Javier Hurtado sailburuak: "Nire kudeaketaren oinarrietako bat erakundeen arteko eta sektorearekiko lankidetza da"

Argitalpen-data: 


      javier_hurtado_con_las_diputaciones__3_.JPG

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadok XIII. legealdiaren hasieran erakundeekin eta turismo, merkataritza eta kontsumo sektoreetako ordezkariekin egindako bilera-sortari hasiera eman dio gaur. Lehenengo bilera hiru aldundiekin izan da, eta bertan izan dira Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolaketako diputatu Azahara Domínguez; Arabako lehen diputatuorde nagusi eta Arabako Foru Aldundiko Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapeneko eta Foru Administrazioko foru diputatu Cristina González, eta Bizkaiko Foru Aldundiko Garraio, Mugikortasun eta Turismoko diputatu Sonia Pérez.

Sailaren aldetik, talde berriko kideak, Turismo eta Merkataritzako sailburuorde Jakes Aguirrezabal, Turismo eta Ostalaritzako zuzendari Clara Navas eta Basquetourreko zuzendari Daniel Solana izan dira.

Sailburuak aurreko legealdian lortutako helburuak aztertu ditu, baita hasierako erronkak eta ekimenak ere. “Gure konpromiso irmoa da erakundeekin eta sektorearekin lankidetzan aritzea eta elkarrekin lan egitea”. Ildo horretan, berretsi duenez, “eguneroko lanean islatuko den eta politika publikoen ebaluaziotik abiatuko den lankidetza eraginkorraz hitz egin behar dugu, baliabideak optimizatu ahal izateko”. Horretarako, lantalde bat sortuko da hiru aldundietako eta Eusko Jaurlaritzako kideekin, jarduera-ildoak koordinatzeko eta proiektuen jarraipena egiteko.

Proiektu horien artean daude Adimen Turistikoaren Sistemarena eta erakundeetako turismo-behatokietako datuen kudeaketa sistematizatzea, datuak partekatu eta trukatzeko eta baliabideak batzeko. Gai horiez gain, sailburuak legealdi honetarako arau-proiektuak iragarri ditu, besteak beste Turismoaren Lege berria edo turismo-egonaldien gaineko zerga.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)