- Gaur sinatu dute hitzarmena, abian jartzeko, baita beste akordio bat ere asma eta BGBK duten pertsonen atxikidura eta inhalagailuen erabilera hobetzeko programa bat farmazietan ezartzea ahalbidetuko duena
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako farmazialarien elkargoek hitzarmen bat sinatu dute gaur, Euskadin Farmazia Jagoleen Sarea ezarri eta garatzeko. Sare horren helburua da sendagaien segurtasuna zaintzen laguntzea Erkidegoko farmaziaren asistentzia-dinamikan.
Sinadura-ekitaldia gaur goizean izan da Gasteizen, eta bertan izan dira Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburua eta Miguel Angel Gastelurrutia Euskadiko Farmazialarien Kontseiluko presidentea, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako farmazialarien elkargo ofizialen ordezkari gisa.
Osasun sailburuak nabarmendu du sare hori martxan jartzeak pertsonen osasunerako duen garrantzia. Sare horren jarduera nagusia sendagaien aurkako erreakzioen susmoak (RAM) Euskal Autonomia Erkidegoko Farmakojagoletza Unitateari jakinaraztea izango da. Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko Farmazia Zuzendaritzaren mendeko unitate hau Galdakao-Usansoloko Ospitalean dago 1989. urteaz geroztik, eta osasun-arloko profesionalek, herritarrek eta farmazia-industriak bidaltzen dituzten kontrako erreakzioen susmoen jakinarazpenak jaso eta ebaluatzen ditu.
Gotzone Sagarduik berak azpimarratu duenez, jagoletza-sistema berriak arreta jarriko du hauetan ere: txertoak, publizitateko sendagaiak, sendabelarrak, formula magistralak eta sendagai homeopatikoak.
Bestalde, Miguel Angel Gastelurrutia Euskadiko Farmazialarien Kontseiluko presidenteak gogorarazi duenez, osasun-arloko profesionalentzat pazientearen segurtasuna lehentasunezkoa da. “Horrelako programa bat sinatzeak aukera ematen dio farmaziari sendagaien segurtasunaren zaintzan aurrera egiteko, eta horrek eragin zuzena du pazienteen segurtasunean. Bestetik -gaineratu du-, garatuko diren prestakuntza-programei esker, farmazia komunitariotik kontrako erreakzioen jakinarazpena ere hobetuko da”.
Asma eta BGBK duten pazienteentzako hobekuntza-programa
Ekitaldi berean, bi erakundeek bigarren hitzarmen bat sinatu dute, farmazia-bulegoetatik asma eta BGBK duten pazienteek tratamenduarekiko atxikidura hobetzeko eta inhalagailuak behar bezala erabiltzeko programa bat ezartzeko.
Gotzone Sagarduik azaldu duenez, berak zuzentzen duen Sailak urtero 120.000 eurorekin finantzatuko du proiektu aitzindari hau, eta, azpimarratu bezala, Sailaren bi esparru estrategiko batzen ditu: gaixotasun kronikoak dituzten pertsonen arreta eta farmaziak osasun-sisteman integratzea, gainerako asistentzia-mailekin koordinatuta.
Miguel Ángel Gastelurrutia Euskadiko Farmazialarien Kontseiluko presidenteak adierazi duenez, “farmazia, kontuan hartuta bere irisgarritasuna eta ondo prestatutako osasun-arloko profesional bat duela aurrean, egoera paregabean dago atxikidura-faltaren arazo larriari aurre egiteko, baita paziente mota horietan inhalagailuen erabilera hobetzeko ere. Horregatik, oso pozik gaude hitzarmen hau sinatzearekin”.
Asma eta BGBK dira arnas gaixotasun kroniko nagusienetako bi. Euskadin, asmaren prebalentzia % 9,7koa da, eta BGBKrena, % 2,41ekoa. Bi gaixotasunen tratamendu nagusia inhalagailuen bidez aplikatzen da, eta oso garrantzitsua da arnaste-teknika ondo ezagutzea; izan ere, behar bezala egiten ez bada, medikazioa ez da birikara iristen eta ez du eraginik.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)