Nerea Melgosaren sailak erronka demografikoari helduko dioten eta belaunaldi guztientzat bizi-kalitate ezin hobea sustatuko duten ongizate-politika integratuak, zeharkakoak eta interkonektatuak garatzea hartu du helburutzat

Argitalpen-data: 


      2024.09.20_Ongizate__Gazteria_eta_Erronka_Demografikoaren_Batzordea__45_.jpg
  • Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuak Sailaren XIII. Legegintzaldirako berezko lau ezaugarriak azpimarratu nahi izan ditu: zeharkakotasuna, garatuko diren politiken interkonexioa, lan komunitarioa eta lankidetza, erantzunak bilatu eta eskaintzeko eta, horrez gain, bizi-proiektuak errazteko
  • Zainketa-politiken esparruan, bizitza beterako laguntzen eta aukeren eredu propio bat planteatu du, zahartzearen erronkari erantzungo diona eta komunitatean bizitza independentea bultzatuko duena
  • Gazteen beharrei dagokienez, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailak gazteen emantzipazioari eta helduarorako bideari heldu nahi die, eta, familia-politikei dagokienez, familia-proiektu berriak eratzeari, jaiotza-tasari eta kontziliazio erantzunkideari
  • Honako hauek izan dira sailburuak aipatu dituen legegintzaldiko proiektuetako batzuk: Biziaria, Euskadiko zahartzeari eta zainketei buruzko luzetarako azterlana; Gizarte Zerbitzuen III. Plan Estrategikoa diseinatzea; zaintzaileen estatutua egitea; Tratu-berdintasunaren eta diskriminaziorik ezaren euskal legea; gazteen emantzipazioan laguntzeko eta familia-proiektu berriak babesteko 2030 Euskal Estrategia; eta jaiotza-tasa sustatzea hainbat neurriren bidez, besteak beste, hazteko eta mantentzeko laguntzak jasotzeko seme-alaben adina luzatuz

 

Vitoria-Gasteiz, 2024/09/20

Nerea Melgosa Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuak agerraldia egin du gaur Legebiltzarrean, bere Sailak hamahirugarren legegintzaldian garatuko duen programa aurkezteko. Programaren helburua izango da erronka demografikoari helduko dioten eta, horrez gain, belaunaldi guztientzat bizi-kalitate hobea sustatuko duten ongizate-politika integratuak, zeharkakoak eta interkonektatuak garatzea, horretarako epe luzera gizarte orekatu eta jasangarriagoa ziurtatuz.

Nerea Melgosarekin batera izan dira Eusko Legebiltzarrean Lide Amilibia sailburuordea, Miren Saratxaga Gazteriako zuzendaria eta Igone Martínez de Luna Kabineteko zuzendaria.

Mugarri nagusiei heldu aurretik, sailburuak azaldu nahi izan du Sailaren nomenklaturan zergatik egiten zaien aipamen zehatza ongizatearen, gazteriaren eta erronka demografikoaren eremuei. Melgosaren esanetan, pertsonengan eta haren harremanetan jarritako arretari dagokionez hiru termino horiek duten garrantziak eragin du aldaketa.  

Ongizatearen kasuan, sailburuak “oinarrizko giza beharretan oinarrituta eta bizitzari zentzua ematen dioten balioetara, hala nola, gizarte-harreman onetara, bideratuta” dagoen termino gisa aldarrikatu nahi izan du, eta hori lortzeko “Hirugarren Sektore Sozialaren ekarpena eta gure gizartearen nortasun-ikurra den Ekintza Komunitarioaren bultzada” balioetsi ditu.  

Gazteriak Sail berrian duen garrantzia justifikatzeko, Melgosak gogora ekarri du gazteak “komunitate baten oraina eta etorkizuna” direla, eta, hori dela eta, beharrezkoa dela “haien eskubideak defendatzea, heziketa/prestakuntza egokia ematea eta prestakuntzaren/lanaren eremuan sartzen laguntzea”, Sailak legegintzaldi honetan bete beharreko helburua izanik, “gizarte oparoa, bidezkoa, inklusiboa eta ekitatiboa eraikitzeko, baita belaunaldien arteko ikuspegitik ere”.

Eta, alde horretatik, Melgosak erantsi du “gazteen ahalmen eraldatzaileari dagokion balioa eman behar diogu, eta hazkunderako eta arrakasta izateko beharrezko tresnak eman behar dizkiegu” eta, azalpena amaitzeko, “haien etorkizuna gure etorkizuna da”, azpimarratu du.

Erronka demografikoa, Sailaren hirugarren arlo nagusia, “aukera bat” da Melgosa sailburuarentzat. Bere hitzetan, “gizarte-babesa hobetzea dakar, elkartasuna eta erantzunkidetasuna edo belaunaldien arteko justizia sustatuz, ongizatearen euskal ereduaren jasangarritasuna ziurtatuta”. Horretarako, Sailak politika berriak ezarriko ditu eta sailen, erakundeen eta gainerako gizarte-eragileen arteko dimentsioa zabalduko du.  

Era berean, Melgosak Sailaren berezko lau ezaugarriak ere azpimarratu nahi izan ditu, hau da: zeharkakotasuna, garatu behar diren, “bizi-zikloak berezko dituen” politiken interkonexioa, lan komunitarioa, “helburu nagusia komunitatearen bizi-kalitatea eta gizarte-ongizatea hobetzea duena”, eta, azkenik, lankidetza, helburu duena erantzunak bilatzea eta ematea eta, “bizi-proiektuak erraztea”, sailburuak gogora ekarri duen bezala.  

Bost helburu nagusi

Ildo nagusiak planteatu ondoren, Nerea Melgosak azaldu ditu Sailak ezarri dituen bost helburu nagusiak 2040an Euskadi “demografikoki gero eta gizarte orekatuagoa izan dadin eta gero eta handiagoa den aniztasunera egokitu dadin, pertsonen eta familien ekitatea eta aukera-berdintasuna sustatuz”:

  • Alde batetik, eta haurtzaroari dagokionez, adingabeen oinarrizko eskubideak eta askatasunak eta haien parte-hartze soziala sustatzea eta babestea.
  • Era berean, eta gazteek planteatzen dituzten beharrak kontuan hartuta, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailak gazteen emantzipazioari eta helduarorako bideari heldu nahi die, eta, familia-politikei dagokienez, familia-proiektu berriak eratzeari, jaiotza-tasari eta kontziliazio erantzunkideari.
  • Gainera, bizitza beterako laguntzen eta aukeren eredu propio bat planteatu du, zahartzearen erronkari erantzungo diona eta komunitatean bizitza independentea bultzatuko duena.
  • Heldu beharko zaion beste gai bat pertsona eta familia etorkinak erakarri, atxiki, hartu eta integratzearena izango da.
  • Eta, azkenik, eta zeharka, Sailak hirugarren sektore sozialaren eta ekintza komunitarioaren ekarpena sustatu eta balioetsi nahi du, bai eta gizarte-kohesioa, elkarbizitza eta belaunaldien arteko elkartasuna ere.

Legegintzaldiko proiektu estrategikoak

Nerea Melgosa sailburuak nabarmendu dituen legegintzaldiko proiektuei dagokienez, aipatzekoak dira Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren esparruan, foru-aldundiekin eta udalekin batera, esku-hartzearen errealitatea, planifikazioa, ebaluazioa, kalitatea, prestakuntza, berrikuntza eta etika bultzatzea, edo Gizarte Zerbitzuen III. Plan Estrategikoa diseinatzea, bigarren plana ebaluatu ondoren. 

Arlo berean, eta autonomia eta gizarteratzea sustatzeko orduan, Sailak etxean eta komunitatean lehen eta bigarren mailako arreta-eredua bultzatuko du, zaintzaren pertsonalizazioan, gizarte-laguntzako sarea eta lankidetza soziosanitarioa indartzean eta euskarri soziosanitarioak garatzean (horien artean telelaguntza aurreratukoak edo prediktiboak –Zaindoo aplikazioa–) oinarritutako sistema berritzailearen aldeko apustua eginez.

Eta zaintzaileek egiten duten lana eskertu eta emakume zaintzaileek, profesionalak ez direnek barne, lan-baldintza duinak behar dituztela argi utzi ondoren, Melgosak aurreratu duenez, “estatutu bat egingo da zaintzaileentzat, bai senideentzat bai profesionalentzat”.

Legegintzaldiko beste berrikuntzetako batek boluntarioen munduarekin du zerikusia. Sailburuak jakitera eman duenez, “boluntarioen lana ikusarazi eta publikoki aitortu nahi dugu, eta eskerrak eman nahi dizkiegu EAEn abian dauden ekimenetan parte hartzen duten boluntario guztiei”. Hori dela eta, Sailak Boluntariotzaren Euskal Estrategia 2025-2028 egitea planteatu du.

Gazteekiko konpromisoa

Nerea Melgosak azpimarratu du bere Sailak ez ezik Eusko Jaurlaritza osoak ere gazteekiko duten konpromisoa, eta “Euskadiren garapenaren bermea” direla esan du.

Arlo horretako ekintzarik aipagarrienen artean, nabarmentzen dira zeharkako gazte-politika integrala garatzea, V. Gazte Plana / Gazteriaren Euskal Estrategia; politika sektoriala, gazte-sareari lotutako informazio- eta aisialdi-zerbitzuetan oinarritua; eta gazteen emantzipazio-politika espezifikoa.

Azken horren esparruan dago, Gazteen Emantzipaziorako Euskal Sareaz gainera, 2030 Euskal Estrategia ere, gazteei emantzipatzen laguntzea helburu duena eta aurtengo urterako emantzipatzeko batez besteko adina 28 urtera jaistea eta 25-29 adin-tartean emantzipazio-tasa % 50era igotzea aurreikusten duena.

Erronka demografikoa, etorkizunerako erronkak

Abiapuntutzat Erronka Demografikorako 2030 Euskal Estrategia hartuta, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailak ekintza handinahikoa garatuko du arlo honetan.

Haurrei eta nerabeei dagokienez, Haurren eta Nerabeen Lege berria hedatuko du eta Haurren eta Nerabeen Foroa sustatuko du, bai eta HaurEkin – Haurren Hirien eta Herrien Euskal Sarea ere, haur parametroa tokiko politikan txertatzearen aldeko apustua egiten duen proiektua.

Familien arloan, neurri aipagarriena da 0-3 etapako gaur egungo 200 euroko laguntzak eta 4-7 etapan hirugarren eta ondorengo seme-alaben 100 eurokoak, pixkanaka 7 urtera luzatzea, eta 10 urtera familia ugarientzat edo guraso bakarreko familientzat; eta, era berean, pixkanaka 24 astera luzatzea aitatasun- eta amatasun-baimen berdinak eta bateraezinak.

Pertsona eta familia etorkinak erakartzeko eta atxikitzeko prozesuei buruzko guztia, bai eta pertsona etorkinak eta asiloa eskatzen dutenak euskal gizartean hartu, integratu eta gizarteratzeari buruzko guztia ere, Sailak legegintzaldi berriari begira duen beste arreta-guneetako bat da. Esparru horretan, hauek dira proiektu aipagarrienetako batzuk:

Harreragune esperientzia pilotua abian jartzea, harrerarako eta integrazioan laguntzeko leihatila bakarraren ikuspegiarekin; aldi baterako lehen harrera ematen duen Harrera programa hedatzea, ebaluatzea eta, hala badagokio, zabaltzea; edo gazte migratzaileen gizarteratzea eta laneratzea bizkortzeko Trapezistak programaren estaldura zabaltzea;.

Eta, azkenik, eta elkarbizitzari, aniztasunari eta belaunaldien arteko elkartasunari dagokienez, Sailak honako ekintzak planteatzen ditu: sexuagatik, adinagatik, arrazagatik edo etniagatik, erlijioagatik edo sexu-orientazioagatik inor ez diskriminatzea zainduko duten plan espezifikoak lantzea; tratu-berdintasunaren eta diskriminaziorik ezaren aldeko politiketan eta bullying, homofobia edo mobbing jarrerak prebenitu eta desagerrarazteko politiketan prestakuntza emateko planak garatzea; tratu-berdintasunaren eta diskriminaziorik ezaren euskal legea onartzea sustatzea; edo Euskal Autonomia Erkidegoko kultu-lekuei edo -zentroei eta erlijio aniztasunari buruzko legea araudi bidez garatzen hastea, besteak beste.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)