SCIENCE & CYCLING KONFERENTZIA TOURREKO IRTEERA HANDIAN GARATUKO DA
- Ekainaren 28tik 29ra bitartean, txirrindularitza lehiakorraren munduko adituek eta zientzialariek azken ikerketak eta esperientziak trukatuko dituzte Bilbon.
- Iñigo Mujikak eta Menachen Brodiek masterclass bana eskainiko dute Kirol Eskolak eta UPV-EHUk bultzatutako kongresuaren bezperan.
Grand Départ Pays Basque 2023aren barnean egingo diren ekitaldi ugarien eta askotarikoen barruan, zientziak leku nabarmena izango du. Science & Cycling munduko txirrindularitza lasterketa handienaren hasieran egin ohi den hitzaldia da. Aurten, Euskadin Frantziako Tourraren hastearekin batera, jardunaldiak Bilbon gauzatuko dira, Bizkaia Aretoan, ekainaren 28an eta 29an, Kirol Eskolak eta UPV-EHUk sustatuta.
Konferentzian, txirrindularitza lehiakorraren munduko adituek eta zientzialariek azken ikerketak eta esperientziak landu eta partekatuko dituzte. Iñigo San Millanek (Team UAE Emirates), Iñigo Mujikak (EHU), Dan Lorangek (Bora-Hans Grohe Pro Team), Chris Abbissek (Edith Cowan University), David Barrancok (European University Madrid), Menachem Brodiek (Human Vortex Training), Louise Burkek (Australian Catholic University) eta Robert Lambertsek (Stellenbosch University) eskainiko dituzte 2023ko hitzaldi nagusiak.
Aipatutako hizlari hauez gain, egitarauak gai garrantzitsuenei buruzko hitzaldi ugari biltzen ditu, hala nola altuerako entrenamendua, glukosaren etengabeko monitorizazioa kontzentrazioetan, kadentziaren eta pedalei eragiteko eraginkortasunaren arteko korrelazioa, pinoi finkodun entrenamenduak pedalei eragiteko teknikan dituen ondorioak, txirrindularitzan ematen den "machine learning" -a edo scouting-a, besteak beste.
Konferentziaren helburua beste kirol diziplina batzuen ekarpenak ere lortzea da, ikasteko eta esperientziak partekatzeko erronkarekin. Hitzaldiarekin batera, esperientzia-plaza bat prestatuko da, non enpresek eta institutuek beren produktuen eta teknologien erakustaldiak egin ahal izango dituzten.
Masterclasses ekainaren 27an
Hitzaldiaren bezperan, Iñigo Mujikak eta Menachem Brodiek masterclassak eskainiko dituzte, motorrak berotzen joateko. Euskal fisiologoak txirrindularitzaren errendimenduan espezializatutako entrenamendu estrategiak landuko ditu, eta Brodiek (Human Vortex Training), berriz, errendimenduari edo aisialdiari bideratutako indar entrenamenduaren arteko ezberdintasunei buruz hitz egingo du.
Hitzaldira joan nahi dutenek programa osoa eta sarrerak erosteko aukera aurkituko dute esteka hauetan.