zadorraren sistemako urtegiak BGLa (ES2110011) dago, Atlantikoko eta Mediterraneoko eskualde biogeografikoetan.

Habitat Naturalak eta Basoko Fauna eta Flora zaintzeari buruzkoa den Europako Kontseiluaren 1992ko maiatzaren 21eko 92/43/EEE Zuzentarauaren 4. artikuluak eta Natura-ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legearen 44. eta 45. artikuluek ezarritakoari jarraikiz, autonomia-erkidegoek, jendaurrean jarri ondoren, beren lurralde-eremuko BGL guztiak Kontserbazio Bereziko Eremu (KBE) izendatu eta eremuok behar bezala kontserbatzeko neurri egokiak ezarri beharko dituzte, kontuan hartuta lekuan lekuko habitat naturalaren eta espezieen berezitasunen araberako eskakizun ekologikoak. Kontserbazio-neurri horiek izango dira, batetik, kudeaketako planak eta baliabideak, eta, bestetik, erregelamenduzko neurriak, administratiboak edo kontratuzkoak.

Horiek horrela, 92/43/EEE Zuzentarauak Kontserbazio Bereziko Eremu izendatzeko ezarritako eskakizunak betetze aldera, sakonago aztertu dira Zadorraren sistemako urtegiak, eta eskala egokian irudikatu da Batasunaren intereseko habitaten banaketa. Horretaz gain, gune horretako fauna- eta flora-espezie bereizgarrien banaketa eta kontserbazio-egoera ere aztertu da.

Zadorraren sistemako urtegiak eremua Atlantikoko eta Mediterraneoko eskualde biogeografikoetan kokatzen da. KBE horretan, 43/92/EEE Zuzentarauaren I., II. eta IV. eranskinean jasotako hainbat habitat eta espezie ez ezik, zerrenda gorrietan edo autonomia edo eskualde mailako katalogoetan agertzen diren espezieak eta 2009/147/EE Zuzentarauaren I. eranskinean bildutako hegazti-espezieen zerrenda luze bat ere topatu dira. Horrek guztiak ekarri zuen 2003an Europako Natura 2000 ekologia-sarean sartu izana, Batasunaren Garrantzizko Leku gisa (BGL). Zadorraren sistemako urtegiak eremua Euskal Autonomia Erkidegoko barrualdeko hezegunerik garrantzitsuenetakoa da, uretako espezieek negua igarotzeko eta ugaltzeko. Gainera, migrazio-ibilbideetan, hegazti askok atseden hartu eta elikatzeko gunetzat jotzen dute. Hegazti-faunaz gain, honako hauen presentzia azpimarratzekoa da: bisoi europarra (Mustela lutreola), igaraba (Lutra lutra), baso-igel jauzkaria (Rana dalmatina) edo apo pintatu iberiarra (Discoglossus jeanneae). Horretaz gain, naiadeak (Unio elongatus, Anodonta anatina eta Potomida littoralis) kontserbatzeko interes bereziko eremua da.

Presentzia handiena duten uretako habitatak dira ur geldietakoak, ur-azaleko landaredia duen korronte geldokoak eta landaredi anfibiodun aldi baterako urmaelak. Belardiek ere presentzia dute, eta Batasunaren intereseko habitat mota batzuk agertzen dira. Ildo horretatik, orkidea handiak dituzten kare-substratu gaineko belardiak nabarmentzekoak dira, lehentasunezko habitata izateagatik eta duten adierazgarritasunagatik. Baso-habitaten artean, ibaiertzeko sahasti eta haltzadiak nabarmentzen dira.

Lan-eskala hobetzearen ondorioz mugatu da eremu hori, baina horrek ez du aldaketa garrantzitsurik eragin mugetan. Bestalde, xehetasun-lanei esker lortu diren habitat moten azalerari buruzko datuak, zenbait kasutan, ez datoz bat Euskal Autonomia Erkidegoko tokien zerrendaren proposamenarekin batera Europako Batzordera igorri eta jakinarazitako datuekin. Gainera, xehetasun-azterketari esker, habitat jakin batzuen interpretazioa zuzentzeko aukera izan da. Esate baterako, egiaztatu ahal izan da, eremu batzuetan, inprimakian adierazitako zenbait habitat-mota ez zeudela; eta, aitzitik, hasierako proposamenean adierazi ez ziren habitat-mota batzuk bazirela. Horrekin guztiarekin batera, eremuaren mugaketa bidaliko da Europako Batzordera, egunera dezaten.

Era berean, Dekretu honen I. eranskinean adierazitako inguruko babes-eremua mugatzea jo da beharrezkotzat, eremu horrek dituen balioetarako prebentzio-araubide nahikoa eta egokia ezartzeko.

Zadorraren sistemako urtegiak kontserbazio Bereziko Eremu izendatzeko prozeduran, parte-hartze sozialaren prozesua behar bezala bete da, ingurumenaren alorrean informazioa eskuratzeko, herritarrek parte hartzeko eta justiziara heltzeko eskubideak arautzen dituen uztailaren 18ko 27/2006 Legearen printzipioei jarraikiz. Prozesu horretan, interes sozial eta ekonomikoen ordezkari diren hainbat eragilek hartu dute parte. Gainera, parte hartzeko kanalak irekita egon dira tramitazioan zehar, bai interesa zutenei komunikazioak bidalita bai horretarako berariaz prestatu den web-orriaren bitartez: http://www.euskadi.eus/natura2000. Esteka horretan, izendapen-prozesu honi buruzko informazio eguneratua egongo da eskuragarri.

Zadorraren sistemako urtegiak kontserbatzeko baliabidea Europako Batzordeak ezarritako printzipioei jarraikiz landu da, 92/43/EEE Zuzentarauan eta 2009/147/EE Zuzentarauan jasotako eta eremuan topatutako habitat eta taxonen eskakizun ekologikoei erantzuna emateko asmoz.

Apirilaren 15eko 1/2014 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Legearen testu bateginaren 22.4 artikuluarekin bat, Dekretuak izendapena bera, lekuaren eta bere mugaketaren kartografia, izendapena arrazoitzen duten Batasunaren intereseko habitat motak eta animalia- eta landare-espezieak, horien kontserbazio-egoerari buruzko balorazio bat, lekuaren kontserbazio-helburuak eta jarraipen-programa bat ere jasotzen ditu.

Bestalde, arau horren 22.5 artikuluaren lehen paragrafoari jarraikiz, «Eusko Jaurlaritzak eremu horiek kudeatzeko jarraibideak eranskin gisa argitaratzeko agindua emango du». Horiek onartzea lurralde historikoetako foru-organoei dagokie, kasu honetan, Arabako Foru Aldundiari eta Bizkaiko Foru Aldundiari dagokie. Ildo horretatik, Eusko Jaurlaritzak Dekretu honetan onartzen dituen kontserbazio-helburuen arabera onartu beharko dira. Horretarako, Dekretu honen 3.3 artikuluak, azken xedapenetatik lehenengoarekin batera, baimena ematen dio Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariari, arau horretan ezarritakoari jarraikiz argitaratzeko kudeaketa-jarraipenak, Arabako Foru Aldundiak eta Bizkaiko Foru Aldundiak onartu ondoren.

Horrenbestez, alde batetik, apirilaren 15eko 1/2014 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Legearen testu bateginaren 22.5 artikuluan eta, bestetik, Natura-ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legearen 44. eta 45.1 artikuluetan ezarritakoarekin bat, jendaurrean jarri ondoren, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak proposatuta, eta Gobernu Kontseiluak 2015eko ekainaren 30ean egindako bilkuran eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau

  1. Zadorraren sistemako urtegiak (ES2110011) Kontserbazio Bereziko Eremu (hemendik aurrera, KBE) izendatzen dira, Araba eta Bizkaiko Lurralde Historikoetan.

  2. KBEaren mugak Dekretu honen I. eranskinean jasotakoak dira, eta xehetasun-azterketen ondorengo eguneratzearen ondorioz, bat datoz Atlantikoko eta Mediterraneoko eskualde biogeografikoko Batasunaren Garrantzizko Lekuen Zerrenda onartzen duen Europako Batzordearen 2004/813/EE eta 2006/613/EE Erabakietan, hurrenez hurren, jasotako mugekin.

  3. Onartu egiten dira KBEa kontserbatzeko II. eranskineko neurriak. Horiek bat datoz Dekretu honen 3. artikuluak ezarritako edukiarekin.

  1. Arau honen xedea honako hau da: Kontserbazio Bereziko Eremuetan (KBE) bermatzea Batasunaren intereseko habitat naturalak eta basoko fauna- eta flora-espezieen habitatak kontserbazio-egoera onean mantentzen direla edo egoera horretara berriro ekarriko direla. Habitat horiek Kontseiluak 1992ko maiatzaren 21ean emandako Habitat Naturalak eta Basoko Fauna eta Flora zaintzeari buruzko 92/43/EEE Zuzentarauan daude ezarrita.

  2. KBEan, honako hauek jasotako araubide orokorra ezarriko da: 92/43/EEE Zuzentaraua eta Natura-ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legea.

  1. Apirilaren 15eko 1/2014 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Legearen testu bateginaren 22.4 artikuluarekin bat, II. eranskinak izendapena argudiatzen duten Batasunaren intereseko habitat motak eta animalia- eta landare-espezieak ez ezik, horien kontserbazio-egoeraren ebaluazioa, eremu horren kontserbazio-helburuak, kontserbaziorako araudiak eta jarraipen-programa ere jasotzen ditu.

  2. Kontserbazio Bereziko Eremuetarako (KBE) eta ingurune hidrikoarekin lotutako Hegaztientzako Babes Bereziko Eremuetarako (Hegaztientzako BBE) arau orokorrak onartzen dituen martxoaren 17ko 34/2015 Dekretuak ezartzen ditu KBE hori arautzen duten kontserbazio-arauak.

  3. Arabako Foru Aldundiak eta Bizkaiko Foru Aldundiak eremu hori kudeatzeko onartu dituzten kudeaketarako jarraibideak eta neurriak Dekretu honen eranskin gisa argitaratuko dira, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariaren ebazpen bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Legearen testu bategina onartzen duen apirilaren 15eko 1/2014 Legegintzako Dekretuaren 22.5 artikuluak ezarritakoari jarraikiz.

  1. eranskinean funtsezkoa ez den berrikuspen edo aldaketarik behar izanez gero, egoerak berak edo eskura dauden ezagutza tekniko eta zientifikoek hala egitea eskatzen badute, ingurumenaren alorrean eskumena duen sailburuak emango duen agindu baten bidez egingo da, eta, betiere, 92/43/EEE Zuzentarauaren 11. eta 17. artikuluetan ezarritakoarekin bat. Izan ere, helburua da kontserbazio eta kudeaketa moldaerraz, etengabe eta malgu baterantz jotzea. Prozedura horretan, bermatu egin behar da herritarren parte-hartzea benetakoa eta eraginkorra izango dela, 27/2006 Legeak ezarri bezala; eragindako administrazioei eta erakundeei kontsulta egingo zaie eta Naturzaintza organoaren txostena jasoko da.

Dekretu honi ezarri beharreko zehapen-araubidea honako hauek araututakoa izango da: apirilaren 15eko 1/2014 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Legearen testu bategina eta Natura-ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legea.

Ingurumenaren alorreko sailburuari ahalmena ematen zaio Eusko Jaurlaritzaren izenean betetzeko legeak ezarritako tramite eta komunikazio guztiak egin ditzan, bai Estatuaren Administrazio Orokorrean, bai Europar Batasunean; gainera, hala badagokio, neurriak ezartzeak eragingo duen kostu ekonomikoa zenbatekoa den kalkulatuko du, 92/43/EEE Zuzentarauaren 8. artikuluak ezarritakoa betetze aldera.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariari baimena ematen zaio Dekretu honen eranskin gisa argitaratzeko Arabako Foru Aldundiak eta Bizkaiko Foru Aldundiak eremu hau kudeatzeko onartu dituzten jarraibide eta neurriak, Dekretuaren 3.3 artikuluak ezarritakoa betetze aldera.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean sartuko da indarrean dekretu hau.

Vitoria-Gasteizen, 2015eko ekainaren 30ean.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburua,

ANA ISABEL OREGI BASTARRIKA.

http://www.euskadi.eus/r33-bopvmap/es?conf=BOPV/capas/D_120_2015/Zadorra.json&lang=eu

(Ikus .PDF)

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.