- 149 gaztek lortu dituzte programatik emantzipatzeko helburuak, eta beren kabuz mantentzen dira
- ‘Trapezista’ profila mutil gazte batena da, 22,7 urtekoa, familiarik gabe migratzen duena, 18 hilabete baino gehiago daramatzana Euskadin, lanean edo ikasten dagoena, hiri-ingurune batean bizi dena eta gizarte-laguntzako bere sarea eraikitzen ari dena
Trapezistak programa 2022an sortu zen, baina pandemia betean diseinatu zen proiektu pilotu batetik sortu zen. Programak familia-sarerik ez duten gazteei gizarteratzeko eta helduarorako trantsiziorako ibilbidean laguntzen die. 2023an programa berriz hazi zen, bai Hirugarren Sektore Sozialeko erakundeen kopuruan, dagoeneko 25 baitira erakunde laguntzaileak; bai lagundutako pertsonen kopuruan, guztira 606 baitira; bai eta emantzipazio-helburuak lortu dituzten eta ibilbidea arrakastaz amaitu duten gazteen kopuruan ere, guztira 149.
Trapezistak kooperazio publiko-sozialaren adibide da, eta Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailarekin batera Laudion, Amurrion, Gasteizen, Hernanin, Tolosan, Donostian, Barakaldon, Getxon, Etxebarrin, Arrigorriagan eta Bilbon gazteekin esku hartzen duten hiru lurraldeetako 25 gizarte-erakundek parte hartzen dute. Helburua da laguntza-eredu bat diseinatzea eta pilotatzea gazteriaren eta migrazioen politika normalizatuen barruan, ekintza positiboko programa batean oinarrituta. Programa horrek familia-sarerik ez duten gazteei laguntza ematen die gizarteratzeko eta helduarorako trantsiziorako ibilbidean, hiru jarduera-irizpideren arabera: pertsonalizazioa, integraltasuna eta sektoreen arteko lankidetza.
2023an 606 gazteri lagundu zien programak, 559 gizonezkori eta 47 emakumezkori (% 8). Pertsona horien % 40, 242, parte-hartzaile berriak izan ziren programan. Gainera, 206 pertsonak utzi zioten Trapezistak programaren laguntza jasotzeari, horietako gehienek, % 72k, emantzipatzeko helburuak lortu zituztelako eta euren kabuz mantentzen hasi zirelako: 149 pertsona. Gainerako irteeren arrazoiak izan ziren parte-hartzaileek programa uztea, irteera adostuak helburuak lortu ez arren eta kanporatzeak arauak ez betetzeagatik.
Gehien errepikatzen den ‘trapezista’ profila mutil gazte batena da, batez beste 22,7 urtekoa, familiarik gabe migratzen duena batez ere Marokotik, 18 hilabete baino gehiago daramatzana Euskadin, hiri-ingurune batean bizi dena, erroldatuta dagoena eta osasun-txartela eskuratu duena eta gizarte-laguntzako bere sarea eraikitzen ari dena.
Berez, Trapezistak programa Migraziorako Euskal Itun Sozialaren barruan dago, eta Migratzaileak Hartzeko Euskal Eredua eratzen duten ekimenen sare zabal baten parte da. Eredu horretan funtsezkoa da erakundeen eta programan parte hartzen duten udalen arteko koordinazioa. Euskadiko erakundeek bizikidetzaren, erabateko inklusioaren eta kultura-aniztasunaren alde egiten dute migratzailea, iristen den une beretik, euskal gizartean sartzeko prozesuak errazteko.
2023an, lagundutako pertsonen % 29k lortu zuten egoera administratiboa erregularizatzea era bateko edo besteko egoitza-baimenarekin; % 78k lortu zuten erroldatzea; eta % 85ek eskuratu zuten osasun-txartel indibiduala.
Sei dimentsio
Trapezistak programak sei dimentsiotan jartzen du arreta gazte horiei gizarteratzeko eta helduarorako trantsiziorako ibilbideak errazteko: administratiboa/funtzionala; heziketa/prestakuntza; etxebizitza eta bizikidetza; garapen pertsonala eta autonomia; kapital soziala eta komunitarioa; eta enplegua eta diru-sarrerak.
Modu horretan, programak lan-merkatuan sartzeko prestakuntzari heltzen dio; hori baita komunitatean eta gizartean integratzeko prozesua osatu ahal izateko egin beharreko bidea. Iaz, lagundutako 606 pertsonen balantzea hauxe izan zen: % 36k lanbide-ziurtagiri bat lortu zuen; % 25ek Oinarrizko Lanbide Heziketako titulua lortu zuen: % 10ek Erdi-mailako edo Goi-mailako Lanbide Heziketako titulazioa; % 88k titulazio ofiziala eskuratzeko prestakuntza-prozesuak jarraitu zituen ;% 42k gaztelania-maila altua lortu zuen (B2 edo goragokoa), eta % 14k euskara-maila ertaina (A2).
Gazte horietako 87k urtebetetik gorako iraupeneko lan-kontratu erregularizatua sinatu zuten 2023an. Gainera, beste 18 pertsona sartu dira lan-merkatuan, betetako helburutzat hartzeko irizpideetakoren bat betetzen ez badute ere (lanaldi-motarengatik edo kontratuaren iraupenagatik, esate baterako).
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)